ANAITASUNA

X URTEA N.º 112

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

JORRAILLA (4) 1964


Egia kurutzean dago

Kurutzeak goiko ta beko, eta inguru guztietako dana, une batean biltzen dau. Kristok gizadi osoa, erri guztiak batu ditu beregan; baiña ez gizadi guztia bakarrik, gizona bera be osotu eta bete egin dau: gizonaren beraren batasuna jadetsi dau. Bere muiñean daroa kristianismuak Kristok emoniko lerro au: gizona salbatzea bada, ezingo da aztu bere osotasuna, osorik jaso bearko da, ezingo da laga bertanbera gizontasunaren alderik. Eta au Kurutzean, egi osoak parkatzen ez daben kurutzean, baiño ezin lei lortu.

Gaurko prolemarik aundienen biotzean gagoz nunbaiten. Gaur gauz guztien gaiñetik, gizona salbatzea nai da. Eta izan be, garraxika dago premiña au gaurko munduan; ezin lei berandutu iñundik be. Eta oraingo sistema asko zirikaldi onetantxe jausi dira: gizona-salbatze au lenbaitlen eskuratzeko naian, bere alderen bat aztu edo ukatu; efikazi aundi eta bixkorrenen legeak segitu, naizta orretarako Egiaren alderen bat ukatu.

 Eta egiteak, mobimentuak, efikaziak; itsuturik daukan mundu onen aurrean, kristianismua gauz zar eta motela lez baztertuten da.

Eta kristau asko ia gurea galdu dogun edo ta dabiltz. Benetan, kristianismua lar eskatzaillea eta pixu aundikoa da askotan gaurko gizonarentzat.

Baiña, kristauak ondo daki ez dala "efikazia" bere legea, baizik egiari dagokion leialtasuna eta zintzotasuna. Ba-daki gizona eta gauzak oso-osorik artu bear dabezala, euren zabaltasun eta sakontasun guztian: azala eta barrua, gorputz eta anima, emengoa eta betikoa, lurreko egiteetarako eta Jaungoiko bizitzan parte izateko. Eta beraz, kristianismua ez dala lurreko prolemak bertotik erabakitzeko, goitik baiño; ez da sozial-sistema bat.

Gizona salbetako gizona pobretutzea, gizona gizonaren kontra jaurtitzea da. Bearrezkoa dogu gizona bere aberastasun osoan jasotea beti, orrek dakarren gaxtasuna zelan gaindu leikean beti jakin ez arren. Seguru gagoz Kristoren berbak betikoak dirala.

Elizak gizonaren salbaziorako mensaje aundi bat dauka: zeru ta lurra, gizonaren alde guztiak, besarkatzen dabezan Egia. Mensaje au oso-osorik zaintzen dabela-ta, Eliza persegitua eta zigortua izaten da. Baiña persekuzio ez da ustekabea Elizarentzat, baizik persekuzioaren bidez da bera Kristoren jarraitzaille leiala; kurutzea bere egiaren zurkaitza, puntala.


Len, Freetown, orain Abidjan. Itxas-Apostoladua Afrikan

 Beste kronikan esan neutsuen lez, naikoa ondo negoan ni Freetownen. Naikoa ondo, apostoladua egiteko eta neure errelijioso bizimodua eroateko. Baiña pozik, total pozik. Lana aundia izanarren, orregaitik ez eustan ardura, ze Jaungoikoagaitik eta projimoagaitik egiten danean, lana gozoa da, biguna da, ariña da.

Abade ta Fraille askok, ikarea daukotsoe nire apostoladu oneri. Ona etorteko ta gauza probetxuagarria egiteko —egia esan bear da— frantsesa ta inglesa jakin bear dira. Besterik ez da bear, borondate ona, kontzientzia arteza ta asko sufrietako gogoa euki ezkero.

Zazpi urte daroadaz Itxas Apostoladuan lan egiten, Oestafrikan, Euskaldun arraintzaleakaz. Asikeratik ona, asko normaldu da nire situaziñoa. Baiña oraindiño asko falta da, nire lako eleizgizon bat toketan dan moduan egoteko eta kapellau batek bear dan eran lan egiteko.

Oraindiño, emengo ta orko Euskaldun askok ez dabe bear dan moduan aintzat artzen Itxas Apostoladuko sazerdotearen eginkizuna. Ni aspalditik asi naiz, Euskaldunen erlejiñoaren gaiñean duda gogorrak eukiten. Eta pentsamentu triste orreek neure barruan erabilten dodazan bitartean, Espaiñiko Manuel Azañak Errepublika denporan esan zituan-berba famaduakaz gomutetan naiz: "España ha dejado de ser católica." Euskaldunen artean-bere, egia ete da kristiñau erlejiñoak erro ustelak daukozala, kristiñau fedea endekatu egin dala, gure kristiñautasuna ipuiñezkoa dala?

Euskalerrian eta edonon, katoliku asko eleizgizon batzun kontra dagoz, arimen alde bear dan beste sakrifizio egiten ez dabelako. Neu-bere, katoliku orreekaz nago. Nire ustez, eleizgizonak sendo ta gogor lan egin bear dabe erlejiñoko zeregiñetan, gizonak Jesukristoren bidera ekarteko. Baiña kristiñauak eurak-bere, gogo onagaz ta errespetu aundiagaz artu bear ditue euren artera lan espirituala egitera datozan eleizgizon zintzoak. Nire eritxiz, Itxas Apostoladuko eleizgizonak sendo ta gogor lan egin gura dabe Euskalerriko arraintzaleen artean. Edozein sakrifizio egiteko prest dagoz danak. Ori dala-ta, Euskalerriko arraintzale guztiak, benetako kristiñauak badira, besoak zabalik errezibidu bear leukeez olako eleizgizonak.

Gu ez gatoz Oestafrikara diru billa, arima billa baiño. Euskaldun arraintzaleak zerura joan daitezala nai dogu, erlejiño sakona euki dayela eta gizon modernueri toketau jaken legez bizi daitezala. Lantzean bein gogor berba egiten dogu, eta periodikuetan gauza garratzak idatzi. Orduan batzuk asarratu egiten dira eta gure kontra jarri. Ez dira konturatuten euren onerako egiten dogula, eta frutu onak azkenean ikusten direala.

Urte latzak igaro ditut Oestafrikan, batezbere personen aldetik. Baiña uste dot, Itxas Apostoladuko gauzak gero ta obeto jarriko direala. Esperantza orregaz nator urtean urtean Oestafrikara. Nire atzetik beste eleizgizon batzuk etorriko dira. Uxala ordurako, gauzak ondo antolatuta egongo balira!

Freetown ondo ezagututen dot, eta ba-dakit zelako posibilidadeak daukozan bertan Itxas Apostoladuak. Abidjan barriz, ez neban ezagututen. Bertora etorteko gogo aundia neukan, erria ikusteko, bertoko eleizgizonakaz kontaktua egiteko, Itxas Apostoladuari bidea edegiteko.

Alako baten, gitxien pentsetan genduanean, telegrama bat errezibidu genduan Freetownen Abidjanetik, Aita Imanol bertara joateko eskatuten ebana.

Abidjan

Ordu bi t'erdiko termiñuan egin neban Abidjanerako biajea. Aidez. Ghana Airwaysko aeroplano eder baten. Itxasoz egin baneu, lau egun tardatuko neban. Ori dok adelantua!

Egun areetan, urtarrillaren bigarren amabostan, Euskaldunen ia flota osoa ebillen arraintzan Marfil Kostako kantillean. Egunean egunean sartzen zirean lau ta bost barku Abidjaneko portuan. Arraiña eskas, gaixoak asko. Gaixoen ardurea artzeko deitu eusten bertora.

Elduta beingoan asi nintzan lanean. Egunero eroaten dot ainbeste gaixo medikuenara. Betiko gatxakaz: zaldarrak, belaun zolduak, bona baltzak, agin ustelak, belarrietako miña, paludismua ta abar.

Emen ez daukogu Ospitalik gaixoentzat. Kliniketara eroaten doguz, edo oteletara. Freetownen lez etxe bat eta mediku bat berton bageunkoz, amaikatxu diru aurreratuko leukee Espaiñiko Mutualidadeak eta Aseguruak.

Ni japones arraintzaleen barraka polit baten bizi naiz, Euskaldun arraintzaleen errepresentanteagaz eta mekanikuagaz. Kuartu aundi bat emon deuskue irurontzat. Gela ederra, ondo ornidua, klimatizatua.

Arrain faktoria, ez da aundia. Freetownekoa baiño iru bidar txikiagoa. Ez daukot mezea emoteko lekurik-bere. Orretarako egunean egunean inguruetako eleizatxu batera joan bear izaten dot goiz goizetik. Baiña arraintzaleak ez dira iñoiz joaten, eleizatxu ori urrun samar dago-ta.

Nire ustez, Abidjanen gauza asko falta jakuz oraindiño, Freetownen besteko ondo egoteko. Baiña denporeagaz eta arraiña emendik badabil, an baiño obeto egongo gara emen, Abidjanek izugarrizko etorkizun ederra dauko-ta.

Erria, guztiz da modernua, adar askodun laguna baten egaletan jarria. Zelako etxeak, zelako autopistak, zelako plazak, zelako portua! Irureun millara eltzen ei da populaziñoa. Frantses asko bizi dira berton; ogetamar milla-edo; eta euron diru ta lanari eskerrak, indar ekonomiku aundia dauko erriak.

Lagunara, kanal estu batetik sartzen da; eta zubi eder batek, erdibitu egiten dau erria. Goiko aldean, zuriak batezbere bizi dira; eta beekoan, baltzak. Euren artean ez dago diskriminaziño aundirik, eta arro bizi dira danak euren erri ederragaz.

Gaurko, naikoa da. Urrengoan esango deutsuet geyago. Agur lasterrarte.

AITA IMANOL BERRIATUA


Maitasuna

Gaur maitasuna dala-ta gazteok naiko berba egiten dogu!

Egia esateko, maitasuna bear-bearrezkoa dogu, ba, berau faltako balitxaku, munduan zer egiñik ez geunke izango.

Baiña askotan maitasun au okerrean artzen dogu, ta, orduan beste izan bat dauka.

Maitasuna zer da, ba? Nonor maitatutea zer? Maitasun au norberaren burukoitasunagaz konpondu ete leiteke?

Bene-benetan, beintzat, egoismua ta maitasuna ezin leitekez batera egon. Ez diñot egoismua maitasuna eztanik, okerrezko moduan norberaren burua larregi maitatzea da-ta. Benetako maitasuna beste gauza bat da: geure burua maite dogun lez lagunurkoa be maite izatea. Edo Kristo Jaunak esan euskunez: Berak maite izan gaituan lez geuk be geure lagunurkoa maite izatea.

Maitasun orrek, ba, zeozer emotea esan gura dau, ta ez orraitio, geure lagunagan geuretzat zeozer artzea.

Ta egia esan daigun! Askotan maitasuna barik egoismua ez ete da gurea gero? Denpora ederto paseteagaitik bakarrik neska bategaz dabillen mutillatzaz zer esango? Orrena maitasuna dala?

Gaurko egunotan, pareja ta pareja asko olgetan bakarrik bailebillez dabizela esan leiteke. Alkarregaz dagozan momentua ederto pasetea baiño besterik eztabe nai. Ia alkar ezagutu be eztabe egiten, azal-azalez ezpada. Orreek, ezkontzen diranean, bear bada, egun edo urte batzuk pozik eta ederto pasauko dabez, baiña egunen batean, negarra be izango dabe!

Persona bat maite dauanak, olan edo alan, beste orreri, on egiten deutso. Ez on ori eginkeran, bere buruak sentiduten dauan gozoagaitik, —au pasetea orraitio, gauza ondo naturala ta ona da—, persona a maite dabelako baiño ta bere buruaren poza aren poza egitean topetan daualako.

Askotan, maitasunatzat momentu batzuetako pasiñoa artzen dogu. Olako egunetan, maite dogula pentsetan dogun personaren ondoan, geure bizitza guztia ederto pasauko geunkela uste dogu.

Baiña gizona biotza bakarrik eztan ezkero, burua be badauka-ta, astiro ta priesa barik asunto au artu bear dau. Biotza itsua da; orixegaitik, adimenaren argiaren derrigorrezko premiña dauka. Orduan ba, gauzak, batez be olako inportantzi aundia daukenak, gizon moduan egin bear dauz; beste modu batean esateko, adimenaren argi ta borondatearen indarragaz. Bestela, instintuari bakarrik jarraituko baleuskio, animaliekaz ze diferentzi eukiko?


Edariak gure egunetan

 Egia esan, alkolismua ezta gaurko pekatua bakarrik. Ixtorian zear beti sortu da gizonaren ondoan ardo ta beste edarien zaletasuna. Lelengoz ardoa asmatu ebana bera be jausi zan debilide ortan. "Noe nekazaria zan —dirausku Liburu Santuak—. Asi zan lurrean biar egiten eta masti bat jarri eban. Eta ardoa edanda gero, mozkortu egin zan". Geroztik amaikatxu gizonek jo dabe bide bardiñetik.

Baiña ezta alkolismuan jaustea ardo apur bat batzuetan edatea. Edozeñek daki ze gozoro sartzen diran jatekoetan tragu batzuk. Au ona ta gizonaren ontasunerako da. Emetik urtetarakoan datoz kontuak.

Edariak Jaungoikoagandik datozenez, elburu bat daukee gizonen artean, on eta atsegingarria benetan; eta elburu ori betetzen daben bitartean bakarrik, izango dira gizonarentzat instrumentu on bat.

 Gaiñera, Jaungoikoak gizona sortutakoan, mundu guztiko jaun eta jabe egin eban, euren bitartez zorioneko bidea aurkitu eian. Baiña zoritxarrez gizonak astu egin dabe Jaungoikoak ipiñitako elburua; eta alantxe, edariak, bizitzan zear lagundu barik, benetako arriskuan jarten deutsee. Zelako arriskuetan izan be...!

Egia da, bai, Elizako Aita batek esan ebana: edariak gizonaren biotza poztuten dabela. Baiña, edariak neurri barik usatu ezkero, umearen eskuetan laban zorrotz bat lez dira. Izan be ikaragarrizkoak dira alkolismuak dakazan ondoreak, bai gorputz eta animarentzat; bai famili ta zoziedadearentzat be. Zergaitik datoz gorputz eta adimeneko akats, klase guztietako ainbeste pekatu, familietako ikus-eziñak... eta abar...? Askotan alkolismuagaitik seguru.

Alkolismu onek —gure errietan beintzat— modalidade bat artu dauala esan geinke: "chiquiteo" deritxogun modalidadea. Gaur ezta edaten lengo moduan sagardotokietan-eta, patxadan, astiro-astiro. Gaurko kuadrillak trabernatik trabernara dabiltzaz gelditu barik "chiquito"-en gozamena ondo gustatu naian. Eta zer lortuten dabe? Adiskideak? Poztasuna? Zoriona? Ardo-egarri iltzea? Askotan txar-bideak bakarrik, eta geienetan partikera utsa.

Numeroak —ziñestasunik emon gura badeutsegu— ikaragarrizkoak dira izan. Bizkaian bertan, esate baterako, igaro dan urtean, 834 milloi "chiquito"-tik gora eta beste 84 milloi litro enbotella bakoak edan ebezan errietako kuadrillak. Lekeitio izan dogu geienena, persona bakoitxarentzat 153 litrogaz; gero Ondarroa, ta Sestao 130-gaz; Santurce 110-gaz Baracaldo 100-gaz...

Numero onek idatziketan, auxe gogoratuten jat: edari-egarritasun onek ekarriko ete deusku ontasun askorik? Gure atzekoak ez dabez sufridu bearko gure larkeriaren ondoreak? Alan bada, non dagoz gure umanismo ta kristiñautasunak dakarskuzan konbiziñoak?

Izan be askotan ez jako palta arrazoirik Errusiako esate zar zerari: "egarri barik edaten dauan pizti bakarra, gizona da".


Zergatik lotsa?

Zure semeari, emazte maitea, gaztarora eltzen danekoxe, seigarren mandamentuko problema miraritsuak agertzen jakoz barruan. Ez gero mantzo-mantzo, indarrez eta bultzaka baiño. Orduan, zure semea bere problemak erabagiten asten da. Lagun bat bear dau derrigor. Zelan itxi gazte bat "bere kontura" problema ain ikaragarri oneitan?

Seguru! semeak asten dira problema orreek bizitzen argi barik, kuriosidade aundi bategaz, esperientzi barik, begi barik, loikeriz, egi bat barik. Eta egi ortatik dago zintzilika bere geroko bizitza, bere ezkontzako bizitza!

Edozer gauza irakasten deutsazu zure semeari. Listoa izan daiala nai dozu. Maixu onenetara eta eskola ederretara bialduko dozu. Artista bat urten daiala gura dozu. Injenierua. Kapitana. Edozer. Baiña bere barruko instintu sagraduarengain ez deutsazu ezer esango iñoiz be. Lotsatu egiten zara. "Beste gazteak esan deioela olako kontuak"!

Bere bizitzako misterio aundiena jakinarazotea, bere amalau urteko lagun lizun eta "bizkor" bategan ixten dozu. Bada-ezpadako esperientzian itxoiten dozu: amalau urteko gazte baten griñetan, jakinkizun tristeetan eta zikiñetan konfiaten dozu zure semeen aita-ama izateko mixioaren jakinarazotea. Ori egiten dozu. Zure ixilleko pekatu bat da ori. Pekatu negargarria benetan, dakarzan konsekuentziakgaitik. Ez da zure familian gai onengan berbarik egiten; errezagoa da ixillik pasa. Ixillik egon! Ixillik pasa!

Eta gero zure semeak ogei urte inguru daukazanean, ondo dakizu emaztea, gauza orreengan dana dakiala zure semeak, eta gizon "egindako" bati lez egiten deutsazu berba bere arrigarritasun eta lotzaren aurrean. Ezteutsazu preguntauko ia nun topa dabezan jakituri orreek. Alperrik dago preguntea. Badakizu zure barruan zelako maixuetara jo izan bear dauan. Eta gero esango dozu zure burua arintzeko: "geuk be olantxe ikasi gendun".

Eta onela denpora gitxi barru zure semea lizunkeri-griñaren barrenean aurkituko da. Zeozer egitea nai izango dozu beragan. Bere barruan jaio dan sugarra amatau naiko dozu. Alperrik. Gero ezingo dozu ezer egin, pittin bat gitxiagotu sugar ori, baiña kendu? Ezta iñoiz be. Zure semeak eztau gauz aundirik balioko sekula euren ezkontz-bizitzan, ze eztabe izan EGIAZKO AMODIORIK-TA.

Zure semea gero gizon zuzena eta ondraua izatea gura badozu, espabillatu arin-arin.


Baserria egiten

 Baserria jasotzeko formario on bat bear dala-ta, neiko istillu izan dogu. Zenbat artikulu ta berbetaldi izan ez direan.

Dana da gitxi. Ez da neiko esan; oraindik gauza asko dagoz esan bearrean.

Egon be, ementxe dago baserritarren etorkizuna. Sustrai onetatik sortuko da baserri ta baserritarren benetako askatasuna.

Ona emen zelangoa izan bear dauan baserritarren formazioa. Iru alderditik datorkio gizonari personalidadea: gorputzetik, adimenetik ta animatik. Iru indar oneek iru bizitz sortutzen dabez, gorputzezkoa, adimenezkoa ta animakoa. Izan be, gizona gorputzez, adimenez, ta animaz egindako nastea da.

Bataiatuak garan guztiok bizitz oneek azitzera beartuak gagoz. Ogi, kultura ta Jaungoikoaren bearra daukogu. Ez da gorputza bakarrik gose izaten, adimena ta anima be bai. Iru gose oneek astinduten dabez munduko problema guztiak.

Bizitz oneek bata besteagaz alkartuak dagoz. Bata zauritu ezkero, laster sentitzen dau besteak. Ezin bat obeagotu ta besteak baztertu. Azkenerarte nagusitu ta indartu bear doguzan bizitzak.

Baserritarrak Kristau formazioa, kultura, famili formazioa, formazio soziala ta formazio profesionala bear dabe. Ez batzuk bakarrik, danok batera baiño; danak alkartuak bai dagoz. Kultura barik ezin geinke izan kristautasun sendorik, ze erlijioko egiak ulertzeko bear bearrezko erdikoa da. Aizeak daroan kristautasunik ez dogu gura baserrietan; iñon izan bear badau indartsu ta sendo, baserrietan izan bear dau.

Sarritan alde batetik kristau bizitza daroagu ta beste aldetik gorputzezkoa. Batera eroan bearrean adarka daroaguz. Soloan, baserrian edo sutondoan ezin dogu Jaungoikorik ikusi. Zentzungabekeri onek bageinke zelako okerrak dakarskuzan!

Baleiteke ezbardintasun onen errurik ez izatea, gaztetan ez gendun ezer jakin-eta. Orain jakiteak, barriz, ez deusku kalterik egingo; ta gaiñera zuzentzeko eran gagoz. Emon semeeri beintzat bear daben formazioa. Ez pentsatu danak aita lakoak izan bear dabenik.

 Jenio asko izan dira baserrietan lurperatuta gelditu diranak; ta ori aita baten biotzak formazio on bat emoteko indarrik ez daualako euki.

Kristautasun sendo bat izateko ta baserriak jasotzeko, emon semeeri bear daben formazioa.


Gizona eta bierra

 Lantzean bein ez ete dogu, gero, egunez amesik egin? Eneuke ezezik esango.

"Norteamerikako jakintsu batek zera diño: Emendik berreun urtera ez da gizonaren lan-bearrik izango munduan".

Titulu andi ta letra baltzekaz ekarrezan periodikuak onelako eztakit zenbat gauza. Ta ostean, kalkulo ta numeroak parra-parra.

Sarritan leidu genduzan olako gauzak, eta oso-osorik seguruen. Eta poztu be egin gara iñoiz. Inbidiz bitsa dariola pare be bai, bearbada, e? Tire, ba, tire.

Zer dirausku onek guztiok? Ez ete gagoz oker, gero? Jum, susmoa artzen deutsat ba!... Gauza bat dago beintzat emen argi ta garbi: bierra aolan dakusgun guztian bere balio materiala bakarrik ikusten dogu. Giza-pertsonarentzat daukon inportantzia alde batera ixten dogu, sentidurik ezpaleuko lez... Ezin dogu ori egin, ezetara be.

Egia da bierrari eskerrak eroan daikegula ogia aora. Bierrari eskerrak jantzi ta apaindu daikeguz geure gorputzuk. Berba baten: bierrari esker bizi geinkez. Ori ezin ukatu.

Baña interes onek barik be bierrera jo bear gendukela uste dot, berez-edo... esango neuke.  "Aoak eta estomaguak bakarrik eztaroe gizona bier egitera, ez orixe!" Piztiek bai, gu ez. Geure naturaleza arrazoidunak garoaz bierrera, geure almen espiritualen azitzera ta norberaren perfetasunera eroan bear gaitualako derrior bierrak. Bakoitxak egin bear dauz alegiñak ori lortuteko.

Bierraren konzeptu kristiñauak, ba, egoak zabalak ditu, total zabalak. Jakiña, bierra goratu egiten dau, baña ez ainbeste malla soziala igoteko medioa iakolako gizonari, ez. "Batez be izaki konszientearen —gizonaren— betebearra dalako ta doai espiritual guztien azitze ta arkitzerako bidea". Ez aaztu iñoiz, Jainkoaren amorioarren.

Ikusi daikegunez, giza-borondatearen eta bierraren arteko artuemonak estuak dira oso. Askok uste dabe, ostera, ba gizonaren ordez makiñak jarri leikezala bierrean. Gizonaren bierrari MINIMUM bat bakarrik ixtea da, izan be, gaurko tekniko askoren jo-muga ta ideala.

Egia da benetan gauza arrigarriak ikustera eroan gaitula onek, bai. Baña duda barik —ziur egon— beti izango da bierra gizonakin bat. Gizona ez da iñoiz sobran egongo, ze, ostantzean —esaterako— gizonaren adimenak ezik nork sortu makiña orreik, nork zuzendu ta konponduko? Tornillo bat besterik ez da izango askotan, baña antxe ikusiko da argi gizonari bakarrik jagokola bier ori. Ez beste iñori. Bistan da gizonatik kanpo ezin daitekela makiñarik posible.