Euskara eta Iruñea lotu ditu alkateak bere mintzaldian -”Iruñea euskararen bizileku izan da sorreratik bertatik”- eta Udalak euskal hizkuntzarekiko duen engaiamendua aldarrikatu du: “Ideologia eta interesetatik haratago, euskara ezagutzeko eta bultzatzeko gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Euskara guztiona baita”.
Jarraian, Euskaltzaindiarekin Udala lanzen ari den elkarlanaren ildo berriaz hitz egin du eta aurki Iruñeko kale-izendegia berrikusiko dutela iragarri du. “Akademiak lan horretan aholkularitza emango digu”.
Ondoren, Andres Urrutiak hitz egin du. Eskerrak eman ostean, Euskaltzaindiaren interesez mintzatu da: “Euskara eta euskal kultura den oro interesatzen zaigu; beraz, Iruñea eta Nafarroa osoa interesatzen zaigu”. Iruñeko Udalarekin “lehendik ere ditugun loturak berretsi nahi ditugu, eta euskararen lurralde guztiak gure begiradapean daudela adierazi nahi dugu".
Opariak
Hitzen ostean, Udalak eta Euskaltzaindiak opari bana eman diote elkarri. Udalak Euskaltzaindiari Udaletxearen irudia duen oroigarri bat eman dio. Honela dio: “Iruñeko Udal Txit Gorenak Euskaltzaindiari. Iruñean, 2016ko apirilaren 29an. El Excelentísimimo Ayuntamiento de Pamplona a Euskaltzaindia. Pamplona, 29 de abril de 2016”. Euskaltzaindiak Udalari, aldiz, bi liburu eman dizkio: Axularren Gero eta Leizarragarren Testamentu Berria liburuen faksimileen ale bana.
Pedro Agerre Azpilicueta (Axular). 1556an jaio zen Urdazubiko Axular baserrian eta hortixek normalean erabiliko zuen deitura. Sarako parrokoa izan zen, eta sermolari bikaina izateko fama izan zuen. Obra bakarra argitaratu zuen 1643an, Gero deritzona, euskal literatura klasikoaren liburu ospetsuena. Egindako faltengatiko damua eta penitentzia bere bizitzaren azkenerako utzi nahi dituzten bekatarientzako liburua da, adibide klasikoz eta estilo ederrez hornitua. Axular 1644an hil zen Saran.
Joanes Leizarraga Beraskoizkoa. J. Leizarraga Lapurdin jaio zen, Beraskoitzeko herrian 1525. urtean. Ministro kalvinista izan zen eta Joana Albretekoak, Nafarroako erreginak horrela eskaturik, Testamentu Berria, Kalendrera izeneko lehen euskal egutegia, Haurrei irakurtzen irakasteko liburutxoa, bat eta kalbinismoa zabaltzeko katexima itzuli eta argitaratu zuen. Horrela, lehen fase honetan protestanteek aurrea hartu zioten katolikoei. Oso euskara jasoa erabili zuen, Iparralde osorako euskara batu gisako bat eratuz. Labastide-Clairence-en hil zen 1601ean.
Osoko bilkura
Ondoren Osoko bilkura egin du Akademiak. Bilkura horretan, besteren artean, ondoko gaiak ikusi dira:
- Euskaltzain urgazle berrien izendapena. Osoko bilkurak sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu: Amaia Apaulaza Ollo, Xabier Erize Etxegarai, Maite Lakar Iraizoz, Patxi Petrirena Altzuguren, Rosa Ramos Alfaro eta Castillo Suarez Garcia.
- Glosario Parlamentarioa (I) aurkeztu da. Glosarioa Parlamentarioa lantzen ari den taldea Euskaltzaindiaren koordinaziopean ari da lanean eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzaren IVAPeko eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zenbait kidek osatzen dute. Taldeak parlamentu-lexikoa bateratzea du xede, ondoren Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osatu ahal izateko.
Lehenengo testuak eskuratu eta prestatu ostean, 249.072 testu-hitzeko corpus elebiduna eskuratu da, orekatua eta lanerako abiapuntu egokia. Ondoren, terminogai guztiak aztertu dira: terminogaiak erauzi ondoren, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan eta Euskalterm datu-banku publikoak normalizatutako terminoetan Zuzenbidea eta Administrazioa sailkapena duten formak eskuratu dira, hustuketako termino-hautagaiak balidatu ahal izateko. Ondoren etorri diren urartsak honako hauek dira: zerrendak bateratu dira eta arautua dagoena markatu da; erabilera-maiztasunak jaso dira; eta erakunden arteko bat-etortzea aztertu da. Hau guztia egin ondoren, 1.754 hitz jaso dira. Horietatik Euskaltzaindiaren gaurko Osoko bilkurara 414 forma ekarri dira.
Miguel Javier Urmenetaren omenez
Bestalde, arratsaldean, 16:30ean, Miguel Miguel Javier Urmenetaren omenezko ageriko bilkura egingo du Euskaltzaindiak, Kondestablearen Jauregian. Egitaraua:
- Andres Urrutia, euskaltzainburua
- Patxi Zabaleta: “Miguel Javier Urmeneta euskararen laguntzailea Nafarroan”
- Asisko Urmeneta, komikilari eta ilustratzailea. Miguel Javier Urmenetaren semea