ANAITASUNA
IX URTEA N.º 101
Dep. Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa
MAIATZA (5) 1963
Maiatza: udabarria eta gaztedia. Nora doa gure gaztedia?
Gaztedia dakarzkue gogora il oneek. Zelan dabil gure gaurko gaztedia? Estadistika bat egin da Frantzian 16 urtetik 24-eraiñoko gazteen artean. 127 erriko 1.523 neska ta mutillek euren erantzuna emon deutsoe itaun oneri:
"Zer da bizitzan lenengo dana?"
Euneko 43-k: osasuna,
18-k: dirua,
13-k: maitasuna,
7-k: askatasuna,
5-k: biarra,
4-k: fedea, siñismena.
Estadistika au Frantziko gaztediarena da, baiña Europa guztira be zabaldu geinke eta asko aldatu barik, bear bada. Nora doa gure gaztedia? Zer pasaten jako?
Gaurko gaztedi au euren eskuetan daukeenak itaun gatx askori erantzun bearko deutseez. Munduaren bideak zaintzea nai bada, ezingo da laga gaztedi au "etorrera" itsuaren besoetan.
Aztu bear ez doguna da: mundu osoan eta, batez be, Asia-n eta Africa-n, Europak zer-ikusi aundia dauko. Asia eta Afrika kultur-mugak zabaltzen asi dira eta Europa-ra begira dagoz. Orreetariko gazte asko dagoz gure artean, ikasten, formatzen.
Aundia da mundu zabalearen aurrean gure gaztediaren erresponsabilidadea; baita neska eta mutil oneen ardurea daukeen guraso eta abarrena be.
Benetan, gure gaztedi au jasotea, zuzen edukatzea, mundu osoko gaztedian biarra egitea da.
Bizkaian argitaratuten dan erderazko aldizkari batean agertu zan ipuiñ au, zezeillako alean. Berba bitan, auxe da ipuiña:
"Gazte bat bere burua erreka batera botateko zorian aurkituten da. Aspertuta dago bere zoritxarreko biziagaz. Baiña, onetan, osagille batek topaten dau. Osagille onek osagai barri bat asmatu dau legenarraren aurka, baiña norbait bear dau lenengo-saioa egiteko, arrisku andiak ditu-ta. Gure gaztea prestatzen da ortarako. Saio ori, barriz, emetik iru illebetera izango da; bitartean, gaztea osagillearen pentzura biziko da; nai-aiña diru eukiko dau, ta nai-aiña atsegin. Kabaret-etan, teatruetan, era guztiko atsegiñetan igaroten ditu bere egunak gure gazteak.
Baiña, eldu jako ordua. Igaro dira aurretik emoniko iru illebeteak. Zer? Il egin bearko orain, bizitzaren edertasuna ta atsegiña idoro ondoren?
— Ez! Ez dot gura il! Ez dot gura! —deadar egiten deutso gazteak bere jaunari. — Orain dana ikusten dot beste begi batzuekaz, dana iruditen jat ederra ta bizigarria!
Eta gure gaztea etzan il. Osagai barriarena, osagilleak asmatutako ipuiña zan".
Onarte aldizkariko ipuiña. Zer deritxozue? Ipuiña, ezta? Bai, ipuiñ polita. Baiña, ipuiñ au kristiñau ondorengoak atarateko egiña izan dan ezkero, itaundu daigun zein ondorengo atara daikegun.
Gizasemeen bizitzako edertasuna atsegiñetan dagoala? Ori egia izango balitz, derrigorrez esan bearko genduke asko ta askoren bizitzak ez daukola errazoirik. Begira deioegun, ostera, gaixoeri, beartsueri, langille askori. Derrigorrez, ba, ezin dogu ipiñi atsegiñetan gure bizitzaren oiñarria.
Nun jarri bear da oiñarri ori? Lurre ontako mugarriak baiño arantzago, gorago: Jaungoikoagan. Jaungoikoak sorterazo baidau mundua, eta bizitza. Gure bizitzari, beraz, Jaungoikoa kenduten badeutsagu, galdua dogu benetako poz eta alaitasunaren itxaropena. Atsekabeak eta frakasoak izango ditugu nun-nai. Baiña gure guraria Jaungoikoaren borondatean jarriten badogu, iñork ezdeusku bakea ostuko. Jaungoiko onaren irribarreak beteko gaitu betiko.
Begi onekaz gure bizitza ikusita, gitxi ardura dau zoritxarra edo zoriona izatea. Mundu hontako gora-berak baiño gorago aurkitu izango dogu gure bizitzaren edertasuna. Orregaitik, zuzendu bat egin gura deutsagu aldizkariko ipuiñari: ipuiña ezta oindiño amaitu edo, obeto esateko, txarto amaitu da. Asierako situaziño gorrian aurkituten da oindiño gure gaztea. Oindiño eztau idoro bizitzaren benetako edertasuna ta bere burua edonoiz ilteko arriskuan dago oindiño.
Gurasoak ondo konponduten dira urte bardiñekoak gitxi gora bera badira. Asko komeni da biak oitura bardin samarreko lekukoak izatea. Soziedadeko naste-borraste garratzetan ibiltea guztiz txarra jake. Semeen edukaziñua biena dala, ez batena bakarrik, konbenzituta egon bear dabe. Ondo neurtu bear dabe semeen edukaziñua.
Semearen personalidadea geiagotuteko, bai gorputzan eta baita ariman be, etxe osasunduna eta lekoduna eztira naiko izango bakarrik; oitura onak eskuratu erazoten saiatu bearko dira: jaateko orduak, ibiltekoak eta gabekoak errezpetaten erakutsi bearko jake lenengoxamar. Gurasoak umeari komeni jakon libertadetxoa emoten jakin bear dabe. Umeak zaarren artean bakarrik eztira azi bear, bestela gero gizon bakar-zaletasunegiak izaten dira-ta.
Gizon askorentzako, umetxoa gizon nagusiaren irudi bat besterik ezta, ba eurak lez daukeez besuak eta ankak mobiduteko, baita belarriak eta begiak be entzuteko eta ikusteko. Askotan gurasoak neurtuten dabez umearen almenak ume-neurriagaz eta uste dabe eztirala sasoiko oindiño alboan egiten eta entzuten dabena enteniduteko. Eta origaitik permetiten dabez gurasoak alkar artean ainbat berbaketa lizun eta ainbat egitadi gorri, umeak gorrak eta itxuak bailiran.
Umeak DANA konpreniten dau! Zegaitik? Ait-amagandik PERSONA diferente bat dalako eta ez armarioan lotan dagon muñeku bat! Umeak bere mundutxoa, oiturak, berbaketa eta pentzamentuak daukaz, eta gurasoak sustraitik ezagutu bear dabez gauz orreek, bestela semeen edukaziñua lurrera dator.
Eta kristiñau-formaziñua! Nundik dabil gaurko kristiñau-formaziñua? Ba-dakit zer esango deustazuen: "Sarritan gure etxeko biarrakaz eztogu eukiten denporarik, eta erriko maixuagan botaten dogu ori". Erantzungo deutsuet: "Gurasoak baiño maixu obeagorik eztago semearentzat". Gurasoak dira lenengo maixuak. "Baiña —aurrera jarraituko deustazue— zelan erakusi nik ezer ezpadakit? Gaur eskolan liburu asko daukeez...". Erantzungo deutsut: "Libururik onena amaren biotzeko liburua". Eztakizula? Ezer-bez? Zeozer bai orraitiño! Ba "zeozer" ori erakutsi beintzat. Eta erakutsi biotz goxoz, zuek guraso maiteok, egiten dakizuen lez. Zuen biotzeko berba batek geiago balio dau, erriko maixuaren sermoi batek baiño. Gure erlijiñuko gauzak erakutsi sustrairo eta ez azalez, bestela aundiagoak asten diranean etorten jakez beste milla erlijiñu txar, esate baterako komunismoaren dotriña, eta... or doaz gero ankaz gora.
Erakutsi sustrairo, mamintsu eta artez gure egizko erlijiñuaren dotriña.
Eta ez pentza txantetako gauza bat dala au, ez; gurasoak obligaziñu astun bat dabe gai onetan.
Gure erlijiñuaren kontrakoak gure erlijiñua ikasten dabe gu lurreratuteko; zegaitik ez estudiatu guk gurea defenditeko?
1. Madame Tsombe
2. Bandaranaike
3. Wu
4. Sofia Loren
1. "Lenago onak gauza onak egiten zituen eta txarrak gauza txarrak. Baiña gaur "onak" nire senarraren etaerriaren atzetik dabiltz, eta zergaitik? Ezin dot asmatu zelan diran gauza oneek!"
— "Gizonen gauzak", erantzun bearko deutsagu Tshombe-ren andreari.
Baiña "onen" gauzak ulertu ez arren, Tshombe-ren andreak ikasi gosea daroabil. Bruselas-era ekarri eban senarrak bere alabeekin, danak ez galtzeko be. Eta bere erbesteko egunak ikasterako aprobetxatu ditu. Alabeak kolejiora joaten ziran txintxo-txintxo, eta berak etxean eoten eutson ikasteari. Tshombe-ren andrearentzat ez dira izan ordu galduak Bruselas-en egin dituanak. Gizaldietakoa da Afrika-k eta Europa-k daukeen aldea, baiña onelako interesarekin laster joango gara baretzen.
Poztu begi Tshombe jauna bere andrearen jokaeragaz.
2. Andrazko izen entzute aundikoa. Orain lau urte, bere gizona il ebenean, Ceilan-go "primer ministro" mailla lortu eban. Andrazkotasun sendo eta trebearen iruditzat artu genduan bere jesto ori.
Oraindik ontsu, China-India eztabaida baretzen berezi jokatu dau.
Baiña ez da dana txalogarria eta garbia Bandaranaike-ren politikean. Laster diran botasiñuetan budisteen laguntza irabastearren, euren naiara makurtu da: Katolikuen eskolak artzea eta erlijiosuak kanpora botatea. Au dala-ta, ainbat ospitel eta gaixo bertanbera gelditu dira.
Naiago izan dau Bandaranaike-k boto batzuk irabaztea, ainbeste ume eta gaixoen deadarra entzutea baiño.
Biotzez sentitu bear Bandaranaike-ren jokaera au. Ezingo dogu txalotu oraingoan.
3. Geroago ta geiago, andrazkoa bere eskubideen kargu artzen dator. Batez be gaur, asko entzuten da onetzaz: andrazkoak gizonezkoekin pare izaten nai dau sail askotan. Bere almen guztieri bideak iregitzea nai dau andrazkoak. Eta ez da dana ain oker naia. Egoki datoz gaur onelako barriak: Wu doktorak inbentu aundi bat asmatu dau. Andrazko batek, txinea jatorriz, lortu dau ainbat jakitunen luzaroko ametsa.
Eta jakiña, ipar-amerikatarrak Wu izentatu dabe "lenengo andrazkoa" fisika saillan. Emendik aurrera, asmatzaille aundien izenen artean andrazko alai baterena entzungo dogu: Chieh-Shiunb Wu.
4. Joan dan febreroan loba bat euki dau Sofia Loren-ek: Alessandra Mussolini. Bera izan zan umearen bataioan ama-besoetako izatera izentatua, baiña galazo egin jakon.
Jakiña, kristau bateren guraso-ordezkoa izatea bizibide garbia eskatzen dau. Bistan dago beso seguruetan laga bear dala bataioaz konsagratua izan dan umea. Sofia Loren ziñeko artista da, itxura ederrekoa... Baiña ez da naikoa Elizarentzat. Bizitz zuzen eta garbia bear da.
Sofia Loren biotz onekoa da, eta bake zalea... eta ori ondo dago, baina Sofia Loren bere gizona laga eta Carlo Ponti-gaz dabil, eta ori ez.
Gauzak diran legez eta bakotxari berea: personeeri errespeto osoa, gaiztakerieri egundo be ez.
"Francisco de Asis" (pelikulea)
Zuek guztiok Michael Curtiz-en pelikula au aspaldion ikusita edo ikusteko erea eukiko dozue. Geienetan, gure ustez, eritxi onezkoegiak entzun ditugunez, emen zeozer esan gura dogu, "Francisco de Asis-en" egia argitu guraz.
Franzisko deunaren bizitzako ixtoria izan gura badau pelikula onek, lenago esan bear dana da, nai ta nai ez, guzur asko batu izan ditula ziñe osoan zear:
1) Elizak barriztuten asi zanean, Franziskok ez eukan oindiño lagunik. Geroago batu jakozan.
2) Fr. Elias ezegoan pozik Franzisko-ren erregla gogorragaz eta apur bat aldatu gura izan eban. Baiña larregi maite izan eban bere Aita, onen kontra zeozer egiten ausardituteko. Gaiñera, Franziskok ez eutsan itxi iñori zerutik artutako erreglari letra batik be kendutea.
3) Klara ta Franzisko-ren gaztetako alkar maitasunatzaz ixtoriak ez deusku ezertxo be ekarten. Bai-leitekela? Ez dogu ukatuten, baiña gogoan euki bear da Klara Franzisko baiño gizarte-malla goragokoa zala ta gizaldi aretan gizarte-mallako berezitasunak ondoegi gordeten zirala. Onegaitik, gatx izango zan gazte bien alkar maitasun ori.
4) Franzisko deunaren denporan Damieta etzan jausi kristiñauen eskuetan. S. Luis erregeak eskuratu eban andik eta 30 urte geroago.
"Francisco de Asis" ziñe-nobela bat dala? Orixe da guk esan gura doguna be. Nobela bat, Klara ta Franzisko "batzuen" alkar maite-miñaren nobelea, tebeu askoren antzekoa, betiko personajeekaz (senargai, emaztegaia ta irugarren bat, Pablo kondea) ta betiko situaziñoekaz osatua; azalezkoa, sekuenziak zatika batuta. Zergaitik azkenean, nobelea ondo amaituteko, ez ditugu ikusten biak besoa emonda zerura igoten?
Igaz, pelikula au Valladolid-era eroan zan, uri onetan urtero izaten dan "Semana Internacional de Cine Religioso-ren" sariketara. Ta zer? Saria ez jakon iñori emon. Nun asma pelikula onetan jaungoiko-giroa?
Ona emen, azkenez, erderazko aldizkari bien eritxia pelikula onetzaz:
"Todo lo peor de la estampita, el cromo y el almíbar cae sobre esos metros de película extrañamente coloreados y superficialmente contados. El espíritu del "poverello" desaparece entre el coloso, el sansulpicianismo y el ritmo a lo Robin Hood" (FILM IDEAL).
"Superficial y acartonada versión de la vida de tan sublime personaje, convertido por Hollywood en una especie de Robin de los Bosques con hábito" (VIDA NUEVA).
Baserria, itzartu adi! Aita Santua nekazaritzari ekiten
Ainbeste baserri utsitutera doazela-ta, danok ibilli gara buruz-bera, zer egin bear dogun jakin barik. Buruauste au kenduteko ta gauzak bere lekuan ipinteko, Aita Santuak berba egin deusku bere "Mater et Magistra"-n. Danori diñosku beren ikaskizunak gogoan artuteko ta jarraituteko. Batez be, akatz bat agertu deusku agiri-agirian. Artu gogoan eta ipiñi lenbailen berak jarritako erremediua.
Ez dira falta gure baserrietan periodiku ezta radiorik be. Dana dator gure kultura ta aurrerapenaren alde. Ondo dago, baiña ezta dana, dinosku Aita Santuak. Sustraian ongarriak badira, gauzatxo bat kaltegarri jaku. Konturatu barik, menpekotasunezko zerbait gure animan sartuten dala esan bearko. Erriko bizitzaren barri eukiteak, besteen bizitza alaiagoa ta gurea, barriz, epelagoa dela siñistutera garoaz. Mundu barri onetan gure baserriak aztu egin dirala, uste izaten dogu. Siñeste oneek ezaguturik Joan XXIII artega dago. Baten baiño geiagotan esan deusku munduko ekonomiaren ezbardintasuna baserri bizitzaren ezezpenatik datorrela. Ez da Aita Santua bakarrik preokupatu. Erri guztietako eritxia dago gaur kezkaturik.
Eta onen aurrean zer? Auxe: Orain arte, soziedadearen partetik baztertuak izan bagara, aurrerantzean munduaren aurrean irabazi egin bear dogu. Irabazpen au lortuteko, edukaziñu on bat gauzarik ederrena. Zeozer egin gura badogu, auxe da jo bear dogun untzea. Ementxe jo ez-ezik, alperrik gabiltz; ez da naikoa, baserriak utsitutera doazela-ta, berba ugari egitea. Ekin bear dogu. Ta, batez be, gurasoak dira erresponsabilidade aundiena daroenak.
Nekazaritzak, 1950'garren urtean, naziuaren irabazietan ipini eban zatia onela izan zan.
España-n 26%
Brasil-en 29%
Egipto-n 44%
India-n 50%
Pakistan-en 61%
Nekazariak naziuaren biztanle guztien artean dira:
Inglaterra-n 5%
USA-n 10%
Bélgica-n 12%
Holanda-n 29%
Francia-n 36%
España-n 50%
Yugoeslavia-n 75%
URSS-en 50%
Egoamerikan 58%
Próximo Oriente-n 72%
Extremo Oriente-n 75%
Africa-n 75%
China-n 90%
• Zure erlijiñua, Kristo-ren erlijiñua da, gazte!
• Kristo-k soziedade bat formatu eban: Eleiza.
Joan zan illean, "Erlijiñua ta Formaziñua" titulutzat eroan eban artikulutxuan, zerau esan genduan: "Mundu onetan izan diran gizon guztiak Jaungoiko-gosea eroan dabe barruan; eta Jaungoiko-gose au erlijiñuaren bidez kentzen alegindu dira beti".
Zoritxarrez, mundu onetan erlejiñu asko izan dira; baiña, asko izan arren, ez dira guztiak onak izan, ez dabe guztiak Jaungoiko-gose ori kentzeko balio izan. Gizona, pekatuan jausi baiño len, Jaungoikozko bizitzan bizi izan zan. Bere joera Jaungoikoa zan; bere bizi bidea Jaungoikoaren Legea zan. Baiña, zoritxarrez, gizona pekatuan jausi zan, eta pekatuan jausi ondoren, Jaungoikozko bizitza ta bidea galdu egin ebazan; gizona direkziñu bage gelditu zan mundu onetan, Jaungoiko gosez.
Orduantxe sortu izan ziran Jaungoiko-gose ori kentzeko erlejiñuak: batak igetargia artuko eban Jaungoikotzat; besteak, eguzkia; urrengoak, aizearen burrundarea... Mundua gau baltzean jausi zan!
Baiña, Jaungoikoa errukiorra da. Bere errukitasunetik urtengo eban gizonaren Salbaziñuak; eta erruki ortatik urtengo eban benetako Erlijiñuak, benetako salbatzailleak; erruki ortatik urtengo eban KRISTO-K.
Kristo-ren etorreratik gizona, eta gizonarekin izadi guztia, salbatuta geldituko zan; baiña, ez edozeiñ gizon, Kristo-gan egoan gizona baiño. Kristo-rengan Aitarengana ez ioian gizonak ez eban eukiko Salbaziñurik.
Kristo etorri zan mundura. Mundu onetan bizi zan. Zer egin eban? Gizonarentzat Salbaziñua irabazi, gizona Jaungoikoaganatu.
Baiña, ez eban denpora aretako gizonarentzat bakarrik salbaziñua irabazi, ez. Munduan izango ziran gizon guztientzat irabazi eban salbaziñua; eta gizon guztiak berak irabazitako salbaziñu onen bitartez salbatuteko, soziedade bat fundatu eban; baiña, ez edozelako soziedade bat, soziedade "Mistikua", "Gorputz Mistikua" baiño. Gorputz Mistiku onen izena ELEIZA da.
Baiña, zer da Kristo-k fundatutako Gorputz Mistiku edo Eleiza au? Eleiza Kristoren "jarraitasuna", Kristo-ren "bizia", Kristo-ren "Espiritua", Kristo ber bera da.
Ta, zein da Soziedade Mistiku onen elburu edo joera? Soziedade Mistiku onen biarra ez da astean beiñ arriz egindako eleizara joan eta Meza bat entzun eta "kitxu" esatea; soziedade Mistiku onen bierra ez da eskapulario polit bat, urregorrizkoa gura ba-dogu, paparrean dindilizka eroatea; soziedade Mistiku onen biarra ez da egunero Jaunartzea, norberaren salbaziñuagaitik bakarrik biar egitea; soziedade onen eginkizun eta joera, munduan dagozan gizon eta emakume guztiakaitik preokupaziñua eukitea, da; soziedade onen eginkizuna norberaren bizi guztia sustrai sustraitik Kristo-ren bidez Jaungoiko Aitari eskeintzea da, eta eskein onen bidez mundu guztiaren salbaziñuagaitik biar egitea. Ta, biar au egiteko ez da naiko Meza Santua entzun edo errosariua erresatea; biar au egiteko bear bearrekoa dau Kristok zure bizitz osoa, zure gaztetasunaren odol bizia, zeure bizitza berari eroatea; baiña, ez edozeiñen bizitza, zeure zeurea dozun bizitz orixe baiño.
Semeak: biarra aurkituteko akatza
Seme asko dituen familietako aitak solteroak baiño gatxtasun geiago aurkituten dabe biar-leku bat edo fabriketan puesto bat topateko orduan.
Erri aundien inguruetan gure mundu onetan, zoritxarrez, beti izaten dira txabolak. Eta txabola orretan famili asko beartsuak dira, diruaren premiña gorrian aurkituten diranak.
Ama bat ikusten dogu txabola orreitako batean. Zortzi seme-alaba daukoz etxean zabalduta; txikiak, danak nunbait, biarrerako gauza ez diranak oraindik. Gizona bera be gaixorik, eta ezin dau gauza aundirik.
Ta berba ta berba —oraintxe dator aundiena— pregunta auxe zuzenduten deutsat azkenean: Zergaitik, ba ez dozu egiten zeuk biarrik fabrika baten?
— "Seme askotxo-edo daukadaz eta ez nau fabriketan iñork artuten".
Amaren erantzun mingotsa: liorra benetan! Kristiñau gareanori min emon bear leuskigu biotzean. Ezarkera gogorra ama onena.
Gogorragoa eta lotsagarriagoa oindiño, ainbeste ugazaba upilako bekoki illunagaz ikustea aita goragarri batek biarra eskatutarakoan, seme asko daukazala agertuten deutsenean. Eta aintza ta txaloa merezidu dabezan aita fin orreek dira, barriz, lotsarik aundiena pasatu bear dabenak. Euren fabriketan ugazabak naiago ditue seme gitxiagoko gurasoak edo biargiñak, eta oba danak solteruak edo mutil-zarrak balira. Ondo dakigu danok zergaitik dan, baiña...
Ugazaba askok eta askok biar billa doanari pregunta auxe egiten deutsoe lenengo-lenengo: Zenbat seme dozuz? Eta asko badozuz, —kito ¡kanpora!,— eztago an biarrik gizo arentzako. Seme asko daukazala esatea, ateak zabaldu bearrean, ixten dauazan rekomendaziñoa da orregaitik gaurko munduan. Kristiñau dan batek ezin leike ori egin...
Eta gero, bearbada, ugazaba oneek bere burua kristiñautzat joko dabe; eta izan leike limosna be egitea. Auxe dogu okerrik aundienetankoa... Limosna baiño ariñago egin bear doguna, justizi ta zuzenbidez eskatuten jakuna betetea, da: Eskatuten deuskuen guztieri biarra emotea ta txabolatan bizi diranen bizimodua obeagotutea da karidadea baiño lenago. Elizak karidadea ez dau ametidu iñoiz justizi-austearen ordaiña legez. Ederto diño Leon XIII-nak: "Gure soziedadea ta gure burua kristinautzat jo gura badogu, karidadea egin baiño len, egia ta justizi garbiak eskatuten deuskuena bete bearrean aurkituten gara; baiña izan be otza da justizi utsa, eta bear dogu bai karidade eta errukiaren berotasuna".
40 milloi ilten dira munduan urtero goserik. (60 milloi danetara).
2000 milloi gizon, andra ta ume goserik bizi dira (irutik bi).
500 milloi analfabeto dagoz munduan.
Baiña, "gaurko gaitzik txarrena ez da pobreen beartasuna, daukeneen zabarkeria baiño". (P. Lebret).
7 billoi eta 200.000 milloi pta. inguru emoten dira munduan urtero armamentuetan: URSS: daukan 100-eko 25, USA: daukan 100-eko 10.
Sabadell uriko "Acción Social Patronal'ak" diñoanez, 137 pta. bear ei dauz gitxienez bi seme dauazan familiko aita batek eguneroko biarsaritzat. Ta famili ugariagoa daukon biargiñak 137 pta.-tik gora eskatuteko deretxoa dauko.
Liburutxo polit batean atara dabez jornalari buruzko Kristiñau-printzipio jeneralak. Eta bertan diñoanez, Españia'n oraindiño, bear dan legez ondo ez garela aurkituten-eta, denpora normaletan aundiagoa izan bearko leuke alogera onek.
Ugazaben eskuetan jarri dabez, azkenez, eta danen artean aztertuko dabez.