ANAITASUNA

10

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.

IDAZTI AU 1967-ko ABENDUAREN 7-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.

Zuzendaritza ta Banakola

Irala, 8 — Bilbao-12

D. L.: BI 1.753-1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


A zan gizona, a!

 Euskalerriak bere semerik onenetariko bat galdu dau: Ibinagabeitia'tar Andima. Bere sorterria, Elantxobe. Erri txiki onek gizon aundiak emon deutsoz Euskalerriari. Bertan ikusi eban Andima'k lenengo argia 1904'ko urtarrillaren 24-an.

Ugalde'tar Martin jaunak idatzi dauan lez, Andima «Euskalerri osoko semea izan genduan, bai biotzez eta bai izkuntzaz be. Gure idazleetatik goienetakoa, Andima'k euskera osoa erabilten eban, gure erri osoko euskera, euskera aberatsa, jakituna».

Bazter asko ikusitako gizona, batez be Europan eta Ameriketan. Tarsoko Pauloren antzera, «erregearen» eskuetan ez jausteko, leio batetik iges egiña. Bere bizitzako urterik onenak erbestean egin bear izan ebazan.

Izkuntza askoren jaube genduan: gerkera, latera, portugesa, prantzesa, inglesa, gaztelera ta rusoa.

Bere bizitzako indar eta alegin zintzoenak aberriaren eta izkuntzaren alde eskiñi ebazan. Eredu bikaiña dogu orretan Andima. Eguno be ez zan nekatu lanean. Zintzo ta garbi jokatu eban beti. Aberastu eitekean eta ez zan aberastu. Ta bere irabazi guztiak Euskalerriaren eta euskerearen alde emon ebazan. EUZKO-GOGOA'k eta beste zenbait aldizkarik asko zor deutsoe Andima'ren luma bizkor eta argiari. Amaika idazki bikain itxi deuskuz an-emen Andima jakitunak, euskera ederrenaz jantzita.

Guztiz jakingarria da Ugalde'tar Martin jaunak ondiño oraintsu, Urriaren 29'an, Andima'ri beronen etxean manetofoiaz artu eutson alkar izketa mamintsua. ZERUKO ARGIA'n (1967 - Azaroak, 26) agertu da «Andimaren Azken-Naia» izenburupean, bere argazki dotore bategaz. Irakurri barik bazagoz, ez zara damutuko egiten dozunean. Ona emen alkar izketa orren zati batzuk:

«Zuk ba dakizu ondo aski —esan nion— euskera batzen ez bada, gure izkuntzak etorkizun motxa izango duala; zer diozu euskeraren batasunaz?».

«Ez dago esan bearrik, —diño Andima'k— batasun ori derrigorrekoa degula. Izkelgiak gorde litezke, noski; erri bakoitzak berea; bañan eskoletan euskera-bakarra bear degu, beste erriak egiten duten bezela: Alemania izkelgiz josia dago; ala ere, aleman-bakarra da aleman guziak darabiltena euren artu-eman guzietan. Itali'n beste ainbeste gertatu da; izkelgiz betea dago, ala ere italiano-bakarra da euren artu-emonetan darabiltena; ta euskeraz ere orretara iritxi bear degu. Ez da oraindik luzaro katalanak orixe bera iritxi zutela; katalanak ere izkelgi asko ditu, ala ere bere idazle batek batasuna lortu zuan, eta katalan bakarra dute orain katalan guzien artu-eman, liburu ta ikastola gaietarako; ta guk ere beste ainbeste egin bear degu, euskera oso eta bakar bat erabilli; izkelgiak bizi ditezela nai baldin badute erri bakoitzean, oien aurka ez degu ezer egingo, bañan izkuntza ofizialak beintzat, euskera-bakarra izan bear du».

«Zer izango litzake onena —galdetu nion berriz— euskera batzeko?».

«Lan au egiteko izkelgi bat oñarritzat artu bear genuke. Izkelgi ori, geienak diotenez, gipuzkera izan bear luke, gipuzkera dagoalako izkelgi guzien erdian, eta izkelgi orren inguruan bildu ditezke beste izkelgietako itzak, esakerak eta arizkerak eta konbeni diran gauza guziak. Ori nai zuan Azkue'k. Eta ori egin zuan Aita Olabide'k, bere Biblia idatzi zuanean, izkelgi guzietako itzak gipuzkera oñarritzat artu-ta, bildu ta erabilli, euskera bakar bat osatzeko; ta aren jarraitzalle izan geranok ere beste ainbeste egin degu».

Ezagutzen dogu, ba, Andima'ren «Azken-Naia» edo testamentua. Amets eta gurari oneexekaz joan jaku bera. Beteko al dira luzaro barik amets orreek. Berak ikasbide ederra emon deusku. Orain guri jagoku lan egitea, eurak irakatsi deuskuen bidetik jarraituaz.

***

Euskal idazle ta euskaltzale guztieri deia

Caracas'en, Euskalerritik urrun eta Euskalerri-miñez, il jaku Zemendia'ren 2'garrenean, ANDIMA IBINAGABEITIA, euskal idazle argia.

Bere gogoa izan da, bere illeta nagusiak Lazkao'ko beneditarren Abatetxean egitea.

Bere gogoa izan da, bere illeta nagusiak Lazkao'ko beneditarren Abatetxean tan, eguerdi-eguerdian ospatuko doguz, beraz, Andirna'ren gogo-aldeko illetok.

Batu gaitezan guztiok egun orretan, lagun onaren izenean. (G. B.)


Erriz erri

Yurre'tik

Jaiak dirala-ta

«Andra Mari» aurreko egunen bat zan. Mutil mordo bat txikito batzuk edaten gagoz. Mostradore gaiñean erriko jaietako programa bat dago.

— Aurten zer ipiñi ete yauskuek bai jaietarako, mutillak?

Auxe esan eta programa irakurten asten da bat.

— Kontxo! Galdakanoko «Banda de música» yakardiek!

— Ba, millaka peseta batzuk kostauko dira txapelgorriok.

— Nik etxakiat nok organizetan yozaken jai oneik; urte guztietan egiten dozak diru asko yaroardiezan eta jente gitxi yakardiezan gauza batzuk: «Su artifizialak» esate baterako. Orixe dok dirua errekara jaurtitea, diño irugarren batek.

— Nik uste yoat askozaz obeto izango litzakela «orkesta» on bat ekartea; eta merkeago urtengo leukek gaiñera.

***

Orain ez goaz egite oneik neurtuten, nire ustez aurten Yurre'ko jaiak ez dira ain txarto be egon da: baiña alkar izketa orretan urten eban beste gauza bat ikutu bear dot. Nok organizau bear dauz jaiak, erriko agintariak ala gazteak? Nik uste dot gazteak dirala arduradunenak. Erriak «onen beste» diru badauko jaietarako izentauta, gazteen eskuetan ipiñi bear dau. Eta olan gazteak errespontsabilizau egingo gintzakez; eta pozik be bakotxak 5 ogerleko emongo geunkez, emon bear izan ezkero, askozaz be «geureagoak» izango litzakez jai orreik eta.

Baiña onetarako beste presupuesto batzuk euki bear dira gogoan: Yurre'ko gazteen artean baton batzuk egongo ete giñake prest karga au lepoan eroateko? Eta gazte guztiok alkartuko ete giñake; ez ete litzake egongo alkar-joteren bat?

Itaun oneiri geuk, Yurre'ko gazte bakotxak erantzun bear deutsegu. Zuk zer deritxazu?

Aurtengo jaiak joan ziran, baiña datorren urtekoak be geldi-geldi urreratzen datoz; eta zer jazoko ete da?

Gaur daukagu erantzuna.

J. A. Yurrebaso

Elorrio'tik

Nik ez dakit zergaitik askori buruan sartu yaken auzunako eskoletako umeak besteetakoak baño beragoko mailletan dabiltzala ikasi-arazoetan. Ezetz jokatuko neuskio edonori!

Orain aste bete dala, erri onetan doguzan bietatik batera joan nintzan: San Agustin'gora. Neska lirain bat dogu irakasle bertan.

Siñestu ezinda geratu nintzan zelako kementasun aundiaz —piperrik be pentsetan jarri barik— askatu ebezan ume areek euren irakasleak pizarran gertatu eutsezan kontu-korapillo bi!

Egia esan gura badot, prolema areik irakurri nebazanean kokotera eskua eroan neban, ta baita azka egin be, zelan izan zeiteken areen soluzioa burura etorri orduko.

«Oneik ete-dira berengo mailletan dabiltzan umeak? Orduan... makiña bat lurrean bear dabe!» esan nuan neure kolkorako.

Guzti au, lengo egun baten jazo zan gertaereaz josi gura izan dodalako jarri dot emen. Ara:

Miota'ko eskolako umeak an ebiltzan, eskola aurrean, ostiko-jokoan euren gorputz eta arimai atseden apur bat emoten ikasialdi bitarteetan euren irakasle andereño bien ardurapean.

Olakueta'ra doan bide zabala urre-urrean dago, eta txapela jasten be ikasi ez eban erbesteko gizon arroputz batek, bertatik asto bategaz igarokeran, itaundu eutsen:

— Zer? Asko ikasten dozue?

Ta ume batek:

— Bai, irakasle onak doguz biak-eta.

— Ja, ja, ja! Egingo neuke asto onek zuek guztiok baño geiago dakiela, ba!

— Egia izan ez arren, ondo egiten dozu orrela berba egiñaz...

— Zergaitik, ba?

— Bakoitzak bere maixua goratu bear daualako beti...!

Berengo mailletan? Bai, bai...!

***

Nire idazlanetan sarritan irakurriko zenduen kale biziosoa. Zein da, eta zergaitik izen orregaz ezagutzen dogu antxiñako elorriotarren artean darabilguzan berbaldietan?

Gure asabak jarri eutsoen izen ori orain «Calle del Río» edo «Carlos VII» deritxon kaleari.

Bertan jaioa naiz neu, ta, beraz, gura-izan aundi bat sortu yat izen orren jatorria azaltzeko, «bizioso» berba orrek bear ez dan irudi edo gogorapenen bat burura ekarri ez dagitzuen.

Ikusi daigun, ba, zergaitik «bizioso» ori.

Antxiña, ordu biterdietan izaten ziran bezperak jai egunetan. Eta bezpera-ostean andra ta gizon-talde batzuk batzen ziran kale orretan or-emen, iru edo lau tokitan, euren mai ta jarlekoakaz; eta alaitasunik aundienean jokoan —briskan geienetan— ibilten ziran. Ta txakur txikia joko bitara fin-fin egin be!

Batonbatek etxean zeregiñak amaitu barik euki ta eurak betetzearren besteai itxaron eragiten baeutsien, kale luzea da baiña barrenetik jaurtzen eben deadarra beste asikerako puntan be entzungo zan:

— Ipolitx, zetan ago orrenbeste denporan?

Ta onek, balkoira urtenda:

— Arrikoa egiten. Untziak garbitu barik joaten banon orra, nire kriadia alperra danez, lengotan topauko yonadaz inguru oneik. Itxaron, ba, apur baten, laster izango non or-da...

Gaur eguneko «bizioak» ikusita, gauza guztiak ontzat botaten dabezanak be ez eban pentsauko «bizioso» izen orrek ain jatorri garbia euki izango ebanik. Ez da egia, ala? Orregaitik, ba, nire azalpen au.

***

Markaida Arginzoniz'tar Jon eta Landa Jainaga'tar Mari Angeles, neska lirain eta alaia, Berriz'ko Eleizan ezkondu ziran joan dan illaren 26'an.

San Bartolome'ko ermitara domeka guztietan meza entzuten joaten gareanontzat ez da igaroko, ez, igarri barik ezkontza ori. Abots ederrekoa neskatillea, nai ta naiezkoa izan bear bere utsunea neska-abeslarien artean!

Ta bidezkoa danez, ermita orretara erbestetik be jente asko etorten dala esan bear dot, entzule guztiak abeslariakaz aldizka gogoz eta polito abestuten dabelako: euzkeraz, jakiña!

Ta orain zuoi, Jon eta Mari Angeles, zorion utsezko eun urte ta egun batzuk opa deutsuegu biotzez.

Sabin

Gernika aldetik

Despiste bat

Sarri jazo oi dira gauza arrigarriak, ta sarri despiste bategaitik. Despiste au Muxikan gertatu da ta euskaldun lez argitu gura neuke.

Bein, Parroko jauna autor-lekuan, konfesonarioan, egoala, koajutoreak euskera utsez egin eban sermoi edo berbaldia. Parrokoak ez eban ontzat artu. Bere lekutik urten eta erderaz berba egin eban, erdaldunak be ba egozala-ta. Jakiña, erritarren artean zer esana naikoa sortu eban.

Baiña, tamalez, Uriona'tar Balendin il zan. Bere entierrura millaka lagun batu ziran Muxika'ko parrokira. Balendin zanaren autor-entzuleak esan eban mezea. Berbaldi guztia erderaz. Baiña ez egoan euskaldunik, antza, parroko jaunak ez eban ezer esan-da. Asko ez ziran konturatu despiste onegaz, baiña batzuk min artu eben, ta errazoiagaz.

Ez dot uste Muxika'n, erri euskaldun uts baten, erdera egin bearra dagonik. Aita Santuak berak diño erri bakotxari bere izkuntzan egiteko meza ta berbaldi guztiak. Nastetik ez da iñoiz gauza onik ataraten. Iñoiz entzun dot abade batek euskera ta erdera egin ebala ta euskeraz astoa esan ebala, erderaz beia esan ebala. Jakiña jenteak barre naikoa egingo eban.

Guk erri bat daukagu: Euskalerria; ta izkuntza bat: Euskera. Gure eginbearra euskeraz egin eta euskera indartzea da.

Uste dot Muxika'koa despiste bat izan dala ta aurrerantzean euskera egingo dala.

Irrintzi


Unibersalismo faltsoa

Euskera ta Euskal Erriaren kontra, alde bitatik joten dabe:

1.º Materialismoagaitik.

2'gn. Unibersalismo faltso baten izenean.

Materialismoa

Materialismoa Jainkotzat daukenak, galdera oneik egiten dabez:

Zertarako balio dau euskereak? Oba dogu gure semeai erdera erakustea. Oba dogu guk gure artean erderaz egitea. Pratikoagoa da.

Zertarako erabili ainbeste ordu euskal dantzak ikasten?

Zertarako euskal gayen alde lan egin? Zer ataretan dozue orregaz? Oba matematikak edo ingles izkuntza ikasi. Pratikoagoa da.

Nire ustez olan pentsetan dabenak, biotzaren ordez diru poltsa bat dauke gorputzean, or barruan.

Zertarako dira zelayetako lorak? Zertarako txori kantariak? Zertarako idatzi poesiak? Oba lora guztiak apurtu ta euren ordez garia erein. Oba txori guztiak il ta euren ordez txarriak azi. Oba olerki liburuen ordez, matematika idaztiak sortu.

Egia esan, gari landara batek ez dauko larrosa gorri baten edertasunik. Txarri lodikote batek, ez dau sortuten txori abeslari batek beste alaitasunik. Olerki liburu batek ez dauka matematika idazti baten astuntasunik. Baiña, zer dira edertasuna, alaitasuna ta olako lelokeriak biotzaren ordez diru poltsa daukenentzat? Orren lema da NI ONDO TA BESTEAK OR KONPON. Ez dabe ulertuten, ezin dabe koprenidu, bearrezkoak dirala garia ta larrosak, txarriak eta txoriak, olerkia ta matematikak. Ez dabe ulertuten gizonak garala burua ta biotza. Ez burua edo biotza. Biak. Au da, euskera ta erdera. Biak. Ez euskera edo erdera.

Unibersalismoa

Unibersalismo faltso baten izenean euskeraren kontra egiten da. Guzurrezko unibersalismo baten izenean, Euskal Erriaren aurka.

Zertarako euskera? Zertarako Euskal Erriko prolemak dirala-ta ainbeste burukomin? Orreik, kanpantorrepeko gauzak dira, «aldeaneria». Zabalagora begiratu bear da. Mundu zabalera. Munduan prolema garratzak dagoz, konpondu bear diranak. Olan, batzuentzat, mundu zear ebanjelioa zabaltzea. Beste batzuentzat mundu zabaleko langilleen prolemak zuzentzea, au da, marxismo zabaltzea.

Unibersalismo au eskatuten dauskuenak, ez dauskue eskatuten esperantoz. Eskatuten dauskue gazteleraz. Eurak, ain unibersalistak badira, zergaitik ez dauskue eskatuten unibersalismo ori esperanto izkuntzan? Esperanto ikasten ez daben bitartean, gazteleraz edo prantsezez eskatuten dauskuen bitartean, ez dogu sinistuko euren unibersalismo faltso orretan.

Formalidade geyago, unibersalista jaunak, sasi-unibersalista jaunak. Edo guztiok egiten gara unibersalistak, baiña formal, edo erri bakotxak, kultura bakotxak, berearen alde egiteko eskubidea euki bear dau. Eta jakiña, guk euskaldunak gurea.

Ezagututen dodaz abade ta pralle batzuk, euskera ta Euskal Erriaren alde egiten dogunoi txarto egiten dogula diñoskuenak. Euren ardura, mundu zabalera ebanjelioa zabaltzea dala diñoe. Gazteleraz, jakiña. Noizean bein, edo banaka batzuk, lan egiten doazan errien izkuntzak ikasten dabez, baiña Euskal Errian ez. Ejenploa: Eskolapioak Japon'en dauke kolejio barri bat. Ara joan diranak, japones izkuntza ikasi dabe. Emen Bilbo'n, kolejio andi bat dauke, ta eleiz bat. Eleizan, meza guztiak dira gazteleraz. Bat bez euskeraz. Eta kontuan artu daigun inguruetako etxeetan euskaldun asko bizi dirala. Eskolapioak niretzat errespetagarriak dira. Esandako kolejio ortan ikasi neban eta adiskide asko daukadaz euren artean. Jende ona da. Baiña aginduak emon bear dauzanak, ikusten danez, ez daki zer dan justizia, zeintzuk diran erri baten, kultura baten, izkuntza baten eskubideak. Eta ejenplo onen antzekoak, beste asko imini leitekez.

Marxista batzuk ezagututen dodaz, euskal gayak erabiltea oker dagola esaten dabenak. Kapitalismoaren kontrako burruka, euren ustez, mundu zabalera eroan bear da. Baiña au, oneik be, gazteleraz esaten dauskue. Zelan sinistuko dautsegu langilleei justizia egiteko eskatuten dauskuenai, erri ta errien kulturai justizi ori debekatuten badautsee? Edo bakarrik ete dago justizia langilleen prolemetan? Ori olan izango balitz, au da, langilleen situaziño ekonomikoari bakarrik begiratu bear bayako, kapitalismoaren jokaeran jausiko gara, au da, biotzaren lekuan, len kapitalista baten diru poltsaren ordez, langilleen diru poltsa jarri. Eta biotzaren ordez diru poltsa imintea, naiz kapitalista baterena naiz langilleena, txarto dago.

Nik, kristau ebanjelari ta marxistai esango neuskioe ondo dagola mundu guztira euren lana zabaltzea. Euren ustez, dagozan prolemen soluziñoak eurak badaukez, egin dagiela lan mundu zabalean. Baiña zuzentasunaz jokatuz. Eta zuzentasunaren izenean eskatu bear dautsegu, batzuei ta besteai, errien eskubideak ez zapaltzeko. Ta guk, euskaldun garan aldetik, eskatu bear dautsegu, exijidu bear dautsegu, gure Euskal Erriaren eskubideak gordetea.

Ori egiten ez daben bitartean, kristau ebanjelari orreik, marxista orreik, unibersalismo faltso bat dauke elburutzat. Eta ez doguz onartu bear. Orreik dira De Gaulle'n antzekoak: Ameriketa'ra joan Quebec'eko prolemak konpontzen eta alborago daukazanak (euskaldunenak, bretoienak eta abar), aiztu.

Xabier Gereño


Fama lapurretan (Arenaza'tar Yosu'ri erantzuna)

 Kaixo, lagun!

Zer? Ikusi-eziña ala ezin-ikusia? Sendagille zareanez, errez igarriko dautsazu. Gaiñera, euskaldun jator, beraz egi-zale. Alan be, zuk or lengoan ANAITASUNA aldizkaritxoan idatzitakoari erantzun bearrean naukazu.

Lenengo ta bat, zelan da ori: Ume lapurra ala ume-lapurra? Txikitan, guztiok izan giñan ume lapur, gitxi asko. Eta nagusitan be bai ume-lapur, zelan edo alan umeak geuganduten aleginduaz.

Seminario'ko «crisis» orrek buru-auste aundia emoten dautzu. Oba da! Gaur arteko «euskaldun jatorrak» beti izan dira abade-zale... Diñozunez, ez dago abaderik eta gitxiago seminaristarik. Alan da egia. «Bien bitartean, or dabiltz prailleak «sarea» umez bete eziñik». «Ezer ez dakiten zortzi bederatzi, amar urteko ume-lapurretan». (Guzurra galanta, egi-zale ba zara be. Zortzi urtekorik ez yaku oraindiño gure sare-mailletan geratu.) «Gurasoei ago bat etxetik kenduz, «bachillerra» ikasiko dabela esaten dautsie». Entzun, lagun: Sartzen diranetatik euneko amar ez yakuz geratuten, andik gorakoak kultura-bidea asita eta erdi-bidean gora doazelarik, euren etxeetara biurtuten yakuz. Eguneko 20 laurleko eskatzen yake, eta erdiak 10 baiño ez dabe ordainduten. Esaidazu, Arenaza orrek, zeinbat ogerlekoren zorra egiten dogula uste dozu? Etorri ta ikusi, asautik gauza guztiak ikustea gatxa da-ta. Ez diñogu, ba, kulturaz oiñarritu bear dogula Erria? Euskal mutikoen artean kultura ori zabaldutea zuri ta beste ago-bero askori baiño geiago kostaten yaku.

Baiña gogoan daukadaz zure beste lerro oneik be: «Miiñez jatorrak diran gure praille batzuk». «Euskera aldeko sasi lanak...» «Sasi euskaldun orreintzat» Ikusi daigun nor dan «sasiko». Betoz zuen ardurapean daukazuezan Mungi-aldeko ainbeste mutillak, emengoakaz norgeiagoka bat egitera, bai euskera-saillean, bai euskal kondaira, eta bardin gaur egun Euskal Erriak bear dauzan trebetasunak neurtuten. (Aztu al yatzu Eta, Egi, ta beste talde batzuetako erdiak baiño geiago praille artean egondakoak dirana?) Bear ba da, ume-arteko ezpata-dantza ta txirrindulari-deporten aurretik zabilkuze. Baiña ez diñogu, ba, folklore ta deporte utsagaz ez dagola Erririk?

Goazen aurrera: Larrauri'ko bederatzi prailleki ta seminarista bakarraren kontua dakarzu aurrera. Nik al daukat goibe orren errua? Nun egon dira bertako arduradunak? Nun euren gurasoak, ain maite dabezan umeak lapur baten eskuetan isteko? Mungi'ko sendi orren gora-bera ori ez noatzu zeaztutera, bere ontasunean mindu ez dedin. Alan gura izan ezkero, «sarean» daukadazan biak artuta bertara yoango naiatzu, gurasoen aurrean argi ta garbi itz egiteko. Orain artean lez, aurrerantzean be «saretik» ateraten alegiñak egiten ba dozuz, bear ba da... «Euskal Erriak mutiko bi galdu ditu», diñozu. Asko da ori be yakitea! Mutiko orreik, nai ta ez praille egingo dirala, eta gero gogoz kontra Ego Amerika'ra bialduko dabezala. Kontxo! Aurrerapen asko be ba dago-ta, nok yakin?

Ordena askotako kontua dakizu, lagun. «Obedientziko botoa eskatu ta gero boto ori atxakitzat artu ondoren, agintariak bialtzen dabez Ego Amerikaruntz». Noizipein alan da, izan be, agintariak aginkari biurtzen diranean. Kontuak atera: Zeinbatu dozuz doazenetatik zeinbat doazen era tamalgarri orretan? Ez beintzat zuk diñozun bestean: «Misiolari moduan egunero urtetzen dabe gazte asko ta askok...». Eta ondoren diñozuna benetan negar eragitekoa da, egi uts ta betea ba da: «Emen asten da gure Erriaren odol ustea, gure gazteak erbestera». Eta zer, Ameriketara artzain doazen millaka euskaldunak? Eta zer, berberton, baztarrik an dar, abere-gisa dabizan millaka ta millaka euskaldunak? Ala orreik ez daukie euskal odolik? Aundia da, ba, ortik ziar doazen prailleak gaitik euskal odola galtzen astea! (Ba dakizu, lagun, prailleen sanetan ba dago bakarrik euskal odola, laster galduko da... Eleizeak ezkontzeko baimena emoten ez ba dausku, beintzat!) Eta aundiena, Batikano Kontzilioa aitatuten daustazu... Irakurri izango dituzu, bear ba da, bertatik sortu diran ainbeste Idazki ta erakutsi mamintsuak, batez be Seminariotzaz ta erlijioso-bizitzaz diñozanak.

Baiña, esanak esan, egi-zale agertuten zara. «Borondate onagaz ba dabiltz, doazela aurpegiz, umeak Ego Amerikarako dirala esanik.» Bai pozik be, laguntxu, neuk ba neki! Zeugandik atera kontuak: Ba yatortzu ama bat, umetxua negarrez besoetan dauala. Eta zure erantzuna: Ara, ume au ziur-ziur ilgo yatzu; alperrik dira ebakuntza t. a. Baiña ori ez da egia, geienak sendatu egingo dira-ta. Ba orixe berori nik be. Zelan esango dautsiet, ba, Ego Ameriketarako dirala, euneko 10 praille geratuten ez ba yakuz eta egiten diranetatik erdiak be aruntz ez ba doaz...?

Besterik auxe bakarrik: Zure idazlanaren azken aldean auxe diñozu: «Esan dodan guztia biotzak eskatzen daustana da» (beti ezin leiteke egin biotzak eskatzen dauana, burua be ortxe dago zeozertarako) «ta neu bakarrik egillea». Orixe berorigaitik ezin dautzut siñistu zeu bakarrik egille zareana. Beste «laguntzaillerik» izan ez bazendu, naiko zan andik iru-lau lerrotara ezarten dozun Arenaza'tar Yosu izentapena. Ala euskaldun «jator» baten izen-abizenak ez daukie orrenbesteraiñoko indarrik?

Azkenik: «Nire moduan pentsatzen dabenak asko ta asko dira Euskal Errian». Asko orrein artean ez al gaituzu artzen? Ala banaka batzuen eritxi ta burubideak itsumustuan artzen dabezanak dira bakarrik pentsalari?

«Erri gaixo onek bere seme guztien odola bear dau». Egi aundiagorik ezin zeinkean esan. Baiña seme-alaba guztion indar-odolak eukita be, gure Erriak ez dausku aurrerakada aundirik egingo, erdi batzuen odol-indarrak beste erdienak ondatzeko erabilten da doguz. Barriro be diñotzut: Ikusi-eziña ala ezin-ikusia? Ume-lapurra ala fama-lapurra?

Zure lagun,

Aita Martzel


Aita Martzel'eri

 ANAITASUNA aldizkariaren zuzendaritzak oitura dauanez, zure erantzun «gatzduna» bialdu daust.

«Ume lapurretan» idatzi nebanean zu ta beste batzuk izan nebazan gogoan, baiña ikusten dodanez guztion ikurrindun egiñik, ziri luze bezin zorrotz bat artu dozu eskuetan, neuri sartu nairik.

Nik «sotanearen» kerizpe ederrik euki ezarren, gauza askotarako narru gogorduna nozu, ta ori gora-bera lasai nago.

Aldizkari onen zuzendaritzak emoten daustan eskubidea arturik zure idazlanari amaieratik erantzuten asiko naz.

Ez dozu siñesten «ume lapurretan» nik bakarrik idatzita dagoanik? Ederra kontua! Jaungoikoari eskerrak, «bertsoetarako» grazirik guztiok izan ezarren, itz lauz nai doguna esateko beste «euskaldun» egin ginduzan amak. Neuk bakarrik egin dodala badiñot, argi dago zergaitik dan, odol beroak itsutu ez bazaitu beintzat. ANAITASUNA, eskuzabala izan ta be, prailleen aldizkari bat dozu. «Lur labanean» nabil, eta eneuke nai, zuzendaritzak, neugaitik kalterik artzerik. Ulertzen dozu? Beste alde batetik, ni ezagutzen naben guztiak ba dakie iñoiz be «kapitan araña» izan ez nazana.

Au argi ipiñi ta gero, «erantzun» orretan ikusten dodazan utsneai puntutxu batzuk jartzera noa.

Lenengo ta bein, neure idazlanaren korapilloari ez dautsazu erantzuten, adarretatik zear zabiltz.

Bigarren, nire lanean zu izentau ezarren, ni minduteko alegin guztiak egiten dozuz. Alde batetik praille zara, bestetik bertsolari trebea be bai, ta ondo egiten dozu zeozer gaiñera ataratzeko aleginduteagaz. Jokabide orregaz, neuri be, argi ta garbi erantzuteko eskubide guztia emoten daustazu.

Nire idazlanaren oiñarria au zan: euskal erriak abade euskaldunak bear dabez. Onek gitxitzeak arrisku aundia dakar errientzat. Asko ta asko errudun dirala, gaur au, gure seminariotan, egi garratz bat da. Ta bitartean, Jaungoikoaren jarraitzaille-usaiña dauken mutil guztiak prailleak eroaten dabez. Ta oneitatik praille urteten dabenak, (danak ez dot esan gura) nai ta naiez askotan, Ego Amerikara edo atzerrira bialtzen dabez. Au da korapilloa, egiten diran guztiak ara bialdu ezarren, nai ta naiez doazala asko.

Ba dakigu, Martzel adiskidea, ondo diñozun lez, Seminarioko kalamidadearen errurik ez dozuna, baiña bai beste onen zati bat. Seminarioko ondo ez joatearen errua, antxiñakotuta gelditu diran Eleizearen estruktura batzuk dauke; ta abade askoren itxitasunak be bai. Gogaituta dagoz jokabide askogaz eta besterik ez. Zuek, ondo dakizue ori ta ondo jatortzue. Ara, Bakio'n, bakiotarrak esaten dabena daukat gogoan: Bilbotarrak eta beste kaletar batzuk domeketan eta, lanpernatan, perzebetan etorten dira. Gaztelugatxe edo Akatxe'ra goizetik joan, eta arrapatzen daben guztia zorroan sartzen dabe. Lanperna aundi ta txikiak, gauza diranak eta ez, etorkizunari ez dadautse iñoiz begiratzen. Bakiotarrak asarre izaten dira. Orixe bera egiten dozuela, zuk eta beste batzuk, esan daiteke. Errietara joan eta parrokuagaz edo ango abadeagaz egon barik, eta bera erritik kanpo dala al bada, ixil ixilik eskolarik eskola eta etxerik etxe ibilli ume batzen. Seminariorako «lanperna» gitxi ixten dozue errietan. Olan nortzuk ibilten diran ba dakizu...

Gero zure barriketa gozo ta aberatsak arin berotzen dau gurasoen bokaziñoa. Ala... bederatzi ta amar urteko (parkatu zortzikoak sarean sartu nebazalako) umeak bokaziñoa daukela uste dozu?

Ara, zuetariko prailleki bategaz zer jazo jatan. Ospitalera etorri ziran guraso batzuk amabi urteko mutiko bategaz. Mutikoa zuen ikastetxean egoan, ta gauero oia bustitzen ei eban. San Pelizisimo'ri be ainbat meza eskeiñi eutsoezan, baiña alperrik. Nik mutikoagaz lau berba bakarrean egin ondoren, arek ikastetxean jarraitzeko gogorik ez eukala ikusi neban. Amari etxera atarateko esan neutsan, bokaziñoa berea zala nire ustez eta. Andik ille bira barriro etorri ziran beste umetxo bategaz eta amak esan eustanez, lengo mutikoari, etxera elduagaz batera agortu ei jakon «gaueko iturria». Amabi urte inguru dira ordutik.

Gero, or agertzen dozu burua, «kultura zabaltzaille» batena lez. Or konpon! Ume bakotxari jaten emotea kostatzen jatzuna (jan eta «kultura» emotea, parkatu) diñozu; zeuk jakingo dozu zegaitik egiten dozuen. Dana dala, nik uste dot, merke ordaintzen dozuela. Gaur, gizon bat erosi bear badozu garesti xamar urtengo dautsu. Zuek, eun umek jaten dabenagaz, amar zeuentzako badozuez, ez dago ain txarto; batez be, ortik entzuten diran oiartzunak egiak badira... diru-arazoetan.

Baiña «altruismoz» beterik lan egiten badozue, erriari «kulturea» emotearren bazabiltze, zer dala-ta ez dozuez amar orreik, edo nai dabenak beintzat berton ixten, erriaren aldeko lanetan?

Ni ta ni lako «ago-bero» askok egiten doguzan lanak, zuk eta beste buruarin batzuk uste daben baiño arrisku geiagogaz egiten doguz; eta gaiñera bide batez, sendi bateko agoak betetzeko lan egin bear. Alan da guztiz be, pozik galduko dodaz ordu pare bat zuri erantzuteko. Zuekin jarraitzen ez daben batzuk «gartsu» urteten ei dabe erriaren aldeko lanetara. Orretan, nik baiño geiago dakizula dirudi, ta olan bada, ez deritxot ondo. Orreik, ixilleko goraberak, eleukee edozein belarri barritsura eldu bear; baiña len esan dodana, or konpon!

Zoritxarrez, euneko 90 orreitatik asko ta askok, zuek emondako «kulturea», ainbat ariñen urrea irabazteko erabilten dabe; ta urte batean, amabi urtean ikusi ez eben mundua ikusten asten dira, euren diru, emakume ta abarreko egarria egun baten asetu naian. Errietan bizi izan garanok ondo ezagutzen doguz «kultura» orrek sarritan emoten dauzan ondorenak.

Orrenbesteko «anbientea» ikastetxean badaukozue, zelan erantzun lau itaun onei:

1. Zergaitik kendu dozue Deusto'tik Aita Patxi?

2. Zergaitik Deusto'ko euskaldunei, ikastolarako tokia ukatu dautsazue?

3. Zergaitik Bilbo'ko euskaldunei «Redención» erdera utsean botaten dautsezue, euskerea baserrirako ediziñoan bakarrik agertuta? Zergaitik «kaletar barri» usaiñeko diskriminaziño ori?

4. Zergaitik, zure gaiñeko batek esan dauanez, zuk, berak eta beste batzuk, abade gazteen erriaren aldeko jokabideakaitik txarto esaten diarduzue?

Umm!... Egia ez bada, parkatu, baiña zurrumurruak alan diño beintzat, ta nik ari zuzentxu baten bidez jakin dot.

Gaiñera, zirikadea bota nairik, deportea ta Mungi'ko ezpata dantzea azaltzen daustazuz. Laster ikusiko dozu, euskeraz, deportista oietariko bat izan zan baten bizitza.

An ikusiko dozu, kirolariaren azalpean gizona egiten be alegindu nintzala.

Ta zuk diñozun lez, Mungi'ko gazteak baletorkizuz ikastetxera, euskal arazoetako norgeiagokara, ezendukee nagosi urtengo bear bada. Gaiñera kondaira asko ta euskera asko jakitea zertarako dabe zuen mutillak? Ego Amerikan, atzerrian, erdalduneri irakasteko? Kondaira gitxiago ta etorkizun obeago bat bear dogu.

Zuk diñozun lez, Euskalerriak ez dauko odol-ustuteko zuen «zauri» ori bakarrik. Ba dakit asko dirana; baiña danak ezin doguz osatu batera zoritxarrez. Guztiak ezin osatute orrek, ez dausku ezer egin barik egoteko baimenik emoten. Len esan dodan lez, au da nik ANAITASUNA-rako ekarri neban idazlanaren korapilloa. % 10 orreitatik, euren borondatez doazenai... aurrera!, oiñazez, baiña aurrera! Baiña nai ta naiez bat badoa, bat bakarrik badoa, ez ta ez, milla bider ez!

Gaiera, zuk nik baiño obeto jakingo dozu, ain jakintsu zaranetik, Batikano Kontzilioak izan dauan buruausterik andienetariko bat: Ego Amerikan, euren erritik urrun burua ikusten dabenean, ate ostean sotanea eskegiten dabenen bizikera tristea. Zoritxarrez, askotxo dira.

Au izan da nire idazlanaren oiñarria; ez ikusi-eziña ta ez ezin-ikusia: Egia.

Ta ba noa oera, gaur umeak negar egiñarren, biar lan egin bear dot-eta.

Arenaza'tar Josu'k


«H» dala-ta Sabin-eri

Aspaldiko esana da, ez-jakiñak ausartienak dirala. Eta ortan euskaldunak askotan txapeldun gara, batez bere euskerari buruz ari gareanean. Ez dogu sekula bere euskera aztertu, ez gara izkuntzalariak, eta gure eritxi makalak parra-parra zabalduten doguz. Au izan da gure geixoetariko bat. Lau gauzatxu irakurri doguzala eta maixu agertu gura.

Ori esan-eta, ikus daigun zure «morokil» orren arrazoi-eza. «Ni «H» orregaz ez adiskide, ez asarre, ez dodalako ezagutzen...» Ara emen zure berbak. Zure ez-jakintasuna agertuten dozu. Eta ez badakizu, ixilik egon zaitez. Lenengo egin bear dozun gauza au da: ikasi. Eta gero alde ala kontra zagozan esan.

Baiña, naiz-eta zure ez-jakintasuna autortu, alako sasi-arrazoi batzuk emoten dozuz: «Negar-marraskata eta alaka gabiltza euskel-idazle gutxi gareala ta. Ugarituteko, ortograpi barriak oneri ezartea ez da izango biderik egokiena, orraitio...». Zure ustez «h» ori dala-ta idazleak eskaxtu egingo dira. Ez dakit luzaroan zer izango dan, baiña gaurko egunean ia idazlari gazte guztiak «h» onartu dabe. Beintzat kontrakorik ez dabe ezer. Zergaitik? Arrazoiak asko izango dira. Azaletik bakarrik begiratuaz, pentsatu leiteke «modan» dagoalako-edo. Eta orrela pentsatuten dabenak arrazoi apurren bat ba dauke. Eta esango deutsut zergaitik. Modak beti izaten ditu bere arrazoiak, ez uste zorakeria utsak diranik. Askotan (eta geienetan esango neuke), giro bat azalduten dabe. Zein da idazlari gazteen arteko giroa? Iturrietako ur garbia edan gura dabela, eta ez ur geldi eta zikiñetako loia. Klasikoak artuten dabez ereduz: Axular, Leizarraga, Mogel... eta ez eun urte onetan agertu diran garbizale antzuak. Iparraldeko literatura geiago eta obeto ezagututen dabe, egoaldekoa alde batera itxi barik.

Iparraldekoak beti izan dozuz anai... «ta maite-maiteak be!». Aoz bear bada, baiña ez egitez. Bestela ez zendun esango: «Neuk ezer ez dakidala beste Vietnam bat sortu ete-da gure artean onela konpondu gura izateko?» Zuk jakinda edo jakin barik, Euskalerria beste Vietnam bat da. Edo oraindiño obeto esanda: Vietnam beste Euskalerri bat da.

Gauzak mereziduteko gudukatu egin bear da. Orrexegaitik bada, Euskalerria zati bitan zatitua dagoalako, euskaldunak BAT egin bear dogu praktikan. Ori da benetako maitasuna eta ez aizeak eroaten dituan berbak.

Beste sasi-arrazoi bat bere emoten dozu (zerbait esan bear-eta!): «Geuk be, beste guztiakaz bat egitearren, ez gendun, ba, erbestetu gure «J» zenbatu ezin leitekezan beste berbatan?» Ez naz iñor leziñoak emoteko, baiña «J» ori oso lokala dala eta Bizkaia osoan ez dala erabilten jakin bear zenduke. Ostera, «h» gaur egunean Iparraldean, eta leenago ia Euskalerri osoan erabilten zan. Dokumentu zaarrak aztertutea baiño besterik ez dago. Orduan ikusiko dozu «h» ori eurrez agertuten dala, eta ez dala Laburdi-koak eta Xuberoa-koak asmatu daben berezikeria.

Gerotxuago emoten dozu arrazoia, akonplejatu baten negarra dirudi: «Ez ete-da ori errezago izango nun sartu ez dakigun «H» pillo bat lepoan artzea baiño? Erdeldunak be ez dabiltzaz ba, izki ori jaurti gurarik? Orixe baiño ez geunke biar! Arek bota, eta guk... sakua zabaldu!» Antza, zuretzat erdaldunak zer egiten daben edo ez (euren arrazoiak izango dabez) inportantzia andikoa da. Au erdalkeria!! Beti egon bear ete dogu bada, kanpokoeri begira!! Iparraldeko euskaldunak etxekoak doguz eta anaiak. Españolentzat «h»-ek ez ba dau axolarik, euskaldunentzat bai.

Zuk ederto jakingo dozu españolak ez dabela bereizten «h» berbetakotan. Ostera «h» erabilten daben euskaldunak argi eta garbi mintzatuten dabe «h». Bestela, joan Ahazparne edo Heleta-ra eta laster konturatuko zara.

Beraz «h» euskalduna da, bizirik dago, eta onartu bear dogu ez batasuna egiteko, gurea dalako baiño (euskera lez). Eta onelako kasuetan ez da «referendum»-ik izaten. Diktadoreak beti erabilli oi dituez onelako medioak.

«OTSOLARRE»


Neomarxismoa

Joxe Azurmendi

Neokapitalismoa berba ikaragarri bat dogu. Jakiña, irakurleak ez daki zer dan ori. Izan be, ori, iñok ikusi ez dituan fantasmak lakoxea dogu nonbait: danak sinistuten dabe ta entzun nonok entzun ei eban... Emen Alemanian be, beste leku batzuetan lez, beste fantasma bat asi jaku orain bere izarak illunbetan luziduten: neomarxismoa! Unibersidaderen batzuetako zerbezerietan (orain arte beiñipein ez jaku andik asko urten) batez be.

Zelan jaio zan

Neomarxismoa ez dabe errekan topau. Bere guraso, aitita ta aititaurreko ta dana daukoz. Kausak asko dira, duda barik. Bata da, marxismo klasikoak eta marxismoari gaur arte Estadu komunistek emon deutsoen estruktura sozial konkretoak utsune ta akats larregi agiri dituala. Bestetik, gizartea eta batez be internazionalismoa ta prolema internazionalak errealidade zearo diferenteak biurtu jakuz Marx-en denporatik ona.

Marx-en aurretik beargin klasearen kontzientzia biztu zan lez (eta beargiñen mogimenduak sortu eban Marx-en obra), orain errien konzientzia biztu da. Erri kolonialen konzientzia, oraingoan. Klaseen arteko burruka zana errien arteko burruka biurtu jaku neomarxismoan.

Neomarxismoak ez deusku oraindiño Marx bat topau. Orren ordez, Marx-en kritika jeneralizatu egin da neomarxisten artean, Marx-en puntu asko alde batera itxi dabez eta soziologiatik eta sikologiatik beste elementu barriak sartu dabez euren filosofian. Filosofia lez, alan be, ondo borobildu barik dago oraindiño ta batasunik be ez dauko, jokera desbardiñak daukoz alde batzutan-eta.

Foko batzuek aipatu gura ezkero, Berlin-go, Hamburg-eko eta Frankfurt-eko Unibersidadeen izenak emongo neukez. Gizonak esateko, Herbert Marcuse ta Enzensberger eta onen ingurukoak esateagaz konformatuko gara (ikasleen gora-berak beste baterako itxita).

«Irugarren Mundua» deritxon orrenganako arduratik sortu da neomarxismoa. Neomarxistek diñoskuenez, ez ei dago munduan klaseen arteko burrukarik, ez eta klase burrukarako posibilidaderik be geiago (klaseak egon bai ba dagoz be), ze klaseen arteko artuemonak be zearo aldatu egin jakuz. Klaseak ez, erri aberatsak eta pobreak daukoguz gaur burrukan eta kitxu!

Neomarxistak eta Marx

Neomarxistak ba dakie Marx-egaz txarto xamar konponduten dirala. Ez deutse ardura, baiña. Interpretatu egin bear ei da Marx eta Marx-en asmoak aurrera eroan. Ori gura dabe neomarxistek.

Puntu batzuek

1. Klaseak egon ba dagoz gaur be, baiña gaur ez dira atzo zirana. Erreboluziñoaren indarra ez daroe onezkero klaseek. Klase arteko kontrariotasuna, lenago ulertzen zan lez, pasatua dago. Beargiñek ez dauke klase konzientziarik euki be, eta gaurko fasean ez konzientzia ori ta ez beargiñen interesa ez dira erreboluziño totala egiteko gauza. Soziedadea bardindu egin jaku erri aurreratuetan; erri atzeratuetan, barriz, klase arteko diferentzia barik dago gizarte osoa kolonialismoa apurtu gurarik. Zeruak konkistatu gura doguzan denporaotan, klase interesen gaiñetik dagoz erri aurreratuen proiektoak eta klase guztiak dagoz asmo orreetan interesatuak. Erri kolonialetan bardin gertatu jaku. Gaur politikea ez da, Marx-en denporan zan lez, klaseen interesen defentsarako indar atonketarik. Erri atzeratuetan nai aurreratuetan, ba, klaseak desagertu egin dira eta errien arteko burrukeari emon deutsoe leku.

2. Demokrazia erritarretan asi, bai, egin zan erreboluziñoa, baiña asikeran bertan ondatu zan. Gure sartaldeko demokrazietan lez, an be nagusitasun gogortu autonomora etorri jakuz Gobernuak. Gobernua bere kabuzko biurtu da erri oneetan be, ez erreboluziñoa gura eben klaseen indarraren organizaziño. Alde onetatik, USA ta URSS bardintsuak dira: euren interes nazionalak zaindu gura dabez-ta bakarrik. Alan agertuten jaku Vietnam-go gerran.

3. Erri zapalduen eta zapaltzailleen artean dago gaur konfliktoa, batez be erri pobreen eta aberatsen artean. Erriek, ez klaseek, egingo deuskue erreboluziñoa emendik aurrera. Erriek errien kontra, erri azpiratuak erri zapaltzailleen kontra. Erriek eroango dabe dialektikaren martxa, klaseek eroan bear eben denpora pasatu da-ta. Dialektikaren fase barri batean sartu gara.

Erreboluziño onetan Europak eta Ifaramerikak garbitu bear ditue, batez be, euren kontuak Asia, Afrika eta Egoamerikagaz.

Errebisionistak

Herbert Marcusek ba dau orijinaltasun apur bat beiñipein. Komunista klasikoentzat eskandalo bat izan da, Demokrazia kapitalistetan be Gobernuak ez dituala klase bat bakarraren (burgesiaren) interesak bakarrik zaintzen, esan dauanean. Ze, gizartearen interesak eurak be ez ei dira gaur, Marx-ek esaten eban eta izan be aren denporan ba ziran lez, bi jokeretakoak bakarrik. Interesak ez dagozanezkero derrigor klasetasunari lotuta. Nagusitasun politikoa be, olan, klaseen kondizionamentutik libratu egin da eta bere izakera autonomoa sortu deusku. Gaurko errien arteko konpetentziak, bestetik, klase interesen gaiñetik dagozan proiektoetara bota dauz Gobernuok eta erriok. Jakintzaren eta ekonomiaren aurrerapenak ekarri dauskue au. Gaur ba, dialektikak ez dauko naikoa oiñarririk klaseen interesetan. Edo, naiago bada, erriak dira gaur klase.

Amaibako erreboluziñoa gura dau neomarxismoak. Zelan, gero, olakorik, klaseak garbituta itxi baditu? Izan be, beargin klasearena zan Marx-en erreboluziñoa. Erreparo oneri erantzuteko, erreboluziñoaren Dialektikara jo dau Marcusek. Gizartea (munduan) ez dabe onezkero klaseen interesek banatuten. Jeneralean esanda, interes batekotu egin dira gizon danak. Baiña gizartearen edozein atonketa, osoan begiratuta, atzeraturik geratuten da denporaren martxan. Eta au beti, klasedun nai klasebako gizarteetan: erreboluziñoak bere kolkoan dauko Dialektikaren indar amaibakoa. Osotasun atzeratua, orduan, osotasun barri batek iruntsi bear dau. Au zergaitik edo zelan jazoten dan zeatzago azaltzekoan, sikologiari, ekonomiari, jakintzari ta auzoko askori deituten deutse Marcusek (gauza jakiña da Marcusek Marx eta Freud konpondu gura izan dauzala).

Gizonaren alienaziñoak be ez dira, Marcusentzat, klase banaketatik bakarrik sortuten. Marcusek asko artu deutso onetan Freud-eri.

Eta zer itxaron askorik ez geunkan: arin batean emon deuskue sobietikoak eta sobietiko zaleak neomarxisten definiziñoa: errebisionistak dira! Partidu komunistea debekaturik dagon Alemania Federal onetako agintariak ez dira orain arte unibersitarioen mogimendu onegaz asko arduratu. Geiago arduratu dira komunistak eurak. Au ez da, alan be, ain arritzekoa. Ba dirudi marxismoak ez dauala geiago marxista izan nai; ba dirudi marxismo zaharra (zelanbait esan bearko dogu) inkomodo sentitzen dala, aldatzeko premiñak kezkatzen dauala. Orain arteko tesi asko zentzunbakoak aurkitu baleuz lez, forma barriak sortu nai dituala. Aldaketa arrigarriak ari gara ikusten (Italian, Austrian) marxista teorikoen artean bertan be. Ta oneen ondoan konsideratu bear da emen diñogun neomarxismoa. Klaru dago zelan izan daben Althuseren eta olakoen eragin fuerte bat. Begiak asko zorroztu barik asmau leiteke asmuon kaiñabera artean kastrismoaren bizarra be. Arritzekoago dana, alan be, neomarxismoak atzera atara deuskuz Troskiren zenbait tesi armariotik eta barri barri, kasi estreiñatu barik, baiña indartsu egozala demostratu gura dabe.

Gazteok be marxista autortzen deuskue euren burua. Baiña ba dakizu: marxismoa zer dan ta zer ez erabagi gura deuskuen marxista politikoek diñoskuenez, errebisionista uts dira. Konforme, ba... A!, baiña errebisionista izatea zer dan dakianak eskua altzau daiala.


Bizkaiko Euskal Idazlerik Ospetsuenak (Alkar izketa bat Ajuriagogeaskoagaz)

— Juan Antonio Mogeleri buruz berba egin zenduanean «Anaitasuna» aldizkarian, onegaz batera Añibarro izan zala Bizkai'ko euskal-literaturari benetako aurrerabidea emon eutsona esan zenduan. Onek euki eban Mogel'egaz artu emonik ala bakotxa bere aldetik ibilli zan?

— Bizimoduak bakotxarentzat bere arloak ekarten ditu ta bai Mogel'eri ta Añibarro'ri be. Mogel abadea izan zan lez, Añibarro praillea.

1748'an Billaro'n jayo zan eta Bilbo'n praille-estudioak ikasiagaz, 1772'an emon eban lenengo Mezea. Beiñ Arantzazu'n eta bein Burgos'en egon da, bere eskariaz, Zarauz'-ko «Mixiño Kolegio'ra» ekarri eben. Eriotzararteko urteak ementxe igaro zituan.

Mixiolaria zan aldetik Euskalerririk geiena arakatu eban, eta bear bada olango errietara joan-etorrien baten ezagutuko eban Mogel be, ze, Villasante'k diñoskun lez, lagun aundiak ziran.

— Añibarro'ri, errietara egiten ebazan joan-etorriak, asko lagunduten eutsoen euskerea zallatzen eta euskalkiak ikasten?

— Añibarro'k, Mogel'ek lez, argi ikusten eban euskerea zaintzeko zaletasun gitxi egoala euren inguruan eta baita be ardura gitxiegi eleizgizonen artean eleiztarrai euren izkuntzan zeozer irakasteko. Batez be, eurak aurkitu eben lenengo utsunea, euskeraz libru eder bat ez egoala zan. Au ikusirik adoretsu lanean asi ziran.

— Añibarro'n euskerea zelakoa dan jakin gura neuke; garbi zalea ta erriagandik urrin dabil, ala erriaren izkuntza darabill?

— Añibarro'n euskal zaletasunean zer ikusi aundia eukan Aita Larramendi'k. Eta guztiok dakigun lez, au garbi zalegia zan. Baiña alan da guzti be Añibarro'k baekian norentzako ziran bere libruak; errietara joan etorriak ondo aprobetxetan ebazan, eta euskaldun berezien agotik ikasitako euskerea da batez be berak darabillena. Larramendi'n influentzia batez be Añibarro'n teori-libruetan ikusten da, baiña ez erriarentzako idatzi ebazanetan.

— Au olan dala, zeintzuk dira bere librurik ederrenak?

— Bere eskuetatik urteniko geyen irakurri dan librua ta erriak geyen maite izan dauana «Escu liburua» da. Villasante'k diñosku: «Liburu au irakurritea baño ez dago Añibarro'k erri euskerearen uneraño zelan jo eban ikusteko».

«Lora-Sorta Espirituala» ta «Geroko gero» doguz bere beste idazki batzuk.

Oneik eta beste libru asko daukoz, baña larregi luzatu ez egitearren, ez noa geyago izentatzen.

Lan eder asko egin ebazan eta ondiño gaur be euskerearen aldetik zer ikasi asko daukagu beragandik.

— Añibarro'k Bizkai'ko euskerea bakarrik ekian ala beste euskalkien baten be zeozer idatzi eban?

— Batez be, bizkaitarra zan lez, bizkaieraz egin zituan bere librurik geyenak, baña naparreraz eta gipuzkeraz be idatzi eban zeozer. «Iztegi» aberats bat be itxi euskun. Ganera «Gramatica Vascongada» bat be egin eban, eta ez Bizkai'erako bakarrik, Gipuzkoa ta Naparroa'rako be bai.

— Azkenez, guretzat, gaurko euskaldunontzat, ze inportantzi dauko Añibarro'k?

— Bere iztegia oso aberatsa da, ta sarritan sinonimo asko darabiz; orregaitik, bere libruak irakurtea aspergarri egiten jaku; alan da guzti be, bere euskera zarra, antxiñako gizaldietako berbakuntzea ezagututeko, oso baliotsua jaku.

«Eta desgrazie da, bere nazimentuko víllakoak, no solo bere izena aiztu (=olvidar) daubiela, sino también bere lenguaje zarra galdute daukiela.»

Itxartu, Villaro!!!

YURREBASO


Nikolas Ormaetxea "Orixe"

Guretako norbaitek esanik du, itzez edo idatziz: EUSKERA'KIN EZKONDU ETA EUSKERA'RENTZAT BIZI IZAN ZAN gizakia gendula gure «ORIXE» aundia.

«Zer-nolako kristau zintzo, gizon aundi ta euskaldun idazle bikain ta letraduna izan zan esatea dagokigu», esanaz oarrazitzen digu Labaien'ek «ORIXE-OMENALDI» liburuan, eta bere izaera ta egiñetzaz zabalkiro mintzatzean, onela dio lerrokada batean: «Lan bikañak, naiz itz-lauz eta naiz itz-neurtuz, mamia ez-ezen, euskera ere sakon-sakonetik ezaguten zuala ezagun zitzaion».

 ETXANIZ apaizak, liburu berean: «Gaur gure artetik aldegiña degun «Orixe» aitatzekotan, «Ura zan gizona!» esan bearrean gaude».—«Ikaste-lanak ere alaxe artuko zizkitzun, argi osoa sortu arte».— «Iñoiz «Orixe» bere erantzunak ematen irakasleari eta ikas-lagunak txaloka lertuko ziran. Ain erantzun bikañak eta argiak ematen zekian...!»

 «BORDARI»-k: «Il-kutxa itxi aurretik bekokian muñ eman nion adiskide miñari. Kopeta otzaren ikutu goxoa sentitzen dut ordu ezkeroz, «Orixe» oroitu bakoitzean. Oroitzapen ederra daukat. Onetxek biotza ta gogoa negarrik gabe lasaitu dizkit...»

 Aita GOIRIA'k: «Arek beste euskeraren alde egin dauanik, ba ete-dogu gero? Zan eta eban guztia, «Orixe»-k, Euskalerri ta izkuntzaren alde emon eban. Euskerari ezarri eutson oñarrizko zerbait Euskal-literatura lora usaintsu ezin-illez edestu euskun. Eta lora onen artean «Orixe» dabilkigu gozo-ezti. Beraz, «Orixe» ez da il!»

 ANDIMA'k: «Aurtzaroan txunditu ninduen «Orixe»-ri zerion argitasun paregabeak, eta arrezkero aren eskutik ibiltzen saiatu naiz, mutiko baten antzera, aren eskolan kozkontzera iritxi gabe ordea». «Baña, ezagutzen genion oroimenetan bizi iraungo du, tinko, eta euskera maite dogunon artean ere aren sua ezta iñoiz itzaliko. Euskera zutitu zigun «Orixe»-k, eta zutik iraungo aren oroitzapenak mendeak-mende».

 OIARZABAL apaizak: «Orra, ba, «Orixe» euskera-zale, euskera maite zulako ta maitasun orrek eragiñik utzi zizkigun idatzi jator eta bikain ugari (zortzi liburu arrigarri ta eundaka idazlan jakingarri) euskal usai ta mamiz eder eta gozoak. Lan oiek euskera, len zegon mallatik oso gora jaso zuten, euskera ugariago ta ederrago egiñaz. Egiz izan zan, «Orixe», euskera-zale ta euskera-zalien eredu ta Irakasle».

 Aita ONAINDIA'k: «Orixe», lateratik eta gerkeratik itzuliz asi zan idazten. Lenengo «Jesus'en Biotzaren Deya»-n, gero, beurak eta beste asko «Urte guziko Meza-bezperak»-en. Itz-askatutan egin zitun bezela, bertsoz ere beti agertzen zaigu maixu ta izkuntza-menderataille trebea». «Nik maitez egin dudan au (bere lan danen azterketea) bedi gure maixuaren lana gero ta geiago ederretsi ezagunazteko».

 Aita BAZTARRIKA'k: «Orixe»-k Jainko-lanik zabal eta sakonena Mistikari buruz egin du. Bere Jainko-lan geienak, edo mistika dute gai edo mistika-kutsu bizia; bañan batez ere «Quito'n Arreba'rekin» eta «Jainkoaren Billa» idaztiak». «Apaiz askok ezin zutena —ez omen dira olako gauzak euskeraz esateko trebe (JBI Sarrera I)—, «Orixe»-k maixu-eskuz egin du. «Orixe»-ren Jainko-lana bide batez beti euskera-lana izan da: euskeraren aldeko lana».

 GOIKOETXEA apaizak: «Labur esan, «Orixe»-k berak «Itz eta Mintzoa»-n dionez, bizar asko gabe zetozkion itzak. Etorriari gagozkala, ezkenun ain oparo, ez mingulin, ez gilbera, bai sen ta giartsu. Beti umo ta mamitsu ustu zigun bere barnegiroa. Ezta arritzeko. «Orixe» beti barne-aldea begira zegola ematen zun, beti zerbaiten gogaketan, ausnarrean...»

 Aita ALTUNA'k: «Itzak sortzen ari baizan «Orixe» idazten zuen edozein lanetan. Ez dut esan nai artaraxe jartzen zanik. Berez zen itz-sortzaille, ta artara jarri-bearrik etzuen, itzak sortzen aritzeko. Arkaitzetik darion iturriari bezela zerizkion itz eta esaera bixiak bor-bor, «Orixe»-ri: berez, nai-ta-ez, bere barruko ugaritasunez ta etorriz».

 ERKIAGA'k: «Idazle azkartzat jo dugu «Orixe», ta halakoxea izan zan. Batez ere gure izkuntza erabiltzen. Haren parekorik izan ote degu hortan?»

 ZAITEGI apaizak: «Nere aldikoak orrelaxe maite izan dute «Orixe» bikain-bikaña: biotzez, irakasle ta otsemaille bezelaxe, menpeko ikasleak balitzaz bezelaxe».

 LEKUONA apaizak: «Rimari-buruz ez noa ezer aundirik esatera. Ori bai, aldiz-aldiz ba dakiala rimarik gabe olerkiak egiten gure «Orixe»-k. Ez askotan. Bein edo bein. Gañerakoan oso zorrotz duala puntu edo rima-kontu ori bere olerki guztietan. Zorrotz, ondo biribildua. Puntu ederra, ondo aukeratuz, ez Bidasoaz aruzko batzuk erabiltzen duten askatasunez, baizik-eta emengo aldetik Otaño eta Xenpelar'en eskolakoak erabiltzen duten bezin zeatz. Aukerakoa; aukeratua; baña ez murritz. Oparoa, oso oparoa. Parra-parra dariola dirudiena. Arrigarri, benetan. Eziñik gabe. Beti errez, beti oparo».

 Luis MITXELENA'k: «EUSKALDUNAK» poemaren urte aietan eldu zen gorengo maillara «Orixe»-ren izena ta omena. Bizirik genduen gure artean gau-egunetako ametsetan billa genbiltzan izkuntz-eredua, Irakaslea eta urrutiko gaillurretatik bidea erakusten zigun gidaria. Poemaz-landa, gaiñera, ez zegoen geldirik «Orixe». Bere euskal-lanak, iñoiz ez bezela, zamaldan zetozkigun multzoka, bata bestearen gain, itz-lauz eta itz-neurtuz. Eta bakoitza, banan-banan, lehengoen ospea geitzen eta zabaltzen ari zitzaigun. Gizon bezela, eta auxe noski lehenbizikoa, bere buruarekin burruka eta Jainkoaren billa, egiazko euskaldun eta euskaltzale, Euskal-erriaren seme jator, ez itzez eta ez oihuz, eguneroko lanaren-lanez baizik».

 Eta nik, auxe: Bati-bat oraingo zenbait euskal-idazle ta euskaltzale berrien jakingarrirako: Alegia, «ORIXE» ta aren «kide»-en irakatsi ta egiñen iturri emankorrik izan ezpagenu, agian, gaur, ez genduala nork eta nun idatzirik izango; etzala oraiñaldian Euskalerrian nabaitzen dan euskal-girorik nabaituko; etzala gaur aña euskal-liburu, antzerki ta ikastolarik sortuko; eta... EUSKALTZAINDIA'rik ere... ote-gendun izango?

GARMENDIA'tar JON, «ZELETA»

(Euskaltzaindikoa)


Abenduaren 8an, Bilbaon. Bizkaia ta Gipuzkoa Artearen eta Karidadearen alde

Azkenengo urteotan lez, Maquinaria Eléctrica Bilbaok jaialdi bat atonduko dau Bilbaon, Kontzeziño egunez. Gillermo Asteinza, Etxe orren Jerenteari eskerrak, erea eukiko dabe Bizkaitarrak gauza on bat ikusteko, eta beste urteetan lez Coro Easori entzuteko, Bastida Maixua soiñu zuzendari dala.

Zazpigarrena

Urteroko jaialdi au zazpigarren aldiz egiten da, eta beti asmo beragaz: ARTEA TA KARIDADEA.

Artearen bidez lagundu gura jake Bilbaoko karidade etxeetan bizi direan pobreeri. Aurtengo diru irabazia, La Casillako umezurtzen Asilorako izango da. Jakin beie danak, oraiñarte emoniko dirua 200.000 pesetara ia ia eldu dala.

Jaialdia

Danak dakie Bilbaon, Coro Easo guztiz ona dala, abestalde onek Bizkaiko uriburuan sarritan jardun dau-ta.

Lenengo jaialdietan, bost urtean segiduan, Coro Easok betetan izan dau Festibaleko programa osoa.

Azkenengo urte biotan barriz, Bizkaia ta Gipuzkoako musikalariak batzeko eta artista barriak presentatzeko, jaialdi onetan jardun dabe: San Antoneko Orfeoiak, Polentzi Gezala txistulariak, Fabian Hormaetxe tenoreak; eta aurten jardungo dau Lurdex Iriondo miragarriak.

Programea

Lenengo partean, San Antoneko Orfeoiak Bastida Maixuaren EUSKAL MEZA abestuko dau. Oraiñarte ez da entzun Meza au Bizkaian; eta bertan artzen dabe parte txistulari, bertsolari ta dantzariak.

Bienbitartean, Lurdex Iriondok poztuko gaitu bere euskerazko kantu barriakaz.

Bigarren partean, Coro Easok abestuko dau, Bastida Maixua bera zuzendari dala; eta  Gernikako Arbolagaz amaituko da aurtengo jaialdia.

Entzungurea

Jaialdirako etorrigurea guztiz da aundia. Salduta dagoz aspalditik lokalidade guztiak.

Orregaitik eta jente askok eskatu deuskulako, jaialdi osoa radioz zabalduko da geroago.

Francisco Javier Garciak egingo dau kontzertu aundi onen presentaziñoa.

Abisua

ANAITASUNA amabosteroko onek, urrengo numeruan eskiñiko deutsue jaialdi onen gaiñeko eritxia.


Ezagutu zure erria

Zeberio

 ZEBERIO naz...! Bai, Zeberio'ko erria nozu...!

ZER...? Ez nozula ezagutzen...? Ez dakizula nun nagonik be...? Au lotsagarria! gure zorigaiztoa! Euskaldunok Europa, Asia, Amerikan zear ibiltea; len ta gaur mundu zabala arakatzen ara-ona ibiltea ta... geure lurraldea, geure txokoa, geure etxea ez ezagutzea. Au gure pekatua!

Ia, ba. Zatoz gaur Zeberiora...!

Sartu zaitez Ugao'tik (Miravalles'etik) Nerbion erreka igaroaz ezkerraldera ta Zeberion zagoz. Edo zoaz, naiago badozu, Arratia aldera eta Arteaga'n (Castillo-Elexabeiti'n) io egizu eskumaldera ta baita Zeberion zagoz.

Eta... Zer ikusten dozu...? Begiekin, bear bada, ez asko, inguru menditsu onetan. Erri oso luze ta zabala izanik, mendi artean estalduta, ostenduta naukozu... argitara urtetako lotsatuta lez, bear bada Euskal-Erriari arpegia erakusteko adore barik, erdal-erriagaz artu-emon zitaletan nabillelako edo...!

Baña gaur, gaxoa osagilleari lez agertzen eta zabaltzen noatzu. Ona emen, nor ta zelakoa nazan:

 1.—Erri aberatsa naz. Menditsu ta basotsua. Bizkai barruan mendi ta baso arazoetan aberatsena bear bada. Nire bizkarretik, nire semeak (ta zoritxarrez ez danak propietario diran, gitxien batzuk baño) amaika lauko badaroe erritik kanpora neu billosik itxiaz... Kanpotik, barriz, ezer ez dakarre ta iñor ez dator nire erreka baztarretako gerizpe gozatsuak uda aroan artzen izan ezik.

2.—Zenbat aldatu nazan aspaldi ontan... Orain 30 urte bizi nengoan, odoltsu, arnasaz beterik. Nire semeak maite ninduen, nigaz pozik bizi ziran, nire mendietako gaztaña, pago ta aretx artean kontau eziñeko ardi, basa-bei, txarri ta zaldi mordo ugaritsuak atsegiñez ikusten nebazan goiz illuntzera euren arran-ots gozoak entzunaz... Gero, piñu baltzez bete ninduen eta erriko nire semerik geienak beste toki batzuetara begira asi ziran.

3.—Gaur, 2.000 biztanle dodaz, iru alderditan bananduak: Errigoyen'go auzonetan, Zubialde'ko Plaza inguruan eta Elbarren'en. Baserri asko kamiñotik oso aldenduak, geienetan auzo osoak: Zeberio-gane, Argiñao, Barañao, Uriondo, Saldarian... gaur utsitu bidean doazanak. Bi milla bizi-lagun onetatik 100'ko 20'en bat erdaldunak dira. Ta bai onek, ta bai gañerako euskaldunak, erdi ostatariak dodaz. Bai ba, ez dot industririk eta, 5 ol-serrategi izan ezik. Gizonezkoetan 100'ko 90 albo urietara doaz lantegietara edo ikastetxeetara: Laudio'ra, Ugao'ra, Bidebieta'ra, edo Bilbora. Baserri utsagaz bizi-bidea daben fameliak oso urriak dira, geienetan errentadore izanik ugazabak solorik geienak ta onenak piñuz iantzi dautsezalako. Motibo onek bide dirala ioan-etorrirako erreztasun gitxi diralako, nire semeak euren gogoa erritik kanpora daroe ta ezkon-barri geienak urietara doaz bizi modu eroankorrago baten billa.

3.—Izatez, erri oso langille, lan zalea naz. Baña nire zaletasun ta alegin orrek, geienean diruaren kezka dau bultzagarri bakarra. Diru-bide egoki bat lortu ezkero beste kezka guztiak ito zorian dodaz.

4.—Ta euskera ta euskal arloetan ZELAN?

Lenengo esan bear dodana: «muga» baten iarria nazala. Geienbaten erdera utsa egiten daben urieri ikutzen. Nire seme-alabak uri erdaldun orrekaz dabez euren artu-emonak langintza, ikastola ta iolasetan. Ta nire euskera... gexotzen doala esan bear. Nire gazte ta umetxoen artean ainbat erdera entzuten dot. Zati eder bat aita-amen erruagaitik, euskal kontzentzi bizirik ez dabelako, seme-alabak erderaz entzun arren miñik artzen ez dabelako. Euskal izatea, euskal nortasuna, diru orde saltzeko sarri askotan prest dagozalako.

Beste zati eder bat, eskoladunen erruagaitik, batez be maisu-maistrak iatorriz ta biotzez gaztelarrak diralako. Eskolatu orreik nire ondasun eta gogoa, espiritua iaten bakarrik etorriak diralako. Euren artean, gaurkoz, eleiz gizonak dira euskeraren alde zerbait egiten dabenak Meza ta kristau ikasbidea euskeraz emonaz. Eta arlo onetan, etorkizunari begira zer? Geroari begira zer? Auxe nire kezka nagusia, larria. Bai! Naiz ta mingarria izan illun-samar ikusten dot nire etorkizuna.

Noiz arte iraungo dau euskaltasunak...?

Zer izango naz ni, Zeberio, urte batzuk barru? Euskal-erri ala erdal-erri...?

Iota naukon gaitx, gexo onek eroango ete nau beste mundura, betiko erdel-illunera...?

Nire gaurko seme alabak (gazte ta umeak) itxartuko ete dira beranduegi egin orduko eta indartuko ete nabe bizi nadin euren eta osteikoen denporan...?

Ala azken arnasa laster emon bearrean ete nago? Erdel pizti gosekil amorratuak iruntsiko ete nau laster ni be betiko Euskal erriko beste zati asko lez...?

Zeberiotar neure seme-alaba laztanok...! Itxartu zaiteze! Euskal Erriaren zati bat nozue ondiñokarren. Itxartu zaiteze! Basoetako baño aberastasun andiagoa dozuen batzuk barru ez daitela nire atarian iarri bearrik egon idazkizun lotsagarri au: «Emen da Zeberio, beñola Euskal-erriko zati zana. Goian bego...!»

SALATARI