ANAITASUNA

Año I — Núm. 10

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Abril 1954


Gure buruzagia

 Gizon makar orrek, Pazko egunez Urbi et Orbi (Uriari ta Munduari) bedeinkaziñoa emon eutsan-agure agurgarri orrek, munduko aginpiderik aundiena dauko. Gaixoaren gaixoaz, zarraren zarraz bere gorputza lur jota egonarren, Pio XII'garrenaren eragipena munduko baztar guztietara bertatiko baten eltzen da. Katolikoak ez direanak eurak-be, itzal aundiaz entzuten dabe berak esaten dabena.

Guretzat, Aita Santuaren menpeko zintzoak gareanontzat, gauza pozgarria da benetan onelako agintariak eukitea. Aita Santua ain aundia dala entzuten dogunean, arrotu egiten gara; berak gobernetan daben Eleizea mundu guztian zabalduta dagoala jakiten dogunean, alaitasunez betetan gara; Pio XII'garrena edonun maite dabela ikusten dogunean, Jainkoari eskerrak emoten deutsaguz gu-bere Eleiza Ama Santuaren sabelean sortuak izan giñealako.

Oraingo kristiñaueri Aita Santuagaz pasetan jakuna, aintxiñakoeri bardin bardin —eta askoz geiago— jazoten jaken Jesukristoren personeagaz.

Lenengo gizaldietako kristiñauentzat, Jesukristo zan gauzarik beiñena. Batzuk bere boz estia entzun eben Palestinako mendi-zelaietan, beste batzuk bere egitada arrigarriak ikusi. Personalki ezagutu ez ebenak, euren gurasoen agotik ikasi eben nor izan zan Nazaretheko gizon miragarria. Neguko gabetan, sutondo epelean jezarrita, aitita zarrak kontetan eutsen Jesusen bizitza arrigarria: bere aurpegiaren ederra, bere begien zoragarria, bere personalidadearen indar eragillea.

Orregaitik, denpora atako kristiñauak guztiz amoreak artuta egozan Kristoren personeagaz. Ez bakarrik banaka batzuk; kristiñau talde osoa-bere bai. Maitasun ori dala-ta, pozarren sufrietan zituen martiriorik garratzenak, eta kantetan joaten zirean eriotzara, Quo vadis pelikulan ikusten dan legez. Maitasun ori dala-ta, laster aldatu eben sasoi atako mundu usteldua.

Oraingo kristiñaueri, beiñolako kristiñauen adorea ta arnasea falta jakuz. Alogereko beargiñen antzera, larregi begiratuten deutsagu Kristok emongo deuskun sariari nai kastiguari; bere personeak ez deusku asko ardura. Gure biotzetan, ez dogu sentietan kristiñauak garealako arrotasunik. Bestela, igarriko litzakigu gure eguneroko autu-mautuetan, gure zaletasunetan, gure eleizatik kanpoko bizimoduan.

Mundua obatu gura badogu, Euskalerriko erlegiñoa indartu nai badogu, espirituzko ta egiazko kristiñauak izan gura badogu, maite izan daigun Jesukristo. Bera da gure buruzagia. Bera, gure anaia nagusia. Gure artean bizi da. Gure aurretik doa. Poztu gaitezan bere jarraitzailleak garealako. Erakutsi daigun edonun lotsa barik gure kristiñau alaitasuna. Ain aundia da Kristo, ain indartsua, ain ederra, ain jakituna, ain zintzoa, ain kirmena, ain errukiorra, ain ona!


Esaidazu!

Egia ete da, guk euskaldunok, fededunak izan arren, kristiñau kultura gitxi daukogula, eta erlegiñoa sakon ezagututen ez dogula?

Ain zuzen-be, orixe agertu da oraintsu Frantziako amabosteroko baten. Errebista orrek diño, Espaiñiako katoliko geienak ez dabela bear dan bestean erlegiñoa ezagututen, eta arlo orretan eurak, frantsesak, gu baiño obeto dagozala. Eta ori egiaztuteko, naikoa dala diño, emengo kristiñauak mezea zelan entzuten daben ikustea, eta erlegiñoaren gaiñean zetariko liburu ta errebistak irakurten dituen jakitea.

Nik neuk, ez neuke orrenbeste esango. Baiña bildur naiz orregaitiño, errebista frantses ori zuzenean ete dagoan. Izan-bere, ez da gauza kontsolagarria, euskaldun geienak mezatan zelan egoten direan ikustea. Sartu gaitezan domeka baten edozein eleizatara, batez-bere erri txiki batekora. Ikusten dozu iñor irakurten, gizonezkoen artean atan-be, meza liburua eskuan dabela? Ez aurki! Eta olanik, zelan gura dozu ba, mezea ulertu daien, liburu baten bitartez areri jarraituten ez badeutsoe?

Eta gero euren etxeetan, erlegiñoaren gaiñean irakurten ete dabe zerbait? Ez dot uste gauza aundirik. Bai, artzen ditue errebista batzuk. Baiña, erderaz ondo ez dakielako-edo, euskeraz irakurteko oiturarik ez daukelako-edo, orretarako astirik topetan ez dabelako-edo, egia utsa auxe da: Zoritxarrez, euskaldun geienak gitxi, oso gitxi irakurten dabe erlegiñoaren gaiñean, eta olan gure kristiñau jakituria guztiz urria izan bear.


Izkirimiriak

— Entzun, kaiku. Noiz jatok automobilla?

— Ta zelan dakik ni kaiku naizana?

— Igarri egin joat.

— Ba, igarri eik automobilla noiz datorren-be.

***

— Sekretu bat emon deuste, ta gura izan arren-be, ezin deutsat iñori esan.

— Zer ba?

— Aztu egin jat!

***

— Txo, ze belarri luzeak daukazak gizona izateko!

— Ta ik, ze laburrak astoa izateko!


Ba dakizu...?

Konfirmaziñoko Sakramentua

1.—Konfirmaziñoa zer da?

2.—Esan egia ala faltsoa dan emen diñoguna:

a) Eskritura Santuak ez deusku esaten noiz sortu eban Jesukristok Konfirmaziñoko Sakramentua.

b) Eskritura Santuan ez da iñoiz eta iñun aitatuten Konfirmaziñoko Sakramentua.

c) Kristiñau erlegiñoaren lenengo gizaldietan Eleizatik urtendako hereje guztiak, Konfirmaziñoa egiazko Sakramentutzat euki eben, urtenda gero-bere.

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


Illeko Ipuiña

Aiñentia

Baserritar bat, semez Amorotokoa, oituraz agozikiña zan. Bere izenik ez jaku eldu, ezizena, bai: Kirru. Berban beran birao antzeko zerbait esaten eban: baten Deabrua, bestean Tximistea, bestean Barrabasa, bestean Madarikatua... ta abar.

Garizima azken aldean, urtero egiten eban legez, konpesonarioan belaunikatuta barrua utsitu ebanean, abadeak arimearen osagarritzat aiñen bakotxeko, peseta biko mezea arimeri atarateko agindu eutsan.

Ordutik aurrera Kirruri agoa garbi garbi egin jakon. Bein, burdiagaz mendian gora otatan joaiala, otaz ondo kargauta gero, aurreko larakotik askatuta, beera ta beera asi jakon burdia.

Au ikusirik, garrasika asi zan Kirru:

— Ba-jaroek, ba-jaroek...!

— Zer edo nok jaroak, Kirru —preguntau eutsan gizon batek.

— Inpernuko demoniño ta barrabas guztiak nire burdia arrapaladan jaroek —izan zan Kirruren erantzupena.

Urrengo egunean peseta biko mezea esan eban Amorotoko parrokuak.


Illeko Ipuiña

Nabarnizko anaien biraoa

Nabarnizko anaia bi, ikazgiñak, mutil on onak zirean. Egunero joaten zirean ikazgiñan basora, euren ama maiteak ipiñitako bazkaria zakutxuan artuta.

Gaztaiña arro baten eskegita ixten eben euren bazkaria, eguerdian jateko; baiña zital gosekillen batek ostu egiten eutsen sarri.

Bein, iñoizko goserik aundienaz eldu zirean zorrotxua itxi eben arbolearen ondora, bazkaltzeko garramura itzalaz, eta... bapez.

— Guk jaukaagun gosea, eta orain-be ostu...! Birao bat jaurtigi bear jeutsaagu —esan eban batek.

— Zelako maldeziñoa?

— Oraintxe asmauko joat.

Euren erriko eleizea egoan ikusbegian, eta asi zan:

— Nabarnizko eleizea bete jostorratz. Areexekin josiala zaku. Areexek bete aretx ezkur. Eta areexen beste demoniñok astinduko al joek!

— Jeseus...! Orrenbeste larregi dok, mutil. Ez deiogun izan gurari txarrik —esan eutsan beste anaieak.

— Gurari txarrik ez; baiña merezi jok, ba, zeredozer.

***

Kalte egin deuskueneri-be parkatu bearra daukogu. Eta olgetan-be ez dago ondo iñori biraoak jaurtigitea.

Lapurra, barriz, bere bizkarrerako egurrak batzen ibilten da; eta lentxuago gerotxuago txarto ikusten dau bere burua, baita mundu onetan-be.


Ekin...!

ANAITASUNA-ren irakurleak, ona emen azkenengo kurutzegramearen egiazko azalpena. Irakurri ondo.

Ezkerretik eskumaldera: 1. Gosaldu.— 2. Oroz. Ama.— 3. Aker. Men.— 4. Oba. U.— 5. Z. Bi.— 6. Izen. Ara.— 7. Karu. Dan.— 8. Arindu. A.

Goitik beera: 1. Gorozika. 2. Bero. Zar.— 3. Soka. Ire.— 4. Aza. Nun.— 5. L. D.— 6. Damu. Uda.— 7. Ume. Ari.— 8. An. Bana.

Askok erantzun dabe; uste neban baiño geiagok. Muxikatik, Metxikatik, Berritutik, Gazteiztik (Arabako uri nagusitik), Forutik, Naparroako Erriberritik, Gerenatik, Durangotik, Ermutik, Aiangiztik, Bedarutik.

Erantzupen geien bialdu dabenak, Bedarukoak izan dira. Erri txiki polit orretan, ogetabost ANAITASUNA bakarrik artzen dabez; ta alan ta guzti-bere, bederatzik bota dabe kurutzegramearen azalpena. Eta euretarik iruk, ia ia osorik igarri dabe, letra bi bakarrik txarto idatzi ditue-ta. Aurrera, Luis Atxabal, Felisa Lexardi ta Olga Barainka. Tira ba, urrengoan dana artez ataraten dozuen! Baiña orretarako ikasi ondo noiz ipiñi Z ta noiz S.

Gatxak, guztiz gatxak dira urrean letra biok, ia erantzupen guztietan okerretara idatzirik etorri dira-ta. Esan daiela, ostean, Ermuko Jon Axuriak, Erriberriko Sabino Berasaluzek, Metxikako Arantzazu Uribek, Berrituko Dotningo Azpirik, Gazteizko Mariano Gandariasek. Kontuz ibilli Z zital orregaz!

Eta zuentzat, zorionak, Elorrioko Kepa Arbulu ta Jesus Atxa! Zeuok urten dozue txapeldun! Joko onetan, futbolean baiño suerte obea euki dozue Elorriotarrak. Aurrera mutillak, iñoiz aspertu barik!


Jakin ba...

1.—Konfirmaziñoa, berarizko modu baten Espiritu Santua emoten deuskun Sakramentua da. Orrez gaiñera, kristiñau fedean sendo jarraituteko adorea, siñesmenaren alde gogor egiteko kemena, ta Jainkoaren arerioren kontra indartsu izateko grazia emoten deusku.

2.—a) Egia da. Jesusen irakaspen guztiak ez dagoz Eskritura Santuan. Eleizeak Apostoluakandik agotik belarrira ta belarritik agora dakiz Jesukristoren beste irakaspen asko. Oneen artean dago Konfirmaziñoko Sakramentua.

b) Ez da egia. Ona emen Apostoluen Egintzak deritxon Liburu Santuan irakurten dana: «Jainkoaren berbea Samariakoak artu ebela Jerusalemeko Apostoluak entzun ebenean, Pedro ta Juan bialdu zituen eurakana. Eta oneek (Pedro ta Juanek), Samariara eldu zireanean, ango kristiñauak Espiritu Santua artu eien, otoitz egin eben. Orduraiño ez zan Espiritu Santua euren arteko iñogana etorri, Jesusen izenean bateatuta bakarrik egozan-da. Eta orduan, eskuak gaiñean ipinten eutsezan eta Espiritu Santua artzen eben».

Oarra. Samaria aldean Apostoluen denporan Felipe Diakonoa zan Mixiñolari, eta Jesusen dotriña santua ederto zabaltzen eban. Felipek bateatuteko bai, baiña konfirmetako eskubiderik ez eukon. Orregaitik, Pedro ta Juanek ara joan bear izan eben konfirmetako, orain gure Obispoa erririk erri ibilten dan legez.

c) Egia da. Eta onek gauza eder bat emoten deusku adietan: Konfirmaziñoa emoteko oiturea Eleizearen asiera asieratik izan zala, eta kristiñau guztiak Sakramentu onetan siñesmen sakona ta sendoa ta zarra eukela.