ANAITASUNA

IX URTEA N.º 106

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

ZEMENDIA (11) 1963


Zuaitzak daki euri askoren barri

Gaurko gizonori askotan jazoten jakun gauzea: Jaungoikoa ukatu, Jaungoikoa aztu, mundua obeto ezagutu ta ulertuko dogulakoan, eta gero gauzak eurak be okerretara ikusi. Orixe da filantropu askori pasaten jakena be: Gizasemea goratu guraz, Jaungoikoa ukatu oi dabe lenago, alan dalakoan, eta... zer? Gizadiaren areriorik kaltezaleenak biurtzen dira, gizadiaren tiranu biotz-gogorrekoenak. Ze egia dan Jaungoikoa gizonik gizonena dala!

Zer ete da zartzaroa jainkobako komunista eta sozialistentzat? Zelan begiratuten ete deutsee zarreri? Ba-dakigu: zarrak biar egiteko edo diru irabazteko ezer ez diran ezkero, zoztor andi-andi bat baiño eztira eta, orregaitik, eskubide edo deretxu danak kendu bear jakez edo, bear bada, eriotza emon. (Norarte eldu daitekezan Jainko-bako gizonak!)

Baiña, geuk be ba-daukogu zartzaroa beste era batera ikusteko premiña ala bearra. Aurretik Jaungoiko izena ipiñi arren, eztogu sarritan ain zuzen jokatuten. Bein baiño geiagotan, zarrak —egia esan— molesti andi bat izaten dira; estutasun eta buruko-min asko emoten deuskuez maiz, edo aitzakiz beterik ala benetan gaixorik egoten diralako, edo ezer irabazi ez eta diru asko gastaten dabelako... Baiña, ori baiño askozaz geiago zor deutsegu oindiño. Ori dana gogoz eta biotzez jasota be, oindiño ez dogu eurenganako zorra zeatz-meatz zurituko.

Gurasoen bidez, amama eta aititagandik artu dogu, ain zuzen, daukogun guztia; eureri eskerrak gara garan guztia. Gure izatea, gure bizitza, gure gorputz eta animako doai dan-danak eureri zor deutseguz. Eurak erein bai-eben lenagoz gure giza-azia. Eta ez uste gero kasualidadez izan zanik! Eurok izan ezpaziran, ez giñake gu gaur ezertxo-be izango. Eurok eta ez beste iñor. Jaungoikoak alan gura izanda, betiko gagoz, bada, gure aititeri lotuta eta eriotzak be ez ditu lokarri orreek apurtuko. Orregaitik, gure gurasoeri erakutsi bear deutseguzan maitetasun eta zaletasun zintzoak jagokez baita gure aititeri ba.

Ez etxe barruan edo familia barruan bakarrik, ostera, gizartean be ba-dauke zarrak leku berezi bat. Urte asko daukezanez, asko ikusita dagoz, eta asko ikasita. Eta ba-dira, barriz, urteak bakarrik erakutsi deikiguezan amaika gauza, batez be bizitzako gaietan. Zarrak bakarrik, beraz, emon deikigue gai orreen barri. Eta eztago beste bide egokiagorik.

Begi txarrez eta amorruz ikusten dituela gaurko gaztediaren asmo eta oitura barriak? Euren gaztaroan egiten ez zan guztia zirikatu egin bear dabela? Ba-leiteke; orretan ez dabe ondo egiten, baiña gogoan artu au: egiazko kultura bikain bat jasoteko —gizaseme guztien anditasun eta zorionerako—, bearrezkoa dogu aurretikoeri begiratu ta entzutea, euren esanak eta erakutsiak zorroz astertuaz, oiñarri sendo-sendo bat ipiñi deiogun kultura orreri. Gaurko gizon-emakume jatorrak izateko, izan gaitezan aurretikoen seme leialak.


Zergatik eskontzen gara?

Ezin geinke erantzun lerro batean, ezkontzara joten gaituen motibuak, asko diralako.

Geienak diñoe: maite giñalako ezkondu giñan; nobioaren bearra neukan nire bizitz kaskarra zaintzeko-ta; andra bat bear nebalako nire biotza zabaltzeko eta zorionekoa izateko; biori gustaten jakuzan semeak eta amets asko egiten genduan eurak eukitearren; ondo enintzake ibilliko maite ezpaneban seriotasunean neska bat-ta...

Errazoi onak dira, baiña ezin geinkez negurtu neurri bategaz.

Motibo onak

1) Jaungoikoaren planean gure ezkontzagan errazoirik onena da, Berak zuen bearra nai izatea, zuen seme barrien Aita izateko. Gizonezko kreaturak sortzeko, laguntzailleak topa nai izan dauz. Zuek senar-emazteok enkargu bat daroazue beren partetik: semeak emon Berari, berak maite daizan eta bere familian eta zoriontasunean sartu daizan.

Egiz, guk ezingo dogu ekarri semerik bera laguntzaille ezpadogu: gizonak semeen gorputza emon leike bakarrik, baiña Jaungoikoa bera enkargaten da semeen anima sortzen.

2) Ezkontzarako beste errazoiak onak izan arren, aurrean jarri dogun muga orrera jo bear dabe eta esfera orretan ibilli.

Baleiteke neskalaguntza denporan, gure lenengo sentimentua ezkontzarako maitasunaren bearra izatea, gure semeak lenengo maillean ipiñi barik. Gauza normala da ori: Jaungoikoa geroago eta geiagoko planean ibilten da. Lenengo, sukalde bat sortzen dau, semeak eskatu baiño aurretik. Eta gero, gure biotzetan, baita gorputzetan be, famili bat sortzeko atraktiboak sortzen dauz, Berak egiten dau zuek, senar-emazteok, alkar-topatea, maitatzea eta betiko agintzea. Eta Berak nai izan dau gauza ortan zoriontasun aundi bat aurkitzea, eta gaztaroako maitasun pipertsuak alde batera itxita, alkar-amodio serio baten lotzea. Onela gaztaroako problema mukutsuak, goizeko iruntza eguzkiaren aurrean pirrixten dan lez, kentzen deutsuez.

3) Jaungoikoak plan ontan nai dauana da, gure semeak anbiente zorionean aztea. Eta modelutzat ezteukegu gure amodioa jarriko, Aitarena, Semearena eta Espiritu Santuarena baiño. Senar-emazteak amodio ori imitatzen saiatu bear dira semeen aurrean.

Jaungoikoa Amodioa da. Eta guk be aren itxura eukiteko, bearrezkoa genduan amodioarentzat egiñak izatea; origaitik Jaungoikoak ondo artu dauz ar-emeak jeneraziñoan eta euren kualidadietan, euren arteko ezkontz-amodioa errezteko.

Eta zerutar iru Personen artean dagon alkar-amodio osora (Izate bat da euren artean; ara or noraiñoko amodioa!) eldu arte amets egin bear dogu: biotz biak bat izan daitezan amodio eder batean.

Semeak ikusi daiela aitamen begietan iru Personen ispillua.

Semeak ondo maitatuak izan bear dira gaztaroan, bestela ganoraz iñoz be ez maitatzeko arriskuan gelditzen dira.

Zuen semeak biar edo etzi ganorazkoak izango badira gauza apartezko auxe erakutsi bear deutsezue: lagunurkoa maitatzen eta konprenitzen.


Iru alkarberbeta

Ez dago dudarik. Askotan entzun dogu, eta askotan esan be: Eliza dardara barriak sentitzen asi da; aro barri bat eldu da Elizarentzat.

Jean Guitton-ek iñoanez, "Vatikano II-naz koete katoliku bat jaurti dau Juan XXIII-ek ekumeniku aideetara, eta ez da jausiko".

"Koete" au "aro barri", "estilu barri" ori da. Eta egia esan, era barri au betiko zabaldu da zabaldu be... Konziliuan eta Elizan jazoten dagoana misteriu bat da. Eliza, beti ain bera, "arpegi barriagaz" agertu da barruko eta kanpoko gizonen aurrean. Eta erriak aldatu egin ditue Elizarekingo euren artu-emonak. Zubiak luzatu dira "beste ugalderaiño".

Ez dira aztu ango eta emengo desbardintasunak eta aldeak, baiña batez be, "batu egiten gaituen aldeak azaldu nai izan dira". Juan XXIII "borondate oneko" gizon guztieri mintzatu da; "gaurko munduakin, gizon guztiekin alkarberbeta zabal bat eukitearren alegintzen dago Eliza, zerren konziliu onetan guk katolikuetzaz bakarrik jardungo bagendu, ez geunskio ain betean erantzungo Kristoren aginduari".

Eta konziliuak, batasunean biar egitea esan nai dau (2.800 gotzain eta Eliz osoaren artekoa), eztabaida, eritxiak emotea eta jazotea. Konziliuari danak batu bear dira gogoki, benetako libertadean, konziliuaren arazoetan, gai barriak autatuaz, eskemak adi aundiz neurtuaz, edo aldatuaz, gero Aita Santuaren baietza artu eta benetako indarra izan daien. Au da konziliuak Elizara dakarren "era barri" ori, eta bizirik dagozan indar guztieri aparteko gaztetasuna eta ugaltasuna dakarkiena.

Konziliuaren elburua ez da "egi barriak" ateratzea; konziliu onen naiak lengoa argitu, barriztatu eta bizitza egitera doaz. Ez da esan nai, egia, agintaritza, sinismena, irakazkintza, adimena, pentsamentua, alde batera laga dirala, ez, baiña bai, egia egitekaz, sinismena karidadeagaz, agintaritza morroitzagaz, irakazkintza apostoladutzagaz, adimen eta pentsamentua gogamen eta biarragaz, alkartu bear doguzala gaur.

Eta da izan be, Elizak benetako iru alkarberbeta erabaki dabezalako: bere barrukoen artean, kristau danekin eta gaurko munduagaz. Eta gure Paulo VI-k erresponsableki leporatu dau gaurko Elizaren ekiñaldi au. "Jakin eraso genduan legez, Konziliu Ekumenikua berraziko dogu, eta Jaungoikoari eskatzen deutsagu, gertaera aundi onek indartu daiala Elizaren sinismena, biztu dagizala bere moral indarrak, eta sendotu dagiala Eliza, eta obeto egokitu dagiala gaurko munduaren eskaeratara".

Baiña Eliz-barrizte onek kristau danen arteko batasuna eskatzen dau. Ezin da aztu orain ogei gizaldi entzun zan "izan daitezela bat" a. "Onela jasoten dogu gure aurreko Juan XXIII aztuezinekoak laga euskun ondorea. Berak, Espiritu Donearen argipean, ainbat itxaropen sortu ebazan gai onetan, eta Guk bete-beartzat eta ooretzat daukagu itxaropen orreek ez lorrindutzea".

Beste aldetik, gaurko mundua, ain naaztu eta bidegabetua dagolarik, benetako bake, justizi, alkar-urreratze eta laguntzaren eske dago sakon-sakonetik. "Jaungoikoaren laguntza eta gure aurrekoen ikasbideagaz, gaurko gizadiaren gaitzeri osakia eta bere eskaerei erantzuna eskeintzen jarraituko dogu aspertu bage. Entzungo ete da gure abotsa?"

Konziliua asi da eta "ez da amaituko". Eta erriak Elizara begira geratu dira.

Jazoera zoragarri onek zeozerren susmua ekarkion Juan XXIII-ri: ia eldu dan erri guztiak Eliza santara biurtutzeko ordua...


Abade urritasun gorria Latinoamerikan

Sarritan esan da, ondo esan be, badauala XX'garren mendeko uneda onek kezka ta larri-aldi barruntu xamar bat... Ta egia, ziur. Barriz, kezka soiñu eta larri-aldi ori barbar ganezka Latinoamerikan: alde batez analfabetismu ta soziedade bizitz oso eskaza; bestez, abade ta mediku eta beste gaiñerontzeko urritasun gorria. Baiña, dana dala be, ames aundiko lurraldia dogu Latinoamerika ta beraz, denpora labur xamarrean landuko da bere etorkizun ori.

Lur-aldi onen larritasunak Elizaren arazoa esnatu dau, eta Aita Santuak badeusku sarritan problema onen bearkuna adierazi. Pio XII'garrenak ziñoskun berbaldi batean: "Latinoamerikako katolizismua larrituten daben problema asko ta andien artean, au lenena ziur: Abadeen urritasuna".

***

URTE BIZTANLEEK KATOLIKUAK ABADE KAT.ABADE

1948 154.342.000 147.642.220 26.612 5.375

1952 166.076.766 147.642.356 29.638 4.981

1959 196.308.411 176.532.880 37.850 4.691

1961 ----- 186.622.042 38.796 4.826

Latinoamerikan, beraz, abade bat ia 5.000 arimentzat dogu, beste ludi kondoan zear 1.250 katoliku abade baten mende geldituaz. Gaiñera, aurkituten dira noizbait parroki xamar asko abade bakoitzaren mende 10.000, 12.500 eta 24.000 geldituaz...

***

Nota batzuek

Latinoamerikan, 200 milloiko poblaziñuarentzat, 348 elizbarruti ta 108 misiñu lurraldi doguz.

Barriz, 1954 garren urtean, 190.003 uri abade barik ziran. Oneetatik 40.000 urik eliza zeukeen, baiño beste gaiñerontzeko 60.000 urik ez abade ez elizik.

Nun da abade urritasun onen sustraia? Eliz-gizonen banaketa txarrean, alajaiña. Gaur, gitxi gora-bera, 40.000 abade dira 500 milloiko erri katolikuentzat; eta era oneton zabalduak dira: Europa eta Amerikako 500 milloi katolikuentzat 370.000 abade, beste 2.000 milloi siñisgabeentzat 33.000 abade geldituaz ondoren.

Estadistikak emoten dabenez, Latinoamerikak ludi guztiko katolisismuaren 35% osatuten dau: Beraz, abade bakoitzentzat 5.000 katoliku, porzentaje erdiz.

***

Latinoamerikako parrokien porzentaje erdia, barriz

11.000 anima bei-amerikan.

14.000 erdi-amerikan.

18.000 Karibe aldean.

Problema au negargarriago jartzen da 88.796 abade onen artetik asko, maiz zartzaro gaixo mendez, gauz eztirala gogoratzen badogu, ta baita beste era guztietako akatx ta labanarriak gogartzen badoguz.

Mende daroagun bitarte onetan Latinoamerikako katolizismua indar barritu jaku, oro, eliz Naguzitza jarriaz. Baiña, dana dala, abade urritasuna bere izate gorrian jarrai dau.

 Lumero onek ikusita ondo ezarriak arkituten dodaz Mons. Morcilloren berba oneek: "Problema au, daukan miñ-gorri guztian, Elizaren begien aurrean ezarria dago. GAUR bear ditu Amerikak abade asko, abade geiago, abade santuak, salbau daitean".


Batasuna. «Batasunak jasoko gaitu»

Mundua txikitu egin da. Gaur Gernika-ko kalean pasietan ikusten gagozan gizona, biar New York-ko kalean ikusteak ez gaitu arrituten. Zergaitik? Mundua txikitu egin dalako.

Gaurko soziedadeak, gaurko Elizak derrigorrekoa dau alkartutea. Azkeneko denpora oneetan il diran Aita Santuak, batez be Juan XXIII-garrenak, "Alkartasuna", "Batasuna" deadarka egon dira.

Gaurko alkartasunak, ostera, joera bi daukoz: Komunismuarena ta Elizarena. Komunismua alkartasunaren atzetik dabil egal guztietan. Bere elburu edo joera "Batasuna" da. Baiña, zelakoa da alkartasun ori? Or dago, ba, "untzea!". Komunismuak alkartasun ori lortuteko darabiltzan metoduak ez dira egizkoak, paltzuak baiño. Esate baterako, Komunismuak unibersidade batean sartu gura dauanean, unibersidadeko gazteen tartean egiten dauan bierra auxe dozu: konfusionismua, dibisiñua, maltzurkeria erein, gero berari ondo iatorkon "sasi-alkartasuna" lortuteko.

Ez dira bardiñak Elizak darabiltzan metoduak, ez. Elizak munduaren batasuna gura dau, ta gogoz gaiñera!; baiña, ez edozelako batasuna. Maltzurkeria, zikinkeria, guzurra, —berba batean esateko— deabrua ber-bera oñarritzat daroan batasunik ez dau gura Elizak. Elizak Komunismuarengandik eta... —esan dagigun bildur barik— lotsabageko Paternalismuarengandik datorren batasunagaz ez dauko zer ikusirik Elizaren batasunak, egia, maitasuna, alkar-errespetua, Jaungoikoa ber-bera dauka oñarritzat.

Nortzuk egin bear dabe biar batasunaren, egiazko batasunaren alde? Aita Santuak? Konziliuak? Gobernuak? Danok alegindu bear gara batasuna lortuten, danok, baiña.. batez be

1. Zuek gazteok

Elizan indar klase asko dira: lelengoa —ez dago zer esanik be— Espiritu Santuaren indarra, Grazizko indarra; jerarkiko nagusien indarra; jakintsuen indarra; zarren esperientziak daroan indarra; gazteen odolak daroan indarra, t. a. Indar klase oneen artean aundienetarikoa "gazteen odolak" daroan indarra dala esango neuke. Gaztea, beti da gazte; gaztetasunak, sua, adorea, indarra esan gura dau. Baiña, gaztea bear dan moduko gaztea bada, —buruarindun gazteez ez noa ezer esaten—, bere indarra, bere odola nun ipiñi ta zertarako ipiñi bear duan, jakin bear dau. Ta gaurko gazteen biarrik aundiena, ederrena, munduak, gizarteak, ELIZAK bear dauan Batasuna, alkartasuna, ANAITASUNA lortuten alegindutea, da.

Baiña, jakin ondo, gazte; "Batasuna" ta "Bat" (erderaz: "Unión" eta "Unidad") ez dira gauza bardiñak. "Bat" izatea debekatuta egon ez arren, gizonak ezin dabe alkar "bat" izate ori lortu; gizona, gizona da beti. Bat izate orra jo baiño len, gizonak "Batasunera" jo bear dau. Bat izatea lortutea gauza gatxa da; baiña batasuna lortutea, ez da ain gatxa. Batasun-billera onek alkar-errespetatutea, alkar-konprendidutea, alkar-ondo ikustea, erri bakoitzak daroazan izakera, persona bakoitzak daroan izakera, neska izateak daroan izakera, t. a. errespetatutea eskatuten deusku. Ta errespetu onen gaiñean gizarte barri bat, famili barri bat formatuko dogu. Alegindu, gazte, gizarte ori formatuten!...

2. Zuek baserritarrok

"Munduko beargiñ guztiak, batu". Komunisten elburu onek ondo dakigu zelango indarra euki dauan. Munduaren zati eder bat irentsi dau.

Baserritarrak be, barriztasun batera jeikitzeko, elburu baten bearrizana daukogu. Auxe bera egongo leiteke ederto. "Baserritarrak, batu". Jakiña beste era batera ulertu bear dogula. Komunisten elburuak gorrotozko azpia dauko. Kapitalisten-ganako amorru gaiztotik sortu da. Gureak, barriz, maitasunetik sortu bear dau, Kristoren agindutik. "Agindu barri bat emoten deutsuet: Alkar maitatu zaitezela, Nik maitatu zaituedan legez".

NIK erosi... NIK erein:.. NIK saldu... NIK irabazi...; au da NERETZAT beti. Eta guretzat bada be, nire familiarentzat; NI famili orretan sartuta nagolako Au da baserritar askok egiten dabena.

Baserriko bakartadeak eta mendiak ondasun ugari ekarri deuskuez. Baserritar geienak besoak indartsu ta bularrak zindo daukeez. Baiña neiko kalte be bai. Sarritan egoistak gara; gerekoitasunerantza samea apur bat biurtuta daukogula esan bear. Mundu zabalera begiratutzeko itxutu egin gaitue. Bizi be menditartean bizi gara. Mundua guk egiten doguna baiño zabalagoa ta ederragoa da. Ez da bakarrik nire familia, edo nire lurrak, edo nire ganadua. Ainbeste gizon, lur eta ganadu dagoz munduan.

Eta ni batasun arrigarri baten bitartez gizon guzti orrekaz anaiturik nago. Jaungoiko semeen batasuna da. Gorputz bat egiten dogu danok. Aita bat daukogu ta zeru baterako gara danok.

Besteeri begira egin bear dogu biar, besteekaz batera, GUZTIONTZAT, Batasunez. Eta ba-dagoz onelako baserritarrak, norberaren probetxua alde batera itxirik, auzokoeri lagunduten saiatu diranak. Onelako baserritarrak bear doguz baserriak jasotzeko.

Ona emen benetako maitasuna: Lagun urkoari begiratu; baserri pobrea daukanari lagundu, ona daukonari ondo begiratu ta bear bada lagundu. Beti egin geinke zeozer auzokoen alde.

Auzokoak maitatu barik, ezin alaitu Jaungoikoa. Eta jaunak beragana deitzen gaitu. Ezin bakarrik joan. Baserritar guztiak besarkaturik joan bear gara. Gogoratu batasunean dagola gure etorkizuna.


Bier egiteko obligaziñua

Lukas santuak dakarrenez euxe esan eutson nagusiak administradoreari. Geuri be eskatuko deuskue egin dogun bierraren kontua; bai, bier egitera beartuak gagozalako, ain zuzen. Ta ez baten-batzuk bakarrik, guztiok baiño. Eleizearen dotriña da. "Mater et Magistra"-k ba-dakar: "Biarra gizaki guztien eginbearra ta deretxoa da".

Arrazoi edo olako batzuk be emon daitekez jakiteko zergaitik gagozan bier egitera beartuak. Batzuk besterik eztotaz emen ipiñiko, adibidetzat:

a) Paulo apostoluak ba-ziñon: "Bier egiten eztauanak, ez daiala jan be". Janaria, bere indarrez irabazten dauanak bakarrik merezi daualako. Egia, ezin ukatu.

b) Nork bere tasun ta Jainkoak emondako gañerako doaiak ezin ditu lurpean gorderik euki. Guztiok gatoz bizitzara kualidade-tesoro batekin, gdo gorputzean edo ariman daukoguzalarik tasun orrek. Eta jakiña, tasun orrekaz irabaztera jo bear dogu. Eztakizu Ebanjelioko morroi alper areri zer gertatu iakon? Arek be ugazabak emondako talentua, lurrean zulo egiñik, eskutatu egin eban, ugazaba a gogorra zala-ta bildurrez, noski. Etzeban ezer irabazi, egia esan. Baña etzeban ezta ezer alperrik galdu: emon eutson talentua oso-osorik eukan. Alan da guztiz be gogorki eskatu eutsozan kontuak ugazaba arek: "Morroi gaizto alper alakoa!... jarri bearuan ba, nire dirua diru-gizonen eskuetan, eta itzulitakoan irabaziekaz ta guzti jaso aal izango neukean nik nire dirua". Jakiña, ugazabak ez eutsozan kontuak eskatu dirua galdu ebalako, geiago irabazi ez ebalako baiño. Geuri be deste orrenbeste.

c) Gañera, joandako gizaldietako gizoneri esker daukotaz nik, dotazan erreztasun ta adelantu onek guztiok. Nik be ba, nire partetik —alan eskatzen daualako betebear sozialak— nire gerokoeri laguntzen saiatu bear naz. Au be betebearra da, obligaziñoa. Ez karidadea ta filantropia bakarrik.

d) Jainkoak mundua egin eban bai, baño ez-osotua lez itxi eban, gizonek osotu egien indar ezkutatu orrek askatuaz. Ta guztiok dakigu indar ezkutatu orrek askatuteko bier egin bear dala, sendo gañera. Eztago bueltarik or. Ara, esate baterako inbentuak: onek eztira berez ta kasualidadez egiten. Inbentu-aurretik bier egin bear izaten da, batez be buru-bidez.

Ez iñoiz aaztu bierra klase bitakoa dala: buruzkoa ta eskuzkoa. Batzuk, eskuzkoari bakarrik deitzen deutse bierra. Ezta egia. Buruzkoa be bierra da, ta, probatu danez, eskuzkoak baiño desgaste geiago daroana, gañera. Biak dira bearrezkoak, ori bai. Ta era bietara bier egiteko obligaziñoa daukogu gizonok. Jakiña, ez guztiok era bietara, batzuk batera, ta besteak bestera baiño. Baña au ondo buruan sartu: guztiok biar egitera.

Joan Mari Torrealday, anaiak

***

"Ekartzak ire kontuartzalletza orren barri"