Frisiar Akademiaren izenean Hanno Brand zuzendariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekin batera gainerako euskaltzainak izango dira.
Bi helburu nagusi ditu hitzarmenak: batetik, euskara eta frisiera hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon xedeetako bat; bestetik, Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza eta errespetua sustatzea helburu, Europa mailako hizkuntza gutxituen akademien arteko sarea sortu nahi dute.
Goizeko 10:00etan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Koldo Narbaiza Euskara zinegotziak harrera egingo diete euskaltzainei. Ondoren, Akademiaren Osoko bilkura egingo da eta 12:15ean sinatuko da hitzarmena Frisiar Akademiarekin.