Joko hitzak ba al du esanahi generikoa: alegia, jolasak bere barnean sartzeko modukoa? Egokiak al dira haur-jokoak, mahai-jokoak, hitz-jokoak, tokan jokatu eta abar?
Diferentziaz jabetzeko, egoki da Euskaltzaindiaren Hiztegiko [EH:joko] eta [EH:jolas] hitzen definizioak aztertzea eta adibideak analizatzea.
Han esaten denez, jokoa jarduera arauduna da, norgehiagoka, batek edo batzuek irabazi eta beste batek edo beste batzuek galdu egiten dutena; sariren bat ere izaten da tartean. Jolasa, berriz, atsegin hartzeko edozein jardun edo olgeta da. Badirudi adinak ere egiten duela jokoaren eta jolasaren arteko bereizketa.
Hortaz, joko ez da markatugabea (generikoa), eta jolas ez da markatua: alegia, jolasa ez da joko mota bat.
Galderan aipatutako mahai-jokoak, hitz-jokoak, tokan jokatu... egokiak dira; baina haur-jokoak joko izan badaitezke ere, ohikoena da haur-jolasak edo haur-jostetak izatea.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: jokatu, jostatu, jolastu (da/du)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: jolastu, borrokatu (da/du)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: zertan ibili/jolastu (pilotan, dendatan, zezenketan, harrapaketan...)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > aditzak, lexikoa > hitz elkartuak, lexikoa > hitz eratorriak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.