ANAITASUNA
AGOZTUA (8) 1966 XIV URTEA N.º 138
Dep. Legal S.S. 1092-1959
Zuzendaritza: J. A. Elustondo (Bilbon). Arantzazuko Irarkolan.
Eskatu zuzenbide onetara:
Revista JAKIN
Aránzazu-Oñate
(Guipúzcoa)
JAKIN-en mogimentua
JAKIN aldizkaria jaiez dago aurton, amar urte betetan ditualako. Amar urte. Irakurle, pentseko dozu bearbada, ez dala beste munduko gauzea amar urte bizitera allegetea. Egia. Baiña, ez da ain gitxi be euskal kulturazko errebista batentzat, ze, euskal kultur-aldizkari bateri, amar urtetan asko sufritzea toketan jako (diru ta idazle urritasuna ez dira sufrimenturik txikienak, noski). Orregaitik ez da beti errez aurreari yoranez begiratzea. Baiña esan daikegu JAKIN'ek momenturik gorrienak eta baltzenak igaro dabezala. Bizitzea bera be ez da erreza, baiña gatxagoak dirala, uste dot, jaiotza ta lenengo pausoak. Gatxagoak bai: alde batetik, bidea ta nundik-norakoa ez diralako garbi ikusten, eta bestetik edonun topetan diralako zenbat-gura enbarazo. Dana da jausi-bearra, asikeran.
Euskeraren salbabidea kulturan
Asmo sutsuetan murgildurik, 1956-ko udazkenean jaio zan euskal letretara JAKIN.
Ta zer egin dau JAKIN'ek amar urteotan, euskal errealidadean?
Errebista ta talde bat lez JAKIN, osoan, begiraturik, nik JAKIN euskal kulturaren sortzaille ta kreatzaille ezpada be, eragille lez, bai, ikusten dot. Gure aldizkariaren jatorrizko destinoa ta joera da kultura, Jose Azurmendik diñonez. Ta olaxe da, bai, ze lenengo zenbakiko ataritik ari jakuz esaten: "Gure euskera, kultur-yoera ta kultur-ats guzietan murgil ez bitartean, aizea orrazten ari gera".
Asikeratik euki dabe jakinlariak, galdu eziñezko uste ta asmo serio ta amorratu bat: kultura, jakintza, euskeraz egitea. Alde ontatik, jakintzak askatuko gaitun konbizioa. Sarri ta sarri, era askotara, deadar egin dau JAKIN'ek euskera kultura barik eriotzara doala zuzen. Ta geu izango gintzake, geure erru ta alperkeriz, iltzaille.
Beste abixu bat be, asiera asieratik, emoten deusku JAKIN'ek: gaurkotasuna, bizitasuna; irakurgarritasuna, berba baten... Ta asierako asmo au indartzenago dau oraindik: "Edertu dezagun gure izkuntza. Egungo arazoetara egokitu. Saia gaitezen edozetariko gai ta arazo, euskeraz erabiltzen". Ta izan be, euskera bizitzeko bear dogu, alkar ulertzeko, ta ez adornu edo pitxigarri bat lez. Bizitzeko gura badogu euskera, ta euskeraren bizia nai izan ezkero, ortarako, derriorrez, kultura dogu bearrezkoa. Bear aiña euki ezta be, ezin ukatu len baiño obeto gagozala, kultura arloan, gaur. Ta euskal kultura onen egitearen eta zabaltzearen arazoan, zeregin apartekoa euki ebala —eta eukiko dabela, segurutik— JAKIN'ek pentsetan dogu. Bai JAKIN aldizkariaren bitartez, bai JAKIN'eko kultur-liburuekin, ta baita be jakinlariekin.
Sujerentziak bear ditugu
Elkarrizketa ta kritika taktika izan leiteke, edo ez. Ta gure artean ez da. Albokoaren kritikari ateak ixten deutsonak, laster izango dau barruan illunte negargarria. Ez, danok batuaz, danon artean lan egin bear dogu. Ta JAKIN'ek beti izan dauz ateak zabalik edozein kritiku sar eitean: "Sujerentziak bear ditugu. Bai, bear... Irakurle: idaroki iguzu nai eta uste duzun guztia, ez dugu best-rik nai-ta". Erri baten alde bierrean gabiltzan ezkero, erri orrekin alkarberbetea izan dogu gidari. Ez daukagu diktadurarik. JAKIN ez dago, gaiñera, talde fijo baten eskuetan. Urtero, urtero billera bat egiten da, ta an agerten diran joerak dira gero nagusi. Iritzi billa enkuestak be egin doguz. Egia maite dogu-ta, ez gagoz itxita.
"Ara lan baten egia, errealidadea", esklamatzen eban pozez, urteak direla, Kepa Enbeitak. Ta oindiño gaur, esaten eban "Zeruko Argia"-n Rikardo Arregik euskal letretan JAKIN'en errealidadea ukatueziña dala. Orain ba, irakurle, zuk erantzun bear deuskuzu, arrera abegitsuz ta laguntzaz. Zure zai.
joan mari torrealday
Durango-tik
Sarri jakin gura izan dot euskaldunok noiz asi giñan artzaintzarako Ipar-Amerika alderantz joaten bizi-modu erosoago bat billatu guraz, iñoiz barri garbirik ez dot topeu baiña. Orain eun bat urte edo, euskaldunok Kastilla aldera joaten giñan, or beian emen baiño biar obeago ta ugariagoak egoten ziralako. Geienetan etxe batean maiorazgoa geratuten zan, eta besteak derrigorrez urten bear nonnora. Kirikiño idazlari ospetsuak ederto deskribituten deuskuz beren "Bigarren Abarrak"-etan euskaldun oneen gertakizunak. Bear bada kontaten deuskuzan asko gertaturikoak izango dira, ze Kirikiño bera be, maixu zan lez, ortik betik ibillia dogu. Une ontan "Ascensio, txakurra jo dabena"-ren barregarrizko gertakizuna jotort burura.
Gaur, barriz, ez dira egongo euskaldun asko Kastilla aldean, bertara biarra topetan joanetarikoak beintzat. Gaur aldrebes gertatuten jakula esan bear. Baiña Kastilla aldera ez ba da be, ainbet euskaldun dagoz euskalerria itxi ta beste lurraldeetara joaten jakuzanak, batez be Ipar-Amerika ta Australiara. Emigraziño onek —gaur lenago baiño geiago gaiñera— problema asko dakaz era batera. Askotan gurasoengandik artutako fede ta erligiñoa be, bide erdian izten da diru-truken edo, aldi aretan dagoalako ez abaderik eta ez fedea sosteniduteko errestasunik. Don Santos Rekalde Aranguren abade jauna dogu Ipar-Amerika-ko artzaiñeri lagunduteko bertara joanetariko bat. Uda ontan euskalerrira etorjaku, gure artean egonaldi txiki baten egiteko asmoz.
Don Santos Durango-n jaio zan. Derio-ko seminarioan abade egin da gero, Amoroto-n egin ebazan beste urte batzuk parroko lez. 1960-grgo. urtean Boixe Idaho-ko eleiz-barrutiko uriburura joan zan artzaiñen artean biar egiteko asmoz; eta olantxe sei urte oneitan euren artean egon da. Negu aldian —gabonetatik marti aldira, artzaiñak mendietatik beko parteetara jetxiten diran bitarte onetan— euren rantxoetan bizi izan da. Udan, barriz, kotxe bategaz bakoitxa bizi dan rantxoetara joaten izan da.
Azkenengo urte oneitan —len be egin eban beste denpora aldi bat Rupet-ko errian parroko lez— Boixe-n egon da linguistikako ikas-aldi bat egiten.
Don Santos-en aurretik beste abade batzuk be egin dabe biar berauxe. 1918-gr. urtean Arregi Gipuzkoa-ko abade jaunak biar oneri ekin eutson; ta 1953-tik 1960-ra Frantzisko Aldasoro jaunak be bai. Ordutik onantza —esan dogun lez— Don Santos Rekalde jaunak, Ipar-Amerika-ko artzaiñen kapellau batek zelako biarrak eukiko dabezan konturatuteko auxe jakin bear da: Idaho-k bakarrik 700.000 persona daukozala 146.000 m2. 146.000-tik 46.000 inguru izango dira katolikuak eta euskaldunak 8.000, jatorriz diran guztiak kontetan badoguz 25.000 izango badira baiña.
Gure artetik ara joan da bertan bizi diran guztiak oso aberatsak izan bear dabela pentsatzen baten batzuk. Antza diru pillo eder bat bildutea an be ez da ain erreza, geitxuago irabazte ba da be, bizi-modua askotaz gorago daualako. Beste aldetik, emetik joaten diranak, lenengo urteetan beintzat, era txarrean aurkituten ei dira, batetik biar txarrenetan jardun bear izaten dabelako, ta bestetik, bertako legeen laguntasunik ez-taukielako, bertan nazionalizatu ezin diralako egin. Esate baterako, artzaiñak, deretxoz urtean bein illebete osoko jaiak euki daikeez ugazabak ordainduta, urte guztian ez jairik eta ez domekarik ez dabelako eukiten. Baiña ugazaba askok ez dabe kontratu ori onartuten, eta artzaiñak lege-pean bizi ez diran lez, ez daukee estaduaren aurrean protesta egiteko aukerarik. Bizkai-ko Bankuak ango artzaiñentzako argiratuten dauan Boletina irakurten dogunok ba dakigu seguru arlo onen barri eta Don Santos-ek zelan egin dauzan alegin guztiak artzaiñen deretxo orreen lortuteko be bai.
Baiña batez be Don Santos-ek adierazo gura dauna Ipar Amerika-ko artzaiñak zelan dagozan abade geiagon-premiñan da seguru. Egia da artzaiñ euskaldunak ez dabela federik galduten geienetan, baiña asko dira euren artean be otzituten diranak.
Bai dala txalogarria Don Santos Rekalde-k Ipar-Amerika-ko lurraldietan egitan dauan biarra! Berantzako, bada, gure txalo beroenak!
Berritxu-tik
Bagillaren 26-an eta garagarrillaren 3-an idi-probak egon dira erri onetan. Nor urten dauan garaille eta gañontzeko albisteak erderazko periodikuetan jakin doguz.
Baiña ba dago esan bearrezko gauza lotsagarri bat sarritan jazoten dana naiz-ta periodikuak aita tu ez. Konturatu zaiteze! Probaren gora-berak altabozetik emoten ebazan erritar batek eta erderaz emoten ebazan, lantzien bein be euskeraz be zeozer esanaz. Gauza bardiñak sarritan aitatu izaten bear doguz gure aldizkarietan. Bear bada aitatu dodan gizon ori erderaren expansiñorako lan aundi bat egiten zegoalakoan egongo zan. Orixe bera jazoten jaku sarri guri euskaldunori: kanpokoeri errespeto aundia, erderarik jakin ez arren. Baiña etxekoa ankapetu. Geure barruak uniberzalizatu nairik, "ridikulo" aundi bat egiten dogu.
Orrelako gizonengan ezin dogu konfiantzarik euki euskaldunok. Orain euskera traizionatzen daben erara, biar edo etzi, erdera be traizionatu egingo dau. Universalismoaren izenean orain euskera ta euskalerria traizionatzen daben erara, biar edo etzi lagun-onena diru-truken salduko dau.
Problema onek sustrai sakonak daukoz. Kanpotarrakaz ondo konpondu eta etxean iñogaz be berbarik be ez. Berritxu-n idi proba baten erderaz ari dan euskaldun baten mentalidadea ezagutzea, Trinidadearen misterioa aitzea baiño gatxagoa dalakoan nago.
OTSOLONDO
Plentzia-tik
Nork ez dau ezagutuko erri ontan "Manu Motriko" mariñal jatorra? Ta ez izenez edo arpegiz bakarrik, beren bizitzaren barri jakin be bai. Kantauri-ko itxaso zabalak be ba daki seguru mariñal onen barri amaikatxu urteetan iñoiz aspertu barik ibilli bai da beren itxas-ertz guztietatik zear. Sendoak daukoz oraindik Manu-k bere beso zar zaintsuak, oso azkarrak bere oiñak eta zendoak bere bular-auspoak.
Itxas-ertzeko erri geienetan ba dago oitura bat: famili bakoitxari izen-ordezko bat imiñintea. Auxe bera diñosku Domingo Agirre-k be "Kresala"-ren bigarren kapituloan: "Andiak eta txikiak, aberatsak eta landerrak, guztiak daukie eurentxua... Kanpoko errietatik Arranondo-ra datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta ez-tau geiago beregandik kenduko. Zeiñek ipiñi deutsa? Iñork eztau ori garbiro jakiten... Zergaitik? Edozer gauzagaitik. Edo lodi eder guria, edo argal me zatarra dalako, apaindua edo praka-zarduna..." Olako bat gertatu jakon Manu-ri be. Jatorriz, Motrikoarra zan eta erriko guztiak "Manu Motriko" deituten deutsoe, bere benetako izena Manuel Garagartxa Larrañaga izan arren.
Manu —ain urteduna izan arren— beti daukozu enbarkaderuan sartuta, edo osterantzean itxasoan bere biarrari ekin iñoiz aspertuteko asmo barik. Eurrez ikusi dot batelen bat pintetan edo sariak konponduten edo... Lendik be ezagututen neban, baiña arpegiz bakarrik. Gaur goizean euki dogun alkar-berbetan ezagutu ta jakin dot bere gora-bera batzuk. Apar bat ikaratuta itxi deust aguretxo-onek; ain alai, gartsu, biotz oneko ta langille ikusi dot... "Mariñelen seme ta loba nozu, esan deust. Etxean sei neba-arreba giñan, ta ni danetatik gaztiena. Amar urte nituela, urten neban lenengoz itxasora, neure aita izanekoagaz bonitoen billa joan da. Orduan oraindik Motriku-n bizi giñan. Baiña gerotxuago, 1910-gr. urtetik berton bizi naz. Urte aretan ibilaldi asko egiten genduan onantz kaia egiteko iraurria ekarten batez be. Azkenean erri au gogoko egin jatan eta berton geratu nintzan neure seme ta andreagaz".
Manu-ren kementasuna nolakoa dan jakin gura badozu, itxi eistazu orain urte bi —larogei-ta bi urte eukazala— egin gura eban posturea kontetan. Mana oso langillea izan arren, ez da iñoiz izan aberatsa, itxasoan askotan beintzat ez ei dira topetan urrezko edo zillarrezko pitxiak eta. Diñoten au domeka arrasti batean bertako jauntxo bategaz gertaturikoa da, enbarkaderu ondoan itxasoko aize gozo artillen eben bitartean. Egon ei zan, ba, Manu bere indarrak goraltzen eta apur bat bere barbok —irrikoi seguru— markatik pasa ei ziran. Jauntxoak bere laguna ain ausarti ikusiaz, Plentzia-tik Donosti-rako joanaldia etapa batean egiten ba eban, lau milla ogerleko ez eutsozan agindu ba...! Zoritxarrez, jauntxoa bera akorbardata ei zan azkenengo unean, posturea bide okerrean ikusi ebanean. Ostarantzean, Manu Motriko iñoiz txipiroi edo beste edozein arrain pilloagaz be irabaziko ez eben beste lortuko eban.
J. BILBAO
Jainko-Arrieta-tik
Jainko Sollube-ko magalean eta Oiz, Bizkai-Erdi ta Gorbearantz begira dagoan auzo bat dozu. Auzo txukun ta zoragarrizko bat. Beintzat alan iruditu jatan niri neuri igaro dan bagillan bertako erromerira joan nintzanean.
Baiña gauza bat egoan ainbeste edertasunaren parean ez egoana; auzo ontako eleizatxoa. Izan be, Eleiz au, doñoenetik, 15-gr. gizaldian —1481-ko urtean— jaso zan. Oraintsu egindako berrizte onetan argi agiri dan lez, gizaldi onen zear euki dauz beste barrizte batzuk be. Au oraindik obeto konprendiduten da, eleizea ezeze, guda denporetan noizbait gaztelu antzeko bat be izan dala kontuan eukiten ba dogu. Eztakigu azkenengoz noiz egingo ete eben eleiz onen barriztea. Bear bada, bertako urtedunenak be ba leiteke ez gogoratua. Beste eleiz ta ermintxe askoren antza, bada, ba eukean Jainko-koak orretariko barrizte baten bear-izana.
Barrizte onen jaiak bagillaren 16-an ospatu genduzan. Goizean Meza Santua, bertako seme dan Jesus Garay abade jaunak mezea emon eta berba egin eban. Bero dantzak (Gaztedi, Beti-ernai, Urarpea, Gorantza ta Urduli dantzari taldeak parte artu eben), bertsoak (Mugartegi, Alberdi ta Iturrixa-renak). Ondoren Alfredo Etxabe euskal kantariak, oso ederto abestu ebazan kantziño batzuek. Arrastian, bostetako Eleizkizunaren ondoren, barriro goizeko, bertsolari, dantzari eta Alfredo Etxabe-ren abestiak. Gero eguzkia, laiñoa ta mendien bitarteetan ittoten asi zanean gazte guztiok erromeri eder bat euki genduan.
Gernika-rra
Billaro-tik
Billaro erriko bakean, Arratia ibar biotzean, jai kutun ta begiko bat izan dogu: zartzaroari omenaldia. Jai mamintsua benetan. Eta mamintsuago gaurko egun baragarri onetan. Ba, gaur egunean, baloraziño oker baten aurrean ikusten gara, industrial tipoko berau: baztertu guraz biar-lekuetatik berrogei urtetik gora baditzanak. Eta konpontzen dira, bai, bear pare bako onegaz altsatzeko. Eta oneri begira, ara emen, agirian ezarrita omen-aldi bero ontan, kristiñautasunaren egia. Egi kuttuna, ongillea, biotz-bera eta erriratua.
Omenaldi au —jakin jakingarria izan be, eta botera ikasbidea— "Caja de Ahorros Vizcaina"-ko gizon jatorrak atara eben aurrera. Eta ondo politto antolatu be! Ikas bide ederra askontzako. Eta geiago, onelago entidade edo organizaziño batek esku anean dabiltzanean ainbat bankuko interes ta aorro tabar. Bai, agirian jarri dabe euren biotz zabal, kristiñau ta gizatar adiskidetasunaren alde eta erriko oituraren alde.
Billaro-n gagoz. Biotzean poza gañezka. Ez da izango ez benetan gizatalde geien dagon bazterrik, ezta zarata geien dagoan txokorik. Bai seguru, ordea, dirdari bizi-bizi bat sentitzen dan txokorik beroena. Dirdari zar eta gaurko bat, ospatzean ain omenaldi merezia, Billaro-ko erriaren bakean eta alaitasunean.
Erri inguruetako parroko jaun guztiak batu ziran (eurak Kristo gizatasunaren espirituak). Abadeak batez be, eta beste danak be bai, eurok izan ziran ixiltasunetik, baserriko ta erriko zarrak atara ebezanak, "Caja de Ahorros"-koen erreguz. Eta au dana zarrok laguntasuna, anaitasunaren aitorra, laztantasuna eta euren seme ta lobeen omen-aldia artu eien.
Emoziño beroan egoan taldea euskerazko meza barruan. Dana izan bai zan gure izkuntza zar eta gozo onetan. Benetan agure areek biotzak pil-pilean euki eben. Ze gauza andia anaiak anai sentitzea, danak bat izatea!
Txoko guztiak ederto jantziak egon ziran. Lorak batetik eta bestetik; neska-mustillak jantzi bikaiñakaz: baserri jantziak, arrantzale edo mariñeru jantziak; dantzariak... eta danen aurrean gure biotzeko zarrak. Batzuk beartsuak, besteak ez ain beartsuak, danak, barriz, anaiak urteetan eta fedean.
Zarren artean marka bat egoan: Mikaela Santamaria Iturbe-na. Billaro-koa bera, larogetabederatzi urte lepoan, eta opagarrizko askartasunaren jabe oraindik. Antonio Zarate aguretxo jatorrari be beste omenaldi egin jakon. Bere larogeta bi urtegaz, bere bearrean jarduten dau, uri-zain bearrean. Eta orain be, bear danean, bizkor segidu ume trastoari!
Jan-aldi eder ta bero baten ostean, zar beartsuari pentsiñoak zabaldu eutsiezan, "Caja de Ahorros"-en borondatez. Eta erri guztiaren poza.
Billaro-n batu giñan guztiok bai ospatu gendula atsegiñezko beteko jai eder bat.
DIONISIO
Arrituta geratu giñan izparrangi baten irakurririk gitxi gora bera au: arabera ikasi bear leukela gure gaztiak batxillerrian. Orixe baiño ez geunke bear oraiñ! Etxeko izkuntza ikasi eziñik eta kanpotarrena irakatzi!
Arabitarrakaz artu-emon aundiak daukaguzala-ta... salerosketak ondo izateko! Materialismo zikiña, benetan! Euskereak, euskaldunen arimak edo gogoak ezdauko baliorik... ingelesakaz edo arabitarrakaz itz-egiteko ez dau balio ta.
Euskera aurrera ez doan artean beti pentseko dogu materialista uts batzuk dirala enbarasu egitan eutsenak. Oiñ denpora eztala, prest ziran agindariak Olinpiadan milloiak "botatzeko". Zertarako? Ba, turismoari amua luzetuteko. Da, zertarako bear dogu turismo au?: ¿Barruko ustelak argituteko? Turismoa ta salerosketak bearrezkoak dira, bai; baiña lenago da arimia gurputza baiño, ala ez?
Antxiñatik gagoz eskola naikorik ez daukagula ta. Zoritxarrez gabeletako diruak ez doaz eskoletako bidetik. Eta bearrezkoa da erriari berak nai ta bear daben jakintza emotea. Alan diño, beintzat, Konzilio Santuak, bai ta ere Bizkaiko Gotzaiak bere Aprilleko Pastoralean: "Aitak dauke eskubidea berezitzeko euren aur edo umeen edukazioa". Eta ez bakarrik eskubidea, ze eginbide edo obligaziñoa be.
Erderazko eskolak gitxi dauzkaguz, benetan, da ezta inpuestoetan diru gitxi batzen dabelako; baiña ikastolak, euskal eskolak, au da, erriak bear dituanak, ez dagoz iñundik ere. Or dabil Euskaltzaindia eske, or gagoz euskaldunak ezke, eta or dagoz agindariak gor. Kristiñauak izaten asiteko gauza asko bear doguz: ete da auxe lenengoa?
Barru barruan sartu daigun auxe: egia bada Gernike sortu zala Bizkaiko utsune bat betetako, argi agertzen jaku zein dan danon eginbearra: Bizkaiko erriari serbidu; baiña, ondo entzun: lenengo Bizkaiko erriari eta barrukoak konponduta gero, zabaldu deyela Arbola Santuak munduan frutua.
Nik beintzat nere seme-alabantzako ikastola bat nai dot. Eta gabelak bidan lez ordaindu ezkero, bearrezkoa da neretzat eta nere-lakoantzat ikastola bat idigitea. Nere ustez.
Alan ba, ikastolak noiz?
IBAR
Euskal Erriko ikastoletan euskera sartzeko eskubiderik ba ete daukagu ba?
Erri bakotxak bere izkuntza (berbeta) lantzeko eskubiderik ezteukola sekulo be ez dogu entzun. Gañera, ondo letorkigu, Pacem in Terris-ek gai oni buruz diñona irakurtzea. Eta Españako Estaduak, katoliko izanik, zelan ukatu leiz euskal ikastolak?
Oraintsu Bilbon edegi dabe erdera-euskerazko ikastola bat eta edertotxu deritxot. Baña naiko ete da? Ezta antzik emon be. Orretan geratuko balitzake gure lepotik barre egitia izango litzake.
Ikastola ori Diputaziñoaren babespean zabaldu da. Zorionak Diputaziño, baña ezkaria egin da bost sei illabetera emon dozu erantzuna, ainbeste denpora biar ete da ikastola bat ondo ikusitzat emoteko?
Baita ere entzun dogu, Diputaziño, zure auzoi ikastoletan irakaskintza izkuntza bitan egingo dala. Ia ba asmo eder ori, "laster" egi eginda ikusten dogun.
Baña ori egi biurtuta ikusirik ere konforma geinkez? Bai zera be!
Gure auzoetan euskera sartzia ondo da, baña ez naiko, gure kaletan bere biar dogu. Escuela Nacionaletan bere biar dogu. Eta oneik Estaduarenak dire. Beraz noren eskuetan dago au? Nok dau baietza edo ezetza?
Aize barri pozgarri bat yatorkun Madril aldetik, baña antza geratu da.
GERRIKAGOITIA
Egiñak-egin eta or konpon [Bertsoak]
Zetan yatortaz nere gogora
Lengo jasokun itunak,
Lenez gaiñera nere biotza
Barriz zauritzen dabenak.
Egiñak egin eta bakean
Bizi gura dau gizonak
Baiña bakerik ezin dau lortu
Kezkaz daguan barrenak.
Uda barriko txori kumea
Egaz asten dan antzera
Ames zorotan juaten nintzan
Lora billa baratzera.
Kolore danak sartzen yatazan
Bardin nere biotzera,
Danak neuriak ziralako uztez
Eskuak utzik etxera.
Egiñak egin eta or-konpon!
Gazte aldiko bizitza,
Gorputza sendo, amesak aundi
Ez-bildur eta ez-lotsa,
Atsegin loraz asetu ezin
Narrazturikan gorputza.
Orain barruko bakea gura
Baiña kezketan biotza.
Aita goikua zuk bai dakizu
Barkatzen damutuari.
Azken orduan parkatu zeuntsan
Kurutzeko lapurrari.
Zeure eskua luzatu JESUS
Damuz daguan oneri,
Nigaitik bardin egin zenduan
Zure odola ixuri.
Enbeita-tar Balendin
Zutunik
Gaurko gazteon xeetasunik ezaugarrienetariko bat zintzotasuna izango dala sarri esan da. Gazteok gure indar guztiekaz egiaren atzetik ei gabiz, batzuetan —geienetan ez dot uste— bide okerren baten jausten bagara be. Unamuno andiak be beste ainbeste egin eban. Berak idatzikoa dozu auxe: "Decid siempre la verdad y Dios os dirá la suya. Porque dicen también las Escrituras que quien ve a Dios se muere. Y es lo mejor que puede hacerse en un mundo de mentira: morirse de ver la Verdad".
Aurrerantzean Bizkaia-ko gazteok —ez Bizkaikoak garalako, gazteak garalako baiño— ANAITASUNA aldizkari onek eskeindu deuskuzan orri bi onetan gure kezkak adierazoko doguz. Lenengoz itxi eidazu esaten orri oneek zergaitik izendatu doguzan "ZUTUNIK" berba onegaz.
Gaurko gazteok iñoiz baiño geiago egiaren zain gagozala esan dot. Baiña egiaren izenean beti esan ei dira ain egi ez diran gauza asko. Nor ez da konturatu "prensa amarilla" deritxoen orretzaz? Gura ta konbenidu dana lenengoko planoetan azaldu eta beste illunpean gorde bada ezpadan be iñor konturatu ez daian. Ara or garbi esan da eguneroko ta aldizkari askoren sensazionalismo zantar ori! Askotan gazteok gure egiteetan paternalistak be izan geinken antzera sensazionalistak izaten garala esan bear, sensazionalismoa aldizkarietan beste eguneroko bizitzan be agertu daikelako.
Egia nunnai ta beti kantatu bear dala esan dot. Ta egia edozeneri kantatzeko nor ete dago erarik onenean? Nik kaleko gizona, iñogaz kateatu barik gagoana dala esango neuke. Baiña gizarteko artu-emonetan danok ez ete gagoz apurren bat kateatu ta gero? Zeozergaitik egiten jakuz egin be ainbet biderrez egiaren berbak ain mingotzak! Dana dala, egia kantatzeko kaleko gizona, gizarteko artu-emonetatik auldu barik urten dauana, au dago —nire ustez— egia kantatzeko erarik onenean. Zergaitik? Zer galdu ez daualako. Andiak eta euren alboan bizi diranak, burgesak, kortesanoak, kaleko gizon ez diranak berba baten, euren dirua, euren puestoa... edo... galduko ete daben bildur egoten dira beti. Zenbat olako sasi-begiramendu! Besteak, kaleko gizonak, barriz libre dagoz onetariko eragozpenik ez daukelako. Gaiñera, errealidadea nok ezagutuko dau obetoago kaleko gizonak baiño? Egia utsa, bazter bakoitz eta guztietan jazoten dan egi beroa, saltzan sartuta dagoanak baiño obeto ez dau ezagutuko seguru.
Gizarteko gizonak bananduterik balitz, klase bi oneitan banandu litzakezala pentsatzen nago: gizarteko artu-emonen menpetasunean bizi diranak, batzuk; besteak, oraindik ZUTUNIK dagozan ezkero, egia eskeiñi ta edozeiñeri kantatzeko prest dagozanak. Oneek errietako kanpatorren lez tinko ta gartsu bizi diranak, oneek bakarrik dagoz gertu egia edonon ta beti esateko. Oraindik ZUTUNIK dagozan oneri, biotzez eta adimenez gazte diran oneri deadar bat egin gura neuskioe orretarako iñor izan ez arren euren bide garratz ortatik jarraitu daien. Ortarako sortuak dira izan be ZUTUNIK deritxoguzan orri bi oneek, naizta egia askotan mingotza izan, kantatu bear danean kantatzeko.
Ara or ZUTUNIK izen onen esan-naia.
J. LEGARRETA
Españia ta euskaldunon lege zaarrak
Azken aste oneitan bai teleikuskiñez ta baita egunerokoetan ere Gipuzkoako ta Bizkaiko lege zaarrak dirala-ta sekulako zaratak egin dira.
Nire iritzi apal onetatik, demokrata garan ezkero, nik oni buruz pentsatzen dodana esan gura neuke illunpetik, esan diran asko argiro ipinteko asmotan.
Teleikuskiñez berba egin euskun zoritxarreko izlariak ezekian, edo ezeban jakin nai, foruak, lege zaarrak zertzuk diran ta zergaitik dagozan.
Espaiñol zentralista batengandik arrazoiak ederto dagoz: Ez ete gara españiar guztiak bardin? orduan espaiñiar guztientzat ere lege ta eskubide-bear bardiñak.
Orrentzat gaur-egun zelanbait Nafarroak eta Arabak dituen ta Bizkai-Gipuzkoak euki bearko leukiezan foruak burupe edo pribilejioak baiño ez dira. Jakiña, ta espaiñiarrak garan aldetik ori ezin izan leiteke olan espaiñol guztiak bardin-bardiñak ei-diralako.
Izan ere Madrildarrei komeni yakena izan bear da on beste guztiontzat, naiz ta askoren gustuak txit bestelakoak izan.
Leenengo ta bein gure lege zaarrak burupeak dirala esatean argitan erakusten dausku beraren ezjakituria arazo onetan. Foruak ez dira iñola ere pribilejioak. Nafarroko erreiñua, euskaldun erri guztiak batuten ebazana, Espaiñiko erreiñuagaz alkartutean lege zaarren bidez joan zan, au da alkartze ori benetakoa izateko Madrilgo gobernuak gorde ta emon bear dautsoz Euskal Erriari zor dautsozan lege guztiak.
Ez, izan ere, ta au agirian dago, espaiñiar guztiak ez dira berdin. Zelan da bardin Kataluiñar ta andaluz bat, zer alkar-antza daukie galixiarrak extremeiñoekin, ta euskaldunok Kastillakoak lakoxeak garala esan geinke?
Ez, ez gara bardin, zenbat erri einbat lagun; berbetak ez dira bat, kataluiñera, galixiera, euskera ta espaiñera oso diferenteak dira ta alkarregaz ezin ulertu gaitez. Beraz, ez gara ain bardin espaiñol guztiok Madrilgo tele-izlariak iñoanez.
Ta nundik datoz ezperdintasun guztiok? Kondairari, Historiari, begiratuten badautsagu erantzuna argi daukogu:
Antxiña Espaiñia ezegoan baturik, erreiñu bakoitzak beraren esku eukan. Olan eskolan esaten euskuen maisuek Kastilla, Nafarroa, Kataluiña, Balentzia eta abar libre zirala, gero errege katolikoak zirala bide ta beronein armak batez ere dan-dana batu-edo egin zan.
Arma bidezko batasun orretan baiña etziran erreiñu orren legeak galdu, ezta bakoitzaren nortasuna be, ta arrezkeroztik Madrilgo gobernu zentralistak gero ta foru geiago ostu daroasku Kastillako seme ezgaranoi, noizdaiño?
Nafarroako foruak kenduko balira, Nafarroako erria, ta baita ezelan ere Euskal Erri guztia O.N.U.'ra joan aal leiteke Espaiñi zentralista orrengandik aal bait ariñen alde egiteko.
Ez, foruak, gure asaben lege zaar sakratu orrek ez dira guk daukoguzan gurekoikeriak, geuri zor ta emon bear dauskuezan eskubide edo deretxoak, bestelan txarri goseak eskurra ames diñosku esalegeak, ta bear ditugun askatasun orrek beste bide gogorrago batzuetatik lortu egin bearko gendukez; ta euskaldunok sarritan ez gara arerio onak, onean ta alkarrizketan demokrata ta apal ba gara be.
Kintana'tar Frantzisko Xabier
Bai, egia, au ez da egunean-egunean ikusten dan gauza. Zer ba? esango daust batek baiño geiagok, ez ete da eguneroko edo sarritan jazoten dan gauza Euskal Herrian amerikar baten egoerea? Bai, ederto diño orrek baiña nik aipatu dodan amerikarra ez da edozelakoa. Izan ere, zenbat amerikar ikusi dozu zuk irakurle orrek Euskeraz dakienik? Ugari ez, seguru asko!
Ba, Nire ondoan daukodan amerikar au, bere pipa jatorra aoan dauala, Ipar Ameriketako Estadu batuetakoa da jatorriz, bertan jaioa ta Euskal jatorririk bagakoa, oLan ta guztiz ere Euskera ikasi dau, ortik dabiltzan "euskotar" erdaldun askoren lotsarako.
Asi gaitezan bada gure alkarrizketa:
— Zer izen dozu?
— William Douglass.
— Amerikarra zaran ezkero zer estadutakoa zaitugu?
— Nevadako Reno'n jaio nintzan, Idaho-ondoan.
— Beraz Idahon bizi diran euskaldunen laguntasunak Euskera ikasi erazo eutzun?
— Ez, Idahon enenbillen sarri; geien bat Nevadakoak ziran ni zaletu ninduenak.
— Nevadan be, euskaldun asko dagoz?
— Bai, iru edo lau milla; geienak iparrean, Elkont'en.
— Ameriketako Estadu batuetan zelan begiratzen yake euskaldunei?
— Estadu askotan eztabe euskaldunik ezagutzen, esan geinke ija bakar-bakarrik iru estadutan dagozala Euskal-semeak: Nevadan, Idahon ta Kalifornian. Guztiotan bi talde egoten dira euskaldunen artean: aspaldikoak ta joan barriak. Ameriketan zaarrak diranak bertakotu egin dira ta amerikartzat daukie euren burua, sarri goren maillako jendeak ditugu: esaterako Nevadako Teniente-gobernadorea euskalduna da ta badira asko ikaragarrizko dirutza egin daroenak. Bertako Joko-tokiak (Kasinoak) euskaldunenak dira ta Euskal jatorrizkoen artean osagille, legegizon ta aundiki asko bizi dira.
— Ta euskaldun joan barriak?
— Joan barriak, egia esateko eztaroe ain bizitza ona. Geienak mendietan dagoz ardizain ta bakartade ikaragarrian, amerikarron ustez beintzat a ezta bizimodu bikaiña.
— Ta amerikarrak zer deritxoe euskaldun artzaiñei buruz?
— Leen esan dautzudanez geientzuek eztaukie euskaldunen barri andirik, askok uste dabe emen euskaldunak bakar-bakarrik bizi izan doazala ta orregaitik ara eldutean oituta dagozala. Nik eztot uste ori egia danik. Euskalduna ez da ain bakarti askok pentsaten dabenez, jolaserako naiz ta ezkoa dau alkartzea, Amerikarrak ostera txit bestelakoak izaten dira, lan-egiteko alkartu ta jolaserako bakarrik ibilten dira.
— Zerk eroan ta ekarri zaitu gure Euskal Herri zaar onetara?
— Ba... ni etnologilaria nauzu, gizarte-etnologilaria, erriak, oiturak, bizimoduak aztertu ta jakin gura dodaz ta Euskal Herriak asko tiratu nau beraren berezitasunagaitik.
— Nun zagoz orain?
— Bizkaiko erritxo batean: Aulestian. Sei aste barru Nafarrora joan nai neuke ango euskaldunen bizimodua aztertzen. Orretarako Lesakako erria aukeratu dot.
— Zer berezitasun-edo daukie Aulestiak ta Lesakak zuk aukeratzeko?
— Nik Euskal Herria aztertu nai dot ta orretarako Euskal usaiñeko erriak billatu dodaz: biok oso kanpotar gitxi daukie, gaiñera bertako bizitzak oso antzekoak izaten dira, erri nekazari, baserritar ta itsasotik luze-labur bardiñak daukiezanak.
— Zer bide darabiltzuz zure azterketarako?
— Egia esan bear badautzut ezda beste munduko bidea baiña bai oso ongarri ta egokiak. Errikoakin egon, euren bizimoduak begiz ikusi ta Aiuntamentu-liburutegietan ibillaldiak egin. Eleizetako paper zaarrak ere asko laguntzen nabe. Donostiko Diputazioko liburutegia ere oso ondo etorri yat.
— Ba, etzaitugu geiago gogait eragin gura, William. Eskerrik asko ta ekin sendo ta buruz lan on ta jakingarri orreri ta badakizu gure aldetik nai dituzun laguntasun guztiak daukozuzala.
Ta badoakigu gure amerikar begiko ta gazte au, 25 urtekoa baiño ezta, bere pipa aoan keaz daualarik. Lotsagarri da euskaldunentzat erbestekoen ardura andi au guk jaromonik ere egiten eztautsegun gauzekiko.
Kintana'tar Frantzisko Xabier
Anaitasuna aldizkariak gazteoi orrialde bi eskeiñi deuskuz. Esan leiteke gaztedia arduratzen doiala Bizkaia aldean be. Baiña bildur naz. Gure ardura onek iraupena biar dau eta au goldaketa latza da aspertu barik egiteko. Gazte argi ta ausartak bear doguz. Erriarenganako maitasunez jantziak eta erriaren etorkizuna egokitzeko bearra egiteko prest dagozanak.
Sarritan agotik galtzen doguz gure indarrak ezeri ekin barik. Gure indarrak bateratu bearrean aurkitzen gara. Emen ANAITASUNAN gure eretxiak azaldu bear doguz. Eskuak tolestuta bestien utsak kritikatzea bear erreza da, baiña gizon batentzat oso tristea...
Gure gizon etorkizuna bete bear badogu gure ingurua kontuan euki bear dogu. Munduan nai ta naiez alkartuta bizi gara. Gure ekintzak eta gure alperkeriak ez dira gure mesederako edo geure kalterako bakarrik. Gure jokabide bakoitxean agiri da erria maite badogu edo ez. Bakoitxa persona bat gara, baiña gizartean, soziedadean, bizi gara ta danon artean osotzen dogu mundua.
ANAITASUNA aldizkari onetan edo beste edozein aldizkari baten parte artzen ez da "ondo dagon jolas bat", egin bear bat baiño. Gure erritarrak, gure inguruetako beste errietakoak, mundu guztikoak eskatzen deuskuen eginkizun bat da. Gure adimen ta borondateak erriaren alde jokatzeko bidea erakutsi bear deuskue.
Gure memoria ez da oin ogei urte "Vuelta a Francia" nok irabazi eban jakiteko bakarrik, nun jaio garan eta erriari zer deutsagun sor noizik-bein gogoratzeko be bai.
Gizon bakoitzaren bizitza "ideal" baten bizitza da; baiña ideal orrek sustraiak bear ditu. Auxe da gure mundua: begi aurrean ikusten doguna. Gure bizitzaren sentidua bizi garan gizarte onetan dago.
Sarritan amesetan ibilli naz: "Nik, egunen baten, baten bat muga barik maitatuko dot". Noizko egunen baten? Nor maiteko dozu?
Maitasuna egunero egiten dan egin bear bat da. Gure maitasun egarriak gizartera deitzen deusku. Gure erri ta mundu osoaren etorkizuna gure eskuetan dagoz. Ori ardura andia da.
ANAITASUNA Bizkai-ko euskeraz ataraten dan illeroko bakarra da. Noiz egingo ete dogu indartsuago? Eziñezkoa izango ete litzakigu amabostero edo astero ataratsea?
Dana dala, ateak zabalik dagoz idatzi nai dabenentzat. Interesante litzake danetariko eretxiak emen agertzea, gurea artean alkar-berbeta ta kritika apur bat sortzeko. Ba dago premiña.
Anjel Ugarteburu
Ta domeka arrasti onetan euri ari dau. Gaur be neure gelako leiotik euria ikusten dot mundua bustitzen. Gaur be euria egiten dau.
Goizetik, barriz, eguzkia zan nagusi. Goizean, eguzki printzak ixartu naute. Gaur goizean argi zan.
Gerora, illundu egin dau. Eta orain, ostera be, euri ari dau.
Ta nire egunkiaren orrietan berba oneek idatzi dotaz.
Ta arrastiaren eriotz,
argi izpi goibel,
biotzaren antzo,
nun bizi, zer egin,
ezer gabe.
Ta beheragoan, ene luma berba onetara itzuli da, ene arima lerro orreen erdira irauliaz:
Ta ni,
bakar, illun, baltz,
arantza arteko zure kabian
sartu eziñean.
Arrats illean,
iltzeetan josia
ene arima
illun
eta
mintzul.
Bakarrik nagoela, beste milla gazteen antzera, nik be bakardade itunaren kate mintzoak ausi gura izan dotaz. Eta irratia zabaldu dot; irratia kantari egoen: Sermoi ta bestelakoak irratitik entzuteak narda emon oi deust. Eta gaur are geiago.
Irratiak berba oneek esaten ebazan bere doiñuagaz: Adios, amor... "El silencio" deritxon abestiaren berbak.
Laiño arte onetan asko gustatu jat kantua, ainbestez polito kantatua. Tronpetaren soiñu zoliarekin ebillen jolasean neskato gaztearen abots eztia. Beste bein be entzuna neban kantu au berau, baiña orduan tronpeta bakar batek, orkestina laguntzaille ebalarik: Sentimentu mutu batek erabillen kantua. Baita be entzun dot beste bein: Obra bateko langille bateri entzun neutson: Bere txistua trixturaz betea eldu jatan arimaraiño lanbroz betetako arrasti aretan.
Goitik eta behetik trixtura batean dabil kantua. Trenak eroan eban ainbesteraiño maitea zan adiskidea, eta estaziñoan geratu zan bestea eskuari eragiñaz, eta begiekaz frenaren abiadari jarraituaz: "Solo un silencio quedó, que hablaba de tanto amor..."
Doiñu fiñean, erromantiku kutsu aundiagaz, gaur domeka arrastian "El silencio" entzun dot, euri ari dauan bitartean.
Eta kantau nitaz entero jabetu da. Eta ixiltasunean bertan be kantari negoen: Ixiltasuna eskatuten dauan kantuak neure ixiltasuna apurtu dau.
Maitasunaren dela, eztia —batzuetan—, karraxi biurturik —beste batzuetan, ala nola Capri c'est fini abestian— maitasuna dabil egungo milla kantuen notetan. Maitasuna, eta bere maitez, ixiltasuna bera be kantu biurtuten da. Ixiltasun sakona, beheraiño erortzen diran notetan.
Maitasuna, maitasuna: Maitatutea eta maiteak izatea gura dogu guztiok. Eta orregaitik kantari gabiltz arrasti otzean, euria darion arrastian. Bai: gaur be euria ari dau.
Pello M. Zabaleta
Bizkaia-n toki ederrik bada, Gaztelugatxe dala ederrenetarikoa esan bearko geunke. Zelako atxak jasoten diran urartartea itxasoaren bildur barik. Kantauri-ko itxaso amorrotuak milloikada urteetan ezin bota izan dau atxaz egiña dagoan gaztelu eder ori. Beti tinko, beti sutunik eta zoragarri irauten dau Gaztelugatxe-k bere ermintxatxoagaz ta guzti.
Iñoiz San Juanetan Gaztelugatxe-n izan bazara, apur bat nekatu ziñan ango 425 eskallerak igoten. Ainbeste eskallerak apur bat edozeiñeri aspertuten deutso; baiña gallurrera iritxi ondoren neke guztiak aztu egiten dirala esan bear edertasun arek ikustean.
Itxaso eder ta zabala atxaren oiñetan ikusiko dozu, eten barik apar zuria ataraten. Atx gogor orren gaiñean errege garala irudituten jatan, iñork ez gaituala andik botako "atxasko gaztelua" bai da. (Auxe esan gura dau esan be Gaztelugatxe izenak). Noiz edo noiz gaztelu lez ibilli eben atx ori. Kastilla-ko Alfonso XI-garrena Juan Nuñez de Lara Bizkai-ko Jaunaren kontrako guda egiten asi jakon. Orduan Alfonso XI-garrena —istoriak diñoskuen lez— Bermeo-n egoan eta orduan Bizkai-ko Jauna Gaztelugatxe-ra igon zan, atxa ezelan be ez ebela artuko ba-ekian da. Kastilla-ko erregeak alegin guztiak egin ei ebazan Bizkai-ko Juan Nuñez de Lara jaun ori menperatuten ta andik botaten, baiña dana alperrik izan ei zan, Azkenean Kastilla-ko errege arroak buru makurtuta iges egin bearra euki eban, Gaztelugatxe-ko atxara igoteko modurik ez ebala topetan.
Ermintxea
Eskallerazko bide nekatsu ori igo ondoren aurrez-aurre bedar berdeaz inguratuta dagoan kapillatxoagaz aurkituten gara. Baiña ze penagarri dago ermintxa au: ate bat kenduta, jausteko arriskuan, ormak zikinduta...
Amazazpi-garren gizaldian jaso eben Gaztelukatxeko San Juan-en ermintxa au. Inguruetako baserritarrak gogoz bizi egin ei eben San Juan-eri atx eder onetan ermintxa polit bat jasoteko. Ta orain urtero-urtero San Juan-en egunean erromerian ainbet gazte joaten da —aurten lez— antxiñako asabak jaso eben ermintxa ontara. San Juan egun ori urteko egunik luzeena dogu, ta argitasun au ospatzeko bear bada egingo oi dira leku guztietan egiten diran suak, danen artean alaitasuna ta poza sortuaz. Erri koskorretan bizi garanok, amaika gabilla ez ete doguz erre gure aurtzaroan. Ba Gaztelukatxe-ra egiten dan erromerian be olakoxea izaten da, alaia, pozez betekoa. Kosta aldeko jentea beti izan oi da alaia, zoriontsua eta bere ibilaldietan zorion eta alaitasun orreek eroaten dabez eurak doazen tokira. Ba daki onen barri seguru bermiotarrakaz onetariko ibilaldiak egiten joan diranak.
Mariñelen batelak
Ba dauko oraindik Gaztelugatxe-ko ermintxeak beste ikusgarrizko gauza bat: barruan zintzilizka dagozan batelak. Zer esan gura dabe batel oneek? Mariñel euren promesen ezaugarri ei dira. Itxaso ekaitzetan burrukan ebillenean mariñelak San Juan-eri eskatu eutsoen laguntza eta San Juan-ek lagundu eutselako batel orreek eroan, ebezan ermintxa orretara, esker ona agertu guraz. Zenbat bider mariñelak poztuko ei dira a Gaztelugatxe-ko ermitxea ikusikeran, konturatuten diralako legorrera elduteko ez dala asko falta-ta. Euskaldunok ta batez be bizkaitarrok atx zoragarri ori geure-geurea dogun ezkero, laguntza apur bat eskeindu bear geunke ermintxa ori lenbailen eder ta apai ikusi daigun. Dagoan lez jarraituten bada, urte gitxi barru lurra jota ikusi ez ete dogun ikusi bearko bildur naz.
Gaztelugatxe eta bere inguruak izatez edertasunez beterik dagozala, Bizkaia-ko "rutas turísticas"-en artean bigarrengo lekua Gaztelugatxe daroa. Baiña antza oraindik naiko zibilizatu barik egon bear dabe baten batzuk zoragarrizko onek, papel, botella eta edozein ondarrakaz zikinduten doguz sarri ta. Auxe bera ikusi geinkean Gaztelugatxe-ra erromerian joan giñanok.
Z-tar Iñaki
Euskal enda edo arraza dala-ta
Kamiñazpi
Gauzak bere tokian
Euskal nortasuna, geienbat, euskereak agertzen dabela esatera ez nator orain; ezta gure izkuntza oneri eutsi egin bear dautsagula esatera be, Euskal Erria-k benetako euskaldun erri jarraitzekotan. Oneik danok dakiguz ta danok batera gagoz.
Baiña ez nago batera, Euskal Erria egiten daben gure izakera batzukaz tarteka marteka an edo emen irakurtzen ditudan guztiakin.
Lengoak lengo, Maiatze-ko ANAITASUNA aldizkari onetan gai onetzaz irakurri nebanak au egitera ipiñi nau.
Ara emen Joan Mari Torrealdai-ren NORA GOAZ? izeneko idazlanaren asieran esaten dituan itzak:
"Gure enda edo arraza galtzen doa.
Naiz-ta askok alan uste, gure arrazaren prolema ez da alboko endakin naasten doala, eta orretxegaitik galtzen. Naaste ori berezkoa da, ukaeziña dan neurri berean. Gaiñera, gaurko munduaren billakaera edo eboluziñoan, zentzundun batek ezin leike kontrakorik defendidu, egunean eztagolako "gheto" edo mundu aparte bat egiterik. Idigiak izan bear gara.
Ta bein da betirako ondo buruan artu daigun: Euskaldunak izango bagara, ez da izango odola olakoa edo alakoa dogulako, euskeraz berba egingo dogulako baiño".
Ona arte bere berbak.
Idazlan orretan, geroko berbetan ikusten zan lez, euskaldunon edari zaletasunaren aurka itz egitea izan da bere asmo nagusia. Baiña bide batez (ta nire ustez bat be premiña barik bere gaia azaltzeko) eusko abendatzazko eretxi orreik jaurtiten ditu.
Alderdi biak
Enda kontu onetan; naita itz bardiñak erabilli, bata besteagaz zer ikusirik eztauken eta iñork nastauten ez dituan alderdi bi dagoz.
Euskal Erri miñak jota gure enda galtzen doala esatean, ia beti, beste erriakaz nastauten doala esan nai izaten dogu.
Jakiña, beste enda galtze ori, edarien bitartez euskal endaren gorputz makaltze ori be, ardura andiko kontua da. Baiña, orixe, beste kontu orregaz zer ikusi bakoa.
Aitatu dodan idazlan orren egilleari euskal enda besteakaz nastauta ondatzeak buruko min gitxi damotsola dirudi. Beintzat, berari irakurrita euskal endaren etorkizunaren kezkarik iñori ez yako jaioko.
Egia, gaur eztago norbere enda besteakaz bat be nastau barik eukiterik. Baiña gure egoeran, gure zirkustantzietan, gaitz onen kezka ta tamala eukitea ezta zentzubakoa izatea.
Erri baten izakerak
Erri baten nortasuna osatzeko izkuntzak daukan garrantzia nik eztot ukatuko.
Baiña errien nortasuna izkuntzan eztago bakarrik.
Erri bat izakera askorek osatzen dabe; edo-ta zenbat-eta izakeretan bereziagoa, erri orren nortasuna nabarmenago agertuko da.
Euskal Erria-ren nortasunaren oiñarriak euskeragaz batera enda, lengo aldietako bere buru-jaubetasuna, oiturak ta abar dira.
Bai, enda be Euskal Erria-ren oiñarria da ta sendoenetarikoa gaiñera.
Nik neuk arazu onetan ezer eztakit, gai onetzaz ezer ganorazkorik sekula eztot irakurri. Baiña ba-dakit Arantzadi, Caro Baroja ta gai onetzazko beste jakintsu batzuk gure endaren berezitasunak agertu izan dituela.
Nire esanen sendogarri, besterik eziñean, orain ogeiren bat urte izparringiak ekarri eben albistea agertuko dot. Anedota bat.
Ego Ameriketako kontua zan. Gaizoren batentzat alako edo olako odola bear zan ta ez euken bear zan odol ori; baiña orretariko odola euskal endak eukala jakiñik irrati bidez, estu-estu deika asi ziran euskaldunai ta euskaldun praille bat bertan agertu zan ta bere odolagaz gaizo a senda bidean jarri zan.
Ez gara razistak
Ez gara endakeri edo razista. Besteak baiño goragoko maillako enda garanik euskaldunok eztogu uste, aldi baten Hitler-ek alemandar endakaz uste eban lez.
Baiña ainbeste kanpotar gure errietan gelditzen dirala ikusteak atsekabatzea razista bada, razista gara.
Eztaukagu lotsarik ori autortzeko.
Ta gure pentsakera zuzenago ta lojikoagotzat daukagu, erdal erri guztia gure erriratzeak eztauskula ardurarik izan bear diñoen euskaltzaliena baiño.
Danen gaiñetik euskeraren iraupen ta indartzea nai ta aldi berean euskerari kalterik geien dakartson amaibako kanpotarren etortze onek miñik emon ez!
Euskal Erria-k, noizbait bere bizitza egitera aldu bear bada, orretarako eskubidea ba-daukala agertzeko, bere nortasuna nabarmentzen daben izakerak galdu ez daitezan arduratu bearra daukagu.
Ta euskal izatearen alderdi garrantzitsu bat dalako gure enda au, alik-eta gitxien nastauta irautea Euskal Erria-ren nortasunari eustea litzake.
Baiña ez enda endagaitik bakarrik. Kanpotik zenbat-eta jende geiago gure erriratu, euskera, oitura ta beste izakera guztiak galduago egingo dira. Ukatu eziña da au.
Eztaukagu ezin ikusirik kanpotarrentzat. Gure katoliko petsakera eztago gorrotoarentzat tokirik. Errukia bai sarritan, euren txirotasuna ikusita. Gaiñera, lantegietako lagun, edo auzoko ezagun edo senidetzan sartu yakuzalako, euretariko askoren adiskide gara edonor.
Ala be beste errialdetako gizon ujoldea gure gaiñera etortea ezin dogu begi onez ikusi.
Ta nork ikusiko leuke gure zirkustantzietan? Nai neuke jakin, zer pozik geratuko liraken españatarrak ogetamar edo ogetabost milloi prantzitar betirako España-n sartuko balitz, edo zer abegi egingo leuskioen errusitarrak berreun milloe txinatar edo inditar Errusi-ra lanera sartuko balitz.
Ba neurri orretantxe dator erdalerritik geure erriatara.
Au euskalduntasunaren ondamendia danarren eztogu euren aurkako ezer eskatzen.
Baiña obe litzake danontzat (eurentzat eta euskaldunontzat) jaioterria laga bear barik eroso izateko aiñako bizimodua eratuko baleutse erdaldunai euren lurraldean.