ANAITASUNA

GARAGARRILLA (7) 1965 — XI URTEA — Núm. 126

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


JAKIN aldizkaria

Zer dan JAKIN? Ba, orixe: "Euskal gaztedia kultura bideetan". Kultura euskeraz emoten deuskun aldizkaria. Ez dago esan bearrik euskerak, gaurko egunetan, geien bear dabena kultura dala, jakintza.

Kultura barik euskera il egingo jaku. Eta utsune au betetera jatorku, ba, JAKIN. Euskerari jakintza igortzi bat emon guraz dabil JAKIN.

Politto baiño polittoago urteten daben errebistea da JAKIN. Politto, bai azalez, ta bai mamiz, bietara.

Etorkizunari begira bier egiten dau JAKIN-ek

Euskaldunak eusten badeutsa, JAKIN biziko da, ez ikaratu. Euskaldunen arnasaz bizi dalako JAKIN. Goiz edo berandu, zuen laguntasuna izan ezkero JAKIN-ek beteko dau bere eginbearra. Ezetz? Len be, gero, baten, JAKIN il zan, galaso eben bere ateratea. Baiña lortu zan —Madrilletik— argitaratuteko baimena; ta orain iñoiz baiño ederrago ta fiñago jatorku.

Ez daiteala JAKIN alerik zeure liburutegian falta!

Zuk, irakurle, zer egin daikezun JAKIN-en onerako? Esate baterako gauzatxo bi egin daikezuz: JAKIN au erosi, zabaldu, eta bertan idatzi, bazin badozu. Erosi egizu, ba, ainbet ariñen. Ori egin ostean, zabaldu eiezu zeure laguneri, ta edozein euskaldun eskolatuari. Euskerarentzat mesede andia izango da au. Eta gaiñera zergaitik eskribitu ez bertan, indarrez bazara; edo beintzat idazteko gauza dan iñor ezagututen badozu zergaitik beste orrenbeste egitera gonbidatu ez?

Olantxik eta polittago agertzen da JAKIN beti. Eskatu zuzenbide onetara lenbailen:

Dirección de JAKIN

Aránzazu

Oñate — Guipúzcoa.


Zuek eta gu

Gernikatik Anaitasunaren zuzendariari: Bakea ta Ona

Eskutitz auxe bialdu dausku Aita Andoni Zubizarreta-k eta, beste askoren iritxia ikusita, argitaratuteko asmoa artu neban. Bere baimenik eztaukagu, baiño seguru gagoz emongo leuskigula eskatuko ba geunskio. Bidez, bada, ESKERRIKASKO Aita Zubizarreta zeure oar zuzenakaitik, ta barriro be bialdu zeinkezu ezer barririk billatzen ba dozu. Besterik ez.

AGUR.

Aspalditik nenbillen zueri lau berba egiteko gogoagaz. Baña baten bateagaitik eta urrengoan besteagaitik, emen egon naz ezer egin barik.

Ia ba gaur... Bapez baño berandu oba dala diñoe batzuek eta...

Nire lau letrok egiteko gogoa ta asmoa sortu dabenak, zeuen eskariak izan dira, zeuen iritxi eskariak, esan nai dot. Eta errebista baten iritxia beren irakurlieri eskatzeari ezin obeto deritxot. Eurak jaten, irentsiten eta ausnartzen dabe bai, eta zelako gustokoa ta zelako kopaua dan eurak baño obeto iñok be ez daki.

Irakurri dodaz batzuen iritxiak, eta gaur neurea emotera natortzue.

Len be esan neuntsuen, errebista orren "gerokoa" bere barruan dagoala. Danena be bai. Gauza batek balio ez badau, alperrikoa da bera artzeko-ta erreguka ibiltea, mesede eske, karidade eske. Errebista asko "Jaungoikoaren amoriarren" artzen dirala danok dakigu. Baña "amore" au arin amaitzen da, batez be, dirutxoa soltau bear danean, asko izan ezarren; eta bera baño errebista obeagoak eta merkeagoak inguruan ikusten diranean. "Amore" orrek Jaungoikoarenak barik errebistearena berarena izan bear dau, or Jaungoikoak zer ikusi gitxi dauko ta.

Gaur esan neinketzue, pozik ganera, pauso aundi bat emon dozuela, eta, nire ustez, eunetik larogei irabazi dauala Anaitasunak. Zergaitik ori dana? Emon deutsazuen izakera barri orregaitik eta bere barruko mamiñagaitik, eta, ganera, mamin ori atsegingarri azaltzeko egin dozuen alegiñagaitik.

Lengo Anaitasuna kaskarra ta ziztriña zan, egitan be. Gaurkoak beintzat itxurazko arpegia eta jazkeria daukoz. Gaurko egunez orrek asko esan nai dau. Orregaz ganera, bere barrukoa taiukua ta baliokoa bada, eta gustoz argitaratua, ori da errebistearen "amorea" sortzen dabena.

Puntu onetan asko baño askoago lortu dozue, eta errebista ori gaur gustora arteen da toki guztietan. Orretara jarraitzen badau, eta jarraitu egin bear nai ta nai ez (barriztu edo il) ez da izango karidade billa joan bearrik, berak egingo dau bere abitxoa bestien artean, eta bere "gerokoa" seguru egongo da. Gerokoa beti izaten da gaurkoaren frutua.

Txalo bat ba zueri, eta animorik aundienak.

Alan da guztiz be, ez eizue mesedez pentsau, zuek animetagaitik esan deutsuedazela gauzo onek. Orregaitik be bai. Baña, batez be, beste gauza bategaitik, eta au pozgarriagoa da: egia dalako.

Eskatuko neuskizuen beste gauza bat auxe izango litzake. Uste dot len be bein edo bein esan deutsuedala: obeto, atsegingarriago ta mamitsuago urtengo leukela, artikulu laburragoak eta ugariagoak egingo bazendukiez. Esate baterako, Vida Nueva errebista orren lenengo orrialdearen modura. Au asko be gatxagoa da, eta biarra asko geitzen iatzue, baña asko irebaziko leuke orriak. Onegaz ez deutsuet esan gura, artikulo luzerik ez egiteko, artikulo luzeak nai ta nai ez agertu bear dabeta, batez be gai batzuegaz diarduenak, errebistaren joskeria adaba txikiagoekaz egiteko baño; bizitasuna emoten deutse.

Aita Villasantek lengoan emondako iritxia be, neure ustez, kontuan artzekoa da. Errebisteak erri usaintxoa be eroan daiala. Ortik eta emendik, batean erri batetik eta bestean bestetik batutako kaskarrillotxoak be asko arintzen eta bizkortzen dabe olako orri bat. Errikoak diran lez bera lelduten dabenak, zeozer eurena be topa daiela, eurak be bere orri artean sartu, saltzan, euren gauzari ikutu.

Salneurria ogetabost pesetara igo dozue. Ondo dago. Uste dot, gaur urteten daben moduan jarraitzen badau, balio dauzala. Papela ta inprentea gaur zer kostaten diran ondo dakigu. Kontuan artu bear da, ganera, ez dirala bardiñak erderazko errebista bat eta eta euskerazko beste bat; euskerazkoak asko be arpide gitxiago eukiten dau beti. Eta ondo egongo litzake arpidedun asko be egi onegaz konturatuko balira: euskerazkoak karuagoak badira, orrexegaitik dala, euren "tiradea" txikiagoa izaten dalako. Baña geure euskeria maite badogu, gure maitetasun ori zeozelanik agertu bear dogu. Eta modurik onena ez da izaten, karua dala-ta, artu barik ixtea.

Besterik ezer bez. Orixe esateko gogoa euki dot, olan eskatu deuskuzue zeuek bai, eta ara or nire iritxia.

Ez dauka atxekirik zuentzako, txalorik beroena. Beti aurrera, orretara bazoaze errebistearen gerokoa seguru dago, eta beragaz batera, euskerearen mesede aundia.

Agur eta urrengorarte.

A. Zubizarreta


Semiak: lan billa dabizanen akatsa

Uri andi danen inguruetan, an eta amen, sakabanatuta, beti ikusiko dozuz txabolak; eta ez zaldientzako txabolak: gizonak berak be, beste etxerik ezean ara abiatuten dira. Txabola bakotxak fameli bat edo bi eukiko dauz. Denak beartsuak, gosea beste diru bear dabenak.

Txabola orreitako batean aita ikusten dogu. Zortzi seme-alaba dauz, danak txikiak oraindik, lanerako gauza ez diranak. Itaun bat zuzenduten deutsagu:

— Zergatik etzara fabriketara lanera joaten?

Eta erantzuna, latza, kristiñau garanoi min emon bear leuskiguna:

— Seme askotxo daukodaz, eta ez deustee fabriketan artuten.

Auxe izan zan aita aren erantzuna.

Gogorra benetan eta lotsagarria olako kopeta illunak ikustea ainbeste jauntxoetan aita batek lana eskatuterakoan seme askotxo daukozala agertzean. Aintza eta ohorea merezi daben aita goragarri orreik, orreik dira lotsakizun andienak pasatu bear dabezanak. Naiago dabe seme gitxien aita, eta mutilzarra bada oba; eta oraindik obago betiko mutilzar geratuko balitz; Orreik dira-ta gitxien kobratuten dabenak, punturik eta subsidiorik eztaukiezalako.

Jauntxo geiegik itaun auxe egiten deutsee lan eske doiazenei:

— Eta zenbat seme dozuz?

Eta asko badauz, kitto, kanpora, eztauko gizon arentzat lanik. Orregaitik, seme asko dauazala esatea ateak zabaltzeko bearrean ixteko errekomendaziorik onena dozu.

Eta negargarriena, eta enparaugarriena, eta lotsagarriena auxe dogu: Aberats orreik bere burua kristiñautzat joten dabe, eta bearbada limosnatxuak be egiten dabez: Baiña limosnea baiño ariñago zuzenbidezkoa emotea da: Eskatuten daben guztiei biarra emotea da lenengoa, gure soziedadea eta gure burua kristiñautzat euki gura badogu: Estu-estu bizi diranen bizitza arindutea. Eta binbitartean ez gara kristiñau, ezta be gizon: animali gara.

Pello'k


Erligio-liburu on bat, euskeraz

"23-garren Yon Aita Santua ta II-garren Batikano Batzarra". 115 orrialde. Egillea: Yurre'tar Julen Aba, kaputxinoa. Itxaropena Argitaldaria. — Zarautz.

 Zeleta Jaunak bialdu eban idazki auxe "ANAITASUNA" gipuzkerakoan beraz "ANAITASUNA aldizkari bi daukaguz: giputxena eta bizkaitarrenaargitaratuteko asmoakin. "ANAITASUNA" gipuzkerakoan aal ez ba eben, bizkaierazkoan argitaratutia zan bere naia. Zeleta'ren nai ori betetera gogo onez noa ni, gizon ospetsua be baida-ta bera (euskal akademikoa, ziur). Bidez-bide giputxen idazkera polita gure aldizkaritxoan sarerazteko aukera ezin obia daukogu oraintxe. Eskerrikasko Zeleta, ta beste ezer bialtzeko gogorik ba dozu, bialdu zeinkezu lenbailen, oso pozik artuko dogu-eta.

***

 "Ona emen Yurre-tar Julian Abak egrin duan liburua, Erroma-ko Batzar Orokarrari-buruz", —dio aspaldi ontan gure artean aurkitzen dan Pingliang'go Gotzai dan I. Larrañaga Lasa agurgarriak, erlijiozko euskal-liburu eder oni "SARBIDEZ" ain euskera gozoan ezarri dion itzaurrearen lenengo zerrendan. Eta, onela dio urrengoan:

"Kristau sinismena duten errietan, batez ere aurreratuenetan, papel guztiak erruz eman dute aren berri. Eta kristau sinismenik ez duten errietan ere, au da: mundu guztian idatzi ta zabaldu izan da Batzar orren berri ugari".

Egi aundia, gure Gotzai euskaldunak lerro arduratsu oietan diguna. Kanpoan, asko itz egin eta asko idatzi-da, eta gaiari-buruz, liburu-ederrik argitaldu ere bai, ainbat izkuntzetan. Gurearen aldetik, ez ordea ainbeste, ez bat bera ere. Artikulu mamitzu batzuk bai, or-emengo aldizkaritan, euskeraz azaldu dira, batez ere "Aránzazu" aldizkarian, bikainki gure Aita Villasante azkarrak idatziak. Deus baliokorik, ez, gaiñeantzean... Liburu on baten bearrean zegoan, beraz, gure izkuntza, eta Yurre Aba etorri zaigu, utsune aundi ori ederki betetzera, euskal-irakurleak xeetasun guztiekin izan dezaten XXIII'garren Juan Aita Santu on utsak lenengo ta bigarrengo BATIKANO BATZARRAK eratzeko izan zitun asmo garrantzitsuen berri.

Berandutxo argitara baizaigu ere, guztiz irakurgarri zaigu Yurre Aba'ren irakurgai jakingarri au.

"Euskalerria, gurea danez, ta biotzez maite degunez, —dio, Larrañaga Abak aipaturiko itzaurrean— atsegin degu erri aurreratuen artean eta erri aurreratuak oi dituzten on guztietaz orniturik ikustea".

Ondore edo konzekuentzi ori bera atera degu, guk ere, aurrenetik azkeneraño, arretaz irakurri degunean, azterkatzen ari geran liburua. Eta "danari, dana", emanaz, gurekiko, egiten degu, atsegin aundiz, Larrañaga Abak liburu ontan dion au ere: "Orretxegatik, orain lurbiran ain ospetsu izan dan Erromako Batzarraz, euskeraz ere, liburua egin dala jakiñik, arras poztu naiz".

Ezkierki edo seguru, esan dezakegu: gu bezela poztuko dirala liburua irakurriko duten euskaldun apaizak eta gañeantzeko sinismendun eliztar guztiak ere. Zergatik? Larrañaga Abak bere esanaien artean garrazki adierazten digun onetxegatik: "LIBURU AU GUZTIZ DA BIKAÑA; ORAINGO ELIZ-BATZARRARI-BURUZ EGIN DIRANETAN ONENETARIKOA".

Alaxe baita, izan ere: bai gaiaren aldetik, eta ala, egilleak dabilkin giputz-izkelgiaren aldetik.

Geiegizko neologismo ta erderismo-kutsutik zentzuki aldendurik, gipuzkera txukunean tajutu digu, Yurre Abak, bera bizkaitarra izanik, ain aipagarri zaigun eta izango zaigun euskal-liburu-mardul eta irakurgarria.

Amar zatitan, ongi berexturik dakarz, gaiak, liburuak:

I.—"II-GARREN BATIKANO" BATZAR OROKORRAREN JATORRIA.

II.—BATZARRAREN IRIKITZEA.

III.—BATZARRA IBILTZEN ASIA.

IV.—AITA SANTUA TA BATZARRA.

V.—LITURJIA.

VI.—YANKOTIAR AGERMENA.

VII.—IDIEN ZABAL-BIDEAK GIZARTEAN.

VIII.—BATASUNA.

IX.—ELIZA.

X.—LENENGO BATZARRALDIAREN AZKEN-EGUNA.

Azkenean, euskera-erdera iztegitxoa dakar, liburuak, itz bat ere ulertu gabe utzi ez dezan irakurleak.

Gure zorion eta gorespenik biozkoienak liburu onuratsuaren egille maitiari, eta orobat, "SARBIDEZ" ain itzaurre sarkorra ezarri dion Gotzai euskaldun jatorrari.

ZELETA


Jokuek. Pilota jokue

Aurtengo pelota jokuaren gaiñ makiñetxo bat ustekabe ikusi izan doguz. Batetik, bada, Luciano Juaristi (Atano X)-ren gorakada andia. Garciariño-ren utsunea eta Hillario Azcárate-ren TXAPEL irabazte oso merezitua. Dana ondo baiño obeto, orraitiok be, erdizki izan diran ezbearrak aztuten badoguz... Ta aztu be aztu bear doguz, baiña ez ikaskizun bat atara barik, aurrerantzerako be ondo etorriko jaku-eta. Danok dakigu —zelan ez— Garciariño-k eta Atano X-garrenak izandako partiduaren ondoriak... Ustekabe bat dana.

Eta gero, upielako astrapaladea edo arazo orren buru diranen erruz, edo Garciariño-ren erruz, edo periodisten erruz —nik eztakit— baiño astrapaladea beintzat, seguru be.

Zer ikusi izan dogu?

DEPORTIBIDADEA?... ALKARTASUNA?...

Aurpegi illunak eta berba garratzak ugaritsuago izan doguzalakoan nago. Periodistek or jardun dabe amaigeko marmarrean, giputxak bizkaitarren kontra. Garciariño-k be, arrazoiegaz ala arrazoi barik, sorku zarrak atara bear.

Danok be, bai bizkaiko eta gipuzkoakoak, ikusi ezin apurtxo bat izan dogu.

Euskal pelota joku auxe, barriz, geuregeureko dogu, geure zarrak be joku jator onetan jarduten ebenelako, eta baita aiñ errespeto andiz eta besarkada beroz beti egiten izan dogulako.

Badaukogu zerikasia datorren urterako! Hilario Azcárate-k leziño ederra emon dausku emon gizon eta pelotari jattorra lez. Zorionak Hilario zeure txapel barria gaitik eta urte askotan dagizula.


Erantzuna onetsiaz

Alkar artu-emon polit eta bizi-bizia ikusi izan dogu ALMIKE eta J. M. TORREALDAY-en artean. Lelengo aldiz ta au gogoan eukiko dozue ondiñoAlmike'k idatzi euskun euskerearen goraberatzaz... Ondoren J. M. Torrealday'ek bialdu euskuzan bere iritxiak idazki areri buruz. Ondo neurtuak, seguru be, bere iritxiak gai aretaz.

Orain barriro ALMIKE'K idatzi deusku:

 Ezer orduko, gure aldizkari onetan idatzi dozulako ondo etorria, ta gorantziak emotera noatsu. Lenagotik be, zure izen-abizenak irakurtera oitua nengoan, ta ez, orraitiok, edozelako aldizkarietan. JOAN M. TORREALDAY-ren izena maillako aldizkarietan, ta teologi ta filosofi gaieri buru emonaz irakurri izan dot. Gurearen orriak txatxarregi ez jatzuzala iruditu jakiteak asko poztu nau. Aurrerantzean be, gura ba dozu, izango da lekurik zure idazkaientzako.

Ta geure arteko gaiari lotuaz, asikeratik, zeure iritzia oso-osorik, ta dan-dana onesten dotala zertan esanik be ez. Lenagotik be ausnartuak nebazan zeuk esandakoetatik askotxo.

Eskolaren indarra zenbatekoa dan adierazteko oraindik ointsu neuri gertatutako zer bat ekarriko dot orain.

Euskalerriko menditontorretatik nagusiena Aitzgorri dogu. Andixek bera lagun batzuk gentozala ume batzuk erderaz oles egin euskuen. Euren itxurari begira lotu nintzan. Nonguak ziran galdetu nebanean, Aitzgorri maldan itxi genduzan artzai-txabola aietakoak zirala erantzun eusten. Ango artzaietatik zarrenak, bear bada ez dabe gaztelarrez tutik be jakingo. Neska-mutikoak eskolatik etozen.

Baiño, gure euskeraren estura onetan, gura doguna ez daukagun ezkero, al dogunari eutsi bear deutsagu. Iñoiz zeuk gura zendukelako eskolarik jasoten bada, pozik artungo dotaz nik barriaren zeaztasun danak, baiño gaurkoz, ezin da, edo, ez da egiten beintzat.

Ba-dakit euskerea erakusten dan eskola batzuen barri. Baiño euskerea erakustetik euskeraz erakustera eldu ez gaitezen bitartean lengoan, edo ia lengoan, jarraitu bearko da.

Gaurko egoerari dagoan letxe begiratuten ba deutsagu, ba, idatzi neban guztia aintzakotzat artu bear dala pentsaten dot gaur be. Neuk, idazkai arreri ezer barririk erantsitekotan, lantegi onetan jarri nai diraneri-ta euskerea eskatutea —Kamiñazpik be auxe idatzi eban baten— ta olakoxeak ganeratuko neuskioz.

Besterik ezin deikegun bitartean, al dogunari eutsi, ta ezin dana nonoiz egin al daitean alegiñak egin. Ez dau beste biderik.

ALMIKE


Erriz erri

Mungia-n

Urte askotan uste izan da traktor eta beste tresna barriak euskalerriko labrantzan zer-egin askorik ez eukeela. Apur-apurka uste au gitxiagorantz doa seguru, tresna onekaz biar egindako lurrak askotaz geiago ta errezago emoten dabela ikusten asi bai gara.

Orain arte be egin dira ekiñaldi ugari: erri askotan ikusi zeinkezuz, ziur: Markiña-n, Gernike-n, Mungia-n, Arratia-n.

Aurten San Isidro zalata, batez be beste ekiñaldi bi ikusi doguz Bizkaian: Mungi-koa ta Arratiakoa. Biak garrantzikoak, ibar onen aaltasun eta merkaduetako beartasunak ondo neurtu ezketiño.

Izan be, Bizkai aldean prolema berezi ta gogor agertuko jaku denpora gitxi barru, baserrietako lanak eta frutuak gero ta bearrezkoagoak izango bai dira.

Orain arte Bilbo-ko baratza Abando ta Deusto aldetik egoan. Gaur berriz, Mungi aldetik jo bearrean dago, "el nuevo Bilbao" osatzen daben errietan fabrika barri eta bizi lekuak millaka geituten doazenetik. Zelan asetu geitutasun onek derrigorrez dakarzan beartasunak? Gizona ezta iñoiz biziko burdiñagaz, edo ikatzagaz edo txartel berdeak emofen daben kili-kilitasunagaz bakarrik. Ortan gagoz danok. Baiña askotan ortu ta baratzen beartasuna ittota geldituten da, jatekoan pranko dagonean. Pako etorri bear izaten da egia argi eragiteko. Eta etorri da seguru, gaurko merkaduak geiago eskatuten eta eskatuko dauala pentsaten badogu.

Beartasun onen erabakia non-edo-non billatu izan bear da. Zati batena beintzat —danena ezpada— Mungi ta alboko errietan billatu da. Erabaki au primeran etorri da ziur, batez be erderaz "éxodo rural" deritxon ori gelditu ta gitxituteko.

Ixilla, baiña eginkorra ta trinkoa benetan Mungi-ko "Servicio de Extensión Agraria" baserriaren alde egiten dauan biarra. Ekiñaldiak ez dira frutu barik geldituko. Mungi aldeko baserriak kezkan asi dira, baserria beste era batera jartzeko-edo. Baserritarrak ondo artu dabez gogo onek eta gaurko baserriaren etorkizuna batasunetik etorriko daitekela konturatu ba bai.

Bizkai aldean jarrita dagoz lenengo pauso sendo ta zintzoak. Laster ekiñaldi oneik frutu ugariak agertuko deuskuez: naikoa da urte bian 14 traktor-tresnetatik 200 igoteko asmoa dagola jakitea. Asmo au amets utsa ez da izango. Ez seguru! gaur berton asi gara ikusten lenengo ondokoak-eta. Batzuk, amar-amabost baserri alkartuta, asi dira tresna oneik erosten eta beste asko zeozer egiteko kezkan dabiltz. Txalogarria, beste askoren antzera, Fika-ko baserritarren lenengo pausoak fiñ ta kementsuak. Eurari ta bide bardiñetatik joten daben guztiari txalorik beroenak!

Arratia-n

Baserritarrari labrantzarako aurrerapenak aurrean ikusitakoan, azeriari matza ikusitakoan gertatukoa pasatuten jako. Bai, or daukaguz baserriko prolemak erabakiko deutsuzan tresnak. Baiña —egia esan— benetako prolemea ontxe asten da, tresna oneen balioa itaundutakoan. Danen korapilloa auxe: ta arrazoizkoa benetan, baserritar geienak labrantzarako iru ektaria baiño eztaulazela jakin ezketiño. Iru ektaria orretatik zelan atara tresna orreik balio daben mordoxka dirua? Erabakia —tresnaren salneurriak olan dagozan bitartean— iru edo lau baserrieren batasunean egongo da, ziur.

Arratia-ko "Servicio de Extensión Agraria"-k Maiatzen 16-an labrantzarako tresneren agerpen bat antolatu eben Yurre-n. Erritxo onetan bildu ziran alboetako baserritarrak. Egiz, agerpen au, "agraria" onek egiten dauanaren izpillu argi bat izan zan. Baiña baserritarrak, azeria matsaren aurrean lez, gelditu ezpaziran pentsatu neban orduan, aurrerapen eder aiek ikusiaz. Ori bai txarrena!

Isidro Deunaren egunean Yurren antolatutakoa, ikusgarria izan zan benetan; baiña ez gaitezala agerpenetan gelditu. Azkeneko erabakia baserrietan bertan billatu bear da, agerpenetan baiño.

Navarniz-en

Bizkai-ko "Señorio" famoduak euki ta jabon ditu ugari aparteko oiturak, apur-apurka errietan bananduta. Zoritxarrez urteakaz geienak aztuten joan dira. Gaur bana-banaka baiño ez doguz billatuko, mendi arteko errietan edo.

Onetariko oitura oroigarri bat Navarniz-ko erritxo tontorran izan dogu. Gogoratuten dabe oraindik argi ta garbi Navarniz-tarrak oitura zar axe: alkate ta konzejal jaun ta maiorazgoak domeka ta jaietan Meza Naguzira eroaten eben mantu zabal ta luzea. Berrogetamar urte izango dira Akorda-n (Ibarrangelua) oitura zar beraxe galdu zala. Geroago Mendeja-n (Lekeitio) beste orrenbeste gertatu zan; eta orain —badira iru bat urte— Navarniz izan da oitura ori azken aztu dauana.

Mantu oneik —jakiña!— aurrerantzean sorbaldean euki bearrean, etxe bakoitxeko kaxetan edo gordeta egongo dira. Ori bai, gitxienetik berreun urte ditue lez, balioko gauzen ardurea artuko dabe.

Baten batek itaundu leikit oitura au ain estimagarria izateko noizkoa izango ete da gitxi-gora-bera. Erantzuna ez da erreza. Dakiguna 1936-grn. urtean Donosti-n Bernardo Etors Lasa-k argitaratuko "Indumentaria Baska" liburutik dakigu. Ara zer diñoskun: "En el año 919, Don Sancho Abarka, rey de Navarra, y el Obispo Don Basilio dieron al Monasterio de Leire una capa y un guanapié". Beste batean: "El hombre usó capas de rico paño, y aún de grana, pero eran más frecuentes las de picote, palometa, damasco, terciopelo y seda". Lerro onetatik atara daikegu oitura ori noizkoa izango ete dan eta mantu orreak askotan zelakoak ete diran!


Euskalerriko ipuinak

Deabru-labarra

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.

 Mañari'n, "Deabru-labarra" izeneko labar aundi bat dago. Arri-mokil ori, Urkuletatik Saibi mendira goazala, eskuma-aldeko baso aundiaren ganean dago. Labarra, aundi-aundia ta jauskera txarrekoa da. Ori dala-ta, ez gorantz, ez berantz, ez alborantz bertatik iñortxo be ezin igaro daiteke, beko trokara buruz-aurrera jausi bagarik.

Aren ingurutik igaroten gareanetan, gauza bat ikusten dogu bertan: labarraren erdian marra batzuk dagoz, burdia igarokeran txirringak itzi oi dabezan ezaugarriak lakoxe lerrotxoak.

Marra bakanok dirala-ta, gure erritxoan labar orretzaz iñun diran ipuiñak kontatzen dabez. Ona emen orretariko ipuin bat edo bi.

***

I

Bein, Ganoste-menditik, gizon bat burdi-bete iraz etorren, deadarka ta zantzoka, "aida, gorri!" ta "aida, zuri!" esanez.

Alako baten, burdiak bide-ertzean laprazt egin ebalako-edo, idi, burdi ta ira bili-bolaka mendia-beera joanez, beko errekaraiño jausi ziran.

Ori ikusirik, gizona asarre-bitsetan jarri zan; eta goiak eta beak amurruz izentatua, erderazko berba zantar bat esanez, birao aundi bat jaurti eban.

Onetan, betik gorantz, deabru batzuk agertu ziran; eta, deabru bildurgarri areik, idi ta burdi ta gizon, guztiak batera artuta, labarra-gora eroan ebezan. Orduan, ango deadarra, ango zaratea!

Deabruak, txartez gorri-gorri jantzita ei'egozan; eta, oiñetan, burdiñazko zapata gogorrak ei'eukezan...

II

Beste bein, sorgin dotore batek, umetxo bat burditxo baten ganean labarra-gora ta labarra beera erabilli eban, eguerdiko amabietan eguzkiak bialtzen eban beroa artzen.

Sorgin-sorgintxo,

sorgin-sorgintxo,

txarri-txarrito,

txarri-txarrito.

Ori entzunda, sorgiña asarrez jarri zan; eta begirakada zorrotza jaurtiez, amorruz beterik umeari auxe esan eutsan:

Ume gaizto, ume gaizto:

oa berantz, baba-lasto.

Eta ori esanda beste bagarik, burditxoari berantz bultza eginda, ume gaisoa beeko troka sakonera jaurti eban. Ume errukarria bertan illik gelditu zan. Gero, urrengo egunetan, sai pilloak, laiñoa-beera jatsita, umetxoaren gorpu samurra jan eta jan egin eben.

Sorgin ankerrak be, baiña txarto egiñaren ordaiña —edo obeto esateko, zigorra—, antxe bertan izan eban.

Biaramoneko goizaldean, sorgin gaiztoa, Untzillaitz'era begira, zeruko izarrak zenbatzen asi zan; eta, orretan ziarduala, Artzate'ko landatik agertu zan adar aundidun ari errime batek, topekada aundi bat emonaz, labarra-beera jaurti eban. Eta aren gorpuan be, saiak ase ta bete egin ziran. Sai. areik, euren moko zorrotzak sorgiñaren gorpuan sartu baiño len, adar aundidun ariak urrengo esakun au abestu ei'eban:

Ik ari, nik iri...

ez egin gatxik iñori.

III

Bariku illuntze baten, Txilibristo, Urkule-erdiko etxagun zaarra, Saibi-aldetik asto aundi bat aurrean ekarrela etorri zan. Eta Deabru-labarra'ren inguruan, Txilibristo'k astoari abots sendoz auxe esan eutsan: "Iño! Arre, demoniñuoi!" Eta orduan, labar goienetik "alde txarrekoak" txaloak jo eutsoezan. Biraoa jaurti ebalako, "alde txarreko" areik txalotu ta goratu egin eben.

Txaloak entzun ebazanean, Txilibristo'k ikaraldi errimea artu eban; geiago eziñean ikaratu zan. Eta gure gizona, basoa-beera arinka asita, arnasoska baten etxeratu zan, bere kolkorako iñoala: "Ene Jaungoikoa! Leku onetik urten nok! "Iño" ta olako berba motzik geiago ez nik... ezta "demoniñorik" be egundo ez yoat esango... "Alde txarrekoak" poztuteko gauzarik be ez yoat egingo... Olakorik!"

Eta Txilibistro Urkule-erdiko etxagunak, sutondoko aulki zaar baten jesarrita, olako berbak damuz esaten, gau oso-osoa igaru ei'eban.

Aurrerantzean, barriz, aren agotik ur gardena lako berba garbiak bakarrik isurten ei'ziran, Deabru-labarra'ko jazokuna egunero gogora ekarten ebala...


Pelota jokua Gerniken. Jai Alai'en omenez

Gernikeko txokoa, antxiñe antxiñetik, pelota joku zalea agertu da ta frutu ugariak be emon ditu joku orretan. Antxiñeko pelota jokue etzan, seguru, gaur lakoa. Pelotia ondo atzeratu ta ondorien luze ta sendo jotea izaten zan joku orren agiri ta trebetasun dana,... jakiñe, orraitiok be, norberak irabazi baiño besteak galdutea topaten eben ta.

Ikusliak, barriz, pelotari gizajoak edo "txakoen" bat jazoten ezebalako, edo pelota oso armaratuen bat galduten ebalako, ikeragarizko oiuak jaurtiten ebezen. Edozelan be, tantu bat ausartsu ebagi eta txapa inguruetan ipintea astokillo bierra zan, baita tantoa irabazi arren be.

Baiña danak ez eben pentsetan bardiñ, ta batez baten azaldu jakun gernikar mutiko bat, baten ausartsua kantxan... "Chapeloma" ziñotsien berari. Mutiko onek berezitasun apartekoa eukan pelota jokuan, gaztasun aproposkoa! Bere trebetasunaren giar eta mamiñe dana ontatxe egoan: Pelotia atzera botateko kiñua egiñik, deabrukeriko biorkadeakaz aurreko mailletan itxitean.

Lelengoetan "chirenada" kuriosoa lez artuten zan, batez be "Chapeloma"-k bere gatz bizibiziegaz egiten ebalako. Gero kontuan artuten asi zirean eta Eibar-ko ASTELENA frontoiko enpresarioek "Chapeloma" aukeratu eben frontoi aretan jokatuteko. Galdu egin eban "Chapeloma"-k baiño ikusliak gustogustora artu eben pelotiari emoten jakon joerea barri auxe. Ordutik sortu zan "borreu" deritxakon garai barria.

Mutikoek be era barri orretan ziarduen pelotaka, eta orrelan sortu jakun pelotari famatu bat: Marino Solaguren. Euskalerriko kantxa danak ezagutu zitun beronek bere izena euskalerritik atzerrietaraiño igaroaz.

Beste pelotari asko be azaldu jakuzan Gerniken bertan, bai Rubio ("Kirru"), Arrien II ta Onaindia. Auxe, Onaindia, izan dogu danen gallur bere joku piñagaz, eta bere anai Andoniren tenperamendua euki ba eban, ez eban baztartuko Atano III, Kanpeoia? Baietzien nago.

Garagarrillaren ogetabederatzian inauguratu eben "GERNIKA JAI-ALAI" frontoe barria, gernikarren arrotasuna; ta beriala zestako pelotariak ugaritsu ernetan asi jakuz, eta gaztediak be zaletasun andia artu dautso joku orreri.

Edade danetako mutikoak diardue ekin da ekin joku barri orretan (barria beiñipein eurentzako) ta oingoz eidalezko mordotxue osotuten dabe.

Gernikarrak errezerrez jabetuten dire joku orregaz, ta aiñ errez... ze 1964-ko Maiatzean Florida-ko "Miami Jai-Alai"-ko jerentea, Berenson jauna, euskalerriko frontoiak ikusten ebillela Gernikeko frontoi eta zesta zalien barri itaundu eban. Ogei bat erakutsi eutsezenian zietz arrituta gelditu zan. Gaur bertan 14-ek jarduten dabe profesionalak legez.

Gernikek, bada, zenbat gure pelotari izango ditu aurrerantzian, euskalerriko mendiek perretxikuek dituezen lez. Izango ete dau "Chapeloma" barrien bat?...

***

Pelota txapelketaren istoria

Mondragones andiak kendue utson "txapela" Cantabria-ri, Vergara'n.

Gero, Mondragones berak jarri eban "txapel" ori eskuz-esku Atano III-garrenagaz:

Lelengo aldiz 1922 urtean, birritan gainera, ta Atanok irabazi: 22-19, baten; ta 22-12, bestean. Azkenik, urtarrillaren lelengoan Bilbon, ta an be Atanok 22-9 irabazi.

Arreskero:

Urtea: 1940: Atano'k 22; Chiquito'k 8. 1942: 1944: 1946 urtietan be Atano'k irabazi eban "txapela". 1948: Gallastegui I-garrenak 22; Atano III-gnak. 6. 1950: Gallastegui I, 22; Acarregui'k, 15. 1951: Gallastegui I, 22; Acarregui'k, 14. 1952: Ez zan jokatu. 1953: Barberito I txapeldun. 1954: Soroa'k, 22; Barberito I'k. 4. 1955: Arriaran'ek, 22; Soroa'k, 13. 1956: Arriaran'ek, 22; G. Ariño I-gnak, 13. 1957: G. Ariño'k, 16; Arriaran'ek, 11. 1958: Ogueta'k, 22; Arriaran II-gnak. 7. 1959: Ogueta'k, 22; G. Ariño I-gnak, 13. 1960: Azcarate'k, 22; Ogueta'k, 19. 1961: Azcarate'k, 22; Echave X-gnak, 7. 1962: Azcarate'k, 22; G. Ariño'k, 21. 1963: G. Ariño II-gnak, 22; Azcarate'k 2. 1964: Azcarate'k, 22; G. Ariño'k, 14. 1965: Azcarate'k, 22; Atano X-gnak, 17.

Lurgorri-k