Arau zaharragoetan ageri baziren ere (52., 59., 60. eta 70. arauetan), gerora berriz arautu dira eta kontinentekako toponimian daude jasoak guztiak eta gehiago (167. eta 168.etan, Afrikakoak; 169.ean, Ozeaniakoak; 170.ean, Amerikakoak; eta 171.ean, Asiakoak). Beraz, arau berriago horiek dira azken erreferentzia.
Izen soil hutsez eman daitezke (Victoria, Amazonas, Alpeak, Azoreak...) edo bakoitzari dagokion izen generikoarekin aposizioan (Victoria aintzira, Amazonas ibaia, Alpe mendiak, Azores uharteak...). Bestalde, izen batzuek bukaeran artikulua (-a/-ak) dute; izen arruntak bezala moldatzen dira horiek, bai bakarrik doazenean, bai aposizioan doazenean: Azoreetara / Azore uharteetara joan dira atunetara. Kanaria Handitik (*Kanaria Handiatik) etorri da / Kanaria Handia uhartetik etorri da.
Izenak kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.