ANAITASUNA
X URTEA N.º 110
Dep. Legal SS. 1092-1959
Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa
ZEZEILLA (2) 1964
Auts zara... eta auts biurtuko zara! Nora noa? Ba-noa eriotzara...
Laster, auts-eguaztenean, garizuman sartuko gara eta, kristiñauak garan azkero, arduratsu prestu bear doguz gure arimak Pazkoetarako. Ortxe erakutsiko dogu zein sendoa dan gure kristautasunaren muiña. Egia esan, gutariko geienak ez dogu ain errez aurkitzen garizumaren sentidua. Zer da edo zertarako da garizuma? Ala bearrez, ostera, gure kristautasunako beste gauza eder asko galdu doguzalako jazoten jaku ori. Kristiñau epel eta azalekoak garalako, eztakigu zer dan garizuma. Baiña, barriro diñotsuet: benetako kristiñauak izan gura badogu, derrigorrez asi bear dogu ortik, liturji bizitza oarrez sentitzen.
Garizuma zer da? Ezteguak galerazoten deuskuzan urtaldia? Berba bitan esateko, Garizuma Pazko aurreko urtealdi santua da, Pazko egunetarako gertuten gaituan-garaia. Pazko egunean, kristau egutegiko egunik andienean, Kristo kurtzean ildakoaren berbizkundea ospatzen dogu, au da, gure erlijiñoko misteriorik arrigarri ta maitagarriena. Eta garizuma ortarako da, gure arimak atonduteko Elizak ankeratuten dauan egun-taldea, Pazko misterioaren graziak ugari artu daiguzan.
Norbaitek uste izan leike "politegia" dala ori, "politegia" eta "ederregia". Baiña, ezta olerki utsa, benetako errealidadea baiño. Zeuok be zergaitik joaten zaree ba Lourdes edo Fatimara? Kuriosidadez bakarrik, turista legez? Zergaitik sinisten dozue, barriz, leku orreek indar edo propiedade berezia daukela mirariak egiteko? Ba-dakizuelako Jaungoikoak aukeratu dabezala leku orreek Bere alguztidun indarra agertzeko. Beste orrenbeste, bada, esan bear dogu elizako garai edo urte-aldieri buruz: Jaungoikoak, Elizaren bitartez, aukeratu dauz garai edo aldi orreek bere graziak bereziro zabaltzeko kristiñau artean. Eta onetariko bat Garizuma dogu, graziaz betetako garai santua. Siñistu daigun.
Aberritik kanpoan amaika urte egin dauzan senar bateri etxera biurtzeko ordua eldu jakola esaten badeutsoe zelako poza eta zelako pentsamentu goxo-goxoak erabilliko ez ete dauz bere buruan aurreko egun danetan? Jakiña! Orrezkero, eztau beste gogorik izango bere bizitzan: laster ikusiko dau bere emaztea, laster laztanduko dauz bere semetxoak, laster besarkatuko dauz bere guraso zarrak, laster, laster... ze poza ta zelako atsegin betea! Eta itxaroten dagoan bitartean, eguneroko zeregin gogorrenak be bigundu eta erreztu egingo jakoz, eta dana alaitu ta argituko jako barri ori jakin dauanetik. Esan leiteke, beraz, oraingotik darabillala etxera biurtzeko poza. Orixe da Garizuma be: Pazko egunetako graziaz santututa dagoan garaia edo egun-taldea.
Ainbeste grazi artu daikeguz garizuman, saiatuten bagara bear dan moduan bizitzen garai santu ori. Elizak era bi erakusten deuskuz ortarako: bata, pekatuen damua, eta bestea, penitentzia. Onelan egiten badogu, seguru asko Pazko egunean neurri-bako graziak artuko doguz zerutik.
1.—Beti gogoan euki bear dana
Beti diñogu gauza bat: "Jaungoikoarengandik gatoz; Jaungoikoarengana goaz".
— Baiña, —esango deust zuetariko baten batek— beti zagoz, frailletxua, soñu bategaz! Ori esan naiz ezer ez esan, bardin bardin da. Ez uste izan gero, frailletxua, gazteok "ateoak" garanik! Ju!..."
— Baiña, gazte, barriro esango deutsut: "Jaungoikoarengandik gatoz eta Jaungoikoarengana goaz". Auxe dozu, naiz ta nai ez zure bizitzaren elburua, joera: auxe dogu zure bizitzaren ta nire bizitzaren eginkizun BAKARRA. Auxe ondo beteteko etorri giñan mundu onetara. Ta, gazte, ez pentsatu gero gure bizitzaren elburu BAKAR onetan il baiño iru, lau... urte ariñago meditatu bear dogunik bakarrik, ez ta ez! Zazpi urtetik gorako persona guzti guztiak pentsatu bear daben gauza da; pentsatu ta... —au batez be!— "egin"!
2.—Deporteak eta modak
Deporteak, modak, ez dira berez gauza txarrak, ez. Gaur eguneko sermolariak ez dot uste deporteak eta modak gauza txarrak dirala esango dabenik. Mundu onetako gauzak, danak dira onak; ez dago gauza txarrik; gizona da gauzak txartuten dauzana; gizonaren txartasunetik, gizonaren malizitik dator gauzen txartasuna.
Deportea ez da gauza txarra. Modia ez da berez gauza txarra. Baiña, mutillen bizitzan deporteak arrisku bat daroa: "deportea norberaren bizitzako elburutzat, joeratzat artu". Ta, zoritxarrez, mutil gazte askori auxe gertatu jake: deportea azken-joeratzat artu; deportea euren bizitzaren gorengo maillan ipiñi; berba batean esanda: bidea, modua, azkentzat ipiñi. Deportea gauza ona da, baiña bere neurrian, diberziñu-moduan artzen danean, deskantzu-moduan artzen danean... Deporteak —eta deportearen legez beste diberziñu guztiak— deskantzu-moduan artu bear dira. Gizona ez da deportea azken-joeratzat artuteko jaio, gauza "aunditxoagotarako" baiño...
Ta, bardin esan geinke "moda" kontuakaz be. Modak berez ez dira gauza txarrak; baiña, modak emakumearentzako arrisku aundi bat daroe: "modia bizitzaren elburutzat artutea".
Neska, zure barruko gora-bera guztiak, zure biotzeko gora-berak, zure zorion-egarria, zure —parkatu, neska, "musturra" larregi sartuten badot— kuartuko komodan daukazuzen erropatxuak, zure moda-egarria... dana, lelengo puntuan esan doguna egiteko da: "Jaungoikoarengana joateko". Kontuz ibilli, erropa larregi eroan eta Jaungoikoak ezagutu ez zaizan gero!... Nik ez deutzuk esango ondo jastea, arpegia polito ipintea, tako luzedun edo laburdun zapatak ipintea txarto dagoanik, ez; ori oso ondo dago. Edozeñeintzat da oba neska elegantia ikustea neska ganorebakoa baiño!... Baiña, —barriro esango deutsut— ez dago ondo zure komodako abrigutxua, erropatxua azken-ezperantzat ipintea; neska, ori baiño gauza aundiagotarako jaio ziñan!...
Alaxe da bai: Joan da 1963. Urte barri onetara eldu ezkero igaro dan urteari be-apur bat egiteko. Datorren urteari barriz, girada bat bota bear deutsagu azterketa itaunkera bat. Zelangoa izango ete iaku? Badakigu baserritarren biotz barrenean dagon itaunkera dala; ibilli be benetan gabiltz gorabera larrietan.
Pesimistak dana ikusiko dabe gaiztoago ta txarrago. Onentzako, kontribuzioak igon ta euri gitxi izango da; ta euria egiten badau be, larregi. Ez dago errazoirik onela pentsatzeko. Ez da ikusten orrelako kalteak etorri bear dabenik. Euria ta eguzkia nastean be sarritan izan dira.
Baiña naiz izan olakoak edo alakoak igarotako urteak, zeozer ikasi bearrean gagoz. Izan be okertasunak ikusteko garaia da auxe. Bestela ez gara gertutuko. Kontzientziko esamen gogorrari jarraitzea baiño gauza obeagorik ez dago jeikitzeko. Ta ordua da.
Baserritarrentzat ez da gauzarik tristeena kilikolo ibiltea edo atzetik joatea; epelkerian ezarri ta lotan gelditzea baiño. Beti da gauza ederra mendi batera izerdiz eta indarrean igotzea. Trebetasun ederra auxe. Ta baserritarrak badaukoguz igaro bear doguzan mendiak ugari. Baserriko biurkeri ta goraberak dira. Baserritarrentzat urte barri bat problema bat da, jokatu bear dan karta bat. Derigor jokatu bear, ondo irabaztea gura izan ezkero. Baserriko jokaera ez da kartetako lakoa; baserrian suerteak ez dauka zer-ikusi askorik.
Elementu bi izango dira irabazia ekarriko deuskuenak. Bata Jaungoikoarena ta bestea geurea.
Lenengo Jaungoikoa, zelan ez. Bera da gure Aita. Bere begia gure gaiñean dago beti. Iñork baiño obetoago dakiz baserriko gorabera guztiak. Badaki nola jaso ta nola lagundu baserriari. Trankilo ibilli gaitezan, ba, Jaungoikoa gure Aita da-ta. Kanpora lelotu egiten gaituezan preokupaziu ta nerbioak. Naiz etorri euria naiz izan legorra, egon templau beti, ondo dakigu zeiñen eskuetan gagozan-da.
Probidentzian fedea izango bagendu, ez genioke aizeeri ta euriari orrenbeste begiratuko. Itxi Aitaren eskuetan gure alegiñetan ez dagon guztia. Lar ondo daki zer egin.
Bakoitzaren alegiña da bigarren elementua. Bear bearrekoa au be. Argi ta garbi ikusten dauan adimenak eta indar-naiean dabillen naimenak askotxo egin leike. Abilidadeak gorabera guztieri irabazten deutse. Jantzi ba adimena egiagaz, bete naimena onginaiez eta asetu biotza bear-naiez.
Kristau legez jokatu bear dogu aurten baserritarrak. Betor lenengo gugana Kristoren erreiñua.
Sierra Leonatik Aita Imanolek diñoskuna
ANAITASUNA'ren irakurle maiteok. Ostera-bere eskribietan deutsuet Freetownetik. Igazko lez, neure inpresiñoak adierazeko deutsuedaz bertoko atunetearen gaiñean. Kronika onetan eta urrengoetan, argi ta garbi azalduko deutsuet neure barruan sentietan dodana.
Orrek ez dau esan gura, nire eritxiak eta esanak beti zuzenak izango direanik. Ni ez naiz utseziña, eta ezin daike gauzen alderdi guztiak ikusi. Iñori miñik ez egiteko asmoagaz, informaziño ona emoteko alegiña egingo dot emen Afrikan daroagun bizimoduaren gaiñean.
Trabesia gogorra
Betiko lez, Bermeon enbarkatu nintzan, urriaren 29-an, CRUZ DEL SUR izeneko untzian. Barku ederra, ta tripulaziño ederragoa. Danak mutil gazteak, fiñak, moduzkoak. Milla esker danori, emon eusten tratu guztiz onagaitik.
Zazpi bidar egin dot Afrikako joan-etorria; eta ez naiz gomutetan, azkenengo trabesia au baiño gogorragorik iñoiz euki dogunik. Canariaserarte beiñik bein.
Bermeotik urtenda urrengo egunean, arribadan sartu bear izan genduan Kijoyera. Moillatik urre, bertako "Stella Maris" ikusteko erea euki neban. Etxe eder bat da. Muselekorik ederrena. Mariño ta arraintzale asko joaten dira bertara. Egun aretan, arratsaldeko zazpiretan, meza bat izan zan "Stella Maris"en bertan, Bizkaitar makiñista baten arimeagaitik eta JUAN FERRER barkuko itoakaitik. Egun batzuk aurrerago, il egin eben makiñistea Hamburgoko portuan, eta JUAN FERRER barkua ondora joan zan Inglaterrako kostan.
Orreexek dira "Stella Maris" izeneko etxeak: mariñoen eta arraintzaleen onerako egiñiko zentruak. Bermeon-bere, "Stella Maris" eder bat euki gura dogu. Olako etxe bat derrigorrekoa da Bermeon, Euskalerriko portu guztiz inportantea da-ta. Baiña orretarako, Bermeotar guztien borondate ona ta kolaboraziñoa bear dira.
Pasadizu bat
Entzun orain Kijoyen jazo jakun-pasadizu bat. Bermeotarrak, euskeraz txarto egiten ei dabe. Orren gaiñean, asko diskutidu leiteke. Baiña, beiñik bein, auxe da egia: Bermeotarrak beti egiten dabe euskeraz, erderea baiño maiteago dabe gure berbeta zaarra, eta beti dagoz euskerea defendietako prest. Kijoyetik Muselerako autobusean, euskeraz berba egiten etozan arraintzale batzuk. Portutik urre egozala, erderaz egiteko esan eutsen guztiz asarre Asturiano batek. Zer izan zan ba okasiñoa! Bermeotar danak urten eutsoen aldarrika, euskeraz egiteko eskubide osoa eukela-ta. Alantxe jarraitu eben azkenengo paradararte. Bajatu zirean danak. Bermeotar bat pellikan asi zan Asturianoagaz, eta ukabilkada bategaz beearen gaiñera bota eban. Nik ez diñot, ori ondo dagoanik. Baiña Euskaldun guztiak Bermeotarrak baizen euskaltzaleak balira, euskereak ez leuke iñon arra bete-bere galduko.
Illaren 31-n urten genduan Kijoyetik. Eguraldi zantarrak ez eban oraindiño amore emon. Bermeoko ogetabost bat barku, gu baiño egun bat lenago urten ebenak, arribadan sartu zirean barriro Coruñan. Gure barkuak eta beste zazpik aurrera segidu genduan, atxerrez atxerrez Portugaleko kostatik, San Vicente kabura elduarte. An, errunbua ausi genduan eta zuzen abiatu giñean Canariaserantz. Eguraldi zantarrak ten egiten euskun oraindiño, eta itxasoa ez zan baretu ia ia Las Palmasera allegatuarte.
Egia danik ez dakit baiña, goniometroaren pentzura bakarrik egotearren, kasik kasik Santa Cruz de Tenerifera sartu ei giñean, Las Palmasera joan bearrean. Urte baten, gertatu jakun olako errakuntza bat. Onek esan gura dau, gure kostapatroyak ez dagozala oraindiño ondo preparatuta, lemapatroi titulua eukitea ez dala naikoa, eta ainbat ariñen euren ofizioa zearo ikasi bear dabela.
Freetownerantz
Gero, ta gero-bere, allegatu gintzazan Las Palmasera. Ta urrengo egunean urten genduan Dakarrerazka. Arrezkero, eguraldi Habana euki genduan, aizea poparean. Itxasoa beti aolan balego, arraintzale bizibidea gauza ona izango litzake. Baiña sarriegi, osterantzekoa izaten da: aize berdea, marejadea, mareaziñoa, balantzadea, txaparradea, umore txarra. Orixe da gure arraintzaleen patua. Orrezaz gaiñera, gau ta egun lan egin bear, deskantsu barik, jateko ordu fiju barik, ezelango komodutasun barik, beti untzi txiki baten sartuta. Diru asko irabazten ei dabe arraintzaleak. Egia izatekotan-bere, ondo irabazita dauke eta oraindiño geyago irabazi bear leukee.
Itxasoan danak lagunak
Cabo Blanko-tik urre, Errusiako iru lantegi-barku aundi bisteratu genduzan, modernuak, popan elanbrea daukenak. Areek bai barkuak! Andrak eta guzti eroyezan barruan. Buelta bueltaka asi giñean barku baten inguruan, arrituta, turdiduta, zurtz eginda. Errusuak, eurak-bere, batzuk prismatikuakaz, adi adi egozan barandilletatik geuri begira. Albo albora urretu giñean, eta arrain sakua aletan ikusi genduan. Itxaso beteko sakua, ondo trinkatua, buzkantz aundi baten antzekoa. Gure barrukoen ustez, ogei bat tonelada bai eukiko zituan. Bilbaokoak giñeala esan geuntsen, Bermeo ezagutuko ez ebelakoan. Arraiña eskatu geuntsen, eta otzara bete berdel emon euskuen eurak. Itxasoan, arraintzale guztiak dira esku zabalak. Errusuak eurak-bere bai. Bearbada, errukitu egin zirean gugaz, lekutako itxasoetan gure untzi txikirriñoak ikusita.
Laugarren egunean eldu gintzazan Dakarrera. Illuntze nabarra zan. Aurten, ezin geintekezan Magdalaine islara portzebatan joan. Portzeba ederrak dagoz bertan, guztiz aundiak, ugariak. Dakarren ez ditu iñok jaten.
Portura sartu barik, karnadea egiten asi giñean badian. Antxe batu gintzazan, Kijoyetik batera urten genduan-zortzi enbarkaziñoak. Suberteak lagundu euskun danori. Lenengo etxadan, antxoba txikiagaz bete genduzan bibero guztiak. Eta beragaz barruan, Freetownerantz artu genduan errunbua eta pozarren asi giñean atunetan.
Gure barkua, konpañian dator "Alexander Fleming" eta "Perla de Oriente"-gaz. Irurok bat, onerako ta txarrerako. Aurten, enbarkaziño guztiak datoz aolan: bi ta irunako grupuetan. Igaz baiño askoz obeto.
Freetownetik urre, arraiña jo genduan. Geyena, zerrutxua. Zimarroya, gitxiago ikusten da. Gure barkuak, iru egunean, amabi tonelada-edo atrapatu zituan. Gure konpañiako beste untzi biak-bere, total ondo ibilli zirean. Listo gengozan irurok portura sartzeko. Baiña aurtengo erreglamentuaren aginduz, ezin geintekezan irurok batera Freetownera joan. Batek, Abidjanera joan bear eban. Oraingoan, geure barkuari tokatu jakon ara joatea. Orduan ni "Perla de Oriente"-ra pasatu nintzan; eta zemendiaren (nobenbrearen) 19-an, Freetowneko portuan desenbarkatu giñean.
An ikusi nebana eta lenengo illeko gorabeerak, urrengo kronikan esango deutsuedaz.
Saluduak Itxas Apostoladuko laguneri, eta batezbere Bermeoko "Club de Mar Izaro"-ko adiskide ta laguntzailleeri.
Aita Imanol Berriatua
Asko idazten da gaur. Eta irakurri be, txikitatik oituratzen gara orain ainbat irakurtzen. Esan dan legez, 856.000 pta., joaten dira Bizkaian illero tebeu eta nobelatxuetan.
Eta irakurtzea gauza ongarria da. Gure erresponsabilidadea esnatu eraziten deusku, ona jaso eta txarra lagateko; aldeak eta urrintasunak urreratu egiten ditu; gaurko munduaren arpegia agertzen deusku; gizon guztien arteko batasun aundi batera garoaz; aberastu egiten gaitu gure barruan, pentsakera ugari asko gure aurrean ipiniaz.
Irakurtzearen alde okerrak aztu ezta be (batez be, kriteriu sanoak palta diranean, edo gai ergaletatik urteten ez danean, edo azaletik bakarrik leitzen danean) ez dago dudarik, azkenean, gizadia jeikitzerako izango dala idazte-irakurtze zaletasun au.
Zer irakurtzen da gure artean? Gauz sakon gitxi bear bada. Baiña dana dala, gure artean arrerik onena lortutzen daben gaiak gaurko gizadiaren eta Elizaren ardurako gaiak dira; eta gure interesik beroena, benetako umanismuaren eta kristiñautasun biziago bateren agerlari eta aupalari diran idazlariak irabazten ditue.
Eta lenengo nabaritzen dana: iñoiz baiño geiago irakurtzen dira gaur Aita Santuen idazkiak. "Mater et Magistra" eta "Pacem in terris" izan dira nunbaiten zale au bixkortu dabenak. Ille baten eta liburutegi bakarrean "Mater et Magistra"-ren komentariu bateko 357 ale saldn ziran. Eta "Pacem in terris" geiago oraindik sartu da gure artean.
Beste aldetik, Michel Qoist eguneroan dabil. Bere idazte zuzen, sakon, argi eta biziak gure artean geiago eta geiago jasoten doazenak. "Oraciones para rezar por la calle" eta "Triunfo", bederatzigarren azalpenean doaz.
Erderatzen diran kanpotarren artean, Aita Y. Congar, izango da nunbaiten entzute aundienetakoa. Aita Congarren idazkietan, gaur rarotxu dan sakontasun eta seriotasuna aurkitzen da. Eta izan be, asko esan deusku bere "Jalones para una teología del laicado" eta "Falsas y verdaderas reformas en la Iglesia"-an.
Eta azkenik, asi da gure artean Carlos Foucaul-darraren mensaje barria sentitzen. Barria izan ezta, Ebangeliuaren orri aztutako batzuek ekarri deuskuz begietara. Pobretasuna, bierra, otoitza, ixiltasuna, anaitasuna... Esagun dago, bizitz onen gure arteko egarria: aparteko arrera euki dau gure artean Rene Voillaume'k idatzitako "En el corazón de las masas" orrek.
Eta au, besterik bage be, itxaropengarria da. "Zer irakurri, alakoa izan" egia bada, mundu zuzenago bat izateko usteari eutsi geinkio.
Asko? Gitxi? Jaungoikoak zuengan itxi dau, guraso maiteak, numeroa fijatea, errazoikoa danean.
Gezurra eta egia da ori:
Elizak eztau nai —ezta pentzau be— emaztea esklabu bat izatea bere seme geiegi eta txarto zainduen artean, eta askozaz gitxiago, ama ori nekatuta badago ainbeste seme emotearren. Eta ezta Eleizaren gogoa, senar batek, pittinen bat geiegi edan da gero, —bere griña domiñatu eziñik— emazteari semeak emotea.
Baña, aldrebes, Eleiza ezta seme "bakarrekoen" partidarioa, gurasoak beste seme bat ekarten eztabenean euren egoismua eta molestia gitxiagotuteagaitik. Familia orrela gitxiagotutea —egoismu garbi bategaitik— ezta errazoikoa.
Baiña gurasoak motibo serioakaitik gelditu leikee semeak emotea.
Ara emen motibu batzuk:
1) Osasunezko problemak amarentzat
Ezin leike semerik barik gelditu urriñeko gaixotasun posible bategaitik bakarrik, urreko gaixotasun astun bategaitik baiño. Esate baterako: tuberkulosis, biotzeko estuasunen bat, giltzurriñetako neke bat, eta. abar.
Ona izaten da seme bat ekarten danean beste bat segidun ez ekartea. Ama gogortu eta indartu arte itxoitea da onena. Ondo egoten da jaiotzetik jaiotzera zortzi edo amar illabete geldi egotea.
2) Ume jaiobarriarentzat osasunezko problemak
Ume normal-ez bat ekarrita gero, medikuak urrengo jaiotzak be orrela izango dirala badiño, gelditu egin bearko da semeak ekarten. Baiña mediku baten kontsejua bakarrik ezta naiko izango gauza ain astun ontan, erruan jausi leiteke-ta. Mediku askok, gaiñera, errezegi esaten dabe: "Ba-dakizu, andra ederra, seme geiago ez jatzu komeni" Askotan ezta txarto egoten beste mediku batengana joatea, batez be gauza txar bat errezeta lez emon baeban: antikonzetikoak, onanismoa eta abar.
3) Etxe eta diru problemak
Izatez, obe da pobretxuago bizi seme bat geiago eukitearren; baiña mixeria arte eztedilla eldu iñoiz be, bestela familiko bizitz normala ez litzake izango posible.
4) Edukaziño problemak
Guraso patxadosuak eta neurri onekoak ondo eroan leikee seme askoko famili bat; baiña guraso orreek nerbiosuak eta indarbakoak badira, ezingo dabe ainbeste famili euki; ondo etorriko jake gitxiagokin konformatea.
Bueno, baiña, zelan fijatu zuen kasu bakoitzean semeen numeroa? Ezin leike aurrez-aurretik problema au arabaki. Baña gogoan artu auxe:
Jaiotz bakoitzaren ostean, eta emaztea barriro ondo jartzen danean, au da, sortzi edo amabost illabete ondoan, diskutitu, guraso maiteak, bion artean serioz eta ondo pixatuaz semea ekarteko edo ez ekarteko errazoiak.
Eta konfiantzezko abade bat badaukazue, bere borondate azpian jarri, ba berak esango deutsue ia zuen errazoiak egoismorik dauken edo ez.
Berba baten:
- Ez semerik al danik geien
- bizitzarako komeniente edukatu eta preparatu daikezuezan beste baiño.
Biergiña. Jainkoaren jarraitzaille eta ordezko
Itaunduko bageuntse ia zein dan bierraren iturria, erantzungo leuskigue geienak, nik uste: Bierra, Jainkoak gizonari pekatuagaitik emondako kastigua da. Eta erantzun au baieztuteko Biblia ipiñiko leuskigue testigu. Eta egia da-izan.
Erantzun onen konsekuentziak argi ta garbi ikusi daikeguz beingoan. Jakiña, kastigua ta madarikaziñoa bada, beste erremediorik eztaukagulako-edo artu bear dogu bierra, penitentziz, gure pekatuen ordañez. Beste ezergaitik ez. Zelan, ba, ikusi alaitasuna bierrean? Gatx benetan!
Alan da guztiz be, ba-dauko Biblia-n arpegi au bierrak, egia esan. Beste gauza bat da arpegi au baño ezpadauko. Bierraren sasi-iturri au gure lenen-gurasoen pekatu-ostean agertu zan. Asieran, ostera, beste bat zan benetako iturria.
Biblia-k diñosku Jainkoak bier egin ebala mundua egitean. Eta azkengo egunetan gizona egin ei eban. Eta gero, deskantsetan pare ei zan, kantseta-edo, antza.
Gizona, beraz, Jainkoaren bierra ta atsedenaren bien bitartean agertzen da, Jainkoaren bierraren jarraitzaille ta segitzaille lez. Au ondo erakusten iaku Libru Santuetan. San Pablo leidutea besterik ez.
Ikusi be: Jainkoak gizona egin ebanean artu eban deskantsua. Bai, atsedena artzen dau Jainkoak, gizonak Kreaziñoa jarraitu daian, bere izen eta bere menpean, noski.
Gizona, ba "Jainkoaren ordezko ta jarraitzaille danez da biergiña" eta "biergiña dan ezkero da Jainkoaren ordezko eta jarraitzaillea".
Len be beste baten esan nebanez, geure kontura itxi eban Jainkoak mundu au osotutea. Berak asi eban lenengo bierra. Baña amaitu barik itxi eban, ez-osotua lez. Eta guri gizonori agindu euskun bere ordezko lez jarrai gengian berak asitako mundua.
Eta ori lortuteko bide bat baiño eztago, besterik bapez. Bide bakar ori Bierra da. Len be esan genduan ori. Bierraren bitartez gara, ba, gu Jainkoaren ordezkari ta bere jarraitzailleak.
Ara, ba, nun dagerkigun gure eguneroko bier izerditsuaren iturri bizi ta argia. Jainko berberaren ordezko eta jarraitzailleak gara! Poztu gaitezen, beraz!
Torrealday