ERABILERA. Ez da egokia ezik soila erabiltzea esaldian; partizipioa behar du aurretik: izan ezik, etorri ezik, lagundu ezik... Nola ibiliko naiz ondo, zuk lagundu ezik?
IZAN aditzarekin egiten da sarri huts hori. Ez dira egokiak *Denak joan ziren, ama ezik, *Guztiei esan nien, Aneri ezik eta gisako esapideak; horien ordez, Denak joan ziren, ama izan ezik eta Guztiei esan nien, Aneri izan ezik dira gomendatzekoak.
Bestalde, izan ezik esapidearen ezkerrean doan sintagmak dagokion kasu-marka hartu ohi du: DenENTZAT da egokia, zuRETZAT izan ezik (NORENTZAT). Edozein tokiTARA joan zaitezke, hondartzaRA izan ezik (NORA)... Nolanahi ere, ergatiboaren kasuan (NORK) zilegi da absolutiboa erabiltzea; zuzenak dira bi moldeak: Horixe egingo zuen zu izan ezik beste edozeinek / Horixe egingo luke, zuk izan ezik, beste edozeinek. [16. araua; EH]
EZ EZIK / *EZEZIK. Batasunerako hobetsitako forma ez ezik da.
EZIK/EZEAN. Ezezko baldintza adierazten dute ezean eta ezik loturek, aditz-partizipioarekin: Kontratua sinatu ezean, ez du lanik egingo / Kontratua sinatu ezik, ez du lanik egingo (= Kontratua sinatzen ez badu, ez du lanik egingo).
Bietan erabiliena ezean da. Eta aditz-partizipioaren ondoan joateaz gainera, aditzik gabe ere joan daiteke, partitiboarekin. Ezik, berriz, beti partizipioarekin eta gehienbat izan ezik forman erabiltzen da. Kontraturik ezean, bestelako agiriren bat erakutsi behar da. / *Kontraturik ezik, bestelako agiriren bat erakutsi behar da / Kontraturik izan ezik, bestelako agiriren bat erakutsi behar da.
Esan bezala, ezean oker erabilia dago aipaturiko bi ingurumarietatik kanpo; alegia, ez badoa aditz-partizipioaren ondoan (*Gaur ezean, bihar egingo dugu / Gaur egin ezean, bihar egingo dugu) edo partitiboarekin (*hori/horren ezean / halakorik ezean, hori/halakorik izan ezean/ezik).
EUSKALTZAINDIA. “Emendioa adieraztea: ez ezik / *ezezik”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Emendioa adieraztea: ez ezik (ikusleek ez ezik, jokalariek ere ez)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (65).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "EZIK: izan ezik / ezik", Ehulkuren aholku guztiak.