ANAITASUNA

IX URTEA N.º 100

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

APRILLA (4) 1963


Gure pekatuaren saria, Kristoren eriotza. Kristoren eriotzaren irabazia, gure bizitza-barria

"Pekatuaren saria, eriotza"

Paradisuan, gure lenengo gurasoak illezkorrak ziran, baiña il-ezineza ori ez jagoken berez edo bere izatez, Jaungoikoaren borondatez edo gurariz baiño. Ilgo ez baziñan, Jaungoikoak olan gura ebalako izango zan. Baiña pekatu egitean, gizona bere Egillearen aurka jeiki zan; iñes egin eban Jaungoikoaren eskuetatik, eta antxe... bakartade orretan, aurkitu eban eriotza.

Pekatuak eta eriotzak dauken zer-ikusia ez da jazorizkoa bakarrik. Batez be, izatezkoa da. Gizonaren izadiak, bere Egillearen maitasunagandik urrun, ezin dau ezin-il. Pekatua, orregaitik, gizadi osoaren eriotza da.

Guztiok il bear gara, lenengo gurasoen pekatua gizadi osoaren pekatua izan zan-eta.

***

"Gure ordez pekatu egin dau Aitak pekatu ezagutu ez ebana, onegan guztiok Jaungoikoaren justizia euki daigun" (II Kor. 5, 21).

Kristoren kurtzeko eriotza bearrezkoa zan. Bearrezkoa, ez gure pekatuaren gaiztotasuna neurri-bakoa izan zalako, baiño gure pekatuaren zorra Aitari ordainduteko, derrigorrez BAT egin bear zalako gizadiaren zoriagaz eta, beraz, baita eriotzeagaz be. Bestela, bere ordainketak ezeban ezer-be balioko guretzat. Bestela, Kristok ez ginduan gure barriz erosiko.

Pekatua, Jaungoikoarenganako gorrotoa dan ezkero, maitetasunez garbitu bear da. Onegaitik, Kristok jasotako kurtze-eriotzean, eriotzak berak baiño geiago errukitu bear gaitu Kristoren maitasunak. Kristok, izan be, maitasunagaz salba gaitu.

Kristiñauak be, maitasunez eroan bear dau bere kurtze-bizitza.

***

"Kristo berbiztu ez bada, gure siñismena utsa da (I Kor. 15, 17). Kristok illobitik urten ez baeban, zertarako balioko eban bere eriotzak? Kristo oraindik ilda badago, Kristok eriotzan amaitu badau bere bizitza, zergaitik biziko gara gu eriotz ostean? Ez, Kristo berbiztu ez bada, gure bizitzak be amai ori eukiko dau: illobia. Baiña, ez. Kristo berbiztu egin da.


Baserriari iru irakaskizun. Pio XII-gnak diñoskuna

Plazakoekaz batera jotea egunean bizitzea, dana jakitea. Baserritar askoren bularrean dagon gauza auxe. Ta pozgarri dan gertakizuna. Jakituriaren egarria daroe gaurko baserriak. Animako balioak estimatuten dauan baserritasuna, inportantzi aundikoa gaurko egunetan. Ona ta zuzena da, ba, asmo eder oneek zirikatu ta aurrera eroatea. Ona emen, Pio XII-gnak baserrien kulturari buruz emondako iru zuzen bide:

1.Ezagutu baserri-bearrak. Esan bat da baserrietan lurrak egiten dauala dana; baiña baserritarrak ondo dakie lurrak emoteko, buruaren bearrizana dagoala. Ez dago ez gari ta ez artorik, soloan izerdi ugari ixuri barik. Garia izateko alegin aundiak egin bear. Gaurko jakintz barriak aurrerapen aundiak argitaratu dabez, gizonaren alegiñak lurraren indarragaz alkartuteko. Bear-bearrekoa ondo ezagutu ta zarraren ordez ipintea. Onek esan gura dau, ezin dogula gaur jokatu asabaren erramintakaz. Batez be, gazteek izan bear dabe lenengoak ezagutz oneetan. Eurak dira baserriaren itxaropena.

2.Soziedadearen zatia gara. Baserriko bakartasunak garoaz lagunartetik aldendutera ta gure kontzientzian kalekoak baiño zeozer gitxiago garala siñistea. Ez dago gauza okerragorik. Labrantza da emen nazioko bizitzaren nerbioa, ta baserriak beti emon dauz gizon ospetsuak. Santu ta politiku asko daukoguz. Baiña arrisku txiki bat daukogu: norberetasunean sartu ta lagunurkoari bazterrean itxitea; gure mendi tartean itsutu ta mundu zabalari ez begiratutea. Jaungoikoaren agindua barriz, lagunurkoagaz kolaboraziñuz bizitzea. Danak alkartuta gura gaitu. Ez dira gure begiak geure lur eta baserriak ikusteko bakarrik; geureak, auzokoenak ta mundu guztiarenak begiratuteko baiño.

3.Sakondu gure kristiñautasuna. Kristiñautasunezko formaziñu on baten egarria. dauko baserriak. Txikitan ikasitako dotriñagaz bakarrik gabiltz geienak, iñon sakondu barik. Istrusiñu on baten bearrizana dago. Alaiagoak izango giñake Jaungoikoa ta baserria alkarturik ikusiko bagenduz. Egunero ikasi bear dan kristau-ikasbide on bat, Biblia bat eta egunean jarriten gaitun errebista bat derrigorrezkoa jaku. Ez euki bakarrik; ikasi, ta batez be bizi. Onetarako gogoan artu abadeen irakaspenak; eurek dira, Kristoren berbetan "lurreko gatz eta argia". Kultura eukiteko be barruko indarra bear da. Ezta berezkoa, ta izerdia da biderik ederrena.


Erlijiñua ta formaziñua

Formaziñuaren asiera, auspena ta azkena Jaungoikoa da; alan esan genduan joan zan illean. Ez dot uste, ostera, ondo esanda dagoanik, edo, beintzat, afirmaziñu osoa danik: Jaungoikoa ez da formaziñuaren asiera, auspena ta azkena bakarrik; Jaungoikoa gizonaren bizitza GUZTIAREN asiera, auspena ta azkena da.

1. Gizonaren bizitza mundua baiño arantzago doa...

Gizona ez da mundu onetarako egiña; obeto esanda: gizona ez da mundu onetarako bakarrik egiña. Gizonaren izakera berberak beste mundu bat eskatuten dau. Gizonak mundu au beste mundu batera joateko bidetzat artu bear dau. Askotan, egia esan, mundu onetan eroan bear dan bizitzari ez deutsagu bear dauan jaramonik egiten; au txarto dago; mundu onetako bizitzak be bere inportantzia bear dau. Bear bada oraiñarte pulpituetatik, papeletatik, t. a., mundu au gaiztoegitzat euki dogu; mundu onetako gora-berak be Jaungoikotu egin bear dira ta Jaungoikoarengana joaten lagundu bear deuskue; "ez zerurik mundu bage, eta mundurik zeru bage".

Baiña, gizonaren joera edo elburua mundu au baiño urrunago dago. Gizon guztiak Jaungoikoaren deia daroe barruan. Lengo illean gizona Jaungoikoarengandik sortua dala esan genduan. Ori egia bada —egia da, siñistu, gazte!— ez da miraritzekoa Jaungoikoarengan gure joera eukitea. Gure barruan Jaungoikoaren GOSEA daroagu!

2. Erlijiñua da Jaungoiko-gose ori asetzen dauana

Jaungoiko-gose ori ez dau gizonak asmatu, Komunistak alan esan arren. Gose au lenen-gurasoengandik dator. Mundu onetako gizon guztiak sentidu dabe gose au. Gose au ez dabe ez abadeak, ez frailleak, ez... Kristo-k inbentatu pobreak engañatzeko, ez; Kristo mundura etorri baiño len, gizonaren barruan Jaungoiko-gosea egoan. Gose au danak eroan dabe barruan, eta danak eroango dabe, danak. Ez dago ez komunistarik, ez materialistarik, ez fedebakorik gose au ez daukanik! Kruschov, jaun altsuak Berlin-go "komunisten batzar-nagusian": "... ez dogu siñistuten ez Jainkoarengan, ez deabruarengan"... esan arren —gizajoa!—, Kruschov berak be, aitu ando, irakurle, Jaungoikoaren gosea daroa bere barruan! Bestela, ori ez eban esango...!

Zelan erantzun, bada, Jaungoiko-dei oneri? ERLIJIÑUAREN bitartez.

Gizona beti izan da "animali erlijiñudun" bat. Kristo etorri baiño len existidu da erlijiñua; eta ez Israeldarren tartean bakarrik, munduko beste egal guztietan existidu diran gizonetan be bai. Beti existidu da Erlijiñua. Beti alegindu da gizona bere Barruan daroan Jaungoiko-gose ori asetutzen.

Guk be, geure barruan daroagun Jaungoiko-gose ori beteten alegindu bear gara. Gu, Jaungoikoari eskerrak, Kristo-ren erlijiñuaren jarraitzalleak gara. Baiña, Jarraitzalleak izatea ez da naiko; erlijiñua ez da Kristo-ri jarraituteko edo beste mundura joateko "firma" bat botatea, ez; Erlijiñua bizitza da, eta bizitza danezkero, bizitza orretan formatu egin bear gara.

Alegindu zaitez, gazte, erlijiñu kontuan sustraitik formaten.


Udabarria

Lore pipillak: eldu da Udabarria!

Zelaiak, solo-motak, dana asi da barriztatzen. Etorri jako izadiari jagitzeko ordua. Bizitz barriaren poza eta edertasuna artzen da nun-nai.

Zabaldu da zerua eta argitu egin da lurra: egun-argitze ikusgarriak eta illuntze epelak; danean udabarria.

Eta ze ederra dan bizitza barria, edur azpitik urtetea!

Etorri da udabarria arbola eta txorientzat, erreka eta zelaientzat, kirkil eta piztientzat. Etorri jako gizonari bere udabarria? Biziro ardura deuskun itaunea; berez datorrena.

Azterketa apur bat egiten badogu, zer ikusten dogu? Lengo inkonprenziñuak, lengo eztabaidak, lengo mugak, lengo betondo, otzak gizonen artean, gure artean. Eta beti lez, edo trenean, edo elizan, edo kalean gure ondoan dagoan orreri ez deutsagu berbarik egiten, ez deutsagu interesik artzen; ez balitz legez bizi gara bere alboan. Eta udabarri onetan bertan, gu lango 10 milloi ume, andra eta gizori ilko dira goserik (10 milloi izen, 10 milloi apellidu, 10 milloi lagun, 10 milloi senide, 10 milloi ezagun!) Eta beste aldetik, an edo emen, ainbat diru joango dira banketetan, jolasetan, bonba ikaragarriagoak asmatzen.

Ez, ez jako etorri oraindik gizonari bere udabarria. Udabarria bizitz-barria da, poza, barriztatzerako deia, epeltasuna. Eta gure alkar-emonak izoztuak, otzak dira oraindik. Negupean gagoz oraindik.

Danok (gizon, andra, ume ta zar) alkar-anaitasunean besarkaturik, alkar lagundu eta jasoten gareanean, orduan izango da gure artean bakea eta argia, orduan etorriko jako gizonari bere udabarria.


Konziliua ez da amaituko egundo

Noiz amaituko da Konziliua?

— "Konziliua ez da amaituko egundo be", esan dau Leger kardinalak.

Garai bat zabaldu dau Konziliuak Elizan. Konziliu au ez da izango ekitalditxo bitan beteko dan zeregiña; ez da mai gañean asi eta amaituko dana. Erromako ekitaldiak banatzen diranean, orduan asiko da Konziliuaren zeregiñ aundia: Eliza barrubarrutik barriztatzea.

Zergaitik? Konziliua gizadi osoari begira parau dalako; Ruan-go arzobispuak diñoan legez, Konziliuak ispiritual indarrak neurtu deutsozalako gizadiari; ispiritual beartasun guztieri erantzun zabal eta trebea emoten alegindu nai dauatako.

Eta gizadiaren beartasunak aundiak dira. Ogei gizaldi ba-dira Kristo etorri zala eta oraindik

- iru gizonetik bik ez daukee Kristoren barririk,

- bi gizonetik bat Asia-tarra da eta Asia-n ia entzun be ez da egin oraindik Kristoren deia. Eta 50.000 jaiotzen dira egunero kristau ez diranen artean.

- iru gizonetik bat Jaungoiko-ezko estadupean bizi da,

- bi kristauetik bat katolikua,

- iru gizonetik bi goserik dagoz.

Konziliua mundu osoari begira dago. Danok gagoz Konziliuan; danok gagoz Konziliuaren buruausteetan. Eta buruauste oneek ez dira aurten erabakiteko lakoak, ezta urrengoan be.

"Konziliua ez da amaituko egundo be", Konziliu au eta Elizaren asmoak, buruausteak eta barriztatu-naiak bat egin diralako.

Eta Konziliuaren eginkizuna, Elizaren eginkizuna, danon eginkizuna!

"INCUNABLE"-TIK


Ego-Amerika larri

* Ego-Amerika problemaz josirik ikusten dogu gaurko egun oneetan. Susmatu eziñezko aberaztasunak daukoz oraindik lurpean; lurrerik emoilleenetarikoa seguru asko. Baiña, gaur egunean, ez dago bazterrik Ego-Amerikan gosea ezagutzen ez danik. Asko dira, eta era guztikoak, bertako sozial problemak.

* Biztanleak: 200 milloi, gaur. Emendik 15 urteera 300 milloi, jakitunen ustean.

* Lur-azala: 18.734.500 km2.

* Lurrak zatibanatzea da prolemarik aundienetarikoa. Biztanle erdiak baiño geiago landetan, kanpoan, bizi dira: 30 milloi dira biarginak. Oneetatik, 24 milloi dira lurrik ez daukeenak. Biergin oneek jaun aundien mende dagoz, iñoiz ezer eukiteko itxaropenik bage. Ondorengoa: 24 milloi biergin eta euren familiak (100 milloi inguru danetan) beartasunean, mixerian bizi dira.

* Au dala-ta, landatar jentea erri aundietara doa. Chile-ko Santiago-ra 40.000 lagun eltzen dira urtero, eta Buenos Aires-era milloi bat urte oneetan.

* Baiño, ango bizitza ez asko obea. Problema barri bat sortuten da erri aundietan: bizi-lekurik eza. Erritar barri oneen artean 100-ko 88 errukarri bizi dira benetan, eta beartasun gorrienenan.

* Era onetako bizitzan, gizontasunaren eta moralidadearen arriskuak neurri bageak izan bear dabe derrior.

* Eskola premiña ikaragarria dago. 10 urtetik gorako analfabetuak 100 milloitik gora dabiltz. Ondorengoa: errez eta begiak itxita jarraitzen jako zeozer dakian edonorreri.

* Unibersitariuak: 350.000. Ia erdiak, 150.000, Argentinatarrak dira.

* Ego-Amerika: lur barri eta aberatsa; almen aundikoa, baiña oraindik asten dagoana. Ardura aundikoak ditu urte oneek bere bizitza guztirako. Nundik-norako bideak artuko ditu? Komunismua ez da izango azken itzartuko dana.

* Estadistika oneek "Secretariado Interamericano de Acción Católica"-k eratuak dira. Aor dagoz guztion gogarterako. Ez da bertanbera lagateko gaia.


Gurasoak eta semeen garbitasuna

Egia da, gizon-itxura daroagunok, gurez, lurrera eta aragira joten dogala. Eta... ez gero indar gitxiagaz! Prolema au erabakitea ezta ain gauza erreza. Ez orixe! Batez be gaztaroan, zelako zartadak!

Eta gurasoak semeen garbitasunaren problemiagaz aurkituten dira sarri-askotan. Zelan atera korapillo motrollotsu onetatik?

Enoa problema gatx ori erabakitera, ez, baiña kontzeju batzuk emon naikezelakoan nago.

* Arduratu zaiteze, zuen semeak janari kilikagarriak ez daiezan artu. Al badozue, jateko ordu fiju bat jarri. Eztaitezala oeratu jan eta lastertxu.

* Urrie bakoitzak euki daiala bere oea. Mutillak eta neskak kuartu batean eztaiela lorik egin. Oean bero larregi eztaiela euki eta koltxoiak bigunegiak eztaitezela izan.

* Itzartuten diranean jaiki daitezala arin-arin, agindu bear jake. Oean ezta bear nagikeririk. Eta kontuan euki bear dozue, gurasoak, zuen semeen jantzien nasaitasuna, batez be semearen gaztaroan. Eztira bakarrik "luzatu" bear, baita "zabaldu" be.

* Ez permititu kontugabekotasun bat be jantzien dezentetasunean.

* Ez sartu etxean periodiku, errebista eta dibuju lizunik.

* Umetxoen aurrean ez egin berba ain gordin-gordin ganaduen txal-egitetzaz eta beste olako guazetzaz. Erretz pentzatzen dogu umeak euren jolaseetan dabiltzanean ezteuskuela ezer be entzuten. Kia! Orduantxe dagoz atentziño geienagaz euren gurasoen berbataldia entzuten. Augaitik, ba, kontuz zuen badaezpadako berbaldietan!

* Begitu ondo zuen semeen lagunak nortzuk diran.

* Ez itxi esku-jolasetan edo maite-min biziegietan ibiltzen.

* Jakin noregaz doazen eta datozen eskolatik.

* Baiña kontzeju guzti onekaz ez pentza zuen semeentzat polizi edo txapel-oker batzuk lakoak izan bear dozuenik, ez; gauza guzti enetzaz zeozer preguntetan deutsuenean, eranzuen semeak koskortuta dagozanean, ezin izando dira aplikatu. Gai onek maillak daukoz eta ezta komeni umea oindiño txiki-txikia danean azkenengo mailletan ipintea. Mutiltxoa koskortuten danean, gauza koskorragoak sartu leikioz.

* Azkenengo kontzejua: zuen semeak gai onetzaz zeozer pregutetan deutsuenean, erantzun, erantzun beti egiagaz. Baiña egi onek eztauko ain gordin-gordiña eta argi-argia izan bearrik. Zeuek jakingo dozue zelan neurtu gertaera bakoitzean.

* Eta batez be, erregutu Jaungoikoan zuen semeen alde.


Itxasoko prolemak aztertuten

• Frailleak "Naviera Vizcaina"-ko kapellau

• Elizari bide barriak irigiten

• Animak petroleruak baiño geiago balio dabe

Oraindiño oraintsu ikusi doguz gure periodikuetan iru-lau artikulu Españi-ra petroleua igaroten dabiltzan Euskaldunentzaz. Eztot gura nik emen barri ori emon; ori periodikuen biarra da. Nik, erabilli gura dotana, artikulu areek ekarren barria beste alde batzuetatik begiratutea da, ze askotan, batzuk, barriagaz bakarrik geratuten dira sustraietaraño sartu barik.

Lenengoz, kapellaua derrigorrezko barruko lagun bat lez "Naviera Vizcaina"-ko petroleruetan ikusten da. Barri ederra auxe, baiña orain arte landa onetan gitxi egin dala diñoskun barria be. Lantzian bein eta gitxi gorabera, ba-doaz batzuk —esango da— baiña lantzian bein eta gitxi gora-berako biarrak arrisku bat daukee: ezer ez egitea. Naviera au ez ezik, zenbat petroleru dagoz? Eta bezte klase ta moduko barkuetan, zenbat kapellau dagoz barruko lagun baten nortasunagaz?

Gaurko barkua erri bat dala esan geinke eta erri batean gizonaren naitasun guztiak beteteko erreztasunak dagozan lez, alan barkuan —bakotxari berana emon da— gizonak bere beartasuneri erantzuteko dana euki bear dau.

Barkua, ba, itxasoko erri bat bada, ezin aztu Jaungoikoari jagokonaz. Esango dau iñok, eztagozala apaizak edo kapellauak ain gauza txiki batean gastateko moduan, Eliza eztala bazter orretan sartu bear. Gauza txikia da barku bat, egitan, beste gauza askogaz konparaten badogu, baiña berrogei ta amaika anima eztira gitxi Elizarentzat ezta txikiak be. Elizak, komunista izanda be, eztau aztuten iñor.

Txarto entenitutako komunismuarentzat eun lagun be eztira ezer. Elizarentzako bat naiko da, ta bakar ori salbatu bear dan tokian, antxe dago Eliza. Gaiñera petroleru oneetan ikusi danez, itxas-gizonetatik asko euren bakar-aldietan apaiz baten egarri dagoz. Biotzez esandako berbak dira oneek.

Beste leku askotan lez, Elizak beste prolema bat dauko ementxe. Baiña asita dagon gauzea, erdi egiña.


Eleiza Ama Santaren abotsa. Biar-sari txikiena edo jornal bajuena-ri buruz

"Biarreko ordu normaletan (eta bateri jagokon medidan!) biarrean diardun biargiñak, justiziaren eta bateri zor jakon errespetoaren izenean, errazoiagaz eta zuzen eskatu daike beraren on-bearrak eta erresponsabilidade guztiak beteteko-beste sari edo jornal". (Pio XI'nak).

"Prolema sozial" egite onetan inportantzi aundiena daukon kuestiñoia soziedade-mailla guztien artean benetako anaitasun-sua biztutzea da. Maitasun onek gauza asko konponduko leuskiguz... Baiña edozelan be, salario edo biargiña bear dan eran sarituteko prolema onek ikututen gaitu geien. Obreruaren bizia da-ta!... ainbat ariñen soluzionatu bear da, ba, au. Tajuzku biar-sari barik ez dau familiarik, ez...

Egia nai badogu eta guzur zaleak ez bagara, leku askotan gaur bertan emoten diran jornalak barregarriak dira. Berrogetabostekoak!... Lotsagarria.

Eleizaren dotriña garbian argi eta garbi agertuten da gizonaren biarra ez dala edozein saldu-erosiagaz neurtu bear. Ez. Aita Santuak diñoskuen legez, gure biarra ez da diruarekin pagatuteko. Obreruaren biarra ezin daiteke traste edo makiña batenarekin bardindu iñoz, euren ezbardintasunak onelako konparaziñorik ez dabelako ametidutan. Orregaitik gizonaren biarra ezin leike inok erosi tratu batean, norberak nai daben erara. Au gizona ber-bera saltzea edo erostea litzake, eta ba-dakigu kristiñau artean galazota dagoala au! Ezin daikegu. Menpekeria edo serbidunbrea sasoia da Eleizak madarikatu ta proibitu ebala. (Quadragesimo anno)

Aita Santu Pio XII'nak ezin obe esaten deusku: "Gizonaren biarra bere bizia da, eta gizonaren bizia bada, ezin leike iñok bera erosi edo edozein moduan erabilli. Orregaitik edozein gizonaren biarra bizitzak eskatuta daben neurrian saritu bear da gitxienez dignidade eta justizia garbian". (Disc. 3-6-1950). Eta ainbeste emon ezin daben biarra, au da, rentable ez bada, eliminatu ta kitu!

Biar-sari edo "salario minimo" onek iru semedun familia tajuz mantentzeko neurrikoa izan bear dau. Sari bajuen au merezidu ez daben biar-klaserik gizonen artean ez dogu ikusi bear; gizonaren biarrak ondo balio dau bizitzako bear-izanak ordainduteko beste. Bai.

Ta "salario minimo" au lortuteko ugazabak eta biargiñak biak euren bete-bear propioak ditue.

Ugazaben aldetik biargiña beti neurriz saritzea da agindurik nagusiena; eta obreruak barriz rendimendu normalagaz ekin bear deutso biarrari.

Eta obligaziño oneek zietz beteten badoguz beingoan agertuko jaku udabarria: Gizonaren eskubide nagusiak eta deretxoak ez dira geiago urratuak eta zapalduak izango.