ANAITASUNA

1979.EKO UZTAILAREN BIGARREN ETA ABUZTUAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

386-7. Alea

80 pzta.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


[AZALA]

• ba dugu autonomiatxo paktua

• OSKORRI, herri kantagintzaren bidean

• U.E.U. urrats berri bat aurrera (dosierra)


AURKIBIDEA

4. Artikuluburua

6. Ba dugu autonomiatxo paktua. J. Llerandi

8. Dossier Euskadi. M.L. Uhaitze

10. Euskal Erresistentzia Zibila. A. Eguzkitza

12. Turismoari bonbak. I. Urtasun

14. Gobernua eta bere gorputz errepresiboak. Galtzagorri

16. Menestra izugarria. B. Barandiaran

18. Jatetxeak euskalduntzeko. Jale on

20. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta

22. UEU-DOSSIERRA

36. Colombia: Diktaduraren kontrako burruka. M.J. Esteban

38. Irak: Zapalkuntza gogorra. M. J. Esteban

40. Txinan agur sozialismobideari (2). Mendizabal

42. Oskorri. Soziologia, politika eta herri kantagintza. K. Arko

45. Marisa Ozaitarekin Madrilgo herbestetik. B. Barandiaran

48. Lafargue-k arrazoi zuen. K. Santisteban

49. Herman Hesse. Arima baten bizitzea (l).Txemi

50. Hormazko barrenetan. K. Santisteban

52. Liburu berriak. J. Sendagorta

54. Nikolas Lekuona. J. Sendagorta

56. Erregai zelula zentralak. Elhuyar

58. Gurutzegrama. L. Trask


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

Etorkizun beltza

Inork ez dezala dudarik izan, burjeseriaren baliabideak eta maniobra ahalmena izugarriak dira, iniziatiba bere eskuetan uzten ba zaio.

Moncloako paktuetaz ez zuten erdietsi krisi ekonomikoa gainditzeko egin aurreikuspenak betetzea. Porrot honek argi erakutsi zuen Espanol Estatuaren krisi estrukturalaren sakontasuna. Honek behartu egin zuen UCD-ren gobernua, botere apurrik galdu gabe, egitura politikoak erreformatzeko biderik egokiena bilatzera.

Hasteko, "espainol" guztion arteko harremanak konstituzionaldu zituen, oposizioa prozesu demokratikoaren ardatzetaz konprometatuz, hau da, errekontziliapena eta berreraikintza nazionala, bake eta ordenuaren gordetzea eta krisialdiaren gainditzea.

Behin erregio eta nazio autonomiak, Konstituzioaren hesparrua mugaturik erakunde autonomikoei estututuak banatzen hasi zaie, honela batzu eta besteak pozik izateko.

Trebeki jokatu dute, hori aritmetika hutsa da eta horretan sumakizuen ordenak ez du ondorik aldatzen.

Honela, lehenago Estatu osoaren mailan, krisi politikoaren kontresanengatik, inposiblea gertatu zitzaien itun soziala, oraingotan bana banaka eginen da autonomien bidez, eta hauetariko bakoitzak bere krisiaren zatia zabaltzeko konpromezua hartzen du, denon denominadore komuntzat, Estatu Espainolaren batasun zatiezina harturik.

Oraingotan, lau dira guttienez datozkigun itun sozialak eta euskaldunok aukera izango dugu geure krisia konpontzeko, geure langabeziari soluziobideak eskaintzeko, geure langileon mobilizazioak geldiarazteko, geure gerrikoa hestutzeko, langileak eta ugazaberia errekontziliatzeko, denak euskaldunak noski, produktibitate indizeak jartzeko eta soldaten topeak ezartzeko, Madrilen bere egoitza nagusia duen sistema kapitalistaren beharrizan globalen arauera.

Hau da, Komunitate Autonomo baten partekide izateagatik (Madrildar lengoaia erabilita) ordaindu egin beharko dugu, eta ez bakarrik luxu zerga, bai eta langile klaseak, Estatuko nazioen eta, UCD-ren "erreforma paktatua"ren politikaren atzean, izkutaturiko sistema kapitalistaren arteko besarkada eta "Baketzea"ren tresna, izanez.

Hau guztionen truk, gobernu zentralaren eskuzabaltasunak, zenbait parlamentariren buru beroetan bakarrik esistitzen diren konpetentzia batzu eskaini dizkigu, Madrileko "rastro"an, Euskal Herriko langile eta herrikoi klaseen interes nazionaletaz eginiko salmenta justifikatu nahi dutenak.

Ondo, bada, posibilismoaren jokoa egin nahi duenak, zabalik dauka horretarako bidea; burjeseriearen interesak defendatu nahi dituenak nahiz barruti autonomikoaren barnetik egin, egin dezake, dudarik ez! horretarako ba dago burjeseria, baina kontuz: Abertzaletasun" faltsu baten atzean hauen interesak, langileria eta herriarenekin nahasi nahi izateak, beren menpekotasuna finkatu eta iraunarezko, horrek izen zehatz bat dauka, eta zuek ba dakizue zein den.

Eta bukatzeko, gauzok eke gehiago ez nahastea eskatzen dugu; denok euskaldunak, horia bai, baina banku kontuetako zero kopuruaz neurturik, horixe baita azken batean, klase eta herri interesen gainetik, beste interes konkretu batzu defendatzera eroango gaituena.


Euskal Herria

Ba dugu autonomiatxo paktua!

PNV eta UCD-ren arteko kontsentsuaz onartua izan da Moncloa-n (Jadanik paktutegi historikoa!) Autonomi Estatutu bat Hego Euskal Herriko hiru herrialderentzat. Hori dela eta, entzun ahal ukan ditugun eritziak modu guztietakoak izan dira. Batzurentzat, optimistenak edo guttiz konformatzen direnak, Estatutu honek frankismoaren behin betirako lurperatzea suposatzen du, Euskal Herriaren lorpen izugarria eta horren bidez eskuratuko dugun autonomia, urteetan zehar amesten izan duguna ei da, nahi genuen eten demokratikoa.

Konstituzioaren seme nagusia

Ihazko Abenduaren 6an, Konstituzioa bozkatzerakoan, Hego Euskal Herriko indar abertzaleak oro bat zetozen Konstituzio haren desegokitasunaz, eta ezetz edo abstentzioaren bidez erakutsi zen gaitzespen hura. Ondorioz, Hegoaldeak ez zuen Espainol Konstituzioa onetsi. Gero, halabaina, Estatutuaren arazoa planteiatu delarik, argi eta garbi ikusi ahal ukan dugu PNV-ren abstentzioa eta EE-ren ezetza, baietz izkutuak izan zirela.

"Berrogei urte eta gero HAU" kontsigna ez dugu oraindik ahantzi. Oroituko zaretenez, "HAU" hura Konstituzioa zen, eta autodeterminazioa onartzen ez zigunez, zentralista, burjesa, monarkikoa, matxista, etab, etab, zenez gero, ezetz esan behar genion. Konstituzioa ez baitzen oligarkia frankistaren interesak segurtatu eta mantentzeko tresna bat baizik. Baina, hara! politikaren mirakuluak anitz dira eta Estatutu honena bat dugu. Konstituzioaren mugak zintzo zintzoki errespetatuz egin zen Gernikako Estatutua, herriak ezertan parterik hartu barik, eta duela urte bitako, ekainaren 15eko indar erlazioaren arauera. Baina Konstituzio burjes, neofrankista eta zentralistaren ondorio hutsa den Estatutua, ez da "HAU" bezain gaitzesgarria, aldiz, geure baietzik beroena eman behar omen diogu.

Honek guztionek zeredozertarako baliorik badu, panorama politiko nahasi hau argitzeko izango da. Konstituzioaren erreferenduan, PNV-ren abstentzioaz eta EE-ren ezetzaz, ez zegoen hain garbi frankismo erreformatua nortzuk onartzen zuten eta nortzuk ez. Estatutuaren erreferenduaz, berriz, biziki argiro geldituko da.

Urteetan zehar amesturiko autonomiaren eskuratzea dela pentsatzen du Moncloako Estatutuaren defendatzaile askok. Orduan, guk autonomia desberdina amesten izan dugula pentsatu beharko dugu derrigorrean. Bestela, gogora ekar ezazue, zeintzu izan diren gure erreibindikapen nagusiak Franco bizirik zegoen garaitik: Amnistia, "Nafarroa Euskadi Indar zapaltzaileen kanporatzea, autodeterminazioa, egoera diglosiko hau gainditzeko ahalmena lukeen elebitasun legez, Lemoizko zentralaren gelditzea, etab. Hauetarik zeintzu eskuratuko ditugu Estatutuaz? Amesturiko autonomiarik ez, gure aldetik bederen.

Etsaia gure alde?

Nafarrek ez dute bozik eman ahal ukanen erreferenduan, eta hain zuzen, Nafarroa Estatututik at gelditu delako. Indar Zapaltzaileak ez dira hemendik joanen, polizia autonomoaren buruak FOP eta Espainol Harmadako ofizialak izanen dira (esanguratsua ez?). Langileentzat ere aurrerapen handia dela esan da Estatutu honetaz. Nik neuk, aurrerapen galant horik zeintzu izan daitezkeen ulertzen ez dudan artean, Del Burgo, Suarez, Fraga, Areilza, Olarra eta, langileen etsaiak barik, langilegoaren adiskideak bihurtu diratekeela pentsatu beharko dut, poz itzalez hartu baitute Estatutua. Eta gauza bera pentsa genezake, orain arte, geure kontrakotzat jotzen izan ditugun prentsa eta komunikabideetaz: El Pais, Diario 16, El Correo Español (betidaniko abertzale ezaguna), Telebista etab, estatutuaren defentsa amorratua egiten ari dira eta. Hau da benetan panorama aldatzea gero!

Zeredozertaz, behintzat, denok gatoz bat saltsa honetan, gelditu den Estatutua, urte bitako parlamentarismo eta politika "errealista" eta posibilistaren fruitu heldua dela, halegia. Baina politikabide horren bidez, gehiagorik ezin izan badute erdietsi, aitor dezatela, baina mesedez, bide horren efikazia frogatzeko, ez esan frankismoaren lurperatzea denik eta amesten izan dugun autonomia maila lortu dugunik.

Erreferenduaren ondoren

Hurrengo urratsa erreferendua izango da. Horretan ahalik eta baietzik masiboena batzen saiatuko dira Eta horretarako, Estatutu horretatik etorriko omen zaizkigun onura hipotetikoetaz liluratu eta ilusionatu beharko gaituzte. Nahiz eta kanpaina batera egin ez, baietzaren gurdi berean, UCD, CD, PNV, PSOE, PCE, PTE, EE eta ESEI ikusiko ditugu. Beste aldean, oposiziozko politika baten bidez, egiazko aldaketak eskuratzea posible dela uste dutenak, eta duela gutti arte, beste taldeko alderdi askok ere demokrazi kondizio minimotzat jotzen zituzten erreibindikabenak berak oraindik eskatzen dituztenak.

Urrian, onetsia izanen da Vascongadas-en Estatutua; agian, ez bere defendatzaileek (gobernu zentrala barne) espero duten gehiengo handiz, baina onetsia. Desliluramendua, gero etor daiteke. Zeren, nork sinets dezake egiazki, bide horretatik Amnistiarik izanen denik? Iparraldean, errefuxiatuen kontrako atentatuak etengabe jarraitzen dira, eta FOP-ak berton edukiko ditugunez gero, beharbada, Amnistia barik, ez Soriakoa, baina bai Arabako Langraresko presondegi ederra, gero eta beteago joan daiteke, Estatutu, Euskal Gobernu eta guzti. Eta errepresioa mantenduko delarik, normala izango da orduan ere, guztiz normala, "demokrazia" berria onartzen ez duten erakundeak beren burrukan jarraitzea.

Euskal Gobernu bat izango dugu eta interesgarria izanen da, zapalkuntzaren aurrean, noren alde definitzen den ikustea. Zapaltzaileen kontra ala alde, errepresioari bere bedeinkapena edo, berdin litzatekeena, isiltasuna eskainiz? Ez ote zaizkigu, Euskal Gobernuaren graziaz, herri honen interesen alde koherentekien burrukatu direnak, aurrerantzean terrorista eta herriaren etsai ofizialak bilakatuko?

Hau guztiau politika fikzio hutsa izan daiteke, noski, eta oker bagaude, geu ere poztuko gara horrela dela egiaztatzean, baina bitartean, hurrengo Euskal Gobernuaren alderdi nagusia izanen den PNV-ren eskuineratzea, gero eta nabariagoa da. Urriaren 28ko manifestazio hura, neokarlismoranzko prozesuaren lehen urratsa baizik ez zen izan. Hau idazten ari naizelarik, PNV-k ez du oraindik Pantu-ren asasinaketaz inolako protestarik kaleratu. Sintomatikoa deritzot. EAJ-k ez du Lemoizko zentrala geldiarazi nahi eta denok dakigu zelako interes "herrikoiak" dabiltzan asuntu horretan. Oligarkiaren interesen garantizatzaile eta gestiogile bihurtzen ari da. Ai Ukronia!

J. Llerandi


Euskal Herria

Iparraldean "Dossier Euskadi"?

"Dossier Euskadi" izenburu honekin "Sud-Ouest" eskuineko egunkaria hasi zaigu euskaldunon arazoetaz hitzegiten. Hots, urteetan zehar "dossier" bat gehiago eta bistan dena, euskaldunotaz gezurra ugariago.

Honela, Christian Bombèdiac, Baiona-ko idazle nagusiak dio "Le problème Basque est surtout une affaire espagnole mais il devient peu à peu une preoccupation francaise". Arren, azkenean Frantses eskuinak ere aitortzen du: Euskal problemak Frantzia ere ukitzen duela. Baina gizon hau oraino urrunago ausartzen da eta beronek aitortzen digu guziok dakigun berri latza "Paris a jugé opportun de se rapprocher de Madrid mais de se fait, le gouvernement francais a aussi pénetrée dans les mèandres du difficile problème basque" Parise eta Madrile elkarganatu zaizkigu. Bai, hori ba genekien, zoritxarrez ongi ikasia, ongi senditua eta ongi ulertua. Ez ote dauzkagu hor, ezkontza horren lekuko, zaurituak eta hilak: Argala, Peixoto, Larrañaga, Agurtzane, Gomez Albarez.

- Berrehun abertzalek lagundu dute Gomez militante anaia mugaraino.Bihotza tinki eta arraildurik zenbat abertzaleren gorputz osoa ikaratzen zuten haserrearen izerdi hotzak? Zenbatek zuten ukomiloa tinkatzen eta hortzak harraskatzen?...joan den larunbatean pertsona bakoitzak (ekainaren 30ean) ba zekien zergatik zebilen Baionako karrikan, zergatik zainak gogor eta hatsa hertsi zegoen CRS-en aitzinean. Benetan, guziek ba zekiten Euskadirentzat eta gudari lagunentzat zela.

Igandean berriz, Baionako suprefetetxea lehergailu batek zapartarazi du Jaun suprefeta hiltzeko arriskuan? Oi, zer eskandalua, zer makurra! Gizagaizo tristea!... Biharamunean berean "Sud Ouest"ek zioen letra haundiz eta hirugarren horrialdean "La violence passe la frontière". Alta Sud-Ouest-ekoek ba dakite bortizkeriak aspaldi pasatua duela muga, baina hara, orain arte eskuinekoei esker zaigu honaratua, eta bistan da, horrelakorik ez zen esan behar. Aldiz, "separatisten" bortizkeria, hori bai, hori esan behar da eta letra haundiz idatzirik. Alderantziz, Argala-ren hiltzea ez zuen inork aipatu "gure" radio telebista nazionalean, Gomez-ena ere ez eta beste zenbait dira ixilean gelditu direnak...

Eskuina dabil Iparraldean, eskuinak hiltzen dizkigu gure gudariak eta anartean zer esaten digute frantses kazetalariek "La mort du militant basque tué en pleine rue a Bayonne, le 25 juin, est dans l'impasse". Arren, frantses poliziari zail eta ezinezko zaio euskal gudarien hiltzaileen harrapatzea,... Inondik ere!

Azken egunotan, Bernard Maric, kostaldeko R.P.R. deputatuak solasaldi bat ukan du barneko ministrariarekin eta frantses irratiek zioten Madrilerateko trenaren matrailatzea Iparreko talde batek egin zuela.

Izan daiteke bestela? Edo beharbada nahi lukete egon gaitezen eskuak estekan eta ahoa zabalik gure hiltzearen zain. Bortizkeriak jauzi bat gorago egin du Iparraldean baina ez ahal da hori marka oraingo bizi garela?... Eta bizi nahi.

M.L. UHAITZE

***

Oraingotan Juan Lopategiri tokatu zaio espainol eta frantses gobernuen arteko adiskidatzearen biktima izatea. Ihazko udatik hasita, Iparraldean asasinatu dituzten euskal errefuxiatuen zerrenda etengabeki ari da luzeagotzen. Denok dakigu ondo, Pantu ez dela, zoritxarrez, azkena izango.

Bitartean, Hegoaldeko alderdirik handiena, bakezaleena, beste batzutan, giza bizitzaren defentsan jo eta ke ari ohi izan zaiguna, ixil-ixilik gelditu da, Lopategirena giza bizitzarik ez bailitzan. Errefuxiatuen eskubideen aldeko kanpainan sarturik gaudelarik, frantses turistei esaten zaiena esanen genieke horiei ere bai: "votre silence, votre complicité".

Honelako martxan, espainol gobernuak, ez dio Giscard-i extradizio gehiagorik eskatu behar izango. Sistema horretaz dena da errazago, bestela judizioak, iskanbilak, mobilizazioaz etab, ez, hobe da honela, sinpleago da. Gero frantses poliziek ezin ukanen dute atentatuaren egilerik harrapatu. Behin ere ez dute lortu.

***

ekainaren 25ean, Enrique

Gomez Euskal gudaria, hamar

tiroz jo dute Baionan,

Pannecau karrikan.

Haren Omenez.

Arratseko bederatziak t'erdiak dira,

argi guziak, horxe, zintzilik daude,

dirdiran.

Hobietako argi faltsu,

harpeetako hilen argi.

Hilargi edo hilen argi,

jendeen ilusio,

nahiago nituzke, nire herriko lagunak berriz ikusi,

papo hoztu honi kontra besarkan atxiki.

Jendea dago, jendea dabil, so, kalkan.

Pikak, ez du ikusten arranoa barandan,

Baionako karrikan.

Egunaren argia estaltzera doa,

eguzki beroaren sua, bera,

harroinezko mendietan behera,

harroinean sartuz hurtzen ari da.

Honela noa,

jakin gabe,

gaueko orduan,

nire orduan.

Hotz eta bakarrik,

itsu eta galdurik,

badatorkiotan hiltzeari,

urren, nabil orain,

ordu latzari.

Hotz,

bihotza hotz,

bizia daukat, horxe,

motz.

Zure begiak, itsasoa bezala,

urdin eta zuriak.

Itsasoa bezala,

mila xorta, mila bizi, mila jauzi;

zekarzkidaten esperantza guziak,

karrika bazter honetan,

lohian eta tuan,

erauntsiaren urean,

badoaz bat batean,

gizarte zikin honen errekan.

Biziari zoakion ahoa,

frutu joria,

horrenbeste hitz gozoen iturria.

Ondikotz,

madari guziak larrazkenean jaten badira,

zuri ta niri, ez zaigu gertatu horrela.

Zure irria, irri alaia, irri tristea,

eta, hi, HERRIA,

nire esku langileek zizelkatu harria.

HARRI,

ez hadin geldi hori,

hiri HERRI,

Harri eta Herri,

hiri, bizi hau dena,

odol eta haragi gorri,

doala,

bakar bakarrik, hiri.

Hamar tiroren artetik,

hamar zauriren barnetik,

Aho hetsi batetik,

aurpegi aztaparkatu,

bihotz urratu honetatik,

azken hats ezinean,

azken garrasi ezinean,

nik, orain,

arratseko bederatziak t'erditan,

Baionako karrikan,

odol eta HERRI,

HARRI eta zauri,

zaituztet ikusten,

zaituztet maitatzen,

beti.

M.L. UHAITZE


Euskal Herria

Euskal erresistentzia zibila: EEZ

Jende askori asmo honen berri eman eta gero, publikoki azaltzeari eritzi diot egokiena, egoera, aurreko zenbaki batetan genioenez, ez baita leunago, latz latza baizik. Eta ba dirudi hau dela gure patua, intzirika ibiltzea beti negarranpuluez ezer lortzen ez dela jakinaren gainean egonda, honetaz berau izanen dela berba egiten duguneko azkenengo abagadunea, hori proposatu diot behintzat neure buruari, norberak eta herriek ere beren heldugabekotasunaren haroari itxitura bat eman beharrean baitaude, eta halaber euskaldunen fabore aurrerantzean eginen ditugunak osterantzekoak izanen direla sinetsiz, hor goion jarri dudan izenburuaz bataiatu gura nuke oraindik sorkizun dugun elkargoa: EUSKAL ERRESISTENTZIA ZIBILA.

Zeren, jaun-andreok, gutiengo bat baikara!!! Euskaldunok gutiengo bat gara Euskal Herrian. Are gehiago, gutiengo zapaldu bat. Eta geure buruen defentsa antolatu behar dugu albait lasterren. Gutiengo bat garelako zenbakiz. Gutiengo bat garelako ahalbide kulturalez. Gutiengo bat garelako gure hizkuntza kultura unibertsalaren mezutzaile izan daitekeen neurrian. Eta orobat alderdi politikoetan, gure alde omen dauden abertzaleetan, eta, zer esanik ez, hain alde bide ez dauden espainolista-frantsesistetan. Gutiengo bat gara prentsan, Egin eta Deia-n, eta izan ere ez gara bestean, ez Gaceta-n edo Sub-Ouesten, ez eta Muga-n ere. Gutiengo bat gara, ia ikustezina "Euzkadi"n, eta alderdi guztien aldizkarietan. Eta seguru asko gutiengo bihurtuko gaituzte telebista berrian, harik eta esan digutenean Irlanda dutela eredu, hortz eta letaginez ez baditugu geure eskubideak defendatzen. Horregatik, euskaldun iraun gura dugulako geure defentsa eratu eta apailatu behar dugu, baina garenaren kontzientzia edukita. Gezurra delako abertzale = euskaltzale delako berdinketa. Gezurra delako euskaltzale ez den abertzaleak lagunduko gaituela. Gezurra delako, guztion eskubide eta zuzenak errespetatuz, geure buruaren defentsapidea antolatu gabe izan gaitezkeela beldurtzeke euskaldun betiko.

Guzti horren kariaz delako elkarte hori sortu behar dugula uste dut, eta lagunen batek oso izen bitxia duela esan badit ere, erresistentzian eta zibilki arituko garelako erantzun behar diot asmatu dugula izena. Arazoa oso argi baitago, bakebidez eta fintasunaz jo behar dugu aurrera eta euskaldunon ez direnen eskubideak zapaldu gabe. Egin dagigun, honez gero hizkuntza-kontuetan zaharregiak izateagatik, 30 urte gorakoak, gure hizkuntza ikasiko ez duten herriko erdaldunak, edo eta aspaldian erdaldun izan diren eskualdeko jendeak, hala nola, Nafarroako Erribera edo Bizkaiko Enkarterria eta Arabako Errioxa. Horrez gain abertzaleen arloa konkistatzeko asko falta zaigularik, oraingoz abertzaleen artean lan egitea bakarrik proposatuko nuke, hots, eta elkar uler dezagun, P.N.V., H.B. eta E.E.-ren kontra. Esate baterako, mitinetan atralakak sortuz, "alderdi bakoitzaren mitinetan alderdi horren kideak izanik iskanbilaren sortzaileak, ideien kontra jo nahi ez dela erakustearren. Horrela, bada, halako mitin batetan, eta oraingoz ere herri euskaldunetan bakarrik, hamar minutu igaroz gero euskararik entzun gabe, minutubetez txistuka eta uhuka has, beste hamar minutu horrela jarraitzekotan eta hiru minutuz gauza bera egitea, edo eta "Arratsaldeon denori. En este momento..." hasten direnei era berean. Jakina, bakebidez esan dugunez, ordenazaintzaileen kolpeak jasateko eta jasoteko egon behar da prest. Beste bat: hilabete bitako epea emanez eta data aldez aurretik aldarrikaturik, halako astean hainbeste euskara ez badute sartzen, Egin, Deia, Punto y Hora e.a.koei boikota egitea bihi bat ere ez erosiz...

Baina garrantzitsuena zera litzateke portaera-arautegi baketsu bat osatzea astakeriarik egin ez dezagun eta gure lana ahal den emankorrena izan dadin. Kasu batez, euskararik ez dakiela modu onean dioskunari bertan behera erdaraz eginez, edo eta halako toki eta bulego ofizialetan aurretik pentsaturiko baldintzetan euskaraz eginez, edo funtzionari euskaldunak egotea derrigortuz.

Ideia hor dago. Nahi duenak har beza! Ni prest nago.

Andolin Eguzkitza


Euskal Herria

Euskara hiltzorian [Olerkia]

Zer ikusi

hura ikasi.

Hitzak grabatu,

burua arroztu,

euskara uxatu.

Atzo eskolan

euskaraz ari zenari:

jipoiak,

eraztunak,

eta mihi azpitik

konpasaren eztena.

Gaur gure eskoletan baino

(txorabila egin zait

erortzera noa)

euskara gehiago egiten da Guadalajaran.

"Atzo ikusi nizun zuri".

Zer ikusi zenidan?

Zuk ikusi zenuen:

eskola

zinema

telebista.

Eskola,

zinema,

telebista,

foto nobela,

aiuntamentuko paperak,

asanbladak,

mitinak,

makinako parteak,

denak inperialismoaren hizkuntzan igari.

Gaur bertan

biharko utzi gabe

sar dezagun

euskara

telebistan

zineman

eta eskola guztiak bihurtu ditzagun ikastola.

Euskara habil igari onda hertziarretan!

Euskara azal hadi zineman!

Euskara sar hadi eskolan!

Euskara habil abertzaleen ezpainetan!

ASTAITZ


Euskal Herria

Turismoari bonbak. Bertako langile batzuren eritziak

Donostiako Kolegio frantsesean ikasketak bukatu dituzten gazte batzurekin, Mayorcara joan ginen uztailaren 2an.

Adarra ondo jo zigun askok irten baino lehen: "ea bonba bat jartzen dizueten..." Mayorcara heltzean, adar jotzeak beste bide bat hartu zuen: "Donostiarrak? bonba bat jartzera etorri zarete: Hau dena txantxetan, baina...

Bonba mehatxua

Egun batean, gure izar bakardun hotelean lasai afaltzen ari ginela, bertako jabea laxterka sartu zitzaigun argazkian ikusten duzuen jangelara: "Desalojen el hotel inmediatamente, el personal también, ¡dentro de veinte minutos estallará una bomba!"

Ez zen beharrezkoa izan errepikatzea, jendea korrika irten zen. Geletara gauzen bila joateko denborarik ere ez ziguten eman, epea oso laburra baitzen!

Guztiok kalera irten ginen. Aleman pila zegoen eta gehienak lasai egon ziren leherketaren zain. Baina, epea bete zen eta han ez zen ezer gertatzen.

Bonba bila

Poliziak, hotelera sartzeko erabakia hartu zuen, ea zerbait aurkitzen zuten edo. Bilaketa errazteko, langileei laguntza eskatu zieten hotela hobekiago ezagutzen zutelakoan. Hauek ordea, ezetz borobil batez erantzun zieten, ez zirela sartuko bezeroak kanpoan geratzen ziren bitartean, segurtasun osoa eskatzen zutela hotelerantz abiatzeko.

Hala eta guztiz ere, bi sartu ziren poliziekin batera, jantokiko nagusia eta bargizon bat. Detektagailuz ibili ziren gela guztiak arakatzen, baina ez zuten ezer aurkitu. Bilakuntzan ari zirela, bost aleman ikusi genituen hoteletik irteten, andre bat bere bi alabekin eta bikote bat, bi neskak negarrez zetozen, ez omen ziren ezertaz jabetu... eskerrak ez zegoela bonbarik.

Beldurra oraindik alde batera utzi gabe, sartu ginen denok eta hoteleko langileko langileak gurekin batera.

Hanetako batek, andaluziarra bera, poliziarekin sartu ziren bi lankideei "sevillana" hauk eskaini zizkien:

 Han puesto una bomba en el "Torre Arenal"

 ahí van el metre y Juan.

 Ahí van el metre y Juan que se las pelan

 buscando el artefacto como fieras.

 Buscando el artefacto como fieras, suben las escaleras

 y se ponen a investigar en las bañeras.

 Después de realizar varias pesquisas

 no dan con la bomba dicha.

 Como son unos detectives muy agudos,

 llegan a la conclusión

 que no hay artefacto ninguno.

Langileen eritziak

Une hauk pasa ondoren, zera bururatu zitzaidan: zer pentsatuko ote dute turismoaren aurkako ekintza hauetaz beren bizibidea sektore honetan duten langileek? Eta galdera batzu egin nizkien:

Anaitasuna: Zer deritzezue atentatu hauei?

— Ez dakit zein helburuz egiten dituzten. Langileontzat kaltegarria da; guri, hau kentzen badigute, langabezia etorriko zaigu.

— Beren etxetan jarri beharko lituzkete.

— Uste dut Frantziako hilketak mendekatzeko egiten dituztela, bainan hara datorren jendeak ez du errurik.

— Ez zaizkit ondo iruditzen.

A.: Zer deritzozue ETA-ri eta bere ekintza orokorrari?

— Lehengoa ondo iruditzen zait, independentziaren alde egiten zuten borroka, bainan orain aspergarri samarrak jarri dira.

— Lehen ondo, orain pasa egiten dira.

— Niretzat ez dira terroristak, herriaren alde jokatzen dute.

— Beren arrazoiak izango dituzte...

A.: Nola ikusten duzue Euskal Herria?

— Atsegina.

— Beste edozein herri bezala.

— Magnifiko!

— Ondo.

A.: Zuen eritziz, Euskal Herriak Estatuko beste herrien aurka jokatzen al du?

— Herrien kontra ez, gobernuaren kontra!

— Ez dut uste beste herrien aurkako interesik duenik.

— Ez. Berea defendatzen du.

— Ez.

Hemen erantzun duten lau langile hauk, kanpotik joan dira Mayorcara lan bila, beren herrietan ez zutelako. Ez nituen aukeratu; beraiekin hitzegin banuen, jangelan zeudenez ezagutu nituelako izan zen.

Konklusioa, gureganako jarrera benetan positibo eta zabal bat zutela izan zen niretzat. Aurkako eritziak ematen zituztenean ere, ez nuen beraiengan inongo erasorik nabaritu, eta hori beren lanpostuak arriskuan ikusten zituztela...

Turismoak ezartzen duen merkatua

Beste alde batetatik begiratuz egoera, benetan penagarria da, burjeseriak toki hauk nola hustiratzen dituen egiaztatzea.

"El Arenal" konkretuki, Palma-tik hamaika kilometrotara dagoen hondartza, guztiz merkaturatuta dago. Hau, hotelak, diskategiak, dendak, kafetegiak... besterik ez da ikusten. Entzuten den musika: uda-exitoak eta "Que viva España"; eskaintzen duten folklorea: "Flamenco" txarra; dena, oso "Typical" baina Mayorcan zaudenez ez zara konturatzen.

Zerbait ikusteko, toki hauetatik alde egin behar da eta orduan, leku zoragarriak aurkitzen dira benetan (Valldemesa, La Calolna, etab.).

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Gobernua eta bere gorputz errepresiboak

Estatuko prentsak, sasiezkertiarrena barne, euskaldun guztioi eta batez ere iraultzaileoi, gure begiek egunero ukatzen digutena ikusarazi nahi digu. Ez dagoen indar errepresiboen demokratizapen bat ikusarazi nahi digute. Horretarako edozein trikimailu darabilte, sarritan Euskal Herria iraintzera heldurik.

Baina ez da hori UCDren gobernuan, bere gorputz errepresiboetan eta beste estamentu ofizialetan jadanik faxismorik ez dagoena sinestarazteko erarik aproposena. Arrazoiak nahi ditugu, ez irainak.

Euskal iraultzaile erakunde batek kazetari bat exekutatzen duenean, alderdi guztiek (ezkerrekoek barne, eta beharbada hauk indar handiagoz) eta Estatuko prentsa guztiak jantziak urratzen dituzte, "espresio askatasunaren" aurkako tamainako atentatuaren aurrean. Beren ustetan, espresio askatasunaren aurkako atentatua da eta ez inolaz ere, prentsa faxistaren plataformaz baliatuz, ideia zabalkunderako plataforma honetara heltzerik ez zutenak iraindu eta kalumniatzeko zerabiltzan indibiduo baten aurkakoa. Eta Madrilen, militarren exekuzioak gertaturikoan Barne Ministeritzak, erreibindikapen komunikatuaren prentsaratzea debekatu zuenean, ez zuen inork jantzirik urratu, inork ez zuen hor espresio askatasunaren aurkako atentaturik ikusi. Dena zen demokrazia eta terrorismoaren aurkako burruka. Jaunak, hori, inoren begian lastoa ikusi eta norberarenean ez ikustea da. Ez dagigun pentsa itxuragabetu eta iraintzeko bakarrik erabili, baizik eta objetiboki informatzeko.

Eta informazioa balitz, gertatzen ari dena, alderdi sasiezkertiar guzti horiek eta estatuko prentsa aurrerakoiak, hain aipatua den lege antiterroristaren benetako esan nahiaz informatuko gintuzketen nahiz eta bere ondorioak eta kondizio horietan eroaniko burrukaz ohituak. Langile autodeituriko alderdiek, benetan hori balira, ez zuketen jokoa egingo ez eta mementu hauetan, burjesiaren posizio hegemonikoa finkatzeko asmo bakarra duten eliteak izango.

Ulertezinak dira alderdi hauen ixiltasunak ere, UCD gobernuaren politika terrorista faxistaren aurrean. Azken bi urte hauetan, ezkerreko alderdiek baturiko sasidemokrazia apurrak ez dira UCD-ren politikarien kontzesioak, herritar lorpenak baizik. Eta herriak, nahiz eta alderdi hauek ez duten nahi ikusi ez entzun, botere politikoa, harmek indartua denean soilik dela boterea daki. Eta batez ere, faxistek bakarrik mesedegarri zaizkien artean onartuko dituztela urnak. Horregatik berorregatik da ulertezina alderdien isiltasuna.

Egiten dugun analisi hutsik funtsezkoena zera da: Gaurko egoera politikoa analizatzerakoan, faxismo exenplu gisan Txile,... eta beste diktadura batzu hartu; baina faxismoak ere bere eboluzioa ukan du eta zilegi litzateke RFA edo Italia faxismo aurreratuaren adibide tipikoak direla esatea. Edozein banderaren ostean izkutatzen den faxismoa, eta mementu hauetan Europan eta batez ere Espainian, demokraziaren banderapean; eta terrorismoaren kontrako lemapean, kaleetan zehar iraultzaileak erhailtzen joateko askatasuna lortzen du. Errepresioaren gehikuntza politika batez, polizia munizipalak, GC eta PA-rekin parekatu nahi ditu, eta terrorismoaren aurkako unitate bereziak sortu, asasinatzeko bereziki prestatuak. Ia bere ekintza guztietan hilak uzten dituzten unitateak, jende errugabea barne. Nahikoa da manifestatzaileren bat hiltzea, komandante bat teniente koronelera goratua izateko (logika faxistarik garbienean). Guztiz logiko eta beharrezko ikusten da, bake egarri dagoen Euskal Herrian, garai frankistako torturatzaile sofistikatuenetariko bat izatea polizi burua. Eta alderdi "demokratikoek" hala nola prentsa "askeak" ez dute ikusten. Baina hau ez da hasiera baizik.

Gobernuaren presidenteorde lehena den Gutierrez Melladok USAra eginiko bisitaz eta bertan ikusiriko militar (inperialista) jiteko akto, kurtsilo, irakaspen,... eta abarrez, ez ditu inork eskuak burura eroaten, nahiz eta bitartean, prentsarik "demokratikoena" ere jantziak urratzen hasten den, ETAko militanteak Argelian entrenatzen ote diren susmoz. Martin Villak, errepresioaren europar modeloa den gobernu faxista daukan estatua bisitatzen du, eta ez da ezer gertatzen. Eta honantzean oroitgarri bezala. "Siemens" zerebro elektroniko bat dakar, 4.500 milioi ordaindurik, terrorismoaren aurkako burrukan lagun diezaion.

Esana zitzaigun hala ere, amnistiarekin, poliziaren fitxero guztiak desagertaraziak izango zirela, baina ez daudela hutsik dakusagu, baizik eta alderantziz, oraindik handiagoak direla eta arazo hauetan tipikoa den perfekzio faxistarekin funtzionatzen dutela. Eta hau guztiau gutti bailitzan, orain zerebro elektroniko eta guzti. Uste dut berria berez komentatzen dela.

Eta honela, espainiar estatuko politika, faxismo gisan karakterizatzen duten hainbat eta hainbat gauza, aipatzen ahal ukanen genituzke.

Guzti horregatik, ez alderdi guzti horiek ez eta faxismoaren eskutan harma gisa dagoen prentsak, erregela baieztatzen duen salbuespen ohorezkoren bat salbu, ez dute lortuko esistitzen ez den demokrazia batez sinistaraztea. Problemaren soluzio bakarra, aparatu estatal guztia lurperatzean datza.

Amaitzeko, alderdi politiko ezkertiarrei esatea: zuek zarete faxismoaren tapakia; gobernuari: zuek zarete terroristak; eta prentsari: zuek zarete UCDren gobernu faxistaren harmarik arriskutsuenetarikoa.

Galtzagorri


Euskal Herria

Menestra izugarria

 "Txoko-Eder" jatetxean menestra izugarriak ematen dituzte

 Euskal Hiztegi Modernoa. 297 horrialdea

 Menestra hitzaren esannahia ondo azaltzearren nekez aukera zezakeeten delako hiztegiaren egileek exenplu hobeagorik, "Txoko-eder" eko menestra, Larrabetzuko bazkari freskuez osatua, "izugarria" baita da. Menestra alde batera utzita, gaur ere Euskal Kulturaren ghettorik irten saiatzen ari diren (garen?) lau katurentzat aparteko garrantzia dauka Txoko-eder jatetxeak. Zenbat euskarazko hitzalditxo, bertso eta abesti ez duten entzun jatetxea horretako lau hormek! Zinez, egun batetan Francopeko Euskal Kulturaren historia idatz dadinean txoko honek lerro bat baino gehiago eskatuko du.

Bilboko Barrenkale Barrenako 6an gaude: "Txoko-eder"ean.

Andone Gaztelu, Juli Gaztelu eta Anaitasunaren morroi leial hau gaude.

Andonek.— Zortzi ahizpak hasi ginen lanean hemen, "traspaso"a hartu genuenean...

Julik.— Ez: zazpi. Danak, Mertxe-erizaina izan zena izan ezik.

Anaitasunak.— Eta orain?

J.: Orain Lidi, Jonegaz ezkondua, eta Andone eta biok, "biorrotxook" geratzen gara. (Lekuaz beraz mintza dakizkigu eskatu diet).

A.: Antzina "Bar-café Linaza" zen hemen, baina 50 urte darama jatetxetzat. Guk hartu genuenerako "choco-eder" zeritzan. Uribe Etxebarriaren alarguntsarena zen. Jakina "ch"z zeraman izena euskal izenik jasatzen ez zenez orduan. Guk berriz, izena bere euskal ortografiaz lehengoratu egin genuen, beldur eta guzti.

J.: Geroztik bai euskal eta bai kanpotar artista, intelektuak askoren pausalekua izan da.

A.: Nor izan zen lehenengoa?

A.: Lehenengoa... lehenengoa Antonio Otaño, "Illescas" erakustokia jarri zuena izan zen. Berak ekarri zigun jantokiko ormeetan eskegi genituen koadroen lehenengoa ere bai. Stephanek, alemandar margolariak eginda.

A.: Eta gainentzekoak?

J.: Barceló, Garcia Ergüin —haren anaia bat gure koinatua da— Pepe Caballero andaluziarra Enzo Cini —Enzo honi sukaldean laguntzea gustatzen zitzaion eta patatak zuritzen aritu ohi zen gugaz— Mugerza, Mendiburu, Antonio Oteiza (Jorgeren anaia bat) Mari Paz Jimenez, Juan Carlos Eguillor komikilaria, Aguilar Alfá (honek Bilboko Museoan ba du obrarik), Ortiz Alfau...

A.: Oso adiskide onak dituzuela bistan dago, baina ondo ezagutzen zaituztegunok ba dakigu hoberenetako bat Jorge Oteiza zaizuela. Noizdanik eta nola?

A.: Hamar urte dateke elkar dazagugula...

J.: Arantzatzu-n egin genuen topo berarekin, Jose Luis Etxegaraiaren bitartez hain zuzen... Aste Santu batetan. Apostoluak egiten ari zela izan zen.

A.-H.: Eta geroztik askotan pasatu da hemendik.

Arantzatzu-n bigarren aldiz elkar ikusi genuenean, berak egindako Birjina guri erakutsiz, Euskadiko amen omenez hotz Euskal Herriko seme-alabarik galdu ohorez egin zuela adierazi zigun.

"Mis queridas brujas sorgiñas" deitu gintuen behin baino gehiagotan...

A.: Zer zela eta...?

A.: Ah: ez dakit. Berak jakingo du...

A.: Oker ez badago besteak beste Aste Santuan fraideen musika goxoa entzutearren joaten zineten Arantzatzura zuek, baina zer hauk abestean makalak ez zaretela gauza jakina da...

A.: Ez dakit... Hala diote...

A.: Baita Londres-eko jatetxe turkiar batetan zuek hirurok jendea txundituta utzi zenutela abestuz... Nondik datorkizue kantuzaletasuna?

J.: Aita amagandik: asko kantatzen zen etxean. Aitak Iparragirrenak batez ere politto abesten zituen.

A.: Musikaren arloan ohargabe sartu garenez gero...

J.: Musikariak... asko eta asko etortzen da honera. Lehen "Ez dok amairu" taldekoak sarritan biltzen ziren honera. Orain Mikel Laboa, Gorka Knörr, L. Iriondo, X. Lete, Zorion Eguillor, Artze anaiak, Andoni Arregi abesbatz zuzendaria, S. Antongo abesbatzarenak, Boni txistulari bikaina, Josu Loroño...

A.: Eta etortzeko den gure Marisa Ozaita klabejotzaile eta konposatzaile hospetsua (erlojuari begira dio hau Andonek).

J.: Gainera gure pianoa afinatuta zegoenean, Alicia de la Rosa pianojotzaile espainolak...

A.: Katalandarrak...

J.: Bai, katalandarrak, jo ohi zuen hementxe, eta berdin Atxukarrok eta emazteak. Jose Francok ere bai...

A.: Gero, Venezuelako Biteti, kitarrajotzaile bera eta Alidio Diaz ere kontzertu ematera datozenean gure etxera

etortzen dira bazkaltzera.

A.: Eta zer diostazue euskal idazleetaz?

A.: Euskaltzaindia bera Aita Villasante eta guzti etortzen zen hona.

J.: Aresti ere oso ondo genezaguen...

A.: Xabier Kintana...

J.: Xabierrek menua edo karta euskaratu egin zigun. Geu izan ginen menua euskaraz agertzean lehenengoak.

Berak ere Georgiatik itzuli eta hango unibersitateko irakasle euskaldun bat. Greta izenez, "ekarri" zigun.

A.: Eta asko eta asko: Arregi, Ibon Sarasola, Arantza Urretabizkaia, X. Gereño, Mikel Zarate izandakoa, Altuna..

J.: Gainera omenaldi ugari hospatu da hemen. Danak ez ditut gogoan: Jon Bilbaorena, Urcelay margolariarena, Martin de Ugaldearena.

A.: Azken horretan Martin bera ez zen etorri ahal izan eta emazte etorri zen "Galeria del Libro"k emandako "Zilarrezko laburua" hartzera.

J.: Mary Aguirrerena izan zen oso xelebre ere bai. Ogizko Mary Agirre bat ekarri egin zuten eta gero danok zati bana harturik jan egin genuen omenaldia eskaini izan zitzaion berbera.

A.: Euskal "munduan" hain sakonki sartuta Zeundetenez ez duzue inoiz poliziarekin istilurik izan?

A.: Nolaz ez! 1975 ean ahizpa bat espetxeratu egin ziguten. Orduan bi hilabete edo oso larri eman genuen Julik eta biok, egunero etortzen baitzitzaizkigun polizia batzu, gu zirikatzera. Gainera telefonoz deika: "Os vamos a matar" esan ohi ziguten. Ez zen, egia esan, gauza berririk guretzat, gurasoengandik hasi, beti zanpatuta bizi izan baikara. Guda ostean murri-murri utzi gintuzten.

Gero, ahizpa kalean zegoela, hemen sukaldean bazkalondoko batetan geundela, bera detenitu zuten polizia berberak agertu zitzaizkigun bapatean.

Irten eta "qué pasa, majos?" Bisita egitera zetozela zioten. Orduan nik mesede bat eskatu egin nien, zera, handik aurrera polizia gehiagorik etor ez zedin gu gogaitzera. Etorri ohi zirenen deskrizioa egindakoan, kontutan hartu egin bide zuten, berriro etorri ez ziren eta...

J.: Gero, ikurrina legeztatu zeneko, jarri egin genuen horko behatokian.

A.: Baina bigarren eguneko goizaldean kendu egin ziguten "ezezagun" batzuk.

J.: Hura zen atsekabe!

A.: Lehen kontatu nahi nizun gauza bat ahaztu zait. Entzun eta gero zeuek ikusiko duzue, jarri ala ez...

A.: Bota, badaezpada.

A.: Gau batetan, elurra ari zuela, Bastarretxea eta emaztea, Jose Luis Etxegarai eta Jorge Oteiza agertu ziren. "Ama Lur" ari zen filmatzen garai hartan eta Gernikatik zetozen oso pozik, Gernikako arbola filmatzetik, oso sekuentzia onak lortu omen zituztetako, elurteari eskerrak.

Baina gero "censura"k debekatu egin zizkien elurra ari zueneko sekuentzia haik eta berriro filmatu behar izan zituzten, elur barik, noski. Gauza bitxiagorik...!

A.: Orain arte iraganaz egin dugu berba. Etorkizunari begira, jarraitzeko asmorik ote?

J.: Hala dirudi, askotan ez dago gure eskuetan erabakitzea...

A.: Jarraitu orduan, zuen menestra izugarriekin.

J.: Eta etxeko txistorrarekin, xigorkiekin(1)...

A.: Hala biz.

Borja Barandiaranek


Jatetxeak euskalduntzeko

Betikoa du fama, eta ongi merezia gainera, Euskal Herriko gastronomiak. Izan ere, gure Herriko jatetxeetan bezala toki gutxitan jaten dela ez da bertokoen esan harroputza, kanpotarrena ere baizik, eta horrek bere objektibotasuna ematen dio hauziari.

Hala eta guztiz ere, hain sukaldari sonatuak garen euskaldunok gure kuzina kanpora begira, edo eta erdal begiez, egina dugula dirudi oraindik oso gutxi baitira beren bezeroei menu-kartak, erdaraz batera euskaraz ere agertzen dizkieten jatetxeak. Espainolez, ingelesez, frantsesez eta inoiz alemanez ere azalduko dizkizuete, baina euskarazkoa eskatuz gero, jabeak, euskalduna izan arren, hala-holako irribarre errudunaz,ez duela, edo ez dakiela nola jarri euskaraz, erantzungo dizue, hori bai euskal sukaldari on gisa, burua oso abertzalea dela aitorturik.

Gaur, ANAITASUNAren horrialdeotan Bizkaiko jatetxe famatu batek euskaraz duen karta ongi hornitu bat argitaratzeari ematen diogu hasiera, berau laur haizetara zabaldu ondoren, hemendik aurrera, haizeaz bestaldetik bada ere, ezein sukaldarik euskaraz bere menua nola ipini ez dakielako atxakiarik atera ez diezagun. Ea ba!

Jal Eon

Platos de principio Hasierako platerak

Carnes Haragi-okelak

Escalope Eskalopea

Filete a la plancha Okela xerra plantxan

Chuleta a la plancha Txuleta plantxan

Filete en salsa Okela-xerra saltsan

Carbonada de vaca Behikia ikatzetan

Rizos de vaca Behi-kirruak

Rosbif asado Roastbeef errea

Carne con tomate Okela tomateaz

Carne anisada Okela anisaz

Brazuelo de vaca asado Behi-besaki errea

Granadinas de vaca Behi-granadinak

Albondigas en salsa Almandrongilak saltsan

Hamburguesas en salsa Hamburgesak saltsan

Pimientos rellenos Biper beteak

Pollo asado Oilasko errea

Pollo en salsa Oilaskoa saltsan

Pollo a la crema Oilaskoa kremaz

" al ajillo Oilaskoa baratxuritan

" a la inglesa Oilaskoa ingeles erara

" al vino tinto Oilaskoa ardo beltzetan

" en pepitoria Oilaskoa pepitorian

" al gratín Oilaskoa gratin erara

Muslos de pollo braseados Oilasko-hankak txingarretan

Conejo en salsa Untxea saltsan

Cordero a la vasca Artxoa euskal erara

" en menestra Artxo-menestra

" asado Artxo errea

" chilindrón Artxoa txilindroi erara

Lomo de cerdo frito Txerri-solomo frijitua

" " asado Txerri-solomo errea

" " villarroy Txerri-solomoa Villarroy erara

" " empanado Txerri solomoa ogi birrinetan

Chuletas de cerdo  Txerri txuletak

Carne de cerdo Txerrikia

Guiarra de cerdo Txerri giharrea

Callos a la vizcaina Tripakailuak bizkaitar erara

Patas de cerdo a la vizcaina Txerri hankak bizkaitar erara

Patas de cerdo a la española Txerri hankak espainol erara

Carne braseada Okela txingarretan

Codornices en salsa Galeperrak saltsan

Fritada con pimientos Biperrada

Gallina en pepitoria Oiloa pepitorian

Sanchichas Saltxitxak

Morcillas Odolosteak

Platos de entrada Sarrerako platerak

Alubia blanca Indaba zuriak

Alubia agarbanzada Txitxirio antzeko indabak

Garbanzos Txitxirioak

Lentejas Dilistak

Paella Paella

Arroz a la marinera Arroza marinel erara

Arroz a la casera Arroza etxeko erara

Macarrones con tomate Makarroiak tomateaz

Macarrones salteados Makarroi salteiatuak

Macarrones al gratín Makarroiak gratin erara

Tallarines a la italiana Tailarinak Italiako erara

Tallarines al ajillo Tailarinak baratxuritan

Patatas guisadas Patata gisatuak

Patatas en salsa verde Patatak saltsa berdetan

Patatas con arroz Patatak arrozaz

Patatas a la casera Patatak etxeko erara

Patatas con salsa roja Patatak saltsa gorritan

Patatas a la riojana Patatak Errioxako erara

Acelgas con patatas Zerbak patatekin

" salteadas Zerba salteiatuak

Coliflor con patatas Azalorea patatekin

Vainas con patatas Lekak patatekin

Berza con patatas Aza patatekin

Menestra de verduras Barazki-menestra

Ensalada mixta Entsalada nahasia

Ensalada rusa Entsalada "Errusia"

Porrusalda Porrusalda

Marmitako Marmitakoa

Sopa de fideo Fideo-zopa

" de arroz Arroz-zopa

" de pasta Orhe-zopa

" de ajo Baratxuri-zopa

" de pescado Arrain-zopa

" a la vasca Euskal zopa

" de vigilia Baraur zopa

" de marmita Marmita-zopa

" minestrone Minestrone-zopa

" tres filetes Hirur xerratako zopa

" bullabesa Bullabesa zopa

" al cuarto de hora Ordu laurden zopa

Crema de puerros Porru-zukua

" de legumbres Barazki-zukua

" de guisantes Ilar-zukua

" de esparragos Zainzuri-zukua

" castellana Gaztelako zukua

" de ave Hegazti-zukua

" de puerros fría Porru-zuku hotza

" de cebolla Tipula-zukua

" de tomate Tomate-zukua

Sopa casera Etxeko zopa

" de tapioca Tapioka-zopa

Pescados Arrainak

Bacalao a la vizcaina Makailoa bizkaitar erara

 " al pil-pil Makailoa pil-pilean

" al ajo arriero Makailoa baratxuri-oliotan

" en salsa verde Makailoa saltsa berdetan

" con pimientos Makailoa biperrekin

" con pimientos Makailoa biperrekin

" a la vasca Makailoa (euskal erara)

" al gratín Makailoa gratin erara

" con tomate Makailoa tomateaz

" a la madrileña Makailoa madrildar erara

Merluza en salsa verde Legatza saltsa berdetan

" rebozada Legatz frijitua

" al horno Legatz labean errea

" al vino blanco Legatza ardo zuritan

" a la española Legatza espainol erara

" a la madrileña Legatza madrildar erara

" con pimientos Legatza biperrekin

" rellena Legatz betea

Calamares en su tinta Txipiroiak beren tintan

" con tomate Txipiroiak tomateaz

Truchas a la navarra Amuarrainak nafar erara

Bonito con tomate Atuna tomateaz

Merluza a la americana  Legatza amerikar erara

Zarzuela de pescados Arrain biribilketa

Merluza al champán Legatza xanpainetan

" cocida con mayonesa Legatz egosia maionesaz

" " con vinagreta Legatz egosia ozpinetan

Mero a la plancha Merua plantxan

Besugo asado Bixigu errea

" en salsa roja Bixigua saltsa gorritan

" con pimientos Bixigua biperrekin

Zapatero con tomate Itsasapoa tomateaz

Rape a la americana Itsasapoa amerikar erara

Zapatero en salsa verde Itsasapoa saltsa berdetan

Abadejo lequeitiarra Makailo freskoa lekeitiar erara

" al gratín Makailo freskoa gratin erara

" Orly Makailo freskoa Orly erara

" a la marinera Makailo freskoa marinel erara

Chicharros fritos Txitxarro frijituak

" asados Txitxarro erreak

Sardinas fritas Sardina frijituak

" asadas Sardina erreak

Anchoas fritas Antxoba frijituak

Libas fritas Liba frijituak

" empanadas Libak ogi birrinetan

Lirios Fritos Liliarrain frijituak

Brecas en salsa verde Lamoteak saltsa berdetan

Reyes al horno Erregearrainak labean

Pescadilla Merlenka

Bacalao fresco en sls.verde Makailo freskoa saltsa berdetan

Fanecas al horno Fanekak labean

Gallos rebozados Itsasoilar frijituak

" al vino blanco Itsasoilarrak ardo zuritan

" empanados Itsasoilarrak ogi birrinetan

Salmonetes fritos Barbarin frijituak

Berdeles al horno Berdelak labean

Bacaladitos Makailotxoak

Huevos Arraultzeak

Huevos fritos con arroz Arraultze frijituak arrozaz

" " " croquetas Arraultze frijituak kroketekin

" " " jamón Arraultze frijituak urdaiazpikoaz

" " " salchichas Arraultze frijituak saltxitxekin

" " " morcillas Arraultze frijituak odolosteekin

" " " bacon Arraultze frijituak urdaiaz

" " " patatas Arraultze frijituak patatekin

" " " pimientos Arraultze frijituak biperrekin

" " " tomate Arraultze frijituak tomateaz

" " a la flamenca Arraultze frijituak flamenko erara

" " " francesa Arraultze frijituak frantses "

" " " donostiarra Arraultze frijituak Donostiako "

" " " turca Arraultze frijituak Turkiako "

" " " sevillana Arraultze frijituak Sevillako "

" " " paisana Arraultze frijituak Herriko "

" " " española Arraultze frijituak Espainiako "

" " " riojana Arraultze frijituak Errioxako "

" cocidos con vinagreta Arraultze egosiak ozpinetan

" cocidos con tomate Arraultze egosiak tomateaz

" a la casera Arraultze egosiak etxeko erara

Tortilla española Tortila espainola

Huevos escalfados a la parmesana Arraultze guti eginak "parmesana" erara

Tortilla de bonito Atun-tortila

" " esparragos Zainzuri-tortila

" " guisantes Ilar-tortila

a la paisana Tortila Herriko erara

" a la española Tortila Espainiako erara

" de jamón Urdaiazko-tortila

" de chorizo Txorizo-tortila

" de queso Gazta-tortila

" de cebolla Tipula-tortila

" de espinacas Espinaka-tortila

" de riñones Giltzurrin-tortila

Huevos escalfados Mornay Arraultze guti eginak "Monray"erara

" " al gratín Arraultze guti eginak gratin erara

" " con tomate Arraultze guti eginak tomateaz

" " a la crema Arraultze guti eginak kremaz

" " florentina Arraultze guti eginak "Florentzia" erara

" " parmentier Arraultze guti eginak "Parmentier" erara


Hamabost egun hankaz gora

Txibatoen aurkako kanpaina Euskal Herria

Eusko Kontseilu Nagusia lan gogorra ari da egiten. Orain, Monkloako Estatutua lortu ondoren, txibato edo salatien aurkako kanpaina egiten ari da. Berri-agentziek diotenez, exito handia lortu du oraingoz eta, segur aski, hemendik aurrera ETAk ez du txibatorik hil beharko.

ANAITASUNAko fotografoa (beti bezala, notiziaren puntan) han zegoen eta argazki hauk atera ditu.

Hala ere, zurrumurrei kasu egiten badiegu, bederen, Euskal Kontseilu Nagusian ere infiltratu omen dira txibatoak. "Kontseiluak besteentzat..."

Argazkian ikusten duzuen bezala, azken hamabostaldian hil dituzten txibatoak pilatu egin dituzte eta bi gizon horiek, palaz, labera botatzen dituzte. Euskadiko teknikoek jaboi berri eta usaintsu bat egin nahi dute txibatoen saldarekin. Jaboi horren deitura "Caribeko txibato salbaiak" izen da.

***

Hona hemen, Euskal Herriko txibato baten argazkia.

Horrelakoren bat ikusten baduzue, hurbilen dagoen komisaldegira joan zaitezte abisua ematera. Euskal Kontseiluak eskertuko dizue zuen kolaborazioa.

Batez ere, erne mutturrakin!! Konturatzen ez bazarete, hozka batez Moncloako Estatutua kenduko dizue, Nafarroa kendu diguten bezala. Amen, Karlos.

ANAITASUNAko kazetarien "ligeak"

Bai, jaunak bai! ANAITASUNAko kazetariek ere ligatzen dute beren erreportaiak egitera joaten direnean. Hitzak sobera direla uste dut, batez ere horrelako grafikoak ikusiz gero.

Tomas Trifol-ek, Leitzara etorri eta ondoko neska hori eraman zuen "artadira". Nik ez dakit zer egin zuen han, baina gutxienez neskari arropa guztiak kendu zizkion, eta horrela "posatu" zuen neska xarmantak.

Joxe LLerandik, berriz, Miami-ra egin zuen bidaia bat eta han, erreportaia egin behar zuela (aitzakia besterik ez), "al huerto" eraman zuen Iberiako azafata hori. Egia esateko, baratza horretan ere artoak ziren eta mediku lagun batek esan didanez, Joxeri popatik artazoztor bat sartu omen zitzaion amodio lanetan ari zela.

Dena den, euskal arraza hobetzeko eta "JEL" indartzeko aukeratu omen zituzten neska horik, gure bi kazetariok. (Ikus bularretako potenziak).

Oraindik niri ez zait txanda etorri eta orain hartuko ditudan oporretan, zori pixka baten esperantzarik ez dut galdu.

Euskaldunok: ANAITASUNAko harpidedun egin zaitezte eta kristoren txoiloak izanen dituzue, hala mutilak, nola neskak.

Aukera ederra, ANAITASUNArena!

I. Zabaleta


Euskal Herria

Udako Euskal Unibertsitatea

Euskal Kulturaren barnean UEUk daukan garrantzia kontutan hartuz, ANAITASUNAk agerpen berezia egin nahi du, gai nagusi bezala, gure kulturaren bizkorgarri den erakunde hori erabiliz. Aurtengoa zazpigarren ekitaldia dela guztiok dakigun gauza da, komunikabide askotan aipatu baita datu hori. Eta zazpi urteko haurrak bezala, garatze-prozesu bizian sarturik dago. Etengabe aurrerapausoak emanez, agian bere sasoian adin nagusigora helduko da eta bere eraginez, itxaropenez beterik espero dugun Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartuko ahal du!

Gure ustez ongi merezi duelako, transkribitu egingo ditugu lehenik eta behin, Martin Orbe jaunak, idazkari gisa, VII ekitaldi honen sarrera-hitzaldian esaniko hitzak. Berek definitzen baitute ongi, aurtengo saioen abiada eta aurrerabidea, Unibertsitate honen garapena barnetik behatzen duen pertsona baten ikuspegitik.

Hauxek izan ziren, ba, Orberen hitzak:

"Lehen eta bein, ongi etorria eman nahi nizueke VII UEU burutzeko Euskal. Herrietatik Iruñara hurbildu zareten irakasle eta ikasle guztioi:

Nafarroako hiriburuan, Larraona Ikastetxean, Udako Euskal Unibertsitatearen zazpigarren ekitaldiari hasiera ematera goaz.

- Lehenengo, ordenak esangura berezirik ez duen arren, aipatzekoak dira, sail batzutan egingo diren laborategiko praktikak. Hain zuzen, Kimika eta Biologia sailetan. Kimikan, laborategiez gain, ikastaldiak eta mintegiak egongo dira Baina Biologian ez da egongo ikastaldi teorikorik", ikastaroa laborategiko praktiketaz osotuko baita.

Bertan, aldi bereko zenbait ikastaro egingo dira, eta azken hiru urteetan hartutako bidetik, goizez ikastaldiak emanez, eta arratsaldez mintegiak. Baina, azken urteotan finkatuz joan den egituraren barnean, aurten zenbait alderditatik aberastu egin dugula uste dut. Aberastasun edo berezitasun horik zeintzu diren, labur-labur aipatuko dut:

- Beste berezitasun bat, zientzien arloan Einsteini buruz antolaturik dagoen egun berezia da. Aurten Einstein-en jaiotzaren mendeurrena betetzen dela kontutan harturik, berari oso osoan dedikaturiko egun bat jarri da: Goizez hiru hitzaldi edo mintegi eta arratsaldez, mahainguru bat.

- Hirugarren berezitasun bat, bi tesinen aurkezpena euskaraz egingo dela da. Guretzat ohoragarria da esatea, tesina hauk prestatu dituzten ikasle biak, azken urteetan UEUn ibilitakoak direla. Tesina bat Edurne Biritxinagak aurkeztuko du Euskararen Entropiari buruz Matematika sailean, eta bigarrena, Biologia sailean, Sira Aihartzak, Koltxizinaren efektuak "Triticale" primarioen produkzioan delako izenburuarekin. Biak UEUn saiatuak, eta ni bizkaitarra naizenez hau ere azpimarratu nahi dut, biak dira bizkaitarrak.

- Laugarren berezitasuna ere nahiko aberasgarria dela uste dut, Irurtzungo projektua prezeski. Natur Zientzietakoek hiru irteera egingo dituzte Irurtzunera. Aldez aurretik, bezperan prestatuko dute irteera bakoitza; gero han bertan emango dute egun osoa datu-bilketan; eta ondorengo egunean, jasotako datuei buruzko mintegiak egongo dira.

Baina Irurtzungo projektu hau ez da soilik Natu Zientzietakoen artean mugatuko. Denbora berean, Arte sailean ere egingo dute azterketa txiki bat, eta bai demografian eta estatistikan ere.

Bestalde, kontutan hartu behar da, Irurtzungo projektua ez dela hotz-hotzean hara joan eta bertan azterketa txiki bat egitea. Ostera, irteeren prestatzaileak Irurtzungo zenbait jende eta talderekin harremanetan egon dira azken hileetan; beraz, oso aberasgarri izan daitekeela uste dugu. Demografia sailean, esaterako, ba dituzte jadanik 4000 edo 5000 fitxa inguru eginak. Beraz, ba dago hor, herriarekiko lotura modu bat, eta gure kezka den UEUren herriratze horri halako erantzun txiki bat ere ematen diogula uste dut.

- Berezitasunekin segituz, Magistergo ikasleekin eginiko talde berezia ere aipatu behar da. Bertan, UZEI eta Elhuyar taldeen laguntzarekin, ikasle horien alfabetatze teknikoa (beren lanerako) lortu nahi da.

- Pedagogia sailean, era berean, aipagarri da entzun-ikus metodoei buruz J.M. Susperregik emango duen ikastaroa. Gainera, berorrek asmoa du, UEUren historia adieraziko duen muntaia audiobisual bat prestatzeko.

- Eta berezitasunekin bukatzeko, Hizkuntzalaritza sailean egin dugun birplanteiaketa azalduko dugu. Dakizuenez, azken bi urteetan, Euskaltzaindiaren tituluetarako prestatzeko ikastaro batzu eman ditugu. Baina, batez ere jendearen eskariari erantzunez —ihaz, azken Bilera Nagusian, jendeak hori azpimarratu zuen—, nolabait esateko Hizkuntzak ere beste tratamendu unibertsitarioagoa behar zuela pentsatuz, aurtengo birplanteiaketa bat egin dugu. Beraz, ez da egongo titulua ateratzeko ikastarorik, eta, ostera, Hizkuntza saila ere unibertsitate mailan jarri dugu. Gainera bi ataletan banatu dugu; Hizkuntzalaritza eta Literatura.

Ene ustez, ba, horixek dira aurtengo UEU honen berezitasun nagusiak.

Amaitzeko azpimarratu egin nahi nuke —eta uste dut hemen biltzen garen guztion gogotan dagoela— UEU gero eta gehiago —eta zorionez diot— ez dela bakarrik hemen egingo ditugun hamabost egunetakoa soilik. Gero eta gehiago,

UEUk ba du oihartzunik urtean zehar. Oihartzuna bi ikuspuntutatik adierazi nahi nuke.

Baterik, UEUri begira eta zuzenki urtean zehar egiten den lana. Esaterako, ondo dakizue, nola honako apunte gisako liburu batzu prestatzen diren; eta, jakina, lan hori egiteko ez da aski hemen biltzea, horrek urtean zeharreko lana eskatzen baitu. Aurten, adibidez 18 edo 19 titulu argitaratuko ditugu, eta horrek argi erakusten du lana.

Bestetik, nahiz eta UEUri begira ez izan, beraren inguruan eta UEUrekin koordinaturik, ba dira hainbat kultur ekintza aberats. Aipagarrienak lirateke, beharbada, UZEIren hiztegigintzaren ingurukoak, horretan UEUko zenbait partaide ari direlarik. Hemen berton, bi hiztegiren aurkezpena egingo dugu: Fisika eta Kimikari buruzkoena. Eta honekin batera, pixkanaka-pixkanaka, UEUren eragina Unibertsitate ofizialean ere sartzen ari dela uste dugu. Eta honetaz, asko eta gehiegi ez luzatzeagatik, adibidez, Lejoako Unibertsitatean datorren urterako dagoen plana aipatuko nuke. Zientzia Fakultatean, hain zuzen, eginak dira hainbat batzarre, datorren urtean ikasle euskaldunei ikastaldiak euskaraz ematen hasteko; eta pozgarri da guretzat, horretan murgilduta dauden irakasleak UEUko irakasle saiatuak direla esatea.

Honenbestez, bukatu egingo dut, ba, neure aurkezpen txiki hau, eta orain besterik gabe, iparraldeko oihartzuna ekartzeko, Piarres Xarritoni emango diot hitza".

Eta Martinek esan legez, hurrengo Xarritonek hartu zuen hitza sarrera hitzaldia emateko. Bertan historiatik abiatu zen, UEUren bilakabideari buruzko ideia interesgarriak plazaratzeko.

Bukatzeko, beste nafar batek, berau hegoaldekoa, J.M. Satrustegik hain zuzen ere, irekitzat eman zuen VII UEUko ekitaldia, Udako Euskal Unibertsitatearen babesle den Euskaltzaindiaren izenean.

Ramon Garai


Euskal Herria

U.E.U.ko jendearekin hizketan

Udako Euskal Unibertsitateari buruzko artikulu teorikoez nekatuz, interesgarri eritzi diogu, bertan parte hartzen duen jendearen eritzia biltzea. Horrelako batzutan, izen handiko pertsonak hartu ohi dira, beren eritzi sakona ezagut erazteko. Baina guk nahiago izan dugu, hain ezagun ez direnengana jotzea —salbuespenen batez—, nolabait jende "normalaren" ideiak agertzeko.

Honelatan, ba, abaniko zabala edukitzeko, era, adin eta jatorri desberdinetako pertsonak aukeratu ditugu, eta bakoitzari bost galdera hauk egin dizkiogu:

1.- Zenbat aldiz etorri zara UEUra.

2.- Zer arlotan parte hartzen duzu aurten? Zergatik ?

3.- Zergatik etorri zara UEUra?

4.- Zer funtzio du, zure ustez, UEUk etorkizunari begira?

5.- Zer eskatuko zenuke, UEUn aurrerapausoak emateko.

Hurrengo lerroetan hamazazpi pertsonaren erantzunak ageri dira. Erantzun horiei buruzko iruzkin kritikoa, irakurleari uzten diogu. Guk geuk, jaso ditugun bezala ematen ditugu.

 Eufronio Agirre, 60 urte, erlijiosoa, Marurin (B) jaioa, Lejoan bizi da. Betidaniko euskalduna, ikastetxe batetan euskal sailaren arduraduna da. UEUn ikasle bezala parte hartzen du.

1.- Lehendabizikoz, baina ahal izan banuen, bestetan ere etortzeko gogoa ba nuen.

2.- *Hizkuntza sailean.

* Batipat, horretaz lan egiten dudalako.

3.- Neure burua lantzeko, besterengandik ikasteko, ideiak berriztatzeko,... Eta gizarte-mailan, euskal kulturan lanean ari direnekin harremanak izateko.

4.- Funtzio handia duela uste dut. Geroari begira egon gabe, gaurtik oinarriak jastea, aurrerapen handia da, Euskal Unibertsitatea hasi nahi denean hutsetik ez hasteko, bideak (jendea, hizkuntza, liburuak, giroa,...) urratu behar ditugulako.

5.- Gaiak zabalduz joan daitezela eskatuko nuke, poliki-poliki Unibertsitate osokoak hartzeko. Jendetza ugal dadin, orain eskubideak (edo lortzeko ahalmena) ditugularik, ofizialtasun handiagoa izan dezala eta erakundeen dirulaguntza.

 Gurutze Maguregi, 22 urte, ezkongea, Bilbon jaioa eta bertan bizi da. Euskaldun berria, Lejoako Zientzi Fakultatean Biologi lizentziatura bukatu berria du. Hemen Biologiazko praktiketako irakasle bezala dago.

1.- Duela bi urte eta aurten.

2.- * Lan bat prestatu dugu Biologiaz, hemen aurkezteko eta bestalde, Histologiazko praktikak ematen ditugu.

* Arlo hau bultzatu behar dugulako.

3.- Lehenengo, maila zientifikoan gaiak euskaraz lantzeko. Bigarren, hamabostaldi osoa euskaraz hitzegiten pasatzeko. Hirugarren, jendea ezagutzeko.

4.- Pauso bat izan daiteke, Euskal Unibertsitatea edukitzeko.

5.- Publizitate gehiago eduki behar du.

Beharbada, horretarako beste lekuren bat aukeratu behar da.

 Josune Ugarte, 31 urte, ezkondua, alaba bat. Azpeitian jaioa, duela lau urte Bilbori bizi da. Lauroko ikastolan andereño bezala dihardu. Hemen ikasle bezala dago. Betidaniko euskalduna.

1.- Lehendabiziko aldiz.

2.- * Hizkuntzalaritzan eta Pedagogian.

* Bi hizkuntzen arazoaz kezkaturik nagoelako eta nire lanarekin zerikusirik duelako.

3.- Batez ere, hizkuntzari buruzko ezagutza sakontzera. Bestalde, bidea aurkitu dut, elebitasunaren problematikaz lan egiteko.

4.- Ez dakit. Gaudeneko egoera ofizialak ez digu posibilitaterik ematen, gauzak beste modu batez egiteko, eta arazoa normalizatu arte, bide bat edo eskaintzen digu UEUk.

5.- Diru-beharra ba da. Eta arlo guztietan (hizkuntzan, zientzian,...) guztion aportazio-beharra.

 Agurtzane Lexardi, 23 urte, ezkongea, Eibarren jaio eta Eibarren bizi da. Betidaniko euskalduna, Salamancan ari da Filologia Ingelesa ikasten. UEUn ere ikasle da.

1.- Azken lau urteotan.

2.- * Hizkuntzalaritzan eta Literaturan.

* Filologian ikasiriko gauzak euskararen arloan ikusteko.

3.- Bederatzi hilabete Salamancan pasatu ondoren, hemengo egoeran sartzeko oportunitaterik egokiena hauxe delako.

4.- Benetako Euskal Unibertsitatearen oinarria izatea.

5.- Urtean zehar honelako lanetan segitzea. Nire kasuan, Kontaktuan egon nahi nuke, neure erako lanetan ari den jendearekin.

 Iñaki Irazabalbeitia, 22 urte, ezkongabea, Donostian jaio eta Donostian bizi da. Kimika ikasketak bukatzen, UEUn irakasketak bukatzen, UEUn irakasle bezala Parte hartzen du. Erdi euskaldun zahar, erdi euskaldun berri.

1.- Laugarren aldiz.

2.- Zientzi arloan, Kimikan batez ere.

- Kimikazko gaiak interesatzen zaizkidalako.

3.- Noizbait Euskal Unibertsitatea lortzeko, UEU beraren oinarria delako. Gainera, irakaslegoa prestatzeko, euskara zientzi gaietan lantzeko,...

4.- Aurreko puntuan erantzuna dut nolabait. Bestalde euskal munduko indarrak (unibertsitate ofizialekoak, alderdiak,...) Kontzientziatzeko, zirikatzeko. UEU, euskal kultur munduko jendearen biltzetokia da, eritziak trukatzeko eta harremanak zabaltzeko tokia,...

5.- Lehenik, jendeak hau serioski har dezala, batzuk denbora-pasa modura hartzen baitute. Zenbait sailetan ikusten da, urtean zehar ez dela ardurarik jartzen eta lanik ez dela egiten. Noski, gero nahiko txapuza egiten dute eta hori hurrengo urteetarako kaltegarri gertatzen da.

 Andolin Eguzkitza, 25 urte, ezkongea, Santurtzin jaio eta bizi da. Linguistikazko ikaslea, euskaldun berria UEUko irakaslea.

1.- Bostetara. Lehenengo lauretara. Gero bi urtez kanpoan izan naiz eta aurten berriro etorri naiz.

2.- * Hizkuntzalaritzan eta Literaturan.

* Hizkuntzalaritzan, horretaz ikasten ari naizelako, eta Literaturan, musikarekin batera nik gehien atsegin dudana delako. Bestalde lanen bat horretaz egin dudalako, hemen aurkeztu dudana hain zuzen ere. Lantzean behin, gustuz, Filosofia eta Politika arloko mintegietara ere joaten naiz.

3.- Arrazonamendu polotiko eta Kulturaletan sartu gabe, nik lan egiten dudaneko eta maite ditudaneko alorrak euskara hutsean eta euskaldunen artean lantzeko eta erabiltzeko etorri naizela esango nuke, eta horrela bolada labur bat emateko. Hots, hirietan eta ikasle-giroan bizi garenon problema gainditzeko, hain zuzen ere, gauza horik hizkuntza arrotzez egin beharra.

4.- Funtzio nagusi bi. Bata, gure hizkuntza kultur maila guztietara egokitzea. Bigarrena, Uztaritzeko manifestuaren arauerako Euskal Unibertsitate bat ez dugun bitartean, nolabaiteko projektu erreal baten egiaztatzea; zera hartu behar dugulako, kontutan orain dagoen Unibertsitatetik Euskal Unibertsitatera heltzeko gertatuko den bilakabidea oso luzea izanen dela, hizkuntza beragatik eta irakasleen benetako gertuketa zientifikoarengatik.

5.- Estatutu delako honekin gertatuko den egoera berria kontutan hartuta, eta aurreko galderan aipaturiko bilakabide hori behin betirako benetako abiadan jar dadin, Unibertsitate horren Udako Euskal Ikastaroa bihurtzea; jakina, bere independentzia guztia gordez, baina irakasleak ordainduko liratekeelarik, ahal den euskal irakasle gehien bertara eramanez. Gainera, hilabetekoa izatea, eta hasia den publikazio-sail horri zertasun bat ematea. Modu horretaz, euskal lanak (euskaraz egindakoak) eta euskal eskolak hasi eta hazi eginen liratekeelako bai Unibertsitate normalean ere.

 Joan Mari Agirregabiria, 27 urte, ezkongea, Bilbaon jaio eta bizi da. Lejoako Zientzi Fakultatean Fisikazko irakaslea. Euskaldun berria.

1.- Hauxe da lehenbiziko aldia.

2.- * Fisikazko arloan.

* Arlo horretan lan egiten dudalako eta Fisika euskaraz nola egin daitekeen ikasi nahi dudalako.

3.- Egunen batetan edukiko dugun Euskal Unibertsitatearen zutabe bat UEU denez gero, horrelako projektuan interesaturik gaudenok, parte hartu behar dugula uste dut.

4.- Nire ustez. hiru funtzio. Lehena, lexiko zientifikoa finkatzeko baliagarri izatea; bigarrena, nolabait irakasle euskaraz arduratzen, eztabaidatzen eta, azken batez, lan egiten hastea.

5.- Alde batetik, ahalik eta jende gehiena lan honetan konprometitzea eta bestaldetik, Euskal Herrian dugun Unibertsitate ofizialarekin harreman hestuagoetan sartzea, bai maila ofizialean eta bai bertan lan egiten duen jendearekin ere.

 Sagrario Aleman, 27 urte ezkongea, Etxalekun (N) jaio eta bizi da. Ikasketez farmazeutikoa, gaueskoletako irakasle modura ari da. Betidaniko euskalduna.

1.- Bostgarren aldiz.

2.- * Natur Zientziak eta Pedagogia arloetan.

* Natur Zientziatan gustatu egiten zaizkidalako eta pedagogian, horretan lan egiten dudalako.

3.- Euskara pixka bat lantzeko. Eta jendea ezagutzeko eta giroa nola doan ikusteko.

4.- Nire ustez, funtzio nagusia euskal irakasleak eta Euskal Unibertsitaterako bideak prestatzea da.

5.- Gauza batzutan maila apalagoa eskatuko nuke, ikasketarik ez daukan jendeak ere parte har dezan. Beharbada, komenigarri litzateke urtean zehar bi saio egitea, hauetako bat neguan izanik. Bestalde, praktika arloan gehiago saiatzea eskatuko nuke.

 Patxi Uribarren, 27 urte, erlijiosoa, Aramaion (A) jaioa, Bilbon bizi da. Betidaniko euskalduna, Bilboko Magistergo eskolako euskarazko irakaslea da.

1.- Azkeneko hiru urteetan.

2.- Zergatik? Ba, nire klaseen prestakuntzarako nahi eta nahiezkoak ditudalako, batez ere, datorren urtean euskal filologia irakatsi behar dugula kontutan harturik.

3.- Gaurkoz, Euskal Herrian euskara eta euskal kultura sakonki lantzeko ia bide bakarra dugulako. Bide batez, biharko Euskal Unibertsitateko oinarriak finkatzeko ahalegina egin behar dugulako; horretarako, noski, bide bakarra dugu, euskal munduan ari garen irakasleak elkartzea.

4.- Alde batetik, biharko Unibertsitatearen azpiegitura bat sortzea; eta horretarako, beharrezkoak diren hiztegiak, mintegiak eta abar bultzatzea. Bestetik, une historiko honetan, Euskal Herrian dagoen Unibertsitatearen salakuntza izan daiteke, oraindik hor ez baitzaio benetako tokirik eman ez euskarari eta ez euskal kulturari ere. Horregatik, UEUk bihar etziko gure Unibertsitateak nondik nora jo behar duen adierazten digu.

5.- Nik uste, aurten pauso ona eman da, gaiak sakonkiago eskainiz. Hala ere, arlo batzu oraindik ukitu gabe ageri dira. Beharbada, eman beharko litzatekeen pausorik onena, euskal munduan jakintsu diren irakasle eta osterantzeko langileei dei pertsonal bat egitea izango litzateke, UEU eta Euskal Herriko Unibertsitatea nola bide batera ekarri ikusteko.

 Itziar Eizagirre, 33 urte, ezkongabea, Azkoitian jaioa, Donostian bizi da. Bertan, subnormalekin egiten du lan San Mikel Patronatoan (Miramonen). Betidaniko euskalduna.

1.- Azken bi urteetan.

2.- * Filosofian. * Asko gustatzen zaidalako eta orain Filosofia eta Heziketari buruzko Zientzien lizentziatura bukatu berria dudalarik, ikasiz segitu nahi dudalako.

3.- Nire ezagumenduak euskaraz zabaltzeko. Bestetik, beste probintzietako euskaldunak ezagutzeko eta berekin harremanetan jartzeko.

4. eta 5.- Nik pentsatzen dut, oraingo Estatutuarekin CGV-k lagundu egin beharko duela UEU. Alde batetik, erraztu egin behar dituela bideak beste euskaldunak ere hona etortzeko. Bestetik, UEU potentziatu egin behar duela, hemengo maila goratzeko. Horregatik, irakasle onak ekartzeko medioak ipini behar ditu. Eta, gauzarik garrantzizkoena, Unibertsitate ofizialarekiko paralelismoa erraztu, bertan elebitasuna eta irakasle elebidunak sartzeko eta bertara UEUren izpiritua (Uztaritzeko manifestuaren arauera) eramateko.

 Xarlex Bidegain, 32 urte, ezkongea, Baionan jaio eta bertan bizi da. Ikastetxe batetan frantsesa eta euskara irakasten du. Euskaldun berria.

1.- Lauzpabost aldiz.

2.- * Hizkuntzalaritzan.

* Urtean zehar neure lanean euskara irakasten baitut, hemen izaitea parada ona da, teoria linguistikoen eta euskara beraren hobeki ezagutzeko.

3.- Euskal Kulturaren munduan gaur egun dauden jauginak zuzenki ezagutzeko. Batasunaren aldetik, beharrezkoa da, bestalde, Iparraldearekin harremanak edukitzea.

4.- Dagoenekoz, Unibertsitate ofizialek egiten ez dutena egiten saiatzea, bai hizkuntzaren aldetik eta bai gaiaren aldetik ere.

5.- Nire kezka bat, zera da: Zer egin, Iparraldeko jende gehiago etor dadin? Beste: Hemen egiten diren gauzek, urtean zehar segida ukan dezatela (lantalde berriak sortuz,...).

 Jaione Ezkurdia, 21 urte, ezkongea, Ormaiztegin (G) jaioa eta bertan bizi da. Lejoan ari da Biologia ikasten. Betidaniko euskalduna.

1.- Hau hirugarren urtea da.

2.- * Natur Zientzietan (Biologian).

* Gustatu egiten zaidalako eta hori ikasten ari naizelako.

3.- Hemendik aurrera ikastaldiak euskaraz emango direla uste dudalako, eta honelako ikastaroak euskal arloan prestatzeko oso ongi datozelako, euskara beste hizkuntzen mailara igon nahi badugu batez ere.

4.- Euskara hizkuntza ofiziala egin nahi badugu, arlo guztietan erabili beharko dugu; hau da, Unibertsitate mailan ere egin beharko da.

5.- Maila guztietan, orain arte bezala, aurrerantz joan dadila, eta batez ere, jende gehiagok parte har dezala.

 Karlos Otegi, 39 urte, ezkongea, Donostian jaioa, Lasarten bizi da. Euskaldun ikasia (nahiko berria) Tolosako ikastolan irakasle bezala lan egiten du. UEU honetan irakasle bezala dago, Euskal Literaturaren textu batzuren azterketari buruz saiatuz.

1.- Azkeneko hiru urteetan.

2.- * Literatura eta Linguistika arloetan.

* Nire lana arlo horietan finkatzen delako eta gai horretaz (textu-azterketaz) arduratzen naizelako.

3.- Alde batetik, klaseak eman behar nituelako. Bestetik, bestek eginiko lanak ikusi, entzun eta ikasteko.

4.- Urtean zehar egiten diren lanen kontrastatzea, elkarlotzea eta, horrela, unibertsitate-gaietako zutabeak sendotuz, argituz, aztertuz eta indartuz joatea, egunen batetan sortuko den benetako eta urte osoko Euskal Unibertsitaterako gaiak eta pertsonak landurik eta trebaturik edukitzeko.

5.- Hemen biltzen garenon artean, urtean zehar harreman eta elkarlan ugariagoa edukitzea. Jadanik, datorren urterako lanak antolatzen hastea, urtean zehar eginez joateko, helburuak markatuz, lanak ongi prestaturik ekartzeko, inprobisazioak eta azken orduko lanak ez aurkezteko.

 Mari Luz Esteban, 19 urte, Burgosen jaioa, Basaurin bizi da^ Euskaldun berria. Medikuntza ikasten ari da Lejoan.

1.- Hirugarrenez; azken hiru urteetan.

2.- * Medikuntzan.

* Gai hori ikasten ari naizelako.

3.- Pixka bat, inertziagatik. Kurtsuan zehar euskarari buruz gutxi egiten dudanez, hemen zerbait egiteko Halaber, jende berriarekin harremanak edukitzeko.

4.- Nire ustez, asko ez. Birplanteiaketa bat egin behar da. Inertzia batetan sartu da eta ez diot irtenbiderik ikusten.

5.- Lehen gauza, Euskal Kulturaz eta Euskal Unibertsitateaz zer nahi dugun argiro definitzea. Egiten ari garenaren kritika serio bat. Eta jendeak lan gehiago egin dezala.

 Jose Manuel Susperregi, 26 urte, ezkongea, Hondarribian jaioa, Bilbon bizi da. Argazkilaria da eta irakasle bezala lan egiten du. Betidaniko euskalduna da eta UEUn entzunikus metodoek pedagogian duten garrantziaz ikastaro bat ematen dihardu. Bera da bestalde, erreportaia honetan ageri diren argazkien egilea.

1.- Lehendik ere ezaguna nuen (argazkiak eta erreportaiak eginez,...), baina hauxe da osorik parte hartzen dudaneko lehendabizikoa.

2.- Ikus-entzun metodoei buruzko azterketan, aplikazio pedagogikoei loturik. Metodo hauk gero eta gehiago erabili behar direla uste dudalako.

3.- Alde batetik, barrutik ezagutu nahi nuelako. Bestetik ikastaldien maila ezagutzeko eta jendea medio audiobisualez kezka erazteko.

4.- Taldeak egitea, harremanak indartzea, jendea ezagutzea. Azken batez, euskal kulturaren dinamika bultzatzea.

5.- Kasu batzutan, interes bereziaren faltagatik, ikasle batzu ez dira gehiegi motibatzen, ezagutzen dituzten gaiak tratatzen direlako. Unibertsitate honek, urte osoan zehar egiten diren lan interesgarrien aurkezte-lekua izan behar luke eta, noski, eztabaidatzeko lekua.

Gauza berri eta deigarriak erabili beharko lirateke, ideiak sortzeko eta eztabaidatzeko.

 Jon de Luisa, 42 urte, ezkondua (bi mutil eta neska bat), Donibane Lohitzunen jaioa, zazpi urte zituenetik Mexiko-n bizi da. Betidaniko euskalduna ikasle edo entzule gisa etorri da UEUra Utz dezagun bere burua definitzen:

"Lanbidez, injinadore kimiko industriala naiz eta ehungintzan lan egiten dut. Azkenekoz, duela lau urte etorri nintzen Euskal Herrira. Sapa berriztatzera etorri ohi naiz. Mexiko-ko Euskal Etxeko talde zuzendarian nago. Euskal Etxean 300-400 familia euskaldun dago; gure ustez beste horrenbeste familia ere ba dira, baina ez dira bertara joaten. Mexiko-n, Euskal Etxera joatea konprometiturik egotea da, zerbait sentitzea. Adibidez, ez daukagu harreman berezirik hango kolonia espainolekin eta ez frantsesekin ere, nahiz eta enbaxadek, hori lortu nahi duten. Argi eta garbi euskaldun sentitzen gara, eta horregatik da konprometitua.

Euskara aldetik, Eibar eta Elgoibarretik makinak muntatzera datozen teknikariekin egiten dugu euskara pixka bat. Zaharren artean ere bai. Bestela gutxi. Dena den, dauden euskaldun asko, dirua eginez gero pozik etorriko lirateke hona bizitzera. Oso ondo hitz egiten dute, hona etorri ondoren".

Luze egin dezakegu berba, baina galderak erantzutera pasatuko gara.

1.- Lehenengo aldiz.

2.- Neure lanbidean euskara sentitu nahi izan dut neure ingurunean. Hori izan da nire biziko guraria. Betidanik, bai Donibanen eta bai Uztaritzen egiten zenean ere beti segitu baitut UEU. Beraz, Kimika arloan sartu naiz.

3.- Niretzat interesgarria zen jendea lanean euskaraz sentitzea. Eta horretara etorri naiz. Beldur pixka batez etorri nintzen, baina orain pozik nago.

4.- Momentu honetan batez ere, hemendik benetako Euskal Unibertsitatea egiteko programaketak egin behar direla uste dut.

5.- Urtean zehar lan egitea, eta hau Unibertsitate ofizialean sartzeko bide bat izan dadila.

 Itxarone Amantegi, 21 urte, ezkongea, Lemoan jaioa eta Durangon bizi da. Betidaniko euskalduna, Donostian ari da Geografia eta Historia ikasten. UEUn ikasle bezala dago.

1.- Lehenengo aldiz.

2.- * Historian eta Artean. Musikako mintegira ere joan naiz.

* Zergatik? Begira. Hurrengo urtean aukeratu egin behar dut ikasketetan, Historiaren eta Artearen artean eta informazio gehiago eduki nahi izan dut aukerarako.

3.- Euskaldun jende gazteok kulturaren arloan gehiago mugitu behar dugula uste dudalako. Eta Euskal Unibertsitatearen etorkizunerako oso garrantzizkoa dela uste dudalako.

4.- Etorkizunerako oso garrantzizkotzat daukat hiztegigintza eta urte batzu barru, gure Unibertsitatean euskara derrigorrezkoa izango delako. Horrela, UEUkoak lehenengo pausoak dira aurrera egiteko.

5.- Euskalduna izaten segitzea, herritarra izatea. Herrietako jende normalak parte gehiago hartu beharko luke. Bestalde, hemen gaudenok urte osoan zehar geure mailan eta geure fakultatean lanak prestatzen segi dezagula eskatuko nuke. Oso garrantzizkoa litzateke, halaber, EGB eta BUPerako materialeak prestatzen gu ere aritzea.


Euskal Herria

Udako Euskal Unibertsitatearen agiria

Azken eguneko batzarre orokorrean, UEUko partaideek agiri hau onartu zuten, kontrako botorik gabe. Agiri honetan hiru eskari nagusi egiten dira:

1. Euskara irakaskuntzan serioski bultzatzeko.

2. Komunikabide euskaldunak lortzeko, eta konkretuki euskara hutsezko telebista-kanalea.

3. UEUrako laguntza ofiziala erdiesteko.

Hona hemen, hitzez hitz, delako agiri hori.

Udako Euskal Unibertsitatea gure hizkuntzaz baliaturik maila guztietako jakintza atxekitzeko, lantzeko eta bultzatzeko asmoz sortu zen. Denbora berean, ezin ukatuzkoa da, Euskal Herria berreuskalduntzeko bidea, oinarrian bertan bereganatzen duela, euskararen aldetik galdu diren herri-eremuak eta hizkuntza-mailak berriz lehengora, oraingo arropaz jantzirik, ekarri nahi dituela.

Hain zuzen ere, une honetan autonomiazko arlo batzu eskuratzeko bidean ditugula zabal baitabil gure artean, hizkuntzarenaz, irakaskuntzarenaz eta kulturarenaz Udako Euskal Unibertsitateak zerbait esan beharra ba duela uste du, Euskaltzaindiak bezala, azkenengo hau, euskararen batasunerako norma-emaile bakartzat alderdi guztietan hartu behar litzatekeena, dudatan jartzen ibili gabe, funtzio hori ez baitu batek baino gehiagok bete behar.

Hona hemen esan beharrekoa:

1. Euskal Herriari, egungo eguneon herri euskaldun bezala iraun ahal izan dezan, gutxieneko batzu eskaini behar zaizkio. Bat irakaskuntza alorrekoa da, utzi ezinezkoa eta premiazkoena. U.E.U.-k uste du, Euskal Herriko eremu osoan hemendik aurrera hezten eta eskolatzen hasten diren haur guztiek, hamalau urte betetzen dituzteneko, euskara behar den bezala mintzatzen eta irakurtzen jakin dezaten, bideak ireki eta finkatu behar ditugula. Horregatik, asmo hori abiarazteko boterea eta posibilitatea eskuetan dutenei, azkenengo ondorioetara heldu arte erabil dezatela eskatzen zaie.

2. Beste bat, irakaskuntzarekin ondo loturik dagoena, komunikabide sozialen tresna modernoen erabiltzeari dagokio, eta bereziki, beste guztien gainetik agertzen baita jendeari sortzen dion eragin nabarmenagatik, telebistaren erabiltzeari.

Gutxieneko, euskaldunok kanale oso bat euskara hutsean behar dugu, haurrek, etxera doazenean, euskaraz ikasi dutenaren osagarri irudi bizietan izan dezaten, euskalduntze ahaleginetan ari diren nagusiek jolasean bezala finka dezaten ikasi dutena, eta euskaldun direnek zor zaien giroa eta solasa atseginez dasta dezaten, gure hizkuntzaren beharrizanik eza sentitzen dutela nahi ta nahi ez erdal munduan murgildu beharrik izan ez dezaten, kanpoko berri jakingo badute. Jakina, kanale horri behar diren elementu tekniko eta ekonomiko guztiak eskaini behar zaizkio, Euskal Herriari zor zaion mailara iritsi arte. Esan gabe doa, Euskal Herri osoko agintari eta erakunde guztiei gutxieneko puntuok betetzeko bidean abiatzeko eskatzen zaiela.

3. U.E.U. irekirik dagoen erakunde zabala denez gero, agintarien aldetik haintzakotzat hartu behar dela uste da eta diru publikoz lagundu behar dela, Euskal Herriari eskaintzen dion eta etorkizunean eskain diezaiokeen bide-urratzeengatik.

Beste alderdi batetik, gure Herriko Unibertsitateetan titulua eskuratzeko egiten diren ikaskuntzetarako euskara erabiltzeari dagokion alorrean, geroago eta urrats gehiago eman daitezen eskatzen da, gure hizkuntzari tokatzen zaion lekua atxeki dadin arte.

Iruñean 1979-garreneko uztailaren 28-an.

Udako Euskal Unibertsitatea.


Euskal Herria

U.E.U.n bigarren hizkuntzaren irakaskuntzaz

Aurtengo U.E.U.ren barruan, eta PEDAGOGIA sailean, eskola elebidunaren problematikaz aritu izan dira, eta ene ustez, oso ondo aukeratu izan da gaia mementu honetan, orain, eta arrazoi askorengatik, arlo horretan aldaketa handiak egiteko aukera edukiko baitugu.

Ideia honetatik abiatuz, eta gaiaren inportantziaz konturaturik, hor saiatu da zenbait pertsona jo eta ke, azterketa ahalik eta serioena egin nahiz.

Honelatan, lehen egunetan Mikel Lasak sarrerarako lan bat aurkeztu zuen ondoko puntuok ikutu zituelarik:

Hasteko, beste zenbait herritako esperientziak azalduz, hor aurkituen gauza on (Quebec-en frantsesdunei ingelesa irakasteko, Afrikako zenbait herritan frantsesa eta ingelesa, etab.) edo txarrak (txikanoei eta Estatu Batuetako indioei ingelesa irakasteko metodoen porrotak, adibidez) azaldu zituen ezagupen horretatik ondorio asko atera daitekeelakoan.

Modu honetan, eta esperientzia guzti horien ezaugarriak aztertuz, 2. hizkuntzan azaltzen diren hainbat faktore atera daiteke, eta faktore horien eraginari beratuz, 2. hizkuntzaren arazoa konpontzeko ideiak bururatu ahal zaizkigu. Eta hala aurkitu ditu Mikelek beti agertzen diren faktoreak, eta soilik batzutan aurkitu ahal direnak ere, faktore horiek 2. hizkuntza ikasteko mekanismoetaz informazio handia ematen dutelarik. Eta hori da, prezeski, interesatzen zaiguna: 2. hizkuntza ikasteko dauden mekanismo eta bideak.

Lan praktiko eta enpiriko batetan oinarrituz, Mikel mekanismo horik ikasi ditu, gure kasuan hori ere aplikatu ahal izateko,ezer egin baino lehen, metodologia onena edukitzea interesatzen baitzaigu, ahalegin minimoetaz, ahalik eta gehiena atera ahal izateko.

Eta azterketa hau amaitu ondoren, ondorioetara pasatu zen, hots, irakasle bat edo multzo bat zerbait norbaiti irakasten hasten zaionean, ea noraino heltzea espero duen, hau da, irakaskuntza horren ondorio edo erresultatuak. Eta gure kasuan, zera pentsatzen du Mikelek, gure herrian aurkitu ahal den esperantza oso ahula dela, hots, guttiz konformatzen garela, gehiegi ez diogula eskatzen egiten dugun lanari, geure ahalmenaz konfidantzarik ez bagenu bezala. Eta horrek guztiorrek mugapen handia dakar, irakaskuntza elebiduna planteiatzerakoan.

Agertzen zaigun beste problema bat, eskola elebidunen tipologia zehaztea da, ezin baita edozein egoeratan metodo bera erabili, noski. Orain arte hori gertatu da, askotan, edo hobeto esan, ia beti, zeren edozein talderekin, eta irakaslearen borondateari esker izan ez bada, ez baita orain arte metodo desberdinik erabili, talde edo ikaslearen ezaugarrien arauera.

Beraz, eta metodologia on baten atzean ibiliz gero, hori eginbehar garrantzitsuenetariko bat da, zenbat metodo ezberdin aurkitu behar diren jakitea derrigorrezkoa baita.

Eta azkenez, aurrekoa egin ondoren, geratzen den beste arazo batetaz ere aritu zen, hau da, erabili ahal eta behar den materialeaz, honekin amaitu zuelarik.

Hurrengo egunean, eta aurreko lanaren osagarri gisa, Xabier Mendiguren 2. hizkuntzaren metodologiaren oinarrietaz aritu zen, honelako metodologia batek beti eduki behar dituen ezaugarriak zehaztuz, berauetatik abiatuz, metodo logia egoki bat egitera pasatu ahal izateko, bere lan hau, batez ere, ikasle erdaldunekiko irakaskuntzari zegokiolarik.

Eta gaiari amaiera ematearren, eskola elebidunen tipologiaz aritu ziren sakonkiago, horrela metodoen nolakotasun eta zenbatasuna argiago geratu zelarik.

Ea guzti honetatik zerbait praktikorik egiten den, eta sarritan jazotzen den moduan, hori mementu honetan guztiz beharrezkoa zaigu eta.

Maria Jesus Esteban


Euskal Herria

VII. UEU zenbakitan

Uztailaren 29a. Udako Euskal Unibertsitatearen VII. ekitaldia bukatu da. Jadanik, Martin Orbek azken eguneko batzarre orokorrean esan digunez, VIII. ekitaldia hasia da, urtean zehar egiten eta prestatzen baita, Udako agerpena duen Unibertsitate hau.

Ekitaldia bukatzean, egoki da, pasatuaren balantzea egitea. Eta balantzea ikuspuntu askotatik egin daitekeen arren, guk hemen balantze estatistikoa eginen dugu, zenbakien esangura handia baitute, beren hoztasunean bada ere. Datu hauk, UEUko prentsa-bulegoak eginiko lanetik hartuak izan dira.

Egintza akademikoak

Aurtengo lanorduak honela banatzen dira:

 Ikastaldiak 141

 Mintegiak 112

 Laborategiak 8

 Denetara 434 lanordu

Egintzen artean, aurreko sailkapenetik nolabait aparte geratzen direlarik, hauxek aipa ditzakegu: Sarrera-hitzaldia, bi tesinaren aurkezpena, barazkijaletzari buruzko hitzaldia, Einstein-en omenaldia, Iruñeko udalaren errezepzioa, J.M. Barandiaranen hitzaldia, Irurtzunera eginiko hiru irteerak eta batzarre orokorra.

Partaideen estatistika

Datu hauk, UEUrako matrikulatzean partaideek beteriko inkesta-horrietatik lortuak izan dira. Aurrera segitu baino lehen, aurten matrikulatuak, denetara 348 (hirurehun eta berrogeitazortzi) izan direla esan behar dugu. Ondorioak koadro desberdinetan emango ditugu.

Partaideen jatorriaren arauerako sailkapena

1.- Jaiotze-probintziaren arauera

 Araba 0,9 %

 Bizkaia 46,1 "

 Gipuzkoa 40,4 "

 Ipar Euskal Herria 1,6 "

 Nafarroa 6,5 "

 Beste 4,5 "

2.- Bizi direneko probintziaren arauera

 Araba 7,5 %

 Bizkaia 54,4 "

 Gipuzkoa 33,3 "

 Lapurdi 1,5 "

 Nafarroa Garaia 7,5 "

 Nafarroa Beherea 0,9 "

 Beste 0,9 "

Pertsonen izakera, adina, sexua, ezkon-egoera, eta beste kontutan hartuz, honelakoak izan dira partaideak.

Adin-egitura

 15 - 20 urte 20,4 %

 21- 30 " 57,3 "

 31 - 40 " 17,6 "

 41ez gorakoak 4,6 "

 Batezbesteko adina 27,7 urte

Sexuen sailkapena

 Gizonezkoak 50,4 %

 Emakumeak 49,6 "

Ezkon-egoera

 Ezkonduak 24,5 %

 Ezkongeak 75,5 "

Partaideen ikasketa-maila analizatzea ere oso interesgarria gerta daiteke. Horixe da, hurrengo koadroan batu nahi izan duguna.

Partaideen ikasketa-maila

 Batxileratua 31,8 %

 Heziketa Profesionala 4,8 "

 Unibertsitate-mailakoa 63,4 "

Euskararen ezagutza

 Betidaniko euskaldunak 69,6 %

 Euskaldun berriak 30,4 "

Euskarari buruzko ezagutza kontutan hartuz, esan beharra dago, ezen jende askok euskararen ezagutza justifikatzeko titulua dutela. Hain zuzen ere, partaideen 48,2 %-k tituluren bat dute, zer esanik ez, nagusien Euskaltzaindiko D eta B mailakoak agertzen direlarik.

Beste zenbaki asko ere eman daiteke, baina artikulua gehiegi ez luzatzeko, emandakoekin bukatuko dugu. Irakurleak zerbait ba du, VII. UEU horren garrantziaz jabetzeko.

J.R. Bilbao


Nazioartekoa

Colombia: diktaduraren kontrako burruka luzea

Diktaduretaz edo eta sistema faxistetaz hitz egitean, noiz ez da. Argentina, Uruguay edo eta Txile aipatzen? Bai, zoritxarrez, hiru herri horik Hego-Amerikakoak dira, eta ez dira, gainera, salbuespenak, ez baita hango estatuetako demokrazia kontinente haren ezaugarria. Hau da, herrialde batzu oso ezagunak badira han dagoen demokrazia eta askatasun ezagatik, ia guztietan gertatzen da gauza bera. Hori da, adibidez, Colombian jazotzen dena.

Lehen begiradan pentsa zitekeen Colombiako egoera ez dela hain txarra, zeren bi urtero hauteskunde legislatiboak, eta lau urtero, presidentzialak, baitaude, Eta, gainera, konstituzio bat daukate. Baina zerbait argitzeko, hurbil gaitezen pixka bat hango egoerara, aldi berean, iraganari begirada bat botaz.

XIX. mendean independentzia lortu ondoren, gudu ugari egon ziren herri hartan; XX. mendearen lehen erdiko politika, eta hainbeste lekutan bezala, liberalen eta kontserbadoreen alternantzian oinarritzen zen; 1946. urtean, eta ohitura horri jarraituz, liberalak gobernutik irteten dira, lekua kontserbadoreei utziz. Hauen gobernupean, eta bi urte beranduago, ezkerreko lider bat hil zuten, orduan herria protestaka altxatu zelarik. Errepresioa handia izan zen eta handik aurrera, eta 5 urtetan zehar, herri oso burruka krudel batetan sarturik ikusi zen. Gerra oso gogorra izan zen, eta hor egin ziren basakeriak ia sinestezinak dira. Gerrila urte horietan sortu zen, eta orain arte ez da inoiz gelditu.

1953. urtean estatu-kolpe bat eman zuen Rojas Pinillasek, eta, orduan, bai liberalak,bai kontserbadoreak ere oso pozik sentitu ziren, indarkeriaz jadanik nahiko baitzeukaten.

4 urte beranduago, hots 1957. urtean, liberalek eta kontserbadoreek Fronte Nazionala eratu zuten, horrela, eta 17 urtetan zehar, bien alternantzian oinarritzen zirelarik. 1974. urtean hauteskunde presidentzialen kasuan, alderdien askatasunera bihurtu zen, baina administrazioan alternantziarekin segitu zuten.

Urte horietan guztiotan, gerrilak aurrera segitu zuen, noizean behin, eta batez ere hirietatik at, kolpeak emanez.

Konstituzioan ba zegoen gobernuari eta militarrei oso ondo zetorkien posibilitate bat: setiapen-egoera deklaratzekoa, halegia. Gobernuak, momentua edo gertaerak grabeak zirela kontsideratuz gero, eta lege horren bidez, garantia demokratikoak ken zitzakeen. Lege hori 1948-1958 hamarkadan izan zen erabilia, baina nahiko ez zela pentsatuz, 1975. urtean Lopez Michelsen lehendakariak konstituzioan aldaketa bat egitera saiatu zen, baina ez zuen lortu egin, tribunal gorenak antikonstituzionaltzat jo baitzuen. Beraz, eta Asegurantza Sozialeko langileen greba bat zela eta, Lehendakariak setiapen-egoera deklaratu zuen berriz.

Aurrerantzean, eta nahiz eta greba hori laster zapaldua izan zen, ez zuen inoiz dekretu hori deuseztatu, eta 1978.eko abuztuaren hileko hauteskunde presidentzialetarako ere ez zuen egin.

Turbay Ayala jaunak, hots, lehendakari berriak, aurrekoaren ideia berberak zeuzkanez gero, lege berri bat proposatu zuen, seguritatezko legea, eta presioa egin ere Tribunal goreneko epaileengan lege hori konstituzionala deklara zezaten. Handik gutxira, setiapen-egoera deuseztatuko zuela agindu zuen, baina honen ordez, lege berria konstituzioan sartuko zen. Beraz, lehen baino txartoago.

Aldi berean, herria eta klase zuzentzailea gero eta urrunago zeuden, egoera sozio-ekonomikoa hondagarria izanik. Grebak sarritan gertatzen ziren, eta talde harmatuek gero eta ekintza gehiago antolatzen zituzten maila guztietan. Talde horien artean ezagunena dena M. 19, eta oso famatua egin da aurtengo hasieran egin zuen harma-lapurketagatik. Erraz konpreni daitekeenez, errepresioa itzela da, legeek ia edozer permititzen baitiete gobernu, polizia eta epaimahaietako pertsonei. Komunikabideetan ez dago askatasunik, ez dago batzarre edo eta manifestaziorik egiteko posibilitate legalik, ez dago presoen defentsarako garantiarik, edozein gauza ordena publikoaren kontrakoa kontsideratuz gero, pena itzelak aplika daitezke,...

Eta errepresioa aspalditik handia bada ere, M. 19 taldeak urtarrilean harmadari 5.000 harma lapurtu ondoren, asko gogortu da. Ordutik hona, hamaika pertsona izan dira geldieraziak, kontzentrazio-zelaietara eramanak, torturatuak, hilak, etab., etab.

Martxoaren amaieran kongreso bat hospatu zen Bogotan, askatasun demokratikoen alde indar egitearren, eta hau, oso ezagunak diren idazle, abokatu, politikariak, etab., egon ziren; kongresuan (Askatasunaren forum deiturikoa) herrialde horretako askatasun eza, eta egiten diren torturak salatuak izan ziren.

Hala ere, egoerak berdin dirau, eta lotsagarria eta salagarria da azken hilabetean, hots, ekainean, Turbay Ayala lehendakaria Europara zetorrela, estatu demokratiko batena bezala agertu nahia.

Bidaia hori zela eta, herri askotan funtzionatzen diren Colombiako giza-eskubideen aldeko komiteek batzarre bat egin dute Parisen, bidaia horrekin batera ea zer egin ahal zen pentsatzeko, erabakiak aipagarriak izan dira, zeren hartutako neurrien artean ondoko hauk baitzeuden:

- Europako estatu guztietan (batez ere), Colombiako egoera salatzea eta horretaz informazio zabala ematea.

- Lehendakariak bisitatuko zituen estatu eta hiri guztietan, manifestaldiak, mahai-inguruak, gose-grebak, etab. antolatzea. Modu horretan lortu nahi zena hauxe zen: ofizialki eman nahi zen irudia apurtzea.

Aldi berean, zenbait lekutan, hango burrukaren historiaz, errepresioaz, torturen existentziaz, eta abarretazko dokumentuak argitaratu dira. Eta dokumentu horik prestatu dituzten colombiarrek hauxe diote: Txile edo Argentina-ko egoera txarragoa da agian, bai, baina hara heldu baino lehen, eta prezeskiago hori eragozteko, kanpaina honi eman diote hasiera, gauzak apurka-apurka txartoagotu beharrean, beren herriak behar eta nahi duen askatasuna lortzeko burruka aurrera egin dezan.

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Irak: Zapalkuntza gogorra dagoeneko beste herri bat

Azkenengo denboretan, eta nahiz eta leku askotan ez izan, Irakeko gertaeretaz pixkat enteratzeko aukera eduki dugu; eta horrela izan bada, gaiaz hitz egitea askori interesatzen ez zaielako da.

Askok galdetuko diozue zeuen buruari ea zertaz hitz egiten ari naizen, eta arrazoia daukazue, gure herrian ez baita gai honetaz ia ezer esan. Beharbada jakingo duzuena zera da, herri hartan nahiko gobernu progresista zegoela, zeren egia baita urte batzutan zehar horrelako zerbait gertatu dela.

1971-1972. urteetan, eta petrolioaren monopolioen kontra egitearren, nazionalista eta aurrerazale ziren taldeak batu egin ziren Fronte Nazionala eratzeagatik. Zenbait urtetan zehar, eta koalizio horren linean segiturik, petrolioaren explotakuntza nazionalizatu zuten, herri sozialistekin ekonomi hitzarmen ugari egin, egoera soziala nahiko demokratikoa zen, masak antolatzen hasi ziren, etab.

Politika hau oso ona izan zen Irak-entzat, zeren monopolioen aurkako garaipenak maila guztietan lagundu baitzuen: ekonomi mailan, ba zegoen dirurik planak aurrera eramateko eta atzeraturik zeuden sektorei bultzada bat emateko; Sozial mailan ere, solidaritate handia sortu zen indar progresista guztien artean, eta kontzientzi maila asko igon zen.

Momentu hartan, gobernuan indar gehien zutenak Baath alderdikoak eta komunistak ziren. Baina gauzek ez zuten horrela luzaro segitu, eta apurka-apurka, oso zuhurki batzuren aldetik, egoera gero eta txarragoa bihurtu zen.

Eta hori gertatu bazen ondoko arrazoiarengatik da: Baath alderdiaren inguruan mugitzen zirenen artean idea hauk zebiltzan:

- Irak nahiko ondo zebilen diruz, eta beraz, garapen-prozesua aurrera eramateko medio ugariak zituen, inori laguntza eske ibili gabe.

- Garapenak arina izan behar zuen, eta helburu gisa, aberri arabe baten eredu baathista proposatzen zuten.

- Irak-en modernizazioa aurrera eramateko, munduan zeuden teknika eta mediorik onenak erabili behar ziren, eta hori egiterakoan, ez zen zertan hori ematen zuenaren tendentzia politikoaz arduratu behar.

- Teknologiari zegokiolarik, herri sozialistak atzeraturik zebiltzanez gero, herri kapitalistekin harremanetan sartzea derrigorrezkoa zen.

Tendentzia hauek gero eta indar gehiago eduki zuten eta laster influentziatu zuten estatuaren politika-bidea:

- Planifikazioa alde batetara utzi zen.

- Herri kapitalistekiko harremanak gero eta handiagoak, arlo guztietan, bai sal-erosketetan, eta baita akordio zientifikoetan ere.

- Multinazionalek Irak-eko kontratu handienak bereganatu zituzten.

- Inflakzioak gora egin zuen berehala.

- Burokrazia eta burjesiaren berritze eta indartzea izugarriak izan ziren, bi klase honek beraien arteko loturak hestutzen zituzten aldi berean.

Neurri hauk gero eta zabalagoak egiten zien heinean, ezkerra protestaka hasi zen, hartutako bide okerretik ateratzeko itxaropena galtzen baitzuten. Baathekoek laster konprenitu zuten kontrako jarrera hori arriskugarria zela beraien interesetarako, eta maila sozialean ere, neurri gogorrak hartzen hazi ziren, hala nola:

- Kurdoen kontrako ekintzen ugalpena.

- Estatuaren aparatuaren garbiketa, leku nagusienak baathistentzat utzirik.

- Unibertsitateetatik eta beste irakaskuntz zentruetatik, komunistak eta gainontzeko beste ezkertiar guztiak botatzen saiatu egin ziren, eta lortu ere.

- Lantegietan gero eta posibilitate gutxiago uzten zien langileei, edozein lan politiko edo sindikal egin nahiz gero.

- Laster, erretentzioak ere egunorokoak bihurtu ziren, batez ere jendeari beldurra sartzeko idearekin.

Egoera hau areagotuz joan izan da geratu gabe, eta azken urtekoa kezkatzekoa da benetan, zapalkuntza bizitzaren maila guztietan agertzen baita:

- Baath alderdia jadanik guztiz boteretsua da, Fronte nazionala apurtzat eman ahal delarik.

- Ezkerraren kontrako kanpaina gogor-gogorra egin da, influentziazko postuetatik ezkertiarrak bidaltzea ez baita jadanik ezer, gartzelaratzea egunoroko gauza bihurtu baita.

- Kurdoen herriaren gaineko zapalkuntza izugarria izanik, mendietara joateko bortxatuak ikusi dira.

- Eta ekonomia aldetik, katea kapitalista eta multinazionaletakoan ondo sartuta daude.

Lehen esan dudan bezala, oso gutxi hitz egin da guzti honetaz munduan zehar; egia esan, Irak-en ezkertiarren dei desesperatua hartu nahi izan dutenek izan dira arazo hau aipatu duten bakarrak.

Baina zein ulergarria den guzti hau! Irak-ek orain daraman bidea, eta Siriarekin batuz gero, etorkizun hurbilean eramango duena, oso interesgarria da mundu kapitalistarentzat, orain eskua sartzea oso erraza baitzaio, aurreko bideari jarraituz gero, gertatuko ez litzatekeena. Beraz, eta hainbat lekutan gertatzen ari den bezalaxe, apoio osoa ematen dio Baath alderdiari; honelatan, Irak-eko zapalduei bi itxaropen geratzen zaizkie soilik: beraien indarran daukatena, eta munduko beste zapaldu guztiei egin dieten deiarena.

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Txinan agur sozialismobideari (II)

Aurreko artikuluan esaten genuen moduan, bi joerak elkarrekin konpondu zirela luzaro Txinaren zuzendaritzan, azkenik joera errebisionista garaile atera zelarik. Hau hala gertatzeko arrazoia, linea iraultzaileak frakasatu egin zuela da. Azter ditzagun bada, honen arrazoiak.

Lehenengo eta behin esan beharra dago, Txinaren klase azterketa eginda ez egoteak, era guztietako erantzunak mugatzen dituela eta, halaber, balio zientifikoa kentzen. Gainera, tresna hori ez izateak, linea iraultzailearen galeraren arrazoietariko bat izan zen. Esan behar da ere, errebisionistak azterketa hori egitearen kontra atera zirela. Berauek onartzen zuten klase azterketa bakarra kapitalismo garaiari zegokiona izanik, ez zuten onartu nahi sozialismorako bidean ere klaseak daudenik. Dirudienez, azterketa hori egiteko premiazko diren kontzeptu teorikoak falta zituzten; izan ere, sozialismo bidean Produkzio Erlazioak nola ematen diren jakiteak debate bat eta ikerketa lan bat eskatzen du, Txinan egin ez zena.

Linea errebisionistari aurpegi emateko, iraultzaileek aliantzak bilatu beharra ukan zuten. Aliantza hauk klase ikuspegi batetatik ez egitean geroagoko galeraren beste arrazoi bat izanen dira. Hauxe jazo zitzaien.

Linea iraultzaileak ez zuen erdietsi gehiengoa Partiduaren zuzendaritzan. Honek adierazten du masak ez zeudela beraiekin.. Ikus ditzagun honetarako arrazoiak.

Linea iraultzaileak ez zuen ukan ahalmenik masak zuzentzeko. Batetik, Txinako populazioaren gehiengoa herri nekazaria izanik, edozein ekonomi aurrerapenak honengan ukanen zuen eragina ukaezinezkoa da: Bizitza maila hobetu eta abar. Honetan linea errebisionistak zuhurrago jokatu zuen eta "Lau Modernizazio" linearekin sektore honen sinpatiak bereganatu zituen.

Bestetik, linea iraultzailearen basea langilego eta ikaslegoa ziren, barauk Txinan gutiengoa izanik; herri sektore hauk oso zatiturik zeuden eta zuzendaritza politikorik barik. Datu bezala: Shangai-ko Komunaren mugimenduan (Txinan langile boterea jasotzeko egin zen ahaleginik serioena) hogeitamar masa erakundetik gora zeuden, elkarrekin konpondu ezinik gainera. Hemen, bere atzetik masak eroango zituen aitzingoardia baten premia ikusten da, hau da, Txinako Partidu Komunista. Hau, ordea, ez zen gai lan hori burutzeko, Ondorioz, linea iraultzaileak bere indar garrantzitsuena galtzen zuen.

Hau guztionen ondorioz, linea iraultzaileak Partiduaren zuzendaritzan gutiengoa izanik, postuen aldeko burruka bat eraman zuen, non dena pertsonalizatzen baitzen eta inolako burruka politiko seriorik ez zen agertzen. Lan honetarako, errepresioaz baliatu zen eta masa komunikabideen manipulaketaz ere. Honek guztionek, masengan konfidantzaren galtzea erakartzen zuelarik.

Mao hil ondoren Txinako Partidu Komunistan ehundako mugimendua gertatzen da, linea errebisionistak gidaturik. Azkenik, Hua Kuo Feng (gaur Presidente dena) Estatu Kolpearen bidez zuzendaritza hartuko du. Hurrengo hilabeteotan, aurreko urteotan errebisionistatzat joak izan zirenak eta horregatik Partidutik baztertuak, boterera itzultzen dira.

Nahiz albiste askorik ukan ez, jakin, jakiten da errepresioa lurralde gehienetara ailegatu dela, hainbat erahilketa eta atxiloketarekin batera.

Txinan masak oraindik liluraturik daude Modernizazioarekin, baina laster, honen ondorioak ikusiko dira: lanaren gehitze etengabea eta denborarekin errentaren mailetan gero eta alde handiagoak. Orduantxe altxatuko da erdi lotan dagoen Txinatar tigrea.

Mendizabal


Gaiak. Musika

Soziologia, politika eta herri kantagintza. Oskorri hirukote bihurturik, LP bikoitz batekin itzuli zaigu

Gure musikaren munduan aspaldiko laguna dugu Oskorri. 1971.etik behargin nekagaitzak. Beren lanaren erakusgarri, burutu dituzten hiru albumak ditugu. Gure herriko lantegi, herri eta Unibertsitateetan zehar milaka ekitaldi egina dute. Gizona, politika eta herri kantagintzaz dituzten ideiak argi argiak dira. Batzuren indiferentziaren aurrean, eta beste batzuren borondate ilunaz, jadanik ezaguna zaigun soinu modu bat erdietsi dute. Eta hasieratik kalitatezkoa izan den soinu hori, eragingarri bilakatu zen eguneroko lan ekinaz. Zeren, gure herriak planteiaturik dituen eginkizun musikal guztiekin solidaritate hestuan, lan hori herri premia batzuri lotuz gero, zerbitzu ederra egin baitakioke herri bati, sorkuntza artistikoaren bide zuzenetik.

Soziologia-Oskorri-giza aspektua

Anaitasuna.: Talde baten fenomenologia, bizi den gizartearekin paraleloa da. Honek zuzenki afektaturik dago, eta honekin batean joan ohi da. Nolako ondorioak sortarazi ditu prozesu honek Oskorrirengan?

Oskorri.: Bai, argi dago afektatzen duela. Gu definitu gaituen gauzetarik bat gizartean murgildurik izatea izan da. Guk hainbat gauza izatearen itxura dukegu baina horien artean ez dago, burjes zentzuan artista izatearena, hots, idolki baten gainera iganiko musikoena. Musiko eta kantari legez, geure lanean igarri dugun aldaketarik ohargarriena. faxismo garaian murgildurik ginen militantzia doblearen barnean eman da. Zuzenki dihardugun kultur arloan ahantzi barik, bizi ginen egoerarekiko kontzientziapen eginkizun bat genuen. Egoera hura mantendu egiten da gaurregun ere. beste modu batez baina sasoi hartan askoz gogorragoa zela onetsi behar. Jendearengan dukegun eraginaz kontzientzia eta errespontsabilitate hartze hori, gaur egun ere ematen da gugan, bestelako ñabardura batzurekin. Gaur egun, musikoaren eginkizuna, konkretatuago dago bere sortze ahalmenaren inguruan, eta bere jarrera politiko publikoaren arazoa, mitinek, manifestazioek eta alderdi politikoen multzoak asumitua gelditu da. Aurreko sasoian geu ginen nolabait alderdi politiko horien ordezkaritza eroaten genuenak, Gaur, inork —edo ia inork— ez du jotzen euskal kantagintza zerbait politizatzaile eta politizatu bezala. Euskal musika egiten dihardugunon eginbeharraren funtsa, egun, kanpotik datozkigun musikengandiko independentziaren alde burrukatzean datza, edo, gehiegi kontsumitzen diren musika honen aurrean alternatiba baliagarri izatean, haik gure nortasuna deuseztatzeko eta alienatzeko bideak izan daitezkeela uste baitugu.

A.: Zelan adieraziko zenigukete Oskorrik gizakumearen garrantziari ematen dion lehentasun hori?

O.: Guk, egiten dugunaren kontzientzia soziala daukagu. Ez dugu lan hau betetzen geure buruak errealizatzeko, zeren gure ustetan, errealizaketa hori erdietsiko dugu, bizi garen errealizatze kolektiboaren zeredozer aportatzen diogun neurrian, hots, Euskal Herriari eta guri bereziki interesatzen zaizkigun honen zatirik herrikoienei aportatzen diogun neurrian. Horixe duzu guk gizakumeari ematen diogun garrantzia. Honek ez du esan nahi, egiten dugun guztiak, aurretiaz programaturiko zerbaiti erantzuten dionik. Honelako lan kreatzaileetan, arrazoi eta desarrazoi subjektibo ugari ematen da, nondik datozen ere ez dakitzagunak, baina egiten dugun musikarentzat eragingarri direnak. Nahiz eta populuaren zerbitzuaz dugun kontzientzia osoa izan arren, ez du horrek esan nahi, dena guztiz eskema errealista batzuren barnan planteiaturik dugunik. Gure ustez, gizarte honen oreka ez datza bere kuestio errealisteetan soilik, baizik eta bere ipuin, kanta eta istorioetan ere.

Oskorri eta botere ideiologikoaren erroak

A.: Zuen gaurko planteiamendu musikaletan, nagusi al da oraindik ere gure herriaren askapen nazional eta sozialaren kontzeptua?

O.: Talde bezala orain daroagun burruka egunero gure kultura, hizkuntza, preso eta abarren alde egiten dugun ahaleginean konkretatzen da. Herri kantagintzak, azken orduko albistea ateratzen duen egunkaria izan behar du, jazorikoaren sorburua den hesparru historikoa ikertuz. Inork ezin esan dezake, gure oraingo obraren oinarriak sektario edota alderdikoiak direnik, bestelako zentzu errealago batez kantatzen baitiogu maitasunari, eta, gure xedeen artean, tradizio musikalen berreskuratza sartzen baita.

A.: Kantagintzaren munduan ari zarete non egoera laborala, ia langabezia osoa dela esan liteke. Euskal Herrian ere ematen da nolabait hori. Kezkatzen al zaituzte honek?

O.: Guttiago edo gehiago egoera horrek kezkatzen gaitu, bai. eta ez maila pertsonaletik begiraturik, bizitzeko behar ditugun medio ekonomikoak ez baitira asko. Baina herri kantagintzaren egoera zail honen arrazoiek kezkatzen gaituzte. Sistemak herri erreibindikapen guztiak irensteko dituen posibilitateak asko dira, jendea banatuz, erreibindikapen horik asumituz kontsumo bilakaturik. Bestalde, herri kantagintza, industria osoak bultzaturiko korronte musikal indartsuak bere kontra izateaz gainera, ohorezko salbuespenak kenduta, ez da izaten kalitate handiduna. Langabezia izatea normaltzat jo liteke, baina ez da normala honek iritsi duen maila, herri kantaren bidez kolektibitatearen zerbitzutan gaudenon artean.

A.: Politika alderditik begiratuta, Oskorriren oraingo egoerak problema politiko ofizial edo estrukturalak planteiatzen al ditu egun ere?

O.: Ofizialki ez dugu ia problemarik. Demokraziak zeredozertarako balio izan badu, gauza minimoenetarako izan da. Dena den, gaur zentsurarik handiena pasotismoa da guretzat. Batetik, hemen ba da desliluraturiko anitz jende, hoberena, ahalik ondoen pasatzea dela pentsatzen duena, Jende honek, irratitik etengabeki ateratzen den rocka entzutea hobe dela erabaki du. Ez dute horretarako eginahal handirik egin behar, edonon entzuten baita. Hortik abiatuta eta beren buruak justifikatzeko premia sentitzen dutenez gero, Alabamako "bluesman" bat "el copón" dela esatera iristen dira, eta honi Bermioko trikitilari bati aitortzen ez dioten kategoria ematen diote. Nahiz eta guretzat Bermiokoak kategoria handiago izan, neuk erabiltzen dudanetik hurbilago den hizkuntza bat erabiltzen baitu. Bestalde, oso hedaturik dago, egiten duguna, musika mailan, baieste nazionalaren printzipio bat izan daitekeelako ustea. Hain hedatua ez den beste faktore bat, gu euskaraz kantatzen jarraitzea duzu. Hizkuntza sinbolo bat izan daiteke beharbada. Gauden mementuon, alderdi edo sektore abertzaleetarik erradikalduenek ere ez dute normalki euskara erabiltzen. Gure eritziz, euskara gure kulturari jazotzen zaionaren irudi izanik, lehentasuna eman behar diogu eta erabili. Krisialdi bat nabari da gaurregun euskararen erabilkuntzaz, sinbolotzat erabiltzen ohi da. Horregatik, sekula baino indar handiagoz, euskarak gure hizkuntza izan behar litzatekeela uste dugu, nahiz izan ez; eta gure kultura, euskalduna izan behar litzatekeela, horrela ez delarik ere.

A.: Taldean, ezker erradikalezko ideiologiak dira nagusi. Nazioarteko mailan, 68.eko Maiatza frantsesean inspiraturiko talde batzutatik, europear eskuin berriaren sortzeaz hitzegiten denean, nola dakusazue marxismoa eta eritzi korronte berri hauk ematen diren moduaz?

O.: Herri kantagintzan sentitzen denaren oinarria, pasotismoa, deslilurapena, etab, klase burrukan dago argi eta garbi. Zoritxarrez, sistema burjesa biziki sartua dago geure artean eta hau errealitate gordina dugu. Jendea ilusioz betetzen da mementu jakin batean, ezagutzen den diktadurarik bortitzenetik ateratzean —orain ere bortitza da, baina arropa desberdinak erabiltzen ditu. Gero ezkertiarrak ei diren erakunde askoren jokabidea aski tristea izan da. Jendearen mobilizazioa geldiaraziz. Eskuina berkonpon zedin hainbat bide emanen da —horrela eskuinaren izen berriak agertzen dira, erdikoak, etab. Honen aurrean, jendearen esperantzak modu bortitz batetan azaltzen dira, eta musikalki, aurreko sasoian alternatiba baliagarriak izan zitezkeen musikoak abandonatu egiten ditu, eta gaur egun nagusi ditugu rock madrildarra, traboltismoa eta herri kantagintzak baino kalitate gutiago aportatzen duten fenomeno komertzial berriak. Adierazpide bortiz horik. gure artean baino bizi. erreal eta benetazkoago diren beste gizarte eta kulturei erantzuten dieten beste taldeen baloraziorik egin nahi izan gabe, gure artean horixe gertatzen da zoritxarrez. Politika arazo konkretuetan, Euskal Herrian, deslilurapen edo bortizkeria guztiak, erakunde biolento batzurentzako txaloen itxura izan lezake zenbaitetan, baina erakunde horietan parte hartzeak suposatuko lukeen konpromezua, guztiz bazterturik. Neuri —dio Natxok— gustatuko litzaidake erakunde hauen alde aldarrikatzen ari den jendeak, horietan zuzenkiago parte hartzea, orduan gauzok diferenteak lirateke. Gu ez gaitu salbatuko ez Moises-ek ez beste inork, horregatik, jendearen partaidetasun kolektiboak alda dezake egoera hau. Eta noski, sistema kapitalistaren mekanismo nagusiak, kontrako jarreretara eroaten gaituzte. Nor bere etxea geldi dadin eta bere protesta partikularra azal dezala, alkohola, porrua, rock edo folkaren bidez, indibidualki eta ez hobe litzaigukeen moduan, kolektiboki. Zorionez guretzat, Europako —agian mundu osoko— herririk organizatuenan bizi gara eta... ondo! pozik eta arnasa hartuz kutsadura izan arren.

Oskorri eta herri kantagintza

A.: Nolakoa izan behar luke kanta horrek eta zein hesparrutan behar du mugitu?

O.: Hasteko, kantagintza herrikoia eta komertziala guztiz desberdinak dira. Planteiamenduak ez dira berdinak. Herri kantagintzan libertate pertsonala handiagoa duzu, gustatzen zaizuna egiteko. Helburu konkretu batez egin daiteke lana, nire ustez, kontsumoaren kontra burrukatzea izan behar duena. Bestalde herri kanta, dirutik sorturiko giro sofistikatuetatik aparte gelditzen da.

A.: Merkatal kantagintzaren arloan ematen ari den ideien krisialdiaz, zer uste duzue herri kantaren bideragarritasunaz?

O.: Bideragarritasuna erlatiboa da. Iraultzaren moduan, nahiz eta honek sortarazten digun konfidantzan murgildurik jarraitu. Historian zehar, mementu egoki eta desegokiak gertatzen dira iraultza, iraultzaile eta herri burruketarako, gauza bera gertatzen dela esan daiteke herri kantagintzaren arloan. Kontsumo musika den libertimendu programatu, merkaturatu eta industrializatuaren aurreko burruka alternatibatzat dakusagu guk herri kanta. Bideragarri izatea egiten duten faktoreak, hainbat arazori lotuak zaizkio. Gure kasuan bideragarria da eta beste toki batzutara so eginez gero, nahasmendua arlo sozialean, are handiagoa dela ikusiko genuke. Hemen ba dugu masa mugimendu erradikal eta zabala, burjeseriak eta zentralismoak onartzen ez dituen erreibindikapen batzu planteiatzen dituena, eta honek lagundu egiten du herri kantaren bideragarritasuna. Gaur Euskal Herrian ematen diren planteiamendu garbiekin burruka gaitezen artean, kontsumoak jartzen dizkigun tranpetan erortzen ez garen artean; gure problema materialen konponbidea izanen liratekeen festaretoetan kantatzeko eskaintzak onartzea, esate baterako, geure planteiamenduei traizio egitea litzateke, nolabait. Honela jarrai gaitezkeen artean, segituko dugu. Eta gure buruekiko eta gure jendearekiko prestutasuna guttitu gabe, egoera honek iraun dezakeela uste dugu. Eta holaxe pentsatzen dugu, hori herri honen garapen politikoari loturik joanen baitzaio. Optimistak gara eta garaipenaz sinesten dugu. Bestalde geure ahalbide musikalen bideragarritasunaz sinesten dugu, eta hirugarrenez, gorrotatzen dugun musika bideraezin bihurtzeko posibletasunaz.

A.: Musiko herritarrek zeuen nukleo nazionalaren premia, kezka eta interesak ordezkatu behar dituzue, baina beste etnien kulturak lantzeko behartuak al zarete?

O.: Musikaren bidean sartuak bagaude, hori, beste profesional batzuri jazo zitzaien moduan, gure haurtzaroan sorturiko joera bategatik izan da. Hauxe duzu guk horri ematen diogun lehenengo justifikazio pertsonala. Behin, garenaz eta gauden herriaz kontzientzia jaiorik, argi dago orijinalak izan nahi dugula. Eta geure xede hori rockariak imitatuz erdietsiko ez genuenez, behin herri hau sakonki ezagututa, ia instintiboki, geure tradizio musikal propioetan hasi ginen oinarritzen egiten genuena.

Influentzia desberdinen bidez, gure musikak ukan dezakeen nazioartekotasunaz, argi da herri musikak ez direla izaki abstraktuak, toki askotako ukituak ereaten dituzte. Eta are gehiago Euskal Herriaren kasuan, Europa eta Iberiar penintsularen arteko pasalekua izanik, beste etnia eta kulturen aztarna ugari geratu zaigu. Gure musikak hainbat influentzia daroa, bertoko jatorrikoak ez diren tresna asko erabiltzen dugulako baino ez bada ere, eta tresna horien teknikek ba dakartzate beren herrietan erabiltzen zituztenen eraginak. Kultura maila bertsuegan, tresna berak sortzen dira eta oso antzeko agerpen musikalak munduko alderdi guztietan. Txistua ba da Extremadura-n eta Irlanda-n, Euskal Herrian erabiltzen den bera, baina hemen desberdinki erabili ohi dugu, mende askotan zehar ari baikara halako xirula modurako musika erabiltzen. Orduan tresna horren bidez azaltzeko modu berezi bat dagoela ikusten dugu berto. Hala ere, bereizgarri hori ez da ematen maila berean kitarra edo akordeoiarekin, gure herrira berriki sartuak direnak. Tresna horietan ikus daitezke influentziak argienik. Atzerriko jazz, rock eta folkek ere beren pisua dute gure kulturan, baina ezin ditugu horien influentziak lotsagarriro bihurtu, hots, euskal musika egiten ari garela esan, iparramerikar rockariek edo folklorista bretoiek egiten dutena osoki kopiatuz. Gure kasuan, estilo propio bat lortu dugula uste dugu, euskal estilo bat.

Oskorri hirukote

A.: Hirukote izateak sinplifikatu egin du Oskorriren soinua eta freskotasun handiagoa eman dio, zuen forma bereziak abandonatu gabe. Nola burutu duzue, soinu eta tresnen egokitze prozesua, hirukotea izanik?

O.: Giza elementuak, numerikoki ere, markatu egin ditu orain arte izan ditugun epeak. Lehen bost lagun izanik, zentzu honetako problemek konponbide erraza zuten, gaur konponbidea, entseiu ordu gehiago sartuz, bakotxak tresna gehiago joz eta konponketa musikal batzu tresna horien posibilitateei egokituz lortu dugu. Oso une aproposean bihurtu gara hirukote, lana azkarkiago burutzea erraztu diguten idei handiak geneuzkan mementua. Gure agudezia zorroztu egin da, zirkustantziek hori eskatzen baitzuten. Jendeak "Diskoan legez entzuten zaie" esaten duenean, zure itaunari erantzuten dio.

Oskorri, LP doblea

A.: Diskoan, zuen tresnen oinarriaz batean, ohorezko gonbidatuak ere sartu dituzue. Zuen ustetan musika arloan horrelako partaidetasun kolektibozko eta esperientzia trukaketazko iniziatibak sartu behar dira?

O.: Oso Interesgarria. Dena den, horrelako lankidetzak maizago ematen ez baldin badira, hori Euskal Herrian musika arloan, eskasiaren "handicap"az jokatzen dugulako da. Gai honetaz jarraituz, guk beste taldeekin izan ditugun harremanetaz, esango dizut, gure banaketa handiago egin dutela. Tamalgarria da, bertoko zenbait kantari, hemen daukagunaz baliatu beharrean, Madrileko atontzaile baten eskutan erortzen da, honek bere eguneroko lana konputatzailez programaturik ohi du eta holako elkar lan bat egiteko ezagutu behar beharrezkoa den musikoaren sentsibilitatea ezertan ere ez du aztertzen. Espero dezagun apurka apurka gure musikoen arteko lankidetzak agertzen has daitezen.

A.: Testuei so eginik, Oskorrik grabatu duen albumik "gorri"ena dela esan daiteke?

O.: Entzuten gaituen jendea, guk diskoan ematen dugun literatur maila berean dago. Aresti eta Etxepareren poesiaz eginiko saioak, haien obrei egiten genizkien maitasuneko omenaldiak izan ziren, baina ez da horretaz pentsatu behar album monografikoak egiten dituen talde bat garenik. Gure nortasunari modu berean erantzuten diote, gure klasikoen erreibindikapenezko lan horiek, beste egile eta poeten letrek eta geureek ere. Denetan, problematika zabal eta desberdinak ukitzen ditugu, kultura ulertzen dugun moduari erantzuten baitiote, Jende guztiak daki zeiako gorria den edo ez den Oskorri taldea, eta gure diskoak horren lekuko dira. Orain eta nahiz zirkunstantzien konpasean "paso" egiten duen jendea izan, guk ez dugu geure nortasuna zertan ukatu behar.

A.: Hau, azaletik diskoaren azken xehetasuneraino autogestionaturiko obra bat al da?

O.: Beti egin dugu lana modu horretan. Bai eta GBS multinazionalarentzat graba; tu genuenean ere. Oraingoan, bereziki Xoxoa diskoetxeari eman behar dizkiogu eskerrak, diskoaz azaldu genizkion iniziatibak oro bildu eta laguntzearren, gure desioak ere gainditu egin ditu. Kassetekin doan liburu ttiki eta, gure ustez, bikain bat atera duelako, komunikabideentzako informazio dossier bat, entzulearentzat eduki interesgarria duena. Ez da orain arte hori egin kasseten merkatuan.

Jarraitu egin dugu Oskorrirekin hizketan. Erraz da beraiekin berba egitea, oso kontzeptu argiak dituzte eta beren erantzuteko ahalmena nagusitu egiten da. Kantaldiak, negurako lana, dena Euskal Herrian grabatzea, Estatuko lana... elkarrikuska gai horietaz jarraitzen da. Eta hau guztiau adiskidantza giro baten barnean, Anttonek bere herabetasunaz erdizkutaturiko sentsibilitatea jartzen du, Bixentek, kitarra elektrikoari, merkatal erabilkera ilunetik apartatuz, gizonarengana hurbilagotzen duen plastizitatea eman dion kitarralariaren azkartasun eta nerbioa jartzen ditu, eta gero Natxok, buruaz egiten du berba, baina bere espresioak ba du ere akordeoiaren poz sentimentala eta euskararen eresneurria.

Karlos Arko


Elkar Ikuska

Marisa Ozaitarekin, Madrilgo herbestetik

"Beste kontzertu bat eman nahi diat Bilbon; ahal diezadakek?" ziostan.

Ez, ez nintzen nor Marisari bere musika entzunarazteko aukerarik emateko. Bai ordea, haren grina kezkak eta etorkizuna ANAITASUNAREN irakurleei aurkezteko. Eta hori da egin dudana, ea nor den, zer uste duen, MARISA OZAITA deritzan lagun burrukazale sutsu eta kontentagaitz honek.

Bospahiru galdera egin diot. Hara...

Anaitasunak: Nor da Marisa Ozaita? Zer egin du?

Marisak: Marisa Ozaita musikarenganako amodioak musika egitera, era askotara, bultzaturiko norbait da. Konposatu, jo, eta irakatsi egiten dut, gaztetxoen trebaketa musikalean interes sakona baitut. Neure ihardunaldietan, entzulego egokirik aurkitzekotan, noski, zeregin pedagogiko apur bat egin ohi dut, obreen aurkezpena egiteaz.

Halabeharrez edo hasi nintzen. Piano bat zen etxean, liluratzen ninduen piano bat zarata egin ohi nuen hartaz. Bestalde nire familian ba zen musikaririk izan: aitaren anaia bat oso flautajotzaile trebea izan zen. Pentsa ezazue bere 14 urteekin Bilboko bandaren "soloak" egin ohi zituela. Arrakastaz beterik ibili zen, Argentinan hil arte. Konposatzaile bikaina ere zen, baina praktikotasun gabeko gizona... idealista hutsa.

Neroni dagokidanez, Bilboko Kontserbatorioan amaitu nituen piano-ikasketak, eta ia armonia zer zen jakiteke hasi nintzen konposatzen eta egunen batetan amaren herritar bati, REMACHA maestrori eraman egin nizkion neure lanak Tuterara.

Zerbait ikusiko zuen papertxo haietan, zeren udaran armonia irakasten hasi baitzitzaidan. Geroago eskutitzez egin behar izan nituen ikasketak, bera Tuteran zegoelarik eta ni Bilbon. Ariketak bidali ohi nizkion. Hark zuzenduta, berriro bidali egiten zizkidan. "Estoy vendiendo clavos" esaten zuen gatz handiz.

Handik puska batetara Iruinako Kontserbatorioa sortu zen eta FERNANDO REMACHA zuzendari izendatu egin zuten. Geroztik gauzak erraztu egin zitzaizkidan: ez nuen postaz ariketarik bidali behar, baizik egunero autobusa hartu, Iruiñara, hango Kontserbatorioan armoniaren ikasketak amaitzeko. Baita kontrapuntuarenak ere bai... eta konposatu, beti konposatu egiten nuen. Pianozko kontzertu batzu ematen hasi nintzen ere, baina apurka apurka pianoarekiko ezinegon bat nabarituz zetorkidan. Nola azaldu? Ez zen nire tresna, pianozkoa ez zen nire bihotz-mamiko musika.

Egia esan kenbaloarenganako mina oso aspalditik bihotzean sartuta nekarren, Bilboko "Sociedad Filarmonica"n frantses klabejotzaile on bati entzun nionetik. Geroztik kenbalo ikasteko jaidurak lagundu nau, eta aukera baten atzetik nenbilen. Abageduna Konpostelako Santiagon presentatu zitzaidan, Udarako ikastaroan, han bainengoen ni uda batez, beka batek lagunduta. Hantxe, piano-orduak amaitzen zireneko, tximista bezain laster, Rafael Puyanaren kenbalozko eskoletara ihes egiten nuen.

Neure burua izkutatu nahi izaten nuen, inork ikus ez nintzan, baina gorputzaren, nire gorputzaren goierak (ia 190 m) salatzen ninduen.

Zenbait urte geroxeago irakasle berberaren Granadako ikastaldira jo nueneko,

— ezagutzen zaitudalakoan nago —esan zidan— zu ez zara Santiagon entzuletzat nire ikastaldira egunero etortzen zena?

Beka batekin ere, Copenage-ko Errege Kontserbatorian eman nuen urtebete eta gero Genoveva Galvezekin. Espainian kenbalo jotzaileren titulua lortu nuen.

Orain arte ez dut neure trebetasunak eta ezagupenak gaurkotzeko paradarik galdu, ahal eta udaikastaro gehienetara joz. Aurten, esate baterako, Nantes inguruko hiri bateko ikastaldira noa, Kenneth-ekin ikastearren. Ihaz ere beragandik asko eta asko ikasi nuen. Konposaketa-ikastaldi batzu egin ditut ere bai, eta lehen, Iruiñan han ematen ziren Gregorianozko bi ikastaldiak: TABERNA maisua organua jotzen ikasi nuen hantxe. Jakina, jatorrizko organuaren teknika eta kenbaloarena berdintsuak dira (Bachek ez zeukan etxean organurik, kenbalo bat baizik, eta kenbalo batez egiten zituen organuzko obreen saiakerak).

A.: Zer lortu duzu bitartean?

M.: Zer lortu dudan? Gauza asko lortu dut, beharbada ez amesten nuen bezainbat, hori bai. Dena dela izen, izentxo bat lortu dut, musikaren mundutxoan norbait izatea. Gainera arrakasta iristen dut neure ihardunaldietan eta kritikak ondo narabil. Inolako "padrino"rik gabe neure lanak ezagutaraztea lortu dut (musikan gutti ez dena), kritika eta entzuleen txaloekin.

Dena dela, ez dut neure burua goraipatu nahi, hoberenetzat hartu nahi. Musika egitea da nik nahi dudana, neure aldetik. Besteen aldetik musika egiten utz nazaten, besterik ez. Geroak epaituko du nik daegidan musikaren balorea.

Hemen, Madrilen, heldu nintzenetik, kontzertu franko eman dut eta etorkizun ona daukat. Urrian, nire obra bat, Bonpau maisuak estreinatzera animatu ninduen berbera hain zuzen, ezagutuko da mundu zabalean, disko batez. Beste alde batetik nazioarteko karrera hasiko dut, Frantzian (eta behar bada Alemanian eta Dinamarkan) zenbait kontzertu emanez, ea atzerriko kritika penintsulakoa bezain irripartsu zaidan!

A.: Oztoporik ote, horrenbeste egiteko?

M.: Asko, milaka. Eta arrazoi askorengatik. Hasteko, Bilboko gizarte oso maite ez zuen musikari batekin ikastea bururatu zitzaidalako. Maisu hura teknika berrien zalea zen eta erritmua ikertu behar zela zioen ere, Bilboko tradiziozalekeriak jasan zezakeen baino askoz gehiago, halegia. Gudua deklaratu egin zitzaion beraz.

Baina niri haixek ziren gehien interesatzen zitzaizkidan gauzak eta berarekin ikasten hasi egin nintzen. JUAN CARLOS GOMEZ ZUBELDIA zeritzan nik hainbeste zor diodan irakasle maite hari, Orain ere ez zaio jaramonik egiten, nahiz eta Bilboko piano jotzaile handi guztien irakasle ohia izan.

Bilbon ere kritika musikala egiten hasi nintzen, baina utzi egin behar izan nion, argiegi mintzatzen bainintzen. (Noski, gainontzeko Bilboko kritikaegileek bestelako gauzak nahiago zituzten esan). Hitz laburrez Bilbok ez nau ezertan lagundu, ofizialki bederen. Pertsonal mailan ordea oso lagun onak ditut, baina ez dira nire karrera bultzatzeko gauza izan. Hauetariko bati eskerrak kontzertu batzu eman ahal izan ditut, baina erdi pribatuki. Izenik aipatzekotan GONZALO DUO aipatuko dut, nire jarraitzaile amorratu horietariko bat. Berari ere ez zaio gure kulturaren alde egin duena eskertu egin, azpijoku zikin huts batzurengatik.

Beste moetatako pertsona batzurentzat lan musikalik izan da Bilbon; nirentzat ez...

Eta azkenez, hainbeste oztopo aurkiturik herbestea, Madrilgo herbestea aukeratu behar izan dut, eta hemen, Bilbon lortu ezin nuena lortu egin dut: musikaren irakasletzat lan egitea, kontzertu asko eman... Bilbon geratu banintz lortuko ez nukeena, halegia.

Gainera Bilbon nire lanei egindako kritikei gorroto zerien. Haien alderdi onak edo txarrak ez dira sekulan aipatzen; nerau lurperatu nahiz zebilzkidan.

Bilboko kritika ez da sekula santan egiazkoa izan. Hemen berriz, inork nindezaguelarik, zertan zetzan nire lanen balio apurra (edo akatsak) esan dit kritikak.

Oso triste da benetan sorterritik irten behar hau norbaiten merituak ezagutuko badira... triste bezain erreala ordea.

A.: Euskal musikaritzat duzu zeure burua?

M.: Noski euskal musikaritzat dut neure burua. Osoki. Eta ez euskal deituraz hornituta edo bertokoa izategatik, baizik batik bat gure musika ikertu eta maite izan dudalako. Eta goiz-goizetik hain zuzen. Betidanik ibili naiz gure adierazbide musikalaren atzetik, eta aurkitu dudana nire lanetan dago, egon. Beraz, ezin uka euskal musikaria naizenik.

A.: Ba dago orduan euskal musika...

M.: Noski, ba dago eta oso berezia. Gu adierazkera, folklore aberats baten jabe gara. Baina beldur naiz ez ote ditugun gehienetan adierazkera horren berezitasunak ezabatu egin, gure musikari berez ez dagozkion armonietaz jantziz, beste herritako armoniaz erabiltzeaz.

Delako armonizaketa horiek belarria ferekatu egiten dute, baina ez dute melodiak eskatzen duenarekin zer ikusirik. Bestalde melodiak ez dira paperara behar zen bezala ekarri. Gure folklorezaleek eta ikertzaileek ez dute bere jatortasuna errespetatu, berdindu, orekatu, baizik. Doinuren bat "herrena" izan zitekeenik edo erritmu aldaketaz ibil zitekeenik ezin zuten ulertu. Beraz "zuzendu", orraztu egin ohi zituzten, eta hala bere berezitasunak galdu egin ziren.

Orain oso une txarrean gaude, komunikabideen eraginpean gure ez dena "guretzat" hainbat hartzen ari gara eta, hitzak Euskaraz datoz edo...

Gainera ez da doinu berririk, benetako euskal doinu berririk asmatzen. Gaitza baina aspalditik datorkigu. Orain 60 urte egin behar izan zen lan seriosa ez zen oso ikuspegi zabalez egin. Hortan aita Donostiak Azkuek baino zintzokiago jokatu zuelakoan nago, herri musikaren jitea errespetatuz. Ez dugu zoritxarrez Bela Bartock bat ukan.

Hori dela eta euskal abestiak aztertzean poliki idatzita daudela konturatzen gara; polikiegi nerrake nik, hots herriagandik urrutiegi.

Dakusazuenez hamaika gogoeta egin dut nik gure musikaz, baina horrenbeste galderari ez diot erantzunik eman ahal izan.

A.: Amaitzeko: mihi gaiztoek txistuari gorroto diozula diote. Egia da?

M.: Ez diot gorrotorik; aitzitik, biziki maite dut gure kulturaren hain zati garrantzitsu den txistua. Hori bai txistua "osatu" "perfekziona" dadin nahi ez izatea txistuari gorroto izatea ba da, orduan bai.

Txistua osatu? Zergatik? Zertarako? Txistua berez bere eginkizuna betetzeko "perfektu" bada? Herri-tresna da txistu eta, gure musikaren antzera, "soinugaitza", edo, beste molde batez esanda, ez da musika tenperatuarekin ezkontzen. Musika tenperatu bera XVII mendeko azken urteetan sortu zela kontutan hartuz gero hau ez da harritzekoa. Herriak, musika egitean, ez du gisa horretako legea haintzakotzat hartzen eta beste giltza batzuetan jokatzen du: tonuren laurdenez, esate baterako Beraz, herriak txistua sortu zuenean ez zuen tresna "osatu" bat egin nahi, herriaren beharretarako balio izango zuen tresna bat baizik.

Orain, are okerrago, orkestan sartu nahi da txistua, "kategoria" eman behar omen zaiolako.

Baina orkestak flauta gehiegi dauka, eta ez du txistuaren beharrik.

Eta gainera txistua orkestan sartzeko afinaketa izan ezik tinbrea ere aldatu beharko zaio: halako musika tresnak nekez merezi lezake txistu deitzerik.

Baina beste erasoaldi bat ari da txistu gaixoa pairatzen: txistuzko orkestarena.

Zertarako txistuzko orkesta bat eratu? "Bach jotzeko" erantzun didate.

BAINA EZ BACH EZ BEETHOVEN EZIN DAITEZKE TXISTUZ JO.

Orain hasteko; bigarrenez txistuzko orkestaren zarata entzungaitza da benetan: min egiten dio belarriari, besteak beste gaur txistugintzan erabiltzen diren lehengaiak, zur ez direlako, plastiko baizik, dena "moderno" izatearren.

Txistuak lege zaharrera egin behar dira: zurezkoak, txistuen "Stradivarius"ak (Oraindik gogoratzen naiz Bilboko "Alameda de Recalde"ko txistuegileaz.

Beraz, mesedez, aski da kaskogogorkeriaz, utz dezagun txistua bere bertan, musika klasikoa jotzeko egokia ez baita.

Hau da beraz nik txistuari buruz dudan iritzia, eta ez beste.

Borja Barandiaran


Gaiak. Politika

Lafargue-k arrazoia zuen

Mundu guztiko azkeneko gorabeherak eta gertaerak ikusi eta entzun ondoren, burura datozkit duela urte asko Paul Lafargue-k, (estatu espainoleko ideia marxisten lehengo aldarrikatzaileenetarik bat) esan zuena. Eta ez neronek entzun niolako, noski, baizik eta irakurrita baitut.

Langile klasea, bere jaiotegunaren hasieratik, beti egon ohi da borrokatzen lan kondizio hobeagoak lortzearren; eta horrexetarako grebak, manifestapenak, eta beste mila indar-ekintzak eginik ditu.

Eta denok dakigunez, borroka berorien bidez lortu du lortzekoa; eta borroka dela eta, ez datza nagusiak guztiz, arras, zapaldurik, izorraturik.

Edo eta, hori ematen du gainetik (agian basamortuko irudikeria?), zeren, egiaz, inoiz baino alienatuago, maneiatuago, eta azken batez; oinpetuago baitager. Eta ez langile klasea soil soilik, klase "popular" delakoak ere bai.

Langilegoaren atzetik (eta ez aurretik ikusterazi nahi diguten bezala) beti izan dugu presente baten bat: sindikatuak direla, alderdiak direla, elkarteak... Eta "baten bat" hauek, kolore guztietakoak: gorriak, horiak, beltzak... baina orotan, dinamika edo "leit motiv" moduan, salbuespenik gabe, lanaren aldeko defentsa.

Lanordu guttiago, la orduak hobeto ordaindurik, lan egiteko kondizio hobexeagoak, lana denontzat, lana eta bakea... denetarik entzun daiteke. Eskabide guztiak ezin uztarri berdinetik ihesi ordea. Erreibindikapenek orok eduki berbera: LAN EGIN.

Eta agian joera ero berorren abortu bezala, gaurko egoera dugu.

Bakarrik begiak ireki, nahikoa dateke egungo mundu kutsatua ikusteko, langileriaren "konfort" berria biluzik eta amaraunik bako konpreni ahal izateko.

Gizarte berriak "energia"-ren bidez elikatzen omen du bere burua, eta energia beltza (energia ororen oraingo ama, omen) amaituz doa. Eta berarekin kontsumugai guztiak gero eta garestiago: baina lortutako bizi-maila ezin zurrustada batez suntsitu, eta LAN GEHIAGO EGIN BEHAR.

Eta krisi mundiala dela kausa, populazioak handitzen diharduela, eta terrorismoak dena birrintzen duelako: ez dago lanik denontzat Eta orduan datoz tristurarik hunkigarrienak. Eta langileak berriro kalean, lana denontzat eskatuz, topikoa errepikatuz, behin eta behin errepikatuz. Argi dago gehiegi garela! Zergatik ez atsegin gehiago?

Hona hemen Lafargueren erreibindikapen jatorra: "nagitasunerako zuzenbidea". Ez litzateke horrela arazo anitz konponduko? Nire aldetik, pozik eta atseginez gainezka hartuko nuke —eta zergatik ez— zertu egingo nuke kontsigna hori.

Langabeziaren mamua uxarazteko, hauxe liteke biderik onena, horrelaxe egunoroko orduek bizi berri bitxi bat hartuko lukete eta beharbada egunen batetan oihuka behar izango genuke "lan gehiago, gehiago, gehi..." Baina orain, zer dela eta marxista zahar-jator-arrazoidunari kasurik ez egin!

Karlos Santisteban


Gaiak. Literatura

Herman Hesse: Arima baten bizitzea (I)

Oraindik askorentzat ezezaguna den gizon hau, Alemaniako "Oihan Beltzeko" herri tiki batetan jaioa dugu, Calwen-en. Thomas Mann, Albert Einstein, Marcel Proust eta Paul Valery-ren garaikidea dugu.

Herman Hesse-z hitzegitea, gizon baten deskribaketa eta biografia sinple bat egitea baino askoz gehiago da. H.H.-z mintzatzea pentsamendu baten sakontasunaz eta arima baten biografiaz hitzegitea da.

Bere bizitzan zehar izaniko esperientzia bakoitzak, haren lana aztertzeko balio digu. Haren haurtzaroko bitza, mistika nahasi bat bihurtzen da eta erlijioaren aurka burruka izpiritual bat eramanen du, haren formalismo, puritanismo eta hestukeriagatik.

Umetako esperientzia eta gorabeherek eragin handia daukate H.H.-ren liburuetan.Eskola urteak, "Damian" eta "Txirringaren azpian" liburuetan azaltzen ditu. Eskola, instituzio bezala kritikatzen du, eta bizimodu aske bat proposatzen sasoi hartako pedagogiaren ordez. Jakituriaren aldekoa izan arren, eskola gainditu beharrezko oztopotzat ikusten du.

1901.ean bere lehen liburua ematen du argitara: "Herman Lauscher". Hessen-en metafisikaren lehenengo azalpenak dira. Nietzchen-en ideien eragina garbiro agertzen da.

Naturari erabat lotuta dago H.H.-ren bizitza. 1904.-ean "Peter Camezind" argitaratzen da. Horretan, filosofia alde batera utzirik, naturari erabat lotzen zaio.

Urte haietan Marie Bernouilli-rekin ezkondu eta mendira bizitzera doa, Tolstoy legez.

Orduan zeraman bizimodu burjesaz gustora ez dator eta alde batetatik bestetara arituko da izpirituaren egia aurkitu nahirik. Indiaraino iritsiko da Ekialdeko jakintasunaren egiaren bila, baina konturatuko da, egia hori, bere baitan dagoela. Horrela dio berak: "Zubi majikoak neronek behar ditut aurkitu, neure bihotzetik Europari burruka egite utzi behar nuen. Benetako Europa eta Ekialdea ene bihotzean sartzen utzi behar nituzke". Eta Europara itzultzen da.

Suizara joan eta "Rosshalde" elaberria idazten du. Bertan agertzen digu ez dela bat ere zoriontsua bere familiarekiko bizimoduaz. Garai honek gerlaren zigilua darama. Alemanian hedatzen ari den izpiritu nazionala utzi eta Suizatik, gizonaren guduzaletasunaren kontra egiten du lana, baina oso guttik hartu zuen kontutan. 1916an nerbioetatik gaixoturik, psikoanalisiarekin kontaktutan hasten da. "Damian" liburuan, honetaz eta gerlako gaitzetaz hitzegiten du.

Sasoi honetatik aurrera H.H.-ren lanak izugarrizko sakontasuna agertzen du. Haren liburu orotan gauza bera adierazten da: bide latz eta beldurgarrietan zehar pasatu beharra, paradisua erdietsi ahal ukateko,

TXEMI


Gaiak. Ipuina

Hormazko barrenetan

Nahiz eta oso ohizkoa ez izan, zentzurik gabeko gauzetan ihardutean (nahiz eta agian, ez guztiz zentzugabekoak) ez da ahaztekoa icebergen edertasuna. Nik behintzat, zokondoetan aurkitzen diren gauzarik lerdenenetariko bat deritzet. Beti kulunkari urezko pendulu eskergan, menditzar hormatua, iharrausi gaituena bere jatorriari buruzko ama bilatzen dugunean.

Anitz (zenbat?) urtetako jela hoztua, metatuta. Inork ez dakien zein pisutako ixiltasunaren itsasturua. Eta beti etengabeko zirkinean, beti labainezko mazelaz, ondikoz!, hemen bezalaxe, ezen egunoroko txirristaz irrist egiten ohi baitugu. Gure bizitzaren xedearen ttutturrua, eta icebergaren bizitzaren tontorra. Biotan zerbait ezkutua, biotan zerbait lortzekoa, erdiestekoa. Eskuragaitza?

Nik, maiz galdetzen diot neure baitari, nere barneko izozketaren zergatiaz, eta bakarrik leia biotz-barnean. Bakarrik sasigarraxitxo baten oihartzun itzaltsua. Eta nahi nituzke ur aratzak neugan ikusi.

Baina ur garbiak, oparotsuak, ñir-ñir taigabekoak, ez bide daudeke gezaltze arruntetan.

Horregatixek dakuskit, eta ulertzen, eta beti konprenituko ditut icebergen zurizko ttantten isladak. Ez baitira gauza arruntak, gezalari degizkioten prestamenak; ez eta uhinen petik, darakutsan lasaitasun zaila.

Horra hor, izotz-mendia, beti ari itxasoa laztatzen; edo eta itxasoak ferekaturik? Itsasoan gaindi eta denboretan zehar hortik doa temati izukaitz. Kresalaren uren, urik hotzena.

Batez ere itsugarriak, eguzki izpitxo irradiatuak; berek eskainiak.

Eta ere itsugarriak, eguzki izpitxo irradiatuak; berek eskainiak.

Eta bestela dirudien arren, ez diraute gor, egunen biharra itxaroten; jasankor eta jasapenez egon badirateke ere, geroxeagokoari begira.

Eta berauen barne-bideetan, hormazko ormetan barrena, ba dago oroitzeko dexente. Barnegiturak, hots, izotzezko biotzak; lurrin hilotzairerik hedatu ezik, maitagunerik irakinenak emango lizkioke edonori.

Harritzekoa, benetan, hormarik hormatuenean egon, eta eguzki galdatan bezala senti. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez benturaz!

Egunean egunean, egunetik egunera, aspektu osoa arras galduz; barrena beti tinko ordea. Kanpoan kanpokoak ekiten diolako, eta muinean adostezintasunik ezak, dena adostasuna bihurtzen duelakotz.

Egun argiz nahiz gauez, bere bakartasunaren (bakartasun etsia) solastun, ikusle bakarra. Eta ongixe eusten dio bere buruari datxekion egoerari.

Urrun-urrun, giza-kondar kiratsuak, hatsituak; eta beste edonolako zantarkeria-moetak, irain karraskariak.

Barne distiratsu horretantxe, bizi nahi nuke nik; orekarik bikainenean, behingoz ixiltasunaren itzalpean murgildurik.

Baina ixiltasunpean, entzungo ote da nire ahotsa?

Mundutik at

Utz nazak, arren, baketan

gezurrezko hitz arina;

naramaten, betiko, haizeek

dagokidan hildotik bizia.

Askotan, bai, entzuna diat

hire ahoan toleskeria;

guttitan, ordez, ikusi haut

baieztatzen elekeria.

Utz nazaten nire txokoan

zynismoaren mozorroek;

neure burua bakartzea

nahiago baitut

zynismopean irautea baino.

Mundutik at zertuko dizkiat

neure baitaren aiherrak;

neure kabuz dena egingo

ixilik bakartatean.

(Baina lur-gainean

gauden artean,

oraina dugu

hurrengo xedea...)

Karlos Santisteban


Gaiak. Kultura

Liburu berriak

LA TROMPETILLA ACUSTICA

Leonarda Carrigton

1917.ean Londresen sorturiko pintore eta idazle surrealista, Marx Ernst-en Laguna zenbait urtetan. Orain, "Monte Avila Editores"ek argitara digu haren "La trompetilla Acústica" nobelatxo hau.

Nobela horretan, Marion Leatherby izeneko, larogei eta hemeretzi urtedun atso bati, fantasiazko abentura majiko batzu gertatzen zaizkio. Lengoaia oniriko eta surrealistaz, eguneroko bizitzako gauzarik ttipienak arazo miresgarriak bihurtzen dira. Atsoaren bizitza, emakume ikuspegi batetatik begiratuta dago.

Berez miresgarria den errealitatea, are miresgarriago bilakatzen zaigu, xahartua den emakume baten begiez ezagututa. Umore fin eta xamurra ere agertzen da Marionen abenturetan. Mundua, familia, zaharretxea eta ingurune erasokorra, emakumetxo honen kontra paratzen dira, adineko edozein pertsonaren kontra legez. Baina mirakulu batez, Marion eta beste atsoak gizartearen jabeak bilakatzen dira.

Nobelaren amaiera, elementu surrealistez beteta dago, baina ezezaguna zaigun errealismo moeta batetakoak: xamurtasun eta maitasunezkoa.

Txarrena, obra hau ia aurkiezina dela, hain preziagarria izanik eta bere egilea hain ezezaguna.

EL DIABLO ENAMORADO

J. Cazotte.

Ediciones del Cotal. Bartzelona

Arrazoiaren mendea izan omen ezen XVIIIa; filosofia, Entziklopedia eta zientziaren kultuaren mendea, Diderot, Montesquieu, Voltaire, Rouseau etab., mende horretan sorturikoak ditugu. Baina bestalde, irudimenezko menturak eta literatur mailan hainbat elaberri eta fantasiazko obrak ere aurki ditzakegu mende hartan. Arrazoiaren mendea eta batera goinaturazko mende majikoa. Horrela ba ditugu hartan, sinesmen berrien jarraitzaileak: Mesmer, Pascually, Swedenborg, Claude de Saint-Martin, Cagliostro eta Casanova, denok XVIIIkoak eta gehienak txarto ezagutuak edo txarto interpretatuak izan dira.

Frantsez iraultzaz esan ohi da, arrazoiak irudimena garaitu zuela, baina arrazoiaren kultuak oso idazle interesgarriak baztertu zizkigun: hauen artean, orain aurkezten dugun J. Cazotte.

Arras gizon jakintsua, diplomatikoa, soldadua eta monarkiko hutsa. Gilotinan bukatu zituen bere egunak. Zientzi izkutuen praktikari amorratua, agian bere ideiologia monarkikoagatik izan zaigu hain denbora luzez izkutatua, "intelligentsia"k eta aintzigoardiak ezin baitzuten monarkikoren bat onartu.

 "El Diablo enamorado" lehen pertsonaz idatzirik dago. Protagonista, espainol hidalgo bat da: Alvaro de Maravillas. Honek obra sataniko asko irakurri ondoren, deabrua deitzen du. Agertu egite da berau itxura ikaragarri batez, eta gero neska eder baten gorputza hartzen du, eta Italia eta Espainian zehar pertsegitzen du seduzitu arte. Nerval-ek (hitzaurrearen egilea) errekuperaturiko obra miresgarri hau erromantizismoaren aintzindari dugu; elaberri fantastikoen aintzindari ere, nobela satanikoen gailurratariko bat.

LA ROMA DE LOS BORGIA

 Apollinaire-ren obra ezezagun bat dugu, René Dalize-rekin batera idatzia. Gaur, Apollinaire-ren obra osotzeko Icaria argitaletxeak kaleratua, oso eruditoa eta dokumentatua dago, agertzen diren gertaerak benetazkoak izanik, nobela historiko bat dela esan daiteke, beraz. Baina historizismo hori, apaldua geratzen da beti Apollinaire-ren lumaz, ematen dion poetikotasunaz.

Liburuaren hitzaurrean elaberri krudela dela esaten zaigu, eta, krudela dateke beharbada, holakoxea izan zelako Italiako Berpizkundearen garia, eta "Condotiero"ena. Elizak ere ez zuen gaitzesten ustelkeria hura. Apollinaire-ren lan honetan agertzen zaigun moduan, gizarte osoa, edo hobeto esan, Boterearen ingurunea, hots, eliza, botere politikoa etab, nagitu eta zitaldua zegoen.

Baina gainera, Apollinaire-k eta Dalize-k, boterearen krudeltasuna erakusten digute, eta berori gordetzeko nahi eta obsesioa. Ez da botereak pertsona usteltzen duena, boterea da berez ustel eta zitala.

Alde horretatik, esan dezakegu berriro, nobela morala dela. Obra ezezaguna, bada, eta Apollinaire-ren lanen osagarri.

"IBAIZABAL"

Durangaldeko aldizkaria

Durangaldeko gazte eta zahar batzuren ahaleginaz sortu zen aldizkari hau, hemen dugu geure eskuetan bigarren alea.

Artikuluak herrietako jendeak idatzirikok ditu eta zentsurarik gabea da. Hona hemen hitzaurrean diona: Helburua zera da, batez ere, Durangaldeko herri eta kultu mugimendua esnatu eta bultzatzea, aldizkari independiente zabal eta herritar baten bidez...

Kolaboratzea eskatzen dizugu zuri ere, onartuko zaitugu. Lana askoren artean hatzen badugu bakarrik eroan ahal izango dugu aurrera. Zure laguntzaz, bigarren zenbaki honek bere segida izango du hirugarren batean, osoago eta ederrago batean. Bukatzeko egia bat gogoraratu nahi nuke, hau da, herri bakoitzak merezi duen aldizkaria duela. Eta egia ez bada, ez du ardurarik.

LA INTERACCION DEL COLOR

Josef Albers

Alianza Editoriala

Alianza argilatetxeak, aurtengo liburu askotan, beste liburuen artean, arteari dedikaturiko bilduma bat aurkeztu zuen. Hemen ditugu bilduma horren lehen liburuak: La interacción del color, Arte y Percepción visual eta El Significado de las artes visuales.

Lehena, "La interacción del color" pintore eta artista ospetsu batek egina dugu: Josef Albers. Gizon hau Ameriketako pintura berriaren sortzaileetariko bat da, "Arte konkretua" mugimendu piktorikoaren inportanteenetarikoa eta "Campo cromático" mugimenduaren fundatzaile bat. Bere lan piktorikoa, hezkuntzara dedikatu baino lehen, koloreen ardura bereziaz egina dago, eta ikerketa garrantzitsu bat da gaurko artearen mailan.

1923.ean hasi zen "Bauhaus" eskolan koloreari buruzko ikastaroak ematen. beroago, Ameriketako zenbait unibertsitatetan jarraitu zen irakastaldi horiekin.

Liburutxo honetan, artista eta irakaslearen esperientziak biltzen dira. Koloreaz ari diren beste liburuetan ez bezala, honek ez du argitaratzen teoria edo ezagumena baizik. Sarreran esaten den moduan, liburuak ikasi eta irakasteko era esperimental bat biltzen du. Denak esperimentuak dira, eta oso alaiki, jolasten bezala, jarraitzen dira ikasgaiak. Nork bera paper pintatu batzuez jolas dezake, koloreen barnekotasuna ikasten denean, Albert eta bere ikasleekin, liburu hau, denen artean egina baitago.

Bilduma honen hirugarren liburua (bigarrena ez dugu hartzen) Rudolf Arnheim-ek eginiko "Arte y Percepción visual" izenekoa da.

Hau, 1954.ean agertu zen lehenengoz eta handik hona, klasiko bat bilakatu da, arte liburuen artean. Herbert Read-ek esan bezala, Gelstalt eskola psikologikoaren teoriak arteari eskaintzea izan zen lehen xedea. Edizio hau egileak berak zuzendu eta hobatua dator. Obraren asmoa, arteen elementu guztiak ikertu eta aztertzea da. Oreka, forma, argia, margoa, espazioa, mugimendua eta beste faktorren balio orokorrak frogatzen ditu, ikasgai horik ikerketa esperimental batzurekin argituz.

Lengoaia erraz erraza da eta edozeinentzako asmatua. Hogeitalau urte izan arren, bere balioa mantentzen du oraindik ere, eta artearen bidean zehar abiatzeko, sarrera egokia dugu.

Hirugarrena "El Significado de las artes visuales" da. Nork ez du ezagutzen ikonografia, arte eta giza zientzien mailan Erwin Panofsky egilea? Mende honetako humanistetarik nagusienetatiko bat, Hannover-en jaio zen, eta Hitler-i esker handik handik aldegin behar izan zuen Ameriketara. Bertan Historiazko irakasle legez aritu zen hil arte, 1968.ean.

Liburu honetan gauzarik harrigarriena, Panofsky-k egiten duen aportaketaren izugarria da. Liburuan, artikulu edo saio luze batzu agertzen dira, Panofsky-k berak bildua. Vasari-ren artearen historia begiratzen du, Ticiano, Pussin (Frantziako XII mendeko pintorerik garrantzitsuena), eta besteen obrak, baina eguneroko bizitza eta ideien munduarekin loturik, eta ez aparteko gauza bat bailitzan.

Oso interesgarriak dira, Saint-Denis-ko abadea, Suger eta Durerori buruzko saioak.

Durerorena konkretuko egin direnetarik interesgarri eta funtsezkoena da. Arte ikertzaile eta idazle honek, bere denborarako ideien ingurunea atera du arte lanetatik eta ikuspegi berri batetatik abiaturik sartzen gaitu artearen mundura.

JS


Gaiak. Artea

Nicolas de Lekuona

Gipuzkoako pintoreen artean gailur eta bere garaikideen artean aintzindaririk garrantzitsuena izan genuen Lekuonaren lana berreskuratu egin dugu Bizkaiko Aurrezki Kutxari esker.

Arras ezezaguna ia, baita artista eta intelektualen artean ere (bere garaikideen salbuespenaz, Oteiza kasu). Haren bizia biziki motza izan arren, utzi zigun obra ezagutzea, oinarrizkoa dugu, gaurko euskal pintura konprenitzeko.

Garai batetako Arteta, Iturrino, Etxebarria eta gaurregungo Zumeta, Ortiz Elgea eta beste batzuren artean dagoen jauzia egiteko, hutsune bat dugu, Lekuonaren lanaz betetzen dena. Gure pinturaren historian, aurreko pintura "faubista" edo edozelako errealismotik, gaurko abangoardia zorrotz honetara iritsi arte, Lekuonaren obra jarri behar genuke erdian.

Ordizian jaio zen gure pintorea 1913an. Geroago, Madrilera doa karrera egiteko, baina laster sartuko da bertako giro intelektualetan; antza, Gomez de la Sernaren lagunartean, Pombo Tabernan agertu ohi zen. Harez gero, haren bizitza Madril, Ordizia eta Donostia artean banatuko da.

Donostian izan zuen, beharbada Europear aintzingoardien berri, hamazazpi urte zituelarik. Donostiako "Gran Casino" ko aretoetan, Cossio, Picasso, Juan Gris eta beste batzuren erakusketa bat antolatu baitzen, eta, hain zuzen ere,sasoi berean, Buñuel-en "Un Chien Andalous" filmea projektatu zen Gipuzkoako Ateneoan. Nahiz eta berak erakusketa ikusi ez, berarekin iritsi zen Euskal Herrira pintura berriaren albistea, eta haren ezagumena giro artistikoetara hedatu.

Hogei urtez, "Premio de Pintores Noveles Gipuzcoanos" sariketara presentatzen da eta bigarren saria eskuratuko du, "Ellos son los detritus" koadroaz. Urtebete beranduago, Oteizak, Narkis Balentziagak eta berak, "Kursaal"go aretoetan eraturiko erakusketa batetan parte hartzen du

Ordudanik, hogeitalau urtez hil arte, Madrilerako bidaien artean pasatuko da haren bizitza, pintura eta artearentzako bizitza.

Urte eskas haietan egindako koadroen bidez, Europako artearen haize berriak ekarri zituen Euskal Herrira, Madrilen ezagutzen zuena, Italiatik zetorkiena, Futurismoa, Dada, Surrealismoa, eta, bera izanik korronte horien ekarlea.

Gipuzkoako hainbat herri bisitatuta gero, Bilbora etorri zaigu orain erakusketa-omenaldi hori. Oleo batzu, anitz marrazki, argazki eta fotomuntaiak ekarri dizkigute; informal samarrak batzu, eta neurri laburrekoak gehienak, marrazki asko esate baterako, bere aitaren koaderno batetan eginak.

Fotomuntaiak, "Dada" aire batez eginak, oso interesgarriak gertatzen zaizkigu, eta duela berrogeita bost urte egin zituen kontutan hartuta, are interesgarriagoak; hots, Lekuona izan zela argazkiak espresiobide bezala erabili zituen lehenetarikoa, Renau eta besteekin batera.

Koadroek, desberdin samarrak izan arren, ba dute Picassoren aire bat, eta bestalde, Tanguy frantses surrealista gogora ekartzen digute. Ez zitzaion, hala ere, erraza izanen Lekuonari Tanguy ezagutzea, baina, Picasso ezagutuko zuen seguraski, Lekuonaren koadroak eta Picassoren garai batekoak, antzekoak baitira. Ez dugu honetaz, kopiatzen zuenik esan nahi, ezta bion obrak berdinak direnik ere, baina bai nolabaiteko erlazio bat dagokeela, haren obra ingurune artistiko bati lotzeko, arte obrek ez baitute sorketa espontaneorik, eta Lekuonaren obra ezin erlaziona daiteke lehenagoko artista euskaldunekin, eta are guttiago, Espainian zegoen ingurune kulturalarekin.

Lekuonaren pinturaren alderdi nabarmen bat, bere oleotan ehunari ematen zion tratamendu heterodoxoa da, teknika propio batez baliaturik, oleoari bestelako gaiak gaineratuz, edo oleo neurri handi bat erabiliz, azal zimurtsu bat lortzen du, erliebea balu bezala.

Erretratu batzu, estaliak agertzen zaizkigu edo lepoa ematen, ispiluaren beldur bailitzan, misteriozki, urrundurik.

Elementu surrealista eta misteriotasun hori, funtsezko marrazkiarekin loturik agertzen lirenean lortzen ditu ehunik hoberenak. Irudien marrazkiak edo estatua bilusienak, nahasiak, besarkadaka, mosuak ematen, maitemindurik bailiren.

Beste euskal pintoreen kasuan ez bezala kolorea ez da gogorra edo "faude" dirdiratsua (Arteta, eta gaurko Balerdi edo Zumetarengan legez), pastelezko ñabarduraduna baizik, lur margoak, gris eta minaren artekoak.

Irudi eta paisaiaren artean, elementu surrealistez eginiko koadro horiek, Europako aintzingoardiari lotuak, Europear pintura onenarekin parekatzea merezi

Fotomuntaiak ere oso onak dira, fantasiaren elementua erabiliz eta koadroetan agertzen ez den elementu batez estaliak: umorea.

Bizkaiko frontean hil ziguten 1937an. Guduak ohostu egin zigun, hasieratik hainbat indarrez argitzen ari zen obra bat. Hogeitalau urte, bere koadro eta marrazkietan sasoi hartako Europear aintzingoardiaren berriak laga dizkigun pintore batentzat. Europako korronte artistikoak gure herriko pintoreei hurbildu egin zizkien artista batentzat. Haren obrari, denborarik eza nabari zaio, obra handiago baten promesa agertuz. Baina, haren mezu piktorikoaren balioak, hain gaztea izanik, gerra madarikatzera bultzatzen gaitu, beste hondamendien artean, Nikolas Lekuona gaztearen heriotza ekarri zigulako.

Jon Sendagorta


Gaiak. Zientzia

Erregai Zelula Zentralak

Energia eta berak dakartzan problemak gero eta inportanteagoak bilakatzen ari zaizkigu. Alde batetik energia lortu behar da, gaurko gizartearentzat erabat beharrezkoa baita. Bestalde, gure ingurugiro hau nahiko jota dagoenez gero, ekologiaren aldeko kanpainak sarriagoak eta exigenteagoak dira. Honek gobernuen legeak nolabait baldintzatzen hasi da. Eta hori dela eta, gobernuak ingurugiroa defendatzeko zenbait lege izenpetzen ari dira. Lege hauek diotenez, emisioek ez dute muga edo maila bat gainditu behar. Lege hauek direla eta, zentral elektrikoak (fuel edo ikatzekoak) ezin dira hiri barnean eraiki. Beraz, behar den elektrizitatez hornitzeko, zentral hauek hiritatik kanpo muntatzen dira. Bestalde, transmisio sistemak garestiagoak bilakatzen ari dira. Alde batetik posteak eraiki behar dira, eta bestetik baimenak lortu. Guzti honek E.E. B.B. etako zenbait konpainia bildu eta programa bat prestatzera bultzatu du. Programa honen helburua erregai zelula zentralen azterketa teknologiko eta ekonomiko bat egitea da. Zentral hauek oraingoz diseinatu eta eginak daude. Lehenik ere beste batzu egin ziren, baina beren erabilpena oso mugatua izan zen: Apollo eta Geminis untzi espazialak behar zuten energiaz hornitzea.

Guzti hau alde batera utziz, ikus dezagun zertan oinarritzen diren aipatutako "erregai zelula zentralak".

Aparailu hau 1839.urtean Sir Willian Grove jaunak asmatu zuen. Bere baitan energia kimikoa zuzenki elektrizitatean bilakatzen da. Asmatu eta gero alde batetara utzi zen, orduko teknologia ez baitzegoen nahiko aurreratuta. Baina untzi espazial horietan erabili ondoren, modelo komertzial batzu asmatu dira, ez zelula batez osatuak, baizik eta bostehun edo gehiagoz. Teknologia honek ba du etorkizunik, alde batetik besteekin konpetitzeko gai delako, eta bestetik ingurugiroa ez baitu izorratzen, hala nola erregaia aurreratzen.

Jakina da elektrizitatea produzitzen denean, hiru zentral mota aurki ditzakegula. Zenbait kasutan ez dira bi baizik izaten, baina sistema honek galerak sortarazten ditu. 3 motak hauek dira:

a) oinarrizkoak: beti berdin funtzionatzen dute, gau eta egun. Adibidez: zentral nuklearrak, termiko handiak.

b) erdimailakoak: Kargari jarraitzen diote zenbait kasutan. Besteak bezain handiak ez izanik, errazago gel eta martxan jar daitezke.

c) huts hutsik kargari jarraitzen diotenak: honetarako EE.BB. orain arte gas turbinak erabili dira, segidan pizten baitira. Gaurko gure gaia hemen kokatu behar dugu.

Erregai zelulak bat batean funtzionatzen dute, ez dira aldez aurretik berotu behar. Nola funtzionatzen du ordea gauza harrigarri honek?

Erregai zelula bat bi elektrodoz —bata negatiboa (anodoa) eta positiboa (katodoa) bestea, noski— eta elektrolito batez osatuta dago. Elektrolito honek ioiak transmititzen ditu, baina ez elektroiak. Erregai bat anodora zuzentzen da, hidrogenoa kasu normalean, eta airearen oxigenoarekin elkartzen ura sortuz. Honetarako beharrezko diren elektroiak kanpoko hari batez heltzen dira. Hari hau herri bateko sare elektrikora lotzen badugu, badugu korronte elektrikorik, zeren eta azken hau ez baita elektroi fluxu bat besterik. Halaz ere, mundu honetan gauzak ez dira hain errazak izaten. Hemen lortzen dugun korrontea ez da aldizkakoa, zuzena baizik eta zentral honek behar duen erregaia ez normalki naturan aurkitzen, prestatu egin behar da lehendik. Baina ez gara honetaz arduratuko.

Honelako zelula batek sortzen duen tentsio zuzen maximoa erregai eta oxidatzailearen funtzio termodinamiko bat da. Hidrogeno eta oxigenoaren bidez funtzionatzen duen zelula batentzat tentsio teorikoa presio eta tenperatura normaletan 1,23 volt. da. Baina hau teorikoa da, ez praktikoa. Zelula barruko galerak direla ta, tentsio hau 0,6-0,85 voltetara jaisten da.

Bere egitura, bestalde, honelakoa da: xukapaper mehe batetan elektrolitoa jartzen dugu, eta bi aldeetara bi elektrodo porotsu, honela elektrodo hauek azalera handi bat lortzen baitute. Behar diren katalizadoreak elektrodoetan jartzen dira. Zelula hauek bata bestearekin bilduz pakete handiak egiten dira. Orain New York-en esperimentalki muntatuko diren zentralak 450 zelulaz osoturik daude,bakoitzak 500 watt 0,65 volt-etan eskaintzen duelarik.

Zelula hauek era askotara bana daitezke. Diferentziak hauek dira: elektrolitoa, operazio tenperatura, oxidatzailea eta erregaia. Lau faktore hauekin nahasketak egiten hasten bagara, zentral mota ugari lortu ahal izango dugu. Baino praktikan oso modelo gutxi lor daiteke. Batzutan elektrolitoa da mugatzailea, besteetan erregaia e.a. Adibidez, azido fosforikoa aukeratzen bada elektrolitotzat, tenperatura 150 eta 200 C artean egon beharko du, elektrolitotzat karbonato urtua erabiltzen dutenek, berriz, 600 eta 700 C artean funtzionatu behar dute. Bi zentral hauek dira gehien aztertu direnak, azken teknologia oraindik oso aurreratua ez egon arren.

Zelularen interesa hiru propietatetan oinarritzen da:

a) bere efikazia: makina termikoa ez denez gero, ez dago Carnot zikloarengatik mugatuta. Hau dela ta, beste makinak baino efikazia handiagoak lortzeko posibilitaterik badugu. Baino zelula baten efikazia eta bere tamainua independienteak izango dira. Zentral tipo honek badu beste alde onik ere. Bere potentzia energetikoaren 25 etik 100 arte, bere efikazia ez da aldatzen, konstantea da. Beraz, karga jarraituz funtzionatzen duten zentralak erregaia aurrezteko posibilitatea eskaintzen dute.

b) Ingurugiroarekiko konportamendua: Bere prozesua elektrokimikoa denez gero, bere emisio bakarrak, ura eta airea kanpo utziz, erregaiaren tratamenduari dagozkionak dira. Datutara pasatuz, bere emisioak EE.BB.etan legeek uzten dutena baino 10 aldiz txikiagoak dira. Zentral hauek ez dute zaratarik sortzen, ezta urik ere (35 C etan) behar ere: Guzti honengatik zentralak hiri barnean munta daitezke, bakoitzak hauzo bati behar duen energiaz hornituz.

c) Bere egitura modularra: segidan ohartzen gara honelako teknologia batek dituen posibilitateaz. Serie handiak produzi daitezke, honek prezioak gogor jaitsiz. Zelula bat izorratzen denean, nahikoa dugu hori aldatzea. Hauzo batetako energi kontsumoa handitzen denean, zelula gehiago jartzeak problema hori konpon dezake.

Etorkizuna hau izan daiteke: zenbait etxe komertzial eta erresidentzial energi autonomia bat izan dezakete honelako ekipo txiki hauek muntatuz, bide batez segurtasuna eta efikazia handituz.

Zentral txiki hauek gas naturala erabiliko lukete erregaitzat. Zentralak energia elektriko eta termikoa eskainiko luke, horretarako elektrizitatea sortzeko behar den erregaia bakarrik erabiliz. Oraingoz diseinatu diren zentral batzuren efikazia ia 100 ekoa da, honela funtzionatuz. Eta honek badu ondorio garbi bat: gas erreserbak luzatu egingo dira, behingoz energia ondo erabiltzen ikasten badugu.

"J.J. ELHUYAR"


Gurutzegrama

Larry Trask