Perpaus osagarriaren -(e)la menderagailuari eta zehar-galderaren -(e)n menderagailuari ezin zaie atzizkirik erantsi. Alegia, ez dira deklinatzen, izen-sintagmei bakarrik eransten baitzaizkie kasu-markak. Era honetako eta kideko aditzen osagarriekin egiten da huts hori: ohartu, konturatu, jabetu...
*Zerbait falta zelaz ohartu (> Zerbait falta zela ohartu).
*Ondo egin zuelaz ohartu zen (> Ondo egin zuela ohartu zen).
*Konturatu behar genuke (zer) galtzen ari garenaz (> Konturatu/Jabetu behar genuke zer ari garen galtzen).
Bestelako aditzekin ere gertatzen da horrelakorik. Esate baterako, okerrak dira zehar-galdera hauek, ezin dute-eta kasu-markarik hartu:
*Erromantzea nongoa denari begiratzen dio (> Kontuan hartzen du erromantzea nongoa den).
*Nora joango denik ez diezazuket esan (> Nora joango den, ez diezazuket esan (ezin dizut esan) / Ez diezazuket esan (ezin dizut esan) nora joango den).
Horko horiek zehar-galderak dira. Beste era honetakoak zilegi dira, horien -(e)nik konpletiboetako menderagailua baita: Ez dut uste ezer dakitenik.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (58, 94).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (35, 42).