ANAITASUNA

X URTEA N.º 113

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

MAIATZA (5) 1964


Naiz ta prakaz jantzi...

Oindiño ezta orrenbeste sartu gure artean, baiña ba-dakigu zein dan gaurko emakumeen modia: prakak jaztea. Zer dala-ta? Eztakit, ba, zer esan. Politago agertzen diralako prakak jantzita? Ez beti, beiñik-bein; askotan... gure "señoritetxu" orreek, praka estu orreek jantzi bearrean, obeto egingo leukee aurrean ipintzen deutsen dana jaten ikasi.

Dana dala, enoa ni iñor zirikatzen, ezta ezerbe galerazoten. Mutil-zar askori min andi emoten deutse neskatillak prakakaz ibiltea ta, oindiño be, zarata asko ataraten dau moda onek gure erri batzuetan. Baiña, derrigor autortu bear da gure emakume galantak, geienetan, egokitasunez eroaten dituela euren prakatxoak. Eta orrek ez dauko ezer kontra esan bearrik. Edo mendira joan bear dala, edo deportea egin bear dala, askotan emakumeak, prakak jantzita, lasaiago ta libreago ibilli daitekez. Egia esan, gonak ez dira arazo askotarako jantzirik egokienak; obeto, orduan, prakak jantzi.

Gaiñera, ez pentsa gero gizonok be prakakaz ibilli garanik beti. Jesusen denporan, esate baterako, gizonezkoak be gonakaz ibilten ziran eta nik uste dot nonoiz asiko zirala prakak eroaten goneen ordez. Zer dauko, orduan, gure emakumeak asi daitezen gaur prakak eroaten? Zertara egin ainbeste deadar?

A!... Burura jatort, barriz, erderaz esaten dan zera: "Tximua, naiz ta sedaz jantzi, beti tximu..." Benetan! Emakumea, naiz ta prakaz jantzi, beti emakume... beti bera...! Prakak gonak baiño obeto gordeten eta zaintzen ete dabe emakumeen "misterioa", emakumetasun goxoa? Berba egin leiteke onetzaz, baiña ezta au nire oraingo asmoa. Beste itaun bat egin gura deutset neure prakadun emakume ta neskatilleri: Zuen bizi-moduko zeregin danetan joten dozue "prakadun" bateri jagokon lez? Au da, bai ete dakizue indar eta adoretsu jokatzen emakume bateri jagokozan arazoetan?

Bein, berbetan nengoan emaztegai gazte bategaz. Politikari buruz giñoan... Bere iritxiz, politikako goraberatan ekitea peligrosuegia zan. Eta itaunduten deutsat nik, erdi-asarre: Eta zure senargaiari be orixe esango deutsazu, ezta? Kemena emon bearrean, politikan bururik ez sartuteko esango deutsazu, ezta? Ondo dago, orduan, gure aberria, bere emakumeeri itxaroten badago!...

Eztakit nik zuek zer esango deustazuen, baiña auxe bakarrik gura deutsuet esan nik, akabatzeko: Ezta naiko prakak jaztea; ikasi daigun bein da betiko praka orreek bear dan moduan jazten... Obeto, bestela, gonakaz jarraitu!... Au da: gure emakumeok, gizonak beste eskubide euki gura baditue, alegindu daitezela baita gizonen bete-bear guztieri be eusten. Bear bada, sukaldetik eta etxetik urten barik, baiña iñoiz-be aztu barik Elizako, Estaduko eta gizarteko betebearrakaz... Ziur egun: gauza oker asko zuzenago joango lirake... gure emakumeak balekie prakak jazten!... Benetako emakumeen premiña dauko Elizak, eta gizarteak. Eta ez etxe barruan bakarrik —sikeran be!—, edozein lekutan baiño. Kalean, fabrikan, ofiziñan, trenetan, tabernatan... edonun; emakumeak, naiz ta prakaz jantzi, beti emakume dira-ta!...


Senar-emazteen krisia. Tenperamentuen alkar-jotea

Ezkontza osteko egunak eta asteak eztitsuak izaten dira. Dana da poztasuna: oroimena, erretratuak, abestiak kariziakin lagunduta eta beste milla gauza; dana da barria. Orduan eztago arantzarik. Bizitza larrosaskoa dirudi. Baiña, ai! larrosa politak aizearen danbadakin lurrera jausten dira arinasko.

Eta senar-emazteen artean zertzuk dira aizearen "danbada" orreek? Tenperamentuak, ziur-ziur. Senarra tenperamentu batekoa da, eta emaztea bestekoa.

- Izan be, senar asko trankillak eta patxadosuak izaten dira askotan; trankillidade orrek sarritan eztau eragiten amodioaren "kirten" goxoa, eta onela, naturala danez, sukaldeko berotasuna "otzitu" egiten da.

- Baiña danak eztira trankillak, ez orixe. Ba-dira orraitio gizon egon-eziñak be. Orain emen badagoz, laster izango dira an; bier gogortxu bat asi badabe, laster itxiko dabe beste bat artzeko. Berba baten: ezin egin gauza aundiko enpresa bat.

- Gaurko egunean batez be, senar asko samurtasun askoren billa ibiltzen dira. Beste askok aragizko atsegiñak jarri nai dabez bizitzako jomuga bat lez.

Emazteen aldetik be, esandako orreek eta geiago izaten dira: temosiak, kurixoziak, maitasun gitxikoak, moda zaleak, eta abar.

Esate baterako, gizon aragizale bat eta emazte ez-aragi zale bat ezkontzen badira, zer pasa leike? Gorriak ikusi bear izatea bizitza guztian. Baiña onelan ezia erabakiten problema ori. Zelan ba? Olako problemak erabakiteko aurren aurrenetik egiazko alkar-amodioa sortu bear da. Egiazko amodioak Goitikoa izan bear dau, ez lurrekoa. Lurrekoa bada, gauza on gitxi eta zorionekoak gitxiago.

Senarrak bere aragizaletasun aundia badauko, gitxiagotuten saiatu bearko dau; eta emazteak gitxiegi badauko, geiagotuten asi bearko dau senarraren nibelara eldu arte.

Erdi aldean ibilli bear beti: ez geiegi, ez gitxiegi. Baiña onelako problemak erabakiteko denpora ezta ezkonduta gero, ezkon aurretik baiño. Orra or ezkon aurretik ikusita eta erabakita egon bear daben gauza bat: bakoitzaren aragizaletasuna. Onetarako neskalaguntza denpora ondo eroateak inportantzi aundia dauko, gero bizitz ganorazko bat eroatea nai bada. Millaka ezkontzauste izaten dira problema on ezkontz aurretik erabaki eztalako.


Aberastasuna, bai. Aberastasuna, ez

 Edonon eta egunero entzuten dira onelakoxe esanak: bizitza gero ta geiago kostaten da, jeneroak gero ta karuago, eta salarioak, barriz, eskasak izan da be, ez dabe agertzen gorantza joateko susmorik... ta abar.

Oraindiño gure egunetan be izan leiteke egia, bizitz zintzo baterako bear dana eguneroko lanak ez emotea, salarioak zer emonerazten dauana jakin ez gura debenak ba-dirata. Situaziño au gure arteko beste kalamidade bat da, ziur. Egia izan da be, ete da gero gure bizitza kontzientziak aginduten deuskun lakoa?, ze ba-dagoz salario eskaseren kontra dagozanak, eurak injustizi orretan errurik ba-dauke ikusi barik. Nik neuk formalidadeagaz joten dauan gizonak txirotasunetik urten leikela esango neuke. Askotan, juztizi baiño, ezta izango langilleen morala geiago palta jakuna?

Mundu guztiko personak klase bitan banandu leitekez: 1) batzuk, aberatzak, biotz eta bizi guztia "billete berde"-etan jarri dabenak. Beti dabiltz euran billa. Konfort, dirua, negozioak... orra or joera guztia. Askotan medioak ez deutsee emoten aparteko ardurarik. Aberastasunagaz amets bizi dira, arrigarrizko zerbait dalakoan. Almena, zoriona ta libertadea aberastasunak bakarrik emon deikioezala pentsaten dabe. 2) besteak, biotzez pobreak diranak, munduko gauzak biotzaren egarria ezin deikioela kendu ondo konturatuta, beste zerbaiten —Jaungoikoan— fede ta itxaropen jarri dabezanak. Ondo ikusi dabe Bera bakarrik dala naiko, almena, zoriona ta libertadea gizonari emoteko. Oneentzako munduko ondasunak Jainkoagana igoteko malla bat izan bear dabe, eta elburu au betetzen daben bitartean izango dira on eta zalegarriak.

Gizona gizon danetik mundu ontako zaletasuna ondo sartuta dauko barruan. Bakoitzak modalidade ezbardiñean eukita be, danok eta beti daroagula esan bear. Gaur aberastuteko iñoiz baiño erreztasun aundiagoak dagoz. Oraindiño asko eztala arte, pobreak ziranak, geienetan pobretasunean ilten bear eben. Gaur gauzak zeozer aldatu dira. Badira urte edo-egun batzuetan bakarrik bear bada, partikerak ondo-ondo bete dabezanak. Zelan lortu eikeen ainbeste diru-pillo? Gaurko aberats-barrien biderik berezienatariko bat futboleko kinielak dira. Gure artean batez iñon baiño geiago zabalduta dagoz kiniela onek: 18 milloi dira astero-astero kinielak dakazen milloiakaz amets bizi diranak. 62-63 urteetan 49 izan ziran suertedunak eta azkenengo 13 urteetan, barriz, 175.

Orain nik auxe itaundu neuskizu: Nortzuk benetan zoriontsuagoak, suertedunak edo suertebakoak? Aberatsak edo pobreak? Zuek daukozu benetako erantzuna.

Baiña gauzak bakoitza bere puntuan jarri bear dira. Mundu ontako ondasunak, Jaungoikoak gizonarentzako aortu ebazan ezkero, onak dira izatez: euren finalidadea, Jaungoikoa lortuteko malla bat izatea da; orregaitik diru kontuan lasaitasuna opatutea, trankil eta neke aundi barik bizitzea, komodidade apur bat eukitea, famili, gizarte ta Jaungoikoari serbiduteko bearrezkoak dira gizon geienentzako. Zeozergaitik da deretxo naturalekoa, salarioak gizon zintzoaren betebearrak lasai betetzeko modukoak izan bear dabezala.

Nik eztakit aberastasunak benetako zoriona dakarrela pentsaten dozun ala ez. Bakar-bakarrik zintzotasunean esandako erantzun onek erakutsi gura deutsutaz:

- Opa dotana diruak ezin deikit emon.

- Aberastuteko bizitzea, ezta betetako bizi-modua.

- Oba ain aberats ez izatea.

- Aberatsak bere neurria galduten dau.

- Aberastasuna kaltetsu, baiña bearrezkoa jat.

Zuk zer diñozu?


"Etxerako ordua"

Etxearen goxuaren goxua!

Eztakit nik zelan edo zergaitik, baiña atzerriko lurraren lurrunak kantza eta ito egiten gaitu. Urteten gara bai, ara edo ona diru asko egiteko asmoz; igaroten doguz egunak, illeak, urteak, baiña gure biotzan barruan beti da nonor deika: norberaren etxearen, sendiaren, lurraren deadarra. Bai, etxearen goxuaren goxua!

Guk, atzerrian ikusten doguzan gauza guztien gaiñetik, beti dakusgu beiñola baten itzitako lurraren lurruna. Entzun be asko eta gauza onak entzuten doguz erritik kanpora, gure belarriak barriz, eztabe ezer be artuten ain ondo, oitutako eta usetako soiñu ta abestiak lez. Atzegingarriak dira, benetan, gizonak erri danetan sortu dabezan soiñuak eta eresiak, olan da guztiz be, bakarrik bakoitzarenak allegaten jakuz barruan ondorarte.

Amesetagarria egitan etxeko sutearen sua!

Pentsamentu guzti oneek gogoan artuta, esango neuke, onexeek pittin bat eragindurik etorri dirala Marfil Kostatik Euskalerriko arraintzaleak.

Urten, martiaren 26-an urten eben andik.

Urtero lez, amaitu da aurtengo "safrie". Pozik ala trixte? Nik uste ez bata ez bestea. Diru egarria gaur egunean andiegia da, iñor iru-lau milla pesetagaz beteteko. Iru-lau milla peseta orreek, gaiñera, eztira ezelan be ainbeste neke ta naigabeen alogera moduzkoa ta merezidutakoa.

Trixtea da benetan Afrikako bierran ostean beti au esan bearra:

"Gauzak olan diarduen arte beti ibilliko gara dandarrez edo beintzat ez ain ondo. Eta pozarren gero ta txarrago ezpadoaz!"


Urrundik Naiatortzu [Olerkia]

URRUNDIK naiatortzu

kexuz, nekatuta.

Ainbeste bide ibilli

ditut erriz-erri.

Jenteak, iguin baleust,

begituten deusta.

Ain arlote ta ain bakan

bide dot irudi...

Jenteak, iguin baleust,

begituten deusta.

Abitu latz uxatiz,

ona, bakarrik, ni.

Eurak, arin jantzita,

iñogaz dabiltza.

Zenbat erri daroen

—irri bekaitzgarri!—

lillura argi maitetsuz,

gerizpe t'ondatza!...

Zenbat erri daroen

—irri bekaitzgarri!—

Erruz galdu danaren

damuz naiatortzu,

bizikera au ez baida

beste gizonena.

Eremuak naroa,

pausoak izutu.

Ain da inguruko utsa

sor ta nabarmena...

Eremuak naroa,

pausoak izutu.

Nire barru gaztean

illunbea dago.

Zeuri emon nintxatzun

t'etzaitut ikusten.

Entzun bear banozu,

ordua da, Jainko.

Bakarrik nago, zeure

lotsaz, zoratuten.

Entzun bear banozu,

ordua da, Jainko.

Enparauak ba-doaz

—alai, bidez-bide—

besoan beso lore

ziur ta kutuna.

Zurea nazalako

bakar izten nabe.

Zuk ez ete daukazu

besorikan, Jauna?...

Zurea nazalako

bakar izten nabe.

A. GANDIAGAREN "ELORRI"-tik


Gazteari atsegin jakon berba bat. "Libertadea"

Maitasuna bera baiño ia gure belarrientzat obea beste berba au izaten da askotan: "Libertadea". Benetan ta arrazoiagaz. Gizonak librea izan bear dau, ba librea ezpalitz, zertarako bearko leukez borondatea, adimena ta gizonari jagokozan beste gauza guztiak? Orduan, librea ezpalitz, gitxi gora bera, abereen modukoa izan bearko leuke.

Guraso askok euren semeak independienteegiak direla esaten dabe sarri. Batzuetan —ta egia da— gurasoak semeen gauzetan larregi sartzen dira, edo beintzat, taktika bat be barik, ta orduan, guraso orreek diktador moduan artzen doguz.

Libertade naia barriz, edonor gazteren barruan bizi dan suari deritxo. Libertade au lortutearren, edozer egiteko beste izango giñake; ta ara nun zelan geure aurrean gurasoen barrera topetan dogun.

Baiña geure libertadearentzat barreraren bat ete da be geure gurasoen jabote ori? Ez ete da be geure libertade ori obeto manejau daigun emoten deuskuen laguntza?

Ara emen egia: Libertadea ezta norberari bururatuten jakon guztia besterik barik egiteko almena. Orretarako borondate bearrik ez geunke! Animaliek ez ete dabe auxe bera egiten ba? Libertadea ete da munduan zear gazte askok egiten dabezan astakeriak egitea? Libreak izateko bear doguna, geure konbiziño ta on-bideak eskatzen deuskuen bidea jarraitzeko indarra da.

Gizonak, beste izaki guztiak lez, bere finalidadea dauka; beraz, finalidade orretatik apartetan daben gauzak, naiz ta berak gustora egin arren be, libertadea kendu egiten deutse. Finalidade au batez be Jaungoikoa dogu; bigarrenez, geure zoriona. Zoritxarrez askotan —ta au danori pasetan jakuna da— geure griña txarrak ezin domiñau izaten doguz. Gizona, barriz, bere egiteen jaube izan bear leiteke; baiña, orduan, griña txar orreri arpegia emoteko beste indar estau izaten, ta ara zeian ondo dagoana ezin egin ta txarkeria egin bearra. Ez ete da ba ori libertaderik ez eukitea?

Geure gurasoak, euren bizitzan zear, olako gauza asko ikusi izan bearra euki dabe; orrexegaitik ba, griñak zelan domiñau guk baiño milla bider obeto dakie. Beraz, geure gurasoen esateari kasu egitea ezta libertadea galtzea, euren esperientzi sakon arek libreak izaten lagundu egingo deusku-ta.

Gazteeri baliente ta kementsuak izatea guztetan jake, ta olakoxeak izan bear dabe gazteak; zer esan, orduan, bururatzen jaken guztia egiten dabenatzaz? Burua ezta bakarrik sorbalda gaiñean eroateko zeozer bat; buruak geure egite guztiak zuzendu egin bear dauz, ez, barriz, geure egite ta gustoen serbitzaille izan...


Isidro Deuna. Baserriaren Zaindari

 Gu legez San Isidro baserritarra zan. Orregatik dogu bera baserritarrak zaindaritzat. Juan XXIII-ek Bula baten bitartez alaxe izentatu eban.

Penagarria da benetan santutasuna urriñeko gauza dala pentsatzea. Sarritan barriz, alaxe usten dogu.

Santua izateko lenengo gizona izan bear da. Zer egin eban San Isidrok geuk egunero egiten doguna baiño besterik?

Madrideko ugazaba baten kriadua zan. Lurrak landu ta mandoak eziten ebazan. Madrideko baserritar bat zan, besterik ez. Baserriko neskatx bategaz ezkondu ta Jaungoikoak seme bat emon eutsen. Biar egin eben, bizitzako burrukan saiatu zirean; neke, samiñ ta atsegiñak izan ebezan, edozein gizon baten legez.

Zelan egin zan santu, ba? Eguneroko goraberatan Jaungoiko maitasun aundi bat ipiñiz. Egon be ementxe dago santutasuna: maitasunean. Grazian bizi ta eguneroko egin bearrak Jaungoikoaren maitasunagaitik egin. Ona emen santutasuna. Ez da gauza aundirik egin bear. Lurra landutzea edo bedarra ebagitea naiko da. Baserrian bertan izan geinkez santuak. Zoriontsuak izatea gura badogu izan gaitezan santuak. Santuak bakarrik. Batez be ikaskizun eder bat erakusten deusku San Isidrok. Jai egunak jai egiten. Berak egunero egunero entzuten eban Meza. Aintxe artuten eban indarra egun guztian zuzen ta Jaunaren Begipean ibilteko.

Domeka ta jai egunak gogoz artu bear doguz. Mezea beintzat entzun bearra dago.

Domeketan jai egiteko bi errazoi daukoguz, Jaunak berak emondakoak. Dira, lenengo, Jaungoikoari ainbeste mesedegaitik gure esker ona agertzeko ta bigarren, aste guztia donetzeko.

Gure preokupaziño tartean utsune bat egin bear dogu Zeruko gure Aitari biotza jasotzeko. Orrela aberastuko dogu gure anima.

Lege Zarrean Jaunak agindu au urratzen ebanari eriotza bialdutzen eutsan sarritan. Orain be, jai egunetan biar egiteak eriotza dakar gure animara. Grazizko bizitzak gure animetatik iges egiten dau. Ez dago kalte aundiagorik. Domeketan biar egiten dauan erria eriotzan bizi da.

Egia da erriko legeak jaietan biar egitea ez dabela kastigugaz zigortzen, baiña neiko kalte dakarskuz. Gizonari dagokion dinidadea galtzen dogu. Makiñak legez produzidu bakarrik egiten bai dogu. Gaiñera gorputzari berari be ederto datorkio astean bein egotaldi bat. Beti indarrean ezin gara egon. Indarrak berriztatu egin bear doguz.

Ba-daukogu San Isidrotik zer ikasi. Domeka ta jai egunak jai egin ta batez be santuak izan gaitezan. Besterik ez dogu bear baserrietan. San Isidrok santuak izaten lagundu deiskula.


Katolikoa eta politika. Bete bear bat

Kristianismuak eta Politikak ba-dauke alkarren artean zer ikusirik?

Askok diñoie berba bi oneek alkar ikusieziñak direla. Ez eidago ba, katoliko lez, politikan sartzerik. Askok defendiduko leuskigue iritxi au. Zer dala-ta? Emoten dabezen arrazoiak, gitxi gora-bera, onexek dira: Politikak beti garoaz injustiziara ta beste ainbat pekatuetara. Politikan, negozioetan lez, beti dauko zer-egin asko guzurrak. Beti.

Zer esan gura da onekin? Politika BARRUTIK ustela dagoala? Eta beraz, guk, kristiñau garanez, eztogula zer egiñik or politika arazoetan? Alan uste dabe askotxok, egia esan.

Besterik diñosku, ostera, Pio XII-garrenak, Kristianismuak eta Politikak dauken zer-ikusia adieraztean. Ara:

 "Derriorrez eta beti giza-bizitza —bai partikularrak bai ta sozialak— Kristo-ren lege ta espirituagaz topa egiten da; ortik datoz, gauzen indarrez, apostoladutza erlijioso ta egintza politikoaren arteko artuemonak. Politika berbak —bere esangura zuzenean— erriaren, "POLIS"-aren, onerako kolaboraziñoa besterik eztau esan gura. Erriaren ON onek, ostera, zabalgune zabala dauko, eta, orregaitik, POLIS alorrean garrantzi andiko legeak eztabaidatu ta emon be egiten dira: ezkontzari, familiari, umeari ta eskolari jagokozanak, adibide batzuk bakarrik esatearen. Ez ete dira arazo onek erlijiñoari batez be ardure jakozanak? Itxi daikee, gero, indiferente ta apatiko apostolu bat?"

Argi ikusi daikegu emen zergaitik jo bear dogun guk politikara, KRISTIÑAU GARANEZ ETA GARALAKO. Gizonagaitik. Gizonak errezago lortu daian zerua. Ezin dogu esan ezetara be, zerua dala gizonaren aberria ta lur ontako egitura ta instituziñoak ez jakozala bape ardura. Ardura jakoz, eta asko gaiñera.

Pio XII-garrenak esan eban, bein, bizi-eziña egiten jakola gizonari zirkunstantzi batzuetan kristiñau bizitza. Esate baterako: zelan bizi daike biergiñak bear dan moduan kristiñau bizitza ori, semeak asi ta edukatu aal daizan bidezko mediorik ezpadauko? Arritzekoa litzake. Ba-daukagu, nun bier egin. Obligaziñoz, gaiñera.

Oar bat: "politika" berbea darabiltanean, emen, ara zer esan gura dotan: sozial, ekonomi, politika, eta erriaren gain influentzi asko dauken gaiñerako egitura ta instituziñoak.