ANAITASUNA

3 pta. • 144 zenb. — 1967 Urtarrilla 31


amabosterokoa

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

Zuzendaria: JOAN AZURMENDI AIZPURU

Idazkola ta Banakola: S. Ispizua, 5 - Tel. 30, BERMEO.

Arpide saria: Urtekoa 75 pta.

ALEA 3 PTA.

XV urtea - 144 zenb. - 1967 urtarrilla 31

D. L. BI. 209-1967

GRAFICAS BILBAO — Gordóniz, 28 — BILBAO


Bearrezkoetan batasuna

Bearrezko ziranetan batasuna eskatzen gendun lengoan. Anaitasunerako oñarri sendoena ortxe dago-ta. Baña batasunik eztogu aspalditik. Eztogu batasunik ez kristiñau lez, ez euskaldun lez. Ta ori barik iñora be ez. Batasuna ezta gero bardintasuna; ori zan uste gure artean. Olakorik ez. Iainkoak gauza bardiñik eztau egiten; eztau gura be; batasuna bai ostera. Batasuna bearrezkoetan.

Zer jazoten da gure artean?

Amaren eguna zan urte-betetzea. Bazkal ordua eldu zanean, ikaragarrizko atsekabea artu eban amak. Sendi ugaria eukan ta dan danak etorten ziran bazkaltzera bere egunean. Baña egun aretan erdiak-edo baño etziran etorri. Zer iazo zan? Ezta errez iakiten, ez esaten. Etxean dagozanak etorri eztiranen aurka diardue. Kanpoan geldituak barriz, alkarregaz be asarre dira ta banan dabiltza. Bakotxak bereak diñoz, amaren eta aman etxekoen aurka. Urteetako batasun eta armoni ederra, bat batean apurtu ziran.

Amaren etxeraioanak, amaika erregalu eder ekarri eutsoezan amari, zorionak opa be bai. Baña amaren biotz samurra erdi bi egiña dago. Ez dau zorionik; ez dau barrerik egiten, gogo txarrez dago; gorputz aldia be ona ez ta geixorik dagola esan daileke.

Etxeratu diran, ta etxean bizi diran anai-arrebak be eztauke lengo urteetako alaitasunik. Ama olan egonda ezin ba abestu, zantzorik be ezin bota. Etorri eztiran anaiarrebak dabez gogoan, ta sarritan gogoratzen dabe il aurreko aparian aitak guztiei esandakoa: «Neuretxuok, bat izan zaiteze beti».

Amak be aita dau gogoan, eta negar anpulu bat iausi iako begietatik. Etxea illun dago.

Etxetik alde egin ebenak, euren artean be asarre dira edo otz beintzat. Ama gogoan eben asikeran, baña gero, aztu dabe. Etxeko maia gogoratzen dabe, aitak esana be bai, idatzita eroan eben-eta; baña urte asko ioan dira ta amaren maitasun barik bizitzen be ikasi dabe.

Amaren antza eztabe galdu, ezin ba, odol bardiñez egiñak eta oe baten sortuak dira-ta. Sorlekutarren itxura daroe edonora, itzetan ta egiteetan.

Asarre egunetik asko urrindu dira gure sendikoak. Ama biotzeko miñez il zorian dago. Ordutik arrezkero eztau osasunik izan. Etxean gelditu ziranak oso maite dabe, ta etxeratsu iakoz, ezertxo be etxako falta. Baña amak eztau zorionik. Beretzat osasuna seme-alaba guztiak etxean ikustea, aitaren azken agindua, agindu astuna betetzeko. «Guztiok bat, munduak siñistu dagian».

Amak bizi bearrik badau, onetarakoxe dau izan be, munduak siñistu dagian, Aitak bialdurikoak esana. Amaren bizi-eziña, bizienaren kokoa osatzeko anai-arrebok batu bear. Anai-arrebok batuaz, munduak siñistu, ta munduak siñestuz, Ama bizi.

***

Gaur esan daikegu urteetako asarrekeria amaitzera doala. Zaarrak il ziran, ta gorrotoa ta aitu eziña eurekaz ioan zan geienbat. Gaurko senideak obeto aitzen dira. Berba egiten dabe, alkar agurtu ta laztandu be bai. Ama il eziña izan, zorionean, Aitak emondako betiko bizitza dau-ta. Eleiza ta Euskalerria, gure Ama gaztetuten ari da. Irribarreka ikusi ei dabe batzon batzuk, gaurko euren ardura dabenak alkarganatzen ikusita.

Inglaterrakoak eta Erromakoak polito aitzen dira; Orienteko batzuk be amaren etxera io dabe, ta bakeak egitekotan dabiltz. Sei Euskalerriak alkarri luzatu dautsoez eskuak.

Amak beiñola, iauregi zaarrean emondako txingarra eztogu umeok galdu. Oztaz oztaz baña bizi gara. Txingar gori orrek ekarriko barriro etxe zaarrarentzat odol barria, bizitza ta kemena ta iraupena.

Noz izango ete dau Eleizak, Euskalerriak, len izandako atsegiña, mai inguruan, seme-alaba guztiak ikustea, mai baten Aitak itxitako ogia iaten?

***

Eleizaren batasunak, Euskalerriarenak, ezbardintasun guztiak altzoratzen dauz amatasunez. Baña Ama orrenganako maitasunean izan gaitezan bat.

Guztia al dauan Aitak batuko al-gaitu bearrezko diran aietan. «Eskatu ta emon go iatzue», agindu utseziña. Otoitzaz batera gure lana, artegia batu daiten; eztagiala etxetik iñok urten.

Batasuna, bizitza. Kristiñauen batasuna Eleiz Amaren bizitza. Euskaldunon batasuna, Euskalerriaren bizitza. Alkartu, irauteko; bestela gureak egin dau.

Zabale


Erriz erri

Mungia'tik

Gabon jaiak. Betiko poz eta alaitasun andiaz ganera, gure errian oraingoan beste zerbait ederragoa dana agertu da aurtengo Gabonetan. Au da neska-mutillen alkartasun zoragarria.

Gauza bi dagoz oso txalogarriak oingo urtean. Bata, Mungiko irurogeiren bat gazteak urten ebela Gabon abesti bikain batzuekaz Mungiko kale guztiak alituteko asmoagaz.

Gazte oneik, D. Jose Maria Arregi elorriotar abade zintzoak gertu ebazan. Ta euren abestiak oso atsegiñak izan ziran: «Gau ixilla», «Aur eder baten billa», «Aurtxo polita» ta beste abesti gozo-gozo batzuk. Gazte oneik izan ziran «OTOITZ APOSTOLUTZAK» daukon mendi ta dantza-zale «GARAITZA» deritxon taldekoak.

Bestea izan da, talde onek Mungiko errian erloketa edo tonbola bat ipinteko egin ditun alegiñak.

Egiteak oso onak dira, baña gitxi, elburuagaz bardintzen badoguz.

Elburu au izan da diru batzea erri onetan gazte etxe bat egiteko asmo bikañagaz. Aspaldiko urteetan gabiltza ba, gazteak denporea non emonik ez daukogula esaten. Ta onek zati on bat konponduko dauala esan leiteke, askoren asmoa betetuko dau-ta.

Eskerrak eta txalo bero-beroak erri osoari bere. Jesusen jaiotzaren taldeari esku zabalez lagundu eutsoen, baña batez bere erloketa edo tonbolara erri osoa joan zan. Ta an egozan sari ederrakaitik baño askoz geiago, gazte oneen asmo ederreri laguntzearren agertu ziran asko. ESKERRIK ASKO!

Besterik bage, agur bero-bero bat ta zorion oparik onena ANAITASUNA'ren irakurle guztieri Mungiarren aldetik.

Atxuri'ko Aitor

Bermeo'tik

Urtarrillak 24. Asko poztu naz gaur, bazkari aurrean idazti-zabaltzalleak ekarri deustan albisteagaz. Albiste au Telletxea'tar Aingeru'k bialdu daust Bilbo'tik. —Eskerrak, Aingeru.— Jakitun egon naz «Anaitasuna'ren» barriakaz, baiña lenengo zenbakia gaur ikusi dot, eta ganera geure erria oso goratuten dau, ikuste eder bat bertan dakarrela.

Salatari lagunak, garbi eta argi diñoskuz Bermeo'ko errian gertatzen diran gauzak. Aurrerantzian gauza oneik luzatuteko asmoa dau. Ia ba, danon artian zeozer egiten badogu.

Itxaron luzea euki dogu, baña azkenean, erri onetako kaleak, beste erri batzuetakoak lez, barriztuteko antzean dagoz.

«Lope Díaz de Haro» amaituta dago, eta orain Nardiz'tar Jon kalea bere, amaikerara elduta dago. Onen atzetik Arostegi kalea izango da. Geldi geldika, ia ba, beste batzuek bere onen antzera galantuten diran. Bearrizana ba-dago, eta gure ustea auxe da.

Joan diran ille bi oneitan erri onetako arraintzaleak geldituta dagoz. Lebatzale ta beseguzale ontzi txikiak ez dabe ioan-etorri asko egin itxasora, ze egualdiak ez dautse itxi eurak nai izan daben lez itxasoratuten. Alan da guzti be, besegua polito ekarten izan dabe.

Bokartak bere agerkera bat egin dau, eta ganera garau ederrekoa. Datorren illean, uste dogu, kai onetara sartuko dala bokarta ugari. Poztuko gintzakez geure itxaropen au egiztuko balitz.

Joxe Mari


Australian Bizkaitarrak

Erbeste guztietatik aberri guztietara, Gabonak dirala bide, asko ta asko elduten dire, olako iaietan aberri-miña biziago da-ta.

1966'ko Gabon iaietarako gure aberrira etorri direanetatik bat Ansoleaga'tar Alberto dogu, Sopelana'ko mutil gaztea.

Zortzi urte egin dauz Australian, 26 urteko zala aruntz ioan ta gero.

Geure adiskidetasuna bitarteko dala, ango barri batzu eskatu dautsoguz, ANAITASUNAren irakurleentzat, ta poz-pozik erantzun dausku.

— Alberto, euskaldunak zelan zagoze Australian?

— Ederto.

— Zenbat zaree?

— Gitxi gora-bera bosteun famili inguru, euren umeekaz. Ezkondu bakoak mille ta bosteunetik gora izango gara.

— Bizkaikoak zenbat?

— Ezin esan neuskizu; ziur dakidana, Gernika ta Foru ingurukoak dirala geienak.

— Irabazi ondo?

— Tire, ondo edo. Ba-dakizu, naiko iñon be ezta irebazten. Alan da ze, Australian be geiago gure. Ganera, bear klase guztiek be eztagoz bardin ordainduta. Euskaldun asko, azukerea egiteko kañaberea ebaten dabiltz. Ebagi ta kamioietan tonelada bat ipintea 25 dolar ordaintzen dabe. Kañabera ebate au 6 illebeteko bearra da; lan ori amaituta gero tabakoa ta frutea batzen. Beste lan on bat guretzat etxeak eta egitea. 40 orduko lana astean, 48 dolar ordaintzen dabe. Eztago ba ain txarto, baña ondo be ez.

— Bein erbestera ioan ezkero, mezatara ez zareela ioaten diñoe emetik. Zer deritxozu?

— Ara ba, guztirik dago. Emen be ez gara danok ioaten, ta emen ez doana an bez. Baña geienak ioaten gara. An lau edo bost erlejiño dagoz askatasunez, bakotxak bat artzeko. Gu geurera ioaten gara. Abade on bi daukaguz, abade onak eta adiskide obeak, A. Gonzalo Muñoz eta A. Bitoria. Zoritxarrez, eztaukagu ondiño mezarik euskeraz, baña lortzekotan gabiltz, beste gauza batzuk lez.

— Ba-daukozue artu-emonik ango euskaldunek?

— Bai, bearra asko izaten dogu, baiña gu gagozan lekuan umore ona ugari da. Ez iaku iñoz aaztuten nongoak garan, ta euskaldun erara bizitzeko gure alegiñak. Iai egunetan ta, alkartzeko batzoki bat daukogu, «Gure Txoko». Neu izan nintzan bertoko lenengo lendakari; gaur idazkari ordezko naz. Batzoki au ikusita, euskaldun eztiranak arrituta gelditzen dire, gure izakera, izkuntza ta oiturak direla-ta. Sarritan entzute andiko gizonak be etorri iakuz batzokira. Esate baterako, langilleen Liberal Alderdiko ministroa dan CAWELL iauna bere emazte ta guzti. Naiko goratu ginduezan, angoagaitik.

— Ondo konpontzen zarie alkarregaz?

— Antxiña esaten zanez, «euskaldunek erbestean alkarrentzako txakur». Neure eritxiz, an eztogu olakorik gaur. Oso lagunek gare. Orrez ganera ba-dira gure artean gizon txalogarrik, gu batuteko alegiñak egiten dituenak; ta euskaldun lez geure Aberriarenganako egin bearrak gogoarazten saiatzen diranak. Gizon orrein artean batzu iatortaz burutara: Oribe'tar Paulo, bere itzaldi ta erakusaldiakaitik, Iriondo'tar Xabier; Ugalde'tar J. Antonio, Gaubeka tabar. Oso txalogarriak dire oneik egiten diarduenagaitik.

— «Gure Txoko» dalakoan, noren laguntasuna dozue?

— Ba, geure laguntasuna lenengo ta onena. Gero mundu guztiko euskal etxeak doguz laguntzalle. Baña beti pasetan dana, danak eztoguz lagun. Ba-dagoz kañabera-iaube edo rantxero batzuk, bape laguntzen ez deuskuenak.

— Beste zeozer, Alberto?

— Ondiño bai. Guk an daukagunik onena, lagun egiten gaituzana euskera da. Ta pena andi bat artu dot biotzean, ona etorri nazanean. Australian nengoala eneban euskera baño egiten, ta orain etorri naz Euskalerrira, ta emen neure errian, erdera entzun eta egin bearrak min andia emoten daust. Eztakit noren errua dan au; alan be poztuten naz, Sopelanako «Alkartasun» taldekoak euskeraren alde egiten dabenagaitik. Euskera egiten eztakianak, euskaldun dala esan arren, emen nai Australian, eztau euskaldun izenik merezi.

Ederto, Alberto. Zorionak!, kanpo-aizeak barru-zale egin zaitualako. Ondo igaro daizuzala emengo egunak. Zuk esanak entzunda, adoretuko al dira sopelatar erdi-epelak. Agur.

«Txori-Alai»


Erlejiñoa ta politikea

Arazo desbardintzat daukaguz danok erlejiñoa ta politikea ta orregaitik nastau bear eztiranak.

Beste mundurako kontua da geienbat erlejiñoa, bizitza onen ondoren dagon beste bizitzarako gizona zuzendutea, bere ardurarik nagusiena.

Politikea, ostera, gizonaren lurtar bizitza eratzeko da. Gizonaren lurreko bizitza eratzeko bearrekoa da politikea, zuzena bere oiñarri asmoa.

Baiña askotan ezta jokatzen politikan gizonaren edo gizartearen ona lortzeko, txikikeriakaitik baiño. Pedro edo Juan errege izan, ardura gitxiko kontua da, (politikeri utsa oneri esango geunskio) biak antzera egingo badabe erregetza. Ta baita be ardura gitxiko kontua da erri baten erregetza edo errepublikea egon, erregeak be errepublikeak lez erriaren borondatea ontzat emoten badau.

Zergaitik dan eztakigula kasketaldiak eraginda lez, aren edo onen alde ibiltea politika izenik be merezi eztaben politikeria da. Ta ezin ukatu auxe izaten dala askoren politikea.

Jakiña politikea, benetako politikea danean, ori baiño ganorazkoagoa da; politikea dira ekonomia, askatasuna edo menpetasuna, irakaskuntza, guda edo bakea ta abar.

Ala ta be, Eleizeak eztauko gai onetzazko eztabaidetan zertan sartu, moralari ikuturik egiten eztautsen artean.

Baiña, zoritxarrez, geiegitan gobernuaren legeak Eleizaren erakutsien aurka egon oi dira.

Ta ezta ori bakarrik alderdi bien artean egon leiteken konpondu eziña. Gobernuen eskuan dago Eleizeak bere egitekoa egin al izan edo ez. Batzuk aske isten dautse Eleizeari; beste gobernu batzuk menpean euki nai izaten dabe Eleizea ta ba-dira gobernuak Eleizea edo erlejiñoa ondatzen alegintzen diranak be.

Diñodan guzti au egia izanik, ta alantxe da, nork esan daike Eleizeari politikan gertauten dan guztiak bape ardurarik ez dautsala izan bear? Zentzun apur bat daukanak ez beintzat.

Igez baten gai oneri ekiten eutsan izparringiz euskal inteletual batek. Politika arazoan beti euki dabela eragiña erlejiñoak esaten eban.

Egia aundia auxe. Baiña emen gauza bat da benetan ardura andikoa. Ze asmoek eroan daben Eleizea politikara, politika utsak eraginda ala erlejiñoaren erakutsiak indartu naiak?

Ba-dakigu Eleizeak kondaira zear politika uts utsa egin izan dauana sarritan. Jakiña, jokabide au guk eztogu ontzat emongo.

Gaur (beste baten aoz diño berak) Eleizeak ez ei dira sartzen len beste auteskunde edo botaziñoetan.

Ba, guk, len be politika alderdi edo partidurik ez dautsagu ezagutu Eleiza katolikoari. Erlejiño errazoiak gogoan genduzala jokatzeko besterik ez dausku agindu izan. Geienez be katoliko alderdietan indartsuena zanari botoa emoteko esan izan dau. Ta ez beti au be, erlejiñoarentzat zer ikusi andia eukela auteskundearen ondorenak uste zanean baiño.

Nik uste dot iñoiz botaziñorik izaten badogu, Eleizearen lenengo agindu oneik baliokoak izango dirala.

Ezpai barik gaur egunean, erlejiñoa baiño askotaz indartsuagoa da politikea. Gorago esan dogun lez, laterri edo estadu bateko gora-bera guztiai laterriak berak jartzen dautsaz lege ta mugak; Eleizeak bere zeregiña beteteko erreztasuna izan edo ez izan gobernuen eskuetan dago.

Beraz, politikan eta botaziñoetan jokatzen bada sarritan Eleizearen etorkizuna. politikako gure jokabidean, beste errazoi batzuen artean erlejiño errazoiak be kontuan doguzala jokatu bear dogula zentzunak eskatzen dau.

Ta jendeak gaur be olantxe jokatzen dauala dirudi.

Lendakaritza edo presidentziarako Frantzin egin diran auteskundeetan erlejiñoaren errazoien eragiñez emon ei dautse katolikoak euren botoa De Gaulle-ri.

Dalako jaun orreri auxe ez yakola izan atsegin dirudi. Estrutura sozialetan edo gizarte legeetan ezelako aldatzerik eztogula nai katolikoak adierazoten ei dau Frantziko katolikoen jokabide orrek.

Benetan, eztot ulertzen jaun orren esan-naia.

Nik neuk be eztot begiko De Gaulle. Ta ba-dakit lendakaritzarako beste katoliko bat, Lecanuet agertu zana. Ziur onen asmoakaz urrago egongo naz De Gaulle-renakaz baiño.

Frantzitar katolikoak jaun bi orrein artean Lecanuet-en alde agertu balira, Eleizearen gaurko erakutsiai jarraitzen dautseen ezaugarri obeagoa izango zala esatea ondo dago, baiña De Gaulle ta erlejiño bako baten artean aren alde agertu bear zirala esatea geiegi esatea be ba-dala deritxat.

Katolikoa ta katoliko eztan jaun politiko biren artean, katolikoak katolikoa aukeratzeak ez dau esan nai katolikoak bearrezkoa dan estrutura aldatzerik ez dauala nai, danen gaiñean erlejiñoak arduratzen dituala baiño.

Jakiña, erlejiñoa eztago «Jauna!» esatean, Jaunaren borondatea egitean baiño. Ta Jaunaren borondatea zuzentza da, bakea, beartsuak jasotea, iñor ez ezer menperatzea, kultura danentzako ta abar.

Baiña orrein alde jokatzeko erlejiñoa alde bateratu bearrik eztago.

Norbaitek esan ei dau Mitterrand-en ezkertar izakera Eleizearen gaurko erakutsien urrago dagola De Gaulle-rena baiño.

Eztakit. Eztot irakurri ez baten eta ez bestearen auteskunde egitarau edo programarik. Baiña auteskunde aurrean egiten diran egitarau ta eskintzak gero erdira jatsiten dirana bai, ba-dakit.

Mitterrand-ek agintari lez zelan jokatuko eban eztakigu, baiña bere lagunak Frantziko agintaritza eskuan ainbat bidar euki arren besteak ez moduko yayotasunik eztabe erakutsi. Edonon be komunistak dira bakarrik benetako aldaketak egiten dituenak; besteak ainbatean jokatzen dabe ekonomi kontuan.

Eztot uste katoliko erria gizartearen onak eskatzen dituan aldaketaen aurka dagonik. Katoliko jendea langille maillakoa bada beintzat, beretzat obe dan aldaketak eztau atzeratuko, aldaketa orrein erlejiño ta bakearen kaltez ez badira.

Katolikuok gaur-munduak eskatzen dauan aldakuntzetara eroango gaituan politika alderdirik ez badaukagu, ez da katoliko erriaren errua inteletual eta goi maillako politikoena baiño. Erriari bideak zabaldu bear yakoz eta jarraituko dautso bear dan bideari.

Betoz bide ta mobimentu orreik.

Idazlan au amaitu baiño len arazoaren beste alderdi batetzaz iru lau berbatxu esan nai neukez.

 Orain arte politika kontuan erlejiñoaren izatea ta erakutsiak aztu edo baztertu bearrik eztaukagula katolikuok agertu nai izan dot. Orain geu katolikuon politika eztabaida ta Eleizeatzaz zerbait.

Eleizeak eztaukala politikan zertan sartu esaten dogu.

Au danon esakera da; baiña miiñ puntakoa bakarrik.

Bere itz egitea geure politikaren sendogarri dala uste izaten dogunean, itz egin daiala eskatzen dautsagu.

Egia itz egin bearra daukanean itz egin bear dau; baiña ezin daiteke edozein txikikeritan sartu, ba Eleizeak politika asmo barik itz egin arren, gobernuen edo politika alderdiren baten egitadaren bat aitatzen badau, goratu edo beratzeko, alderdi batekoak edo bestekoak politikatzat artu ta aizetuko dau.

Ta uts ta okerra andiagoak edo txikiagoak edozein koloretako gobernuetan aurkitu leitekezalako, billa asi ezkero, ta uts ta oker guztiak gaiztetsiten Eleizeak berba egin bear badau, oker txiki guztiagaitik itza jaso bear badau, beti politikan sartuta ibilli bear dau.

Egiz sentiduta esan bear geunke Eleizea eztala politikan sartu bear, barru barrutik. Ta ori ala izan daiten berari lagundu politikatzat artuko dogun ezer esatera beartu barik.

Jokabide au litzake bai Eleizearen ta bai politikearen alde artu geinkenik onena.

«Kamiñazpi»


Kristiñau erriko barriak

Erriaren liburua

• Barcelonako Herder etxeak Bibliaren milloi ale bialduko ditu Latiñamerikara

• Afrikako baltzak, euren erriko izkuntzan Biblia irakurten

• Indiako parrokia baten prozesiñoan atara dabe liburu santua

• Dinamarkako protestanteak eurentzako artu dabe katolikuen Biblia

• Bizkaiko euskeraz lau ebanjelioak

Urte bete da, Kontzilioa amaitu dala. Batzar orretan, mundu guztiko obispoak batu zirean Erroman Aita Santuagaz; eta lau urtean lan izugarria egin eben, Eleizearen egokerea estudietako, bere utsuneak ikusteko eta aurrerantzerako bide zuzena erakusteko. Kontzilioak, ordu atan, zarata aundia atara eban; eta bere erabagiak, amasei dokumentutan argitaratuak, esperantza aundia sortu eragin eben mundu guztian. Ordurik ona, urte bete igaro da. Unada onetan, zer egin dabe kristiñauak, dokumentu orreen irakaspenak pratikan ipinteko? Ona emen zer diñoskun, urtarrilleko lenengo numeruan, Informations Catholiques Internationales deritxon Frantziako aldizkari famaduak.

Kontzilioaren lenengo dokumentuak —Jaungoikoaren Errebelaziñoa arlotzat daukonak— Biblia Santua zer dan eta zetarako dan erakusten deusku, eta benetan animetan gaitu, liburu santu ori irakurteko, bere esangurea arakatuteko eta gero bere esanera biziteko.

Poztu gaitezan. Kristiñau erria ondo asi da lenengo urte onetan, Kontzilioaren gurari orreri erantzuten. Espaiñian millaka saldu dira, Madrillen argitaratutako Bibliaren ediziño merkeak. Barcelonan, Herder etxeak, Taizéko protestanteeri ka-su eginda, liburu santuaren milloi ale atarako ditu, Latiñamerikara bialtzeko. Italian, San Paulo soziedadeak Biblia polit bat zabaldu dau ango bazter guztietan, erdi doan lortu leitekena. Naziño askotan, liburu santuaren itzulpen barriak egiten ari dira. Kenyan, oraintsurengo agertu da kikuyu izkuntzan egiñiko lenengo traduziñoa. Londresen ardura aundiagaz diardue, swahili izkuntzan idatzitako itzulpen zarra zuzentzen eta obatuten; euren lana guztiz da estimagarria, swahili berbetea Afrika baltzean geien erabilten dana da-ta. Alemanian eta Italian, obispoen aginduz, Bibliaren itzulpen ofizialak agertu dira, eleizkizunetan erabilteko eta traduziñoen batasuna lortuteko.

Biblia ta Ekumenismua

Biblia irakurri: orixe da lenengo pausua. Urrengo pausua: Biblia ulertu, bibliazko kulturea euki, Bibliak erakusten deuskun lez biziteko. Bigarren mailla onetan be, asko egin da Kontzilio ostean. Kontaeziñak dira izan be, mundu guztian zear Bibliaren gaiñean egin izan direan kulturazko batzarrak. Ez bakarrik eleizgizonentzat; edozetariko laikoentzat bere bai. Ori dala-ta, erria Biblia ezagututen eta maite izaten asi da. Orain ez da iñor arrituten, liburu santua eleizako toki elegante baten, orriak zabalik, aukera aukeran ikusten badau, eta Indiako parrokia baten eleizatik kanpora prozesiñoan atara dabela enteretan danean.

Biblia Santurantza emon dogun pausu onegaz, asko laburtu da protestante ta ortodoksoakaz daukogun separaziñoa. Ori dala-ta, Aita Santuaren enkarguz, Batasunaren aldeko Sekretariadua bizkor dabil lan egiten, Bibliaren itzulpen ekumenikuak atara ta zabaltzeko, kristiñau guztiak —alper katoliku, protestante naiz ortodokso izan— liburu santu bakar batetik irakurri al daien. Frantzian, asi dira olako traduziño bat egiten. Bardin Ceylanen, eta lan orretan katolikuak eta protestanteak batera bear egiten diardue. Naziño askotan, Eleiza katolikuak beretzat artu dau, geiagoko barik, protestanteen itzulpena, esate baterako, Nortamerikako Estadu Alkartuetan, Vietnamen eta Zambian. Bardin egin dabe Dinamarkako protestanteak katolikuen Jerusalemeko Bibliagaz. Eta Suizan, anaitasunik aundienean batu dira katolikuak, protestanteak eta judeguak, Testamentu Zarreko tekstuak estudiatu ta sakontzeko.

Euskalerrian egin dana

Orain, Informations Catholiques Interternationales alde baten itxita, ikusi daigun zer egin dogun Bibliaren alde Euskalerrian. Erderaz, gitxi gorabera, Espaiñiako lekurik geienetan egin dan beste egin dogu. Euskeraz barriz, gitxi, oso gitxi. Noredonok esan dau, gure euskaldun Eleizea Eleiza pobre bat dala, Asia ta Afrikako Eleizen antzekoa eta eurak baiño pobreagoa. Egia aundia. Ez daukogu euskaldun Seminariorik, euskaldun Unibersidaderik, benetako euskaldun eskolarik. Egokera triste onetan, zelan urtengo dabe ba, kulturazko gaietan eta ainzuzen Bibliaren gaiñeko arlo onetan bear dan moduan lan egin leikeen gizonak? Zelan asiko da ba erria, euskeraz errez irakurten, eta benetako euskaldun kulturea lortzeko lenengo pausuak emoten? Nekez. Alandaguztibe, Kontzilio osteko lenengo urte onetan, zeredozer egin da gure artean be Bibliaren alde. Donostiko Zeruko Argiak astean astean ekarten izan dauz domeketako Epistolea ta Ebanjelioa. Jaime Kerexeta abadeak lau Ebanjelioak argitaratu ditu Bizkaiko euskeraz; eta Gipuzkoan gau ta egun ari dira lanean, ango euskalkian Testamentu Barri osoa atarateko. Milla esker Kerexeta jaunari, opari ain ederra eskiñi deuskulako, eta bere oraiñarteko euskera gatxa apurtxu bat erreztu ta argitu daualako.

Imanol Berriatua


Aiko-maiko naiko

Kritika

Justizi bako indarra, indarkeri biurtzen da, uste ez arren.

Ahala, indarra, geure esku daukogunean, aztu egiten jaku orduan, indar ori besteen onerako erabilteko dala. Geure buru ta etekiñen alde darabilgu. Norberen probetxurako.

Egoera ori ikusi-arazoteko da kritika. Zenbat eta indar geiagoren jabe izan bat, orrek ainbat eta geiago bear dau kritika, besteen iritzia ta ustea. Edozein gizarte-moduko legea da ori. Areago gizarte sozialetakoa. Berez, diktadura batek demokrazi batek baiño kritikaren bearrizan biziagoa dauka. Baietz!

Indarrak indarra dakar atzetik. Indarkeriak indarkeria. Lege da. Orretara, menpekoen artean geiegikeriren bat gerta dediñean, nun arkitu bear jako egoera orreri sendabidea? Ez beintzat agintaritza edo indarra areago gogortzean, sendotzean, bakarrik. Ez eta geienbat ortan. Ta bai kritika sakon ta serio bat ugaritzean. Ze, indarrak, atzera diñot, indarkerira dauko berezko joera.

Gaiñera, indarrak, agintaritzak, (inzentsuak be bai) itxutu egiten gaitu sarritan. Ta kritikak zer? Berez, besteen iritxia jakiteak eta onartzeak ez dau esan gura, beste barik konponduko direanik. Bai, ostera, konpontzeko bidean jarriak garala. Ikusiaz.

Indarkeriaren kontra, iritzia.

Prensaren eginkizunak

Asko dala, H. O. A. C.-ko aldizkarian, Prensak bete bear leukezan iru eginkizun irakurri nebazan:

Agintariari, erriak jakin daiala, komeni jakona, jakinarazo erriari.

Erriari, agintariek jakin daiela, komeni

Agintari txarrari, erriak ez daiala jakin, komeni jakona, jakinerazo erriari.

Labur, esango geunke: alkarberbetea dedilla errege, goikoen ta bekoen artean.

Emile Gabel'en iritziz esanda, Prensaren gizartekiko eginkizuna, esan geinke, soziedade ori alkarrizketa-giroan mantentzea litzakela. Alkarrizketa giroan mantentzea, eta gizarte-bizitzan eskuartzeari, parte-artzeari, laguntzea.

Emile Gabel'en iritziz: eginkizun bi. Berba baten batu leitekezan eginkizunak, biak edo irurak. Berba ori: demokrazia.

Demokrazia

Demokraziaren kontra artikulo asko azurmamitu dira bolada ontan. Bearbada, oraiñarte ezagutu doguzan demokrazi-erak, neiko ustelak izan direlako. Ustelak, edo beintzat ustelkorrak.

Ta, egia esan, Oscar Wilde'ren eotzailleak diñona egia dan artean, ez da, ez, erreza izango demokrazi lortu bat eukitea. Zera diño Wilde'k: «Gerran, indartsuak egiten dabez aulak esklabu; eta aberatsak egiten dabez beartsuak esklabu, bake-denporan». Betiko tentaziño auspotua.

Nire ustez, oraiñarteko demokraziak uts sakona: demokrazi bat eratzean, egituretan, estrukturetan, jarri doguzala begiak, eta ez pertsonetan. Pertsona da ardatz. Eta bai demokraziak, ta bai beste edozein sistemak pertsonaren konzientzi ta erresponsabilidadeeri barik, egiturari inportantzia emoten badeutso, galduta dago, oker doa. Alan da guztiz be, Churchil'ek diñona ez ete da, gaur be, egia?: «Demokrazia, gobernu-era txarra da. Eztagola oberik da kontua».

Dana dala, demokraziaren okerra pertsonetan dago. Beste gobernu-sistema askorena, barriz, pertsonetan eta sistemaren egituran bertan, sustraian dauke ustela. Or pertsonak aldatu arren, gizartea ezingo da zuzendu, egituran bertan (obeto, sakonago: pentsamoldean) dauke-ta okerra orreek.

Beste gauza bat da erri bateri zer jakon komenigarrien.

Pertsona-demokrazia, dudarik ez, danori jaku onuragarri.

Pertsona-demokrazia da pertsona errespetatzeko biderik bakarra.

Ezin dot ulertu. Zergaitik dagoz asko demokraziaren kontra? Demokrazi onen edo aren kontra egon leiteke, ori bai. Baiña, geiagoko barik, demokraziaren aurka?

Ez ete dagoz gero Wilde'ren, bake-denporako, pekatuan amilduta? Bere menpeko beartsuaren aberasteari, beti be, bildur deutso aberats zarrak.

j. m. torrealday


Au, ori ta bestea

Lekeitiarrak takadak botaten famauak dirala Ondarru-n esaten da. Ta Erkiaga-k lekeitiar jator lez beretxua jaurti eban aurreko baten zorioneko H dala-ta.

Arana Goiri-ren eragiña andia izan dala euskal idazliengan eta arek H ori erabilli baleu izki orren aurka dagozan askok ia ez ete eben erabilliko. (Buruz nabil eta ziur eztakit zer esan eban, baiña gitxi gora-bera olako zerbait).

Bai, alantxe da; Abando-ko maxuaren eragiña andia izan da gure artean. Bera ez izatera, ez zan onezkero asko idatziko euskeraz. Baiña eztakigu onetan be jarraituko ete geuntsan. Beintzat itsu-itsuan danean jarraitu izan dautsagunik iñok ez daiala uste izan. Españi-ko azkenengo guda arte Arana Goiri-ren ikastolakoak beste idazkera batzun artean «ogija» «mendija» ta abar idazten eben. Au da i eta beste bokal baten artean j sartzen eben. Neuk be bai. Gerora aots ori atarateko beste batzuk x erabilli izan dabe. Baiña batera edo bestera idatzi, bizkaieraz erabilten dan ots edo sonidua da.

 J (edo x) orrek Bidasoa andiko h-k aiña indar dauko erriaren aotan; beraz azkenengo izki onek aiña errazoi dauko idaztean erabilteko.

Ala be bizkaitar idazle geienok baztartu egin doguz geure berbeta modua agertzen daben izki orreik.

Ta ostera kanpoko h ori sartu eragin nai dauskue.

Euskeraren batasunagaitik egin dabela ori? Geuk egin doguna bai bada batasunagaitik emondako oinkada, baiña beste ori ez.

Bakoitzak berea nagusi ikusi bear badau danen gaiñetik geuk be lenera jo bearko dogu.

Tamala izango litzake auxe.

***

TAR atzizkia aldi bat ezkero abizenari lotzen asi giñan tar beruntz asi da euskal idazleen artean.

Baten, orain illa batzuk, kontu onetaz artu neban albista batek minduta, idazlan zolia egin neban. Ez eusten nai izan argitaratu modu aretako idazlanik.

Orain gai onetzaz zerbait esaten ikusi dot TXISTULARI aldizkaria; ta baztartutako nire idazlan aretatik zitalkeriak alde batera lagata zerbait artu nai izan dot.

Orain arte len esan dodan lez danok usterik onenagaz tar ori erabilli dogu. Baiña diñoenez oker gengozan ta txarto egiten genduan geure abizenaren ondoren tar ori ipintea.

Ta geienok besteak jotako soñuan dantzan egin bear izaten dogu ta jendea atzizki ori baztartzen asi da.

Baiña orren oker ete dago gero tar ori abizenari eskua emon da?

Ez da arrotza tar atzizkia euskeran. Erri euskeraz, ni bizkaitarra ondarrutarra, erritarra, (mariñela eztana Ondarru-n) ta beste tar batzuk be ba-naz. Ta Etxaburu-tarra be baietz esango neuke.

Ez nago ziur, baiña iñoiz olako esakerak entzun dodazala-ta nago: «Beitia-tarrak arraunlari onak dira», «Akarregi-tarrak langustero onak dira» ta abar.

Ta esaten ez badira be ondo jatorrak dirudie. Euskal kutsua galdu bako nire belarrietan gozoro sartzen dira.

Ostera antxiñako esakera dala-ta indartu nai daben beste esakera ori, Jose Mari Etxaburu-ko ta abar ezetara be ezin leiteke ontzat emon; ez joskeraz ta ez bere esan-naiez. Iñundik be ez naz ni Jose Mari Etxaburu-ko. Ba-dakit Etxaburu izeneko iru lau baserri ta torre bat ba-dagozana baiña eztot sartu oraindik ankazurrik euretan.

Orreitako etxe baten edo bestean Jose Mari izenekoren bat egon leiteke, bear bada Apatamonasterio edo Sanchez de la Maza abizenekoa. Ala dalarik, axe, Apatamonasterio edo Sanchez de la Maza izango litzake Jose Mari Etxaburu-ko. Ni ez. Ni. Etxaburu baserriak nun dagozan jakin ez arren euretariko batetik natorren au Etxaburu-tarra ez ete naz?

Niri deitzeko modu au baiño egokiagorik eztagola deritxat.

Santu Guztien egunean kanposantuko osterea eginda ondoren diñotana idatzita ikusi ebela illobi baten esaten gurean etorri ziran:

Artola-tarren illobia

Nok esan daike txarto dagola?

Kamiñazpi


Eritxi billa

Alkarizketa errexa ete?

Baten, bategaz topo egin eta esango baleust: «Esaidazuz, zure ustez, gaur errebistetan geien agertzen diran gaiak, gaurko egunean erriak, —erriak diñot eta ez masak, onek ez daualako pentsatzen, ez dalako gauza orretarako, ez dalako konturatu kirol, diru ta ondo bizitik kanpo ezer dagonik—, geien erabilten dabezan gaiak».

Itsu-itsuan, itzetik ortzera esango neuke bat: «dialogoa», alkarizketa. Alkar-izketa au exito aundiko itza da; arlo guztietan erabilli ta eskatzen da: guraso ta seme-alaben artean, nazio artean, Eleizearen barruan... Entzute andikoa dogu itz au.

«Orregaz dialogatu leiteke», «aregaz ezin leiteke dialogatu», zenbat bider entzun eta erabilli doguz gure agoan onako itzak. Batez be guk gazteok askotan darabilgu itz au, askotan baiño askoagotan eskatzen dogu alkar-izketa edo dialogo au. Eta nire ustez ondo dago; geiago diñot, persona bik alkarregaz bizi nai badabe bearrezkoa dabe alkar-izketa, alkar konprenitzea.

Danok persona bagara, danok bardiñak bagara, alkarregaz jokatu bear badogu, eta au gaur bearrezko ikusten da, alkar errespetatu bearra daukagu, bestea aintzat artu bearra daukagu, bestearen nortasuna aintzakotzat artu bear dogu. Emen dago untzea ta alkarizketaren koxka: bestea aintzat artu. Errexa da, guztiz errexa, norberaren eretxikoakaz alkar-izketan jardutea; adiskideakaz nor ez da adiskide? Orduan ez dago eragozpenik. Baiña bestea, beste eretxi batekoa danean? Orra or gure eragozpena.

Guk gazteok sarri-sarritan esan dogu: «onek agura zar onek ez yakik dialogatzen, berea baiño ez yok ikusten, beragaz bateratu ezik laster jaurtzen yok exkomuniñoa». Baiña gauza bat itaunduko neuke: geuk be ez ete doguz itxura bardin xamarrak? ez ete gara geu ortaratzen?

Niri beintzat yazoten yat. Besteari, alkar-izketa eskatu bai, baiña guk alkar-izketa ori «emon»... taket. Alkar-izketa aitatzen dogunean, konturatuta edo konturatu barik, bestea dala zabaldu bear dana esaten dogula uste dot. Ez gara konturatzen besteak be zeozer daukenik guretzako.

Errebista baten irakurri neban: «Olan esaten eban itzaldi baten eleiz-agintari batek: «Orain leku guztietan dialogoatzaz itzegiten da. Paulo VI'ak Ecclessiam suam'en orretzaz itzegiten dau. Ba, ondo errexa da; zuek zer egin bear dozuen itaunduko deuskuzue eta guk erantzungo deutsuegu: orra or dana». Astakeri galanta, sekula bada. Eta gure burua aztertzen badogu, ez ete doguz onelako batzuk aurkituko, errealidadean beintzat, alkar-izketatzaz ari gareanean?

Oso gatxa da alkarizketa ikaste au, niri gatx egiten yat; arin al danik ariñen, eta olan bear da, eskatzen dogu alkarizketea, baiña ariñegi esaten dogu: «ori tontua da, ori iretargian bizi da, orrek ez daki gaur egunean dabiltzan ideien barri».

Ez dot uste ain errexa danik alkar-izketa zintzo baten aritzea; premiñazkoa bai, baiña guztiz gatxa.

Joseba Andoni Aranburu


Eritxi billa

Noiz arte olan?

Eleiza dala-ta ezbaia sortu da Euskal gazterian. Gurean jazoten diran oker askoren errua badauko ala eztauko emengo Eleizak?

Nik neuk neronen eritziak erakutsi gura neukez, ez arro ez ganetik begiraturik, arrazoi ta uste pentsatuakaz baiño.

Eleizari eskerrak badirau oindio Euskal Herriak eta Euskerak, esan dauste batzuk. Ba ete da au egia? Dakusagun astiroago.

Eleizaren egitetzat abade euskaltzale ta fraille jatorren lanak erakusten dauskuez: Atsular, Salbatore Mitxelena, Mogel, Etxepare eta abar.

Nik barriz, beste oneik agertzeko gogoa daukot: Euskera Nafarroako eta Arabako herrietan galdu bada Eleizak bialduriko abade ta predikalari erdaldunei eskerrak da, ta orain ere Nafarroako eta Euskal Herri osoko toki askotan Eleiza Santuak ekarri dauskuzan abade erdaltzale ta etsaiak daukoguz. Seminarioetan erdera da ikasbidea ta erdaldunen kultura ta oiturak ikaskaiak. Kolejioetan Euskerari uko egiten dautsoe eleizakoak eta eztabe autortu gura olako problemarik dagonik.

Eleizak Euskal gazteririk bikaiñena eroan dausku betiko, beragaz, bestei emoteko prest egoalako, bizitzak orreintzat daukozan bestelako bide guztiak ezkuturik. Gure herriak orain arte euki dauan kulturabide bakarra seminarioan egon da, erderaz jakiña. Alan ta guztiz jere, herriko semeakan beti lotu da zerbait herrimin ta herrizaletasun, eleiza gora beera ta ez berari eskerrak, ta euron herriaganako maitasunak bultzatu zituen lan orreik egiten eta ez Seminarioan ikasiak.

Eleiza, noiz izan da euskaltzale? Sekula ere ez, aurki. Ta unibertsalista dala badiñoste arin erantzungo dautset, erdaltzaletasuna ta herri txikiak mesprezatzea unibertsalista izateko bide susmagarria dala, ta nik neuk uko egingo dautsat aguro nire nortasuna aintzat artu gura eztauanari.

Paperak, entziklikak eta itz onak zertarako? Oba genduke guztiok ezpalegoz, orrekaz desenkusatu egiten diralako, arra-zoia emoten dauskuela esanaz, justizi-eske goakiezanean.

Entziklikak paper erreak dira ia beti, iñoiz betetzen eztiralako, eta ez bete gura ere, diñoena irakurteko ondo, baiña egiteko arriskugarri yakelako. Gazte askok eleizkizunak itxi ei dabez, enaz bape arritzen. Baleiteke ganera, ori benetako askabidea izatea..., onenbeste txarrikeri ikusita be, zintzoro mezatara joan garalako... Gauzak zuzendu eta arteztu arte eleizak utsik geratuko balira... orduan... batek badaki zer jazoko litzaken.

F. X. Kintana


Eritxi billa

Deusto'ko Unibersidadean

Bai irakurleok, Deusto'ko Jesuiten Unibersidadean jazo zan gauza baten barri emotera natortzue.

Zuok idaz lan au irakurri orduko, bearbada, gaurkotasun aundirik ez dau izango, urtarrillaren 11'an jazoa da-ta.

Baña nik emen jorratu nai dodan jokabidea, ez dot uste aspergarri izango yatzuenik.

Ara ba, Deusto'ko ikasle batzuek antolatuta, Agustin Ibarrola'k itzaldi (konferentzi) bat emon bear eban gai onetaz: «Estetikaren bereizkuntza Euskal kulturan» (Características de la Estética en la Cultura Vasca). Itzaldi ori egiteko baimen eta bear ziran zer guztiak eginda gero, izparringietan agertuta gero eta propaganda paperak zabaldu ondoren, arratsalde artan bertan Errektore jaunak debekatu egin ebala jakin gendun.

Zergaitik? Ba, onexegaitik: berba egin bear ebanaren ideolojiagaitik.

An pasillotan gengozala, jesuita bat joan yakon Ibarrola'ri au esanaz: Klaustro de Profesores ez egoala konforme Errektore jaunak artutako erabagiagaz.

Orain arte esan dodana an jazo zana besterik ez da. Eta orain an jazo zana aztertu nai dot.

Nere ustez or injustizi bat egin eban, eta beraz, errua eta erruduna egon bearko.

Erruak, nere ustez, onetxek dira:

1) Ideoloji diferentea eukala ta, berbetan egitea itxi ez.

2) Gizon bateri itz egiten ez iztea.

3) Euskal Artistei ateak iztea.

4) Euskal kulturari ateak iztea.

5) Euskal erriari ateak iztea.

6) Eta beraz, lelengo bost puntu onei dagozkienak iraintzea (ofenditzea).

7) Eta orain ikusi daigun nor dan erruduna.

Nere ustez:

1) Errektore Jauna.

2) Deusto'ko Jesuitak.

3) Eta nolabait Jesuitak.

Zergaitik errudun oneik? Ara: 1) Errektore jauna. Emen uste dot danok konforme gagozala. 2) Deusto'ko Jesuitak. Onexegaitik: Jaun orrek Deusto'ko Jesuiten Buru dan aldetik, erabagi ori artu ebalako. 3) Jesuitak. Ba, Jesuiten atal bat diralako.

Ez ete dausku esan Eleiz Amak, katoliku eta gure gogaikide ez diranekin ere, ondo alkar artzeko?

Eta ganera, pinturatzaz berba egin bear eban; ortaz berba egiteko guri ze ardura dausku, maometar, budista edo beste edozer izan.

Erramon Gerrikagoitia


"Etxebarri"ko lantegiko barri

Igeztik ona, Etxebarri'ko «Laminación de bandas» lantokian eztoaz gauzak ondo. Lantoki onetako zuzendaritza langilleekaz leenago berbarik egin barik, «primak» eta beste sari berezi batzuk kentzen ari zan.

Langilleen artean artegatasuna sortu ta andituten ioan zan.

Zemendiaren 28'an Lantegiko juradu bik langille mordo baten eskaria onartuaz idazti bat bialdu eutsen epai-maikoeri, bidezko ziran agintariek iakitun ipiñi egiezan.

Idazti onetan gora-bera guztiaren sustraia azalduten zan. Ta oker oneik zuzentzen ezpaziran, zemendiaren 30'ean lan-egitea itxiko ebela.

Laneko inspektore bat eta langilleen burua bertan zirala epai-maikoak batzar berezi bat egin ostean, ebatzirik artu barik auxe iakin arazo eutseen langilleei: zuzendaritzak ez ebala irakurri gura langilleak egindako agiria. Zemendiaren 30'ean, goizeko seiretan «Bandas» etako langille guztiak oporretan iarri ziran.

Zuzendaritzak agiri barria emon eutsen langilleei lana ta lan-saria kenduaz, 1962'ko legediko 5'garren atalean oñarritua.

Agiri onetan langilleei esaten iakena: lanik ez egitekotan urrengo egunean ez eitezala etorri, sarrera ukatuko iakela-ta.

Gabonillaren 1'ean langille guztiak izenpetutako idazti bat emon eben, zuzendaritzak egindako agiriari erantzunaz.

Esaten eben:

a) 1962'ko legea txatal baten (5'garrena) barik, osoan artu bear zala.

b) Penaleko Legediaren 222'garren lege txatalak lenagoko 5'gn. ori aldatzen ebela.

k) Lantegiaren egoera baltzaren errua Zuzendaritzak eukala, langilleekaz bakez berbarik egin gura izan ez ebalako.

Egun orretan bertan, lanerako lekuak ukatuaz agiri batzuk emoten asi iakezan langilleeri, baña oneik ez ebezan izenpetu. Zuzendaritzak artutako asmoa ikusirik, gabeko ta arratsaldeko errelebuak lantegian bertan gelditu ziran urten barik. Egunezkoak be bardin egin eben. Ogeta amabi orduan langilleak lantegitik urten barik egon ziran. Gabonillaren 2'an (barikua) gabeko 8'retan «txapel-okerrak» lantegira elduten asi ziran. Ta gabeko 11'etan urten eben lantegitik langilleak.

Egun orretan sindikaleko batzarra egin zan, Zuzendaritza barik, ez eben ioan gura izan-ta. Ebatzia langilleen alde emon zan osoan.

Gabonillaren 5'ean asi ta urrengoetan, Burdiñeko Naziotar Lendakariak eta Lana'ren Ordezkaritzako inspektore batek aukeratutako tekniku bik arteztu eben iazorikoa dana.

Gabonillaren 9'an auziari bere ebatzia emon eutson Lanaren Delegaduak. Baña langilleai oker emona dala deritxoe. Ebatzi onek okerrik andiena onetan dauka: lantokitik iaurtiak izan diranen auzia ez aitatutea. Onelan ba, «primak» kentze ta sariak ukatze orretan langilleai emon dautsee errazoia. Baña oker ori dala-ta egon diran ondorenak eztauz konpondu, ezta nagusiak artu daben bidea aztertu be.

Olan da ze, ebatzia barriro gora bialdua izan da, oker andi oneik zuzentzeko, ta Delegadu onek berez, guztiak zuzentzeko eskubiderik ezpaleuko, eroan dagiala auzia konpondu daikenarengana.

Auzia ezta ba ondiño argitu, ta gañera eskatu da, iaurtiak erru barik bialduak izan diran ezkero, zabaldu dakiezela barriro ateak eskubide osoz sartu daitezan.

Urtarrillaren 14'an asiera emon iakon langille auzi oneri. Epaikari lez Frantzisko Gibert Bonet jauna, Bizkaiko Zarrena, ta Mariano Trueba Ernaiz jauna egon ziran.

Langilleen aldezlari, Joakin Ruiz Jiménez jauna, Madrillen Ikastetxe Nagusiko irakaslea, ta Manuel Alonso García jauna. Au Bartzelona'ko Ikastetxekoa.

Lantegiko zuzendaritzaren aldezlari José María Ruiz Salas jauna, Bizkaiko Diputaziñoko Lendakari izana izan zan.

Azkenaren barririk ondiño ezta, ta ezin emon. Urrengorarte.

Zabale


Gizarte-arazoak

Nai ta nai ez gizonak alkarregaz bizi gara. Jaio dan ezkero gizon bakotxak gizartean toki bat eukiteko eskubidea dauka.

Baña, konturatu gaitezan. Mundu zabalean gizonak era askotara bizi gara. Batzuek toki otzetan, besteak epeletan eta beste batzuek toki beroetan jaio gara. Batzuek gerraren garraxi artean zabaldu dabez euren begiak mundura; beste batzuek bakearen aize ederretan. Ez dalakoan be inportantzi aundia dauka gizon bat toki otz edo beroan jaioa izateak edo gerra aldian edo bakean gure gizarteko problemak aitzeko.

Urrunegi noiala pentsatuko dau baten batek, baña nire ustez, gaur egunian gizarte problemak aitatzean mundu guztiko gizonak euki bear dira kontuan.

Geure sendi barruaren babesean asi gara munduan sartzen gizonak. Ori da, izan be, gizonaren lenengo gizartea. Geure sendi edo familiatik gertatu gara danok errira eta mundura arduraz begiratzeko gizarte aundi bat egin nairik. Lur gogor onetan geure tokia lanaren bidez antolatzen dogu, jaiotzez anai bardiñak garean lez, lanean bardiñak izanez atsedenean be anaitasunean egon gaitezan.

Ementxe dago gure alkartasun bide onetan aurkituten dogun akats gogor bat. Lur gogorrak gizonari izardia eskatu dautso mundua mundu dan ezkerotik, eta gizonak lan egiten dau lurra azpiratu ta bere menpean eukiteko. Baña zelan egin olan lan ori eta zelan egiten dau ondiño be? Zertarako? Sarritan anbiziño aundi batek eraginda eta norbere buruari begira egonaz bakarrik. Lurra ezeze gizonak azpiratzera be ioan da gizonaren lan ori. Ortik gure gizarteko gorrotoak. Baña gorrotoari motiboak kendu bear yakoz. Gizon guztiak daukie bizitzeko eskubidea eta eskubide orreik ezin leitekez alkarren kontra egon eskubide batzuek bestien lurretan sartzen asi ezik.

Baña ona emen gure errian zer jazoten dan sarritan: indibidualismo edo bakarkeri izugarri baten gagoz. Famili bakotxak eta gizon bakotxak bestien gañetik agertu nai dau eta ez dautso gizarteari ezertarako begiratzen euren burua bestien gañetik erakusteko izan ezik. Eta iñoiz euren iokabidea aztertzen asten badira lasai geratzen dira munduari aurrerapen aundi bat emoten ari dirala pentsatuaz...

«Ainbat gizonei lana ta jana emoten dautsiegu... Nor gu baño onegille obarik?»

Angel Ugarteburu


Zine Egille ospetsu baten eriotza dala-ta

Lurraren bost alderdietan ezaguna dan Walt Disney, 1966'ko Gabonillaren erdi-aldean ioan iaku gure artetik.

Edonok ezagutzen eban bere pelikulen bidez. Euskaldunok be maite dogu edergille aundi au. Bera, Euskalerrian iñoz eeon zanik eztakit, baña bere lanak gure zine guztietatik igaro dira, ta gure artean, zinera doakenik iñortxo be ezta egongo bere pelikulekaz barrea sarri ta beste askotan negarra bota bakorik.

Olakoxe gendun egitan Walt Disney, gizonen barruak ikutzen, eta geure bizitzan ontasunaren ederra sartzen dakien oietarikoa. Sarri ikusten doguz —geroago ta geiago zoritxarrez— pelikula utsak. Neska-mutil dotoreak eta galantak ugaritu iakuz, baña pelikula mamitsu bat ikusi orduko amaika zantarkeri eutsi bear izaten dogu. Zantarkeriak diñot, ez bada-ezpadako bizitzak, egikera ta iazokerak erakusten iakuzalako, ez.

Olakoen bidez ikusi doguz sarritan, ondoren bat ataratzeko, elburu bati egindako pelikulak, naita berez gordiñak eta gogorrak izan.

Gaur ugaritu dan zinea ezta ori baña. Ainbeste pelikula egin da!... Esan geinke gaiak agortu-edo egin ete diran.

Gaurko pelikula geientsuen elbururik-eza, ondoren-bakokeria ardura emotekoa da.

Walt Disney ez egoan orrein artean.

Zinearen berarizko txokoa Ipar Amerika dogu. Hollywood aretan millaka dira zinearen lepotik eta zinearentzat bizi diranak. Alan be gaur, Ipar Amerika gorriak ikusten ari da.

Zer iazoten dan iru lerrotan esatea ezta errez, baña labur itzegiñaz auxe esango neuke: Dirua onerako eztanean, gizonaren burua ta oldozmena igartu ta itoteko baño ezta.

Ipar Amerikan be dirua ba-dauke, onerako darabillenik eztakigu; txarrerako beste ez ziurki. Lurraldeak eta illargia bera be menperatu bearrak bultzatuta, amaika diru eralgitze alperriko egiten da. Onean eta ona egiten nun eralgi ezpalego, oker erdi. Baña gaurko gatxa, len esana. dirua diruari deitzeko darabilgu, ez ainbeste on egiteko. Ta ziñean orixe gertau da. Olerki ta ederretik aldenduta irabazpide ta entzutea lortzeko bide bat biurtu iakula, ukatu eziña da.

Domukeri-kapitalismoaren akats aundien ezaugarria izango da Ipar Ameriketako ziñea, geroago ta geiago gaiñera.

Euren aberastasun eta iokabide badaezpadakoak zuritu guraz amaika putz bialtzen dauskue Europa aldera; orreikaz bearbada ondatu gura leukee gorrien iokera ta politika. Baña txarra, arerioa nai bidegabekeria olan menperatzerik eztago. Egiak goizago edo "beranduago beti gañera urteten dau. Walt Disney lako olerkari bikaiñak oso bearreko dauz gaur gizarteak bere elburua lortzea nai badau.

Lurrean diruaren premin aundia dago, gitxien batzu larregi daukelako, eztago au ukatzerik. Baña diruaren premiña dagoan gañoan, ba-dago olerki, ederra ta maitasunaren bearra gure artean.

Gaur, aurrerakuntz geienak diruaz eskuratzen doguzan aro onetan, gizonaren goi-mailla ta elburua, iñoz baño illunago erakusten iaku, ta ori iñun baño obeto ziñearen eta teleikuskiñaren bidez.

Ziñeaz, diru-bide ta logarri bat egin da beste eder-lan askogaz egin danez. Au zoritxar andi bat iaku.

Ziñea gizona ezitzeko tresnarik egokiena izan daitekeana, gaur ezta gizartearen ustelgarri, eta asmo bikain guztien itogarri bat baiño.

Asmo oneik buruan dodazala, Walt Disney'ren eriotzak asko eragin daust. Bere zuloa betetzekorik eztakit dagoan. Ziñeko Frantzisko Santua bera gendun: izadiaren ederraren erakuslea.

Egundo be ezingo doguz aiztu, aren argazki ta irudiak.

Argazkiz, izadiaren edertasuna erakutsi euskun ainbat pelikuletan, guztien gañetik: «Basamortu bizia» ta «Aran ederra».

Irudiz barriz, «Donall aatetxoa», «Mickey sagua», «Iru txarritxuek», «Edurnetxo», «Errauskiñe», «101 dalmatak», «Bambi», ta eztakit zenbat... Guztiak olerki maitasun eta edertasun dariola.

Eder-lan bikaña itxi dauskuzu, Walt; euskaldun ume ta ederzale guztien izenean eskarrik asko. Uste dogu Iainkoaren altzoan izango zaitugula, gaur mundu au zuri esker, askoz ederragoa da-ta. Zure bidez edertasuna ta ontasunaren izarra barrurago sartu iaku.

Zine egilleak iarraituko al dautsue gure onerako. Siñesmen bidetik ioan ezta be, izadi-legetik beintzat ioanaz.

Eztogu zine ustel eta utsik nai, zurearen antzera, zirikatzallea baño.

Agur, Walt. Iaunaren egun andian alkar ezagutzea izan daigula.

Goian Bego.

Garitaonandia'tar Gotzon


Legardunak

Onetariko geixoak aintxinatean oso gogor artuak izan ziran. Osasundunakaz ez eben bape artu-emonik izaten. Itsaskorra, pegakorra zala eta etzan iñor be eurekana urreratuten. Erritik kanpora bialduak izaten ziran. Arzuloetan izaten eben euren bizilekua. Janariak eroateko be euren artzuloen atarian itxi ta anka egiten eben. Gaur beste zerbait da. Gaur euren artean eurak jagoten egon garanok, ba-dakigu eztala ain itsaskorra eta ez ain bildurgarria be. Ba-dakigu asko osatu be egiten direala. Gaur, lenago ezagututen etziran osakai asko daukagu. Gure egunetan obetotxuago elikatu edo manteniduten gara. Orain bai gorputzetan eta jaki eta jantzietan eta bizitza-etxe eta kale bazterretan be garbitasun geitxoago darabilgu. Orregaitik legardunak gitxitu egin dira eta geixotasun onek indar gitxiago dauko. Janariak eta garbitasunak asko esan gura dau geixotasun au baztertuteko egin bearretan. Osagille ospatsuak esaten dabe danok geixotasun onegaz gogortxo jokatu ezkero baztertu be baztertu leitekela.

Trillo'ko legardunen osategia

España'n onetariko osategi bi daukaguz. Bat FONTILLES'en, bestea TRILLO'n. Fontilles'koa Josulagunen gidaritzapean alkartasun batek babestuten dau. Trillos'ekoa Gobernuaren ardurapean dago. Emen andrazko eta gizonezkoen artean irureunen bat geixo dagoz. Andrazkoak baiño gizonezkoak askoz be geiago. Geixo, osagille ta zaintzaille eta onein sendikoen, familikoen artean laureun inguruko auzunetxo bat osotuten dabe. Geixotasun orrek sustraiak erri atzeratuetan zabaltzen dauz. An dagozanak geienak España egoaldekoak dira. Gallegoak be naiko. Euskaldunik, esate baterako, bapez. Azkeneko sei urte oneitan an egin dodazan egonaldietan lau bakarrik ezagutu dodaz. Bat bakarrik bertan il zan. Besteak osatuta euren etxeetara biurtu ziran. Geixoak zaintzeko gizonezko eta andrazkoetaz gaiñera ogetaamarren bat lekaime edo monjatxo dagoz. Frantziskotar Misiolariak, «Las Blancas» deritxogunak.

Ango kapellautza Kantauriko Prantziskotarren ardurapean dago. An diardu azken urte oneitan gure lagun dan Aita Damian Zabalgojeaskoak, beste bat edo bi lagun daukozala, geixoei arimazko artu-emonetan lagundu eta animoa eta poztasuna emoten.

Biotz onekoak

Munduan guztietarikoak gara. Biotz onekoak be bai eta biotz gaiztokoak be bai. Geixo orreikaz errukitu eta laguntzen dautseenak be ezagututen doguz. Ardandegietan ordaintzerakoan eskura biurtuten dautseezan txanponak kutxatxo batean sartu ta illero diru-mordotxoa bialtzen dautsee batzuek. Beste batzuek soiñekoak, oiñetakoak, aldizkariak eta errebistak, eta errebistak, eta abar. Errukizko eginketa onetan aurrenengo dabiltzanak Eibartarrak —gero esango dabe Eibarren jende gaiztoa dagoala— Bergarrak, Bermiotarrak, Gernikarrak, Mondragotarrak, Zarauztarrak, eta abar. Orreik iñolaz be gogoan artzen dabez Jesukristo gure Jaunaren berba oneik: «ORRELAKO BATERI EGITEN DAUTSOZUENA, NEURI EGITEN DAUSTAZUE».

Aita Ibabe


Gure errietako gaurko gaztediaren egoerea

Jolasa

Gazte guztiak bizi daben bearrizan bat jolasa edo dibersiñoa da.

Jolasak ugari dagoz; baiña gazteak ez dira jolasten. Au da: aspertuta bizi da iolasen aurrean gaztedia.

Arratsalde askotan agertzen dira neska eta mutil taldeak, zer egin ez dakienak. Ta gaba askotan agertzen dira gazteak iaiegun bat utsa eskuetan daukela. Au da: jolasak ez dauz bete, ez dauz asetu.

Zegaitik?

Jolasa egin egin bear dan gauza bat dalako. Egin, ez ikusi, ez entzun, ez egon. Jolasa ez da gauza bat gorputzagaz, edo begiekaz bakarrik egiten dana. Izakera guztiagaz egiten da jolasa: gogoagaz eta ekintzagaz.

Ta zegaitik jazoten da au? Gauza tamalgarria da benetan jolasa gaztediaren arloa izan, eta gaztedia jolaskeraren jabe ez izatea.

Gaurko gaztediaren jolas guztiak, gazteak ez diranak emondakoak dira.

- Nora doa gaztedia jolasten? ZINEMARA.

- Norenak dira zinemak? Gaztearenak ez beintzat.

Onelan ba, gazteak jolasa erosi egiten dau. Baiña ez merkatuan lez, merkatuan nai dozuna erosten dozu-ta. Emen aurrean iartzen deutsuena, nai ta naiez iruntsi egin bear dozu emoten jatzuna.

Gaztediari saldu egiten jako jolaskerea; baiña gaztediak berak saldu egiten dau jolasa: iolas edo atsegin bidea erosi, ta barruko atsegiña, poza, saldu.

Dantzea

- Nok asmetan dau dantza bateko programa edo piezak?

- Nok neurtu? Nok barriztau? GAZTEAK? EZ!

Soiñulariak edo gazteak ez diranak.

- Ba-dago gazte soiñularirik?

- Dantzan be gazteak erosi egin bear dau bere iolasa, besteak jotako soiñuan dantzan egin, nai ta naiez.

- Eta norentzat irabaziak?... Soiñulariarentzat? Gaztearentzat ez beintzat.

Ikusten dogu, ba, dibersiño edo jolasak ogi bide edo profesiño biurtu dirala batzuentzako, eta beste batzuentzako erosi bearra.

Jaiak

- Gazteak iaiak itxaroten egoten gara, baiña zenbat tokitan gara geu asmatu ta eratuten doguzanak?

- Zegaitik dira erri askotan jaiak beti bardiñak?

- Geienetan iaiak lenagoko erara egiten dira, baiña gaztediaren gustuak aldatu egin dira.

- Zenbat bider jai eratzailleak kontuan eukiten dabe kanpoko jentea, turistak, eta azkenean dirua, erriko gaztediaren ordez?

- Erriko gazteak bertako jaiak eratuaz, beste erri batzuetako gaztediari deitu bear geunskio, baiña jazoten dana da, danok itsuan gabiltzala: ara, orra, ona...

- Jolasetan eta jaietan gazteak ezpadauka erarik, edo eskubideak galdu badoguz agertzeko, geure izakera, geure gustuak, etabar, geure arloa ori izanik, ze era daukagu gaurko gaztediak parte artzeko gizartean?

- Gure artean kirol edo deporte gitxi dago, ta batez be jolasa ez da ezigarri, ez gaitu ezitzen; gogoa beste leku baten jartzen deusku, geugandik atara egiten gaitu, ta ezer ez emon, arindu baiño.

Sendia

- Gaurko gaztediak sendi barruan denpora gitxi igaroten dau. Danak diñoe: «etxea iateko ta lo egiteko». Ostatu biurtu dogu.

- Sendi bizitza artu-emonezko bizitza bat da; artu-emon barik ez dago sendi bizitzarik.

- Zer artu eta emoten dogu gazteak etxean?

- ARTU: aginduak. Ez diñot ondo artu, e? Entzun aginduak baiño.

- EMON: dirua, edo zer?, ta zergaitik?

- Baiña aginduak eta diruak osotzen dabe sendi bateko bizitza?

- Aginduak askotan ez doguz onartzen, entzun bakarrik, eta askotan gaztediaren lana agindu orreitatik iges egitea da. Ta beste askotan jokabide au diruari buruz, izaten da: «al danik geiena norberarentzat artu».

- Gurasoak ez dakie geienetan ezer: gure asmo, gurari ta jokabideak ez dabez ezagutzen.

- Sentitzen doguna geinetan azkenengo eurak iakiten dabe, eta auxe bere sarritan geuk esan barik, beste batzuekandik dakie.

- Gurasoaren asmoakaz edo ardurakaz ez gagoz iakitun. Ixilik aurkitzen doguzanean gurasoak, konturatzen gara kezkaren bat daukela, baiña geienetan ez dogu itaunduten.

- Gurasoak ez deutsoez euren eretxiak agertzen semeari.

- Semeak ixildu egiten doguz geure jokabideak. Au da: klandestino bizitza daroagu etxean. Eskupeko bizitza.

- Artu-emonik ez dago, eta eretxiak artu-emonik euki barik, geroago ta ezbardiñagoak dira.

- Sendia da gizartearen oiñarria; baiña oiñarri au ain loka badago, artu-emonak ain otzak badira emen, danok odol bat euki arren, zer itxaron geinke guk gerorako gizartetik?

Erlejiñoa

- Zein da gaztediaren jokabidea Eleiza barruan?

Erantzun ixilik, obedezidu itsuan.

- Baiña ez dogu aurkitu geure eginbearrik: Altara aurrean, belauniko; pulpitu aurrean, jezarrita.

- Batzuk, nortasuna daukelako, iges egin dabe Eleizatik, ez dabelako nai «ardi bat artaldean lez ibiltea».

- Askok edo geienak, oituraz edo zer esanagaitik doaz eleizara. Askatasun barik —gogo barik— asmo barik, edo onenean, norberarentzako zeozer lortzeko.

- Erlejiño barruan gaztediak zeregin gitxi aurkitu dau. Euren iniziatiba ez da ontzat artu. Dana goitik bera emon jake.

Konklusiñoa

- Beste gauza askotzaz egin geinke azterketa au; baiña iru atal oneik artu dodaz, errezenak diralako.

- Nik gaztedia arrisku aundi batean ikusten dot. Au da:

- Gizartean ez doa iñora, eroan egiten dabe.

- Etxean ez da iñor.

- Eleizan ez dauko zer egiñik, betebear batzuk baiño.

- Gazte denpora da ezi denpora, ikasteko denpora, arduratzeko denpora; gizartea ezagutu ta arduratzen asteko denpora, erlejiñoa norberaren barrura ekarri ta emoteko denpora, gauzak zegaitik egiten dabezan eta zelan ikasi bear diran jakiteko denporea da, gazte denpora.

Ta onetzaz gaztedia uts eta itsu aurkitzen da.

Nik ez diñot erru guztia gaztediarena dana. Gizarteak gaurko gaztediari bildurra deutso, itxartzen danean egi zalea dalako, baiña gazteak erru bat daukagu lozorro onetan pozik aurkitzen bagara, eta loaldi onetatik ezpadogu urtetan.

- Zuen eretxiz, egia da gaztedia lo dagoala?

- Egia da gaztediak ardurarik ez daukola?

- Gaztediak ezagutzen dauz bizi dan arteko arazoak, eta bere arazoak?

- Ta zeintzuk dira situaziño edo egoera onetatik urtetako daukozan eragozpenik aundienak?

Karmen Ibarra


Bitariko berbakera edo bilinguismoa dala-ta...

«ZERUKO ARGIA»ren Urteillaren 8'garrenean irakurri dot Euskaltzaindiak Gobernuari Zemendiaren 20'ean bitariko berbakera edo bilinguismoaren alde egin dautsan idatz-eskabidea.

Eta bertan beste orritxo baten au, barri au: Urteroko Txistularien Alkartasunaren Billera Nagusiak, Bilbon izan daben batzarrean, bere iru milla batzarkideak ago batez erabagi dabela Euskaltzaindiaren eskabideari euren babesa eta laguntza emotea. Eta orretarako Eziera edo Jakintza Ministroari eskutitz-idazki bat idatzi dautsoe. Orrelaxe jokatu bear leukee lau probintzietako Aldundegi edo Diputaziñoak eta Udaletxe edo Ayuntamentu danak. Eta beste ainbat jakintza, kirol eta irakasbide alkarteak.

Eskabide ori dala-ta danok alkartu bear giñake. Ointxe da gizonki jokatuteko ordua. Askotan batek edo iru-lauk lortu ezin izan dabena, askoren artean lortu al izaten da. Alkartasunak edozertarako dauko indarra. Ba-dakigu euskotar guztiak Euskera irakaskintzako mailla guztietan sartzea gura dabela. Au egiten dabenean euren nortasunari begira, euren nortasuna zaintzeko asmoz egiten dabe. Lurralde guztietakoak dauke beuren nortasuna: Bai katalandarrak, bai galiziarrak, bai balenziarrak eta abar. Eta nortasun onen abe edo eutsigarririk onena, esate baterako bakarra, izkuntza da. Ez dot uste au eskatuten dabenean geiegikeririk eskatuten dabenik.

Leku askotan dago bilinguismo ori legearen bitartez babestuta. Alkartu gaitezan ba danok Euskaltzaindiaren eskabide oneri indarra emoteko.

Au ez da politikan sartzea. Ezetarako politikan sartzen eztiranak be au gura dabe ta eskatzen dabe. Naziño batentzako orrelako antxiñateko izkuntz aberats bat eukitea, aberastasun bat besterik ezta. Ba ointxe da abegunea barruko gurari ori gizonkiro agertuteko. Ez lo egon. Ez lasai egon zuen goraberagaitik bardin lortuko dalako ustegoan. Gero lortu eztala ta bazter guztietan negar-zotinka ibiltea alperrikako izango da. Orduan bestaldekoak iruzur egin eta burlaka esango deuskue: Negar egin orain andrazkoen antzera, gizonezkoek legez defenditzen jakin ez dozuenok.

Aita Ibabe


Agintariak dirala-ta

Nik orain emen agintarietzaz zeozer esan nai neuke. Zergaitik? Ba, akatsak ikusten dautsedazalako; ori normala dala esango daustazue, ta ezetzik be ez dautsuet esango. Baiña nik neure eretxia esan neike, ezta?

Gaur gure Euskalerriko agintarietzaz jardungo dot, eta puntu bat bakarra aztertuko dot.

Nik gaur emen agirian ipiñi nai dodana auxe da: gure agintariak eta euskera.

Agintaritza, jakiña, erriaren onerako da, ori iñok ez dautsu ukatuko. Eta ori olan bada, eta da edo izan bear leuke, Euskalerriaren onari begiratu bear dautsoe.

Erri bateko agintariak erria ezagutu bear dau, erria bear dan moduan gobernatzeko. Erria zelakoa dan jakin bear dau. Erria ezagutu eta maitatu ete leiteke beraren izkuntza jakin barik? Bide egokiagorik eta bearrezkoagorik gitxi erri bat ezagutzeko, beraren izkuntza jakitea baiño.

Gure Euskalerrian gure izkuntza dakien agintariak zenbat ete dira? Gipuzkoan naiko, Bizkaian eta Naparroan gitxi eta Araban ia bapez.

Batzuek diñoe agintariak gure izkuntzaren kontra daukaguzala, beste batzuek ezetz. Baiña alde ez dagozala argi argi esan daikegu, banaka batzuk izan ezik. Or doguz Tolosako Ayuntamentua, Naparroko eta Gipuzkoako Diputaziñoak, baiña gauza banakak, gauza raroak.

Eta gure Ayuntamentuko agintariak? Zertan dagoz?

Eta orain eztakit zer dala-ta baiña, Gernikako alkate jauna yatort burura. Jaun onek Gernikako eskoletan euskera sartzeko asmotan ebillela-edo orrelako zeozer esan euskun. Eztakit zer pasatzen dan baiña, asmoak asmotan geratzen datoz.

Gernikako alkatea zergaitik aitatzen dodan? Gure biotzetan itxaropen aundiak biztu zitualako eta orain gure ametsak ipuiñetan geratuta ikusteko bildurrak eraginda nagoalako.

Agintariok, zuen babespean daukazuen Erriaren alde bazagoze, daukon izkuntzaren alde ekin, ez egon, jardun baiño.

Tolosako agintariak emondako ikasbideari jarraituko bazeuntsoe...

Ia ba, agintariok, aurrera!

Gerrikagoitia


Gure dantza barriak

Gure egunotako erriaren jokera zintzoa ete dan nago: benetan esnatu ete da zuzen joateko bere jakintzaren arlora? Euskalerriko arimaren sustraitik sortu ete dira gauzak barriztuteko gogo eta asmoa? Auxe izango litzake bide zuzena eta egokiena gure erriaren nortasuna nabaritu eta sendotuteko: erriak bere muna emon bear dau, au da «folklorea», erriaren jakintza, berez erritik sortuniko jakintza.

Baiña gaur gure bizitza arin doa. Ez dauko erriak astirik bere urrezko autsa beratuteko, urak arin doaz da erriaren ondarra, «folklorea», alperrik galtzen da izen bako itxasoan. Erriak ziriketu bearra dauko gaurko ritmora elduteko. Erriak ezin dabe historiaren ritmoa galdu, ezin dira atzeratuta geratu. Gizarteak gizaldi bakotxean alegiñak egin bear dauz bere nortasuna gaurkotuteko. Antxiñako aberastasunak sorbaldeko astuntasunak baiño ez dira. Gure erriak, ba, aurrera jo bear dau; berez edo ziriketuta. Euskerea landu eta gaurkotu, musikak eta dantzak, eusko erara bai, baiña oraindu.

Orretan dabiltz txistulariak eta dantzariak. Orregaitik txaloak ugari! Iztueta pozik izango da gaurko giroa ikusiaz. 1.824-an argitaratu eban Juan Inazio Iztuetak liburu ospetsu bat: «Guipuzcoaco dantzac». Jakitunak diñoe auxe dala argitalduniko libururik zaarrena, arlo onetan beintzat. Ordutik ona asko izan dira onetzaz arduratuten diran gizonak: Olano, Olaran, Irastorza, Aita Donosti eta Azkue, Pujana, gure Olaeta, Barandiaran (Gaizka) josulaguna, eta abar. Gaurko dantzariak be arduratuta dagoz eta Bizkaiko Aurrezkitegiaren laguntasunagaz antolatu eben Euskalerriko Dantzaren I Txapelketa.

Igezko Iraillean saritu ziran lau dantza barri batzuk beste batzuen artean autatunikoak. Oneek, eta egilleak, ziran:

1. DONIBANE, edo «Bezpera gabeko suaren dantza», Oñatibia Jaunak egiñikoa.

2. BERRIOTXOA DONEAREN DANTZA, Bergarako Etxaniz eta Inza anaiak egiñikoa.

3. UDABERRI DANTZA, Jose Luis Orbe, bilbotarrak egiñikoa.

4. NESKA-MUTILLAK AZKENIAN POZIK, Felix Ascasso, gazteiztarrak egiñikoa.

Urtarrileko 15-an, dantza onekaz antolatu da jaialdi eder bat Bilboko Buenos Aires-en. Ondiño entzuten dira ango txalo beroak. Dantzak eta abestiak, zaarrak eta barriak, txalaparta eta soñua, txistu eta beste alderdiko txirula, Gazteizko Txistulariak Arriagaren (1806-1826) ereslan bat joten... Jaialdi ederra benetan! Lengoak eta oingoak, andikoak eta emendikoak, antxiñako eta gaurko Euskalerri bat eginda. Pozgarri eta indargarria da benetan gertaera au. Ez da ondiño il Euskalerria!

Jose Antonio Arana Martija


Zergaitik ez protesta danzak eta umeenak

Benetan izan zan zoragarria bilbotar Buenos Aires teatroan ikusi genduan jaialdia. Ainbeste jenderen berotasunak, euskal kutsudun jai orrek dardaraz imini ginduzan.

Ni ez noa gaur, teknikaren aldetik, jaialdi orren kritika egiten. Euskal folklorean, zorionez, badagoz gaur egunean jakitun asko, lan ori nik baño obeto egingo dabenak. Baña zeozer esan gura dot dantza barriai buruz.

Sariketa onein elburua da euskal folklorea, dantzaren aldetik, barriztutea. Eta alan abestiak, Euskal Abestiaren Sariketen bidez barriztetan diran lez, bardin egin leiteke dantzen aldetik beste onegaz.

Lenengo Sariketa onek merito bat euki dau, au da, bidea zabaltzea. Dantza barriak egite au, esperientzi barri bat da, ez Euskal Erria'n bakarrik, baita Europa osoan be bai. Guk dakigunez, ez da iñon egin beste olakorik.

Caja de Ahorros Vizcaina'k babestutako Sariketa au, benetan izan da interesantea, baña nik uste dot euskal folklorea, dantzen aldetik, barriztau gura badogu, gaurkotasuna emon gura badautsogu, aurrerago joan bear garala dantza barriak egiteko orduan.

Sarituak izan diran lau dantza barriak, antxiñakoen antz geyegia dauke, ta nire ustez, dantza barriak gure denporaren ezaugarriak izatea gura badogu, gaurko prolemak, gaurko bizimodua adierazi bear dabe.

Gure gaurko Euskal Erria'ren bizitzan badagoz prolema andiak, dantza orreitan erabili ez diranak: gure euskal izatearen prolema, sozial gayak, euskeraren bizitz larria ta beste asko.

Prolema oneik, Julian Lekuona abadeak eta bere «Ez Dok Amairu»ko beste lagunak, auren abestietan erabili dabez eta erriak bereganatu dauz.

Artista batek, modu asko daukaz bere barruan sentiduten dauana besteai erakusteko: pintoreak kuadruen bidez, eskultoreak eskulturan bidez, idazleak literaturako lanen bitartez. Bardin, musikalariak abestien bidez eta, zergaitik ez, koreografo batek dantza baten bitartez.

Laster, nik olan uste dot, lenengoaren exitoa ikusita, Caja de Ahorros Vizcaina'k Euskal Dantza Barrien Bigarren Sariketako oñarriak zabalduko dauz, eta nik gurako neunke gure euskal koreografoak gaurko bizitzaren prolemak sentidu ta adieraztea, erakustea, dantza barrien bidez.

Dantza bat lagundu leiteke abestiaren bidez, eta biak bat eginda, euskera ta Euskal Erria'ri mesedez andia emon leitekio.

Gure prolemarik nausiena gaur emen da gure nortasuna galduko dogun edo ez. Euskaldun askoren alperkeriak, kanpoko jendea pilloka etorteak, euskal nortasuna ilteko arriskuan imini dabe. Prolema au zuzenduteko, zeozer egin bear da, ta alde guztitatik jokatu. Koreografoak, euren dantza barriakaz, mesede ori egin leikioe Euskal Erria'ri.

Eta gero, beste utsune bat daukagu euskal dantzetan. Dantza gitxi dagoz umeentzat, eta umeak dira etorrera. Egin daiguzan gure umeentzat dantzak ugari.

Zorionak Euskal Erri'ko Txistulari ta Dantzarien Alkartasunai. Aurrera, Dantza Barrien Sariketako antolatzalle guztiak. Lan ederra egin dozue baña zeozer iraunkorra egin gura badozue, ez geratu orain eta jarraitu aurrera. Bide andi ta barri bat zabaldu dozue, bide egoki bat. Jarraitu aurrera.

Xabier Gereño


Bai, Euskerazko Izenak

Euskal-Jakintzarentzat bere garrantzia daukon gai baten ganean idatzi dausku Garitaonandia-tar Gotzon'ek «Anaitasuna»-ren 142'garrengo Zenbakian: Zergaitik Bateatu ez Euskerazko Izenakaz?

Bai, Euskerazko Lagun-Izenakaz bataiatu geinkez umeak, eta nire ustez ez leuke egon bear euskal-umerik euskerazko izenen bat barik.

Modu askotako euskal izenak daukaguz: aranatarrak, galduta dagozan zarrak, oraingo sortu-barriak, kanpokoak izanarren jatorriz emengo kutsua artu dabienak, etabar.

Aranatar-izen asko artu ditu ontzat erriak, beste batzuei arpegi ona ipini ez badeutse be.

Ama Birjiñaren leku-izenakaz (Begoña, Arantza, Iziar, Izaskun, Dorleta, Ulibarri, etabar) neskentzako euskal izenak ipini diran izan balira santuen izenak emengo euren leku-izenakin (Lezo-ko Kurutze, Urkiola-ko Andon, etabar) edo euskal-santu ta doatsuenak euren abizenakin (Berriotxoa, Loyola, Zumarraga, etabar) baleiteke Xabier-ekin gertatu dana gertatzea.

Orain asi da agertzen Gariko (Mikel Garikoitzekoaren abizena).

Aspaldietako gizaldietan galduta edo beintzat astuta egon diran izen batzuk be berbiztuten asi dira. Esaterako, Unai.

 Gabon be asko erabilten zana da antxiñako denporetan (XVIII'garren gizaldian be bai), nesken artean batez be, baiña eztau bururik erakutsi aspaldian, izen polita izan arren.

 Aitor txaotarra bai sartu dala ugari! Ondo jausi da euskaldunen artean xuberotar euskaltzale amestariaren eskuetatik etorri jakun izen polit au.

Iruñeko egunkari batean, onixek izenok irakurri dodaz denpora asko eztala, markes jaun baten etxeartean («El Pensamiento Navarro»: 31-X-1966): Doña Uxue, Doña Maite, Doña Iruña, Doña Aberri, eta Doña Zuri. Zer deritxaitzue? Eredutzat artu geinke au.

Eztakit nik gauza aundirik gai onetan, baiña uste dot ba-dirala lan batzuk eginda ta argitaratuta Euskal-Izen-Jakintzan jakintzu diranen lan batzuk. Oker ezpanago, Mitxelenak eta Irigaray-k bien arten egiñiko bat agertu zan, Salamanca-n egin zan batzarreko agirietan, Leku-izen eta Lagun-izen'en ganean. Eta gero bai batak eta bai besteak be egin dabez bakotxak bere aldetik lan sakon eta jakingarriak. Ibinagabeitia be asko alegindu da azkenengo urtietan gai onetaz. Eta beste euskal idazle batzuk be arduratu dira.

Ez litzake txarto etorriko emen «Anaitasuna» Aldizkari onetan euskal-izen-errenkada osotu bat emotia, euskal gurasoai argitasunak emoteko euren umeak bateatze ordurako.

N. Soloeta-Astarbe


Ezagutu zure erria

Gernika

 Gernikako Arbola da bedeinkatua,

Euskaldunen artean guztiz maitatua.

Eman ta zabal zazu munduan frutua;

Adoratzen zaitugu, Arbola santua.

Ez zera eroriko Arbola maitea,

Baldin portatzen bada Bizkaiko Juntea.

Laurok artuko degu zurekin partea,

Pakean bizi dedin euskaldun jentea.

Arbola botatzea dutela pentsatu,

Euskal-erri guztian denak ba-dakigu.

Ea, bada, jendea, denbora orain degu;

Erori gabetanik iduki biagu.

***

Agindu genduana emonaz, Bermeo'ren ondoren, Gernika dakartzuegu gaur aurrera. Bizkaiko erri itzalgarria, lenagaitik eta gaur danagaitik. Lengo Gernika dala-ta, esan bear litzakezanak olako milla orritan be ezin esan daitekez. Gure Erriaren biotza; gure gogoaren agerpena, gure Lege Zaarren sorleku maitagarria.

Gernika: arratsalde baten txingarketan, illerri biurtua. Andia zara benetan; asko balio dozu, Gernika, arerioak dozuz-ta. Areriorik eztaukona ezetarako ezta.

1937'ko Aprilleko arratsaldetik ona, asko aldatu zara. Zutunik nekez geratutako orma zatiak, kedarrez baltzitutako arri ta azurrak estaldu dautsuez. Egindako pekatua estalduten dan antzera, emen be lengorik ezta agiri. Alan be, itxuraz aldatu arren, lengo biotza ta gogoa bazeunkoz, kalte erdi.

Eusko gogoak bultzatuta letorkizunarentzat, atzerri sundea dariozu edonundik. Gernika! Non dozu biotza? Itxi eidazu ikutzen bular ori, taupadarik dozun edo ez iakin dagidan.

Gernika'ren biotza

Gernika, Lumo ta Aiangiz gaur erri bakar bat dira, bakotxak euren nortasuna galdu ezpadabe be. Gernika aipatukeran be, irurok aitzera emon gura doguz. (Orrein ganera, aurton beste oneik be Gernikari batuak izango iakoz: Kortezubi, Nabarniz, Arratzu, Foru ta Murueta).

Gernikarrak zenbat 1965'ean

25 urtetik berakoak: 3.565

25 urtetik gorakoak: 6.446

Guztitara: 10.010 bizitanle.

1900'garren urtean 3.250 izan ziran. Alde ederra.

Euskaldunak zenbat

1960'garrenean, 7.854 Gernikarretik: 3.933 ziran euskaldunak. Gaur iakiña, gitxiagotzen doaz. Amalau urtetik berako umeak zenbatu doguz eta 2.500 dira. Orreitatik euskera dakienak 500, zorionean.

«Aita, zer egin dozu euskera maitea? Erdaran azi dozu, oi, zure semea! Ontasun ederrena aita batek galtzea...»

Duban, debalde, artu gendun berbeta, zer dala-ta geure umeeri ukatu?

Eskolak zenbat

 2'gn. maillakoak eskolak (erderaz) umeak Euskal Ikastolak umeak

Gobernuarenak 4 600 — —

Monjenak 2 200 1 12

Partikularrak 4 75 — —

Gurasoenak — — 1 18

 10 875 2 30

 1,go. maillakoak eskolak (erderaz) umeak Euskal Ikastolak umeak

Institutoa 1 500

Monjak 1 200

 2 700

Eleizak, zer?

Gernikak iru parroki daukoz, bat berton, bigarrena Lumo'n eta irugarrena Aiangiz'en.

Igandero, Gernika'ko «Andra Mari»n 7 meza dagoz; euskeraz bi bakarrik. Bat gañera oso goiztarrentzat, 7,30'etan; bigarrena 11,30'etan. (Lumo'n eta Aiangiz'en meza biña dagoz igandero, danak euskeraz).

Batzar-etxean be meza egoten da, baña ezta izaten euskaldunentzat.

Monjak be ba-dira lau motakoak edo... Zorionean «indijena» izate ori Merzedetarrak ulertu dabe beintzat. Txaloak zuen meza ta ikastolatxuaren alde. Monja euskaldunek be ba-doguz. Iainkoa zuentzat ezta Dios, Aita baño. Ta ba-dago aldea. Lumo ta Aiangiz barik, 16 meza dagoz Gernikan; euskeraz 4 bakarrik. Noiz arte olan?

Kristiñau ikasbidea dala-ta iakin dodana, ene! Etxeko aitari Aita deritxoen askok, Padre diñotse zerukoari. Zer dala-ta ori? «Andra Mari» eleizan, 12'ren bat ume baño ez ei dabiltz euskerazko kristiñau ikasbidean. Gernikar gurasoak, Iainkoa eztogu erdaldun euskaldunontzat. Gurasoak, zergaitik itxitasun ori? Euskeraz dotriñarik ezpalego, baña ba-dago. «Seber Altube» ta merzedetarren ikastolakoak, 38 ume, euskera utsez. Goiko zeruak emongo al dautsue «Bermeo-bedarra» lez ugaritzea, Gernikako 500 ume euskaldunok Iainkoari, Aita esan arte.

Lantokiak

111 lantoki dagoz Gernikan, ta 1.823 langille. Arrigarria auxe, nun ta Gernikan 1.823 langille. Non sartzen ete dira? Erri onetara, edozein ordutan zoazela, esango geunke iñok eztauala lanik egiten. Itxuraz, Gernikan eztago txirorik, apain iantzitakoak, zapata zorrotzak ugari. Euskera barriz, astelenetan edo izan ezik, ezta ba asko entzuten. «Gernika garbiago bat» eskatzen dabe ondiño.

Auxe dozue Gernikaren biotza. Zer deritxozue? Euskalerriaren biotza dirudi, ta alan da.

Aprilleko arratsalde bat bide dala PICASO'k egindako lauki bati eskerrak, munduan oso ezaguna dan Gernika or daukozue.

Atzerri sundea dana: idazki, pelota-toki ta baratz. Errikoentzat zer? Lantokiak eta tabernak. Ori bai. Demokrazi ta askatasunaren sorlekuak, gaur urdailleko arra iltzeko baño besterik gitxi emoten dau. 50 iantoki ta edanleku. Olako erreztasuna balego Gernikan, gizonari burutik asita emon bear iakona sartzeko? A, orduan; baña ortik etxatorrek dibisarik.

Guzti oneik aurrean izanta be, amets alai bat izan dot, begiak zabalik. «Gernika erreta be zugaitza zutunik dago»; gaurko atzerri-atza gora-bera Gernika bizirik ikusi dot. Erri bat iltzea ezta ain errez. Gaur elburu baten billa gabiltzan gazteak asko gara. Diruaz, andrakaz eta ardauaz asetzen eztiran gernikarrak ba-dira.

Sator lanez baño ezpada be, lengoaren utsa betetzera gagoz. Burua ez iaku antzutu. Lengo Gernika, ez dogu gura gaur atzerri.

Santimamiñen argitu zan Euskal eguna, gure zanetako odolez gorrituta, betiko Euskal egun egin gura dogu. Mendi ostetik urtendako askatasun-eguzkiaren betiko argiaz Euskalerri guztia argitu arte.

Salatari