ANAITASUNA

3 pta. • 143 zenb. — 1967 Urtarrilla 15


amabosterokoa

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

Zuzendaria: JOAN AZURMENDI AIZPURU

Idazkola ta Banakola: S. Ispizua, 5 - Tel. 30, BERMEO.

Arpide saria: Urtekoa 75 pta.

ALEA 3 PTA.

XV urtea - 143 zenb. - 1967 urtarrilla 15 - D. L. S. S. 1.092 - 1959

GRAFICAS BILBAO — Gordóniz, 28 — BILBAO


Bide Barrietatik

Oitura legez urte borri, aldizkari barri bear leuke, baiña olakorik ezta. Barririk ez dakartzuegu, zaarra barriztua baiño.

Gabaren ondoren egunak eguna dakar, urte zaarrak urte barria, aldizkari zarrak barriztaua, Euskalerriak gaztedi barria, ta gaztedi barriak Euskalerriaren bizia.

Aspaldi onetan ikusten gendun utsune andi bat gure artean, beste utsune batzuen ganetik, bizkaieraz idatzitako aldizkari baten premiña.

Emen gendun Bizkaian illeroko au, bai ilko ez ilko. Berau olan ikusirik, euskerari geure euskalkian, ANAITASUNA'ren bidez euskal zaletasuna eskinteko euskaltzale batzuk alkartu gara.

Gaztedi barri orretakoak gatxatzuez. Euskalerriaren azia, odola ta bizia biotzean doguzala, geure biotzeko taupadarik gartsuenak eskiñi gura deutsoguz Erri oneri, izaten iraun dagian.

ANAITASUNA aspalditxuko izenaz goaz aurrera; elburu txalogarri ta premiñazkoagorik gaur gure Aberrian ezin amestu. Anaien arteko gudak eztau ondiño azkenik izan. Gitxitxo izan eta alkar artu eziñik, gatx bi, oso senda-eziñak.

Goi goian iartzen dogu ba «Anaitasun» elburua, biotz oneko euskaldun guztiontzat. Geure barruetan amets ori dogula, bearrezkoetan bat izan gaitezan, zalantzako diranetan askatasunez iokatu daigun, eta guztietan anaitasuna guztien ganetik billatu daigun.

Illero ataratzea gatx egiten iakunontzat ezaguna da artzen dogun arloaren nekea. Gazteok, daukoguna dana emotekotan gagoz, baiña bearrezko diran beste asko eztaukaguz.

Ondiño arpidedunak gitxi benetan (2.000), olako argitaldi bati eutsiteko ezebez; oztopo ori dala-ta dirua be urri.

Orra or, irakurle, gure barri garbi-garbi.

Guztioi deitzen dautsuegu arlo onetan lagun etorri zakiguezan.

Urte barriaren asikeratik amets bat egi biurtzera goaz; bizkaitar maiteok, ez gagizuez bakarrik itxi. Amabostero etxeratuko gatxatzuez eta bizkaiera utsean. Gure ametsa arpidedunon bidez Bizkaiko euskaldun sute guztietan sartzea da.

Datorren illerako arpidedun bakotxak beste bat egin ezkero, zeiako laguntza guretzat. Aztu barik, bakotxak arpidedun barri bat datorren illerako. Ez entzungorrik egin.

Guztion alegintxu onegaz beste amets gallurreko bat egiztaratzera goaz, gure asabak, gure aurretikoak itxi dauskuen gogoa ta erria biztutera. Gizaldi garrantzitsua geure au. Ontxe gara irabazteko garaian ta era au ezin daikegu galdu.

Anaitasun onetan gura zeunkee bear egin? Erduze ba geugaz, «aurrera beti» abestuaz.

Aretx zaarraren gerizpean erne ta azitako landarak gara. Urte barri onetan urte zarretan galdutakoaren billa goaz. Anaitasunaren ikurrinpean amets au ez al da izango amets utsa!

Zabale


Erriz erri

Elorrio'tik

Sartu da Elorrio be «ANAITASUNA»k daroan bidean. Aldizkari onek asmo txalogarriak dituz euki be, gero! Bizkai guztia, euskerearen bidez, sendi edo famili bat biurtu, alkar-maitasuna sutu, jakintza zabaldu, bestearen alaitasunaz poztu, atsekabean aupatu, lagun bateri mesede bat egiten dautzagunean aren eskuari ez begiratzen ikasi... ta abar.

Berba baten, «ANAITASUNA»k nai dauana auxe da: Bizkai'ko lurrean, zerua. Ez geiago ez gutxiago. Ta orain nik itaun bada-ezpadako bat egiten dot: «Eta zuk, irakurle, ez dozu orixe berori gura?»

Ezetzko erantzuna ba-da, ixiltzen naiz, min artu arren. Baña —bidezko danez— baietzkoa ba-da, zetan gagoz, ba, burutasun txalogarri ori dabenai bultza egin barik? Geuk dogu berbia, irakurle!

***

Egun aundietako kanpa-ots alaiak dira gure euskera maitearentzat erri txukun onetan. Bai, ba: Euskalerri guztiko ipuiñ-txapelketan sari NAGUSIENA irabazi dau Gernika'n «TXOMIN'en NEKALDIAK», emengo seme batek —Alonso Ariño'tar Sabin'ek— idatzitako ipuiñ politak.

Eta liburutxo baten bidez, argitaldu dau egilleak. Bera irakurteaz, biotza samur-samur jarten da, ta begietara negar-anpulu batzuk iotea be ez da gauza arrigarria. Neuk, beñepein, argi ta garbi autortzen dot sarri zabaldu ta itxi egin bear izan dodazala nire begiak, irakurten izten ez euztan laño-antzeko zer bat euren aurrean jarten izan yatalako.

Zorionak, ba, egilleari. Ta euskaldun guztiai gogoz irakurri dagiela, irakaspide ederrak dituz bere barruan-da.

***

Irribarretxo bat, irakurle...!

San Bartolome-ermitako mezetara jente asko joaten da, baña... demontre!

Joan dan domekan, neskatilla bi yoyazan ango amabietako mezetara. Ermitea begiztau ebenian, batak besteari:

— Berandu goyazan gaur, neska!

— Zer ba?

— Ez dozan, ba, ikusten ermita-ormak tripia urtenda, ala?

— Da orrek zer yaukon ze ikusi?

— Jentea ganezka dagolako izango don, ba...

SABIN

Bermeo'tik

«Ez dok amairu» taldea Bermeon egon da urtarrillaren 7'an. Euskal abeslari gazteak «Erzilla Antzokian» abestu eben gabeko amarterdietan asita. Gipuzkeraz abestu arren, geiena ulertzen jake emen be. Abesti oneek bizkaieraz kantatzea naiko gatx izango litzake «Ez dok amairu» koentzat, baiña agerketa beintzat Bizkaiko errietan bizkaieraz egin bear leukeela uste dot. Bestela, tamalez baiña, emengo euskaldunak ez dabez berba ta esakera asko ulertzen. Bermeora etorri ziran egunean —au be autortu bear dot— ain zuzen, agerketa egiteko «Ez dok amairu» taldeak daukon izlaria, ez zan agertu, Loyola Erri Irratiko lanak lotuta aurkitzen zalako.

Bi ordu terdian euki zituen «Ez dok amairu»koak bermeotar jatorrak adurra erioela. Txalo ugari ta beroak jaso zituen abeslari trebeak. Nik ez dakit zegaitik baiña, biotzera geien sartu jakuzan abesti ta abotsa, Mari Lourdex Iriondo neskatxarenak izan ziran. Antzokian egon ziranen agotik entzuna. Eta ez da arritzekoa, Urnietako abeslari eztitsuari entzunda gero.

Abeslari danak egon ziran goiko maillan. «Ez dok amairu» taldeak ba-dauko bere nortasuna, ba-dau «kategoria».

Bizkaian «Ez dok amairu» iru lekutan agertu da, denpora gitxi barruan: Bilbaon, Ondarroan eta Bermeon. Danetan exito aundia euki dau. Laster Lekeitiora joatekoak dira.

***

Urtarrillaren 9'an asi da Bermeon Umetxoen bigarren euskal Ikastola, Landeta'tar Marisa andereiñoagaz. Donostian egon da irakasle izateko gertuketa egiten. Onegaz, Bermeon euskal Ikastola bi daukaguz.

Barrizale

Parise'tik

1966'ko Urriaren 29'an Pariseko Euskal Etxeko kapillan, Mañuko Maria Luisa Asteinza ezkondu zan Ajuriatar Peru bilbotarragaz. Meza ta ezkontzea, dana euskeraz egin zan, abesti guztiekaz. Bazkari ederra egon zan, alkartasun aundi batean.

Zorionak gure Maria Luisa ta Peruri, ta ez eizue Aberria iñoz aztu.

Salatari

Yurre'tik

Gabon jaiak zelan?

Urte guztian egoten gara jai alai ta familikoi oneiri begira, eta igazko urtekoak be eldu dira eta joan be egin jakuz; baña... zelan? Au da orain nik egin gura dautsudan preguntea, irakurle. Aurtenarteko Gabon jaiak gitxi gorabera ixillak eta familikoiak izan dira, nire ustez beintzat nire errian. Baña aurtengoak zelangoak?

Ni iñoren gauzetan ez noa sartzen, eta neure errikoak, Yurrekoak, aztertuko dodaz apurtxo bat.

Gabon Gabekorik ezer be ez noa esaten, ze, ez dakit ondo zer pasau zan; baña Gabon zar gabeko gauza batzuk ba-dakidaz. Gaba guztian ibilli zan jentea tabernarik taberna, kanta zantzoka, goizalderarte.

Villaron zer pasau zan goizaldeko meza ostean?

An ibilli ziran guztiak, famili bakoak ziran? Ez dot uste. Etxe askotan egongo zirean seme-alaba barik. Olan asi bear da Urte Barri bat.

Hostal Arantzazun be berbenea egon zan gaba onetan. Mundua zibilizaziñoagaz batera ez doa, zure ustez, paganismoko bidean? Ala, olantxik, igaro bear dira jai oneik, familiagandik urrin, pekatuan, kopa, txanpan eta yantzeagaz inguratuta, ala, bakotxak bere etxean, bere seme-alaba edo gurasoakaz alkartuta?

Urtetan itxi eutseen gurasoak be, ni seguru nago, edukadore edo kristiñautzat eukiko dabez euren buruak. Zelan ez! Orain au usetan da: ule luzea eroaten dan antzera, beste gauza asko. Eta zegaitik izango dira euren seme-alabak beste batzuenak baño gitxiago?

Urte barria moskorragaz, edo etxetik kanpora astea erakutsi deuskue geure aitita-amamak? Ez dozu uste, jai oneik leku askotan beintzat, ez daukela kristiñau jaien usaiñik be? Eta au zergaitik?

Esamiñau egizuz, irakurle, zeure Gabon jaiak, eta ikusi kristiñau batenak izan badira.

Baseuntz

Ibarruri'tik

Zemendiaren 20'an «Saltzamendi» aretoan erri onetako ume ta gazteak jai eder bat eratu eben erriarentzat. Zezilia deunaren omenez eta erriko jakintza indartsuago egiteko eratutako jaia izan be.

Jai onetan Zeberio'ko Karakol-en andra dan Aldeiturriaga-tar Mauriziak, Arratiako Bilbao-tar Leonek eta bere seme dan Jose Leonek parte artu eben batez be. Erri onetako abestaldea be ederto portatu jakun, kantu atsegingarriak abestuaz.

Asikeran, erri onetako parroku dogun Txomin Artetxe jaunak azaldu eban zerbait albokalari ta pandero jotzailleen gain. Ondoren asi zan Jose Leon, amar urteko mutilla, albokea joten. Gero bere aitak ekin eutson bear oneri, Aldeiturriaga-tar Maurizia panderoagaz lagunduten eutsola. Ostean, biribilketa, jota, porrusalda eta onetarikoak abestu ziran.

Erriak —zertan esan bearrik be ez— pozarren entzun eutsezan ta txalo ugari jo be bai, zeozelan ordaingu guraz.

Au dana amaitu ondoren, erriko abes-taldeak «Elurra mara mara ari da» (iru abotsetara), «Goiko mendian» (3 abotsetara), «Txeru» (3 abotsetara) ta «Atzo atsaldian» (3 abotsetara txistu bigaz) abestu ebazan. Au be esan bearrekoa da, erriko txistulariak ziran.

Jai eder onen eratzaille kementsua gure parroku jauna izan da. Gure eskerrik beroenak emoten deutsaguz berari.

***

Gabonillaren 4'an euren urrezko ezteguak ospatu ebezan Aluse basetxeko Alday-tar Leonek eta Begoña-tar Jenarak. Erri onetako parrokian, eguerdiko 12'etan, Leonen anai dan Aita Damian pasiotarrak emon eban mezea, eleizkizuna ospatuz. Zorionak eureri, eta Jaunak emon deioela osasuna beste orrenbeste urte alkarrekin bizitzeko.

***

Erri onetako semea, Gernikako «Jai-Alai» frontoian jokatuten dauan Beprajalbiz pelotari gaztea, Mallorca-ra joan jaku zestapuntan jokatzeko.

Gogor egin, ba, kantxea apurtu arte. Irabazi al dozuzanetan, jo ta ke; ta ezin dozuzanak, itxi.

Maguregi-tar Rosa Mari

Sei jakingarri

Lengo domeka baten Bilbotik etxera joan nintzanean, lenengo sartu-urtera nire izekoaren tabernan egin neban eta sartukeran programa antzeko bat ikusi neban; nungo jaiak ete ziran-ta esandako programa ikusi naian, bertara urreratu nintzanean auxe ikusi neban.

1966 URRIKO AZKEN ASTELENA.

 III Gran Premio Guernica.

Concurso de arrastre de piedra de bueyes o de vacas.

Probadero de Maloste, barrio de Rentería

30 y 31 de octubre 1 de noviembre.

Premios 1.º 12.000 ptas. y trofeo... Gitxi gora bera auxe zan ipinten ebana, jakiña au baño luzeagoa zan. Ori-ori, mutillak! Jardun ametsetan.

Nire ezagun bat olantxik il zan.

***

Egun batean abade bategaz nengoala, euskalduna zan bera, jardunaldi luze baten ondoren esan eustan: «Si necesitas alguna cosa ya sabes que aquí tienes un amigo, pero sábete también que en último caso tienes todas las de perder». Zeuretzat gorde egizu adisketasun ori, esan neban neure kolkorako.

***

Arteagan ez dabe egiten euskaldunentzat etxerik? Beintzat Lekeitiotik gatozala Arteagan sartzean esker-eskumaldetan, etxe bizitza polit-polit batzuk egiten diardue eta tablero aundi baten onek irakurten dira:

Villas en venta

Chalets à Vendre

Bungalows, for sale eta baita doistxeraz be ipinten dau.

Bear bada kontratistak atzerritarrak...

***

Bizkaiko euskal-erri baten, oso erri euskaldun baten, ointxe dala denporatxoa, erri ortako euskal seme bateri galazo egin eutson parrokuak meza barria euskeraz emotea. Politika edo ez dakit olako zerbait ez ete dan gero, izan be, meza euskeraz emotea; jum... ez neuke esango ezetzik.

Eta erri orretan olan da guztiz be, geientsuak, danak ez esateagaitik juaten dira mezatara. Fedea bear da gero.

A! ta ez dabe eroan Madrillera.

Olako parroku ta gizon asko bagenduz laster ioko genduke lurra.

***

Nik dakidan erri baten bi milla peseta kobratzen dabez ezkontzako sakramentua artzea. Orduan beartsuok zer egin bear dogu ba?, mutilzar-neskazar geratu?, edo...

Beste birtuteak zelan?

***

Ta txarrena, onek guztiok kondenatzen doguzanok, euren bideari jarraitzeko trazak daroaguzala.

Porru-zale


Mundua mundu

Gerrarik ez eidogu izango

Ez da gitxi esatea. Baña, aituak alan diñoe. Gerra txikiak bai, olakoak ugari, baña gerrarik, benetako gerrarik, gerra aundirik ez.

Oraintsuarte etzan olakorik entzuten. Vietnam'eko gerra zital orrek, danori emoten euskun bildur apur bat: Txina sartzen bazan; eta Rusia...?

Baña, ez eidira sartuko. Txina ez, Amerikari bildurra dautsolako. Amerikanoen bonba atomikaren menpean dagozana ba-dakie. Zelan galdu minuto batzuetan, amabost urteko alegiñak eta izerdiak?

Korean, Rusia egoan bere atzean, baña gaur ez. Gaur be egon bai, ondo-ondoan, ikututzen baña beste era batera: eztira lagunak, asarratu egin dira; ta Txina, Rusia barik, ezta ainbeste.

Bonba atomika ori, euki badauko, baña Amerikaraño ezin jaurti. Amerikanoak, ostera, minuto batzuetan desegingo leukie Txina osoa.

Zazpireun milloi persona daukoz Txinak. Baña orreek armetako ta gerrarako gertu ipinteko, beste gauza asko bear dira: tanke, barku, abioi, gasolina ta abar. Gerra ori luzea, iraunkorra, izatekotan, geien daukonak irabaziko leuke, ta gaur egunez, nagusi Amerika da. Txinatarrak ondo baño obeto dakie au, ta arrantza asko eginarren, geldi egon bear. Zeozer egitekotan be, azpitik eta erdi ixilean egin bear, Vietnamen egiten daben lez: tekniko ta langileak ixilik edo erdi ixilean bialdurik. Agirian asiko balitzaz, Amerikanoak, len be ondo dagoz-da, asarratu egingo litzakez, eta euren bonbak ugariago ta gogorrago jausiko litzakez Vietnam'en ganera. Ez, bear bada, bakarrik Vietnam'en ganera, Txina beraren buru ganera baño. Ta ori nok gura dau?

Rusia be ez eida sartuko gerra orretan. Vietnam ez da beretzat gauza aundia. Amerikanoekaz aurrez-aurre aurkituko litzakez rusoak be; ta ez amerikanoak ez rusoak, ez dabe nai olakorik. Suizidio bat izango litzake.

Txinak bai, Txinak ori nai dau, Rusia ta Amerika zirikatu, biak burrukan imiñi ta ollar-burrukea urrunetik ikusi, ta alkar lumatu dabenean, biak jan. Baña... tonto gitxi dagon lez gaurko munduan...

Ganera, Rusiak ondo daki, bere benetako arerioa Amerika eztana, Txina, bere lengo seme kutuna baño. Zergaitik bestela ainbat soldadu ta proiektil Txinara begira? Agiñak ikusi deutsozalako. Europako soldadu asko arantz eroaten diardu-ta. Bai, Rusia ta Amerikaren lenengo arerioa, Txina da, ta au be ondo dakie Moscu ta Washinton'goak. Batak bestea mankau ta Txinaren erpietan jausi? Oba geldi egon.

Txina orretara aurkitzen dan bitartean, eta Rusia ta Amerika gaurko egoeran, ez eidogu gerrarik izango.

Txinak, erruak Rusiari botaten deutsoz: kikila ta oskilla dalako; bildurrak janeko bat. Al izan eta egin ez? Amerikanuok betiko garbitu ez? Komunismoak eta munduko biarginak zer egingo dabe orrelan? Cuban egin ebana ta gaur Vietnam'en egiten dabena, lotsagarria eida. Baña, narrua galtzea ezta gero obea... Olan diñotso Rusiak.

Onek, ostera, Txinari erru guztiak. Zoro bat dalako, ta munduko bakea ta alkartasuna arriskoan ipinten dauzalako. «Gosez bazagoze, bonbak egin bearrean, ereizue arroza», esan eutsan len be Rusiak Txinari.

Ara or, iru ollar, bata bestearen bildurragaz. Dana dala, bakean bizi bagara, ez dago ain txarto be. Bake eskaxa atan be baña.

Vietnam'ek paga bearko dau dana. Aizeak erein, eta ekaitzak batu. Hanoik badaki zelako aize zakarra dabillen bere inguruan: Txina ta Rusia geldi, ta Amerika jo ta jo. Noizarte? Ho-Chi-Minh'ek esango dau. Baña, onezkero, buruko min apur bat izango dau.

Nabarniz


Mundua mundu

Bob ala Ted, lendakari...?

Iru urte, John Kennedy il ebenetik. Zoritxarreko ordu aretatik, amaika papel loitu da bera dala-ta. Nork il eban? Batek...? Askoren artean...? Konploteren bat...? Zergaitik il eben...?

Nork jakin! Gaur, oraindiño, iñok ez daki. Warren jaunak emon eban bere erabakia ta kitu. Kitu... oraintsu arte. Jentea erdi ixilik egoan, baña ez aaztuta. Aspcdditxorik surmur barriak jagi dira. Warren jaunagaz danak ez dagoz. Liburu ta errebista askok, erabagi aren kontra urten dabe. Oneen artean "Life".

Zer gertatzen da ba...? Gauza asko, antza, ariñegi ta txarto egin ziranak. Johnsonek be, Warrenen apuapuan, noiz jausiko, dagoala esan dau.

Beste asko, ostera, konforme dagoz. Oneen artean, Salinger, John Kennedy'ren prensa-sekretarioa, eta Bob eta Ted, Johnen anaiak.

Baña, alan be, Iparamerikako erriak, autu ori barriro ta obeto ikusi bear dala diño.

Gauzak onelan, jentea gerokoari begira be asi da. Euren itauna auxe da: Ta... urrengo lendakaria nor izango ete da? Johnson, geienak diñoenez. Baña geroagokoa, 1972-koa, Bob edo Ted Kennedy. Robert, Ted gaztetxuegia dalako. Bai gero...!

Johnek lendakaritza bereganatu orduko, arerio asko eukazan, katolikoak etziranak ia danak. Bildurra eutsen. Euren bildurra auxe zan: John Kennedyk barik Erromak ez ete eutsen aginduko gero... Katolikoa zan eta...

Baña bildur ori laster ito zan. John Kennedy lendakari aundi bat izan zan, eta bere buruaren jabe, politiko zurra ta abilla. Kennedy izena goi-goian ipiñi ebana. Gaur, izen orrek milioi dolar asko balio dau. Robertek izen ori daroa. Izena, eta Johnen zurtasuna ta abiltasuna. Gaur egunez, ez dago Iparamerikan onen kontra egitekorik, ez demokrata ez republikanoen artean; ez Nixon ez Lindsay. Iparamerikako izar biak Bob eta Jaqueline Kennedy dira. Johnson bera baño be askoz kutunagoak. Ganera, Kennedy ekipoa, len be bai-ta, gertu dago.

Orregaitik, 1968-ko lendakaria, Robert izango dala diñoe. Kennedy dalako, eta beste iñork baño geiago balio daualako.

Antonio Zubizarreta


Mundua mundu

Italiako komunistak

Italiako komunistak be ez dabiltz ain ondo. Oneek be, beste asko lez, erdibitu egin dira: Txinatarrak eta Rusitarrak, gogorrak eta bigunak. Europako komunista-partidu aundiena da izan: 1.600.000.

De Luca diputadua, partidutik bota ebenetik ona, asarratuta dabiltz. Egia esan, lendik be, Palmiro Togliatti il zanetik, benetako batasunik ez dabe izan. Baña oraingoa txarragoa da. Diruagaz be txarto; len batzen ebezan milla milloi pesetak urritu egin dira, urritu ta zatitu. Orregaitik, Longok, Togliattiren kutunak, zelan jokatu ez daki. «L'Unitá» periodikoa be, Erromatik Milanera aldatu dabe. Erroman, Txinatarrak ei doaz jabetzen, eta Rusitarrak benetako bildurra deutsee. Aldatu egin bear...

Longok, De Luca ez ze beste asko be partidutik jaurti dauz: Iluminati, Paolichi ta abar: txinatarrak. Txarrena, alan be, Italiako komunistentzat, eta batez be, Longontzat, De Lucak azaldu dauzan trapu loiak izan dira. Golpea artuaz, ez da gelditu. Min egin deutso, eta bere asarrean, gauza «polit» askoren barri emon dau: eriotzak, lapurretak...

Pietro Nenni ta Saragatek be beste musturreko bat emon deutsoe. Oneek, euren kontura, biak alkartuta, partidu barri ta aundi bat sortzen dabiltz: sozialista ezkertarra, ez komunistea gero... Partidu barri onek, komunisteri euren lurra jaten deutse. Lurra, botuak eta dirua. Orregaz, komunista politikearen indarra asko urritzen da. Ainbat zoritxar batera ikusirik, Italiako komunismoa nora jo ez dakiala dabil.

Europako komunista partidurik aundiena, noiz jausiko; eta euren zuzendariak, berau konpondu eziñik, erdibituta.

Modu eskasa gauzak konpontzeko.

A. Z.


Kristiñau erriko barriak

Espaiñiko abadeen urduritasuna

Batzar nagusi bat euki dabe Madrillen Espaiñiko obispoak, zemendiaren (nobenbrearen) 28tik abenduaren 4raiño. Gauza asko estudiatu ta erabagi dabe, Kontzilioaren asmoak pratikan ipinteko. Ori gorabeera, ez da bapeztu oraindiño, obispoen eta abadeen artean aspalditik ikusten dogun tentsiñoa.

Tentsiño orren gaiñean berba egin dau, denpora asko ez dala, Joaquín Gomisek Barcelonako Ciervo illerokoan.

Bere ustez, obispoakaz atezuan dagozan abadeak ez dira banaka batzuk, geienak baiño. Danok itxaroten eben esperantza aundiagaz, Kontzilioaren aplikaziñoa benetan eta sakon sakonetik egingo zala Espaiñian; baiña esperantza au, antza danez, amatatu egin da. Abaderik geienak uste dabe, obispoen artean gitxi direala, aplikaziño ori egiteko prest dagozanak. Eta gitxitxu orreek be geldi dagoz, Obispo Batzarrean influentzia geien daukenak, beste aldekoak —edo «neokontserbadoreak»— direalako. Aoneexek dira Batzarraren oiñarria; eta olan, minoriako obispoak, beste gauza bat gurako leukeenak, ez dauke indarrik, Batzarrari beste zuzenbide zabalago bat emoteko eta oraiñarteko geldikeria atzean itxiteko.

Pregunta geinke: geldikeria ori borondatezkoa ete da?

Ez urrean. Bere sustraia, antza danez, bildurra da eta konfiantzarik eza. Bildur dira obispoak izan be, ea erlejiñozko libertadeak utsituko ez ete dituan eleizak, eta «gauza barriak» okerbidetuko ez ete daben erria; konfiantzea ba dauke Kontzilioan, baiña ez orrenbeste Espaiñiko kristiñau errian.

Orrexegaitik ipinten dabe obispoak ainbeste «argi gorri» bidean, erriaren ekiñaldiak aurrera joan ez daitezan; eta eragozpen orreek min egiten deutsee abadeeri, batezbere orretarako erabilten diran metoduak.

Politikearen aldetik be, bildur dira obispoak, «gobernuaren babesa ta laguntziñoa kontserbatu gura dabe-ta».

Orregaitik, «Eleizearen eta Estaduaren artean independentzia geiago gura dabenen eskabideak, euren ustez, oraingo gobernuaren kontrako eskabideak dira». Obispoak bildurra dauke, gaurko politikearen aldakuntzea Eleizearen etorkizunarentzat kaltegarri izango ez ete dan.

Azkenik, Espaiñiko Eleizearen pentsabidea «lar klerikala» da oraindiño, «laikoen indar barria» bete betean ontzat artzeko. Joaquín Gomisen ustez, «kristiñau garean aldetik, ez da gauza bidezkoa, berba onak bakarrik esatea (esate baterako, batasun eta libertadearen, zuzentasun eta obedientziaren gaiñean), gero pratikan benetako ezer egiten ez bada».

Konstantinoplako patriarkearen amesa

Konstantinoplako patriarka Atenagorasek alkarrizketa interesante bat euki dau, denpora asko ez dala (joan dan zemendiaren azkenetan), periodista amerikano bategaz.

Alkarberbeta orretan, barriro agertu dau patriarkeak bere asmoa, urte onetan Erromara joateko, eta Jerusalemen 1964an asitako konbertsaziñoa Aita Santuagaz aurrera eroateko.

 Konstantinoplako patriarkeak optimismu guztiz aundia dauko. Bere eritxiz, Eleiza bien batasuna —katolikuaren eta ortodoksoarena— urre dago. Alkartasun ori «bearbada nire bizitzan ez da egingo, oso zarra naiz-eta, baiña seguru segurutik zeuok il orduko egingo da», esan dau patriarkeak.

Bere ustez, Eleiza bien arteko teolojiazko diferentziak ez dira eragozpenak, ezelan be konpondu ezin leitekezanak. Kristiñautasunaren lenengo milla urteetan, Eleiza biak batuta bizi izan zirean, dotriñazko gauza askotan batera egon ezarren. Aintxiñako batasun ori barriztu egin leiteke gaur egunean.

«Ebanjelioak bananduten gaitu ala? galdetuten dau patriarkeak. Jauna ete da bata besteagandik urrunduten gaituana? Bateoa ete da? Ez orixe. Gauza orreek ez gaitue erdibituten, danok siñistuten dogun dotriñearen interpretaziñoak baiño. Nik neuk, orrelako desbardintasuna teologueri itxiten deutset. Gure zeregiña, alkar maite izatea da. Maitasunak ez dau iñoiz bananduten; zauriak, amodioagaz osatuten dira».

Nortamerikako katolikuen zarabandea

Zemendiaren 9tik 14raiño euki dabe Nortamerikako obispoak, Washingtonen, euren lenengo batzar aundia, Kontzilioko asmoen argitan ango Eleizearen «aggiornamentoa» egiteko.

Gauza askoren artean, erabagi bat artu dabe: kendu Nortamerikako katolikueri urte guztiko barikuetan bijilia egiteko obligaziñoa.

Erabagi au dala-ta, zarabanda aundia sortu da ango fidelen artean: batzuk kontra, beste batzuk alde. Katolikuak interes geiago agertu dabe okela asuntu onetan, Vietnameko bakean, arrazen bardintasunean eta justizia sozialean baiño. Au dok au!

Kasu onen esplikaziñoa New York Times periodikuak emoten deusku, eta errez ulertu geinke berak diñoana: «Barikuetan arraiña jatea, ezaugarria izan da oraiñarte, katoliku pratikuak nortzuk direan jakiteko. Bijilia egitea, kristiñau oitura on bat baiño askoz geiago izan da Nortamerikan; esan leiteke, katolikuentzat identidade karneta lakoxea izan dala».

Nortamerikako kasu au ez deutsuet esan, ango katolikuak barragarri ipinteko asmoagaz. Nik gurako neuke, au irakurten dogun guztiok geure buruari pregunta au egin gengiola: Ze seiñale daukot nik, katoliku naizala danak igarri daien? Bildur naiz, gutariko geienen ezaugarria erlejiñoaren azaleko zerbait izango ete dan, Nortamerikan barikuetako bijilia izan dan modura. Antza danez, katoliku geienak inportantzia geiago emoten deutsee Eleizearen agindueri, Jaungoikoaren mandamentueri baiño. Ez dira konturatuten, Eleizearen aginduak denporeagaz aldatu leitekezala, eta Jaungoikoaren mandamentuak obeto betetako medioak direala. Kontzilioaren ostean katolikuen artean sortu direan zarabanda ta urduritasun askok, ortxe —mentalidade oker orretan— dauke sustraia. Zoritxarrez, katoliku geienak ez dabe itxi oraindiño, kristiñau bizitzea «legezko» alderditik bakarrik ikusteko oitura zarra.

Imanol Berriatua


Baserria

gizarteko abelur orria

Bilbo'ko "BASERRIAREN ADISKIDEAK" atonduta

1967'gk. urtarrillaren 15 gn.

(1)

Gardoki, 1 -bea- Bilbao

Urte barria, bizimodu barria

Bizkaiko baserritarrok: Urte barri, bizimodu barri; gure zorionik beroenak eta nairik onenak guztiontzat; burutuko, al dira danon biotzetan orain daukoguzan ideia eta asmo barriak, ta Jainkoaren laguntasunez, Beronek borondate oneko gizon zintzo guztiei laguntzen dautse-ta, lan egingo al dogu Bizkaiko lurlangintzari arnas eta indar barriak emoten, gure baserritarrak gero ta obeto bizi daitezan.

Barriztautzea, bearrezkoa da

Industri-komertzioen aurrerapenak ariñegi joan dira lur-itsasoetakoen parean. Industria oso aurreratuta dago, Lurra, baserria, ostera, atzeraturik lotu yaku. Jakiña, Lurrean eta itsasoan beste ainbeste egiten ezpadogu aurrerapenei buruz, noren izenean eta zer dala-ta eskatuko dautsegu gure gazteei baserrian edo itsasoan lotuteko? Ez lasaitasunagaitik, urian bizimodu lasaiago ta erosoagoa dagokielako. Beraz, agirian dago eztala gazte bat ere egongo urian obeto egon ahal izanaz, baserrian, txartoago ta bizimodu neketsuagoz, lotuko litzakenik.

Irrati saioetatik sarri esan dautzuegu bearrezko baiño bearrezkoagoa dala baserritarren arteko alkartasuna baserria salbatzeko. Baserriaren bizimodua aldatu egin bear dogu susterretik berau salbatu daiten.

Baiña onetarako danok egin bear dogu bear, goiko agintariak kontseju eta bide onak erakutsiaz eta baserritarrak, borondate onean ta zintzotasunez beroneik beteaz.

Orain arte baserriko lurlangintza etxekoen gauza bat zan; familikoak egiten zituen soloko lan guztiak, orain barriz au ezin jarraitu yako geroari.

Baserrian eztago gazte laguntzarik, beroneik fabriketara doazalako. Etxean ezta ia iñor geratzen ta orregaitixek ezin da baserritik bizimodu onik atara. Familian ezta baserri bat eroateko beste indar. Bearrezkoa da beraz alkartutea. Banan banango lurlangintzak eztauko gerorik, alkartasunak ostera, bide guztiak daukiez zabalik.

Alkartuten diranentzat... laguntasuna

Baserritarrak, alkartu ezkero, erreztasun aundiagoak eukiko ditue euron frutuak saltzeko ta eurakaitik diru geiago lortzeko; egun batean, ta ez pentsau urrun dagoenik, baserritarrak dendak eta merkatuak eukiko ditue baserrian artzen dituenak artez artez eta ezelango bitartekorik bage urietan saldu aal izateko.

Ezin egon gaitekez lo, besteak geure problemak noiz zuzenduko. Ezta iñoren pentzudan eta konfiantzan egon be, berak, bat batean dan dana eginda emongo dauskulakoan.

Ez orixe!, niri eztaust iñork ezer egingo, ezta nigaitik alegiñetan saiatu. Konturatu zaitez, bein betiko, bizkaitar nekazari ori! Zuretzat, bakartzat artuta, eztau iñork ezer bere egingo, eztaukozu zeuretzat ezelango laguntasunik. Baiña, zure koiñatuagaz, zure lengusuagaz, zure osabagaz, zure auzoko lagunagaz ta soldadutzan egon ziñan beste mutil aregaz alkartu ezkero... badagoz Auzo-alkartasun on baterako bear diran sei baserriak, eta onelako alkartasunekoentzat bai, «oneintzat badago bai, laguntasuna».

Bai, len, goikoak atzea emoten eutsien baserrikoei, beroneik laguntasun eske yoiakezanean, goiko «jaun» arduradun oneik industri-arazoetan sartuta egozalako.

Orain, barriz, gauzak bestelakoak ditugu. Beranduxe, baiña, goikoak konturatu yakuz lurlangintzak daukon garrantzi edo inportantziaz, ta zer jazoten da orain?, baserritarrak eurek eztabe ezer egin gura laguntasun ori eskuratzeko. «Niretzat» ezpada eztot laguntzarik gura, koikeriz beteta gagozala autortu bearrean gara, bai, egoista batzuk gara.

Alkartasunaren eragozpenak

Bai, ikusten dautzut jarten daustazun kiñua; Ta zein baserritarrek gurako dau albokoagaz batu, berarena itziaz, bestearenagaz alkartzeko?

Olan askatasuna galduko dau ta lotuago ibilliko, bere borondatea bearturik iñogaz eritxi artu emonetan ibilli bearko dau, ta guztiok euki ezkero nork nai izango ditu berentzat?

Bai, arrazoiak dira guztiak, nik ere, zure antzera sufrituko neuke bide-kurutz onetan. Norantz joan? Nogaz alkartu? Nogan jarri konfiantza alkartasun orretako gora beerak eroan deiskuzan? Zelan egingo ditugu kontuak eta administraziñoa alkarregaz lan egiteko bere prest eta usatuak ezpagara?

Orain 50 urte dala guzti au etzan onen gogorra izango. Orduko baserritarrak oitura geiago eukan lan-komunak eta auzo-lanak egiteko oraingoak baiño.

Laiaketarako, jorraketarako, bedarra ebagiteko eta bestelako bearrak egiteko sarri alkartzen zan auzokoakaz, bearrok alkartasunean egiteko.

Euzkaldun baserritarrak oitura eta jatorri aundia euki dau erri eta auzo-lanak dirala-ta. Beti egon da prest albokoari beraren eskua luzatzeko ta bear zanean beroneri lagunduteko. Ta au gizona legez eta zintzotasunez, kristaua moduan, bear dan eraz.

Bai, orain ere, beste gauza askotan legez, antziñako jatorri-txingarrei putz egin bear dautsegu piztu dakiguzan, gizontasunezko txingarrei, zintzotasunezko errauts-pekoei, beroneik berpiztu daitezan, Euskal Erriaren benetako gizarte susterra agertu daiten, egiazko kristotar anaitasun ederra sortu erazteko barriro be. Bizkaian, punta batetik bestera Baserri-langintza barri bat zabaltzeko.

Baiña alkartasun au, auzolanak baiño geiagokoa da, ezta noizbaiteko esku emote ta laguntasuna, betiko alkartasun sendagarria baiño.

Lurrak, abereak eta ostantzeko baserri-balioak alkartasunerako dira ta diru goiti beitiak eroan bear dira osoaren artezerako. Antolabide (organizaziño) bat eratu bear da ta onetarako zuzendari eukitea bearrezkoa da.

Asmo onegaz Bilbon sortu da «Baserriaren Adiskideak» izeneko Lagundia, Bizkai Erasketxearen laguntasunaz, baserritarren giza-balioak geitu ta beronen alde egon ta lan egiteko. Alkartasun bat egiteko prest zagozen guztiok!, jakizue gure laguntasuna daukozuela gaurtik. Guk ikusiko eta neurtuko ditugu daukozuezan onurak eta zertzuk yagotzuezan komenigarrienak, zuen alkartasun ori ibilten asi daitean.

Ederto amaituteko "giltza": Zuzendari jakitun bat euki

Eta «ZUEN» alkartasuna esan dogu, bai, ta onetan datza gauzaren kakoa, zuen alkartasun onetan dagolako zeuen eta zeuen sendi edo familikoen zoriona ta askatasuna. Geroko bide obeak egiten dautsezuez zuen semealabei alkartasun ori sortuaz, olan eztabez ezagutuko zuek ezaguturiko elorrio ta alperriko izerdiak.

Alkartasun orretan eztozuez gauza geiegi sartu bear, ondo ezagutzen dituzuenak baiño, bestela eskuen artetik joango litzakizue, sortuko liraken buruausteak eta, zuentzako geiegi izango litzakezalako.

Orregaitiño lenengo urte bian zuzentzaille bat bear dozue, alkartasuneko gora beherak ikasi arte; zelan zuzendu ta zelan izan bear dan nagusi, alkartasun orretan, ikasi bear dozue.

Alkartasuna esku onean jarri bear da, baña ez ori bakarrik, zuzentzaille orrek, trebetasuna ta Bizkaiko lur-langintzan asko ikusi ta dakiena izan bear dau, ezpada ondamendira joan leiteke ta tamalgarria litzake baserritarren familientzat. Kontseju onak emoteko ta baserri-alkartasun orrei lenengoko auspokadak egiteko sortu genduen «Baserriaren Adiskideak» deritxon Lagundia, berau, beraz, zeuentzako egiña da, berari eskatu eta itaundu jakin nai dozuezan guztiak, ahalik eta obetoen erantzungo dautzue poz pozik ganera.

Agirian dagoanez Baserriaren jasotea bizkaitar zintzo guztion arazoa da.

Alde batetik baserritarrei irakasteko uriko jaun jakitunak eta bestetik baserriko jaun bulartsu ta zintzoak. Bion artean jasoko da baserria Bizkaian. Guztiok gagoz sartuta kristau-egite onetan, Euskal Erriaren antziñako izakerea berpiztu guraz.

Aurrera bada borondate oneko gizon guztiok!

Baztertu daigun bein betiko piñuz landatuteko asmo egoista ta gizarte-kontrakoa ta erein eta zabaldu daiguzan gure ortuariak eta landara onuragarriak edonundik, ahalik eta geien, geure lurrari aberastasuna emoteko.

Piñuak ondo dagoz mendi antzuetarako, baiña zelai-ortuetan piñuak landatu!, orrenbesteko pekatua ezta iñoiz gure errian ikusi. Ta izan ere pekatua da ori, lur emonkorrak galtzen itzitea, piñu errez ta bear bakoakaitik.

Piñuak mendirako baiña ez solo ederretarako. Alkartasun bategaz ainbat baserri salbatuko ziran! Oindio dogu denbora ori zuzentzeko. Aurrera bada!

Sei baserriko alkartasuna egiteko bear izanak

1) Bost bei eta bost txal azi ahal izateko besteko lur-ganaduak, alkarkide edo sozio bakotxetik. Au da, 16 gizalan sei beiakaitik eta 8 txalakaitik, 120 gizalan guztira.

2) Korta ta estalpeak alkartasuneko beiak eta abereak gordetzeko, ta baita pentsuak eta janariak eukiteko.

3) Ondasunak eta diru-balioak euki, Diru-aurreratze ta Garantiatzat, alkarkide (sozio) bakotxak 128.000 pezetako kreditoa lortu daian.

Guztira: asi aal izateko iru idiren diruaz, alkarkide bakotxagaitik, makiñak eta kortak zaarbarritzeko, onetarako aitatu dogun kredito edo diru aurrea eskatu bear izango da.

Ta gero, alkartasuna martxan jarrita gero, merkatu-sare bat zabalduko da bitarteko salerosleak kentzeko ta irabaztea baserriakan geratu daitean. Onetarako ta orduan alkarkide bakotxak beste idi parea jarri bearko dau (diruz) ta olan osotuko da len aipatu dogun, 128.000 pezetako diru aurrea.

Zer izan da ta zer izan bear dau baserriak?

Zer izan da oraintsurarte Bizkai'ko baserria? Zer izan bear dau emetik aurrera baserri orrek? Auxe izango da ondo be ondo ikusi ta ausnartu bearko doguna, danon artean, zuek eta guk, danok batera aurkitu bearko dautsogu gatxari sendabidea. Eztogu zuen eskuetan bakarrik itxiko sendabide au, baiña ezta gure esku bakarretan be. Baserria ezta zuena bakarrik, Bizkai'ko gizaseme guzti-guztiena da, ta guztien artean gaizkatu bearko dogu, bai baserria bera, eta baita auzotegi eta erri guztiak. Bizkai'ko lur-langintza oso-osoa.

Baserritar sendia etxean batuta, gurasoen babesean eta aurretikoen esanera makurtuta bizi izan da orain artean gure mendietako nekazaria, eta ederto eutsi dautso eutsi be baserriari era orretara, lugintza, abere zaintza eta basogintza ondo zaindurik. Azkenengo iru zeregin oneik izan dira benetan gure baserriaren eusgarriak; eurekaz bizi izan da orain arte egoki gure nekazaria.

Beste alde batetik, etxeko jaunak euki izan ditu beti bere seme-alabak baserritik urten barik, eurok nagusitxoak izan arte beintzat, bakoitxak bere gogoko lanketa moduak ikasiaz, gero baserritik kanpora bizi izateko ordua eltzen yakenean, euren esku izatera igarri barik etorteko moduan; baiña baserriaren yarraitzea seme nagusiagan itxirik, etxeko batasuna ezelan be galdu barik. Ori izan da oraintsurarte gure baserrietako elburua.

Baiña gaur, ezta orretara erabilten baserriaren bizitzea. Len soldautzararte gelditzen ziran semeak baserrian lanean, eta neskatillak barriz, uriko etxe andikiren batera neskame yoan artean, gurasoei laguntzen; baiña gaur eztago olangorik, arin egiten dabe alde baserritik, bai semeak eta bai alabak, guraso zarren eskuetan baserriko zeregin astun guztiak itxirik.

Bai, alantxe da tamalez, naiz mutilla naiz neskatillea, eskolatik urten alean yoaten dira urietara, geienetan taller edo fabrikaren baten bearrean.

Gurasoak eurak arduratuten dira orretarako langille-eskolaren batean sarturik, antxe uri andietako bizitza eta langintza ikasi dagien, baserrian eztago ba danentzat lekurik eta. Baserriko lana gogorra eta legorra dala uste izanik, an doaz danak uri andietara.

Onetara gelditzen dira apurka-apurka utsik gure baserriak gaur; baserriko erlauntza, olantxek gelditzen da erle langille barik. Andra-gizon gazteak gelditzen dira toki askotan bakar-bakarrik lan guztiak egiteko; lugintza, ganadu zaintza eta basoko zeregiñak egiteko, eta ezin danari bear dan ardurea artu.

Gaiñera «baserrian» ezin leiteke gauza edo zeregin bakoitza banandu ta bere gain itxi. Lugintzak ganaduaren bearra dau eta beste bi orreik basoko etekiñak bear ditue ondo ibilteko.

Tira ba, baserriko lanketak bata besteagaz katigatuta erabilli bear badira, eta ez zeregin bakoitza bere gain, lugintza, ganadu zaintza eta basoko zeregiñak era batera erabilli bear baldin badira, eta nekazariak berak bakarrik gauza guzti orreik egoki erabilli ezin baditu, zein izan bearko dau emetik aurrera Bizkai'ko baserrien yokabidea?

Alkartasuna ta Anaitasunaren aldia

Ikusten dozu, eta ondo ikusi be, Bizkai'ko baserritarra, ezin dauala gaur famili batek «bakarrik» baserria bear dan eran erabilli, beste laguntasun barik. Orra ba alkartasunera yo bearra; LAGUNTASUNA, ALKARTASUNA, ANAITASUNA bear-bearrak ditugu gaur baserria aurrerabidean yarri nai badogu, baserria gaizkatu gura badogu, gure nekazaritza aurrera yarraitu dagian bene-benetan gura badogu.

Azkenean sortu da, bai emen, bai Frantzin eta baita beste Europa'ko erri askotan baserria yarrai bidean ipinteko asmo eder-ederra, bene-benetako asmo egokia. Baserritar edo nekazari txikien batasuna, alkartasuna. Agintariak lendik artuta daukezan sendabideak aurrera eroateko, nekazarien alkartasuna bear-bearra da gaur; orretara langintzarako bide barriei sarkerea emongo dautsegu gure errian, eta bide barri oneik eztira txarto etorriko gure lugintzarako.

Onetara ba, Bizkai'ko baserritarra, beste errietan egin dan nekazari-alkartasuna zuk egin bearko dozu, benetan maite badozu zure etxea, zure baserria. Orixe da gaur zure sendagarririk egokiena, anaitasuna, alkarren laguntasuna. Orrexek gaizkatuko zaitu.

Orixe txalupea, bizia gordeteko txalupa egokia, baserria bere bear izanetik atarateko txalupa bedeinkatua. Eutsi ardura barik txalupa eder erreri, oratu ondo zuen onerako eta baserriaren gaizkakunderako izango dan txalupa orreri.

Sartu zaitez ardura barik txalupa orretan, Bizkai'ko nekazaria, sartu zaitez zure buruauste guztiak arinduko dabezan txalupa orretan, eta olan goitu al izango dozu zure gaiñean daukozun ekaitz izugarria, baserria galbidean daukon ekaitz madarikatua. Baiña txalupa onetan dan-danak alegindu bearko zarie era batera arraunketan egiten, portu baketsura eldu arte beintzat.

Itxaso zabalean be, ekaitz ikeragarriren bat dagonean, nekez salbatuko da gizon bakarra, bere indar utsekaz ezin izango da gizon bakarra gaizkatu; baiña danok batera arraunketa gogorrean asi ezkero, oso erreza izango yatzue gura dozuen portura osasunagaz edo biziagaz beintzat eltzen.

Baiña orretarako, aspaldian alkarregaz asarre zarien auzokideak era batera asi bearko dozue alkarregaz bear egiten, asarre eta peko guztiak bertan bera itxita.

Aitatu dogun sendagarri au ona eta egokia da; baiña zuen arteko alkar ikusi eziñak eta beste orrelango txotxolokeriak bertan beera itxi eta benetako batasunean bear egiten asten ezpazarie, eztozue ezertxo be aurreratuko. Alboko auzokidea pobrea dala, edo au edo bestea dalako beragaz alkartu gura ezpadozu baserrian bear egiteko, eztozu, adiskidea, ezertxo be aurreratuko guk gaur erakutsi dautzugun bide onetan. Peko guztiak itxi egin bearko dituzue, eta bene-benetako anaitasuna zuen artean edatu. Basoan piñu batzuk sartu ta baserritik urten gura badozue, egizue, bai; a ez iñori bere bidea itxi.

Aitatu dogun alkartasun au euren artean egin gura dabenei ez aterik itxi. Alkartasunean bear egin gura dabenei, lagundu egin bear yake, eta ez eragozpenak ipiñi. Gitxienez egin zeinkena orixe da; zuk alkartasunik gura ezpadozu, ez iñori alkartasunetik kanpora ibilli daiten egindu.

URTE BARRI, BIZITZA BARRI. Esakera au aitatu geinke benetan guk darabilgun arlo astun onetan, eta eztogu uste iñoiz berau egokiago etorri danik. Urte barri onetan gure bizikerea aldatzeko alegiñak egin bear doguz, gure bizikera guztia gero; len guk bakarrik gure familian egiten genduzan bearrak, beste batzuen alkartasunean egin, ezin dogu ba, oraiñarte lez yarraitu, gure ondamendia ikusi gura ezpadogu.

Baiña yokabide oneik gizon gogorrentzat, arima eta gorputz sendoentzat bakar-bakarrik dira, auzokoekaz benetako alkartasuna eta anaitasuna egiteko gertu dagozan gizon zindoentzat. Berkoiak, epelak eta ganorabakoak, artu dagiela atxurra eskuan, eta oraiñarte lez bizi izaten yarraitu dagiela, laster ikusiko dozuez fabrikaren baten peoi lanean, esku-burdi bat aurretik daroela, danon lotsagarrirako, edo ta, bideak urratuten egun osoan bearrean, ezer gitxi irebazteko.

Famili arteko bearra amaitu egin da gure baserrietan, eta emetik aurrera, ALKARTASUNEAN egin bear izango doguz baserriko zeregiñak geien-geienak. Kortak eta ganaduak beste auzokoekaz alkartuta erabilliko ditugu eta saldu bear direan baserri-etekiñak be, norberak bakarrik saldu bearrean, beste batzuen laguntasunean saldu, beti izango dogu probetxu geiago-ta.

***

Inkiñeru batek emondako azalpen oneik amaitu ondoren, entzuten egon diran baserritarrak alde egiten dabe euren baserrietara juateko.

Auzo batean bizi diran Txomin eta Peru bideari jarraitzen dabe alkarregaz ta, etxerantza doazela, gai onen buruz itz egiten dabe, ta onelan egin be:

— Tira, tira, orra zer eskatzen dauskuen oraintxe: BATASUNA, ALKARTASUNA, ANAITASUNA eta betiko sentzunbakokeriak. Orregaz zeozer irebaziko bagendu; baiña zetako sartuko gara beste batzuekin alkartuta gure baserriko zeregiñak egiten? Zer irebazten dogu erregaz?

— Ez, gizona, ez. Or gorago esan dauskuena ezta benetan ori. Bakoitza gure aldetik eta bakarrean-bear egiten yarraituten badogu, beste batzuen alkartasunean ibilli bearrekoan, eztogula iñoiz ezer be aurreratuko, eta gaur beintzat, alkartasuna bear-bearra dogula gure artean, alkartasuna indarra dalako. Nik orretan zuzen dagozala uste dot.

— Baserria galduta dagola bai, egia da; ori yakiteko eztogu bear Bilbo'ko kapeladunen irakaspenik; baiña orregaz eztaukogu ezer, galduta gagozala, galduta gagozala... ara zelango tentelkeria esaten dauskuen oraintxe. Alkartasuna baiño beiñago dirua bear dogu, dirua. Guk saltzen doguzan etekiñak obeto ordaindu deiskuezala... Dirua sakelean edo Bizkai-Eraskiñak gastu gitxiagogaz ataraten badoguz, ortxe daukogu beketxean euki ezkero, ondo be ondo biziko gara, iñoren kontseju barik.

— Bai guk saltzen doguzan gauzak obeto pagetea, ondo dago; baiña guk be, gure aldetik, baserrian artzen doguzan etene-benetako irebazpidea; gastu gitxiagogaz eta ainbeste bear egin barik.

— Ori ondo egongo da beste erri batzuetan; baiña emen, zegaitik egin bear dogu bardin, lur onak, berotasuna, ura ta an eztauken eguzki ederra daukogun ezkero?

— Ez, zuk eztozu ondo aituten. Eztauskue esaten arek egiten daben lez guztia egiteko, ez. Aren antzean, gure artean alkartasuna ta benetako anaitasuna sortu bear ditugula baiño. Ez eurek egiten daben guztia guk bardin-bardin egiteko.

— Bai, eta orduan zer ba?

— Ara txalupea dala ta eztala esan dauskuena, orregaz naikoa dala uste dot.

— Naikoa dala uste dozu? Zer esan gura dau orrek ba? Txalupa barruan gogor egin bear dala arraunetan? Bai ba, Kristobal Kolonen denporetan be bardin-bardin egiten zan. Eta orain gauza barriren bat balitz lez esan gura dauskue ori? Tira, tira, ez egizu ori aintzakotzat be artu.

— Ez, gizona, ezta ori. Eztozu iñoiz estropadarik ikusi?

— Bai, bein baiño sarriago be ikusi ditut estropadak.

— Eztozu ikusi zelan egiten daben guztiok batera arraunketa gogorra?

— Bai, egia da, olan egiten dabe.

— Tira ba. Zer esango zenduke zuk, estropada baten gizon bakar bat aurkeztuko balitz, eta berak bakar-bakarrik arraunketan egiñaz beste guztieri irebazteko asmotan ikusiko bazendu.

— Ori barregarria izango litzake benetan. Olako gauza bat zoroetxean dagozanai be ezin leikioe bururatu.

— Orrelango gauza bat zoroetxe barruan dagozanak be, egingo ezpaleukie, nun sartu bear gindukez egunean egunean gure baserrian bakar-bakarrik bear guztiak burututeko alegiñetan dabiltzanak?

— Ez egistazu zirikatu, ezta gauza bardiña, txalupa baten sartu ta estropadetan ekitea eta gure baserrietan egin bear diran zeregiñak burutzea.

— Bai ba, bearra ezta bardiña or aitatu dauskuena ezta bearra, bear ori egiteko erea baiño. Estropadetan danok gogor-gogor eta era batera arraunketan egiten dabenak irebazten baldin badabe, emen be lurreko zeregiñetan bardin-bardin yokatu geinke; danak batera eta alkartasunean bear egin ezkero, beti izango yaku errezago eta erosoago bear ori.

— Bai, ori erreza da esaten; baiña nok sortuko dau ain bearra dogun alkartasun ori gure artean? Gero batzuk bear egin eta beste batzuk yan da lo egiteko.

— Ez, gizona, ez. Alkartasun ori lenengotan gitxi batzuen artean egin leiteke eta danak alkar ondo ezagutzen diranak. Gero beste batzuk be sartuko dira.

— Eta alkartasun orretan asteko, zenbat lagun bearko dira lenengotan?

— Ori ezin leiteke egin-egiñean yakin; baiña sei edo zortzi lagun naikoak dira asteko.

— Ondo urtetekotan eztago txarto asmatua; baiña oindiño eztot ondo ikusten alkartasun orregaz zer irebaziko genduken.

— Ezta zur-zurra izan bear gizona, alkartasunagaz bakarrean baiño geiago eta geiago irebaziko gendukela ikusteko. Bakarrik egiteko astunak direan bear batzuk laguntasunagaz egin eta besteak bakarrean, oraiñarteko moduan.

— Baleiteke gauza batzuetan beintzat zu zuzen egotea, bear askotan alperrik emoten dogun denporeak be, asko balio dau eta; baiña alkartasuna, gure arteko anaitasuna lortzea gaitz izango da aurki.

— Gatxa, gatxa; bai, ezta erreza izango; baiña esate baterako Dinamarka'n egin dabena zegaitik ez egin gure artean?

— Baleiteke beste leku batzuetan egin dabena guk emen egin al izatea; baiña alan eta guzti be, alkartasuna sortu eta egin aurretik gauzak ondo oldoztu bearko dira, ba, gero, txarto urtengo baleuke... zer ba? Baiña beie erasten yoan bear dot bai eta beste egunen baten berba egingo dogu.

Orra, orain esnea batzen yoan bear dozu arrapalada baten. Orain beiek agintzen dau eta ez zuk, alkartasuna eginda ba-zeunkie, etziñakez orain zu arrapaladan ibilliko esnea batzen. Alkartasuna bear dozue, Txomin, alkartasuna, patxadan ibilteko, larritasun barik.

Negu-lanak

Orain, neguan kanpoan egin bear direan lur-lanen batzuek aitatu nai ditugu leku onetatik.

Frutadun arbolak sartzeko sasoirik onena dozue urteko sasoi au. Onetarako kontuan euki bear direan gora-beerak onexek dira:

LANDARATZEA. Onetariko landaraketa bat egiten danean, ona zer eukiko dan gogoan: leenengo, sasoia, bigarren, zelan egin eta irugarren, zein landara klase aukeratu; a) patroia, eta b) landarea zein azketa moduan dagoan ikusiz. Gaiñera, beste zertzelada oneik be gogoan eukiko dira.

Landarak sartzeko aldia

Leenengo: Noiz sartuko da landarea? Zugatzetako orriak yausi ta beingoan da sasoirik egokiena, eta au, URRIAREN azkenetan, edo ta, ABENDUAREN leenengo egunetan izaten da. Onetara egin ezkero, ederto ezkontzen dira zuzterrak lurregaz, landareak kimu barriak bota baiño leenago.

Landarearen zuzterrak, lurrean ondo ta egoki ezarri ezkero, beti izango da obea arbolearen bizitzarako.

Landaketea berandu egiten bada, beti ibilli bearko dogu arduraz, ba, gero, udabarri sikua etorten bayaku, arrisku andian egongo dira landara barriak usteldu ta alperrik galtzeko.

Landara bat ondo izateko, bere zuztarrak lurrean bear daben egokitasuna izan bearko dabe.

Onegaitik, GABONAK baiño leenago egin bear izango da beti fruta arbolen landatzea; neguko bustialdiak ondo etorriko yakez eta.

Zertzelada onek beti dauko garrantzia, baiña batez be, melokotoi landaretan. Fruta modu onen landarak, denpora GITXIAN egoten dira barruko ur barik; urtarrillaren erdirako edo, sustrai barriak emoten ditu beti.

Berandu landatuten diralako, sustrai oneik apurtuten ba-dira, kalte andia etorri leikio landareari, batzuetan eriotzea bera be bai.

Lurra ondo gertatu barik euki ezkero, edo bustiegia dagonean, negu erdian edo azkenean be, landatu leitekez zugatz oneik eta baita udabarriaren leenengo egunetan be.

Baiña au egitea, ezta bein be ona izaten; sasoi onetara ezkero egiten direan landatzeak, eztira, goizago egin direanak baizen egokiak izaten.

Eguraldirik onena, lañotsua, euririk bakoa eta lurre siku dagola, alegiñez.

Izotza edo aizea, txarrak izaten dira frutadun landarak landatuteko; batak eta besteak siketu egiten ditu landarearen sustraiak eta


Erri ikastolak

Erri ikastolak gaur arte

Zer ulertzen dogu erri ikastolatzaz? Guztientzat sortutako ikastolak, eta oiñarrizko irakaskintza emoten dabenak: irakurten, idazten, neurtuten, kontetan ikasteko.

Ikastola oneik gizarteko edestian oso gaurkoak dira. Orain 100 urte ez egoan oneitariko ikastolarik.

Ikastola ugaritzea lengo gizaldi erdian asi ta orain arte zabaldutako gauzea da. Lenago, ba-egozan maixu edo irakasle batzuk; baiña oneik, norbere kontura, erakunde baten sartu barik, euren etxeetan irakasten eben. Olan egozan abadea, sasi-abogadu, edo batxilleratoa ekian bat. Ikaskizun au etzan guztiekana eltzen, banaka batzuekana baiño.

Laterri ikastolak (nazionalak) edo erri ikastolak, gure artean beintzat, goiko agintariak bultzatuta sortu eta ugaritu dira. Onetan Diputaziñoak izan dira lenengo.

Bizkaiko diputaziñoak batez-bere gizaldi onetan lan asko egin dau erri ta baserrietan ikastolak zabaltzen, auzune guztietan jarri eragiñez.

Len, gurasoak indar gitxi euken ikastola oneitan, eta apurka apurka galduten joan dira influentzi ori. Onela, ayuntamentu edo erriak ez deutsee ordaintzen irakasleeri. Ori goiko agintariak egiten dabe.

Ez dauke eskubiderik irakasleak aukeratzeko. Dana goitik emoten jake. Jokera onek gurasoen buruan baldintzakera bat sortu dau. Ikastolak estaduaren erakunde batzuk dirala uste dabe, eta erakunde oneitan eurak ez daukela eskubiderik, ez eginbearrik.

Egokera larri bat

Situaziño au guk uste dogun baiño gauza grabeagoa da.

Juliantxu, Zamudioko mutiko bat da.

— Juliantxu, eskolan zelan egiten dozu berba?

— Eskolan erderaz, euskeraz egiten badozu maixuak io egiten zaitu-ta.

— Ta etxean?

— Etxean euskeraz, erderaz egiten badot aitak io egiten nau-ta.

Egokera onetan auxe bera jazoko da erlejiño arazoari buruz; gaurko Estaduaren burua aldatzen bada, erlejiñoatzaz erakunde oneik jarraituta. Auxe gertatzen da ideolojiari buruz be. Ume askok ikastolan entzuten dabez, edo entzun leikeez euren gurasoen aurka doazanak.

Egokera au zegaitik da ain larria, kritikua? Erakunde bi (familia ta eskolea), alkarreri lagundu bearrean, alkarren aurka iartzen diralako. Orduan, nok galtzen dau? Umeak.

Ume batek izkuntza bat dauko bere etxean, eta beste mintzaira bat ikastolan; eta batez-bere, ikastolan etxeko izkuntza txartzat artzen dabe; orduan umearen barruan buruauste bat sortzen da. Buruauste onetan, edo maixuak edo gurasoak umeentzako txarto iokatuten dabe.

Desprestijiatu egiten dira, maixuak edo gurasoak. Gure artean, umeen buruauste onetan, gurasoak galdu dabe aintzakoa. Zegaitik? Umeak eskolan denpora geiago egiten dabelako; maixuak jakitunago agertzen diralako...

Erakunde batek gurasoen prestijioa galdu eragiten badau, edozein gauzetan: izkuntza dala, ekandu edo oiturak, politika dala, edo «borono» deituten jakela, ba, erakunde au ez dago ondo. Baiña guk, argi dagoan auxe be ez dogu ikusten sarritan, bildurtu, kikildu egiten garalako.

Gurasoen eskubideak

Argi jakin bearra daukagu zeintzuk diran gure berezko eskubideak eta eginbearrak («Pacem in terris», 9-gnetik 22-era, ta 88-gn. zenbakitik 90-ra). Emen ez dago aukeratzerik. Eskubidea daukonak eginbearra dauko. Onela, gurasuok sendotu egin bear dozue zeuen barruko eskubidea, guraso-eskubidea, eta konturatu, eskolea ez dala gurasoen laguntzaille bat baiño.

Gurasoak, euren lanagaitik, euren beste eginbearrakaitik, edo gertuta ez dagozalako, umeak beste baten eskuetan itxiten dabez, baiña berez, gizon edo emakume irakasleak, gurasoak aukeratua izan bear leuke, edo gitxienez gurasoak eskubidea euki bear leukee nor nai daben eta nor ez erabagiteko.

Orrezaz gaiñera, gurasoak eskubidea dauke euren erlejiñoan umea eziteko. Au da gurasoen lenengo eskubidea. Eta euren umeak gurasoen izkuntzan eziteko eskubidea, bigarrena, ontzat artzen ez badogu, ezin daikegu artu lenengoa be. Biak oiñarri bat dauke-ta, au da: Umeak gurasoenak dirala, estaduarenak eta Eleizearenak baiño lenago.

Umea amaren sabelean sortu ta itxuratzen da, ez da formatzen estaduaren sabelean, ez maixuarenean. Ori baiño lenago, ume ori ekartea gurasoak erabagi dabe. Baiña ume bat jaioten danean, oraindiño ez da, ez gizon ez emakume. Orregaitik, ume onek sabel bat bear dau oraindiño, bere gorputza, bere gogoa, bere arimea osotuteko, eta sabel au famili edo sendia da. Eta umea bere amak sabelean janarituten dauan lez, eta artzen dauzan janari danak amaren odoletik igaroten diran lez, olantxe, ezitzea edo ezikerako aurrerabidea (prozesoa) familiaren babesean artu bear dau umeak, eta iñoiz bere ez sendiaren aurka.

Onek ez dau esan nai, bein bat osotu ta elduagotuten danean, bere buruz jokatu bear ez dauanik.

Gauza bat falta jaku: Ardurea

Gurasoak ikastola bat irigiteko edo sortzeko erabagia artzen dabenean, ez dau esan gura euskeraren alde bakarrik jokatuten dabela. Guraso oneik euren guraso-eskubide ta eginbearrak sendotu bear dabez, eta olan gizartean benetako arduradun lez agertzen dira. Ta ori falta da gure gizartean ARDUREA.

Estaduaren aldetik gaur emoten jake eskubidea gurasoeri eskolak sortzeko, baiña araudia (reglamentaziñoa), gaiak, eta izkuntza bakarra jarri dau beti; ta ori berezko eskubidearen aurka doa. Estaduak aintzat artu bear dauz bere lurraldean bizirik dagozan izkuntzak; eta nagusi, bat jarriarren, besteak ezin dauz oinperatu ta debekatu.

Azkenengo urte oneitan, batez bere «Pacem in terris» eta Kontzilioaren ostean, bere jokabidea samurtu egin dala uste dogu, apur bat gitxienez. Baiña gaur gaiñera berezko izkuntza guztien alde indar bat sortu da munduan izkuntza zapaltzailleen aurka, ta aizeak aldatzen asi dira, itzuli barri bat artu dabe.

Ikastola barriak sortukeran, gurasoen aldetik izkuntzaren arazoa bakarrik ez dala kontuan euki bear uste dot; or gauza sakonago bat dago. Izkuntzan eta irakaskizunean, eskolea oso urrunduta dago erritik.

Eskola batek lenen irakatsi bear leukena da, bakotxaren erria zelakoa dan, eta zer ikasi bear dauan bertan erritar on bat izateko.

Eskola lana ez da gauza batzuk buruan sartzea bakarrik, norbere burua munduari zabaldutea baiño: ikastean, ikustean, jolastutean, abestutean... Erakusten jakon guztiak lagundu deiola eretxia artzen, gizonduten jarraitzeko.

Jazokera bat

Sarritan entzun dogu umeari euskeraz egitea atzerakuntza bat dala, edo kaltegarri jakola zerbait ikasteko. Onek esan nai dau euskera leloen izkuntza bat dala. Atzerapena izango da, zerbait erderaz ikasi bear danean, erderaz ez jakitea, baiña ez euskera jakitea.

Nor da norentzako? Eskolea umearentzat ala umea eskolearentzat?

Guk geure edesti guztian ez dogu ikasi euskeraz eta orregaitik askok dauken bildurra guztiz normala, jakiñekoa da. Orain danak diñoe izkuntza bat ondo jakiteak beste izkuntza bat ondo ikasteko lagundu egiten dauala. Onela, euskera ondo jakiteak lagundu egingo dau erdera ondo ikasten. Ta gaurko pedagojian diñoe, lenengo maillako ikastoletan izkuntza bi ikastea obe dala.

Karmen Ibarra


Zer pasetan da Bilbao erri irratian

Galdera au askok egin dauste, ta beste askok egingo. Augaitik, egoki da gai au emen erabiltea.

Dakizuenez, orain egun batzuk kendu ebezan Bilbao Erri Irratitik euskera erakusteko emisiñoak. Gero, aurreratu eben goizeko zortziretara (lenago osorik kendu) euskera errezautako errosarioa. Ta orain, kendu dabe larunbata arratsaldetako «Euskal Ordua», euskerazkoa, ta erdira laburtu «Irrintzi».

Bai Naparroa'n eta bai Gipuzkoa'n, argiro lan egiten da euskeraren alde. Probintzi bi oneitan dauko euskerak bere lekua izparringi ta irratietan, baña ez Bizkaia'n. Emen, Erri Irratia izan da orañarte euskerari leku bat itxi dautson bakarra. Ta orain, emen be kendu dabe.

Orain aste batzuk, Bilbao Erri Irratiko zuzendaritzan aldakizun batzuk egon dira, ta euren atzetik etorri dira euskal emisiñoak kentzea. Zergaitik? Au da jendearen galdera; nik ezin erantzun neiken galdera.

Pena da euskerak izparringi ta irratietan lekurik ez eukitea. Gaztelako izkuntza gure artean, aginduz, ofiziala bada, onek ez dau esan gura beste guztiak debekatu bear dirala. Nire ustez, agintariak, kontuan arturik izkuntz ofizialak bentaja andiak daukozala beste izkuntzen gañetik, euren laguntza azken izkuntz onei eskeñi bear leukie, il ez daitezan. Ez da naikoa, agintarien aldetik, ofizial ez diran izkuntzak toleratutea. Laguntza emon bear dautsee.

Euskaltzaindiak bialdu dau euskeraren aldeko Gobernuari eskaria, Lengo egunean, Txistularien Alkartasunako batzar nagusia izan zan Bilbo'n, eta ao batez, txalo bero ta luze bategaz, bayeztu zan Txistularien Alkartasunak Gobernuari bialduko dautson eskaria, Euskaltzaindiarena onartu ta geituaz.

Eskatu da Bilbo'ko izparringietako zuzendariai euren aldizkarietan euskera sartzea. Orañarte, ez da ezer lortu. Itxaron daigun datorren urtean beste aide barri batzuk euskera aurrera bultzatuko dabela.

Jakituria da entzuten jakitea, ez norberaren arrazoiak bakarrik, besterenak be. Agintariak eta izparringi ta irratietako zuzendariak entzun dagiela gure eskaria ta gero, gure eskariaren justizia ikusirik, euskerari merezi dauan laguntza eskeñi deioela. Ez da zuzena euskera baztarturik eukitea. Ez da zuzena ez egoki.

Eta orain, lan au amaitu baño len, proposiziño bat urte barriri begira: Zergaitik ez dogu barriro sortu arazten antxiñako «Sociedad de Estudios Vascos»? Gauza interesantea izango litzake au lortuko bagendu. Euskerak eta euskal kulturak asko irabaziko leukie. Pentsau egizue onen gañean. Eta ia egiten dogun.

Xabier Gereño


Bilboko kaleak

Lengo egun baten eldu da Bilbora aspaldiko urteetan erbestean bizi izan dan lagun on bat. Kontuk kontari ainbat ordu jardun ondoren, gure «botxo»ko gauzari buruz asi gintzazan eta esan eustan: Josu, amar egun onetan kotxea zatitu egin dala esango neuke, Argentinan amar urtean baño geiago; Bilbok daukazan kaleakaz arrituta gelditu nok». Egia da, erantzun neutson, antxiña Bilbok erri-illun famea eukan eta egia zan; ikas-aldiak amaitu ondoren Europako iru edo lau naziñotatik zear ibili gintzazan; barriro Bilbora eldukeran zelan benetan illuna zan konturatu giñan. Urteak joan, urteak etorri, kaleak apurtxo bat argitu dira baña... zuloak obeto ikusteko bakarrik. Ainbeste zulo ikusteak arritu eban gure aspaldiko laguna. Ez dago gure urian zulo bako kalerik eta batzuetan lezearen antzekoak.

Lotsagarria da, bai, kaleak olan egotea baña lotsagarriagoa oraindik, lengo egun baten irakurri gendun legez euriari erru guztiak botatzea. Carlos Prietok «Correo Español'en» esaten ebanez azken egunetako euriak apurtu dauz kale guztiak. Guk ba-dakigu oinpearentzat txarrena ura dana baña... Bilbon ez ote dau orain arte euririk egin? Kaleak alperrik galtzen badira konpontzen ez diralako da ta konpontzen diranak, txarto. Ori zer esanik bere ez. Norberaren lagunari edo eskupekoa emoten dabenari agintzen badeutse kaleak atondutzea... zeiñena da errua?

Beste alde batetik orain aste batzuk, «Hoja del Lunes'en» irakurri gendun Ossa Echaburu'ren idaz-lan bat. Bertan esaten zan Bizkaiak, zortzi milla milloitik gora bialtzen ebazala urtero Madrillera. Olan bada eta Bilbok 200 milloi bear badauz kaleak antolatzeko badago nundik atara; ez dago bilbotarrai impuesto barriak jarri bearrik eta Bizkaiko uri-buru dan erriak irabazi eta merezi dauzala milloi orrek uste dogu. Ala... ez ote dago esne apurtxo bat beia loditzen dabenentzat?

J. ALDARRA


Gure musika barria

Gudan dabil gure erria bere euskeraren alde, asmoa bizirik eta alegin indartsuak egiñik giro pozgarri onetan. Baiña, euskera, izkuntza baiño ez ete da, ba? Ez ete da izen onen pean esangura luzeago eta zabalagoa azaltzen? Laburrago: ez ete da euskera «eusko era»? «Eusko era» izketan, abestietan, jolasetan, kiroletan, edertietan, eta abar? Nere ustez, gure erria gudan dabil, bai, baiña bere nortasunaren alde, bere «eusko era»ren alde.

Elburu ortara eltzeko, bide zuzenetik ete gabiltz? Danak barriztu nairik gagoz. Antxiñako molde zarrak utzirik beste bide barri batzuk artu doguz jakintza arazoetan. Ez dago emen txarrik, barriak —mamiña eta azala— eusko bideetatik badatoz. Jakintza, kultura, ez da gauza illa, barriztu ezin daikeguna. Ostera, garai bakotxak bere erako jakintza darabil eta denporaren aldakuntzakaz jakintza be beste era batera biurtzen da.

Gure jakintzaren arloan ez da lorarik txikiena musika. Arro ibilli gara beti ez gure musika beragaz bakarrik, bai ta be gure soiñu, orfeoi, zortzikote, eres-talde eta musikalariakaz. Eta euskera bada gure kulturaren lenengo oiñarria, musika dogu bigarrena Euskalerrian ondo sakon sartunikoa. Baiña biak gure nortasunaren oiñarriak.

Orregaitik, nere ustez, arritutekoak dira olako esanak: «Gure izkuntza bizirik atarateko giro onetan euskeratu, au da, eusko izkuntzara ekarri bear doguz erbesteko musika barriak, «ye-ye» ta alakoak. Ze musikaren bitartez sartuko da izkuntza gazte artean, gazte tokietan, jantza lekuetan...!» Orixe ederra! Izkuntza salbatzea bearrezkoa badogu, ez daukagu zetan bere «lagunak» il. Eta euskera erderakadakaz ilten badoa, gure musika be erbesteko aire barriakaz ilten doa.

Euskera gaurkotu bear dogu: au da, izkuntza ta musika gaurkotu bear doguz. Orretan gagoz. Baiña nortasuna galdu barik. Ez dogu aurrera pausurik be joko erbesteko baratzetan sortuniko barrikeriak geure musikaren arlora ekarriten badoguz. Ez gagoz barritasunaren aurka, kanpoko barrikeriaren aurka baiño. Guk geure euskal gogoko baratzean erne eta sortu egin bear doguz lora orrek. Edo, ez ete da gauza gure erria, ain ereslaria, bere barrutik orrek aire barriak sortuteko? Bai, ziur. Gure artean badagoz orretarako gizon jatorrak. Laster ikusiko dogu Euskal Musikaren III'garren Txapelketan.

Baten-batek esango dau gorrikerian jarri naizela. Beste erri batzuk be —esango dau— euren izkuntzetara biurtzen dabez erbesteko abestiak. Bai, egia da. Baiña nere ustez, orrek erriak ez dauke euren nortasuna galtzeko bildurrik, ondo sendotuta dauke-ta. Gure erriak beste prolema batzuk daukaz: ezin dau nortasunaren piska bat be galdu, ez izkuntza arloan, ez musika arloan, edonundik be ez; galdu bearrean irabazi, sendotu egin bear dau daukan apurra.

Alan ba, datozela musika, abesti barriak, baiña euskaldunen biotzetan sortunikoak. Zarrak eta barriak dakiguzala gure artean eta gure gogoagaz sortunikoak. Ereslariak badaukaguz ugari eta ospetsuak: lan egiten badabe, zeozer argituko da.

Jose Antonio Arana

Gernikan, 1967'ko urtarrillak, 3


Aurrera doa Euskal Abestiaren Irugarren Sariketa

Euskal Abestiaren Irugarren Sariketarako artu dira 132 abesti barri. Euretatik, gitxi gora bera, erdiak dira ritmo barritakoak, eta beste erdiak orañartekoren antzekoak.

Irugarren Sariketa au ez da orfeoitarako musikakoa. Oraingoan, abeslari bakarrarentzat izango da, orkesta txiki bategaz lagunduta. Abeslariak izango dira andra ta bizon bat, lenengoa kontralto abotsekoa ta gizona baritonoa.

Bialdu diran 132 abestien artean, Juradokoak 12 artu dabez, eta orain laguntzalle izango dan orkestarako armonizaziñoa egin bear da. Gero, au eginda, barriro aztertuko dabez 12 oneik Juradokoak, eta euren artean 6 onenak artu. Sei oneik izango dira jendearen aurrean abestuko diranak.

Juradokoak izan dira: Jose Maria Olaizola Azkue, Bilbao Elizbarrutiko Kanonigo ta Soñurako Prefetoa. Ganera, Olaizola jauna da Txistularien Alkartasunako zuzendaria. Beragaz batera dago Juan Cordero Castaños, Garellano Rejimentuko Musika bandako zuzendaria, ta Bilbo'ko Soziedad Koral'eko zuzendaria. Juradoko irugarrena da Modesto Arana jauna, Bilbo'ko Jesuiten eleizako organista ta San Fernando'ko Bellas Artes'eko Akademiakoa.

Ara emen aukeratuak izan diran 12 abestien izen eta egilleak, alfabetoko ordenan jarrita:

«Ames egin dot», Angel Aulestia'rena, Donostia'koa.

«Bai esan dezagun», Mari Lurdes Iriondo ta Xabier Lete'rena, Urnieta'koak (Gipuzkoa).

«Bilbo'ko Illargia», Marilu Ornilla'rena, Bilbo'koa.

«Bost Kanpai», Angel Aulestia'rena, Donostia'koa.

«Garbiñe», Tomas Garbizu'rena, Donostia'koa.

«Herri Min», Rafael Castro ta Gabriel Aresti'rena, Bilbo'koak.

«Izar bat billatzen», Nati San Martin'erena, Bilbo'koa.

«Lekeitio», Eusebio Erkiaga'rena, Bilbo'koa.

«Mingorria izango da?», Regina Arrola'rena, Bilbo'koa.

«Otoitz bat», Regina Arrola'rena, Bilbo'koa.

«Stop», Juan Urteaga'rena, Donibane'koa.

«Txoria Kaiolan», Felix Ibarrondo'rena, Bilbo'koa.

Esan dogun lez, 12 oneitatik, 6 artuko dira jendearen aurrean abestuteko. Konziertoak, Bilbo'n, Iruña'n, Gazteiz'en eta Donostia'n izango dira, otsallan (febreroan).

Aurtengo Sariketa au, gure ustez, besteak baño erritarragoa izango da. Abestiak politak dira ta uste dogu erriak kantauko dauzala. Ori da bear doguna. Abesti barriak sortu ta erriak abestu daizala, euskeraz. Euskerari lagundu egin bear yako ta laguntza ori leku guztitatik etorri bear dau, euren artean abestiaren bidez.

Euskal Abestiaren Irugarren Sariketa aurrean daukagu. Ondo asiko dogu 1967 urtea.

EUSKAL ABESTIAREN SARIKETAKO ANTOLATZALLEAK


Ezagutu zure erria

Bermeo

 Ziur ez dakidan errialde baten, agintari bat ei egoan izparringi ta barri emoteko egozan bide guztietatik bla-bla, beti erriko gauza onak, eta erriaren alderako egiten ziranak aunditu ta puztuta esaten ebazana.

Erri onetan beste gizontxo bat egoan agintari arek esaten ebazanak egi ete ziran ziur iakin gura ebana, ta orretarako agintariak aitatuten ebazan toki guztietara ioaten asi zan. Tamalez ikusi eban nagusiak guzur asko sartzen eutsozala erriari. Orduan gizontxo a, saminduta bere agintariagana ioan zan olan esaten eutsola: «Agintari iauna, zeuk itzaldietan esaten dozuzanak guzurrak dira. Esan dozuzan leku orreitara ioan naz ta an eztago eginda zuk esan dozunik. Guzurtia zara».

Agintariak, odol guztia aurpegian ebala, gogor egin eutson: «Badakizu zer egin bear zeunken zuk? Andik eta ortik ibiltea itxi bai, ta periodikuak eta teleikuskiña sarriago ikusi».

Aldizkari onetan gaur guk arazo barri bati eldu gura deutsagu. Bizkaia oso maite dogu geure lurraldea dalako, baiña ba-dakigu erri bat maitatzeko nai ta naiezko bera ezagutzea dala lenengo. Ezautzatik maitatzera.

Ori dala-ta zenbaki bakotxean erri bat eta bertako barriak ekarriko deutsueguz amabostero. Guk diñoguzanakaz egi diran edo ez ziur iakin barik ez zaiteze gelditu. Eztogu gura ipuiñeko agintariarena.

Zuek, emen esandakoaz gañera egizue beste mesede andi ori, era daukozuen guztietan ioan agertutako errietara ta esandakoak edo irakurritakoak, ikasiaz gañera ikusi.

Bein ezagutuko bazeunke Bizkaia'ren edertasuna! Ez zeunke iñoz be ezegaitik galtzen itxiko Iainkoak emon deuskun Euskalerri zoragarri au.

Gure aldizkari «Anaitasuna» Bermeo'tik urtenda iatortzue. Berton bizi da zuzendaria. Egoki deritxogu ba, lenengo agertu bearreko erria Bermeo izatea.

Matxitxako, Burgo ta Sollube'ren altzoan, ekaitzarentzat izkutuan, Kantauri itxasoak laztanduta, emen dozue uritxo kutun au, Bizkaiaren asikeratik.

Bermeo izenak euskeraz zer esan gura dauan; erri au noz sortu dan, ondo-ondo iñok be eztaki.

Euskalerriko gauza eder asko noiztikoak diran iñok eztau ondiño agertu ta illuntasun onek ederrago egiten gaitu.

Oneik onela izanik, lorratz ziurrik noiztik ete dogu? XI'garren gizalditik bai beintzat, aurkitu diran agiri batzuetatik. Euskal istoriak diñoskunez, Bermeo ez zan edozer orduan be. Euskalerriak, bere buruaren iaube zanean, gizonaren eskubideak aldeztuteko, beste iñon ez lako legeak egin ebazan.

Erbesteko erregeak jauntzat artukeran, erregeak emen errege ez ziran, jaun baiño, ta jaunok ontzat artu bear izaten ebezan euskotarren legeak, ta ez euken areik aldatzerik.

Euskaldunen eskubideok erregeen aurrean zaintzen ondoen alegindu ziran arteko doguz bermeotarrak. «Bermeo'ko iaunak auxe diño», batzarrean jaun orren ordezkoak esatean, batzarreko guztiek iagi ta txapelak erazten ebezan, erri oneri eutsen lotsa zelan edo alan agertzeko. Orduko barri asko ezin emen emon.

Gaurko Bermeo'ri begira iarri ezkero, Ondarrugaz batera auxe izango da Bizkaiko erririk euskaldunena. Besterik ezpaleuko be, naiko litzake auxe, erri au guk asko maitatzeko.

Erri berari gagozala agiri da, azken aldi onetan izan dauan aldakuntza. Azken 10 urteetan lengo lako bi egin iaku Bermeo. Lengo etxe ta arresien inguruan Bermeo barri bat egin iaku, bertako ta erbestekoentzat bizileku ugariekaz.

«Ertzilla» etxea, S. Joan Portale, iru eleizak ta kai-aldeko etxeak izan ezik asko barriztu da Bermeo. Etxe barri asko, ta danak ez ain onak. Arkiteko batzuk zergura egiten diardue, erriaren edertasuna ondatuten, etxe gangar itxusia tokirik politenetan eginda. Diruaren agindupean, edozer. Noz ipiñiko ete dautse arkitetoeri muga bat, edozer egin eztagien?

Bermiotar eurei begira auxe agertu geinke ziurtasun osoz. Gaur 17 milla biztanle dauz erri onek. Euskeraz dakienak 100'etik 80 bai gitxienez. Arraintzaleak 2.500 dagoz. Itxas-gizonak, lemazain eta makinista ta abar: 500.

Arraintzurako 137 itxasontzi aundi eta 85 txiki. Itxasontziak non egin: 3 lantoki andi ta bat txikia. Burdiñola edo tallerrak: 10. Arrain kontserbarako 36 lantoki.

Eleiza aldetik, onela dago Bermeo. Eleiz ardiak 3 dagoz. Txikiak beste iru. Mezak 22 esaten dira jaietan, euskeraz erdiak bakarrik, eta eleiz batzuetan ordurik egokienetan ez. Monjen kapilletan meza guztiak dira erderaz, ta parrokietan arratsaldeko mezak erderaz danak. Goizean goizik euskeraz.

Kristiñau Ikasbidea erderaz emoten izan da oraiñarte dana. Bermeo'ko gertaera arrigarri bat auxe da: umeak asko euskeraz autortu ta gero «Jesukristo nire Jaunik» esaten iakin ez.

Prailletako ikastolan eta beste parrokietan be zerbait entzun izan dogunez oraintxe asi ei dira edo astekotan dagoz, otoitzak beintzat, euskeraz irakasten. Txaloka orregaitik astea ezteritxogu ondo, oben astunpean egin bearreko bai da eleizgizonentzat euskaldunei euskeraz jesus agertzea.

Guda ostean itxitasunez sortu dan gatxa osatzeko, askotxo geiago eginda be...

Onetan kaltegarrienak, daukoguzan monjak dira. Erri baten aurka Eleizearen izenean ekitea, astuna da.

Frantziskotarren eleizan umeentzat emoten da domeka goizeko bederatziterdietan meza bat, baiña gura daben guztiak ezin dira ioan, monjak (karmeldarrak) euren erdal mezara beartzen dabez-ta zigorpean.

14 urtetik berako umeak 3.856 dira.

Ikastolak, lenengo maillakoentzat 7 talde dagoz: 1.610 ume ta 44 maixu. Erlijiosoenak eta errikoak dana erderaz beti.

Esandakoen artean ikastola bi dagoz euskeraz: 45 umetxo andereiño bigaz. Itxaropena...

Bigarren maillakoak 3 irakastoki dagoz: Karmeldarrena, Josefiñena ta «Instituto Laborala». Danak erderaz: 40 irakasle 781 ikaslentzat.

Illuntzetan euskal ikastolak dagoz. 150 ume ioaten dira, ta 52, 14 urtetik gorakoak. BERREUN (200), 18 MILLA artean. Eskerrak euskera ikastea modan dagoana, bestela...

Azkeneko bost urteotan 275 sendi etorri dira erbestetik. Onen ume asko euskaldunak dira.

Baserriak 224 daukoz Bermiok.

Bermeotarrak ez ei dabe erdera ondo egiten. Ezta izango nok erakutsi izan eztabelako e?

«Bermeo, zu ezagutu ezkero, ezin biotzetik atara. Andia zara. Zoragarria bizitzari nai eriotzari begira. «Aurrera beti» zure ametsa. Almike'ko Andra Marik eroan zaizala itxasoz ta legorrez, fededun eta euskaldun, guztien gañetik eta guztien aurka. Zure almen andia, zure biotz ederra eztagiala diruak usteldu. Iainkoari auxe eskatzen dautsot».

Gora Bermeo!

Salatari