Bereiz idatzi behar da, bai adizlagun (postp.) denean (1), bai menderagailua denean (2):
(1) argi gabe, argi gaberik, argirik gabe
(2) Ezer esan gabe joan da.
Etengabe, atergabe eta itxuragabe dira salbuespen bakarrak, adizlagun-lanetan ari direnean. [24. araua]
Izen-elkarketako bigarren elementu denean, loturik idazten dira izenondoak: adingabe, amaigabe, arduragabe, baliogabe, burugabe, lotsagabe, mugagabe, zentzugabe... [25. araua]
Halako izenondoak osatzen dira zenbaitetan aditz-partizipioarekin ere: [zenbatzaile] zehaztugabe, [gantz] asegabe, [lehenaldi] burutugabe, [jende] hezigabe, [eremu] landugabe, [fruitu] ondugabe. Aditzoinekin ere bai, bakanago: [lan] argitaragabe, [gazte] ezkongabe, [edontzi] ukigabe. Euskaltzandiaren Hiztegian ditugu horiek denak. Horrek ez du ezertan eragozten, jakina, eraikuntza libreen aukera: "lan (oraingoz) burutu gabea", "jakin-min ase gabea", "aukera markatu gabea"... [EH]