Nafar guztien ondarea den heinean, euskararen aldeko politika sustatu eta bultzatzeko beharra azpimarratu dute bileran. Era berean, bi erakundeon arteko lankidetza sendotzearen alde agertu dira. Hala, bada, euskara alderdikerietatik atera egin behar dela azpimarratu du Uxue Barkos presidenteak eta hizkuntzaren prestigio soziala berreskuratu behar dela aldarrikatu.
Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak Akademiak eta Nafarroako Gobernuak orain arte izan dituzten harremanak sendotzeko borondatea adierazi du. Hori dela eta, bi erakundeon arteko elkarlana areagotzeko helburu, etorkizunean proiektu berriei ekiteko aukera ere aztertuko dute.
Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-hitzarmen berria aurki sinatuko da. Adierazi dutenez, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiari ematen dion diru-laguntza handitu egingo du, eta aurten 96.100 euro emango dizkio (iaz 80.000 euro izan ziren). Besteak beste, laguntza horri esker, Akademiak Euskal Corpus Onomastiko lanak eta Nafarroan onomastikako eta toponimiako zereginak egingo ditu.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera, Euskaltzaindia da erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan, euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru Lege berean arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.