ANAITASUNA

X URTEA N.º 111

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

MARTIA (3) 1964


Aberritik deika [Olerkia]

"Nundik zatozan, nora zoazan...?

etzara ludi ontako!

Bidazti zara emen bakarrik;

Aberria goian dago!"

***

Eta illuntzeko bakian

norbaitek darrai kantari:

"Dana emon biar yako

maite dauan azkatasunari".

Eztot iñori galde-bearrik

nundik ibilli zarean;

Negar gorrizko tantoz dakustaz

zure oinkadak bidean.

Iñoiz aseko ez dozun garrak

kizkaltzen dautzu barnea;

Ta zure naikun oro amiltzen

ametsak legez, utsera!

Bizi-bidea lili-larrosaz

baratza yatzun iduri;

Biotza zorrotz ziztatzen daben

arantzak daurkizuz soilki...!

Barnean iñoiz ilgo etxatzun

zerbait ba-dozu miñetan,

Lurrezko bitxutxa auskor batean

altxorra legez, gordeta.

Baiña baita be zeure jausitzan

zio dan gorputz astuna;

Bustin-zatia danez lurrera

beti makurrik yatzuna.

Nundik zatozan, nora zoazan...?

etzara ludi ontako!

BIDAZTI zara emen bakarrik;

Aberria goian dago.

Jainko-arnasa baita gogoa

iñoiz etxatzu itzuliko;

Bustin-zati bat gorputza baita,

auts-laster yatzu biurko.

Bitartean zu, BIDAZTI guren,

etsaien aurka guduan;

Betirauneko saria lortzen

naigabez zagoz munduan.

Beti gorantza nai dau gogoak;

lurrera makur gorputza.

Bion arteko guda ondoren

nok lortu ete garaitza?

(GERRIKA-ren "Atzerri-bidaztia"-tiko bertsoak).


Zoriona billa. Gaztea, zintzo jokatu

 Gaurko egunotan neska-mutillak dirala-ta asko idazten da, bear bada larregi. Dana dala-ta be, askotan libru orreik irakurriagaz baiño neska-mutiliak, eurak, bata besteeizaz zer pentzetan daben jakitea askozaz be interesanteagoa izaten da, ze, jakiña, euron iritxi orreik biotzaren parte sakonenaretik urten deutseezanak dira-ta.

Gaurko mutillak, neskak zintzotasun-bage, erresponsabilidade-bage, independiente ta emakumetasun sentidu gitxi daukela, sarritan esaten dabe.

Ta bear bada, askotan arrazoiagaz, ze neskatil askok, euren andrazkotasunaren dignidadea ia alde batean itxi-ta, gizontasuna lortu naian dabizela esan leiteke. Ezta, barriz, fenomenu kaltegarri au gure artekoa bakarrik. Europa guztian berdin pasetan ei da-ta. Baiña, alan da be, benetan lotzagarria da, ba, nor elitzake lotzatuko bere nortasun edo personalidadea galtzeagaz?

Dotore jantzitea ederto dago; baiña jazkera askok ete dabe ba edonoren dignidadea oinpean jartzen? Neskatilla bat, ama izatera deitua dagoan ezkero, emetasuntzara baiño askozaz be gorago deitua dago; ta askotan, moda ta moda barik, amatasunaren ordez emetasuna agertzen dau.

Mutillak, barriz, neskak diñoenez, egoistak, zintzotasun, karater ta personalidade-bagekoak ei dira.

Andrazkoak, izatez, laguntasuna derrigor bear dau; orduan ba, bere onduan benetako gizon bat, gizontasunari konbeni jakozan kualidadez betea, gura dau, ez askotan, ta lotzagarria da, ikusten diran gizonezko karater indarge bat.

Gizontasunaren kualidade bat, sendo ekiten, baita edozelako okerrak etorri, jarraitzea da. Zoritxarrez, gaurko egunotan, gizon askok oker txikienari aurrez gogor eleuzkioe egingo. Ta alako gazteak, ezkondutakoan, zelako laguntza emaztearentzat izango?

Batzuri te besteeri, alkarren arteko tratuan, zintzotasuna, askotan, ez beti, falta jake. Zintzotasun au, barriz, bear-bearrezkoa dabe; bestela, alkar naiko engañatu ostean ezkontzen badira, egunen batean, batak edo besteak ezkutatu ebezan gauzak, agertuko dira, ta orduan, lenego aserre apurrak, gero konfiantza galtzea, ta azkenez, bear bada, alkar ikusi eziña; edo beintzat, —ta geiago ezpada, zubertea galanta—, desengaño aundi bat.

Orduan ba, gazteok, zeuon artean beti zintzo jokatu, bestela, geiago ezpada be, mundu onetako zoriona galdu zeinke-ta!


Sierra Leonatik Afrikako barriak. Aita Imanol berbetan

Auxe da bostgarren urtea Freetownera gatozana. Esteban Uria, Galarrenako patroya, izan zan portu onetan lenengo sartu zana. Berak deskubritu eban portu au Euskaldunentzat, eta bera asi zan Amerikanoeri gure arraiña bertan saltzen. Deskubrimentu onek bentaja asko ekarri eutsen arraintzaleeri. Arrezkero, oso osorik saltzen dabe arraiña. Amaitu da betiko, atunari tripak kentzea. Eta prezioa, lengoa baiño obea da: oraiñarte eurak dira, Amerikanoak, preziorik altuena emoten dabenak.

Orrezaz gaiñera, portu eder bat egin dabe gure barkuentzat: moilla barriak, konjelaziño fabrikea, edur fabrikea ta abar. Errezpide asko arraintzaleentzat. Prezio pizka bat obeagaz beste konpradore batzuk iñoiz agertuko balira-bere, arraintzale asko Freetownera etorriko litzakez seguru segurutik, berton dagozan beste bentaja aundiakaitik. Auxe esan eustan Bermeoko patroi batek.

Aurtengo arraintza organizaziñoa

Portua bera, igazko legez dago. Edur fabrikea, bardin bardin. Egunero egiten dan edurra asko izanarren, ez da naikoa barku guztientzat. Ori dala-ta, barku bakotxa ezin daiteke iru bidar segiduan berton sartu: mare bat Abidjaneko portuan egin bear dau, eta beste bi Freetownekoan, edo bi an eta bat emen.

Abidjan guztiz asago dago emendik, guztiz urrun. Lau eguneko bidea. Beste aldetik, emengo itxasoak arraintzan ibilteko gatxak dira. Gure arraintzaleak ez ditue oraindiño ondo ezagututen. Nabegaziñoko kartak ez dira konpletuak. Zelan jakin olan, non dagozan baixak, non korrontak, non ur meiak? Beti ibilli bear sondearen pentzura. Eta aparatu orrek aberiaren bat badauka, orduan zer? Eskuko sondeagaz ibilli bear, beti bildur, beti artekadu.

Ori dala-ta, barkuak ez dabe bakarrik ibilli gura: peligruak ebitetako, alkarreri lagunduteko eta danon artean arraiña errezago joteko. Orrexegaitik, aurten biña ta irunako grupuetan etorri dira danak. Ondo pentsatua.

Aberiak konponduteko, iru mekaniku etorri dira, bi berton egoteko, eta bestea Abidjanen. Emengoak, taller polit bat dauke, portuan bertan, moillatik urre urre. Radiotekniku bi-bere etorri dira, barkuetako aparatuak arregletako. Eta arraintzako kontuak eroateko, errepresentante bi, bat bertorako, eta bestea Abidjanerako.

Orrezaz gaiñera, arraintzaleak Erreglamentu bat dauke, multakaz ta guzti, euren arteko gauzak artez ibilli daitezan. Eta Erreglamentu ori kunplidu eragiteko, bost gizoneko Komisiño bat.

Emen, gure artean, beste barku bi dabiltza, espaiñol bat eta italiano bat, Marinero ta Maria Gloria, sareagaz atuna atrapetan dabenak. Barku oneek eurak euretara, nekez atrapetan dabe ezer, beste untzi txiki batek mazi egiten ez badeutse (1). Eta laguntziño orregaitik untzi txikiak arraintzuaren eunekobeste aundia eroaten dau. Baiña Erreglamentuak, beste gauza askoren artean, galerazo egiten deutse gure enbarkaziñoeri saredun barkueri lagundutea.

Gauzak olan izanik, gure enbarkaziño batek lagundu egin eutson Marinerori etxadea egiten (2), Erreglamentuaren kontra. Komisiñoa enteratu zanean, Organizaziñotik kanpora bota eban erruduna, eta beragaz batera bere grupuko beste barku biak. Nik ez diñot, Komisiñoaren erabagia zuzena ala okerra izan zanik. Nik, jazo zana bakarrik diñotsuet.

Arraintzaleen etxea

Geyenetan, Ospitala deituten deutsagu. Igazkoa baiño askoz obea da. Lengoa txikia zan, loya, bereratasun bakoa. Aurtengoa barriz, aundia, garbia, erosoa, ondo ornidua.

Kanpaiñiaren asikeran, Don Vicente Luzarraga medikua etorri zan Freetownera, Mutualidadearen izenean, gaixoen gauzak ondo ipinteko. Bere etorrerea, guztiz probetxugarria izan zan. Amerikanoakaz berba eginda gero, oraingo Ospital au lortu eban. Ogei bat egun egin zituan gure artean. Naikoa denporea, Ospitala martxan ipinteko. Gero, Abidjanera joan zan, eta ango gauzak konpondu ostean, Espaiñira biurtu zan.

Don Vicente joan orduko, iru egun lenago, Madrilleko mediku bat etorri jakun Ospitalera, berton denpora guztian geugaz egoteko. Bere izena, Don Fernando Pamos Prieto. Gizon gaztea, moduzkoa, beargiña, jasekoa.

Gaixoentzako iru gela aundi dagoz, bentiladore ta guztigaz. Orrezaz gaiñera, beste kuartu txikitxu bat, kurak-eta egiteko. Aurten dizipliña aundia dago Ospitalean, bertoko gaixoentzat eta egunean botikiñaren billa datozan arraintzaleentzat. Erreglamentu bat egin dogu, eta zearo kumpliten da. Medikamentu gitxitxu ekarri dogu; baiña utsune ori, medikuaren abillidadeak betetan dau.

Jan ondo egiten dogu eta igaz baiño merkeago. Orrexegaitik ekarri dogu Bermeotik koziñeru on bat. Berari lagunduteko, iru mutil baltz daukoguz, igazkoak baiño fiñagoak. Jan, sala eder baten egiten dogu; eta errebistak irakurteko ta radioa entzuteko, beste sala elegante bat daukogu, butakakaz ta guzti.

Domekan domekan esaten dot meza santua Ospitalean bertan, goizeko amaiketan, gaixoentzat, eta erriko beste lagun batzuntzat. Urte Barri egunean, iru monja mexikana etorri jakuzan mezea entzuten. Frantziskanak zirean, eta Sierra Leonako iparralde italiano misiñolariakaz.

Oraiñarte, ez dogu gaixo kasu gogorrik euki Ospitalean. Bermeoko bateri, herniako operaziñoa egin deutsoe erriko ospital nagusian. Beste bat, Lekeitiarra, erreta etorri jaku itxasotik: koziñerua zan, eta ur irakiña jausi jakon gorputzera. Beste batek, bere Lekeitiarra, begi bateko bistea galdu dau: iru illlabete lenago operaziñoa egin eutsoen Bilbaon, eta ondo osatu barik etorri zan ona. Aleman barku baten biurtu da bere errira.

Osterantzeko gaixoak, txikiak izan dira: zaldarrak, zauriak, bona baltzak, belaun zolduak, agin ustelak eta abar.

Gaurko, naikoa da. Urrengoan esango deutsuet geyago. Agur, lasterrarte.

(1) Mazi egin, arrain txikiak itxasora bota, atunari jaten emoteko; erderaz macizar.

(2) Etxadea egin, sarea itxasora bota, arraiña atrapetako.


Zeozer diñoskuen erantzunak

Agertuko direan erantzunak ez dira artu Bizkaian; Toledo Probintziko Okaña errian izandakoak dira. Baiña izan leiteke Bizkaiagaz zerikusi apur bat eukitzea. Okaña errian pasatu dana Bizkaian be zelan edo alan igarotzen da. Ze problema-tartean naazturik gabizan jakitea ondo etorriko jaku.

Ona emen gure problema oneek agertuko deuskuezan itaunkera ta erantzunak.

Zuen etxeetan bakoitzarentzat kuartu bat daukozue ala ez?

Euneko 92'k ezetza ipiñi eben.

Lartxo diñon erantzuna auxe. Ezetz erantzutea edo pobretasun ugari dagola bardin da. bizimodu oneetatik urtetzea gura ez da arritzekoa. Penagarria da benetan etxe oneetan eroaten dan bizimodua, ta orregaitik ondo dago urtetzea. Onela bizitzekotan, urten egin bear da ta kalean edo edonun alaitasun apur bat artu. Izan be, bizimodu onek Jaungoiko semeen dignidadea urratzen dau.

Ez pentsatu, barriz, kalera joatea soluziño bakarra danik. beste bat dago obeagoa ta errezagoa. Problema oneri ugaritasun ta aberastasun apur baten bitartez erremedioa ipiñi bear deutsagu. Ta emen saiatu bear gara, urtero urtero baserria obetoago antolatzen. Baserrietan organizaziño ederrago bat gura geinke, Pozago biziko giñake.

Bigarren preguntea: Ezkontzeko zein dozu gurago, erriko bat ala kanpokoa?

Euneko 96'k kanpokoa gurago eben.

Aparteko erantzuna benetan. Ta emen gauza bat esan bearra dago: bizkaitarrari zorakeri apur bat sartu jakula. Beti uste izaten dogu erbestekoa obea dala. Au ikusteko, gauza bat gogoratzea besterik ez dago. Zer dala-ta pentsatzen dogu kaxkarragoa dala domeka arratsaldeetan euskeraz egitea? Itxurazkoagoa ote da ez dakigun erderea erabiltzea, dakigun euskerea baiño? Au mania sartu jakuna!! Ona emen, ba, erremedioa eskatzen deuskun beste akatz bat.

Irugarren itaunkera: Eskolaren falta sentiduten dozu ala ez?

Euneko 97'k geiago bear leikela diñoe.

Jaungoikoak mundu onetan ipini gaitun ezkero, baztar guztiak ikusi ta barri guztiak jakin bear dira. Gogo au azaldu eutsen gure lenengo gurasoeri: "Menderatu egizue lurra". Lur onen esakera, barriz, ez da gure baserriko lurrak esan gura dauana bakarrik; askozaz be geiago esan gura dau. Ez da, ba, naikoa baserri kontuetan trebeak izatea. Nagusiagotarako sortuak izan gara. Jaungoikoa ezagutzeko ta maitatzeko, kristau bizitz pozgarria konprendidu ta bizitzeko, eta lurra menderatzeko. Onetarako jaioak gara. Onetarako ondo egongo litzake txikitatik edukaziño on baten bidea artutzea. Bide segurua ta gauza guziak aurkitzen dauana bera. Edukaziño on batek kristau obeak, gizon azkarragoak eta aberatsagoak egingo gaitu.


Senar-emazteak umebideko denporan

Emazteak ondo zaindu bear dau denpora gatx orreitan bere altzoan daroan umetxoa. ¿Zelan? Lenengoz, ezingo dau egin bier gogor askorik; zenbat eta bier gogor geiago, ainbat eta arrisku geiago ume-il bat izateko. Derrigorrezkoa da makiña bat bider entzun dozuen kontzejo ori goguan artzea. Liburu eta errebista askoetan arkituko dozuez olako kontzejuak, eta zuek euren azpian jarri bear zarie zintzo-zintzo.

Bueno baiña... denpora guzti orretan ezingo da egin orduan gauza probetxukorik? —au izan leiteke, emazte maitea, zure pregunta bat—. Laster eta duda barik erantzungo deutsut: — Probetxuzko gauza asko egin zeinkez, bai orixe orraitio! Esate baterako: baleiteke zuk beste seme koskortuak izatea; ba orduan, aprobetxatu zeinkez denpora orreek zure semeak eduketan. Eta esan eurei, zelan denpora gitxi barru beste "anaitxo" bat eukiko dabela. Izango dozuz orduan amaikatxo pregunta jaiotzako misterio orreengan. Zer egin zuk pregunta orreen aurrean? ¿Gorritu? ¿Bildurtu? Ez. Ezta pentza be. Zuk esan beti egia. Baiña eztaukazu zertarako esan bearrik egi ori gordin-gordiñean. Modu askotan esan leiteke egi bat, modu orrekaitik egia izatea ez itxiaz. Modu orreek bear-bearrezkoak dituzu. Baiña ez esan orraitio onelako guzur aundiak: "Mendian topa dogu", "kitanoak ekarri dabe" eta abar. Ume koskorrak, olako preguntak egiten dabezanean zeozelan edo alelan kontu orreetako problemak planteatu dabezala esan nai dau. Eta zuk, emaztea, gauza normal bat lez esplikaten ezpadeutsazu, zuretzako eta berantzako txarrago izango da. Umeak derrigor jakingo dau denpora asko edo gitxi barru zelan gertatuten diran "misterio" orreek. Baiña nundik jakingo dauz? Bere eskolako lagun edo beste gazte batzuetatik. Eta kostako da orraitio lagun orreek zuk esan deikiozun garbi eta normal esatea, bai orixe!

Eta senarrak ez ete dauko ezer egitekorik garai ontan? Ez dago dudarik, bier asko benetan! Emaztea garai onetan guztiz nerbioso eta egonezinga ibilten da sarritan. Senarrak orduan konprenitu egin bear dau emaztearen situaziño ori. Iñoz baiño geiago bear dau orduan emazteak senarraren maitasuna eta onen aotik maite dabela entzutea. Senarrak lagundu beio emazteari bere eginkizun gogor eta astunetan. Anbiente on bat jarri bear dau senarrak famili guztian, bere poztasuna eta umorea edonundik ateraaz.

Ez litzake txarto egongo senarra emaztearen ondoan egotea bere ordua eldu jakonean. Senarrak bere aurrez-egoteaz asko bigundu leikez emaztearen min aundiak. Senarrak bere emaztea, ain min aundietan ikusiaz, ez ete leuke gero geiago maitatuko? Baietz uste dot. Epel xamarra bazan lendik zuen maitasuna, suprimentu orren bitartez derrigor berotu bearko dau. Eta seguru asko, senarrak ainbeste suprimentu bere emaztean semetxo ori ekarteko ikusiaz, askoz geiago maitatuko dau gero seme ori. Ortarako, ba, senarra balientea izan bear da. Asko kostaten jako senarrari emaztea orrelan ikustea, baiña suprimentu ori ordainduta geldituko da zuen alkar-amodioa ugaritua izango dalako.


Paulo VI'ren karta JOC-ari

Azkengo Aita Santuen antzera, geuk be geure maitasun, onespen, ta konfiantza sentimenduak egiztatu gura deutsaguz J.O.C.-ko Mogimentu maiteari.

30 urte dira ia Mogimentu eder onen aurrerapena segitzen dogula, eta poz-sentimenduekaz eta Jainkoari eskerka, bere zabaltzea mundu guztian ikusi izan dogu, azken urte onetan.

Beti euki izan badoguz biotz barruan Gaztedi biergiñaren problemak, gaur daukoguz iñoiz baiño sakonago Probidentziak ipini gaitun leku ontan. Eta biziro sentitzen dogu Kristo-ren artaldearen zati ain inportantea dan onenganako Elizak daukon arduratasun amatarra.

Bere grazi ta egi aberastasunak gizon guztieri banatu dakioezela gura dau Elizak, baiña aparteko maitasunez eskeintzen deutsez bier-munduko biergiñeri. Euren jo-muga edo destinoaren jakiñaren gaiñean jarri gura dauz eta Jainkoaren semeari jagoke lez bizi daitezan erakutsi. Eta, ganera, ekonomi ta sozial gauzetako beren aspirazio bidezkoetan eutsi gura deutse Elizak.

Kristiñau Gaztedi Biergiñak —J.O.C.— Elizaren gurari bero au berea egin dau, eta egiteetara eroateko tresna probidentziala izan da noski. Orregaitik ain zuzen, Aita Santuek eztabe dudarik euki bere oportunitatea ikusi ta ospatzeko. Agirian eta sarri bedeinkatu ta txalotu egin dabe Mogimentu edukatzaille ta apostoliko andi ori. Zeren, Elizaren izenean mundu guztiko gaztedi biergiña batu ta Kristo-ri eskeintzeko anbizio santua gordetzen dau. J.O.C.-ek ez dautso Aita Santuen Konfiantzari utzik egin. Eta —esatean poztu egiten gara— aparteko edukatzaille lez agertu da arraza ta kondiziño guztietako mutil ta neska biergiñen serbiziora, euren bidez bizitzako euren problemen soluziño kristiñau ta gizakia agertu ta praktikatu egiñaz.

Guk, ba, gure partez zera diñotsagu: jarrai daiala Kristo bier-mundura eroaten! Elizaren konfiantzaren merezigarri egin daben izakera benetakoetan zintzo ekin daiala! J.O.C.-ek bere kideeri damotsen formaziñoaren bitartez sozial gauzetan Aita Santuen ta Obispoen erakutsien ezagutzeaz, batuten diran organizaziñoak eragiten deutsen egiteen bitartez, beti ta egunero geiago, mundu osoko lurralde guztietan gazte biergin guztien santutasun eta salbaziñorako bidea izan daiteala, bierraren, erriaren ta Eliza Katolikoaren maitasunean bizi daizala erakutsiaz.

Aurretiaz, ba Goiko grazirik onenak eskatzen doguz J.O.C.-ek prepareta daukozan batzar batzuen alde: Erdi-Amerika-n urrengo Kongresoak, 1964-ko bare "Rallye" europearra, 1965-ko bere Kontseju Mundiala. Eta munduko jozista guztieri, konsiliano ukañieri ta batez-be, J.O.C.-aren fundatzaille agurgarri ta nekaitzari, Gure maitasunaren ezaugarri lez, Bedeinkaziño Apostoliko aparteko bat bialduten deutsegu.

Paulo VI-garrenak