ANAITASUNA

BIZKAIA

178 zenb. 1969, * Abenduak 15

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA

amabosterokoa, 7

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua, Durangon.

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe 33-B Galdakano Tel. 396 ta 397

XVII gn. urtea. 178 zenb. 1.969 Abenduak 15

D. L. Bi. 1.753-1.967.

IMPRENTA IDEAL-ek Irarria, GALDAKANO, Bengoetxe 70


Danok Ikastera

 Ba dakigu berbaz euskeraz; idatzi ta irakurri, ostera,* zelan egin, oso gutxik dakigu. Euskerea ahozko izkuntza bat jaku, gurasoengandik semeengana eldu dan bat, itz eginaz. Eskolan, barriz, ez deuskue tutik bere erakutsi euskeraz, erderaz baino, Hortik segitzen da, euskaldunok erdaldunen parekoak izatea, zeredozer idazten asten gareanean. Zer egingo leukee erdaldunak, eskoletan erderea barik euskerea edo frantsesa irakatsi baleutsee?

Soldadutzea amaitu barri naiz, eta hantxe ikusi dot argiroen oker honen ondorioa. Ba ziran han mutil batzuek, inoiz euren aitei "padre" esan ez eutseenak, kartak beti erderaz egiten zituenak, euskeraz zelan egin ez ekien eta.

Hau zuzendu beharra dago, euskaldun osoak izan nahi badogu behintzat. Rikardo Arregi zana izan zan alfabetatze kanpaina honen asmatzaile ta eragile azkarra: baina gure zoritxarrerako eriotzeak gure artetik eroan euskun, gehien behar genduanean. Haren ondotik gabiltz gu bere, ta ahaleginak egingo ditugu, berak asitako lana ondoenik amaitu dadin.

Dei bat egin nahi neuskizue guztioi hemendik. Alfabetatze kanpainearen guraria edo elburua* hauxe da: EUSKALDUNEI (guztiei ahal balitz, oba!) EUSKERAZ IRAKURTEN TA IDAZTEN IRAKASTEA. Zure errian, ba leiteke talderen edo kuadrilaren bat egotea horrelako gogoaz; ez badago, egizu zeuk ahalegina batzen eta eragiten. Gero, Euskal Akademiara (Ribera, 6. Bilbo) etorri zaitekeze argitasun bila, kanpainea zelan eroan eta zein liburuz egin jakiteko.

Aspaldi honetan ba dakigu ondoegi euskaldunok —bizitzeak asko irakasten deusku bere kolpeekin*— ez dogula inoren laguntasunik eukiko, eta egin behar dan guztia geuk egin beharko dogula. Ba leiteke lehen bestean eta lehen baizen ahul* ta makal izatea; baina orain behintzat, ba dakigu zerutik ez ifernutik* ez jakula etorriko ezer; eta hau asko da, zeredozar jasoteko, geuk egin behar ditugula lan guztiak erakusten deusku ta.

Beraz,* altza daigun burua ta ekin gogor lanari. Etorkizunak eta geroak, guk orain ereindakoen frutua emongo deusku ta.

Xabier Kintana


Erriz erri

Etxebarria

Gaztedia Etxebarrin

Ba dira bi ilabete inguru, gazteak, euren buru izango ziran neska ta mutilak aukeratu ebezala. Eurakaz batera, baita sail bakoitzerako arduradun bat bere. Eta asi jakuz bakoitza bere arloa aurrera eroaten.

Jaiero ikusten dogu neska edo mutilen bat, mezako irakurgaiak leitzen eta erri otoitzak zuzentzen. Aste birik baten, ordu betean, erlejino gaiak aztertzeko kursiloa dauke neska mordo eta mutil banaka batek. Zer, mutilak?

Santa Zezilia egunean, abeslariak alkar arteko bazkari bat izan eben. Eta kultura sailean, ANAITASUNA-rako arpidedunak egiten diardue. Gabon ostean asiko da bigarren alfabetatze saioa.

GADU

Amabi Arrietatik

Azilaren* 11-n, Atxondo Araneko Axpe Martzana auzunean, San Martin eguna ospatu zan. Udazkeneko egun aizetsua bera. Anbotoko aizearen eta txistularien artean egindako soinuen zaratara, jendea mezatarantz abiatu zan; hau, iru abadekoa eta erriak abestua. Meza ostean, ohi dan legez, gizonak, ardo zuri dangada batzuek edan ondoren, bazkaltzera joan ziran, etxeko epeltasun eta bakean eguna amaituaz.

Garaiko erri txiki ta txukunean, Argentinako Hugo Wast idazle ospetsuaren emaztea ta familia egon ziran, euren nagusien erri ta baserria ezagutzen. San Joan ermitatik baserrirainoko bidea, burdi gainean egin eben.

JOAN ANTONIO AROMA

Nafarroa

Autobideen preminea

Nafarroako egunkarietan* irakurri dogunez, geroari begira, Nafarroak autobide barri bi behar ditu: bat, Kantauriko itsasora urtetzeko, eta beste bat, Frantziarekin zuzenean bat egiteko.

Angel Riesco gotzainak ez dauka zereginik Tudelan

Tudelako gotzain laguntzaile izan dan Angel Riesco Carbajo jaunak, 67 urtekoak, bere dimisinoa presentatu dau Madrileko Nuntziaturan. Tudelako diosesia Iruñatik gobernatzen dan exkero, ez daukala zereginik Tudela horretan, esan dau berak.

Retegi, esku-pelotarietan txapelduna

1969 gn. urte honetan, Nafarroako Retegi da esku-pelotarietan txapelduna, Atano X-garrenari 22 ta 8 irabazi ondoren, joan dan azilaren* 30-ean, Bergaran. Joan Iñazio Retegi Petrikorena, Erasun jaio zan 1943-an. Ezkonduta dago, alaba bat dauka, 1,73 metro ditu eta 82 kilo.

Retegik eroan dau lehenengoz Kanpeoiaren Txapela Nafarroara.

Araba

Gazteizko ta Bilboko alkateak alkarrekin

Gazteiz, hain denbora gutxian aunditu dan ezkero, ur premina gorrian aurkitzen da. Gazteizko alkatea Bilbokoagaz egon da, Zadorrako urei buruz berba egiteko. Izatez, Zadorrako urak Bizkaira ekarten dira, argi indarra egiteko eta erriei ura emoteko. Entzun danez, Gazteizera be ur zerbait pasatzekotan gelditu ei dira alkate biok.

Euskerea Laudio inguruan

Laudio, Bizkai ta Arabako mugan dago. Legez Araba da, baina bere bizitzarik gehiena Bizkaiari lotuta egiten dau. Galamakako auzunean, ikastola bat dago. Bertan dabiltzan 40 umeetatik, amarrek-edo egiten dabe euskeraz, baita euren etxeetan bere. Auzune honetan, euskerazko meza bat egoten da, guztiz epela, bere elbururik* behinena* izkuntza-garbikeria baino ez da ta.

Gau eskola bat be ba dago, 8 neska-mutilek osotua. Eta Aretako auzunean be, ikastola bat ipintekotan ei dabiltz.

Bekelarre

Gipuzkoa

Liburu barria

Tolosako "Auspoa" liburutegiak beste liburu bat argitaratu dau. Bere izenburua, "Iturzaeta, Bertsolaria". "Auspoa" saileko 86-87 gn. liburua osotzen da agertutako honekin.

Patxi Andion kantariak, euskeraz

Patxi Andion, azpeitiarra da. Ogetabi urte ditu, eta Espainiako televisinoan kantatu dau sarritan. Berak esandakoetatik dakigu, laster euskeraz kantatzen asiko dala.

Euskal pintoreen erakusketea, Tolosan

Nestor Basterretxea, Oteiza eta Txilida-k euren lanak agertuko ei dabez Tolosako errian, magnetofono bidez euren lanen azalpenak eginaz.

Barandiaranen berbaldia, Goierrin

Goierriko "Escuela Profesional"-ean emon eban berbaldi bat Jose Migel Barandiaranek, "Ultimos descubrimientos de la arqueología vasca" izenburuarekin. Entzuleak, eskualde* haretako jendea eta aipatutako eskolako ikasleak izan ziran.

Beasain eta Billafrankako Aiuntamentuak eztabaidan Estaduagaz

Beasain eta Billafranka tartean dagoan autobideko tunelean argiak ipintekotan dabiltz, premina aundiko gauzea da ta. Horretarako behar dan dirua, aipatutako erri biak ipini behar ei dabe. Baina erri bietako aiuntamentuak ez dagoz bape konforme neurri horregaz, autobideko tunel hori, eurena barik, Estaduarena da ta.

Bekelarre

Gazteen mezea (Elgoibartik)

Elgoibarko neska-mutilen batzordekoak*, ba darabile lana nahikoa, datorren abenduaren 8-rako meza ye-ye bat antolatu nahian. Bertan izango ditugu abeslari, soinulari, dantzari, eta abar. Meza honetan erriko gazte guztiok parte artu behar geunke, geure mezea dan ezkero, nahiz eta gu geu dantzari, abeslari edo soinulari ez izan.

Mendi giroa

Morkaiko alkartea, dei askori erantzuna emonez, asia dogu goizeko ibilaldiak antolatzen; baina, itxurea danez, lehengo egarria agortu egin da, autobusak erdi utsik joaten dira ta.

Marixabel Arakistain

Gipuzkoako ikastolen federazinoa

Azilak* 9, Loiolako Santuarioan, Gipuzkoako ikastola guztien arduradunak bildurik*, Federazino bat osotu eben. Goizetik, alkartearen araudia* eztabaidatu eta aprobatu zan. Arratsaldean, lehenengo batzar nagusia egin zan, eta zenbait* erabagi artu bere bai. Urrats* inportantea batasun bidean.

Erandiokoaz

Erandion, gure lagun langile biak eriotzera eroan dituan basatikeria eta zapalketa zital hori kondenatu barik, ezin gaitekez geratu. ANAITASUNA-ko txoko apal honetatik, Eibarko erriaren aserrea agertu nahi dot: Erandioko erriarekin bat egiten dala, bere oinazean. Esan leiteke, erria, asi dala, pixkaka pixkaka, biolentzia zer dan konprenitzen. Gure doluminik bihotzetikoena euren familiei.

Gizarte-eskolak

Orain urte t'erdi inguru, gizarte-eskolak izenarekin ezagutu genduzan-ikastaldiak, lan eta zeregin inportantea bete eben, arazo sozialei buruz langileak eskolatuaz eta erria kontzienziatuaz, Gaur egunean ez dogu orduko girorik somaten. Zegaitik ez asi barriro?

Hernani, eredu

Azilak 10, Gipuzkoako Hoja del Lunes-etik barri hau jasotzen dogu: "Euskerazko ikastaldietarako, irurehun personatik gora izan dira, izenak emon dituenak. Kurso hau Aiuntamentuaren babespean egiten da, beronek 100.000 pesetako laguntza emoten daualarik". Eta beste Aiuntamentuak noiz emon behar dabe? Noiz asiko dira, Hernanikoa doan bidetik?

25 miloi pesetako kreditua «Orbea» kooperatibeari

Azilaren* 10-ean, eta Don José Miguel Prados Terriente, Lanerako Ministerioaren Gipuzkoako Ordezkari danaren bitartez, 25 miloi pesetako kreditua emon deutsoe "Orbea" kooperatibeari.

S. BASAURI

Bilbo

Jaialdiak

Jaialdi batzuek egin leitekez, eta beste batzuek ez.

Baimena emon deutsee Coro Easo-ri ta San Anton orfeoiari.

Debekatu egin dabez Derioko jaialdia (Natxo ta Bozkari egozan abestuteko) eta Santiago Apóstol teatroan egiteko egoana (Benito Lertxundi, Lurgabe irukotea, Ameslariak, eta abar).

Ikusten danez, Bilbon ez dogu abeslari barriei entzuteko aukerarik izango.

Bilbo irratia

Larunbat* arratsaldeetan, SER-ekoak ordu laureneko irratialdi barri bat emongo dabe, guztia euskal abesti barriei dedikatua.

Bilbo Irratitik, iru t'erdietan emongo dabe; ta Donostia, Iruña ta Gazteizkotik, iru ta laurenetan.

Irratialdi honeen zuzendaria, Jose Luis Bengoa Zubi-zarreta izango da.

Euskerea irratian

Bilbo Irratia (SER-ekoak) euskerea irakasteko emisino batzuekin asiko da laster.

Euskerazko emisinorik ea emongo daben galdetu jake, baina ezetza emon dabe.

Bilboko «Escuela de idiomas»

Asi dira izkuntzak irakasten. Batzuek, ea euskerea irakatsiko ote daben galdetu deutsee.

Euskerea izkuntza il bat dala erantzun dabe, eta eurak izkuntza biziak bakarrik irakasten dituela.

Liburuak

Euskal literaturea, bide barriak urratuten ari* da.

Bilbotar eta donostiar batzuen artean zuzentzen daben LUR editorialak, gertu dauka Ramon Saizarbitoria-ren lehenengo liburua. Datorren ilean zabalduko da, eta, nire ustez, erason* aundia egingo dau.

«Radio Popular» Bilbokoa

Guk dakigunez, Irrati hau Elizearena da, Eliza katolikuarena, gure gotzaina bere buru dala. Orain dirala iru-lau urte, Irrati honek autsak atera zituan, euskal kontzienzia sortzen asi jakon eta. Kontzienziaren sorrera hori ez dakigu berezkoa ala euskal Publizidadearen izenekoa ote zan, baina Radio Popular euskeraz berbetan asi zan.

Gero, haren Zuzendaritzea aldatu egin eben. Orain. Aita Gabiña, jesuitea, da Radio Popular-en zuzendari. Irrati honeri barriro euskal kontzienzia lokartu bajako, ez dira erru guztiak zuzendariarenak izango, noski*. Horregaitik guk, geroago ta arrituago, hauxe galdetzen dogu: Elizako Irrati hori erri osoari —euskaldun eta erdaldunari— zerbitzeko ez badago, ze Elizatako Irratia da? Ze espiritu dauka Eliza horrek, eta nori zerbitzen deutso Irrati horrek?

Goian irakurri dozuena, REDENCION aldizkaritik artu dogu, joan dan ileko numerotik.

Guk, geureak egiten doguz REDENCION-en itzak.

Lotsagarri da benetan Erri Irratiaren jokabidea.

Noizarte jaso beharko doguz isilik holako gauzak? Tontotzat artu gaitue ala?

Euskeraz Begoñako basilikan

Orain, igande ta jaiegun guztietan, goizeko bederatzietako mezea euskeraz eta erderaz egiten da, eta Bilboko Erri Irratiak Bizkai osora zabaltzen dau.

Lehengo baten, radioa biztuta, Don Jose Maria Revilla-ren sermoi interesgarri bat entzun neban, euskera eder eta aberats baten egina.

Ikastoletarako liburuak

SENDO argitaldariak (Apartado 44-Algorta), lau liburu atera ditu umeentzat.

Lau ipuin-liburu dira, argazki askorekin, eta guztiz egokiak ikastoletako umeei euskeraz irakurten irakasteko.

«Olerti» kolezinoko liburu barri bat

«Gaztañadi» tituluarekin agertu da. Lehenengo 51 orrialdeetan, olerki* pilo bat dator. Gero, Esopo-ren ipuin batzuek eta Horazio-ren Odak. Eta azkenez, Plauto-ren «Aulularia», Labayen-ek euskeratua.

Aleak nahi izatekotan, eskatu Aita Onaindia-ri Larran, nahiz Xabier Peña-ri Bilbon.

Disko barria

«Diapason» etxeak eginik, disko barri bat atera dabe «Mendi Berri» alkartasunekoak, lau kanta barri honeekin: «Itziar-en Semea», Telesforo Monzonena. Eta «Eñaut Bidegorri», «Ttakulin» eta «Jo bezate ezkilek», Manex Pagolarenak. Kantariak, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital dira.

XABIER GEREÑO

Zornotza

Berrio abade jauna, zigortua

Pedro Berrioategortuak, Zornotzako errian abade dagoan gizon gazteak, eta Kas edari etxean eskulanean dabilenak, ohar* bi jaso zituan, Jose Maria Zirarda Bilboko Gotzain jaunagandik. Entzun dogunez, ohar horreetan esaten jakon, bere sermoietan ez zala Ebanjelioari lotzen, eta abadeak zetan ikutu ez daukazan gaiak erabilten zituala. Horregaitik, beste bide bat artu behar ebala, eroian bidetik, beste kalte batzuen artean, jendea Obispo jaunaren kontra jartzen ebalako.

Joan dan ilaren 28-an esan ei jako Pedro Berrio jaunari, lehengo bidetik tematsu jarraitu daualako, bai Zornotzan eta bai Bizkai osoan sermoirik egiterik debekatzen jakola, Don Jose Maria Zirardaren aginduz.

Zigortutako abade jaun honek iru juizio izan ditu, tribunal zibilen aurrean. Azken bigarrenean, erderaz berba egitera ukatu egin zan. Horregaitik, agintariei irri egin eutsela ta, barriro juiziora deitua izan zan; baina ez eban ezelako zigorrik jaso, epai-mahaikoen esanez, "tribunalen aurrean euskeraz egiteak ez baitauka* kastigurik Espainiako legeen aurrean".

Bekelarre

Markina

Neskak, euskerazale

Monjetan euren ikasketak egiten dabiltzan neskak, geure geurea dogun izkuntzeagaz arduratzen asi jakuz.

Il honen 14-rako, euskal abestien jaialdi bat antolatuko dabe. Jaialdi honek bere elburu* berezia* dauka: ikasketa ostera bat (viaje de estudios) egiteko laguntza lortzea.

Gazte honeek merezi dabe eskatzen daben hori.

Liturji giroa

Gure elizetan liturji barria sartu baino lehen, erriko seglar talde baten ardurapean, itzaldi batzuek eratu ziran euskeraz eta erderaz. Izlariak, Bilboko Eliz Barrutiko liturji batzordekoak*.

Berbaldiak, meza barrituari buruz eta iru egunetan izan ziran. Giro ona ta entzule asko. Beste asmo batzuek be ba dagoz, baina oraindino ezin daikegu beste xehetasunik* emon.

IRUKOTE


Mundu Biribila

Hainbestean itxarondako Gotzain Idazkia

Jacinto eta Jose Maria gotzainen pastolaren inguruan

Erriak hainbestean itxaron dauan gotzain itza, azkenean, entzun da. Jazintok eta Jose Mariak firmatu dabe bakarrik, nahiz eta asieran Iruña ta Gazteizko errialdeak* be Bizkai ta Gipuzkoaren ahiztatzat artu. Erritarren artean entzuten da, Jose Maria Zirardaren eskua non nahi agertzen dala, Elizearen zientzia soziala dakarrela, nahiz eta, sarritan, sermolaritza kutsu* bat izan; sermoi kutsuko berbak egiten diranean, abade exkertiarrei begira eginda dagozala. Hauxe entzuten da erritarren artean.

Pastorala ez da agertu egunkarietan, eta oraindikan gutxi baino ez da ezagutzen.

Bertan esaten dan bezala, iru dira punturik behinenak*: gure erriko pluralismoa, gogorkeriatik gogorkeriara, eta Elizearekin baliatzea*.

Lehenengo puntuan, gure errian, bai politika gauzetan, bai kulturearen landan eta bai erlejino arloan, pluralismo bat dagoala esaten da. Hau da, ideia ezbardinak baina zuzenak dagazola. Ta horregaitik, alkar onartzea nahi ta nahiezkoa dala.

Halan uste dogu geuk bere, eta halantxe desiratzen* dogu bihotzez. Baina ez da halan, gotzainak eurak dinoenez. Euskalerrian pluralismo bat behar da, baina ez dago; eta ez egoteak, kalte aundiak dakarskuz. Izan bere, legea bera be "eritxi bat bakarreko gizartearentzat egina dala dirudi", dinoe gotzainak (30-gn. o.). Eskoletan ez dago erderearentzat baino tokirik, zenbait* alkarte eta erakunde* jatorrek ez dabe gorputzik artzen, eta jendea, zoritxarrez, legez kanpoko bideetan sarten da (ib.).

Gotzainak pluralismoa eskatzen dabenetik, horraitino, nahasmen batzuek sortzeko arriskua ikusten dogu. Pluralismoaren izenean, guzurrari ta egiari eskubide bardinak emoten ote jakezan bildur gara.

Bestaldetik, imigrazinoari buruz, ostera, erderazko textuan eta euskerazkoan ez dira gauza bardinak esaten. Erderaz "guztion integrazinoa" (7-gn. o.) eskatzen dan tokian, euskeraz "etorritakoak bertokotu" daitezala dinoe (29-gn. o.). Puntu honek, gure ustez, argitasun gehiago behar dau. Azkenez, gotzainak dotrina hori emon ondoren, erriak lehen baino arrazoi gehiagorekin eskatzen dau, Elizeak jatorkiago jokatu daiala, "pluralismoa" bai bere kautan eta bai errian egia bat izan daiten.

Bigarren arazoa, "indarkeriatik indarkeriara" izenburuarekin dator. Biolentziak biolentzia aunditu baino ez dauala egiten. Eta ezin esan, halan ez danik. Gure uste apalez, ostera, puntu hau lar zabalegi adituta ote dagoan bildur gara. Obeto esateko, abstraktuegi. Biolentziak ez dakar onik, hori ez; baina inoiz egin-beharrezkoa izaten da, gotzainak dinoenez (36-gn. o.), "norbere burua defenditzeko". Izan bere, Jerusalemdik Jerikora jaitsi* zan gizona, bidelapurren eskuetan erori* zanean, bere biolentzia egingo eutsen gaizkile hareei; baina bataren eta besteen biolentziak ez dauka "ontasun" bardina.

Uste dogu, erritarren artean holako giro bat nabaritzen* dala, zera dinoana: "Elizeak oso gauza gutxi egiten dau gogorkeriaren susterrak jorratzeko, ta gaizkileen eskuetan jausten dan gizagaixoari laguntzeko". Uste hau, barriro dinogu, erritarren artean somatzen da.

Irugarren puntua, ostera, "Elizearekin baliatzea" da. Penagarria, izan bere, Elizearekin baliatzea*, norbere gusturako. Baina sarritan ikusten dan gauza bat da.

Dana dala, horraitino, gotzainak azken azkenean dinoen bezala (46-gn. o.), Elizea gehien sufritzen dabenen alboan dago. Izan bere, Kristo zerbitzera eta ez zerbidu izatera etorri zan; eta Elizearen zeregina be, horixe izango da. Honetara, gehien sufritzen dabenak ez dira Elizearekin baliatzen; honeek Elizeagandik asko itxaroten dabe; beharbada larregi, eta ez larregikerian jausi diralako, Elizea eurakandik sarri askotan larregi urrundu dalako baino.

Azken gogoetak

Zenbait* arazo, "peritoen" eskuetan itxi behar dirala dinoe gotzainak (39-gn. o.). Gure ustez, pastoral hau erritarrengana benetan ailegatu daiten, ez da nahikoa salgai jartzea, edo elizetan sermoiak egitea. Gure eritxiz, han eta, hemen berbaldiak, kursiloak eta holakoak antolatu behar dira. Erriak eskubidea dauka "jakitun" horreei entzuteko, erriaren diruarekin egon dira gehienok ikasten eta. "Jakintsu" horreek alkarrizketa bat egin beharko leukee erritar entzuleekin, "alkarrizketarako gogo zabala baita* arazoak erabagiteko biderik egokiena" (37-gn. o.).

Halan izan dadila.

F. Jabier Aguirreamalloa, Arturo Goiri eta Angel Zelaieta


Mundu Biribila

Urkiola beneditanoen eskuetan?

Urkiola, benetan be, bakarrik eta triste dago. Holan aurkitu eban Xabier Gereñok, eta holan aurkitu dabe beste guztiak be. Egon be, holan dago ta.

Urkiola izan danagaz! Urkiola danagaz! Urkiolak dauan historiagaz! Bizkai ta inguruetako lehen tokia! San Antonio Urkiolakoa, bakarrik, ia bertan behera! Min emotekoa.

Arrazoi aundia, nire ustez, Gereñorena. Urkiolak, fraile batzuen eskuetan egon behar leuke. Ahal izatez, beneditanoen eskuetan, gainera. Estibalitzen, Lazkanon eta beste tokietan, liturgia ta elizkizunak ederto baten daroezalako. Gainera, erri izkuntzan egiten dituelako. Maixuak dira. Eta Urkiolan holako batzuek behar dira.

Baina, Urkiola utsik ez. Jaungoikoaren amorearren eta Bizkaiko fede ta historiaren izenean, mila bider ez. Guztion lotsagarri litzake.

Urkiolako ardurea baten batek izango dau. Obispo Jaunak bai, beste inok ez badau be. Bizkaitar guztiok be bai, geure erara. Ba, guztiok eskatu behar geunskio Obispo Jaunari zeredozer: artu daiala, hainbat lasterren, erabagiren bat.

Gereñori min emon eutson. Neuri be bai. Beste bizkaitar askori be bai.

Nik ez dakit zelan dagoan arazo hau. Beharbada, bide onean dago. Baina nire lez pentsatzen daben guztien izenean, hauxe eskatuko neuskio Obispo Jaunari:

Konpondu bei hainbat arinen Urkiolako egoerea. Geure geurea dogu Urkiola, eta ez geunke holan ikusi gura. Min emoten deusku. Gure nahia haintzat artu gura babau, Urkiolan zeredozar egin bei. Eroan beiz beneditanoak.

ANTON GERRIKA


Eliza Gaurko Munduan

Seminarioa gaur

Baina... seminariorik ba al daukagu?

Bai, oraindino bizi jaku seminarioa, ta oraindikan biziko dala uste dogu. Munduan maitasuna gelditzen dan artean, familiak izango doguz; eta adiskidetasuna izango dan artean, gazteak kuadriletan alkartuko jakuz. Era berean, erri batek kristinau fedea bizi izango dauan artean, seminario bat izango dogu. Hau da: euretariko gazte edo gizon batzuek, abade izateko nahian bizi izango dira. Gurari horretan bizi diran edo bizi izango diranak osotuko dabe gaurko zein biharko seminarioa.

Euskalerrian, lehengo mendetik* hona, seminarioak ondo beterik bizi izan dira. Gazteiz eta Iruñakoak lehen, bakoitzak mila seminarista baino gehiago eukazan. Gero, orain ogei bat urte, Bilbon eta Donostian, seminario barriak sortu ziran eta bete. Gaur ostera, ogei urte geroago, Euskalerriko seminarista nagusi guztiak, bertoko seminario batek artuko leukez. Hau da: lehen, seminarioak, bete-beterik; gaur, ostera, erdi utsik.

Egoera honek suster asko ditu, orain guztiak azaltzeko; baina egoerea hor dago: abadegaiak eskastu egin jakuz. Eta egoera honek esan nahi dau berez, hemendik urte gutxira, abadeak gutxitu egingo jakuzala.

Barrizkunde batean jarri dira gaur gure seminarioak. Kontzilioak eta Elizearen gaurko egoereak, barrizkunde horretara behartzen ditu. Lehen, seminariora joatea, bertan sartzea, mundutik eta erritik urruntzea zan. Egia, udako oporraldietan abadegaia bere errira bihurtzen zan. Baina bertan, erritar bat baino kanpotar bat lez agertzen zan gehiago. Gaur ez da gertatzen hori. Seminarioak, bertara doan gazte bateri, bere izkuntzea ezin leiskio kendu ta beste bat sartu, bere sentikerak otzitu ta beste batzuek emon, bere legezko ohiturak aldatu ta beste batzuek ezarri. Gazte batek dakarrena osotu, gehitu, landu edo zuzendu, horixe izan behar dau seminarioaren eziketa bideak. Abadegaiak, erritik datoz eta errirako dira. Fede bategaz datoz, eta fede hori zabaltzera doaz. Horregaitik, gaurko seminaristak beste era batekoak dira. Obeak? Txarragoak? Hori ez da kuestinoa. Gaurkoagoak, errikoiagoak dira. Onak eta txarrak beti izan dira, eta izango dira. Baina gaur, gaurkoak; eta bihar, biharkoak. Ogia lez, onena egunekoa, ez bezperakoa.

Erri baten fedea galtzen bada, bertan abadegairik ez da sortuko. Erri baten fedeak sortzen ditu seminaristak eta, azken baten, abadeak. Zure amar urteko semetxoak, egunen baten, eskolatik etxeratzean, «nik abade izan gura dot» badinotsu, zer erantzungo zeunskio? Bere guraria, umekeria bat izan leiteke; baina... zure erantzuna zein izango da? Zeure fedeak erasotako* erantzuna? Ala gizonkeria bat? Zuen amazazpi urteko seme gazteak, egunen baten, seminariora joateko asmoa agertuko baleu, zein izango litzake zuen kontsejua?

Seminarioa, errian asten da, zeuen etxean, zeuekan. Gure eritxiak, geure alkarrizketak, geure otoitzak eta azkenean geure fede bizitzeak erne eragin edo ito egiten ditu Jainkoak ereindako gurariak.

Norako dira abadeak? Jainkoaren errirako. Lehen eta beti, Jainkoaren erriak, gure fedezko alkarteak, hau da, gure Elizeak, abadeak, abade onak, beharginak, errikoiak, Jainko-zaleak beharko ditu.

Abade honeek eukiteko zer egingo dogu?

ANDER MANTEROLA


Eliza Gaurko Munduan

Abadegai Etxea Numerotan

Bizkaiko seminarioa, etxe bitan osotzen da. Lehenago, Seminario Txikia ta Seminario Nagusia deitzen zan; baina gaur egun, lehen seminario txikia zana kolejio bat da, "Resurrección María de Azkue" izenekoa.

Nagusian, 59 teologo ta 47 filosofo dagoz. Eurotatik, abadegairik zaharrenak, 38 kanpotik dabiltz; hau da, ez dira seminario barruan bizi. Beste 68-ak, ostera, seminario barruan bizi dira.

Seminariotik kanpora bizi diranak, honetaraxe sakabanatuta dagoz: 6 Otxarkoagan, 6 Basaurin, 5 Deustun, 3 Ciudad Jardín-en, 3 Lamiakon, eta 7 Sestaon. Ikusten dan legez, danok Bilbon, edo Bilbo inguruan.

Aurten (1969) abade egin diranak, 12. Eta seminario nagusian sartu diranak, 28: 21, Resurrección María de Azkue kolejiotik; 3, kanpotik; eta 4, kanpoan egon diran abadegai zaharren artetik.

Seminario txikian edo Resurrección María de Azkue kolejioan, 215 mutiko dagoz. Aurten lehenengo urtera edo kursora sartu diranak, 38 dira. Orain 10 urte, 125 sartu ziran.

Seminario hau, euskal abadeak "okupatu" ebenetik hain ospetsua, 1955-garrenean inauguratua izan zan. Harrezkero, 235 abade egin dira bertan. 235 honeetatik 25, misinoetan dira; eta beste 25 bat, edo espetxean (Zamoran) edo, iges eginda, erbestean.

Goian jarritako numeroei begiratu ezkero, garbi asko ikusten da, gauzak asko aldatu dirala, ta asko aldatu behar dabela.

ANGEL ZELAIETA


Jakin eta Ekin

Literatura Tradizinoaz. Ibon Sarasola adiskideari karta irigia

Ibon:

ANAITASUNA-ren 176 gn. zenbakian (azilak* 15) esaten heuanari buruz argitasunak agertu nahi jituat. Gure artean, uste joat*, ondo estudiatu barik daukaguzan gauzak arinegi juzgatzen doguzala. Bakoitzak, berak ezagutzen ez dauan gauza bat ez balego legez.

Literaturaz Etxegaraik eukan eritxia baino zabalagoaz eta euskal literaturearen marjinalismoaz urrengo batean jardungo joat*. Gaur, noian hireari erantzunez.

Karmelo Etxegaraik, danok jakiagu* zelako eritxiak eukazan bertsolaritzeari buruz. Gaur inok ontzat artzen ez doguzanak.

Etxegaraik inoala* euskal literatureak loturazko girorik ez eukala? Euskal idazleak alkar ezagutu barik egin dabela lana? Neurri batean bai beharbada. Baina, hire eritxian, hori ezin dok esan mugazandiko euskal literatureagaitik.

Nik uste dodanez, neurri aundi batean, ezta hemengoagaitik be. Gutxienez, XVIII gn. mendetik* hona. Larramendi, Mendiburu, Kardaberaz eta Ubillos giputzen artean, argi jagok kontzienziazko giro bat egoala. Eta ondorengoak horren barri jakin ebela.

Mogelen Peru Abarka-ren prologoa irakurtea nahikoa dok, horregaz konturatzeko.

Geroago, Mogel (osaba-lobak) eta Pascual Iturriaga, bestaldeko Artxu-gaz batean alegi*-gintzan, Samaniegoren denbora berean ez dok kasualidade bat. Eta Iztueta, Frai Bartolome eta Juan Jose Mogelen artean izan ziran eztabaida ta aserreak erakusten jeuskuek alkarren artean euken artuemona ta giroa.

Baina, ez hori bakarrik. Mogelek, Peru Abarka-ren seigarren kapituluan eta Konfesio ta Komunio-ren itz-aurrekoan, argi ta garbi erakusten jok*, mugazandiko euskaldunena ezezik giputzak eroien literatura kontzienziaz ondo jabetua egoala. Gehiago oraindino, denbora berean Añibarrok bizkaieraz ipini eban Axularren Gero, Geroko Gero izenez.

Ez ote dituk nahikoa agiri, giro baten mugimentua zanarena? Kontuan izan, orduan inprenten aldetik be ez egoala gaurko aukerarik, eta euskerearen txikitasuna, erderetan be gauza gutxi argitaratzen zanean.

Honegaz ez joat* esan nahi, gure literaturaz aberastasunetan ugari gabiltzanik; baina bai, gure idazle zaharrak euskerazko literatura kontzientziaz jabeturik eta alkarren barri jakinez jardun ebela euren lanetan, guk uste dogun baino neurri aundiagoan.

Gizaldi* barriak, bai euskeran eta bai erderetan, atzoko erreformistarik aundienak gaurko erreakzionariorik aundienak izaten dituk. Lehengoak eginak ez dabela balio, eta dana barritu gurarik. Baina, gaineragotik begiratu ezkero, euskal literaturan argi ikusten dok, gizaldien prolema aundiagoa dala literatura guztiaren katean. Jeltzaleak uste izan joen*, aurretikoak egin eben guztian aprobetxagarri gutxi egoala; "Euskal Esnalea"-koak, ez hainbeste, baina erdibide batetik abiatu zoazan* euskal literaturea barritzera. Horixe berori dok Iztuetak egin ebana, eta Frai Bartolomek hain ederto zapuztu ebana, orduko erreakzionarioen ustez.

Gaurko egunean Lur-ek egin nahi dauana ez ote dok lehenago "Euskal Esnalea"-koak Itzaldiak-gaz egina? Kultura gaiak euskeraz bere denborako mailetara jaso. Zer esanik be ez, ondo egina dala; baina ez hain ondo, lehenago ezer egin ez danaren ustez egiten danean. Literatura guztiak bere loturazko katea behar bajok, lehen-lehenari, antzinakoari eta oraintxuagokoari begira egon beharra jaukak*.

Baina alkarren arteko giroak eragindako mugimentuaren adibiderik garbiena joagu* Donostian joan zan mendearen* azkenaldera indartu zan teatru ta poesia giroa, euskal operan ornituko zana.

Bizkaian bertan, uste baino lotura andiagoa izan zoan* idazleak alkarren artean izan ebena; eta hori garbi azaltzen jakuk, zenbait gramatika lege idazle zaharrak gordetzen eben eretan.

Gramatika lege honeek Gipuzkoan baino obeto gordetzen jituen Bizkaian. Luzeegi joango nintzakek kontu honetan, eta diardudanaren agiritzat exenplotxo bat bakarrik emongo deuat.

"Deutsat" aditz forma jatorra, XVIII eta XIX gn. mendeko* idazleen artean Bizkaiaren zabalera guztian agertzen dok. Ez joat* uste, hala erabiliko ebanik erriak alde guztietan; baina idazleak kontu aundiz erabili joen*, lehendiko tradizino bati lotuaz. Olaetxea Laukinizko parroku izanak, Añibarro Billarokoak, Mogel markinarrak, Frai Bartolome Etxebarrikoak, Uriarte Padurakoak, Frai J. A. Untzueta Abadinokoak, Iturzaeta Otxandiokoak eta beste askok Bizkaiaren lau aldeetan hain jator erabili joen* legez. Joan zan mendean*, Frai Pedro Astarloa-edo izango zoan* aditz forma hori nahastatu eban bakarra; baina ba jakiagu*, honek bakarrik nahastatzen ebala s eta z, bereizten ez ekialako. Horregaitik, ez dok arritzekoa honek "deutzat" erabiltea. Gainera, uts hori J. A. Mogelek salatu ebana dok, orduko durangarrak s eta z bereizten ez ekiela esanaz.

Gure mendean, Kirikiñok be, Frai Pedro Astarloak legez, nahastatzen jok*, baina ez Txomin Agirre batek. Kirikiñok ez jeuskuk emon lehengo literatura zaharra ezagutzen eban agiririk, eta Txomin Agirrek bai.

Gaur erabiltzen diran forma nahastuak: deutzat, dautsat, dautzat, dotsat, dotzat, eta abar. Erriak berak be leku bakoitzean era batera erabiltzen daualako, Markina inguruetan da oraindino hain ondo gordetzen dan "deutsat". Erriak, seguru najagok*, lehengo mendeetatik nahastatuko ebala; baina literatura tradizinoa zoan* ondo fijatu ebana, Bizkaiko edozein alderditakoak bardin erabiltea. Beste esplikazinorik ez jagok. Horregaitik uste joat*, lehengo denboretan be guk uste baino alkartasun giro gehiagogaz ziarduela ordukoak. Gutxienez, guk estudio sakonago batzuek egiten ez doguzan artean, zihurtasunez neurtu ezin geinken alkartasunean jardun joen*.

Bai, Ibon, ba jagok hau sakondu beharra; eta sakon aztertzen ez dogun artean, ezin geinkek urrunegi joan gure eritxiak emoten.

Agur,

Juan San Martin


Jakin eta Ekin

Valencian,... Valencian Valencieraz? Bai Zera!

Segorbeko katedralean galdetu neban ea ze izkuntzatan egiten ziran elizkizunak eliz barruti haretan. Erantzuna: gazteleraz. Zegaitik ez valencieraz? Ba hau, dialektua dalako. Ba leiteke; baina, hala ta bere, katalanera da; ta gainera, ez al da nahikoa, iru eliz barrutiren parterik aundienen erri izkera izatea?

Castelló de la Pla-ra eldu ginan, ta ia edonon valenciera entzuten zan. Sartu bertako eliza nagusira, ta abade sasoi oneko bat kantuak erakusten, baina gazteleraz.

Valenciako katedralera eta "Nostra Senyora dels Desamparats" basilikara sartu, ta bardin. Mareny de Vilches erritxoan, inok erderarik egiten ez eban tokian bere, lehengo moduan.

Benidormen izkuntza askotan dagoz mezak: gazteleraz, frantsesez, inglesez eta alemanez; baina erriarentzako erri izkeran bat bere ez. Ta erriak han valencieraz egiten dau, danak. Kale izenak bere, parte zaharrean, valencieraz bakarrik jarrita dagoz. Don Pedro Zaragoza alkate famadua turismoagaz Benidorm jasoten ahalegindu bada, beste alkate jatorren bat be ahalegindu zan erri izkereari bere lekua emoten.

Elcheko ostatu batean, abade bi ta beste iru prakadun ebiltzan jardunean. Danak valencieraz. Elizara sartu, ta paper danak gazteleraz.

Bistan dago, abade horreek, ez besteak, erritasun gutxi daukela, ta erriari adarra joten deutsoela. Baita Vaticanoa bera bere, hain serioa izanik, adar jotzaile ona da. Nafarroako Erribeherako seme bat bidaldu deutse Valenciarrei artzapezpikutzat, García Lahiguera. Erroma pikuan* ote dago ba? Hori dala ta, Valenciarrak euren ernegua agertu dabe, orri batzuek zabalduaz. Aita Santuak berak bere, geografia pixka bat ikasi ta ikusi behar leuke, 34 diosesi dagozala Espainiako muga-barrutian danok dakigun problematika bereziagaz.

Ikusten danez, zoritxarrean lagunak bere ba ditugu, Valenciarrak kasu honetan, eta gurea baino txarragoan. Eta txarrena, zoritxar hau Jaunaren izenean datorkigula.

Solabizkar


Jakin eta Ekin

Yugoslavia. Ekonomiazko gorabehera batzuek

Yugoslaviako ekonomiak, sistema sozialistea jarraitzen dau; baina ba daukaz, sistema honen barruan, berezitasun edo diferentzia batzuek. Gainera, Yugoslaviak ez deutso bere ekonomia Rusiakoari zeharo egokitu ta lotu gura izan; eta horreri eskerrak eutsi leiskio bere zelanbaiteko neutraltasunari. Plan-egiteko arazoan be, asierako zentralismoa itxirik, Yugoslaviak autojestinoaren bidean diardu eta, holan, Estaduaren dirijismo gogorregirik bako plangintzak egin leikez.

Alde honeexekaitik batezbere txalotzen dabe Yugoslavia, sozialismoa demokraziagaz batera gura leukeenak.

Baina hemen be, agiri dago ekonomiazko ta politikazko egitura* ta indarren arteko dialektikea. Autojestinoak politikazko erakundeakaz* txokatzen dau, autojestinoa lege-antolaketa baten barruan egin behar izaten da ta. Yugoslavia, barriz, Alderdi bakarreko "Demokrazia Erritarra" da, bai; eta autojestinoa be, askenean, Alderdiko lagunkideen eskuetan geratzen da. Alderdi Komunistako lagunok, ostera, Alderdiaren diziplineak lotuta dagoz.

Holakoxe gorabehera tipiku batek erro-errotik astindu dau, gutxi dala, Yugoslaviako Alderdi Komunistea. Banku Mundialak emondako kredituakaz autobide edo pista bat irigi gura eben esloveniarrak kroaziarrakaz batera. Esloveniako Batzarrarena zan jatorriz asmo hau; eta Eslovenia da, ezbai* barik, Yugoslaviako Errepublikarik industriatsuena. Halan be, Belgradok Serbiara eroan ditu kredituok, eta Serbian asi dau autobidea. Kavcic Batzarraren Presidenteak protestatu egin eban Esloveniatik, Titok berak erantzun eutson Belgradotik, baita Kavcic-ek ostera eskribu sakon batean Esloveniaren aldeko arrazoiak agiri agirian ipini be. Eskribu hau Batzar Zentralak azterkatu eban, baina erantzunik emon barik itxi. Danak uste eben, Kavcic-ek esloveniarren arrazoia aurrera aterako ebala. Baina orduan Popit, Esloveniako Alderdi Komunistearen sekretarioa jaigi zan, Kavcic-eri abertzalekeria leporatuaz; eta Kavcic-ek, noraezean, Alderdiaren diziplineari amore* emon behar. Baina han egoan eskribua be. Zelan amaitu? Esloveniak egin daike bere autobidea, baina bertako erriak pagatuta. Serbian egiten dan autobiderako Banku Mundialaren kredituak, ostera, Yugoslaviako erritar guztiak ordaindu beharko ditue. Ikusbidetxo bat baino ez da hau. Eslovenian jende askok itauntzen* dau, inpuestu edo zergak pagatzeko bakarrik ote dagozan eurak.

Beste problema bat federazinoaren egiturakaz* sortzen da, eta dibisen arazoa da. Atzerrian lan egiten daben yugoslaviar langileak etxera bidaldutako dibisak, Belgradon geratzen dira. Hori ondo edo txarto egongo da, berez; dana dala, Serbia ez beste nazinotasunentzat galbide izugarria da hori. Holan, joandako martxoan*, eskandalo bero bat sortu zan Imotski eskualdearen* arazoagaz. Eskandalo hau letra andiz eguzkitara atera ebana, "Vjesnik u Srijedu" astekari* komunistea izan zan. Imotski Administrazinoak, 50 mila bizilagun daukaz: 73 %, laborari edo nekazari dira, bi mila industrian dabiltz, eta sei milatik gora atzerrian, Alemanian gehienak. Atzerrian dabiltzanok, urtero 35 miloi marku (markua, 18 peseta inguru) bidaltzen ditue etxera; banku bidez bidaldu ezkero, irabaziotako 10 % Belgradon geratzen da. Atzerriko langile talde batek, Imotskin lantegitxo bat egitea erabagi eban; baita 220 mila marku batu be, bakoitzak 500 marku emonaz. Baina lantegirako makineria atzerritik erosi gura izan ebenean, ezin izan eben baimenik lortu, horretarako dibisak behar zituen eta.

Imotski Kroazian dago, ta kroaziar komunistentzat garbi egoan jokoa. Belgradok begi onez ikusten dau beharginak atzerrira joatea (Yugoslaviako nazinoetako miloi bitik gora dagoz atzerrian!), dibisa-irabazlerik onenak eurak dira ta. Baina nor doa atzerrira? V. Holjevac komunista kroaziarraren liburua, "Kroaziarrak atzerrian", akusazino amorratu bat da: 7 miloi serbiarretatik 200 mila dagoz atzerrian, baina 340 mila esloveniar (guztira miloi ta erdi izan arren) eta miloi ta erdi kroaziar (nahiz eta guztira 4 miloi ta erdi izan). Kroaziarrak, zortzi bider gehiago serbiarrak baino. Beharginon irabaziok Yugoslaviako nazinoetan bardinka banatuta be, ehunekotasun honeei begiratu ezkero, serbiarrak ikaragarrizko irabaziak eskuratzen dituela agiri da, serbiarrak izateagaitik bakarrik.

Egitura edo estruktura politikazkoetatik datozan ekonomiazko arazo bi bakarrik aipatu doguz hemen. Eta holako gehiago be ba dago: itsas ontzigintzan, eta abar.

Ekonomiazko demokrazia falta dan lekuan, ez dago benetako demokrazia politikazkorik be. Sozialista guztiak dakie hau. Baina politikazko demokraziarik ez dagoan lekuan, itxura utsa da ekonomiazko demokrazia. Mihailo Markovic Yugoslaviar filosofilariak solfa andi barik salatu dau hori: "Ekonomiazko ikusgunetik*, bardin bardin jako beharginari nortzuek zapaltzen daben, kapitalistak nahiz burokratak".

Azkenean ezin leiteke itaundu* baino: Yugoslavian zelan dagoz, ba, bananduta politikazko indarrak, ekonomian halako ezbardintasunak sortzeko? Hori, urrengo batean ikusiko dogu.

Jose Azurmendi


Abereak eta Burdinak

Bizkaiko ekonomia atzerantza

"Gaceta Ilustrada" asterokoak, numero bitan, Bilbo Aundiaren akatsak argitaratu dauz; eta egoera horren konponketa batera eltzeko artuko diran neurriak edo behinik behin eginda dagozan proiektuak azaltzen ditu. Lan edo informazino honek ba ditu gauza mamintsuak, euren garrantzia noraino eltzen dan egileak berak be ezin neurtu leike ta.

Proiektu honeen motibazinoa azaltzean, asterokoak dino, Bizkaiko ekonomiaren aurrerakuntzea muga gogor batzuen barruan jausi dala. Oraingo infrastruktureagaz ez ei dago urtenbiderik; itota ei gagoz, edonondik begiratuta. Gure bideak (burdin-, auto-, itsas-, eta egazki-bideak) ez dabe gehiagokorik emoten. Gaur egunean eldu garean desarroilo egoeran, gure bideak urkatuta legez aurkitzen dira sarri askotan.

Beraz* —jarraitzen dau aipaturiko asterokoak— memento* honetan, etapa bat bete dogu gure desarroiloan. Aurrera jarraitu nahi bada, oraingo infrastruktura osoa aldatu egin behar da, planifikazinoaren bidez; aurrerakuntzeari bideak zabaldu behar jakoz, infrastruktura barri bat gertatuaz.

Ez goaz, gure aldetik, beranduegi danik esatera, erri bat bide zuzenean jartzeko inoiz bere ez da berandu ta. Baina bai, zuzentze hau ez dala artikulu horretan ikusten dan baizen erraza*; eta idazlea bera be ez dala kontuan jausi, ikutu dituan problemen sakontasunagaz.

"Gaceta Ilustrada"-ren eskutik joanaz, behingo batean agertzen jaku, gure desarroiloa ez dala gelditu bakarrik egin, beherantz joan be bai baino. Bizkaia, "renta per cápita" klasifikazinoan urte askotan lehenengoa izanik, abantailea* galtzen joan da azken urteotan, Madrile ta Barcelonaren atzean gelditu arte. Honek esan gura dau, gure probintziaren "tasa de crecimiento" dalakoa beherantz doala; ta honantxe da, izan be, tasa horreri buruz egindako klasifikazinoan 46 gn. tokian aurkitzen da ta. Produzinoaren gehitze honetan, Madrileren ehuneko 5,63-aren ondoan, Bizkaiak 2,55 bat baino ez dauka; ta hau, tortuga bat erbi bategaz konparatzea da. Esan ohi da, erri atzeratuak gehitze aundiagoa eukiten dabela, aurreratuak baino; baina Madrile gure aurretik dago, eta, halan eta guzti be, bere gehitzea gurearen ondoan doblea baino gehiago da.

"Gaceta Ilustrada"-k dino, imigrazinoak daukala honen errua. 1961-etik 1965-era doazan urteetan, 90.000 lagun etorri ei dira Bizkaira; ta, orduan, gehiagoren artean banandu behar dala produzinoa. Hemen, ixo! esan beharrean gagoz. Lehenengoz, etorri barri honeek lan egitera etorri dira; hau da, produzitzera. Orduan, honeen produktibidadea normala bada, "tasa de crecimiento" horrek ez dauka zetan beherantz joan. Bigarrenez, Madrilek, esate baterako, guk baino imigrazino aundiagoa artzen dau.

Orain, gure industria guztiz atzeratuta badago eta ia siderurgia utsean, produktibidade txikikoan, geratu bada, guk artzen dogun imigrazinoa molda gutxiko langileen imigrazinoa izango da, nekazaritzatik urten barrien emigrazinoa; eta holan, gure erriaren produktibidadea beherantz eta beherantz joango da.

Beraz*, ez da gure infrastrukturearen aldakuntzea bakarrik egin beharko dana; industriak nondik jo beharko dauan ikustea be, beharrezkoa da. Dibersifikazinoa nahi ta nahiezkoa izanik, ezin geintekez industria klase bateri bakarrik lotuta egon; baina ondo aztertu beharko da, aurrerakuntza bidea ze industria klasetatik datorren. Bestela, gure fabrikak aundiak eta lohiak izango dira, baina dirurik emoten ez dabenak, langileen beharra astundu egiten dabenak.

Anton


Abereak eta Burdinak

Arraintza kontuak. Arraintzea eratuteko erabagi barriak

Orain asko ez dala, bata bestearen atzetik, arraintzea eratuteko erabagi barri bi agertu dira Estaduko Boletin Ofizialean. Biak garrantzi aundikoak Euskalerriko arraintzaleentzat.

Bokarta

Batek, bokartetako debekaldia aginduten dau. Debekaldi hau, azilaren* asieratik datorren urteko zezeilaren* 28-rarte luzatuko da. Beranduegi argitaratu dabe erabagi hau, azilaren 25-eko Boletinean agertzen da ta.

Horrezaz gainera, erabagi honek, garagarrilaren* lehenengotik abuztuaren 15-erarte (hau da, atunetako kosterearen asieran), viveroakaz edo karnada biziagaz ibiltea debekatzen dau.

Kantauri itsasoko arraintzale guztientzako da agindu hau.

Amuko legatz eta besegu

Bigarren erabagia, azilaren 28-koa dogu. Beronen indarrez, Bilaotik (Cabo Villano-tik) asi eta Lekeitioko Santa Katalina puntaraino, ezin leiteke arrastan ibili, kostatik 12 milarainoko itsas unean. Debekaldi hau, urte osorako da.

Erabagi honek, lehengo batzuek aldatu eta indartu egiten ditu.

Ministerioko ordena hau, Bermeoko legatz*- eta besegu-zaleentzako bakarrik emona dala esan geinke, eurak baitira* ia-ia irabazle bakarrak.

Lehen esan dogunez, erabagi bi honeek, nahiz eta laburrak izan, garrantzi aundia dauke, batezbere Euskalerriko arraintzaleentzat; eta azterketa zehatzago bat merezi dabe, euren historia eta oinarriak banan banan iruzkinduaz*. Urrengo artikuluren baten egingo dogu hon, Jaungoikoa lagun.

Artza


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

AMORE EMON, ceder.

ARAUDI, reglamento.

BATZORDE, komisino.

BEHINEN, printzipal.

EGITURA, egitamu, erakunde, estructura.

ERAKUNDE, egitura, egitamu, estructura.

ERASO, esan eragin.

ERASON, impresión, impacto.

ERRIALDE, probintzia.

EZBAI, zalantza, duda.

GAMINIZ, Plentzia.

GARAGARRIL, julio.

INOALA, esaten ebala.

IRUZKINDU, comentar.

ITAUNDU, galdetu, preguntatu.

JAKIAGU, dakigu.

JAUKAK, dauka.

JOAGU, dogu.

JOAT, dot.

JOEN, eben.

JOK, dau.

LAU, leun, llano.

NAJAGOK, nago.

OLA, fabrika.

OLERKI, poesía.

URIGINTZA, urbanizazino.

ZEZEIL, febrero.

ZOAN, zan.

ZOAZAN, ziran.

Euskera bateratukoak

ABANTAILA, bentaja.

ALEGIA, fábula.

ARI IZAN, jardun.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAUKA, bait dauka, dauka ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BALIATU, servirse, valerse.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEREZI, aparteko, espezial.

BILDU, batu.

DESIRATU, desiatu.

ERORI, jausi.

ERRAZ, errez.

GIZALDI, generación.

HELBURU, objetivo, finalidad.

JAITSI, jatsi, bajatu.

KUTSU, dejo, resabio.

LARUNBAT, zapatu.

LEGATZ, lebatz.

MARTXO, marti, marzo.

MEMENTO, momentu.

MENDE, sekulu, siglo.

NABARITU, advertir, observar.

OHAR, aviso, advertencia.

PIKO, iko.

POZOITU, contaminar.

URRATS, pausu.

XEHETASUN, detalle.

ZENBAIT, batzuek.

ZIN EGIN, juramentu egin.

Beste euskalkietakoak

ASTEKARI, asteroko periodiku.

AZIL, zemendi, noviembre.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

IKUSGUNE, punto de vista.

NOSKI, seguramente, ciertamente.

II. Idazteko modua

Txarto:

Gurari horretan bizi diranak osotuko dabe gaurko edo biharko seminarioa.

Zure amar urteko semetxoak, egunen baten, eskolatik etxeratzean, badinotsu: "Nik abade izan gura dot", zer erantzungo zeunskio?

Bere guraria, uskeria bat izan leike.

Zuen amazazpi urteko seme gazteak seminariora joateko asmoa agertuko baleu egunen baten, zein izango litzake zuen kontsejua?

Gure desarroiloa ez da bakarrik gelditu, ezpabe beherantz joan.

Ondo aztertu beharko da, aurrerakuntza bidea ze industria klasetik datorren.

Jaialdi batzuek egin leikez, eta beste batzuek ez.

Ondo:

Gurari horretan bizi diranak osotuko dabe gaurko zein biharko seminarioa.

Zure amar urteko semetxoak, egunen baten, eskolatik etxeratzean, "nik abade izan gura dot" badinotsu, zer erantzungo zeunskio?

Bere guraria, uskeria bat izan leiteke.

Zuen amazazpi urteko seme gazteak, egunen baten, seminariora joateko asmoa agertuko baleu, zein izango litzake zuen kontsejua?

Gure desarroiloa ez da gelditu bakarrik egin, beherantz joan be bai baino.

Ondo aztertu beharko da, aurrerakuntza bidea ze industria klasetatik datorren.

Jaialdi batzuek egin leitekez, eta beste batzuek ez.


Ezagutu gure erria (6)

Bilbo Aundia. IV. Txorierri

Lehengo Uribe merindadetik, Bilbo Aundiak kendutako eskualde* bat da Txorierri. Amar errik osotuten dau: Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Loju, Erandio, Lejona, Berango ta Getxo.

Guztira, 139,25 km.2 ta 71.131 bizilagun ditu Txorierrik.

Orain dala urte gutxi, "Valle de Asúa" izena sortu eben ofizialki, Erandioko auzo batetik artuta; kontuan euki barik, ba egoala beste izen bat, errikoia ta Bizkai guztian ezagutzen dana: "Txorierri". Historian ofizialtasunik ez dau euki eskualde* honek, Uribe merindadearen zati bat zalako; baina hori emoterakoan, poligonu barria dala ta, Txorierri konsagratu behar zalakoan gagoz. Eskualde hau, Bizkaian lauena*, Ganguren-Artxanda, Bizkargi, Artebakarra ta Unbe mendien bitartean dago. Bere barrutiko ibaiak, Aretxabalagana, Asua, Udondo ta Gobela dira.

Txorierri inon entzuna bada, probazaleen artean da. Bertan-beste probalari ez da beste eskualde baten: Zarraga erandiotarra, orain Azkoitian txapeldun gelditu dana, Zarra lojutarra, Braulio Bilbao, Gaztañaga, Basarrate, Sosua, Aurrekoetxea, ta beste asko. Probalekuak be ugari, Getxon asi ta Larrakoetxeraino.

Ez da beste eskualde bat hainbeste ekonomia ta giza-bizitza motari lotuta dagoanik, Txorierri baino. Industriaz inguratuta egonarren, baserri asko daukaz; kimika ta burdin ola* lohi, ugari; itsas ontzigintzak, Lejonako Udondon eta Erandioko Axpen; ke artean dagozan etxe pobreak, Erandion; jauregi ta txalet txukunak, Getxon, gure kapitalista nagusien bizileku; Bilbon aberastutako monjen ikastetxe klasista ta arrotzak, Lojun; Derion, abade mintegia, behinola zoroetxetzat egindakoa; Islabe ta Gazteluetan, "Opus-Dei"-tarren "korta" modernuak; Landatxuetan, itxura apaineko juerga lekua; Sondikan, aireportua ta asmoan doguzan Bilboko Unibersidadea ta bizitza poligonu barria. Cocktail izugarria, eskualde batentzat; baina txorierritarrak kea iruntsi behar, eta bilbotar jauntxoak saunako lurruna. Ba dago aldea!

Gure izkuntzeak, beste eskualde askotan legez, atzerakada aundia egin dau; baina beste askotan atzerakadea gelditu ta barriro gogortu ta aurrera joten asi bada, Txorierrin ez. Kanpotarrak egongo dira, beste eskualdeetan bezala; baina bertakoak, gaurko izkuntza iraultze bisino barik, eritxi topiku, folkloriku ta garbizaleekin jarraitzen badabe, Txorierrik euskerea galdua dau. Inguruko erri aurrelariak ba dauke, gure Erriaren aurrean, erantzun zehatz bat emon beharra.

Larrabetzu

20,53 km.2 ta 1.787 bizilagun. Eskualde honetako uri bakarra, Berresonaga izenagaz Bizkaiko Jaunak 1.376 gn. urtean fundatua. Bere auzoak: Uria (la Villa), Astoreka, Berresonaga, Erginko, Gaztelu ta Goikolexea. Parrokia bi ditu, urikoa ta Goikolexea; hau Zeledonio ta Emeterio santu errioxar euskaldunen zaindaritzapean jarria, ta Bizkaiko Jaunak gure legeei zin* egiten eutseen lekua. Goikolexearen gainean, Morgaren mugan, Aretxabalagana mendia dago, Gernikan asi baino lehen bizkaitarrak batzarrak egiten zituen tokia. Larrabetzuko ekonomia baserriari ta inguruko industriei lotuta dago, nahiz eta lantegi batzuek jasoten asiak izan; honek, bere berjabetasuna ekarriko deutso.

Lezama

16,79 km.2 ta 1.539 bizilagun. Bere auzoak: Andra Mari (erriburua), Aretxalde, Garaioltza ta Goitioltza. Erri honetan amaitzen da Txorierriko trena, Bilbon abiatzen dana. Antzinatik dago asmoa, tren hori Larrabetzuraino luzatzeko, ta oraintsu Erletxeetatik zehar Galdakanoraino. Baserri erria, batezbere esne-behi ugariduna.

Zamudio

20,01 km.2 ta 2.944 bizilagun. Bere auzoak: San Martin (erriburua), San Antolin, San Esteban, Santimami ta Arteaga. Bilbok iruntsi dau oraintsu erri hau, gure kondairan, batezbere Erdi Aroko jauntxo burruketan, hainbeste entzuna. Oraindino han jarraitzen dau zutik Zamudio torre zaharrak; XIII gn. mendekoa* izan behar dau. Baserri erria izan da orainarte; baina olak* eta etxeak bere bai, ugari egin dira azkenengo urteotan, urigintza* lar barik.

Berio

8,26 km.2 ta 1.887 bizilagun. Bere auzoak: Arteaga (erriburua), San Antolin, San Kristobal, San Esteban, San Isidro ta Santimami. Ikusten danez, Zamudiok be ba ditu izen berekoak. Hori gertatzen da, erri biak oso nahasturik dagozalako, ta euren mugak enklabez eta jirabiraz beterik. Erri hau, Bizkaiko seminarioa daukalako da entzutetsu! Bertan dago, noiz kenduko zain, erriaren tokirik ederrenean, Bilboko ilerria. Bizilagunez asko gehitu da urte gutxian; ta gorago aipatu diran zifrak, orain bost urtekoak izanik, asko gainezkatuak dira. Hor-hemen, etxeak eta olak*, bat bere ordenaketa barik.

Sondika

6,39 km.2 ta 4.000 inguru bizilagun. Bere auzoak: Zelaia (erriburua), Basozabal, Izartza ta Sangroniz. Mungian baino lehengo Uribeko merinoa erri honetan bizi zan; tan hain zuzen bere, Sondikaren eskudua ta orain Bilboko Unibersidadeak "Valle de Asúa"-kotzat artu dauna, Uriberena da. Bilboko aireportuagaitik, mundu guztian entzuna da erri hau.

Lojua

15,28 km.2 ta 3.000 bizilagun inguru, orain 5 urte. Bere auzoak: Zabaloetxe (erriburua), Elotxelerri, Lauro ta Sangroniz. Probalari ta ortulari erria, gaur "Asuako Poligonuaren" arriskuan dago. Beharrezkoa iruditzen jaku poligonu hori, baldin lurraren jabetasuna ontzat artzen bada, behar dan neurrian ordaintzen bada, ta behar diranak bertara bizitzen joaten badira, esate baterako, orain leku txarretan bizi diranak lehenengo, eta ba dira holakoak edonon Txorierrin bertan. Poligonu honek 276,4 hektarea, 31.542 bizitza etxe ta 100.003 bizilagun izango ditu. Honen negozioa nok eta noren lepotik egingo da? Txorierritarrenetik?

Erandio

22,88 km.2 ta 16.591 bizilagun. Bere auzoak: Altzaga (Desierto), oraingo erriburua, Zelaia (Campa), lehengo erriburua, Arriaga, Astraburua, Asua, Fano, Axpe ta Lutxana. Orain ehun urte, 1.678 bizilagun zituan; gaur, gorakada ikaragarria egin dau. Olak* eta etxeak, danak nahastuta. Ke zikin eta aide pozoitua*. Holan bizi ezinik, erandiotarrak etenda agertu dabe euren aserrea, eriotze bi kostatu jakena. Dow-Unquinesa, Nexa-Química ta Indumetal fabrikak dira kaltegarrienak. Beste tokiren batera eroango ei ditue fabrikok. Baina gauza bera jazotzeko?

Lejona

8,60 km.2 ta 7.569 bizilagun. Bere auzoak: Elexalde (erriburua), Artatza, Lamiako ta Ondiz. Gobela ta Udondo errekak igaroten dira bertatik. Asko azten doan erria, industria ugariduna, Lamiako aldean. Elexaldean, baserriak edonon; ta Neguriganen, etxe barriak, urigintza* gutxigaz egindakoak.

Berango

8,87 km.2 ta 2.061 bizilagun. Bere auzoak: erriburua, Moreaga ta Baserrialdea. Baserri erria, orain txalet erria bihurtzen doa, bilbotar aberatsak euren egonlekutzat jo dabena. Toki ederrean, itsasotik urrean; ta Gaminizko trenbidea bertatik igaroten dala, etorkizun onekoa, baina klasismo baten jausteko arrisku aundiagaz.

Getxo

11,64 km.2 ta 30.653 bizilagun. Ondarreta, Algorta ta Getxo dira bere auzoak. Itxuraz oso erri atsegina, industri bakoa. Euskalerriko aberatsik gehienak han bizi dira, han doguz gure kapitalista nagusiak. Eurak lantegi jabe izanarren, eurakandik urrun gura ditue keak. Halan ta guztiz bere edo horrexegaitik, Getxotar benetakoak gure Erriaren arazoetan gogor diardue.

J. L. LIZUNDIA