• Dimentsioekin zerikusia duten adjektiboak oinarri dituela, izen abstraktuak sortzen ditu: (luze + -ra =) luzera; garaiera, lodiera, altuera, sakonera, zabalera... [EH]
• Baliagarria gertatzen da sarri —ez beti— Azkuek egiten duen banaketa hau, oinarrian aditzoina denean: -era (= ekintza, gertaera), -kera (= modua):
- (ekintza, gertaera) amaiera, bukaera, etorrera, hasiera, ibilera, igoera, sarrera, sorrera... (baina, inoiz, ‘gertaera’ ez den beste adiera bat ere hartzen dute: Atetik da irteera. Gaztetako parranda-ibilera; eta baita ‘modua’ren adiera ere: egoera, erabilera, ibilera...).
- (modua) orrazkera, agerkera, ahoskera, idazkera, gorpuzkera, janzkera...
• Munduko hizkuntzen izen gehienak -era atzizkiaz izendatzen ditu euskarak [38. araua, «Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak»; 53. araua, «Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak»; EH]: akadera, albaniera, arabiera, egiptoera, greziera, hebreera (hebraiera)..., nahiz eta, batzuetan, maileguak erabiltzen diren (aleman/alemanera); ingeles/ingelera, frantses/frantsesera; greko/grekera; katalan/katalanera...). Euskalkien izenak ere atzizki horrekin eratzen dira: gipuzkera, zuberera...
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -era, -keta, -kuntza, -pen...”, Euskera 39, 3: 1046-1047.
AZKUE, Resurrección María (1969). Morfología vasca. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca (14).