ANAITASUNA

1976.EKO UZTAILAREN 15 EKOA

321. ZENBAKIA

25 PTA


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

foruek, 100 urte: amnistiak, zenbat?


AURKIBIDEA

3 Editoriala

4 Tantaka

5-23 FORUAK

5 Foruak zer diren

6 Foru berriak

7 Soberania errespetatu

8 Gauzak mailaka

8 Hego-ipar lokarriak

9 Askatasunaren gorputzera

10 Foruak gaurkotzeko zenbait baldintza

13 Euskal foruak Espainiako Gorteetan

15 Foruak, karlistak eta liberalak

17 Foruak ipar aldean

19 Bi mende

20 Foru burruka gaur

22 Augustin Xaho karlistadan

23 Foruak: mito eta errealitate

EUSKAL HERRIAN

24 50.000 lagun Donostian

25 150.000 manifestari Bilbon

26 Santurtzin ere odola

28 24 ordu pezetaz

30 S. Marzialetako tiroak

30 E. S. B. Bizkaian agertu da

31 Donostia eta Pasai Antxo

31 Galeusca Pasaian

32 Iruinea

33 Hizkuntzalaritza eta literatur mintegia

34 Nuklear zentralik ez

35 Medikuntz fakultatea eta selektibitatea

ERLIJIOA

36 Amnistiaz

37 Postaz etorriak

38 Zapaburu birbiztua

38 Hizkuntza

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga.

Moldiztegia:

Eléxpuru Hnos. S. A.

San Martin, 153 - ZAMUDIO

Depósito legal: BI 1753-1967


Editoriala

1876-1976. Ehun urte forurik gabe

Inork hala erabaki gabe, Euskal Foruen urtea dela aurtengo hau esan genezake. Han eta hemen egin diren bilkurak, eman diren hitzaldiak, arazoak harrotu dituen iskanbilak lekuko. Zenbait erakundek eta taldek postura hartu dute, zenbait pertsonaien jokabidea ere hobekixeago ezagutzen dugu orain. Nonahi hedatu diren eskabideen artean, ezagunenak Udaletxeenak dira, Bergarakoa aurrelari izan delarik. Ekarriko al du ondorenik burruka honek!

Uztail honen 21ean dugu hain zuzen Lege Zaharra erauzi zutenaren Mendehurrena. Eta mendehurren hau dela eta, egun hautan ospakizunik ez da faltako. Protesta girokoak izan beharko, 1876an gertatua ez baita guretzat festagarri. Urte horretan Foruen azken aztarrenak Canovas-ek desegin zituelarik, geroztik izen horrekin ezagutu ditugunak izena dute holakoa, ez izana.

Foruekin batean, nolabait esateko, bere buruaren jabetasuna galdu zuen Euskal Herriak. Honek ikaragarri baldintzatu du herriaren egoera eta etorkizuna. Izan ere, bere erakundeak galduz gero eta askatasunik eskasena zuen garaian gertatu izan dira Euskal Herriarentzako hain garrantzizko diren gertakizun batzu, adibidez, industriakuntza eta demografiazko mugimendua,. Euskal Herria hazi, berritu, aldatu eta indartu den garaian, herriak berak ez du hori bere gisara gidatzerik izan.

Baina zer dira Foruak? Ezagutzapen horretantxe sakontzen laguntzeko eratu dugu, ba, zenbaki hau. Hau gertatzen baita: gutako gutik dakiela Foruen berri zehatzik Eta nola jakin ere, geure historia ezagutzea sistimatikoki ukatu egin bait zaigu? Urrutiko eta herri arrotzen historia, eta Madrilekoa eta Parisekoa, geurea baino askoz ere ñabardura gehiagorekin erakutsi digute. Foruak zer ote, beraz?

Honentzat, Foruak mito eta amets dira. Harentzat, gobernu modu arkaiko bat. Hirugarrenarentzat, Herri gobernu demokratikoa.

Gaur egun, Foruen aldeko burruka aurrera eraman nahian dabiltzanen artean gauza pare bat nabari da: antizentralismoa, Euskal Herriari dagozkion erakunde premia, eta Foruak oroitgarri bailiran ez baino funtzional eta erabilgarri bezala hartzeko erabakia. Gure inguru soziala, kulturala, politikoa, 1876tik hona arras aldatu da. Foruak ere, beraz, egoeraren aldakuntzaren arauera egokitu behar dira. Gaurkotu. Hauzia, ikuspuntu honetatik, beste ezer baino gehiago, politikazkoa da. Horrexegatik galdetu diegu Euskal Herrian ari diren alderdi politikoei ea Foruei buruz zer pentsatzen duten.


Tantaka

PSOE ala PSDE?

Horixe da gero eta gehiagok hor zehar egiten duten galdera. Sigla eta izen kontutan, jakina, edari markatan bezalaxe, batzuek besteek baino harrera eta arrakasta hobea dute, eta, hori dela eta, berez sozialdemokrata garbiak diren zenbait alderdik, beren burua ederztatzeko edo, "sozialista" izen ponpoxoa hautatzen dute.

 Cognac eta Brandy ez dira gauza bera. Hor etiketa aldatzeak ez du balio barrukoak lehengoan irauten badu. Felipe Gonzalez eta Múgica Herzog jaunen alderdiak daraman jokabidea eta daukan programma, europar homologapen batetan, sozialdemokraziatik ez dira pasatzen. Alemaniatik datorkion dirua, bestalde, ba dakigu nortzurengandikoa den Gauzak argi.

Gorbean jaia

Uztaillaren 11an, igandea, Gorbeako gurutzearen 75.urtea ospatu zen gure mendi horretan. Bertan izan ziren jaiak alaiak izan ziren. naiz eta helikoptero batek bi aldiz jendearen buru inguretatik igaro, han bildutako lagunen oihu eta asarreak piztuaz. Aste guztian Gorbeiako gurutzean jarritako espainiar bandera (sasi-bonba bat zuen zintzilik) iganderako kendua izan zen eta baita gurutzea gure margoen zintzaz hornitua.

Athletic-ren Elkarteak euskaraz

Beren bilera nagusia ezaguarazteko argitaratu dituzten afitxak euskaraz eta erderaz egin dituzte Athletic penintsulan dituen lagun-elkarteek. Orain dela bi hilabete "Anaitasunak" "Noiz euskara Athletic'en"? galdera egin zuen. Hara hemen lehen erantzuna, nahiz eta erantzun hori lagun-elkarteen aldetik etorri eta ez Athletic aldearengatik.

"Goizaldi", Europan

Uztaila "europatar" bat izan du Donostiako "Goizaldi" dantza taldeak. Uztailaren lehenengoan Toursen saio bat izan zuen; 3an, Nancy inguruetako herrixka batetan; 6an, Dinamarkako Horsens urian. "XII Folkloretar Jaialdian", Bulgaria, Polonia, Frantzia, Alemania, Holanda Suiza, Belgika eta beste herritako taldeekin batera. Berriro ere gure dantzak Europa guztian ikusiak izan dira, euskal nortasunaren agergarri on bat bezala.

Aurtengo Agirre Saria

Jose Antonio Agirre Saria hiru urtetik behin ematen da. Aurtengoa Jaime Kerexeta apez jaunaren I eta II mendeko Eliz gurasoen idazkiak izeneko liburuari eman zaio.

Sortu zenetik, J.A.Agirre saria, hutsik egin gabe, idazle erlijioso edo eta gai erlijiosoen idazleei eman zaie beti. Gabriel Aresti defuntuak zioenez, "ez da harritzeko, horren bidez Gobierno de Euzkadi-koek euskal kleroari beren diru kontribuzioa ordaindu nahiko diote eta".

Zahar izatea eta zaharkiturik egotea gauza bat da, baina 1976.ean I eta II mendetako obra batzuren itzulpena egungo euskal literaturaren eredutzat ipini nahi izatea besterik da: psykhiatra on baten falta.

Urkiola

Joan zen Ekainaren 28an, Urkiolan sekulako Euskal Jai bat gertu zen. Bost mila entzule aurrean gure abeslari onenetakoak egon ziren:

Urkiolan ikusitako euskal giroa ezin du hitz guttiz adierazi. Esan dezagun hala ere han egon zirenak, garrasiz eta kantaz, abotsa galdu zutela eta Urkiolan agertu zen ikurrina pilaka txaloturik beren eskuek kea bota zutela. Han zeuden poliziek ez zuten ia ezer egin. Zerbait egin nahi izan zutenean han entzundako garrasiak gogorrak izan ziren. "Noiz izango dugu beste euskal jai bat Urkiolan". Hauxe da han egon zirenak behin eta berriro galdetzen dutena.

Deustuko Jaiak

Ekainaren 27, 28, eta 29 egunetan Deustuko herriak beren San Pedroko Jai Nagusiak ospatu zituen. Bai, bai, azkenean izan ziren, ekainean eta San Pedroko zubiaren erdian. Hala eta guztiz ere, Deustukoak herriko jaietan alaitu zitzaizkigun.

Jai hauei giro berezi bat eman nahi izan diegu, lehenengo San Joseko Jaiak Gasteizko gertakizunengatik etendu baikenituen.

Udako zubia utzi eta Deustu bertan geratu ziren lagunek jaien barruan parte nagusiena hartu zuten, haien egileak izaten. Jaietako ekintzalaria herria izanez gero, herrikoi agerkundearen iraunkortasuna abertzaletasuna izan da. Jaietako karteletatik, euskaraz bakarrik jaiak zabaltzen. San Pedro egunean ordu bikoan plazan egon zen ikurrinaraino, gazte mordoen euskalduntasunatik pasatzen, batzutan handia izaten eta bestetan ttikiagoa baina, gero eta gero, euskalduntasuna. Euskal Herriko gaurkotasunaren barruan gaudela erakutsi digute berriz.

Halaber, popularrak deitzen diren talde txiki zenbait, aski ezagunak, gure kulturarengatik haien axolagabekeria azalerazten, herrikoi agerkundetik at egon direla esan daiteke.

Antolatzaileei gure zorionak.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Noiz eta nola sortu zen Lege Zaharra?

Sail honetan, eta izenpuru honekin, Euskal Foruen ezagutzapen bat eman nahi genuen, oinarrizko ezagutzapen erabilgarri bat. Horretarako lana bi aldiz eskatu genion Gregorio Monreal jaunari. Eta ez dugu erantzunik ere jaso. Gauzak horrela, irakurlearen onerako, eta zenbakiaren osotasunerako, artikulu egoki bat bilatu dugu. Joxe Mari Eizagirre-Garaikoarena da berau, eta LUR ETA GIZON, EUSKAL HERRIA, JAKINen liburuan argitaratu zuen. Beraz, hemen JAKIN argitaletxearen baimenarekin ematen dugun hau, "Euskal Lege Zaharra" izenarekin ateratako lan handiago baten lehen partea da.

Lehentxoago Foruen jatorrizko etorkiaz mintzatu gara. Baina noiztik mintzatu izan da Foruei buruz? Foru haroaren hastapenak, euskal herrialdeak inguruko Erresumekin erregebatu ziren garaietan ezarri ohi dira. Baina gogoan har dezagun herrialde bakoitza garai desberdinetan elkartu zela inguruko Erreinu haiekin. Honela, Gipuzkoa eta Gazteizko hiria 1200 urteko urriaren 8an erregebatu ziren Gaztelakoarekin. Arabako herrialdeak berriz, 1332 urteko apirilaren 2an, eta Bizkai 1379ean, hau da, Gaztelako Pedro Krudela, ondarez, Bizkaiko Jaun gertatu zenean. Bestalde, Nafarroarena geroagokoa da: 1521ekoa, Karlos I.ak harma bidez Erresuma hartu zuenekoa. Nafarroa Behereak edo 6. Merinaldeak oraindik denboraldiren batean beregain iraun zuen Albret-eko Joana Erregina beraren agintaritzapean. Geroago eginen zen Frantziako Erresumarekin elkartzea. Lapurdi eta Zuberoaren elkartzea, berriz, 1450 inguruan egina zen.

Lege Zaharraren gobernabidearen jaiotordua, hain zuzen atzerriko Erreinuekin egin zen batasun-molde haien sasoian ipintzen da, izan ere —gezurra badirudi ere— egokiera hartan euskal herrialdeek beren Zuzen (Deretxo) jator eta berezia gorde egin bait zuten. Horrela, Erreinu haien itunkide eta kontratu-lagun gertatu zirenarren, betidanik zetorkien erakunde autonomu hura ez zuten inola ere galdu. Honela, ba, ondoriobidez, Erreinuaren barnean ere halako apartekotasun bat zuten euskal herrialdeek. Gobernabide berezi horri gaztelaniaz Fuero edo Fueros deitu izan zitzaion. Foruzko Gobernabide hura, beraz, batasun bat zen, baina Erreinu batekin baino habeki Erregerekin egiten zen batasuna.

Zenbaitetan halako batasun-itunaren gutun edo agiria gorde ere egin da. Halanola Arabakoa, Erregeren eta herrialde honen arteko itunaren gutuna Gazteizko Herrialde-etxean gordea egon da Diaz de Arkaia-k esaten. Bestetan, berriz, ez dugu aurkitzen holako gutun edo agiri baten aztarnarik, Gipuzkoan esate baterako. Dena dela, historigile guztiak —euskaldun nahiz erdaldun— bat datoz, halako batasun egunetan beti egin zela juramenduzko itun bat aitortzean. Hau da, beti izan zela halakotan herrialdearen eta Errege onartuaren arteko elkar-hitzemate bat. Hain zuzen, emandako hitzaren aterpean gorde zituzten euskaldunek beren Lege Zaharrak, hots, beren Zuzen berezia.

Esan denaren arabera, Lege Zaharraren Kostituzioaren funtsa bi pilaretan tinkatzen zen, Erregeren hitzemanean eta euskal herrialde baten borondatean. Eta hau bera gertatzen da Nafarroa Garaiko kasuan ere; izan ere, Nafarroaren batasuna harma bidez egina izanarren, Gaztelako Erregek barrengo nafar erakundea betiko bere jatortasunean utzi zuen. Honegatik, lehenbiziko Karlistadara arte Nafarroako Gorteak biltzen jarraiki ziren, beren lege-ahalmena beti bezala erabiliaz.

Aipaturiko itunak bi alderdi zegozkienak zirela esan dugu, eta akordio haiek, horregatik, aldaezinak ziren zuzenez bi aldeon baieskorik gabe. Eskuarki honela ikusi izan dira akordio hauek, hori da behintzat teoriarik zabalduena. Foruen etsaiek, ordea, Erregeren gonfirmazio beharra gogorazi ohi zuten.

Jakina denez, bata bestearen segidan zetozen Erregeek gonfirmatu egin ohi zituzten Euskal Herriko Foruak. Gipuzkoan, adibidez, IV Hendrikeren garaitik (hau da, izan ere,ezagutzen dugun gonfirmaziorik zaharrena) Errege guziek gonfirmatzen zuten Lege Zaharra. Jokabide hau dela eta, Foruen etzaien ustetan, Erregeren eskuetan zegoen Lege Zaharraren jarraipena. Haiek ziotenez, Foruek —irauteko— Errege bakoitzaren baimena behar zuten. Honela, ba, zetorren Errege bakoitzak ex-novo, ezerezetik alegia, sortzen zuen berriz ere Forua. Dena dela, arazo honen azterketa oinarrizkoago batek teoria horren funtsik eza agertzen digu berehala.

Foruen gonfirmapena —ongi ikusi nahi bada— Legeriaren zihurtasun behar baten arazoa zen. Izan ere, garai haietan ez zen erraza gertatzen zein lege zeuden tink jakitea. Hau zela eta, Errege bakoitzak, gonfirmazio bidez adierazten zuen zein lege ziren oraindik gorde beharreko, eta, zein ez. Hauzitegi eta Gantzelerietan nahasian zebiltzen hainbeste lege eta gutunetan ez galtzeko era bat zen hura. Bestalde, Ancien Regime delakoan, Errege bakoitzak bere aurreragokoen legeak gonfirmatzeko ohitura zuen, ez bait zen gaurko Herriarteko Zuzenaren printzipioa (aurrekoen hitzemanak eta betebeharrak ondorengo Gobernuek ere gorde behar dituztela, alegia) oraindik ezagutzen. 1838tik aurrera (Kostituziodun Monarkia modernutan, esan nahi dut) ez ziren batere premiazkoak gonfirmapen haiek, legeak beren bildumetan polliki jasoak zeudelako.

Honegatixe da ulergarri VI Fernando Erregek, 1725go urriaren 8an. Gipuzkoaren batasun-ituna borondatezkoa izan zela aitortzea. Eta, 1806an, Gaztelako Kontseiluak ere eman zuen bere iritzia pontu hontaz, batasun hura hasieran bi alderen konponbide bat izan zela idatziaz.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

"Foru berriak"

Euskal Herriko alderdi eta talde politikoek foruei buruz zer pentsatzen duten bere irakurleei agertu nahirik ANAITASUNAk, PNV, PCE, MCE, LAIA, LAB, ETA-PM, EHAS eta beste zenbaitzuri inkesta bat bidali ukan die beste zenbaitengana heltzerik ukan ez arren ere.

Horietatik, EHAS, MCE, PCE, ETA-PM eta LABek beren erantzunak bidali dizkigute, ondoren, heldu zaizkigun ordenan argitara ematen ditugunak.

Euskal Herriko Alderdi Sozialistak bere helburu nagusiak hauxek ditu:

1) Euskal Herriaren soberania eta bateratzea eta

2) Euskal langileria beraren lanaren ondorioen jabe bilakatzea. Helburu horien argitan aztertu behar ditu foruak, eta beraz, onhar edo gaitzets. Gure Herrian izan diren, gelditzen diren edo izanen diren foruak nahiz beste erakunde guztiak —foruak zein estatutuak— onak dira Euskal Langile Herria zerbitzatzen duten edo zerbitza dezaketen neurrian.

1.- Euskal foruek, zuen pentsaeran, zer adierazten edo errepresentatzen dute?

Gelditu den askatasunaren hondar bat errepresentatzen dute, hobeki esan, prezeskiago, aginte politiko baten ondare llabur bat, gaur egun politika mailan bazterturik, edo bigarren mailako eginkizunetara bultzaturik, ezinbestean zokoraturik, ikusten dugun zerbait.

Foruek, azken batez, Euskal Herrian izan zen jabetza politiko autonomoa gure Herriari kenduz joan zaiola adierazten dute, eta bide honetan aspalditan abiaturik, geroago eta guttiago izanen dela, gainera.

Garbi utzi nahi dugu foruak kentzea Euskal Herriko herrialde bakoitzari egindako bortxaketa bat izan dela beti, eta inoiz ere ez zuzenbidea. Zentralismoaren indarkeriaren eta Espainiako oligarkiaren —nahiz oligarkia batzuk euskal deiturak ukan— interesen jokuz. Hemen zera salhatu beharra ere ba dago, foruzale agertzen den burjes handi askok, Nafarroan eta Araban batez ere, foruei herri indar jator guztia kendurik, beren kapital gosearen mesederako erakunde batzuk besterik ez dutela defendatzen.

2.- Zer alternatiba daukazue foruei buruz?

2.1. Foruek, estatutuak edo beste edozein izenek ez digu horrenbesteko axolarik ematen. Guk geuk, Alderdi Sozialista bat garenez gero, Euskal Langile Herriaren beharrei erantzuteko gai diren erakundeak proposatzen ditugu nahiz eta nahi ez.

2.2. Eperik laburrenean eta Herri osorako, aginte bateratzaile bat behar beharrezkoa ikusten dugu. Ez dugu esan beharrik, noski, aginte horretarako erakundeak demokratikoki aukeratuak izan behar direnik.

2.3. Lan harremanak Euskal Herriko erakunde horren esku izan behar dira. Euskal Langile Herriak zuzenki hautatu behar baititu, langilego mailan eta, honen ondorioz, euskal gizartean daukan zeregin eta lekua.

2.4. Ekonomi plangintza, kultur eginkizunak, herri zerbitzuen azpiegiturak, hauzi administralgoaren eraketa, hertzaingoa etab. ere, oso-osorik, bere gain izan behar ditu.

Nork esan lezake baldintza hauk Nafarroako edo eta Arabako egoera foraletan betetzen direnik?

2.5 Hala ere, proposatzen ditugun baldintza edo oinharri horiek Euskal Langile Herriaren nahi eta premia guztiei ez diete osoki erantzuten, guk uste. Gure Alderdiak Euskal Herrirako proposatzen dituen azken helburuak, Herriaren soberanian oinharriturik eta beronen autoerabakikuntzaren bitartez eginen den iraultzan datza.

2.6. Foruak historian zehar sorturiko erakunde politiko batzu dira, eta hortaz, Herriaren gaurko beharren textuinguruan azter, begira eta onhar ditzakegu soil-soilki.

3.- Gaur foruak posible al dira, eta zein kondiziotan?

Gure ustez, bigarrenean agertzen dira galdera honi buruzko eritzi gehienak. Posible ote diren? Bai, ba litezke. Dauden daudenean, ordea, ez, eta hau gutienezko baldintzatzat. Kontutan eduki behar da, lehengo eta behin, 1839.ean, Esparterok Bergarako Komenioan bortxaz egindako lehen mozketa; 1841.ean, Nafarroari dagokionez, Estatu erdirakoiak eta Diputazioak, lege itunduaren bitartez eta foruen kontra, nafar Herriari kontsultatzeke eta Gorte estamental —eta ez demokratiko— batzuk emandako ahalez, tratu bat egin zutela, foruak indargabetu eta ankilosatzeko. 1876.ean, aldiz, foruak bortxaz deuseztuak izan ziren; eta 1.937.ean, inoizkorik bortxaketa haundienaz, ekonomi kontzertuak —foru ordezkoak zirenak— erabat kenduak izan ziren. Hauk honela, euskal herrialdeek, bateraturik eta libreki, egin beharko dituzkete beren kabuz egungo garaiei dagozkien gaurkoratzeak; ez foru zaharrak beraz, FORU BERRIAK baizik, hots, konstituzio oso eta soberano bat.

Baldintza hauekin, jakina, gure baiezkoa ematen diegu foruei.

Esaten baldin bazaigu —eskuinetik noski— eskatzen ditugunak ez direla propioki foruak, zera erantzun beharko genuke, ea beraiek foruak interes edo sistema baten zerbitzurako ez ote dituzten erabili. Historiaren haro edo garai batzutako gizarte harreman lege batzu izan dira beti foruak. Gaur, gure ustez, euskal gizarte sozialista bat eratzeko orduan, foruek oraindik balio bat eduki dezakete, eta gizarte sozialista horren lege egiturak moldatzean balio dezaketen neurrian onhartzen ditugu guk foruak


Euskal Herrian. Foruak zer diren

"Soberania errespetatu"

1.- Zuen eritzian, Foruek, zer adierazten edo errepresentatzen zuten?

Guretzat Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren sistima Politiko-administratibo oso berezi bat adierazten zuten, bakoitza bere berezitasunekin. Honekin batera, Euskal Herriaren expresio ezberdintzailea izanik, gorputz sakonago bat ematea lortu zuten.

Bere karakteristiketatik inportanteenetarikoa, gure eritzian, zera zen: alde batetik, kapitalista-aurreko sozietate bat erregelatzen zutela, hasieran baserri giroan, gero baserri eta merkatalgoan sartua. Bestetik eta haik abolitu artean, probintzi hauetan bizitze-molde berezi bat adierazi zuten.

Foruek bi boteren arteko pakto bat adierazten zuten: alde batetik garai hartako erregearen botere politikoa eta bestetik probintzia bakoitzaren boterea. Biak Forua errespetatzen konprometitzen ziren. Biek zituzten atribuzio bereziak. Biak ekintza batetan arduratzen ziren: Erregeak Forua errespetatzea zin egiten zuen eta berehala herriak erregea onhartzea. Zenbait instituzio foralek, kasurako "pase foral" deritzonak, egiztatzen zuen zin hura.

Borbontarrak etortzean, foruak eta bere instituzioak ebakitzeko ahalegina hasi zen, edo eta bere ezereztea bilatzen zuen atake osoa, batez ere XIX. mendearen zehar jarraitu zuen asmoa. Mende honetan da hain zuzen, gure herria konmbitu zuen foruaren inguruko burruka sortzen denean (zeinean erlijioa, antiliberaltasuna, bereziki foralak ez ziren gai batzuek dudagabeko indar bat izan zuten, nahiz eta gai hauk foruekin loturik eta nahasturik egon). Botere Estatalak Espainiako Estatuaren batasun konstituzionala egitea nahi zuen. Intento honetan zenbait aspektu aurrerakoiak baita iraultzaileak ere, uniformadore seilu kroniko batekin batera joan ziren, zentralista, eta gehienetan despotikoa. Honen aurrez-aurre jaiki zan nekazalgoa, jauntxoeria atzerakoiak eta klero beheak eramanik alde batetik, eta beste alde batetik bere bizitzemolde, alapide-elkarte eta lurrak defenditzearren. Burruka hauek, lau probintzien arteko lotura politiko batzuk sortu zituzten, gure nazional identitatea hersten lagundurik, identitate hau errespetatzeko nahiari hasiera emanik.

2.- Zein alternatiba duzue Foruaren aurrean?

Gaur egun libertate politiko nazional eta demokratikoen aldeko burruka garai batetan gaude. Egitura politikoak gure herriaren egoera politiko benetako bat adierazi behar baldin badu, faszismoaren erortzean, errejimen probisional behineko bat lortu behar da autonomia zabal batekin eta autodeterminatze-eskubidearen ezagutze inkondizionalarekin. Euskal Herriak izan behar du, soberanoki, oso konszienteki, arrotz-indar gabe, bere biharamuna erabakiko duena, horrela nahi badu estatu independiente bat osotzea ere bere gain harturik. Beraz, nahi dugu eta proposatzen dugu, Euskadiren prozeso konstitugarri bat, zeinean berehalako eta ahal den autogobernu nazionalaren kapazidaderik zabalenarekin, autodeterminatze-eskubidea erabili baino lehen egon behar den aldi argigarrira heldu ahal gaitezen. Euskal botereen atribuzio autonomikoei buruz (hots, Euskal Gobernu eta Administrazioa, dugu 1931etik 1936era Euskadin argitzeko izan ziren Estatutoetan oinharritu behar direla, bere aspekturik positibo eta progresistenak hartzen, autonomiarik zabalena, demokraziarik handiena, herriaren partizipaziorik sakonena perfilatzeko; azkenez, aspektu berri eta beharrezkoak erasten. Azken 40 urteotan astundu den problematika nazionala konpondu behar denez gero, euskal herriaren historian gure nortasun nazionala ezerezteko egin den entseiurik sistimatikoena jasan ondoren, eta aldi horretan aldaketa sozio-ekonomiko sakonak sofritu dituen Euskadiri soluzioak eman behar dizkiogunez, II. errepublikaren urteetan sortutako Estatutoak berpizteko edozein alternatiba eskastzat jotzen dugu. Eta, edozein kasutan, autonomia-estatuto hura botere estatalarekin parez pare negoziatu behar da, eta ez honek unilateralki erabakia.

Hala ere, autonomia-errejimen hori probisionaltasunekoa izan behar litzatekeela uste dugu. Bai autonomia-errejimena bera eta baita botere estatalarekin erlazioak ere, hori GUZTIA euskal herriak baieztu, aldatu nahiz kendu egin beharko luke autodeterminatze-eskubidearen erabiltze soberanoan.

3.- Posible al dira gaur foruak, ze kondiziotan?

Sistima Foralak, sozietate prekapitalista oinharritzat hartzen zuen eta zuzentzen zuen sistima bat izanik (gaur egun desegoki, desfasatu eta antidemokratikoa dena) ez digu gauza handirik gehitzen. Gaurko errealitateari soluzioak prestatzeko ez gara igarora begira egongo, logikoki. Baina "reintegratze forala" lege zaharrak ber-jartzeko ulertzen ez bada, baizik eta Espainiar Estatuko beste herriekin sistima foralak zuen erlazio-modu antzeko bat erreibindikatzeko, zentzu honetan gaur egun uste dugu, sistima foralak zuen espiritua hartzeko biderik hoberena Pakto Federal bat egitea dela.

Euskal Herriari proposatuko diogu Pakto Federalak herri federatu bakoitzaren soberania errespetatu beharko du; herri bakoitzak bere bizitze berezia organizatzeko Kapazitate konstitugarria gordetzen; Federazioaren Botere Zentrala herri guztien akordioaren lorketa izan dadin, funtzio bereziekin; herri bakoitzak bere autodeterminatze-eskubide permanenta ber-erabiltzeko benetako posibilitateak eta garantia osoak gorde ditzan, inoiz beharrezkotzat ikusiko balu.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Gauzak mailaka

Agur adiskide:

Nire eritzian, zuek egindako hiru galderak gorputz bakar bat hartzen du gaur Euskadik bizi duen egoeran, Euskal Herri osoak eskatzen duen askatasuna alternatiba politiko batean konkretatzea baita beharrezkoa.

Dena dela, hemen nire erantzunak:

1.- Euskal Herriak, kondairan zehar, foruen bitartez eratu du bere bizimodua. Era honetan, gizaldiz eta gizaldiz gure herriak ukan duen askatasuna errepresentatzen dute foruek. Baina konkretuki, foruak, kondairaren azken partean, kapitalismo premonopolista garaiari dagokion giza-legeak bezala agertzen zaizkigu. Geroztik, herriaren askatasun burruka autonomi arautegia lortzean konkretatu da, zeren herri batek, bere legez eta tresnaz bere bizitza zuzentzeko duen beharra eta eskubidea era desberdinetan agertzen da historiako une bakoitzean.

2.- Gure alternatiba ezaguna dela uste dugu. Euskadiko interes nazionala, gaur egunean, ez da foruak reibindikatzea baizik autonomia eta autogobernua lortzea. Era honetan, foruei buruz bai, —historikoki duen esanahiagaitik— baina gaurko egoerari dagokio gure alternatiba.

1936-ko Autonomi Arautegia reibindikatzen dugu, Estatu mailako demokrazia — lortzen denean— Euskadirentzat lehen unetik askatasun nazionala, autogobernua izatea nahi dugu. Horretarako bai, batasuna behar dugu, baina baita ere alternatiba konkretu bat, arautegi konkretu bat. Eta, zein Euskadik orain 40 urte erabili zuena baino egokiago? Nola ez, berritu eta gaurko egoeraren konforme ipini beharko da, baina garai hartan lortu zuen Euskadik azken denborako askatasun maila handiena. Beste aldetik, eta ez da formalkeri bat, orduko Arautegiak autogobernua dauka berekin lotuta. Aurrerantz, beste etapa batean, jakina da autodeterminazioaz daukagun postura.

3.- Esan dugun legez, gaur egun foruak Autonomi Arautegian konkretatzen ditugu. Posible al da? Erantzuna, baietza izan behar, bestela ez genuke alternatibatzat hartuko azaldu duguna. Dena dela, posible izateko batasuna lortu behar da Euskadi mailan, indar demokratiko guztien artean. Posible izateko, Estatu mailan gaurko erregimena apurtu behar da, demokrazia lortu. Euskaldunok, bakarrean, ez gara ezertara iritsiko. Estatu osoko masa mugimendua eta batasuna behar da.

Alderdi iraultzaile bat gara. Gure herriaren historia kontuan harturik, zaharra eta berria loturik, aurreraka jo nahi genuke. Giza estruktura aldatzean, askatasunean, demokrazian, datza gure helburua. Foruei buruz, ezin dugu proposa orain ehun urte deuseztu zen lege-estruktura bat. Foruak dituen oinharria bai, baina gaurko egoeraren funtzioan. Oinharri hori, euskal askatasuna halegia, gaur arautegian, bihar autodeterminazioan, sozialismoan. Gauza bakoitza, bere garaian.

Besterik ez dugu. Agur bero bat.

Ramon Ormazabal


Euskal Herrian. Foruak zer diren

"Hego-Ipar lokarriak"

1.- Euskal foruek, zuen pentsakeran, zer adierazten edo errepresentatzen dute?

Espainol Estatu modernoa osatu aurreko denboretan euskaldunek zituzten askatasunak adierazten dituzte Euskal Herriaren foruek.

Gure eritziz, bi alderdi aipagarri dituzte foruek:

a) alde batetik, erregearen aurrean euskaldunek zuten nazio askatasunaren —herri askatasunaren zehatzago litzateke— agerbide dira euskal foruak. Folak. Erregearekin elkartu zenean, Euskal Herriak beregain gorde zuen burujabetza adierazten dute. Eta egun dugun estatua, hots, ekonomikoki, politikoki eta administratiboki zentralizatua, garai hartan oraindik osatu gabe zegoela azpimarkatu nahi dugu.

b) Bestalde, kapitalismoaren aurreko haroan euskal gizarteak zuen antolakera adierazten dute foruek. Eta hemen, euskal erakundeak (Batzarrak), bere funtzionamendua eta bere inguruan dagoen guztia aztertu beharko genuke.

2.- Zer alternatiba daukazue foruei buruz?

Gure ustetan, Euskadiko, eta estatu osoko, ekonomi, sozial eta politik baldintzak, eta gure herriak nazio askatasuna lortzeko duen nahiak ahalbidetzen duena da foruei buruz dugun alternatiba.

Alde batetik, Euskadiren burujabetasuna inolako mugarik ezarri gabe onhartu behar da.

Bestetik, gaurko baldintzei dagokien autogobernu maila lortu behar dugu gure herriarentzat. 36.ko Estatutuak ematen duena baino zabalagoa izan daiteke eta izan behar du autogobernu hori, hau da gure proposamena. Eratu behar den Euskadiko Gobernuak bere gain ukan behar du euskal lurraldean ekonomia, kulturgintza eta hezkuntza planifikatzea, justizia ezartzea eta herriko bakea gordetzea. Era berean, ezin daiteke inolaz ere Nafarroa Euskadiren zati denik zalantzan jarri eta, estatutu horretan, Ipar eta Hego Euskadi elkartzen dituzten nazio lokarriak agertu behar direla deritzagu.

3.- Gaur foruak posible al dira, eta zein kondiziotan?

Galdera hau aurrekoa baino lehen erantzun behar litzateke. Foruak berrezartzearen arazoa eta nazio askatasuna birlotzearen arazoa bat dira. Nazio askatasunak kondairan zehar hartu duen gorputzkera bat da euskal forua; eta hori da 36ko estatutua bera ere. Egun, errealitatez kanpo dago foruak hitzez hitz berrezartzea. Batetik, hori ezinezkoa delako gaurko ekonomi egitura kapitalistan; bestetik, gaur nazio askatasunak hartu behar duen helbidea eta foruena, sarritan norabide ezberdinekoak gertatzen direlako. Adibide bat: euskal mugetan aduanak ezartzea baino interesgarriagoa da egun, euskal industriak atzerriko kapitalari duen atxekitasuna eta menpekotasuna arinduko duen ekonomiaren planifikaketa egin dezatela euskal erakundeek. Historiaren ikuspegitik ikusi behar ditugu, beraz, foruak eta XIX. gizaldirarte izan zuten esannahia berritu eta 1975.eko egoerara egokitu.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

"Askatasunaren gorputzera"

1.- Euskal foruek, zuen pentsakeran, zer adierazten edo errepresentatzen dute?

Gure eritzian, foruak, geure nortasun bereziaren agerpen bat izan ziren. Herri batek era asko dauzka bere nortasun hori agertzeko: bere hizkuntza, kondaira, kultura, legeak... Foruak hau izan ziren: gure nortasun honen seinale bat. Gurearen ondoan herri batzu bizi izan ziren, batez ere espainiarrak. Ba, gu eta haien arteko indar bizi haien agerpen bat izan ziren foruak. Ez gara hasiko orain aztertzen eta kritikatzen. Euskal Herriak era askotara defendatu du bere nortasun hori, eta medio ezberdinez. Horrela, erromatarrekin era batera portatu zen bezala, arabiarrekin edo frankoekin beste era batetara portatu zen Gero, Nafarroako Erresuma sortu zen, errege katolikoak etorri arte iraungo zuena.

Orduan sortzen dira foruak gutxi gora behera, batez ere Nafarroan. Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak historia ezberdina dute. Dena dela, alde batetik Espainiako herriekin ondo konpontzeko sortu ziren, eta beste aldetik, bere nortasun eta antolamenduak eta abar, gordetzeko batez ere.

2.- Zer alternatiba daukazue foruei buruz?

Euskal Herriarentzat, 1876.a, prozesu zahar jaten bukaera eta berri baten hasiera izan zen. Indar Produktiboek, puntu batetaraino desarroilatu zirenean pauso kualitatezko bat eman zuten. Baina, ez pentsa pauso kualitatezko hau guretzat positiboa izan zenik. Barnean, kontradizio bat baino gehiago baitzeramatzan. Zer gertatu zen, ba, 1876.ean? Bere dirugoseari jarraituz, burgesiak urte honetan apurtu edo desegin egiten ditu Euskal Herriak ordurarte bere burua gordetzeko zituen moldeak. Horrela, ba, sortzen da Euskal Herrian proletalgoa. Baina, molde normaletatik aparte sortzen da: bere izakera kontutan hartu gabe, bere pentsakera kontutan hartu gabe, bere hizkuntza, bere organizazioa...kontutan hartu gabe. Honela, burgesiak, euskal proletalgoagan zauri sakon bat sortu zuen, eta beste zenbait zaurien artean, herri berezi baten kontzientzia kendu nahi izatean. Eta horrela, euskal proletalgoaren artean eszisio bat sortzen da, oraindik gaur ikusten duguna. Orduan, zein da gure postura horrelako egoera baten aurrean? Behinik behin, ez dugu uste 1876ko egoera hartara itzultzea ona izango litzatekenik. Hau pentsatzea txorakeria bat dela uste dugu. Gaur egun indar produktiboak nola ari diren ikusita, eta bestetik, gauzak zenbat aberastu eta konplikatu diren ikusiz, hori nahi izatea kondaira osoari atzerakada bat ematea izango litzateke... Gu euskal langileriaren sindikatu bakar baten atzetik gabiltza. Hau izan zen gure hasierako asmoa, eta honek jarraitzen du gure azken muga bezala, nahiz eta batzuren batzuk gu ez horrela ikusi. Ikuspegi honetatik begiratuz, gu ez ginake sekulan Madriletik botatzen dizkiguten ogia apurren aurka egongo, foru batzu onhartuko balizkiguteke edo estatutu edo nahi luketena izanik ere. Baina ez pentsa gu horrekin konformatuko ginatekenik. Gure helburua, Euskal Herrian Euskadiko langileriaren sindikato bakarra, librea eta demokratikoa lortzea da. Baina, hau lortzeko, beste gauzak ere lortu behar ditugu. Dena lotuta baitago. Batez ere Euskal Herriak bere burua askatzeko daraman dinamikarekin. Horregatik, foruak ematen dizkigutela...? Ondo. Estatutuak ematen dizkigutela? Hobeto. Baina gu ez gara hor geldituko, Euskal Herriko kontradizio guztiak konpondu arte.

3.- Gaur foruak posible al dira, eta zein kondiziotan?

Bai, zer edo zer konpon lezakete, baina ez asko. Behar bada, estatutu batzu direla medio gaurkotu balira..., behar bada. Baina, politikan, azpitik jokatzea bezain ona eta beharrezkoa —uste dugu kasu honetan ere bai— izaten da gauzei beren izenez deitzea. Honengatik guk uste dugu geure herri osoa foruen alde jartzea herria, engainiatzea litzatekeela, edo desengainiatzea. Bai baitakigu geure herrian nork defendatzen dituen foruak eta nork ez. Baina, kontuz!, gu ez gara kontra jarriko. Ez eta pentsatu ere! Hau dakigu bakarrik: gu euskal langileriaren sindikatu bakar baten atzetik gabiltzala. Hau foruen medioz etorriko dela? Ez dugu uste. Baina, etorriko balitz, ongi etorria izango da.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Foruak gaurkotzeko zenbait baldintza

Mendeurren honetan eta gaurko politika egoeran egunero entzuten dugu foru arazoa. Forua aipatzen dute zenbait alderdik, berdin gure arteko plaza gizon eta gizonttok, eta azkenik forua ohian bat biurtzen hasiko ote den nago, eta ohianetan gertatzen den bezala zuhaitz gehiegik zuhaztia ikusten ez dute uzten, eta txarrago zuhaztiaren irteera ere ez.

Baina arazo hau beste batzuek ere ikutuko dutenez gero, nere lanera lotuko naiz: foruak gaurkotzeko zenbait baldintza. Zenbait diot zeren ez dago baldintzak agortzerik, eta beste lankide batzuek ere izango dituzte zenbait ideia baldintzaketa honetan.

Demokratikotasuna

Foruak euskal lege iturritzat jotzen dituanetik ezin dezakete demokrazia kontestutik atera, bestela egun Nafarroan eta nolabait Araban gertatzen dena ikus dezagun. Diputazioak Foralak deitu, baina beren partaideak antidemokratikoki aukeratu, alkateak atzamarraz izendatuak, eta alkate ez badira ere kontzejal-konpromisario "tercio" horietako sasi bozketatik atereak, eta gero beren artean, merinaldeka edo eskualdeka hautezkunde mediatizatua egin. Mediatizatua diot, zeren gobernadoreak eskua sartzen baitu askotan edo Mogimenduko inspektore eta buruak bortxatu. Araban oraindik txarrago, bederatzitik hiru sindikal eta korporatibista erakundeetatik ateratzen dira, eta hor daude aparatu horietako ordezkari bikainak, Diputazio Forala deitzen den horretan.

Beraz ezin daiteke benetako forurik izan, egoera politikoa demokratikorik ez dagoen garaietan. Beste pundu bat eta ez txantxetakoa aukeraketa, herri ordezkariena diot, zenbatgarren gradukoa den ikusi behar genuke, baina hau geroago ikutuko dugu zehazkiago, orain demokrazi baldintza bezala ere seinalatu nahi dugu.

Legegintza agintea

Gaurko Nafarroaren forutasun delakoaren ahuleziaren nabarmenenetarikoa legegintza aginterik ez izatea da. Horretarako lehen bazituen Gorteak, bistakoa dena da Gorte haiek lehengoan jartzerik ez duela inork pentsatuko noblezia, apaizgoa eta herrien besoekin, baina gertatzen dena zera da, Nafarroako oligarkiak eta beste bere meza laguntzaileek ez dutela Parlamentu gisako ezer, nahi Diputazioak horretara ez baitu kontrolik.

Beraz, Nafarroan eta bestetan legegintza agintea duten erakundeak: Gorte edo Junta Jeneral, Parlamentu edo Asanblada, izenak ez du garrantzia gehiegirik, behar dira. Izenak izatekotaz ere hizkuntza aldetik du garrantzia, eta hemen eta behin betirako ia noiz hasten garen euskaraz bakarrik izenak jartzen. Ene ustez "Batzar Nagusiak" ez da deitura egokia ez zuzena, zeren erdararik itzulitako zerbait dira eta oker, "Juntas Generales", "Juntas Particulares"en oposizioan zeuden, eta gero baziren "Juntas de Merindad", Bizkaian eta "Juntas de Cuadrilla" eta "Juntas de Hermandad" Araban, beraz, eta kontuan izanik "Nagusiak" izatekotaz ere Euskal-Herri bateratukoak liratekela, "nagusitasun" hori nazio osoari bakarrik emanaz, izen hau proposatzera ausartzen naiz: Herrialde Batzar Orokorrak, edo bakoitza aipatzen denean, "herrialde" hitza kendu eta Gipuzkoako Batzar Orokorra esan adibidez.

Joan den Maiatzean Ulonan (Oionen) Arabak ospatu dituen Batzar Orokor horiek, hori besterik ez dira izan ospakizun huts bat, parodia bat, eta hori salatu beharrezkoa da, zeremonial zahar kutsuko bat, diskurseoetan igaro zen eguna, ez zen izan ez deliberantea ez legegintza batekoa, demokrazia errepresentatibotasun handirik ere ez zuten hango ordezkaririk gehienak.

Forurik ezin dugu onar beraz erakunde hau ez dagoenean, edo sasiforutzat sala.

Diputazio Foralen ipuina

Nafar batzuk asarre jartzen dira beren Diputazioari, Foral atzetik jarri ezik, nahiz eta jakin edo jakin behar foruen ondakinak bakarrik dituztela, Arabakoari Foral izatea azken gerra ondorean jarritako etiketa huts bat da, zeren Arabak ez du forurik, ekonomi kontzertua baizik. Orain dirudienez Gipuzkoa eta Bizkaikoek ere titulu hori hartuko omen dute.

Has gaitezen gauzak bere lekuan jartzen, Diputazioak ez dira izan gauza liluragarri bat, egoera politiko bakoitzaren espilu bat baizik, Gertatu dena zera da 1839tik arrezkero, eta Herri Administralgo modernoaren garaian herrialde mailako ejekutibo gobernu bat eraman dutela, eta urte batzuetan euskal administralgo baten nolabaiteko ispilu, beste Estatuko probintziekin konparatuaz. Hau aitortu beharra dago.

Bestalde jakin behar genuke lehengo foru garaietan, ez zirela prezizki Diputazioek askok uste duten bezala, gobernu aginteak. Bizkaian esate baterako "Gobierno Universal del Señorio" zen ejekutibo osoa, eta hortik lau diputatu jeneralak nahi baduzue permanenteak Korrejidorarekin batera, Diputatuak abotsa zuten Gernikako Batzarretan baina ez botorik. Gehiago oraindik Pedro Lemonauria historiagilearen iritziz Diputazioa oso gauza berria da Bizkaiko erakunde politikoetan eta bigarren mailakoa.

Araban ordea Diputazioa lagun batekoa zen egitan, diputatu jeneral bat bakarrik zegoen, eta "teniente" edo ordezko bat. "Junta Particular" delakoa osoagoa zen, zazpi lagunekoa, eskualde edo "cuadrilla" bakoitzetik bat hartuaz. Nola diteke Gipuzkoako Diputazio Forala nahi izatea, Korrejidora eta txandako hiriaren ordezkarien bakarrik osatu bai zen gehienean? Nafarroakoa ere ez zen eratzen gaur bezala, eta gainera baziren beste erakunde batzuk bere parean.

Beraz, baldintza hau jarriko nuke besteak beste, herrialdeen aginte eragilea bera foru oinarrietan, gaur gaurko eran, eta demokratikoki hautatua izatea. Izena Diputazioa, Foral titulu edo titulurik gabe? Hobe ez litzake izango euskarazko izen bat eramatea?

"Ley de Bases de Régimen Local" berrian esaten baldin bada diputatuak Udalbatzarkide guztiak hautatuko direla, hots, eskualde bateko alkate eta kontzejal guztien artean, ene ustez Batzar Orokorretako ordezkariak, gehienetan alkateak bakarrik, hautatzea foralismo hori estu estuan erabiltzea da. Bigarren mailako bozketan aukeratu ahal badira, zergatik hirugarrenekoa hau foruen izenean, gainera foruak hori ere ez bai zuten esaten?

Eskualdeak eta foruak.

Foruak planteatzerakoan, eskualdeetakoak ere bazirela pentsatu behar genuke, esate baterako Enkartazioetakoak, bere Avellanedako batzar eta guzti, Somorrostro haraneko burdin mehatzen legeekin; Durangaldea. Gerediagako batzarrekin eta bere eskualde zerbitzuekin; Aiara; Baztan, etab.

Egun eskualde-foru iturri hau baldintza premiatsu bat biurtzen da, kontuan izanik ze garrantzi duen eskualdeak lurralde antolakizun arazoan, hirigintza planetan, zerbitzuetan, "...aipatu beharrezko beste arlo bat eskualdeena da. Halakoetan hainbat eratako zerbitzuak herri bakar bakoitzerako muntatzeak ez du ez buru ez hanka", esaten zuen argi oraintsu "Zeruko Argia"n, Bergarako Elkoro alkate jaunak. Beno, ba, hala baldin bada foru konzeptua praktikara eraman behar da, eskualde mailan ere.

Eta kontu honetan interesgarriago da Lizarrako Estatutua baino, Iruinekoa. 1932koa. Hara zer dion, 3. artikuluak: "para las comarcas en que concurren peculiaridades económicas o jurídicas de importancia, las Asambleas particulares de Alava, Guipúzcoa, Navarra y Vizcaya previa petición de la mayoría de los Ayuntamientos interesados y oidas las Diputaciones respectivas, podrán disponer un régimen de administración directa o especial en cuanto a las materias afectadas por dichas peculiaridades, en armonía con los intereses generales, sin que se altere por esto la condición político-administrativa de dichas comarcas dentro de los territorios de que formen parte. En estos casos, y a propuesta de dicha mayoría de Ayuntamientos se crearán también las instituciones sociales y jurídicas que los problemas propios de las referencias comarcas aconsejen, y que podrán extenderse al resto del País".

Gaur ez da irtenbidea batzuetan jartzea eta beste batzuetan ez, baizik eta bere forua zuten eskualdeetatik, foru horren iturria hartuz, euskal eskualde guztietara zabal.

Eskualde guztiko Udalbatzar osoen, kontzejal eta alkateren Eskualde Batzarrak sortuaz, hau balitzake benetako "eskualde asanblea", eta gero eragile edo ejekutibo bezala "Junta de Merindad" edo "Junta de Cuadrilla" berbiztu baina gaurko erara, Eskualdeko Batzorde Eragile bezala alegia.

Udalak eta hauzoak

Foru garaietan nola eratzen ziren, eta egun ere nolabait gordetzen ba dute Nafarroa eta Araban "Concejo abierto" beraz "Asamblea vecinal" bat, zenbait herrixketan, beharrezko da hau planteatzea. Bizkaiko elizate asko kofradien, (kofradiak 50 baserrikoak ere badira, beraz, asko herrixka baino handiagoak) federakunde bat besterik ez ziren, eta hori erreflejatzen zen, bere hauzo batzarretan, hau zerbitzuetan eta abar. Laister argitaratuko da ene lan bat horretaz, "III Simposium de Historia del Señorío de Vizcaya" mirakurria.

Hauzo bakoitzak aukeratzen zuen bere ordezkaria, errejidore edo gaurko kontzejala eta gaur ere legeak biderik eman ez arren, Bizkaiko zenbait udaletan ahalegintzen dira, kofradia guztiak nola edo hala Udalbatzarrean errepresentaturik egotea.

Nafarroa eta Arabako kontzeju, Bizkaiko kofradia eta Leintz eskualdeko elizateetatik, egungo hiriburuetako kale hauzoetara berdin pasatu behar genuke foru filosofi dinamiko bat badugu behintzat. Iruinean, Gazteizen, Bilbon edo Donostian zer da hobe Udalbatzarra zerrenda osoekin hautatzea, hala hauzo batzarrak jarriaz, hauk bere ordezkariak hautatzea? Errotxapea, Txantrea, Iturrama,... Iruinean; Zaramaga, Gasteiz Zaharra, Ariznabarra,... Gasteizen; Santutxu, Urizar-torrea, Zurbaran, Errekaldeberri,... Bilbon; Amara, Intxaurrondo, Antiguo,... Donostian, gaur eta hemen, foru filosofi eta foru iturri batetik, behetik gorako euskal demokrazia erreal baten erakunde bihur behar dute.

Foruen gaurkotzearen baldintza beharrenezko bat ikusten dut oinarrizko eta herrikoi demokrazia foral bat dinamizatzea, beraz, eta erakunde pundua amaitzeko, gure erakunde foral guztien errekuperatze bat ere planteatuaz.

Lana, ekonomi plangintza kontrolatzea, herri jabegoak

Foruak bazituen herri jabegoei, olei buruz eta abar bere erakunde bereziak, beste batzuk ez zituen, orduan ez zirelako planteatzen. Batzuen errekuperatzea, eta besteak jartzea da beste baldintza bat.

Lanaren arteko harremanak, langilego, produzio arazo eta hitz baten lanak eta ekonomiak sortzen dituenak, konpontzeko balio ez badu egungorako foruak, forutasun horrek edo forutasun hori defendatzen duenak, bere klase edo sektoreari ikutzen ez dion bitartekoko foru hori ez da ene forua. Foruzale zeharo desberdinak gara, forua. Foruzale zeharo desberdinak gara, forua oso aldrebes interpretatzen dugu. Gainera foruak demokrazi liberal burges baterako bakarrik balio dute edo horren estalgarri, ala sistema sozialistarako, ez?

Ekonomi plangintza arloa ere hartu beharra dago, lurralde antolakizuna ere bai noski eta hitz baten amaitzeko, lehen ez, eta gaur, Herri Administralgoak hartzen dituen esparru politiko geroago eta ugariagoetan egitura eta gainegiturak sortzeko baldintza.

Euskara eta foruak

Hain zuzen ere forua nolabait gorde duten herrialde bietan, Nafarroan eta Araban galdu da gehien euskara. Horrekin ez dut esan nahi forua izan dela errudun, baina bai euskara obiratzaile horiek badira datozen foruak, nahiago dut forurik ez izatea, eta zuzen zuzenen foruen kontra jartzea.

Foru deseuskalduntzaileak baizik, euskara indartu eta ofizialduko duten foruak baldintza bezala jartzea ez dut uste euskaldun bat gaitzetsiko duenik. Irakaskintza mundua kristau dotrina eta erretorikan ia bakarrik zegoen foru garaietatik, Estatu baten eta edozein mailatako Herri Administralgo baten ardurarik nagusienetarikoa biurtu den garaietara igaro garen bitarte honetan forua egon den lekuan eta neurrian, antzu eta kaltegarri gertatu zaigu, eten ikaragarri bat egon da hor, eta gainera beste gauza bat eta herrialdeen arteko lotura ez euskal batasunik egon ez den ezkero, eta euskara denona da, elkarrekin arazo honi gogortasun gutxirekin eman diogu. Eta honekin euskaratik, Euskal Herriaren batasunera pasatzen naiz.

Foruak bateratzaile eta ez sakabanatzaile

Elkarrekin izan genuen mahai inguru baten Patxi Zabaleta nafar adiskideak, foralismo tradizional batek duen arrizku ikaragarria salatu zuen, herrialdekeriak manipulatzea. Egia galanta, eta ikaragarria leitzarrak ziona.

Berriz ere Nafarroan aspaldiko kanpa hotsa entzuten hasi dira, foruak estatutoen kontra jartzen. Zergatik hau? beste herrialdeekin batasunik ez egiteko noski, eta jendeak ahaztuxea badu ere, Oriol-Urkixo-tarrak izan ziren "alavesismo" eta "fuerismo" batekin Araba ere bestekandik aldendu nahi izan zutenak, gaur eta berriz dirudienez Fragari kontuz! esan diotenak, "foruak bai, baina ez estaturik", honela behin ere (?) izan duten batasunik izango bai dute beren artean euskal probintziak. Bapo!

Foruzaletasun sospetxagarri horregatik, ta forurik izan ez dugunean, alderdi aberzaleak karlismo eta "fuerismo romántico" garaiko ondorenetatik hartutako perspetiba gainditu ez duelako, Azaolak idatzitako "insolidaridad crónica entre las provincias vascas" hori egi bildurgarria da. Beste arazo batzuetan, hizkuntzan esate baterako, izugarrizko batasun kontzientzia bat hartu du Euskal-Herriak, baina ez lurraldeen batasun politikoan hainbeste, esan nahi duten erakunde eta egitura bateratzaileetan, Elizak berak ere ez du zinetan lan sistematikorik egin. Hor gaude unibertsital distritorik gabe, artzapezpikutetik bateraturik gabe, lurralde hauzitegi bateraturik gabe, etab. etab.

Konfederakunde egitura bat onartu da gehienetan herrialdearteko elkarketan, eta hori faltsua dela esango nuke eta forala ere ez. Zergatik konfederala herrialdeartean, eta ez Bizkaiko edo Nafarroako merinaldeartean? Abandotarrentzat Bizkaia bera ere merinaldeen eta errepubliken konfederakundea zen.

Beraz eta baldintza hau premiatsuena derizkiot, foruen gaurkotzean, hauztegitik edo herrixkatik, udalera, hemendik eskualdera bostgarren punduan azaldu duan bezalaxe, behetik gorako demokrazi piramidal eta konbergatzaile bezalatsu, piramide hori herrialdeetan ez baita burutzen, Euskal-Herri batuan baizik, forua euskal herrialden bateratzaile izan behar du. Eta ez du balio oraintsuko mendeetan horrela izan bada edo ez bada esateak, Herriaren nahiak baizik, frantzesak ere Algeria baturik historian ez zela izan esaten zuten, eta ezin zitekela egin errepikatzen. Ia zer dioten gaur.

Eta Ipar herrialdeak?

Beste norbaiten lana da Iparraldea eta foruetaz iharduntzea, bakarrik eman azaldu nahi dutana hau da. Beste zenbait baldintzen artean, Iparraldea ere kontuan izan behar dela foru gaurkotze kontu honetan, hura ere gure Herriaren zati bat baita, eta han ziren Bortuzandiko Merinaldeko foruak. Ziberoako Zilbieta eta Uztaritzeko Biltzarrak.

J. L. Lizundia


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Euskal Foruak Espainiako Gorteetan

Oraintxe, uztailaren egun hauentantxe, betetzen da guztiok gogoan dugun Foru-deuseztapenaren lehenengo Mendehurrena, 1876-1976.

1876ko uztail hartan sutu zen Espainiako parlamenduan euskal Foruekiko eztabaida, hain zuzen XIX. mendean jasan dugun eztabaidarik bortitzena. Hilaren 12tik 19raino luzatu zen sokatira dialektiko hura. Uztailaren 21an eman zen, azkenik, Lege berria: Euskal Herriak ez zuen hartaz gero inolatan Forurik izanen.

Espainiako Konstituzioak

Hemeretzigarren mendean —Cánovas-ek berea sortu arte— Konstituzioak dira Espainiako politikan alderdi politikoen eta liberalismo osoaren burrukaleku zaratatsuenak. Ideologia liberalaren (eta beronen taldeen) zerbitzutan behin eta berriz berriztatzen dira; batzuetan, adabakiz eta bestetan osorik.

1876rainokoan hamaika Konstituzio ezagutzen ditu Espainiak, Konstituzio berri eta berrituak gogoan har bagenitza behintzat. Baionako Estatutuarekin hasi (1808) eta Cádiz-tik igaroz (1812), azkenekoraino etengabe egina eta desegina darama Liberalismoak: 1808, 1812, 1820, 1834, 1845, 1856, 1857,1869, 1873, 1876.

Konstituziogintza bakoitzak berez esan nahi du Estatuaren birmoldaketa eta, maiz, bai eta Estatuaren azpiko ideologiaren aldakuntza eta trukaketa ere. Cádiz-ko Gorteen aurretik, 1809an Espainia osora inkesta bat zuzendu zen eta, erantzunen arabera, ba dakigu Espainiako Erresumari askok eta askok Konstituzio moldaketa berri bat eman nahi ziola. Kondaira une hartako buruhauste larri bat zen hura.

Inkesta horretan bertan agertzen zaigu eskualdeetako Konstituzio berezien (horixe dira hain zuzen Foruak) arazoa. Beraz, Monarkiari Konstituzioa ematean, zer egingo da euskal Foruekin? Eskualde honetako Deretxo Publikoari eutsi egingo ote zaio, ala dena berdintasun batetara ekarriko da? Ez dezagun ahantz, Errejimen Zaharra aldatzean, berdintasun liberalaren alde jokatu nahi dela.

Berdintasun gogo horrek bi oztopo aurkitzen ditu berehala: gizarteko Estamenduak, eta Estatuko Konstituzio berdintasunik eza. Estamenduek, gizabanakoaren eskubideak zapaltzen dituzte, premiazkoa den libertate-lehiaketari trabak ezarriaz. Elizari eta Nobleziari bereziki, bere ekonomi-, gizarte- eta legezko abantailak kendu egin behar zaizkie, gizarte klasista bat sor dadin. Hori da Liberalismoaren tesia. Ebakuntza horren ondoren, eskualdeen aparteko Foruak geratzen dira. Zer egin horiekin?

1809ko inkestak jasotzen dituen eritzien arabera, eskualdeetako Foruek ez dute tokirik nazio batu barnean. Nazioaren batasunak, hala diote, Konstituzio bakarra eskatzen du; aparteko txoko berezirik jasaten ez duen batasuna da hori. Irakurtzekoak dira Badajoz-ko apez batek zerabiltzan arrazoinak: "La Nación española, aunque es un vasto reino (oraindik Amerika ez da galdua) compuesto de diversas provincias, puede y debe gobernarse por unas leyes generales y uniformes, porque en todas ellas se habla una misma lengua, se profesa una misma religión y tiene una sola cabeza suprema".

XIX. mendeko Monarkiaren barnean, forudun eskualde bakarra Euskal Herria da, Kataluniak mende bat lehenago galdu baitzuen bere konstituzio berezia: Euskal Herriari "provincias exentas" deitzen zitzaion, edozein mapa historikotan ikus daitekeenez. Beraz, Foruak ezeztatu beharra aipatzean, zuzen-zuzen Euskal Herriko Lege Zaharra tirokatu nahi zen Cádiz-tik. Espainiako lehenengo Konstituzioak, 1812koak halegia, ez zuen baztertu berdintasun modu honen gogoa. Bai progresismoa (Liberalismoaren ezkerra), bai moderantismoa (eskuina), Lege horri leial izango zaizkio Foruekiko arazoan. Unitarismoaren tesia irteten da garaile.

1812ko Konstituzioa gerratekoa izan zen. 1834eko "Estatuto Real"a ere karlistadaren barnean jaiotzen da, baina Harmada baten eta aginte moldatu baten eskutik dator hau. Estatutu horren deira, euskaldunak bortxaturik daude Madrilera deputatu ordezkariak bidaltzera, hain zuzen Euskal Herriari Legeak handixe eman nahi zaizkiolako. Hauteskundeen legeak han egiten dira orain, eta elekzioetatik sortutako ordezkariak harako dira. Espainiako Gorte berriek eman nahi dizkiote orain Euskal Herriari Legeak. Gorte haiek izena dute bakarrik zaharra, gainerako izaera eta egitekoetan erabat dira berriak, burgesiaren zerbitzurako asmatuak eta Monarkia Zaharraren kontra sortuak.

Honela, karlistadaren aitzakiarekin nahiz aitzakiarik gabe, euskal Batzarreak eta Nafarroako Gorteak enbarazo bat dira, Foru osoa behaztopo diren bezalaxe. Herriaren burugaintasunaren eta soberaniaren izenean sortzen dira Cádiz-ko Gorteak, Erregeri ordura arteko zenbait eskubide kenduz. Baina hemengo instituzioen soberania eta iturri jatorra ukatu eta itoerazi egiten dute.

Geure herriaren soberaniatik genuen Forua, inongo herriren (burgesiaren?) asmoetara bortxatuko da. Konstituzio desnazionaldu bat ezarriko zaigu.

Euskal arazoa Madrilen

Beraz, 1839 tik aurrera, gure herritasunaren instituzio-bideak Madrileko Gorte-Gobernuetan erabakiko dira. Hori da Espainiako Liberalismoaren ideologiarekin bat datorrena.

Nola ulertuko da, ostera, gure nortasun hori? Edota inola ulertuko ote da, gero? Gure Batzarreek berez zekiten zer zen gure herria eta beronen historia, baina Madrilen? Horra, Espainiako Gorteetako gure betiko drama...

1812an emandako norabideei lehenengo karlistadaren ondoren jarraikiko zaie Espainia. Gorteetako euskal Foruen eztabaidak une ezagun batzuk izan zituen XIX. mendean: 1839-40, 1864 eta 1876. Bergarako Gomenioa legeetaratzea eskatzen die Gobernuak Gorteei. Bergarakoa hitzarmen bat izan zen... Zer pentsa lezakete hortaz Madrileko Gorteek? Garrantzizkoa zen une hura: orduantxe erabaki behar zen, lehenengo aldiz, Euskal Herritik kanpora, gure Foruak zer ziren, zer izan zitezkeen, nork nori agintzen zion, nor noren menpeko zen.

Bergarakotik hamabost egun barru baino lehen aurkeztu zuen Gobernuak bere Legegaia Gorteetan (irailaren 11an). Hilaren 25erako emanda zuen Batzordeak iritzia (dictamen), eta urriaren lehenengo egunetan ekin zitzaion eztabaidari. Gogora ditzagun orduko zenbait hizlari: Mendizábal andaluza, A. Argüelles, Madoz, Olozaga, Kortazar, etab. Urriaren 3-7etako eztabaida haren fruitua oso ezaguna da: "Se confirman los Fueros de las Provincias Vascongadas y de Navarra, sin perjuicio de la unidad Constitucional de la Monarquía" dio 1839ko urriaren 25eko Legeak.

Argi dago nola ulertu den euskal Foruaren jatorrizko zuzterra: Madrilen, Gorteen erabakiz (elkarrizketa eta hitzarmenak ahantziz) gonfirma litezke, dirudienez, euskal Foruak...(Hor dago, estalki xuriaren azpitik, ganibeta). Hemengo Batzarreek ez dute deus esatekorik. Deretxoaren iturria han ezarri da, guretik kanpo. "Sin perjuicio de..." horrek zein interpretapen izan ote dezake Liberalismoan? Nork erabakiko du zer den Monarkiaren batasun jatorra?

1839an tinkatzen dira geroko Gorte-eztabaidetarako zimentarriak, eta geroztik posible da Foruen kontrako zernahi erabakitzea. 1864ean piztuko da bigarren eztabaida bat Espainiako Gorteetan. Afrikako gerratea da tarteko, eta erantzukizun berriak ezarri nahi zaizkio Euskal Herriari, bai soldadutan, bai diru-zergatan. Gerora ere Foruen etsai porrokatu izango den Sánchez Silva-k emango ditu lanak. Ba da oraingoan berezitasun bat eztabaidan: politik eztabaidaraino iristen da Llorente-k euskal historiari emandako interpretapena. Egaña eta Barroeta dira euskal tradiziori eutsi nahi diotenak. Barroeta da batez ere historiari helduko diona. Zergak eta soldauskarako deien arazoa dabil tartean, baina barnerago sartu nahi ezpata Sánchez Silva-k, eta ongi ulertu zioten hori euskal deputatuek orduan. 1876ko ezbaidararen aurrerapen bat gertatu zen 1864ekoa.

1876ko eztabaida

Ez da ezezaguna gertatzen 1876an eztabaidari hasera ematen diona: berriro ere Sánchez Silva da. Apirilaren 4ean eskatzen dizkio kontuak Gobernuari. Senatuan hasten da dena, eta "combatiendo los privilegios de las Provincias Vascongadas" lanegin nahi du Espainiaren alde, zuzentasunik gabeko gerla bat egin baitiote Espainiari. Hilabete eskas da oraindik Don Karlos-ek Arnegi-ko muga pasa duela. Gerrateondoko konponketak egin beharra dago, eta Espainiako Gorteak dira hori egiteko leku aproposa.

Ekainaren 22ra arte luzatzen dira Senatuan arazoaren joan etorriak. Maiatzaren bigarren hamabostekoan aurkezten du Cánovas del Castillo-ren Gobernuak bere Legegaia. Espainiari Konstituzio berria eman dion gizon bera arduratzen da Euskal Herriaren nortasun politikoaz: "Los últimos acontecimientos, que por sí solos bastarán, como los de 1833 a 1839, para plantear en toda su integridad la cuestión hoy sometida a la resolución definitiva de las Cortes, no permiten consentir por más tiempo que en este punto importante se halle rota y desconocida la unidad constitucional". Konstituzio-batasunaren eztabaida, oso argi dago Gobernuarentzat: batasun hori, pentsatzen da, ez da hitzarmen eta elkarrizketa baten menpe jarriko, Madrileko Konstituzioaren esanetara baizik.

Euskal Herria bentzutua izan da, eta garaileak ezarri ohi dizkio gerraondoko baldintzak. Gobernuaren Legegaiak zazpi artikulu ditu, eta soldauska, zergak eta Gobernuarekiko harreman guztiak moldatu nahi ditu. Honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari entzun egin beharko die, Foruen Deretxoa aldatu aurretik; baina, egin, nahi duena egin dezake, gero eginkizun honetarako diktatura bat sortzen da, seigarren eta zazpigarren artikuluen arabera.

Ba dirudi, gainera, Cánovas-en Konstituzioak errejimenaren ezkerrarentzat (eta errepublikazaleentzat ere) izan zuen begiramena galdu egin duela euskal Foruei dagokien honetan. Sarreran bestelakorik baldin badio ere, laugarren eta bosgarren artikuluetan bi trataera ezberdin agertzen dira garaile eta bentzutuentzat. Hori da egia.

Zergatik berezketa hori? Ba dirudi Euskal Herria erdibitu egin nahi dela: alde batetik karlistak, bestetik liberalak. Monarkia birreraiki berriak bere "klientela" segurtatu egin behar du euskal gizartean. Azken gerratean legezko Erregeren alde parte hartu dutenen semeak ez dira soldaduskara bortxatuak izango.

Karlisten aurka ahalegindu diren herri eta hiriei hamar urtetako zergak barka lekizkieke; berdin, karlistek persegitu dituztenei, edota beren etxeetatik ihes egin behar izan duten liberalei. Gobernu irabazlearen aldekoak ez dira izanen hiritar arruntak, hiritar pribilejiatu batzu baizik. Gainerako herria, berriz, ordura arte ezagutu ez duen zamaz (Penintsularako soldaduak bidaliz eta Madrili zergak ordainduz) zigortuko da. Hori da Gobernuaren asmoa.

Sánchez Silva ez zen bat etorri Gobernuaren Legegaiarekin, ez eta Batzordearen irizpideekin. Zerbait gogorragorik behar zuen berak. Ekainaren 19an eman zitzaion hasera Senatuko eztabaidari. Egun osoa bete zuen. Azkenik, bototara jarrita, Sánchez Silva-ren proposamena baztertua izan zen: 111 boz kontra, 24 alde. Biharamunean, Batzordearen Diktamenari heldu zitzaion. Agirre Miramon izan zen Legegaiaren kontra luzeenik mintzatu zena. Ekainaren 22an bukatu zen Senatuko lana: bederatzi lagunek eman zuten beren boza kontra, baina 96 ziren aldekoak. Prest zegoen, beraz, Deputatuen Ganbararako Legegaia.

Egiazko gudua Deputatuen artean izanen zen. Testu inguru hartan, Euskal Herriko Diputazioei egindako kontsultak zeregin haundirik ez zuten benetan. Uztailaren zazpirako Batzordearen Diktamena emanik da Deputatuentzat; hurrengo egunean aurkezten du Gonzalez Fiori-k bere aparteko iritzia. Uztailaren 12an ekiten zaio eztabaidari; 13an, 14ean, 17an, 18an eta 19an burutzen da. Legegaia, Legetzat gonfirmatua geratzen da hilaren 21ean.

Deputatuen Ganbarako hau izan zen XIX. mendean euskal Foruei egin zitzaien defentsarik bortitzena, ausartena, jantziena. Xehetasunak beste nonbaiterako utzi beharko ditugu; baina bidezkoa da gure Foruen defentsarik argiena egin zuten gizonen izenak gogoratzea: Agirre Miramon-ek Senatuan, Mateo Benigno Moraza-ko Deputatuen artea.

Benetan sonatua izan zen ekinaldi hura. Eztabaidaren aurretik, Euskal Herriko prentsa ezezik Madrilekoa ere sartu zen. Batzuek Gobernuaren alde, besteak kontra, Madrilen bertan ere ez zen faltatu orduan Foruen aldekorik. Baina saioa alde aurretik galduta zegoen, gerratea galdu zenetik bertatik. Benetan, Euskal Herria histori aro berri batean murgiltzera zihoan hartaz gero.

Joseba INTXAUSTI


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Foruak: karlistak eta liberalak

Ehun urte dira aurten, gure Foruak deuseztuak izan zirela. Euskaldunontzat benetan Urteburu gogoangarria. Ehun urtebetetze hori dela eta badirudi betiko pseudoetsai politikoen artean aintzinako amorru eta ikusiezinak berpiztu direla.

Euskal gizarte eskubideen oinharri ditugun Foruak azter ditzagun bere azkenaldira. Honela Foruen erahilketa izan zenaren ondoren politikoa ikasiko dugu behinik behin; gaur eta bihar politika bide berri urratzaileentzat irakaspen nahiko jakingarri eta ahantzi ezina.

Deuseztapenaren inguru historikoa estudiatzerakoan material ugari arki dezake kondairagilek. Baina Foruen arazoa oraindik ere gure baitan bizirik dugularik, politik gaiari lot gakizkion historikoa geroari utziaz. Batak bezain besteak Histori ala Politika egileek objetibotasunez erabili beharko dituzte funtsezko datoak.

Eztabaida beroa sortu ohi da "endogenista" eta "exogenista" eskolen artean gai honi buruz. Euskal Foralitatearen amaiera diskusiogai bezala hartzea, besterik gabe, nork bere printzipioen deklarazioa dateke gaur. Gizarte inmobilistazaleen alde arrazoi apartak: Herriz kanpotik jokatu zuten gure kontrako indarrak (inbasioa, militar okupazioa, Foruen kontra Agintarien erabakia, Estatuaren laguntzaz antiforal propaganda, Euskal populazio gehiengoaren protesta...) "Endogenistek" berriz behin eta berriro errepikatzea atsegin zaien interpretazioarekin susmo txarrezko sospetxak ematen dizkigute. Hona hemen lau haizeetara aireatutako "endogenisten" eritzia: "Garai hartan Euskal Gizarte barnean zebiltzen kontradikzioek erahil zituzten gure Foruak. Merezia izan zuen halegia, Herriak".

Lege-Mediku famatu baten diagnostikoa gogora ekartzen digu gure "endogenisten" eritiziak. Ormaren kontra, kateaz loturik arkitutako gorputz hil momifikatua aztertuz gero, honela idatzi omen zuen Lege-Medikuak bere eritizia: "Ahuleriz hil zen".

Ez pentsa ordea momentuko despistea denik "endogenista" hoien agiria; Euskal Foruei azken kolpea eman zienaren eskua izkutatu nahiez dabiltza intentzio deliberatuz. Honela esplika genezake PSOEko Araquistain, Carretero eta Ramon Oliveirak eskuindar zen Gregorio Balpardaren argumentuak erabili nahia; edo gaur bertan Banus Aguirre, Martinez Diaz eta Fernandez de Pinedo artean egosten diren elkartze "endogenistak".

Garai hartako Iraultza Demokratiko Burgesaren markoan ezarri behar dugu geure Erakundeen heriotza. Batez ere Iraultza orokor horrek Espainian arkitu zuen giro soziopolitiko zehatzean. Borbon-tar erreformismoak erasota, Euskal Foruak ezin jasan izan zuten soziopolitiko egoeraren aldaketa indartsua; Burgesia gizarte, klase berri baten bideak urratzen zetorren. Eta Euskal Burgesia ez zen gauza izan une hartan Iraultzaile bezala Herriaren alde jokatzeko. Umezurtz geratu zen Euskal Herria politiko mail orokorren eboluzioan, dinastiko borroka zoroetan nahasia, indar galtzen; kritika sakonik egin gabe, borrokaren alderdi "ideologikoari" begira, karlista reakzionario eta liberal progresisten artean elkar joka. Sakonagoak izan ordea borrokaren benetako sustraiak: Espainiaren berdintasuna, munduko produkzioaren estruktura berria, teknika eta merkatuen aurrerapena, klase arteko harremanak, produkziobideen aurreratzea, Herriak politikan parte hartzea, giza premien manipulazioa, kapitalist berrien eskabide eta interesak, etab. Euskal Herria bitartean beste arazoetan, analisis desberdinetan eta etsai diferenteen kontra ari zen. Jatorriz, kulturagandik datorkigun etiko-metafisiko grina biziak jota, "gogamen garbien" defendatzaile bihurtu zen. Erlijioz jantzi zuen politika. Eta garaiko politikalari zahar, zuhur, maltzur, pragmatiko eta realistek bere interesen alde maneiatu zuten gure Herria, elkarren kontra borroka araziaz. Euskal nekazaria, reakzionario hutsa, sari gabeko "guardia suizo" izan zen. Kaleko "liberal Vascongado"a berriz oligarkiaren zerbitzuan astakirten utila; merkatu "nazionala" eta poliziaren babesa eskeintzen zizkion Estatuari aurrez eta erabat saldua.

Giro hartan ez zuen gure burgesiak jakin Herriak beharrezko zuen barne sozial erreforma egiztatzen. Aitor dezagun ala ere lehendik eginahalak egin zituztela 1794-1796.etik 1817.era. Karakasko Real Compañiaren amaierak kanpotik ito zizkigun eginahal horik. 1796.etik 1841.era Eusko Lurrean etengabeko borrokak izan zirela ere aitatu beharra dugu hemen. Gertakizun hauek erakarri zituzten gerora produkzioaren ondamena eta klase arteko borrokaldiak. Azkenik euskal burgesiak ez zuen beste irtenbiderik ikusten eta euskal erreforma jatorra eta herrikoia egiterakoan huts egin zuen.

Eta 1869.ean lehen auteskunde libreetan euskal gizonezkoen gehiengoak karlismoa aukeratuko du.

Iraganeko borrokei zintzotasun tematsu eta bakarti hori ikusiz gero ez da harritzekoa 1876.ean gertatutakoa.

Zornotzako Biltzarrak Foruen arazoari emandako soluzio egokiak ez zuen ezertarako baliorik izan. Ez eta ere Gipuzkoako Diputatu Generalak hain zuhur egindako oharrak:

"Ezin dezakete Espainian onhar, geure Foruentzat errespetua eskatuz gainera, komeni ez zaizkien soluzioak beraiek hartzera guk behartu nahi izatea".

"Goi Agintariek gure Foruak errespetatzen dituzten bitartean haien esanetara gaude".

Baina Euskal Herriak "gogamen garbiak" "legitimitatea" nahiago zituen. Eta Europako Potentzi aurrerakoi aberatsak onhartzen zuten Estatu iraunkorrari erantsi beharrean, buru gabeko abentura zoro batera jo zuen itxu itxuan.

Negar oihuak geroztik beranduegi. Foralitatearen Arbola Santuaren babesean karlista eta liberalen besarkada ere bai, "Finis Vasconiae" egina zen.

Politika gaietan izan ere Etikak eta Dogmakeriak garesti eta luzarora ordaintzen dira.

Hauxe dugu 1876.ak irakatsitako lezioa.

J.A. AYESTARAN

Imanol U.k. euskeratua


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Foruak, Ipar Aldean

Ipar aldeko hiru euskal Probintziek, beren Foruak, frantses Iraultza gertatu zelarik, 1789.ean beraz, galdu zituzten. Osoki galdu. Ez zen inolako hautsi-mautsirik izan: ez "kontzierto ekonomikorik", ez "lege paktaturik", are gutiago "estatuto berezirik"; deusik ere ez. Probintziak berak, eta Probintziek berezko zituzten gobernu molde, lege, eta Erakunde guztiak, deuseztatuak izan ziren. Hartaz geroztik ez da gehiago izan, frantses Estatuko administrazio-legeen arauera, ez Lapurdirik, ez Nafarroarik, ez Zuberoarik, ez eta inolako Euskal Herririk. Nahiz, hala ere, administrazio-zatikatze berrian, haraitzineko Herri-, Haran-, edo Herrialdekatze zenbaitek zertxobait iraun, eta bai Erakunde bereziren batek edo bestek ere.

Ipar aldeko Probintzietako Foruek antz handia zuten mugaz beste parteko Probintzietakoekin. Nafarroa Beherearen kasuan ez da harritzeko, Nafarroako Erresuma osokoak baitziren (XVII. mendean, Erregek "Foru berriak" idatz erazi arte bederen). Baina besteetan ere, foru-sistema bertsua aurkitzen zen. Eiki, Probintzia bakoitzak bere Foru bereziak ba zituen: bere berezko lege, era molde eta Instituzioak. Lapurdin eta Zuberoan adibidez, oso administrazio-egitura desberdinak ziren; hala nola, ez noblezia, ez apezak onhartzen ez zituen "Lapurdiko Biltzarrea", eta Zuberoako "Ordako Gortea" ("Silbieta"k, eta nobleen "Grand Corps" delakoak osatua), Erakunde arras diferenteak ziren; eta jakina, ez bata eta ez bestea ez ziren Nafarroa Behereko "Estatu"en gisara eratuak. Bizkitartean, ororen buru, hiruetan ez ezik, baina zazpietan (hauzo Probintzietan ere, Biarnon adibidez), jite eta egite bereko Foruak zirela ageri da. Funtsean, denetan gauza bera ziren Foruak: Erregeren eta Probintziaren arteko hitzarmen bat. Erregek, Probintziako Herri, Herrialde, Hiri, Haran eta herritarren ohitura eta legeen errespetatzeko zina egiten zuen; Probintziak berriz, horren truk, Erregeren babesa onhartuz (eta ordainduz), Foruek berek finkatu mugen barnean, haren larderia eta nagusigoaren onesteko promes ematen zuen. Hori zen hastapeneko tratua, denborarekin, batzuetan gehiago besteetan gutiago, borrokabide eta eztabaida-gai bilakatuko dena.

Gureganaino helduak diren Foruak, Foru idatziak dira; erran nahi baitu, desitxuratu eta ahulduak. Kontutan har, ipar aldean bereziki, Foruen idazketa, errege-erdiraketaren lehen urratsetarik izan zela: Erregek manaturik, lasterka, gaizki idatziak izan ziren Foruak. Anitz erran nahi du, alde horretatik, Foru guztien erdaraz (gaskoineraz ipar aldean) izkiriatuak izateak. Bestalde, oso berant gertatu zen haien idazketa: Lapurdin, 1514.ean; Zuberoan, 1520.ean; Nafarroa Beherean, 1611.ean ("Foru berriak"; Foru zaharren idazketa, XIII. mendearen erdian bururatu zela pentsatzen da, Nafarroako Erresuma oraindik bat zelarik, noski.)

Ipar aldeko Probintzietako Foruak, hego aldeko Probintzietakoekin gonbaratzen direlarik laster ohartzen da beraz, desberdintasunak, Foruetan beretan ez dautzala. Desberdintasunok ordea, han eta hemen, bateko eta besteko Foruek ukan bilakaeran aurkitzen dira; historiazko goiti beheitiek sorteraziak. XVI-XVII. mendeetan jokatzen da guztia. Frantziako Erresuma, biziki goizik hasiko da Estatu modernoaren itxuraren hartzen; Espainiakoa aldiz, hemen aipatzeke utzi behar dugun arrazoi askorengatik, gibel geldituko da. Erran gabe doa, Estatu moderno erranez, Estatu erdiratzailea ematen dela aditzera... Luzeegi litzateke ipar aldeko Foruen ahultze eta beherapenaren historiaren kondatzea. Ez da gizaldi edo errege-aldi baten lana izan; hiru mendetako jorratze jarraikiaren fruitua, ordea. 1789.ean gertatua ez da bakarrik iraulpen-urte hartako bat-bateko ekintzaren ondorioa izan, aitzineko hiru mende haietako lan luze sakonaren bururapena baizik.

Lapurdi eta Zuberoa, 1450.ean (Aiherrako Hitzarmena) beretu zituen Frantziako Erresumak. 1154.etik ordu arte, bi euskal Probintziak gerizatu zituen Ingelatarreko Erregeren kontrako gerla luze baten ondoan. Errege berrik bertako Foruak errespetatuko dituela zin egiten badu ere, bere meneko nahi ditu bi Probintziak. Urteak joan arau, haren boterea handitu egiten da; Foruen kaltetan. Batetan hori ken, bestetan hura, bertako herri-instituzioak indargabetzen ditu. Bere politikaren eta nagusigoaren onhar erazteko, ararteko egokiak hautatzen ditu; nobleak, bistan denaz, edo nobletu nahia den familia aberats zenbait. Urrunegi joaten denean, eta herria haserrez jazartzen zaionean, atzera egiten ba daki. Aldiz, herritarren artean zenbait elkar ez aditze edo gataska sortzen delarik, bera agertzen da hauzi garbitzaile eta bake egile. Erran beharrik ote, holako paradak, bere larderiaren erakusteko eta hobeki finkatzeko baliatzen dituela?

Nafarroa Beherean, gauzak bide beretik joanen dira, nahiz, legez, arras berdinak ez diren. 1512.ean hasten da Nafarroaren agonia luzea. Azkenean, 1530.ean, "Mendiz haraindiko" eskualdeak bakarrik gelditzen dira libre. 1589.ean, euskal lur libre haietako Errege den Nafarroako Henrike III.a, Frantziako Errege izateko hautatua da (Frantziako Henrike IV.a). Errege bera, baina bi Erresuma. Hala erran du Erregek berak. Bizkitartean, 1620.ean, Luis XIII.ak, Foruak bortxatuz, Nafarroa Beherea Frantziako Erresumari lotzen dionean, zer balio dute Nafarren gaitzespen eta auhenek? Foruen arauera holakorik egin ez daitekeela oihuztatzen dute, baina zer zaizkio Erregeri Nafarroako Foruak? Zer indar du, 40.000 bizilagun doi-doia duen "Probintzia" hark? Erregek ez zuena jada aski indar ukan, bederatzi urte lehenago Foru zaharren berriztapenaren inposatzeko?

XVIII. mendean, Foruak, gero eta Erregek ukatuagoak... 1733.ean, bertako nobleziak sustaturik, Zuberoako herri erakunde nagusia —Silbieta (Heren Estatuaren biltzarre orokorra; izena bera, "zin-bide" hitz elkartetik omen dator)— deusezten du. Lapurdin, Erregeren zergariak, bost egin ahaletan aritzen dira Foruen, eta bereziki Lapurdiko Biltzarrearen "erreformatzeko". Nafarroa Beherean, dudarik batere gabe, Erregeren aitzinean Foruen zaintzeko, elkartasun handia agertzen da, baina, han ere, Errege da esku. Horrengatik Frantziako Luis XVI.ak, Erresumako Estatu jeneralak 1789.eko bildu gogo dituela jakiten delarik, esperantza handi bat sortzen da euskal Probintzietan. Lapurdin eta Zuberoan eskapen-kaierak idazten dira, Erregeri, mila gauzaren artean, Foruen hobeki errespetatzeko eskatuz. Nafarroa Behereak, berriz, bere independentziaren frogatzeko paradaz baliatu nahi du: ez du Frantziako Estatu jeneraletara inoren igortzeko beharrik ikusten, Frantzia, Frantzia baita, eta Nafarroa, beste Estatu bat.. Zer ametsak! Zenbait hilabetez gauzak noraino joanen diren balekite!

Guti ezaguna da, denbora haietan, Nafarroa Behereak, eta bereziki haren ordezkaria zen Polverel-ek, zer gataska eraman zuten Foruen ez galtzeko. Gisa guztiz, alferrikako ihardukitzea izan zen, Nafarrak ere azkenean amor ematera behartuak izan baitziren. 1789.eko abuztuaren 4ean Probintziek beren Foruak galdu eta, azken esperantza bat gelditzen zen, Lapurtarrak, eta partikulazki Garat anaiak bi deputatuak, gauzatzen bermatuko zirenak. Itxaropen hori: hiru euskal Probintzien departamendu bakar batetan biltzea. Berriz ere, ametsa: 1790.eko urtarrilaren 12an, "Assémblee Constituante" delakoak "Basses Pyrénées" izeneko departamenduaren sorpena onhartzen zuen. Garat gaztearen orduko hitzak gogora ditzagun: "Il me reste un devoir à accomplir; il m'est prescrit par mes commettants, par ma raison, par ma conscience,... nulle chose au monde ne pourrait me le faire oublier!... Par une délibération unanime ma Province proteste...!"

Lapurdiko Biltzarrea, Zuberoako Silbieta, Nafarroako Estatuak... izen horiek ba ote dute erran nahirik ipar aldeko gaurko euskaldunentzat? Hemengo Foruak berriz pitz litezkea, behar bezain gaurkotuz ere? Frantses Estatuaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanak, bi mende honetan ahantziak ditugun Foruen gisako zerbaiten arauera molda litezkea berriro? Ez dirudi. Gauzak urrunegi joan dira horretarako. Ipar aldeko Foruak iraganarenak dirateke betiko.


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Bi mende

Bi mende honetan, euskal foruek, mugaz honaindian, aipabide guti eman badute ere, ez daiteke horrengatik erran, foruek finkatzen zuten euskal autonomia edo auto-gobernu baten asmoa, orduan alde bat iraungi zenik. Izan dira, handik hona, foruen eta ipar euskal herriaren beraren ezteusetaratze horren kontra altxatu diren gizon batzu XIX. mendean, Garat gaztea lehenik Napoleon Lehenari, euskal zazpi Probintzien biltzeko proposamendua egin ziona (orduko modari jarraituz, "La Nouvelle Phénicie" deitu gogo zuen); Baionako Gomertzio Ganbara gero, horrek, 1836.ean, "Departement de l'Adour" izena emanik, euskal departamendu baten sortzeko xedea erakutsi baitzuen (abertzale kutsurik batere gabe, ordea); Xaho zuberotarrari ere, ez zitzaizkiona gogo-ametsak "Basconia" batetara buruz hegaldatu?

Egia erran, entseiu horik oro ez ziren biziki urrun joan XX. mendean, ipar aldean ere, abertzaletasunaren pizteak sorteraziko zituen esperantza berriak. 1933.ean, Baionan, euskaraz eta frantsesez, "Euskal Herriaren alde" izeneko liburuxka argitara eman; "JEL" izenpetua, goitizen horrek, fruitua zer arbolak ekarri zuen garbi erakuzten baitu... Liburuxka horretan, "euskalherrizaleen chedeak" ezaguterazten ziren, "berechkundea"ezinezko emanez ("jazar baginte, ulia bezala leher ginitzazkete"), "Parisekilako lokharrien lachatzea" proposaturik. Orduan nagusi zen alde honetako eskuindar ideologia klerikala eta Aranaren irakaspenak elkarri loturik, hori izan zen, ipar aldean, euskal autonomia programatu zuen lehenbiziko entseiu politikoa. Hona foruez zer zioen: "lege horien (foruen) funtsa edo mamia nahi ginuke zimendutzat hartu eta geroztikako lege zuzenak lehengoeri eratchekirik, ethorkizun hobe bati buruz abiatu". Zenbait urte geroago, xede horien obratzeko sortu "Aintzina" taldea. Frente popularrak agertu ondoan, eta Pétain Frantses Estatuko Buruzagi jartzearekin, gorputz-arimez galduko zen.

1945.ean gerla ondoan, Jean Etcheverry-Aintchart, orduko euskal deputatuak, Euskal Herriari buruzko lege gai bat aurkeztu zion. Frantziako IV. Errepublikako konstituzioa moldatu beharrez bildu zen "Assemblée Constituante" delakoari. Lege gaiaren mamia, haren izenak berak erakusten zuen: "Statut d'autonomie du Pays Basque dans la République Francaise". Gorago aipatu gerla aitzineko egitarauan bezalatsu, euskal departamendu autonomo baten sorketa eskatzen zuen lege gai honek, foruak, eskubide pribatuari zegokiola aipatzen zituen batez ere: "il est créé une Cour Forale Basque dont la Siège sera à Bayonne qui procédera à la réforme du code civil en tenant compte des Fors de Labourd, Soule et Basse Navarre..." (11. art.). Erran gabe doa, Parisen, deputatuek bazterrera utzi zutela Marc Legassek idatzia zuen lege gai hori.

Geroztikako entseiuek, Enbatarenek eta EHASenak gaur, ez dituzte kontutan hartu foruak. Halabaina, ehun eta lauetan hogei urte honetan, urak bide luzeegi egin du horretarako. Frantses Estatuan, Burjes Iraultza berdin, batetara, eta erdiratzailea, goizik eta osorik bururatu zen. Espainiako burjeseria, berriz, ez da gauza izan horretarako. Hortik datorkiguke, alde batez bederan, foruei buruzko mugaz bi parteetako etsera eta jokamoldeen desberdintasuna. Ba da, bestalde, Nafarroa Garaian, Araban Bizkaian, Gipuzkoan, gaur egun ere oraindik, euskal kontzientzia historiko bat foru zaharretan finkatzen dena. haietan erroztatzen dena. Ipar aldean, berriz, deusik ere gisa horretako Abertzaletasuna ez da foruzaletasunetik sortu mugaz honaindian; hots, ez da karlismorik izan bien artean loturaren egiteko. "Foru" hitza bera ez da ezaguna, are gutiago erabilia. Euskal nazioaren kontzeptua, ipar aldeko euskaldunentzat, ez da hainbat historian finkatzen, gutiago oraindik foru-historian. Beharbada, historia hori irakatsi izan ez zaielako, eta hartaz gabetuak izan direlako. Beharbada, historia hori irakatsi izan ez zaielako, eta hartaz gabetuak izan direlako. Beharbada ere, eraiki gogo dugun geroa, maiz, honen etsigarri iruditzen zaigun iragan hil hartarik sortuko ez dela sentitzen dugulako.

Beñat Bidegorri


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Foru burruka, gaur

Gaur ba al dugu Forurik? Gelditzen ote da ezer lehengo Lege zaharretik? Zerbait. Oso gutti.

Gure Foruen hondakinak azaldu baino lehen hau da kontuan izan beharrekoa: Legeak, Zuzengoak, bi sail ditu: Publikoa ta Pribatua.

Publikoak gizakiaren Estatu ta Administrazioarekiko harremanak gobernatzen ditu. Baita Administrazioaren beraren barru harremanak ere. Pribatuak, aldiz, gizakien arteko harremanak.

1. Foru publik Legea

a) Ez dirau Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi herrialdeotan genituen publik eskubideen kondarrak 1937-ko Ekainaren 23-an kendu zizkiguten "Decreto-Ley" baten bidez. Decreto-Ley honen hitzaurrean Bizkaia eta Gipuzkoa traidoretzat hartu ta zigortzen ziren.

1968-ko, Ekainaren 6-an, beste "Decreto-Ley" baten aginduz kendu ziguten traidoretasun hori, lehengo Decreto-Ley-aren hitzaurre ezeztatuaz, baina zigorra ez. Hau da, zigorraren arrazoia kendu baina zigorrari iraun-erazi. Ulertzen ahal da?

Gauzak horrela, 1975-eko Hazilaren 7-ko "Decreto"-aren bidez Komisio bat izendatzen da Bizkaia ta Gipuzkoarentzat Administrazio Errejimen Berezi bat gertatzeko.

Komisio honen zenbait projektu ezagutzen ditugu eta ba dirudi, hitz hutsez kanpo, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dutela zertan itxaropen izan.

Komisio hori Gobernuak lonbratua da herriaren ordezkaritza gabe. Gauden gertu eta zain.

b) Araban Ekonomi Kontzertua dugu Foru publik Legearen arrasto gisa. Kontzertu hau dela-ta, Arabak urtero kopuru bat Estatuari ordaindu beharra du, baina Ahaldundiaren gain doa Arabako zergen kobratzea.

Ekonomi azken Kontzertua 1952-ko Otsailaren 29-ko "Decreto"-ak regulatzen du eta Decreto honetan jartzen zen kopurua 1972-ko Abenduaren 23-ko "Orden"-ak jaso eta gaurkotzen du.

Datorren urtean egin beharko du Arabak Kontzertu berria.

d) Nafarroak Estatuarekin dituen harremanak 1841-eko Agorrilaren 16-ko Hitzarmen Legeak ("Ley Paccionada") zuzentzen ditu. Lege honetatik dator, hain zuzen, Nafarroak Estatuarekin duen Ekonomi Hitzarmena ("Convenio Economico"). Araban Kontzertuaren antzeko da.

Ekonomi azken Hitzarmena 1969-ko Uztailaren 24-ko "Decreto-Ley"-ak jarri zuen.

2. Foru pribat Legea

Gipuzkoan ez dirau. Beste hiru herrialdeetan bai.

a) Bizkaian eta Araban gure pribat eskubide bereziak 1959-ko Uztailaren 30-eko Legeak aipatzen ditu. Gehien bat, Bizkaiko "tierra llana"-n aplikatzen da, "Villa"-tan ez. Araban, berriz, Laudio, Aramaio, Aiala, Amurrio, Lezama, Okondo, ta Arzeniaga-ko Mendieta, Retes de Tudela, Santa Coloma eta Sojuguti hauzoetan, soilik.

Ez dira asko gure eskubide bereziok (tronkalitate, ezkontz-hondasun, herentzi, t.a.), baina zerbait.

b) Nafarroako pribat Zuzengoa 1973-ko Martxoaren 1-eko Legeak aprobatzen du.

Badirudi Espainian zehar Foru pribat legearen aurkako joera indartzen ari dela. Eta publik Legearen alde, ostera, ezer gutti egiten da. Beraz.

Burruka beharra

Esan dugu 1975-eko Hazilaren 7-ko "Decreto"-aren bidez Gobernuak izendatu Komisio bat ari dela Madrilen Bizkaia ta Gipuzkoarentzat Errejimen Berezi bat gertatzen.

Komisio honengan ezin genezake itxaropen gehiegi jar. Komisiokoek herriordezkari ez baina zentralismoaren zerbitzari kartsu bai dira. Ardura gehiago izango dute zentralismoa sustraitzen foru-eskubideak lortu eta berriztatzen baino.

Honez gain, ezagun da Gipuzkoa eta Bizkaiko Udaletxeek, Bergarakoaren eraginez, daramaten ekintza. Euskal Udaletxeen benetako ordezkaritzak egin beharko lukeen Autonomi projektua eskatzen zaio Erregeari. Autonomi projektu honek, Foru-erakunde berriztatuak bilduaz, Lizarran onhartuaren antzeko beharko luke. Honela Euskal Herriak, Nafarroa barru, Lege Zahar berriztatu askatasuna izango luke.

Ez dakit konturatzen garen Udaletxeen jokabide honen garrantziaz.

Ez dira "terrorista" eta "separatista"-k Foru askatasun eske ari direnak. Gobernuak berak, batik-bat, izendatu Udaletxeek, Agintaritzaren konfiantzazkoek, halegia, dira eskabidean ari direnak.

Hau batetik. Bestetik, Udal-batza da, hain zuzen, herriarekin lehen harremanetan dagoen aginte-erakundea. Herria da, beraz, Foru eskatzen ari dena. "Discurso" eta hitzaldi ofizialetan hainbat bider aipatutako herria.

Hala ere, Gipuzkoako ta Bizkaiko Gobernadore Zibilek Udaletxeek Erregeari egin Eskaria suspenditu ondoren, arazoa Iruineko Hauzitegian dago, Udal-batzek aurrera jotzea erabaki baidute.

Ekintza eta jokabide hau Gipuzkoa ta Bizkaiko udaletxe guztietara ezezik, Araba eta Nafarroakoetara ere eraman beharra dago.

Ea beste Lizarrako Biltzar berri bat antolatzen den.

Joko honetan, politik taldeez gain ba dira beste zenbait bazkun eskabide berean dihardutenak. Hara nola: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, Colegio de Arquitectos Vasco-Navarro, t.a.

Noiz zabaldu eta lortuko ekintza guzti hauk? Orain da garaia.

A. Muniategi


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Augustin Xaho karlistadan

Joan den mendean, foruen aldeko burrukek ohi ez bezalako ikusle bat ukan zuten: Augustin Xaho zuberotarra.

Sozialista erromantiko eta errepublikar amorratua, Xahok, 1835.ean Baionatik Nafarroara bidaia bat egin zuen, karlistada in situ aztertzeko gogoz. Ibilaldi haren ondorioz, liburu bat idatzi zuen: Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques (1830-1835). Liburu hau, Xabier Mendigurenek itzulita, egunotan eman du argitara TXERTOAk gaztelaniaz.

Harrigarria da, izan ere, Xahoren gisako errepublikazale ezkertiar batek karlismoa hain begi onez ikustea. Kontraesanik ez hor, ordea. Itxuraz dynasti burruka zena, funtsean besterik zen: Herri eskubideen —foruen— aldeko askatasun gerra bat.

Giristinoen gobernua, liberala itxuraz, egiazki despotikoa zen, eta erdirakoia. Hori, monarkhian sinesten zutenentzat argi ez bazegoen, ezin garbiago zekusan gure zuberotarrak, ezkertiarra izanki. Sasoi hartako euskaldunak, Don Carlosen fabore agertzean, beraz, beren buruen fabore jarriak ziren. Itsutasuna ez beste dateke, nik uste, karlista haiez, erregezale zirela eta, burla egitea, eta are handiagoa, gainera, burla horik urte batzu geroago, estatutu bat gordetzearren, madrildar errepublika baten alde jarriko zirenengandik etortzea.

Azala eta funtsa bereizten ez dakitenek ez dute sekula ulertuko, gizonak, Arestik zioenez, ez duela eskuharki bere bizia ematen arrosa bategatik, hodei bategatik, kolore batzurengatik edo izen bategatik, horien atzean eskutatzen diren balio eta interes batzurengatik baizik.

Xahorentzat, hortaz, ezin nabariagoa zen karlistadaren funtsa. Hura euskal askatasunen aldeko herri altxamendu bat besterik ez zen, garaiko giroagatik errege arteko istilu batekin nahasi arren.

Behin aipatzen du Xahok, soilki, Don Carlosen legitimismoa bere liburuan, eta ez dio beroni ematen, gainera, garrantzi haundirik; herriak onhartuko zuen neurrian izan zen hura errege, ez bestela.

Historian konstante bat izan da; azken mendeotan, euskaldunok, geure interes propioen defentsan aritzean, inoren banderapen agertzea. Behin Don Carlos, hurrengoan Paris, gero II errepublika eta D. Javier, oraingoan alderdi estatalistak... Tamalgarria da. Ba dirudi euskaldunok beti inori sugea sasiarterik ateratzeko prest ibili behar dugula, guk min eta kalte hartu ondoren, geure jaunek sugearen buztana eman diezaguten. Patu tristea duguna, gure ez diren erakundeen morroi leial beti izatea.

Xahok Zumalakarregiri behiala egin zion galdera hor dago oraindik, eta propheziaren denborak jadanik bete direnez gero —Gernikarena lekuko— agian orain hasiko garateke geurearen alde zuzenki saiatzen, bitartekoak oro baztertuz.

Xabier Kintana


Euskal Herrian. Foruak zer diren

Foruak: mito eta errealitate

Euskal Herriko jendeak foruak gutti ezagutzen ditu. Ahaztuak eduki ditu edo eduki dizkiote urte eta urteetan. Zer dira foruak?

Foruak alde batetik galdutako askatasun baten irudi, eta non edo non, aztarna dira. Beste alde batetik, foruak historian zehar lege batzu izan dira, edo herrien egitura batzu eta behar eta premia batzuei erantzun izan diete. Historian zehar orduan direlako foruak errealitate bat izan dute, nolabaiteko egiatasun bat. Nolabait mugatzekotan errealitate horren neurria nik hona ze bereizitasunak agertuko nizkiekeen:

1.- Foruak lege bezela ez dira osotara askeak ziren herrien eredu izan. Edo eta nahi baduzue beste modu batera esateko hori bera, Euskal Herriko zatiak foruak edo fueroak zituztenean, eta hau karlista gerrateak baino lehen ere, ez ziren lurralde aske batzu, ez ziren inolaz ere beren etorkizuna hautatzeko gaiak. Herri osotara askeak ez da inoiz esaten forudun direnik.

2.- Foruek beti Euskal Herria zatitan edo probintzietan zatiturik begiratzen dute. Gertatzen da orduan historia osoan foruek ez dutela lortu, ez eta oinharririk jarri, Euskal Herri osorako nolabaiteko erakunderik sor zedin.

3.- Foruak hemeretzigarren mendean galdu zuten erraberritzeko indarra. Lehen, karlista gerratearen ondorioz. Euskal herriko lau lurraldeetan lege egiteko eskubideak eta indarrak deuseztatu ziren; bai Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako "Juntak" nola Nafarroako "Korteak". Baina lege egile erakunde horik ez ziren inolaz ere herri arruntaren lekuko, baizik gehienetan estamentuen ordezkariez osatuak. Ez ziren inolaz ere demokratikoak, behintzat Nafarroan.

4.- Foruak hemeretzigarren mendetik atzeragoko legeak, egiturak, ohiturak eta bizitzeko moduak gogoerazten dizkigute. Gaurkotzeko benetan berri berritik pentsatzen hasi beharko litzateke. Ba ahal dute foruek "mamia" edo "esentzia" holako berrikunderik egin ahal izan dadin?

5.- Azkenik, foruen errealitateen aldean ere ipini beharko genituzke gerrateen ondorean lau hego Euskal Herriko lurraldeetan gelditu ziren autonomia mugatuak: lege itundua Nafarroan eta Kontzertuak beste hiru probintzietan. Ez da ahaztu behar hain zuzen ere lege hauei foru esaten dietela. Ba dira esaten dutenak, adibidez Nafarroari dagokionez, lege itundu delakoak orain arte bezela iraun behar duela; aldatu gabe halegia eta hori dela hain zuzen ere foruen gaurko adibidea. Ez dugu ahaztu behar jendeak ere foruak bezela aspaldidanik Nafarroako eta Arabako egoerak ezagutzen dituela. Eta egoera hauetan hain zuzen ere zergak kobratzeko autonomia bat besterik ez dago... ez kulturagintzan, ez ekonomiako plangintzan, ez eta lan harremanetan batere askatasunik.

Zer dute orduan foruek "mito" bezela?

Ez dezaket artikulu motz batean mito hitzaren esanahia osotara garbi, baina beti ere egia da, foruak zenbait zentzutan mito bilaka litezkeela eta gure herriari bere ondoreari buruz egiazko azterketak eta hautaketak eragotz edo galeraz liezazkioketela.

Esatea foruak gaurkoz errepresentatzen duela Euskal Herriko nahien erantzupidea mitoa da; hau da herriari begiak hertzierazi nahi izatea. Esatea foruak langileen arazoetarako soluziopidea direla mitoa da. Esatea foruak adierazten duela Euskal Herriaren soberania mitoa da, berez ere soberanoa delako. Esatea azkenik foruak ez daitezkeela alda edo estatutuen aurka doazela edo Euskadi beraren izaeraren Kontra mitoa da. Gauza hauengatik guztiongatik ere delako foruen erreinstaurazio hori mitoa bilaka daiteke ez baldin bada herriaren soberania osoan oinharritzen eta ez baldin badie gaurko langileriaren arazo nagusiei erantzuten.

Gorka Trintxerpe


Euskal Herrian

50.000 lagun Donostian

50.000 lagun paketsu eskuin indarkerien aurka

Berrogei eta hamar mila lagun bildu ziren Donostian Uztailaren 3an Antiguoko elkarteak antolatutako ibilaldi baketsuan parte hartzeko. Dakizuenez, ibilaldi hau eskuin aldeko indarkerien aurka antolatua izan zen.

Ibilaldi ondoren antolatzaileekin egon ginen. Pozik zeuden eta arrazoiaz, ibilaldia bere gidaritzapean izan zutelako. Ehun eta berrogeitamar lagunez antolatzaileek, jendetzaren laguntasunaz noski, ibilaldi "baketsua" baketsu bezala eutsi zuten. Ostean han zeuden Donostiako kaleetan, milaka mota guztietako poliziak, beren ohitura jarraituaz jeep, autobus, ur-botatzaile kamioi, armak, buru-babes, erredola eta beste tresna guztiz gertuak.

Ibilaldia zortzietan hasi zen Antiguoko "Benta Berri" plaza ttikian. Ibilaldi nagusia hasi baino lehen, Antiguora joateko, beste "ibilaldi" bat ikusi genuen Benta Berriraino. Ibilaldia bederatzietako amaituta izan behar zuen eta horregatik puntualitate haundiz eman zioten hasiera. Pankartetan garbi ikusten zen Gipuzkoa guztitik etorritako 50.000 lagunak eskuin aldeko indarkerien kontra babesa eskatzen zutela eta autoritateen alpertasuna salatu ere. "Faszismoaren indarkeriaren aurka" zenbait pankartetan ikusten zen eta beste batzutan ardurapenak (responsabilidades) eskatzen ziren.

Poliki-poliki ibilaldiak, Kontxako ibiltoki luzetik "Cervantes" plazarantz jo zuen, poliziaren arreta aurrean. Isiltasun handia izan zen eta ez genuen sloganik entzun. "Cervantes" plazara iristean han poliziak egindako "ormaren" aurka ibilaldiko jendeak gainezka pilatzen joan ziren, "Londres" izeneko hoteletik hasi eta "Perla" deritzaion dantza tokia pasa arte. Bederatziak ingurutan ibilaldia oraindik Antiguoko tuneletik irtetzen hari zen, antolatzaile eta poliziaren harritasunaz.

Une batetan abots batek, "4L" berebil batetan ipinitako boz-gorailuaz ibilaldiaren sentzuaz hitzegin zuen, danoren txalo artean. Norbaitek ere ikurrin bat agertu zuen buru gainetik.

Bederatzietan, antolatzaileek jarritako lagunen oharpen bidez, 50.000 pertsonak Donostiako kaleetatik joan ziren. Talde batzuk, ala ere amnistiaren alde garrasi egin zuten eta korrikada batzu egin behar izan zuten.

Ibilaldi honek sortu dituen eraskinak oso baiezkorrak izan dira. Beste batzutan nortzuk izaten diren "zirikatzaileak" argi ikusi da oraingoan. Jendeak ibilaldi hauen bidez beren eritziak agertzea nahi duela hutsik, argi dago. Zer jasoko da orain? Bukatuko al dira betiko eskuin aldeko indarkeriak? Amaituko al dira komisaldegi barrutan jasotzen diren indarkeriak? Lege barruan eman diren bide guztiak ibili ditu herriak. Bide baketsuak ibiliak izan dira. Helburuak lortuak izan ote al ziren?


Euskal Herrian

150.000 manifestari Bilbon

Beren lantegian kalera botata izan direnen eta amnistiaren alde Bilbon izugarrizko manifestazio "legal" bat hospatu zen Uztaileko 8 an. 150.000 lagunetik gora bildu ziren Bilboko kale nagusienetan beren eskakizun eta beharrak jakinerazteko. Biaramonean ondoren, Santurtzin egindako beste manifestazio batean, asmo berdinak azaltzeagatik, Normi Mentxaka andrea hila izan zen. Santurtziko hilketa zenbaitzuren eritziz Bilboko manifestazioak izan zuen arrakastaren aurkako egitada bat izan da.


Euskal Herrian

Santurtzin ere odola

Uztailaren 10ean Santurtzin "Normi" hil zuten, Mendizabal kaleko 19 garren atearen aurrean. Buruan tiro batez 46 urteko hiru seme-alaben ama bat "norbaitek" hil zuen. Herriak badaki nortzu izan diren, herria ez direnek baita ere, baina izan direnek ez dute oraindik zigorrik ezagutu.

Astelehenean, 12, bere arimagatik elizkizunak izan ziren Santurtzin. Hamabost mila lagun bildu ziren herriko plazan. Hiru egun barru Santurtzik ezagututako beldur eta barru-grina alde batetara utziaz astelehenaren arratsaldeko zazpi t'erditan hibaiaren ezkerraldeko langile eta bizilagunak batu egin ziren plazako kiosko inguruan. Betiko grisak ere han ziren, Udaletxe aurrean. Beste asko herri guztitik sakabanaturik zeuden, gertakizunei eme. Zenbat izango ziren? Zaila da jakitea, baina Santurtzi zeharo hartuta zegoela lasai esan dezakegu.

Lore-koroak laster hasi ziren kioskora heltzen. Koroa bakoitza txaloz hartua zen. Pankarta batzu ere azaldu ziren: "El pueblo pide justicia"; "La zona industrial de Berango por la amnistia"... Hizlarien hitzak ere txalotuta izan ziren. Mikrofonorik ez egotean kiosko inguruetan zeudenek bakarrik entzuten zituzten han esandako hitzak, baina denok txalotu. Hogeiren bat koroa jarri ziren kioskoan eta, pankarta batean bi lore gorriz loturik, "Normi"ren argazki haundi bat, txistua jotzen. Zortziak;elizkizuna hasteko ordua heldu zen eta jendeak ez zuen nahi elizara joan, plazan jarraitzea baizik. Kioskoan elizkizuna egiteko baimena lortzeko apez gazte bat alkatearengana joan zen bi aldiz eta, bi aldiz ere, alkateak ez zuen baimenik eman, nahiz eta arriskugarria izan hamabost mila lagun eliza barrura mugierazi. Eztabaida gogor batzuren ondoren baimena lortua izan zen eta, zortziak eta hogeian, hamabi apezek meza hasi zuten, han zeudenen txaloen artean. Beren atzean, nigar zotinez itota, "Normi"ren alarguna, beltzez jantzirik. Elizkizunean, egindako homilia politik askatasunaz eta eskuin aldeko talde amorratuen aurka izan zen. Edozein aldeko indarkeriak gaitzetsi ondoren Santurtzin jende multzoen aurka erabilitako indarkeriak salhatu zituen eta behar hauk agertu zituen: herriak onhartutako Konstituzio bat; agintariek herria errespeta dezatela; oinharrizko eskubideak beharrezkoak direla, pistolak lasai eta libreki erabiltzen duten jendeak kontrolatzea; amnistia bat ere behar-beharrezkoa dela. Herriari ere hau eskatu zioten beren eskubideak une egokienetan agertzea, seriotasun uneak eta alaitasun uneak garbiki bereziaz. Bake eta barkamenara heltzeko ere ohar bat egin zuen homiliak. Apezek gero esan zigutenez, Karmen egunean egiten den prozesioa aurten ez da hospatuko.

Meza ondoren Kabiezez, San Juan Bautista, Las Viñas, Mamariga eta Buenavistako hauzo elkarteek egindako idatzi bat irakurri zen, euskaraz eta erdaraz, Santurtziko indarkeriak salhatuaz.

Santurtziko azken berriak

Mahai inguru batez, Santurtziko gazte talde batekin bere herrian jasotako gertakariei buruz hitz egin dugu. Hiru egunetan zehar (Uztailaren 10,11. eta 12an) Santurtzi osorik hartua izan dela esan digute (hau geure begiz ikusi dugu). Santurtzitar askok beren besoetan lokarri beltzak zeramatzaten egun horretan dolu seinalez eta poliziek lokarri hauk kenerazi edo berberak tiraldi batez kentzen zituzten, lokarria zeramatenak kolpez astindu baino lehen.. Kaleetatik lasai ibiltzerik ez zegoen, grisak beren autobusetatik jaitsi eta kolpeta hasten zirelako. Herriko gazte batzu ere komisaldegira eramanak izan ziren, gertakarien ikusle ziren ala ez jakiteko eta "gehiegi" zekiten ala ez ikertzeko. Santurtziko gazte hauek esan zigutenez, "Normi"ren familiak bi salhakuntza egin ditu: lehena, "Normi"ren gorputza beren baimenik gabe lurperatu nahi izan zutelako poliziakoen aurka eta, bestea, "Sanidad"en aurka: nahiz eta familiak gorputza aste bat gehiago konserbatzeko injekzio bat jartzeko baimena eman, "Sanidad"ek ez zuen injekzio hau jarri.

Komisio bat argi bila

Gertakizun eta erresponsabilitateak lehenbaitlehen argi eta garbi ager dezaten, Santurtziko hauzo elkarte, gazte talde eta kultur taldeek ikertzeko komisio bat antolatu dute eta, abokatu batzuren laguntzaz, komisio honek beren lanak hasi ditu. Beren lanak bukatzean komisio honek bere ikerketak justizi tribunaleko eskuetan jarriko ditu.


Euskal Herrian

24 orduak pezetaz

Euskaltzainburu, euskaltzain eta gainontzeko adiskideok!

Kontu zaharrekin gatozkizue. Joandaneko Martxoaren 27-an Donostia eta Loiolako Herri Irratiek, gogoan izango duzutela oraindik ere, espero dut, 24 ORDUAK EUSKARAZ eguna ospatzen zuten. Eta gogoan izango duzutela, baita, espero dut, nolaz eguna, nolabait, EUSKALTZAINDI honen inguruan eratua izan zen. Eta, baita, eguna amaitzeko Erakunde honen beronen aldeko Jaialdi bat nola ospa genuen. Anoetako Belodromoan.

Ez nator, hola nahi ere, ordukoak gogoratze hutsera. Joanak ahazten ikastea beharrezkoa da. Eta horixe egitera gatozela, esango nuke nik. Bainan hortarako gauzak ezin dira erdi eginak utzi. Eta oraindik ere ba dugu eskuartean eginkizun bat: zor dizkizuegun diruak ematea. Hortaraxe gatoz. Jaialdiak garbi utzi zituen 353.806 pezetak zuenak dira, beraz, horri apartean balantzeak adierazten duenez.

Balantzeko xifrak, ordea, hotzak ez ezik, sarri, nahiko ulerkaitzak ere gertatzen dira zenbaitentzat. Argitu beharra egoten da holakoetan. 1.210.800 pezetatik gelditzen dena baizik ez geratzea ez da, beharbada, guztientzat hain ulergarria izango. Euskaltzaindiaren alde joka nahiaz egun hartan Jaialdira joan zireneri eta, batez ere, "O eserlekuko" sarrerak erosi zituztenei argitasun hoiek zor dizkiegula, uste dugu. Argipen hauk zuen aurrean ematen baditugu, berriz, hemen esandako hitzek Euskal Herri osoan ohiartzuna izango dutenaren esperantzan da batetik, (eta hala gerta dadinaren erregua altxatzen diogu bai zuen idazkariari, bai hemen aurkitzen diren komunikabideeri, aldez aurretikako gure esker ona dutelarik), eta, nolabait, zuen ordez aritu garenez ekintza honetan, gure jokabideekin ados egongo zaretenaren itxaropenetan, bestetik.

Goazen, bada, argipen hauekin.

Lehenik, esan behar dugu, ez garela, inolaz ere, oker atera zaigun zerbaiten zuriketa-zuzenketan ari. Alde hontatik Balantzeak aldez aurretik espero genituen gisako xifrak aldarrikatzen ditu. Ba genekien gastu gogorretan sartzen ginela eratu nahi genuen klaseko Jaialdia eratzearekin eta, horrela, ezingo geniola, inolaz ere, Euskaltzaindiari bere diru premia konpondu. Hori ba genekien. Eta ba genekilako ziren bestelakoak gure asmoak. Euskaltzaindiaren alde ohiu sendo bat altxa nahi genuen. Eta altxa nahi genuen Euskal Herrian beste hainbeste egiteko prest eta gogoz aurkitzen ziren guztiekin batera. Hau zen gure helburua, hau gure asmoa. Kosta hala kosta. Ez genuen, inoiz ere, sarrera garestirik jarri nahi izan. 20 duroko sarrerak, alde hontatik, farregarriak ere ba dira, ikusten badugu, bidebatez, azken kasu bat aipatzekotan, Rolling Stonesen kantaldi batetarako sarrerak 900 pezeta ordaindu baditu gure gazteriak. Bistan da, beste erako asmoak zirela gureak. Belodromoko ateak zabalik jarri nahi izan genituen 20 duro ximple bere patrikan zeuzkan edonorrentzat. Eta lortu genuen. Esan bezala, komertzialitate aldetik oso planteamendu eskasa eginaz.

Alde hontatik, beraz, gaur ematera gatozkizuen diru apurrak —zuen beharretarako apurrak, noski— sobran atera ziran txanponak dirala, esan genezike. Eta beste hau ere esan genezake: sobrako txanponak zerari zor zaizkiola bakar bakarrik: Euskaltzaindiaren alde jokatzeko prest aurkitu genuen jende multzo ikaragarriari. Gutitasunean ere, zerbait handi adierazten duten txanpon hoiek.

Bestalde, antolatzaileok beste jokabide nagusi bat ere segi nahi izan genuen Jaialdia antolatzerakoan: JAIALDI on bat antola. Bertara bilduko zen jendeari atsegin izango zitzaion zerbait. Eta hau, ba genekien, garesti aterako zitzaigula. Teknika aldetikako egokitasun eta fintasunak ez dira bi duro kostatzen! 12.000 pertsonetara kantarien abotsa garbi eta diztiratsu helaraztea, bakar bakarrik diruz iristen da. Eta hala helarazi genuen. Mural eta posterretan egindako gastuak ere jokabide eta jokalege berdinekin eginak izan ziren. Kale guztiak paperez bete nahi izan genituen. Orain artean, gerra ondoren, ia erabili ez diren tamainetako paperez jende guztiak jakin zezan eta, zalantzik gabe jakin ere, ez ginela "betiko" kontutan ari. Zerbait berri egin nahi genuela, alderantziz. Eta gure iritzi osoa da paper hoiekiko zor handi bat dugula lortu genuena lortu begenuen.

Alde hontatik Jose Luis Zumetarekiko zorra ez da diruz ordaintzekoa eta ez diogu ordaindu ere. Bere kolaborazio osoa izan dugu, izan du, hobe, Euskaltzaindiak. Esker on guztiak ditugu berarentzat.

Beste hainbeste esan behar dugu Kultur Elkarteeri eta Jaialdian bertan laguntzaile izan genituen neska mutileri buruz. Afari bat eman genien sagardotegi batetan handik egun batzutara: 150tik gora bildu ginen. Ezin genieken ordaindu egin zuten lana. Nolabait engainatu behar-ta, sabelera jo genduen sarri egin ohi denez. Engainu guztien gainetik, ordea, esker ona baizik ez dugu beraiekiko.

Eta beste hainbeste esan behar dugu kantarietaz. Deneri ordaindu diegu. Zoritxarrez, gure artean ordaintzen den moduraxe. Batek baino gehiagok, Euskaltzaindiaren alde izanik, kobra gabe aritzeko prest zegoela adierazi ziguten. Ezetz esan genuen holakoeri. Eta ordaindu egin diegu, pentsatuz, ordaindu ezin ditezkenak, hala eta guztiz, neurriren batetan, behintzat, ordaindu egin behar direla. jendeak lanean gogoz eta animoz jarraituko badu.

Beste zerbait da "Sociedad de Autores eta Protección de Menoresek" eraman duten mozkina. Ez dira hoiek guk jarritako legeak, bainan bai guk kunplitu beharrezkoak. Eta kunplitzea besterik ez dugu egin.

Askenik berriz, ezker on berezi batzu agertu nahi dizkiogu Donostiako CAT elkarteari. Ez dakigu zenbat milaka pezeta eta zenbat lan ez digun aurreratu. Belodromoa ez genuen txintik ordaindu, Donostian kartelak jartzea kostatzen zen diru mordoa bere pratikatik atera da (esan zigutenez, hori izango zen beraiek Euskaltzaindiari egingo zioten oparia) jestiotan eta muntaketa lanetan esker ezinezko eskua luzatu digute... Rafael Agirre jaunarentzat bere laguntza zabala eta ugaria hainako esker ona izan nahi genuke.

Eta besterik ez. Baizik eta gaur eta hemen igarotako kontuetaz aritzea gerta bazaigu, denbora guti barru etortzear leudekenetaz aritzea gerta dakigula. Opakizun bat diegu Donostia eta Loiolako Herri Irratiek geuren burueri: orain artean aurkitu ditugun esku laguntzaile ugariak aurrerantz ere aurki ahal izatea. Gaur eskertzen dieguneri berriro ere eskertzeko lotsik ez dugu izango, aldez aurretik, ekintza batetan lankide izaten bagara. Eta batez ere, Euskaltzaindiaren babesa eta Laguntza eskatzen dugu. Izango dugunaren itxaropen osotan, agur, gaurkoz!

Jaialdia

Gastuen izenak Zenbat

Txartelak egin eta banatzea 267.255

Belodromoko gastuak:

- enkargatu, atezain eta eserlekuetako zaintzaileeri ordaindua 31.600

- eszenategiko materiala eta prestaketa 6.025

- sonorizazioa 90.000

- argiak 9.800

- aulkiak 50.898

- taberna 12.000

Artistei ordainduak:

- aritzeagatik 159.500

- afariak 39.600

 Antolatzen egindako gastuak:

- bideetan. 5.420

- tramitazio, baimen eta gisakoak 4.623

Laguntzaileeri emana:

- afari bat sagardotegi batetan 35.294

Sociedad de Autores-ek kobratua 98.237

Protección de Menores-ek-kobratua 46.742

Guztira 856.994

Aterako dirua Zenbat

10.000 sarrera x 20 duro 1.000.000

Eserlekuak 210.800

Guztira 1.210.800

EUSKALTZAINDIARENTZAT 353.806


Euskal Herrian

San Marzialetako «tiroak»

San Marzialetako jaiak beti zaratatsu eta sasi-tiroaz beterik izaten dira. Aurten, hala ere, "alardekoek" beren harmaz egindako "tiroek" ba zuten beren helburua.

Jaiak normalki hasi ziren baina helikoptero baten iragateak, bi gazteren harrapaketak eta kapitain jeneralak egin zuen etorrera ikusgarriak irundarren izpirituak berotu zituen eta "Alarde"koek arratsaldean ez zuten desfilerik egin. "Arkolla"ren argazkian ikus dezakegun bezala, soldadu taldeak Udaletxe aurrean eseri ziren lehengoz eta gero beren tiro guztiak hantxe bota zituzten. Irungo alkate eta jauntxoak ez ziren Udaletxearen balkoian ageri, irundarren haserrea eta tiroen "keak" ikus ondoren.

Ondorioak: irundar batzuk diru-zigorrak ordaindu behar izan zuten. Aurtengo San Marzialetako ikasgaia: sasi-tiroak synbolikoak izan daitezkeela, "jauntxo" batzurentzat tamalez.

S.K.


Euskal Herrian

E.S.B. Bizkaian agertu da

Deustuan, ikurrinaren itzalpean, berrehun bat elkartu ziren E.S.B.-aren agerpena zelako azken 13an arratsaldeko zortziretan Salesianoen etxean.

Indar abertzale sozialistak elkartzeko eta plazaratzeko jaio dela E.S.B. azaldu zuten. Eta langileriaren interesak asumituz, espainolen harma berberak erabiltzearren plazaratu egiten dela eta ez bestegatik.

Burruka harmatua ukatzen du E.S.B.ak eta zenbait erakunderen marxismo dogmatikoa arbuiatzen. E.S.B.aren sozialismoaren mugak jartzerakoan, marxismo-leninismoan eta sozial demokrazian jartzen dituzte.

Oraingoz konberjentzia bezala agertzen da militantzia gehitzeko, baina epe motz baten barruan benetako alderdi bat izan duela aitortzen du. Ordurartean irekirik dago sozialista abertzale —eta ez sukurtsalista— erakunde guztiei.

Idatzitakoak, alderdi bat definitzen duela esan ondoren elkarhizketa luze bat zabaldu zen. Elkar-hizketa honetako punturik polemikoena Ipar aldea oraingoz eta une honetan alde batera uztearena izan zen.


Euskal Herrian

Donostia eta Pasai Antxo

Ikasbide Ikastola ta Amara Berriko jaialdiak

Amara Berri, beharbada Donostialdeko hauzorik handiena da. 40.000 tik gora bizilagun, hauzo moderno mamut horietakoa, bost dorre daude kale multzoaren inguruan, eta espekulapenak eta etxegintza deskontrolatu ta interesatuegiak eraikia. Eta ezagutzen ez garenez gero zaila da bertan hauzolana egitea, eta hauzo giroa sortzea.

Berria, albistea zera da. Ikasbide Ikastolak gertatu dituen euskal jaialdiak oso harrera ona izan dituela hauzoan, eta giro bizia sortu, lehen aldiz, batez ere, TXABOL-SOTOA (marmitako, sardina, kaxuela, sagardo, t.a.) bitarteko.

Beldur ginen Ikasbide ikastola ere, eta holako hauzo handi eta erdaldun baten euskal isla edo ugarte bat bailitzan gertatzekoa. Baina ez, Ikasbidek ongi agertu du, ikastola barrutik atera (ba zen ordua) ta hauzoa mogitu ta euskalduntzeko gauza ere ba dela. Amara berriko hauzategian Euskal Kultur Aste hau historiara pasatuko da, eta abiadura hau kontutan harturik eratu beharko dira hauzorako urrengo jaialdi eta kultur antolaketak.

Gogoangarriak dira, baita ere, ikastolan antolatu diren hitzaldi mamitsuak: lehenik, Ikastolaren Hezketa eta bere Mogimendua; Euskal Unibertsitateari buruz Mahai ingurua, eta azkenik, Elebitza, bi hizlariekin. Ekainak 18 ko Mahia inguruan, garbi gelditu zen, ikastolak herri burruka batean ari direla lortzen, eta elebitza edo euskararen eskubide osoak irixtea ere burrukan iritxi beharko ditugula Euskal Unibertsitatea bezalaxe. "Baina irakaskintza osoak eta Unibertsitateak herrikoiak behar dute izan, euskalduna eta herri xehearena, beraz. Eta ez, (Artamendiren hitzak) Europako Unibertsitateak bezala, burgesiak eta burgesiarentzat eginak", benetan herrikoia izateko, herri xeheak, euskaldun eta inmigrante, batik bat, eusko langileriak, langile klaseak hartu behar du parterik handiena, herrian gehienak eta besorik garrantzitsuena osatzen dutelakoz.

Hala ere, Amara Berriko giro bizia Marineroen Enparantza inguruan zabaldu da, txabol-sotoakin, dantza talde, haur antzerki, marko lehiaketa, liburu azokak, Kultura folklore ta jolasketak eta tripa gozoak borobildurik.

Hauzo Elkarte ta ikastola

Bestalde, S. Joanetako kantaldiak eta suaren inguruko jaialdiak ere oso ongi atera ziren, hontan Hauzo Elkarteak ta ikastola elkarrekin jardun ziren. Gezurra badirudi ere, pauso interesgarria izan da Amarako Hauzo Elkartea ta Ikasbide hauzategiaren onerako elkartzea.

Hauzategi gehienetan nabari dira, noski, Hauzo Elkarte ta ikastoletan arteko diferentziak, hauzo elkarteetako zenbaiten zorioneko espainiolismoaren erruz, edo eta, ikastoleetako zenbaiten burgeskeri reazionarioaren erruz. Izan ere, hauzo elkarteak hauzoko beharkizunak planteatu eta bere eskubideak defendatzeko sortu dira, lehenik, baita ere kulturazko beharkizunak, bainan, ikastolak edo ikastola elkarteek ia ez dute ezer antolatzen, hauzategira begira, kultur eta gizarte arazo oso bateri bagagozkio.

Dena dela, ikastola inguruak oraindik gizarte aldetik itxi xamarrak badira, ezin esan borrokalariak ez direnik. Bestalde, lan mardula ba dago oraindik Hauzo Elkarteetako zenbaiti euskera ta euskal arazoa sakonetik konprenierazteko.

Aurrerantzean hainbeste konplejo ta oztopo gainditu beharrean aurkitzen gara. Ez gehiago mamuak ikusiz, trikuak antzo kixkurtu. Lehenik, garbi jakin zer nahi dugun eta zeintzuk diren gure helburuak. Eta orduan, denok jakinen dugu nortzuk diren euskaltzale huts edo burges direnak, nortzuk nahi duten euskal ezker sakon eta organizatu bat eta nortzuk euskaltzale oportunista.

Alex


Euskal Herrian

"Galeusca" kantaldia Pasaian

Uztailaren 8an, Pasai Antxoko jaien artean, "Galeusca" izeneko kantaldi bat hospatu zen. Kanta saio honetan eta, gure ustez, Euskal Herrian lehen aldiz, Galizia, Euskal Herria eta Katalunia abeslariek elkarrekin kantatu zuten.

Bost mila lagunen aurrean (gehiago ez ziren sartzen zezen-plaza ttikian) Miro Casabella galiziarrak, Pantxoa eta Peiok, Gontzal Mendibilek, Xeberrik eta Subirachs katalanak beren kantei hasiera eman zioten. Beraien atzean Galiziako eta Kataluniako banderak.

Erdian, masta huts bat: ikurrinarena. Ikurrina, hala ere, zezen plazako inguruan dauden zuhaitz batzutatik zintzilik agertu zen. Zorion beroak jai honen antolatzaileei.


Euskal Herrian

Iruinea

Ekainaren 22an prentsa-aurreko mahai inguru batetara deituak izan ginen. Mahai-inguru hau Hauzo Elkarteetako ordezkariak antolatua zegoen. Bilera honetan beren Elkarteek duten arazoak eta kezkak azaldu zizkiguten. Nafarroan, egun, 16 Hauzo Elkarte ari da lanean, eta hauetatik, 4 bakarrik daude legez onharturik. Elkarte batzuk beren Araudiak orain dela 2 urte aurkeztu zituzten, eta ez dute oraindik erantzunik jaso. Legalizaturik ez egoteak mila oztopo jartzen dizkio Elkarte baten bizitzari. Alde batetik, azken berrogei urte hauk direla ta, jendeak ez du elkartzeko ohiturarik. Bestalde, Elkarte hauk legalizatu gabeak direla jakitean, jende askok alde batera uzten ditu. Honetaz gainera, eta hau legalizatuekin gertatzen da ere gauzak antolatzeko burocracia ikaragarri bat behar da bete, eta hala ere, askotan ez dute baimenik ematen.

Arazo hauk direla ta, agerkunde bat egitea pentsatu zuten. Horretarako, Gobierno Civilean baimena eskatu zuten hile honetako 15ean. Agerkundea 26an egiteko da. Gobernadoreak, hitzez, ezetza emana du, bainan izkribuz ez. Antolatzaileek ez dute etsitzen, eta agerkundea eginen dela espero dute. (Bidaltzen dizuedan agiria ere biltzar honetan zabaldu zuten).

Nahiz eta hauzo batzuren egoera besteena baino hobeago izan, arazo berdin batzu da dituztela aitortu zuten: Heziketa, Sanidad, Prezioak, Kultur Zentroak, Hirigintza, etab...

Guzti honi erantzun egoki bat emoteko, Elkarteen legalizazioa, eta gauzak antolatzeko askatasuna, beharrezkoa iruditzen zaie Elkartekoei.

Ordezkarien eritziz, Hauzo Elkarten funtzioa oso zabala da. Arazo konkreto batzukin hasten da (Ura, Arratoiak, Bizitzaren Garestitasuna...) eta heltzen da kulturgintza arte (CREAR NUEVAS FORMAS DE VIDA COLECTIVA, gure herriko kultura landu, etab.).

Hauzo Elkarteen egoera ikusiz, nork sinis dezake demokrazian sartzen hasiak garela? Alderdiek baino lehen, demokrazia, baseko erakundeek sortuko dute. Eta hemen gertatzen dena ikusiz, ez dezakegu sasi-demokrazia honetan sinis. Pentsa dezagun, alderdi politiko batzuren egoera, Hauzo Elkarteena baino hobeago dela. Berriz ere, desarrazoia! Bainan, ordezkari batek esan zuen bezala, hauzoetako problemak ez dira "cambio democrático" hutsarekin konponduko, problematika hau hori baino askoz zabalagoa delako, eta batez ere, estruktura guztien (sozial, politiko, ekonomiko, mentalitatezko...) aldakuntza eskatzen duelako.

1.- San Juan dela ta, horrela deritzan hauzoan jaiak ospatu dituzte. Egitaraua oso ongi prestatua zegoen, adin guztietako jendea kontutan hartzen zuelarik. Gure ustez, interesgarriena gauetan gertatu diren ospakizunak izan dira. Gainera, hauk guztiak espontaneoak izan dira. Jai gau hauetan jende asko kaleratzen da eta txistuak eta dultzainak direla ta, euskal giro ikaragarri bat sortu da. Jendeak euskaraz abestu du, euskaraz oihukatu du. Bai, behar bada, entzun dugun euskara ez zen oso ona ez eta oso aberatsa, bainan euskara zen, edo hobe, euskara izan nahi zuen.

2.- Gobernadoreak, txosten batez, Hauzo Elkarteek eskatu zioten agerkundea debekatu egin du. Horretarako arrazoi batzu ematen ditu. Hoein artean, ondoko hauk: agerkunde hauetan, "personas y grupos subversivos" direlakoak sartzen direla dena nahastutzeko; baita ere, eskaria izenpetzen zutenen artean ba zeudela batzu Elkarteen ordezkari ez zirenak, eta abar.

Honen berri eman zigun San Juan hauzoko batek, 26an, jaialdi baten hasieran.

Jaialdi hau txistulariek hasi zuten, eta haien atzetik, Oskorrik kantatu zuen. Ba zeuden hainbat pankarta, gazte batzuek jarritak, "Cultura popular", "Legalización y libertad para las Asociaciones de Vecinos" eskatzen zituztenak. Eta hauekin batera, ikurriña. Jaialdi hau Nafarroaren euskaltasunaren adierazgarri izan zela esan dezakegu. Jaialdiaren zehar, jendeak "Gora Euskadi Askatuta", Gora Euskadi Sozialista", "Gora Euskadi Batua", "Amnistia", "Askatasuna" eta "Euskadi Batua inoiz ez zapaldua" oihukatu zuen. Baita ere, momentu batez, lehen esandako "Legalización Asociaciones de Vecinos". Jendeak ezagutzen zituen abestien leloak ere kantatu zuen, eta, batez ere, "Eusko Gudariak Gera". Kantaldiari amaiera emateko, txistulariek "Gernikako Arbola" jo zuten, eta han bildutakoek aho batez kantatu ere. Jaialdia amaitzera zihoanean, kaskodun artzainak harma ta guzti, acto de presencia egin zuten. Hauek ere espektakulo ikusgarri hura ez zuten galdu nahi. Eta, egitan, merezi zuen!

Nafarroako Herri langileak bere euskal izaera eta nortasuna behin eta berriz azaltzen du. Nork esan du Nafarroaren euskaltasuna ez dela gauza garbia? Honera etor dedila, eta ikusiko du. Gauzak ez ditugu kanpotik begiratu behar; gertatzen diren tokietara joan behar izanen genuke, Begiak dituenak, ikus beza.

3.- San Jorge hauzoan dauden eskola munizipaletan hasi dira "kolak" ikusten. Inskripzio epea hasteko zela ta, gauaz, jendea eskoletara hurbiltzen hasi zen, bere semealabak apuntatzeko. 24ean, handik pasa ginenean, gaueko hamabietan, 40 bat pertsona zegoen. Esan digutenez, gero, gehiago ziren.

Koldo


Kultura

Hizkuntzalaritza- eta literatur mintegia (U.E.U.)

Aurreko zenbaki batetan "pedadogi-mintegikoek" egin zuten legez, eta aldez aurretik esanda zegoen bezala, Juan Antonio Letamendia eta biok pentsaketan ibili eta gero, bai eta handik eta hemendik zegada botatzen aritu ondoren ere, honako egitarau hau gertatu zaigu izen buruan jarri dudan gure mintegi honetarako:

- Agorrilaren 16an, astelehenarekin: "Hizkuntzalaritzazko euskal hiztegia" Juan Antonio Letamendiak zuzendua.

- Agorrilaren 17an, asteartearekin: "Euskal fonologia eta transkribaketa fonetikoa". Honetan Michel Murgiartek eta Andolin Eguzkitzak edo hartuko dute parte, (Azken honena ez da seguru).

- Agorrilaren 18an, asteazkenarekin: "Euskal Textu azterketa". Mintegia Guadalupe Artolak zuzendua izanen da "Kamusarriren olerkigintzaren zenbait ezaugarri" deritzon lana aurkeztuko digula. Jose Antonio Muxikaren lan bat ere irakurriko edo eginen da: "Tartasen Ontsa-ren alderdi estilistiko batzu".

- Agorrilaren 19an, ostegunarekin: Ibon Sarasolak zuzendurikako mintegia "egungo euskal literaturaren problematikaz".

- Agorrilaren 20an, ostiralarekin: "Euskal atlas linguistikoaz". Alfonso Irigoienek eta Michel Murgiartek edo parte hartu dute. Agian beste norbaitek.

- Agorrilaren 21an, larunbatarekin: "Euskal hizkeren azterketa, Lekeitioko eta Motrikuko hizkeraz" Mara Salinasek eta Joxe Agustin Harrietak zuzendua.

- Agorrilaren 22an, igandearekin: guztiokin batera Zuberoarako txangoa.

- Agorrilaren 23an, astelehenarekin: "Euskalkien gramatika gonbaratiboa" (hizkuntza literaria). Txillardegik zuzenduko du mintegi hau.

- Agorrilaren 24an, asteartearekin: Xabier Kintanak "Kartveliar hizkuntzen egoeraz" mintegi bat zuzenduko digu. Mintegi hau sartzeko arrazoinik garrantzitzuenetariko bat Georgian orain guti dela sorturiko "euskal katedra" dugu.

- Agorrilaren 25an, asteazkenarekin: Lexikografiazko mintegi bat. Margarita Ricak bere tesi ttipia aurkeztuko digu, hots, "Frantziako Lehen Errepublikaren euskal hiztegi politikoa", Agian beste norbaitek ere parte har lezake, hala biz.

- Agorrilaren 26an, ostegunarekin: Koldo Izagirrek "Euskal poesiaz" mintegi bat zuzenduko du. Oraindik ez dugu nola pentsatu.

- Agorrilaren 27an, ostiralarekin: Aita Larzabalek Antzerkigintzaren teknikaz" eginen du hitz eta gero beste batzuen artean honako hauek parte hartuko duten mahain inguruko elkarrizketa bat moldatuko da euskal teatroaz: Piarres Larzabal, Joseba Irazu eta oraindik mintzatu ez garen arren behar bada Iñaki Beobide eta Patri Urkizu behinik behin; hala espero dugu bederen.

Ez dago esan beharrik nahi duen guztiak parte har lezakeenik, eta bere lanak aurkez litzakeenik. Etor eta lana presenta besterik ez. Hemen egin duguna ez du bideren marka besterik izan gura. Bestaldetik bete nahi ukan dugun helburua egun bakoitzean gai monografiko bat erabiltzearena izan da, h.d., gai horretaz egin denaren berri, egin behar denaren eta zelan egin behar denaren zerbait jakiteko asmatu ditugu. Tira ba, denok parte hartzen badugu behintzat agian lortuko dugu.

Andolin Eguzkitza


Nuklear zentralik ez

Azken hilabete honetan sortu berria da "Euskal Kostalde ez nuklearraren defentsarako Batzordea". Hori dela eta, talde horrek prestaturiko zenbait txosten heldu dira nire eskuetara, eta, dudarik ez, txosten horiek aipamen berezia merezi dutela uste dut.

Interesgarria da, alde batetatik, batzorde hori nortzuk osotzen duten jakitea: oraingoz, Famili Elkarte batzutako nuklear arazorako batzordeek. Prezeski, Lekeitio, Mungia, Ea, Lemoiz eta Bilbo Haundiko Famili Elkarte gehienak talde horretan daude.

Lanean hastearekin batera, Batzorde horrek gutun bat idatzi dio Bizkaiko Diputazioari, nuklear zentralak eraikitzearen aurka dituen kexa zalantza eta kezkak adieraziz eta Lemoizeko projektu eta lanen geldierazpena eta Izparter-Eako projekturako behar den aurrebaimenaren ukoa eskatuz eta exigituz.

Eskari hori, Gipuzkoako Diputazioan egin den txostenean finkatzen da neurri handi batetan. Dakigunez, Gipuzkoako Diputazioak ukatu egin du, Debarako pentsaturik zegoen nuklear zentrala eraikitzeko projektuaren aurrebaimena, Dames & Moore Iberia, S.A. delako entrepresak eginiko estudio batetan finkaturik.

Horretaz gainera, Iberduero, S.A. delakoak projektu hauen inguruan egin dituen irregulartasun juridiko-administratiboak, teknikoak eta sozio-ekonomikoak salhatzen dira gutun horretan.

Jadanik, hainbeste talde eta pertsonak sinatu dute gutuna. Erantzun egokirik emanen ote die Diputazioak?

J.R. Etxebarria


Medikuntz Fakultatea eta selektibitatea

Ikasleen eritzia

"Ikasturte honen haseran, Medikuntz Fakultateko Anatomia, Biokimika eta Biologiako Departamentuetako Buruek, lehen kurtsuko hiru asignatura horietariko edozein suspendi dezana, bigarren kurtsura ezin pasa daitekeela erabaki zuten" Honela hasten da, Lejoako Medikuntz Fakultateko lehen kurtsuko ikasleek ateratako panfleto bat.

Panfleto berberean beherago idatzirik dagoenez, "neurri hori ikasturte honetan praktikan ipiniz gero, bigarren kurtsuan dauden ikasleetarik % 65 lehen kurtsuan egon beharko lukete".

Ikasleak oso haserre dira, zeren nahiz eta urtean zehar selektibitate arazo hau konpontzeko hainbeste gestio egin duten, ez baitute agintariengandik erantzun egokirik jaso.

Bitartean, Errektore jaunak Unibertsitateko Zuzendaritz Batzarrea antolatu du, eta bertan —ikasleek parte hartzen ez dutelarik— Batzarreak Departamentu Buruen erabakia onhartu du.

Ikasleek diotenez, hori ez da inondik ere joku garbia, eta horregatik erabaki horren aurka burrukatzen ari dira.

Agintarien eritzia

Ikasleen mobilizapen horren eraginez, ekainaren 14ean prentsaurreko elkar hizketa bat antolatu zuten unibertsital agintariek Bilboko errektoretxean. Bertan, agintariok agertu zituzten eritzi batzu adieraztea, interesgarri dateke.

Agintariak, Medikuntz Fakultateko dekanoa den Rene Sarrat jaunaren ahotsaren bitartez, selektibitatearen eta "numerus clausus" delakoaren alde azaldu ziren.

Honela mintzatu zen aipatu dekanoa:

"Lehen erremedioa, benetako bokazio eta kapazitatea duten ikasleentzako "numerus clausus" baten ezarpena da. Eta hau lehen unetik posible ez delarik, karreraren lehen kurtsuan egin behar da, selektibitatea medikoak diren gaien bidez eginik".

Azkenik, eta selektibitatearen ezarpenaren gogortasuna nolabait biguntzeko, datorren urteko otsailean bestelako examina extraordinarioak egonen esan zuten.

Ni neu horrelako selektibitatearen aurka nago, justu ez dela eta horren bidez ezer ebazten ez dela uste baitut. Unibertsitatearen problemak hori baino garrantzizkoagoak dira; eta arazoa ezin konpon daiteke selektibitate bidez.

Unibertsitate demokratikoa behar dugu. Bertan, irakasleak, medioak, zentru egokiak, laborategiak... behar ditugu. Horik ipiniz, hobeki estudiatzeko eta lan egiteko posibilitatea egonen da Unibertsitatean. Bide eskasa da, ordea, dauden medio urriak gehitu gabe, selektibitate bidez gutti batzuk baino ezin estudia ahal dezatela lortzea.

J.R. Bilbao


Erlijioa

Amnistiaz

"Orain, ordea, lege oroz gaindi, Jainkoak amnistia bat eman du, lege eta profetak egiztatua izan dena eta Jesukristogan dugun fedeagatik ematen zaiguna, fede hori duten guztiei eman ere, inor bereizi gabe" (Errom. 3,21-22).

L.A. Schökel-ek eta J. Mateos-ek egin duten Bibliaren azken itzulpenean (gaztelaniara), Jainkoaren "amnistia" aipatzen da lehen "Jainkoaren zuzentasuna" irakurri ohi zen tokian. Amnistia hitza egokiago dateke grekozko "dikaiosyne" adierazteko. Itzulpen iraultzailea, noski, bai exegesi mailan eta bai politika mailan. Alde batetik, Jainkoaren barkamenduak Testamentu Berrian duen sentidu jatorra garbiago ageri da. Bestalde, berriz, gizarte mailan eman ohi den amnistiaren ebanjeliozko erroak nabarmen geratzen dira.

Testamentu Berriko barkamenduaren lengoaia itzultzeko modurik egokiena "amnistia" hitza baldin bada, esan nahi da, amnistia politikoak zerikusi handia duela ebanjelioko Jainkoarekin, hots, Jesusen Jainkoarekin.

Alabaina, Jainkoaren barkamenduaz eta amnistiaz mintzatzea sarkasmo hutsa gerta daiteke, giza mailan inolako amnistiarik ez dagoenean. Hori, ogi eske datorrenari "Jainkoak goarda zaitzala" esatea bezalatsu litzateke, bienbitartean esku hutsik bidaltzen dugularik. Mirakuiluak aparte, Jainkoak ezin diezaioke ogirik luza gose denari, gizonen baten eskuz ez bada. Orobat, "Jainkoak barka zaitzala, ez nik" esatea, Jainkoari eskuak lotzea bezalatsu da eta ahoz dioguna bera nolabait gezurtatzea.

Jainkoaren barkamenduan fede duenarentzat, amnistiaren erakuntzak eta ihardunbideak gauza nabaria izan behar luke. Baita Jainkoaren barkamendua eta horrelakoak mito nahiz ideologiatzat jotzen dituenarentzat ere. Zeren ideologia eta mitoen artean ere ba dira hobeak eta txarragoak. Eta askotan mito on batek edota utopia itxurazko batek arrazoiketa zorrotz batek bezainbat eta gehiago balio dezake.

Bestalde, amnistia are premiatsuago bilakatzen da, delako "bekatua" behar bezala frogatu gabe dagoenean, gurean gertatu ohi denez. Gainera —eta gu hemen teologiaren ikuspuntutik batik bat ari garenez gero— Jainkoak bakarrik juzka dezake aldetik alde gizona, beronen erruan ala zuzentasunean. Tesi honek, besterik gabe, giza zuzenbide oro errotik erlatibizatua uzten du, gizonak ez bait dezake eman sekula erabateko eta behin betiko epairik.

Batzutan, delitu politikoak, nahiz eta legedi baten barruan zigortuak egon, giza eskubideen ihardunetik datozen ondorioak izan ohi dira. Horrelakotan, amnistia lehen pauso derriorrezkoa gertatzen da legedi hori gizartearen kontzientziara egokitzeko. Baina orduan arazoa are nahasiago bihurtzen da Zeren amnistia orduan ez bait da emalearen bihotz handitik datorren zerbait, hiritarren kontzientziak eskatzen eta exijitzen duen zerbait baizik. Amnistia moral eskakizun bilakatzen da orduan.

Horrelakotan, amnistia ezin liteke fabore bezala konsidera, emaleak honela hitz eginen balu bezala edo: "Barkatua hago, gizon. Hoa eta ez hadi berriro jausi. Libre hago eta irten haiteke kalera. Hemendik aurrera, gure adiskide izanen haiz". Amnistia hitzak, aldiz, beste gisa honetakoak beharko lukete: "Barka gaitzak, adiskide. Ez genekian zertan ari ginen hiri libertadea kendu genianean. Hire amnistiaren ere beharrean gaituk, horrela denon artean, mendekurik gabe, gizarte hobea egin dezagun".

Ba dirudi, amnistia beti garaileak emana izan behar duela, garaitua izan denari bizia bihotz handiz barkatuko balitzaio bezala. Amnistia, kasu horretan, gailen irten zirenen eta agintean daudenen bihotz zabaltasunaren emaitza litzateke.

Ebanjelioaren arnasean, alabaina, gauzak bestela ikusten dira. Zeren eta amnistia eman zaiona ez bait da zordun soilik, beti ahozabalik eskerrak ematen egon behar bailuan. Amnistia jaso duen menperatua hartzekodun ere ba da, jasan dituen kalteen truke ordaina eta rehabilitazioa zor bait zaio. Halako batez, garaileak barkazioa ere eskatu behar luke, garaitzapenaz baliatu delako, hain zuzen.

Jose Altuna


Postaz etorriak

ANAITASUNAren zuzendari lankideorri!

Orain bi urte-edo dira, zuk kidatzen duzun euskal aldizkariaren harpidedun naizela, eta azken aleetan ikusi eta irakurritakoak erabat harritu nauela esatera natorkizu.

Kritika orokor bat egin ahal balitz ere, ez da hori lerro hauk idaztera bultzatu nauen asmoa, azkenaldi hontan nabarmen den joera konkretu bat hauzitan jartzea baizik.

Hasi aurretik esan behar dizut kazetaritza ene bokaziotzat hartu dudala, bai eta ANAITASUNAn behin baino gehiagotan idatzi dudala ere, nahi nukeen bezain sarri izan ez arren.

Goazen harira. Exenplu bat baino ez aipatzeko, permiti bekit maiatzaren 1.eko 316. zenbakia antikomunismo gogorrenaz kutsaturik agertzen dela esatea, ausartzia haundiegia ez bada behintzat. Hortaz jabetzeko, aski da "Sukurtsal alderdirik ez dute nahi Galizian" —izenpetu gabekoa— eta Xabier Armendaritzen "Fitxaketak" izeneko artikuluei begirada bat botatzea. Artikulu bietan, komunista bat benetako euskaldun —edota euskaldun bat marxista— ezin izan daitekeelako ondorio logikoa ateratzen da, "euzko bunker" zaharraren amets urregorriztatua birpiztuz.

Esan beharreko beste gauza ba da, Euskadiko Gazteria Komunistakoa izateagatik T.O.P. delakoak epaitua eta kondenatua izan naizela, orain egun batzu, delitu beragatik, beste prozesu bat leporatu didatelarik.

Pentsatu nahi nuke, gertakaria hau idazle baten zein besteren ideologiaren produktua besterik ez dela, baina sinesgaitz gertatzen zait berau, zeren —eta hemen esplikazio pertsonal bat eskatuko nizuke— Antton Abad-ek aspalditxo bidali zizuen idazlan bat (Euskadiko Batzar Demokratikoari buruzkoa bera), ANAITASUNAREN Idazle Kontseiluaren aldetik argitaratzeko baimena errezibitu ondoren, ez baita oraindik publikatu; holaxe gertatu da, dirudienez, Kriseluko Luis famatu baten artikulu batekin, Nafarroaren arazo hain eztabaidatuaz mintzo zena berau. Kasu bietan batere esplikaziorik eman gabe.

Ez deritzat arras aproposa jokabide honi, euskal eritzi eta korronte politiko guztientzako zabalik egon behar lukeen aldizkari baten aldetik. Zeren eta ANAITASUNAk, inongo alderdi politikorena ez izanik, denona izan behar baitu, helburutzat objektibitatea baldin badu. Bestalde, uste dut Armendaritz jaunak ba dituela beste kazeta batzu euskal komunisten kontra librekiago idazteko, ANAITASUNA baino.

Erregimen demokratiko batetan izanen dugu euskaldunok besteak atakatzeko aukerarik franko, nahiz eta herriak zer bide segitu nahi duen erabaki beharko duen. Hain zuzen ere, herriak azken hitza izan behar duenez gero, herriaren legitimitatea besterik ez dut onhartzen, eta ez edozeinek egin lezakeen politika-fikzio baten fruiturik; oso erraza baita, gainera, kontrakoari eraso egitea, beronek bere burua defendatzeko harmarik —kasu hontan horrialderik— ez duenean.

Baina Demokraziara heldu ez garelarik —...ala bai?—, eta benetako etsaiak beste batzu ditugunez gero, erabat kaltegarria deritzat, gure ahaleginak hauen aurka bateratu beharrean, elkarri harrika hasteari. Are kaltegarriagoa, euskal kulturaren alorrean, euskal kazetaritza bizkortzeko beso eta luma guztiak bateratu beharko genituzkeen une hontan.

Bukatzeko, eta Armendaritz jaun ezezagunak artikulu bikain horren bidez isiltasuna urratu baitu, hari publikoki erantzun nahi nioke, hortarako ANAITASUNAko horrialdeak erabiltzea uzten bazait... eta Madrileko zentsurak permititzen baldin badit. Kontrakoa ez litzateke xuxena. Paralelismo arriskugarriegia gerta liteke —Solzhenitsinen kasua daukat gogoan— ANAITASUNA eta RTVEren artean, bati bai eta besteari idazten ez utzirik.

Oker nagokeela sinetsi nahi nuke.

Besterik gabe, eta karta hau bederen publikatuko didazuelakoan, har ezazu agur bero bat.

Josu Cepeda

***

ZUZENDARITZAREN OHARRA

FITXAKETAK eta SUKURTSAL ALDERDIRIK EZ DUTE NAHI GALIZIAN artikuluetatik atereaz ANAITASUNAri ere ezarri nahi dizkiozun "ondorio logiko" horiek zeureak dira, eta zeureak bakarrik. Bi artikuluok ideologiaz ez baino jokabide politikoaz ari dira. Salatzen dena sukurtsalismoa da, aipatu alderdiok Madrilen sukurtsal izatea. Ez da planteatzen euskaldun izatearen eta marxista edota komunista izatearen arteko harremanen teoria mailako arazorik. Hori bateko. Eta besteko, artikulugilearen eta errebista beraren eritziak ere arreta handiagoarekin bereizi behar dira, salakuntza frogatugabeko eta paralelismo errazegietara jo aurretik. ANAITASUNAk zabal eta ireki jokatu nahi du, baina bere eritzi eta jokabideen jabe eta erantzule da. Azken bi puntu, bukatzeko. SUKURTSAL ALDERDIRIK EZ DUTE NAHI GALIZIAN idazlana izenik gabe argitaratzearen errua, maketagilearena da. Egilea, Amaitermin jauna da. Eta azkenik, Zuzendariari esplikazio pertsonalak eskatzeraino iristen zaren horrek jakin zazu Antton Abaden artikuluaren berri horren eman zitzaiola egileari berari, eta "Kriseluko Luis famatu" artikuluaren berririk ez duela Zuzendaritza honek.

***

ANAITASUNAko zuzendariari agur!:

ZORIONAK!

Bai. Orain dela hilabete bat pasatxo asarre xamar idatzi ba nizun ere, (aldizkariaren 317.zenbakian argitaratu zenuen nire eskutitza), oraingo hontan pozik egiten dut.

Maiatzean, kritikalari azaldu nintzen, ANAITASUNAk langile arazoak hain urri erabiltzen zituelako. Gaur, berriz, hartu duzuen bidea txalotu nahi dut.

317. eta 318. aleetan langile tematikazko artikuluak ugaritu ba ziren ere, 319.go zenbakiak langile burrukei orri mordoxka bat eskaini die eta, espero ez nuelako edo, harritu ere egin naiz, egia esateko.

Zorionak, berriro, eta jarrai ekin diozuten bide honi.

I.K.

Bilbon, 76-Ekaina-19


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Hizkuntza

AHANTZ(I): ahaz(tu).

AHALPIDE: pastoreo.

ALDARRIKA(TU): proclamar, -ado.

APUR: ttiki, guti.

ASKE: libre, solte.

ATXEKITASUN: adhesión.

AZTARNA: aztarren, arrasto.

BERREZARR(I): berriz ezarr(i).

BILKURA: bilera, batzarre ttikia.

BILERA: bilkura, batzarre ttikia.

BIRLOT(U): berriro lot(u).

BURUGAINTASUN: autonomía.

DATORKIGUKE: datorkigu, ia segurki.

DIRAU: irauten du.

DOHAIN: mesedez, fabore.

EBAKUNTZA: operazio, mozketa.

EDUKI: euki.

ERAHIL: hil, erhan.

ERAKUNDE: organización.

ERRAN: esan.

ERRESUMA: reino.

ESTAMENTU: estamento.

ETSIGARRI: decepcionante.

EZAGUTZAPEN: conocimiento.

EZTEUSETARA(TU): desegin.

GANIBET: cuchillo.

GARRANTZI: importancia.

GIZAKI: pertsona.

GOMENIO: convenio.

GORTE: corte.

GUDU: burruka.

GUTUN: eskutitz.

HARMA: arma.

HARREMAN: relación.

HARRERA: abegi, onhartze.

HITZARMEN: compromiso.

HONDAKIN: hondar, kondar.

IKASTURTE: año escolar, curso.

INKESTA: encuesta.

IRAUNGI: itzal(i), hil, amai(tu).

KOMENTZIO: convención.

KOMISALDEGI: comisaria.

KONDAR: hondakin.

KONNOTAPEN: connotación.

KONTRAESAN: contradicción.

KIXKUR(TU): biribil (du), makur(tu).

LEGE ITUNDU: ley paccionada.

LERABILKETE: erabiliko lukete.

LETZAKE: etzanen litzateke.

MENDEHURREN: centenario.

MENGANTZA: venganza.

ÑABARDURA: matiz.

OT(U): ocurrírsele a uno, -ido.

PATRIKA: patrikara, boltsiko.

PREZESKI: hain zuzen ere.

TRIKU: kirikino, sagarroi.

TXOSTEN: informe, ponencia, comunicado.

ZUZENGOA: zuzenbide, zuzen, derecho.