ANAITASUNA
Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua
ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lei argitaratzeko baimenak eldu artean.
IDAZTI AU 1967-ko GARILLAREN 14-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.
Zuzendaritza ta Banakola
Irala, 8 — Bilbao-12
D. L. BI. 1.603 - 1967
GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12
Eliezer Ben Yehuda. "Hebreo" izkuntzaren sortzaillea
Zubeldia'tar Iñaki
Eliezer Ben Yehuda judutarrentzat, S. A. G. euskaldunentzat baiño aundiagoa izan da. Judutarrak, danok dakigunez, bere aberritik kanpora bizi izan dira urte askotan. Ondiño be judutar asko bizi da munduan zabalduta. Eliezer Ben Yehuda Errusi'n jaio zan (1958) aita eta ama judutarrakandik, eta Paris'era joan ikastera. An jakintsu eta gizon aundi asko ezagutu ebazan.
Ben Yehuda'k ogei urte bakarrik eukazala judutarren problema bere gogorapen aundien artean erabillen. Eliezerrek pentsatzen ebanez beste erri guztiak (alemaniarrak, errusiarrak eta abar) bere izkuntza, lurrak eta aberria ba ebezan, baiño judutarrak ez aberririk, ez lurrik ez izkuntzarik ez euken. Tamalgarria zan ori. Judutarrak ez ete ziran ba errusiar edo alemaniarrak beste, edo beste aberrien morroi izateko jaio al ziran? Eliezer gazteak gogaketa oneek eta beste sakonagoak erabilten ebazan goizetik gabera.
Berak Errusi'n ikasi eban «hebreo» deritxon izkuntza, judutarrak bi milla urte lenago erabilli eben berbeta. Orain «hebreoa» otoitzetan bakarrik erabilten eben, baiño iñork ez eban hebreoz berba egiten ezta be ulertuten. Baiña hebreoa zan bere izkuntza eta Eliezer gazteak ba-eukazan liburu batzuk hebreoz (olerkiak, Robinson Crusoe, otoitz-liburuak...) eta liburu orreek irakurten ebazan pozaren-pozez.
Baiña hebreoa berak bakarrik ikastea gitxi zan, eta Israel'era joatea erabaki eban, ango judutarrei be hebreoa erakusteko. Lenago Viena'ko aldizkari batean judutarrei dei bero eta gartsu bat egin eutsen, al ebenak Israel'era joan eitezan (lur santu ur bai zan euren aberria), eta hebreoa ikasi eien. Europa guztiko judutar gazteei biotzeraiño eldu jaken Eliezerren deia. Berak, Errusi'n ezagutu eban neska bat emaztetzat arturik, Paris'etik Israel'era urten eban. Orduan Turkia'ren menpean egoan, gero Israel biurtuko zan lurraldea.
Lenengo, Israel'en bizi ziran judutarrak ez ebezan onartu Eliezer eta bere teoriak. Gazte txotxolotzat artu eben judutar agure eta gizon urtetsuak. Baiña gure gaztea etzan augaitik ikaratu. Lagun batzuk arkitu ebazan, eta bere gogorapenak aurrera eroaten asi zan. Lenengo semea mundura etorri zanean, andreari hebreoz bakarrik berbetan egiteko agindu eutson. Aurrak ez eban berbarik be hebreoz besterik entzun bear. Hebreoa bakarrik entzun bear eben Ben Yehuda'ren semeak. Bere lagunik aundienak be aurka jarri jakozan orduan. Hebreoa iñork ez eban erabilten, ta Eliezer eta bere andrearen hebreoa oso pobrea zan. Zelan ba semeei hebreoa bakarrik irakatsi. Tontoak, motelak, astokilloak urtengo eben Eliezerren semeak alemana, prantzesa edo inglesa ikasten ezpaeben.
Alan da guzti be Eliezer etzan ikaratu. Bere semeak hebreoa bakarrik ikasiko eben, eta bere arerioak burua makurturik arrazoia euki ebala autortu bearko eben.
Eta esan eta egin: Ben Yehuda'ren semeak hebreoa ikasi eben. Apur bat berandu, bai: bi edo iru urtegaz, baiño ikasi egin eben. Eliezerrek arrazoia eukan. Hebreoa ikasi eta erabilli eitekean beste edozein izkuntza lez.
Israel'go eskoletan hebreoak gero ta ikasle geiago eukazan. Ben Yehuda'ren semeen «miraria» ikustean, Jerusalen'go judutar asko ausartu ziran bere semeei hebreoa irakasten. Kaleetan be hebreoaren berba eta doiñu atsegingarriak entzuten asi ziran. Umeak batez bere euren abots gozoagaz entzungarria egiten eben Eliezerrek berpizturiko izkuntza.
Eliezer Ben Yehuda tuberkulosoa izan zan, ta denpora gitxiko bizitza eukala esan eutsoen medikuak. Baiña 11 seme izan ebazan emazte bigandik. Debora lelengo andrea gazterik il jakon, ta Pola bere aizteagaz ezkondu zan gero. Gaztetatik tuberkulosoa izan arren zartzarora iritxi zan bere «hebreo» maitearen biztuera ezagutuaz. Bera il baiño len hebreoa ia Israel guztian itzegiten zan, eta iñoiz baiño eskola geiagotan irakasten zan. Israel askatasun-bidean egoan bera il zanean. Turkia'ren atzamarretatik Europa'ko lenengo gudartean askatu zan, ta Inglaterra'ren agindupean gelditu zan, baiño erdi-askaturik. Ainbeste neke ta izardi atara eutson askatasuna etorrela ikusirik, emon eban azken-arnasa Eliezer Ben Yehuda'k (1922).
Urkiola'tik
San Antonio egunez jentetza ikaragarria batu da toki onetan. Egualdi ona; toki obea. Atsedena.
Inguru guztietakoak, oiñez batzuk, autoz geienak. Euskeraz gizon-andra, gazte ta zarrak. Ondiño Euskalerria ba da. Eleizan eztogu euskerarik entzun. Bertoko abadeak, eztabe ondiño liturji barriaren barririk. Egon be non dago gero Urkiola. Erroma'ko barririk ara eldu be ezta egiten, antza. Meza guztiak latiñez; nai ta erriaren artean Kaiser'ik egon ez. Alan ta guzti be erriak dirua nai aña abadeai ordaiñez. Argi dago txiro gagozala nortasun eta errimiñez. Gu lako zoroak, ori ikusiz erdi-miñez. Euskerazko meza-libururik ondiño Urkiolan ez.
Olan goazan artean, egizko bakerik ez.
Abina'tarrak
Gernika'tik
Euskaldun katekesiak eta ikastolak batzarra. 10'etan meza. Eldukeran alaitasuna. «Agur Zuberoa» guztien agoan. Zeberiotarrak, buruko pañoludun andra eder bat aurretik zala, lenengo eldu ziran, D. Jose'ren itzalpean. Gero nongoak ez? Bilbotarrak, Bermeotarrak, Lekeitiarrak, Gizaburutarrak, Yurretatarrak. Alako meza ederrik, eztot iñoz ikusi gure erri onetan.
Landara barriak datozan artean, erria ezta ilko. Alperrik orretan diarduenen lana. Egun arek askori egin eutson «kili-kili». Beste urte baten obeto bearko. Meza ondoren, iantzaldi ederra. Adin guztietakoak. Gero Batzar Etxera. Aretxa'ren azpian jendetza gero, eztakit zenbat. Danak euskeraz. Danak abestuten: «Gernikako Arbola», «Agur Jaunak». Pozaren pozez ainbatek negarra. Biotzak pozik «gora!» Ez dot olakorik iñoz ikusi. Aretx zarra be barrezka ikusi neban. «Kili-Kili» be an egoan kukuka.
Zorionak eratzaille ta laguntzaille guztiei, Bizkaiko umeen izenean. Ta antxiñako euskaldunen antzera, olako batzarrak sarri-sarri.
Zabalarre
Bermeo'tik
Bermeoko Antoniotar Gaztediaren lekuetan, itzaldi jakingarri batzuk egon dira Bagillaren 19, 20 eta 21-ean, gaueko 10-etan asita, Bilboko mutil gazte batzuen pentzura. Iru izlariak, egunean batek, euskeraz azaldu deuskuez euren itzaldietako gai sakonak. Urrengo zenbakian emongo dogu itzaldien mamiña. Zorionak iruroi: Abel, Alberto ta Xabier. Ikasbide ederra, emon deuskuzuena.
Barrizale
Larrondo'tik
Lengo domekan, bagillak 18, Txori erri ontako ballaran dagoan auzune baten jai pozgarri bat izan gendun.
Erri oso-osoa batu zan gaztediaren inguruan, gaztediak asmautako jai baten inguruan: «erriko» jaia zan, aparteko jai bat. Larrondon iñoiz ezlakoa. «Ze poza emoten dauan erri guztia onelako alaitasunean batuta egoteak, iñoiz ez dogu izan onelakorik gure artean», iñoan ango mutil gazte batek.
Etzegoan, ez, aparteko musika jotzallerik, tokadisku bat izan ezik, ez bizikleta karrera nabarmenik, ezta «Miss Larrondo» aukeraketarik, ta bear bada etzalako onelakorik egon, berebiziko fintasuna ta erritasuna emoten jakin eutsen larrondotar neska-mutil trebeak jai oneri, alkartasun eta batasun eder baten.
Amarretan izan zan mezea euskeraz. Meza ostean ostikoketako zelaira joan giñan, eta an igaro gendun esandako egun zoragarria.
Asteko, asto karrera bat. Gitxik amaitu eben, «txoferrak» exkasak edo-ta, geienak urten ta batera etxeruntz jo eben; nai aiña barre egin genduan.
Onen ostean paella ta tortilla txapelketa; 5 edo 6 gazte talde presentatu ziran, danak Larrondotarrak. Ordu t'erdi euken euren trebetasuna agertzeko zeregin onetan. «7 Magnif» taldea nagusitu zan errex xamar; zazpi mutil oneik aparteko zertxoa ei dabe arazo onetan: subertia makala oneikaz ezkontzen danak! Tortilla eiñen barriz, neskak gallendu ziran; zelako grazia euki eben tortilla oneik.
Arratsaldean dantza taldearen presentaziua. «Sukalde alaiaren» lenengo agerkizuna. Urte osoan ibilli dira gertatzen, baeuken bai antza, euki be; ondo gertauta egozan. Mutillen taldea, Bilboko Gaztedi dantza taldekoa dan Joxe Luis iaioak, gertatu dau, eta nesken taldea be beste Bilbotar batek: Begoñak, au be Gaztediko ezpatadantzaria da. Zorionak biori, eta eskerrikasko talde barri au aurrera atara deuskuzuelako.
Gurea dan «Sukalde alai» au goienetako maillara jasota ikusi nai genduke; ia ba gure gurari au egi biurtzen dan.
Presentaziu au zala-ta, Txori erriko dantza talde geienak jo eben Larrondora; dan-daneri eskerrak emonaz banderin batzuk zabaldu eutsezan Larrondotar gazteak esker onaren eta maitasunaren ezaugarri lez.
Ta olaritxe amaitu zan Larrondoko gora-berea ez geiagorik ez gitxiagorik; zarata aundi barik, ixillean, alkartasun eta benetako erritasunean. Larrondotar gazteak eldu leitekela alkartasun batera agertu deuskue eta ganera ekintzan emon deuskue demostrazio au. Danantzako ikasgarria gazteon irakatsi au. Zein izango dozue urrengo pausoa?
Ia aiztu jat. Orain dala aste batzuk irakurtzen gendun, «Zeruko Argian» zala uste dot, Erandio-La Campan euskal usaindun jai edo onetariko zeren bat egin ebela, baiña altabozetatik etzala entzuten tutik be euskeraz; ara ba, Larrondotarrei ez jaken orrelakorik gertatu: altabozetatik euskeraz eta erderaz bietara egiten zan.
Aranburu'tar Joseba Andoni
Bizkaiko Enkartaziñoetako Txistularien II Sariketa
Oiñarriak
1.—Bizkaiko Enkartaziño alderdiko txistulariak, Euskaldunentzat ain berezia dan txistua ondo joten ikasten alegindu daitezan, eta bide batez, lurralde onetan aurretik dakarren arte ta kultura lana jarraitzeko, ENKARTAZIÑOETAKO TXISTULARIEN II SARIKETA eratzen dau Sodupe-ko Tele Club-ek, Euskalerriko Txistularien Bazkundeak (Bizkaiko Ordezkaritzak) eta «Anaitasuna» bizkaierazko aldizkariak lagundurik, eta lantegitza eta bazkun ospetsuen babesean.
2.—Sariketa onetan parte artu gura leukeenak, oiñarri oneik azaltzen diran egunetik garillaren (julio) 31-ko eguerdiko 12 arte bialdu daikeez euren eskabideak ona: Tele Club de Sodupe-Güeñes (Vizcaya).
3.—Sariketa onetan txistulariak bakarka jo bearko dabe (txistulari solistentzako da sariketa), eta tanborra jotera bearturik dagoz.
4.—Txistulari bakotxak derrigorrez jo bearko dau P. Onraita-ren CONTRAPAS, «Txistulari» aldizkarian (17-gn. zenbak., 316 orriald.) argitaratua.
5.—Txistulari bakotxak aukeratutako lan bat jo bearko dau. Abesti onen izena, Sariketara agertzeko eskabidean ipiñiko dau bakotxak. «Txistulari» aldizkarian argitaratu dan lan bat izan bear dau.
6.—Epaimaikoak (Juradua), Euskalerriko Txistularien Bazkundeko musikari ospetsuak izango dira. Eurak emoniko epaia aldatu eziña izango da.
7.—Oneixek izango dira sariak: 2.000, 1.000, 500, 300 eta 200 pt. Danentzako egongo da trofeoa eta «Anaitasuna» aldizkariaren urteko arpidetza (suskriziñoa).
8.—Azken sariketa, Sodupe-ko zinema saloian ospatuko da, Agoztuaren 13-an, eguerdiko amabietan.
9.—Sariketa onen eratzailleak, oiñarri oneik ondo ulertzeko, azaldu leitekezan ezbaietan erabagiteko eskubidea dauke, eta berebat, txapelketa au al dan obetoen egiteko jarri bearko litzakezan lege barriak emoteko.
Sodupe, 1967, Bagillak 15
Mundua mundu
Israel edo erri baten bizi-naia
Joan Mari Torrealday
Askotan esan da, gura ezkero ba dagola ikasbidea nundik artu. Gura izan bear. Edo ejenplu ori ikusten jakin bear.
Judutarrak modan dagozan ezkero, seguru nago beren jokabidea askorentzat izango dala imitagarria. Eurekandik artuko dabe leziñoa komunistak, eta kapitalistak be beste orrenbeste.
Ez arritu. Askok ezetz uste arren, guk euskaldunok be ba daukagu zer ikasi judutarrengandik.
Bere biziaren alde bere bizia emon gura dauan erria beti da arrigarria.
Ori do Israel. Bere erriaren alde bere bizia emoteko prest dagoan gizona, benetako gizona da. Ori da judutarra.
Ikus daigun, argigarritzat, judutar baten gertakizuna. Ondo dakit egia diñodana.
Israel ta R.A.U. arteko gerrea asi aurretik, Oñati aldean ebillen Norteamerika'ko aberats-aberats baten semea. Judutarra zan. Gerra orren susmoa artu ebanerako ez ei egoan nasai; ezin-egon batek ei erabillen gizona.
Jakin eban gudaren barri. Ba, «orain ala iñoiz be ez» esan, eta an joan zan, abioi bat arturik, Israel'era.
Txapela kendu daigun gizon onen aurrean. «Atletiko Bilbao» (geurea izanik!) baten aurrean txapela kentzeak eztau merezi. Bere odola gizonaren ta erriaren alde emotera doanaren aurrean, bai, erantzi bear genduke txapela. Burua makurtu be egin daikegu, lotsarik bape barik, olako baten aurrean.
Ezingo dogu ukatu Israel'go erria modelu arrigarria jakula jokabide askotan (ez danetan!). Bizi-naiak eraginda dabillen gizona andia bada, zer esango dogu bizi-gura ori bere barruan daroan erriari buruz? (Batez be gure zibilizaziño teknikatuan). Erri lez, munduko guztietan uste dot, bizi-gura ori ortxe, Israel'en, agertzen da garbien.
Salbatore Mitxelena andiak betiko bizi-nai ori gure Errian ikusten eban. Bere «Unamuno ta Abendats» liburuan iñoianez, Unamuno'ren ta Euskal-Arraza'ren arimak bat dira, bardiñak. Ba dakigu gure bilbotar olerkari-filosofua zelan ebillen beti «bizi-gura» orrek minduta, eriotzaren bildurrez. Ba, bardin bizi da, kondairan zear eta gaur, Euskalerria, Salbatore'ren eritxiz.
Salbatore Mitxelena'ren tesisa, orixe da. Israel'en bai, baiña geure artean be egia dan jakin bear.
Bakea ta gerrea
Obe da bakerik txarrena
gudarik onena baiño.
Esperientziaren eskarmentuaz-edo, alan esan eban Salbatore Mitxelenak. Bearbada, perspektibaren faltaz idatzi eban ori.
Xalbador bertsolariari esakuntza orixe imiñi deutse bertsogintzarako gai lez txapelketan. Arritu naz.
Israel'go gerra ostean pentsetan jarri naz, eta ez dot uste eritxi oneri bere baiezpena emongo leuskion judutar askorik egongo danik gaur. Guda onik balego, judutarrentzako eurena izan da benetan ona. Eta egia esan, alan izan da. Ez dakigu zer lortuko daben luzaroan (Makiavelo ondiño bizi da Europa aldean!!), baiña beintzat «bake txarra» aldendutea lortu dabe, ori bai. Ta, esan daigun, ez da gitxi. Ez dala oso eroangarria izango pentsatu daikegu atxurra esku batean eta fusilla lepoan, soloan egun guztian bierrean ibiltea. Atxurrak berak be naiko bierrik emoten dau, orren ganera beste burukomiñik eukiteko. Bai, ondo probatuta euki dabe judutarrak bake txarra.
Ta gudua autatu dabe, «bakea» ta «gerrea» zer diran jakiñaren gañean.
David txikia, barriro, Goliat arroaren kontra pare da. Ta, barriro, David'ek irabazi. Historiak diño. Ta judutarrak diñoe bakerik txarrena ez dala gudarik onena baiño obea. Kontra daukozuz judutarrak, Salbatore!
Gerra onik balego, esan dot. Balego, diñot barriz. Balego ori, ba dakigu, kondizionala da, baldintza bat. Nasser'ek, eta bestek, ez dabe esango guda ori ona izan danik. Eurentzako txarra izan da. Ta ain zuzen, orrexegaitik ez dago gerra. onik, gudukatzailleetatik bat beti geratzen dalako galtzen (iltzen edo ilda ezpada). Edo, alderdi biak pozik, lagun ta anai lez, amaitzen daben gudarik ikusi dozue iñoiz?
Kristiñau erriko barriak
• Jacques Maritainen azkenengo liburuan, txarto geratzen dira katoliku progresistak
• Batzuk liburu orren kontra dagoz, beste batzuk alde
• «Sasoia da, munduari kasu egiteko», diñoe progresistak
• Gero ta geiago dira Euskalerriko siñisbakoak
• Bearbearrekoa da euskaldun guztien arteko dialogua
Belauniko munduaren aurrean?
Zarata aundia atara dau mundu guztiko katolikuen artean Jacques Maritain filosofuaren azenengo liburuak. Denpora asko ez dala agertu da liburu ori Frantzian, «Le Paysan de la Garonne» izenagaz. Jacques Maritain oso katolikua da, eta liburu baliotsu asko idatzi ditu bere bizitza luzean; orregaitik bere esanak entzute aundia eukiten dabe katolikuen artean, irakurle guztiak beragaz konforme egon ezarren. Bardin jazo jako bere azkenengo liburu onegaz. Bertan esaten dituan gauza batzuk poz aundia emon deutsee batzuri; beste batzuri barriz —euron artean Aita Congar famaduari— naibagea ta lastimea. Informaziño labur onetan ez da posible, liburu orretako gauza guztien kontu emotea. Naikoa izango da, bertako afirmaziñorik nabarmenena emen azaltzea.
Jacques Maritainen ustez, oraingo katoliku asko —batezbere eleizgizonak— nekez auspeztuten dira eleizako Jaun sakramentaduaren aurrean; munduaren aurrean barriz, emoziñoz beterik belaunikatuten dira. Bere eritxiz, Kontzilio osteko katoliku askok inportantzia larregi emoten deutsee mundu onetako gauzeri, eta ardura gitxi artzen dabe beste mundukoakaitik. Frantziako filosofuaren afirmaziño au, tximistea lez zabaldu da mundu guztian zear; eta jente askok era ederra aurkitu dau deklaraziño orretan, katoliku progresisten kontra berba egiteko eta euron lana kritikatzeko.
Progresisten erreaziñoa
Zorionez, katolikurik geienak ez dagoz konforme Jacques Maritainek esan dauanagaz. Asko dira idazlari ospetsuen artean, batezbere Frantzian, «maixu zarraren» kontra jarri direanak. Ona emen zer diñoan, Informations Catholiques Internationales amabosterokoan, zezeilleko lenengo numeruan, Dom Jean Ervard eskribitzailleak:
«Eleiza gaurko munduaren aurrean»: auxe da Kontzilioko dokumentu guztiz inportante baten titulua. Eleizeak urten egin bear dau bere etxetik, Kristok egin eban antzera. Etxetik kanpoan jaio zan bera, erritik kanpoan il, barrukoen eta kanpokoen salbatzaille izateko. Lenengo kristiñauak ez zirean iñoiz bildur izan, paganoen artean biziteko eta eurokaz artu-emon estuak eukiteko. Historiak barriz, lar ondo erakusten deusku, Eleizea —gizaldietan zear— sarri ta luzaro munduaren aurrean belaunikatu dala, eta diru, gloria ta indarraren aurrean bein baiño geiagotan auspeztu dala. Eleizako gizon askok naikoa despreziatu dabe oraiñarte mundua, eta oso gitxi estimatu ditue gaurrarte lur onetako baloreak eta errealidadeak. Mesedez, ez dakiguzala orain aldarrika etorri, munduaren aurrean belaunikatuten gareala-ta, gutariko noredonor alegiña egiten asten bada, langilleen, ateoen, artisten eta zientifikuen munduagaz dialogu leial bat eukiteko. Gure biotzeko ateak munduari zabaltzen badeutsaguz, orrek ez dau esan gura, Jaungoikoari automatikamentean itxiten deutsaguzala. Lar ondo erakutsi deusku egia au Joan XXIIIgarrenak.»
Dialogua siñisbakoakaz
Ainzuzenbe, Sekretariadu barri bat organizatu da Erroman, dialogu au erreztuteko ta aurrera eroateko. Joan dan urtarrillaren 19an, konferentzia interesante bat emon dau Parisen Sekretariadu orretako sekretarioak, Aita Vincenzo Mianok. Beste gauza askoren artean, konferentzia orretan esan dau, nortzuk direan siñisbakoak eta zelan ulertu bear dan eurokazko dialogua. Siñisbakoen artean kategoria bi dagoz: lenengo ateoak, ateismu sistematikua profesatzen dabenak, eta bigarren agnostikuak eta indiferenteak, prolema errelijiosoa aintzat artu be egiten ez dabenak eta erlejiñoagaitik bape interesik ez daukenak. Eurokazko dialogua ez da medio bat, Eleizearen apostoladu espezifikua egiteko, bide bat baiño, danon artean mundu au obatuteko. Dialogu onetan, alderdi biak —mundu fededunak eta mundu fedebakoak, kristiñau humanismuak eta ateo humanismuak— eskubide bardiñak daukez, zeregin berean alkarren ondoan lan egiteko, euretariko bakotxak leku diferentetik eta bearbada kontrariotik urtenarren.
Euskalerriko siñisbakoak
Asko dira Euskalerriko siñisbakoak. Gero ta geiago. Lenengo kategoriakoak gitxiago, bigarren kategoriakoak askoz geiago. Errealidade au argi agertu zan, esate baterako, Bilbaoko batzar baten, joan dan zezeillaren 11'n, euskaldun talde bat Anaitasuna amabosterokoan lan egiteko prest batu zanean. Bearbada fededunak zirean geienak, baiña euretariko batek baiño geiagok ez eukon bape interesik erlejiñoagaitik. Gauza baten, orregaitiño, egozan danak konforme: Euskalerriaren alde lan egiteko eta danon artean, dialogu zintzo baten bitartez, euskalduntasuna salbetako.
Imanol Berriatua
Brasil'go gotzaiak eleizaren lur guztiak "sozializatuko" dabez. "Capitalismuaren aurkako jokabidea, beste barik, ezin daiteke komunismutzat artu; ezta be komunismuaren aurkakoa kapitalismutzat."
Pakistan'en eleiza bakarra protestante ta Katolikuentzat,
Londres: anglikanoen artean aita santuaganako errespetua indartzen.
Brasil
Brasil'go Gotzaiak gizarte arazoetan ez dira iñoiz atzetik ibilli. Oraingo ontan be, eurena egin dabe. 218 Gotzaiek, Batzar batean alkarturik, erriko gizarte arazoari buruz idazti sakon bat egin dabe. Aita Sa-tuaren «Populorum Progressio» (errien aurrerakuntza) Eskutitz Nagusiari erantzuna egiñik, amar ataletan Eleizearen erabagia argi ta garbi agertzen dabe: gizonari yagokon maillean aurkitzen ez diran milloika gizoneri giza-aurrerakuntza lortzen lagundu.
Idazti ontan, batez be, kapitalismuaren aurka mintzatzen dira. Laugarren atalean garbi agertuten dabe: «kapitalismua ta komunismua, sasi-banaketa au, aztertzeko ordua eldu da». «Asko ta asko dira —diñoe Brasil'go Gotzaiak— komunismuaren bildurpean bizirik, kapitalismuak daroazan materialismu ta biotz-gogorkeria ikusten ez dabezanak. Kapitalismuaren aurkako jokabidea, beste barik, ezin daiteke komunismutzat artu: ezta be komunismuaren aurkakoa kapitalismutzat. Ondo da komunismuaren aurrean ume lez ez jokatutea: baiña kontu euki daigun komunismuaren aurkako alde-bateko burruka alperrikakoa dala, ta erriak, bide ori ikusirik, Eleiza kapitalismuaren aldezlaritzat artzen dauala».
Idazti sakon eta mamitsua, benetan. Gaur, idaztiak Eleiz barruan ugaritsu sortzen dira; idaz-lan txalogarri asko argitaratzen dira. Baiña sarri askotan entzun dogu eleiztarren aotik: «ekintzak gura doguz, berba egitea erreza da». Orregaitik, Brasil'go Gotzaiak erabagi au artu dabe: Bost urte barruan Eleizaren lur guztiak sozializatzea. Ta, euren ikasbide txalogarri onegaz, katolikueri be erriko estrutura edo egiturak barriztutera dei egin deutse; analfabetismua erabat garbitua izan daitela, ta erri osoak euren eskubide ta eginbearren kontzientzia artu daiala. Ikasbide ederra ta txalogarria benetan. Bear bada, gaurko sasi-katoliku askotxoeri ez yake atsegingarri izango, ta komunistatzat eukiko dabez. Ez da arritzekoa; ainbeste bidar entzun dogu.
Baiña etorri daitezela ugaritsu onelako Gotzaiak.
Pakistan
Pakistan'go lendakariak bere lurrak eskeiñi dauz Islamabad, Pakistan'go uri-buru barrian jasoko dan lenengo kristiñau-Eleiz barrirako. Eleiza protestante ta katolikuen artean jasoko da, ta bien eleizkizunetarako erabilliko da.
Londres
Anglikanoen artean Aita Santuaganako errespetua indartzen doa. Kilmer Gotzaiak bere eleiztarreri «Aita Santua, kristiñau-sendiaren lenengo artzaiñtzat eukiteko» eskatu deutse.
Ta Estados Unidos'eko Myers de Grace Gotzaiak bere eleiz-protestantean egiñiko berbaldian, Aita Santuari besarkada bat eskatuten deutso kristiñau eta kristiñau ez diranentzat; eta berba onekaz amaitu eban: «Aita SANTU bat bear dogu. Gizadi osoari berba egin eta serbiduko deutson Aita Santu bat».
Felipe Izagirre
Ez da txantxea, gero! Jokatu diran pelota partidu-txapelketetan ez da izan iñor oindiño seigarren aldiz txapeldun urten dabenik!
Gorpuzti egunez, illunabarrean, emengo bere sarrerako musika, txupiñazu, izketa, «Ori, ori-» —irrintziak eta abar apur bat ixildu ziranean (egia esan, nik gura baiño geiago luzatu zan arlo a) tximistea baizen ariñ joan nintzan Azkarate'n albora.
Edo neuk nebazan begiak lauso, edo berak poz-negarrez lañotuta.
— Kaixo, Ilario. Pozik?
— Pozik bakarrik? Ezereztzat botanten dodaz nire partidu aurreko gertakizun eta nekaldiak, ta baita partidu denporako larritasunak be emengo nire sarreraren ospetasuna ikusita. Ta nik beti esan dodana, ez dago orretarako Elorrio langorik!
— Usterik ba-zendun, gero, Atano'n goitik jarteko?
(Ez da Azkarate bere burua goratzen dabenen artean sartzen dana, ta ara zelan erantzun eustan).
— Goitik... goitik... ez! Baiña bai gogo bizi-bizi bat bigarren geratu zedin nire arerioa.
(Nik, jakiña!, barre).
— Dirua Atano'ren alde asi zan-eta... urduri-xamar jarriko ziñan ba, e?
— Larriago jarriko nintzan nire alde urten ba'leu...
— Noiz konturatu ziñan partidua —ta, beraz, txapela— irabazi zenduela?
— Ogetabigarren tantua egin nuanean...
(«Umore oneko dogu gaur Ilario» esan dot nere kolkorako, ta buruan daben txapela baiño aundiagoko errazoiaz, ganera, egon be).
— Eta zer esaten eutzun zure anai Andres'ek tantu bitarteetan?
— Lenengo jokaldietan, ez nebala agiri oraindiño azkaratetasunik. Baña ... etorriko zala... etorriko zala...
— Ta eldu zan, e?
— Nire zaintzalle danez ganera, igarletasun apur bat be ba-dau nire anaiak.
— Ta telebisioak ez dautzu bildur apurren bat sartzen izan gorputzean? Orrenbeste milloe...!
— Orrenbeste milloe, diñozu? Milloe lauren be ontzat artuko neuke emongo ba'leustie!
— Ez diñot nik dirua, Ilario, jentia baiño.
— Aaaa! Nik pelota-lekuan egon dana baiño ez dot ikusi, ta alan da guztiz be naikoa izan da, bai!
— Auspoa berotuko yatzun, ba, gaurko partiduan, e?
— Bai, ez gutxi be. Baiña arerioarena be «frigorifikoan» sartuta ez dagola begien aurrean ikusten izan dot-eta aurrera!
— Ta zer? Nik ez dakit-eta, partidu onetan zeinbat diru? askotxu?
Ori «korredoreak» jakingo dabe...
(Au da aitu eziña dabena Ilario'k!)
— Ez, Ilario. Ez da ori nik esan gura dodana!
— Ezta nik be bestea!
— Ta zure senitartean ba-dator zure antzeko pelotari izango danik-edo?
— Nik baietz uste dot beintzat: Fernando.
— Bai? Aurrelaria ala atzelaria? Zure moduan gogotsu pelotia joten dauana? Orma biak jo ta baztertu egiten dauana? Arranoa!, ta ni, barriz, pikuan! Nun bizi da bera? Alkar-izketa bat izango nauke, ba, beragaz be...!
— Kostako yatzu, oindiño aita esaten baiño ez daki nire semetxoak-eta... (Sarritan lez, orain be ankia sartu dot, ba, nik!).
— Zeinbat kopa zeureganatu dozuz pelotari-denpora guztian?
— Ogetaamairu.
— Jokatu dozuzan partiduak bataz-bestetuta, zer geiago? galdu ala irabazi?
— Seigarren aldiz txapeldun izateko...!
(Zelan etorri yat, baiña, burura itaun ori egitea? Au da ankia sartu bearra daukadana gaur!).
Onetan gagozala, elorriotarrok ondo ezagutzen dogun azkaratetar bat eldu yaku ondora, narrazka ta surretatik berbaz. Gaur Elorrio'n merke-xamar ibilli bear dau lebatzak, or-emen gizon da mutil asko agiri dira aldean dabezala-ta. Gugana eldu danak, barriz, tamañokoa dakar. An ebillen aoan eban zigarroa biztu eziñik poxpolo-kajia ustuten. Errukituta, ta bere poxpolo-kajia artuta (nik ez dot erretan-da) asi naiz aren zigarroa biztuten. Bai zera! Naikoa zan nik poxpoloa eskumara eroatea, berak zigarroa ezkerrera! Onela ibilli giñan luzaroan, txopika. Azkarate, barriz, barre-purruztadaka!
Erdi asarratuta, bertan bera itxi dot gure alkar-izketa, or konpon! esanaz. Zer esango ete-dau Ilario'k! Baiña berak be ba-dau erru apur bat, gero! Zergaitik egin bear daust, ba, orrenbeste barre neu ikusi larri, biztu eziñik-eta?
Alan da guztiz be, datorren urtean be pozik ibilliko nintzake olantxe... zigarroa biztu eziñik... eta zergaitik ez, ba? baita Ilario'ren barre gozatsua entzuten be.
E, Ilario?
Elorrio'n SABIN
Ba zan, or nunbait, pelikula oso polita. Berlanga'rena nire ustez. Bere erderazko izena: «BIENVENIDO MISTER MARSHALL».
Jorje Marshall, Iparamerika'ko jeneral bat zan. Guda ostean, ospe aundiko egin zana, bere «Plan» zala-ta.
Zer zan «Plan» ori? Ba..., guda ostean mankauta geratu ziran errieri laguntzeko, jeneral orrek asmau eban bidemodu edo era bat. Alemani, Prantzi ta Italiak ondo dakie «Plan» ori zer izan zan. Gaur ezer badira, Marshall'en dolarrakaitik dira. Marshall'en dolarrak ez; dolarrak Iparamerika'renak ziran; burutasuna Marshall' ena.
«Plan» ori zala-ta, dolarrak parra-parra eldu ziran naziño orreetara, eta olan jaso al izan eben euren burua.
«Plan Marshall», amerikanoen laguntasuna zan.
Berlanga'ren pelikula ori, apur bat barregarria be izan bada; baiña esangura sakonekoa.
Erritxo baten gertatzen da guztia. Egun baten, ez dakit gobernuko noren izenean, gizon ezezagun batzuek elduten dira erritxora. Deituten deutsoe alkate jaunari ta badiñotsoe erria ondo apaindu bear ebala, gertu, amerikanoak etozela-ta. Errian ez ekien ezer. Alkate jaunak, arrituta (ez jakiña be ba zan da), ia amerikanuok zer ziran itaundu eutsen. Gizon eldubarriok, orduan, amerikanoak jasoten asi ziran: Amerikanoak? Esatea be..., guda irabazi ebenak! Amerikanoak eiziran ba gizonak, amerikanoak! Onak, zindoak, biotz onekoak...; baiña, batez be aberatsak. Arein dolarrak... Ta..., arein eskuzabaltasuna...! Areik eiziran gizonak, areek...!
Orregaitik, arrera on bat egin bear iaken; ondo igortzi, ondo koipetu, ondo esan, emon eien. Erritarrak ondo jokatzen baeben, amerikanoak dolarra parra-parra itxiko eben an be.
— «Iturria ta trenbidea be egingo dabez»?, itaundu eutsen alkateak.
— «Oba ez! —erantzun eutsoen besteak—. Iturri, trenbide ta beste edozer. Amerikanoak zuek danok uste daikezuen baiño onagoak eta aberatsagoak dira».
A zan poza, zalaparta ta eginbearra! Egundo alakorik...! Erri guztia pozez eta ametsez. Apaindu eben bai erri ori...! Alako garbitasuna ta barriztzea emon etsoena! Kale, torreko erlojo, etxien aurre ta abar. Gero, ganera, soiñeko barri, abesti ta berbaldiak. Alkate jaun eta abadeak be gertu ebezen eurenak; maistra ta sekretarioak be bai. Axe zan gauzea benetan artzea! Etzan ezertxo be palta, amerikanoak izan ezik.
Ta..., amesetak? Jesuuus..., orreek amai bakoak izan ziran. Alkatea iturri ta trenbidea eskatzekotan zan; abadeak kanpai barri bat bear eban; baserritarrak traktoreak; andrak josteko makiña, soiñeko barri... Nik dakit ba zer? Bakotxak bere gauzak.
Dana dala, erria prest egoan: kanpoko abeslari, musikalari ta dantzariak be an ziran. Eskolako umetxoak be ba ekien ordurako amerikanoak zer ziran, maistreak esanda. Berbaldia be buruz ondo ikasita egozan. Bakarrik amerikanoak palta...
Baiña..., ba etorren eguna. Ta noizbait eldu zan...
Orduan gertatu zana, negargarria izan zan. Amerikanoak, erritxo aretan, gelditu be etziran egin. Auto ederretan, aizea baizen arin, aurrera joan ziran. Erritxo a, ba zan be etzekien amerikanoak.
Zer dala-ta ori?
Gizon ezezagun areen kontua izan zan dana. Eurek nai izan ebena, kontixu, amerikanoak lotzen baziran be, erritxoa jakiñez imintea izan zan. Ba ekien bai, seguru asko geratu be egingo etzirana, baiña, badezpadan be, itxurea, antza emon gura izan eutsoen erriari. Ta..., or geratu zan dana. Erria, alkatea, abadea, baserritarrak, andrak... ago bete agiñegaz. Marshall, bere dolar guztiekin aurrera joan iaken. Aixe gauza tamalgarria. Ez trenik, ez urik, ez traktorerik, ez makinarik... Txakurraren buztana! Ainbat eginda gero! Aurrerantzean be, bear egin bearko zan, ordurarte lez.
Berlanga'ren pelikulea orretan amaitzen da. Pelikula bat da; ez beste ezer; baiña bere esangurea auxe da: etzaiteze iñonari begira egon; eizu zeuk egitekoa.
Aspalditxo onetan, ostera, jakin danez, Gernika aldeko erritxoak be Marshall bateren begira eidagoz.
Lengo baten, Gernikakin bost erritxo batu ziran: Nabarniz, Foru, Murueta, Kortezubi ta Arratzu. Erri txiki ta beartsuak. Euren txikitasun eta premiñea ikusirik, aundi, nagusi, aberatsago bategaz alkartutea erabagi dabe. Aberats, Marshall ori, oraingoan Gernika da. Erritxo orreitakoak amesetan be asita eidagoz. Nabarniztarrak urak eta Gabika ta Nabarniz arteko bide barria eskatzekotan eidagoz. Forutarrak eskola barriak eta Baldatikarako kamiñua. Muruetatarrak estaziñorakoa. Kortezubitarrak Omarakoa. Arratzuarrak urak. Orretan dagoz beintzat.
Ara or pelikula barria. Berlanga'rena berbera. Alde bategaz: oraingoan Marshall eztala aberatsa; dolar bakoa dala...
Egindakoa, eginda dago. Alkartu ziran. Baiña, erritxo orreiri, aurretiz, gauza bat esango neuskie nik: oba dala xaguaren musturra izatea, leoiaren buztana baiño. Diñoela bestela Ajangiz eta Lumoitarrak.
Amesetan, egitea libre dago, baiña amesetak beti dira ameseta. Oraingoan iñoiz baiño geiago.
Bestera balitz: «ONDOETORRIA MARSHALL JAUNA».
A. Aboitiz
Aurten be ospatu dogu «gosearen eguna». Gaur egunean edozein gauzek bere eguna daukon lez, gizonaren premiña oneri be berea izentau dautsoe. Asmo eta egun au zelan, zetarako eta zergaitik sortu dan esatera natortzu, irakurle.
Aurretik dakit gizadiaren premiña larri onetzaz ainbat albiste zabaldu dirana, gañera geienak, nire ustez, geure barru asetua guzurrez baketuteko bakarrik izan dira. Ain ikaragarrizko barriak entzunda gero, oker ori zuzentzeko asmorik sortuten ezpaiaku, egun ori dala-ta ataraten dan zabalkunde ta abarrotsa guzur utsa da. Ta premin orreri erantzuteko bezuza bat, diru apur bat emotea, ezta ezer.
Europako erriak gizaldi onen bigarren gudaketan nastuta egozan bitartean, euretako gizon batzuk, erri agintariak geienak, batzar eta alkar izketaren bidez artu-emonetan iarri ziran. Euren asmoak osotu eben Laterri Alkartuen Idazkia, berrogeitamar laterriko ordezkariak izenpetua. Olan iaio zan, labur esanda, ONU deritxogun batzarra, 1945'garren urteko udabarri aretan. Urte gitxi barru ONU'ko batzar osoak «Lur guztiko gizonen eskubideak» izenagaz, agiri bat agertu eban. Agiri orretako asmoak betetako ONU'k beste talde batzuk sortu ebazan, txikiagoak, euretariko bakotxak lurreko gatx bat kentzen aleginduteko. Onetariko bat «Lurgintza eta Janaritza'ren Antolaketa» izenaz sortu eben, laburtuta FAO deritxoguna. Au, Kanada'ko Kebek urian iaio zan, 1946'ko urtarrillean. Bere asmoak onexek dira: Lur landuek eta basoak ikaskizunen bidez ondo atonduten irekatsi. Lurralde emankorretako iturri eta ur-gardenak iagon eta eratu. Etorkizunari begira, lurgintzaren bierrak, bizimoduek, tresna ta makiñen bitartez aurreratu ta erreztu, ugaritzen doan gizadia era batera asetzeko. Bakotxak bere osasunen kalte barik zer eta zenbat ian bear dauan, itxasoko arrañen gora-bera ta bizimoduak, azi onenak lur bakotxantzako aukeratu, ongarririk onenakaz lagundu ta abar.
Baña zoritxarrez FAO'ren erantzuna ez zan osoa; munduan zear ainbeste ziran bear eben beste ez eukienak, egunero gosearen arrak iaten egozanak. Onentzat ez egoan ezer, aurpegien aurrean euki arren euren ardura aiztuak ziran barriro, gure munduaren erantzunik errezena aztutea data.
Au ikusirik, gizon banaka batzuk, gosearen aurka lan egiteko eskabidea zuzendu eutsien FAO'ri. «Erri bakotxeko agintariena zala auzi ori» erantzuna artuaz, asko arritu ziran.
Dana dala, azkenean, FAO'ren babespean, erri askoren bizikera ta bearrizanak, atzeratuenak batez be, aztertu ziran. Ortik iatorku gosearen sustraiak errialde geienetan dauken sakontasunaren barria.
Geure ta inguruko errien iateko-pilloak ikusirik batek baño geiagok eztau errez siñestuko iru gizonetik bi gosekillak direla. Egunero eriotzaren altzora 10.000 gizon iausten direla gosea bide dala.
Au zuzendu nairik gizon iakitun batzuk deika daukoguz, gizon guztion barrua, erri aberatsen bete bearra erri txikiai laguntzen, itxartu ta astindu gurarik.
Guzti au ondo badago be, ez da naiko.
Egoera onetan geu be sartuta gagozan ezkero, aztertu daigun ia munduko gizon geienak estualdi latz onetan zergaitik dagozan.
Gose onen errua erri geienetan alde batetik erri onein atzerakuntza da; bestetik lur orrein iaubetasuna naizta itxuraz erritarren eskuan egon, iñoren iaubetza izkutu baten, diru eta teknikarena batez be, lotuta dagozalako.
Munduko lurra, eunetik amar dago ondiño bakarrik landuta, ta lur landu orren iaubetasuna apur batzuk baño eztauke, errietako menperatzalle diran atzerritarrak. Gañera, sasi-aberats erriok askatasun turutak lau aizetara iota gero, or iarraitzen dabe iñoren lepotik euren ondasunak eta gudarako izkilluak ugarituten, guzti ori egi ta askatasunaren izenean.
Au dana guztion guramen onagaz zuzendu daiteke. Bear-izan onen osakuntza gizon iakitunen eritxietan dagoanik ez uste izan... Txiroai laguntzeko asmetan diran batzarretan be ez, ezta Eleizaren eskuzabaltasunean be.
Egoera au arteztuteko guztiok egiten dogun gizadiaren eskuetan dago lenengo, eta errien gidariek eta langilleek osotzen dabezan alkartasunetan.
Au dala-ta aurrean daukogun bizikera au, geure itsukeri eta arrokeriagaitik aurrera doa ugaritzen.
Larregi daukoguna —usteldu orduko— emoten dogu eta kito, egintza onen ondorenak argi ikusi barik: gizonak mallatan bananduta, alkar ikusi gureza gogortuta, burruka eta guda egiteko prest egotea.
Ondasunen iaubetasuna bananduten ez dan bitartean, amilpe otz eta illun onetan bizi diranak izango dira geure etorkizun zitalaren lekukoak (testiguak).
Guztiok besarkada estu baten lotu arte bizitza onetako argi bizi eta dizdizkorrak lanbropean iarraituko dabe.
Auzi onek ikutuak, oraiñarteko esanak ederto dagozala diñogu, baña guk ezer ezin dogula aldatu. Erantzun au errezena da, baña ez gaitu betetzen. Danok dakigu gizon baten egintza iñora eztoana, eta bizitza onetan geure asmo eta alegiñak elburu baten alkartzea oso gatxa dana. Sakabanatuta, indarge bagara, alkartu gitezan. Alkartasun onetan geure eguneroko egin-bearretan —ez daiguzan amets andiak egin— geure izatearen aztarna bat lez iokatu ta postura egin daigun, beartsu, eziakin eta txiroen alde, geure lanean, solasaldietan, sendian, iakintza ta gogo lantzean, sorterriko maitasunean, aleginduko gareala.
Aurten, Aratosteak eta «Gosekillen Eguna» batera ospatu doguz. Au ezan izango gura izanda, alan be esan gura sakon bat dauko len esanagaz.
Aratoste iaietan beste iantzi eta apainketen bidez geure itxura aldatuten dogu, arpegia iñok ez ezagutzeko estalduta. Lurreko gose ta egarriaren aurrean be geienok amaibako aratoste baten diardugu, marro iantzita. Olan geure iantzaldi eroan, ez dogu ez ikusi, ez entzun beartsuen dei ta erosta samingarria.
Etorkizunari iaramonik egin barik, iji-aja nazkagarri baten, ez dogu osotuko gure izatearen elburua. Ta ez dautsagu esker-onik agertuko guztiok egin ginduzan Jainko Altsuari.
ASTIGAR-MENDI
Arraintza Kontuak
«Azken urte oneetan artu daben indarra, eta gero ta geiago erabilten dirala, ikusirik, bear-bearrezkoa dogu disposiziño baten agertzea «volanta» sareakaz arraintza egiteko legeak, litoral osoan».
Olantxe diño bere asikeran Direccion General de Pesca-k portu guztietako Kofradietara bialdu dauan lege-proyektoak, Kofradi orreen eritxia edo informea eskatuaz.
Zer da «volanta» sarea?
Lege-proyekto au ikusirik, batenbatek esango dau: Invento barriren bat izango da arraintzarako «volanta» sare ori, eta orregaitik lege barriak ipiñi bear.
Ez. «Volantak» arraintzako sistema zarrenetarikoa da. Eta onenetarikoa be bai itxasoko arraintza aberestasuna ez galduteko, ez agortuteko. Zegaitik? Arrain txiki guztiak libre itxiten ditualako, andiak bakarrik arrapatuaz. «Volanta» sarea, dribeko sarea da (deriva). Ur-erdian egoten da, arraiñentzako orma invisible bat egiñaz. Korrontagaz ara ta ona dabil, eta arraiñak bere mailletan burua sartuta gelditzen dira. Arrain txikienak mailletatik zear pasatzen dira eta ez dira arrapatzen.
Teoria eta praktika
Olan erabillita ez da kaltegarria «volanta» sarea, itxasoko faunarako, len esan dogun lez. Baiña, zoritxarrez, gaur egunean «volanta» sarea daukenak ez darabille olan. Driben erabilli bearrean, fondeatu egiten dabe. Eta bertan laga, zortzi-amar-amabi orduan, itxaso ondoan. Eta an dagoz arraiñak burua sartuta, axfisieta, ilda, sarea ala arte.
Arrain-kanposantuak
Eta ez da ori txarrena. Danok dakigu gure Kantauri itxasoa ez dana denpora askoan geldi egotekoa. Sarea alaten joateko orduan erresakea badator, ezin sarea alaten joan. Eta itxasoa kalmatu arte egon bear, iru-lau egunean. Eta azkenean, sarea ala ta... arrain guztiak ustelduta, alperrikalduta, berba onen sentidu guztian.
Baiña beste peligru andi bat be ba dauko «volanta» sereak: erresaka orrek azaleko seiñalea, tuntuxa, soltatzea. Edo ontzi andiren batek bere helizeagaz apurtutea, egualdi onean. Ori jazo ezkero, eztago geiago sarea alatzerik... Eta or daukogu, arraiñentzako gau ta eguneko eriotzazko tranpa bat, iñoren probetxu barik. Benetako arrain-kanpotantua. Sareak egiten diran ari edo fibra sintetikoakaz urteak igaro leitekez tranpa orrek arraiñak ilten. Orregaitik Reglamentu bat egin bearra.
Arraintzaleen eritxiak
«Volantak» diru asko balio dabe. «Volantak» egin dabezanak, al dabenik rendimentu andiena atara bear. «Volantarik» ez daukenak, barriz, kaltegarriak dirala-ta, «ogia gaur eta gosia biyar» dirala-ta, galerazo, prohibidu egin bear didala diñoe.
Orra or arraintzaleen eritxi biak.
Bermio'ko Kofradiak akordu artu eban iñok «volantarik» ez egiteko portu onetan. Eta akordu orreri Dirección General de Pesca'k indar ofiziala emon deutso, Bermio'ko lebatz eta beseu-zaleak ibilli oi diran kaletan «volantakaz» ibiltea galeraziz.
Ribadesella'ko Kofradiak be beste orrenbeste lortu dau euren kaletarako.
Prohibiziño bi oneek, leen aitatu dogun lege-proyektoan be agertuten dira, erri orretako arraintzaleen pozgarrirako.
Eurak, esku-tertzakaz ibilli oi dira aintxiñatik eta orrela irabazten dabe euren ogia, gaur edo biar itxasoko arraintza-bizia edo fauna gitxitu egin barik.
Arrastreruak errespetatuko balebez kala oneek, legeak diñoanez... Baiña ori beste egun baterako itxiko dogu.
ARTZA
Camille Julian'ek esan eban: «Euskaldunek berbetan ba dakie baita abestu eta iz-neurtuten be; baiña euskaldunak bere gogo eta asmoari irudi itxurarik emoten ez daki, biar-etzirako burutik kanpora nun edo nun tinkatuta itxiteko gogo eta asmo orreik». Gauza bat argi emon dausku itz onetan euskelduna elertizalea eta ereslaria be ba dala baiña ez margolaria... Julianek ez eban ezagutu, antza, eusko pinturaren asiera! Ze euskaldunak, belu bada be, margolari asko daukaguz; margoertia gure artean bizirik dago.
Iriarte, Etxabe, Jauregi, eta abar, gizon bakarrak ziran antxiñako margo arloan: orduan euskaldunen artean geiago ziran eskultorak margolariak baiño. Euskalerrian eta erritik kanpora be, ainbat ziran mende aretan etxe eta irudi egilleak. Arriak eta egurrak daroez xixelatuta onen lenengo lanak gure artean; 1.501 urtea dauko arri batek idatzita. Ordutik ona ugari daukaguz ertilari onen lanak bai egurrezko kutxetan, arri-gizonetan, ate-buruetan eta abar. Orduko ertilariak asmaturiko irudiak ez bazituen egiten be, eusko erara egiten ebezan, kanpotik ekarriko gaiak, erbesteko irudiak bereganatu, euskeraturik. Lenengo aldi onetan euskaldun ertilariak jeometri arauak erabillezan bere irudietan; gitxitan, ostera, izadiaren antzeko irudiak. XVI eta XVII garren mendeek ezagutu eben era onen gorapena.
Baiña XIX garren mendean sortu zan beste aldi bat: Margoertiaren aldia. Nor izan ete zan lenengo margolaria aldi onetan? Bringas? Zamakois? Or konpon! Jakitunen gauzak dira oneek. Baiña gauza bat da ziurra: Bilbon sortu zala margolari talde au olagintza edo industrializazioagaz batera. Uste barik? Batzuentzat eusko ertiaren pizkundeak ba dauko zer ikusirik ekonomiaren azieragaz: onen ondorea a pizkundea ete dan dagoz.
Ordurarte gure ertia mugaren barruan, ezer ikusi eta ikasi barik egoan. Eta ertiak, barrukoak poliki agertuteko, arau batzuk bear ditu eta erriaren nortasunari ertia ba dario be, jario orren bidea danontzat da bardiña: ertiaren izatea, bai, erri bakotxak dauko berea, baiña erti orren arauak erri guztientzat dira bardiñak. Unamunok esan eban lez, «kanpora joanda, oñzioa ikasten da, baiña ertiak erriaren munetik erauski bear dau, ze ofizioak ez dauko mugarik, ertiak, ostera, bai eta aberriaren esnea dau bearrezkoa».
Gure margolariak artu eben lenengotan Madrille eta Erromako bidea; ara joan ziran Ginea ta Zuloaga. Baiña euren ikastaldiak amaitu zituen Paris'en. Orreek, aitaturikoak, eta Giard, Losada, Urangak eta abar. Baiña an ofizioa ondo ikasi arren, eusko nortasuna galdurik Euskalerriaren arimatik kanpora jarri ziran. Esate baterako, Zuloagak berberez margoztuten ebanean eusko arimea agertzen eban; ikasiriko arauakaz egiten ebanean, españiar margolaria biurtzen zan. Regoyos margolaria, ostera, Asturiasen jaiorikoa izan arren, gure errira etorri zanean, eusko margolari biurtu zan, bai bere sailletan, bai bere margoetan (orreek urdin ugariak, gero Etxebarriak erabilliko dituanak). Regoyos lenengo eusko margolaria, eta garaiena ete dan dagoz batzuk.
Baiña saillak eta margoak ez dira naiko, margolari talde bat mugatuteko. Ez orixe! Gizon barik, gogo barik, beste ardura barik, ez! Ertiak bizi bear dau «hic et nunc», emen eta gaur. Ertilariak (Margolariak, ereslariak, olerkariak...), beste aldi eta lekuetan ezin dira izan. Margolariak bere inguruentzat margoztu bear dau, bere erriaren biotzarentzat. Orregaitik kanpoko artu-emonakaz zoriontsuak izan ziran Zubiaurre anaiak: bretonakaz eukiriko artu-emonetan bereganatu ebezan, euren «paletara» ekarririk, aren margo illunak, aren andra baltz-jantziak, eta abar. (Margoertian be, musikan lez, argi ete dago ba keltarren indarra?) Ba dira beste batzuk be euren aldiagaz alkar doazenak: Lekuona, Arteta, Arrue, eta abar.
Eusko margoertiak danen naierantzako gizonak daukaz: Barrueta, Maeztu, Iturrino, Tellaetxe, Ramiro Arrue (iparraldekoa), Urrutia, Garabilla, Olaortua, Kaperotxipi, eta abar. (Bearrezkoa da emen itauntxu bat: Llano Gorostiza, iparraldeko margolariak zergaitik ez dira eusko margolariak?)
Gaur, bear bada, lotura aundiagoa sortu da erri eta margolarien artean. Arduratuta dagoz oneek gaurko erriaren giroagaz, eta alkar joten dabe erriaren pizkunde zoriontsuagaz. Batzuk beintzat. Dana dala, igaroniko aldian ez dabiltz, kanpoko kezketan bez. «Emen» eta «Gaur» dabiltz gure margolariak. Alan ba, eusko margoertirik, bai? Bai ziur.
Jose Antonio Arana
Gernika'n, 1967'ko otsaillak 18
Gaurkotasun aundia artu dau euskera itz egiten dogun guztiok alkartu, eta alaitasunik aundienaz emengo berbak angoakaz eta ango itzak emengoakaz konpontzeko eritxiak.
Konponketa onek bere gauza onak izango dabezala ez dago ezbairik, gizon jakintsuak dabiltzaz orreri buruz-da: edozelan be, argiro ikusten dogu euren gogo ona; euskera-arazoan, guztion batasuna.
Baña zoragarrizko muga ori lortuko dan edo ez dan zorian sartzeko, joko ori mai ganean ipintea, guztiz bidebagakoa deritxat.
Ta aurrera jarraitu baño len, au nire eritxi bat baño ez dala esan bear dot, onetzaz ez dot iñortxogaz jardun-da.
Negar-marraskaka eta alaka gabiltza euskel-idazle gutxi gareala-ta. Ugarituteko, ortograpi barriak oneri ezartea ez da, ba, izango biderik egokiena, orraitio... lengoak be bear diran lez jarteko geuk dakigu zelan gabiltzazan-da... Ta orain esan dagidala urliak: «Zu; aurrerantzean, zure idazlanetan «H» mordo bat sartu bear dozu. Badakizu, ba... Laburdi ta Zuberoatarrakaz alkartu egin bear gara-ta...! Eurak be, ordañez, gure zerbait artuko dabe...»
Baña noiz banandu giñan, ba? Nik beintzat beti izan dodaz anai... ta maite-maiteak izan be! Ala neuk ezer ez dakidala beste Vietnam bat sortu ete-da gure artean onela konpondu gura izateko?
Ni «H» orregaz ez adiskide naz, ez asarre, ez dodalako ezagutzen... Ta ezagutu ezik, nun sartuko dot, ba? Berba-aurrean?, erdian?, ostean? Berba bakoitzean sots eginda? Zelan arrano jakingo dot, ba?
Ezer jaritxi gura ba-dogu arlo onetan, ez litzake oba izango «H» orreri (ondo-ondo) esan... da erbestera jaurtzea?
Ez dago eskurik burura eroan bearrik, au esanagaz ez dot illargirik eskatzen-da...
Geuk be, beste guztiakaz bat egitearren, ez gendun, ba, erbestetu gure «J» zenbatu ezin leitekezan beste berbatan? Esate baterako, argija, ogija, zurija, txikija (berba egikeran, «J» ori «X» izatera biurtzen zan) eta gutxienez beste milla berba, onela idazten ziran. Orain, ez: beste guztiak argia, ogia, zuria, txikia idazten dabela? Ba, min artu arren, jo ostiko puntiaz «J» ori, ta bera barik geratu giñan...
Ez ete-da ori errezago izango nun sartu ez dakigun «H» pillo bat lepoan artzea baño? Erdeldunak be ez dabiltzaz ba, izki ori jaurti gurarik?
Orixe baño ez geunke biar! Arek bota, eta guk... sakua zabaldu!
Nik gauza bidezkoena gure euskeraren alde, idaztea deritxat; alde batera itxi naste-borraste orreik... eta idatzi, idatzi asko, idatzita dagoana irakurri be egiten da-ta. Baña euskereari oyalak kentzen asi baño ez gareala, esate baterako, arlo orretan edo antzerakoetan sartzen ba'gaituez, ez guk idatziko dogu (lengotan be ez da erraza-ta) ez eta iñortxok irakurri be.
Oneri buruz «referendum» bat izango balitz, ba-dakizue, ba, nire botoa: EZ!
SABIN
Ule luzeak dirala-ta. Xabier Gereño'ri idazki agiria
Aitatu zendun lez, «bat baño geiago arritu» gara «Zergaitik ez ule luzeak» irakurrita. Arritu ta mindu be bai, esandakoekaz.
Bakotxak bere eritxiak baditu, gurean aspalditik eurak agertzeko era ta erreztasun gitxi doguz, batez be aldizkarietan. Onexegaitik bein argitaratutekoan, utsune ori edozelan ezin geinke bete.
Dirudianez, gure oitura batzuk ez iatzuz atsegin; euren erruz «goaz bizitasun barik, gatz barik», ez dozu nai olan jarraituterik eta antza —txarto ulertu ezpadot— gure bizitasuna, ule luze edo gona-motza jazten dabenekan dagoala uste dozulako. Eurentzako dira zure goralmen eta eupada guztiak.
Ikusmiratuta, talde bitan banatutzen dozu erria; geinak «gizon masa», «kobardeak», eta besteak —ete da, ule-luzea edo gona-motza daroelako bakarrik— «personalidade andiagokoak», «nortasun berezi batekoak», «ez dira gizon masa», «ausartiagoak», «errespetagarriagoak», «indar eta kemen naikoagokoak».
Orra or, nondik eta nora, erakusten dauskuzun gizon baten doai bikaiñenetariko batzuk lortzen, ulea azten itxita.
Zertarako dira buruauste ta neke-miñak, ule-zapetan, ain eskuen, merke ta errez badogu nortasuna?
Aztu egin dozulakoan nago, erria osatzen dauan beste talde bat. Guztion bizikerantzat zer esan asko dauko berak, benetako barrizale edo barri sortzailleak dira. Oneik bai irabazten dabela txalo, eupada ta gure laguntasun indartsuena.
Gaur egunean, asko ta asko dira «gizon masa», edonor. Bizi-bide ori da errezena ta leunena. Ondo bizi danak, bere ondasunak jagon eta ugaritu. Indarra daukonak —ez eskubideak— oitura batzuk jarri; elburu batera bultzatu, adimena baztertuta, gogoramena lilluratu, antzututa gero ziarretara jarrita. Olan erreza da «gure bizikeran norma batzuk jarri», erreza eurei erru guztia botatea, eurak ontzat ez artzea, euren aurka jokatutea, baña... arren! ez egizu ikusi, gau illunean argituko gaituan argi bakarra «zapadunetan», ez. Kontuz! Oiek BARRI-ZALEKERIAK dira bakarrik. Orrein alde turuta jotzen badozu «norma batzuk jarri» dabezanak, irri-barrezka esango dabe: ona emen beste bat, geure aurka diarduarta, baña indarge, aldatz-bera doazenakaz batu da. Ez dau aurkitu, ez ezagutu benetako BARRI-ZALEAK: gizadi osoarentzat legamin direnetakorik, aldatz-gora doanik.
Errientzat argi-mutil izan gura badogu, artu daiguzan lenengo Argi osoaren printza batzuk. Urrengo ezagutu ta aztertu daigun Erria, ta alegindu gaitezan egizko elburu bat guztiontzat aukera-tzen.
Arlo onetan, artu daiguzan bide-lagun egizko ikurrinpean dabiltzanak. Aldi onen azkenean, bizi barri batera elduten gareanean arrotz aurkitu ez gaitezan.
Gugaitik ez dagiala esan iñok, arraintzale arek esana: «Nortzukaz goaz itxasora...»
Urrengorarte.
MENDIZABAL'tar JULEN
Ezagutu zure erria
Auxe bai erri ezaguna Bizkaia'n. Sestaotarrak oso iatorrak dira izan be. Erritarrak zelako, erria alako.
Nerbion ibai ertzean, Barakaldo ta Portalde (Portugalete'ri alan deritxoe nire errian) bitartean antxe dago Bizkai'ko erri langille ta biotzdun au.
San Pedroetan zenbat iantzaldi eder egingo ete dauste, beste aldi baten nik egiten nebanez.
Olantxe ezagutu neban Sestao, Sanpedroetan, umore aundiko erria. Ba zan aldi aretan soñu-banda on bat, gaur be ba dagolakoan nago. Zuzendari panpoxoa: txistera buruan, txokor ederra agoan, kalerik kale «aupa gazteak» eresia ioaz, ta gure oñetan iantza-gura sortuaz.
Aurtengo iaiak be, zorionean igaro daizuezala, zuen arteko batzu erbestean dozuezan arren, ez atzerarik egin. Folklorea alde batera itxita, beste zerbait orain.
Sestaotarrak zenbat? 1965'ean: 30.798. Gaur ainbat geiago.
Juan Delmas'ek, orain eun urte egindako liburu baten, 361 zirala orduan sestaotarrak diño.
Gaur Bilbo andiaren zati bat dogu Sestao.
Ba ete dago Sestao'n euskaldunik? Ara ba, egia esateko askorik ez. Len esandako orreitatik 500, gitxi goiti-beti. Asko ezta ez, baña ugaritzen doaz. Ba dago lana. Alan be dagozantxoak gogorrean ari dira. Ez amor emon, mutillak. «Kaiku» arraunlariak sendo iokatzen badabe, zuek ba dozue areik baño zer-galdu baliotsuagorik.
Sestao erri langillea dala esan dot. Ara zergaitik. Ementxe dagoz Bizkai'ko ta Euskalerriko lantokirik andienak. «Laba andi» (altos hornos) ospetsuak, inguru guztia ta goiko zerua be ango garrez gauero gorritzen da. «Balcock Wilcox», «General Eléctrica», «Aurrera», zemento fabrikak eta abar. Guztiak ezin esan.
Zenbat izerdi; zenbat buru auste, zenbat neke, zenbat bekoki tximur eta birao. Lana, gizonari dagokionez eratzen ezpada, mundu onetan, inpernua egiteko onena da. Zenbat bidebakokeri, zenbat gizon eta gazte zapaltze. Zenbat lan bidez ordaindu barik. Zenbat zauri ta odol. Ogeigarren gizaldian be Kristo zapaldua da.
Ainbeste larrialdi, zelan edo alan gozatzeko, ardaua ezta txarra. Au ondo dakienak, 140 taberna ta edari-etxe iarri dabez erri onetan.
Buruak antzututeko, iokabide bete-betea.
Zorionean, ba da itxartzalerik asko erri onetan. Eleiz-gizon txalogarriak bertokoak. Zenbat itzaldi ta egite eder zuzentasunaren alde. Oneik erakusten daben erlijiñoa ezta logarri bat. Txalogarriak bardin ainbeste gazte, neska ta mutil. Iainkoak kemena emon dagitzuela.
Erri onetan, non-ikasi onak dabez. Lantoki bakotxak, ba dau bere ikasleentzat ikastola. Bigarren mallako ikas-lekuak be ainbat dagoz. Erriko liburutegi bat be ba dago; ogei akademi inguru, ta euskera ikastola be bai. Gitxi gora-bera, 3.000 batxiller ikasle dagoz Sestao'n.
Sestao'ko gazteak iolasari buruz auzi larri bat dabe. Auzi oni erantzuteko klub barri bat sortu dabe oraintsu. Ba ziran lendik «Eusko lorak», «Lagun artea», «Kaikutarrak» eta abar, baña eziran naiko ainbeste premiñentzat. Lanera doazan andrazkoak, lanean dagozan bitartean arein umeak zaintzeko iru toki dagoz. Antxe zaintzen dabez, iaten emon be bai, uskeri baten truke. Ederra da auxe benetan. Gure baserrietako umeak olakorik iñoz eztabe ikusi. Alan ta be poztuten gara, onein onagaitik.
Ura dala-ta, gorriak ikusiak dira Sestao'n. Zenbat alperreko itxarote ta alkar-iote, terrin bete ur artzeko. Amaitu zan ori, eskerrak. Oxin andi bat egin dabe erri-agintariak, eta orain an batzen da, urterako bear daben beste ur. Lan ederra.
Beste erri askotan lez, emen be, etxegilleak edozertan diardue: non edo an, sartu ta sartu, pillatu jenteak; gero gerokoak. Etxegilleak, eder-egille barik, eder-galtzaille doguz gure Errian. Egunen bat etorri datorrenean...
Sestao beti dago ketan. Ainbeste lantoki egiteko dirua dagoanean, zergaitik eztabe aberatsak ezer egin gure loi ori kentzeko? Ba dira ba, orain, keiak eta sundeak desegiteko bide batzu, guztion osasun eta garbitasunerako. Dirua pillatzea ete da ba guztia. Lantoki iaubeak Neguri bat ezpalebe, ori, oraingo eginda egoan, baña aberatsak beti txepetxarena: atzeko atetik iges. «Populorum progressio» —ertzak urrez— liburutegian pillatu, ta «gora neu iauna».
Oneixek dozuz Sestao'ko barri batzu. Guztia nok daki?
Euskaldun nazan aldetik, ezin oni azkenik emon eskari bat egin barik. Bizkai'ko erri guztietako abadeak, erdera egiteko agindua dabe, eleizkizunetan, erdaldun bat egon daitekela-ta. Sestao'ko 500 euskalduntxoak, ez al dabe merezi euskerazko mezatxo bat be? Nik dakidanez eztago olakorik. Bear bada laster. Txarto-txarto be elitzake egongo ba.
Salatari