ANAITASUNA

X URTEA N.º 115

Dep. Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la Hoja Anaitasuna de Guipúzcoa

GARAGARRILLA (7) 1964


Miña, samiña ta otoitza

Anai edo arrebaren bat billoxik badago edo zer-janik eztaukola, eta zuetariko batenbatek esango baleutso: "Zoaze bakean eta berotu ta ase aal zaitezela" baiño ez baleutse bere gorputzeko bear-izan ori beteteko ezer emongo, orduan, zer aprobetxatuko leuskioee zuen berbok? (Sant. 2, 16-16)

Jauna, ezin izan dot loa artu, eta jagi egin naz, ba. Gustora errezateko-edo. Kanpoan, gaba da, aizea alaluka. Eta euria. Erriko argiak, illuntasuna zuloturik, ba-dagozela batenbatzuk diñoste.

Min emoten deuste argi orrek, Jauna. Eurek ixartu nabe. Eta erriko sufrimentuak dakarstez orain burura.

Ba-dakit kuartu baten batabesteen kontra lo dagozan 13 pertsonen arnasa ustela bat-egiten dala.

Ba-dakit ama batek maia ta aulkiak goitik eskeita imiñi bear dauazala, oeak jarriteko lekurik egon daitean.

Ba-dakit arratoiak datozela, gabaz, ogi-kuzkurrak iruntzi, ta umeri aginkadak emotera.

Ba-dakit senarra jagi bear dala bere semetxoen oe bustiaren gaiñean ulea zabalduteko.

Ba-dakit zelan ama batek zutunik igaro bear dauana gau osoa, oe batentzako lekua baiño eztagolako; eta ume biak gaixorik euki.

Ba-dakit moskorti batek gomittuak bere alboan lo datzan semeari botaten deutsozala gaiñera.

Ba-dakit mutiko batek iges egin dauala, aspertuta dagoalako.

Ba-dakit gizonak erriertan dabizela andreekaitik. Iru matrimonio bizi dira sabai baten-eta.

Ba-dakit neska batek bere anaiarengandik ume bat izan dauala, 20 ta 16 urte daukezalako ta oe bat baiño eztagolako.

Ba-dakit andreak ezetza damotsola gauero gizonari, beste seme batentzako lekurik ezpaitago. Ta ezetz, ba.

Ba-dakit ume bat il-zorian dagoala —goxo—, bere beste 4 anaitxoekaz an goian batuteko prest.


Gazteok zer?

IRAKURRI: gaztea, seguru zagoz gaur zareana izango zarala gero be?

Guk, gazteok, geure burua zaintzeko naiko gareala-ta, beste iñoren kontzeju paltarik eztaukagula —berbaz esaten ezpadogu beintzat— egitez sarri defendiduten dogu.

Geure barru-barruan sentiduten dogunagaz zintzoak izango bagiña, beste zeozerren bat esango geunkela esango neuke olan da be. Geure eritxi au, bizitzan zear, sarri kanbiatuko dogu. Umeak giñala, geure gurasoen beste ekianik munduan ezegoala pentsetan genduan; euren esanak legeak ziran, euren ejenploa on-bide.

Amar urte ingurura eldu giñanean, oraindiño gurasoak euren pedestaletik jausi barik baegozan be, ez egozan len beste seguru. Geure moduan zeozer pentsetan asi giñan ordurako ta, euren esanetan, gugaz ondo konpontzen etzan zeozerren bat topetan genduan.

Amalau urteetara eldu giñanean, geure guraso ta zaindarietan ia tirano ta diktadore batzuk baiño besterik ezkenduan ikusten. Geure egite guztiak txarto artuak izaten bai-ziran. Geure barruan pasetan ziran geuzak zer zirean ez eben konprendiduten. Geure ondorengo personak ezkenduzan konprendiduten!

Ogetabat urtegaz, libreak be ba-giñala-ta, zeozer zala geure burua-ta, geure guraso ta maixuak, aintxiñetako moduko personaren moduan pentsetan ebela esaten genduan. "Gaurko egunotan ezkara orduan lakoak! Gaur, gaurko moduan bizi bear da, ez aintxiñetako moduan! Geure gurasoak-eta, arek ezekien ezer! Gaurko egunetakoak balira izan!"

Ogetasei urtegaz: "Beti bardin gure gurasoak. ¡Maite gaitue, bai! baiña oso atzeratuak diranez, beti prudentzi ta pridentzia bear dogula-ta dabiltz. Aren moduan biziko bagiña, ezer egin barik il-ordua elduko litzakigu. ¡Alan da be, onak dira izan!"

Ogetamabost urteak asko pentsau eragiten dabe-ta, gaiñera, experientzi apurren bat be lortzeko denporea izan be egonda-ta, gizonaren eritxia zeozerren bat kanbiatzen asten da:

Gure modukoak etziran geure gurasoak, atzeratutxoagoak zirean; baiña guk eztaukagun zeozerren bat ba-euken arek! Geuk be areek euken burua bagendu! Gauzak ze ondo pentsetan ebezan gero! Ia dana asarteu egiten eben!"

Berrogetabost urte asko dira. Gizonak bizitzan zear difikultade askoren kontra ekin bearra izan dau. Bizitza zer dan ondo daki. Barriz, jakintza guzti orregaz mutil biurtuko balitz, beste modu batean konponduko litzake bizitzan zear. Orduan, ba, zer diñoan ba-daki:

"Geure gurasoak eztakit nundik euren ikaragarrizko jakituria atara eben! Alako personarik orraitio! Ze sakonak ziran euren konsejoak, ze ondo neurtuak euren eginkizunak! Nor izan eitean arek lakoa, nor ain buruduna, nor bizitzako gauzetan ain jakintsua?"

Lepoa makurtzen ia asita daukan irurogei urtekoak, bere gogoan ondo markauta daukazan gauzak gozo xamur bategaz gogoratuz, diño: "Ai! Nire ondoan ze aundiak izan ziran nire gurasoak! Arek lakoak izatearren edozer egingo neuke gaur! Sikieran euren esaneri kasu egin baneutsen be... a! Orduan ze erreza izango zan neure bizitza! Arek erakutsi eustezan gauzak neuk neure semeeri erakusteko kapaz izan banintzan be...; baiña, arek beste zelan izan ni? Gaur orduan lez mutil banintz, ondo diferente izango nintzake!"


[Olerkia]

Au guztia ba-dakit, Jauna,

eta askoz geiago be bai,

onelakoak eundaka ezagututen dotaz,

eta, len be, ba-nekiazan, ain trankil

izera artean sartu orduko.

Ezpanekiz, gurago neuke, Jauna,

obe kontu ta ipuiñak balira,

amesak dirala pentsa gure neuke,

batenbatek andaluz bat nazela

esango baleust sikeran!

Jente orrek eurek daukela pasetan

iakenaren errua, zorionbakoak

badira eurek irabazita dala.

Au nonork probatu eidala

gura neuke, Jauna.

Trankildu egin gura neuke, Jauna.

Baiña ezin. Beranduei da. Larrei

ikusi dot, larrei entzun,

kontuak ondoei atara dotaz,

numeroak egin dotaz,

eta orain zifra orrek betirako kendu

deuste nire errubako zoriona. Betirako.

MICHEL QUOIST-ERI artu ta aldaturik.


Liturji barria, bai? Noiz? Ta zergaitik?

"Vatikano II-gn. Konzilioak ekarri deuskun lenengo erreforma liturjikoa izan dala eztago esan bearrik. Ezagunak dira danontzako oneri buruz emondako normak, Liturjiaren Kostituziñoan eta Aita Santuaren "Motu Proprio"-an arkitzen diranak.

Eta —jakiña!— leku guztietan dabiltz arau oneri aplikaziñoa emon gurean. Egia esan, erbestekoak aurreratu egin jakuz: Belgika-n, Alemania-n, Suiza-n, Frantzia-n, t. a. Baiña, gure artean be asi gara lenengo pausoak emoten.

Ba-dagoz aplikaziño au astiroegi doala pentsaten dabenak. Eta —bear bada— arrazoi apur bat be ba-daukee. Baiña, gelditasun au azaldu leiteke askotan korapillo ugari (izkuntz diferente, t. a.) erabaki bear dirala konturatzen bagara.

Danon gogoa da, bai, normak ainbat ariñen praktikara eroatea. Alan da be, ain garrantzi aundikoak diralarik, patxadaz egin bear dira, patxada baita biar on baten kondiziñoa.

Aztu ezin daikegun gauza da Kostituziñoak batzuk uste daben baiño esan-gure sakonagoa daukoala, beren egin-bearra —liturjiaren erreforma— kontuan artuten badogu.

"Liturjiak batez be —diñosku Kostituzioak— Jainko Santuaren kultua dalarik, Erakutsi aundia dauko kristau erriarentzat be. Izan be, liturjian Jainkoa mintzaten jaku kristau erriari; Kristo-k Barri-ona emonaz jarraituten dau. Eta erri osoak kantu ta otoitz bidez erantzuten deutso Jainkoari". Finalidade au—sakramentuzko misterioetan obeto parte artu ta Jesukristori zintzoago agurtutekoa— da erreforma oneek lortu bear dabena. Geuri be ederto jatorku Frantzi-ko Obispoak ango kristiñaueri egindako itauna: "Anaiak, ondo etorriko dira liturjiako aldaketak; baiña, zuen aldetik, Mezara zoazenean, zuen gogoa Mezako otoitz eta egiteakaz bat-egitea ete da?"

Lasterrago edo beranduago, erreforma etorriko jaku, bai, gizarte berriaren bizi-moldeak berriztu diran antzera, Elizak be derrigor egokitu ta moldatu bear dauz bereak-eta, gaurko gizon orren beartasuneri erantzuna emon gura badeutse. Baiña, ori ezta naiko. "Vaticano II"-garrengo dokumentuak daroan mentalidade ta kriterioak guganatuteko ez dira naiko modu proprioak". Onelako aldakuntza ez da lortuten iñoiz be kanpoko erreformakaz. Ebanjelioa, epistola, ta otoitzak euskeraz irakurrita be, ez dogu lortuten askorik, Konstituziñoak eskatuten deuskun espiritu sakonagaz joten ezpadogu beti liturjiko gure arazoetan.

Badagoz —eta beti egongo dira— arau-berri zaleak, nobedadeak erreztasuna dakarrela-ta. Au ezta, barriz, Kostituziñoaren espiritua. Konzilioak norma barriak badakarzkuz, gaurko gizon orren izateari erantzuna emotearren izango da bakar-bakarrik, ta ez barri zaleen barri zaleen gogoak betetzearren.

Egia esan, oraindiño, asko falta jaku, ia-ia dana. Asita dagoz lenengo egin-bearrak. Apaiz-talde batzuk oraindik asko eztala batu dira kursilloetan prolema onen gain zer egin daiteken ikusteko. Bidea txalogarria deritxot benetan. Baiña, asmo oneik aunditu egin bear dira. Aunditu gizarteko gauz eta pertsonerenganaiño eldu arte, danok ikuspen barriari batean erantzun deiogun.

Oraindik geiago: katezismo, teoloji ta kristiñautasunaren egiak —Konzilioak diño— beste era batera azaldu bear dira.

Eztago dudarik: Konzilioak biar asko emoten dago ta frutu ugari ekarriko dauz.


Kultura olatua itxaso mandan

Gu, gizonok, berez olakoak gara-ta, ia beti gagoz bizitzako gauzari manda illuna topaten. Sarritan entzuten dana da, —ta neuk be ba-niñoan beiñola ze—, arraintzalea eskola bearrean dagola. Oraindiño amalau urteko mutiltxoa dalarik ixten dau eskolea —ainbeste kalba egindako eskolea!— ta gero, agur! Antxe akabaten dira arraintzalearen jakituri guztiak.

Gaur arte, bear bada, beste bizimodu batzuk izan doguz. Gaur arte, bizitzak ekarren patu txarra edo ona gureganatuten genduan. Bizitzaren ariak ez eukan beste zerik auxe baiño: txikitan, ume denporan, eskolaratu ta zeozer ikasi, ta emendik aurrera, biar eta biar, bizitza guztian gauzak olan ziralakoan.

Gaur barriz, beste aize klase batzuk jo dabez gure teillatuak; lengoak aldaturik dira. Gaur legorreko biargiñek, eurak be, eskolak daukeez. Biarrari probetxu geiago atarateko eskolak. Denporeak eztaki geldiunea zer dan. Eztau utsik. Egun batetik bestera arpegi barria erakusten deuskuez erriek. Aldaketarik aundienen denporatan gagoz. Gaur, gura dauanak, edonok, ba-dau betarik moduzko kultura baten jabe izateko. Arraintzaleen alde, sentidu onetan, emon diran indarrak, ainbeste fruturen iturri biziak eginda dagoz. Baiña, indar onek be, orain, apurtxu bat zartuten ba-ioiazen-da, metodu barri batzueri eldu bear.

Arraintzalea kultura miñak eragin bear dau. Miñik eta egarririk asko dagoz egon be, gizonaren azalaren azpian, su garra autspean dan moduan; baiña, or jauk ba!, auts ori ezta putz txiki bategaz kendutekoa. Urte askotan eta gizaldi luzeetan baturiko autsaren aurrean gagoz.

Eziñezkoa arraintzalea kultura bideetatik eroan araztea, bere borondatea orixe ezpada. Ori denporea ta astia merkeegi saltzea litzake. Lenago, gogoa sartu borondatearen soloan. Gero, jorratu ta jagon. Erramu barik eztago ibilterik, edo gasoil barik eztabil motorrik. Egi biribilla auxe. Biribillegia, antza, artez ikusteko.

Kultura naiean borondatea biztutea da biarrik gogorrena. Au lortu ezkero, bestea berez etorriko litzake edo, beiñik-bein, errez.

Zeiñen zeregiña ete da au? Gobernua daroen gizonena; baiña oneek allegaten ez diranean, emen gagoz gu, gizonok, borondate onekuok, batak besteari lagunduteko prest. Batzutan, dirua baiño bearrago izan oi da kontsejua.

Erriaren ona ta danen ondasuna, geure zorionaren iturburua.

Noiz izango ete gara gizonok gizonontzako?


Amodioaren azken arnasak

Lenengo amodioak

Neskalaguntza denporan gauza xelebriak pasaten dira. Xelebriak bai, baiña askotan miñ emoten dabenak.

Ara, begiratu egizu pareja ori kale erdian zear, kaltzarpetik ondo lotuta biak. Orreentzako beste mundurik eztago ordu orreetan. Eurak dira erriko biztanleak; beste gizonak pinturak besterik eztira. Gizon batek deitzen badeutse —etxekoak, lagunak edo beste edozeiñek— molesti itzel bat da, denporea galtzea da, sakrifizio bat orrei erantzutea. Nobioaren eritxia munduko eritxirik onena jako nobiari. Eta nobioaren gauza guztiak gustaten asi jakoz: futbola, politikako eta moraleko ideak, nobelak, baita nobioaren esanera eta abotsa be. Munduko idearik onenak nobioarenak dira. Bata bestearentzat bizi da. Dana doa ondo.

Desiluziñoak

Domeka batean, nobia bere amumaren etxera doa zorionak emotera urteak beteten ditu-ta. Arratsalde eder bat pasatu dau. Bere nobioarengain ia ezta akordau be egin. Gabeko ordu luzetan konturatu da eztala bakarrik bere nobioa zoriona bere biotzera ekarri leikioanik. Eta esaten dau bere kolkorako: zergaitik ez naz etorriko etxe onera urrengo domeketan be? Ez naz libre akaso? Zergaitik egon bear dot domeka guztietan fubola ikusten nire nobioarekin? Etxat batpe gustaten. Ta gaiñera, nire nobioaren anaia pizka bat moskortia da; aita be ezta diru-emon zale. Karlos-egaz alkartu baiño leen, Madrillera joateko esperantza neukan, eta beragaitik ez naz joan. A!, oba ezagutu ezpanau!

Ofiziñatik urtekeran alkartu da bere nobioarekin. Lenengo, beti lako kariziak. Apur batera, nobioak zeozer erreparau dau. Eztago beste egunetan lez. Ezetzka eta baietzka asi dira. Geroago eta geiago berotzen dira. Azkenean, nobiak karraxi batekin "ezetz" esaten dau. Emoten deutso atzealdea eta... agur.

Konzekuentziak

Ara or amodio baten azkena. Zergaitik.

1) Prudentzirik eztagolako lenengo amodioetan. Gaiñezka maitatzen da lenengo denporetan. Eta zer pasaten da? Tarterako esneari pasaten jakona txapa bero baten gaiñean: gaiñezka bera jausten da eta, kontuz ezpadabil iñor, tartera guztia utsituten da.

2) Amodioa SUFRIDUA eztalako. Amodio eztitsua artzen da bakarrik. Amodio klase ontan pentzaten da bakarrik. Eta bizitzako garraztasun bat badator, potx egin bear derrigor. Amodio kurutzetu bat bear da. Ezin leiteke pentsa bizitza guztuan eztitsuzko amodioarekin bizi leitekenik.

Neska laguntzan asi baiño leen, amodio sakrifikatuan oituta egon bear da, neskalaguntz eta ezkontz luze bat nai bada.


Aitaren etxea [Olerkia]

Nire aitaren etxea

defendituko dut. (1)

Otsoen kontra,

sikatearen kontra,

justiziaren kontra,

defenditu

eginen dut (2)

nire aitaren etxea.

Galduko ditut

aziendak,

soloak,

pinudiak;

galduko ditut

korrituak,

errentak,

interesak,

baiña nire aitaren etxea defendituko dut.

Harmak kenduko dizkidate,

eta eskuarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

eskuak ebakiko dizkidate, (3)

eta besoarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

besorik gabe,

sorbaldik gabe,

bularrik gabe,

utziko naute,

eta arimarekin defendituko dut

nire aitaren etxea.

Ni hilen naiz, (4)

nire arima galduko da,

nire askazia galduko da,

baina nire aitaren etxeak

iraunen du (5)

zutik.

(G. Arestiren "Harri eta Herri"-tik)

(1) dut = dot

(2) eginen dut = egingo dot

(3) kenduko dizkidate = kenduko deustez

(4) hilen naiz = ilko naz


Emen ala an? [Olerkia]

Egun batean

eztu inork

ezer erosiko;

egun batean

ezta merkatuetan

sagarrik

salduko.

Egun batean

guztiok

izanen gara (1)

zoriontsuak.

(G. Arestiren "Harri eta Herri"-tik)

(1) izanen gara = izango gara


Alkar-berbaketaren arazoa!

Pio XII-ak bein idatzi eban "erri-eritxia gizartearen arnasa zala". Orrek esan gura dau gizarte batean erri-eritxia falta danean edo galerazota dagoanean, gizarte ortan gauzak eztoazala ain zuzen. Beste orrenbeste esan bear da alkar-berbaketari buruz, gizarte danak dauke alkar-berbaketaren premiña-ta. Gizarte batean, edozeiñean, alkar-izketa falta danean, derrigorrez autortu bear dogu gizarte orren barruan gauzak eztabiltzala argi eta garbi: edo agintariak buru-gogorregiak dirala, edo esku-gogorregiak, edo gizarte ortako gizon-emakumeak azi barik dagoazala, gizarte-anditasuna lortu barik.

Zertarako bear da alkar-izketa? Egia lortzeko. Mundu onetan, iñor-be ezta egi jaubea edo, obeto esateko, iñok-be eztauko egi osoa. Danok daukogu geure egi zatitxoa, baiña iñok-bere ez osoa. Eta ortarako da alkar-berbaketa bear-bearrezkoa: egi zatitxo orreek batuta, egi osoa egin daitean.

Ba-dagoz, barriz, zoritxarrez, beste era batera pentsaten dabenak, euren egiteetan beintzat, esanetan ezpada. Egia eurak bakarrik daukela uste dabenak, besteen eritxiak aintzakotzat artzen ez dakienak, iñori entzun gura ez deutsoenak. Begira zer jazo daitekean orreetariko batzuk Estaduko agintza nagusiagaz egiten badira! Eztira diktadore makalak izango! Gizarte batean, beraz, erri-eritxia ta alkar-izketa dana galerazoten danean, begiak itxita autortu daiteke gizarte ortako agintariak diktadoreak dirala.

Baiña, ezta ori bakarrik; ba-dago oindiño ori baiño txarrago: alkar-izketa bear dan moduan egiten ez jakitea. Orduan bai esan daikegula gizarte ori zietz ustelduta dagoala! Erri bateko giza-semeak alkar-berbaketa bat egiten ez dakienean, orduan sortzen da ortxe anarkia itzelgarriena. Burura yatorkon guztia esateko eskubidea daukola uste izan oi dau bakotxak, eta burugabekeri ta umekeri negargarriak baiño eztira entzuten eta irakurten edonun. Nasta-borraste ortan eztago egia lortzerik, ezta ezelan-be! Orduan, egia argitu bearrean, alkar-berbaketak dana itzelduten dau. Beraz, benetako alkar-izketa eukiteko, gauza bi bear dira lenengo: bata, buru argi ta biotz zintzo gizon-emakumeetan, eta, bigarrena, neurri bat norbere eritxietan.

Zeiñek ipiñiko dau neurri ori? Estaduak, ez. Estadua ezta iñor esateko zer dan egia ta zer eztan. Neurri ori aldatzen ez dan Egian idoro bear da, au da, giza-legean eta Jaungoikoaren berbatan. Eta auxe da Estaduaren arazoa: egi ori zabaldu ta ezagutu eragin, gizon-emakume bakotxak jakin daian zer esan eta zelan pentsa. Ezta ezertxo-be irebazten gizasemeak ixillik egoten beartuta! Baiña bakotxak be alegin zintzoak egin bear ditu egia lortzeko ta egi orren araberean beti jokatuteko.