ANAITASUNA

BIZKAIA

193 zenb. 1970, • Abuztuak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 14

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 193 zenb. 1970, Abuztuak 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Euskaltzaindia 1970

 Joan den uztailaren 29-an, Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, euskaltzain osoen arteko batzarrean, ikusirik 1968-ko Arantzazuko batzarre eta erabakiei buruz iritzi desberdinak daudela, erabaki zen euskal aldizkari guztietara ohar bat bidaltzea, argituaz zenbait pundu: a) Arantzazuko batzarre hura Euskaltzaindiarena zen, eta ez zenbait idazlerena. b) Han irakurri ziren lanak, Euskaltzaindiak Euskaltzaindikoei eskatuak ziren. d) Azkenean han irakurritako agiria, bertan ziren jaun euskaltzain osoen artean harturiko erabakia zen.

Literatura euskeraren batasunari buruz Euskaltzaindiaren agiria

 Arantzazuko bileren ondorean, han ziren euskaltzainak elkarturik, argibide hauek eman zituzten.

Arantzazuko batzarrea egin ondoren, Euskaltzaindiak eskerrak agertu nahi dizkie etorri diren nahiz beren iritziak bidali dituzten guztiei.

Lehenik ikusi duguna da, guztion ustez gure hizkuntzaren batasuna behar-beharrezkoa dugula. Batasuna noski ez da Euskaltzaindiak egin dezakean gauza, eta are gutxiago bat-batean egin dezakeana. Batasun hori, euskera idatziaren batasunaz mintzatu geranez gero, euskal idazle eta irakasleen eskuetan dago, Euskaltzaindia gidari eta laguntzaile dutelarik.

Arantzazun izan diren eta ez diren euskaltzaleek argibide bat izan dezaten, Euskaltzaindiak geroago eta astiroago argitaratuko dituen erabaki eta lanen aurrerapena agertu nahi du orain.

1. Ortografiaz hortarako hautatu zen batzordeak adierazi dituen pundu gehienak onartuak izan dira, ikusi dugunez.

2. H-ren hauzian, izan diren iritziak entzun ondoan, erdi-bide bat aukeratu da hasteko: alegia, begi onez ikusiko lukeala Euskaltzaindiak letra hori bokal berdin nahiz ezberdinen artean erabiltzen hastea. Honek ez du esan nahi, gorago jo nahi dutenen saloak ez direla ongi ikusiak izango.

3. Morfologiaz, izenen erabileraz batzordeak prestatu duen aintzinlana pundu nagusietan oinarri bezala hartuaz jokatuko du, aditzarekikoa beste aldi baterako utziaz.

4. Aztertu dira, orobat, batzordeak euskal hitz zahar eta berrien formaz gertatu dituen lanak, gero ere hori bide beretsutik hobeki lantzeko asmoz. Atsegin hartu du Euskaltzaindiak elkarrizketa honetan agertu den giroaz, jendetasunaz eta elkar lanerako gogoaz; eta uste du, gero ere, guztion laguntzarekin, bere eginkizuna beteko duela. Hortan saiatuko dela.

EUSKALTZAINDIA

Arantzazu-Oñatin, 1969-ko urriaren 5-ean

Bilbon, 1970-eko abuztuaren 6-an.

Euskaltzaindiko auteskundeak

Euskalzaindia, ohi* dan bezala, Donostian bildu* zan, joan dan uztailaren 29-an. Beste arazo batzuen artean, auteskundeak egin ziran. Lehendakaritzarako botoak honetaraxe banatu ziran: Luis Villasantek 11 (lehendakari barria), Lekuonak 3, Arruek 3, Barandiaranek 1. Txartel bi utsik. Lehendakari urrengo izateko, Haritschelharrek 15, Lafittek 1. Iru txartel utsik. Sekretaritzarako, Juan San Martinek 11, Irigoienek 3, Zabalak 1, Lojendiok 1. Iru txartel utsik. Diruzaintzarako, Erkiagak 18, Irigoienek 1. Bibliotekaritzarako, Irigoienek 13, Lafittek 2, Satrustegik 1, Erkiagak 1. Txartel bi utsik.

Luis Villasante Kortabitarte Gernikan jaio zan, 1920-an. Aita Frantziskotarra da, eta Arantzazun dihardu eskolak emoten. Euskalerriko aldizkaririk gehienetan idatzi izan dau. Bere libururik entzunenak: «Arsko erretorearen erakusaldiak», «Kataliñen gogoetak» (lapurderatik gipuzkeratua), «Nere izena zan Plorentzi», «Aitonaren uzta», «Jainkoa», «Jesukristo», «Historia de la Literatura Vasca», eta beste batzuk. Villasante jauna euskeraren batasunaren alde lan asko egina da, eta literatura «errikoi» batera idazle asko bultzatu ditu, «garbizalekeria» utzeraziaz. Zorionak, eta Euskalzaindiaren lehendakaritza horretatik lan on bat egin daizula opa deutsugu.


Erriz erri

Elgoibar

Artikulurik onena

ANAITASUNA, 191 zenbakia. Aspalditik egiten ari* garean eta erdizka azaldu doguna, aurrerantzean osorik azaldu nahi dogu. ANAITASUNA amabosterokoa danez, gure lana ondo egin ahal izango dogula uste dogu; eta gure nahia litzake, ANAITASUNA-ko ale edo zenbaki bakoitzean, guretzat tarte bat izatea. Bestalde, berandu azaltzea ez da interesgarri eta gainera irakurleen aurrean nabarmen gelditzea litzake.

Gure lan hau ez dakigu irakurleentzat interesgarri izan daitekenik; baina gure taldeko asmoak bete edo aurrera eroan ahal izateko, ba dau bere garrantzia. Geroago gure asmoak zehatzago azaldu ahal izango ditugu, eta, bien bitartean eta gure lanak aukeratzean, Euskalerriko arazoei begira egin nahi dogu lan hau. Politikari buruz, erlejino, euskera nahiz euskera batuari buruz idatziak aukeratu ohi* ditugu.

Horregaitik, oraingo lan hau aukeratzean, BIZKAIKO ELIZATIK aukeratzen dogu. Ez baikagoz* ohituak, Elizari egia batzuk entzuten edo ausardiz* itz egiten; eta idazlan horrek horixe egiten dau, ausardiz azaldu. Ba dogu ausardiaren beharra, egia bilatzeko.

Bigarren, LO EGOTEAK IZUTUKO NINDUKE idazlana aukeratzen dogu. Lan honek, gure eritxian behinik behin, sakona izateaz gainera ba dau esan nahi berezi bat: zaharrak gazteei eskua luzatzea, alegia*. Argitasun hau benetan beharrezko iruditzen jaku, dagoeneko; bestela ez baitago* ez batasunik ez izkuntzarik ez euskaldunik.

Euskal aldizkariak

Gure artean ditugun aldizkarien alde lan egiten eta arpidedun barriak egiten ari* gara hemen. Orain arte egina ondo badago ere*, aldizkari horreek obeagotu egin behar dira. Bai formaz eta bai maminez. Gaur zenbait* idazlek dinoe: "Zetarako idatzi libururik, gutxik erosi eta gutxiagok irakurtzekotan?" Euskal aldizkari honeek artu eta irakurtzen ez dituanak, ez dau libururik erosiko eta gutxiago irakurri.

Horregaitik, gure ahalegin guztia honetan egin behar geunke euskal aldizkariak obeagotzen, alegia*. Horixe egin behar leukee batez ere liburuak idazteko ahalmena daben horreek, gero euren liburuak irakurriak izan daitezan. Zenbait* euskal idazleren izenak ez dira agertzen aldizkarietan, eta agertzea beharrezko ikusten dogu.

Gure aldizkariak erromantizismu utsean ezin jaso ahal izango ditugu.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Ibarruri

Jaialdia

Uztailaren* 26-an, Saltzamendi saloian, jaialdi eder bat eskaini* zan. Lehenengo, bertako neska akordeonista bat. ("Inpernuko auspo jotzailea" deituten jakon lehen akordeonisteari). Gero, euskal antzerki bat: Xabier Gereñoren "Nobi bat behar dogu". Ta amaitzeko, bertsolari ta txistulariak. Azkenean, jendea (saloia gainezka egoan) zutunik jarri zan, "Agur Jaunak" abestuteko.

Guztiak txalotuak izan ziran, eta batez ere teatro taldea osotuten daben Ibarruri ta inguruetako gazteak.

Dei bat

Ibarruri ta inguruetako gazteak teatro talde bat sortu dabe. Lau urtetan, antzerkiak muntatu ta erriko Saltzamendi saloian eskaini ditue.

Lan nekeza da teatro lan bat muntatzea, batez ere Ibarruriko taldeak egiten dauan duintasunarekin. Eta pena da, talde on honek inoiz ere ez kanpora ez urtetzea.

Iru antzerki daukez gertu atseginez ikusten diranak. Ikusi doguz lanean, eta onak dira teatroa egiten.

Beraz,* dei bat Euskalerriko gazteriari: jaialdi polit bat ikusi nahi badozue, deitu Ibarruriko euskal teatro taldeari, zuzenbide honetara: Rosa Mari Maguregui, Ibárruri, Vizcaya.

Txorierri

Marcelino Aburtori omenaldia

Marcelino Aburto, erloju on baten zintzotasunaz lanean ari* izan da Derio ta Zamudio errietan barrena, praktikante bezala, 42 urtetan. Lehenago bizikleta eta azken aldi honetan motortxo batekin baliatzen izan da. Oraindik oraintsu, egindako lanaren esker onez, omenaldi bat egin deutsoe bere eskuz osatutakoak. Euskal jai bat egin nahian ibili ziran, baina ez eben horretarako behar diran baimenik lortu ahal izan. Meza denboran bertsolariak kantatu eben.

Zamudioko neskak futbolean

Zamudioko errian neskak oso futbol zaleak agertu dira. Ekipo bat eratu dabe, eta ba dabiltz erririk erri futbolean. Entradetan lortzen daben dirua euren erriko futbol taldeari emoten deutsae. Entzun dogunez, 50.000 peseta ditue.

Eliztorrea barriztatzen

Zamudioko eliztorrea barriztatzen dihardue. Gastuak nahiko aundiak dira. Eliztarrak galdetu egiten ei deutsoe Don Mariano Etxeandia parroko jaunari, ea zelan akordatu jakon orain torrea barriztatzea, eta barruko aldetik zer egiteko asmoa daukan. Baina ez ei dago erantzunik.

Txorierriko Zamudion, uztaileko* jaietan, zeredozer arraro pasatu da. Esaterako, tiro-platoa galerazo egin dabe, lehendik horretarako baimena emonda egon arren. Bestalde, bertsolariak be izateko ziran; baina azkenean ez da posible izan, behar zan permiso berezia etorri ez zalako.

«Ori Bai» taldekoak lanean

Larrabetzuko "Ori Bai" taldekoak ba dabiltz lanean. Lehentxo batean kantari barrien saio bat izan dabe, ta beste ekintza batzuk ere* egitekotan izan dira, nahiz eta egiterik ezin lortu izan, horretarako behar dan baimenik jaritxi ez dabelako. Orain, jaiak antolatzen dabiltz.

Zenbaitek* "Ori Bai" taldekoen ekintza honeek kritikatu egiten ditue, erriko abadearen gilzpean dagozalarik, honako "jaiak" egiten dituelako.

Galdakano

«Club Deportivo» taldearen lehendakari barria

Oraindik oraintsu izan diran auteskundeetan, Octavio Fernández midikua aukeratua izan da lehendakaritzarako. Kargu barriekin arduratzeagaz batera, kartel aundi hatzuk zabaldu izan dira errian zehar, erdera utsean esanaz: "Galdakanok 20.000 bizilagun ditu. Eta klub honetako bazkideak 600 baino ez dira. Egin zaitez bazkide, talde indartsu bat sortu ahal izan daigun". Guk, orri honetatik, ongi-etorria opa deutsagu Octavio jaunari, eta, futbol utsean gelditzeko arriskutik iges eginik, jendearen oinak eta buruak ezitzera eldu daitela.

Bengoetxeko eliza barria

Luis Aburto abade barria etorri dan ezkero, eliza barria egiteko pausoak emoten asiak dira barriro ere.* Egingo ote da? Bertako batzuengandik entzun dogunez, eliza barria egitearekin batera, ikastola bat ere eratuko ei dabe. Poztuko ginake.

HERGOIEN


Mundu biribila euskera batuan

Ipar Euskal Herritik zehar

Lehengo egunean, uztailaren* 4-ean, lagun batzuekin batera, Baionako Euskal Astea ikusteagatik beste aldeko Euskal Herrira joatea erabaki genuen. Bertan ikusi genuenetik, beste bizkaitar gazte asko, neska eta mutil, gure moduan pentsatuak ziren, eta andereñotan behintzat pilo galanta zegoen. Gipuzkoar eta nafar jator asko ere* ba ziren Baionan.

Hitzaldi guztiak oso ederki egon ziren, eta gauza berriak ikasi genituen. Beste aldeko liburuei esker, ezin hobeto ulertu genuen hango euskera; eta, egiaz, guk entzun genituenak entzunez gero, ez legoke inor H-rik ez dagoela esango lukeanik, bertan ezin argiroago entzuten zirelako H famatu guztiak. Guk galdu dugulako, ez dut uste baztertu behar dugunik ortografiatik letra hori, bizkaitarrok, Z eta TS ez esan arren, letra horiek idaztean erabilten ditugun moduan.

Istilu bat egon zen hitzaldietan. Karakate ezizeneko jaun batek, 30 urteotan euskera ikasten saiatu arren, oraindik behar den moduan ez zekienak, oso protesta gogorrak egin zituen batasunaren kontra. Jaun honek erderaz idatzi du batasunaren kontra. Inork ez zion kasurik egin.

Bazkaria langile gazteen etxean egin genuen. Bertako zuzendaria, Hiria jauna, Sarako seme jatorra bera, oso begikoa eta gizabidetsua zen, eta euskera aberats, jator eta gozoan hitz egiten zeukun. Axular bera entzuten genuela esan zitekean. Ondo eta merke jan genuen bertan, eta denetariko laguntasunak eman ere.

Biharamunean, igande* goizean, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ezagutzera joan ginen. Leku haiek, pelikulan ikusi bezala, ezin ederragoak eta polittagoak ziren. Eguzki ederra ukan* genuen; eta haran eta ibar berde haien trankiltasuna, hibai eta erreka garbien distira, zeru urdin zabalen handitasuna, baserri zuri eta gorrien lasaitasuna, hango gizon pausatuen jatortasuna, herrietako eliza politen dorre luzeak, harbelez* jantzita teilatuan, inguru osoaren oparotasuna... dena zen han ikusgarri eta diferente; ezin pentsa genezakean Euskal Herriak halako edertasunak eduki* zitzakeanik. Basoetan eta oihanetan ez zen pinu bat ere ikusten. Dena zen pago, haritz, gaztaina, urki,* arkazi*... Hango jendeak oso begikoak izan ziren gurekin, eta, euskeraz hitz egiten genielako, oso poz handiz azaltzen zeuzkiguten bideak eta kaminoak, guk ikusi nahi genituen herrietara joateko.

Zuberoan, Nafarroako Donapaleutik pasatuez gero, Maulen* egon ginen. Eguerdiko hamabiak ziren, eta ordu horretan, bertan bazkalordua izanik, ez zen lagun bat ere ikusten kaleetan. Plazako oi batean, euskaldunak ginela jakin orduko, bertako «arno» zuri gozo bat edatera gonbidatu gintuzten eta begikotasun handiz mintzatu eta tratatu, Bertako euskera, Nafarroakoa baino pixka bat gaitzagoa izan arren, trankila eta astiro egina zelako, nahiko ondo ulertzen genuen eta haiek gurea ere bai.

Maulen janariak eta jatetxeak Baionakoak bezain dotoreak dira eta askoz merkeagoak. Antza, kosta aldekoei preziotan konpetentzia egin nahi diete. Arratsaldean plaza jendez bete zen, eta gu Donibane Garazitik berriz itzuli ginen Gipuzkoarantz. Joatean bezala, etortean ere mila toki eder ikusi genuen. Seguru nago ez dagoela ez Gipuzkoan ez Bizkaian ere haien moduko ibar gozorik. Ikusi ezean, ezin pentsa daiteke halako lekurik. Era baduzu, irakurle horrek, zoaz eta ikusazu beste alde zoragarri hori!

Baina ez dut lantxo hau bukatu nahi, beste zertxobait esan gabe. Ez zen dena hain amesgarri ez eder. Edertasun guzti haien ostean, bestelako kontua zegoen: lan falta eta gazteriarentzako industriarik eza. Milaka doaz urtero handik euskaldun gazteak Ipar Frantziara lan bila. Parisek, turistentzat izatea nahi du Euskal Herria eta ez euskaldunentzat. Baserri polit eta xarmant haiek ez dute bertako seme-alaba guztientzako beste lanik ez ondasunik ematen; eta industriarik ezaz, kanpora doaz, andaluzak gure artera datozen modu berean. Eta hau ez zen turisten begiez ikusten, baina bai dela eguneroko ogia han. Penagarria benetan guzti hori.

Honez gainera, berehalaxe* ikusi genuen nola ume askok ez zekiten euskeraz, gurasoek eta aitonek ongi jakin arren; hemen espainolez bezala, han frantsesez egiten dute umeek. Betiko problema. Orain lehenbiziko ikastolak jarri dituzte bertan; beharbada fruitu onak ematen hasiko dira laster. Horixe nahi genuke guttienez.

Ederrak zoratu egin arren, errealitate triste hark penaz bete zeukun bihotza, eta oso mingoski sentitu ezin-laguntzea arazo premiazko horretan. Baina hala ere...

XABIER KINTANA


Mundu biribila euskera batuan

Profeta baten itzaltzea

Oraindik ez duela bi urte, JAKIN aldizkari famatuan, Marcuse filosofoari buruz artikulu batzuk argitaratu genituen, Rikardo Arregi zenak, Azurmendi frantziskotarrak eta hirurok.

Marcuseren itzala handia zen oraindik, garai hartan, ikasle ezkertiarren artean. Maiatzeko matxinadan, hiru M —Marx, Mao eta Marcuse— hartu zituzten ikurrintzat Pariseko zalapartariek.

Orain, berriz, goitik behera omen* doa Marcuseren itzala. Erdi ahazturik omen dago haren izena ikasle inguru haietan.

«Sic transit gloria mundi!» esan beharko genuke, beharbada latinezko esaerak aipatzea kursikeria bat badirudi ere.*

Nolanahi ere, Marcuse irakurri dutenen artean (oso gutxi omen dira), inork ez duke* ukatuko Marcuseren lanetan garrantzizko zenbait uste aurkitzen direnik.

Beraz,* zergatik eklipse hau, honen supitu eta ustegabeko?

Freud eta Marxen izenean, gaurko gizarteak gizona zapaldu eta hertsitu egiten duela salatzen zuen Marcusek bere idazlanetan. Hori dela ta, munduko hippy, yippy ta arlote guziek «guru» edo maisutzat hartu zuten, ez-aspaldiko memento jakin batean. Esan dezagun, «guru» hitz hori hindu dela; zeren, hinduen artean, «guru» bat, izpirituzko diretore bat hartzea, oso ohiturazko baita.*

Marcuse zaharra, protesta delakoaren profeta bihurtu zen, beraz, hirurogei ta hamar urte zituela.

Baina protesta hau utopia bat da, itxuraz behintzat. Nik ez dut uste, hippiek teknokraziaren aurrean behar dugun libertatea ekarriko daukutenik.

Maiatzeko matxinadak batere emaitzarik ez zuen eman, dirudienez. Utopismoa gaurko gaitz handi bat dela iruditzen zait, batez ere gazteengan.

Askotan, hobetzerik ez duten gauzak amets bideetan abiatzen dira. Maisu, asko. Egile, gutxi. «Oui peut, peut; qui ne peut, enseigne».

Alde honetatik, Marcuseren «dotrinak» ez zuen irauterik. Utopiaren profetak eten gaberik aldatu behar dira. Gaurko idoloa, biharko zakarra.

Eta nik galdera bat egiten diot ene buruari. Nolakoak izanen* dira gazte olatu berrien profetak?

Erreazionario ta mistiko izugarriak izatea ba liteke. Gure bilobak, nahi ta nahi ez, gure seme-alaben kontra izan behar direlako. Lege bat da.

KARLOS SANTAMARIA


Euskaldungoa

 Puente la Reina euskeraz Garex, Nafarroako erri famatuan, jaialdiak izan dira, eta "gazteriaren egunean" honako programa hau egon zan: Pelutxi (barregarria). Flamarike anaiak, jota kantatzaileak. Adelaida ta Conchitak, kanta modernoak. Txistulariak eta Iruñeko Korala.

Tolosan, Koralen Sariketa bat izan da. Hona hemen parte artu dabenak: "Las Mercedes", Algortakoa. "Santa Cecilia", Billabakoa (nafarra). "Manuel Iradier", Gazteizkoa. "Coral Tafallesa", nafarra. "Begiraleak", Donibane Lohitzunekoa (lapurtarra).

Donostian, Bosgarren Jazz Jaialdia izan da. "Modern Jazz Quintet", Karlsruhe-ko aleman taldea gelditu da irabazle.

"Pueblo", Madrileko egunkari* ospetsuan, "Nuestro Folklore" izenarekin agertuko dau orrialde bat Francisco J. Garciak, astearte* guztietan. Euskalerriko dantza, kanta ta folkloreari buruzkoa izango da.

Euskal kantariak lanean ari* izan dira. Arrigorriagan, Naikari, Bittor Egurrola, Argoitia neba-arrebak, eta Danok Bat zortzikotea.

Basurton, Jose Angel Goienaga, Iru Bilbokoak eta Gau Txoriak; Argia, Gaztedi, Gazte Berri eta Jai Alai dantzari taldeekin batera.

Otxandion, bertako sariketan, Jose Angel Goienaga, Asier Telletxea, Jose Mari Olanga (irabazle, bakarlarien artean), Josu Zabalondo eta Ana Mari Bengoetxea. Egun berean, Iru Bilbokoak, Itxastarrak, Zuri Baltzak eta Gau Txoriak (taldeen artean irabazle).

Etxebarrin, Argoitia neba-arrebak, Itxaropen, Danok Bat eta Estitxu.

Bernan (Zornotzan), Jose Angel Goienaga, Argoitia neba-arrebak, Bittor Egurrola, Patxo Ibaiak, Oinarriak eta Gau Txoriak.

Berangon, Mirentxu, Jose Angel Goienaga, Mikel, Imanol eta Koldo, eta Iru Bilbokoak.

Bilboko Santutxun, "Ez dok amairu" osoa.

Deustuko "Garden Club" dantza tokian, euskal show andi bat izango da abuztuaren 22-an, gaueko amar ta erdietan. Dantza toki hau lehen mailakoa da, eta Bilboko guztien artean barriena. Dantza bitartean abestuko daben euskal kantariak honeexek izango dira: Estitxu, Andoni, Jon Libarona ta Xabier Zamudio.

Gipuzkoako Alegrian, kantari barrien sariketa bat egon da. Bakarkako txapeldun, Juan Carlos Garitano, Antzuolatarra. Bikoteetan, "Biok bat", Tolosar neskak. Epaimahaikoak, Jose Mari Altuna, Miguel Irigarai eta Manuel Urbieta izan ziran.

"Araba" Gazteizko kantari taldeak, Arrasaten (Mondragoen) emon dau kanta saio bat.

Nicanor Zabaleta, arpa jotzaile ospetsua, "Real Sociedad de Amigos del País" alkarteko bazkide egin da. Sarrera itzaldia "La música de arpa en el siglo XVIII" gaiari buruz izan zan.

Tafallan, "Ez dok amairu" taldekoak egon dira.

***

Luis Castresana, bizkaitar erdal eskritorea, Londresera bidaldua izan da, "Pyresa" eta "La Voz de España"-ko korresponsal bezala.

"Auspoa" editorialak beste liburu bi atera ditu: "Zubeltzu" (Debako Itziarren jaio ta orain Motrikun bizi dan Jose Antonio Soraso bertsolariaren jaiotetxearen izena); eta "Alkain" (Urnietan jaio ta ildako bertsolaria). Eskatzekotan: "Auspoa" Santa María 2, Tolosa, Guipúzcoa. Ale bakoitza 50 peseta.

"Programme des fêtes au Pays Basque". Izen honekin argitaratu dabe liburuxka bat Ipar Euskalerriko "Le comité de coordination touristique au Pays Basque" alkartekoak.

Salbatore Mitxelena poetari eskainita* dago azkenengo JAKIN. Idazleak: Juan San Martin, Azurmendi, Txilardegi, Villasante, Torrealdai, Etxaniz eta Lekuona. Urrengo alea, JAKIN-en zuzendaritzak dinoanez, Rikardo Arregiren lan autatuekin* osoturik etorriko da.

"Otoizlari" liturgiazko aldizkariaren 57-58 alea argitaratu barria da. Jakina danez, Beloken ateratzen da, Beneditanoen ardurapean.

***

Baztandarren Biltzarra izeneko jaialdia Elizondon egiten da urtero uztailean.* Aurten, meza barruan bertsolariak eta ezpatadantzariak egon ziran. Arratsaldean, karrozak, dantzak eta beste jai batzuk. Parte artu eben erriak: Almandoz, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Berrueta, Ziga, Elizondo Elbetea, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz, Oronoz, Maia ta Mugaire. Bazkari denboran, Nafarroako Gobernadoreak itz egin eban, eta beste gauza batzuen artean esan: "Poztuten naiz, zuekin, lau euskal probintzietako jendeekin egoteaz. Ni ez naiz euskalduna, baina bai nire emazte ta semeak. Eta hauxe bakarrik esan neiskizue; Agur, eskerrik asko". Berarekin batera Miguel Urmeneta Diputadua egoan.

Angel M. Hualde, Elizondoko alkate jaunak esan dau: "Laster batean lantegiak ugari izango dira Baztanen, eta jendeak ez dau erbestera iges egingo". Itz honeek esandako jaialdian, "Ez dok amairu" osoa egoan kantari.

Azkoitian, Mancisidor Iciar zapatagintza tokian, suak erre zituan oinetakoak. 15 bat miloiko kaltea egin ei dau.

Amurrion (Araban), eskola bat jarria izan da, Etxaguen, Azkoaga, Untzilla eta Erribarriko umeentzat.

Nanclares de Oca, Arabako erritxoan, eskola nagusi bat eraiki barria da eskualde* haretako aurrik* gehienentzat. Gauza berbera egin dabe Ribera Baja eskualdean, eskola nagusi bat Rivabellosan jarriaz.

Bilboko kontratistak, Udalak* 1969-ko urtarrilaren 1-ean agindu bezala, etxe barriak egiterakoan, kotxeentzako egontokiak egitera behartuak dira.

***

Iruñean, alfabetatze saio bat eratu izan dabe "Real Sociedad de Amigos del País" alkartekoak. Nafarroako uriburuan, fraileak ere* euskerarekin zerbait arduratzen asiak dira. Honetaz, hango gure korresponsalak zerbait idaztekotan dira. Ez atzeratu!

Elizondon, euskal jota-dantzarien sariketa bat izan da. Txapeldun, Ondarroako Osa Etxaburu bikotea. Txistularia, Arizkuneko Maurizio Elizalde izan zan. Mahaiburukoak, Joseba Arrieta Bilbotarra, Mariano Izeta Baztandarra, Eduardo Zapirain Errenderiarra, eta Dionisio Unanue Baztandarra.

"Argi izpi bat", Aldo Benedettik egin eta Amasorrainek euskeraz jarritako antzerkia Bergaran emon izan dabe Errenderiar "Ernai" taldekoak.

Tafallan, bertako jaien barruan, "Txikilandia" izeneko umeen jai bat ospatu da. Artajona, Corella, Alsasua, Estella ta Iruñeko nafar umeekin batera, Zumarraga ta Urretxuko giputz aurrak* alkartu ziran. Jai hau oraintsukoa da, eta indar aundia artzen doa Nafarroa aldean.

"Zauritutako lorea", Pedro Sarriegik egindako antzerkia, Zumaian emona izan da, Urnietako "Egi Billa" taldekoak jokalari zirala.

"Argia" Donostiar dantzari taldeak, agertzen dan toki bakoitzean, jendea ez aspertzeko aina ondo dantzatzen daki.

***

Antonio Valverde, "Aialde", il izan da uztailaren* 29-an, Oiartzunen, 85 urte zitualarik. G.B. "Con fondo de Txistu" eta "Ibar ixillean" liburuen egilea da. Eta Pio Barojaren nobela bat euskeratu eban, "Mari beltxa" izenburua jarriaz. Pintoretzan ere* lan aundiak egin ditu, eta Euskalzaindikoa zan.

Anjel Zelaieta


Elizaren Inguruan

Fraileburu il zan gauean

Fraileburu il egin dabe, eta itsasora joateko bidea itxi egin dabe. Elizako torrean ezkilak ordu batak jo ditue. Erriko jendea molla aldean dabil, itsasoari begira, eguzki beroa euren gorputzetatik neguaren otza kentzen ari* dan bitartean. Kaiorik* ez, baina erri guztia marmarioan arrainaren zain. Elizako torrean ezkilak geldiro geldiro ordu batak jo ondoren, molla guztia bizi bizi asi zan lanean. Tresnak alde batera eta bestera zelangura joiazan, mila zarata ateraz. Gizonak, baporetik mollara, mollatik baporera, kamioiak arrainez betetzen. Andrak, sare konponketan. Itsasertza, zaragata bizian. Danak, lanaren indarrez itsasoari lapurtuta, lurra arrainez betetzen.

Zaharrak molla gainean, lanez beterik ebiltzan beso hareen aurrean, irribarre goxo bat ezpanetan, bihotza gaztezaroko oroipenez betetzen zan bitartean. Orain, gazteei lan egiten uzten, eta bilobei itsasorantz daroan bidea erakusten. Itsasoa, erriaren beharra. Itsasoa, erriko gizonaren paradisu izerditsua.

Erriak tankerea moldatzen doaz. Erriak zabaltzen, aunditzen doaz. Arrantzaleen biziaren zentzua itsasoa da. Euren molla zabaltzen, nasaitzen, aberasten ikusi nahi leukee; euren ametsen itsasoa, zabalagoa, nasaiagoa da.

Baina ordu batak luzaroan jota egozan. Gizonaren ametsak alde batera utzita, instante batean Fraileburuk lurra jotzen dau eta hor datza* luzaroko loan. Erria kaioz beterik gelditu zan; gizon eta andrez utsik gelditu ondoren.

Gaua zan. Argi batzuk biztu ziran, bat, bi, iru, beharbada lau, baina ez gehiago, nahikoak baitziran* gauaren iluna ikusteko.

Eta itsaso argitua eta itsaso itzala bat egiten diran lekuan, gau haretan Fraileburu ilda egoan parean. Iru muertoak, erdoiez orituak, ezin egonean alde batera eta bestera mugitzen ziran mariaren gora-beheran, batzuetan itsasora urbiltzen,* besteetan itsasotik urruntzen.

Aize bat, itsasotik lurrera joan-etorrian. Atxetako olatuak erdi lotan. Kaioak, burua galduta, aize tartean, itsasotik lurrera.

Iru muertoak pixkana pixkana alkartzen joiazan, argia eta itzalaren muga asten dan izkinan. Iru muertoak alkartuta gero, gorputz bat sortu zan. Beso luzeak, oin luzeak, ule luzeak zituan hain luzea zan-gorputz isilak. Biluzik egoan, eta ez dakit gizona ala andrea zan. Beharbada ez eban sexorik; bakarrik titi punta luzeak nabaritzen* jakozan bular aldean. Orduak igaro zituan, erdi lotan bezala, muertoarekin batera alde batera eta bestera mugitzen, mariaren gora-behera batzuetan itsasotik urruntzen, besteetan itsasora urbiltzen.* Gorputza, dantza ero bateri asiera emoten ari zan bitartean, zotinka esnatzen joan zan.

Uleak, aizearen zurrunbiloan nahastuak. Besoak eta oinak dantza izan nahi eben ibilera lardatzean. Bihur bihur eginda, gorputza ez zan gehiago gorputz nabaritzen; eta bere zotinak, garrasi izugarri bihurtu ondoren, itz egin eben:

"Ez egin lo. Fraileburu il da.

Luzaroan ez dozue jaberik somatu, eta itsasoa arrainez ugaria zan.

Ez dozue goserik izan, eta libreak izan zaree zuen lanaren indarrez.

Gaur etsaiak* sartu dira, zuen nahiak ukatzen, zuen ametsak zapaltzen, zuen libertadea lotzen.

Zuen baporeak molla txikiegian ito egingo dira.

Etsaiak itsasoa ostuko deutsuee euren jolasetarako, eta ez dozue arrainik izango.

Ez egin lo. Fraileburu il da, eta libertadearen bukaera asi da."

Goizaldean erria lanerako jaigi zan. Zaharrak bakarrik lotan jarraitu eben: ez eben esnatu nahi, ez eben ikusi nahi erriko gazteak eguneroko molla txikian isil isilik lan egiten, Frailebururen ordez inok eskatu ez eban-etxe barri bat egiten ari* ziran bitartean.

AMAIA LASA


Elizaren Inguruan

Bizkaiko Elizatik

Ignacio Bilbao abadeari omenaldia

Getxoko Erretore dan abadeari omenaldi bat egin jako abuztuaren 2-an. Jaialdi honetan parte artu ebenak goren mailakoak izan ziran: Antonio María Oriol Juztiziako Ministrua, Fernando Ibarra, Eugenio Beitia Gotzaina, Pedro Aristegi Diputazinoko Lehendakaria, Faustino Pereira Gobernadorearen ordezkoa, Pedro de Zubiria Getxoko Alkate jauna, Pilar Kareaga Bilboko Alkate andrea, eta inguruetako erretore jaunak. Bilboko Gotzainak bere agurra bidaldu eban, baina ez zan bertan izan, zeharo lanpetuta egoala ta.

Bazkaritan, Pedro de Zubiria, Antonio María Oriol eta Jose Etxandia Durangoko Santa Ana elizako erretore jauna mintzatu ziran, azken abade hau bertsotan gainera.

Rafael Agirre ikasketak egiten

Rafa Agirre izeneko bilbotar abade gaztea, Derion apaiz egina, Erroman egon da, Liburu Santuetaz ikasketak egiten. Orain lizentziatura dalako hori lortu ondoren, aipaturiko gaiari barriro ekitera Jerusalemera joateko ei da.

Seminarioaren zuzendaritzarako auteskundeak

Derion dagoan Bilboko Seminarioan, zuzendari edo erretore barria jartzeko auteskundeak izan dira. Aukeratze honetan abadegaiak eurak ere* parte artu ahal izan dabe; baina, hain memento* desegokian eta bat batean izan dan ezkero, ez dabe, esateko, batere parterik artu. Zuzendari barritzat Mikel Saez de Cabezón, Ermuko semea, autatu* dabe. Igaro dan urtean ere berau izan da; baina, egia esan, "irukote" baten artean gobernatua izan da Seminarioa joan dan urtean, eta aurrerantzean ere halan izango dala uste da. Irukote hau Ander Manterola, Mikel Saez de Cabezón eta Juan Maria Uriarte abade gazteak osotzen dabe.


Elizaren Inguruan

Elizgizonak

Abade barriak

Angel Larrañaga, Azkoitiko semeak, apaizgoa jaso dau joan dan uztailean,* Azkoitian bertan. Abade barri hau Salesioanoen Ordenakoa da.

Azpeitian apaizgoa jaso dabe, Argaia Gotzainagandik, Miguel Garmendia eta Venancio Otaegik.

Gotzain barria

Jabier Azagra Labiano, 19923-an Iruñean jaioa, Murciako Gotzain Laguntzaile izentatu barria da. Iruñeko Obispaduan kargu andiak izan ditu. Gaztetan, Bilbon, inginadoretza* ikasi eban.


Jakin eta Ekin

"Batasunaren Kutxa"

ANAITASUNA-ren zenbaki hau euskal irakurleen esku artean dagoeneko, "Batasunaren Kutxa" liburua ere argia ikusita dago. Gure asmoa liburu horri kritika bat egitea izan da, baina oraingo memento honetan gaitz da hori. Orain grina denboran gaude; urak uholdean datoz, uher eta nahastean daude. Kritika zintzo bat egiteko ordua ez da hau; hura egiteko, grinak baretuko diren arte, urak garbituko eta mantsotuko diren arte itxadon beharko da.

Hala ere, Kutxa horri bere jaiotzean agur egin nahi diogu; eta gure aldetik ezer kendu eta gehitu gabe, LUR editorialak bere irakurleei egindako presentazio hitzak kopiatzen ditugu. Berez nahiko argi eta prestu hitzegiten baitute:

Liburu honetan agertzen diren gramatikazko legeak Euskal Idazleen Elkarteak Luis Mitxelenaren gidaritzapean erabakita baldin badira ere, ederki kontsidera liteke Euskal Herriak hartutako erabakiak direla. Liburu hau, erabaki hoien gainean, Gabriel Arestik eta Xabier Kintanak idatzita baldin bada ere, ederki kontsidera liteke Euskal Herriak idatzitako liburua dela. Euskal Idazleen Elkartea (eta haren barrenean daude lehen aipatutako hiru izenak), Euskal Herriak sortutako frutua baita, eta, egiatan, berak sortutako frutu bakarra.

Hau ez da liburu bat. Hau liburu baten hazia da.

Orain arteko lana, amankomuneko lan bat izan da. Inork ez du bere kriteriorik inposatu. Hemen hartutako erabakiak euskeraren zientziaren eta kontzientziaren gainean hartutako erabakiak dira. Berton parte hartu duten guztiek bere iritziak eta aurrera-iritziak utzi dituzte kalean Elkartean sartu baino lehen. Lan positibo batera etortzeko bide bakarra. Inork ez dio Euskal Herrian euskaltzale talde honi errendatutako zerbitzu hau behar bezala eskertuko.

Baina bidearen erdian gaude, edo hasiera hasieran. Denon artean, kolore eta edade guztietako euskaldun guztien artean, eman behar diogu bukaera hasitako lan honi. Denon artean hornituko, ugarituko eta bururatuko dugu ereindako hazia.

LUR editoriala, Euskal Herriari Euskal Herriaren gandik liburu hau eskaintzean, harrotasunez eta satisfazioz betetzen da. Horretarako sortu baitzen, herriaren zerbitzuan eta morrontzan egoteko.

Baina harrotasun honen ondoan, kezka bat daduka LUR-ek. Zeren Kutxa honen bigarren edizioa iragartzen eta jakin erazitzen du lerro hauetatik. Bigarren edizioan, oraingo hiztegiak, orain 6.000 hitz dituenak, 20.000 hitz edukiko ditu, eta adiztegia eta gramatika ahalik eta osoen agertuko dira.

Harrotasuna, zeren bere patu eta asturua kunplituko baitu horrela. Kezka, zeren orain arteko gaiztasunak eta ostopoak ugarituko direla baitaki.

Ikusten duzuenez, liburu honek konpromiso bat dakar berekin. Zeren 61 idazle-irakasle bere ohoreagatik konprometitu baitira Kutxa honetan ebakitako bideari jarraitzera, gure Herriaren historiarako inportantziarik goreneko Zin eta Mezu batean. Zin horrek, Mezu horrek, honela dio:

Euskal Idazleen Elkarteko lagun garenok, 1970-garreneko martxoaren 29-an, «Batasunaren Kutxa» liburuan agertzen diren euskerazko idaz-moldeak aztertu ondoren, erabakiok hartu ditugu:

1) Liburuaren argitaraziotik 1971-garreneko azken egun arte, hemen agertzen diren moldeez eta erregelez baliatuko gara.

2) Baldin ta firmatzaileengandik inor ados ez baletor bertoko edozerekin, bere gogara duena erabiltzeko eskubidea ukanen du, baina Kutxaren Giltzariei idatziz adierazita.

3) Bitarte horretan hartutako zuzenketa guztiak eta liburua bera, Mitxelena jaunari emanen zaizkio orduan Giltzarien eskuetatik, eta berak erabaki beharko duena behin eta betiko beteko dugu.

4) Premia horretan ikusi ditugu gure buruak, Euskal Herriaren ganako eginbide hau betetzen ez dela ikusirik.

5) Geure arteko batasun hau Euskal Herriari eta Euskaltzaindiari eskaintzen diegu, ontzat har dezaten erreguarekin batera.

6) Hemen hartutako erabakiak beteko ditugula zin egiten dugu, gure ohoreagatik.

Baionan, 1970-garreneko Bazko igandean.

Eibarren, 1970-garreneko lehen maiatzean.

ANAITASUNA

Gabriel Aresti

Xabier Kintana

Imanol Berriatua

J. L. Alvarez Enparantza

Juan Antonio Letamendia

Daniel Landart

Patxi Altuna

Ramon Kanblong

J. M. Torrealdai

Ibon Sarasola

Jose Luis Lizundia

Salbador Garmendia

Juan San Martin

M. Karmen Garmendia

Xabier Gereño

Ramon Saizarbitoria

Anjel Zelaieta

Xabier Lete

Jose Antonio Artza

Amaia Lasa

Patxi Urkizu

Anjel Lertxundi

Jon Zorrozua

Abel Muniategi

Mikel Ugalde

Kepa Enbeita

Xabier Mendiguren

Lurdes Gandiaga

Markox Amundarain

J. M. Beristain

Jose Mari Olanga

Iñaki Beobide

M. Karmen Aranburu

Andoni Sagarna

Jon Tolosa

Jose Mari Aranburu

Andoni Sarriegi

Jaxinto F. Setien

Jose M. Iturrioz

Begoña Arregui

Jabier Zubiaurre

Imanol Laspiur

Enrike Heras

Josune Txintxurreta

Xabier Zubizarreta

Jesus M. Amundarain

Bernabe Berezibar

Eduardo Larreategi

Iñaki Beristain

Jon Arginarena

Karmele Errotaetxe

Jose Luis Egireun

Juan A. Aroma

Patxi Zabaleta

Juan Zulaika

Begoña Etxeberria

Anton Santamaria

Iñaki Zumalabe

Norbert Tauer

Luis Mitxelena


Jakin eta Ekin

Anaitasuna-ren Aldaketak

Datorren irailaren* 15-ean beteko da urtea, ANAITASUNA hau ateratzen asi ginanetik. Egun horretatik aurrera, aldizkari hau Bilbon aterako da, eta uri nagusi horretan biziko gara. Era berean, 4 orrialde gehiago izango ditu, tamañoa pixka bat aundiago eta papera zuriago. Guzti honek gugandik ahalegin aundiak eskatzen ditu, batez ere diru aldetik. Ezer eskatzekotan, hauxe da eskatzen doguna: jendeari, arpidedunak ugaritzea; eskritoreei, artikulu onak idaztea; albiste emoileei, errietatik kronikak eta kritikak ere bai bidaltzea.

Zer esanik ez dago, gastuak aundituko diran ezkero, diru laguntzak ere* esker onez jasoko geunkezala. Mila esker!

ANAITASUNA


Jakin eta Ekin

Literatur tradizio baten bila (2)

(Euskera batuan)

Orain hogei eta hamalau urte, gerra hasi lehentxoago, ba zen irakasle zintzo eta argi bat, honetaz ere* konturatu zena. Haren izena Ibar zen, eta erderazko apologia bat egin zuen «Genio y Lengua» izenekoa, orduko abertzale askoren kritika latzak jaso erazi zizkiona.

Liburu hartan garbizalekeriak euskerari egindako kalteak salatzen ziren bortizki*, eta literatura zaharra hobeki ikusi eta estudiatzeko beharra predikatzen zen. Zoritxarrean, haren boza basamortuan ari* den haizearen modukoa edo itsasoan jausten den euriaren antzekoa zen, inork kasurik egin ez baitzion, eta are* guttiago gerraren etorreraz. Aipaturiko liburu hori asko irakurri da gazteen artean eta bibliogafia askotan agiri da, irakurgarri bezala. Merezi du, benetan, irakurtea. Liburu zaharra da, eta zenbait* puntutan pixka bat desfasatua; baina kontuan hartu behar dira egin zenetik hona iragan diren 34 urteak.

Hala ere, arrazoia eta egia ondo datoz garai guztietarako, eta orduan esanak gaurko egoeraz ere berriz esan daitezke. Irakurri beharra dugu literatura zaharra. Axularren GERO liburua argitaratu denetik hona, euskal literatura asko aberastu da, eta, ipar aldeko euskaldunen hitzak pittinka pittinka sartzean, pauso sendoak eman dira literaturaren batasunerako.

Baina egiaz esan genezake, Axular ezik, ez dugula inor besterik ezagutzen eskritore zaharren artetik. Bernart Etxepareko bera ere* argitaratua izan da, eta orain 400 urte baino gehiago egindako poema haiek gaur berriz irakurri ahal. Ba zen nor Etxepare hura!

Joanes Leizarraga artzain protestanteak 1570-garrenean argitaratu zuen «Testamentu berria» makinaz pasatzen ari* naiz, ortografia modernoan ipiniaz. Datorren urtean argia ikusteko dago. Hark bai zekiela ondo euskera eta ez guk. Makina bat gauzatxo eder ditu liburu sakratu horrek!

Lapurdin ba zen, Pedro Axularren garaian, Joanes Etxeberri izeneko apaiz bat, deboziozko liburu eder bat bertso bikainez egin zuena, egiaz irakurgarria eta ona.

Baina hoberenetakoa Joanes Etxeberri Sarakoa dugu, Axular baino ehun urte geroago bizi izan zen bat. Hauxe bai idazle fina eta jakintsua. Harrituta utziten gaitu gaur ere bere orduko lanen irakurteak, orain 200 urte baino gehiago eginak izan arren. Orduan egin eta 1900 arte ez ziren publikatu (honen arduratsuak ohi* gara euskaldunok kultur gauzetarako!.. Aurten LUR editorialak berriz ateratzeko asmoa omen du haren obra. Seguru nago ongi hartua izanen* dela berau, eta autore klasiko honek biziki eraginen dituela oraingo idazle gazte eta zahar guztiak. Izan, gutti ezaguna eta oso ona delarik, oraintxe idatzi balu bezala hartuko da eta influentzia zuzenago bat edukiko*.

Gipuzkoako idazle klasikoak (Kardaberaz, Mendiburu, Iztueta...) hobeki ezagunak zaizkigu, Auspoa editorialari esker. Bizkaikoak ez hainbeste; eta, Gipuzkoarrak beste ez badira ere, ezin uka daiteke berton ere idazle bikainak egon direnik (Mogel, Frai Bartolome, Añibarro, Etxeita...).

Zoritxarrez, puristentzat idazle hauek mordoiloak zirela eta ez zirela, hobe denak erretzea esaten zuten, eta horregatik kasurik egin gabe zokoratu ziren hain liburu baliotsuak.

Gaur maiz askotan esaten dugu: gazteek baino hobeto dakite zaharrek euskera. Egia galanta; arrazoiz esaten da hori. Gazteriak hitz asko eta esaera jator asko galdu eta galtzen ditu. baina oraingo aitonek baino hobeki beraien aitonek jakin zuten, eta oraino hobetoago oraingo aitonen aitonen aitonen aitonek, zenbat eta zaharrago erdal kutsu guttiago egongo zen eta. Beraz*, oraingo zaharrei mespreziorik egin gabe, askoz ere preziatuagoak zaizkigu lehengo zaharrak, are* jatorragoak ziren eta.

Uste dut mundu honetako edozein pertsona kulturadunek bere Herriko literatura ezagutu behar duela; eta oraindik gehiago, ondo idazten jakin nahi badu; eta zer esanik ez, idazlea izan nahi badu.

Euskaldunok ba dugu, ezagutu ez arren, literatura zahar eta on bat; ez gaitezen honetaz ahantz*, hitz berrien asmaketan hasi aurretik.

Uste dut, batasunerako, autore zaharrek ba duketela* oraindik zer esana, eta, hilik egon arren, gu baino jakitunagoak zirelako, errespetoz entzun behar ditugula haien eritziak. Komeniko lizateke, beraz*, editorialek ahalegintxo bat egitea, urte hauetan liburu zaharrok hauts petik atera eta argitara ekarteko. Guztiok esker haundiak emanen* genitikee.

Xabier Kintana


Jakin eta Ekin

Greziako iraultzaren poeta errikoiak

Gobernari autoritarioenak dira gehien gehien ahalegindu ohi* diranak, euren basakeria himno ta intelektual-olesen kortina artean apaindu erazoteko. Grezian, halan be, laudorio ta gorespen gutxi abestu deutsoe intelektualak eta poetak Militar Juntari. Baina, hareen partez, "erriak" goratzen ei ditu Agintariok eta "erreboluzino nazionala". Hauxe sinestarazo gura leuskigu behintzat liburu batek, (duda barik, azpitik Gobernuak berak lagundurik eta badaezpadan argitaratzaile izenbakoak baturik) egunotan argitaratuko eta eskoitiarrak Europan zabaltzen daben antologia batek.

130 idazle "errikoi" dira liburu hau egin dabenak: Greziako langile, nekazari, artisano, eskola ume ta irakasle, liburuaren itzaurreak jakin erazoten deuskunez. Holantxe idatzi ditu greziar erriak, bere kabuz* eta inok eragin barik, bere poema politikuak, Gobernuaganako atxikimendua* erakusteko. Euren Gobernuagazko eta erreboluzino nazionalagazko entusiasmoak horrexetaratuta bakarrik, idatzi be: "Gau batetan eta sekretu andian bost ofizial batu ziran Atenas urian. Ausarta* zan egiazko Bileraren* asmoa: ez zedila nagusitu Grezian komunismoa. Papadopoulos izentatu eben Buruzagi, ta Stylianos Pattakos bere Ordezkari; irugarrena, Makarezos, geometria asko dakiena Ministro egin eben, ekonomiarena".

"Poesia sozialaren" Erromako zubi* guzti bat da bene-benetan antologia hau. Zerurainoko garrasi bat. Baina zerena? Greziar abertzalekeriaren eta fanatismoaren santzo faxista nabari* da lerro bakoitzean:

"Grezia andi bat eraikitzen dogu,

ta ideia andi batek emoten deusku bizia:

ideia honek salbatu dau mundua,

sor dadila greziar kristauen Grezia!"

Holantxe daroe Juntako jauntxoak euren erria "inperioaren bidez Jaungoikoagana". Poesiaz adierazoten dan programa bategaz, gainera:

"Honexen preminan dago greziar nazinoa:

bakea, ordena, lana, familia ta erlejinoa".

Opiorik ez dago poesia honetan, izenagaz behintzat. Baina erlejinoa, zelan ez, parra parra edozein bertsotan:

"Holantxe zan Jaungoikoaren egunean,

apirilaren ogeitabatean:

Armada* ta Erria alkarturik doa

bere elbururantz*,

eta argia eskuan, guztien aurretik,

apirilaren ogeitabateko kaudilloa".

Lehenagoko fenomenu ezagun bat, egun bat berandututa, besterik ez da jazo Grezian: Papadopoulos "apirilaren ogeitabateko Buruzagia" ei da, eta apirilaren ogeian jaio zan Hitler.

Europako poesiak egunotan ikusten dituan barritasunen artean, arimea zapata azpiraino jausi eragiten dauan barritasun zahar hauxe dabil nagusi! Liburuaren itzaurreak berak aitortzen deusku, "erriaren musak" ez dauala tonu goitarrik lortu. Eta, halan be, ez dogu uste, poesia horreek argitaratzeaz poesiari ezelan egin ez jakon mesedea, Militar Juntari egin jakonik. Eta gutxiago greziar erriari.

JOSE AZURMENDI


Ezkerretik eskoira

Alkoholismoa

Euskalerriaren egoera

Izugarria da Espainia guztian alkoholismoaren problema, baina gure Errian izurrite* bildurgarri bihurtu da.

Numeruak indarrik badabe, hona hemen: zoro etxeetara sartzen diran 100-etik 40 alkoholak sarraraziak dira. Hau Gipuzkoan, eta Bizkaian 100-etik 38,47. Azaldu beharrezkoa dogu, zenbaketa honetan ez datozela euren gaitza isiltzen edo ez hain agiriko daben asko.

Bizkai ta Gipuzkoan, ileko jornaletik 100-eko amar edo amabost edaritan gastatzen da.

Igandea* zer izaten da gure errietan, taberna eguna eta mozkortzeko eguna baino? Zenbat gizonek egun osoa pasatzen daben mostradore aurrean! Zenbat guraso, euren semeak bihotz bihotzez maite dituenak eta gizarteko bizitzan behar bezalako bide bat emoteko izerdituko litzakezanak, alkohol kontrol baten faltaz euren ondorengoak enbenenatzen ari* diran!

Hala ere*, gure Errian ba dago beste zerbait, mozkor aundiak arrapatzea baino txarrago dana; ohiturazko edatea, zer egin ez dakigunean edatera joatea. Txikiteoak nori egiten deutso kalte ba? Eta ez gara konturatzen, ondamendirik negargarriena esku artean darabilgula.

Alkoholismoa zer dan

Alkohol-gaizduna, bere odolean behar dauan baino alkohol gehiago daroana da. Gizonaren gorputzak, osasuntsu eta gogor dagoanean, 24 ordu barruan litro erdi mahai ardo edan daike. Kasu batzuetan, batek asko jaten dauanean, apur bat gehitu leike neurri hau, baina iru lauren gaindu barik. Neurri honetatik gora, gorputz sendoenari ere* kaltegarri jako ardoa. Emakumearen organismoa iraupen gutxiagokoa da.

Edarien toksikotasuna

Sagardoak eta zerbezak alkohola dauke, baina ardoak baino gutxiago. Alkohol etilikoa eta beste alkohol mota daukezanak, gutxienetik gehiagora, honeexek dira: cognac, rom, txanpan, whisky, aguardiente, jinebra eta emakumeen likorrak deituak. Toksikotasun gehien daukenak, cocktail eta esentziak. Cocktail eta esentzien salketa, gure eritxiz, debekaturik egon behar litzake.

Zegaitik ardo zaletasun hori

Talde bitan jarriko ditugu ardo zaletasun horretara eroaten daben arrazoiak:

Alde batetik, gizarteko eta bizitza inguruko arrazoiak ditugu. Adibidez: propaganda, edatearen arriskuak ez ezagutzea, ardoa alimentu dala uste izatea, eta lan aundi ta neketsuetarako oso preminazkoa dala sinestea.

Bestetik, bakoitzaren izakerarekin lotuak dagozan arrazoiak: alkohola alaigarri ta anestesikoa da. Esate baterako, tristurak alaitzen ditu eta gogoa bizkortzen. Batek, bere bizitzako gora-beherak eta buruausteak arin eta erraz ahaztu ta baztertu gura baditu, hemen aurkitzen dau biderik egokiena.

Nortasuna ondo ezita ez eukitea, neke ta sakrifizioan gogortuta ez egotea, idealik ez izatea, horreexek izaten dira edan beharraren arrazoi andienak. Gure ustez, arrazoi inportanteena nauxe da: gizonak ezin dauala zoriontasunik aurkitu, bizitzako «arrazoi azkena» ahaztu daualako. Baina gaur ere*, atomika aro honetan, gizonaren bihotza Batek bakarrik asetu leike. Gizona ateismoan jausten ari* da, eta bere teknikan bakarrik fidatzen da. Jainkoa lehengo ipuinetako ahulkeria* bat iruditzen jako; baina gaur ezin dau inondik inora zoriontasunik aurkitu, eta alkoholera ta drogetara jo dau gizonak.

Ardoaren kalteak

Alkoholaren lehenengo kaltea, nerbioen sistema ondatuta uztea da. Gaitzak burura jotzen dau. Gibela zauri aundi bat bihurtzen da, eta bere eginbeharrak ezin ditu bete.

«Atrofia cerebral» eta «cirrosis hepática» edanaren ondorioak dituzu. Hau izan leiteke, nahiz eta bizitza osoan guztiz ez mozkortu. Nahikoa da, konturatu barik bere gibelak landu leiken baino gehiago edatea.

Horretaz gainera, lantegietako azidenteak (50 %) eta bideetakoak (75 %) gehiegi edateak ekarri ohi* ditu.

Lanerako ahal ezina, ilketak, indarkeriak eta seksual obenak* larregi edanaren galtzak dira.

Likorra bihotzarentzat, doping dalakoa korredoreentzat bezala da. Efektoak irauten dauan bitartean, dana doa ederto; baina, hau amaitutakoan, bihotza lehen baino okerrago geratzen da.

Orduan, galerazo egin behar da hainbat arinen ardorik edatea?

Bermeoko Instituto Psikiatrikoaren zuzendariak, Dr. Suárez de Puga jaunak, dinosku: «Ez dogu gura gizarte abstemioa, edaten dakian gizartea baino.

Edaten ikastea zientzia bat izan behar da; eta ez ikastea, erraza da gaur egunean. Baina derrigorrezkoa dogu ikastea, geure buruaren eta alboan dagozan personen maitasunagaitik, eta guraso guztiak semeen osasunaz daben erresponsabilidadeagaitik.

Maiz-Merika


Ezkerretik eskoira

"Sabidurensia, mucho Sabidurensia"

«Ancla» izeneko Santurtzeko kanta jaialdian izan ginan. Baina ez dogu hemen, bertan parte artu ebenen hain kalidade eskasa aipatuko (hau kritikaegile prestuago batzuen eskuetan uzten dogu), Jesus Prado jaunak, «Txomin del Regato» izengoitiz ezagunagoa danak, jaso eban txistu soinua baino.

Mundu guztiak ondo ezagutzen dauan gizon hau, etxe oneko semea, euskeraz egiten dauan jendea ze txarto erderaz mintzatzen dan irri ta burlaz erakusten ibiltzen da, erderaz ondo egin arren euskal «jakintzaren» zerbait falta jakenen lepotik barre egin beharrean.

Euskal jendearen pasadizuak oinarri bezala arturik darabilen «ziri-sartze» horreri, guzurrezkoa baizen kaltegarria dala deritxogu. Berak aipatzen dituan gizonak, edo ez dabe euskeraz egiten bajutzat joten dabelako, edo egiteko lotsa dira. Honetara, izketa bikaina benetan erdera da; eta euskera, barrlz, animaliekin eta belarrekin egiteko baino ez da. Bestalde, berak aipatutako gizonok, nahiz eta ezjakinak dirala konturatu, zoriontsu bizi dira, ezeren ardura barik, baserriko bizimodu paregabean sarturik, euren ortutxoko gauzatxoekin bakar bakarrik arduratzen diralarik.

Uste dot ezin geinkela ontzat artu holako «zirisartzerik». Gure ustez, bere zeregina ez dator erritik, eta mesederik ere* ez dakartso erriari.

Prado jaunak Santurtzen bere burua zuritu gura izan ebanean, berak Euskalerria biziki maitatzen dauala, eta penatzen dala euskera ez jakiteagaitik, eta euskal baserritarren benetako «sabidurensia» hori aztertzen eta ikasten saiatu dala esatean, beharbada aditzen emon nahi izango eban, euskera ikastea zaila dala, bere zeregina Euskalerriaren alderakoa dala, eta euskal baserritar jatorrak ezjakinak eta zoriontsuak dirala.

Oraindik lotsagarriagoa izan zan, entzuleak txaloka asi ziranean, atxakia honeek entzun ostean. Benetan penagarria, hainbestean egia ta guzurra aldrebestea. Eta guk ez dinogu Prado jauna gure gogokoa danik edo ez danik, bere zeregina onartzen ez dogula baino.

NATXO de F.


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

AHANTZI, ahaztu.

AHUL, makal.

AHULKERIA, makalkeria.

ALEGIA, a saber.

ARE, oraindino gehiago.

ARI IZAN, jardun.

ARKAZI, acacia.

ARMADA, ejército.

ASTEARTE, martitzen.

ATXIKIMENDU, lealtad, adhesión.

AUSARDI, valentía.

AUSART, valiente, atrevido.

BAIKAGOZ, bait gagoz, gagoz eta.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITZIRAN, bait ziran, ziran eta.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALAXE, behingo behingoan.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BILERA, batzar, Junta.

BORTIZKI, sendo.

DATZA, (etzan aditzaren forma), yace.

DATZAZ, dagoz, yacen.

DUKE, dau nonbait.

DUKETE, dabe nonbait.

EDUKI, euki.

EGITURA, estructura.

EGUNKARI, eguneroko periodiko.

EMANEN, emango, emongo.

ERE, bere, be.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

GAINDITU, superar, vencer.

ETSAI, arerio, enemigo.

HARBEL, pizarra.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HELBURU, fin, objetivo.

HOBEN, pecado, crimen.

HURBILDU, urreratu.

IGANDE, domeka.

INGINADORE, ingeniero.

IRAIL, septiembre.

IZANEN, izango.

IZURRITE, peste, plaga.

KABU, iniciativa, determinación.

KAIO, gaviota.

MALGU, muelle, afeminado.

MAULE, Mauléon.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

NABARI, patente, notorio.

NABARITU, advertir, notar.

OHI IZAN, soler, acostumbrar.

OMEN, ei.

UDAL, Ayuntamiento.

UKAN, izan, euki.

URKI, abedul.

UZTAIL, julio.

ZENBAIT, batzuk.

ZUBI, puente. Erromako zubi, arco iris.

II. Idazteko modua

Txarto:

Aberetalde baten antzekoan bihurtu jaku gizartea.

Ez dakit gizona edo andrea dan.

Edarien salketa, nire ustez, debekaturik egon behar leuke.

Ezin geinkegu horrelakorik ontzat artu.

«Ziri-sartze» hori, guzurrezkoa dala deritxat.

Guk dinoguna ez da Prado jauna gure gogokoa bada edo ez bada, ezpabe ze ezin dogula onartu bere zeregina.

Ondo:

Aberetalde baten antzeko bihurtu jaku gizartea.

Ez dakit gizona ala andrea dan.

Edarien salketa, nire ustez, debekaturik egon behar litzake.

Ezin geinke horrelakorik ontzat artu.

«Ziri-sartze» horreri, guzurrezkoa dala deritxat (nahiz deritxot).

Guk ez dinogu Prado jauna gure gogoko danik edo ez danik, bere zeregina ezin onartu geinkela baino.

Imanol Berriatua


Konsumoko gizartea eta idealak

(Euskera batuan)

Konsumoko gizartean bizi gara. Publizitate handi batek gau ta egun zera esaten dauku: "Eros ezazu hau, edan ezazu hori, jan ezazu hura". Hitz batez: "Eros ezazu, konsumi ezazu".

Gaurko jendearen ideal bakarra telebisioaren aurrean egotea dela esango nuke, automobilean ibiltzea, kafeteria eta klubak betetzea. Hau da, konplikazio guztiak bazterturik, ahalik ondoen bizitzea.

Orain direla bi urte, Jose Luis Etxegarai zenarekin elkarrizketa luze bat ukan* nuen; eta, leihora hurreratuta, kalea seinalatu zeutan.

— Ikusten duzu jende hori?

Eta kalean zehar zoazenak ikusten geratu nintzen. Neska lirain bat, azken modako jantziekin eta ibilkera nabarmen bategaz. Ondo jantzitako gizon bat, korbata ta guzti, eskuzko kartera batekin, prisaz. Ama lodikote bat, bi haur* besoetan. Mutil gazte bat, blusa urdin, bizikletan, otzare batean boteila ta pakete batzuekin, lehen esan dugun neskan txistu egiten.

Holakoak eta bost ikusi nituen. Beren aurpegietan ez nuen ezer espezialik nabaritu*. Bakoitza berera zoan. Horrela goaz guztiok. Bakoitza berera. Eta egoismoaren irudia etorri zitzaidan burura. Bai, hauxe zen Etxegarai adiskideak esan nahi zeutana.

— Ikusi dituzu? Eta merezi ote dute horrelakoek idealista batzuk sufritzen egotea?

 Etxegarairekin egindako elkarrizketa hartako ideia bat baino gehiago "Arantza artean" nire nobelan sartu nituen.

Atzo azken egunotan asko sufritu duen adiskide batekin hitz egin nuen. Idealista bat zen, eta guztiz desmoralizatua ikusi nuen. Etxegarairen galdera berbera: "Merezi ote dute gure sakrifizio hau?

Aberetalde baten antzeko bihurtu zaigu gure gizartea. Aberetalde baten gisako bilakatu* zen Erromako Inperioa, eta hondatu egin zen. Zergatik ezin dute Estadu Batuek vietnameko gerla irabazi? Ez ote da Amerikano gudariak idealik gabe bizi direlako, eta, konsumoko gizartearen semeak izanik, sakrifizioa ezagutzen ez dutelako?

Gure konsumoko gizarte honi ideal garbi bat ematen ez badiogu, egoismoa gainditzen* erakusten ez badiogu, gizarte hau kemenik gabea izanen* da, ahula*, malgua*. Eta zorionik gabea. Bai, zorionik gabea. Benetako zoriona, barrutik datorrena, ideal baten zerbitzeak bakarrik sortaraz lezake ta.

Lehen mendeetako kristau martiriak Erromako Koliseoan lehoien atzaparretan hiltzen zirenean, zoriontsuak ziren, ideal bategatik hiltzen zirelako. Eta odolez beteriko kristau haiek mila bider zoriontsuagoak ziren, gaur gure kafeteria eta klubak betetzen dituztenak baino.

Xabier Gereño


Bilbao Athletic futbol taldearen batzar nagusia

"Hotel Aránzazu"-n alkartu ziran, joan dan uztailaren* 30-ean, Bilboko Athletic taldeko zuzendaritzakoak. Biltzar horretan autatu* zan bezala, aurrerantzean Jose Ignacio Zarza izango da klub horren jerentea. Jaun hau bilbotar ekonomista ospetsu bat da, eta "Ediciones Deusto"-ko zuzendari izana.

Igaro dan urteko futbol sasoian, 103.312,56 pesetako "superavit" izan dau klub honek. Futbolistei jornaletan emondakoak, 38.241.000 peseta izan dira. Oraa jaunak, klub honen lehendakariak, aditzen emon eban, Lezamako erri barruan lurralde batzuk erosi dirala, entrenamenturako zelai eta gainerakoak atontzeko. Geroago batean, San Mameseko futbol zelaia desegitekotan dira, eta Txorierrin egin beste bat, komunikazinoak obeagotzen diranean. Gaurkoz, San Mames bera aunditzekotan dira, horretarako futbol zelaiko auzotarrak jartzen dituen trabak gainditzen* diranean.


Aitorren izkuntza zaharra... Linguistika ta euskera

Patxi Altunak antolaturik, Mitxelena jaunak itzaldi batzuk emon izan ditu Donostiako E.U.T.G.-en (Estudios Universitarios de Guipúzcoa), uztailaren* 8-tik 14-erarte. Bi irakastaldi egunero. 200 peseta eguneko.

Nik entzun nituan itzaldiak erderaz izan ziran; gero, alkarrizketa euskeraz nahiz erderaz.

Baionako Astean mota askotariko gaiak aipatu ziran, ia danak azalez. Hemen gai bat bakarra: Linguistika. Baina sei egun ez dira nahiko, Linguistika "diakronikalki" (mendean* mendeko aldaketak) eta "sinkronikalki" (oraingo aldaketak) ikusteko. Gainera, maila askotako jendea bildu* ginan. Hau eragozpen bat zan, eta alkarrizketak ez ziran behar zan besteko biziak. Zenbait* gauza batzuentzat jakinak eta errazegiak ziran; beste batzuentzat, barriz, ulergatxak. Honelako itzaldietan, astirik ez galtzeko, maila bardintsukoa izan behar litzake jendea. Ez dot uste, Donostian hori jazo zanik.

Mitxelena, "gramática normativa"-n sartu zan. Nahiko luzatu zan, Saussure izkuntzalariaren (izkuntza/izkera ta sinkronia/diakronia) dikotomiak azaltzen. Jakina danez, Saussureren garaierarte izkuntzalari guztiak "gramática histórica"-z (diakroniaz) jardun eben. Ginebrako gizon honen erakusketa aundia hauxe izan zan: izkuntza sistema bat dala.

Nire ustez, Mitxelenak pixka bat azalez aipatu eban estrukturalismoa. Jakina, dana sakonkiro azaltzeko astirik ez. Gure izkuntzan oraindino oso gutxi landu dogu estrukturalismoaren arloa. Nik uste dot, eta ikusten ari* naiz, ondoren nahiko onak atera leitekezala arlo honetan ere*. Azaleko egituren* barruan beste egitura sakonagoak datzaz*, eta horreexek bilatu behar ditugu; gainera, azaletik barrurako bideak asko erakusten deuskue, batez ere fonologiaz.

Oraingo izkuntzalarien artean, Chomsky batez ere goratu eban, eta haren lanbidea: transformazionalismoa. Baina ni neu bildur naiz gauza bategaitik: tranformazionalismoa konprenitzeko, nire ustez, estrukturalismoa ere jakin behar da, izkuntza sistema bat dala, egituren sistema bat daja ahaztu barik.

Ilaren 13-an azaldu euskun gaia, oso interesgarria izan zan: Izkuntza/kultura artuemonak. Baina orain ezin geinke horretaz ezer esan, gaia luzeegi baita.

Urrengo egunean, azkenengoan, Mitxelena jaunak oso garbi erakutsi euskun munduko izkuntzen klasifikazino bat (W. A. Stewart-ena).

 Standardization Autonomy Historicity Vitality

Standard + + + +

Classical + + + 

Artificial + +  

Vernacular  + + +

Dialect   + +

Creole    +

Pidgin    

Klasifikazino honetan, euskera "vernacular" bezala agertzen da, estandardizazinorik edo batasunik ez dauka ta. Beraz*, gure izkuntza salbatu gura badogu, estandardizazinoa edo batasuna emon behar deutsagu.

Mitxelenak, euskal aldizkari batzuek izenpeturiko "Erabaki Nagusia" irakurri euskun; eta argi ta garbi esan euskun, izkuntza arazoetan erriak ez dauala inoiz lehen itza euki, azkena baino. Izan ere, erriak onartu edo errefusatu egiten ditu proposatzen diran erak; baina berak ezin leike ezer proposatu.

Honetan amaitu ziran Donostiako itzaldiak. Aita Altunak esan euskunez, datorren irailaren* azkenetan izango dira beste itzaldi batzuk, Donostian bertan, euskera batuaz. Merkeago izango ote dira?

Nire ustez, Baionako Astea praktika utsa izan zan. Donostiakoa, oso "abstraktoa". Nire eritxiz bien bitartekoa behar dogu: Linguistika aplikatua, alegia*. Oraingo egunetan, eta euskera irakasteko batez ere, horixe dogu behar beharrezkoena. Iraileko itzaldietan ikusiko ote dogu hori?

KARMELE ERROTAETXE


Andereño laguntzaileen ikastaroa Loiolan

Loiolan, hainbeste arrazoigaitik hain ezaguna dan Azpeitiko txoko honetan, Euskalerri guztitik alkarturik, 270 andereño bildu* dira abuztu honen lehen partean. Gehienak giputzak dira 180 guztitara. Gero bizkaitarrak, 50 bat. Nafar eta arabarrak 12 edo izango dira, eta beste aldekoak 3. Numero honeek ez dira zihurrak, biribilak baino; baina gutxi gora-behera ontzat emon leitekez. Dana dala, 270 andereño han alkarturik ikusteak, pesimistarik aundienari ere* itxaropen sendo bat biztu erazoten deutso.

Ikastaro hau 12 egunerako da. Abuztuaren 2-tik 14-arte. Matrikulatzea 1.000 peseta kostatzen da, eta eguneroko pentsinoa 125. Eta gero, gaztediak idealik ez daukala esango dabe.

Ikastaro hau eratu eta aurrera eroan dabenak, Lasa abadea eta Oñatibia jauna izan dira, zenbait* gaztek asko ta asko lagundurik. Aipatutako gizonok, edadez ornidu samarrak, beharbada gazteakandik zerbait urrunduta egongo dira, baina biok langileak.

Bestalde, andereñoen artean auteskunde batzuk egin dira Askotariko karguak ditue, ikastaro hau obetoago ta biziago joan daiten. Maisuen eta ikasleen ordezkari bezala, andereño bi autatu ditue: Kristina Mardaras bizkaitarra eta Mari Karmen Oiarbide giputza; honeen bidez behekoak aditzen emon leiskioe goikoei euren kezka, ardura, gurariak, eta abar.

Itzaldietan, jakina danez, andereñoei euren zeregina bete ahal izateko gehien ardura deutsena erakusten da: hau da aurrei* eskolak emon ahal izateko behar dituen jakintza eta tresnekin ondo baliatzea. Fuster jauna zuzendari dalarik, katalan ekipo batek daroa maisu lan hau. Gero, Urbietak musikea, R. Urretak solfeoa, J. A. Urbeltzek dantza eta ritmoa, Joakin Otaegik sikologia, M. G. Garmendiak euskera batua, Maria Reyesek erlejinoa, I. Izagirrek esku lanak, eta M. Zugadik espresinoa. Azken honeek euskeraz egiten dabe. Lehenengoak erderaz; baina titulo eta zenbait* itz, sarri erabili beharrekoak, euskeraz ipinten ditue.

Itzaldi bakoitzaren ondoren, andereñoak taldeka banatzen dira, alkarrizketa eta kritikak egin ahal izateko. Entzule uts izatetik, izlari izatera pasatzen dira. «Eta kalean —esan eusten eurak—, tabernan nahiz bidez bide, oraindik izlariago gara, geure arazo eta kezkak garratzago erabilten baititugu».

Kronika labur hau egin ahal izateko, Azpeitira urbildu* ginanean, Loiolako Ejerzizio Etxea «ikastola» bihurturik aurkitu genduan. Ormetako letreruak euskeraz jarrita egozan, eta H-kin gainera. (Lasa ta Oñatibia jaunak, derrigor antza, gaztediaren esanetara bihurturik egozala iruditu jakun). Non nahi agertzen ziran eskola tresnak: paperak, kartelak, pinturak, irudiak egiteko pastak, eta abar. Neskak, barriz, euren izakera bereziari jarraituki, mila moduzko soinekorik desbardinenekin jantzirik, euskeraz egiten eben. Batzuei «ika» entzuten jaken. Loiola, 1529-an Iñazio Iruñean zauritu ondoren, Jesusen Lagundia sortu zan ezkeroztik munduan barrena erlejiosidade berezi bategaitik hain ezaguna dana, memento* honetan euskal maistren ikastola bihurturik egoan, Euskalerriko larrosarik promesgarrienak barruan zitualarik.

A. ZELAIETA