ANAITASUNA
IX URTEA N.º 105
Dep. Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa
IRAILLA-URRIA (9-10) 1963
AURKIBIDEA
AITA SANTUA 1
ELEIZA ZER DA? 2
ETA KONZILIUA? 2
PASTORAL BAT 3
DANOK KONZILIUAN 5
OBISPUEK 6
KONZILIUAREN PROLEMAK 7
MUNDUA BERBETAN 8
1. Kristoren ordekoa
Eliza gizarte bat da, gizon-emakumez egindako giza-talde bat. Ez, ostera, besteen antzekoa. Beste gizarteetan, agintza edo autoridadea, jatorriz, taldean edo errian aurkitzen da, eta erriak aukeratu daikez nai dituan agintari edo ordekoak. Elizan, barriz, gauzak eztagoz olan. Eliza Kristoren inguruan asi zan, Kristoren inguruan batu ziran apostoluak eta Kristogandik artu eban Elizak bere asiera ta izaera. Eliza Kristok jaso eban. Eliz-agintariak ez dira, ba, eliz-taldearen ordekoak, Kristoren ordekoak baiño. Eta eurak dauken autoridadea Kristogandik jatorke, ez erri edo taldetik. Elizan autoridadea goitik-berakoa da eta ez betik-gorakoa, bestetariko giza-sailletan jazoten dan lez. Eliz-guztiko agintza, beraz, Kristoren ordez dagokio Aita Santuari.
Baiña, ezta ori bakarrik. Aita Santuaren ordekotasunak sustrai sakonagoak ditu. Jaungoiko Semea gizon egin zanetik, gizatasunak zer-ikusi andia dauko kristau erlijiñoan. Berak gura izan baeban, Jaungoikoa jaungoiko itxuraz agertu eitekigun gizonori, indarrez eta aunditasunez inguraturik, zeruan dagoan lez. Baiña Jaungoikoak ume txiki batean agiri gura izan eban, gizatasunez jantzita, argal eta beartsu. Zergaitik? Eztakigu: Berak olan gura izan ebalako. Baiña, dana dala, orixe ezin dogu ukatu: Jaungoikoak aragiaren argaltasuna artu ebala, gu gizonok errezago eroateko Beragana.
Orregaitik itxi deusku bere ordekotzat gizon bat: Aita Santua, gure lez argala eta gure lez indarbakoa.
2. Obispu Nagusia
Obispu danen artean, Aita Santua da nagusiena. Aita Santua da Eliz guztiko jefia. Iñor-be eztago Elizan bera baiño gorago eta danok gagoz bere azpian, bere aginpean. Kristok orrelan jaso eban bere Eliza eta iñok ezin aldatu daike ori.
Istorian zear izan dira, barriz, okertasunak. Geienak, era bikoak. Batak, Aita Santuaren benetako agintza nagusia ezagutu gura ez dabenak, edozein obispu batek baiño autoridade andiagorik ez daukola erakutsiaz; eta besteak, Eliz-Batzarrak Aita Santuak baiño autoridade geiago daukola esaten dabenak.
Aita Santua, benetan, obispu bat da, eta obispu danez, ez dauko beste obispuak baiño eskubide geiago. Baiña, Aita Santua ori baiño geiago da. Orixe: Aita Santua, eliz guztiko agintaria ta jefia, benetako agintaria, agintari bakarra, agintza osoko agintaria. Obispu batek eliz-barrutian daukon autoridadea, dauko Aita Santuak eliz guztian. Aita Santuak ezin dau jaurti Kristok jaso ebana, baiña beste dana bere eskuetan dago, eta berak gura dauana egin daike.
3. Eliz-Batzar Nagusia ta Aita Santua
Obispuak, euren eliz-barrutiko agintzaren gaiñetik, ba-dauke beste agintza bat be, Eliz guztiko agintza. Noiz edo zelan? Batuta dagozanean, Aita Santuaren araberean.
Eliz guztiko agintza, esan dogun lez, lenen-lenengo Aita Santuak dauko, baiña obispu-sail osoak be agintza orixe dauko, Aita Santua erako danean. Obispuak, ba, danak alkartuta —edo munduan zear (magisterio ordinario) edo Eliz-Batzar Nagusian (magisterio solemne)— zeozer erakusten deuskuenean, siñistu edo bete bear dogu derrigor. Ez dira orduan teologo batzuk, gure agintariak eta artzaiñak baiño.
Baiña erakuste orrek beti eroan bear dabe Aita Santuaren baietza. Bera da beti gure Artzai nagusia.
"Vatikano-ko II-n Eleiz-Batzarraren jarraia gure agintzako egin-bearrik andiena izango da. Berori izango da izan be gure lenengo ardurea, mundu guztiak ikusi daian Jesus-eren ebanjelioan dagola ain gogoko dogun salbasiñua" Paulo VI.
1.—Mundu onetako soziedadeak
Mundu onetan benetako soziedadeak, soziedade osoak, bi dira:
a) Eleizak formatuten daben soziedadea
b) Estaduak formatuten daben soziedadea.
Zer esan gura dau benetako soziedadeak, soziedade osoak? Ze gauza edo ze kualidade euki bear ditu soziedade batek benetako soziedadea deituteko? Kualidade bi: a) Joera edo azken bat b) Bideak azken orretara elduteko.
Estaduak bere joera dauko: gizartearen bizimodua zaindu. Eleizak bere joera dauko; joera ori mundu onetako bizitzaren ganetik doa; espirituala da. Joera espirituala eukiteak, ostera, ez dau esan gura ELEIZA aingeruak zainduteko eta aingeruak bizitzeko danik, ez; Eleizak mundu onetan formatuten dauan soziedadea, gizonak salbatuteko ta gizonakaz formatua da. Kristo-k, bere Soziedadeari asiera emoteko, ez ebazan aingeruak aukeratu, gizonak, azur eta aragiz jantzitako gizonak baiño. Jakin daigun bein betiko emakumeengandik jaioriko gizonak dirala Eleiza zaindu eta formatuten daben atalak.
2.—Soziedade batek agintariak eta menpekoak daukoz
Kristo-k, bere Soziedadea formatu baiño len, direktore edo obispuak aukeratu ebazan bere jarraitzailleen artean; onek Apostoluak izan ziran. Apostoluen artean, nagusi bat aukeratu eban: Pedro.
Kristo-k ez eban fundatu bere ELEIZA —goratxuago esan dogun lez— aingeruentzat, gizonentzat baiño. Gizonak izan bear eben soziedade orren nagusiak eta menpekoak. Aurrerantzean, gizonen tartetik, —eta barriro diñot!— azur eta aragizko gizonen artetik aukeratu bearko ziran soziedade orren nagusi ta nagusi orren laguntzailleak. Soziedade orren barruan danak ez eben eukiko erresponsabilidade bardiña; erresponsabilidadea soziedade orren atal guztiak euki bearko eben, baiña ez bardiña.
3.—Eleizaren Jerarkia
Eleizak nagusi bat dauko: Aita Santua. Aita Santuaren urrengoak Obispuak dira. Onen urrengoak, apaizak.
Aita Santua edozein obisporen gañetik dago; berak aukeratuten dauz edozein tokitako obispuak. Obispu ta obispaduko jente guztia bere menpean dagoz. Obispuak Aita Santuaren laguntzailleak dira; baiña alan da guztiz be, Obispu bakoitzak bere ofiziuarengandik iatorkon eskubideagaz gobernaten dau bere obispadua. Obispu bakoitza bere obispaduan nagusi da. Erromako Obispua, Aita Santua, Nagusi da Erroma-n eta mundu guztiko obispadu guztietan. Arsipreste, parroko eta beste apaiz guztiak obispaduko obispuaren menpean dagoz; obispuaren laguntzalleak dira. Erlejiusuak be, gauza askotarako, obispuaren baimena bear dabe.
Eleiz-gizon eta erlijiosuen urrengo, beste kristiñau guztiak datoz Eleizaren soziedadean.
Auxe da, bada, Kristo-ren soziedadea. Askotan entzun izan dogu kristiñau guztiok "Gorputz bat", "Gorputz Mistiku bat" formatuten dogula; egia da, ta egi ederra; baiña, egia da baita Kristo-k soziedade bat, begiakaz ikusten dan soziedade bat fundatu ebala mundu onetan, eta —barriro esanda— orren atalak "azur eta aragizko" gizon eta emakumeak dira. Ta... jakiña, aragizkoak garanezkeroz, bai goiko ta bai beko maillakoak, aragizko miseriakaz jantzita gagoz.
Kontun artu daigun, ta ez gaitezan lotsatu argaltasunen bat ikusten dogunean; ez dauka ba bildurrik Bataioan artutako Fedeak, goiko maillakoen edo beko maillakoen argaltasunen bat dala ta. Gure fedeak ba-ditu sustrai eta oiñarri sendoagoak.
Iraillaren 29-an asi zan Vatikano II-ren bigarren zatia. Joan dan aspaldi onetan papel eta mingain guztiak dabiltz kontziliua dala ta eztala berbetan. Ondo dago! Baiña, ez da naiko miña zoli eukitea, ta Kontziliua dala ta eztala nobedadeen atzetik ibiltea. Lotsagarria izango litzake benetan, ekin eta ekin ibilli Kontziliuatzaz eta kontziliu bat zer dan eta zetarako dan ez jakitea. Famili baten —eta Eleiza be famili bat da— zeozer gertatuten danean, familiko guztiak egoten dira preokupatuta. Bardin izan bear dau kristiñauok formatuten dogun familian be. Kristiñau guztiok preokupatu bear gara famili orretan gertatuten diran gauzakaz be.
Kontziliu ekumenikua (ekumenikuak mundu guztikoa esan gura dau) auxe dozu: "Eleiza guztiko gora-berak eta problemak diskutidu ta epaituteko, Aita Santuak edo Aita Santuaren bidaliak mundu guztiko obispu ta beste eleiz-gizon askorekin eukiten daben batzarra". Batzar onek bear bearrekoa dau: a) Aita Santuak batutea; b) Aita Santuaren edo Aita Santuak bialdutako eleiz-gizonen baten aurrean egitea. Edozein obispuk ezin dau batzar nagusirik batu.
Eleiza Amak kontziliu asko eta modu askotakoak batu ditu. Ogei kontziliu nagusi izan dira danetara. Lenengoa, Nicea-koa (325). Azkenengoa, Vaticano 1º deritzaiona (1869-rrenean batu eban Pio IX-garrenak); amaitu barik gelditu zan. Ospatuten gagozan Kontziliua, Vatikano II, ogeta bat-garrena dogu.
Kontziliua ezta mundu guztiko obispueri bieja eder bat emoteko erea, ez; zeozer geiagorako da. Kondairak dirauskunez, Kontziliuak sarri egin dira erlijiñu Katolikuaren barruan agertu ziran erejien kontra joateko. Baiña Kontziliuak ba-dabe beste elburu bat, beste joera bat be: "Gizaldi bakoitzak daroazen problemari arpegia emotea be kontziliuen biarra da. Problema oneek izan daitekez: erlijiñuaren problemak, gizartearen problemak; t. a. Kontziliu nagusi baten bierrik aundiena ta gatxena auxe da: gizaldi bakoitzeko problemari bear dan moduan arpegia emotea."
Gaurkoak be ba-dauko arpegia nori ta zeri emon. Otoitz bero bat egin daigun ospatuten gagozan Kontziliuak ondo urten daian. Kontziliua danentzat da; ez da Aita Santuarentzat bakarrik!...
Vaticano II Konziliuaz Portugal-eko Gotzaiñek idatzi daben Pastorala
Konziliua zer dan
"Pentekostes barria" deitu eutson Aita Santuak Konziliu Ekumenikuari. Eta zer da, egitan, Konziliua, Eleizarengan misteriutsu datorren Kristoren Espiritua izan ezik?
Jerusalem-en lez, —aurreko ogei konziliu danetan izan dan lez—, "Espiritu Santuak, Eleizea gobernatzeko, autatuta daukozanak" batzartuko dira, fedea, oiturak eta disziplinearengain, bear diran neurriak artuteko. Erabilliko diran gaiak desberdiñak izango badira be, sakonean, batzar nagusi onek goitar eginkizun bateri jarraituten deutso: Apostolueri esandako berba areeri: "Espiritu Santuak erakutsiko deutsue, nik irakatsitako dan-dana".
Pedro donearen urrengokoarenpean, Aita Santuarenpean, batuko dira Apostoluen ordezkoak; Jaunak berak irakatsi euskuna geiago sakondu, berba argiakaz esan, aurrera bizirik eroan eta bear dan moduan gorde ta beteteko.
Beste batzuek be Konziliuan esku-arte daikee ta euren izate, nortasun eta jakituriagaitik artuko dabe artu eskua; baiña, berez, —Eleizatik urrunduta dagozanak kenduta—, Apostoluen urrengoeri bakarrik dagokie kontziliuaren ardurea.
Ospatuko dan konziliua, bene-benetan izango da Ekumenikoa, mundu guztikoa, katolikua, ze benetako Eleizaren, Kristoren Eleizaren gotzaiñek —obispuek—, batuko dauz.
Konziliu Ekumenikua, ezta ez batabesteengandik aldenduta dagozan kristiñauen batzarra; munduaren begientzako, gotzaiñen batzar au, Eleiza bakarra, santua, apostolikua ta katolikuaren biarra ta aktibidadea aurrera eroango dabena, izango da.
Ia bi milla ta bosteun obispu —gotzain— batuko dira "anima ta biotz bakar bategaz". Kristoren Eleizeak eztau emon sekula iñoiz olako erakuspenik beren aunditasun eta batasunaren alde.
Konziliua ta "katolikuen ustea"
Gauza oneetan nagusi dan batek "goitik-berako batzarra" deitu eutson konziliuari, argia ta indarra goitik datozelako; olan ba, konziliua ezta, obispuetan errepresentata dagozan kristiñauen batzar santu bat. Abots bizi ta gogorrak entzun dira lurralde batzuetan, "katolikuen ustearen" deretxuaz berba bada-ezpadakoak egiñaz. Laiku batzuk, euren biarra ain ondo entenitu barik, ez ete dagoz pentsaten euren obispuekaz berbaldi bat armatea konbenidu dala?
Baiña gotzaiñetan kristiñauen errepresentante ta delegadu batzuk bakarrik ikustea, gotzaiñeri berezko deretxua ukatutea dala esan bear. Gaur baiño katoliku zentzun aundiagoagaz deitu jake obispueri, antziña baten, "aitak".
Nagusia izatea ta indarra eukitea, ez jatorke eureri kristiñauengandik, Aita Santuaren bitartez, Kristo Gure Jaunagandik baño: "Neure Aitak neu bialdu nauan lez, Neuk be bialduten zaituedaz..."
Eztau esan gura onek, gotzaiñek eztabela kristiñau erria errepresentaten, ze, Antiokia-ko Iñazio deunak argi esan euskun: "Obispua dagon tokian, antxe dago Eleizea", eta oraindiño sakonago, Zipriano doneak: "Obispu Eleizeagan dago, eta Eleizea, obispuarengan".
Artzaintza, edo Paulo daunak diñoan lez: "Eleizeen ardurea", obispuek —artzaiñak diran ezkeroztik— espiritu ta biotzean eroan bear dabe; eta euren pentsamentu ta maitetasun guztiak, kristiñau erriak osotuten dauan Eleizarentzat.
Gaurko berbetan esateko, ardura onek, obispua, gero ta geiago erriarenganatu bear dau, obeto ezagutu ta lagunduteko.
Ejenplu ederra emon deusku Aita Santuak, Eleiza guztiko gotzaiñeri gaurko munduaren beartasun, aspiraziñu ta egoeraz, konziliua obeto preparatuteko, itaundutan. Enkuesta onen erantzunak bederatzi milla dokumentuetan batu dira, amabost liburu lodietan.
Konziliuaren naiak
Konziliuan ain zati aundia artu eban Tardini Kardenalak —Aita Santuaren Estaduko sekretariua izanikoak— aparteko autoridadeagaz esan eban: "Eleizaren barruko gertakizuna da". Konziliuaren naiak, Eleizearenak dira. Bere esakera artezagaz 1959-ko diskursuan, Aita Santuak, auxe agertu euskun: "Konziliuak, Eleizea aurrera ariñago eroateko, gizonen aldetik datozen estroposuak kenduaz, bere edertasun guztia erakutsiko dau eta orduan esango leuskioe protestante, ortodoxu ta aldenduta dagozan guztieri: "Ikusi, anaiak, au da Kristoren Eleizea. Guk leialak izateko alegiñak egiten doguz, eta Eleizea jaunak gura dauan modukoa beti izan daitela erregututen deutsagu Berari".
Orduan, Konziliuak eztauko auxe baiño beste nairik: Eleizaren benetako arpegia ikustera emon gaurko munduari. Eleizeak, jaunaren Ebanjeliua gizon guztienganaiño zabaldu bearretik jaiota, Jaungoikoaren "epifania" bat izan gura dau, naturalismu ta Jaungoikobagekeriaren denpora oneetan: Jaungoikoa ezagutu ta maitatua izan daian.
Aurtengo jorraillaren 28-an, munduko gotzain guztieri emondako apostolutar Kostituziñuan Aita Santua Kristoren presentziarengain mintzatuten da; zelan Kristok jarraituten dauan bere eginkizuna emen lurrean. Prezentzi auxe —diño Aita Santuak— "probatuko dau Konziliuak argiro: bere biarra, Eleizaren estrukturak gaurko exijentziak beteteko moduan eta eran jarri. Bertan examiñatu ta idatziko diran legeak eztabe gura au baiño: gizonak, Kristo, gero ta geiago ezagutu ta maitatu dagiela eta Bera antzbidetu gero ta su aundiagoagaz. Bera izan bear da errege bakarra. Konziliuaren ospatuteagandik, eta, Jaungoikoari eskerrak, emendik etorriko dan espirituen barrizteak, eztauko beste jomugarik".
Eleizea barritu egingo ete da? Ez, itaunkera onek gaurko dotriña txarrakaz batutea esan gura badau. Eta, bai, betiko dotriña ta bizitza kristiñauak gaurko berbetan ipintea esan gura badau.
Erreboluziñu baten begira
Eztira faltatu mundukerizko begiradakaz Konziliua begiratuta, erreboluziñu baten itxaropenean egon diranak be. Mundukerizko itxaropena, bai, ze itxaropen ori ezta ezelan be kristiñauena; siñismena falta jako. Eta Jaunak berak esan eban: "Ni barik, eztozue al izango ezer". Siñismen bako itxaropen onek, eztaki Eleizaren izatearen barri. Eleizea ezin daiteke beste-bateratu, bere izatea alde batera itxiaz. Istoriaren prozesu guztian, eztau egiten bere nortasuna erakutsi baiño. Denpora batzuetako berba ta formakaz jantziten da, baiña au, denpora orreetako jenteak obeto ezagutu ta enteniduteko azal utsa baiño ezta; olan daroa leku eta denporan, eroan bear dauan betiko fede ta grazia. Beragan mobimentu bi dagoz, "aragitu ta desaragitu" deitu geinkioe: bata, denporearen une bakoitzean izateko, ta, bestea, denporeagaz ez nastateko. Mobimentu onen bizitzaren sustrai-sustraiko erro biak, egia ta arteztasuna dira. Eleizea dehpora guztietakoa da. Danengana igaroten dau Kristoren misteriuak, —liturjiak abestuten dauan lez—, atsokoa, gaurkoa eta biarkoa dan misteriuak. Berari eskerrak, Kristo, Istoria guztian da.
Eta gu gaizkatuteko —salbatuteko— bizi da Istorian. Bakarrik berak emoten deutso sentidua Istoriari. Baiña ez, siñestuten eztaben batzuek erretuta pentsaten daben moduan, munduarenganatuteko, mundua Beraganatuteko baiño. Gaurko baliotasunetzat, Eleiza Amak, "konprensiñu" ta "irigikera" berbak erabilten dauzanean, ezta juzgatu bear Eleizea; Eleizeak, Kristok, juztatuten dauz gaurko baliotasun orreek.
Eleizaren misteriua
Eleizea ezta izango egundo konprenidua kanpotik begiratuten deutsoenagaitik. Fedepean dagon misteriua da Eleizea. Bai, misteriua, Kristo ber-beraren misteriua, ze Bossuet-ek sarri diñonez, bera da "Kristo jarraitua ta zabaldua". Bera ezagutu ta maitatuteko, barrura sartuten ixten dauan argia berak botaten dau: fedearen doaia da-ta.
Orregaitik, Konziliua bera be, ezin da izango konprenidua Eleizatik kanpora. Espiritu Santuaren presentzi ta biarra, Konziliuaren aurretik, bertan eta gero, ezta ikusia izango, obispu katolikuen batzar aundi-eder bat baiño ikusten eztabenagaitik. Gertatuko baita, jokera ta ondore batzuekaz kanpoko lagunak nora barik jarritea.
Espiritu Santuaren influentziak animen barruak eragingo dauz, ikusiezin eta ixillean.
Alperrikoa izango da mundua ta Eleizea bategiteko indarrak botatea. Jaunak ez eban gura munduagaitik otoitzik egin. Eta Juan apostolu doneak baieztu eban ze: "Mundua dan-dana txarraren menpean egoala".
Simeon zarrak igarri eban Kristo "Kontradiziñoko seiñalea" izango zala; auxe gertatuten Eleizagaz be. Onek, beti erregutuko deutso —Paulo deunak diñon lez—: "judutarrentzako eskandalua ta jentillentzat zorakeria" dan Kristo gurutziltzatuari.
Apostoluak larguro idatzi dau "zelan Jaungoikoaren zorakeria dana, gizonen jakituria baiño urrunago doan, eta Jaungoikoaren azkatasuna, gizonena baiño indartsuagoa danarengain". Olan ikusten da, Eleizak, Kristok lez garaituten dakiela. Aska baten jaio ta kurtzean garaille urten "mundu onetako printzipea" garaituaz.
Guzurrezko nai eta desirak, —arrokeriaren, indarkeriaren, pasiñuaren, lizunkeriaren, diru zalekeriaren eta agindukeriarenak—, mendiko berbaldiko zorionakgaitik juzgatuak izango dira munduaren akabukaeran.
Ez ete dau idazten Juan apostolu doneak lerro auxe, desafiu bat bai-litzan: "Fedea da mundua garaituten dauan garaillea"?
Fedearen ezaugarria, Eleizea
Eleizaren misteriuan fedearen goitar argiagaz ezpagara sartuten, ber-bera biurtuko jaku tentaziñuen iturri.
Kristo gurutziltzatua, aintzaz beteriko Mesias baten itxaropenean egozan judutarrentzako, eskandalua izan zan. Eta tentaziñu auxe eztabe eukiko "Eleizaren mixeriak" deituten diran aurrean siñismen epeleko kristiñauak?
Zertzuk dira Eleizaren kontra botaten diran eskandalu, mixeri eta abusuak, beste aldetik Eleizak kondenatu ta une dan-danetan erreparatuten dabezanak, kristiñau pekatarien, mezadun eta mezabakoen, pekatuak izan ezik? Ez eban deklaratu Jaunak ezala etorri zintzoengana, pekatariek billa baiño? Eleizea zintzoakaz bakarrik osotu baleiteke, nun topa guk lekua? Nun salbaziñua guretzat? Ez ete da Eleizea gizon barriek egiten gaituena, santifikatuaz? Ez ete gara aurkituko tentaziñu bardiñagaz azkatasunaren misteriuaren aurrean, gitxi garala-ta, azalean beintzat gaur eztoazela ain ondo ikusita?
Ain gatxak diran Erospenaren —Erredenziñuaren— bideetatik ibilteko beti izango dira estroposuen batzuk. Baiña ez eban konparatu Jaunak Eleizea amasa guztia igoten dauan legamiagaz? Arbola aundia egiten danean, zeruko egaztiak etorri ta bertan abiak ipinten dabezan, azi txikiagaz?... Goitarra ta lurtarra dan Eleizak, gizon guztien salbaziñua kontuan artu bear dau. Argi eta goitar graziaren biarra zabaldu. Bearrezkoa da beragan anima bat eta gorputz bat ikustea: anima santua, garbia, iraunkorra; beste aldetik gorputz lurrezkoa, Berak, Eleizak, barritu ta santututen dauan "pekatuzko gorputza", Paulo deunak dakarrenez.
Onek esan nai dau, berak beti gerratu bearko dauala "gizon zarraren kontra". Amaigabeko biar onetan, beti lagunduten deutso erreformearen Espirituak. Berau izan zan Vatikano II Konziliuaren eragillea. Zazpigarren gizaldiatik gaur arte Konziliu guztietan errezatzen dan Sevilla-ko Isidoro deunaren otoitza, Espiritu onen testigua dogu. Olan asten da: "Ona emen, Espiritu Santua, pekatariak, baiñan zure izenean batzartuak..."
Zeru zati bat munduan
Eleizaren goitar fundatzailleak esan eutsen apostolueri eurek izango zirala munduko argi eta lurreko gatza; bere Espiritua bialduko eutsenala, eurekaz lurraren amaiararte egoteko. Eleizea da Istoriaren zear promesa onen egitura. Argitu, garbitu ta gaizkatu egiten dau mundua.
Ezta esan gura, Eleizaren misiñuan eta artez esateko konziliuaren biarrean, beti ez-baiezkoak diran Istoriaren egintzearen eztrukturak ikusi bear diranik.
Konziliuari ez jako begiratu bear gaurko prolemak garbituko dabezan aldetik. Au baiño askoz be geiago da, eta "lurraren gaiñea barriztatuten dauan Espiritu Egintzaillearen" gaiñetik dago. Lurrari dagokiona bereganatu gabe, sartu, biztu, garbitu, igo, lagundu ta neurtuten dauz gizonaren mobimentu ta aktibidade guztiak, ekonomian, sendian —familian—, gizartean, politikan eta kulturan.
Konziliuaren deia egin eban "Humanae salutis"-en buldan, Aita Santuaren lerro onexek irakurten doguz: "Eleizeak daki, Kristoren argiagaz munduko gauzak argituten dauzanean, gizoneri euren nortasuna erakusten, euren izateen eta naien gorputza geiagotuaz.
Emendik, familia —sendia—, eskola, biarra eta gizartearen alde egin dan dotriña soziala."
Eta jorraillaren 28-ko "Oecumenicum Concilium" apostolutar Kostituziñuan, berba gitxi oneetan laburtuten dau Eleizaren misiñua: "Gizonen biotzetan Aitaren erreiñua erein eta zabaldu kanpoan, "erosita" dagozan sendien artean. Ta amaituten dau: "Konziliuari itxarotean eskatuten deusku, ba, bakoitzaren eta gizartearen justiziaren alde indar leialtsuago batean ekiteko, karidadearen onean oso neurri obeakaz bizitzeko, familien, gizarteen eta nazioen artu-emonetan.
Eleizea "konziliu eran"
"Pentekostes barria ta ederra" deitu eutson Aita Santuak. Ogei ta batgarrena izango dala pentsata, arin asmaten da "Eleizak, gizaldietan zear, ezagutu dabezan askoen artean, erakutsipen inportantienetarikoa dana".
Katolikuak bakarrik ikusi al izango dabe egizko dimensiñuan: fedea, itxaropena eta karidadearen misteriu au. Olan da guztiz be, munduarentzako graziaren eta argiaren iturria izango da misteriu au. Bildurra eta itxaropenaren denpora oneetan Espiritu Santuaren ixurtze barri bat.
Zenakuluan apostoluak preparatu ziran, Jaunaren esana egiñaz, Pentekostes egunerako; Eleizea, ementxe, Espirituz jaio zan, baiña Ama Birjiñearengan errealidadetu zan. Modu oneetan gertuko da Kristoren Eleiza guztia, apaiz eta kristiñauak, goitar presentziaren egun aundirako.
Kristoren Ordezkoak, preparaziñu auxe eskatuten deusku bein da barriro. Auxe da gorengoko ordua, "azkenekoa", barriena, Liburu Santuetako berbetean.
Egundo eztau izan beste Konziliu batek onenbesteko preparaziñu ain zaindu eta luzea. Olan ta be, Aita Santuak ondo erakusten deusku bere katoliku siñismena: "Biar guztiak baiño, asko be geiago balio dau kristiñauen erregu gartsu ta sarri egiñak." Au da, danen gaiñetik, Aita Santuak guztiori eskatutakoa.
Eleiza guztiak entzun dagiela Kristoren Ordezkoaren dei larria, batzarraren aurretik egindako kostituziñuetan askotan eskatuten deuskuna.
"Kristiñau bakoitzari ta kristiñau erri guztieri eskatuten deutsagu Jaungoiko Alguztidunari, sarritan eta sutsu, otoitz egiteko Konziliuaren alde... Otoitz au izan daitela fede bizi batek argitua; ta kristiñau penitentziak lagundu dagiola, artezago igo ta efikazi geiago eukiteko; kristiñau bizitz obeago bat eroaten alegindu zaitezela, orrek gertuko zaitue konziliuaren ondore eta legeak beteteko-ta".
Eta dei au oraindiño artezagoa ta larriagoa izateko asmoan, ipinten dauz bere aurrean, apaiz eta prailleak —Jaungoiko eta gizonen bitartekoak— Kristori emonda dagozan monjak, graziari eskerrak Espiritu Santuaren Etxeak diran kristiñauak, samiñekaz euren kurtzeeri josita dagozan gaixoak, eta txikitasunak emoten deutsoen graziagaz jantzita dagozan umetxoak.
Dei larri onetan eztagoz aztuta Erromatik aldenduta bizi diran kristiñauak, eurek be Jaunaren naia bete gura dabe-ta: "Artalde bat bakarrik izan daitela, Artzai bakarragaz."
Agustin doneagandik artuta, au dakarsku Pedro donearen urrengokoak: "Nai ta ez, gure anaiak dira; "Aita Gurea" esaten daben artean beti izango dira." Beste dokumentu baten Aita Santuak "borondate oneko ta espiritu artzedun gizonengana" jo eban; ez ete dabe onexek be Eleizaren animea osotuten?
Errezu askoren artean, aparteko gurariagaz agertuten deusku au: errosariu, agurtza santua. Bost dokumentuetan emoten deusku kontseju au: "Kristiñau erriarentzat —Aita Santuaren berbak dira— otoitzik errez eta entenidugarriena da, Aita Santuen bedeinkaziñuekaz larguro aberastua."
Gura-gura dau Aita Santuak agurtza santua izan daitela animen sokondoko barru-barrutik bigun igoko dauan erregua. Apaizentzako Meza ta Brebiariuaren ostean, leku bat izan bear daur kristiñauentzat sakramentuen ondoan.
Errezu publikuaren maillara igo dau agurtza santuak, Eleizaren premiñen eta naziñu ta mundu guztiko beartasunen aurrean.
Kristoren Ordezkoak, Konziliuaren ordu onetan, bere burua, Eleizako kleruagaz koroiatua sentidu gura dau. Eta eskatuten deutso beragaz bat-izateko, Konziliuaren alde Brebiariua errezatukeran. Eleizearen otoitz ofiziala ta publikua da Brebiariu errezua, "Eleiza katolikuaren arnasea", eta mezadunak egunero "Jaungoikoaren aintzarako" errezatuten daben, edertasun aparteko goitar olerkia. Goxua Aita Santuaren biotzarako —berak aitortuten dau— munduko kleru guztia olan alkartuta ikustea.
Eta duda barik, Aita Santuaren pentsamentuan dago Ama Birjiñaren Ofiziua errezatean, Konziliuaren alde ekitea.
Ba-dagoz kristauon artean, gauzak txarto doazela diñuenak. Ba-dagoz Eleizaren gaurko itxura erakoa ez deritzaioenak; ba-dagoz Eleiza basate askotan nastaua dagoala diñuenak. Gitxi gorabera, danok daukagu kezkaren bat Eleizaren kontra.
Gauzak olan ikusi eta zer? Ba-dagoz ezin dabela egin ezer diñuenak, eta ezin dala ezer egin esaten dagoazanak be. Orain maitasunez gogoratuten dogun gure Aita Juan XXIII-ek be ba-eukan gauzak obetoago ikusteko gogoa. Ez egon dana zuzen beretzat be. Baiña Eleizari asterketa sakon bat egin ondoren, auxe esan eban bere barruan: "eta zer egin nei nik? Zer egin bear dot nik?" Eta Konziliua zabaldu eban.
"Zer egin nei nik?" Bearrezkoa da begiak zur eukitea eta akatxak nabaritzea, baiña osatuteko asmoan.
Konziliu aldian gagoz. Bi edo iru milla Gotzain batuko dira barriro be "Vatikano"-an, Paulo VI-garren ondoan, euren partea konziliuari eskeintzen. Eta aintxe, alkar maitasun eta errespetuan (danak dira Espiritu Santuaren dei eta abots), zeruko Aitaren guraria entzungo dabe. Eleiza astarketa zintzo baten sartu da, kristau bizitz barri bat biztuteko.
Eta besteok zer? Juan XXIII-ek esan euskun ondo asko igazko aprillaren 29-an: "Konziliu ekumenikuaren aurre onek auxe eskatzen deusku: alegin aundiago bat gizon bakotxarekin ta soziedadearekingo justizian; kemen zabalago bat karidadean; norbera eskeintze alaitsuago bat danen onerako, geitu daian, gizadi osoaren osasunarako, zuzentasun bereziago bat familiko, soziedadeko eta nazioen arteko artu-emonetan... Animen barruko barriztatzea egizko berpizte kristau batean. Au ez badago konziliuak ez dau emongo fruturik".
Bizitz barrizte onek gugan egin bear dau. Geure eta gure inguruko bizitz molduari kristau eratutzen ez badoguz, Eleiza lengoa izango da.
Ez gara auzokoak "Vatikano"-n. Gu bagerik ez da egingo konziliua. Guri begiratuta bildu da Eleizaren batzar nagusi au, gugaitik, eta bete be gugan bete bear dau. Eleiza da konziliuan dagoana, argiago esateko, "gu", Kristoren Gorputz egiten dogun kristau danok.
Eta gorputz bateko zatiak legez, erri bateko lagun guztiak legez, danok gagoz Eleizaren zeregiñetan ekitera deitu eta beartuak, bai bere legea betetera, bai gu geu bere eskuetan ipintzera.
Konziliua ez da notizi bat; ez da ikusgarri bat bakarrik: Konziliua gauza serio da, danok beartuten gaituana. "Vaticano II" au ez da gaur bai eta biar ez dan barri bat; Eleizaren batzar nagusi onek azia izan nai dau: gure da azi orreri bizitza eta gorputza emotea.
"Laga eiozue berba egin daian"
Azkenengo aldi onetan, aldakuntza aundiak ikusten doguz gizadiaren bizitzako agerkera guztietan. Gizona ez, baiña gizonaren pentsakera eta jokaerak moldura barriak artzen doaz. Eta gizonaren barruan jazoten dana, mundu onetako soziedade guztietan agiritzen da.
Eleizak be, derrior sentitu bear gaurko gizadiak sentitzen daben barruko irakite au. Eleiza, ain zerutarra, lurrean bizi da, emengo bizitzak daroan gorabera askorekin alkarartuta. Gizona legez, Eleiza beti dator barriztatzen, egiten, baiña, bear bada, batez be gaur.
Aspalditxotik eta onera, berba barri bat gagoz entzuten: "laico" (guk "sekularra" esango dogu). Sekular izena "clero" ez diranak artzeko aukeratu da. Ba-egoan len be Eleizan aldi au (Kristok ipinitakoa da izan be-ta), baiña beste zentzukera bat emoten jakon batez be: "Eleiza irakaslea" eta "Eleiza ikaslea" Eta protestantismu azaldu ostean, zainduagoa gelditu zan ideia au, erejiak ekarren "erlijiñuko demokrazia"-ri eusteko.
Alan da be, joan dan gizaldiaren erdi ingurutik, sekularren jeikitze itxaropengarri bat asi da zuzpertzen. Geroago eta argiago sentitzen da egi zar au: danok gara Eleiza. Orain, sekular danak dakie, Eleizaren semeak ez dirata bakarrik "artzeko", eta bai "emoteko" be, ez bakarrik "entzuteko", bai "egiteko" eta "esateko" be. Gaurko kristauak ondo daki ez dala naiko "kristau irauntea", baizik "kristau aitorrera" bear dala zabaldu barren guztietara; kristauak parte artu bear dauala Eleizaren bizitz, otoitz, ardura eta poz orduetan, Eleiza dalako.
Izan be, ezin lei sekularren nortasuna susmatu, Eleizarenakin batera ikusten ez bada. Jaungoikoak naita, Eleiza da salbaziuaren, "tokia", Kristok atondutakoa. "Eleiza" berbak "bildu" edo "batzarra" esan nai dau; Kristoren bidez salbatutakoen alkar-batasuna, soziedadea. Onela, oso-osorik agertzen jaku Eleiza: ikusten dana eta ez dana, lurreko eta zeruko bizitza, apaiz eta sekular, danak gorputz bat egiten legez Kristo buru dala. Benetan, lenengoz, batasuna ikusten dogu Eleizaren muñean: batasuna Kristogan eta batasuna otoitz eta bizitz batean.
Eleiza ba, "salbatuen komunidadea" eta "salbaziorako derriorrezko bidea" da. Bigarren alde onetan sortuten da sekular eta apaizen nortasun desbardiña. Alde biak zaindu bear dira Eleiza ondo ulertu bear bada: Kristoren jarraitzailleen soziedadea (salbazioko grazietan danak parte dabela), eta jarraitzaille orreetariko batzuek, danen salbaziorako, Kristok lagatako almen bereziekin ornituta.
Alan da guztiz be, Eleiza bat da, lagundi bat. Eta bertako bakoitzak Eleiza osoa daroa beregan, Kristoren maitasuna beregan dagolako. Kristau bakoitza "salbatua" eta "salbatzaillea" da. Eleiztar bakoitza "artzaille" eta "emontzaille" da animetako arazoan. Kristauak, bataioa artu dauanez, Kristo osoa daroa barruan, Eleiza osoa. Eleizan, aldeak baiño be aurretik, Kristorekingo eta Eleizarekingo kristauen batasuna igartzen da.
Kristau danak, eta batez be sekularrak eurak dira, ez bakarrik Eleizakoak dirala, baita be Eleiza dirala sentitu bear dabenak, au da, eurak dirala Kristoren jarraitzailleen batasuna, Aita santu eta Gotzain jauneen ardurapean bilduta. (Pio XII).
Egi eder oneek poztu egiten gaitue; poztu eta beartu, baiña batez be, beartu gaurko egun aundi oneetan.
Bidezkoa da (eta ordua zan) sekularren naastutze au Eleizan. Giro obeagoen ezaugarritzat biztu dau nunbaiten Espiritu Doneak arnas barri au.
Konziliuak ondo gogoan artu dau, eta artuko be, Eleizako kimu zoragarri au.
"Laga eiozue berba egin daian" —esan eban Pio XII-k gaurko kristau erriari begiratuta.
Interesgarria izango litzake jakitea zer pentzaten daben gure erriak obispuengan. Siñisbakoak obispu bat zer dan ez jakitea elitzake izango arritzekoa; baiña kristiñau batek ez jakitea...
Erantzun ikusgarriak eukiko geunkezala uste dot. Erantzun ederrak eta amodiz betetakoak be millaka eta millaka izango gendukez. Baiña, zoritxarrez, zenbat erantzun ezkel eta ganorabako: jantzien kolorean, jestoetan, euren bakartasunean, eta beste onelako inportantzibako gauzetan jarten dabezan erantzunak.
Obispuen eta kardenalengan zeozer esateko ez naz joango teolojietako liburuetara, ez; munduan, euren akziñuetan eta relaziñuetan ikusiko doguz.
Obispuak euren eginkizunetan ikusteko Erromako Batzar Nagusira joatea uste dot izango dala onena.
An ikusten doguz 2.800 obispu. Munduko alderdi guztietakoak dira. Askok pentzaten dabe gure obispuak eztirala akordetan erriko gizonengan eta beti euren etxeetan sartuta dagozala.
Lenengo jakin bear doguna da, Kristo berberak ipiñi dabezala obispu oneek gu danok zaintzeko eta zeruko bidea erakusteko.
Baiña erriko gizonetatik urrun ete dabiz ba? Ez. Joan zaitez Batikanoko plaza erdira eta ikusi egizu zer pasaten dan. An dabiz jende guztiari ixuriten aspertu barik ordu askotan bedeinkaziñuak, euren letra, errezo eta parre goxoa. Eztira bakarrik goiko gizonak, beeratzen be ba-dakie.
Egun batean obispu bat meza laguntzen ikusi genduan. Ez kapritxo bat gaitik, beste gizon bati mesede egiteagaitik baiño. Eta zenbat onelako ejenplu eder ikusi doguz Batikanoko plazan.
Ez. Obispuak eztira lañoetan bizi. Siri kardenala, obreru baten semea da; Ottaviani, panaderu baten semea; Gracias kardenala, Karachi-ko barrio errukarrienean jaiotakoa; Kominek obispuak, egunero egunero itxoiten eutson Silesia-ko mina arriskuduenetatik etorren aitari. Suenens kardenala, alemanak kartzelatu eben azkenengo gerra ontan eta afusilatu nai eben, baiña, Jaungoikoari eskerrak, ez eben lortu deabrukeri ori.
Esango neuke, guk kristiñauok eztoguzala ezagutzen ondo gure obispuak. Erromako batzar ortan Espiritu Santua sentigarrian ikusten izan da: ango batasuna, alkar-amodioa eta poza! Pentekostesko egunaren itxuera eukan.
Gertakizun oneek erakusten deuskue argiz, obispuak eta kardenalak ondo konprenditzen dabezala gizonen problemak eta eztabizala laiñoetako bideetan, lurrekoan baiño.
Ikusi egin bear doguz nortzuk diran eta gero ikasi euren ejenplu ederrak.
Ogeigarrengo mendean gauza ikaragarri asko ikusi doguz benetan: atomikazko eta idrojenesko bonbak, erradiua, telebisiñua, eta beikulu guztien obetasuna eta arintasuna. Baiña mende eder ontan bizi garan gizonak ezin geinke ixildu Espiritu Santuak eta Eleizak egiten dabezan aurrerapenak be. Baltz eta ubel jantzitako gizon asko ikusten genduzan antxiña eztala Batikanoko plaza nagusian. Eleizako artzaiak dira. Eleizari bizitasun bat emon naiez-ta batu dira. Zenbat? Asko. Mundu guztikoak.
Eta pillo onetan gusto askoko obispu eta kardenalak arkitzen dira. Wright, txistosua eta broma zalea; Leonard obispua, eskritore mistiko txinpart beroduna; baita alkartu dira Amisah obispua, elizako organua joten dabena eta Ogez obispua, biolina guztiz ondo joten dabena bere asti libreetan; edo baita Mabhatoana Afrikako musikalari eta Ekander obispua biargin purrukatua gabian bost orduko loa bakarrik artzen dabena.
Etxe baten biziko dira Montini Kardenala, gaur Aita Santu, irakurlari ase eziñekoa bere Milan-eko diozesira 85 kutxa liburuz beteta eroan ebazana, eta Bey obispua, gure Seringueiroko Amaren eleiza eta ospital bat baita lau eskola be bere eskuegaz altza dabezana.
Onen onduan arkituko da, ganera, Mango obispua, lurrean zeruko gauzak ikusten dauzana.
Jaungoikoaren deia urteak aurrera joiakuezala entzun ebenak be makiñabat izan dira. Amissah obispua fubolistea zan abade egin baiño aurretik. Gastellano obispua injenierua zan eta Australiako Gilroy kardenala telegrafista bat.
Komunismuaren atzamarpean bizi eta sufritzen dabenak be eztira gitxi izan: Txinakoak, Hungriakoak, Yugoeslaviakoak eta beste toki askotakoak.
Au dala-ta poztu egin bear gara kristiñauok. Ainbeste kardenal, obispo santu eta ainbesteko klasekoak, astindukada eder bat emongo deutse Eleizari. Ze ederra dan ainbeste errietako eta danak fede bategaz lotuta ikustea! Eleiza, len indar askokoa izan arren, orain indar aundiagoak artuko dauz. Gaurko problema modernuei kristiñau-soluziñu bat emongo deutse.
Guk, Eleiza eder ontan parte garanok, poztu gaitezen zeruko poztasunez: ba-dator munduarentzako Pentekostes eguna. Alleluia!
2.778 Eliz-Guraso konziliulari batu dira Vatikano II-garrenean:
87 kardinalak eta patriarkak,
97 erlejiosuen nagusiak,
975 gotzain titularrak,
1.619 gotzain diozesi baten kargu daukenak.
Oneetatik
939 erlijiosuak dira;
1.839 abadeak;
332 Iparameriketatik etorri dira;
601 Egoameriketatik;
250 Afrika baltzetik;
96 Arabia aldetik;
849 Sartaldeko Europatik;
174 Komunisten errietatik;
256 Asia aldetik;
70 Ozeaniatik.
Kristauen batasuna
Guztiko batasunik ez da etorriko. Aurre aurrean dagon egia auxe; gizonezko begiekaz begiratu ezkero beñipein. Erabilli dogun gorrotozko bidea luzea ta latza izan da benetan. Baten baiño geiagotan burruka egin dogu, sarritan zauritu gara ta beti ibilli gara bata-besteen akatsak argitaratzen. Gauza penagarria, baiña egi galanta. Ta errua alde bietatik dagola esan bear. Guk katolikuok naiko erru izan gendun. Fozio ta Zerulario izan zirean zisma au kristiñautartean sortu ebenak. Naiz guk txartzat euki gizon ospetsuak zirean; batez be Fozio. Orienten orduan izandako gizonik jakintsuena; zurra ta politiku azkarra bera; ta, zergatik esan ez, biotz onekoa be bai. Zerulario zan makurragoa norberekeria ugari arek. Baiña geuk be maillu otsez eta eskomunioz gura genduzan menperatu ta orretxek galdu!
Au ikusita gaurko katolikuak ikaskizun eder bat ikasi dogu: Maitasun bearra. Kristok erakutsitako maitasuna erabilli bear dogu nun-nai. Bai ederto erakutsi euskula au kontziliua batu eban XXIII'garren Joanek. Maitasun utsa zan. Orregaitik irabazi ebazan munduko biotz guztiak ta orregatik sentidu gendun ainbeste il zanean. Pakeagaz ta maitasunagaz dana leiteke, indarrean ta gogorrean oso gitxi. Ikasi dagigun betiko.
Dana dala Kontziliuan batasuna lortuteko alegiñak egingo dira. Bakea ta alkartasuna izateko bideak landuko dira.
Izan leiteke oraindik batasunezko mirari au Jaungoikoagandik ez lortutzea. Baiña gauza bat daukogu benetan ederra ta indar aundikoa: Otoitza. "Eskatu ta emongo iatsue", esan euskun Kristok. Ta alaxe da. Gure eskuetan dago, ba, ainbeste gura dogun kristiñau guztien alkartasuna. Gure indarrak argalak badira, Jaungoikoa alguztiduna da. Batasuna etorri dedin, otoitz egin daiogun dana lortu leikean Jaunari.
Gaurko mundua
Animako gauzak gaur naiko oinperatuta daukoguz. Geienak materialismuan samaraiño sartu gara ta kristautasunetik bizi bearrean aberastasunetik bizi gara. Benetako bizitza, animako bizitza, aaztuta daukogu. Fabriketara, baserri lanetara, frontoi ta futbol zelaietara Kristo eroan bearra dago.
Gure artzai Obispuak ondo baiño obeto dakiezan gauzak oneexek. Orregaitik, gaurko Konziliua momentu paketsuetan batu dala esan geinke. Eleiz barruan ez dagoz txarkerizko prolema aundirik. Aintxiña bai, Konziliua batuten bazan ereji edo zisma baten señalea zan. Baiña orain ez. Konziliua batu bada indar barri baten bearrizena ikusten dalako izan da. Egon be, Kristo gaurko mundura eroateko bearrizen aundia dago.
Gaurko Kontziliuak Eleizaren betiko gaztetasuna azaldu gura deusku. Eleiza beti da gazte, eder ta indartsu. Ixtori guztian zear beti zabaldu dau bere itzal goxoa. Baiña gaurko egunetan gura dau egon gazte, indartsu ta aukeratua. Aita Santuen esanak, gaur beste, egundo ez dabe mundua argitu ta zuzendu.
Iñoiz ezagutu ez dogun kontziliua oraingoa. Egokera maitekor bat artuko dauala aurrean dago. Kastigatu egin bearrean, aita on batek legez, kontsejuak emongo deuskuz. Iñondik ez da ikusten dojma barrizenik. Onetako ez dago denbora egokirik.
Gaurko munduan agertu diran barriztasun guztiak beraganatuko dauz. Lenengoko kristiñauak erromako kulturagaz egiñ ebena orixe egingo dau Eleizak gaurko aurrerapenagaz: Ona dan guztia artu ta txarra aldendu. Aurre aurrean ipiñiko deusku gure materialismua, ta gure diru zaletasun aundiak. Baiña alde txarra erakutsiaz bakarrik ez da geldituko. Txalotu be egingo gaitu, gaurko gure zibilizazio ederra txalogarria baida.
Batez be auxe da erakutsiko deuskuna: zelan eroan kristautasuna gaurko mundura, nola emon kristau anima bat gaurko munduari.
Orregaitik aurrerantzean Eleiza pobre biziko da ta batez be bata besteen maitasuna nun-nai agertzen aleginduko da.
Gaurko mundua mobiduteko ez dago alkar maitasuna lakorik. Azkenean gaurko komunistek be erromatarrak esan ebena esango dabe: Begira zelan alkar maite diran; kristau egin gaitezan geu be orrela ondo bizitzen da-ta.
Kennedy
"Konziliu Ekumeniku preparaziñuko iru urte onetan, norteamerikarrak milloika, euren arteari asko ta asko katoliku ez diranak, zurt ta biotzez segidu dabez konziliu guztiz onuragarri au atondutzeko sortu ziranen komisiñuen biarrak. Gugan diran prolema askori, berba argi ta eragikorrez, erabaki egiazkoa emongo jakeela dogu itxaroten, eta batez be, bake ta erri arteko ulertzearen alde jokatuko dala.
Ar begi, bada, Aita Santu, nire ta nire andrearen zorion beroenak. Itzal barrukorrez, Berorren seme guztiz zintzoak".
Adenauer
"Itxaropen biziz dago doixtar erri osoa konziliu Vatikano II-garrengoari begira. Doixtar personalidadeekaz sarri asko izan dotazan alkarberbetatan, beti izan dogu lenen maillan batasun ekumeniku gaia. Nire erriko katoliku guztien artean artuko dot nik neuk be parte gure fedearen bizitasun eta indarraren agerkune onetan".
Segni
"Jakiñaren ganean dago gure Aberria zelako oore ta ze ardura jakun konziliua Erroman ospatzean. Eta italiarrak guztiak dira, fede ta nabarpenez, Batzar onetara begira. Lurreko erri guztiak bertan batu diralarik."
"Il Secolo d'Italia"
"Vatikano II-garrengoagaz asi da, noski, egiazko aldi barri bat Eleizarentzat izpirituaren kondairan. Guztiek dakie ospe moralaren gallurrean dagoala egunean Eleiza, eta, ziurki, Konziliu onetan artuko dau bere ospekundea."
"Le Monde"
"Ixil-Eleizako gotzain batzuen etortzeak ara zer agerkigun argi ta garbi: Stalinek barre egiten eutson erlijiñua oraindik-orain ondo bizirik dagola erri aretan. Joan diran ogei gizaldietan, betikotasun promesa norberaren alde eukiteak emoten dauan segurantzi nasaiaz igaro ditu Eleizak ekaitz amorratuenak. Zisma, Erreforma, Prantziko Erreboluziñu, eta positibismua gain bizi izan da beti. Beraz zergaitik marsismuaren aurrean ikaraz jarri bearko?".
«Times»
"Batzar augandik ezta, batez be, dogma barrien baten proklamaziñurik itxaron bear. Beste onako au baiño, alegia: kristiñau dotriña argitua izan dedilla gizonari laguntzeko bere eguneroko arazoeri aurre-egiten bai familian, edo biarrean, edo baita gure denporako problema aundietan: guda, bakea, alkar-bizitzako problema, erri beartsuerekiko laguntza."