ANAITASUNA
Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua
ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.
IDAZTI AU 1967-KO BAGILLAREN 8-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.
Zuzendaritza ta Banakola
Irala, 8 — Bilbao-12
D. L. BI. 1.336 - 1967
GRAFICAS BILBAO — Gordóniz, 28, 3.º — BILBAO-10
«Bakea ezta gerrarik ez izatea bakarrik,
bakea zuzentasunaren lana».
(XIII Eskema)
«Erri txikien bizitasuna ta azitzea
moteltzeko egin daiteken edozer,
zuzentasunaren aurkako pekatu astuna da;
ta astunagoa ondiño, aurka egite ori, enda bera ezereztuteko asmoz egiña bada».
«Zuzentasunari guztiz iagokona da, ostera,
erri agintedunak bene-benetan erri
txikien baliotasunak zaintzen alegintzea,
batez be onein izkuntza, gogolantzea,
lege zarrak eta ondasun almenak».
(Bakea lurrean)
«Erritarrak zintzotasun eta biotz-zaletasunez
agertu daiela aberriarengaganako maitasuna,
buru gogorrez barik.
Lurreko gizadi osoari begira euki dagiela gogoa,
enda, erri ta aberri, lokarri estu eta ugariekaz, sendi baten alkarturik dagoz-ta».
(XIII Eskema)
Elorrio'tik
— Iguriatarra zareala esan leike. Beti zabiltzaz angoak goraltzen.
— Ez da egia, ala? Eurak dira, izan be, beti gertu aurkitzen diranak edozer egiteko; ta ez uste izan Iguria'ko auzunearen alde bakarrik, ez. Elorrio'ko gora-bera guztietan be lenengoetarikoen artean jokatzen dabenak dira. Ori iñok ezin ukatu lei...
— Orretan batera gagoz. An dogu orren ziñaldari Santa Luzia'ko ermitea...
— Ta ori zer da, ba? Beste gauza asko be esango dautsudaz astirik ba'dozu niri entzuten egoteko.
— Ez diñotzut ezetzik, baña...
— Ez dot uste «baña»rik ipiñi leioenik iguriatarrai.
— Ba nik, bai! Elorrio'n sartzen diran bide guztiak igaroten dira arrizko kurutz baten oetatik. Kurutze orreik an dagozala esan lei bakotxa bere arloa jagoten gure erria jaio edo egin zanetik ona. Baña uts bat dago... ta bera Iguria'n egon be! Guzurra diñot; utsa baño txarragoa ta baita be tamalgarriagoa dana: kurutzea izan bear leukena ba-dago an... baña apurtuta! zatituta!! An dagoz lurrean zati batzuk...; beste batzuk errotan aurkitzen dirala norbaitek esan daust...
— Egia esan, arlo ori ixilik igaro ba-zan naiago izango nuan baña zuk kartak azpikoz-gora jarri dozuzan ezkero, gauza bat autortu bear dautsut.
— Bota, ba!
— Iguriatarren goratzalle gogorra nazala edonok daki. Baña arek aupatzen dodazan bakotxean tuetaraño bildur-ikara bat sartzen yatala be egia da, gero!
— Zer dala-ta, ba?
— Zer dala-ta diñozu? Ba zorionezko kurutze ori dala ta ez dala. Iñok aitatuko ete-daustan bildurra da aurrean jarten yatan lañoa. Ta neu be ezin ziñistuta nago zelan aurkitzen dan a taixu orretan, guztien lotsagarri dala...
— Eupada bat egiozue zeuk kurutze orren alde...: ia...
— Ze eupada ta ze prozosiño! Eupadea egiteko premiñia ete-dago, ba, mundu guztien begien aurrean dagon gauza tamalgarri ori bear dan lez jarteko?
— Ez asarratu, ba! Iguriatarren aurka jarri ete-zara, ba, orain?
— Ez, ori egundo bez! Baña...
— Aaaa! Len ez dozu esan, ba, ez dagola «baña»rik?
— Ixi! Nor ete-da or doana?
— Sabin. Ez dozu ezagutzen, ala?
— Ene! Ta... entzun ete-dau gure eztabaidea?
— Jakingo dogu...!
Fuldain'en aldetik antxiñako pelota-lekura sartzeko, iru begidun orma bat dago. Ta erdiko begi ganean, berarizko zulo baten, Errosario'ko Ama Birjiña bat. Errosario'koa esan dot, olan izan dalako gizaldietan, baña ori ez dakian bateri nik esango ba-neuskio Anboto'ko sorgiña dala, erdi-erditik siñistuko leuke: alde batetik, errosarioak iñundik be ez diralako agiri, ta bestetik, barriz, fede gartsu ta bizi-bizi bat bear dalako an dagon «gauza zuria» Ama Birjiña dala iruditzeko. Nun dira len ebazan kolore politak? Oraingo aldian mirariak ez dira ugariak, baña bat —eta bera galanta— izango zan a egon dan eta dagon jasan antxiñako koloreakaz apainduta aurkitzea! Zulo orrek ez dau, ez kristalik, ez eta burdiñarizko sarerik be irudi ori euri, aize ta enparauakandik yagoteko.
Ta onela, noiz arte? Erbestekoentzat, jakiña!, ori ta igez igaro zan lañoa, bardin antzerakoak...: baña guretzat, elorriotarrentzat, gauza mingarria da andik igaro ta, lotsearren, ara begiratu barik aurrera joatea. Ta errien biotz-biotzean dago, barriz...!!!
Barriro diñot, NOIZ ARTE?
Baña, zorionez, dana ez da utsa. Entzun daigun zer diñoen oneik:
— Joan zoan Karakas ziar nire arrankariak arrapatzeko tokia!
— Besteren bat jarri dok ire lekuan, ala?
— Bai zera! Lurra ganera botata, ez yoek, ba, estaldu?
— Ez dok izango egia! Ta nun izan dok zoritxar ori, ba?
— Pinto'n ardautegien aurreko kamiñoan! Ta ori gutxi dala, kotxiak eta burdiak be ulia artzen daustelata nagok, orain bape lotsa barik igaroten dozak ganetik-eta!
SABIN
Yurre'n bertsolariak
Auxe ipinten eban Arrati guztian zabaldu zan orri batek; eta egia zan.
Zezeillaren 5'ean lau, obeto esateko bost, bertsolari etorri ziran Yurre'ra. Bi Berriatua'koak, Mugartegi ta Arregi, eta beste bi Muxikarrak. Balentin Enbeita eta Lopategi; eta puntuak emoten Xabier Amuriza (abadea) errazoi guztiz artu geinke au be bertsolaritzat, bertso batzuk be bota ebazan-eta (baña bat-baterakoak, ez etxean eginak).
Baña orainarte bertsolariak erriko plazan botaten ebazan bere bertsoak, eta orain (au txarrena) 20 peseta pagau bear entradea entzun gura dabenak. Au ondo ala txarto dago? Nire ustez ederto dago, lenen-lenengo bertsolaria defendiduteko, olan leku geyagotan aktuau leikie bertsolari guztiak «Ez dok amairu» taldeagaz gertatzen dan moduan; eta erri geyagotan aktuau ezkero propaganda apurtxo bat be egingo litzake, susterra gelditu ezkero aretxa egon dan lekuan aretxa dator ostera be, eta bertsolaria zan lekuan bertsolaria jaioko da. Beste alde batetik begiratuta, edozein lekutan aurkitu geinkez bertsolariak? Ez, Euskalerrian bakarrik. Ba, orduan 20 peseta pagetea larregi ete da munduan dagoan espetakulo bakar au entzuteko?
***
Eta orain au alde batera itxita, beste puntu bat ukutu bear dot. Amuriza'k esan eban, eta nire ustez ondo esanda, bertsolaritasuna euskereagaz bat-batera sortu zala, eta berak ikusten eban Arratian bertsolaririk ez egoala. Silogismo oneri jarraitu ezkero, konsekuentzia argi ikusten da: Arratian euskerarik ez da egiten, euskerea galduta dago. Eta orduan pregunta bat sortu zan nire barruan, eta pentsetan dot beste askok be egingo eutsela bere buruari: egia ete da? Bizkaia asko ez dot ezagutzen, egia esan bear dot, baña Arratian baño euskera geyago egiten ete da beste komarka batzuetan? Baita be ba-dakit Arratian, zori txarrez, geroago eta euskera gitxiago egiten dala, baña, uste dozu Xabier, ilda dagoala?
Yurrebaso
Ibarruri'tik
Euskal-errian oitura danez eta guraso zarren legeak gogoan arturik, erri onetako gaztetxuek urten eben, baserri-etxe guztiek kantuz pozten, Ageda deunaren abesti gozoazaz.
Gaztetxu-talde onek bere aldetik alegiña ipiñi eban, ensayuetara joanaz.
Erri ta inguruetara be joan ziran, Santa maitea arturik euren bideko laguntzat.
Jenteak, eurek diñoenez, ederto erantzun eban, eskupeko ederrak emonaz.
Zeuok itxartu ezik, nor joateko Ibarruritik? Baña... guraso zaarren oiturak zelan baztertu, euren odoleko garan euskal gazteok?
Oitura asko baztertu doguz, baña oraindik au ez dogu galdu.
Zorionak, gaztetxu-talde oni ta jarraitu bide orretatik.
Maguregi tar R. M.
«Txistulari» aldizkariaren zenbaki apartekoa
Anaitasunaren idazkolan TXISTULARIK argitaratutako azkenengo zenbakia artu dogu. 1966'ko azkenengo iru illabetekoa: Urria, Zemendi ta Gabonillekoa. Zenbaki onegaz 48'ra eldu da.
TXISTULARI, bere 3150 arpidedunakaz, maillarik goienetakoan aurkituten da. Euskal-folklorea agertu ta euskal-folklorean ezitzea da bere eginbearra, ta ederto beteten dau. Baiña, euskal-kultura be ez dau aztu; aztu ez ezik, indar barri bat emon deutso.
TXISTULARI aldizkariak bere zenbaki aparteko onetan informaziño ugaria emoten deusku. Ederto jantzi ta apaindua urten dau kalera, barrutik eta azaletik be bai. Azkenengo TXISTULARI aldizkaria euskal-kulturak azkenengo urte oneetan artu dauan indar barriaren ezaugarria da.
Eskerrik beroenak eta sutsuenak emon bearrean aurkituten gara zenbaki aparteko onetan Anaitasunari orri aparteko bat eskeiñi deutsolako. ESKERRIK ASKO, TXISTULARI. Orri onen bitartez Anaitasunaren zabalkundea egin gura dau. Bertan diñonez, ANAITASUNA da Bizkaiko aldizkaririk ederrenetakoa: dana euskeraz; informaziño ugaria... zuzendaria be gaztea ta gertatua... Ta, orregaitik, TXISTULARIK ANAITASUNA Bizkai guztian zabaldu gura dau; Bizkaiko famili guztietara bialdu gura dau, euren euskal gosea asetu daien.
ANAITASUNARENTZAT pozgarria da bere arpidedun guztiai EUSKALERRIKO TXISTULARIEN ELKARTEAGAZ egin dauan adiskidetasuna agertutea.
Anaitasunak barriro eskerrak eta zorionak emoten deutsoz TXISTULARIri ain zenbaki apaiña ta apartekoa argitaratu daualako. BETI AURRERA.
Gure aldetik, eta arrokeri barik auxe esan gura dogu: Zenbaki aparteko au Bilbon argitaratu dala ta Bizkaiko euskaldun guztien laguntzagaz.
ANAITASUNAK eta TXISTULARIK emon daben besarkada onek iraun daiala betiraiño, ta euskeraren alde anaitasun benetako batean aurrera jarrai daiela. Eskerrik asko TXISTULARI, zeure laguntzagaitik.
Anaitasuna
Mundua mundu
Erensugea esaten dautsagu euskeraz «dragoiari». Ba-dakizu onezkero zeren irudi diran bi pizti orreek: Txina-rena bata ta Errusi-rena bestea. Aspalditxotik dakarre bien arteko burruka, ideoloji ta berbetazkoa bakarrik jakiña, ez dabe onarterakoan alkarren kontra armarik artunda. Kosyguin errusitar lenengo ministroak diñonez, ez da bien arteko gerraterik sortuko. Sartaldean ainbeste ames eginda gero ori!
Gudarik ez dabe bearbada izango baiña, ba-darabille beintzat liskarra, ixkanbilla ta iraiña ugari. Errusi-k, beste komunista-naziñoak itxurazko bere mantupe ta izatezko esku atzamar-pean eroan gurarik ebillen. Stalin izkutatu zanetik ostera, indarrezko bide zakarrak pake-bizitzazko politikeaz legundutea erabaki eban. Eta ortxe emon eutson arpegi Txina gorriak. Ez eukala berak, 750 milloiko naziño batek, beste kaxkarrago baten morroi zer izanik; ba-zala bera bere buruaren jabe, ta komunismoak indarra bear ebala latza munduaz nagusituteko. Taiu onetan uste ezin daiteken neurriraiño baiña! Errusitarrai fazista deituteraiño orra!
Ori batetik. Gero orrekin zer-ikusia dauan beste zer bat: Mao, txinarren lendakariaren deira, itxi bearra ta «kulturazko matxinada»-ri ekin dautsoela milloika gaztek. Ez dau erreboluziñoa olan egiteak gatxa izan bear! Matxinada orrek zer dakarren? Ba komunista izatea apurtxoren bat aaztuta, bizitza lasaitxoagora oituten ari ziran danak kendu euren nagusitzatik —«revisionista» ei dira orreek—, ta benetako komunismo garbia barriztutea, orixe. Beste jauntxo batzuk jaiki yakoz Mao-ri aurrez-aurre jende ikasiaren, beargilleen eta nekazarien artean desosegua ei dabil, komunismoak ez dauz sekulan bete izan-da; errian geienak lengo euren kultura zaarra ei dabe maite. Alde guzi orreetatik yatorko Mao-ri kontrea, ta berak zearo menderatu gura dauz. Orretarakoxe deitu ebazan milloika gazte orreek, gaztea beti izaten baida berotu-erreza ta ausarta. Ta ala fede, «goardi gorri» orreek obeto jakin dabe bai, diñotenez, eskua iñoren kontra dantzatuten, bearrean baiño. Joan dan urteko udaratik asi ta orixe dabe euren zeregiñik nagusiena.
Errusi-k Txina-ko zalaparta oneetan artu-emonik ba-dauan? Bai, antza, zearkakoa bada be. Mao-ren kontra diarduenak Kruschef errusitar aren estilokoak ei dira, alan salatzen dauz «Izar gorria» komunisten lenengo egunkariak. Beste onako au be bai ei da. Bi naziño orreen lurrak mugaz muga egon-da, Txinaren muga-lurraldetan (milloi bat eta seireun milla kilometro) ei daukoz Mao-k areriorik gogorrenak. Sinkiang-eko Buru egiten dauanak, an gordetako atomo-armaz jabetuko zala be bota ei eban. Militar jendea be ez ei da eritxi bateko. Arratsaldeko lau probintzitan gorengo militar zuzendariak Mao-ren aurka alkartu ziralako barria zabaldu zan.
Gorabera orreek danok aprobetxatuteko ortxe dago Formosa-n zai zai Chang Kai Shek. Aspalditxo iñoan jaun orrek, gitxien uste zanean ageriuko zala barriz be lengo bere nagusitzako lurretan. Gerturatuten ari ete yako orretarako ordua?
Txina-ko gertaerak asko inporta yakoz gure mundu oni. Mao-tarrak irabazten badabe, txinarren jokaerea gogortu ta lengoxean iraungo dau, komunisten lagunartea erdibitua agertuko bada be. Mao Tse Tung-en arerioak nagusitu ezkero ostera, baleiteke komunistak, alkarren arteko xexiñoak itxi ta batasunera jotea. Zer ete okerrago? Erensugearen atzamarretan erori ala erensugeak eta artzak bat artunda, bien arriskuan bizitea?
A. Zurutuza
Mundua mundu
R. Kennedy-k Europako naziño batzuetatik egin dauan jirearen ostean, Aita Santuari egin deutsan bisitearen ostean, galdera bat jatorku burura: nora doan bere politikearen joerea.
Bere situaziñoa
Dudarik eztago R. Kennedy, Iparamerikako lendakaritzara bidean doala. Baiña noiz? 1968-ko eleziñoetan edo 1972-koetan? Bere politikarako (berak esan dauan lez) askoz be egokiago da 1972-koetan. Baiña orrek berarekin dakar, demokratak (Johnson-en personan) 1968-ko eleziñoak ataratea eta ba dirudi Johnson-ek gogo aundirik eztaukala presentetako. Onetara R. Kennedy posiziñoak lenbailen artu bearrean aurkitzen da. Onela ezta arritzekoa egun oneitan Europa-n ikustea «bidaje pribatu batean» politiko gazte au.
Mito baten atzetik
Esan danarekin pentsatu leiteke asierako galdera erantzunda dagoela. Baiña zelangoa izango da R. Kennedy-ren politikea? Norteamerika iñoiz baiño bear izan aundiagoan aurkitzen da gaur egunean prestijio bat, mito bat, izen bat aurrera ateratzeko (munduan daukazan interesak ez galtzeko), Johnson-en joerak atzerapen aundia emon deutsalako. Argi jokatuta mito ori R. Kennedy izan leiteke, bere gaztetasuna, bere berbak, bere apellidua egoki datoz zulo au betetzeko.
Gaur egunean Norteamerika Vietnam-go gerran sartuta dago, Sudamerika geiena berea da, Asia-n, Europa-n eta abar interes gogorrak jarrita daukaz eta iñork eztau siñisten munduan «erriak eta gizonak askatzen» ari danik, sistema baten interesak aurrera eroaten baiño.
Garbi ikusten da, gaur, Vietnam-go gerrea erabagiteko amerikanoak erretiratu bear dabela. Eta R. Kennedy-k egoki jokatu leike erretiro onetan bere erriari galdu dauan prestijioa biurtuaz. Baiña biar, Nortamerikako «demokraziak» barriro beste Vietnam bat asmatuko dau.
Orregaitik ezin geinke pentsatu persona batek gaiñea artuko deutsanik sistema bateri. Gatxa emen dago.
R. Kennedy-k Norteamerikako kapitalismoak eskatzen dauana egingo dau, bere gaztetasun, apellidu eta berben gaiñetik.
J. Barrutia
Kristiñau erriko barriak
• Bilbaoko obispo jaunak kargu barik itxi ditu diosesiko zuzendari geienak.
• Orientaziño barri bat artuko ete dau Espaiñian Katoliku Aziñoak?
• Canadako obispoak asko erreztu dabe laikoen apostoladua.
• Mandatubako kristiñau mobimentuak gero ta indar geiago artzen asi dira munduan.
• Urten egin dabe Katoliku Aziñotik Brasileko gazteak.
Aspaldion, ez dira guztiz onak Espaiñian Katoliku Aziñoaren eta Obispoen arteko errelaziñoak. Periodikuak eurak be, sarritan berba egin deuskue situaziño orren gaiñean. Olantxe enteratu gara, esate baterako, joan dan urtearen azkenean Bizkaiko diosesian jazo danagaz: Bilbaoko obispo jaunak kendu egin ditu euren karguetatik Katoliku Aziñoko zuzendari geienak, politikako gauzetan sartu direalako, eta olan Jerarkiaren agindua eta Organizaziñoaren lege fundamentala gorde ez dabelako. Lege orrek zer diño ba? Berba gitxitan esanda, auxe: Katoliku Aziñoan sartuta dagozanak, Jerarkiaren mandatariak dira; obispoakandik artu dabe bear egiteko mandatua; obispoen agindupean lan egin bear dabe beti; partikularrak lez sartu leitekez gauza tenporaletan, baiña sekula bez Katoliku Aziñoaren izenean.
Espaiñiako Katoliku Aziñotarreri gogor egiten jake lege orren kunplimentua. Ez dabe ulertzen, esate baterako, zegaitik ezin leitekezan sartu, Organizaziñoaren izenean, zeregin sozial eta politikuetan, sartze orren bearrizana Kontzilioko dokumentuetan ain argi agertzen danean. Euren ustez, Kontzilio ostean, aldatu egin bear litzakez Katoliku Aziñoko legeak, eta askatasun geiago emon katolikueri apostoladua egiteko, Eleizearen mandatua euki naiz ez euki. Artikulu au inprentan dagoan bitartean, Madrillen dagoz batuta (zemendiaren 27'tik martiaren 4rarte) Espaiñiako obispo guztiak; eta ziur dakigu, Katoliku Aziñoaren prolemak estudiatuko dituena. Orduan jakingo dogu, ea beste orientaziño barri bat artuko dauan ala ez, gure artean, laikoen apostoladuak.
Independentzia geiago
Ikusi daigun orain, zelan dabillen Katoliku Aziñoa estranjeriako naziñoetan. Orretarako, entzun daigun zer diñoan, bere azkenengo numeruetan, Informations Catholiques Internationales, Frantziako errebista baliotsuak.
Mundu guztian zear ikusten da, Katoliku Aziñotarren artean, tendentzia gogor bat Eleizearen oraiñarteko mandatuaren kontra. Eurak gurako leukee, mandatu ori aurrerantzean kendu leitela; edo beiñik bein, mandatu orrek dakazan lanerako eragozpenak al danik geien gitxitu leitezala. Tendentzia au kontuan eukita, Canadako obispoak guztiz asko nasaitu ditue Erreglamentuko legeak Quebec izeneko probintzian, ango katolikuak apostoladurako trabarik gitxien euki daien. Argentinan, obispo komisiño bat ari da aspaldion lanean, Katoliku Aziñoari beste orientaziño barri bat emoteko, oraiñartekoa lar ofiziala ei da-ta. Italian, len baiño inportantzia gitxiago emoten asi dira ofizialtasun orreri, eta eskuz esku lan egin gura dabe obispoen mandatubako organizaziñoakaz.
Organizaziño orreek, Jerarkiaren mandatariak ez direanak, gero ta indar geiago artzen asi dira mundu guztian zear; eta benetan erakutsi dabe, Eleizearen errenobaziñorako guztiz egokiak direala, euretariko geienak Ebanjelioaren testigantza jatorra emoten dabelako eta, munduko bearrizaneri erantzuteko, belarriak eta begiak ondo zabalik dituelako. Alandaguztibe, oraiñarte beiñik bein, difikultade asko topetan dabe jeneralmentean, Jerarkiagaz dialogo on bat eukiteko. Olako organizaziño asko dagoz munduan, batezbere Italian, Inglaterran eta Nortamerikan.
Bide barriak
Sudamerikan, Telepax izeneko katoliku ajentziak notizia inportante bat zabaldu dau, denpora asko ez dala. Brasilen, Katoliku Unibersitario Gaztediak (J. U. C.) eta Katoliku Independente Gaztediak (J. I. C.) urten egin dabe Katoliku Aziñoko organizaziñotik. Aurrerantzean, kristiñau mobimentu utsak izango dira, eta ez dabe menpetasun apartekorik eukiko Jerarkiagaz. Dependentzia orrek, ainzuzenbe, emoten deutso Katoliku Aziñoari bere ezaugarririk sakonena.
Azkenengo urteotan —batezbere 1964-ko «Erreboluziño» denporan— Brasileko Katoliku Aziñotarrak asko sartu dira naziñoko zeregin tenporaletan, eta alegin izugarriak egin ditue, justizia soziala errian zabaltzeko. Baiña obispo guztiak ez dira egon konforme lan ori egiteko moduagaz, eta eragozpenak ipinten izan deutseez katolikueri, Erreglamentuko legeak kunplietan ez dituela-ta.
Au ikusita, J. U. C. eta J. I. C. eko gazteak, Katoliku Aziñotik urtetea erabagi dabe. «Gu ez gara geiago Katoliku Aziñokoak —diñoe gazteak. Munduan bizi garean ezkero, geure indar guztiakaz lan egin gura dogu, mundu au —bere prolema ta errealidade guztiakaz— Kristorentzat irabazteko. Aurrerantzean, gure organizaziño biak obispoen mandatu aparteko barik lan egingo dabe; eta Jerarkiagaz eukiko dogun batasuna, Eleizako beste kristiñau guztiena lakoa izango da.»
Obispoak, euren aldetik, ontzat artu dabe situaziño barri au; eta askatasuna emon deutsee katolikueri, apostoladurako forma barriak billatuteko eta gaurko mundu barri onetan euren kristiñau misiñoa modurik egokienean betetuteko.
Imanol Berriatua
• Holandako biztanleak 100'tik 41 katolikoak dira.
• Domeketan mezatara joaten diranak: 100'tik 65.
• Pazko aldiko aitortza ta komuniñoagaz beteten dabenak: 100'tik 87.
Konzilio barri bat
Holandako Obispoak erri osoari Batzar Nagusi batera dei egin deutsoe. Naziño onetako Obispoak Erroman Eleiza osoak egin dauan Konzilioa jarraitu gura dabe; an emon diran irakaspen eta bide barriak egi biurtu eleiztarren artean.
Baiña Batzar au ez dabe Obispo ta abadeak bakarrik osotuten, seglarrak be bai. Naziño batzuetan, zorionez, Eleiz barruko ditadura joan da...
Holandako Obispoen ideia edo erabagi onek Naziño ta leku guztietan ez dau arrera bardiña izan. Erroman, eleizgizon askok bildurrez artu dabe. Beste batzuek, Aita Santuaren berbak okerturik, tradiziñoz katolikoak diran Naziñoetan ikara sortu ta zabaldu dabe: Italian, Españan... Banaka batzuek, barriz, abadegintza itxi ta seglar egin diran abade ta erlijioso batzuen jokabidea agertu dabe.
Baiña txakurrak zaunka egiten dauanean, señale ona izan bear dau...
Konzilioko zuzendariak
Joan dan urteko zemendiaren 27'an asi ziran batzarrak. Diñoenez, urte onen amaitukera arte.
Konzilioa zuzenduko dauan komisiñoa osotuten dabenak amaika dira: Zuzendaria: Alfrink Kardenala, Utrech'ko Arzobispoa. Laguntzailleak: de Vet eta Royackers Obispoak. Gaiñantzekoak: lau seglar, iru erlijioso ta monja bat.
Baiña gaiak eztabaidatu ostean, «Consejo ejecutivo» deritxon taldeak artuko dauz azkenengo erabagiak. Kontseju au oneek egiten dabe: M. van Melsen, filosofilaria; beste iru laiko (andrazko bi) eta iru abade (onetariko bat Schillebeek, dominikoa ta teologo ospetsua).
Batzarra demokrazi bidetik eroango da, Erromakoa lez. Gura daben guztiak eskutitzaren bitartez, euren gogoa agertu daikee, eta katoliko ez diranen laguntza be eskatu da. Beraz, ezta Eleizako jauntxo batzuen eginkizuna, Holandako Eleiza osoarena baiño.
Konzilioan erabilliko diran gaiak
Gaiak iru ataletan banatu dabez. Lenengoa, Batikanoko II'gn. Konzilioak eskatu dauan barritzeari yagokonez eratua izan da. Lenengo atal onen gaiak sei puntu oneetan bildu daikeguz:
1) Eleiz-barruan jazo diran aldakuntzen ikasketa, eta aldakuntza oneen zergaitiak (Konzilioa, deskristianizaziñoa, antiklerikalismua t. a.).
2) Jaungoiko gabeko mundu batean bizi dan gizonarentzat siñismenak daukon zeresana.
3) Munduko eginkizunetan eta gizarteko justiziaren alde burrukan dabiltzan gaurko seglarrak, oraiñarteko bidetik jarrai ete daikee? gaur arteko espiritualidadean? mundutik iges eta konbentuetako bizitz-moduan?
4) Kristiñauak XX'gn. gizartean ze jokabide artu bear dau? Kristiñauak gaurko aurrerapen eta zibilizaziñuari ateak itxi, edo Juan XXIII'gnak. lez aldakuntza onak artu egin bear dauz? Aldakuntza: pentsakeran eta egiteetan.
5) Liturgi arloan barritze sakon eta benetako bat; gaurko parrokieri yagokenez.
6) Kristiñau erlijiñoaren ikasbidea barritu; gaurko gizonari yagokonez eratu. Orretarako formula zaarrak baz'tertu.
Beste gai batzuek be erabilliko dabez: familiko bizitza barria, Meza ta barauen obligaziñoa, t. a.
Holandako katolizismua
Anai Steeman, Frantziskanoak, Erroman Holandako katolizismuari buruz berbaldi bat emon dau.
Munduan, geure artean be bai, gero ta gitxiago dira domeketan mezatara joaten diranak. Ba, berbaldi onetan garbi ikusten da Holanda dala purttu onetan buru. Españian baiño doble geiago.
Domeketan mezea entzuten dabenak:
100'tik 65.
Pazko aldiko aitortza ta komuniñoagaz beteten dabenak:
100'tik 87.
Katolizismua da Holandako erlijiñorik ugariena:
100'tik 41 katolikoak.
100'tik 35 protestanteak.
100'tik 4 judutar edo kristiñau ez diranak.
Abadeak be beste Naziño katolikuetan baiño geiago:
333 katolikuentzat abade bat (Españan 1000'entzat bat).
Holandako katolizismua dala-ta amaika guzur esan eta zabaldu da gure aldizkarietan. Baiña or daukaguz estadistikak. Holandako katolizismua indartsua eta sakona da benetan. Jakiña, aurrerapenak beti daroaz arriskuak, baiña egia da arrisku barik ez dagoala aurrerapenik.
Alfrink Kardenalak errazoiagaz esaten eban Erroman: «Holandatarron espiritua gauzak garbi agertuteko sortua izan da.»
Ikasbide bikaiña tradiziñoz katolikuak gareala esaten dogunontzat. Gure artean bildur asko dago problemak garbi agertu ta erabagiteko. Arrisku barik iñoiz be ez dogu aurreratuko.
Euskalerriko Eleizeak noiz egingo ete dau onelako Konzilio bat?
Felipe Izagirre
EUSKO INDARRA ikubilkari taldea dozue au. Ezkerretik eskumara oneik: Alboniga, Grela, Ispizua, Jim de Aurrera (zuzendaria), Ibarrondo ta Pinedo. Belauniko, Del Rio. Azkenengo aitaturiko irurak, bakotxa bere maillan, txapeldun izan ziran. Orain, Jim de Aurrera gure kirol-izparkariak bere eretxia azalduko deusku, Casius Clay ludiko txapeldunatzaz:
— Zer deritxozu zuk Casius Clay'ri? —itaundu eusten.
— Ba... ikubilkari trebena, pixu andiko trebena, aren kaxketa ikutzea errez eztana; bere beso abillen jokoagaz edozein arritzen dauana: ikubilkari bardinkaboa.
Bere azkenengo arerioa, Terrel izan dau. Au, 97, 280 kilo da astun, eta bere ezker itzelagaz, ikutu bat edo beste egin eutson. Baiña alperrik! Clay'k, betondoko bat-beraren aztarrenik barik amaitu eban burrukea.
Ostera, Terrel'ek, «direkto» ta «upperkuts» ederrak jaso ebazan.
Casius'i, oiñetan erabilli oi dauan dantzeak, erreztasun andia emoten deutso, sokatartetik iges egiteko, lenengo ta bigarren ekiñaldietan ikusi zan lez. Bi ekiñaldiok izan ziran, nire ustez, Terrel'en aldezkoak. Bat bez geiago.
Burrukaldi gogor ori urrutikuskiñez ikustean, Isidoro Gaztañaga'rekin gomutau nintzan. Joe Luis ospetsuagaz burrukatzeko gertu egon zan euskal ikubilkariagaz gomutau nintzan.
Casius Clay-Isidoro! Orixe bai izango zala bene-benetako burrukea!
Jim Aurrera
Begiak zabalduteagaz batera ikusten dogu gaur egunean euskal kulturari buruz zeozer zaletasun ba dagoala. Baiña bear bada ez dira ezagutzen bear dan bestean euskal kultura onetan lan egin dabenak. Ori dala-ta, gure asmoa, Bizkaiko kultura onetan papel inportante bat jokatuten dabenak ezagutzen emotea da. Idazleak izan dira geien batean, euskal kultura au biztu dabenak, eta sarri askotan gure erriak gitxien ezagutzen dauzanak, eta onegaitik eskerga agertzen jake.
Bizkaian euskerea lenengo lantzen asi zireanak JUAN ANTONIO MOGEL eta PEDRO ANTONIO AÑIBARRO doguz... Baiña alanda guzti be, esan bear dogu eurak ez zirala izan Bizkaiko lenengo idazleak, baiña bai arlo onetan benetako zalentasun eta ardureagaz jokatu ebenak. Baiña gaur bategaz naikoa dogun ezkero, MOGEL nor izan zan eta zer egin eban azalduko dogu.
Eibarren jaio zan 1745-gn. urtean, baiña amaika urte eukazaneko Markiñara etorri zan.
Bere aita ta bai aitita be medikuak ziran. Baiña Juan Antoniok ez eutsan bide oneri jarraitu, abadegintzari baiño. Eta bere abadetzarik geiena Markiñako parroko lez emon eban.
Añibarrok diñoskun lez abade zintzoa eta langillea izan zan, eta oso txiro il zan 1804-gn. urtean izurridun batzuei laguntzen.
Baiña bere bizitza alde batera itxita, idazle lez agertu daigun Juan Antonio.
Bere lenengo idazkizunak gipuzkeraz jarri ebazan. Lenen lenengo idatzi ebana «Confesio ta Comunioko Sacramentuen gañean Erakasteak» izan zan. Bere denporako euskal kristiñauak eleiz gaietako liburuen bat euki eien egin eban. (Bere denporako beste euskal jakitun guztiak au egin baeben, bakotxak bere arloan, orain beste oillar batek egingo leuke kukurruku).
Alan da guzti be bere eskuetatik urten eban idazkizunik ederrena ta txalogarriena, bizkaieraz egin eban «PERU ABARKA» da. «Orixe» gaz batera esango dogu: «Bizkaian ez ezik Euskalerrian argitaratu den libururik ederrenetakoa da Peru Abarka. Euskal biziera gai artu zuen, eta orregaitik zaigu zalegarriago».
Eta baita be Luis Mitxelenak dlño Peru Abarka dala-ta: «Euskal literaturak daukan libururik eztitsuena, eta izkuntzari, oiturai ta bizimoduari buruz zenbat gura albiste dakazelako garrantzi andienekoa». Eta ganera, esakeraz, gazi-gazez eta joskera ederrez josita dago.
Mogelek berak diñosku, euskera au ez dauala jakintsuen agotik ikasi, baserritar ezjakiñengandik baiño. Baiña berbaz esan ez baleusku be, «Peru Abarka»n argi erakusten deusku euskera arloan nor dan maixu.
Peru Abarka eta Barberu Juan-en alkar izketak emoten deuskuz liburu onek: Taberna baten alkar ezagutu dira ta laster ikusten da zein dan euskaldun berezia eta zein erdereagaitik euskerea saldu dauana. Barberu Juan-ek laster agertzen dau bere ezjakintasuna euskereari buruz; bestetik oso arriturik geratzen da ikusirik ze jakintsua dan bere baserritik iñoiz urten ez dauan Peru Abarka. Oneixek dira Barberu Juan-en itzak: «...Gauza batek ikaratuten nau zugan: zein ederto euskeraz berba egiten dozun, eskolarik euki baga. Nik ezin dot, irakurlante andija izanda bere. Bati baño geijaori entzun deutsat, baserrietan dagoala euskera garbija; gastelan izan garianok eta uri barrubetakuok, erdera askogaz nastetan dogula euskeria...».
Mogelen beste lanik ederrena bizkaieraz «Confesio Ona» da. Len esan dogun Erakasteen laburpen bat da bizkaieraz. Bertan parka-eske agertzen da liburu au gipuzkeraz idatzi daualako, baiña bizkaitarren artean zaletasunik ez ebalako aurkitu olan egin ebala diño.
Azkenez esan bear dogu fonetikari buruz Mogelek bere ideak eukazala eta orregaitik ez dogula arritu bear: Esate baterako, Markiñako euskerea darabil bere idazkizunetan bapere aldatu barik.
Oneik eta beste gauza asko esan leitekez Mogeletzaz, baiña emen falta dan zeregiña zeuk betetu, irakurle, bere idaztiak irakurriaz.
A. AJURIA
Beste euskal histori triste bat
Egia esan bear bada, Euskalerriaren edestirik geienak tristeak dirala esan bearko dogu. Baña gaurko au, orain aste batzuk, Donostiko «Zeruko Argian» irakurri neban artikulo batek eragin daust barruan. Baserritar aberats barri baten edestia zan, Santamariak idatzia.
Bertan agertzen zan zelan bere gizarteko ta erriarenganako zaletasuna galdu eban, zelan diruak biotzeko maitasunak legortu eutsozan eta abar. Oso argigarria aurkitu neban historitxu a, tamala baña egizkoa ta an agertzen zan lako euskaldun asko dagozala ezin leiteke ukatu.
Baña histori triste ori gogoraturik beste bat etorri jat burura, aspaldi onetan gure errietan eta, batez be, gure uri nagosietan sarriegi ikusten doguna.
Ni be gaztea naz, ez Santamaria edo bere lagunen beste, baña gaztea, ta histori au geurea dogu, gazteona.
Bilboko Ikastetxe nagusi baten gagoz, Ingenieros, Económicas... bardin da. An dago gure aintzindari edo protagonistea. Ez dozu baserritar aberastua. Ez dozu gizon zarra. Ogeta lau urteko mutil gazte bat dozu. Orain lau edo bost urte euskalduntasunaren sugarretan erreten egoan. Danen aurka, jo ta ke, ekiten eban. Gauza guztiak txarto egiñak zirala, erriaren alde iñok ez ebala ezer egiten, estruktura guztiak aldatu bear zirala ta abar... esaten eban. Apurka apurka, gorrotoa be sartu jakon biotzean; mingaiñeko berbarik gogorrenak be esaten ebazan edozeiñegaitik. Onela jokatzen eban gure mutillak, gure ikasle sutsuak.
Baña zergaitik orrenbeste ezinikusi ta gorroto. Zegaitik aurkatasun ori? Ez ete zan, gorroto orrek sustraiak etxean eukitea? Alan dirudi. Bere aita errizale kementsua izan zan orain ogetamar urte; gero negozioak ondo urten eutsoen, zenbat gura diru egin eban estruktura barrien gerizpean eta antxiñako zaletasun beroak arin otzitu jakozan. Bere lagun zintzo batzuk gogor jarraitzen eben erriaren aldeko lanetan eta zeregiñetan, baña gure aberats barriak ez eban arriskurik nai ta laster aztu ebazan lengo adiskideak.
Jokaera au ikusirik, aitaren utsak ikusirik, berotu zan, bear bada, gure historiko mutilla. Bere aitaren aurka jarri nai eban, baña antxiñako lagunen aurka jarri zan; aitaren erru guztiak lagunen arteko gizartean ikusten ebazan... Tamala benetan jokaera onen oiñarria, baña tamalagoa, bear bada, eldu bazan, elburua.
Baña gauza oneik jazoten zirala lau edo bost urte dira. Gure ikasleak amaitu dau karrerea. Injiñero egin da errizale sutsua; aitaren lagun barri baten bitartez, estruktura barrietan ondo dagon lagun baten bitartez, lantegi aundi baten sartu da. Ille guztietan diru mordoa irabazten dau ta langilleari izerdi geitxoago bota eragin ondoren, beretzako izaten dira produziñoko prima guztiak. Berebiltxo bat, R-8 bat be erosi dau ta or dabil modako kafeteri guztietan; kirolari beti izan da baña orain geiago; zapatu guztietan jokatzen dau pelota partidua ta laguneri kalean «agur» esaten be oraindik ez dau aztu.
Andre gaia be aurkitu dau, polit polita; gurasoak erbestekoak daukaz baña... zer egingo? Gure erria txikia da ta orain ludi osora begiratu bear ei dogu. Olantxe aztu da erriagaz egillea. Orain estrukturak ez dauz ain txarto ikusten; bere ustez bakea da bear dana. Eta erria? Bah! erria biziko da, ta olako ardurak lelokeriak dira. Zertarako guda? Bakea, bakea da bear doguna. Olantxe pentsatzen dau gaur, lengo errizale amurrutuak.
Zertarako orrenbeste arri jaurti dauz auzoko tellatura? Zergaitik bere aitaren «itzalpe ongillearen» aurka ez da jarri?
Eta emen amaitzen da gure beste euskal histori tristea.
Josu Arenaza
Jakintza, batzuentzat bakarrik
- Jakintza batzuena bakarrik da. Dirua ta denporea daukenena bakarrik. Gaur argi ikusten gagoz ikasten dabenak dirudunak eta denporea deukenak dirala. Eta oneik, geienetan ez daukela bizitzarako ardurarik.
- Gaur askok, elburutzat, dirua eta denpora libre bat lortzea, artzen dabe. Eta orretarako, ikasten ibilli.
- Baiña emen, oiñarrian dago pekatua, ze jakintza igesbide bat, eskapatoria bat lez agertzen da askoren aurrean.
- Jakintza artzen badogu, geuk dirua lortzeko bakarrik, eta ez egiteko; jakintza artzen badogu, besteak baiño geiago izateko; besteak lanean dagozanean, geu libre egoteko, geuk bizitza errezago bat eroateko, jakintza au kaltegarria da. Erriaren aurka doa. Erlemandoaren jakintza da.
Jakintza, gizartean ondasuna
- Jakintza, ondasun bat lez, gizarterako da. Ez norberarentzako bakarrik. Jaungoikoak gizonari ez eutson emon gogoa eta zentzuna, gizonak menperatzeko, munduko abere, arrain ta ondasunak menperatzeko baiño. Eta Jaungoikoak gizona gizartean egin eban, eta gizarterako egin eban.
- Orregaitik jakintza norbaitek bereganatuko baleu, beste batzuk baiño geiago izateko, ori beste batzuen lepotik biziko litzake.
- Jakituri geien daukenak, euren gizartekoen serbitzaille izateko erarik onena dauke. Eta ikusten goaz jakintzagaz diru billa gabiltzala. Ez dogu nai ugaritu gure jakintza beste batzueri laguntzeko, geure burua jasoteko baiño.
- Au onelan izan dalako, oraiñarte, erria eta, batez bere, erriko beartsuak, agertzen dira ezjakin, eta jakitunak menperatzaille, eta ganera jakitunak, esan leiteke, ez dabela nai jakituria gizarteratzerik.
- Gizon bat edo erri bat lotzeko katerik sendoenak, ezjakiñagaz egindakoak dira.
Analfabetismo estalia
- Sarritan entzuten dogu: emen ez dago analfabetorik, emen geienak joan gara eskolara; batzuk baita batxillerra be egin dabe, edo zerbait geiago ikasi.
- Baiña zenbatek, eta zer ikasi dabe? ZER?
- Ni, amalau urte arte bakarrik joan nintzan eskolara. Eta ikasi nebazan Españako mendi tontor guztien izenak; Europako uriburu ta erreka guztien izenak; erderazko gramatika atal; errege ta guda, edo gudako jeneralen izenak.
- Baiña eskolan ez neban ikasi, ez neure erriko auzunen izenik, ez neure inguruko mendienik, ez neure erriko oitura ta legeak, ez gizon ospetsuak, ez neure erriko aberastasunik.
- Idazten irakatsi eusten eskolan, baiña amari idatzi bearrean aurkitzen nintzanean, ez nenkian bion izkuntzan idazten.
- Munduko erregeak nortzuk izan diran ikasi neban, eta ez neban ikasi erriko alkatearen eginbearra, eta geure eginbearra errian.
- Oneri deitzen deutsagu jakintza?
- Bizitzarako gauza ez, edo beintzat naikoa ez danari?
- Baten batek esan leike: «Eskolakoa, denpora gitxi da, gero batxillera dago».
- Baiña zer ikasten da batxilleratoan? Nik ez dot ikasi, era barik aurkitu nazalako, baiña ikasi dabenakaz alkar izketa euki ondoren, esango neuke: eskolako gauzak ikasten dirala; baiña urriñagokoak. Geroago ta geiago ikasi: urriñago eldu.
Eskolan: Españako errekak. Batxilleratoan: mundu guztikoak.
Eskolan: Españako erregeak, Batxilleratoan: mundu guztikoak.
- Orregaitik, emen tamalgarriena au da: jakitunak erriko arazo edo problemetatik urrindu, asagotu egin dirala; geroago ta jakitunago, ta urriñago erritik.
- Nik ez diñot gaur emoten daben jakintza txarra danik, edo txarto dagoala. Baiña ba diñot, nire eritxiz, jakintza au baiño lenago erri-jakintza bear dogula. Au da: lan edo bearrerako, sendi edo famili bizitzarako, artu-emonetarako, jakintza bear dogula.
Gizona gizarterako
- Gizona gizarterako da, eta bearrezkoa dau ingurua ezagutzea, laguntzeko. Gizarteagaz daukoguzan artu-emonak ezagutu bear doguz, artu-emon oneik ugaritzeko, eta sortu leitekezan eztabaidai erantzun berezi bat emoteko.
- Orregaitik, jakintza, gauzak ezagutu baiño, norbera, norberaren eginbearra, gizartea, ta besteen eskubideak eta betebearrak ezagutzea ta aintzat artzea da.
- Onelan, ba, gizon edo emakume jakituna ez da jakitun gauza asko dakizalako bakarrik, bere eskubideak, bere eginbearrak gogoan eta bizitzan, ekintzan daukozalako baiño.
- Ez da benetako jakintza, edo kultura, berezkoa ontzat artzen ez dauana: izkuntza, eskubideak, oiturak, gurariak, asmoak... Onetzaz gaurko gizartea, gaurko gaztedia (banaka bat izan ezik) utsune andi baten gagoz, eskubideakaz ziur ez gagozalako, legeak ezagutzen ez doguzalako. Eskubideak lortzeko eta legeak ikasteko erarik ezagutzen ez dogulako. Ta ezjakin onek gizona ta gizartea, bildurrez, eztabaidaz, itxaropena galduaz, menperatu egiten dau.
Nor da gizon, emakume jakituna
Jakintza errirako bada, erritik sortu bear dau. Jakintza ezta besterik, erriaren eta gizonaren bizitza landutea baizik.
Orregaitik ez dago jakintzarik, famili bat egiteko gertatzen ezpagaitu. Ala jakituna da umeak ezitzen ez dakian gizona? Ta non ikasten da ori?
Jakituna da emakumea, etxea zaintzen ez dakiana, au da: lenengotarik neurtuten ez dakiana, presupuestoa eroaten, irabazitako dirua bear dan gauzetan erabilten ez dakiana?
Ta jakituna da gizon bat lan egiten dakiana, baiña bere lanaren eskubideak ezagutzen ez dauzana?
Ta jakituna da gaztedi bat, jolastuten, atsegin artzen ez dakiana, nai ta perito zein injinieru deitu?
Ta erri bat jakituna ete da bere udaletxea ezagutzen ezpadau?
Erri jakintza, bearrezko
Orregaitik bear dogu erri jakintza bat. Erritik datorrena ta errira doana. Ainbat eta geiago ezagutu, geiago maitatuko dogu erria, jakintza orrezaz jaubetzen bagara. Erri jakintzak erriratu egiten gaitu; ezi egiten gaitu, eta onetarako gaztediak, gizonak beti ikasten egon bear dogu.
Onetarako ugaritu bear doguz artu-emonak, kursilloak, ibilketa kulturalak. Era guztietakoak lortu bcar doguz, utsune ori bete ta gizartean gizonari jagokon bizitza egiteko.
KARMEN IBARRA
Asko dakienak Jainkorik eztabela siñesten, esaten da ortik. Orrela, ez siñesteko gizon siñestebako ospetsuak aipatzen dira, guk be arei iarraitu daiegun edo. Aspaldian gizonak egin daben egitadarik andiena zeru goietatik ibiltea izan da, orretara gizon entzutetsu biurtu iakuz aide-gizonok.
Andik goitik ibilli diran orreitariko batek, an goian Jainkorik eztauala ikusi esan ebanaz batera, ez siñestera dagozanak eskuak igordika ikusi genduzan.
Ortik goitik be siñestedunak eta ainbakoak ibilten dira, ibilli be, ta lurreratzean bakotxak bereak esaten dabez. Jainkoa ikusteko izan be siñismena premiñezko zentzuna da, Jainkoa goian beste, edo geiago, emen beian geugaz dago egon be ta, emen ikusten eztaunari gora igotea alperrik.
Lengo egun baten izar artean ibilli dan siñestedun batek esandakoak eldu izan iataz eskuetara, bere itzak euskerara itzuliak dakartzudaz euskaldun maite orri, gizon egalariok be siñestean lagun doguzala ikusi dagizun.
Gordon Cooper'ek esanak
«Nire amaren aita, ebanjelari deritxoen taldeko kristiñaua zan. Arkansas, Tejas, Oklahoma, ta beste inditarren lurraldeetatik ibillia zan Barri Ona zabaltzen. Badire urte batzuk il zala, baiña bere bizitzak, ondoren andiak itxi eustazan. Idazti Deuna irakurten irakatsi eustan, baiña berak lez iñoiz eneban ikasi. Nire gurasoak be kristiñauak ziran. Gaur ama baño ez iat bizi, Tekus, Oklahoma'n dauko etxe bat.
Jakintsuek Jainkoa siñesten dabe
Gogoramena daukodanetik beti ioan naz eleizara. Ume-umetatik geure eleizatxoaren inguruan egiten zan gizarte bizitzan parte artzen neban. Antxe irakurten genduzan Idazteune'ko txatal batzu. Munduko libururik onena Idazteuna da niretzat. Jainkoaren itza da. Jakintza eta erlijiñoaren artean, aurkakorik ezin egon daiteke. Jakintza saillean zenbat eta sakonago sartu, Jainkoa ba-dalakoa siñesgarrigoa iat. Izadiaren ulertu eziña, ta ezagun eztogun bere neurririk ezari begira iarri ezkero, errezago da guztien gañetiko norbaiten izan bearraz konturatzea.
Gaur egunean Jainkoa siñesten daben jakintsuak geiago dirala uste dot. Bizi garan lurralde eder eta zoragarri onen egillea ezagutzera beartuak izan dira.
Ikastaldiak eta ezkontza
Batxillera eginda gero Hawai'ko Ikastetxe Nagosi'ra ioan nintzan urte bitan. Egazkiñen iakintza arloan sartu nintzan gero, ta 1949'ko zemendian saritua izan nintzan. 1956'ko Dagonillean Dayton'eko teknikako institutoan goi-maillako ikaskizunen tituloa atara neban. (Ohio) 1947'an ezkondu nintzan. Neure andrea, lagunik onena izan iat, guztian lagundu daust.
Egalari (aviador) ikastaldietan, ta oraintsuago egalari egin nintzan ezkero, neure emazteak nai ta ni sarritan etxetik alde eginda bizi bear luzaroan, etxe bizitza zoriontasunean eroan dau.
Egalari siñestebakoa
Askok itanduten dauste G. Nikolayev errusitarrak 1962'an «VOSOTK III» garrenean egaztaldia egin eta gero, esan ebazanak dirala ta zer deritxodan. Goietatik egazka ioiala «Jainkorik an goian ez dot ikusi» esan eban Nikolayev'k.
«FE VII» eta «GEMINI V» karrenean egindako egazkadetan nik neuk be, begiokaz ez dot Jainkorik ikusi, baña Berak egindako arrigarri batzu bai. Jirabira orreitan Jainkoa ur-urrean aurkitzen neban. Egaztaldi orreitan Jainkoa bearrezkoagoa iatan emen lurrean baño. Ene ustez, lur onetan Jainkorik ikusten eztauanak, goi-alde orreitan be ezin ikusi.
Siñesmena lagun
Nor dan batek Kristo aurkitu ta biotzez onartu dauan-arte eztauko bakean bizitzerik. Bein onartu ezkero, gidari antzeko bat aurkitzen da barruan oztopo guztiak menperatzen. A dogu lagun; bizitza onetako nekeak aregaz daroaguz.
Gogoan dot zenbat bidar bizitzak oker andiak ekarri daustazan: orduan Jainkoaren laguntza billatzea baño beste biderik eneban izan.
Esate baterako egodun-kutxaren barruan, noz egaz egingo nengoala, amaika gogorapen bai-iatortan. Uste betea neukan jira-bira aren gertakizunak neurtzen eta aztertzen ekin eutsen gizonetan. Baña era berean, nire ustea Jainkoagan iarri ezpaneu, alako arloari obatzeko adorerik ezingo neban euki.
Atenas'en
Joan dan Iraillean, Atenasen egalariok izan gendun batzarrean onako au gertau iatan errusitarrakaz. Beliaev eta Leonov egalari errusitarrak ezagutzeko zoriona izan neban. Alkar izketan gengozala, Nikolayev'en esaera aipatu gendun: Jainkorik ikusi ezebalakoa. Esakera au bide zala eztabaida gogorrak sortu zirala munduan iñoen, eta beste egalari errusitarrak, ezeukezela Nikolayev'en eritxiek-lakoak Jainkoa izateari buruz.
Etorkizunean zer?
Gerokoan egiteko dagozan egazkadari buruz, uste dot beste izar batzuetara ioatea egi biurtuko dala. An goietan bizitzarik dagoanik ziur eztakit. Jainkoak lurrean bakarrik ezeban bizitza egingo. Bizitzeko egokitasuna izan leikeen millaka izarren artean, baton bat gizaki edo bizidunekaz egon leitekela uste dot.
Siñesmena daukogunontzat bizitza au nire ustez, eriotz ostean izango dogun bizitzaren ondoan oso esperentzi txikia da.
Emengo gure egin bearra, geroko bizitzarako gertatzea.
Gordon Cooper'en otoitza
«FE VII» egazkiñean, neure lenengo egaztaldia zala-ta, 1963'ko Loraillaren 16'an otoitz au egin neban:
«Eskerrak, ene Jainkoa, batez be egazkada au egiten izten daustazulako. Eskerrak toki zoragarri onetan egotea, ta zuk egindako gauza guztiok ikustea emon daustazulako. Obeagoak izan gaitezan, zuzendu gaizuz; alkarri lagunduaz areriokeriak urrundu daiguzan. Eginkizun au zorionez amaitzen eiguzu; gure sendietatik ezaitez aldendu. Zaindu ta uste ona emoiezu, ta onez atarako gareala iakin-arazi eiezu. Zeure izenean eskatzen dautsugu. Olantxe.
Garitaonandia'tar Gotzon
«Gazte gera, gazte; ta ez gagoz konforme» garraxika dago gaurko euskal gaztedia.
Gazte-aroa betikoa da; eta inkonformismoa, be, era batera edo bestera beti agertu dau gazteak. Baña bere esan-naia, gaur lez argi, iñoiz ez dabela agertu, uste dot. Bere abotsa zoli entzuteko egin daben lana, lan zailla baiña ederra da benetan.
Gaur arte bakarrean ibilli dira gazteak edo gazte ez diranen inguruan; eta, gaztedi lez, euren abotsa entzuterik ez dabe lortu. Gazte batzuek nor-izatea iritxi arren eta entzute aundia izan, gazte lez dauken eginkizunaren kontzientzirik ez dabe agertu eta gaztediaren izenean ez dabe itz egiten izan. Gaur gaztea gazteakin alkartu da ta gaztedia egin dau. Talde kontzientzia artu dau eta zer-esan bat daukola azaldu dau. Gaurko gazteen eskuratzerik aundiena «talde lez» agertzea da, nire ustez, taldeak indar aundia emon dautsolako.
Benetan, artarako eldutasun bat lortu bear izan dau aurretik; baiña gazte elduak beti egon arren, bearrizen ori ez eben ikusten. Gaurkoak, barriz, ikusi dabe eta talde lez agertzea lortu dabe. Gaztedia, gaur, NOR da eta nai ta ez, gizartea, bere aintzat artu bearrean aurkitzen da.
Ganera, bere mezua onuragarri da gizartearentzat, ez indar barri bat daukagulako, gizarte zuzena zelakoa izan bear dan argi ikusten dabelako baño.
Guk egindako gizarte loi au dala bere bizilekua jakitean dago gaztediaren inkonformismoaren oñarria. Auxe da guretzat pozgarriena: «Gure gizarteak iguiña emoten dautsola».
Orregaitik euren oiua: «Ez, ez dut nai olako zibilizaziurik». «Mundu garbiago bat bizi nai genduke».
Neiko izango zan auxe bakarrik egin ba eben be: «Gure gizarteagaz konforme gagozanok artegatu» Baiña ez dira emen gelditu. Inkonformismo orren zergaitiak esan dauskuez: «Geiegi dakiguz munduan dagozen gose ta gorroto ta injustizi asko». «Gutxik geiegi, askok gutxigi; baiña au ola zergaitik?». «Zenbat jakintsu, pobrezagaitik, ezjakiñak lantokitan».
Baita be azaltzen dauskue zelakoa izan bear leuken mundu barri orrek:
- «Gizonak dauzkan eskubide oiek kunplitu ditezen...»
- «Emon aukera gizon guztiai, nai dutena ikasteko.»
- «Ezta erri bat aundi izango diru asko daukalako, baizik dirua danen artean partitua dagolako. Ez itxi, beraz, esku gutxitan pillatzen diru guztia; bost banku ta bi monopolio danen nagusi egin dira.»
- «Askatasuna bakerako, ez bengatzako, ez iltzeko, gizon guztien onerako.» «Ez noa iñoren kontra, egia maite dut.» «Gezurraren kontra.»
- Aita zer egin dozu, euskera maitea; erderan azi dozu, oi, zure semea; ontasun ederrena aita batek galtzea, biotzean sartua dugu ahalgea.
Ta gauza guzti oneik iraun daien: «Maitasun batean bizi nai genduke».
Eta au olan izanik, zergaitik ez eurak eskatzen dauskuena: «Gaztediaren arnasa bear da babestu». Ze «gaztedi berri zalea zabarra danik iñork ez uste».
Julen Calzada
Gaurko aberri ta gizonok, ezeren atze tik bagabiltz, bakearen atzetik gabiltzala esan daikegu. Ain erdibituta ikusten dogu ikusi be gaurko mundua.
Igaro jakun urteari begirada bat emoten badeutsagu, barriz, naiko zalaparta ta ezin egon ikusiko dogu ainbeste aberrietan. Ta zorigaitz guztietan Vietnam izan go dogu aurki buru. Ikaragarrizkoak dira izan, aberri onetan zer gertatzen dan diñoskuenen barriak. Konturatuteko, joan dan urtean bakarrik Ipar Vietnamen Nortamerikako Estadu Alkartuak bigarren guda nagusian Pacifico itxasoan bota ebezan beste bonba bota dituela naiko jaku seguru. Au 1966-an gertatu dala esan dot. Baiña zer gertatuko ete da asi dogun urte onetan. Mundu zabaleko agintariak lortuko ete dabe baketsuago bizitzeko erarik? Adibidez, ekarri daiguzan naziño batzuetan jazo diran barri batzuk.
«Gabon bezpera goizeko seiretararte il eta zauritu al dozuezan guztiak eta gero, abenduko 26-an, goiz goizetik asi barriro ilten al dozuezan guztiak».
Ipar Amerikako Thimes egunerokoan agertutako atari batek auxe eskatuten eutsen Vietnamen dagozan amerikanoeri. Geroago Thimes-en bertan agertu zan beste atari bat len esandakoa zuzendu guraz onoko au diñoana: «Ordu edo egun batzuetarako ezpadabe, Vietnamen bakea derrigorrez lortu bear dogu».
Mundu zabalean jazoriko guztiak ain alderdi-gabetasunez epaitu ta aztertuten dituan egunkari onek au esatekoan, zer pentsatu geinken argi dagola irudituten jat: asago gagozala oraindik Vietnamen bakea lortuteko. Zegaitik eskatu dau bakea, osterantzean, Thimes-ek ordu edo egun batzuetarako bakarrik?
Zorionez, Ipar Amerikan be ez dagoz danak konforme jokera onegaz. 27.000 eleizgizon —katoliku, protestante ta judu taldekoak— egin dabena lekuko. Gizon oneek, Gabonetan Aita Santuak egindako deia ontzat artuaz, idatzi bat bialdu deutsee L. B. Johnson, N. Cao Ky, Ho Chi Minh eta Mao Tse-Tung politiku ospetsueri. Idatzi onetan auxe diñotsee: «Vietnamen il doguzanak geure anai berberak dira eta beraz, ezin deutsagu jarraitu orain arteko jokereari».
Baiña, zoritxarrez, onetariko gizonak, naiz-ta izen eta eragipen geiago euki errikoen artean, naiko indar barik aurkituten dira beste interes guztien gaiñetik bakea jarteko. Indar au euren eskuetan dauken gizonak, barriz, bakea baiño guda gurago dabela emoten dau.
Estadu Alkartuak zegaitik gura dau jarraitu, osterantzean, Vietnamen daukozan pizon eta gaiñerantzeko indarrak ugarituz? Egokera au ikusiaz, Thimes-ek arrazoiz esan dau onoko au: «Amerikanoak Vietnamen aurten asiko daben aparteko ekiñaldiak bear bada beste amar bat urteetan ez dabela amaituko».
***
Mundo asterokoak, aurtengo lenengo zenbakian, 1967-rako prolema aundi bi dagozala diño oraindik erabagi bakoak: India ta Afrika.
Gaur Indiaren gain esango dogu zeozer.
Indian izan be aurten ospatuko dira askatasuna lortu ebenetik laugarrengo auteskuntzak (eleziñoak). Orain arte egin dabezenetan Kongresoak errez irabazten izan dau; baiña urte oneetan beste partidu politikuak be gogoz egin dabe bear norbera nagusi geratuteko asmoz. Egokera au 1962-ean Txinagaz eukitako goraberakaz urduriaao jarri zan. Baiña gaur egun Indiak daukon prolemarik garratzena gosearena izango da bear bada. Emon daiguzan, adibidez, zenbaki batzuk.
Indiak goseari erabagi on bat emon gura badeutso, aurten kanpoko naziñoetatik 12 milloi tonelada gari eroan bearko ditu. U.S.A.'k 900.000 tonelada eta U.R.S.S.'ek 200.000 tn. bialduko deutsoez. Nondik atara derrigorrez bearko dauan gaiñerantzeko ori?
Delhi-ko gobernuak, 50 milloi gizon il zorian aurkituko dirala konturatuaz, aparteko baimen bat emon deutso erriari: abere sakratuak jateko baimena. Baimen au dala-ta, erlejiño talde batzuk gogor jarri dira eta gobernuak txakurrenak entzun bear izan ditu. Burrukaldi onetan gobernuak asko galdu dau erriaren aurrean. Orregaitik Indira Ghandi, lengo zemenditik batez be, jo ta ke dabil gobernuak galdu dauan izen ona barriro irabazi guraz. Gertakizun onen aurrean, Indian egingo diran auteskuntzetan zer gertatuko ete dan itaundu geinke. Indira Ghandi ta bere menpekoak lortuko ete dabe Indiak daukozan premin derrigorrezkoenak goitutea? Zer erantzun emongo deutse gosez dagozan 50 milloi gizon orreri?
Ikusten danez, aberri ta gizon asko dagoz aspaldi onetan bakea zer dan aztuta bizi diranak. Noiz elduko ete jake ain derrigorrezko jaken bake ori? Borondate oneko gizonak eurak egin daikena egin dabela emoten dau. Orain indarra dauken gizoneri jagoke bake ori mundu osoan zabaldutea. Bakea batez be euren eskuetan dagon ezkero, menpekuok lantzien bein karraxi egiteko eskubiderik ez daukagu, zoritxarrez.
J. Legarreta
Euskal Abestiaren Irugarren Sariketa. «Txoria kaiolan» abestiaren egilleagaz
Irakurleok, ba-dakizute aurten «Euskal Abestiaren irugarren sariketa» ospatuten dogula Bilbon. 132 abestietatik amabi aukeratu ziran. Ta, amabi orreitatik sei gelditu dira Euskalerriko erri nagusietan abesteko.
Ta ain zuzen, orreitako bat prantziskano gazte batena dogu: Felix Ibarrondo Oñatiarrarena.
— Zer modu Bilbon, Felix?
— Oso ondo esan bearko.
— Majo asi zara konkursoetan.
— Ba. Ezta gitxi. Beste baterako animatu naiten be ondo dago ori.
— Ta beti izan dozu musikarako afiziñoa?
— Bai. Beti. Txikitatik, beti musika artean ibillia naz. Ba-dakizu aita Oñatiko bandearen direktorea dala. Anaia be musikoa dot. Ta lelengo ikasketak aitagaz beragaz egin nebazan.
— Ta ikasketak aurrera aterateko erreztasuna beti izan dozu?
— Erreztasuna izan dot bai. Nire nagusiengandik ta neure partetik be dexente. Ta gero, batez be, afiziñoa izan dot ugari. Ta ori da gauzarik inportantienetakoa: afiziño barik gitxi egin leiteke.
— Ta nortzukaz egin dozuz ikasketa orreik?
— Lelengo, Anai Martzelino Idoyagarekin pianokoak. Bueno, solfeoa-ta, aitagaz txikitatik. Gero Armonia be aitagaz. Ta konposiziñoa, Fuga ta orreik Juan Cordero Garellanoko «banda militar» en eta Bilboko koralen direktore jaunagaz. Maixu onak izan dira neuretzat.
— Maixuak onak, bai, baiña zeuk be ez dozu mutil makala izan bear... Ta euskal kantuaren gain zer diñozu?
— Ba, nik uste dot, euskalduna abestian etorri aundikoa izan dan ezkero, bide luzeak dagozala euskal abestiarentzat. Abotsetako euskal abestietan oso ugaria da euskal soloa. Ta ia ainbat ariñen, katalanak lez, besti modernuan be beste naziñoetakoen parean jartzen garan.
— Zeuk berton jarraitzeko asmoak dozuz?
— Oraingoz bai. Euskal abestian be lan egitekoan naz. Geure abestia plazara doa orain, ta plazan, duda barik, bestetako abestien kutsutxoa artuko dau: erritmua dala edo airetasuna dala, ta laxter, kantari geiago urtendakoan geure kantu au gizonduta ikusiko dogu.
— Ta zeuretzat nok dako inportantzi geiago: kantuak ala kantariak?
— Kantuak, kantuak. Bai, egia da, askotan kantari on batek edozein kantugaz esito andiak atera daikezala. Baiña abestia ona bada, beti ere bentajatxoa dauka kantariak, berau ain ona izan, ezta be. Orretan asko be kantariagan dago noski, ze, kantari batzuek, euren tenperamentu edo sentikeragaitik kantuaren muiña azkar eureganatzen dabe; beste batzuek, barriz, abesti klase bat bakarrik kantaten dabe ondo, ta bestelakoekaz ez dabe asmatzen.
— Ta letreari zelango inportantzia emoten deutsazu?
— Neuk lelengo beti musikeari begiratzen deutsot; baiña jendea kulturaduntxoa dan lekuan inportantzi aundia euki oi dau letreak. Ta nik uste dot, euskaldunon artean, katalanen artean lez, letreari inportantzi dexente emongo deutsogula. Izan be, musikeak bakotxaren barruko sentimenduak ikututen ditualarik, letreak mensajetxo bat eroaten badau, orduan musikea osoagoa doa, ta letrea barruago.
— Ta zure kantuen letreak zelangoak dira?
— Oso ondo dagoz. Ba-dabe euren esatekotxoa ta polito esanda gaiñera, ta musikagaz batuten diralarik, jendearen gustoko izateko modukoak dira. Ba-dakizu norenak diran: Zabala Pello Marik egiñikoak. Ara, muestra lez, zatitxo bat:
Txoriak kaiolan
libre gosea.
Gizonaren gauz onena
libertadea.
Gizonak munduan
maite gosea...
Biotzaren gauz onena:
ezin asea.
— Ta musika?
— Ezin zeinke paperean ipiñi-ta...
— Baiña kantaizu apurtxu bat, kritiko ona naz-ta.
Ta kantu goxoa dala diñotsut, irakurle. Izango dozu gerora entzuteko modua.
— Ta euskaldunontzat beste zeozer?
— Eztakit ba. Pozik agurtzen dodazala ta jarrai daigula beti euskaldun: gure kantuzaletasunari eutsiaz.
— Ederto, Felix. Euskal soloan abesti goxoen alaitasuna zabaldu egizula: Aita San Frantzisko kantaria ta oso abesti zalea izan zalarik, seme din bat izateko bidea badozu or. Lan ugaria egin daizula, esitoak lagunduaz.
Kantale
Euskal zinearentzat barri pozgarri bat. Pelikula bi, euskal gai ta euskaldunak egindakoak aukeratu dabez munduko zine-jaialdi famatuenean emoteko.
PELOTARI Cortina D'Ampezzo'n (Italian) zezeillean ospatu dan jaialdian emon dabe. Bardin, ALQUEZAR, sozial-dokumentala, Florenzian emongo da mundu guztiko zine jai-aldian.
Pelikula biak «AMA LUR» S. A.'ak egin dauz. Ta «AMA LUR» aitatu dodan ezkero, Euskalerriari buruz izen onegaz egin dan pelikula Aprillean estrenatu da. Pelikula onek AMA LUR dauko izena, ta gaia: EUSKALERRIA. Ziur dakigu dana amaituta ta erriari emoteko gertatuta dagoala. Zorionak.
«AMA LUR S. A.» ak gaur, 1200 akzionista daukaz. Barri pozgarria au be. Onek esan gura dau erriak kontzientzia artu dauala onelako eginkizunak alkartuta obeto eroaten direala.
PELOTARI ta ALQUEZAR pelikulak Gipuzkoan, Naparran, Araban, Lapurdin eta Bizkaian 65 emonaldietan azaldu dira, duen emon da.
Ezagutu zure erria
Erbestean olakorik gertatzen dan ez dakit; Euskalerrian, ostera, izen bidun erriak ainbat dira. Uriak batzuk, erri koskorrak besteak.
Gaur agertzera goazan erri oneri auxe gertatzen jako. Zornotza batzuentzat, Amorebieta bestientzat. Bardin jazoten jake beste erri oneiri be: Donosti — San Sebastián; Donibane — San Juan de Luz; Iruña — Pamplona; Ariatza — Billaro; Laudio — Llodio; Gaminiz — Plentzi, ta ba dira ainbat geiago.
Izenik zaarrena ta zabalena, Zornotza dau erri onek. Bizkaiko erriburu diranen artean agertzen da antxiñatik. Markiña, Durango, Busturi ta diran antzera, Zornotza be inguru guztiarentzakoa da. Amorebieta izena, geroago sortu zan auzo bateri ezarria dala diñoe.
Zornotzako eleiza
Andra Mari eleiz eder au, «Etxe Zaarra» jauregian bizi ziran aizta biren asmoari jarraituz egiña ei da. Zornotzako eleiz zaarra Etxanokoa izanik, aizta biok etxetik oso urrin euken eleiza, lotiak edo ziran itxuraz, ba, erriak diñonez, ez ei ziran mezara iñoiz garaiz eltzen. Ispilluari begira... Onexegaitik sortu zan eleiz barri bat urrago egiteko gogoa. Atzo nai gaur, aberatsak errezago dabe eurenaz urteten, orra or ba Zornotzan eleiz barria alkar oso maite eben aizta bik eskatua; erriko abotsak diñonez ortixek ei jatorko Amorebieta izen barria Zornotzako alde oneri. Alan bazan nai ezpazan, Zornotzako eleiza ezta errez sartuko kalabazan. Erri onetako edergarririk andiena da eleiza, jolas-zelai, lorategi, ibai, iturri ta olakoen gaiñetik.
Torrearen erpiñean burdiñezko kurutze bat dauko 612 librakoa, irakurri dodanez. Kurutze orren oiña burdin orizkoa da, ta 32 libra ei daukoz. Etziran gero makalak orduko zornotzarrak. Baiña dirudianez siñeskeria be ba eben ugari. Begira: kurutze ori orretan santuen ainbat gorputzki ezarri ei ebezan, yusturirik jausi ez eitean. Jaungoikoak, antza, olako siñeskeriak galdu gurarik, zer egingo? Oiñeztu guztiak bertora. Azkenez, siñeskeriari agur egin eutsoen, ibaiaren sakonera tximist-orratz bat ipiñi ta ederto.
Zornotzarrak zenbat
Auzo guztietakoak batuta, 10.237 biztanle dauz gaur Zornotzak.
Orreitatik,
7.830 erri bertokoak.
2.407 kanpotik etorriak.
Langilleak zenbat
3.000 inguru, 45 lantokitan.
Euskaldunak zenbat
7.830 zornotzarretik:
14 urtetik gorakoak, 5.871.
(100-etik 60 euskaldunak)
14 urtetik berakoak, 1.957.
(100-etik 30 euskaldunak)
Eleizkizunak
Zornotzan parroki bi ta praille etxe bi dagoz.
Parrokiak
Etxanon eta Amorebietan.
Praille etxeak
Euban, pasiotarrak; Larrean, karmeldarrak.
Amorebietako Andra Marin zazpi mezatik, bat dago euskeraz.
Etxanon, bi meza. Biak euskeraz.
Larrean eta Euban eleizkizun nagosiak, eta geienak, euskeraz egiten dira. Andra Marin izan ezik, beste Zornotzako auzoetan bere euskeraz da geiena.
Andra Marin meza bat baiño ez egote ori, zegaitik ete da? Amorebietan euskaldunik eztalako? Izan arren, mezara joaten eztiralako? Erderazkora joanda be bardin dautselako? Edo eleiz orren arduradun danak geiago eztaualako? Nok daki?
Alan be, errua erdi bana egitera noa. Zornotzarrak ba dabe onen errua, euren ardurarik ezagaitik euskera galdu dalako geinbat. Agintedunak be errudun dira, bai errikoak eta bai eleizakoak, euskeraren balioa jakin eta bere alde ezer be egin ez dabelako.
Zenbat zornotzar ezagutzen doguz, euskaldun gurasoen umeak, agurrik be esaten irakatsi ez dautsenak.
Euskal kultura
11 ikastoki, 1.515 umentzako.
Euskeraren alde ezertxo ezta ondiño egin.
Jolaserako ta jakintzarako iru lagunarte: Txirrindulariena, ostikolariena, ta dantzariena. Iruron artean, erriaren nortasun eta gogoaren alde ondiño ezer eztabe egin.
***
Inguruko askoren domeketako jolastokia Zornotza da; ondo bear leuke ba gazteontzat batzoki egoki bat gaurko eraz gazteak alkartu ta ezi daitezan.
Zornotzak gaur Euskalerriarentzat ikuspegi illuna agiri ba-dau, aldi onetan ereille onik izan eztaualako izango nunbait.
SALATARI