ANAITASUNA
IRAILLA-URRIA (9-10)
X URTEA N.º 117
Dep. Legal S. S. 1092-1959
Denpora asko ez dala, Agostuaren 6-an, Paulo VI-garren Aita Santuak enziklika barri bat eskeiñi suskun. Bere lenengo enziklika da. Izena, dakizunez: "Ecclesiam suam". Euskeraz: "Bere Eleiza".
Oingorako ba-dakizu ori, ta beste asko be bai. Baiña nik emen, orain, komentario edo antzekoren bat egingo deutsuet. Seguruen, zuen artean egongo dira, astirik ez daukelako-edo, ezin leidu izan dabenak-eta. Ez dot, bidezko danez, beste munduko gauzarik esango. Mundu ontako gauzak izango dira noski, ta txarto esanak, gaiñera, gizonaren gauza asko ta asko lez. Baiña dana dala, puntu inportanteenetariko batzuk aztertuko deutsuetaz.
***
Enziklika barria
Enziklika au agertu zanekoxe, itaundu neutsan lagun bateri:
— Ta, zer diño enziklika barriak, ba? Zeren gaiñean idazten dau-edo?
Eta esan eustan, erantzunaz:
— Ba, ez pentseu, ez dakar beste munduko gauzarik. Eleiza kontuak ei diez. Ez da bape interesantea.
Ez dala bape interesgarria! Ori be esan egin bear! Jakiña, bistan dago. Guk gurago geunke "Mater et Magistra" edo "Pacem in Terris" lakoak balira guztiak. Arek zarata be ataraten dabe-ta... Jaleo sortzeko be aproposak dira, gaiñera, arek. Eta guk gazteok beintzat— jaleoa gura dogu, pakeagaz kantseta ta gogaituta be ba-gagoz-eta. Bai ba, sasi-pakea dalako gurea, guzurrezkoa.
Ikustea baiño ez dago. ANAITASUNAN-n berton be agertu genduzan "Pacem in Terris" sortu zanean Estaduetako nagusiek argitaratu ebezen iritxiak. Enziklika oneri buruz ez da olakorik esango. Ba-dakigu. Baiña ez pentseu orregaitik balio gitxiago daukonik. Bai zera! Zarata gitxiago, ori bai. Beste erakoa dalako, diferentea, orrexegaitik, nik uste. Baiña, egia aitortu, ederto jatorku enziklika au egunotan, Konzilio egunotan.
A, ta gaiñera beste gauza bat be gogoan artu zeinkee. Aita Santuak berak diño enziklikaren asieran, ta geroxeago be bai. Enziklika au karta bat izan gura dala, ez daukola ezer apartekorik esateko asmorik oraingo ontan. Famili ta anai arteko karta bat dala, besterik barik.
Eta onekin noan orain enziklikaren arira.
Iru zatitan bereizten dau Aita Santuak bere lenengo Enziklika au. Onetara:
LENENGOA: KONZIENTZIA.
BIGARRENA: BARRIZTEA.
IRUGARRENA: ALKAR-BERBAKETA.
Iru atal onek argi ta garbi agiri dira enziklikan.
Lenengoa: konzientzia
Eleizak sarri ta edonun, ta gaur iñoiz baiño geiago, bere barrura begiratu bear dau. Bere arima ikusi ta azterkatu.
Egi-tesoroa berak dauko, berak artu dau Jesukristoren erentzia. Guztiok dakigu berau dala munduaren argi ta indarra. Orregaitik, beste ezer baiño lenago ori ikusi bear dau: ia Jainkoak bere gain daukozan asmoak, planak, beteten dauazan. Argi ta indar barriak lortuteko.
Eleiza Gizatasunaren zati da. Soziedadean bizi da, gizarte diferentea izan arren. Derriorrez euki bear ditu ikututze ta artu-emonak gizonekaz, gizarteagaz. Eta ez leikio txarto etorriko orain momentu baten bere barrura begiak itzuliko baleuz. Ta itaun batzuk egin: gure artu-emonak, mundu ta Eleiza artekoak, ondo doaz? Bear diran beste estuak ta garbiak ba ete dira? Aal dotana egiten ete dot gero? Jainkoak eskatuten deutsan guztia beteten dot munduan?
Konzientzi-artze onen bearra dauko Eleizak, gaur. Bizi dala sentidu bear dau Eleizak, bai, ba-dala bizi.
Bigarren zatia: Barriztea
Lenengo partean, zelan gagozan, zer egiten dogun ta zer egin bear genduken, ta Jainkoaren asmoak gure gain, ikusi bear lirakela esan dogu. An, ikusi. Emen, ikasi. Lenengo partean, jakin. Orain, bigarrenean, aldatu, kanbiatu.
Len be iñoiz esan dogu ezin daikegula geldirik egon, lotan geratu, munduaren kanbioen aurrean. Munduagaz batera aurrera egin bear dau Eleizak. Zergaitik? Erantzuna erreza, errezik badago. Gizatasunaren parte dalako.
Munduaren kanbioa pauso bat aurrera da, oberantza joatea. Ta ori total kristiñaua da, beti esan danez. Eta guk be, or, aldaketa orren barruan gagozanez, gauza askotan erreformatu egin bearko dogu. Erreforma derriorrezkoa dau Eleizak, ainbeste gauzetan. Konzilioak esango deusku ze gauzak doazen txarto ta zeintzuk ondo. Berba baten: Erreforma-kriterioak, iritxiak, ori Konzilioaren kontura izteko diñosku Aita Santuak. Ori bai, bera "erreforma"-ren alde dagoala.
Eleizak errealidadera urreratu bear dau. Zertarako? Obeagotuteko, bizibarrituteko, garbitzeko, santututeko. Jainkoak Eleizaren kontura itxi dau errealidadea-ta. Errealidadera urreratze ontan gaurkotasunari be inportantzi asko emon bear deutso, bidezko danez. Gaur zelan pentsatzen dan, zelan obratzen dan gaur. Ori dala-ta, lengo bizi-molde ta pentsamolde asko, soziedadeak itxi dauazen lez, berak be itxi egin bearko dauz sarri. Eginbear lez daukola ori, zer esan bearrik ez. Baiña arretaz zaindu bear dau bere burua, ez daien larregi sartu, ez daitean "munduak" iruntzi. Txarra, guzurra ta okerra beti baidira arriskuak.
Len be esan dogu Eleiza Gizatasunaren zati bat dala. Gizatasunaren barruan bizi dala. Gizartean bertan. Eta ori dala-ta, gizarteak darabiltzan joan-etorriak, atzera-aurrerakadak, eta aldaketak, orrek danak Eleizak be bizi dauz. Kondaira osoan. Eta, gaiñera, askotan, esitorako laguntza baliotsua eskeiñiaz.
Gizatasuna, dakigunez, iñoiz baiño kanbio andiagoak emoten ari da gaur. Bizitza-azaletik bakarrik ez-baiño pentsakeran bertan be bai. Bere pentsamentuan, kulturan, espirituan, danean. Aldaketa onek, itxasoko olituen antzera, sakaka egiten deutsela Eleizari, diño Aita Santuak. Ba-dakigu onetariko bizi-forma asko, pentsa-forma asko ez direla oraindiño asentatu. Ta asentatuko diran jakin be ezin daikegu. Arrisku baten gagoz, ba, diño Aita Santuak enziklikan. Arrisku baten, bai. Askok gura dabelako onetariko edozein forma barri onartu, Eleizako lengo forma ta erak zartzat joaz beti. Len be Modernismuarekin olako bardiña jazo ei zan. Kontuz, ba!
Bigarrengo zati onen azken aldean, beste pentsamentu bat be argi damosku Paulo VI-garrenak.
Bataioari bear jakon inportantzia emotea. Oraiñarte alde batera itxita euki dogu, gizaldiak direla. Baiña ordua da konturatuteko Bataioaren bitartez egiten garala Gorputz Mistikoaren zati. Bataioaren bitartez egiten gara guztiok anai. Bataioaren bitartez gara Eleiza. Eleizaren sentidu onuragarri au gureganatu daigula!
Ba-dakigu Eleizak ainbeste ta ainbeste gauza ezin dabezela kanbiatu. Ezin dauz, ezetara be. Eleizak ez dau iñoiz aldatuko bere pentsakera esentziala. Ta ez dauz iñoiz aldatuko bere egitura edo estruktura esentzialak. Gaiñera, ez dau or arkituko bere gaztetasuna. Espirituaren Kristo-ri obeditzeko posturan, ortxe arkitu leike Eleizak bere benetako gaztetasuna.
Eleizaren "gaztetasun" ontan, barrizte ontan, Eleizaren erreforma ontan, beste gauza bat kontuan euki bear geunke, geure onerako. Pobretasuna, diñosku enziklikak. Ebanjelioan klaru agertzen jaku pobretasun-espiritua. Ta ainbeste gauzatarako be, apostoladurako-ta, zein bearrezkoa dogun!... Ezin izango dogu danok beti pobretasuna gorde, baiña bai beintzat espiritua. Ori beti ta edonun. Konzilioak emongo deuskuz orreri buruz printzipio zuzentzailleak.
Irugarren zatia: Alkar-berbaketa
Modan dagon berba bat, ain zuzen.
Sarri entzun dogu Eleiza ta "mundua" batabestearen aurrean ipiñita. "Munduak" (onetara, komilla artean eskribiduta) illuntasuna esan gura dau, Jainkoaren kontrakoa. Ebanjelioak berak damosku distinziño au. Mundua bere indar bakarrekin ezin leiteke salbatu. Eleizaren bearrizana dauka, derriorrez. Eleizak mundua ba-dau maite. Medikuak gaixo lez. Ta salbatzera doa. Orretarako, ba, urreratu egin bear jako, gaixoaren oe-ondoraiño joan. Ta alkar-berbaketa asi. Orixe. "Mundua ezin daiteke kanpotik salbatu".
Alkar-berbaketa bear, da, ba. Ez dago dudarik denpora dala asi zala Eleiza bier ortan. Leon XIII-garrenaren "Rerum Novarum" ez da, ba, munduarekiko dialogo bat? Eta ordutik ona ortan diardu Eleiza Amak. Pio XI, Pio XII, ta batez be Joan XXIII-garrena gogoratzea besterik ez, baietza emoteko.
Es-ke- izan be, erlijiñoa alkar-berbaketa da berez. Eta derriorrez. Jainkoak alan gura-ta. Erlijiñoa, Jainkoa ta gizonaren arteko artuemona da izatez. Otoitzaren bitartez egin oi da artuemon ori emen lurrean. Jainkoak ala gureta dala esan dogu. Ta bai. Jainkoak berak artu euskun aurrea alkar-berbaketan. Jainkoaren gizon egite zer da ba dialogoa ezpada? Alan gertatu zan: Jainkoarekin artuemonak, dialogoa, apurtuta egozan, pekatuaren erruz. Ta artuemon ori barriztutearren, gugaz i-ka berbetan asi aal eian, gu lakoa egin zan, bardin-bardiña. Salbaziño-dialogo au ez jagoku guri kristiñauori bakarrik ez; guztiontzako da: Jesukristo-k esan baieban gaixoak osatutera etorri zala ona. Ez dago iñor —ezin egon— Eleizaren biotzatik kanpo. Jainko-bakoak ez, komunistak be ez. Borondate onekoak badira beintzat. Guztiok dagoz Eleizaren arduratasunaren barruan, oso barruan, gaiñera.
Eta Eleizak —askotan esana da— orrengana joan egin bear dau. San Paulo-k ba-diño: "Guztiekin bat egin naz, danak salbatzearren". Ori egia da, ta ola izan bear da. Baiña dana dala, ementxe berton dogu arrisku bat. Auxe: Bestearekin bat egitearren, beste orrenganaiño joatearren, egiari, —egia osoari—, tradiziñoa egitea. Gure alkar-berbaketa ez da izan bear "egia biguntze" bat. Emen ezin daiteke, iñoiz be, egon benetako konpromisorik. Gizon guztiekin alkar-berbaketa bai, baiño ez daiela gure printzipioek zirkiñik egin.
Ama bat beti da maitagarria: maite gaitulako.
Ez gaitu sekuta aztuten. Ez deusku iñoiz bakarrik izten arriskuaren aurrean.
Bera jatorku burutik agora ia geuk gura barik.
Ume denporan, bearrezkoa dogu ama. Gero, be bai, kasik.
Gizonak, ume, gazte naiz zar, amaren bearra dau ta une ta momentu guztietan eta batez be aundienetan beragaz akordako da.
Amarena da betikoa izatea semearen barnean.
Amaren izenak eztakarkigu bildurrik. Ona da. Biguna guretzat. Zelan ba emongo deusku bildurrik!
Ta Arantzazuko Birjiña, batez be, AMA dogu. Ta AMA lez daki jokatuten. Bere semeak gara ta biotzean daroasku. Geugaz negar ta geugaz barre. Tristetu ta poztu.
Bedeinkatua andre guztien artean. Zeruak baiño gorago zure edertasuna
Jaungoikoak egin deusku andre au, beste guztiek baiño zoragarriagoa.
Andre oneri eskerrak lur onetako naigabeen pisua daroagunok itxaropen bat badaukogu. Tristetasunak ez gaitu artuko azpian Andra au onduan dogularik.
Jaungoikoak gizoneri bere maitasuna erakutsi naiean sortu eban Andre Maria. Ama baten maitasunagaz maite gaituala esateko, kontuixu.
Esaten da ze, Jaungoikoa kontu gogorreko Jaubea dala ta Ama Birjiña, barriz, biotzbera ta errukiorra. Baiño, Jaungoikoak, Andre Mariaren bidez, agertzen deusku bere errukiortasuna ta ama baten biguntasuna. Orregatik dago Ama Birjiña gauza guztien gaiñetik edertuta, Jaungoikoaren papela egin bear daualako gizona maitatzean.
Gauza eder asko dakusguz mundu onetan, Goikoaren indarrez datozenak eta baita gizonak aren laguntzagaz sortu dabezanak. Gaur egunean zertzuk eztira ikusten ba? Ola ta guztiz be, gure AMA au, danen gaiñetik dago, beste edertasun eta mirari guztiek bere oiñetara be eztatozela.
Esango dogu salmugilleagaz: "Zure izena, Andre Maria, zein ederra dan zeru-lur zabal zabaletan!"
Oi Andre zoriontsua, izarrak baiño ederragoa! Eztau zure antzekorik gaur, eta zurelakorik ezta sortuko sekula sekuletan.
Ama baten betiko guraria. Semeak maite egizue alkar
Jaungoikoak, mundua eginkeran, ipiñi ebazan bertan, gure ta danon emengo beartasunak beteteko bear ziran guzti-guztiak, olan beteko bai ziran gizonaren barrutiko eginbearrak, izpirituarenak, kontuixu.
Ondasun onek banatzeko ta gizon guztienganatuteko gizona bera jarri eban Jainkoak. Eginkizun au beteteko, Jainkoak emon euskun lege bat Sinai mendian: "ZUK ZEURE BURUA LEZ, MAITATUKO DOZU ZURE ANAIA".
Baiño, bai ba, gizonak gizonarena egin eban: aztu. Ta, lege au barriro biztu ebana Kristo izan zan: "MUNDUAN, GURE EGINKIZUN BAKARRA, GURE ANAIA MAITATUTEA DA".
Baiño —zer dan buru makurdunak izatea— bein da barriro be AZTU.
Azkenean, Andre Ama Mariak, bere semeen ondasuna billatu naita bere guraria erakutsi deusku or-emen: "ENE SEMEAK, MAITE EGIZUE ALKAR".
Itaunduko neuke orain, ez ete dogu bein da barriro aztu LEGE AUNDI AU? Maite ete dot neure anaia? Ebanjelioan agertzen dan gazte aregaz badiñotsagu geure amari: "Neure ume denporatik egiten dot ori", orduan, Jesus-en erantzuna be kontuan artu ta gorde bear: "Osoa izan nai badozu —nire maitasun legea oso-osoan gorde gura badozu— saldu dozun guztia ta emon beartsu diren anaieri".
Ona emen AMA-ren biotza odola dariola jartzen daben arantzak: anai arteko burrukak, anai arteko desberdintasunak, anai arteko lagundu ezak.
"Munduko ondasunak euki ta bearrean dagon anaieri lagunduten ezteutsonagan, zelan egon leike Jaunaren eta Amaren maitasuna?
Arantzazuko Ama. Ezagutzen dauz bere semeak
Egia da. Amak ba-daki semearen barri.
Ta Arantzazuko Amaren amatasuna emendik sortzen da batez be: bere euskalerriko semeenganako dauan ardureagatik.
Arantzazuko kanta zar batek diñonez:
"Iturriak ba-daki kañaberia nun dagoen, eta ez gitxiago Andre Mariak gaixoek nun diren". Eta etxerik etxe ibilten ei zan, ia gau ta egun, egaz, gaixoak sendatuten.
Amaren amatasuna, bere semeen gaixotasunean ikusten da, ta Euskalerriak olatsu ikusten dau bere AMA Arantzazukoa. Igetargia lez ixil, artez eta bigun urreratuten da gaixo dagonangana, oial bategaz izerdi otza kendu ta pa emonaz osatuteko.
Ba-dakiz gure Amak bere seme euskaldunen barri ta euren kezka ta nai dan-danak bere ardurapean daukoz.
Urreratu gaitezan, siñiskor, AMA onengana ta esan daiogun:
ZUREAK GARA, GUREA ZARA
ZUREAK GU, GUREA ZU.
Pobretasuna gora! Pobretasuna bera!
Joan XXIII-gr. Aita Santuaren iritxiz, Vaticano II Konzilioaren joera kristiñau ta borondate oneko gizonen anean benetako barritasuna lortutea da; ta barritasun onen atat bat pobretasuna da, ziur.
Gaur —Konzilioaren egunetan— abots bat altxatu ta zabaldu da munduan zear, bai bekoen ta bai goikoen artean be: gure kalko ta Eleizako gizonak, naiz izan pobreak, naiz aberatsak, pobretasunaren sentidua billatu deiela!
"Antxiñan —idatzi dau Mons. Ancel-ek— Jainkoaren aunditasuna mundu ontako aberastasunean adierazten zan bear bada. Gaur, barriz, erak aldatu dira. Pobretasuna billatuten da Jaungoikoaren aunditasun ta ontasuna bear danean".
Ta Konzilioan euki dau zer-ikusi bat pobretasunaren problema onek. Gaurtik aurrera Eleizak benetako pobretasuna zelan bizi leitekean erakutsi gura deutso munduari. Eta ain zuzen, lenengo ejemploa, Aita Santu Joan XXIII-gnak. emon eban eriotz-zorian: "Pobre jaio, ta famili on ta umil batetik, aparteko poztasuna sentiduten dot pobre iltearren".
Eta ez da gitxi gaurkotik be Konzilioak lortu dauana. Beintzat lenengo pausoak emon doguz, pobretasunaren beartasuna ernetzen asi baida gaurko munduan. Egunerokoetan, ugari entzun doguz Obispoen deadar zintzoak, problema oneri erantzun pozgarri bat emon naian lenbailen. Ta ez deadarrak bakarrik, baita egiteak be. Bear bada eztira izango oraindik bera diran lakoak; baiña beintzat bidea ondo jaso ta agirita dago!
Egia esan, pobretasunak eztaukoz beti ta leku guztietan neurri bardiñak. Ziñez jokatu gura badogu, ezin dogu gaurko pobretasuna —esate baterako— joandako gizaldekoagaz bardindu. Beste orrenbeste esan leiteke aberri diferenteko pobretasunaren gain. Baiña edonon ta beti izango da bearrezkoa pobretasuna benetako kristiñautasuna bizitzeko. Beraz, pobretasuna danok bizi bear dogun zeozer da, Eleiza danok egiten dogu-ta. Askok pentsaten dabe praileak eta abadeak bakarrik dirala arlo ortan sartuta dagozanak. Ta ez. Bear bada onek izango dira lenengo ta sakonen bizi bear dabenak: baiña, egitez, danok gagoz obligaziño ortan erazota, Ebanjelioa danontzako egiñekoa baida.
Pobretasuna lortutea ez da izan ain xinplea —esan dau Jean Guitton-ek— askotan guzurrezkoa edo itxurazkoa izatea be baleiteke-ta. Ta egia da izan. Pobretasunak praktikan estu-aldi ta difikultade asko dakarz. Ezta, ez, aiñ erreza, bizi moldeak berriztutea. Urte askotan erne ta sortu diran estrukturak zelan aldatu momentu batean?
Orain besteak esandako gogaia jatort burura; izan gaitezen zu ta ni pobreak, aberats bi gitxiago izango dira-ta!
Gure maitasunak egoismoa sustraian?
Jakintsuak diñoenez geure egunotako perbersiño moralaren sustraiak geienetan maitasun gauzetan izandako frakasoetan topau bear dira. Ta euren artean zera preguntetan ei dabe gizonak alkar maitatzen ba ete dakien ala egoismoaren indarra gogorragoa ta sakonagoa izango ete dan.
Izan be persona bat maitatzea ezta bere ondoan gagozanean sentiduten dogun gozoa sentidutea. Olako gustoa emoten deuskun persona maitatzea erresagoa izango jaku, baiña peligro bat dauka, lagun ori maite dogulakoan egon eta bere ona barik geure buruaren gozoa topetea, ta orduan maitasuna barik egoismoa da. Ta ara zetako diferentzia bataren eta bestearen artean: batak bizitza emotera daroa, besteak barriz eriotza dakar. Egoismoak geure burua betetera joten dau beti, medioak onak guztiak balira oba, amodioak barriz geure burua aztutera garoaitu.
Mundua salbetako maitatzea zer dan ondo dakien gizon askoren premiña sorrotza daukagu, edo obeto, ez bakarrik jakin, batez be euren bizitza maitasuna dariola igaro daben andrazko ta gizonezkoak baiño.
Maitasun berbak
Gaur sarri "maitasuna", "maite zaitut", "nire biotz zatia" ta alako milla gauza eder ta soragarri esaten dira, bear bada iñoiz baiño geiago. Baiña berba orrek usetan dabezenetariko askok ba ete dakie gero maitasuna zer dan!
Maitasunak sakrifizioa daroa, maite dabenak bere maitearen alde edozer naiz ta gauza gatxa izan, egingo leuke. Ta zuk, gazte, zeure maitearen alde edozelako sakrifizioak egingo ete zeunkez? Ganera maitasuna ezta persona bategaz agortzen. Zuk maite dozula diñozun persona maite ta besteak aparte euki ezin leiteken gauza da. Orduan maitasun ori ezta benetako maitasuna, guzurrezkoa baiño. Maitasunak besteengandik eztau apartetan. Bakarrik bizi dan bat baten batek maitatzen ba dau orduan orrexen bitartez beste guztiekaz batu egiten da.
Gaztetxo naz, gaztegi zu maitatzeko
Gazte gaztetatik sarri alkarregaz neska mutillak idilio gozo batzuetan ikusten doguz. Alkar maite dabela ta bata bestea barik ezin bizi izango litzakezala ta esaten dabe, ain ederto ta gozoro sentiduten dira bata bestearen ondoan dagozanean!
Baiña noonor maite izateko maitatzen jakin bear da. Ta gure gazteok eztakit norengandik ain gatx dan gauza au ikasi al izan daben.
Maite izateko emoten jakin egin bear da, ta ez bakarrik jakin, emoteko derrigorrezkoa da emon bear dana eukitea. Gazteak, oraitio, emoten baiño artzen askotaz be obeto jakiten dabe, batez be gazteak gauza askoren premiña dauke ta. Ta premiñ aundi orrek ondo bete artean beti euren barrua betetera joko dau.
Gazteak oraindiño besteentzat laguntza benetako izateko ez dira gauza, ba eurak dira laguntza bear dabenak. Gizon egitera doaz, eztira oraindiño benetako gizon akabauak. Euren gorputza ta adimena ta eztira euren perfeziñora eldu. Famili baten oin arri izan bear dabe, baiña eztauke oin arri bateri dagokion indarra ta seguridadea.
Maitatu zer dan benetan ikasteko, urte batzuk pasetan itxi bearko dabez. Ta ezta ain arritzeko gauza, ba edozer ikasi nai ba-dogu derrigor urte batzuetan ekin bearra izaten dogu. Ta maitatzen ondo ikastea ezta gauzarik erresenetarikoa.
Maitasuna berezko zeozerren bat dala dirudi, gazteak euren artean sentiduten daben zer orreri begiratu ezkero. Baiña gazteak sentiduten daben zer ori, euren gizontasun instintuaren biztuera ta nesketan emakumetasun ikusteak sortuten daben inpresiño bat baiño ezta. Ta inpresiño orreek apurka-apurka domiñau ta frenau ta edukau egin bear dira; gizona zuzen eta bear dan moduan formau dadin. Bestela geure instinto ta inpresiñoeri kasu egingo bageunskio laster geure gizontasuna bera be galduko geunke.
San Frantziskok. Gaurko munduari
Jainkoak, munduaren beartasuneeri begiratuz, santutasun andiko gizon asko erneten dituz gizaldi guztietan. Beraz, santu bakoitzak bere betebear apartekoa dauke, Jainkoak jarri dautson toki eta une aretan. Baño, ala ta guztiz be, santu guztien mensaje edo barri-onak betikotasuna daroie zustrai edo erraietan sartuta: Egiaren betikotasuna.
Zein dogu, ba, S. Frantziskoren mensaje aparteko ori gaurko mundu onentzako? Zatoz ta ikusi!...
Goiko Jaun on eta altsu,
Zureak dire ohore ta gloria,
Alabantza ta onespen guztia,
Zuri bakarrik jagotzu.
Ta gizona ez da nor
Zure izena aitatuteko.
Zuri alabantza, Jauna, izakiakaz,
Batez be egun eta argia dakarren
Anai eguzkiagaz
Berau da polita, dirdaritsua,
ta Zure aurpegi izpia.
Ona ze polliki jarri dituzan S. Frantziskok Jainkoaren eta gizonaren neurri eta mugak... Obeto eziñean jarri be! Jainkoa ona ta altsua, gizona txiki ta ezereza. Gaur ainbeste gizonek ikasi bear dogun leziño apartekoa: txiki izatea. Zein eta gaurko gizoneek bonba atomikoa, telebisiñoa ta igetargi bideak jarraitu, alan be gizona iñurri kaskarra Jainkoaren ondoan. Ederto asko kantetan deusku S. Frantziskok Jainkoaren anditasun ori, esanaz:
"Zureak dire alabantza ta gloria,
Ohore ta onespen guztia,
Zuri bakarrik jagotzu".
Gaurko mende onetan aurrerapen miragarriak argitaratu dira... Mundua zibilizaziño tanda batetik bestera doa eboluziñoaren egoetan. Ezta bardiña gaurko biziera mende azierako bizitzakin be. Ta noski, barrizte edo errenobaziño au Eleiza Ama Santan be sortu jaku seguru. Ez leiteke beste erara izan be!... Zeaitik Eleiza mundu onetan sarturik arkituten da, ta bereak egiten ditu gaurko mundu onen itxaropen, desio, naigabe ta samiñak.
Zer gertatzen jaku ba? Nik esango neuke gizonari, zein da pistola bat daukon umeari, gertaten jakola: umeak zertarako dan instrumentu ori eztaki. Berbera gaurko gizonek be! Aurrerapen eta zibilizioaren egin bearra eztakigu, ziur.
Ta une onetan S. Frantziskoren mensaje barri ta garbia:
"Zuri alabantza izakiakaz,
Batez be egun ta argi dakarren
Anai eguzkiagaz".
Zure semeak eztozuz nai galdu?
Zure semeak eztozuz nai galdu? Ba, lerro gitxi batzuetan ipiñiko deutsutaz kontzejutxo batzuk. Gogoan artu, gurasoak. Sarri askotan entzuten deutsuet kezka au: "Ezin naikez domiñatu nere semeak, ezta... ezta... alperrik da, deabruaren buztana baiño be txarragoak dira; onakorik orraiño..." Eta egia da. Semeak edukaten ezpadira zaldikumeakin jasoten dana pasa leike: salto eta iputika egin eta ezin geratu ezergaitik be.
Zure semeai ez erakutzi guzurrik esaten
Kaleko etxeetan pasaten da au sarritan: etxeko atea joten dau eskeko edo beste gizon nornor batek tan, tan, tan, eta etxekoandrea bere zeregiñetan dagoan lez, ezteutso kasorik egin nai eta diñotso bere alabatxoari: "Joan atarira eta esaiozu jaun orri enagoala etxean".
Gurasoak onela portatzen badira euren semeen aurrean, kontzekuentzi txarrak ekarri leikez.
Egun baten gauza ikaragarri bat pasa zan etxean: katillu bat apurtu! Eta pekataria iñundik be etzan arkitzen. Lau urteko umeak ezetz eta ezetz, etzala bera izan. Jakiña iñork ezeutson sinisten. "Egia esan —iñotson amak—: i izan az?" Neskatillak negar eta guztiz: "Ez, ni ez naz izan, ama". Baiña azkenean lortu zan jakitea neskatillatxoa zala pekatari. Baña alabatxoa laster defenditu zan: "Eta zuek be, ama, zergaitik esaten dozu ezagozala etxean kanpoko batek atea joten dabenean?"
Semeen asiera ta eziera krijadearen eskuetan ez itxi
Edozein etxera joatea besterik eztago aita karraxika entzuteko: "Baiña Xabiertxo, nork erakusten deutsuz olako berba zikin orreek? Nork?" Bistan dago, aita erriko gizon bibotedun bat da. Ama, barriz, "doña Juana", ikusgarrizko andra eder bat, beti "ai, Jauna, Jauna" diñoana; baita "jeseus... olako berbak gurasoengandik ikasi dituk? Esan eik..." Guraso maite onek ezin dabe arkitu bere semearen txartasunaren sustraia. Eurak berak dira sustrai. Bistan dago, ezin dabe itxi "la romería en el jardín de Pepe" eta illunabarrean artu automobilla eta an doaz. Seme a zaindu daila krijadeak. Oillarrak kukurrukuka asi baiño lentxoago etxeratuko dira. Baiña semea ezta tontoa: krijadeari txiste berdeak esaten atrapa deutso eta buruan ondo gorde dauz.
Ara emen semearen berba zikin eta jokabide txarren sustraia.
Ez emon nai daben guztia
Kontumartiko Maritxu aguanta-eziñeko neskatxo bat besterik ezta. Isabelen alaba pospoliña. Egitan: Maritxu... zer da Maritxu?: tuntuna, arroputza, alperra, guzur-ontzia, edozeiñen soloan igitaia sartzen duana ta mandamasa galanta. Amabost urte daukaz, baiña aren plantak eta temak ikusita larogei be badabezala esango neuke. Bai orraitio, Isabelek badauka biarra nun egin.
Eta Isabelek jakin bear dau berana dala errua, ze, Maritxu ume zalarik marruka asten zanean, dapa: azukretan goxo-goxo igurtzitako txupetea aora. Muñekoa apurtu, muñekoa barria ekarri. Beti nai ebana. Eta udan, gaiñera, aititaren etxera, Isabel arnasa artu egian. Eta aititak etziran gitxiago mimaketan.
Gaur, Maritxuk berak nai dabena egiten jarraituten dau.
Nork domiñau neskatilla au orain?
Pregunta bat Isabel: Etzara zu Maritxu onen iltzaille?
Laikoak Eleizako eginbearretan. Modaren bat!
Badago erbesteko izkuntzetan euskeraz ez darabilgun berba bat; erderaz "Laico" esaten dana. "Laico" berba au griego izkeratik dator eta "errikoa" esan gura dau.
Antxiñatik Eleizan iru klaseko personak izan dira: Klerigoak —subdiakonu, diakonu ta apaizgintza artuten dabezanak—, prailleak eta laikoak edo munduan bizi diranak. Klase irurak batean egiten dabe Eleiza. Eleiza ezta, bada, abade ta prailleen monopolioa, bataiatutako danen gizartea baiño. Ta beraz, Eleizan edo "Jaingoikoaren errian" —olan be deituten jako— laikoak derrigorrez euki bear dabe zer-egin aparteko bat. Gaurko egunetan geroago ta garrantzi geiago artuten dauan egia da zeraxe, batez be Aita Santu Pio XII-gr. "Mystici Corporis" enziklika agertu zanetik.
Baleiteke teologoen modo bat baiño besterik eztala baten batek pentsatea. Alan izan da be, Eleizako modak ez dira besteen lakoak, aizeak lez iges egiten dabenak. Eleizak beiñ zeozer bereganatu ezketiño, ez deutso itxiko iñoiz, ezin dau baztertu egia-ta.
Zeraxe gertatuten asi da prolema onegaz. Apurka-apurka Eleiza konturatu da laikoak egin bear asko daukazela bere bizitzaren aunditasunerako; ta aor azkengo Aita Santuak zelan altxatu daben euren berba argi ta sakona "erriko" danak Eleizan daukazen egin-bear onen konzientzia bizkortu ta indartu daien. Aita Santu Paulo VI-gnak. be ontaz berba egin dau. Batean olan diño: "Aldi onetan askok bere egin-bearrak eta beren bokazioa nabaitzen edo obeto konpreniduten asi dira. Eurak Eleizaren santutasun eta espirituaz mundu ontako arlo ta gora-bera danak manituteko deituak dira!"
Askoren ustez laikoak iru egin-bear daukoz Eleizako gizartean: aldare aurrean belaunikatu, pulpito ondoan jarri ta lantzian beiñ pratikerara eskua sartu.
Egia esan, alde batetik laikoen egoera ezta aldatu ta ezta aldatuko be ezer. Laikoak beti egon dira aldare aurrean belaunikatuta, beti pulpito ondoan jexarrita, beti eskua pratikerara sartu bearrean. Alan da guztiz be, —ta auxe da askotan azertuten dana— bataioaren bitartez, beti izan dira Eleizaren benetako atal bizi-biziak, euren eskubide ta obligaziñoakaz.
Batez be igaro dan gizaldetik asita geroago ta argiago ikusten gatoz laikoen egin-bearrak. Ordutik onantza, pauso asko emon dira, ta aurrerakoan laikoak parte geiago artuko dabe Eleizaren lanetan. Baiña, zergaitik —itaundu leikit baten batek— laikoak parte artu bear dabe Eleizako arazoetan praille-abadeak dagozan bitartean? Ara emen Yves. M. J. Kongar Vatikano II-gar. konzilioko teologorik ospetsuenak zer diñon onen gaiñ: "Gauz asko dira Eleizan laikoak bakarrik egin daikezanak, era batean Eleiza ta mundukoak diralako. Praille ta abadeak ezin dira sartu orrelako arloetan Eleizakoak bakarrik izan bear dabelako. Orra nondik laikoen mixioa bearrezko egiten dan Eleizaren bizitzarako."