ANAITASUNA

BAGILLA (6) 1965 — XI URTEA — Núm. 125

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zenbaki Onetan

1. SEMEA JAKIN-MIÑEZ DOZU

2. BERBALDITXO BAT AITA BILLASANTEKIN

3. IRU ESTUDIANTE (ipuiña)

4. ALMIKERI ERANTZUTEN


A. C.-koak Justiziaren alde

Gaur Españan "Accion Catolica"-ko mogimentuak (JOC, HOAC, ACO ta beste parezco andrazkoenak) bizimodu gatxa daroe. Eleiz barruti gitxitan Obispoek sartzen itxi dautsee; ta askok zailtasun asko agertzen deutsez eta sarri ezteutse konsiliariotzat abaderik epinten; beste Obispo batzuk, barriz, gogoz eta borondate guztiz laguntzen deutse ta onexeri eskerrak, gaur mogimentu au indar aundiagaz zabaldu jakula esan geinke.

Baiña ara amen gauza kurioso bat: Mons. Herrera Oria, danon artean "Obispo social" deituak be nekez bere Eleiz barrutian sartzea itxi eutsen mogimentuaren JOC esandako satiari; ta JOC ori bere Eleiz barrutian bizi bada, bare pastoraleko gogoaren kontra sartua da, ta oraindiño 1965'ko urte orretan eztau Malagan persona aundien mogimenturik sartzen itxi, esate baterako HOAC-ena.

Alan da be, Toledoko "Cardenal Primado" Mons. Pla y Daniel'ek, zarra izan arren be, parte guztietako kontratasun ta arerioengandik JOC eta HOAC beti zaindu dauz, ta kontratasun orrek ba-dakigu zelan batez be gorien egon ziran sindikal eleziño ta obreruen estu aldietan.

Izan be, danok dakigun lez, JOC, ACO ta HOAC-tarrak azkenengo urte oneetan izan diran bierreko okerraldi geienetan eskua sartu dabe, gauzak konpondu egin be egin bear dira-ta, baiña euren ekin aldi orreek olako mogimentu guztien desapariziñoa nai izango daben personalidade ta patroi batzuen kontrea ta areriotasuna zirikatu dau.

Ta jakiña, mogimentu orren kontra salaketa asko ekarri dira: ofizialezko eztiran sindikatoen moduan ekin dabela; mundu ontako zeregiñetan sartu dirala, euren ataleko ekin bearra izan ez arren; politika gauzetan sartzen dirala (edozer gauza konpontzen dabillanari gaurko egunotan politika egiten dabillela arpegira botaten jako, arrazoiagaz edo arrazoirik barik); oposiziñoaren sortalekuak dirala; "KOMUNISTEK MOGIDUTA" dabizela (gaur personaren deretxoak defenditutea komunisten alde ekitea ei da-ta!!!) edo komunisteri asko laguntzen deutsela ta abar...

Cadiz eta Ceuta'ko Obispo jaun Añoveros'ek salaketa orreen guzurkeria agertzearren, ("Ya" eta "Ecclesia" periodikoek argitaratu ebezen), deklaraziño batzuek egin ebazan, eta bere indar guztiagaz mogimentu orreek defendidu:

"Nik, Jocista ta HOAC-tarren mogimentuaren eta Jaungoikoaren aurrean dotan arazo augaitik erantzun bearra daukat; orrexegaitik mundu guztiaren aurrean eurek egiten daben bier on guztiak arrituta naukala esan bearra daukat eta biotzaren barruko aparteko bedenkaziño bero bat eurentzat daukadala".

Ta gerotxuago: "Mogimentu orreitakoak liburu bat ezagutzen dabe: Ebangelioa. Birtute baten ondoren doaz: ta Karidadea da. Kristiñauak lez gauza baten premiña sentiduten dabe, justiziarena ordea. Erregla baten menpean euren buruak lotuten dabez: Abnegaziñoarenean. Euren indar eta kemenaren iturria ba-dakie non dagoan: Jesukristorengan. Egoera bat indar guztiekin zaintzen dabe: Zintzotasuna. Ideal bat biotz-biotzez maite dabe: euren anai diran beste biergin guztiak benetako kristiñau biurtzea. Egi bat zabaltzen dabe: euretariko bakoitzaren argaltasunak".

Mons. Añoveros'ek badirausku baita zer itxaroten daben JOC eta HOAC'ekoak patroi guztiengandik: "Alkar-berbeta egi-egizko ta zintzo baterako zabalik egon daizala, alkarte bera bat osatuko balebe lez; empresak kristiñau eran aurrera jo daiala, batez be "Mater et Magistra" enziklikeak adierazten dabezan, eta Ebanjelioak agintzen deuskuzan anaitasun eta maitasunean ibilliaz".

"Ta patroiek "Accion Catolica"-ren apostoladua euren benetako kristiñau bizitzarekin lagundu dagiela, larregikerizko aberastasunak dakarren zarata ta eskandaloa aldebateratuaz, gizonen arteko justiziaren alde beti ekiñaz, empresa osoa famili aundi baten moduan eratu, guztiak bierrean lagundu dagien, famili baten danak aurrean diran jo-mugak lortzearren ekiten daben moduan aleginduko dira orduan-ta bakoitzak irabazte ta erresponsabilidadeetan besteen moduko parte bardiña artuaz. Ta "paternalismo" antzeko ondasun edo karidade faltsoko joerak aldebateratu daitezela, sarri olako joera orrek justiziaren obligaziñoen kontrako eginkizunak tapetako baiño eztirala izaten-da".

Ta gero, Mons. Añoveros'ek itaune au egiten dau: "Sindikal entidadeengandik zer itxaropen dabe mogimentu oneetarikoak?" Ta berak erantzun be: "Benetako errepresentabilidade bat, sindikato ori osotuten daben guztien artean egizko konfiantza izan dagian. Onetariko organizaziñoetako buru ta erresponsableak biergiñak eurak edo euren egizko errepresentanteak izan daizala. Konprensiñoa da HOAC eta JOC-eren benetako posiziñoa biergin edo obreruen artean. Obreru edo biergin diranak, sindikato edo kopradi eztiran asoziziño batzuetan sartuta dagoz. Ideal bat darabille euren biotzetan: al dabena egin Ebanjelioa benetan bere arpegiz bizitzen: zintzotasuna Jaungoikoaren aurrean eta egiteetara daroan lagun urkoaren maitasuna".

Ta azkenez, beste itaune au: "Ta autoridadeengandik zer itxaroten dabe?" ta erantzun: "Ba, guztien onaren alde aldabena, beste jokera bardiña daroen guztiekaz batera, egiten dabizan batzuen moduan, artzeko eta ez partidu politiko baten parte formatuko balebe lez, beintzat organizaziño moduan".

Era onetan, Mons. Añoveros'en berbeak biergin militante orreen ekintzaren balio ta Ebanjeliotar sua begi aurrean epinten deuskuez, ta batera, betik gora asten diran iniziatibak konprendidu ezin dabezan personeri esanaz bakarrik goitik bera eztirala gauz on eta aundi gustiak sortuten, baiño baita betik gora be, ta sarri munduko edo gizaldi bateko prolema guztiak konpontzeko modukoak.

Alfonso Comin'en artikulo batetik.


Zuek eta gu

Gure arpidedunetatik

Gure arpidedun batek eskutitz bat egin deusku beren pozak eta kezkak bertan jarriaz. Ondarruko semea bera izan be. Ikusten danez mutil jatorra da. Ona emen zer diñoskun:

 "Anaitasunaren zuzendari zareenoi:

Lengo illeko numeroan ikusi neban zuen naia. Neuk be "Anaitasuna" errebista ortan parte artzia nai dot zuek orrela gura dozue-ta. Jun dan aspaldi ontan errebista onen arpidedun naz. Illero illero pozik artzen dot errebista ori. Goitik beeraño irakurten dot irakurri be.

Arpidedunen eritzia nai dozuen lez ona emen neuria be. Lenengo kezkatxu batzuk jarriko dotaz errebista ortako artikuluengain.

Askotan artikulu gogorregiak topaten dotaz. Esango neuke teoloji usaiñar daukazanak. Arantzazun egiten dan lez, prailleak egingo dabela uste dot eta orixegaitik sarritan praille usaiña be topaten deutsat. Baiña, egia esan, azkenengo numero oneitan asko obeagotzen asi zareela uste dot. Aurtengo Urtarrilletik orain arte —errebista aunditu dozuenik— artikuluak askoz errezagoak eta dotoragoak topaten dotaz. Ia orrela jarraitzen dozuen ba!

Nik konpreniten dot zuek prailleok daukazuena emon bear dozuela, ba iñok eztau emoten eztaukanik. Baiña, ze demontre! eztozue zuek erakurten teoloji edo jaungoikozko gauzak besterik ala? (Parkatu!, eztira danak jaungoikozkoak eta kontsejuzkoak). Esan nai dotana: erriko problemak ikusi nai doguz errebista ortan. Ortarako nik uste dot erriko gizonak, prakadunak, ez litzakezala txarto etorriko artikulu orrein egille. Olan, errikoak, erriko gauzak esango leukez eta gustorago irakurriko geunke errebista au.

Artikuluak gaiñera, errezak izan bear dabez, au da: artikuluen gaia erreza izan bear dau, ez sakonegia, ez teolojikeri bat. Gai sakonak itxi beste errebisteetako.

"Anaitasunak" errikoa izan bear dau. Erriko problemak darabilzana. Eta erriko gaiak nork jakin edertoago erriko gizonak baiño? Nik neuk al badot idatziko dotaz artikulu batzuk. Ametitzen nozue? Nik erriko problemak ipiñiko dotaz eta erriko euskeraz gaiñera.

Bueno, eskutitz au luzeegira doala uste dot. Parkatu zeozer txarto esan badot. Zure arpidedun...

MIKEL

***

Bai, Mikel, maitea, ametitua zara gure, edo obeto esateko, zure errebista ontan idazteko. Nai dozuzan gai guztiak erabilli. Guk ezteutsugu aterik itxiko. Errazoi asko daukazu zure eskutitz ortan. Alegiñak egingo doguz ba, zuk eta nik eta beste arpidedun guztiak errebista au obeagotuten.

Eta zuek, gaiñerako arpidedunok, ba-daukazue ezer esateko? Begiratu zer egin daben gure Mikel mutil jatorrak: idatzi. Bai, idatzi, idatzi zuek be. Ondo ametituak izango zarie, bai orixe! Errebista onek erriko usain piskat nai dau eroan Mikel-ek diñonez. Ia ba, artu zuek be parte errebista ontan.


Berbalditxo bat Aita Villasante-gaz

Lengo batean berbalditxo bat izan neban Aita Luis Villasante-gaz, ta artu-emon arexen ondoreak gure aldizkaritxorako ondo baiño obeto etorriko ziralakoan-ta, idazteko gogoa artu neban. Gogo auxe bete nairik, logurea piska bat astinduten dotan bitartean, idaz-lantxo bat atonduten asi naz.

Lenengo gure Aita Luis Villasante nor dogun esan gura neuke, oingoz zuetariko askotxok ondo baiño obeto ezagutuko dozue baiña... Frantziskotarra, ta zintzoa izan be, ainbat denporan Arantzazu-ko Teologoen ikaslaria izan da, ta oraintxe bertan be arlo orretan jarraituten dau. Jaiotzez Gernikakoa bera.

Udabarriko usai goxua pasioan artuten dogun bitartean asi gara jardunean ta nik gure aldizkari ANAITASUNA-ren goraberatzaz zerbait itaunduten asi nintxakon:

— Ze, Aita Viltasante, zer deritxozu gure ANAITASUNA aldizkariari?

— Nik, beste arazo asko ditudanez, gauza andirik ez dot irakurten, baiño ikusten dotana gustaten jat beiñipein.

— Or erabilli doguzan gaiak ondo ikusten dozuz?

— Zuek errebistatxo orretan ezarten dituzuen gaiak interesgarriak dira ziur ziur be. Baiño zerbaiteren faltea daukee nire ustean: "Errikotasunarena". Errikotasun ori bear bearrezkoa dozue errikoak leidutea nai-badozue. Ortarako, bada, gai sakon ta mamintsuak ez ezik baita beste gai leun ta errexagoak be erabilli bear dozuez, arpidedunak gusto-gustora artu daien.

(Puntu onetan ni ta Aita Villasante gogo bardiñekoak garean ezkero eztogu eztabaidatarako gogorik izan, ta ostera be itaune batzuk luzatu deutsadaz...)

— Aita Villasante, sarritan orritxo orretan darabilgun euskerea dala-ta kexka batzuek elduten jakuz... Ze euskera erabilli bear dogu, banatutakoa ala Bizkaiko utsa?

— Ezta erreza itaune orreri erantzuna emotia, baiño neure iritxia emongo dautsuet zearo. .. Bizkaiko orritxoa danezkero, bizkaierea utsean jardutea obeto, bizkaitarrak arrera obia egin deioen. Bizkaitar utsa, barriz, Bizkaiko dialektoaz deuz gitxi idazten danez, oso onuragarri izango da Bizkaiko esakerea zainduteko.

— Gure errebistatxoa osoagotu ta txukunagotuteko zelako gaiak edo temak sartuko leukez berorrek?

— Gaiak ba dira ainbat, eta oso politak... Esate baterako ikusten dira or-amen erriko kanta zarrak, agureen ipuiñak, antziñako erriko esakera ta abar... Gai oneek, sakon sakonak ez izan arren ba, beste erriko usaiñ apartekoa emongo leuskioe aldizkaritxo orreri.

— Beno, ta amaituteko, zerbaiten kezkea danok sentiduten dogunez, nik be gure, euskerea galduko ete jakunaren kezka ori dot barruan. Zuk, Aita Villasante, ze itxaropen dozu euskerearen etorkizunaz?

— Gatxa da esaten. Gagozen garai onetan illun ikusten dot gure euskera maitiaren etorkizun ori, ia erri askotako umiek euskeraz berbetan eztakie-ta. Baiña gauzak be aldatu leitekez ta gaur-biar egun onuragarriagoak be etorri leitekez...

— Ederto bete dozu, Aita Villasante, oraingo txandatxoa. Esker onez artuko dogu beti zure argia ta berba ain jakintsua, errebistatxoaren onerako izango da seguru be-ta. Eskerrik asko!

Lurgorri k


Semea jakin-miñez dozu

Gaur ezpada biar jakingo dau zure seme orrek nondik eta zelan etorri dan eta etortzen diran gizonezkoak. Zelan jakingo dau, edo ta zelan jakin dauan badakizu? Ba, jakin eizu zure betebearretariko bat dala onako au. Zuk, guraso zaren orrek egin daikezu ta egin bear dozu zure semeek bide eroso ta on batetik, ta ez kate erdian, giza-jaiotzaren barri jakin daian.

Ba ni medikuak, sendagilleak ekarri ninduan geure etxera! Ba ni kortako sastoki ondoan arkitu ninduen... Ta abar. Onelako amaikatxo entzuten dira umeen españetan. Baiña ez uste izan gero, berba orreik beti ez-jakiñaren ezaupide bat izaten diranik! azpi-joko edo ta jakin-miñaren ezaugarri izaten dira sarriago.

Zenbaki batzuk

Zer esanik be ez gaur edo biar guztiak jakiten dabela giza-bizitzaren etorkizunaren barri. Nondik jakiten dabe, ta zelako ondoreak datoz jakin-bide bakoitzatik? garrantzi ta inportantzi andiko galdera auxe.

Españian egin dan enkuesta batek diñoskunez, euneko 6'6-ek bakarrik jakiten dabe euren gurasoen berbetatik; ta lagunen ezpanetatik, barriz, euneko ia 65-ek. Beste danak aldizkari, iztegi ta alakoetatik. Ta azkenik bat edo batzuk euren maixu, edo apaizen batengandik. jarraitu daigun ondiño zenbakiari begira, ta ara zelako ikuskizuna begien aurrean. Bere lagunen aoz ikasi dabenen artetik euneko berrogeta amazortziri kaltegarri eta gaikor izan jake jakin bide ori. Aldizkari, liburu eta olakoetan ikasi dabenen artean, euneko 41-ek kaltegarri izan jakela adierazi dabe. Bere amagandik ikasi dabenak, barriz, euneko larogeta bik ongarri izan jakela diñoe. Beste ainbeste diñoe maixuengatik ikasi dabenetariko euneko 85-ek.

Jokabideak

Nork, zelan eta noiz erakutsi bear deutse umeeri au dana? Iru joka-tankera emoten dira. Batzuk, or konpon! egin, ta jakin dagiela al daben lekutik, esaten dabe berekiko. Ta jakiña, orduan umeek al daben lekutik ikasten dabe. Beste batzuk, —Noruega ta Suezian esatebaterako— Eskoletan erakusten dautse; ta aiñ lotsagabeki, ze amar aginduak aztu-arazi —lenagotik be nazio oietakoak eztakite ta likitzkeri-bideetan aurrera bultzatuten ditue euren gazteak. Azkenik, ba da beste bide bat, bien erditik egiten dauan bidea, bidezko, erazko ta egokia dan bide arteza.

Zeiñek?

Ago-betez, gurasoak! erantzun bear dalakoan nago. Gurasoak dira, jaiotzaz gero, euren umeen ardura izan bear daben lenengoak; Gurasoei tokatzen jake beste iñori baiño ariñago, euren semeeri asi ta ezitzeko ona litzaieken dana erakustea. Ta au gai guztietan bada, ainbat geiago gai onetan. Gurasoak zelan erakutsi ez jakitea gertatuko balitz, orduan eurek eskatuta, apaiz batek, maixuak edo aideko batek erakutsi bear litzakio. Baiña orduan be obe beste onek gurasoeri eurari zelan erakutsi adierazten badeutse, gero oneik euren umeeri azaldu deioen.

Alan da be, umeak onetariko batekin bere gurasoekin baiño konfiantza ta uste sakonago bat balu oba izango da datako orrek erakutsi dakion. Baiño au sarri, gurasoen erru bat baiño ez da. Au da, esan ez naiez, edo guzurra esaten atrapa ditualako izaten da, geienetan. Umeekin ez da luzamenetan ibilli bear, ta ainbat gitxiago guzur-esaten.

Noiz?

Geienetan umez beiñ bost urte ezkero —batez be baserritarra bada, izadiarekin batuago dagolako— lenengo galderak egiten asten da. Ta ez jako entzun-gor egin bear. Erantzun egin bear jako, naiz ta ume itxura andiegia izan. Ori bai, galdetuten dabena, ta ez geiago.

Ta galdetu ezpaledi? Jakin-guraz, ikusi-guraz, entzunguraz dagoala asmaten baduzu, eldu da ordua. Ez itxaron geiago; egin-bear baten aurrean aurkituten zara. Beti be izan egizu auxe gogoan: oba dala ariñegi ibilli beranduegi baiño. Kalean be, geienetan ariñegi jakiten dabe. Ta oba ete da gero ori?

Zelan?

Auxe da gatxena. Danadala, beintzat, lilluramenduz, xamur eta naturalki edo bereztasunez adierazi bear deutsazu. Beste edozeiñ berbaketa baten beragaz egiten dozun bezala egiñaz; ta batera, poesi-kutsu, ta siñismen-lurrun gozoaren tartean. Ta iñoiz be ez, al dala, nagusi ta agintari itxura artuaz. Bestetik, ez litzake erakusketa ontan abererik aipatu bear.

Guzti au egokiago eroateko, —lenago be esan dot— txikitandik eta beti umeak uste osoa izan bear dabe euren gurasoengan. Ta uste au edonoiz eta edozeiñ gaietan guzuresanka, entzun-gor egiñaz, erantzunak gerorako itxiaz, eta alakoekin galdu arazten da. Gero alperrikoak izaten dira negarrak eta damuak, edo ta gaurko umeak gurasoen ardurapetik ariñegi iges egiten dabela esatea.

Ondoreak

Onela zure seme orrek, maitasunari itzal andiagoa izango deutso, ta ez dau maitasunetik maitakerira egingo. Ez dau, iñolaz be, maitasun ari pekatu zulo kupiragarri bat balitz lez begiratuko. Orretaz gaiñera, bere bizitza osoan, zure seme orrek, bere estutasun sakonenetariko batetik zuk atara zenduanaren oroipena gordeko dau. Ta baita gogotik eskertu be.

***

Au dana irakurri arren, ba-diteke, ta errez izan be zu zer egin ezean geratutea. Zelan esango, ta zenbat esango ausnartzen egongo zara bearbada zeure baitan. "Atxaga" apaiz jaunari esker ba dogu euskeraz estutasun ori erabakitzeko moduko liburu polit bat. GAZTETXO daroa izena. Beraren bidez jakingo dozu zetakoa bear dan izan zure jokaerea. Ta iñoiz zure semeari berari irakurtzera emoteko be balioko deutsu. Vitoria-ko seminarioan saltzen da.

Erderaz "La iniciación de los niños en la vida" Angel del Hogar. Desclée de Brouwer, Bilbao. "De dónde vienen los niños?" Pilar Crespo de Arillo. Folletos PPC, Madrid. Ta olako beste batzuk ba dira. Eskuratu egizu baten bat.

ALMIKE


Andrearen garaia

Aspalditik esaten dan gauza da auxe, aspaldikoa izan be. Esaera naiko ibilli dira aotik-ao gai onetzaz, klase ta gusto danetakoak. Batzuk gozatsuak, beste batzuk gusto txarrekoak.

Izan be andrea berba utsezko batez euki dogu, ta ain berba utsezko tankeran! Andrazko bat berba egiteko saiatuten bazan gortu egiten giñan, txorakeriak besterik ezebela esango-ta. Txiste barregarriak egin dira beti andrazkoa berbalari dala-ta.

Baiña gaur andrea zetan esnatuko dabilkigu. Andreak Konzilio-batzar aldeetan ixiltasuna gordetako eztau izan gogorik. Konziliorako zertakisunik eztaukala esaten abanak izan dira asko. Baita gaur be badira onela pentsatzen dabenak. Dana dala, zindotu garala esan leike, ta eztogu enpagurik esateko, posible dala andrazkoa Konziliora jotea: joan jaku beintzat.

Andrea argitara jatorku. Izan be, onartu dau Eleizeak adierazten dituan ama-samurtasun ori. Konzilioaren gaiak erabilli ditu kalean, etxean, jolas-lekuetan, ta nunai.

Badakizue Eleizea "Jaungoikoaren erria" dala. Ta erri au gizonak eta andrazkoak osotzen dabe, ez gizonak bakarrik. Andreak eztau Eleizatik baztertuta egon bear. Nik esango neuke leiotik begiratzeagaz konformatu dala.

Orrela ba, Eleizak andrazkoari konfiantza aundia emon deutso. Ta konfiantza emote onek erantzuna eskatzen dau. Esnatzerako ordua iritxi bada, biarko uztea berandu izan leiteke. Asi gaitezen, bada, gaurtik bertan lanean. Mundua zai beti, gose egarriz dogu.

Beste auxe esango neuke: andrazkoak ez dauela azterketarik egin bere erresponsabilidadearen erantzuna zertarako dan ikusteko. Ta beraz, profesiño askotan aukerarik eztau idoro. Gai orren barri, galderaz dabil mundua, andrearen ekintzak zelakoak diran ikusi daiguzan. Alde batetik Aita Santua deika dator andrazkoak politikan ta beste arduretan azaldu daitezan. Gaurko bizitzak landa guztietan eskatzen dau andrearen itzala. Baiña arrazoirik sakonena beste auxe izango da ziur: andrea barruti guztietarako zertxo bat egiteko gertu bear dala, gertu. Zelanbait arduratu daike politika bizitzaz, gizartekoaz ta antzekoakaz. Amendik ez dogu jarraituko lan-toki guztietara abiatu bear dala. Etxeko diruak gitxiegiak dirala-ta, prestatzen bada lanerako, orduan esan leike gizartea gaitz bategaz jota arkitzen dala.

Andre egoki batek esaera agurgarriak ditu bere gain. Iñun bada, esate baterako, etxe egitean bai ikusten dala andrearen bearra, zeiñek daki berak legez etxe barruak bear ditun neurriak, argitasuna. Batek baiño geiagok barre egingo dau au irakurtzean, baiñan ezta txantxatakoa. Nork emoten dau, etxea aukeratzean, azkenengo berbea andreak baiño?


Euskalerriko ipuiñak

Iru estudiante

Gure ipuinetako estudianteak oker, alper, amarrutsu, zuru zorrozdunak izan oi dira guztiak. Onelakoxeak ziran bein Bilbon alkar bat egin ebenak bere. Eukezan diru apurrak irazi, ikasteari itxi, lanerako nagi ta nakar, goian zerua ta bean lurra eukela.

— Zerbait egin bear dogu estualdi onetatik urteteko —zioen.

Euretatik urtenenak.

— Ik —esan eutsan batari—, nondik edo andik ardaoa ekarri egik.

Besteari:

— Ik aragia, nai gelia dala, okela dala, aragia izan daiteala beintzat. Nik ogia ekarriko doat.

Bakoitza bere aldetik gauzon bila asi ziran. Lenengoak zaragi bat, norbaitgandik zuzenduta, urez beterik ebala, ardantegi batera bidea artu eban. Txiriboginari (tabernariari) urlia aberatsaren morroia zala esan eutsan ta eukan ardaua etzala ainbestekoa ta aldatzea gura ebala bere ugazabak.

— Aberatsari edozein mesede egin bear dako ta ekarrik ona zaragi ori ta artuik orren ordez berorren esteriako bat.

Estudianteak bere zaragia itxi ta bestea besapean ebala etxera-bidea artu eban.

Bigarrena azokara yoan zan aragi bilia. Ari bat urruntxotik ikusi ta pozik urreratu zan beragana. Laster egin eban egiunea (tratua) bere yaubeagaz.

— Erdu neugaz, gizon, eliza orretaraxe. Ortxe dago nire ugazaba ta laster dozu eskuan dirua. Egon ementxe —esan eutsan elizperatu ziranean—, neuk abadea bertora, ekarriarte.

Urrunengo konfesonariora (autortegira) yoan zan.

— Jauna: an ate-ondoan agiri dan gizona konpesetara dator. Dirua ta dirua noizean bein aituko dautso. Gizaixoa gitxirena (ergela) da.

Etorteko esan egiok.

— Yoateko dino —zirautsan gero estudianteak ari-yaubeari—. Antxe, zokondo atakoxe konpesanarioan dago.

Saltzaillea urreratu ta zutun-zutunik eta isil-isilik egoan.

— Belaunikatu adi —esan eutsan abadeak.

— Diru-billa nator, jauna.

— ¿Ze diru ta diru-ondo?

— Ariaren dirua.

— Esaik gizagaixo orek ni pekataria, dirua geroko itxita.

— Dirua bear dodala. ¿Elizetan bere lapurretak?

Abadea musturtu dakoan ta zokondoan eukan makileaz (errena zan bera ta pipermina lakoxe sutsua) erdi alarauka elizatik atara eban.

Orduko iges eginda egoan eroslea ari ta guzti. Batek badaki nondik nora joan zan.

Irugarrena azoka-inguruko okintza baten sartu zan. Ogi eder bi erosita,

— Erdu dirua artzera neure ugazabaren etxera —esan eutsan yaubeari.

Andik urtxo bizi zan barberu batenera yoan ziran biak.

— Zagoz ementxe, goian naizan artean.

Ogi-yaubea atetan itzi ta estudiantea gora. Atean ots eginda,

— ¿Nor da? —esan eutsen.

— Neu. Atarian gizon bat dago labatibea nai leukeala-ta.

— Egoteko apur baten. Gertu dagonean dei egingo dakola esaiok.

Yatsi zan estudiantea.

— Eurak dei egingo dautsuela ta egoteko.

Egon ta egon, luzaro eritxon ogidunari ta alako baten kisketari (aldabeari) ots andi batzuk eraginda,

— ¿Gertu gagoz? —itaundu eutsen goikoari.

— Alako estualdia daukagu? Erdu.

Eldu zaneko,

— Kaltzak erantzizuz —esan eutsan barberuaren semeak.

— ¿Ze kaltza ta kaltzaondo? dirua bear joat nik.

Aita-semeen artean oratuta, kaltzak beratuaz emon eutsen zer ori ta saritzat peseta bi katanarrutik atara eraginda, bere bidean bidaldu eben ogiduna.

Iru estudianteak, alkar bat eginda, okotzeragiño bete arteko yan-edana egin eben iluntze atan.


Pacem in terris. Bigarren urtean

Urte bi igaro dira Juan XXIII-grren. Aita Santuak "Pacem in terris" enziklikeagaz aberrieri ta gizon bakotxari bardintasunean jasoko alkar bizitz zintzo baterako deia bialdu ebanetik. Aprillako 11-an igaro ziran urte bi orreek.

"Pacem in terris" gaur be —apur bat zapaldu ta aztuta euki arren— beardan alkar bizitzarako bide aundi, zabal ta eginkora dogu. Zera baieztu gura eben Naziño Alkartuen Batzarrerako Sekretario dan U Tant-ek, Norteamerikako Lendakari-ordezkoa dan Humphrey-ek, kondaira-idazlerik ospetsuena dan Arnold Toynbee-ek t. a. enziklikea onen dotriñak ikasi ta munduari barriro eskeinduteko asmoan New York-en batzarrean batu ziranean.

"Gizonak alkar maitatuko balira..." Asmo naiko zarra auxe. Betikoa, obeto esateko. Alan da be, iñoiz benetan lortu bakoa. Izango ete da ezin lortu daitekena?

Sarri entzuten da: Bakoitxa norberari jagokozan arazoetara. Besteen arazoetan eztago sartu bearrik. Norberak daki beintzat jakin bear leuke zer egiten dauan. Urkoak neure gauzetan ez dauko zer ikusirik, t. a. Idei onekaz konforme enziklika onen dotriña. Alkar bizitz zintzo au egi, maitasun, justizi ta askatasunean egindakoa izan bear dala diñosku Juan XXIII-grren Aita Santuak. Beraz, lau izakera, ta laurek bear-bearrezkoak; ori txar eta gatxena! Askotan, justizia, gizarteko aurrerapenak edo basteren bat billatu gura izaten da, baiña bide okerretik. Esate baterako, bakea billatu gura bada, edonon bilduteko eskubidea gizonari ezin deikio iñork kendu erazi. Ezta norberen asmoen aurka joan da be.

Eztago esan bearrik be: mundu guztiari esatea, aberri bakoitxari esatea lez da. Egi au aztu ez ete da egiten nago. Ori: aztu. "Pacem in terris" orain urte bi jaio ume illa dala idatzi dau baten batek. Arrazoirik ez jako falta idatzi dauan orreri. Zeraxe diñoskue egiteak be. Gure artean be badoguz idei ori baieztuteko naiko egite. Zoritxarrez aztertuteko eztaukagu iñora joan bearrik.

Aberrietako buru-nagusiak daukee enziklika onetan ikusten danez zer-egin berezi bat. Eurek dira izan personaren eskubide ta bete-bearrak gorde ta erreztuteko bideak jarri bear dabenak. Bide orren lenengo maillea eskubide ta betebear danak ikustatutea izango da duda barik. Gaur bide ori leku guztietan naiko pranko zapalduta dagoala esatearren nago. Izan be illetargirako bideak ikasten gabiltzan bitartean, mundukoak aztuten gagoz kezka aundi barik. Ori bai dala ankaz gora ibiltea!

Norberaren eskubideak oroitu ta eskatukoan eztago lotsakeri edo zikinkeririk. Esatea be naiko barre egiteko da izan. Alan da be, egi utsa da eta baten baiño geiago beteten ez dana. Begiak idi ta ikustea baiño eztago. Gizartearen ontasuna ezin leike gizonari jagokozen eskubideen aurka joan diño Juan XXIII. Gaurko egunetan —diñosku beste batean— gizarteko ontasun au gizonaren eskubide ta egin-bearrak asetutakoan beteko da bakarrik.

Kijote-jendea bear da enziklika onen bete-bearrak aurrera eroateko seguru. Jainkoari eskerrak kijote txalogarri onen ikasbide sendoak ez jakuz falta gaur egunetan be, kemen bako gizajoak naiko ugariak izan arren. James J. Reeb ta Viola Liuzzo-ren izenak ezagunak izango jatzuz oraingokoan. Biak izan dira illak baltzaren eskubideak aurrera aroan erazitearren. James Reeb, Boston-go artzai protestantea ta lau semeen aita. Selma-n billatu dau eriotza oraintsu egon diran iskanbilletan. Viola Liuzzo —Chikago-koa, ta bost semeen ama— Montgomery-ko martxa ospetsura joan zan asmo bardiñekaz, ta ekiñaldi onetan il zan. Gizon oneik benetan dira "Jaungoikoaren gizonak". Ta ez uste neure esate bat danik, Jonhson lendakariak Kongresoaren aurrean esandakoa da, James Reeb il ebela entzun ebanean.

Ikasbide oneek billatuteko eztago Ipar-Amerikara joan bearrik. Gure artean or-emetik daukaguz ixiltasunean egon arren. Erdi zoroak dirala pentsatuko dozu bear bada. Bada ezpadan, gogoan euki ustegin daikezula.


Almike-ri erantzuten

JOAN M. TORREALDAY-K

Azken-urreko zenbakian, bosgarren orrialdean, "Euskeraren akatsak" titulutzat daroan idazlan bat irakurri neban. [ikus ANAITASUNA, jorrailla (4), 1965]. Almike da bere egillea. Aretxeri erantzutera noa, ba, ni, orain. Beno, erantzutera baiño obeto bere bierra osotutera noala esan daiket; ze, nire ustez, azalean geratu da Almike.

Dakazan akatsak euskeraren arerioak dirala diñoanean konforme nago beragaz. Baiña bizi dogun unea kontuan artzen badogu, akats orreitan geratzea denpora galtzea deritxat. Sakonago joten ez badogu "gure ele au bere puntu egokian noiz arkituko litzaken adieraztea" eziñezko gauza da. "Akatsen akatsera-edo" joan bear gara. Sustraira, beera, sakonera, azken-arrazoira. Zergaitik ori? Ba, ara: sustraiak ebagi ezketiño, laster dogulako zugaitza igarturik.

Lau akatsok auetxek dira, aren iritxiz: "batasunik-eza", "garbikeritasuna", "ezer ez esatea", "ez irakurtea". Esan dotana: azala, adarrak. Egia da bai, gaixotasuna kanpotik agertzen da, baiña barrundik dabil arra azpi-lanean. Kasu onenean be, lau akatsok, nire ustez, seiñale batzuk leitekez, barruko gaixotasuna nun dagoan igarteko lagundu deikiguenak.

Euskera arloan, euskaldunak egin eikean bierrik geiena, oraintsuarte —eta oraindiño be bai, sarritan— euskal aldizkarietakoa izan da. Aldizkari ta libruen bidez lortu gura izan dira —esaterako— euskeraren batasuna, ta orrelako ez dakit zenbat asmo eder geiago.

Baiña bein da barriro geure kondairak erakutsi deusku gatxa baiño gatxagoa dala orren lortzea, bide ortatik beintzat. Beeragotik asi bear da orretarako. Eskolatik. Umeari txikitatik eskolan erakutsi bear litzakioz ezagutza guztiak euskeraz. Euskeraz. Umetatik asita gerora jakintza guztiak euskeraz bereganatu daiazala euskaldunak, ori euskeraren irauteak eskatzen dauana da. Ta ori lortzen ez dogun artean, txistua jota ez dogu ezer egiten.

Ba doaz eskola batzuk bierrean; ta eskertzekoa da benetan. Baiña zer da ori, ba, ainbeste jendeentzat? Euskalerri irakastola danetan ofizialki emon bear litzake euskera, erdal-errietan erdera emoten dan lez, eta euskeraz emon bear litzakez jakintza-ezagutzak, euskera izkuntza lez aurrera doiala gura badogu.

Ikusi daiguzan orain ia Almike-ren lau akatsok, eskolaren aurrean:

1º.—"Batasunik eza". Batasuna erdiestea askoz be errezagoa litzakigu, bein txikitatik euskera ta euskeraz ikasi ezkero. Batasun ori lortzekotan, gaiñera, ez ete leike izkuntza ofizial bat eskoletan erakutsi ala? Alan egin dabe beste erriak be. Ta besteak baiño gitxiago ez gara izatez.

2º.—"Garbikeria". Euskera ez ezagutzean, edo garbikerira —berba barriak jo ta ke asmatutera— edo mordollokerira —beste izkuntzetatik datozen moduan onartzera— jo leiteke. Oitura zaarra dogu au. Euskerarik ez deuskuelako erakutsi —ta beraz orain be bear dan moduan ez dakigulako— egiten dogu pekatu or, nire ustez.

3º.—"ezer ez esatea". Ta zelan esan leike, ba, ezer, zelan esan ez jakiñik? Ez da gauza erreza. Zenbat biderrez jaku errezagoa geure ezagutza-apurrok erderaz adieraztea, euskeraz egin bearrean! Gaiñera, jakintza-arloan, esate baterako, berbak falta jakuz, ta norbera, bein da barriro ta bakoitxean, asmatzen ibil bearra ez da gauza polita. Probatu dauanak, ba daki olako zeozer. "Kontuak", ipuiñak, errezagoak dira askotaz be. Ta orregaitik dagoz egon be ain ugari euskeraz. Olerkiak be ugari dagoz: mendiak, loreak, arbolak, ostoak, eguzkia, laiñoak, illetargia; ta olan beti. Bai ba, errezenera goaz-ta.

4º.—"ez irakurtea". Asiera falta ezkero, jarraipenik be ez dator. Ta emen, bardin. Euskeraz ezer egitekotan, bakoitzak ikasi bear dau bere pazientziaren kontura. Asko ta asko ez dira euskeraz leiduten asteko gauza, txikitatik ez jakelako erakutsi ta ikasi-arazo. Emen dago errua.

[Argigarri lez: gure arteko uts ta akatsen zergaiti lez eskola-falta jartzean, ez dot esan gura ori arrazoi bakarra danik. Itsukeria litzake, izan be. Nork ukatu, ostera, eskolarik ezean dagoela gure sustrai ustela?

Eskolaren garrantzia begien aurrean dago. Umearen bide ta jokabideak eskolan dauke sorburua, geienbat. Zergaitik joten dabe, ostantzean, komunistak iñora baiño ariñago eskola ta unibersidadeetara? Zergaitik, orrexegaitik!

Egin daigula bakoitxak aal doguna, ainbat lasterren izan daiguzan bear diran beste eskolak. Bakoitxak jakingo dau ze jokabide artu, orretarako.

Biotzez.