ANAITASUNA

IX URTEA N.º 107

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

ABENDUA (12) 1963


Adiskidea, zorion bidea

Kalean ain arin dabiltzan gizon-emakumeak, nora doaz? zeren billa doaz? Zorionaren billa, jakiña; baiña, jakin balekie nun aurkitzen dan zorion ori...! Umm...! Bide-ertzean gauza eder larregi ixten ditue. Ikusi be eztabe ikusten-eta. Urreantzeko distadaz itsututa dabiltz. Zenbatek, esate baterako, ikusten dabe ADISKIDETASUNEAN zorionaren iturria?

***

Adiskidetasuna: bipairu gizasemeen alkar-maitasuna edo, bein topa diranen alkar-bientasuna. Gizonok, arean be, Egilleak orrelan eginda, lagunarteko izadi bat daukogu, au da, gizarterako egiñak gara eta ezelan be ezin dogu ukatu gure izadiko joera au. (Bakartasun arro ta berekorrak beste edozerrek baiño zoro geiago sortu ditu munduan). Eta adiskidetasuna besteenganako joera orren berezko ondorengoa baiño ezta. Alkar ikusi dabenen artean berez-berez sortzen dan biotz eraspena. Zergaitik da, ostera, ain gatx benetako adiskideak idorotea?

Begira, benetako adiskideak izateko, gizon garanez, ez daukogu zetan Jaungoikoa edo Kristau erlijiñua ezagutu bearrik. Adiskidetasuna gizaberezkoa bai-da. Paganu edo Jainko-bako gizon bi be egizko adiskideak izan daitekez.

Baiña, bestearen adiskidea izan gura badot nik, beste ori oso-osorik artu bear dot, bera dan moduan, bere nolakotasun on eta txarrakaz, bere edertasun eta akatz guztiakaz. Auxe da lenen-lenengoa benetako adiskidetasunerako. (Ezkontza on bat egiteko be, orixe da ezkongaiak lenago bete bear dauana: senar edo emaztegaia ber-bera dan lakoa maitatutea). Bestela, laster baiño laster jausiko da adiskidetasun ori, bestearen "egia" ezagutu ondoren.

 Zer gura dau esa orrek, barriz? Adiskidetasuna lortuteko, bestea benetan maite bear dogularik, gure buruagaz derrior aztu bear garala, eta gure maitetasun ortatik egoismu ta utilidade guztiak kendu bear ditugula. Beste berba batzukaz, benetako adiskidea izateko, il egin bear dogu gure burua, gure gurariak eta gogoak, gure ames eta atsegiñak edo, obeto esateko, gure ordez bestea ipiñi bear dogu gure bizitzako erdi-erdian, beste orren alde egiñik gure alde egingo geunkena.


Gazte, zure "kaidea" zer da?

Jaungoikoa dogu, gazte, gauz guztien egille. "Sinistuten dot Jaungoiko Aitarengan, zeru-lurren egillea...", esaten dogu. Jaungoikoak gauz guztiak egin dauz eta egiten dauz ondo. Bere jakituria azken bagekoa da; ez dauka neurririk. Jaungoikoak egindako guztia, naiz txikia izan naiz aundia, dana da ona, polita, ederra...

Baiña, Jaungoikoak egindako gauz guztietan lelengotarikoa "gizonaren izakia, gizonaren gorputz-arima" dala esango neuskizu.

Bai, gazte; Jaungoikoak egin dau zure gorputza, zure andragaiaren gorputza, zure erriko neska guztien gorputza, zure mutil-lagunen gorputza... Jaungoikoak ipiñi dau zure biotz gazte orretan, zuk, zure biotz orretan zure andragaiarenganako daroazun "kaidea" ta zure andragaiak bere biotzean zureganako daroan "kaidea".

Zergaitik, zertarako gizon-emakumeen artean diferentzi oneek? Nundik nora sortu izan da zure biotz orretan daroazun "Kaidea"? Pentsatu momentu batean, gazte. Momentu ori igaro ondoren, auxe esatera beartua aurkituko zara: "nire biotzak neskarenganako (neskia bazara mutillenganako) daroan kaideak "zeozer" esan gura dau. Zer? "Kaide" onek elburu bat, objetibu bat daroala: alkar-batasuna, EZKONTZA. Ezkontzaren sustraia ez dago Ebanjeliuan ez Eleizan, ez Aita Santuen Enzikliketan, ez; ezkontzaren sustraia gizonaren, emakumearen izakiaren barruan bertan aurkituten da.

Baiña, "kaide" ori formatu, ezi egin bear da. Kaide ori gauza ona izan arren, bere inguruan gauza txarrak, griña txarrak be ba-daroaz.

Gazteak, ezkondu baiño len, ba-dauke "arta jorra" nun egin, bai. Mundu onetan gauz guztiak euren objetibua bear dabe. "Kaide" orrek be bardin: bere objetibua bete bear dau; eta objetibu ori beteteko, kaide ori formatuteko, norberekeriaren kontra, griña txarren kontra jokatu bear da. Gai onetan, derrigorrekoa dogu, bada, formaziñua. Abereak, —esate baterako, zuen kortan dagoanak— bere "kaidea" daroa bere barruan; ez dot uste, ostera, abereen kaidea eta gizonen kaidea bardiña danik. Ez dira bardiñak —parkatu, gazte, konparaziñu au— zure kaideak eta korta basterreko aberearen kaideak! Zure kaidea, gazte, naiz mutil naiz neska izan, PERSONAREN kaidea da, ez aberearena. Baiña, kontun artu: zuk, zure biotz gazte orretan zure ezkontz-lagunarenganako daroazun Kaidea ezpadozu eziten, formatuten, —parkatu barriro, gazte, baiña egia danezkero, esan egingo deutsut konfiantzan—, aberearen kaidea besterik ez da izango.

Ezkontza on bat egin baiño len, bear bearrekoa dozu, gazte, formaziñu on bat lortutea. Eta formaziñu au lortuteko —ez aztu!—, gogor jokatu bear dozula zure barruan eta... kanpuan!

Gizon-emakumeen artean dabillan alkar-kaidea Jaungoikoak ber-berak sortu dau. Alkar-kaide orren elburua "Ezkontzako Sakramentua" da. Urreratu, gazte, Sakramentu orretara; baiña, ez zeure "kaidea" formatu baiño len!... Eleizak zure biarko familia bear dau!...


Adiskidea...

Eta au ezta ez ain erreza, ain adierreza. Guztiok dakigu gure lagun urkoa maitatzen lagun orren mesedeen bearra daukogunean edo baita lagun ori sinpatiku jakunean be, ala berak gu goresten gaitun bakotxean. Baiña, gitxik dakie ortik igaroten. Eta adiskidetasuna ori baiño askozaz gorago dago. Naiz polita ala motsa, naiz garbia ala zikiña, naiz aberatsa ala beartsua, adiskidea beti maitatu bear dot gauz guztien gaiñetik. Eta ori ezin izango dot egin, billatzen ezpadot lenago gizonaren izate aldakor-eza edo bere izate traszendentala. Jaungoikoa?


Ezkonduen amodioa

Lenengo esan bear doguna da, ezkonduen amodioa frutuduna izan bear dauala. Bueno, beste era batera esango deutsut nai badozu: Senar-emazteak, ezin daikezuela alkar-samurtasunagaz bakarrik gelditu; zuen maitasuna objetibo barik geldituko litzakela semerik ezpazenduke, al izanda.

 Zuen ezkontz-amodioa bata bestearen laguntzarako izan bear dau. Eta laguntza onetan santutu bear zarie. Izan be, ezkontza sakramentu bat da eta sakramentu onetan eskontz-amodioa santutua izaten da!

Baleiteke zuen amodioan egoismu asko gelditzea oraindiño: niretzat —senarra bazara diñozu— ezkontza, maitasun asko erakusten deustan emazte bat eukitea da; biargiña izan dedilla batez be...; etxea ondo zaindu daiala; jatekoa ondo egin deistala, eta... al badau, lagundu deistala nire zeregiñetan be.

Eta emaztea bazara, zuretzako ezkontza ederrena izango da: senarrak samurtasun asko erakustea zuri; zure aurrean lilluratzea; diru asko irabaztea eta zure kapritxoak pagatea.

Guzti ori eztago ain txarto, baiña gauza gitxi da benetan!

Senar-emazteak, goratxoago jo bear dozue oraindiño; gauza sustraitsuago bat topaten asi bear zarie: egiazko alkar-amodioa. Ondo konprenitu bear zarie bata bestea. Lur oneko zeregiñak, batez be semeen edukaziñua, bien artean eroan bear dozue. Erriko gizon ejenplarrak izaten alegindu bear zarie.

Emaztearen biotzak senarrarengana jo bear dau. Senarrak ataraten dauz, bai, bere amodioagaz, emaztearen biotzeko xamurtasunak, pozak eta konprenziñoak. Senarraren biotza da emaztearen iturria. Emen izan bear dau emazteak bere atsedena eta loa.

Baiña senarrak be asko ikasi bear dau emaztearen biotzetik. Biblia santuak ederto dakar: "Triste egoan Adan bera bakarrik, Jaungoikoak bere itxurako lagun bat emon arte". Ara or senarraren emazteganako tirakada gogor bat! Emaztearen influentziak, senarraren sentimentuak edukatu eta findu egiten dauz. Emaztearen amatasun goxotik, senarrak be aitatasun goxo bat artzen dau. Ezkontzan, batak besteari daukan gauzarik onena emon bear deutso: amodioa.

Penagarriz, gaurko egunean ezkontzauste asko ikusten dira. Zergaitik? Amodiorik eztabelako alkarren artean. Neskalaguntza denporan uste eben euren alkar-maitasuna atxa baiño be gogorragoa zala, baiña... gauzak aldatu egiten dira errealidadea ikututen dabenean. Eta aize zurrumurru onen kontrako erremedioa? Alkar-amodioa. Besterik ez.

Oraindiño ezkondu etzarienok espabillatu zaiteze ba. Sakondu eta esamiñatu zelakoa dan zuen alkar-amodioa. Baiña, nun jarten dozue zuen alkar-amodioa? Piper koloretan? Ezpain gorrixketan? Aiii... kontuz! Gero negarrak etorriko dira pranko. Baiña "gero" ori geroegi izango da. Koloreak eta edertasunak, urte gitxi barru, mizpildu egiten dira eta gero..., gero kontuak! Zuen alkar-amodioa, egiazkoa eta kristau-motiboetan tinkatutakoa izan bear dau, luzarokoa izan bear badau.


Dakar, arraintzaleen "goxotegia". Kantauriko euskaldunak be "goxura"

Andik eta emendik ikusi doguzan estadistika eta numeruetan. Senegal-eko itxasondoan, goitik-bera, atrapa dan arraiñak milla ta bederatzireun eta irurogei tonelada egiten dauz. Pasatu dan urtean, zazpi milla ta lareun batu ziran. Arraintza onetan ogetamasei ontzi bretañatarrak eta ogetazazpi Frantziko Euskalerrikoak ibilli ziran 1962-ko abenduatik 1963-en akaburarte. Barruratutako atun guztia bertako fabriketan sartun zan.

Joan dan moduan, ba-dator atzera negua, eta neguagaz arraiñeza eta irabazi gitxiagoa, kontuizu, Kantauri itxasoko arraintzaleentzat beintzat, larregi dira ain itxaso txiki batentzat-eta.

Danan gaiñetik Afrika-ra

Entzuten zan, bai, ara, Dakar, Freetown, edo Abidjan aldera ezin zala joan sei illebeterako, emengo bokartaldia galduten zala-ta, irabazi baiño geiago galduten zala-ta; baiña bizibearrak eraginda, kontratuak alan-olan eginda, artu dabe Afrika-rako bidea gure enbarkaziñuek. Gaurko baporak mantenidu gura dauanak ez dauko beste erremediorik. Derrigorrezko dau uraundietarako bideari jarraitutea. Obeto litzake bakotxak bere uretatik ez urtetea; baiña Kantauri itxasoa eztutu egin da, ain asko dira bere lepoan dabiltzan ontziak ze...

Arrain asko

Afrika-ko itxas manda au, guztiz da aberatsa atunetan. Onek bere prolemak sortu eta dakaz: nora saldu neurri onenean arraiña? Zelan eroan denpora gitxienean portura? Zelan gero ta geiago atrapa? Zelan gaindu ango gaixo beruak?

Dana dala, euskal arraintzaleak prolema orreeri erantzun osoa emon barik, urtero lez, Afrikaratu dira. Bai, ba, geiago edo gitxiago, an ezta falta iñoiz arraiñik!

Atuneri be, udazalea dan ezkero, ur epela gustaten jako bere ibillaldiak egiteko, eta orregaitik aurten eztogu izan atun askorik, uda barik gagoz-ta.

Beti itxaroten

Askok ba-diñoe be, nire ustez egundo be ezta frakasu ta ezbear bat Afrika-rako ibillaldia. Beti irabazten da emen negu utsak emoten dauana baiño geiago-ta.

Afrika-ko gauza txarrena erosle bakar bat egotea da. Beti saldu bear berari gitxi gora-bera berak gura dauan salneurrian, eta pasaten dana, danak nai bakotxan partikaria betetea.

Gaur, erosle geiago agertuko diralakoan dagoz Kantauriko arraintzaleak, baiño ikusiko dogu ia.

Gure naia ta guraria auxe baiño ezta: izan daiela suberta on bat, euren izerdiak mereziduten dabe-ta.


Eta bakea lurrean...

 Belengo Natibite elizako kanpaiak. Ia bi mille urtetan zear poza eta bakea jo ta jo deika dagoazan kanpaiak. Deika ta deika aingeruen barri arekin:

"Aintza zeruetan Jaungoikoari eta lurrean bakea borondate oneko gizoneri".

Gabonak bakea agintzen deuskue; bakerik zabalena eta sakonena, anai arteko bakea.

"Bakea da izan be, bizitz eta kondairako, gizon famili eta errien ondasun guztien arteko onik bearrezkoena eta ederrena" (Juan XXIII). Bera da, ez on bat bakarrik, ontasun guztien billera egokia baiño; bera da gizadiaren jasotzeko sustrai eta aro onuratsua. "Bakea eta bake-miña, munduaren baretasuna eta onaren baitura ziurra da" (Juan XXIII). Zoriona da bakea.

Beti ibilli da gizona bake-naian. Au izan da, eta izango be bere barrenengo gogo bizia. Izadi guztia armonirik beteenerantz lerrotuta, biurtuta, dago; eta gizona bere indar bizi-guztiekin.

Gaur batez be, gizon bakoitzetan, famili ta errietan eta kontzientzietan jabetu dan naste ikaragarri onetatik jeikitzen dan deadarra "Bakea" da. Gaurko gizona aseta dago; beingo bakeari deika dago; ainbeste maite izan dauan bakea; ainbesteraiñoko sufrimentuz bein da barriro billatu eta billatutakoa.

Entzun deigun, "eskua biotz muinean ipinita, munduko barren guztietatik ume errugabe eta zar, gizon bakar eta komunidade osoen, zerurantz doian, garraisi mintsua: Bakea, bakea." Bearrezkoa dogu gaurko mundu illun onetan, bakearen alde jeikitzea, eta beste ontasun guztiak baiño obeagoa dan on au lortuteko alegiñik ez ukatzea. Ezin daikegu ez ikaratu milloika famili bildur okerpean ikusita. Gure kristianismuak luzatu bear deutso eskua mundu gaixo oneri, bere bake-mensajea entzun araziz; justizi, egi eta alkar-maitasunaren indar morala eta lenentasuna, bestelako indar guztien aurrean erakutziz. Zerren justizian, karidadean, egian eta danen dorondate onean ezarritakoa ez bada gure bakea, ez da izango ez iraunkorra ta ez egizkoa. Bakea, gizon danen gogorik sakonena eta izadi guztiaren elburua, ezin leiteke oiñarritu batzuen indarrean edo gogoan, gaur bai eta biar ez diran arrazoietan; gizonaren bake-min ori alako sakonak eta iraunkorrak izan bear dabe gizonen arteko bakearen sustraiak.

Kristianismua eta kristiñauak bakearen frutuak gara. Berez, gudan jaio giñan, Jaungoikoaren eta lagun-urkoaren etsai; baina bataioaren bidez, Jaungoikoaren seme gara; Bera gure Aita eta gu danok anai: bakean, bakean!

"Au da Elizak jarraikatzen dauan bakea, otoitzagaz, beartsueri, makal eta zarreri daukan begirakunde biotztsuagaz, eta alkar-maitasun legea zabalduagaz, zergaitik gizonak anaiak dira eta —biotza ikaratuta diñogu— danak Aita bateren semeak" (Juan XXIII).

Au da gabonak dakarskuen bakea be. Aurkitu daiala lur ongarritua.


Baserria eskolaren bearrean. Eskuak barik, erabilli burua

 Gure gazteak, baserria jasotzeko preparatuta ote dagoz? Ezetz esan bear. Eskolan dibisiñora eldu ezkero, laixter dira gure baserritarrak atxur kirtenari elduten. Bat baiño geiago izan dira liburu-tartean zoratu diranak eta bada ezpadan alde batera itxitzea obeto, diñoe.

Eta baserri kontuan zer dakie? Euren aitek dakiena, besterik ez. Gainduteko artegatasunik be ez; beti bardin. Igitaiaren gizaldian geratuteko bide ederra. Gero keja asko. Ori bai. Baztertuak gagozala, irabazi eskaxa daukagula, semeeri bear geiegi egin arazten deutsegula, ta abar... Arritzekoa ote da au? Ez-jakintasunetik berez sortuten diran akatzak dira. Jakin betiko.

Baserrian diru ugari izateko, liburua ez baiña, atxurra erabilli bear da. Onela pentsatzen dabe askok. Zergatik esan bearrik ez oker dabizala. Baserrian aurrera ateratzeko, gure deretxoak gordetzeko, ondo jan ta ondo bizitzeko, baserritarrak bide eder bat daukogu: jakituri bidea. Ikasi, ikasi daigun bildur barik.

Gure aurrekoak biar geiegi egin eben. Izan be beti izan da euskalduna biargiñ ona; baiña buruagaz egin bearrean, eskuekaz ta indarragaz egiten eben. Ortxe konfundidu, koitxaduak.

Guk aurrekoeri irabazi egin bear deutsegu. Atxurrak eta eskuak lar erabilli barik, buruari erasoko deutsagu. Ez pentsatu txapela eroateko danik, pentsatzeko baiño. Eskola bearra daukogu; estudioaren bidez bakarrik jasoko gara.

Zer jakin bear dogu?

Lenengo ta ondoen kristau ikasbidea. Ez memoriz, bakarrik; kristau legez pentsatu, sentitu ta ekin arte. Jakin gure bizitzaren zegatia, Jaungoikoak gugan euki bear dauan tokia, Kristoren bizitza, karidadearen edertasuna. Biblia erabiltzen ez dakianik ez litzake baserrian iñor egon bear. Bera da Kristiñautasunaren sustraia emoten deuskuna. Animako bizitza geiagotuten saiatu bear gara. Beste balio guztiak, naiz izan osasuna, naiz ondasuna, bizitz onetara eroaten gaituen malla batzuk besterik ez dira. Piñu asko sartzea ez da bearrezkoena, ezta kaja de ahorrosen diru asko eukitzea: grazi-bizitza sasoi eukitzea baiño.

Baserri bizitzarako be ezi egin bear gara, preparaziñu profesional on baten bidez jasotzeko. Orretarako maitatu baserri bearrak, gizatasun apur bat eukitzen saiatu, jakin alkartasunaren indarra, egin dirua baserriagaz, aurrerapenak ikusi ta sartu.

Buruagaz jokatu ezkero, laixter daukoguz baserri indartsuak. Benetan asko egin geinke. Ezjakintasunetik dator baserriaren atzerapena. Baztertuteko, eskola bidea onena. Gurasoak daukee emen naiko biar ta naiko erresponsabilidade. Gazte diranari emon eskola ugari.


Bierra, madarikaziño?

Ezin dogu iñolaz be ukatu bierra gogaigarria, neketsua ta gatxa dala, geientsuetan beintzat. Emon be ezin deutso poz askorik emon biergiñeri beti gauza baten gañean egoteak eta egunero ta egunero, urtero ta urtero, bier bardin-bardiñean ekitera joan bearrak.

Ia, bierrera! esan eutson bere aitak amalau urte bete-barri zalarik. Eta bierrera, joan bear... Beste orrenbeste esan eutson onek bere semeari. Ta semeak beste orrenbeste egin bearra auki eban. Eta kondena onek —alan deitzen deutse biergiñak eurak bierrari— asko kanbiatu barik segidu bearko dau, gizaldiak zear, kondiziño ori obeagotutzeko itxaropenik eztalako iñundik be agertzen. Orregaitik, ain zuzen, madarikaziño balitz lez dauke bierra. Ez ori bakarrik, ordea. Txarrena da beren buruak be madarikatutzat joten dabezela. Zergaitik? Zeren malla sozial ortan jaio diralako, ta, jakiña, bierraren buztarpean bizitzeko. Izan be buztarri ori izan daitekenetatik gogor ta garratzenetarikoa dala dudarik eztago. Ba-dakigu, bai. Ta Elizak ba-daki zein gogor ta garratza dan ori, ta orregaitik artu dau bere gainean —gaur iñoiz baño sendoago ta arduratsuago— bere indarren neurrian, biergiñaren kondizioa obeagotutea. Elizak diñosku bierra ez jakula madarikaziñoa, "kristiñauentzat Jainkoarenganako serbitzio bat" baiño (Pio XII-garrenak).

Len iñoiz bierra esklabo, menpeko ta olakoen arazoa bakarrik zala uste zan. Eta Elizari esker eztala olan ikustera doa mundua. Egia esan, oraindik orain asko dira biergiñeri begiratzen deutsenak jende baju ta errukigarrieri begiratzen jaken moduan. Zoritxarrez, kristiñau askok be bai. Obe litzake Elizarentzat, bai, onek kristiñauok ezpaleuke kristiñau izenik. Baña Jainkoari eskerrak geroago ta urriago doaz.

Ez, bierra ez da esklaboena. Bierra gizon guztien arazoa da, denpora dala Pio XI-garrenak bere "Quadragesimo Anno" enziklikan esan ebanez, egaztiari egaz egiten egoki jako lez jakulako guri geuri be bier egitea. Ganera, kristiñau garanez, eskatuten jaku fede begiekaz bierra ikustea. Beraz, ezin dogu iñoiz bierra madarikaziñotzat ta kondenatzat euki. Ba-diñosku —ta ondo esan be— Joan XXIII-garrenak bere "Mater et Magistra" enziklikan zelan begiratu bear dogun bierra. Ara: "Bierra, egin-bear baten betetze ta serbitzio baten prestaziño lez euki ta bizi egin bear da". Au da: obligaziñoa danez zintzo ta konzientziz bete egin bear dogu; ta serbitzio dan ezkero pozik ta biotzez. Iñoiz be ez, Jainkoaren amorioarren, madarikaziño ta kondena bailitzan.