ANAITASUNA

8

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.

IDAZTI 1967-ko IRAILLAREN 23-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.

Zuzendaritza ta Banakola

Irala, 8 — Bilbao-12

D. L.: BI 1.753-1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Eliezer Ben Yehuda. Idazle eta Jakintsu (II)

Zubeldia'tar Iñaki

Ben Yehuda'k ez eban hebreo izkuntza berbiztu bakarrik egin. Judutarren literaturak eta amaika eta amaika berba barriak Eliezerri zor deutsoe bizia. Jerusalen'era eldu bezain laster Israel guztian hebreoa zabaltzen asi zan.

Berak Viena'n egindako deiari erantzunaz gazte asko joan ziran Israel'era, ta Eliezerren izkuntza ikasi eben. Gazte oneek uri barri bat sortu eben Rishón Le Sión izenagaz, ta uri au izan zan gero hebreo-zaletasunean beti aurretik joan zana. Ben Yehuda'k oso lagun ebazan Rishón Le Sión'go aberritar gazteak. Euren animoagaz aldizkari bat atara eban dana hebreoz. Gogoan artu daigun ondiño hebreoa berpiztu barik egoala, ta ia iñok ez ebala ulertuten. Alan da guztiz be Eliezer ez da bildurtuten. Lenengoan 160 ale atara ebazan. Gero geiago apurka apurka.

Aldizkari onek lur jo eian Turkia'ko Gobernuak egiñalak egiten ebazan, baimena kenduaz, inpuestoak kobratuaz eta beste era askotara, ze judutarren askatasuna emendik etorri eitekeala ikusten eban-da. Baiña dana alperrik. Eliezerren gurarien iraupena eta indarra burdiña baiño askoz be gogorragoa zan. Estualdiak eta larritasunak pasatea eguneroko ogia lez biurtu jakon. Batean dirua falta irarkolako moldeak ordainduteko edo paperaren zorrak gitxiagotzeko. Bestean Jerusalen'en egozan Turkia'ko agintariak kontuz ibilteko esaten eutsoela askatasun-usaiñik bariko berbak ibilliaz, kartzelako illuna eta bakartasuna probatu gura ezpaebazan. Bein kartzelan be sartu eben, baiña barriz laster urteteko. Eliezer Ben Yehudak berak bakarrik jakingo dau zenbat neke, min, estuasun eta bildur pasa dituan aldizkaria aurrera eroateko. Baiña azkenean aldizkari aundia eta ederra egin eban, munduan izan dan lenengo aldizkaria hebreoz. Aolan Israel'go judutarrak euren izkuntzan irakurten eben amabostero. Gure gazte kementsuak zenbaki bakotxean berba barriak argitaratzen ebazan, erriak apurka-apurka ikasi eiazan.

Berba barriak?, esango dozue. Bai. Elie zer berba barriak sortzen eta galduta egozanak argira ataraten ari zan. Iztegi bat egiteko asmotan ebillen, eta berba barri asko idoro ebazan antxiñako liburuetan. Onetarako Londreseko British Museum, Berlin, Paris, Mosku eta beste uri askoetako liburutegiak ikusmiratu ebazan. Liburutegi bakotxetik millaka eta millaka papertxo idatziak ataratzen ebazan berba barrien esangurakaz. Bere etxean be amaika antxiñako liburu ba eukazan, ta egun osoa liburu orreek irakurriaz pasaten eban. Egunean amazortzi eta emeretzi ordu igaroten ebazan berba galduak billatzen eta barriak sortzen. Azkenerako begiak eta burua nekaturik eta gorputza lertuta amaituten eban.

Aldizkariaren biarragaz batera iztegiarena eroaten eban. Andreak lan asko egiten eutson. Eliezer eta bere andrea bat etortzen ziran gauza guztietan. Ondo alkartuta bizi ziran, eta bere eginbearretan be alkarri lana arintzen eutsoen. Eskerrak andreari, eta au egia da. Osteratzean Ben Yehuda'k ez eban egin-ebanaren erdirik be egingo. Eta gai onetan andra biak izan ziran ikusgarriak: lenengo Debora ta gero Pola bere aiztea. Zelako bizitza gogorra artu eben eurentzat Eliezer eta bere idealismoagaitik. Euskal andreen artean olakorik asko balego!...

Ta azkenean iztegia atara eban. Baiñan ze iztegia! Amasei liburuetan zatitua, ta liburu bakotxa 400 orrialdekoa. Jakintsu guztiek esan ebenez balio aundiko iztegia eta mundu au baiño borondate aundiagoa eukan gizon batek egin leikeana zan. Iztegi sakona, ederra eta jakinduriz betea Ben Yehuda'k argitaratu ebana.

Eta orain gaurko egunetara begiratu daigun. Israel'en ia danak hebreoz berba egiten dabe, eta idatzi be bardin. Igazko Nobel Saria Literatura'n bi judutarrek irabazi eben: Nelly Sachs andreak eta Joseph Agnon gizonak. Nelly Sachs Suezia'n bizi da ta hebreoz ez dau idazten, baiño judutarren problemari buruz idazten dau. Joseph Agnon, barriz, judutarra da burutik oiñetaraiño. Hebreoa besterik ez daki, ta dana hebreoz idazten dau. Ta orain dala gitxi arte bi milla urtetan lo egon dan hebreoz idazten dauan gizon onek irabazi dau Nobel Saria Literatura'n. Benetan goragarriak Eliezer eta bere jarraitzailleak. Anai euskaldunok, itxartu gaitezan judutarren erakuspen ederra ikusiaz. Naiz-ta emendik berrogei urtera izan, euskal-idazle batek Nobel Saria irabaziko ba-leu, axe egun aundia izango litzake guztiontzat. Begiak zabalik, goazen euskaldunok aurrera, arnasea galdu barik.

OARRAK:

* Eliazer Ben Yehudari buruz argitaratu genduan I idazlanean (5-gn. zenbakia), bere jaiotza urtea oker agertu zan; 1958, 1858 ordez. Parkatu.

* Eliazer Ben Yehudari buruz idatzitako liburu on bat irakurri nai dauanak, aurkitu leike erderaz jarrita dagoan EL REBELDE DE JERUSALEN, Robert St. John-ena. Editorial Candelabro. Buenos Aires.


Erriz erri

Oba-Dima'tik

 Bagillaren 16'an ezkondu zan Mari Karmen Ibarra, ANAITASUNAren lankide jatorra, Jose Mari Badiolagaz, Dimako Oba erritxoan. ANAITASUNAk idazlan jakingarriak zor deutsoz Mari Karmeneri. Gaurko gaztediari ta eusko irakaskintzari buruz artikulu bikaiñak eskiñi deuskuz bere luma oparoak. Zorionak biori! Ta ez itxi lumea erdoitzen. Ezkonduaz, erantzukizun barri eta astunak artu izanarren, noizik bein bada be —sarri balitz, obeto— zure lan mamintsuak artuko doguzalakoan gagoz.

Matxitu'tik

Entzutea dodanez, Gernika inguruan Andra Mari jaiak, lenago, erri askotan ospatzen ziran; baiña azkenaldi ontan ez, Gernikan ospatzen diralako zaratatsu. Baiña ez da olan subertatzen Natxituko erritxoan; an sekulako jaiak egin dituez aurton be; antza dagonez, angotarrak ez deutse bildurrik Gernikarren konpetentziari; eta zertan euki be ez ganera.

Andra Mari egunez, San Rokez eta urrengo domekaz jai guztiz jatorrak eta erritarrak eratu ta moldau dituez ango gazteak.

Andra Mari egunean, goizean «zuriketa» dezente bat egin ondoren, arratsaldean ikusgarrizko partidu bat egon zan. Onen ostean, barriz, Gernikako «Elai-Alai» koak zoraturik jarri zituen natxitutar guztiak euren dantzakaz; zar eta gazte ez ziran nekatzen txaloak jotzen. Ta gabaz erromeria ta sekulakoa egon be.

Urrengo egunean, San Rokez, bertsolariak alaitu eben eguna; Muniategik eta Amurizak barre algara izugarriak sortu eragin zituen. Abogaua ta abadea alkarren pare bertso botatzen! Ikastunak biurtuko ete dira errira!

Ume koskorrak be majo jolastu ziran egun onetan arratsaldeko ume jokoakaz.

Ta azkenengo eguna, urrengo domekan. Andra Mariz eta San Rokez ondo igaro baziran egunak, urrengo domekan be ba zan makiña bat istillu Natxitu aldean: pelotariak zirala, bertsolariak be nastean egozala, astoak be txalmatu bearra egola...

Natxitutar gazteak agertu dabe, jaiak atonduten ez dirala eroak, eta adorea ta egin-naia dagozan bitartean, naiz Gernikan izan jaiak naiz beste edonun, atondu leitekezala politak eta erritarrak auzunerik eskasenean be.

Urtero legez aurton be bardin, Natxituko auzunean Andra Mariak pasau dituez girorik ederrenean. Dezente xamar guzti-guztiak gero ta jan ta edanean. Zelan igaro ez jaiak ederto munduko erri onenean.

Aranburu'tar Joseba Andoni

Gazteiz'tik

«Gazteiz», Arabako uriburuan argitaratzen dan aldizkariaren azkenengo zenbakia eskuratu jaku. Zenbaki berezia atara dabe, Edurretako Andra Mari, Ama Birjiña Zuriaren jaiak dirala-ta.

Zuzendari ta argitaratzaille, Jose Maria Sedano jaunak —egunkari ta irratian ain ezaguna danak— ale eder bat atara dau, argazki ugariz, alkar izketa jakingarriak ospe andiko izenpean dirala, gure anai Araba probintziari buruz kondairako kritika-lan egokiakaz.

«Gazteiz» aldizkariak X urtea bete dau, eta bere orrietan euskerea be agertu jaku. Orregaitik poztuten gara batez be, ta urrengoetan be orrelantxe izatea gura geunke.

Araba, orain 50 urte —gaur ba dira bertan erri euskaldunak— izkuntza bigaz bizi zan, euskerea ta erderea. Danon artean, Arabako lurralde jatorretara euskerea biurtzea lortu bear dogu.

ANAITASUNAk biotzez emoten deutsoz zorionak GAZTEIZeri. Batez be, zorionak Sedano jaun lagunari, jaietako ale berezia ain dotore ta eder argitaratu daualako.

Txorierri'tik

Bizkaian be egongo dira, baten batzuk beintzat, Txorierri non dagoan ez dakienak. Txorierri, ez da erri bat, erri-pillo bat baiño. Txorierriko erriak oneitxek dira: Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Asu, Luju, Erandio eta Lejona.

Txorierrin —eta non ez?— gauza pozgarriak eta tristeak pasaten dira.

Eta gaur penagarri bat kontau bear dot. Nai ta erririk ez aipatu.

Ondiño oraintsu, Txorierriko toki baten jaiak izan ziran. Joan giñan eta altabozetik dana erdera utsez. Nire lagun bat joan jaken esaten, ia euskeraz zegaitik ez eben egiten. Baiña, Txorierriko guardazebillako sarjentoa an egoala ta, ezin egin eitekela. Baiña, ia galerazo egin baeban. Eta ezetz, baiña...

Arein esanak entzunda, inpernutik urtendako otso amorratu bat ete zan pentsa eban. Dana dala, egiten ezpaeban, ANAITASUNA-ra, TXISTULARI-ra eta Z. ARGIA-ra parte emongo ebala esan eutsen nire lagunak. Baiña dana alperrik.

Jota dantza txapelketa bat egin bear zan, eta dantzariei zer pasetan zan esan eta eurak zelan gura eben bietara berba egitea agertu eutsoen organizaziñokoei. Baiña ori be alper alperrikoa.

Azkenerako, altabozetik izenak esan ostean, pareja bat izan ezik —dantzarietan be danetarikoak dagoz—, dantzarik ez egitea erabagi eben. Eta orduan, beste eskapatoriarik ez euken-da, naita euren borondatearen kontra —au argi dagola uste dot—, euskeraz egin zan.

Baiña eurak aipatutako sarjentoa an egon zan bakean; eta nik dakidanik beintzat, iñori kalterik egin barik.

Gero esaten eben sarjentoa. Eurak ete ziran? Edo eurak sortutakoren bat ametsetan...

Gero nire lagunari, ba dakit, au ta bestea esaten ibilli ziran, konprendidu gengiala zelan ebillan gauzea, eta mesedez, ez egiala orren barririk iñora bialdu. Antza dagoanez, eurak be igarri eutsoen guztiz ondo portatu ez zirana.

Eta orregaitik, nire lagun ori guzurtitzat ez ixtearren eta eurak be personalmentean ez mindutearren, erririk ez noa esatera.

Orain arte, emen ANAITASUNA-n Txorierriko barri andirik ez dogu ikusi. Ia ba, emendik aurrera, sarriago ikusten dogun. Ia gazteak!

Ez pentseu gero, irakurleok, Txorierriko gaztedia onelakoa danik. Esan doguzan orreik be, egun orretan itsututa egon ziralako egingo eben.

Txorierritarrak euren Txorierri, Bizkaia, Euskalerria eta Europa biotz-biotzetik maite dabenak dira.

Erramon Gerrikagoitia

«Txori erri»-ren negar-abestia

Udaberrian kaiolan sartzen dituen txoriak ikusi dodaz. Penagarria. Munduan zear erri txiki asko dira udabarria somatzen asiak... odei baltz aundiak be or izanarren.

Aprikako erri menperatuen askatasuna, era guztietako izkuntza ta kulturen indar barria, ONU'ko Deklaraziñoak, Eleiz Batzarraren berbak, norbere eskubide ta nortasunaren kontzientzi biztua... udabarriko ezaugarriak erri askorentzat.

Baiña gure txoria... udabarria eta kaiolara. Bein euskaldun ameslari batek «Txorierri» deitu eutson orain txoriak eta erriak ostendu diran ballada eder bateri: Lejona, Erandio, Luju, Larrondo, Derio, Zamudio, Lezama, Larrabetzu...

Orain beste gauza bat da. Or datorku Bilbo-Aundia, bela baltzaren antzera txori txikien billa. «El Gran Bilbao». Ba datoz etxe aundiak, autobusak; ba dator zaratea, keia, dirua, etorkizuna... Baiña txoriak kaiolan sartzen ditue eta baita be... erriak.

Erri bakotxak bere edertasunak daukoz, diruaz ezin neurtu leitekezanak.

Sondikak, Zamudiok, Deriok... «Txori erriek» euren erritasuna euki dabe, euren izkuntza, euren oiturak, euren istoria. Euki dabe zeozer eurena munduari emoteko, mundua eder egiteko.

Baiña orain ezta entzuten emengo txorien abestirik. Zer jazoten da? Kanpo-txorien iskanbillak ixillerazo gaitu? Neurri bako inmigraziñoari ateak zabalik. Nor ipiñi dogu ateak zaintzeko? Gure txoriari ekarri deutsen urregorrizko kaioleak ete dauko ba errua? Kapitalismoak urrea emon eta arimea kentzen deusku, «kulturea» emon eta nortasuna kendu.

Ala gure txoria ete da erru geien daukona? Kaiolako «alpistea» ona eritxi eta urten gura ez. Kaiolako alpisteagaitik askatasuna galtzen dozun txoria, eztozu merezi txori izaterik.

Txorierri, zeuk galdu bear dozu zure izena!

***

Dei bat udabarrian egatan dabiltzan txori guztientzat, erri guztientzat... «Txorierri»-ren negar-abestia.

Jesus Naberan


Ikusten eta ikasten

joan mari torrealday

Egoera bat

Ni ondo

Zu ondo

Bera ondo

Gu txarto

Zuek txarto

Areek txarto

Deklinaziño barriren bat ete da?

Barria? Kia! Zoritxarrez ez da barria. Nik, beintzat, beti ezagutu dot alan. Esan leiteke, euskaldunon gaixotasuna dala.

Gutariko bakoitxa, bakoitxari aparte begiratuta, ederto-edo ari dala bierrean esan geinke. Gauza politak egiten ditu, ta ondo egin be. Ondo dabil. Ondo zabiltz. Ondo nabil.

Baiña ez gara konturatu oraindiño, bakoitxa bere aldetik joanik, ez daitekela orretara gaurko munduan aurreratu? Ez jaku, antza, Euskalerriaren bizitza ardura, geurea baiño. Batasuna dogu bearrezko. Erri lez, gaiñera, bizitzeko baldinkizun, kondiziño, jaku diñogun alkartasun ori.

Ta ain zuzen, orixe da falta jakuna.

Zer gertatzen da ekipoan lanean asteko orduan? Konpondu-eziña, ikusi-eziña, batu-eziña, alkartu-eziña. Au dana, ta geiago. Ara: neiko aldizkari (txiki ta ez ain txiki) dago Euskalerrian... Batak bestereakin eztauko zer-ikusirik. Ori da egia. Bizkaia emen dago, Gipuzkoa an, Lapurdi arantzago... Ba daukogu alkarren ezagutzerik? Aberatsak ba dagoz Euskalerrian (txarto ezpanago)... Euskalerriaren alde zer egin bear be bai (txarto ezpanago)... Egiten dabe ezer?

Auxe da gure egoera.

Diñotana: Batasuna ta alkartasuna bagenduz, orain daukogun apurragaz be asko lortuko geunke. Gure Euskalerriak beste itxura bat eukiko leuke, ez agoniakoa.

Ni ortan nago.

Bai batak eta bai besteak

Gaur berba asko egiten da, bataren alde edo bestearen aurka. Pontu batzuetan suertez dabiltz, azken-urteotan, emakumeak, eritxiak euren alde doaz-ta. Danon bardintasuna aldarrikatzean, esaterako.

Danon bardintasuna. Ta ez oraiñarte lez. Adibide bat jarriko dot, agergarritzat: Neskaren batek birjintasuna galtzen ba-eban, nogaz ezkondu eitekean gizajia gero? Ta, ostera, mutil gazteentzat libre zan —ta ez ain txarto ikusia— emagaldueri bisitatxoren bat egitea. (Maitasunaren eskabideak izaki, segurutik!) Olako neskea dala ta ez dala, erri osoa mar-mar. Gizona balitz: mutik. Gizonaren deretxoak! Zeozergaitik gozak gizonezkoak, ez ala?

Gizonezkoen artean uste ta eritxi au zabaldurik egoala ba nekian. Uste enebana zan emakumezkoen artean be olan eitekeanik.

Italia'n egin eutsen itaun au 500 gazteri, mutil ta neska:

Andrazkoari ezkontzeko birjintasuna eskatzen jakon ezkero, ia gizonezkoeri be eskatu bearko ete litzakien. Auxe zan itauna.

Ara erantzunak:

Baietza, 104 mutillek eta 90 neskek erantzun eben.

Ezetz, ez jakela eskatu bear, 144 mutillek eta 122 neskek. Gaiñerakoak ez eben erantzun, edo ez euken eritxirik orretan.

Siñistu!

Andrakaz gagozan ezkero, beste adibide bat be esan bear dogu. Euren alde. Emakumearen promoziñoa dala-ta, androk munduan artuten doazen garrantzia ezin leiteke ukatu. Dudarik eztago: Kontzilioak asko lagundu deutso pontu onetan emakumeari.

Baiña, Foru'n, orretarako, ez da Kontzilioaren bearrizanik izan. Bost urte dirala dogu emen andra bat aguazil. Gero, telebisiñoa, tabar, eztakit nun Senadukoa egin dabela andra bat-eta, ibilliko dira! Ze demoniño! Antzik ba ete dauko, gero, Senadukoa izateak Foru'ko aguazil izateagaz? Senadukoak eztauko porrarik be!

Irakurri dozue oingorako egunerokoetan, Gipuzkoa'ko periodikuetan be agertu da-ta. Diñotanez, andra bat, Juana Bastarretxea, da Foru erriko aguazilla. Bost urte eginkizun orretan eroanaz be, ez ei dau iñor kartzelara eroan bearrik izan. Alan da ze, sitsak dira kartzelan nagusi... Ori da forutarren suertea! Baiña, ez deskuidatzeko, diño gure aguazillak. Kontuz, forutarrak, badaezpadan be!

Gure aguazillak diñonez, bere asarrealdi bakarrak umien amakaz izan dauz, umiori barrabaskerien bategaitik errierta egin deutsela-ta. Ez da burukomin askorik aguazil batentzako. Ori balitz inguruetako aguazillen problema ta biotz-miñik andiena, ofizio orretarako eskabideak ugarituko litzakez, bai. Edo ostantzean, problemarik ez daien euki, Foru'n lez, andrak imiñi bear. Ez ala? Orretara, ez litzake, bearbada, problemarik egongo, baiña, beintzat, berba-otsa entzungo geunke bazterretan! Ez dakit zein litzaken obea.

Foru'ko gure aguazillari ikustalditxoren bat egin gura ba-deutsazue, ba dakizue Foru nun dagon.


Alemaniatik

• Alemania krisi zorrotz batean dagola gauza ezaguna dogu. Ori dala-ta Armadaren kastuak gitxiagotutea erabagi dau orain Alemaniako gobernuak. Soldadu gitxiago, soldadutza laburragoa, eta airearman batez be, arma ikaragarri karu orreekaz kontu geiago. Ori da alemaniar agintarien asmoa. Alan be, ezin esan leiteke alemaniarrak asmo orrekaz poztu egin direanik. Errusiaren bildur ikaragarri bat dago emen.

• Nazioarteko prolema bat da au, ze Alemaniako tropa danak OTAN-en indarretako parte dira. Amerikak, ba, arpegi illuna ipiñi ei dau, oraindiño ezez garbirik esan ez badau be. McNamarak Bonnera egin bear eban ikustaldia atzeratu egin dau. Bestetik, amerikanoak eta inglesak beren OTAN-go tropa talde batzuek emendik etxeratu ebezanean iruren arteko akorduagaz egin eben, eta orain Alemaniak be bardin egin bearko dau.

• Dinamarkako zozialdemokraten aldizkari «Aktuell»-ek diñonez, au guztia mirari bat lez da: komunista aldeko Estaduekaz egoan ezinikusia berealakoan asi iaku bigunduten. Orain Armada be gitxiagotu gura dabe. Kiesingerek karta bat idatzi deutso Stoph Alemania komunistako ministro lendakariari. Onek guztiak zerbait esan gura dau: mirari bategaitik lez, alemaniarrak euren bildur itzela apur bat galduten asi dira. Baiña zerbait besterik be esan gura deusku: orain arte Alemaniak ez dauala bere politikarik egin ahal izan, amerikanoen morroin bat izan dala. Eta orain, apurtxo bat beintzat, bere bidea egin gura leuke.

Alan be Ulbrichtek bein eta berriro erasoten deutsa Alemania federalari. Oso gogor egin dau berba Rostockeko berbaldian: Bonndarrak indartsuago daukoe zantzoa, obratutea baiño —esan dau.

• Alemania-ko protestanteak laguntziño andia emoten dagoz Sortalde Urbilleko igesegindakoeri. Orain arte, batez be, Joardaniari lagundu deutsoe. 3.000 personentzako kanpaiñatxabolak eroan eta altxau dabez, ta 22 tonelada umeendako janari Ammanera trasportau. Katolikoak be lagundu dabe. Ta laguntziño onetan telebixta, gobernua ta erakunde asko dagoz baturik.

• Interes bizi bategaz jarraituten dabez alemaniarrak ego-Tiroleko goraberak. Batez be orain, Moro, Fanfani eta Nenni erri-ministro Tavrianigaz eta justiziaministro Realegaz auzi onen ganean berba egiteko alkartu diranean. Italiak Austriaren kontra protestatu dau, austriar soldaduek Cima Valconan italiar muga pasau ebelako. Austriako atzerriministro Toncicek agindu dau «liburu zuri» bat agertutea, ego-Tiroleko terroristeri lagunduten ez deutsela garbituteko. Ikusiko dogu nork sinistuten dauan liburu zuri au.

• Alemania-ko periodikoek diñoenez Mallorca-ko taxistak asarre batean dagoz aurtengo udan. Turistak ez dabe dirua arrika bota gura. Ganera, igazko urtean baiño turista gitxiago ikusi zan aurtengo maiatza artean Mallorca-n. Urtean urtean geiago ziran turistak, orain gitxituten asi ote dira? Esaten dabe alemanak: alajaiñe, karuegi biurtu dira Mallorcan hotelak eta bizitza! Ba da besterik be, ze Alemania krisian dabil, Inglaterrak dibixa kastua extutu dau, eta giroa be zantartxoa izan ei da aurten Mallorcan. Maiatza ezketiño turistak ugaritu dira ostera be, baiña dibixak ez dabe joandako urteetan lez korriduten. Alemaniar periodikoek Casta Blanca gomendatzen dabe. Valencia ta Alicante merkeago dira. Kartereari be begiratu egin bear iako.


Europatik zear

* Il onen (garilla) 8-an, Belgradon, Yugoslaviako Partidu komunistaren Ejekutiboko Sekretario Todorovicek ostera eraso deutsa Errusiari, somakarien eritxian. Beargiñek agintari ez baiño «aitaordekoek» gidatutako estaduez burla egiten eban, estadu burgesak kritikau ostean. Yugoslaviak lenago be askotan bota deutsa Errusiari estatismo akusaziñoa. Azkenaldian, alan be, bakean egozala esan eitekean. Baiña orain, alde batetik Tito Errusiagaz adiskidetutenago dabillela sekula baiño dirudi, Sortalde Urbilleko goraberak dirala-ta, baiña bestetik Grvenkovski mazedoniar Alderdi komunistaren buruzagiak betiko arian jarraituten dau, estadu komunista batzuen deformaziñoak salatuten, eta Todorovicek be aspaldiko leloak barritu deuskuz. Zerbait dabil gortinaren atzetik.

* Boris Pankin, Mozkuko «Konsomolskaja Prawda» (7 milloi irakurle) egunerokoaren idazkaritza zuzendaria ankaz gora bota dabe bere periodikotik. Onek argitara eban artikulo batek min emon deutso Komunista Alderdiko zenbaiteri: Teatroaren askatasuna eskatuten eban, Teatroa gobernuaren zentsuratik libre ixteko. (Teatroaren responsableak komunista direla ta orren zentsura naiko dala esaten eban.) Zuzendari barria sartun danean esan dau onek, Boris Pankinek eskatuten ebanak arteari kalte egiten deutsola, ze, arteak Alderdi Komunistagaz ixtu ixtu bateginda egon bear dauala. Ze, teatro idazlea kultura sortuten dauana dala, eta Partiduaren Organuak direla kultura banatuteko Organu izendatuak. Boris Pankinek, au ondo jakinda be, sensazionalista izan gura dauala.

* Alemania komunistak eskandinabiar estaduekaz artuemonak asi gura dauz, bai politikan bai salerosketan, eta lortuko dauala dirudi.

* Domodedowoko airpertuan egin dan Paradan argi erakutsi dau Mozkuk zelako aurrerapenak egin dabezan airoplano kontuan. Arriturik geratu dira danak arekaz. Au izan da Mozkuko 21'garren aireparada. Eundaka milla egozan begira. Lehenago be nazioarteko tensiño momentuetan bein baiño geiagotan egin dauz olakoxe Parada ikusgarri ta bildurgarriak. Politikan, arma bat biurtu iaku bildurra.

* Ungarian lanasteak 44 ordu eukiko ditu emetik aurrera, (au da Paradarik pozgarriena), eta ez 48, orain arte lez, MTI albixte ajenziak argitu dauanez. Lege au astiro astiro sartuko da, urte baten luzean.

* Pragan beste idazle bat auzipetu dabe. Txekoslobakian idazle Jan Benes, 6 illabete espetxean egon dana. Gobernuak ez dau oraindiño zein gaiztakeria salatuten iakon agertu. Il onen asikeran idazleen 4'garren Biltzarra zala-ta, Alderdi komunista eta idazle alkartasuna alkarri musturka ibilli dira.

* Ostera be aire txarrak astindurik dabil Korea. Bien erdiko mugan tiroteoak izan ei dira, eta kulpak, beti lez, batak besteari botaten deutseze.

* Rumania be sartalderantza makurtuten asia dogu nunbait. Alemania komunistak traidore ta olako lore asko esan deutsozan arren, Alemania federalagaz artuemonetan sartu da. Enbajadak eta edegi dabez, salerosketa tratuak erabagi, eta bitartean emengo (Alemaniako) kale danak Rumaniako turismo paperen koloreek udabarria koloretuago deuskue.

Jose Azurmendi


Euskal Abadegai-etxea

Amets zoro bat? Berezko eskubide bat? Ez gara erri bat? Bai baña...; beti bardin, betiko bai baña... Ez dago bai baña. Edo erri bat ondoren guztiekaz: Euskal Ikastetxe Nagusia, Euskal Abadegaitegia, ta ab. ta ab. edo sasi-erri bat: teoriz euskalduna, jakintza ta izatez gazteleratua. Tamalez, gaur jazoten dana. Abadegaitegi ederrak daukaguz euskal lur gañean, baña oso txiroak; oso txiroak euskal baloreai begira, gure izateari begira, gure izkuntzari begira. Oizpean ikastetxe bat egonarren, ezin dogu esan euskalduna dala, Euskalerrian dagola baño.

Euskal Abadegaitegia: Gauza ederra, baña... Gaur Euskalerria iltera badoa, biar ilda egongo da. Ez, ez da amets zoro bat. Enaz ni bakarrik orretan nagona. Abadegai-talde baten ametsa da; geroago ta geiago indar artzen doan bearrizan bat.

Flamenkoak ez gara, Katalandarrak ez gara. Zugaz batera. Gure izatea ez da eurena, baña gure jokabidea, gaur, elitzake bardiña izan bear, gauza batzuetan beintzat? Zuk erantzun egizu. Katalanak ta flamenkoak ezetarako ez dabe balio, naiz diru irabazteko (gauza batzuetan bai) naiz ospetsuak izateko gaurko munduan. Baña oneik ez dabe baztertu euren ama, kanpoko izkuntza bat arturik. Gure ama aldatuko dogu, bestea indartsuagoa dalako, pratikoagoa dalako? Ez.

Noz arte euskal abadegaiok (Derio, Donosti, Iruña, Baiona ta ab.) erdaldunekaz bizi garalako, ezin izango dogu gure euskal izateari koipe osoa atara? Bananduta ezin bada, beste bide bat pentsau bear... Nire ustez, kaltegarriena da, gaur erabilten dan sasi-kristiñau batasun ori: garrantzitsuena da («jakintsuen» eritxiz) alkar kristiñau maitasuna, sinismena ta Jainkoaren grazia. Ori dok batasunaren 90 %. Eta izkuntza bat edo bestea erabiltea, ori ez da lelokeri bat baño: 10 %. Eta gaztelera danok aituten dogun lez...

Asmo txiro ta txiki onek ez dira sortu erdaldunei gorrotoagandik, zorakeri bategandik be ez; gure nortasunak ta erriaren etorkizunak diñoste, «Euskal Artzain Larra» albait ariñen bear dogula eta ona eltzeko, gaur, Euskal Abadegaitegia deritxot bide egokiena, eta Abadegaitegiko buru ta zuzendari, abadeak eta abadegaiak aukeratuak. Gaur non artzen da, teoriz, «Euskal Artzainlanetarako» ikas-bidea? Abadegaitegian? Ez dot uste. Madrilletik agintzen dabena, ori dok garrantzitsuena. Hebreo ikasi bear dala? Hebreo ikasi bear da. Eta euskaldunen arazoak «politikoak» diran lez... eta Eleizeak «politikan» eztaukonez sartzerik...

Madrill oso urrun dago, kilometroz ez bada, izatez eta biotzez, eta onelako trokak, gogorrak dira gero. Euskalerriko eleiz-agintariak (nagusiak batez be) latino-gaztelar-danamenpean gogoa agertzen dabe euren pentsakera ta bizikeran. Ba dagoz gure Abadegaitegietan latin izkuntzaren eriotza negartzen dabenak; euskera, dagonik be ez... Ez dakigu ezer euskal intelektualetzaz. Eta ba dagoz gure artean «euskal humanismoaren» antzeko bat sortu edo argitu egin dabenak (idazlari, politika-gizonak, artistak ta ab.).

Nik onartuko neuke sistema bat, buru ta zuzendariak errikoak balira, erri-maitasuna jokabidearen akullua eta erri baten «minoria elduta» entzuteaz, baña iru gauza oneik, buztena be eztabe agertzen. Sistema bera (ez bakarrik uts batzuk) aritik kanpora dabillela uste dot.

Euskal Abadegaitegia ez da gu, euskaldunok, euskal gizarteari begira bakarrik bizitzeko. Ez da erlijiñozko separatismoa. Gaur, euskal gizonari serbitzeko eta kanpotik etorri danari eta Europatik datorren aire barria onartzeko, euskal Abadegaitegia era egokiena deritxot. ATZOKO AMETSA, GAURKO EKINTZA.

Bitor Egurrola


Beste eritxi bat

Kamiñazpi, ANAITASUNAREN 7'garren alean Zelayeta euskal idazleagaz sartzen da eta sartze onek eragiten nau erantzun auxe bialtzera.

Neure eritxi apal onek gura dau gauzak aztertzea beste barik. Eritxi onen arauz Kamiñazpiren «Bilbo Egaleko Kontuak» ustekeri bat da.

«Igalietatik ezagutuko dozue zugatza» Jesukristok esan eban eta Kamiñazpik gomutarazo.

Nik, Zelayetagaz ez dot iñoiz berbarik egin, baiña Zelayetaren igali batzuk ikusi dodaz ostera eta ain zuzenbere igali onak izan dira.

Gañera, Zelayetak beste idazlan geiago daukoz, danak onak eta Kamiñazpik irakurtzeko eran. Baiña alan da bere idazlan bategaitik bakarrik ebatzi gura dau.

Egun batean Zelayetak aitatu eban gertaera bat «Emakume Amorostua» izenpean. Gertaera edo ipuiña ez dakit ete dan baiña niretzat gauzak argi eta garbi dagoz idazlan orretan eta gai ori emakume beartsu baten ezkontzea da.

Ezkontze au Kamiñazpiren eritxiz sasi-ezkontze bat zan. Benetan, lege utsez begiratu ezkero sasi-alkartze bat izango da baiña Jainkoaren eritxian ez, ez orixe. Ba-dakizue legea gauza bat dala eta legearen espiritua beste bat.

Nire uste apalean emen dago Kamiñazpiren okerrunea. Ba, Eleizak ez dauz ezkontzen gizon-andrak. Eleizak gizon-andraren alkarte bidezkoak bedeinkatzen ditu bakarrik. Beraz, ezkontze bidezko bat egiteko ez da bear abaderik, ezkongaiak une larritsu baten ba-dagoz.

Beste oker bat zuzendu bear da. Norbait pekatu aztunean ba-dago, kristau zintzo baten lenengo eginbearra da pekataria arrisku orretatik ataratzea, pekatariari biderdira urtenda, bear bada. Ori da Eleizak agintzen dauana.

Abade on batek bere eleiztar guztien gora berak jakinda, aitatu dogun eskandalua etzan gertatuko.

Beste oker andi bat zuzendu bear da Zelayeta euskal idazleari eskerrak emonaz «Amorostua» itz barriagaitik.

Parkatu, Zelayeta abade agurgarria, zuriketa au naiko egokia ez bada. Erri-gizon batena da, mutil zar batena.

Eta bide batez onu bat. Zinerik ez emon zure eleiztarrei. Zine barri bat jasotzea aitatu zendun egun batean eta nire ustez zinea baiño gauz obeagoak asko dagoz zure eleiztarrei eskeintzeko.

S. Larrea


Euskerazaleak. Euskera erabilte aldeko alkartasuna

EUSKERAZALEAK, euskerea erabilte aldeko alkartasuna sortu dala, pozik jakin dogu ANAITASUNAn idazten dogunok. Orixe da izan be gure aldizkariaren zeregin nagusien bat, euskerea zabaldu Bizkaian.

Emen argitaratzen dogu BEIN BEIÑEKO BATZORDE ARTEZKARIAK idatzi dauan agiria, ALKARTASUN au eraiki dabenen izenak berton dirala. Gure izkuntzaren alde gogoz eta biotzez saiatu izan dirala autortu bearra dago.

***

Euskerazaleak. Euskera erabilte aldeko alkartasuna

Mundu zabaleko Unibersidade askotan Euskera irakasteko tokiak sortzen ditue, antxiñetako kultura ondasun bizia ta baliotsua dalako. Gure errian, ostera, ainbat gizalditan bizirik iraun dauan arren, euskerea, berbeta bizi lez, galtzeko arriskuan daukagu.

Gorabeera ezegokiak kalte aundia egiten deutse, baiña gure zabarkeriak be bai, euskerea zainduteko iñor baiño beartuagoak garean arren.

Gauza ain ederra galtzen lagatea dan obena, gure ondorengoak salatu ez dagiskuen, gure laguntasuna eskeiñi nai deutsegu, euskerearen aldeko lanean jo ta ke leendik diarduenei.

Orretarako sortu da EUSKERAZALEAK, EUSKEREA ERABILTE ALDEKO ALKARTASUNA, ez leendik diarduenen ordezkotzat geuk, al doguntxuan eurei laguntzeko baiño.

Alkartasun onetan, gure berbetearen alde egin gura daben guztiak batzandu nai gendukez, euskaldun izan ala ez.

Gure lan-asmuok onetxek dozuz:

a) Erri-agintariengandik eta Jakite-agintariengandik euskerearenganako begirapena ta laguntasuna lortuerazo, bai irakaskintzan, bai erri bizitzan.

b) Gure berbetea irakasteko tokiak geitu, ta orain orretan diarduenei lagundu.

c) Gure umeentzat, berbeta bitariko eskolak sortu ta sortu-erazo, eta dagozanei lagundu.

d) Euskera ikasteko metodu barriraztuak eta egokiak argitaratzea lortu; ta beste ikasgai egoki guztiak be bai.

e) Irakasle barriak bear dan lez gertuteko laguntasuna eskeiñi, irakasle egokien premiña aundia dagoalako.

f) Euskal-kultura aldeko joera guztiei indar emon: itzaldiak, teatru-jaiak, zine-erakusketak, literatura burrukak, liburuak, aldizkariak eta abar.

g) Eta orrez ganera, gure izkuntza maite au indar-barritzeko, legeen aruaez egin leitekean edozer egitea.

Egingarri direan asmo guztiak batu ta eginbidean jarri nai ditugu. Bidezko direan modu eta era guztiak erabilli nai gendukez, eta erriak laguntasuna ukatzen ez badeusku, alegiñak egingo ditugu orrelantxe jarduteko.

Gure asmuok aintzat artzen dituen guztiak sartuko ditugu gure artean, nor nor dan begira ibilli barik. Ori lortzeko, emen dozu bazkide izateko eskabide-txartela. Gura izan ezkero, bete, ta mesedez guri bialdu dagiskuzun.

Bilbon, 1967 garagarrillean.

BEIN BEIÑEKO BATZORDE ARTEZKARIA

Jesús de Oleaga; José M.ª Olaizola; Carlos González Echegaray; Julia Berrojalbiz; José A. Montiano; Castor de Uriarte; José de Ezpeleta; Adrián Celaya; Miguel A. Astiz; Juan Ramón Urquijo; Eusebio Erquiaga; Pernando de Zubizarreta; Jose M.ª Martín de Retana; Leopoldo Zugaza; José Luis Bengoa y Jesús Acha.

***

Ondo etorria, euskerea zaindu eta erabilteko ain bearrezko zan ALKARTASUN auxe. Ondore oparotsuenak nai deutseguz, euren borondate onenagaz lan onetan diardueneri.

ANAITASUNA uneoro EUSKERAZALEAK lagunakaz egongo da, bear dan laguntza eskiñiaz. Bizkai Erriak, bizkaitar euskaldunak, ba dauke orain zelan eta non agertu euren bearrizan, asmobide ta lanak.

EUSKERAZALEAK aurrera egin daiala nai dogu, guztion arnasa eta diru-laguntzeagaz. Alkartasun onen deia, endaren deia, agintari eta erakunde guztiekana eldu beite, euskerea zaindu ta indartzeko. Ez daitela izan alegin au, euskerea museogai lez jagoteko, izkuntza bizi bat egiteko baiño. Gizarteko artuemon guztietarako gai egin daigula gure euskerea.


Zugaz gelditzen naz

Arenaza Osalari jaunari

Eriotzeak bere agokadea iruntzi dau. Oraingoan urrekoa iruntzi be. Atsekabe latza, benetan, norbere sendi, auzo edo erritarren bat danean. Ta zelan ez atsekabetu, guztiok maite genduan txirrindularia izatean!

Penaz daukat biotza ta... pozik. Penaz, lagunaz ganera, kirolari on, gazte obe ta euskaldun jatorra joan yakulako; ta... pozik, beratzaz esan diranakaitik. Ago batez goraldu dabe gure txirrindularia, ez txirrindulari lez, gizon legez baiño. Nortasun aundiko mutilla zan, nunai onartua izateko erakoa. Jatorriz? Ba leiteke zati bat. Beste zati aundi bat, iñok ezarria.

Txirrindularitzan zuzendari asko izan zituan, baiña gizon bat bakarra: ARENAZA JOSU Osalaria. Zurea izan zan benetako zuzendaritza; zurea karrerarik baliotsuena erakustea, zurea, kirol guztien elburua.

Karrera orretan, nire erritarra zuzendu zenduan orreri, neure barruko eskerrik egizkoena, ta... Europa osoko zuzendari guztien artean, zeugaz gelditzen naz.

DEUNORO


Balentin Uriona'ri [Bertsoak]

Izen bardiñaz giñan Balentin

Muxikan bataiatuak,

Naiz ta urtien aldia euki

Maitasun baten lotuak.

Uste bagako zure eriotzak

Jarri gaitu banatuak

Ez dira errez zuriz jantziko

Itxi dituzun lutuak.

Txirrindulari aundia ziñan

Mundu zear ezaguna.

Pil pilka, goian ebillenian

Balentin zure izena

Orra gazterik nun eldu yatzun

Egitekoen azkena

Baña erriak ez dau aztuko

Bizitzan egin dozuna.

Dauphine Liberé, Milan, San Remon

Garaille urten zenduan.

Tafalla eta Solluben bardin

Txapeldun danen onduan,

Txirrindulari eta gizon lez

Aundia ziñan munduan,

Erriak oian autortuten dau

Eriotzako orduan.

Toki danetan agertzen zendun

Euskaldun biotz zabala.

Egikeretan aundia baña

Izatez oso apala.

Zeure zanetan beti ebillen

Gorroto bako odola,

Kirolarientzat zu izan zara

Egi bidezko arbola.

Gaztearentzat eredugarri

Pozgarri zarrarentzako.

Txikitxutatik beti zentzundun

Agertu zarealako.

Zure antzeko gazte sendoak

Bear dira errientzako

Injustizia baztertu eta

Kontzientziz agintzeko.

Maite zenduzan jaiotza lurra

Bere izkuntza, oiturak

Bildurrik baga autortuaz

Berak ditun gora berak.

Gaur gazte askok baldin balitu

Balentin, zure jokerak

Zenbat obeto izango leuke

Elbarri dagon Euskerak...

Euskaldun jaio, euskaldun azi

Euskotar jator bizitza.

Gizontasunez aundia ziñan

Oituretan aberatsa.

Irribarrezko aurpegi xamur

Urregorrizko biotza,

Erri osoak lutuz artu dau

Balentin, zure eriotza.

ENBEITA'tar BALENTIN - 1967


Enkartaziñoetako Txistularien II Txapelketa

- Guztiz ederto urten eban, gero ta geiagora doan Txapelketa onek.

- ANAITASUNA-k parte artu eban sariketa au eratzen.

- Bizente Aritzmendi, txapeldun.

Bengoa Zubizarreta'tar Joxe Koldobika

Enkartaziñoak

Enkartaziño alderdia euskal kultura ta oituretara itxartuten dator. Iru urtetik onantz, zaletasun bero bat asmetan da euskera ikasteko, txistularien txapelketak ospatzeko, euskal dantzari talde barriak sortzeko; berbaldiak, kultura aldiak, eta abar be ba dira.

Aparteko indarra, Txistularien Txapelketak artu dau. Igaz asi zan. Iru agertu ziran lenengo sariketara, txapelketa ospatzeko beste egiñik. Jendeak ederto erantzun eban, txapelketariak txalo ugariz berotuaz. Aurten, txapelketa obeto eratuta egonik, 8 izan dira norgeiagokara agertu diran txistulariak.

Erakundea

Txistularien II Txapelketa au, lengo urtean lez, Sodupe-Gueñes-eko «Tele Club» ek eratu dau. Jose Mari Camino Arana gidari ebala, ederto eratuta egon da eta guztiz ondo urten dau.

Lankidetza

Erakunde lanean lagundu dabe ANAITASUNA aldizkariak eta Txistularien Bazkundeak (Bizkaiko Ordezkaritzak).

Laguntza babesa

Txapelketa onen erakunde-ordaiñerako Gueñes-eko Udaletxeak lagundu dau geienbat, norgeiagoka ondo egiteko gogoz eta diruz babestuaz.

Gero, eta batezbe Bizkaiko Aurrezki Kutxak eta BEYENA-k, euren garaikur (trofeo) eta diru moltzoekaz; Txistularien Bazkundeak be 500 laurleko ipiñi ebazan sariketarako. Beste izenik ez goaz aitatzen.

Dagonillak 13 - Domekea

Iragarrita egoan lez, dagonillaren 13-an, igandez, Sodupen ospatu zan Txapelketa.

Goizeko 10-etan asi ziran txistulariak kalejiran joten, eta 12-etan puntuan, epaimaikoak, txapelketariak eta eratzailleak «Cinema Local» tokietan egozan, Txapelketari asikerea emoteko prest.

Jende asko aretoan (gaiñezka). Au idazten dauanaren itzaurre ta aurkeztearen ostean, lenengo txapelketariaren txosketa egin zan. Juan Mari Mendizabal izan zan lenengo asten.

Txosketa

Jotzailleak ez ekien nor izango zan urrengo. Jotzera bearturik egozan abestirako, batek amaitzen ebanean egiten zan barriro txosketa. Jokaera onek ez eutson iñori kalterik ez laguntasunik emoten; danak ernai egon bear eben nori tokatuko jakon begira.

Epaimaia

Epaimaia osotuten eben: Segundo Atxurra-k (maiburu), Julian Villelabeitia-k eta Jose Luis Bengoa Zubizarreta-k. Guztien eritxiz, irurok naiko ondo ezagutzen dabe txistu soiñua, eta alderdikeriz jokatzeko arriskurik ez egoan, iñor ez zan Enkartaziño aldekoa-ta.

Txistu abestiak

Zortzirak jo bearrezkoa, Primitivo Onraita Barakaldoko txistulari ospetsuaren «kontrapasa» zan. Bigarrena, bakotxak bere gogoz aukeratutakoa zan. Geienak, gatxa ta atzamar-joko andikoa aukeratu eben.

Zelan gelditu ziran

Bi ekiñaldien ostean, epaimaikoak puntuaziñoa emoten asi ziran, eta bakotxari berea emonda gero be, luzaroan ibilli ziran eztabaidan azken erabagiak artzeko. Bitartean, 25 txistularik, Saratxaga-tar Luis-ek (Sodupetarra) zuzendurik, jendearen atsegiñerako joaldi bat eskiñi eben.

Sariketa olantxe egin zan:

Txapeldun: Bizente Aritzmendi, Portugalete-koa, 80 puntugaz. Saria, 2.000 laurleko ta Bizkaiko Aurrezki Kutxaren kopa.

Bigarren, Luis Mari Igartua, 74 puntugaz. Saria, 1.000 laurleko ta BEYENA-ren kopa.

Irugarren, Demetrio Garaizabal, 71 puntugaz. Saria, 500 laurleko ta Gipuzkoar Bankuaren kopa.

Laugarren, Juan Carlos Carrera, 69 puntugaz. Saria, 300 laurleko ta Seguros Vizcaya-ren kopa.

Bosgarren, Jesus Mari Angulo, 67 puntugaz. Saria, 200 laurleko ta «La Gaceta del Norte»-ren garaikurra. Bera izan zan igaz txapeldun.

Seigarren, Juan Mari Mendizabal, 41 puntugaz. Saria, 200 Iaurlekota «Coca Cola»-ren garaikurra.

Eta ondoren Angel Carrera eta Jose Antonio Gonzalez.

Txapelketa onetara agertu diran guztieri bialduko jake ANAITASUNA aldizkaria urte betean, ordaindu bear barik.

Esker ona

Len aitatu doguzan erakunde ta bazkundetaz gaiñera, beste batzuek be lagundu eben txapelketa onen sariketarako: Vinos Acha, Vinos Navea, Gorostiaga ta Goitiosolo ta Espumosas Gorbea de Sodupe. Guztieri eskerrik asko!

Azkena

Danak zutunik, «Agur, Jaunak» abestu eben, txistulariak lagunduta. Danetzako zorionak, eta txapelketaren aldeko eritxi ugari. Datorren urtean III Sariketa ospatuko da, eta Jaunak lagun, ANAITASUNA-k egingo dau alegiña bere lankidetza eskiñiaz.


Ule Luzeak eta...

Gaur artu dot ANAITASUNA ta, beti lez, goitik bera irakurri dot. Bizkaitar euskaldunak, batez be bilbotarrak, bearrezkoa dogu bizkayeraz irakurtea, euskera kontutan «sasoian» egoteko. Eta, jakiña, lenengo irakurri dodana Mendizabal'tar Julen jaun eta adiskideak (adiskidea niretzat personalki ez ezagutu arren, euskalduna ta euskeraz idazten daualako) niri bialtzen daustan idazki agiria.

Ule luzeak dirala-ta, saltsa ona sortu dogulakoan nago. Baiña goazan aurrera.

Joan naz, amaiketan, beti lez, emen Deusto'ko San Pedro elizan daukagun igandeetako meza ederrera. Emen, meza ederra da euskerazkoa, beste erderazko guztiak baiño askozaz sakon eta maitagarriagoa. Iganderen baten, zeozergaitik, beste meza batera banoa, zeozeren falta nabaitzen dot. Zorionez, Deusto'ko abadeak ez dira Urkiola'ko langoak (oneik latiñez egiten ei dabe, ango baserritarrak euskeraz baiño errezago ulertuko dautselakoan) edo bilbotar San Fernando'ko langoak (emengo parrokoak esan eban, Arruza (G. B.) euskal idazle ospetsua il zanean eta bere eleizkizunak egiteko, bere parroki zanean, euskeraz egitea eskatu eutsenean, «emen ni parroko nazan artean ez da euskerarik egingo»).

Esaten nijoan lez, gaurko mezan don Jose Leon'ek ebanjelioa irakurri dausku. Fariseo bat zan, elizara joan zana, ta publikanoa an ikusirik, olan egin eutson otoitza Jaungoikoari: «Eskerrak, Jauna, ni orrelangokoa ez nazalako. Ez naz ezkontza apurtzen dodana, ez..., ori dan lez». Bere burua eukan fariseoak ona lez. Besteak ziran okerrak.

Ez daigun guk be olako otoitzik jaso. Ez daigun pentsa ule laburdunak bakarrik doazala aldatz gora, ta ule luzedunak eta gona motzdunak aldatz bera.

Ule luze ta bizarrak ez dira gaurkoak. Josu Kristoren denporetan (eta Berak be) erabiltzen zan. Euskaldun gizon eta idazle ospetsu asko olakoak ziran (Zumalakarregi, Arana Goiri ta abar).

Gaur be ezagututen dodaz askorentzat «tipo raru» izango diranak. Euren artean, Lekaroz'ko aita Alazaran txistulari famatua ta aita Ezeiza «Zeruko Argia»'ren zuzendaria, biak kaputxinoak. Beste batzuk dira «Ez Dok Amairu» euskal kantari talde trebekoak.

Eta abestiak aitatu doguzan ezkero, ara emen «Egun da Santi Mamiña» kantaren zati bat, Gabriel Aresti'ren «Harri eta Herri» liburutik artuta, ta Julian Lekuona abade abeslariak (noiz arte egongo jaku ixilik abeslari sakon eta eder au?) abestuten ebana:

Itsas aldean izarra

Hari begira lizarra

Euskera salbo ikusi arte

Eztut kenduko bizarra.

Lengo batean, «Ez Dok Amairu» taldeko zuzendari bat dan Joxe Antonio Artza'k esaten eustan euskaldunak ule luzeak eroan bear gendukezala, ainbeste injustiziren kontra protesta egiteko. Euren kitarra ta kantukaz egiten dabe al dabena baiña, dirudienez, ez da ori naikoa.

«Euskera salbo ikusi arte» protesta geinke modu askotara. Lenen, guk euskaldunok euskeraz egiñaz eta erakutsiaz. Itz egiten dakigunok, euskeraz idatziaz ta irakurriaz. Ez dakienak, ikasten. Lan au da pratikoena.

Beste protesta modu bat da, bear bada, poetak diñoana: «Eztut kenduko bizarra». Ta bestea, Urkiola ta San Fernando lako elizetan, gorago aitatu doguzanetan, dirurik ez iztea. Bear bada, egongo da Istituto'ko latiñen katedratikoren bat Urkiola'ko mezara joan eta ulertuko dauana. Arek emon dayala dirua.

Baiña Mendizabal eta biok ule kontutan eritxi bardiñak ez badaukoguz be, batean bat gara, ta au da inportantea: Euskalerria'ren alde lan egiteko. Olan diño Imanol Berriatuak darabilgun ANAITASUNA'n, «dialogu zintzo baten bitartez, euskalduntasuna salbetako».

Agur, Julen, eta ia noiz alkar ezagututen garan. Bitartean, segi aurrera euskeraz idazten, ederto egiten dozu-ta. Euskera ta Euskal Erria'ren alde, aurrera!

Xabier Gereño


Euskerea ta Euskeragaz zer ikusirik ez dauken Oiturak

Lengo baten «ZERGAITIK EZ ULE LUZEAK» izen buruagaz idazlan polita argitaratu eban ANAITASUNA onetan Gereño'tar Xabier jaunak. Eta amaieran besteak emon eiezala euren eritxiak gai onetzaz esaten eban.

Gai polita ta asarre barik erabilteko modukoa dalako euskaltzale jaun orren naiari erantzunaz zertxobat esaten aleginduko gara.

Berak diño norbaitek besteen bide ta jokera lagaten badau gaiñontzekuok baiño personalidade geiago daukalako dala.

Nire ustez oituretan aldatzea, jantzi, orraztu ta olakoetan besteengandik bereizteak ez dau agertzen gizonezko edo emakume orreik personalidade geiago daukenik.

Ostera, bereizkunde orreitan arrokeri ta kaskarkeria egon leiteke.

Oiturak denporeagaz aldatzen joaten dirala esan bearrik ez dago, ori danok dakigu-ta. Gu gizonok be orain eun ta berrogetamar urte oneitan asko aldatu gara jazte kontuan. Baiña geienori ardura ta kezka gitxi emoten dausku jantzi kontuak. Ez gara abereak, billotsik ezin geinke iñora urten ta gure denporetako oitura modura jazten gara. Baiña bardin litzakigu jantzi kontuan beste oitura batzuk balegoz be.

Ostera, emakumeentzat garrantzi andiko kontuak dira jantzi, orraztu ta olako kontuak. Emakume gazteak etxean daukazan edonok daki au olantxe dana.

Jantzia gora ta jantzia bera ibilliko jatzuez. Eguraldiak kezka asko emoten dautse. Ez bakarrik otz edo beroa edo euria edo eguzkia egin, baita euririk egin ez da be eguraldiaren koloreak zer ikusi asko eukiko dau olako edo alako soiñekoakaz kalera urteteko.

Ta baita gaurko mutil gazte asko emakumeen itxura artu naian ikusten doguz. Ez bakarrik ule luzeak baita zapata takoiak be naiko luzeak, gerrian txaketea estutu ta abar.

Guk jantzi ta orrazkerari garrantzirik emoten ez dautsagunok baiño nortasun geiago dauke besteak ez modura jantzi ta agertu nai daben eta izpillu aurrean jira ta bira ibilten diran emakume ta gizonezkoak?

Nik nortasuna gauza baliotsuagotzat neukan.

Ta aurrera joanik auziaren beste alderdi bat aztertu daigun.

Gauza guztiak dauke bere asiera. Ta lenengoan arritzen ginduzen gauza asko gaur berezko lez artzen doguz.

Baiña oitura barri orreik lenengoz agertu zituenak geienetan lotsabakoak izaten dira.

Gaur emakume batek zigarroa erretea ez da ezer, ez da be galtzakaz jaztea edo bere arpegia margoztutea eta ola beste gauza asko be.

Baiña danok ikusi dogu gauza barri orreik geure errietau lenengoz sartu zituenak lotsa gitxikoak zirana.

Gaur edozertara jarrita gagoz ta ez dakit ezergatik iñor lotsabakotzat joko genduken. Ondartzetan ia billotsik ikusten oitu gara emakumeak eta kalean be andrakilletan jantziakaz ikusten doguz gazte asko.

Orren aurka ez diñogu ezer, danak iñuzentzat artuko ginduekez da.

Jakiña euskalduntasuna ez dago lengo erara jantzi ta bizitean, lengo oiturak bakarrik erabiltean.

Gazteak bizar luzeakaz edo neskatillak ye-ye antzera ibilli ez dausku ardura izan bear orrez gaiñetik euskaltzaleak badira.

Euskera ta euskal kultura gaurkotasun oituren gaiñetik dago. Ori, egia.

Baiña egia baita be, arinkeriz, jentea eurai begira ipinteko edozer zorakeriz jantzi, orraztu ta olakotan nabarmendu nai dabenak orregaitik bakarrik nortasun apurrik be ez daukela.

Kamiñazpi


Euskal Abestiaren IV Sariketa

Euskalerriko IV Abesti Sariketa oiñarri oneen arauz eratzen da:

1.—Dei au agertzen danetik Urriaren lenengorarte artuko dira sariketara agertzen diranen lanak.

2.—Lan oneek, gitxienez euskal kutsu apur bat dauken abestiak izango dira. Ritmo aldetik, aurrekoen euskal abesti jatorren antzekoak naiz gaur-eguneko barriak izan daitekez. Gauregunekotzat edo modernutzat aitu bear da, musikeak gure egunetan sinfonia saillean izan dauan aldakuntzea eta baita-bere jazz ritmoak.

Gizonezko naiz emakumezko batek abestuteko melodidunak izango dira (onartzen dan notarik bajuena: pentagrama azpiko sol; eta altuena: irugarren tarteko do; biak clave de sol deritxonekoak), akonpañamentu barik, eta jatorrizko itzak euskerazkoak, iñoz argitaratu bakoak. Abestia ezta minutu bi t'erdi baiño luzeago izango.

3.—Abesti lanak korreoz zertifikatuta bialduko dira edo eskura emon, zuzenbide onetan:

Avenida del Ejército, 18, 3.º d.

CINSA

BILBAO-14

4.—Egillearen izena ixillean eukiko da. Orretarako, sariketa abestien tituluak etorriko dira papeletan, egillearen edo egilleen izen eta zuzenbide barik. Partitureagaz batera, sobre itxi bat bialduko da, eta barruan egillearen edo egilleen izenak eta zuzenbideak, gaiñean dakarrela: «... (abesti izena) abestiaren egillearen izena ta zuzenbidea daukoz». Sobre itxi oneek notario bateri eskuratuko jakoz, zaintzeko.

Abestien itzak edo letreagaitik aparteko ardurea eskatzen da. Partitureak dakarrenaz gaiñera, makiñaz garbi idatzitako textoaren kopia bat bialdu bear da.

5.—Epaimaikoak musikalari jakintsuak eta olerkariak izango dira, agertzen diran abesti lanak aztertzeko; euren ustez diran sei onenak aukeratuko dabez.

6.—Azkenerako aukeratzen diran sei abesti onenak, Sariketa au eratu dabenak aukeratutako abeslari ta musikoek interpretatuko dabez jardunaldi batean edo batzuetan, ikusle-entzuleen aurrean.

Abestiak, armonizaziño ta instrumentaziño onegaz interpretatuak izango dira:

Organo electrónico

Guitarra electrónica

Contrabajo

Piano

Flauta

Batería de jazz con toda clase de accesorios rítmicos.

7.—Azkenerako sei abesti aukeratuak armonizatu ta instrumentaziñoa ipinteko —ez dira egilleen izenak jakingo— olantxe egingo da:

a) Euren armonizaziño ta instrumentaziñoagaz aurkeztu gura dabezanak, 2.- eta 4.- oiñarrietan aitatu lez, abestien eta itzen partitureagaz gaiñera beste partitura bat bialdu bear dabe armonizaziño eta instrumentaziñoagaz.

b) Bigarren partitura au bialtzen ez daben egilleak, armonizaziño ta instrumentaziño lana, sariketa eratzen dabenen pentzura ixten dabela adierazoten dabe. Abesti bakotxaren lana 2.000 pta. inguru kostako jake. Diru au sarietatik artuko da.

8.—Ikosle-entzuleak erabagiko dabe, botaziño bidez, zein gelditzen dan txapeldun eta ondorengo. Sariak oneexek izango dira:

Lenengoa, OGEI MILLA PESETA

Bigarrena, AMAR MILLA PESETA

Irugarrena, SEI MILLA PESETA

Laugarrena, bosgarrena eta seigarrena, LAU MILLA PESETA bakotxa.

9.—Epaimaikoak nortzuk diran ezagutzera emongo da, azkenerako aukeratzen dabezan sei abesti onenak zeintzuk diran esatean. Eta abestien egilleen izenak jakinarazoko dira azkeneko botaziñoa egin ostean.

10.—Sariketa au CINSA-ren pentzura dago, COCA COLA-k eta FANTA-k, eta beste bazkunde ofizial, musikako ta folklorekoak lagunduten dabela.

11.—CINSA-k beretzako artzen dau, abesti aukeratuen musika-idazkiak eta diskoak argitaratzeko eskubidea, abeslariak aukeratzen dauzala, bi urterako berak bakarrik, Egilleen Lagunarteak (Sociedad de Autores) eskatzen dauana ordainduz.

12.—Sariketa onen eratzailleek, oiñarri oneek ondo aituteko azaldu leitekezan eztabaietan erabagitzeko eskubidea dauke, eta bardin, txapelketa au al dan obetoen egiteko jarri bearko litzakezan geigarrizko azalpenak emoteko.

Bilbon, 1967-ko Maiatzak 26


Euskal Abesti Sariketari buruz

Oraintsu, ondiño lengo baten, munduan saltzen diran aldizkarietan estimaduenak, Erri Alkartuetako «Time»-k euskaldunoi buruz, auxe iñoan: «...Txapela da eusko kultureak sartaldeko errialdeai eskuratutakoen artean, aintzat artugarriena...»

Okzidenteko errioi soñu-eresietan, geure gogoaren agerkunde lez «Elgorria izango da» ta «Bilboko illargia» emon ezkero, «Time»-k esandako orri asko lagundu leikioe.

Euskal Abestiaren III Sariketan sarituta dagoz «Elgorria izango da» ta «Bilboko illargia». Euskaldunik eztauke letrea baño. Abesti oien gogoa Liverpool'ekoa edo Tin Pan Alley'koa da.

Sorozabal'entzat euskaldun soñuak olako izan bear leuke: «Zelan edo alan euskaldunok (a entzunaz) gogoa, bat batean an aurkitzeko lakoa; berez-berez, geure sentikerak biziarazten dauskuzana». Egian dagolakoan nago.

Esakera orrein mamiñaz, «Elgorria izango da» ta «Bilboko illargia» euskalduntzat artzea gatxa be gatxa da. Euskeraz abestu ezkero ludiko bost ertzetatik iatorkuzan millaka abesti, aitatutako biok baño euskaldunagotzat doguz. Abesti barrion «egilleok» eurok be, eztot uste au ukatu daikeenik: abestiok egiteko sena atzerriko abestietan oñarritua dala.

Euskaldun soñuaren aldakuntza edo «aurreratuaz barritzea» barik, iñoren kultura baten billa ioate bat baño besterik eztira.

Beethoven edo Aita Donosti batek egin eben lez aldakuntza bat, barritze bat egitea, aurrera egitea da, bearrezko da, bizitza.

Beethoven'ek, Bach'en iokabide ta eritxiak baztarrean itxi ebazan, bai; baña zerbait barri egiteko, barria ta berea.

Ezeban aldakuntza egin, Schubert'eri begira kopia bat egiñaz.

Aldakuntza, aurrera egitea gatxa da; barrizalekerian iaustea baño askoz be gatxago.

Eztot uste okerrean nagoanik onako au uste dodanean: olako «euskal abesti sariketa» gura dabenak «vanguardismo» baten «aurretik edozelan ibilte baten» billa dabiltzala, euskal soñuaren kultura lantze barri baten billa baño geiago.

Betiko euskal soñuaren bideetan oñarritzea «koba-zuloetara barriz sartzea» litzakela esaten diardue. Baña egia esateko, koba-zuloetako gizonak egindako soñuaren antz geiago zeiñek dauke? Gure soñu zarrak, ala Beatles edo Rolling Stones'enak?

Beste batzuk, zintzotasun geiagoz, soñuak gure egunetako bizitza ta kezkak adierazo bear leukezala, diñoe.

Neu be orrexetan nago; baña auxe diñot, gaurko euskaldun gaztediaren koxka ta kezkak Liverpool'eko, edo New York'ekoak dabezan lakoak ete dira?

Sariketa oneitarako, arein soñuen itxurakoak egiten diardugu-ta.

Nik uste dot, gure gaztediak, gizarteko ekonomiko ta erlejiñoko kozkaen gañera, ikaragarrizko kozka bat bizi dauala: eusko nortasunaren bizitza edo eriotza.

Ezagutzen dot Liverpool eta Erri Alkartuetako gaztedia. Geienetan gaztedi mengel bat da, kezka bakoa, odol bakoa, siñeste bakoa. Eta gañera erri biotako gazteak, erriak (erri lez) galtzeko bildurrean bizi direanik ez dot uste.

«Euskal Abesti Sariketa» diralako oien aurka enago; euskerarentzat baliotxu bat izan daikee-ta, baña, mesedez, eztaigun esan euskal abestiak diranik. Izan leiteke euskera ezaguarazteko onak izatea (iñor euskera ikastera bultzatuko dabenik eztot uste baña...), onetarako egin daiteken edozer ona da, ondo egiña.

Baña eztaigun egin olakorik, geure nortasunaren agerkaririk onenetariko bat, soñua, alperrik galtzeko zorian iarririk.

Oso bertan bera itxia dogu geure soñua. «Boga boga» ta beste bost betikoak baño eztoguz ezagun, geienok.

Euskal abesti iaialdiok, geurera ez garoez. Gañera, geure soñuaren nortasuna, marro iantzita eztaigun ipiñi. Geure Erriaren nortasunari eutsi daiogun.

Gaur garrantzirik geien dauana, geure nortasuna agertzea da, ikusi arazi daigun Erri bat bizi dala.

Inglesak, iankiak, edo italiarrak egiten diarduena egin bear ete dogu orretarako?

Idatzi dodan au, ezer onik apurtu edo beeratzeko izaterik eneuke gura. Orrexegaitik diñot: «Euskal Abestien Iaialdi» baderitxoegu, orixe izan daitezala: euskal abestiak. Ez daust ardura, bakarrekoak, orfeoikoak, zortzikoak, bikoteak, edo onenen taldetxoak abestutea, baña geure geurea dogun soñua edo iturri onetatik edana abestu dagiela.

Ta soñu barri barri bat asmauta egingo balitz, askoz obeto; baña barria izan daitela, ta ez iñonetik artua.

- Ritmo beatlean eginda baño entzute ta ospe gitxiago izango dabela iaialdiok?

- Gatxago dala, au egitea, ez errikoago?

- Aurrendari antzik eztogula izango?

Ba leiteke. Baña obe dalakoan nago; gure soñua, geure gogoaren zati bat da-ta.

Euskera be ez ete da, ba, gatxa, ta ez-errikoa?

Euskera be itxi egingo ete dogu orregaitik, inglesera, edo italiera artzeko?

GALLASTEGI'tar LANDER


Ezagutu zure erria

Muxika

Nun dago erri au? Euskalerriraren biotz-ondoan.

Biotza Gernika da; ta biotzaren ondoan ba dauka Euskalerriak Muxika'n osasuna, biotzean baño geiago.

Nik esango neuke Gernika'ri euskaldun antza emoten dautsona, Muxika dala, muxikarrak. Igande ta astelenetan, goiz nai arratsalde, euskera entzuten badozu, lautatik bi muxikarrak dira.

Muxika atzo

Antxiñatean Euskalerriko erri ospetsuenetariko bat. Jauntxo-erria. Iauregiz betea. Muxika izena, alantxe eritxon gaztelu zaar batetik iatorko erri oni. Etxe au Iturriza'k eta Delmas'ek diñoenez, 962'garren urtean iasoa izan zan «Andramendi» eritxon etxe zaarrago bateko arriekaz.

Andikiak, gaur lez orduan be, alkarregaz «ondo konpontzen» ziranean, aberriko ta atzerrikoekaz artu-emonetan, «Muxika» gaztelukoak eziran atzetik ibiltekoak.

Etxe onetako seme bat, 1.140'-garren urte inguruan Gaztela ta Leon'go erregea zan Alfonso VII'garraenaren alabeagaz ezkondu zan.

1380'garren urtean «Muxika» etxeko alaba da Butron gazteluko jauntxuagaz ezkontzen dana. Aldi aretakorik, orma zaarrak baño eztagoz gaur.

Orduan eta gaur, andikiak, jauntxoak erri entzutetsuak egiten dabez, baiña atzerrira begira geienetan. Au da, atzerritarren oituretara egiten ziran, atzerria maite eben, itz baten, «jauntxokeria».

Erri onek ebazan jauntxuak, Muxika, Oka, Ibarguen, Urbillotz eta abar, ospetsu badira, Euskalerriaren onerako egin ebenagaitik baño geiago, Gaztela, Leon eta Asturias'en egindako gudaldiakaitik dira.

Españar edestian izentauak dira guztiok Iturriza'k eta Delmas'ek diñoskuenez; Euskalerrian egindakoa ba dakigu: anai-arteko naiko burruka; jauntxokeria iñoz ezta izan gurea ta.

Muxika gaur

Muxika asko aldatu da, baiña aldi aretako zer asko, onak eta txarrak, irauten dabe.

Onak: erri-maitasuna, euskera ederra, ausardia, gizontasuna, umore ona, asmo barriak...

Txarrak: Nor-geiagokeria, auzoetako alkar ikusi gura-ezak, diru miña...

 Muxikarrak zenbat? Orain illabete: 1.505.

Atzerritik etorriak: 160, 28 senditan.

Beraz: 1.345 euskaldun, eta 160 erbesteko.

***

Muxika'n auzoune bi dagoz, oso bereziak, bata besteagandik oso aldenduak, lurrez eta biotzez: Ugarte ta Ariatza.

Muxika'ko eleiz parroki zaarra bion bitartean dago tontortxo baten, San Roman'en omenez. IX'garren gizaldikoa izan daiteke.

XI'garren gizaldian Ugarte'ko S. Bizente, S. Millan'eko kartularioan agertzen da, Bizkai'ko beste eleiz zaar batzuen artean.

S. Roman leenagokoa izanik, IX'garrenekoa izatea, izan daitekena da.

Ariatza'n be ba da «Kurutze Deuna» eleizatxoa askoz oraintsuagokoa.

Bearrizanei erantzuteko egingo eben Ariatza'ko au; batetik bestera 5 Km. edo dagoz ta. Eleizkizunetara, oñez 5 Km., euri nai aterri egiteko gero, siñismena edo siñiskeria bear da. Gaurkoak barriz, lar eztogu ez batekorik ez bestekorik.

Arrigarri dan arren, ondiño oraintsu ainbeste kilometroan oñezkoak eroaten izan dabez gorpuak parrokiraño. Atomiku-aro onetan...

 Eleizkizunak.—Bost meza dagoz eleiz biotan. Iru Ugarte'n, eta bi Ariatza'n. Meza guztiok euskeraz ei dira; Ugarte'n itzaldiak euskera ta erdera.

Ei dira, diñot, onexegaitik. Oraintsu il iakun Balentin Uriona'ren illetan etzalako olakorik egin. Meza latiñez, irakurgaiak, euskeraz bat, erderaz bestea, itzaldia erdera uts-utsez, naiz ta mezaemollea ta erria geiena euskaldunak izan. Askok eta askok ez gendun ondo ikusi ordukoa. Olako egunean, alakoagaz a egiten danean, besteetan...

Kristau Ikasbidea, euskera ta erdera emoten da Ugarte'n; Ariatza'n ezelan bez. Olakorik!; ez ete dago ba bearrizanik?

 Bizibideak.—406'k baserrian lan egiten dabe. 183'k lantokietan.

Lau serra ta lantegi bi dagoz erri onetan. 40'ren bat langille dabiltz lanean berton; besteak Gernika'ra doaz.

Bizkaian beste iñon ez lez, bizi da erri onetan bertsolaritza. Bertokoa gendun KEPA ENBEITA «Urretxindorra». Aren azia emonkorra izan da, ta edonon agiri da. Balendin, aren semea, Abel eta Deunoro lobak; Lopategi ta Iturri, auzokoak. Ederra benetan onein sena.

Muxika biar

Eztakigu ba zer izan leitekean. Geroari buruz, Iainkoa bakarrik itz-dun. Gure ametsak egi biurtu balediz!

Geure buruaren iaube giñanean lez Muxikarrok barriro 7'gn. iarlekuan, Gernika'ko Aretxpean, iarriko balitzaz!

Euskaldun amak, euskera ta euskal gogoa umeai emoten aspertuko ezpalitzaz!

Euskaldun abadeok, amak emondakoaz gañera, Eleiz Amak agintzen dauskunez, Erri onen gogoari eusten aleginduko bagiña!

Ta eztaukelako ama askok umeai emoten eztautsena, guk al dogunok emongo bageuntse!

Sabela eztala gure iainko, siñistuko bagendu!

Ba-ba, ba, ba, guztiok, esan bearrik ezpaneu!

Orduan iñok eleuke iñoz esango: «Erri bat izan zan», ez Muxika'gaitik, ez Euskalerriagaltik.

Batu daiguzan guztion indarrak, asmoz eta egitez geroa izan daigun.

SALATARI