ANAITASUNA
Año II — Núm. 14
Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa
Agosto 1954
Oraintsu euki dabe Parisen komunistak euren partiduko batzar nagusia. Antxe batu dira Frantziako bazter guztietarik, euren gauzak konponduteko ta partiduari indar barria emoteko. Aurrerantzarako erabagiak artu ditue, eta burrukarako gertutu dira.
Eta orretarako zer egin dabe? Ba, kargua kendu Augusto Lecoeur jaunari, oraiñarte euren agintari nagusia izanikoari. Ta ori zegaitik? Partiduan lagun geiegi sartzen itxi dabelako, eta bere erruz komunismoa aspaldion jarraitzaille epelakaz geitu dalako.
Partiduak eta beste alkartasun guztiak, jente asko daukenean, txarrerantz joateko arriskua izaten dabe sarritan. Itxuraz indar aundia dauke, baiña egiaz gitxi al izaten dabe; irudiz ondo dabiltz, baiña benetan erdi makalik bizi izaten dira.
Peligru ori aldenduteko, Frantziako komunistak euren agintari nagusia kargutik kendu dabe.
Ba-daukogu emen kristiñauok zer ikasi.
Geuk-bere, gure artean, alkartasun aundi bat egiten dogu. Iñoiz amaituko ez dan alkartasuna: Kristiñau Eleizea.
Emen Euskalerrian, danok gara kristiñauak. Danok sartu gintzazan Eleizan bateo egunean. Ez daukogu areriorik. Bakean bizi gara. Mundu guztian ezagututen dabe gure kristiñau indarra.
Baiña, egia ete da ain arro esaten doguna? Zintzoak izan gaitezan gero gure buruagaz! Benetakoak ete dira orrako gure indarra ta bakea? Gure kristiñautasuna obatu ta indarbarrituteko kezkarik ba-daukogu ala? Kristiñauak izateagaitik ardura deusku ala?
Ez da naikoa kristiñau alkartasunean bizitea. Ez da naikoa itxuraz eta azaletik Kristoren jarraitzaillea izatea. Ez da naikoa numeru utsa egitea. Kristiñau egin giñeanean, personalki deitu ginduzan Jesukristok berak. Bakotxari ezarri deusku eguneroko zeregin aparteko bat. Eriotza orduraiño amaituko ez dan arazo berarizko bat. Gauza aundia da kristiñau izatea. Gauza ederra, Jesukristoren atzetik, agintari ain indartsuaren atzetik joatea.
Eleizearen indarra ez dago asko izatean, kristiñauen fede bizkor eta zintzoan baiño.
Ikasi daigun gure areriokandik. Eurak, benetako komunistak izan gura badabe, gu ez gaitezan izan badaezpadako kristiñauak.
Arantzazu.—Ama Birgiñearen Urte Santu onetan, erri asko izan dira, Bizkaitik Arantzazuko Andra Maria ikustera joan direanak.
Bagillaren 27'an, Gernika aldekoak: Gernika, Pedernales, Busturia, Altamira, Murueta, Errigoitia, Metxika, Muxika, Areatza, Aiangiz, Mendata, Arratzu, Kortezubi, Arteaga ta Kanala. Zortzireun lagun inguru.
Garagarrillaren lenengoan, Lekeitio, Ondarroa ta Markiña aldekoak: Lekeitio, Izpazter, Gizaburuaga, Amoroto, Aulestia, Murelaga, Munitibar, Arbazegi, Gerrikaiz, Ondarroa, Mendexa, Berriatua, Markiña, Zenarrutza ta Bolibar. Laureun lagun-edo.
Garagarrillaren 4'an, Arratiakoak: Zeanuri, Undurraga, Ipiñaburu, Billaro, Arteaga, Arantzazu, Dima, Igorre, Lemona ta Bedia. Laurendik gora.
Garagarrillaren 29'an, Plentzia aldekoak: irureun gitxi gorabeera.
Agostuaren 4'an, Mungia aldekoak: Mungia, Fruniz, Jainko, Arrieta, Morga, Fika, Gamiz, Meñaka, Larrauri, Maruri, Gatika, Laukiniz eta Laukariz. Seireun lagun or or.
Orrezaz gaiñera, Durango aldetik, Bilbotik, Bermeotik eta beste leku askotatik-bere igon dabe uda onetan Arantzazura. Eta agostuko azken egunerako, pelegrinaziño eder bat atonduten diñardue Txorierrikoak eta Galdakanokoak.
Ona emen Balentin Enbeita, Areatzako bertsolari ospetsuak, Arantzazuko ospederian abestu zituan bertsoak:
Gaur Arantzazun, une onetan,
Pozez zoratzen nago ni:
Arantzazuko eleiza ederrak
Zeru txiki bat dirudi.
Kantak entzunda, pozaren pozak
Neu-be jarri nau kantari:
Nire bertsoak izango al dira
Guztioentzat pozgarri!
Lenengo neure agur beroa
Arantzazuko Amari,
Besarkada bat Arantzazuko
Prantziskotar Anaieri,
Ongi etorri biotzeko bat
Beste enparaukoeri:
Biotz biotzez opa deutsuet
Arratsaldeon danori.
Baldin baneuko, askok bezela,
Buruko argitasuna,
Azalduteko nire biotzak
Gaur esan gura dabena,
Zelan azaldu Arantzazuko
Amaren aunditasuna?
Auxe da egiz nire biotzak
Gaur emen esan leikena:
Mundu guztian goratzen dala
Arantzazuren izena;
Txalogarria Prantziskotarrak
Emen darabillen lana,
Zortzez garbiko gure Amaren
Eleizarik ederrena,
Erakusteko Euskalerriak
Ari deutsan maitasuna.
Gora Arantzazu! deadar dagigun,
Gora Arantzazuko Ama!
Zortzireun lagun aurkitzen gara
Gaur Arantzazun baturik;
Andra Maria irribarreka
Dago arantza gaiñetik;
Bere biotza gurekin dago,
Maitasun garrez beterik;
Guk-bere alkar maite izateko
Ez dau agintzen besterik;
Gaur egunean maitasun ori
Ikusten dogu galdurik;
Au sendatzeko lan egin daigun,
Anaitasunez baturik;
Damu dot, Jauna! Damu dot, Jauna!
Sarritan esanagaitik,
Lagun urkoa maite ez dabenak
Ez dau egizko federik.
Bear dan legez eroateko
Katoliko arazoak,
Biotz barrutik artu bear dira
Egizko proposituak;
Gaur egunean askotxu gara
Bakarrik min gaiñezkoak,
Katolikoen izenarekin
Gabizan filosofoak,
Erromak baiño geiao dakien
Teologo jakintsuak;
Baiña begiak argiak ditu
Gure goiko Jaungoikoak,
Ikusi eta ezagutzeko
Ardi narruzko otsoak:
Egipenetan ezautzen dira
Egizko katolikoak.
Illeko Ipuiña
Mikel Alper eta Mainton Ugertsu
Mikel Alperrek eta Mainton Ugertsuk-be, beste askoren antzean, alkar maite maite izan eben ezkondu zireanean.
Urteak joan eta urteak etorri, bizitzako gorabeerak direala-ta, otzitu egin jaken lenago izan eben-alkarreganako maitetasuna. Eta ez otzitu bakarrik, alkarregaz aitu eziñik, zarataka ta makillaka ibilten zirean, auzoen barregarri.
Alan ezin bizi leitekela eta ezkontzea ausi bear ebela otu jaken; eta egun tamal baten erriko abade jaunagana eldu zirean, euren ezkontza buztarria apurtu eioela ezkatzen.
Martin jaunak (onelan eritxon abadeari), ezkontzako sakramentua bata edo bestea il arte, munduko indarrakaz, ezelan-bere ezin ausi leitekela, bizi direan artean asarre ta aitueziñak alde batera itxita, senar-emazteak alkar maite maite izan bear dabela, eta abar esanik, apal apal eginda bialdu ebazan etxera.
Abade jaunaren esanak gomutau ebezan artean, bakean bizi izan zirean arik illabete inguruan, baiña barriro jo eben lengora, eta larrien larri eldu zirean abade jaunagana, euren ezkontza buztarria zelan edo alan ausi eioela eskatuten.
Abadea, jolas zalea-bere ba-zan, eta areekaz gauza onik ez egoala ikusirik, gauza barregarri bat otu jakon.
Eroan zituan sakristeriara eta belauniko Jarri ebazan bere aurrean. Artu eban esku baten errespontsuak esateko erabilli oi eban-ixepua, eta liburu bat beste eskuan ebala, latinkada batzuk esaten asi zan.
Latinkada bakotxean baiña, gogor joten eban ixepuaz lantzean bat buru buruan. Aonelan ikin eutsan abadeak ordulauren batean.
Alako baten, gogaituta, amurruz itaundu eutsan Mikelek abade jaunari.
— Noiz arte onelan, jauna?
— Bat ori edo beste ori il arte —erantzun eutson abadeak, piperra baiño serioago.
Senar-emazteak au entzun ebenean, bate batera jagi zirean belauniko egozan-lekutik, eta batak besteari begiratuta, abadeari agur egiteko-be asti barik, isil isilik artu eben etxerako bidea. Onurakorra izan jaken abadearen jolasa.
***
Ipuintxu onek, esakune zar bat dakast gogora: Ezkondu arte larri, eta gero barregarri.
Senar-emazteak, ezkontzea Sakramentu bat dala gomutauko balira, euren artean ez litzake izango izan oi dan beste aituezin, eta obeto beteko leukeez alkarregazko artu-emon, eginkizun eta eginbear guztiak.
Aurraitz
Nire aita urtean bein bakarrik komulgetan da. Sarriago egitea zelan lortuko neuke?
Askotan gatxago izaten da etxeko bateri erlegiñoko eginbearrak bete eragitea, auzokoari baiño.
Aitaren lagun bat zure laguntzailletzat artu eizu arazo orretan. Eskatu eiozu berak esan deiola zure aitari, esate baterako, Irugarren Ordenan edo Jesusen Biotzaren Otoitz Apostolutzan edo oneetariko baten sartzeko. Ori lortu ezkero, biderik erdia eginda daukozu, gura dozuna jarixteko.
Arantzazun edo Loiolan, Begoñan edo Portugaleten Exerzizioak egiteko, lagun orrek edo beste batek esango baleutsa, beste bide erdia-be egin dozu.
Alan-bere, zure guraso maite ori buru gogortxua izanik, aurreratu ezer ez badozu, esaiozu zeuk zeugaz joateko. Artu eizu ereti on bat: edo amaren eguna dala, erdi makalik dabillela ta bere osasunerako jaunartu bear dozuela, edo familian norbait il zaneko urteurrena dala, ta Jaunak zerua emon deion.
Pelegrinaziñoren bat edo kongresuren bat edo oneetarikoren bat nunbaiten dala jakin ezkero, eroan eizu zeugaz, eta esaiozu konfesau ta komulgau egin bear dozula, ta berak-be beste orrenbeste egiteko.
Adierazo eiozu aitari ze aundiak direan arimen osasunerako komuniño on baten frutuak. Alako egun aundiren baten, eskatu eiozu lagundu deizula komulgetan.
Baiña erabilli dozuzan asmo ederrak ez deutsue gauza onik ekarriko, baldin otoitz beroan Jaunaren grazia lortuten ez badozu. Otoitz egin ba, ta eskatu biziro biotzean ikutu deiola, zintzotasunezko kristiñau bizitzara etorri daiten.
Olanik, beragaz lan eder bat egin dozu, baiña zer egin dozun eta zer ez dozun, ez eiozu aituten emon. Eztabaida gogorretan ez asi beragaz. Maite izan beti, maitagarri dozu-ta. Ondo artu beti, ondo esan beti. Errespeto aundi bat euki, ta —egoki dan legez— obedientzia garbia ta zintzoa erakutsi. Alakoren baten, usterik gitxienean, madari umaotua beera jausten dan legez jausiko jatzu eskuetara, ta gura dozuna egingo dozu zure guraso maite orregaz.
Kurutzegrama N.º 11