ANAITASUNA
11
Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua
ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.
IDAZTI AU 1967-ko ABENDUAREN 31-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.
Zuzendaritza ta Banakola
Irala, 8 — Bilbao-12
D. L.: BI 1.753-1967
GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12
Urte Barri egunean, Bakearen Eguna ospatuten dogu mundu guztiko katolikuak. Alantxe gura izan dau Aita Santuak. Bere gurari ori dokumentu baten azaldu deusku, denpora asko ez dala, Kontzeziño egunean ainzuzenbe. Ona emen dokumentu orren laburpen bat.
Urtero ospatuko da
Gaurtik aurrera, urtero ospatuko dogu mundu guztiko katolikuak Urte Barri egunean Bakearen Eguna. Baiña Aita Santuak ez dau gura, egun au geurea bakarrik izatea; eta orregaitik eskatuten deutse mundu guztiko gizoneri eta organizaziñoeri, eurak-bere egun au katolikuakaz batera ospatu daiela.
Zetarako ospatu
Berba egin bear dogu bakearen gaiñean. Erakutsi egin bear deutsagu munduari, bakea maitatzen, bakea egiten, bakea defenditzen, peligruak aundiak dira-ta. Peligru asko aitatuten ditu Aita Santuak. Gugandik urreen dagozan bi bakarrik esango doguz emen: alde batetik naziño andien egoismua eta beste aldetik erri txikien desesperaziñoa, edozer gauza egitera bultzetan dauana, biziteko eskubidea gizonari ukatuten jakolako eta bere diñidadea zapaltzen dalako.
Egun onek asko lagundu leiskigu, bakearen alde lan egiten. Lan aundia benetan! Bakearen aldeko mentalidade barri bat sortu eragin bear dogu gure artean, batezbere gazteen artean, gizona zer dan, zetarako dan eta bere eskubideak eta obligaziñoak zeintzuk direan argi ta garbi jakiteko.
Zer dan bakea
Aita Santuak bakeari buruz berba egiten dauanean, ze bake esan gura deusku? Benetako bakea, ez edozelakoa. Bere esanez, benetako bakeak zuzentasunean dauko fundamentua, eta gogo onez onartzen ditu persona bakotxaren eta naziño bakotxaren eskubideak. Bakea ez da berba utsakaz egiten, egintzakaz baiño. Ezin leiteke bakearen gaiñean egiaz berba egin, bakearen oiñarriak onartzen eta errespetatzen ez badira.
Ona emen bakearen oiñarriak: egia, justizia, maitasuna ta libertadea. Justizia ta maitasuna naziñoen artean eta naziño bakotxeko erritarren artean, bai alkarregaz, bai agintariakaz; errien eta personen askatasuna gauza guztietan, gizarteko bizitzan, kulturan, oituretan eta erlejiñoan. Bestela, ez dogu bakerik eukiko, opresiñoak azaleko ordenatasuna ta legetasuna erakutsiarren; bestela ez dogu bakerik eukiko, amaibako ta derrigorrezko zalapartak, erreboluziñoak eta gerrak baiño.
Bakea ez da pazifismua edo bakezalekeria. Sasi bakezaleak, bakearen arerioak dira. Eta segiduan esaten deusku Aita Santuak nortzuk direan sasi bakezaleok. Olako gizonak, kobarde batzuk dira. Bildurra dauke erriaren alde lan egiteko, euren anaiak justizia ta askatasunaren alde bizia emoten daben bitartean; olako gizonak ez dabe ezelango erantzunbearrik artu gura, eta besteentzako itxiten dabez peligruak, zeregin andietan beti egoten direanak eta danok igaro bear doguzanak.
Bere idazkiaren bigarren zatian, katolikueri berba egiten deusku Aita Santuak. Azkenengo urteotan, mundu guztiko gizonak iñoizko argien ikusi dabe, bakea dala eta bakarrik bakea, benetako progresuaren bidea. Orregaitik, bakearen alde lan egitea, asmo aundi bat da, gaurko gizonaren biotza guztiz betetan dauana.
Zorionez, beste iñor baiño obeto preparatuta gagoz katolikuak bakearen alde lan egiteko. Kristiñau erlejiñoaren mamiña, bakea da. Bakea zabaltzen dogunean, Kristo bera zabaltzen dogu, apostoladua egiten dogu, erlejiñoa egiten dogu. «Kristo da gure bakea» (Ef., 2, 14). Bere Ebanjelioa, «Bakearen Barri Ona da» (Ef., 6, 15). Kristoren Ebanjelioak bakarrik ekarri leike benetako bakea; eta guk katolikuok, berbaz eta egitez zabaldu bear dogu Ebanjelio ori mundu guztian. Arazo orretan ez deusku Kristoren laguntasunak uts egingo, zintzo lan egiten badogu eta otoitzari ekiten badeutsagu.
Gaur berton asi bear dogu lan orretan, 1968garren urtearen asikeran. Gitxienez, otoitz egin bear dogu gaur danok bakearen alde, eta biotz biotzez esan: «Kristo Jauna, gugaitik il zareana, emoiguzu bakea».
Zaldibar'etik
Euskaltzale nazan aldetik eginkizun bat bete bearrekoa ba daukodalako usteagaz, berbarriz aurkeztuten naz aldizkari onetan, aspaldiko irakurle.
ANAITASUNA izeneko aldizkari mamintsu au Euskalerri guztian zabaltzeko iln neketsu ta ixilla egiten ari diran zuzendari eta idazkolako beste lankide daneri, nere aldetiko Gabon zorion agurra eta Urtebarri oparotsua opaltzea.
Aldi berean, bardin damotset erritar irakurle ta irakurle ez diraneri be; ta gaiñontzeko gure erria bizitokitzat artu daben erri zale agertzen diraneri.
Erri zale diñot, garrantzi aundikoa dabelako agerkera au. Euren jatorrizko errien maitasuna baztartu barik, bizibidea aurkitu daben leku eta lekuko biztanle eta ekanduentzako begiramen eta esker ona agertzea.
Gorago esan dot ANAITASUNA zabaltzeko lan ixilla ta neketsua dagieneri... Bai! Abertzale asko... bai? Konturatu be ez gara egiten, obeto esanda, ez gara arduratzen zenbat mingostasun jasan bear dituen euren ardurapeko euskal izparringiak aurrera atarateko alegindu, arnasa apurtxo bat ezarri eta biziarazo eragiteko lanpetuta dabiltzanak.
Mingostasunok (tamalgarri da esan bearra) geienetan ez dira etsai agertzen diranen aldetik agertzen diranak, baizik, euskotarra naz esan eta, laguntza ukatzen dogunon aldetik geienbat.
Euskalerria berbiztu gura badogu; gure nortasuna sendotu, euskal askatasuna lortzeko zeintzuk bide urratu bear doguzan jakin arazo, gure eskubideak zeintzuk diran azalduko dauskuezan euskal izparringiak irakurteko zaletasuna biztu bearra daukagula esan bearrekoa da.
Gure bearkuna da, guk, geure alorra zaintzea. Ori egiteko jakin egin bear euskal arazoak zelan dabiltzan. Ez uste izan atzerritar izparringiak gure nortasuna jagon eta gure eskubide aldez agertuko direanik.
Orregaitik ba guri euskal arnasa emoten, zanetan daroagun euskal odola sendotzen, il ez baizik bizi gaitezan lanean ari diran ANAITASUNA'ko aldizkari egilleoi laguntza zor dautsuegu. Bakar batzuen lana txiro gelditzen da. Alkar laguntza sortu bear dogu, indartu egin bear gara. Areik idatzi eta guk irakurri ta jakin. Orretarako arpidetu, ANAITASUNA'ra suskribidu egin bear gara eta gure adiskide artean be zabaldu eta suskritoreak egin. Olan emongo dautsegu poza euren lan onurakorra gogo onez aurrera eroateko.
Eskintzera joatzuenari EZ esan baiño len oartu, konturatu noraiño beartzen zaituen abertzale izate orrek, eta ez zeken izan, baizik esku eta biotz zabal.
Izpar pozgarriak
Tolosako Udalak, Aiuntamentuak, erri orretan eta bere babesean euskerazko ikastola bat eregi dau.
Noizbait asi dira erri agintari batzuek bearreko doguzan ikasbideok jarten. Gaiñera Tolosako alkateak berbaldi bat egin dau ikastola eregikeran, eta ikasiak artuko dituen umetxoeri au esan dautse: zaletasunez ikasi dagiezala ikastola orretan emongo iakezan ikaskaiak.
Euskalerriko zenbat erritan egin bear litzake au. Bearrizan aundi bat beteko litzake. Or, Tolosako Udala eredu. Beste errietako Aiuntamentueri ikasbide ederra eskinten dautse.
Irlanda'tik
Laterri orretako Uri-nagusi Dublin'dik jatorku izpar au.
Patrick Farrel, lege-gizona berau, Dublin erri-buruko liburutegi nagusiko idazti, liburuak irakurten joaten zan eta euskal gramatika bere begi aurrean ikusi ebanean arrituta gelditu zan.
Gaur, lege-gizon orrek euskeraz itz egiten dau eta gramatika ori, euskal gramatika ori bere egillearen baimenagaz inglesera itzultzen ari da, eta ez da agortuten gure euskerearen aldezko goramenak esaten. Or ba erbeste laterrietako gizon jakintsuak, gure arrobi aberatsagaz lilluratuta. Guretzako beti erdera obea. Guretzat beti urriñeko intxaurra ale aundia.
Erri-barrutik
Errian dakigunez geixo batzuk dagozala-ta, eurentzako osasun betea lenbaitlen opa dogu.
Eriotz mingotsak gure artetik eroan dausku Facunda. Estimaua auzoan, siñismen sakonekoa. Goian bego. Agur samiña sendikoeri.
ALDAKAITZ
Ezpeleta'tar Joxe il da
Euskalerriaren alde egin ebazan zer guztiak agertzen ez da beingoan adierazten emoteko, errexa. Asko egin eban eta guztia ona.
Asi folklore ekintzai emoten eutsen laguntasunetik eta kulturaren alde antolatzen ziran jaietan bere lepoan artzen eban bearretik, euskal itzaldiai, euskal aldizkariai, ikastolai, diruz emoten eutsen lagunketatik, ixillean, Ezpeleta Jauna an egoan atzean...
Euskal kultura gaiak eta arazoak benetan bizi ebazan, eskuratzen ebazan irabaziak neurriko zatian eta zintzotasun aundienagaz euskal bideetara eroanaz.
EDILI'ren sortzailletariko bat izan zan eta bere babespean sortu-erazi ebazan «Zeruko Argia» eta «Anaitasuna»'entzako indar barria.
Bere inguruan ibilli giñan guztien artean dizdiratsu agertzen yaku bere ekintza eta euskaldunok esker-oneko agertzearren itz labur oneik gutxienez bere oroigarritzat, onera erakartera beartuta aurkitu gara. Goyan bego.
- Euskera ikastea «lujoa zala» esan eutsan Derioko abade irakasle batek euskal abadegai bateri, joan dan illean. Ederto!
- «Ama Lur» non dago? Nik beintzat ez dakit.
- Euskal ikastolak eragozpenik baiño ez: dirua dala, ingresua dala, inspektora dala, andereiñoen oposiziñoak dirala ta ab.
- «Kili-Kili» geroago ta obeago. Euskera erreza ta errikoa darabil; umeen izateagaz bat-bat eginda dago. Margoak interesgarri ta egokiak. Danok lagundu bear dautsogu Retolaza abadeari, «Kili-Kili» Bizkaiko ume guztien illerokoa izan daiten.
- Edukaziño arloan nagusi diranei, «edukaziño» geiago eukiteko euskaldunekin eskatuko neuskioe. Ainbeste guzur Bizkaiko izparringietan eta teleikusketan...
- Euskal idazlari bat «c»-gaz idazten asi dala diñoe. Ederto! Gaurko erriaren egoera da sasoi egokiena, orrelako gauzakin asteko. Lendik be eragozpen gitxi egon dira euskal irakurleak ugaritzeko. Zer da interesgarriagoa? Nire pentsakera ala erriaren egoera? Dana dala, nire zorionik beroenak lan asko egiten dabelako. Bear bada, beste askok berba utsakin geratzen gara.
- Euskerazko asteroko ta illerokoetan, idazlari batzuen artikuluak denpora larregi itxaron bear «eldu» arte. Eldutasunaren kontuak.
- Arrateko erri-irratia oraingo ustelduta egongo da. Gixajoa! Abioientzat ez eukan seiñalerik-eta...
- Abesti-protesta «modan» jarri da. Letreagaz bakarrik ia geratzen garan, bildur nago.
- Euskal ikasle edo estudianteak, Madrille, Salamanka, Barzelona, Tarrasa, Zaragoza, Valladolid, Iruña'ra doazanean, itzelezko programa ta ekintzak. Udan, danok etxean gagozanean... batzar bat be ez, alkar-ekintza bat osotzeko. Betikoa: bakotxa bere aldetik. Ori bai: danok erriaren alde.
- Amaitzeko, danok ikusi bear dogun gauz bat: lanari ekitea frutua ikusi barik.
Egurrola'tar Bitxor
Aize zakar batek irauli daust zure liburuko azken orria. Ta alako zerbait, ezin esanezko bat, sartu iat biotz ondoan. Neronek baneki zer dan!...
Ez, enoatzu kritika bat egitera, ezta au nire gogoa. Zure aritz-pagadi urtetsuak, zure ibai, Gernika kixkaldua, Mokotz, Kleto, Ebaristo, Pilar, ta ainbat eta ainbat gauza geiago, begi aurrean dizdiratsu daukadaz oraindiño.
Esango dautsut, maite dodazala maite izan dozuzanak, zureak lez neure-neureak diralako!
Nire ustez, euskaldun geienok zuk agertu dauskuzun lako istori antz-antzeko bat daukogu. Erri onetako lur sakon-ixil ber-beraz egiñak ezkara ba? Gure adimen, gogoketa, naiera ta sentipenak bardiñak ez dira ba? Orregaitik zure «Barroetarrak» biotzeraiño eldu iat.
Diñozunez, iru illabetez idatzi zendun istori au, atzean, izanekoan, betiko baztartuteko gogotan, izan diran ta datozan gauzak banatzeko asmoz. Baiña alperrikoak alegiñok, bizi zaran artean zure izate osoan izango dozuzalako. Gizonok gitxi-gitxika, apur-apurka ez gara egiten ba?
Ta egin gaituen gauza guzti oneik zelan ukatu, zelan baztertu, zelan papel utsetan aldendu? Istori guzti ori, argi dakust, zeu zara ta zeu ori ezin iñoiz ukatu, aztu, berezitu.
Ebaristo, osabaren antzera zeuk be zure erretrato bat, iduri bat margoztu dozu, barruko ezkutuak agertuz. Zeinbatzuk ez ete gara ikusi erretrato, iduri orretan...!
Gauza batek samindu nau benetan..., zure gizaki edo personajeak euskaldunak izanik, zein nekez agertzen diran erderaz entzutean! Zergaitik gizakiok nekatuarazo eurena ez dan izkuntza baten? Elitzake izango gureago idazti au euskeraz balego? Gure asabak mintzo baten azaldu baziran, zergaitik guk, orainguok beste arrotz dan bat erabilli?
Entzun zer diñoskun Lizardi aundiak bere olerki baten:
Lena zegoen orañaz
ele gozoka. Bitzuok
mintzo beraz ziarduten.
Ene asaben lokarri zarra,
Yaunari zor, e-tzan eten!
Gaurkoak izango ete gara lokarri ori apurtuko dogunok? Lokarri bizi ori igartzen bada gure nortasuna ito da betiko. Euskalerria aurrerantzean ez da EZER izango. loan elurteen ondar lokatztua, zikiña... besterik ez! Erriaren itotzailleak euskaldunok? Nongo erritan ikusi da ori? Orrenbestean biurritu gara? ITXARTU GAITEZAN, ARREN, IL ORDUKO!!!
Uste dot laster ikusiko dogula idazti au euskeraz. Erderaz egin dauanak, euskeraz beste asko ta asko be egiteko garra ba daukala esango neuke.
Abadetzarako bokaziño nai bokaziño barik, beti itxarongo dausku Aberriaren ats maitekorrak. Ez daigun papel utsetan gure istoria aztu, bete daigun zintzoro seme onaren eginbearra. Orduan bai erakutsiko geunskio munduari gure egiazko Istori Barria!
Pujana tar Juan Jose
ANAITASUNAK 15garren urtea bete dau. Mutil egin da. Adin orretan, gizaki geienak euki oi daben krisis gordiña, aurten ezagutu dau gure aldizkariak be. Bere burua estu ta larri ikusi dau. Konortea lau illabetean galdurik, il zorian egona da. Zezeilletik bagillera, ainzuzenbe. Udako beroaldiagaz, barriro eldu jakon arnasea, ta kalera urteten asi zan. Baiña oraindiño «legezko» karnet barik. Olantxe bizi da arrezkero, ikaraz beterik, edonon ertzaiñen bat agertu leitekiola buruan sarturik. Olantxe igaro jako urtea, bizitzeko eskubiderik ete daukon ala ez, ziur jakin barik.
Baiña, ara! Azkenean eldu jako, luzaro itxaroten egon dan baimena. Lortu dau bere nortasuna. Egun sentia ikusi dau. Ames ederrak egiten asi da. Bizkaia guztian zear zabaldu gura leuke bere mezua. Asmo onak ditu. Lenengoa: amabostero, utsegin barik azaldu, datorren urtarrilletik asita. Gero, burrukak, asarrakuntza bideak alde batera itxi, eta bere izenari jagokon lez, anaitasuna sortu ta sendotu, alderdikeri guztien gaiñetik argi ta zabal jokatuaz. Alan izango al da!
***
Aurtengo —1967'ko— ANAITASUNA zenbakiak zelan josi edo enkuadernatu bear diran jakiteko, ona emen argibidea, lenengo orrietan agertu diran idazlanen tituluak jarraituz:
1.—BIDE BARRIETATIK (Argazkia: Amoma ta aurtxoa).
2.—BEARREZKOETAN BATASUNA (Argazkiak: Sabin bere amaren altzoan. Taizeko F. Schutz monjea «Arzobispo gorriagaz»).
3.—CARDINJ KARDENALA GAZTEA DA (Argazkia: Cardinj bera).
4.—OIÑARRIAK (Argazkia: Jon XXIII Aita Santua).
5.—ELIEZER BEN YEHUDA «hebreo» izkuntzaren sortzaillea (Argazkia: Judutarren kandelabrua).
6.—ERRIEN AURRERAKUNTZA (Populorum Progressio), Paul Aita Santu VI'aren Eskutitza Nagusia, osorik euskeratuta.
7.—AGUR BALENTIN (Argazkia: Uriona'tar Balentin'en erretratua).
8.—ELIEZER BEN YEHUDA Idazle eta Jakintsu (Argazkia: Judutarren Dabid izarra).
9.—ISRAEL, ISRAEL DA, BAIÑA GU...
10.—A ZAN GIZONA, A! (Argazkia: Ibinagabeitia'tar Andima'rena).
11.—BAKEAREN EGUNA (Argazkia: Aita Santu Paulo VI-arena).
Bakea zeuri, Kirsti maite orreri!
Gabon pozgarriak eta urte barri zoriontsua gura deutsudaz Eguerritako karta onetan. Eta bakea opa gura deutsut nire biotz osoagaz. Aita Santuak, Errusiako agintariek, Johnson-ek, Ho Txi-min-ek, Salazar-ek, egunotan guzti guztiek opa deutsuen bake orixe opa deutsut nik be, aingeruek Belen-en kantetan ei eben bakea.
Baiña neuretzat ez dot bakerik gura nik. Parkatu, ni ez naz pazifista... Eta zergaitik izango nintzake, berba ori be, berba ederren danak lez, ekiboko bat eta tranpa bat biurtu bajaku? Apur bat lotsatu be egiten naz autortutean ez nazala pazifista, pazifismoa LDS edo kitarra elektrikoa lez moda modan dagoan sasoi onetan. Olatu barriak busti barik geratu naz nunbait.
Baiña ni ez naz pazifista ze ainbeste pazifistak ez dabe gerra besterik egiten. Ez naz, ez eta ez dot izan gura: ze ikusi dot beste nonor be pazifista andia dala ta ez dau bakearen Nobel-ik ez Lenin-ik irabazi ta alan be ni jaio nazen ezketiño ez dau gerrarik egin eta periodikoak irakurten ikasi nebanetik ona bakearen aingeni goardakoa izan da. Gizon au urrutiko lur batean bizi da legendak diñoanez... Eta nik alan be ez dot gura ez gerra egiten dabenena ta ez gerrarik egin ez dabenen bakerik.
Nik justizia apur bat gura neuke ta askatasuna guztiontzat. Eta onen alde, ez dago gerra egin beste erremediorik! Suberte txarra daukot nik: Vietnam-en amerikanoen kontra dago nire biotza eta Israel-en judeguen alde. Ikusten dozu, beti gerragilleen alde.
Justizia egiten daben gizonen, gizon guztien maitasuna gura dot nik, orrek emongo leuskio nire biotzari poza. (Iretargia gura leuken umea lez...) Justizia ta maitasuna izango lirake niretzat bakea.
Baiña ori guztia ez jako jendeari inportante iruditzen. Justizia ta maitasuna ta ori dana gero egingo ei doguz: bakea ei da presaka ta arin batean bear doguna. Eta orain armen kontra dagoz dan-danak, pazifismoaren izenean. Eta bakea lortzeko guzurrak esango dabez Italia-ko komunistek: surraren ondoko nire kristal biok bapere kulpa barik ikusi dabez gauza batzuk-eta! Eta bakea lortzeko, nire lagun australiarrak plaketa txiki bat daroa paparrean: «Vietnam-en bakea bonba batek sortu daike bakarrik». Izan be, bat andi xamarra bota ezkero, ez dago gero geiago bota bearrik... Eta bakea jarixteko, bonba bat ipiñi dabe Bonn-eko enbajada amerikanoaren ateaurrean. Eta bakea irixteko Filipiña-k soldaduak «saltzen» deutsoz Amerika-ri...
Eta orain armak ixildu egingo dira Vietnam-en be. Eta periodikoak bla-bla-bla berba egingo dabe, ta danak aprobetxatuko dabez egun orreek propaganda egiteko.
Baiña Vietnam-en ez da bakerik egongo.
Askotan egoten naz gerra zer ote dan pentsetan. Ni gerra amaituta gero jaiotakoa naz; beraz, ez dot bakerik ezagutu nire denpora guztian. Azkenean eldu naz pentsatzera gerra destruziñoa dala. Batez be gizonaren —errien— destruziñoa. Baiña au ez da «gerragaz» bakarrik lortuten. Blanko amerikanoak gerra barik destruidu, apurtu dabez negroak urte askotan. Gerra barik eta bake barik. Eta zenbat gizon dabillen baztarretan bizitza galduta baiña il barik eta il ezinda!
Ze, gizonak listoegiak dira eta bonbak eta metrailletak jende asko il ta iltzen ez diranak bildurtuten edo asarratuten dabez. Ta ori gauza zantarra da denpora demokratiko ta progresista oneetan... Eta zelan gizonak listoegi diran, aspaldi asmau zituen gerra «diximulaturako» arma barri-barriak eta estrategia. Kondairaren desarroilloan, mundu osoa atrapautera etorri yaku gerrea: gizonaren mundu guztia sorgindu deusku, zientzia, artea, erlejiñoa... Orain gerra totalaren maiuan gagoz. Baiña gerra totala erri pobreentzako da, potentzia andiek gerra otza asmau eben eta gero —orain— gerra diximulatua. Gerra otzaren estrategian ONU-ko batzar batean zapatazoak maigaiñean jotzea zan bataillarik bildurgarriena. Gerra diximulatuaren estrategian barriz, azken inbentautako bonbea pazifismoa da.
Askotan pentsetan dot ba, ta orduan pentsetan dot bakea ez dala gerrarik ez egotea. Bakea ez da «gerrarik eza» —ezin leiteke konzepto negatibua izan.
Ziarro bat biztuten dot... bakea, euskaldunak, latiñetik artu dogun berba da. Zelan irakatsi gura euskuen guri, nok eta erromatarrak, bakea zer dan?... Berba onen lengusiña dan latiñezko beste berba batek tratu egitea esan gura dau, pakto bat egitea. Berbaok apur bat kanbiata, gauza asko desbardiñak alkarturik seguru ta irme ipintea be esaten eben latinoak: konpakto ipintea. Eta familia onetako beste batek, Inglaterra-ra emigratu ei eban batek, polita-edo be signifikatzen dau, eta orain zinerik zine dabil «My Fair Lady» tituloan!
Ta orduan poztuten naz pentsaten, jendeak euren artean egiten daben tratu seguru ta eder bat izango dala bakea. Iñor azpiratu barik, klaro, eritxi diferenteentzako errespeto guztiz, danak lagun eta pozez eta libertadez, ze zuk ondo dakizu, Kirsti, berbeta germanikoek bake esateko daukozen izenak (Friede, etc.) «anaia», «poza», «askatasuna» ta olako berben bardintsuak dira ta berbaok danak familia batekoak. Olan ba, anaitasunaren aiztea da bakea, ta anaitasuna askatasunaren eta pozaren aiztea. Oneek danak familia bat egiten dabe... Pozarren gomutetan naz orain zelan berbaon sustrai indogermanikoak, lantzien bein, esate baterako berbeta gotikoan ikusten dan lez, Maitasuna esan gura dabela!
Orixe da, Kirsti: bakea maitasuna da. Ez eban ba Nazaret-eko Jesus-ek esan «Ni naz bakea» eta Berak esaten eban «Ni naz maitasuna» be? Ez dago dudarik, bakea maitasuna da.
Lastimarik, berba familia onek be izan dau seme gaizto bat, ezin eitekean bestela izan: «ardi baltza». Bakearen aiztea da propaganda berbea be... Ikusten dozu, bakea ta propagandea aiztak dira, jaio ziranetik beti alkarregaz! Bakea ta propagandea.
Armak salduteko.
Erreboluziñoa erregalatuteko.
Eta ostera asten naz pentsetan. Nor dabil beti bakea predikatuten? Rodesia-n eta Amerika-n blankoak, Angola-n portugesak, eta beti olantxe. Komunistak bakea predikatuten dabe ta askatasuna ukatu. Elizak be bakea predikatu, baiño txikiekaz eta pobreekaz justizia zer dan ondo enteratu barik gagoz oraindiño.
Eta Eguerritako bake-mensaje guzti orreek zer esan gura daben preguntauko neuke. Nori itaundu? Aingeruek be, Belen-en, desafinau egiten dabe...
Eskaparate danak ederto batean dagoz, baiña pobreen umeek ez dabe pitxirik artuko. Euskal familietan «ator, ator, mutil etxera» kantauko dabe. Baiña mutilla ezin da etorri etxera: Vietnam-en dagoz.. gartzeletan dagoz, akaso desterraurik.
Eta jende asko dago etxe barik. Nora joango dira?
«Gabon gaba, zeru gaba» kantauko da mundu guztian. Baiña Amerika-n negar egingo dau amak, umeak abesten entzunda. Eta Vietnam-en soldado batek, berak kantau ezinda, dizka bat ipiñiko dau taberna batean... Ori da bakea!
Orain ba, irakurten nozun Kirsti, ez dakit zelan bakea opa daikizudan, eta maitasuna bakarrik opa daikizut nire maitasun guztiagaz ze, Gabonetan nik ezin dot politikoek sekularizatu deuskuen bakea ulertu, baiña ulertuten dot maitasun kristau ta edozein maitasunen kristau.
Jose Azurmendi
Azkenean entzun al izan dogu Zigor, Frantzisko Escuderoren euskal opera miragarria. Itzak (teknikuak «libreto» deitzen dabena) Manuel Lekuona apaizak eta musikagilleak berak ipiñi deutsoez, Arturo Campionek idatzi eban «Sancho Garcés» nobelan ispiratuta.
Frantzisko Escudero ez daukogu presentatu bearrik gure artean. Donostiko Musika Konserbatorioko zuzendari, Banda Munizipalaren artezlari, lenengo maillako musikagillea.
Bere musika ikasaldiak Donostian eta Madrillen egin zituan; atzerriko maixuak, Frantzian Paul Dukas eta Alemanian Wolff izan dira.
Piano ta orkestarako bere kontzertuagaz, «Manuel Falla» sari internazionala irabazi eban 1947an. Kontzertu ori oraintsu emon deusku Vienako Orkesteak, Juan Pedrosa solista dala. Orrez gaiñera, bere musikalan nagusiak oneexek dira: Trio bucólico, Cuarteto en sol, Himno a San Mamés, Pinceladas vascas, Canción festiva vasca, Sinfonía en si bemol, Poema Aránzazu, Chimberiana, Sueño de un bailarín.
Eta orain Zigor. Bilbaoko Coliseo Albia izan zan estrenu lekua, urriaren 4an. Gero Madrillen, Iruñan, Gazteizen eta Donostian emon dabe. Kontzertu lez bakarrik emon da (eskenariogintza barik), musikea bera ondo entzun eta gozatu gura dabenentzat.
Aspaldion asko mintzatu da Zigor dala ta eztala. Escuderok berak bere lanik garaiena ta onena dala autortu dau. Txaloak bete betekoak izan dira erriburu guztietan. Olako goraldia ikusita, bere guraria betetu ostean, Escudero pozik gelditu izango dala uste dogu, onelako lana amaitzeko aurretik ainbeste mingostasun, eragozpen eta neketasun igaro bear izanarren.
Zigorren, Escudero soiñuaren magu aundi bate lez agertzen jaku, musikearen teknikea ondo beraganatu dauana. Opera guztian zear azaltzen da musikearen misterio guztiak ondo ezagutzen dituan buru argi ta miragarria. Teknikeak ez dauko beretzako sekreturik. Soiñu motibuen desarrolluak arrigarriak dira, jigante batenak.
Alde orretatik, Wagner gomutarazoten deusku. Batzutan teknika larregi darabillela emoten dau, eta ez dagoala neurritasunik edo proporziñorik etorriagaz, ispiraziñoagaz. Alandabe, ezin leiteke esan ispiraziñorik ez daukonik, ezta gitxiagorik be. Ispiraziñoa ba dauko, ispiraziño indartsua, bortitza; dramatikua, lirikua baiño geiago, esango neuke nik.
Kontrapuntuan guztiz leber agertzen jaku. Arlo onetan, beste euskal musikalari ospetsu bat gomutarazoten deusku: Ravel.
Escuderoren meriturik aundienetariko bat auxe da: Orkestea guztiz ondo ezagutu ta menperatzen dauala. Escudero, bein baiño geiagotan «inpresionisten» artean jarria izan da. Baiña ez dogu uste, Escuderori inpresionista deitu leitekionik, Debussy izan zan moduan. Debussyren inpresionismua armoniatik eta melodia aritik sortzen da. Escuderoren inpresionismua barriz, orkestaziñoaren jabetasunetik dator. Eta beste barik, «efektista» deituko geunskio. Anbiente agertaldiak oso ondo jatorkoz, eta guri geien gustetan jakuz.
Bere ritmoak, interesanteak dira. Ritmoa, musika modernuaren ezaugarri bat da. Ritmo batzuk bein ta barriro erabilten dauz, eta ritmo desbardiñakaz konbinaziño miragarriak egiten ditu. Gure ustez, ritmo batera ainbat aldiz etortea, bide guztiz egokia da, gaurko gizonaren larrialdi ta tentsiño egokerea agertzeko. Teknika au, modan dago gaurko musikalarien artean.
Zigorrek ba dauko batasuna. «Leitmotiv» batzuk, neurritasun onean aurrera eroandakoak, lan osoari batasuna emoten deutsoe. «Leitmotiv» oneek, artista burutsu batek landu ditu, adimen argi ta zorrotz batek desarrollatu dauz. Izanbe, obra au bakarrik ez, Escuderoren musikalan bakotxa, egintza bete ta osoa da, ondo amaitua, alderdi guztieri begiratuz egiña, gitxitan ikusten dana.
Escuderok, euskal opera bat egin gura izan dau eta lortu egin dau. Zalantza barik esan geinke, Zigor dala euskal musika sinfonikuaren agerkizunik bikaiñena.
Opera osoak, gure euskal musikearen espiritua dauko. Zigorren musikea sentimentala da batzutan, geiegikeri bakoa ia beti. Koruen musikea geienetan sentzillua da; orkestearena barriz, askoz aberatsagoa. Escudero, gure euskal musikearen sakoneraiño eldu da; zearo ezagutzen ditu musika orren soiñu biurketak eta kadentziak. Noizik noizera erriko melodia ezagunak erabilten ditu, abusu barik baiña. Egia esateko, gure musikalariak, euskal musika barria egiteko asmoagaz, sarri askotan larregi aprobetxatzen izan dira erriko kanta zarrakaz. Benetako musikalariak, ori barik, «asmatu» egin bear ditu erriko soiñuak, kreatu egin bear dau musika popularra eta aberastu aolan erriko kantutegia. Escuderok, geienetan, berak atara dau bere barrutik musikea, beronen espiritua erritik artuarren. Au, gauza aundia da benetan.
Ba daukogu, ba, euskaldunok primerako opera bat. Bateri baiño geiagori entzun deutsat: «Gizaldietan zear biziko dan opera bat izango ete da Zigor, ala ezgauza bat, artxibuetan betiko loan geratuko dana, beste obra askoren antzera?» Ez orixe! Gure ustez, Zigor ez da auspean geldituko, eta bere kreatzaillea ez da iñoiz ilgo musikazaleen artean. Ba daukogu euskaldunok benetako opera bat eta Euskalerriko mugak lotsa barik igaro leikezan musikalari bat.
Opera au, kontzertu modura entzun dogu. Ainbat ariñen entzun gura geunke eskenifikatuta, naiz Gorbeiako Mairulegorreta koban, nokedonok esan dauan lez, naiz teatru egoki baten. Datorren urtean izango ete da?
Sekulako opera onen ostean, Zigorren ostean, zer emongo deusku Escuderok? Duda barik, beste gauza asko. Ekin deiola ba bere lanari, goratu daiala euskal musikea ta zabaldu mundu guztian zear. Orixe da Anaitasuna aldizkarian lan egiten dogunon guraririk beroena.
Felix Ibarrondo
(Los Barroeta) Barroeta'rrak ¿nor dira?
Barroetaren izenakin nobela bat agertu da erderaz. «Ediciones Mensajero» Bilbokoak onetzaz auxe esan dau: «Los Barroeta es probablemente la primera novela vasca».
Oso oker dago erderazko «Jesusen Biotzaren Deia». Nobela au baño askozaz aurretik, erderaz bertan be, agertu zirean beste nobela batzuk: esaterako, Amaya, Villosladarena; Landibar, Luis Elizalde, «Euzkeltzaindi ta Conjugación sintética vasca» ren egillearena; Mirentxu, Pierre Lhande, Euzkeltzaindikoarena; Truebarenak; Unamunoren Karlistadakoa; Pio Barojaren «Casa de Aizgorri», «Santi Andia», eta abar. Eta euskeraz, barriz, «Peru Abarka» Markiña bertako Jaun apaiz Moguelena; «Josecho» ta «Jaioterri maitea» Echaiterenak; «Joanak Joan», Jon Etxaidena; «Kresala» ta «Garoa», Domingo Agirrerenak, eta geiago ez aitatzeko «Miren Senargeya» (Zornotza 1936) zuen serbitzari onek Markiñako gora-berak ardatz dituala artuta, idatzia. Onegaitik, zerbait minduta lez Julen Kalzadak, ZERUKO ARGIAren 243-garren zenbakian auxe diño: «Erderaz idatzi bear ete da «novela vasca» izateko?». «Ezin neike nobela orretzaz ezer idatzi —jarraitzen dau— oindio eztot irakurri-ta». Beste norbaitzuek be bear bada, beste orrenbeste esan leikee. Onegaitik, nobela onen mamia agertu nai neuke neure eritxi kaskarrakin. Maitasun, neurritasun eta egiz egin nai neuke, onen egillea orain urte batzuk Markiñan, ango Eleiz-laguntzalle (Koadjutore) nintzala, euskerazko Kristiñau Ikasbidean neure ikasle argi, zur eta ezin-obea izana da-ta.
Nobela onen giza-soiña
Ona emen nobela onen giza-soiña, mamiña. Markiña ta Xemein, erri bi dira. Erriz bi. Eleizaz, biok bat: Andra Mari Xemeingo.
Markiña, Don Tellok, Bermeotik etorrita, 1521an sortu eban, eta «Villa viciosa» izen inguingarria ipiñi eutson; erriak «ofizialki» edo bear-bear danean izan ezik egundo ibilli eztauana. Xemein, onen ondoan dagoan erri txiki bat da. Ementxe dago Barroeta izeneko jauregi andi bat. Ementxe bizi izan dira Berroetarrak. Jauregi onen tontorra Oñaz eta Ganboetarrak antxiña alkarrekin burruka ibilli zirean euskaldunen gudan burrukan ibillitako Barroeta zarrak egiña da. Orain dagoan eran margoztu eban Martin Barroetak, Granadako uria artu ondoren, ona etorrita. Juan eta Diego López Barroetarrak, 1521an Fuenterrabi izkilluz gorde ta zaindu ebenak be ementxe bizi zirean. Kapitan Barroeta, Labort, Pirineo andiko lurrean, Prantziko Pelipe laugarrenaren kontra il zana be emengoxea zan. «Gure pamelia (Barroetarren itzak dira) esan eziñezkoa da. Gure artean danetarikoak dozuz: kontrabandistak, ameslariak, sal-erosleak, eta abar» (33'gn. orrialdean).
1936garrenean Barroeta Jauregiaren jabe Ebaristo eritxon bat egin zan. Onek Ameriketan egonaldi bat egin eban. Beronen ango bizitzaren zeaztasun osorik eztaukogu. Ille batzuk uritik kanpora egin zituala, bai. Ona etorrita gudaldian ezkutau bearra izan eban Markiñan. Zergaitik? Ameriketatik etorri zanean bere jauregian lan batzuk egin zituan. Emengo langilleetarik bat, Fabian «Begizuri» eritxona zan. Esku garbi-garbikoa ez eban izan bear. Begi txarrez Ebaristori begiratuten ei eutsan, naizta onek beti xera onez aditu berari. Fabian gudan il zan. Getaritik erriraturiko neska batzuen arinkeria zala ta ez zala. Ebaristo be Errota-Zar eritxon etxe baten ezkutau zan. Ebaristo guda aurrean ezkondu zan Mary Bitori Azpiltza, Markiña-ko auzo-eskola bateko irakaslemeakin. Dirudienez, Ebaristok bere burua lar estutu eban, eta ordutik arrezkeroko barririk ezta agertzen. Erreketien sarrerarik ez eban ikusi. Orain Barroetako jaubegei Julio bere illoba da, nobela onen egille ta ardatza.
Juliok erdera ondo daki
Nobela au goi-goiko mallako erderan idatzita dago. Berau irakurtean gure Don Migel Unamunoren itz batzuk yatortaz burura. Unamuno erbestean, Endayan (erbestean esan dot, nai-ta Endaya euskalerri dan) Hotel Brokan bizi zan. Eztakit gaur oiñean dagon. Hotel Brokaren ugazaba andrea, nire Ziburuko etxeko ugazaba andre Madame Bartherren aizta zan. Emen diñodan guztia emazte agurgarri areri entzuna da. Migel Unamuno gizon oso otzana eta baketsua ei zan. Au ta guzti be, egurazten urten eban baten Prantzia ta Españako Erregetar batzuk estutasun aundi bat emon eutsen. Bayonako Prefetak jakin ebanean, ertzaiñak jarri zituan berau zaintzeko, eta serioski esan eutsan Don Migeleri nasai egoteko, ez eukala ezeren arriskurik-eta.
Unamuno goizean zortzirak inguruan jagiten zan. Bere gosari meia artzen ei eban, eta zuzen ogera sartzen ei zan bere jake, galtza, txaleko ta soiñeko guztiakin, oiñetakoak izan ezin. Antxe irakurri ta idazten eban. Au Salamankaratu ta laster ezkondu zan Hotel Brokako alabea. Don Migelek idazten deutso neskatilla oneri zorionak emoten. Eskuetan izan neban baña ez neban karta onen kopiarik atara. Baña oso ondo gomutetan naz karta olan asten zala: «No tengo palabras para felicitarte aunque soy muy dueño de las mismas». «Eztaukot itzik zuri zorionak emoteko naiz-ta itzen jabetasun osoa izan».
Unamunoren itzak gomutaukeran nik be esan neike Barroeta liburua idatzi dauanak erdel itzak bere eskupean daukozala.
Ezta esaten erdera ikasteko euskera kaltegarri dala? Ez bakarrik oneri, Unamunori be kaltegarri izan ete yakon euskera jakitea erdera jakiteko?
Zorionak! Gaia, berak nai dauan lez darabil. Nai dauanean argi. Nai dauanean illun. Gauza batzuk bere buruan erneta esango ditu. Beste batzuk esateko, nai ta guri bereak iruditu, beste bat aurretik jarriko dau «parapetotzat». Olan, sarri jarri dau aurretik, irudi lez, Mokotz eskekoa. Nok jakin zein dan Mokotzena eta zer dan Juliorena? Nobela guztia ezin arakatu geinke. Bakar-bakarrik zerbait esango dogu.
Mokotz
Mokotz da Aulestian jaio zan bat, ango etxaguntza bateko jaubegei izan eta iñoren menpean ez bizitearren bere etxaguntza itxi, ta ara ona, aterik ate ibilli zan eskeko bat. Oso biotz onekoa; argia, esku-zabala berak batzen ebanetik, pilosofo edo adimenketalari bat, erantzun zorrotzak emoten ekiana. Antxiñako Senekaren irudi bizia. Guda aldian, baten entzuten eban mezea igandez, Xemeiñen, Gobernuaren aldekoekin, beste batzuetan Ondarrun erreketiakaz. Ara ta ona ibilten zan. Onako baten su bien artean jarri zan. Nok il ete eban? Zein alderditakoak? Ezkutukia! Gudan nor lenengo asi zan aztertu nai dau Juliok. Ona emen Mokotzekin alkar izketa:
— «Eztozu entzun zuk, Mokotz?
— Zer?
— Ba... militarren edo txarrantxadunen gora-goraka jasotea.
— Bai.
— Zer deritxazu?
— Ezer bez. Kuartelian nekatu dira ezer egin barik egoten. Ez dabe jakin nai zer diran-eta.
— Baña etxatzu iruditzen gauza oneik etorri bear ebela?
— Au beti jazoko da. Eta nobdk noizera barriro be jazoko da militarrak kuartelian gogait egiten dabenik dabenera» (149-150 orriald.).
Askatasunez itzegin
Guda aldian Markiñan askatasunez itzegiten zala adierazo nai dau Juliok. Olan agertuko da:
«Molak dana erre ta kiskaltzeko agindua emon ei dau.
Egia ete da?
Urritza zarrak diño, kristiñau arteko gudak txarrenak dira.
Ugarteko etxekoandrea an dago galtzaketan. Baña senarra beste aldera (Donostiruntz) joan da. Piper-miña jan baleu lez itzegiten dau esanaz: «Zuek eztakizue gorriyak Madril eta Bartzelonan zelako basatikeriyak egiten dituen?»
Urritza zarrak diño: «Areik txarrak dira. Keipo de Llanok diñoan lez, anker utsak. Ezta arritzekoa ba negargarrikeririk andienak egitea. Baña, zer esango genduke misiolariak joango balira baltzak iltera, au da, erlijiñoa zabaltzen doiezan lekukoak iltera?»
Uri erretzea
Julioren irakasleme Miren, gernikarra zan. An il da. Min andia artu dau Juliok. Uri au zelan erre zan azaltzeko eztau besterik esango «Junkers» ta «Heinkel» egazkiñak Zapola ta Gabaro menditik zear etorri zirala baño.
Lista negra (235garren orrialdean)
«Lista negra» aitatuten dau Juliok. Txantxetan esan ete zan? Benetakoa erabagi ete zan? Neuk erabagiko dot. Ez, Markiñan egundo etzan izan «lista negrarik». Gobernuko Delegaziñoa Jose Martiñen etxean egoan. Ni bertan bizi nintzan, Au, neu barruan nengoala, Elgoibar aldetik bota ebezan bonbak erre eben (200 orriald.). Delegaziño onetara sarri joan bearra izan neban. Beti eleiz-arazuakaitik. Baten, Markiña-Etxebarriako eleiz-liburuak eskuratzeko, ango apaizak iges egin ebenean, ba, gudari batzuk delegaziñora ekarri ebezan. Beste baten, Aita karmeldar (G. B.) Piorentzat kartzelan egozanak (Uribasterra ta beste batzuk) autortzeko baimena lortzeko. Beste batzuetan, euskeratzeko emoten eustezan papelak ara eroateko. Itz baten, milla mesede delegaziñoko buru zan Xanti Meaberi eskatzeko. Zorionez, iñoiz be ez neuretzako ezeren billa. Onegaitik, ango barruko barrt ondo jakiten neban. Espionaje aundia ebillela Markiñan gauza agirikoa zirudien. Batzuk beste aldera joan ziran, eta gaur aldatzen baziran kañoiak Idarragara urrengo egunean etsaiak joten ebezan. Au dala-ta egun baten politika alderdi guztietakoak batu zirean iñor an bildurgarririk baegoan aztertzeko. Eta, au pozgarria! Izen-lerroa buruz arakatu eben eta batzordekoak ez eben billatu iñortxo be kalte egin eikeanik. Nonbaitetik Joan Onak (Julioren aitak) be jakin eban olako zerbait, eta etorri yatan esanaz: «Ta nik zer egin neike ba ainbeste umekin Bilborantz bialtzen banabe, auxe diñue-ta? Mesedez joango balitz Xanti Meabegana». Joan nintzan. Esan neutsan zer gertatzen zan. Auxe erantzun eustan: «Que ande en la legalidad y no le pasará nada». Xantik, noski, gauza guztiak etzituan ondo egingo. Baña ni ondo zordun nayako. Milla esker zuri. Xantik eta nik urte luzeetan ez genduan alkar ikusi, nai-ta alkarren ondoan erbestean bizi. Au ta guzti be, urte bat dala-edo, Gernikako pelota-lekuan alkar ikusi genduan. Ni apaiz jantzita. Xanti zaldun lez. Sendo besarkatu giñan. Aldra andia guri begira. Gorria ta baltza alkar besarkatzen. Paulo VI-garrena ta Atenagoras irudi giñan geure txikitasunean. Baña gu alkar ikusi ezinda egundo ez giñan egon. Nik Joan Onari gauza negargarririk ez yakola jazoko esan eta amabosten bat egun barru an agertu yatan bezus (erregalu) eder batekin, «El Fuero, privilegios, franquezas y Libertades de Ios caballeros, hijos dalgo del Señorío de Vizcaya». Liburu eder au Markiñan erre zan, Jose Martiñen etxea erre zanean. Esker beroak emon neutsozan Joan Onari. Aita il-da gero gaur barriz semeari.
Akatsak
Nobela edo ipuin liburu au, danari begiratu ezkero, oso ondo egiña da. Guztiz egizale agertzen da. Oso maitekor danentzako. Baña zillegizti (moral) eleiz-oitura edo irakaspenai begiratu ezkero, akats aundiak daukozala irudituten yat. Illun, nazi, lorrin ta gordin agertzen da.
«Orduan —diño 280-garren orrialdean— sendo besarkatu gara Pilar (bere emaztegeia) ta ni. Dardaraz nengoan. Biotzaren kontra estutu neban. Berak esaten eban Julio ta nik Pilar». «Loak artzen noa». «Au beste baten jazoko balitz, pekatu izango litzake».
Nungo eskolatan irakasten da au eztala pekatu? Noiztik ona ez ete da pekatu?
Juliok berberak diño gero: «Au beste baten gertatuko balitz, pekatu izango litzake». Baña nik itanduten deutsat: Lenengo aldiz ete da Juliori au gertatzen yakola? Lenengokoa ete da Julio dardaraka eta odol-irakiten jarri dana olango egokeretan? Eztiño berak beste baten be «estutu ebala Illunetan»? (262 orr.). Zenbat biderrez beraz, eta zenbateraño laztandu bear ete da pekatu izateko? Baña Juliok diño: «Alkar maite dogulako... orduan... ezta pekatu».
Ez daiguzan gauzak nastau. Danok dakigu zillegizti liburuak (moralistek) diñoela senar-emaztegeiak «maitasun ezaugarriak», xera ta laztanak, alkarreri emotea zillegi (lícito) izan leikeela. Baña oneik elburu bat dauke: ezkontzarantz doian maitasuna sendotu ta ugaritzea. Baña bide onetan eztau egon bear «pekaturako bide urkorik» (ocasión próxima de pecado), au da, notiñik (persona) geienak jausten direan leku ta arriskuetan eztabe jarri bear, bestela ortxe jarriakin beste barik pekatu egiten dabe. Itz baten, seigarren agindua oso-osoan gorde bear dabe, «ez itzez, ez gogorapenez, ez egitez» gauza zantar eta loirik egin bage. Orain bada, itaun bat egin daigun: onelan laztanka, moxuka ta besarkada estuz ibilli ezkero, garbitasuna gorde ete leiteke? Ez ete da egia onelako laztanketa, besarketa ta dantzaketa estuetan beti edo geienez gizatasun argala urtzen eta dariola jarten dala? Gure Axular zarrak egoki diño: «Eztauko aragiak aragia baño etsai gogorragorik, aragiz egiña izanarren» (GERO, XXXIII kap.).
Seigarren aginduari dagokion gaia, ez ete da astuna? Loak azpiratuta lez agertzen dau bere burua Juliok. Baña lo orrek adimen argia lausotuten ete dautso errubage izateko laiñean? «Illun-illun egoan, diño, arkaizpean, baña an aurrean beste aldeko argia ikusten zan». «Sagu-zar andi batek jo ginduzan arpegian». Sagu-zarra toki illunean ikusten dauanak burua argi ez ete dauko? Zur ez ete dago? Laztanketa luzearen ondoren, txar onen barri ba ekiala ez ete diñosku beronek? (260-gn. orrial.). Onegaitik, zelan esan pekaturik eztagoala? Ez ete da gauza gaitza, edo eziña, bere senean dagoan gizaseme batentzat, agoan jatekoa erabilli ta jatekoari gustorik ez artzea, gogorik ez ezartea? Ez, giza-legea (ley natural) beti betetan da. Arria goruntz bota arren, barriro zuzen berantz etorten da. Imanak burdiña beraganatzen dau. Aragiak aragia.
Amaitzera noa. Zillegiztilari edo moralistek esan oi dabena da, «maitasun ezaugarriak» teorian onak izan leitekezala, edo obeto esateko, guri iruditu leitekigula errugabetasunez erabilli geinkezala. Baña iruditzea ta «bizitzea» gauza bi dira. Iruditzea, sarritan txakur-amesa izaten da. «Teorian» ondo dago mutikotxuari esatea: Eutsi ontza bat txokolate, baña usain bakarrik egin, ez jan. Zenbat denporan eukiko ete dau txastatu barik?
JOSE ANTONIO OAR-ARTETA
Apaiza
Julen Kalzada
Euskal egoera iñoiz ez lez aurkitzen dot, egia esan, gure izatearen kontzientzia sakon ausnartu dogulako. Gure artean daukaguzan problemakin konturatzen asi gara; argi ikusten. Ezaugarri ona benetan, nik uste, bein konturatu ezkero, erantzuteko eran be ba gagoz-eta. Euskeraz egiten dabenak len baño gitxiago (gero ta gitxiago ganera) izan arren, kontzientzidun geiago dagoz, une ta gai guztietan euskeraz egiten dabenak. Gure nortasuna zaintzeko daukon balioa ikusi dabelako, euskera maite dabenak.
Gure egoera obeagotuten joan arren, oraindiño ezin geintekez pozik egon euskal egoera osoari begiratu ezkero, kontzientzi artze onetan bertan be, lan aundia dago egiteko-ta. Lan au aurrera ataratzeko, era bakar bat dago: Euskaldunak (itzartuak) konpromiso baten jartzea. Ezta naiko euskera maite izatea, euskera ta euskaltasuna bizitzako arlo guztietara eroatea baño: Fameli, lantoki, erakunde, jolas, kultura ta artu-emon guztietara.
Kontzientzi-artze oni buruz euskaldun danok lan egin geinke. Jakintsua izatea ez da bearrezko, lan au egiteko. Nire gaurko deia, ba, emendik eztoia.
Gaur arte euskera ezjakin gaietan, batez be, erabilli dogu; jakintza gaietan, barriz, guztiz gitxi. Jakintsuen eskuetan dago, batez be, kultura gaietan euskera erabiltea ezjakiñak kultura-gairik ez dabe erabilten-eta.
Euskaldunok, oraindikan, jakintsu izateko bide bakarra daukagu: ERDERA. Geienak beintzat, ezin geintekez kulturadun egin euskeragaz. Ona izango litzake zergaitik au euskaldunoi jazo jakun ikustea; baña orain ez da leku egokiena. Gauza bat, bai, argi daukagu: «Gaurko situaziñoan erderagaz bakarrik lortu geinke kultura».
Lenengo ta bein euskerazko erakunderik ez daukagulako. Ganera, erdera jasoago dago, landuago. Geuk euskaldunok be, erderaz edozein gai erabilli geinke. Euskeraz barriz, zail egiten jaku. Euskera, oraindiño, basati izkuntz bat da.
Erderaren ondoan euskera beragoko mallan dago (en inferioridad de condiciones). Ez berez (en derecho). Berez gai guztiak izkuntz danetan erabilli leitekez-eta; berez kultura euskeraz be, artu leiteke-ta. Baña bai egitez (de hecho), kultura euskeraz emoteko erakunderik ez daukagu-ta. Posibilidadeetan, barriz, beste izkuntzak lez edo geiago da, nik uste. Baña, gaur, pobreagoa da, gure aurretikoak onetzaz lan gitxi egin eben-eta.
Erakunde arazoa, gaur, alde batera itxi eta sartu gaitezan jakintsuen arazoagaz. Jakitunak, kulturadun gizon geienak, gure artean, erderaz egiten dabe: Injiñeru, peritu, lege-gizon, osagille, agintari, apaiz... Lumeroz, geienak dira erdal kultura daukenak; eta euskaldunentzat sasi-kultura dan au zabaltzen dabe. Ez dira konturatu oraindikan, non eta nortzun serbitzuan dagozen. Kontzientziz eta euskal kulturaz ezjakin dira. Emendik dator, nire ustez, gure erri xeak eta erdeldunak euskeratzaz dauken eritxia: «Basati izkuntz bat da; zaarra, ederra, maite ta zaindu bear dan amama; baña gaurko kultura gaietarako balio ez dauana». Oraindiño aintxina ez dala esaten eban au euskaldun erdal-idazlari batek. Eta guk emon dogun testigantza ikusirik errazoia dauke, beti erdera erabilli dogu jakintza mallan-eta.
Problema onen soluziñoa euskaldun jakintsuengan dago. Gauza bakarra egin bear dabe: «EUSKERAZ GAI GUZTIAK ERABILLI». Euskera, onetara jasoko dogu eta beste izkuntzen mallan jarriko dogu. Gugaitik gure ondorengoak ez daiela esan, gure gurasoakaitik guk esaten doguna: «Euskera jasoteko ezer ez dabe egin». Eta gure ostean etorriko diranak, ez daiela euki gure erri xeak eta erdeldunak euskeratzaz dauken eritxia: «Euskera basatien eta ezjakiñen izkuntza da; erdera, barriz, jakintsuena». Au lortzeko bide bakarra dago: «Euskaldun jakintsuak, kulturadun gizonak, euren kultura-gai guztiak euskeraz erabiltea». Lan au jakintsuak bakarrik egin leikie.
Euskaldun jakintsuen artean, kultura-gaiak euskeraz erebilten dabezenak ugari dagozanean, gure erri xeari eta erdaldunai agertuko dautsegu euskaldunen artean jakintsu klase bi dagozala: Euskal kulturadunak (benetan euskaldunak) eta erdal kulturadunak (sasi-euskaldunak egiz); eta kultura bi dagozala: Euskal kultura (geure kultura) eta erdal kultura (erdaldunena).
Argi dagonez, euskaldun jakintsu guztietatik, Euskalerriak geien bear ditu euskal kulturadun gizonak. Euskal jakintzak erdal jakintzagandik bere balio bereziak artu bearko ditu, euskal jakintzak bere balio bereziak gizarte osoari emon bear dautsazan lez. Baña guk, euskal jakintza bear dogu gu-guretzat, euskaldunak garalako. Eta euskal kulturadunak daukaguzanean, euskaldun erdal kulturadunen bearrizanik ez dogu eukiko ta aldunei (poderosuai) emongo dautseguz euren morroi izan daitezan, aldunak lez eurak be, zapaltzailleak dira-ta.
Ganera, eurei mesede egiteko era ederrean dagoz; guri, beste euskaldunoi, barriz, kalte baño ez dauskue egiten. Eta olako gizonak, al dala, gure artean ez doguz bear.
Euskaldunon artean akats asko. Oietariko bat: goragarririk geure artean dogun gizon edo andrarik il artean geienok ezagutu be ez egitea edo... Ilda gero, orduan oroitarriak, goratzarreak eta abar.
Euskaldun istoria barriz, biziekaz egin bear dogu; bizi garanok egiten dogu gaur, geroko istoria.
Beste askogaz gertau izan iakuna, eneuke nai Abaitua'tar Begotxugaz gertatzerik. Anaitasunaren irakurleentzat ba, ona emen gure abeslari goi-maillako onen ainbat barri.
***
— Ez dot uste esaten lotsa izango dozunik, Bego; zenbat urte dozuz?
— 26 egin dodaz, maiatzaren 3'an.
— Zeure ikasketak non egin zenduzan?
— Bilbo'n, Teresianakaz, lenengoak. Gero soiñu-ikasketak, Bilbo'ko «J. Krisostomo Arriaga» Konserbatorioan. Pianu ta abestiko irakasle Abasolo'tar Aurora izan neban.
— Abesti ikasketaren azkenean, ikasle-artean nagusi urten zendula egia da?
— Bai, lenengo saria ta aipamen berezi bat izan nebazan.
— Arrezkero ba dakit sari andi asko aberriratu dozuzana. Esango zeunskidaz?
— Ara ba: 1964'ko maiatzean, epai-maikoak guztiak batera «Ibañez eta Betolaza'tar Martzelino» saria emon eusten. Urte orretan, garagarrillean, Gales Erriko Llangollen, Europa errietako abestietan, lenengo saria; eta bigarren saria bakarrean, soprano lez.
— Zein da irabazle urtendako abesti orren izena?
— «Oñazez». Entzuleak arrituta geratu ziran abesti orrek dauan esan-nai andiagaz. Orduntxe etorri iatazan Londres'eko B. B. C. irrotsekoak be euskal abestiekaz disko bat eurentzat egiteko. Gure Erriko 9 abesti irarri nebazan.
— Arrezkero erbestean egin dozuzan aipagarriren batzuk?
— Urte Iberorretan (1964), gabonillean, Bilbo'ko Coral'agaz Bartzelonara ioan nintzan, ango «Soiñu-iauregian» Hendel'en «Israel Egipton» abestuteko. Bakarrekoa neuk egin neban. 1965'-eko iorraillean, Bilbo'n «Concierto sacro»-etan izan nintzan. Bramhs'en «Requiem» eta Hendel'en «Israel Egipton» abestu genduzan.
— Gero zer, nondik zabiltz?
— 1965'eko maiatzean Alemani aldera io neban ikasketak aurrera eroateko. Alemani'n, Gerhard Hüsek dot irakaslea. Dagonillean (1965) austriatar laguntza bat (beca) emon eusten, Salzburg'eko Mozarteum'en uda-ikastalditxo bat egiteko. Iraillean (1665) Munich'eko Musik Hochschule'n (goi-maillako ikastola) sartu nintzan, ta gaur arte an naukozue.
— Ta Alemani'n zelan konpontzen zara ba? Alemana ikasi bearko zendun. Ala españeraz dira an ikas-azalpenak?
— Ai ene, ori izan dot ba oztoporik andien bat. Emen Euskalerrian askok esaten dabe, euskeragaz nora? Niretzat Alemani'n euskerak eta erderak antzeko laguntza. An iñok eztaki españera. Ta alemana be, alde batetik bestera, ain da ezbardiña; eztakizu zelako nasteak egiten nebazan asikeran. Gaur ederto, alemana ondo ikasi dot.
— Andik egin dozuzan lanak?
— 1666'ko bagillean, Emilio Prieto'ren abesti batzuk lenengoz abestu nebazan; Antonio Machado'ren letra dabe, flautea, oboe ta zinbaloa lagun dodazala. 1966'ko bagillean, an emon neban lenengo kontzertua. Ipar Amerika'ko Kampsas'tar ikasle batzuentzat, ara etorriak ziran ikasketa azkeneko ibillaldi ezigarri baterako. Bakarrekoak neure gain nebazan. 1966'ko dagonillean Salzburg'en ikasten iarraitzeko, austritarren diru-laguntza dot barriro; aurrendari lez abestuten neban.
1966'garren urtetik ona «Bayerische Rundfunk Chor»'en diardut abesten. Baviera'ko Irrotseko Abesbatza da au. Errafel Kubellik dogu an zuzendari. An sartzeko be iru azterketa aldi izan nebazan. Orretarako leenago, Bilbo'ko Doistar Konsuladuaren bidez, Baviera'ko ministeriuaren diru-laguntza bat izan neban.
Olantxe ibillia nozu. Abestu ta irabazi neure zorrak ordaintzeko.
— Ori da ba. Ta Begotxu, guzti orretzaz guk emen ezer be eztakigu. Izparringiak zer dala-ta ixiltasun ori?
— Eztakit. Obeto esateko, naiago ez esan. «Iñor be ezta igarle bere errian».
— Ikastaldietan gaur arte gatxen egin iatzun azterketa zein da?
— Ikastola orretan sartzekoa, ziur. 49 giñan sartu gurean, 14 bakarrik ontzat artuak izan giñan. Azterketa guztia alemanez zan. Kontuizu, nire estura. Begoña'ko Amari eskerrak, lortu neban sartzea.
— Ikasketa orreik egiteko diru asko bearko da ezta?
— Benetan, iñok uste izan daiken baiño geiago.
— Esan dozu len laguntzak izan dozuzala Alemani'n, Austri'n etab. Euskalerriak zer?
— Euskaldun dirudunak gaur arte askorik ez dauste lagundu. Nik Euskalerria biotzean daroat. Nazan guztia, neure balio guztia Euskalerriari emon gura neuskio, baiña gaur arteko laguntza guztia erbestekoak emon daustela esan neike, uts andi barik.
Bilbo'ko Diputaziñoari bi bider eskatu dautsot laguntza. Erantzun be ez daust egin.
«Caja de Ahorros Vizcaina»'k, Kastor Uriarte jaunaren bidez 15.000 laurleko itxi eustazan, baiña 5 urte barruan ordaintzeko. Bilbo'ko Aiuntamentuak, Durango'ko D. Jose Etxeandia abadearen bidez, 10.000 laurleko. «Caja de Ahorros Municipal»'ak bein eta betiko 7.500 laurleko. Ez dot izan oneik agertzeko gogorik, lotsatu egiten naz ta, baiña zeure ustez agertzea ondo bada, or dozuz guztiak jakin dagien.
— Au da lotsagarria, Begotxu. Neska euskotarra, zintzoa, goi-maillakoa, sariz beteta. Europako ikastetxe nagusiak ainbat lagundu dautsue; eta Euskalerriak emon dautsun laguntza osoa 32.500 laurleko. Lotsagarria, ez zuretzat, Begotxu, guretzat baiño.
— Nire amets guztia izan da, an ikasi ta gero ona etortea. Nik Euskalerrian bizi gura dot. Geure Erriari lagundu gura dautsat. Baiña ateak emen zabaldu ezik; diru-laguntza osoa erbestekoa izanik... ez dot gura baiña.
— Ulertzen dot, Bego. Gure Erria lo badago; idi-probatarako ta olakoetarako baiño ezpadago dirua... Zure balioak emen estimatzen ezpadira, nunbaitera io bearko dozula. Au gertau zan beste euskaldun batzuekaz be...
Agur ba, Begotxu. Urte-barri zoriontsu bat izan dagizula.
ZABALE
OARRA.—Alkar-izketa au amaituta gero iakin dogu, Abaitua'tar Begoña Bilbo'ko Musika Konserbatorioan gelditzen dala irakasle. Zorionak zuri, Begoña. Asko poztu gara albista onegaz.
Alkar-izketarako oiñarri billa
Eritxi ezbardiñetakoak gareanik ez dot zetan esan, utsune ori guztion ekandu ta artu-emonetan agiri da-ta. Izkutuan batzuetan, argi ta garbi besteetan gaur egunean bear bada ba dira errian uste ezbardiñetakoak asko. Oker oneik zuzendu nairik edo alkar izketara ioten dabe aspaldion, geure inguruan. Garrantzi aundiko gai onetan, ba dira izen ori aitatu edo bera lagun dala dabiltzanak. Bide erreza ez izanarren, goazen guztiok alkar izketarako oiñarri billa.
Bizi garean sasoi onetan argi ta garbi nabaitzen da, gizonen arteko artu-emonak ugaritzen doazala; alkarrenganako itzala geituten, bakardadean neurridun izanaz, artu-emonaren bidez osotasunera goazala. Izadi guztiko bizi-gaietatik gizona da bakarrik adimendun, orregaitik ez da iñoiz be asmau artu-emonetarako alkar-izketa baiño bide egokiagorik. Erreza eta leuna ez dala laster aituko dogu; alan da guzti be, guztiok deituak gara alkar-izketara. Bakotxak emon dagiala bere erantzuna, ordu onetan gogoan eukita giza-barrube askotan premiñezkoen gizonen duintasuna dala, askatasuna; ta ori lortzeko ez dagoala ezer alkar-izketaren aiñakorik.
Alkar-izketa zer da?
Gizon bi edo geiago guztioi iagokun gai bateri buruz diarduenean, besteak aurretik ondo artuta, «beste batzuk ba dirala, edo izan daitekezala autortute alkar-itaunka badarabille itzaren bidez, orduan —non da adimen ezaugarri obeagorik?— esan leiteke alkar-izketa sortu dala bitarteko. Guztiok elburu bateri adi, Egi sakon eta oso baten billa. Guzti au ez norberaren iakintzan, bakartasunean tinkotuta, ezpabe ze iñoren aurrean auziak agertuaz eta aztertuaz. Orrela asetu leiteke gizon guztien gogoen premiña bat, au da: eldu edo bidean iarri, osotasunerantz, egirantz, alkarregaz, bakotxak besteai laguntzen, bestiena orniduten eta onduten.
Augaitik esan leiteke alkar-izketaren asikera edo oiñarri nagusia eritxi ezbardiñak zerbait aztuta, batera egon gai batzutan eta emetixek alkarri itaunka ta erantzuten astea dala. Zeaztasun geiago emon barik ulergaitz izan daiteke au, ta ikusi daigun alkar-izketara io edo sartu gura dabenak zeintzuk oiñarri artu eta zeintzuk baldintza bete bear dabezan.
Zeintzuk baldintza bete?
Itzaren bidez izandabe, artu-emon guztiak ezin leitekez benetako alkar-izketa bat lez artu, aurretik bizi-lege ta gizarte giro zuzen baten baldintzak beteten ezpadira.
Gizonaren barrunbe ta bizi-legearen betebearrak aurrean, gogoan euki bear doguz nai ta naiez alkar-izketan:
Argitasuna. Au da, izkuntza errikoi eta itz gardenen bidez gogorakizunak, guztion barrura eltzeko eran erabilli.
Adikortasuna. Izketaldiak argi erabilli bear dira, bakotxaren arrokeria, burrukarako sena, indarkeria, zikoitzkeria ezereztuta.
Uste ona. Batzuk bestiekanako; emon eta artu, ioan eta etorri, alkarrekiko maitasuna sendoturik, berekoikeritik urrun.
Zurtasuna. Entzuleen egoera ta lotsari buruz, umea dala, gizon ezjakiña, susmo txarrekoa edo aurkakoa.
Zintzotasuna. Norberaren siñesteari, aldakuntz bako egiari, balio nagusiei, aurretik iñori salduta egon barik, itzerdi barik, leial iokatuaz norberaren eta bestien eritxiei begira.
Aitatu doguzan baldintzak beteten diranean esan leiteke bat-batean alkarganatu dirala egia ta maitasuna, adimena biotzagaz. Onegaitik, itz uts eta ulergaitzakaz alkar-izketa sortzen dauanak iakin bei, beraren baietz ta zuriketarako, iñor zapaltzeko, bere usteetatik alde gordinkeria lagun, bere esanak orio tantak lez beti azalean, gaillen nai dabelako iarraitu badabil, bertan bera ixten dauala, «lurtarron biotzetara» eltzeko dogun biderik zuzenena.
Gizarte giro berezi bat be bear da egiazko alkar-izketarako:
Antzekoak izan bear dabe gizonak euren oitura ta bizikeratan, maillatan banandu barik, biziera zuzen eta al danik bardiñena bear da; batez be txiroakana, gosekilleekana, baztertuenetara nai badogu eldu.
Gizarte antolaketak zabala izan bear dau, biurkor, danontzako era bardiñak daukozana, bestela alkar-izketak, argaldu, ito egiten dira itxaropenik ezagaz.
Gizarte giro aske bat, auziak plazara ataratzeko, euren alde edo aurka iokatuteko, zeastasunak zabaltzeko, ziur ez dakiguna argitzeko.
Giro au ezpalitz, zigor bildurretan, zemaiak eragindako egoeratatik itz etenak bakarrik sortu leitekez, bildurrak, adimen bako, elburu bako bakar-izketak baiño eztakaz.
Orain arte aitatu doguzan baldintzak iarri ta bete arte, benetako alkar-izketa lurperatuta datza; baiña uste oneko gizonak eta batez be Kristoren aldezlariak, egizko alkar-izketaren ordez, batzutan ixiltasunagaz, besteetan deadarka, ta beti eroapen eta maitasunagaz, agerlari ta lekuko izan bear dabe mundu zabalean. Euren asmoa ta tirria, guztion artean lur barri zuzenago bat egitea dalarik. Orregaitik barriro be gogoan izan daigun alkar-izketak zer ikusirik ez daukola indarkeriagaz, uste ero ta lillurakorrekaz, ezta gizonen adimenak agortuteko sortu diran egoera barriekaz be.
Azkenez esan daigun barriro, alkar-izketaren bidez gizon guztien gogo-lantze osotuaren billa ioan bear gareala; barrunpetik ezpanetara egizale izan gaitezala, batez be giza-legea betetzen.
Alkar-izketaren itxurak
Biziaren antolaketak era askotara, korapillotsu, biurkor ba-dira, alkar-izketaren itxurapeak era askotara eratu daitekez; baiña beti urrundu bear dogu egoki ez diran itzetatik, gizon guztiak eragiteko edo izketan iarteko balio ez daben esanetatik.
Onetarako osotu ta gureganatu bear doguz egi betikorrak, kondairatik zear tinko dagozanak; baiña gaurko eratara, erri bakotxen iatorrizko diran oiturai adi.
Gogoan euki daigun kanpotik ez dala iagoten, gaizkatzen mundua. Orregaitik onartu bear dira gizadiaren bizi-tankera zuzenak. Beste eritxikoak be onartu, zoritxarrez beste mailla baten aurkitzen badira be.
Iñoren bizikera onartzea, geureganatutea, arriskutsua danik ez dot ukatuko, baiña lengo baldintzak ondo beteta, Iainkoa lagun, ezin daiteke elburu guzurrezko batera io. Ikara barik, gizonki ez dogu egi osora eltzeko beste biderik eta.
Alkar-izketaren inguruak
Darabilgun arloak, ez dauko mugarik ez azkenik. Uste oneko gizona alkar-izketarako prest dago, iñor ez da arrotz bere biotzarentzako; iñor ez da arerio norberak gura ezik.
Gaur egunean alkar-izketa, arazo neketsu, astun, ito bearrekoa agertzen iaku, munduko alderdikeri, aurre-asmo ta uste okerren ezin ikusiekaz; baiña lanbro ta orban guztien aurrean itxaropen ona izan daigun munduko aurrerakuntzaz. Eskeiñi daiogun gizonari dei bat; egian, zuzentasunean, askatasunean, aurrerapenean, eritx-batasunean, bakean, gizakundean sustraituta.
Erantzun daiegun, itz apal eta legunekaz: umeeri, gazteeri, iakintsuei, erri-gidariei, langilleai, ertilariei, nekazariei, ta batez be txiroai, oiñordeko ez diranei, neke-miñetan il zorian dagozanei, itz gitxitan Iainko seme guztiei.
Esandakoekaz, ulertu daiteke, alkar-izketa munduko premiñak osatuteko erabilli bear dala.
Gizon guztiak, zuri ta baltzak, siñistedun eta siñesgogorrak, bat gara izatean, bizitzako gora-bera ta eskaeratan, giza-lege antzekoekaz, gizonen duintasunaren aldezlariak, betebear eta eskubide babespean sortutakoak. Onekaitik, ezin dautsogu iñok utsik egin ainbeste gizonentzat gaur eguneko asmo ta lelo sakona dan oneri: alkar-izketari. Ez daitela il iñon be.
Astigarmendi
OAR BATZUK: ANAITASUNA! Zer izen goxo mamintsua! Axe, sarritan batzuentzako mamin samurra daukala eta beste batzuentzako azur gogorra... Zure erantzunaren asieran diñostazu: «Anaitasuna aldizkariaren zuzendaritzak oitura dauanez, zure erantzun «gatzduna» bialdu daust». Oitura txalogarria benetan, guztiontzat bardiña ba litz. Nik bialdu neban erantzuna aldizkarian argitaratu baiño len eskuratu yatzu, eta niri ez, ostera, zure erantzuna. Ez zure lenengo erantzuna eta ez bigarrena. Zurea lenengoa, diñostazunez, ez ei zendun niretzat bakarrik idatzi. Neuk be neuretzat artu neban eta baztarretan be atakotzat artu dabela agertu dauste; neure izena ez dozula ezarri, gaiñerakoa an egoan. Bigarren erantzuna bialduteko astirik ez zendun izango, eta gogorik gitxiago. Arin ibilli bear, zure bigarren erantzuna nirearen ondotxuan ipiñi ta erakusteko. Kontxo! Ederra zuzentasuna, iñorentzako! Bitik bat: Edo aldizkariaren zuzendariak bialdu dautzu —aparteko adiskidetasunez— edo zeu zara zuzendari artekoa. Bietara be, ez daukazu urtenbide zuzenik. Dana dala, olangorik ez dot ikusi osterantzeko aldizkarietan, eta gitxiago zuzentasuna ta anaitasuna zabalduten diarduenen artean. Olan dala, nik zuk baiño eskubide gitxiago, eta ori «sotanearen kerizpe ederra» daukadalarik, zeuk diñostazunez. Oraingoan beintzat, sotaneak baiño prakak kerizpe gozoagorik izan dabe.
Zuzenbidea beti izan da
legezko bide zuzena,
zoritxarrez, gaur zuzenik dauka
bakarrik bere izena.
Milla atxaki-matxakiz,
—zeintzuk norberak dakiz—
gaiñez dago almazena...
Nik arrazoirik bat be ez daukat,
zuk, barriz, milla dozena!
Gaiñera, Euskalerriko abade ta praille-kontu orrek larri bizitan zarabiz. Baiña abade-prailleok zertarako gura dozuzan argi ta garbi agertuten dozu. Lenengoan diñostazu: (Euren borondatez Mixiñoetara doazenai buruz) «Erriarentzat tamala izan arren...» Eta bigarrenean: «% 10 orreitatik euren borondatez doazenai... aurrera! Oiñazez, baiña aurrera!» Tira, orain arte uste izan dogunez, Eleizaren betiko eritxiari jarraituaz, Jaunaren Deiak argituta ortik ziar Mixiñoetara doazenak txalogarriak, goralgarriak dirala eta Erriaren aintza ta pozgarria. Beraz, zuk diñozu, ori tamalgarria dala eta oiñazez eta negarrez artu bear dogula. Kristo'ren jarraipidea, siñismenaren zabalkundea, goi-deiari jarraitzea Eleizaren katolikotasuna agertzea tb., zuretzat ezgauza ta tamalgarri dira. Ni ez noakizu bide onetatik aurrera; euskaldun irakurleak, zeuok ebatzi ta erantzun. Ba dakigu Erriari lagundu bear dautsaguna eta orretan gabiz aspalditik, baiña beste danak alde batera itxita, guztiok eta bakarrik orretarako?
Baiña aundiagorik botaten dozu: Mixiolari izateko mutiko batzuk aukeratu, eskolak emon eta Kristo'ren ordezko egitea «gizona erostea» dala diñozu: «Gaur gizon bat erosi bear ba dozu, garesti xamar urtengo dautzu». Gurasoak, zuen mutikoak maitasun beroz ta siñismen biziz Jaunarentzat opatu zenduezanean, era orretako gizon-traturik egin al gendun? Nik ez daukat gogoan beintzat. Sendagilleok —borondaterik onenagaz, jakiña— zeuen almenez gixajo asko askatuten dozuez eriotz ta gaixopetik; baiña beste ainbattxu «auzora» bialdu be bai. Orretara ezkero, orreitariko bakotxa zeinbat ordainduten dozue?
Ori al da «gizon egitea»?
Gizon-tratuan asi bear-ta
preziorik ezin jarri,
«garesti xamar» dala diñozu,
ibilli al zara sarri?
Mutikotan asita;
eskolak ikasita;
biurtzen da Kristo Barri.
Au al da, lagun, gizon-tratua
zuretzat ain tamalgarri?
Zorioneko «ume-lapurreta» orrek emoten dautzu sekulako buruaustea. Zure esakera biribillak diñoana egi utsa bada, ez da gitxi. Errietara joan eta bertako abade jaunak noiz kanpora aldenduko zain egoten nazala, ondoren ume-lapurretan ekiteko. Zuk uste zeinken baiño abade lagun geiago daukadaz Bizkai alderdian. Ezaugarritzat: Aurten emen sartu diranetatik, dozena bat baiño geiago izango dira eurak abadeak onuntza zuzendu ta ekarri dauskuezanak. Eta gaiñerakoak, abadeak deituta Mixiñoak emonaz, giro orretan sortutakoak. Bizkai osoan bi edo iru dodaz, orraitiño, ainbat bider parez-pare igarota, nire agurrari erantzun ez dautsenak. Eta baita mutiko batzuk bertoratuta gero, atera gurarik ibilli diranak be.
Eta zuk, Arenaza zintzo orrek, iak-eta emen dagozanak kanpora ateraten alegintxuak egiten dozuzan —jakiña, bokaziñorik dauken ala ez ondo ondo igarrita gero—, ia urrengoan esaten dauskuzun zeinbat mutiko zuzendu edo eroan dozuzan Seminariora. «Kapitan araña» ez yatortzula egoki diñozu, ondo ezagututen zaituenen artean.
Ez da erreza sarri jakiten
nor dan «kapitan araña»,
bakotxak bere alde jokatzen
egiten dogu al-aiña.
Iñor maltzur ta lapur,
au suertea, alajaiña!
ni neu jator ta samur;
Sotanearen kerizpe barik
euki lei santu-usaiña!
Azkenik, «gaueko iturri» kontu ori. Egokiago deritxat gauerako edo egunez bada be, baztarrerako istea. Bakar bakarrik oar bi: Bata, ia S. Pelitzisimok ete daukan zure konsulteakaz zer-ikusirik. Siñismenik ez dauken arimak ez dauke gorputzeko gatxetan be santuak zirikatzeko eskubiderik.
Bestea, baztarretan «gaueko iturri» asko izan oi dira-ta, ama arduratsu askori abixu bat emon: Olakorik badozue etxean, gaurtik aurrera ez ibilli santurik santu, sendagillerik sendagille; Arenazak daukaz salgei «aproposko autsak».
«Gaueko iturri» ori dala-ta amaika kalamatrika; denporarik ez alperrik galdu, entzun gaurko gramatika: Ez santu ta ez meza, alperrik da promesa; alperrik milla botika, guztiok entzun dozue emen Arenaza'ren pratika...
LAU ITAUNAI ERANTZUNA. Lengoan iñostazun, zure idazlanaren oiñarri ta korapilloari erantzun bearrean, adarretatik ibilli nintzala. Beste orrenbeste oraingoan be jazo ez dakidan, zeuk egiten daustazuzan azkenengo lau itaunai erantzutera noakizu.
1.— «Zergaitik kendu dozue Deusto'tik Aita Patxi?».
— Ara, adiskide, ez zo ta ez ni, ez gara nor arazo orretan sartzeko. Aldakuntza ori erabagi eben Nagusiak erantzungo dautzue. Nik neuk auxe bakarrik erantzun neizu gaurkoz: Nik zugaz gaurko alkar-izketa au izateko, ez naz zure emazte ta senideen joan-etorrietan sartu, eta gitxiago zeure barruko ta ixilleko bizitzako gora-beretan. Eta zuk niri itaun ori egiteko ainbat eskubide daukat. Baiña gizarteko bizimoduari zor yakon lotsarren, oba ixildu.
2.— «Zergaitik Deusto'ko euskaldunei ikastolarako tokia ukatu dautsezue?».
— Lenengotan, ez zan izan bear ainbat leku ta giro. Gaiñera, zuk ondo baiño obeto dakizu, gura dogun dana ezin izaten dogu egin. (Zeuk be ez dozu egingo Mungi ta Bilbo aldean euskera-alde gura zenduken dana, gitxiagorik be...) Alan da guzti be, iru-lau urte izango dira, an inguruko euskaldun aldra bat Deusto'n batzen izan dala, euskera ikasteko. Erea etorri daneko, iru talde darabilguz euskera irakasten: Ume-aldra bat, euskaldun gazte ta gizon talde sendo bat, euskera sakonago ikasi guran, eta euskaldun gazte ta gizon talde sendo erdeldun euskal-zaleak, gure izkuntza eder au ikasteko egarriz. Astean iru bider emoten dautsee bear ainbat toki ta euskera Deustu'ko Pasiotarrak. Orrez gaiñera, bertako Teoloji-Universidadeko gazteak astean iru bider dauke euskera utsean meza santua.
Gure «anbientea» obeto ikusi daikezun, orra iru-lau itzetan beste komentuetan dagiguna: Euba'n, astean iru bider goizeko elizkizuna euskeraz; euskaldun ta erdeldun, guztiai erakusten yake euskera; mutikoak eurak argitaratuten dabe «BIDEZ» deritxon aldizkaria euskera utsean; asteko egunik geienetan mutikoak euskeraz berba egin bear izaten dabe, solas-aldietan; gaiñera beste inguruko Ikastetxe ta Seminarioetan olakorik ez zala, emen orixe bera egiten giñarduan. Zumarraga'ko komentuan, egunero batzen dira 180 umetxu, euren lenengo eskolatxuak euskeraz ikasteko. Orrez gaiñera, bertan batzen dira astean iru bider inguruko gazte ta nagusi —euskaldun eta euskal-zaleak— euskera eder ori ikasteko. Eta, baita, ango Pasiotar filosofolariak argitaratuten dautzue «LAIAKETAN» izeneko aldizkaria, gairik sakon jakingarrienak euskera gozo aberatsean. Geiago? Bertako irakasle bi, noizian beinka, Donosti, Tolosa, Bergara ta beste uri batzuetara aldatuten dira, jakiturizko gai mamintsuenak azaldutera. Eta Irun'en? Ango Pasiotarrak «Oargi» deritxon batzokian dauke euskal ikastola, bertaratzen diran ainbat euskal-zaleei euskera irakasteko. Eta elizkizunetan —euskerazkoetan diñot— beste leku askotan baiño ugari ta gartsuago. Nire lengo erantzunean niñotzun: «Zer? Ikusi-eziña ala ezin-ikusia?» Eta zuk erantzun daustazu: «Ez ikusi-eziña ta ez ezin-ikusia: EGIA». Aor ba, Arenaza egi-zale, zure egi ori zertaratu yatzun. la zuk esan zenduanez ala nik emondako erantzunez, zelan agertzen dan ondoen gure «anbientea». Irakurleak dauke erantzuna.
3.— «ZERGAITIK Bilbo'ko euskaldunei «Redención» erdera utsean bialduten dautsezue, euskerea baserrirako ediziñoan bakarrik agertuta? Zergaitik «kaletar barri» usañeko diskriminaziño ori?».
— Egia esan, neuk baiño obeto dakizuz «neure etxe barruko» gora-berak. Zuk diñozun «egia» gogotan dodala, biotzez saminduta joan naiako arazo orren arduradunari. Ona emen bere erantzuna: «Arenaza jaun, egizale jatorra: Etorri ta ikusi gure fitxero bikotxa, euskaldunei ta erdeldunei yoakena. Sarritan agertu izan dogu gure gogo bizia, eta barriro be egingo dogu, euskaldunei euskeraz serbitzeko. Eta alegiñik asko egin dogu gaur arte be. Eskatu daiskuela, nortzuk diran jakin daigun. Orra zuzenbidea: Redención-Banakola: Santuario de S. Felicísimo, Deusto (Bilbao) Korreoz: Apartado 1.490 - Bilbao. Zu lako euskalzale asko bagenduz gaiñera, illero-illero, zortzi orrialderen ordez, amasei argitaratuko gendukez euskeraz. Ikusi dozu, gero, zeuk ikusi REDENCION EUSKALDUNA? Ezagututen badozu, gogoratu joan daneko lau urte oneitan bertan agertu diran milla eratako gaiak. Olangorik ez badakizu, libre dago gure kolekziñoa zeuri erakusteko. Uste dozu, Elorza jaunak orrialde onetantxe agertu ebanez, ipuin zarretarako doguzala gure aldizkariaren orrialdeak? Seiñalea ez ebazala ikusi aurretik, jakiñen gaiñean berba egiteko. Eta, lenengo ta bein, zeu be egin zaitez REDENCION EUSKALDUNAREN arpidedun, alkarren barri obeto jakin daikegun. Eta —danen gaiñetik— ezin dogula guraiña egin euskeraren alde, barrutik baiño kanpotik askoz be neurri estu gogorragoak yatorkuzalako».
4.— «Zergaitik, zure gaiñeko batek esan dauanez, zuk, berak eta beste batzuk, abade gazteen erriaren aldeko jokabideakaitik txarto berba egiten diarduzue?».
— Ez dakit, lagun, nire gaiñeko, azpiko edo albokoak nitzaz zer esan daben. «Ari zuzentxu baten bidez» jakin dozula, diñozu. Baiña «ari zuzen» asko okerrak izan oi dira beste askorentzako. Ara, zurru-murruak zein morro-zorroak, zure ta beste batzuen joan-etorriak dirala-ta, nire belarrietara aspaldion eldu diran guztiak egitzat artzen asiko banintz, a zer otzarakadea! Abade gazteen aurka txarto berba egiten ei nabil. Txarto berba egitea da gauza bat, eta eurekaz gauza guztietan bat ez etortea da beste bat. Zeu be, agertzen dozunez, ez zatoz bat nigaz eta ezta beste millaka abade zintzoakaz be. Eta, jasl, arpegira olakoak esan dozuzanean, zer esan ete dozu atzetik...? Eta orregaitik, eta ez bestegaitik, ete gara txarrak, zu ta ni? Eta lagun artean ezbardintasuna agertzea ete da txarto berba egitea? Olan bada, betor orretan uts eta akats bakoa; «santu zarrak» aldaretatik kendu doguzan ezkero, guraiña leku dago «santu barri» orreintzako. Gaurko abade gazteen arazo askotan aintxiñatik genbiltzuzan lanean, naizta gaurko «era barriko» jokabide batzuetan ez izan eritxi bateko. Entzun egidazu, egi-zale: Gaurko aize barritara egaz dabillen edonor dozu askatasun-zale, bai erlijiño-arazoan, bai politika-ekintzan eta bardin gizarteko artu-emonetan be. Baiña, orra or, askatasun-billa ta giza-eskubideen egarriz dabiltzanen artean —zeozer diraneko— geienak dozuz iñorentzat zitalak, eta beste asko baiño barru estu ta itxiagokoak. Guztiok eta gauza danetan bat-bat izan bear. Bestelan —eta au da «xelebrea»— zu ez zara gutarra, zu ez zara jatorra! Zergaitik? Eta, nire eritxikoa ez zarealako... Jainko-bakotzat, gaizto biurritzat daukaguz lurralde ta laterri asko, aginpide-indarra ta beste guztientzako diran eskubide asko ta asko alderdi batekoentzako artzen dabezalako. Al dogun apurtxuan, ez al gara geu be, jausten «beste orrein» akats ta gaiztakerian? Lagun bategaz edo batzuen jokabide bategaz konporme egoteko, gorputz ta arima, buru ta biotz, eritxi-miritxi guztietan bat-bat egin bear ete? Eta nun da bakotxak dogun bakoxtasuna? Iñori eskatzeko, norbera estututen dabenean?
Eta beste barik, gaurkoz naiko. Gura baiño luzeagoak urten daust —zuk izan dozun eskubidez— zure erantzunaren ondotxuan nire erantzun au emoteko aukerarik izan ez dodalako. Agaitik ezarri bear izan dodaz emen zure erantzunaren ainbat atal.
ANAITASUNA izan bedi beti gugaz. Anaitasun baten barruan, jardun daigula guztion gogoko dan arazoan, «batasuna» galdu barik. Anaitasunean askatasuna, bakotxari bere eritxi ta izen onean lotsa gordeaz; eta askatasunean askotasuna, bakotxak doguzan almen indarrakaz anaitasunaren alde ekiteko.
Gizon guztion ANAI egin yakun Jesus Aurtxoak onetsi gaizala guztiok, bakotxak bakotx izatea galdu barik, sendotu ta osotu al daigun mundu beteko ANAITASUNA!!!
GABON! biotzez ta ZORIONAK
o aspaldiko laguna!
Bardintsu zuri, anaitasunez
biotzeko euskalduna!
Urte Zarra amaitu,
ta Barrian jarraitu;
izan bake-osasuna.
Belen'go Aurrak sendotu beisku
EUSKALDUN ANAITASUNA!!!
A. Martzel
Aita Martzel'eri: Nigaitik, Amaitu Dogu
Egia esan, zure lenengo idazlanari erantzuteagaz damututa nago. Zure bigarren au be irakurri dot, baña enoakizu erantzuten. Zergaitik? Nik problema bat azaldu neban eta gaia alde batera itxita, neure aurka, zirikalari, sartu ziñalako; kulturadun gizarteak erabilten ez dauzan berbakaz. Ta nik, erreta, bardiñ erantzun neutsun.
Edukaziñoa ta kulturea bakotxak barruan daroagun abere-nortasunaren narrua ta azala ei dira. Ta azal ori ez ei dogu danok bardiña eukiten; apurtxo bat urratu ezkero ariñ ikusten ei da barrua. Bide ezbardiñetatik artu dogulako edo bear bada... guk ez dogu lodiera bardiñeko azala, ezkara mai baten jateko egiñak.
Orain, eurak, praillekiak (batezbe, teologoak), umeen gurasoak eta irakurleak dauke erabakia. Niri, zuetariko batzuk, abade askok (Mungi aldekoak eta urrunagokoak), eta irakurle askok emon dauste euren eritxia, idatziz edo berbaz.
Agur ba, ta bakotxaren jokabideari... or konpon!
Arenaza'tar Josu
Kebelarra edo tabakoa ugaritzen doa egunero geure aldamenean. Edotariko tokietan sudur asko ikusten dira kea dariola, are geiago, urte batzutik onezkero emakumeak bere, ezpanetan tabakoa darabilte sarriago eta kea ao betean botatzen dabe.
Belar au erretzeak Benzpirinaren eragipenez minbizia dakar, biriketako minbizia, baño orraitio minbiziaren bildurrak lotsa gitxi dauko gaur egunean errezaleen artean.
Nikotinea bere aldetik oso kaltegarri da, odolarentzat zital bat lez da eta zaiñak bere ondatzen dauz. Adrenalina isurarazteaz odol-odiak estutzen dauz eta biotzaren taupadarentzat bere kalte asko dakar.
Kalte onen ezaugarri berezienak eta txokor bat erretzeagaz bakarrik agertzen diranak, oneixek dira: ondoeza, izertagatxa, oritasuna, alditxarra edo buru-bira, berantzakoa eta biotztaupadak.
Asko eta luzaroan erretzeak biotza makaltzen dau zintzurreko miña ekarri arte. Geienetan biotzaren aultasun onek eriotza dakar, ba nola ez, biotza makalduaz eriotza urbil dago.
Tabakoak osasuna ondatzen dau, gizonaren osasuna eta nola ez emakumearena bere bai eta emakume aurduna bada kaltea izugarrizkoa izan daiteke.
Fenomenu ugaritsu onen sustraiak non dagoz? Oitura barri onen sorburuak non? Bizi-maillan?
Askoren eritxiz aoan kebelarra erabiltea gizonaren ezaugarril da, gizontasunaren iduri berezi bat, osotasunaren iduria noski, au gizonaren artean eta emakumearen erresuman modaren ezaugarri berezi bat, egite nabari bat eta emakumearen artean modeak uste ona dauko. Egokera barri onek askori lilluratzen deutso, baña alan da bere oindiño emakume geienak belar au ez dabe ezagutzen. Baña arriskuan dagoz ainbeste erakutsiak ikusten diralako zinean, aldizkarietan eta erriko jolastokietan.
Tabakoa kaltegarri da benetan, kaltegarri osasunarentzat eta kaltegarri, nola ez, poltzikoarentzat, ba, diru asko erretzen dau, bearrezkoa dan dirua. Aurreratu bear dan dirua eralgitzeaz beste ondamen bat dator etorkizunerako. Dirua Aurrezki Kutxa baten ezarri bear dana, tabakotan emoten da, zartzarorako bear dan dirua, osasunaren kaltean erabiltzen da, osasuna geure gauzarik onena izan arren. Badakizue osasuna ez dala dana, baña dana ezer ez da osasun barik.
Argitxu bat ikusten da ortzian. «Philips Morris» txokolatea saltzen asi da oraintsu eta beste tabakoaren marka ospetsuak bere zertxobait egiteko asmoa daukie barruti barri onetan. Barri au entzuteaz poztutzen gara eta orregaitik betor ordu onean txokolatea zigarroaren ordez.
S. Larrea
Jabier. Txirrindulari barria Mungia'n...?
Gure txirrindulari saillean zer giro dago? Landara barri bat ete daukagu gure aurrean?
Gizon nai mutil trebe bat ikustea, berez da pozgarria. Baiña norbere etxe edo ingurukoa danean, pozaren zirrara barruagotik darabilgu.
Mutil barria itxaropen barri izango ete jaku? Igez eta aurten gure Jabierrek egazkada eder bi egin ditu. Urtera bi eta poz bi izan dira.
Urtera bi onek Bizkaiaren biotzean jorratu ditu. Gernika izan da indar ta almenak negurtzeko lekua. Zearka, gora eta bera, mutil gazteak euren al guztiagaz jokatu eben.
Bakotxak beretzat nai eban garaitza. Egoki ta bidezkoa. Baiña guztiak ezin lenen eldu. Argiak, indarrak, almenak zuri lagundu eutsuen zeure lenengo agertuera bi orretan, Jabier.
Aldatz gora-bera ta zearrean zure indar ta izerdiz, ondo, baliatu zarala, ikusi genduan. Baiña ordua eldu zanean, Errenteriko ateetan, erbiak eiztariari kurutz bidean legez, aupa mutilla, ointxe dok neurea, barru barruan, ots eginda, gure mutil kirruak zart egin eban. Atzean geratu ziran lagunak. Bakarrik doa.
Gernikako kaleak zeuretzat ziran ordu aretan. Zuri begira egozan. Mungiar txirrindularia kale erditik joian elburura garailari. Irri-barrez, beti legez. Atxuritarren txalo artean nagusi izan ziñan garbi-garbi, Gernikan milla bederatzireun da irurogeta zazpiko Urriaren ogeta bederatzian. ZORIONAK!!
Gazte zara gazte, amabost urte. Amets bat dozu barruan beste askoren antzera. Egizko izan bekizuz zure indar, almen, gogo ta deia, sail orretarako ba-dira.
Gizontasun ta lagunkoitasuna izan bediz zure lepo gaiñean doazan urrezko gurpil bi gure bideak zear gaur. Biar egunean, an, or ta bestean adiskide orrek abestuko dautse gure mutil kirru euskaldunari.
Zure izena Bizkaian zear zabaltzera ez nator. Zorakeria litzake. Alan izan bear ba-dau, egun bat etorriko da. Ta orduan zeu izango zara zeure izenaren zabaltzaille bideak zear, ixilik eta gizontasunez.
Gizon aundi ta izar argitsuak, nai-nun, ta arazo guztietan agertzen dira gizadiaren zuzendari. Ara nun diran Bartali-Gimondi Italiarrak ta gure euskaldun Muxikar Balendin... Irurok goratu dabez euren bear sailla ta gurpilbikoa, irurok goratu ebezan euren erri ta odola.
Bearraren aurrean, sarri, jaso ebezan begiak gora, barru argi ta gogo-garrez indartuta, bildur barik... Gero, bideak zear adoretsu, alai, jo ta ke, gurpillak aurrera ta garaitzak geroago ta geiago... Ta erriak, beti, ederretsi eutsen aren jokabideari.
Orra or, beste askoren artean iru izar eder. Onen jokerako laugarren izar, izango al az Jabier?
P. Solozabal
Ene, adiskide! Zure puts bat naiko izan da Euskaltzaindia ankaz gora botatzeko.
Ez dakidala ezertxu be euskel-arazoetan diñozu; idazten be ikasi egin bear dodala, ta abar...
Ez al-dakizu, maite orrek, igazko Gernika'ko IPUIN-SARIKETA NAGUSIAN Euskalerri guztitik aurkeztu ziran idazle ospetsuen artetik LENENGO SARIA irabazi nuala «TXOMIN'EN NEKALDIAK» deritxon ipuiñaz?, ta Euskaltzaindia izan zala epaikaria? Beraz, ango bazkide guztiak eta ni, porru batzuk garanez, zure eskolara besoz-beso joan bearra baño ez dogu izango. Ta ez gu bakarrik; beste eun da amabi notiñ, ipuiñ ori irakurrita gero (iru milla liburutxo argitaratu ta zabaldu noazen-da) zorion beroak bialdu eustezan gizajoak be gugaz alkartu bearko dabe, asto batzuk izaten jarraitu gura ez badabe beintzat.
Baiña... ez litzake egoki izango lenen zeu aurretik edukazioa irakasten dauan eskola batera joatea? Iñoren jakituria berengo mailletan jarri baño len, ikusi egizu zeurea goian dagon!
Zetan ez dozula, arnasoska, ezin-geiagotan, mendi ganera igon... eta irrintzi bat botatea nai izan dozu; ta, aor ba!, irrintzia barik arrantzeak urten dau zugandik. Zer egingo yako, ba? Ori be nai ta nai ez entzun bear izaten dogu-ta...!
Zure idazlanean (?) zentzundun zeozertxo daukan zerbait billa ibilli naiz, aldizkari onen bidez gure artean izketalditxo bat jartzeko; baiña goitik bera ta aspikoz gora arakatu arren piperrik be ez dot aurkitu oker-ulertze batzuk maixukeriakaz zipristinduta baño.
Nik lantxo orren asikeran, «H» orretzaz neure eritxi bat botaten noala esan nuan. Ori jakiñik, an jarri nuan «EZAGUTZEN» berba ori ez dozu ondo ulertu. Nire «EZAGUTU» ta zure «JAKIN» ez dira bardiñak. Ezagutu... «conocer... RECONOCER...». Ta nik ez badot «H» ori «errekonozitzen» ez dot zetan jakin nun sartzen danik be!
Argi? Ta jakin ezik nun sartzen dan, eta emoten badauste «H» pillo bat esanaz: «orrek zure idazlanetan sartu bear dozuz»... zer izango litzake nire eginbearra?
Agur itun bat emon bear nire euskel-idazlanai. Ta nigaz batean euskel-idazle geienak, ezpai barik.
Baiña, tira!, barregarrikeri batzuk be sartzen dozuz nastean: nik, beintzat, atarakotzat artzen dodaz. Auxe bat: erdeldunak be «H» ori jaurti gurarik dabiltzala, ta guk sakua zabalduko ete-gendun, ba, izki orreik artzeko, esaten nuan nik. Eta zuk piperra baiño serioago: «Antza, zuretzat erdeldunak zer egiten daben edo ez inportantzia andikoa da. Au erdalkeria!! Beti egon bearko ete dogu ba kanpokoeri begira!!»
Ze inportantzi ta ze andiko ikusten dozu emen? Ta zuk, irakurle? Ez, irakurle, asketsi: zuk, ume?
Erdeldunak barik Patagoniarrak idatzi ba'neu, zer esango zendun? «Au Patagoniakeria»? An jazo bazan, orixe esango nuan lotsabakokeri aundienaz-ta...
Lelokerien lelokeriaz, barregarria!
Ta uste barik, luzatu egin naiz. Amaitzeko esan bear dautsut, urrengoan, idazlumea artzen dozunean «H» ori aupatzeko, bat edo beste itzuli dagizuzala zure idazlanean...! Orrenbeste astakeri izki ori goraltzeko... ta zeuk bat bera be sartu ez idazlan (?) orretan!!!
Formalidade geiago, Otsolarre!
Idazlumea neure gogoa baño urriñago joan dalakoan-da nago. Asketsi. Baiña nire ustez, «kontajio» bat besterik ez da izan. Bai, ba!: zure gauza ori irakurri ordukoxe idazten jarri naz...: ta or dago ori.
Zure ikasle, ez: baiña bai zure adiskidea, biotzez,
SABIN
Ezagutu zure erria
Baserri politak ugari dauz Bizkaiak. Oietariko bat Gatika. Lau errik inguratzen dabe: Maruri'k, Mungi'k, Urduliz'ek eta Laukiniz'ek.
Gatika erri ospetsua da antxiña-antxiñatik; gaur be edonok ezagutzen dau. Euki be gero, aberastasun eta ondasun ederrak eta asko dauz erritxu polit onek.
Oraintsu arte, erri onetara ioateko ezta izan erreztasunik. Orain, egunean lau bider ioan-etorria egiten dabe erri onetatik autobusak. Mungi'tik urten eta Areata'raiño ioaten dira. Olako baten eldu naz arratsalde otzean Gatika'ko eleiz-aldera, ango barri batzuk zuri emoteko.
Erri onek bederatzi auzo dauz: Garai, Sertutxa, Zurbano, Gorordo, Libarona, Ugarte, Igartua, Landa ta Butroi. Bederatzi auzo, bata baiño bestea euskal izen ederragoakaz. Izenak ezer balio badau, askoz geiago izanak.
Gatika antxiñatean
Gatika'tik Gaminiz'era bitartean, Margaltza mendi magalpean ba da gaztelu eder bat, Butroi'tarrena. Gaur ikusten doguna oso barria da, oiñarriak oso zaarrak izan ta be. Ondiño 100 urte be eztauz. Barrenak ostera oso zaarrak dira. Gaurko au oso polita da; leku atsegiña ta baketsua, inguruan kerizpe ederrak, erreka otzkirriak eta landa legunak dauz. Gaur baketsua bada be, Butroi'tarren gaztelu onek, euskal istori zaarra bururatzen dau. Oñaz'tarrak eta Ganboa'tarrak orain gizaldi batzuk, eusko erria banaturik itxi eben sasoia. Jauntxoak ernetan asi ta erriak ondo ikusten ez ebezanekoa. Euskaldunak euskaldunen aurka, ainbeste gerra egin ebenekoa. Jauntxokeria ta erritasuna burrukan, gingan ebiltzanekoa. Gaur gaztelua sagu zarrak eta untzorriak artu dabe. Aundikeri guztien azkena. Gaztelu orrek asko esan bear leuskigu gaurko euskaldunoi, aundikeriak galdu ez gaizan.
Bizkargi, Sollube, Iata, Margaltza, Gaiko-mendi, Unbe mendietako urak danak Gatika barrenetik igaro oi dira; Gazteluaren egaletik, Arbiña'tik, Gaminiz'(Pentzi) era ioateko. Erreka baztar oietan amaika errota ba zan aldi baten; antxe artzen izan dira antxiña, inguru guztiko ortuari, arto-indaba, igalirik onenak. Erreka oien inguruetan bizi ziran baketsu ta pozik antxiñako Gatika'tarrak.
Gatika 1967 urtean
Azalez eta mamiz antxiñakoa dirudi erri onek. Gaur dauzan onenak. Lenengo. Erri euskalduna izatea. Erri onetan 1,260 bizilagun dira. Ta ez aztu au; orreitatik 20 be eztira erdaldunak, esan dauste. 15 urtetik beerakoak 80 dira Gatika'n, eta iru bakarrik erdaldunak. Ori dok ori.
Gaiñera, Gatika'n egiten dan euskera gero, benetakoa da. Pozik zer negon entzuten ba! Ioskera ona dabe, esakera garbia. Euskal ikastolarik ete egoan galdetu neban; ezetz diñoste. Gatika'ko euskaldun geienok, ez dakie kartatxo bat egiten, ezta liburutxo bat irakurten be. Auxe mingarria. Errian ainbeste iakintsu, maixu, abade, erri-agintari... geienok barriz Euskalerriaren alde berba asko egiten dabenak. Eta ainbeste euskaldun, idazten eta irakurten eztakienak errian izan, eta ezer egin ez? Ez dot aitzen.
Maixuek, tele-ikuskiñak, ziñeak, erradioak eta euskeragaitik ezer ez egitea, ori betikoa da. Geure ez dira ta ezin dabe ezer egin gure alde. Kanpotik etorri ta kanpokoak ekarri.
Abadeak? Onak dirala esan dauste. Euskaldunak dira. Ez ete dabe astirik orretarako? Mezak, itzaldiak, kristau-ikasbidea, tire... euskeraz be emoten ei dabez. Bai, eta poztu naz. Baiña, gero zer? Kanpoan, abadeak ei dira erdera geien egiten dabenak. Alkarregaz abadeok beti erdera. Olan ez, iaunak. Eleizan euskaldun eta kanpoan ez? Gatika'n gazte askok, erdera zeuen erruz egiten ei dau. Zer da ori? Abadea erriko izkuntza zapaltzen? Euskera iakin eta egiten eztauan euskalduna, belarrimotzik txarrenaren ondoan ipinteko da.
Eta gero errian dozuezan umetxuei, zergaitik ez dautsezue irakasten euskeraz irakurten eta zerbait eskribitzeko beste? Abadeok egin ezik, gaur ori iñok ezin leike ba egin. Astia zeuok dozue, lekua be bai. Gogoa izan ezkero zeuon eskuan dago, «gure analfabetoak» gitxitzea. Abade bik illabetean irakatsi daikioe orrenbeste 80 umeri, gura izan ezkero.
Bigarrena.—Erri kirol-zalea. Gatika'ko idi-probak, ospetsuak dira. Bizkai eta Euskalerri osoan. Diran idirik onenak datoz bertora. Sari onak eta giro ona. Asto-probak be aurten izan dira.
Irugarren.—Erri, gauza andiak egitekoa. Ondiño urte gitxi dala, orduan egoan abade gaztetxo batek lagunduta, erri onetan inguruko ezpata-dantzaririk onenak egozan. Orfeoia be ona. Bizkaieraz, ortxe emon izan iakon erriari «Pasionea», Belloc'eko prailleen euskal lan ederra. Orduko izparringiak diñoenez, txalogarria izan zan ordukoa.
Gaur, kirol-zaletasuna, idi-probak eta, gora doa. Beste alde au, euskera, dantzak eta abestiak, esan daustenez bera doaz. Nok irakatsi, zuzendari kementsu bat ez dabe. Eta gaiñera betikoa, erbidituta bizi dira gaur Gatika'rrak. Txikikeria, andigureak, alkar zapaldu gurea, gizontasunik ezak, alkar salduteak, erria banandu dau. Artegi banandu bat, txakur onak batzen dau. Erri bat banandu badadi, ez da txakurrik gero batuko dauanik. Orain zer? Gatika'ko eleiz-aldea itzel dago. Ezta bizirik. Gazteak non diran, eta Mungi'tik eta dirala.
Gaztedi geiena (400 baiño geiago) Mungi'ko lantegietara ioaten da, ta gero erriaganako zaletasuna ta ardura galtzen ioake. Alde batetik, erria zaintzen ta alegindu bear leukeenak eurei eskubiderik emoten ez dautsoelako; bestetik etorkizuna argi eztagonean ezetan sartzeak bildurra damotselako. Berton ba da lantegi bat «Alkargo», 25 langille dauz eta ondo ei doa.
Gatika'k, gaztelua kenduta, eztau beste ikusgarri andirik. Eleiza, gerra sasoian erre eben lengoa; oraingoa barria, ederra da. Butron'en ba da beste eleizatxo bat, igandero izaten dabe an meza bat.
Arrizko monumentuen faltan, ba dau Gatika'k Butron'go errekan, inguru guztian ospetsua izateko lako balio andi bat. Butron ibaiko angulak. Aurten ondiño, eztabe asko artu, baiña Gabon inguruko iaietan, amaikatxok amets egingo dogu, itxarrik. Ikusten nago lurrezko kasula gorri bat eta an txir-txir angulatxuak orio irakiñean pipermiña ta berakatzetan.
Baiña dogun «pesetearen balioa gitxitzea» dala-ta, ezta errez izango milla pesetako angule-kiloa erosten.
Amaitzeko, Gatika'tarroi dei bat: eutsi erriari, geurea da-ta. Geuk zaindu ezik iñok eztau obetuko. Alkartu, aurrera egiteko. Beste euskaldunoi, Anaitasun zaleoi, Gabon zoriontsuak. Astia dozuenean Gatika'ra osteratxo bat, urdaiazpiko ta lukainka iaten. Ontxe da sasoi ona. Agur datorren urterarte.
SALATARI