Plazaberri

2008 - 12 - 11      75. zenbakia

Berriak
HENRIKE KNÖRR-EN GORAZARREZ BILBOKO UDALAK EUSKALTZAINDIA OMENDU DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKAN

Berriak

Henrike Knörr-en gorazarrez

Abenduaren 2an, Henrike Knörr izena eman zitzaion Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Gasteizen konpartitzen duten ekitaldi aretoari. Ekitaldian hiru erakundeotako kideek hartu zuten parte, eta guztion izenean honako hauek hitz egin zuten: Fernando Salazar Rodríguez de Mendarozqueta, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Arabako batzordearen lehendakariak; Maria Nieves Urrutia Agorreta, Eusko Ikaskuntzaren Arabako lehendakariordeak; eta Manu Ruiz Urrestarazu, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.





Hitzen ostean, Armando Llanos Ortiz de Landalucek omenduari buruz egindako argazki-sorta ikusi zen, eta "Ariadna" korda taldeak musika emanaldia eman zuen. Azkenik, Henrike Knörr Ekitaldi Aretoa" izena jartzen duen plaka agerian jarri zen. Txari Santiago Henrike Knörr zenaren emazteak eskerrak eman zizkien bertan ziren pertsona guztiei.

Euskaltzaindiaren izenean, hauek izan ziren: Andres Urrutia, euskaltzainburua; Xabier Kintana, idazkaria; Jose Luis Lizundia, diruzaina; Andres Iñigo, Jagon sailburua; Adolfo Arejita, Patxi Goenaga, Joseba Lakarra, Miren Lourdes Oñederra eta Patxi Uribarren euskaltzain osoak; Manu Ruiz Urrestarazu, Arabako ordezkaria; Gorka Aulestia, Joakin Gorrotxategi, Pruden Gartzia eta Pello Telleria euskaltzain urgazleak. Itziar Rekalde Arabako ordezkaritzako bulegoko arduraduna; Amaia Okariz, Prentsa eta Komunikazio arduraduna.

Maria Nieves Urrutiaren hitzak

Manu Ruiz Urrestarazuren hitzak

Bilboko Udalak Euskaltzaindia omendu

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin, Bilboko Udalak Euskaltzaindia omendu zuen, Akademiaren sorreraren 90. urteurrenean. Omenaldian, Udalak Akademiari gorazarre-hitzak eskaini zizkion, "90 urtez Bilborekin izan duen harreman oparoa eta estua, euskararen bilakaeran garrantzia berezia hartu baitu gure hiriak Euskaltzaindiari esker".

Ekitaldian, Bilboko euskaltzainak ez ezik, Euskaltzaindiarekin urte luzez lotura estua izan duten beste pertsona batzuk -langileak eta euskaltzain oso, ohorezko, urgazleak- ere omenduak izan ziren, "haien lan baliotsuak berebiziko garrantzia izan baitu euskara sustatzeko eta normalizatzeko". Iñaki Azkuna alkateak eta Ana de Castro Euskara zinegotziak Bilboko Hiri Gutunaren euskarazko bertsioa eman zieten. Honela dio:


"Jaungoikoaren eta Amabirjina dohatsuaren izenean beki jende orok, nik neuk, Bizkaiko jaun nauzuen Diego Lopez Harokoak, Lope Diaz nire semearekin batera, eta Bizkaitar guztion oniritziz, mila eta hirurehungarren urteko aroan Bilbon hiribildu herria sortu..." Euskararen Nazioarteko Eguna. 2008ko abenduaren 3a. Bilboko Udala. Euskaltzaindiaren omenez bere 90. urteurrenean.

Iñaki Azkuna alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua mintzatu ziren ekitaldian. Euskaltzainburuak bi erakundeon arteko harremana goraipatu zuen, eta lankidetza-hitzarmena sinatua dutela gogoratu. Bestetik, Euskaltzaindian gaur egun lan egiten duten guztien izenean eskertu zuen omenaldia, "eta eskertu behar diot ez bakarrik Udalari, baita gure aurrean izan zirenei ere, horiei esker gaudelako gu hemen, gerokoan ere beste batzuk egongo diren bexalaxe. Beti ere -nabarmendu zuen- euskara eta euskal kulturaren mesedetan".

Alkatearen hitzak


Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan

Urtero bezala, aurten ere Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan izan da Euskaltzaindia. Abenduaren 5etik 8ra bitartean izan den Azokan, salmahaia jarri du Akademiak eta urte osoan argitaratutako liburuak izan ditu salgai. "Piriniotako hizkuntzak: lehena eta oraina" erakusketa ere zabalik egon da Durangon, Landako Elkartegian, Azokak iraun duen bitartean. Erakusketa horretan Euskaltzaindiaren historiari buruzko bideoa ere eman da.

Ohiko argitalpenez gain, Euskaltzaindiak 2008an argitaratu dituen liburuen berri ematen duen PLAZABERRI aldizkari bibliografikoa banatu da bisitarien artean.