ANAITASUNA

Año I — Núm. 11

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Mayo 1954


Barruko bizitzea

Maiatzaren azkenengo domekan, Pio Amargarrena kanonizatua izango da Egun orretan, Erromako Aita Santuak, mundu guztiaren aurrean, Pio Amargarrena santua izan zala autortuko dau.

Eleizearen larrialdi aundietan, Aita Santu doneak bialtzen izan dauz Jainkoak, Amaseigarren gizaldian, Protestantismoa sortu zanean, San Pio Bosgarrenak zaindu eban Eleizea. Eta ogeigarrenean, Amerikanismoa ta Modernismoa agertu direanean, San Pio Amargarrena izan da gure zuzendaria ta eredua.

Len eta orain, etxetik urteniko arerioak izan dira beti txarrenak. Gure egunotan, kristiñau asko dira erlegiñoaren gaiñean oker pentsetan dabenak. Euren eritxiz, erlegiñoa jagoteko ta ainbat ariñen zabaltzeko, gauzarik beiñena, gauzarik egokiena auxe da: Propaganda egin, zarata egin, gaurko aurrerakuntza guztiak orretarako erabilli, erlegiñoa eleizatik kanpora atara, hospital aundiak eregi, kolegio ta eskola katolikoak geiagotu, monja zarratuen komentuak gitxitu, semeak ondo azteko —komentura sartu barik— munduan geratu. Auxe ei da bearrekoena, auxe aurrerena. Beste enparauak, urrengo datoz: otoitz egin, birgiñatasuna Jainkoari eskiñi, gure bizitzan Jesukristoren antzekoak izan, munduko arriskuetarik iges egin, gure burua mortifikatu, pobretasuna ta osterantzeko birtute gatxak maite izan. Berba baten esateko: Agiriko ekintzea lenengo, arima barruko bizitzea urrengo.

Olan pentsetan dabenak, okerrean dagoz. Euren okerkeriari Amerikanismoa deritxo. Ain zuzen-bere, ekintza larregiko uneda onetan bialdu deusku Jainkoak Pio Amargarrena. Jainkoaren Ordezko santu onek alegin guztiak egin zituan kristiñauen arima barruko bizitzea sendotuteko. Eta orretarako, iru gauza batez-bere egin ebazan: Eleizgizonen artean santu izateko zaletasuna biztu, kristiñau errietan sarriro komulgetako oiturea zabaldu, ta kantu liturgikoaren bitartez eleizkizunen edertasuna barriztatu.

Ez zan izan alperrikoa Pio Amargarrenaren lana. Beingoan agertu zan eleizgizon eta osterantzeko kristiñauen artean santutasunerako jokera indartsu bat. Tximistea baizen laster zabaldu zan mundu guztian zear jaunartzeko ekandu ederra. Geroago ta leku geiago artzen asi zirean kristiñauak eleizkantuetan.

Arima barruko bizitzea lenengo, kanpoko ekintzea urrengo. Auxe izan zan Pio Amargarrenaren asmoa. Auxe da berak emoten deuskun ikasbidea. Auxe, Jesusek berak irakatsi euskuna.

Izan gaitezan lenengo geu kristiñau onak. Egin daigun geuk lenengo besteak egin daiela gura doguna. Sendotu daigun lenengo gure arima barruko bizitzea. Egin daigun urrengo beste guztia.


Or, an, emen

Euskerazko teatroa. Muxikako Areatzan, lagun batzuk —aundi ta txiki— batu izan gara euskerazko teatroa egiteko. Gure zuzendaria, Balentin Enbeita da. Berak egin ditu bertsoak, eta berak irakasten deuskuz kantak.

Oraingoan, Jesusen Bizitzeagaz asi gara. Biotzak samurtu eta lagun urkoaganako maitasuna sortuteko gauzarik egokiena. Jesusen bizitza samurra, Jose ta Mariaren alkar maitasuna, euren bizitzako neke samiñak: dana agertzen da gure teatroan, dana kantuz, dana bertsoz.

San Jose egunez, Mendatan birritan egin genduan, eta bietan teatro lekua guztiz beteta egon zan. Ainbat txalo, eta txalo bitartean negar zotiñak-be entzun genduzan: ain barrura sartu jaken ikusi ta entzuten ebena.

Gaur-be badabil zeresana Mendatan, teatro ori sarriago egin bear litzakela-ta.

Areatzan berton, iru domekan jarraian egin dogu, eta iruretan lekurik ez. Barriro noiz egingo dogun preguntetan dabe ikusi barik geratu direanak. Eleizgizonak eurak-be arrituta esan deuskue: «Guk ezin egin izan doguna, zeuek egin dozue, eta askorentzat ikasbide ederra izango da zuek egiten dozuen lan eder ori».

Gorozikan, aprillaren amaikan egin genduan. Erri guztiak ikusi eban. Eta ez ikusi bakarrik, baita sari ederra emon-bere. Zorionak guztiori. Eta eskerrik asko bertako Parroko Jaunari bere adorezko berbakaitik, eta Alkate Jaunari bere gizabide ta esku zabalagaitik.

Egizale


Izkirimiriak

Eskolako mutil zurrena da Periko, batez-bere geografian.

Zer da au? —itaundu eutsan bein maixuak, mapa gaiñean atzamarra ipiñita.

— Ori, atzazal loi bat —erantzun eutsan mutillak.

***

Telefonoz:

— Entzun: Aztuta itxi dot guardasola, berorren etxean uste dot. Mesedez, ikusi bei ea pertxeroan dagoan.

— Itxaron apur baten... Au da?


Kurutzegrama N.º 8


Illeko Ipuiña

Patxi Barregarri ta Txomin Zital

Patxi Barregarri ta Txomin Zital larri ebizan, Pazko aldian, euren arimetako estutasuna zelan kenduko.

Lapurretan eginda egozan, eta konpesetako bildur zirean. Baiña kristiñauak zirean lez, ez egozan urtean beingo autortzea eta jaunartzea egin barik geratzeko-be.

— Nik jaukaat bildurra autortzeko —esan eutsan Patxik, domeka gau baten, Txomiñeri.

— ¿Zer egin dok ba, mutil?

— Bildots bat ostu joat.

— Nik idi eder bat.

— Ondo damututa najagok neu lapurretan egiña.

— Bai neu-be, mutil. Eta al bada, osturikoa jabeari biurtu ezean, ez ei jagok parkamenik, entzun neutsaan praille bateri sermoatan, lengo baten.

Urrengo zapatu illuntzean eldu zirean alkarregaz eleizara, eta bildur bildurrez egozan eleizbarreneko zokondo illun baten, zein lenengo autortu erabagi eziñik. Alako baten,

— Neu joango nok —esan eban Patxik, eta autortegira joan zan.

Patxi autortzen egoan bitartean, belauniko egoan Txomin alboratxuago, ikara ikaraz, bere aldia noiz elduko.

Patxi asi zan autortzen, eta bildotsa ostu ebala esan eutsanean,

— Bildotsa ostu-be egingo euan ba! —erantzun eutsan autorrentzuleak.

— Bai Jauna. Bildotsa ostu neban.

— Baiña, bildotsa ostu-be! —barriro abadeak.

— Bai Jauna. Eta «emen dago idia ostu ebana-be» esan, eta arrapaladan urten eben biak eleizatik, alkarren atzean.

***

 Amaikatxu arrapaladako konpesiño egiten dira, arazoa kentzearren, urtean bein, ozta oztaz, autortegira eltzen direanen artean.

Astiz eta ondoen gertuta eldu bear leukeenak, konpesoreak astirik gitxien daukonean joaten dira itsu-mustuan, urte beterako arazoa kendu eta barriro lengo bideetan bardin jarraituteko.

Ez ei dabe pekaturik eukiten! Je!

Autortzea, edozelan egiteko baiño gauza benagoa, gauza serioagoa da. Egingo dogunean, egin daigun ondo gertuta eta damututa, geure arimen kalterako izan ez daiten.

Aurraitz


Beti aurrera

Datorren illean izango da urtebete, bizkaierazko ANAITASUNAk urten ebala. Denpora onetan, eleizorri kaxkar onek, euskera maitearen irribarrea zabaldu dau Bizkaia guztian, eta euskereagaz batera, kristiñau dotriñearen azi gozoa erein.

Ori egitea, ez da izen gauza erreza baiña. Bildur giñean izan-bere, erriak aintzat artuko ete eban gure orritxua. Aurretiaz genkian, euskaldunak irakurteko oiturarik ez eukena. Ori gorabeera, atara genduan lenengo numerua, ta bigarrena, ta irugarrena..., ta jarraian beste enparauak. Gure euskerea guztiz erreza zalako-edo, ANAITASUNAk edonun euki dau abegi ona. Kurutzegramea dala-ta, au ta bestea direala-ta, askori gustau jake gure orritxua.

Eskerrik asko, euren diruaz lagundu deuskueneri. Milla esker, orritxua errietan zabaltzen dituen neskatilleri. Gure eskerrona, euren burubideakaz argitu gaituen Abade Jauneri.

Euskeraz irakurteko zaletasuna errezago zabaltzeko, ta kristiñau ikasbidea lekurik geienetara eroateko, orri bakotxeko IRU TXAKUR TXIKI asi gintzazan eskatuten. Gauza gitxi benetan! Eta datorren urtean-be, orixe bakarrik eskatuteko asmoa dogu. Oitu daitezala euskaldunak euren berbetan irakurten. Euki daiela euskal liburuak leiduteko zaletasuna. Il daitela betiko euskera ulertueziñaren ustea. Auxe da gure guraria, auxe gure amesa. Zaletasun ori bear bearrekoa da, gure erriak erlegiñozko eta osterantzeko liburu onak irakurri daizala gura badogu.

Orretarako, Bizkaiko erri guztietara bialdu genduan ANAITASUNA, eta danori eskatu geuntsen laguntzea. Txera ona egin euskuen erri askok, eta onek ogetabost, beste orrek berrogetamar, urrengo arek eun orri ta geiago eskatu euskuezan.

Banaka batzuk ordaindu dabe. Geienak ez oraindiño. Orregaitik, ainbat ariñen egin daiela eskatuten deutsegu. Ea ba, illabete onetan eta urrengoan danok zerbait botetan dozuen. Eta orriak zabaldu leikezan neskatilla baten izena bialtzen badozue, oraindiño obeto.

Beste erri askok, ostera, ez euskuen ezer erantzun. Alan ta guzti-bere, asko edo gitxi, bialtzen izan deutseguz orritxuak. Ez dakigu gustetan jakezan ala ez. Ez dakigu aurrerantzean-be artu gura izango dituenentz. Mesede aundia egingo leuskigue, albait lasterren zerbait erantzungo baleuskue; eta orregaz batera zeredozer bialdu ezkero, askoz obeto, aurrera joateko dana bear dogu-ta.

 Bizkaiko euskal irakurleak, eutsi eiozue ANAITASUNA eleizorritxuari. Eta danon artean aurrera eroan daigun ain bearrekoa dogun arazo au.

Idatzi zuzenbide onexegaz:

R. P. Rector del Colegio Seráfico

PP. Franciscanos

FORUA (Vizcaya)