ANAITASUNA

BIZKAIA

159gn. zenb. - 1968ko aprillak 30 - 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

6

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5)

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 159gn. zenb. — 1968ko Aprillak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Maiatzaren 5gna. Itxasgizonen eguna

Itxasoak, garrantzi aundia dauko gaur eguneko munduan. Komertzioa dala, produziñoa dala, egunean baiño egunean inportantzia geiago emoten asi gatxakez itxasoko gauzeri.

Zenbaki onetan Artzak diñoskunez, gero ta geiago itxasotik jatorku laguntziñorik aundiena, munduko demografiak eskatzen dauan jaki produziñoa betetako. Munduko naziñorik aurreratuenak arraintza ontzidi ederren jabe egin dira.

Mundu guztian, gero ta barku aundiagoak egiten diardue, alde batetik bestera gauzak errezago ta ariñago igaroteko. Ontziak eurak, erosoak eta seguruak dira.

Itxasoko gauzak, antza danez, ondo dabiltza. Baiña ain ondo ete dabil itxasoko gizona? Emoten ete jako itxasgizonaren personeari, zor jakon inportantzia? Itxasgizona bera be, gauza biurtu ete da?

Itxasgizonak arima bat dauka, erri bat, familia bat; eta kristiñaua bada, parrokia bat. Ori gorabeera, ia bere bizitza guztian, erritik urrun, familiatik eta parrokiatik asago bizi da. Gizon ez bailitzan.

Personearen prolema garratz onegaz gitxi konturatuten gara; eta bizimodu anormal au zuzentzeko, zoritxarrez alegin eskasa egiten da. Zenbaki onetan Frantziako abadeak dirauskuenez, errespontsabilidade aundia dauke auzi onetan ontzi jabeak.

Eleizeak, aspalditik aintzat artu dau itxasgizonaren egokera au; eta alegiñak egiten ditu, euren bizibidea obatuteko.

Or dozuez «Stella Maris» etxeak, mundu guztian itxasgizonen zerbitzurako zabalduak. Or dozuez Itxas Apostoladuko kapellauak, itxasgizonen prolemeri aurpegia emoteko beti gertuak.

Euskalerrian, olako etxe bi daukoguz: bata Bilbaon eta bestea Pasaian.

Bilbaokoa, 35, Henao kalean aurkitzen da. Bere zuzendaria, Aita Patxi Otamendi, santurtziarra. Kontaeziñak dira, urte barruan etxe orretatik pasetan direan itxasgizonak: euskaldunak, espaiñolak eta estranjeriakoak; katolikuak eta protestanteak. Danak aurkietan dabe bertan abegi ona, berotasuna, laguntziñoa, familia giroa, maitasuna. Orrezaz gaiñera, asko dira bertan preparetan direan euskaldun itxasgizon gazteak, ontzietan euretan kristiñau militante bezela bizi izan eta lan egiteko.

Gogoan artzekoa da, izanbe, itxasgizonen egokerea. Gure lez, gizonak dira; eta euretariko asko, kristiñauak eta euskaldunak gaiñera. Euren prolemak geureak dira.

Orrexetarako jarri dau Eleizeak, maiatzeko lenengo domekan, «Itxasgizonen Egun Internazionala»: Itxasgizonakaz gomuta gaitezen, eta zelan edo alan euren alde zerbait egin daigun.


Erriz erri

Zarautz

Aspaldian, «Zarauzko Gaztetxoak» deritxon taldea ia domekero dabil erriz erri.

Asko ez dala, Bilbaon be egon zan. Askok ez eutseen entzun. Euren erruz. Damututekoa da.

Talde au, neska-mutil batzuk eratzen dabe; euretariko batzuk, umeak oraindiño. «Oleskariak» abestaldeagaz ibilten dira ara ta ona. Danak, Manolo Urbieta musikalariaren menpean.

Neska-mutiko oneek, txapeldunak dira. Urtero izaten da Zarautzen, Zarauzko ta inguruko umeen norgeiagoka bat. Ume asko pasetan dira ortik, batzuk kantuan ta deklamaziñoan, ta bai kontu-kontari. Amar bat urte ba daroa txapelketa onek. Ta emen txapeldun urteten daben umeak, orreek dira gero erriz erri doazanak.

Jaialdi bakotxean zoragarria izaten da ume oneen jardunaldia. Txalo zarata gortu-bearrekoa, barriro eskatzeak, zorion negarra. Neuk ikusia. Bilbaoko jardunaldia amaituta gero, an etorri jatan andra urtetsu bat, antzokian agertu zan txikienari (Manuel M. Urbieta, 5 urtekoa) karamelo paketa bat emon gura eutsola-ta. Erdi negarrez etorren. Ez da bakarra, ez da lenengoa. Ori ta geiago lortzen dabe oneek.

Zer geiago ba? Bilbaoko jardunaldi orren ostean mutil batek esan eustana be, ez jat beingoan aztuko. Berbetan gengozala diñost: Sartukeran, jentea erderaz berba egiten sartu zan; baiña urten beintzat, euskeraz diarduela urten dabe. Periodista batentzat dato jakingarria litzake; baiña euskaltzale batentzat dato pozgarria da, biotza ikututekoa.

Umearen abotsak, nagusiarenak ez daukon zeredozer dauko: konpromisu bakoa da, ez dago saldua, garbia da. Ta egia esaten dakianean, gogorra ta itxaropengarria. «Zarauzko Gaztetxoak, ainzuzen, eskubide bat eskatzen dabe, ta betebear bat gogoarazo. Eskubide bat: Geurea dan Euskalerri baten, euskeraz egiteko deretxoa daukogula. Ta betebear bat: Euskeraz egin bear dogula, ori dala geure obligaziñoa. Obligaziño bako eskubiderik ez dago.

Euskalerri osoan on egitera deituak dagoz, dudarik barik, ume oneek. Erriz erri ibilliaz batezbe. Baiña baita diskoen bidez be. Oraintxe dabiltz Bartzelonan disko bat argitaratzeko asmotan. Laster daukagu, ba, disko barri bat.

«Zarauzko Gaztetxoak» talde onen joera ta jokaerea, iturri garbitik dator. Urtero Zarautzen egiten diran txapelketa oneen asierea bera, euskerea salbatu guraz egin zan-alegin bat izan zan. Ta esan leiteke, frutua ikusten dala: Zarauzko Ikastolea.

Ikastola onek, ba daroaz urte batzuk. Aurton, 310 ume dabiltz bertan ikasten. Irakasten, 11 andereño daukez; edo obeto esateko, 5 andereño ta 6 laguntzaille. Aize errez aurrera doa, ta datorren ikastaroa egiteko eskabide asko daukez. Seiñale ona. Baiña betikoa: lekurik ez.

Orain, leku bitan bananduta dagoz umeak. Txikienak, frailleetan (frantziskanoetan) dagoz, «Antoniana txikia» esaten jakon lekuan. Leku au, ona da; len emen, erderazko eskolea emoten zan.

«Antoniana txikian» egonda gero, umeak azten diranean, beste etxe batera doaz, emen lekurik ez dagoalako. Zarrenak Zarauzko auzo baten ikasten dabe, olerkari ta idazle trebe zan Salbatore Mitxelenaren arrebeak orretarako prestaturiko etxean.

Bederatzi urterarte dagoz an ikasi ta ikasi. Ta gero? Nora? Ez ete da beranduegi beste eskoletan sartzeko? Ba dago orretan eztabaida gai interesgarri bat, nire ustez.

Oraindiñokarren, Zarauzko ikastolan ez dago bederatzi urtekorik. Baiña arazo au zelan erabagi pentsaturik dauke. Orretarako dago egon be Donostian, batxilleratua irakasten dan Lizeo bat. Lizeo onen izena, «Loistarain, S. A.». Bederatzi urte ezkero, euskeraz ikasten jarraitu gura dabenak, ona datozala. Lizeo onetan euskeraz irakasten dira ikasgaiak; erderaz be bai, ondo preparatuta gero, esamiñetara joan daitezan, esamiñak erderaz dira-ta. Zarauzkoak, ori egiteko esperantzan dagoz. Soluziño bat da.

Joan Mari Torrealday

Larrabetzu

Gure Bizkaiak, ba dau erri politik. Oneetariko bat, Larrabetzu da aurki. Bizkargi menditik egoalderantz agertzen jaku, piñudiz eta belardiz inguratuta. Lenengo Goikolejea, ametsezko baserriak apaingarri jakozala. Beerago Larrabetzu uria, Derio, Zamudio ta Lezamako ibarraren oiñarte derrigorrezko.

San Jose egunean batu ziran-ainbat lagunen barria emon gura geunke gaur. Ba zan, izan be, zergaitirik naiko. Alako eztakit zelako aize garbi bat sumatu genduan. Santa Marinakoen alde jaialdi bat gertuta egoan. Eta alan, «Zine Urie»n eta eguerdiko amabietan, tokiak artuala lagun batu zan, kantuak entzun eta gaiñerakoak ikustera. Erriko umeak be, parte artu eben jaialdi onetan; eurak izan ziran, atan be, jaialdiaren lenengo protagonistak.

Beste erri batzuetan lez, ikastaldi luze baten ibilli jakuz Larrabetzuko umeak, euskera ikasten. Bertako abadeak izan dabe bearrik naiko irakasketa onetan. Don Jesus Naberanek, ba daki onetzaz apur bat. Alan ba, epaillaren 16'an esamiñatu ziran eun bat ume. Idazketa ta irakurketa bat egin eben, Alfonso Irigoyen eta au idazten dauanaren kargu; ta gaiñera, beste idazkizun labur bat be egin bear izan eben, euren burutik atarata. Polito gertuta egozan ezkero, polito baiño politago egin eben dana. Euskaldun umeez gaiñera, ta esatekoa da au, ainbat ume erdaldunek be euskerazko esamiñak egin ebezan.

Larrabetzun, ba dago imigraziño prolema bat; eta prolema onegaz konturaturik, ba dakie zelan jokatu ango arduradunak. Geuretu daiguzan kanpotik datozanak, eurak iruntsi ez gaiezan. Olan ba, Aitagurea idatzi eta Aitagurea buruz esan eben ainbat erdaldun neska-mutillek. Barregarria iruditzen jatan, errira etorri barria zan mutil bat, bere azentu andaluzagaz Aitagurea irakurten; baiña datorren urterako obeto irakurriko dabe, ziur. Neuk be barregarri emongo neban, eskolara asi nintzanean, Padrenuestro irakurten, noski.

Esaten asi garan lez, «Zine Urie»n eta gaiñerakoen aurretik, sariak banandu jakezan esamiñatu ziran ume guztiei. Erriak, bero txalotu ebazan. Sondikako «Olague» abeslari taldeak jatorki kantatu euskun ainbat kantu entzungarri, Santa Marinakoen alde gerturik egoan jaialdiari asiera emonaz. Antzerki talde bat be agertu jakun, «Ori Bai» taldea, promesa bat. Txistuaren soiñuak be lilluratu ginduzan, Zamalloatar Jon gaztearen ezpanetatik etorrela. Kantu modernuak be entzun genduzan, biztugarriak, Ondarruko Josu ta Joseba anaiak abeslari zirala. Azkenez, Galdakanoko «Andra Mari» taldeko diran Martzelo ta Erromaldak, soiñua ta panderoa jo eben, aide guztia alaituz. Danok pozik urten genduan «Zine Urie»tik.

Larrabetzuko erri txikian, eta une baten, Euskalerriko prolema guztiak agertzen zirala iruditu jatan. Izkuntzea, etorkizuna, gizartea, artea, erria. Euskalerriko erriak, ba dabe alako astindu bear baten bearrizana. Zein ederto letorkioen gure erriei olako gertakizunak antolatutea! Ta zein pozik artzen dituan erriak bere muiña ikututen daben gaiak! Ba ete dago bide obarik, gure erria biztuteko?

Larrabetzuk, gauza bat irakatsi euskun danoi: lan egin bear dogula. Ta ziurtasun bat be emon euskun: lanak frutua emongo dauala. Bai, egin daigun lan, egin daigun kultura, itzartu gaitezan euskaldun lez.

Ondarrutar gazte bikotearen kantu batek, «Ni ez naiz ni» izan eban letra. Nik, neure aldetik, au esango neuke: Gu ez gara gu, kulturatzen ez bagara, kultura barik ez dogu gure nortasuna lortuko, ez gara geu izango. Ondarrutarrak, «Etorriko da egun bat» esaten eban abesti bat be abestu euskuen. Baiña nik, neure aldetik, au esango neuke: Sekula be ez da etorriko egun obarik, kulturatzen ez bagara, gure gauzen ardurea erriari emoten ez badeutsagu. Lanak eta kultureak askatuko gaitu.

Bilbaotar Antonio

Eibar

Erri onetan, maiatzaren 2an, Euskal Alfabetatzeari buruz ikasaldi batzuk asiko dira.

Euskaltzaindiaren babesean, S. C. R. Arrate ta C. C. Eibar alkartasunak eratu dabez.

Ikasaldiok, ogetabost egun iraungo dabe; ta Literatura, Gramatika ta Historiazko gaiak ikutuko dira.

Literatureari jagokona, ogetabost idazleen zatiak beteko dabe. Amabi bizkaitarrak, bederatzi gipuzkoarrak eta lau Laburdi ta Naparroakoak. Azkenik, Historiari buruz, Detxeparegandik oraingo sasoirarteko idazleak, azalez bada be, jakin eragingo dira.

Ikasaldi oneek ez dira euskeraz ikasteko izango; euskeraz dakienak, irakurten eta idazten ikasi daien baiño.

Arrigorriaga

Gaixtasun aundiak jasan ondoren, asi dira gure errian be euskerazko irakastaldiak. Irakastaldi oneek emoteko lekua aurkitzea izan da batez be gaixtasun aundiena; maixuen buru danak, euskerea irakasteko erriko eskolarik ez eban itxi gura ta. Baiña alkateari ta Papelereari eskerrak, Papelerako eskoletan asi dira irakasten. Arrigarriak benetan, gure erriko abade jaun Mikelek egindako alegiñak, irakastaldiok ainbat ariñen asi eitezan.

Asko izan dira, andrak eta gizonak, gure izkuntza ederra ikasten asi diranak; orregaitik kanpoan lotu bear izan dira asko, danentzako lekurik ez dago ta.

Astean iru ikastaldi eukiten ditue, Edurne euren irakasle dala. Alegin aundia egiten dau onek be: sarritan bere etxeko zeregiñak itxiten ditu, erritarrai euskerea irakastearren. Zorionak benetan euskaldun etxekoandra zintzo ta jator oneri!

Itxartzen asi dirala esan geinke, oraiñarte lokartuta egon diran Arrigorriagatarrak. Baiña ez da oraindiño Arrigorriagan euskerarik entzuten. Ez ete dogu maite gure izkuntzea? Ala lotsatu egiten gara, gure ama euskerea aizea artzen kanpora ataraten? Il egin ete da euskerea gure errian? Ala lokartuta ete dago? Egin deiogun badaezpadan artezizko arnasea, ta orduan ikusiko dogu bizi dan ala ez.

Udan umeei irakasteko asmoa dago orain.

Laster entzungo dogu euskerea Arrigorriagan, olan bagoaz.

URGOITI


Gaurko abestiak euskeraz

Denpora gitxian zabaldu da, abesti barriak euskeraz abestuteko modea; ta nire ustez, aurtengo errietako jaietan ez dira faltako kitarrak, euskeraz abestutako abestiai laguntzen.

Emen Bizkaian, Argoitia nebarrebak dira ezagunenak. Ondarrutarrak eurak, ez bakarrik Bizkaian, baita Gipuzkoa ta Araban bere zabaldu dabez euren melodiak; eta eurak egiñiko lenengo diskotik, iru milla ale saldu dira Gabonetatik ona.

Ondarrun bertan, beste bikote bat dago: Saenz Anaiak. Onak zirala esan eusten Durangar batzuk (Durangon abestu eben Astarloa Saloian), eta San Jose egunean Larrabetzura joan giñan eurak entzuten.

«Urie Zinema» jentez gaiñezka egoan. Jarleku guztiak beterik, eta beste eunka pertsona zutunik pasilloetan. Joseba ta Josu Saenzek, kitarra ta guzti, abesti politak eskeiñi zituen, jentearen pozerako.

Baiña momentu onetako bonba atomikea, disko bi izan ziran, egun oneetan zabalduko diranak. Bat Estitxu'k egindakoa, ta bestea Daikiris orkesteak. Erderaz izan balira, ez geunke euren barririk emongo, euren antzekoak eunka dagozalako gazteleraz abestuak. Baiña euskeraz, ez. Euskeraz, orrelakorik ez da oraiñarte egin.

Bearbada, protestetan asiko da norbait. Twist, rock eta orrelakoak euskeraz! Baiña, bai jauna, orrelakoak be bear doguz euskeraz.

Estitxu bilbotarra da, ta euskalduna. Bilbo Irratiak antolatutako azken sariketan, lenengo geratu zan; eta orain, disko baten, modazko lau abesti eskeintzen deuskuz: «Goiz goizian» (erderaz, Ojos de la española). «Nigarrez» (erderaz, Misissipi, «La Cabaña del Tío Tom» pelikulakoa), «Eskualdun makila» (gaurko dantza zabaletakoa) eta «Txikitik ibiliz» (erderaz, Luna llena, «Ritmo y Melodia» pelikulakoa).

Bigarren diskoak, Daikiris orkestearenak, beste lau ritmo barri eskeintzen deuskuz: «San Francisco», «In San Francisco», «Cada Vez» eta «Aurtxo Txikia», laurak euskeraz.

Ba dakigu, disko bi oneek izugarrizko zalaparta sortuko dabena. Egia esateko, gaurko abestien artean melodia geienekoak artu dira; kontuan artuta, euskal abestiak melodia sendoa daukela, ta euskaldunak, geienak beintzat, ez dirala ritmo barrien zaleak. Baiña gaztedia da gure etorkizuna, ta gaztediari ezin ukatu geinskioz gaurko ritmoak euskeraz. Ori egiten ez badogu, erderara joango da.

Euskerea sartu da, ba, gaurko ritmoetan; eta itxurea danez, gaztediak onartu egin dau. Noraiño elduko dan, datozan illetan ikusiko dogu, udan. Nire ustez, guztiok laguntzen badogu, abestiaren bidez gureganatuko dogu gaztedia, len gaztedi orren talde andi bat folklorearen bidez gureganatu genduan lez.

Xabier Gereño


Kaleko Gizonak Diñoana

Ekonomi egoereari ikutua

Azken zenbakian, ekonomi arloa aitatu genduan, eta ikutu egingo geuntsala eskiñi. Onek emoten ditu buruausterik aundienak. Egunean eguneango zera dalako.

Mezarik entzun barik bizi leiteke. Errege barik be bai. Baiña jan barik eta edan barik? Jateke ta edateke ez dago biziterik.

Buruausteak esan ete dogu?

Ba zan beiñola, joskilleari praka barriak egiteko agindu eutsana. Baita egin be nekazaleak. Arrezkero, ostera, alegiñak egin arren, ez egoan modurik praken dirua lortuteko. Pagatzaille eskasa izan, gure gizon ori.

Artzeko egoana estu ebillen artean, praka barriduna nasai bizi zan. Alako batean, erre-erre eginda, joskilleak auxe esan eutsan praka barridunari kalean bertan, au lagunakaz joiala:

— Ta? Prakak?

— Prakak... estutxu gerrian —erantzun eutsan zordunak, eta aurrera joan zan bere lagunakaz.

Estutxu gerrian

Bai, askotxuk ditue prakak estutxu gerrian, arean bere.

Esaterako, alemanak euren diru-mailleak gorantz egin ez dagian, erabagi sendoak artzekotan dabiz. Eta amerikanuak, barriz, euren dollarra errekara jausi ez daitean, urreari, urre gorriari maillak jarri guraz, bildurrak jota, eguno ba!

Urre gorriaren kalentura egunak izan ditugu udabarrian. Urrea gorantz, dollarra beerantz: erri-agintariak eta dirutsuak arduratan jarri ditu orrelako abaguneak. Jakiña, eguneroko lanez bizi gareanok ez dogu orrenbesteko urre-sukarrik izan. Gaur be, atzo lez bizi gara.

Gure laterrian

Urre gorriaren gorabeera orrek, leen baiño makalago jarri dau gure ekonomi arloa. Lurrak, orraitio, zezeillean izan direan euriakaitik, obeto dagoz egon; baiña aurten garia gitxiago erein da; garagarra, geiago, ostera.

Industri kontua meko-meko dabil; atzera nai ez, ta aurrera egiten gatx. Turismuak asiera ona izan dauan arren, eralgipenak —inbertsiño saillak— geldi ta illun dagoz. Joan dan urtean ez da aurrerakadarik egin industri sail onetan.

Ekonomi-joera makal au, urte onen bigarren sei illabetekoan mardotuko ete dan uste dabe adituak. Orraitio, diruak puzturik lortu leitekean bizi-aldi ori, barriro kaltegarri izango litzateke.

Dendariak saltze urriak ei ditue. Baiña, ezer merkatzen al dabe? Bai zera! Beti gorantz gauzak. Merkatze-kontuak aaztu zirean. Lenago be, merke... guzurra ibilten zan. Soldatak izoztu dituen arren, gauzen neurriak aldapan gora beti. Lapur aundien artean, txikiak be, izan oi dira.

Bizimodua gorantz

Urtarrillean bizimodua, izotz guztiak gorabeera, 0,28 % gorantz. Eta janari, edari ta tabakuetan, 4,87 % giño.

Zezeillean kanpuetatik ekarririko zerak, 236 milloe dollar baliodun izan dira. Kanpora bialdu zireanak, 117 milloe besterik ez.

Komertzi-dendunak 1968 lenengo illabetean, 325,5 milloe dollarreko billoistasuna izan dau; zera, deficit dalakoa.

Aurten ez ei dogu izango, laterrian premiñea dan beste azukara. Orregaitik 150 milla tonelada azukara ekarriko da aurten Cubatik.

Eta aragi izoztua, 6 milla tonelada ekarriko dira Rusiatik.

Aita-semeak barriketan

— Aita, zer da betikotasuna eta zer aldaketea?

— Betikotasuna, beti bardiñeko egoerea dok, seme. Eta aldatu, munduko gauza guztiak aldatuten dituk.

— Pertsonak be bai?

— Baita pertsonak be. Orreek be, aldakorrak dituk.

— Ez eben esaten ba, Urlia betiko zala?

— Aiko, betikoa Jaungoikoa dok. Eta aundia be, bera bakar-bakarrik. Orixe esan joan Bossuet obispoak Luis XIV il zaneko elizkarietan. Beste guztiak danak joango dituk, upea lakoak izan arren.

— Orduan...

— Emen ez dok iñor azitako geldituko.

— Aita, zuk jakin dakizu, gero!

— Zaarra nok eta... deabruarena jazoten jatak niri be.

KALEKOA


Irakurleen eritxiak

Athleti dala-ta

Pozez beterik irakurten dodaz neure aspaldiko lagun ona danaren, Xabier Gereñoren idazlanak. Baiña lagun ona izateak ez dau esan gura, gauza guztietan bardin pentsatu bear dogunik. Orregaitik natortzu gaur, Athletiren alde zeozer esaten.

Ondo dago, futbola ta ardaoa erriaren etsaitzat izentatutea, baiña ez politikea baiño arerio aundiagoak dirala esatea. Zegaitik? Nire ustez, politikalariak «futbola ta ardaoa» erabilten dabez, erria lotan eukiteko; baiña futbola ta ardaoa ez dira barru barrutik txarrak, neurri onagaz artu ezkero. Jesukristok berak be, bere lenengo mirarian, ardao biurtu eban ura, ta Jesukristok ez eban gauza txarrik egingo. Neurriagaz edan ezkero, ardaoa ona da, niretzat beintzat.

Bigarrena, futbola. Mundu guztian dagoz kirolariak eta kiroltokiak. Nik uste dot San Mames lurpetu bearrik ez dagoala, euskal Unibersidadea jarteko. Jakiña, San Mamesera amabostero joaten diran askok ez dabe erriaren alde ezer egingo; baiña dantza talde askotan eta abesbatza askotan dabiltzan gazte askok be ez. Ankak gorago edo beerago altzetan dabezala-ta, ori baiño besterik egiten ez badabe, ez dabe gauza askorik egiten. Onelakorik asko ezagutzen doguz, «kaikuagaz» ibilli arren. San Mamesera doazanak be beste orrenbeste, futbolagaz bakarrik burua beteta badauke.

Baiña San Mamesera jente asko joaten da (ez larregi zoritxarrez) futbola distraziño moduan daukana, ta andik kanpora bai gizarte arloan, bai politika arloan ta bai kultura arloan lan egiten dauana. Kirol guztiak orrela artu bear dira.

Baiña orrez gaiñera, Athletik ba dauka zeozer, nik ez dakit zer dan baiña, beste ostikalari taldeak ez daukena. Bilbaoko jenteari Athletiren irabaziak dardar eragiten deutso; ta kanpotik ona datozasak, euren burua euskaldun ikusi nairik, Athletitarrak egiten dira lenengo.

Nik Athletiren aurka baten bateri berba egiten entzuten badeutsat, arretaz jarten naz: Hum! gizon au ez da gure erri zale izango... geienean beintzat!

Eta besterik ez, Xabier. Nik uste dot, erriaren kulturea dala lenengo; baiña neurri onagaz artu ezkero, kirola ez da ain kaltegarri. Politikalariak ba dira etsaiak, bai.

Josu


Azkarate barriro txapeldun?

• Aspaldion ez da ondo ibilli, eskuko kallo bategaitik

• Guztiz gogorra izango dala deritxo aurtengo finalari

• Ez dago seguru, barriro txapeldun izango danik

Aurtengo pelota txapelketea asi zan ezkeroztik, urduri dabiltza pelotazaleak, batezbere Bizkaikoak. Jakin gura leukee, Azkarate pelotari kementsuak zazpigarren aldiz txapeldun urtengo ete dauan.

Ori jakitea, ez da gauza erreza. Azkaratek berak be ez daki, irabazteko guztiz ondo gertuta egonarren.

Pelotazaleen urduritasun au ikusita, Azkarategaz beragaz alkar izketatxu bat egitea erabagi neban, berak zerbait esan eiskun, gure pelotazaleen artegatasuna baretu ta euren barrua bizkortuteko.

Joan nintzan ba, aprillaren zazpigarrenean, Hilariorenera, Elorrioko goialdetxuan, Argiñetako ildegi ospetsuaren ondoan, eguzkibegi eder baten dagoan etxera. Eta antxe aurkitu neban gure gizona, bere emazte liraiña ta urte biko semetxu polit ederra lagun zituala. Derrigorrezko saluduak eginda gero, ANAITASUNAN zerbait idatzi gura nebala adierazo neutsan, alkarren arteko izketea argitaratuaz.

— Beste izparringietarako be, gertu egoten naz itz egiteko —erantzun eustan berak. Eta askozaz pozago, euskerazkoak izan ezketiño. Astero irakurten dot ZERUKO ARGIA; eta ANAITASUNA, aurkitzen dodanean.

— Asko poztuten naz, olako euskaltzale zeu izateaz. Jaiotzez, Elorriotarra zara, ezta?

— Bai, jaiotzez eta biotzez be bai.

— Ori da norberaren erria benetan maite izatea. Zenbat urte daroazuz pelotaritzan?

— Amabi profesional lez, amabost guztitara.

— Zenbat jokoaldi edo partidu jokatu dozuz azkenengo amabi urteotan?

— Ziur ezin neiskizu esan. Izango dira, batez beste, 50 edo 60 partidu urtean.

— Orduan, 600 partidu gitxi gorabeera. Eta zenbat bidar jokatu dozu amaierakoa edo finala?

— Zortzi bidar jokatu dot; eta danok dakizuen lez, seitan irabazi.

— Zortzitan jokatu ta seitan txapeldun urten: garaipen edo triunfo ederra zeuk lortu dozuna! Eta zein izan da arerio edo kontrariorik gogorrena?

— Azkenengoa —diñost irribarrez.

— Filosofia ederra zeurea! Ez dozu izenik aitatu gura itxurea.

— Ez, ez da ori. Danak izaten dira gogorrak; baiña azken partidukoak, gogorrenak.

— Aspaldion ez zabiltzala ondo dirauskue. Jakin geinke zer jazoten jatzun?

— Bai, egia da. Azkenaldi onetan, ez naz ondo ibilli, esku baten kallo bat euki dot-eta. Min emoten izan eustan; baiña zorionez, kendu deuste, ta laster guztiz ondo geratuko naz.

— Zelan ikusten dozu aurtengo txapelketea?

— Betiko lez gogor. Bearbada iñoizko gogorren, urteak be aurrera doaz-eta, diñost irribarrez Hilariok.

— Nor uste dozu izango dala, finala zeugaz jokatuko dauana?

— Ezin neiskizu erantzun. Ba leiteke Atano..., edo Retegi, berau gogor dago-ta.

— Uste al dozu, barriro txapeldun urtengo dozuna?

— Orixe gura neuke, ta alegin guztiak egingo dodaz ori lortzeko. Baiña, gero ikusi bear.

— Zer egiten dozu, finalerako ondo egoteko?

— Lo asko, ginasia, mendia ta jan garbia.

— Guk bizkaitarrok, zeuk barriro garaille urtetea gura geunke; baiña ezin bada, onenak urten daiala txapeldun. Beste zerbait, Hilario?

— Neure biotzeko agur bero bat ANAITASUNA aldizkariaren irakurle guztiai.

— Olantxe idatziko dogu, zeuk esana gure irakurle pelotazale guztiak pozez irakurri daien.

BASAJAUN


Ezkontzea, maitasuna, gaztedia

Zegaitik ezin leiteken Jacqueline Kennedy barriro ezkondu

Jacqueline Kennedy (38), USAko lendakari izan zanaren alarguna, ez da iñoiz ezkonduko.

Auxe esan dau Joseph Haber Doktoreak, New Yorkeko sikologu adituak; eta bere autorkuntza au sendotuteko, argumentu zientifikuak ekarten ditu. Bere ustez, debaldekoak dira zurrumurrak, Kennedyren alargun xarmagarria laster barriro ezkonduko dala diñoenak.

«Jacqueline pozarren ezkonduko litzake oraintxe berton», diñoe bere adiskideak, «baiña berak uste dau, ori ezin egin leikela. Izanbe, ain arin ezkonduko balitz, gogorregi minduko leukez Kennedy familiaren sentimentuak, eta bearbada kalte aundia egingo leuskio bere umeen etorkizunari.»

Jenteak diñoanez, Lord Harlech ei da, Jacquelinegaz ezkontzeko kandidaturik aundiena. Lord Harlech (49), Inglaterrako enbajadorea izan zan Nortamerikan eta arrezkero sarritan agertu izan da Jacquelineren alboan, batezbere Oriente aldera biaja bat biok batera egin ebenean. Ori gorabeera, Lord Harlechek esan dau, berak ez daukola Jacquelinegaz ezkontzeko asmorik, eta guzurra dala ezkonitza alkarreri emon deutsoela.

Bere aldetik, Jacqueline —alargun bakarti zoragarri ori— ez da atrebietan Lord Harlechegaz ezkontzen, naizta gizon ori aberatsa ta bere gogokoa izan. Zegaitik? Zegaitik ori?

Errazoi askogaitik, diño arako Haber Doktoreak.

• Jacqueline ez da besteak lako emakumea, libre ez baitago, bere bizitzea berak nai leuken lez eroateko.

Bere senarra il zanetik aurrera, Jacqueline aparteko emakume bat da: John F. Kennedy, lendakari ospetsuaren alargun xamagarria, bakarzalea ta tristea, ames erromantikuak egiteko bere biotzean lekurik ez daukona.

• Arrezkero, Jacqueline ez da bere buruaren jabe. Naziñoa da, esatea lez, bere biziaren ugazaba. Nora Jacqueline, ara doaz amerikano guztien begi-biotzak, Jaungoikosa bat bailitzan edonon adoratzen dabe-ta.

Eskolta batek jarraitzen deutso edonora, eta bizitza pribadurako ia ia ez deutso astirik itxiten.

Iñoizko baten, Jacquelinek gizonen bategaz ezkondu gura balei, nekez emongo leuskio baietza gizon orrek, bere bizitza guztian John Kennedy zanaren gerizpean bizi bearko leuke-ta. Andra aparteko ori agertzen dan toki guztietan, jenteak ez dau Jacqueline utsetzat artzen, USAko lendakari illaren alarguntzat baiño.

Jacquelineri edonora jarraitzen deutso bere senar illaren gerizeak, eta ez deutso itxiten, lengo bizitzeagaz aztuta, beste bizitza barri bat artzen.

Gauzak olan izanik, zer egin leike andra onek, zoriontsu izateko?

Bere senarra 11 zan ezkeroztik, munduko errialde asko bisitatu ditu: Suiza, Argentina, Hawai, Espaiñia, Inglaterra, Irlanda, Thailandia, Cambodia, Canada, Mexico ta Marroko. «Ibiltaldi oneek ez dira itsumustuan egiñak izan, ondo pentsatuta gero baiño», diño Haber sikologuak. «Biaja orreekaz Jacquelinek bere burua distraidu gura dau, bere irudimena bizkortu, bere askatasun egarria amatatu».

Orrez gaiñera, Jacqueline ezin leiteke ezkondu, Robert Kennedy bere koñatuagaitik.

«Bobby» presentatu egingo da kandidatu lez USAko eleziñoetan, naziñoko lendakari izateko. Asmo orretan, asko lagundu leiskio bere koñata xarmagarriak. Berau ezkonduko balitz, aren posibilidadeak gitxi edo gei urritu egingo lirake, eta bearbada ez leuke presidente urtengo.

Errazoi guztiok gorabeera, Jacquelineren adiskide mamin asko poztu egingo litzake, barriro ezkonduko balitz.

«Lord Harlechek bear direan gauza guztiak ei daukoz, Jacquelineren biotzean John F. Kennedyren ordezkoa izateko», diñoe alargunaren adiskideak. «Harlech odol garbikoa da, jasekoa, aberatsa —labur esanda, Inglaterrako Aitorren semeen eredua».

Jacqueline gizon onegaz ezkondu baleite, Lady tituluagaz Londresen biziko litzake nonbait; denporarik geiena bere aizteagaz, Lee Radzhvill printzeseagaz, emongo leuke; eta aizta bion umeak, eskola batera joan al izango leukee. Auxe diñoe Jacquelineren adiskideak.

«Jacquelinek miretsi ta beneratu egiten dau benetan Lord Harlech», diño alargunaren lagun batek. «Maite dauanentz, geroak esango dau.»

Alandaguztibe, beste au diño Haber Doktoreak: «Maite izango baleu bere, Jacquelinek ezin aldatu izango leuke bere oraiñarteko alargun bizitzea».


Eleizgizonak, euskaldunak euren eleizatik uxatuten

Siñistu eziña, baiña egia, egi utsa; geure begiakaz ikusia.

Illeta bat zan Durangoko Santa Marian, il onen 1'ean, arratsaldeko bostak eta erdietan. Aita Karmeldar biren ama zan illa, Dimakoa, Oba baserrikoa. 17 Karmeldar bertaratu giñan, geure anai biei laguntzeko asmoz joanda. Mezaemoillea, semeetatik bata; laguntzailleak, beste semea ta onein lengusu, illaren lobea. Karmeldarrak, bi oneik be.

Aita Bizente Bizkarguenaga, illaren semea, mezaemoillea, Abade jaunarengana joan zan aurregunean. Urrengo eguneko illetatan, altaran bere anai ta lengusu karmeldarrak laguntzea gura ebala esan eutsan. Baietz pozik be, beingo baten ezarririk: «Euskeraz ez gero e? Ori ezegaitik be ez. Mezea latin izango da, Epistola ta Ebanjelioa erderaz».

Illeta egunean sakristian zirala, mezea euskeraz izan zeiteala gura ebela etxekoak, agertu eutsoen barriro be bertako abade jaunari. Sebastian Larragan jaunak, ezetz, ezegaitik be ezetz; gaurrarte ez dala egin, eta berak ez ebala gura olako biderik zabaldu aurrerantzerako. Eta ez eben lortu euskeraz egitea.

Egia esan, Epistola ta Ebanjelioa euskeraz irakurri ebezan, Larragan jaunaren agindua —zuzentasunaren aurka egoan agindua— zapaldurik. Beste zati guztiak latin eta erderaz egin ziran. Monitore egiten ebanak, dana erdera utsean. Gorpuaren aurrean azken otoitzak egitean, beste abade batek (bilbotarra berau) «Padre nuestro» esanerazi eban abots zoliaz. Larragan jaunak entzun ebazan bereak. Lendik be entzunda daukoz; baiña jaun onek bereaz urten eban. Zornotzan parroko zala, ondo ta sarri agertu eban bere erdera zaletasuna; euskereak ezer ez deutso zor lekeitiar oni.

Durangon jazoa ta geuk ikusia, Euskalerriko beste toki askotan jazoten da zoritxarrez. Azkeneko atsoak be eskubidea dauke, sakristi-eleizan agintzeko euskerearen kontra danean. Ordua da olako gauzak lurperatzeko; ordua da olako abadeai atzea emoteko. Nongo legez egin leiteke beste onenbeste? Zetarako Kontzilioa, Pacem in terris, Populorum Progressio ta beste onelako Eleizearen irakatsiak? Non geratzen dira gizonaren eskubideak? Dana auts, euren barrua erderakeriz bete-bete dauken abade, praille, monja ta beste oneintzat.

Eleizan ziran danak, euskaldun utsak ziran; erderarik tutik ez ekienak. Euskalerrian, geure errian, geure berbetaz illeta egitea galerazo; ta euskaldun seme batek; abade jaun batek. Zer ikusi bear dogun!

Euskaldun abade zintzoak jaurti ebezan, orain urte gitxi dirala, Durangoko Santa Mariatik eta erdeldunak sartu, euskerarik ez dakienak. Ondo ezagutzen doguz bertan diran erdeldun biok: euskera ta gure erriaren arerio itsuak.

Ta olantxe doaz gauzak gure errian. Euskaldun kristiñauak euren eleizatik uxatuten diardue eleizgizonak eurak. Euren kontzientzia arakatu dagiela. Erriaren artzaiñak dirala gogoan euki dagiela. Ez daitezala ibilli goietara begira, arimetara baiño.

Guk asi dogun bidean atzerarik ez dogu egingo, ezin egin geinke; erriaren eta euskerearen onerako lan egiteko prest gagoz, gogotsu ta ezeren bildur barik. Erriaren izatearen kontzientzia daukagu; ta arlo onetan zintzoki ekingo deutsagu, zuzentasun bidetik jokaturik.

Onelako joko loi zuzengerik ezin dogu ontzat artu. Beraz, Durangoko Santa Marian egiña, gogo-gogoz, bene-benetan eta danen aurrean gaitzesten dogu.

AITA TXANTON GOIRIA

Karmeldarra


Gaurko euskerea

Atzo eldu jatan ANAITASUNA, ta pozez beterik ikusten dot aurrera joakula bizkaitar aldizkari au. Guztiok laguntzen badeutsagu, bai idatziz, bai zabalduz, asteroko biurtuko jaku seguru asko, ZERUKO ARGIAREN antzera; ta ori, gauza ederra izango litzake benetan, bizkaitar euskaldunentzat.

Gure aldizkari au irakurtean, IRRINTZIK izenpetutako kartea ikusi dot. Keja bat dakar, au da, aurreko numeruan, lenengo orrialdean, lan bat etorrela erderazko itz geiegigaz. Karta au arira jatort, nire lan oneri asiera emoteko.

Bizkaian, aintxiñatik izan gara euskera garbiaren zaleak. Neu be bai. Baiña idazten asi nintzanean, laster konturatu nintzan oker nengoala.

Argitaratu bear dan lan bat idazteak zera esan gura dau, egilleak zeredozer daukala besteai esateko. Besteentzako interes au ez eukitekotan, oba ez idatzi, argitaratuteko asmoz beintzat. Au da, argitaratuten diran lanak, bai liburuetan, bai aldizkarietan, besteak irakurteko dira.

Gaiñera, gaur egunean, prisaz bizi gara danok. Ozta ozta eukiten dogu astia naikorik goizeko egunkaria irakurteko, eta gitxiago oraindiño, aldizkari naiz Iiburu bat oso osorik leiduteko. Onek esan gura dau, lan bat astuna bada, irakurteko gatxa bada, ez dala irakurriko.

Beste aldetik, euskerea ez da eskoletan irakasten. Euskal gramatikea eskola ta kolejioetan txikitatik ikasiko bagendu, gauzak beste modu batera planteatuko geunkez.

Guzti au ikusita, argitaratuteko bialtzen dan lan batek puntu oneek bete bear leukez:

1. Interesko zeredozer esan.

2. Irakurleak ulertuteko moduan esan.

Euskera garbian idazten badogu, iztegia, dizionarioa erabilli bearko dabe irakurleak, ulertu gura badabe beintzat; ta ori, euneko bostek be ez dabe egingo. Eta orduan, dilema bat daukagu: edo euskera garbian idatzi, naiz eta besteak ez irakurri, edo euskera «mordoilloan» egin, danak irakurri al daien.

Beiñola, aldizkarietarako idazten asi nintzanean, euskera garbian idazteko alegiñak egiten nebazan. Baiña gero, errealidadeak eroanda, erdal itzai euskal sufijoak ipinten neutsezan; eta arrezkero, idazteko modu au bete betean onartu dot.

Len, nekez ibilten nintzan nik aukeratutako gaiak erabilten; eta irakurleak ulertu bear eustela kontuan arturik, ezin neban edozein gai erabilli. Orain ez. Orain, burura jatortan edozein gai erabilten dot, errez, ezelango konpleju edo atxakia barik. Ez dauala balio euskereak, gai sakonik erabilteko? Ipiñi deistela edozein tema, ta ikusiko dabe, erabilli al dodan ala ez! Baiña, jakiña, erderakada batzuk sartuaz.

Amaitzeko. Zek egon bear dau zeren zerbitzuan? Gaiak bokabularioaren zerbitzuan, ala bokabularioak gaiarenean?

Izkuntzea, barruan daukaguna zabaltzeko medio bat da. Onek esan gura dau, inportanteena ZER ESANA dala, ta izkuntzea, laguntzaille.

Jakiña, nik gurako neuke euskera on baten idatzi. Baiña orretarako, lenago euskal gramatikea eskola ta kolejioetan irakatsi bear da. Ortxe dago, gazteleraz esaten dan lez, «la madre del cordero».

Alegindu gaitezan ba orretan, eta bestea berez etorriko jaku.

XABIER GEREÑO


Italian. Federalismurantz

Joan dan zezeillean (febreruan), Italiako Senadua eztabaidan ibilli da, naziñoko errialdeen autonomia legeari buruz. Lege orren arabera, Italia 19 errialdetan partekatuta dago. Oraiñarte, 5 errialdek bakarrik dauke autonomia politikua. Autonomia orreri eskerrak, errialde bakotxak bere gobernua ta parlamentua daukoz; eta eskubide bereziak ditu, bere erara gobernetako eta legeak egiteko.

Orain, Italiako Parlamentua estudiatzen ari da, ea zabaldu leiteken autonomia ori naziñoko beste errialde guztietara. Eta Senaduak onetsi egin dau asmo ori: 199 boto alde ta 27 kontra. Komunistak eta sozialistak aprobatzailleen artean egon dira. Funtsean, legea onartua izan da. Geroago erabagi bearko da, zeintzuk izango direan errialdeen eskubideak politikan eta ekonomian.

Dana dala, pausu aundi bat emon dau Italiak federalismu bidean. Aldaketea makala Estaduaren estrukturetan! Ainzuzenbe, Italiako Estadua, fazismu aurrean eta bitartean, zentralista itzala izan zan, Napoleon III garrenaren denporako frantses Estaduaren erara moldatua baitzan.

Gerra osteak eta bearbada Alemania Federaleko «Lander» autonomuen ejenpluak, bultzatu egin dabe Italia, geldiro geldiro errejionalismu politikuaren bidean sartzera. Orrezaz gaiñera, kontuan euki dira urrean Estadu barruko minoriak, Aosta ibarrean eta Ego Tyrolen bizi direanak.

Italiak emondako pausua guztiz inportantea da Europa guztiarentzat, Frantzia ta Espaiñiko periodikuak jazoera au bestela baitakoan publikatu daben arren. Aurrerantzean, politika aldetik Europa barri bat eratu gura dabenak, kontuan euki bear izango ditue ez bakarrik Alemaniako errialde autonomuak, baita Italiakoak bere. Eta laster Beljikakoak, Flamenkuak eta Walonak, antza danez, federaziño bat egingo dabe-ta.

Europako federalismua, uiol baten indarragaz, aurrera doa; eta kontinente baten bultzadea ez dago iñor geldierazo leikenik.


Frantzian. Abadeak, barkuen bedeinkaziñoaren kontra

Oraiñarte, barkuen botakeran, beti egoten izan da Frantzian abaderen bat, ontzi barriari bedeinkaziñoa emoteko. Baiña Eleizearen presentzia ori dala-ta, eztabaidea sortu da arestian ango portuetan, ez langille marxisten edo armadore siñisbakoen aldetik, abadeen aldetik baiño. Areanbere, konturatu egin dira abadeok, euren presentzia txarto ulertu eitekela beargiñen aldetik, eta zeremonia orrek galdu egin ebala bere kristiñau zentzun jatorra. Ori dala-ta, eskatu egin deutsee obispoeri, bideren bat topetako, gauzak oraiñarte lez jarraitu ez daientzat.

«Gauzak ondo zertu bear dira, ontzi bat bedeinkatuten danean», esan dau Saint-Nazaire'n, zezeillaren (febreruaren) 24an, Guyon abadeak, «Dauphinée» petroleroaren bedeinkaziñoa egikeran.

«Barkua ez da bateatuten. Gizonak bakarrik bateatuten dira, eurak bakarrik izan baileitekez Jaungoikoaren semeak eta lankideak. Jaungoikoa ez da naitanaiez gizonaren baitan sartzen. Jaungoikoak gizon artezak bedeinkatzen ditu, euren bizitza osoa Ebanjelioagaz naiz euren kontzientziagaz batera jarri gura dabenak».

Guyon abadeak kontuan euki dau Frantziako ontzi lantegietako zituaziño garratza. Azken illebeteotan, ainzuzenbe, txarragotu egin dira ango gauzak: huelgak, kanpora botatzeak, manifestaziñoak eta abar. Eleizea huelgisten alde jarri zan: abadeak eta obispo batek be, parte artu eben protestazko manifestaziñoetan; justizia ta jente askoren ogibidea sartzen zirean jokoan. Egokera orretan egindako barku baten bedeinkaziñoak, ba ete dauko zentzunik? Ez ete da profanatzen zeremonia sagradua?

Dunkerqueko abadeak, oraindiño gogorrago egin dabe berba: «Eleizeak ezin daike gizarteko bizibide doillor bat onetsi. Huelga ta artegatasun denporan, abadeak ez dabe aurrerantzean barkurik bedeinkatuko. Jaungoikoa ez dago, justizia ta bakerik ez dagoan lekuan. Non zuzentasuna ta oneritxia, antxe Jaungoikoa.

«Folklorearen kontra gagoz. Esangura barri bat emon nai geunskio zeremonia oneri, eta oraiñarteko otoitzak beste obakaz aldatu. Ontzi baten bedeinkaziñoa ez da, eguraldi ekatxetan Jaungoikoaren laguntasuna lortzeko, alkartasunean egiñiko lanaren frutua eskinteko baiño, eta Jaungoikoari grazia eskatzeko, barkuak munduko errialde guztietara justizia ta anaitasunezko mandatua eroan daian.»


USAn. Obispo katolikuak eta razismua

«Razismua ta bertatik datozan ondorio bildurgarriak garbitu arte, alperrekoa da, amerikanuok legetasuna ta erriko bakea eskatzea. Zurien razismua da, gure errialdean oraintsu izandako zarabanda guztien iturburua. Ezer orduko, politika, ekonomia ta sozial gaietan bardintasuna ta justizia billatu bear ditugu. Zalapartadarik txarrenetarikoa, justiziarik eza da.»

Afirmaziño oneek irakurri daitekez, Texas'ko amar obispoak argitaratu daben agirian, Detroit'en jazoten dana ikusitakoan. Erri onetan, eunkada personak asi dira, ixilleko alkartasunetan, iskilloen manejua ikasten. Asko ugaritu dira alkartasunok azkenengo illabeteotan. Prolema onek, ba dauko bere garrantzia. Detroiten, ainzuzenbe, bost milloitik milloi ta erdi dira katolikuak. Newark'en, erdiak baiño geiago katolikuak; eta erri aundi onetan be, bardin antzera dabiltza gauzak.

Monseiñor Dearden'ek, Detroiteko artzobispoak, dei bat egin eutsen igaz bertako katolikueri, ardurea artu eien auzi onetan; eta orain plan bat preparatu dau eskola ta gizarte alkartasunentzako, razismuaren iztandak aurrerantzean galerazoteko.


Arraintza kontuak

Itxasoetako arrain erreserbak agortzera ete doaz?

Arraintzea, munduko janari bearra beteteko iturri emokorra da. Gero ta geiago itxasotik jatorku laguntziñorik andiena, munduko demografia esplosiñoak eskatzen dauan jaki produziñorako. Gaur egunean duda barik esan geinke, okelea baiño arraiña jaten dala munduan geiago. Eta biologoak diñoskue, itxasoan daukoguzala munduko gosea asetzeko bear diran janari egokiak eta zalegarriak. Eta gaiñera, aukera aukeran daukoguz, joan eta arrapatu besterik ez dago-ta. Izanbe, benetako janaritegia da itxasoa munduarentzat.

Ori jakiñik, munduko naziñorik aurreratuenak arraintza ontziak egiten arduratu dira. Amerikako Estadu Alkartuak, Japon, Rusia, Txina ta beste asko, arraintza ontzidi ederren jabe dira gaur. Ontzi klase bi egiten ditue geienbat: ondoko arraintzarakoak (arrasteroak, inglesak «trawler» deituten deutseenak) eta azaleko arraintzarakoak (tertza ta saredunak, erderaz «embarcaciones de palangre y cerco» deritxoenak).

Espaiñia be, ez dabil atzetik arazo onetan. Estaduak, lege berezien bidez ontzi jabeeri laguntziñoa emonda, arraintza ontzidi garrantzitsua sortuarazo dau; eta orreri eskerrak, Europako bigarren naziñoa gara arrain produziñoan, Noruegaren atzetik. Arraiña jelatzen daben arrastero andiak batezbere, asikera nabarmena euki dabe urte onetan.

Atunkideak

Arrapatzen diran arraiñen artean, atunkideak dauke berarizko inportantzia. Itxas-azalean bizi diran arraiñak dira; eta orregaitik, azaleko arraintzarako gertuta dagozan ontziakaz arrapatu bear dira. Gure artean, iru atunkide dira ezagunenak: egalaburra, egaluzea ta serrutxoa. Egaluze ta egalaburretan, Kantauri itxasoan ibilten dira gure arraintzaleak; oso trebe ibilli be. Serrutxotan barriz, Atlantikoan zear; eta Oestafrikaraiño —Canarias eta Dakarreraiño— jarraitzen deutsoe atunkide igeskor orreri.

Euskal portuetako arraintzaleak apareixoak erabilten ditue atunetako, eta arraiñak bana banaka arrapatu.

Baiña azkenengo urteotan, nylonezko sareak erabilten asi dira naziño batzuetako ontziak. Etxada baten, eundaz atun arrapatzen dira onelan. Ontziak aundiak izan bear dabe, sistema orregaz ibilteko; eta sareak oraindiño aundiagoak, atun masea edo «gorri» osoa arrapatzeko. («Gorria» deituten deutsoe arraintzaleak arrain pillo edo maseari). Bermeotarrak be, egin dabez olako ontzi batzuk.

Arraintzaleen bildurra

Bereala, akordu bat egin dabe Frantziak eta Espaiñiak, Kantauri itxasoan atunzale ontziak sarerik ez erabilteko. Zegaitik?

— Kastigu ikaragarria emoten deutso sareak arraiñari —diñosku bermeotar arraintzale batek. Atuna arrain bizkorra da, ta arriskua ta arerioa non dagoan arin asmetan dau. Ondo dakigu guk ori, ontziaren zarata bat naikoa da inguruko atun guztiak izututeko ta. Sareak bere barruan arrapatzen dituan atunak, zoratuta lez ibilten dira iges egin guran. Alkarren kontra ta sarearen kontra dabiltz il arte, eta odolez betetan dabe ura.

— Eta zer?

— Zelako zer! Urrengo egunean ez dozu atunik ur orretan ikusiko. Sareak asko arrapatu ditualako, beste guztiak ez dakit nora iges egin dabelako... edo saretik kanpoan bapere gelditu ez dalako.

— Baiña itxasoak andiak dira, eta «gorriak» ugari.

— Bai, baiña... noizarte? Itxasoak be, ez dira azkenbakoak. Ikusi osterantzean zer pasetan dan lebatzagaz. Arrasteroak gero ta gitxiago arrapatzen dabe, euren sareakaz kala guztiak «erre» ditue-ta. Eta ez dakizu zer pasetan dan baleakaz? Kupoak ipiñi bear izan jakez arraintzaleeri, larregi arrapatu ez daien eta baleak itxaso gaiñetik bapeztu ez daitezan. Eta ez dozu entzun, Pazifikoko kostan be beste orrenbeste egin dabela Iparramerikak, Mexicok, Peruk eta Chilek, atunetako kupoak ipiñita? Eta an ez dabiltza sareakaz, kaiñaberakaz baiño, geure lez. Bestela... urregorrizko arrautzadun oilloa il...

— Egia diñozu. Ainzuzenbe, biologo batzuk alarmatu egin dira, atunkideeri larregi persegitzen jakela-ta: euren umeketeak edo prokreaziñoak ixten dauana baiño geiago.

Afrikako serrutxoa

Galerazota dagoan ezkero, Kantauri itxasoan ez dabil saredun atunzalerik. Eguraldiak be, ez dabe sarritan itxiten, ain sare aundiakaz ibilten.

Baiña Oestafrikako kostea aberatsa da atunkideetan, eta eguraldiak Iparraldean baiño obeagoak. Ara doaz saredun atunzaleak, serrutxoa arrapatzera.

— Eta ze kalte egin leiskizue zueri orrek? —itauntzen deutsagu lengo arraintzaleari.

— Udazkenean, emengo egaluzeak-eta iges egiten dabenean, Bizkaiko itxasoan ez dago gure ontzientzako zer egiñik. Orain amar urte inguru, Dakar deskubridu genduan bermeotarrok eta Oestafrikako aberastasuna. Urterik urtera gero ta ontzi geiago joaten dira ur aretara, emengo utsunea betetako. Ori galtzen badogu, gure azkena izango da. Saredun ontziak iru-lau urte baiño ez dabiltz, eta igarten asi dira euren ibilliaren ondorenak. Azkenengo urtean, serrutxo «gorriak» ez dira ain ugariak izan, eta ontzi askok gastuentzako bere ez dabe egin.

Kofradien erreaziñoa

Alandaguztibe, arraintzale askok euren ontzi txikiakaz lagundu egiten deutsee sareduneri serrutxoa arrapatzen, etxada bakotxean saredunak parte bat emoten deutsee-ta.

— Arraintzale orreek ez dakie zer egiten daben. Gaurko ogiaren billa dabiltz, baiña orrexek ekarriko dau biarko gosea —diñosku Bermeoko urlia arraintzaleak.

Kantauriko Kofradia guztiak batu dira: lenengo Gipuzkoa, Bizkaia ta Sananderekoak eta gero Asturiaskoak; eta akordatu egin dabe, saredun atunzaleakaz olako kolaboraziñorik iñok ez egitea.

Bermeoko Kofradiak gaiñera, beste pausu bat emon dau. Ori egiten dabenak eta baita saredun atunzaleetan dabiltzan tostartekoak eurak be, komunidade osoaren kontra doazala-ta, oraindik aurrera Kofradiatik kanpora urten bearko dabe.

Munduak gero ta produziño geiagoko sistemak eskatzen dauz. Millakada personak bizi dira munduan, eta baita gosez il be. Itxasoak dira, gose ori asetuteko esperantza aundia. Baiña olako arraintza tresnak (sareak) erabilli ezketiño, akabatuko ez ete dira itxasoetako aberastegi guztiak?

ARTZA


Espaiñiko Gizon Ospetsuenak

• Eleizgizon bat bez, amabost espaiñol famaduenen artean

• Amabostetariko geienak, fedetik kanpoan bizi dira

«Hogar 2000» deritxon aldizkariak, eritxi billaketa bat egin dau; eta erresultadua guztiz kezkagarria izan da, kristiñau aldetik begiratuta. Galdetu egin jake Espaiñiko periodista aditueneri, euren eritxiz ea zeintzuk direan amabost espaiñol ezaugarrienak, arlo guztietan —politikan izan ezik— geien nabarmentzen direanak.

Eritxi-emoilleak, 34 periodista izan dira: Espaiñiko periodiku ta ajentzia nagusien zuzendariak eta kazetari ospetsuak. Euron artean, asko dira katolikuak: batzuk apaizak eta beste batzuk kristiñau zintzoak, fedearen alde militante bezela lan egiten dabenak.

Erresultaduak, pentsakizun aundia eskinten deusku. Ona emen aukeratuen zerrendea, eta bakotxak lortu dituan botoak:

1. Pablo Picasso, 31.

2. Menéndez Pidal, 30.

3. Severo Ochoa, 28.

4. Pablo Casals, 18.

5. Joan Miró, 18.

6. J. M. Pemán, 15.

7. Xavier Zubiri, 14.

8. C. J. Cela, 13.

9. Rafael Alberti, 13.

10. Luis Buñuel, 13.

11. Antonio, 12.

13. Doctor Arruga, 11.

14. Salvador de Madariaga, 11.

15. Salvador Dalí, 10

Zerrenda onek ez dau bear komentariorik. Fededun batentzat, guztiz argi dagoz gauzak. Datu batzuk, orregaitiño, surraiatu egingo doguz, irakurlearen baimenagaz:

• «Eleiza ofizialeko» gizon garau batek be, ez dau lortu lenengo amabost lekuetariko bat. Aita Arrupe, ogetairugarrenera eldu da sei botogaz; Monseiñor Escrivá, ogetamaikagarren agertzen da lau botogaz; eta askoz urrunago agertzen dira Herrera Kardenala boto bigaz, Bartzelonako artzobispoa bategaz eta Aita Sopeña beste orrenbestegaz.

• Agertzen dira zerrenda orretan katoliku zintzo batzuk; agertzen da Jaungoikoaren Erriko kristiñau bikaiñen bat. Baiña aukeratuen arteko geienak, Eleizatik kanpoan bizi dira; eta bearbada batzuk, agiriko ateoak dira, agnostikuak edo indiferenteak.

Erresultadu onen aurrean, galdera au egin geinke: Zelan da posible, katoliku izeneko erri baten, erlejiño batasuna autortzen dauan naziño baten, bertako gizonik ospetsuenak katoliku ez izatea? Zelan izan daiteke, «Espaiñiko nobletasunaren zerrendan», apaiz eta teologu bapere ez agertzea, kristiñau pentsalari ta artista ain gitxi egotea, Espaiñian fedea izan baita beti kultura ta artearen manifestaziño guztien oiñarria?


Uste izan

Amorraziñoa

Rikardo Arregi

Amorraziñoak prentsa txarra dauka. Norbaitek amorraziño bizian dagoala esaten baldin badau, ezer onik ezin egin leikela uste izan oi da. Gizon amorratuak, gizon arrabiatuak, entzuten dogunez, animalien maillan jarten dira. Gizon orreekandik ez da ezer onik espero. Baiña lur onetan asko dira gizon arrabiatuak, amorraziño bizian bizi diranak. Eta askotan, geienetan bearbada, arrazoia, justizia ta eskubidea euren baitan dago.

Arrazoiak gauza otz bat izan bear dauala dirudi. Norbaitek arrazoia, bere eskubidea, berotasunarekin defenditzen dauala agiri baldin bada, beingoan uste izango da arrazoirik bako gizona dala.

Izan be, burgesiak jaso dauan gizarte onetan, arrazoiaren berotasuna ukatu nai da. Orregaitik edozein berotasun, edozein pasiño, desarrazoiaren seiñaletzat salatzen da.

Gu ostera, Euskal Erria noski, Erri erreboltatu bat gara. Bizi garean kondiziñoetan Erri erreboltatu bat izateko aalmenik ez badaukagu, gureak egin dau. Gure arrazoiak, gizontiarrak diranez eta ez makiñearenak, arrazoi beroak dira. Amorraziño bizian bizi bear geunke. Orrexek bakarrik emon leiskigu, egin bear dogun burrukearentzat derrigorrezkoa dogun ausardia ta zaletasuna.

Esan oi da, gizon arrabiatuak aaleziña adierazoten dauala. Eta egia galanta da au. Arrabiatua arrabiatua da, ezarritako gizartean bere gizatasunarentzat posibilidaderik aurkitzen ez daualako. Arrabiatua orrexegaitik da, bere gizatasuna defenditzeko beste posibilidaderik ez daukalako.

Seriotasunari, formalidadeari buruz, irudi guzurtiak ditugu. Edukaziñoari buruz, beste orrenbeste. Irudi ta uste orreeri jarraitu nai izatea, izugarrizko tranpa baten jaustea litzake. Besteak ezarritako bideetan ibilli gura izatea litzake. Besteak nai izandako bideetan, besteak gura izaniko eran. Ori bakotxaren nortasuna osotuteko izango balitz, zer esanik be ez; baiña bakotxaren izakerearentzat kate izateko egiñak izaterakoan, erru aundi bat lez azaltzen da.

Lotsa barik azaldu bear da, amorraziñoan bizi gareala. Gure arrabioak ez deuskula sosegurik emoten. Eta arrabio orren berotasunean egiten dogula burruka, berotasun orregaz jaso nai dogula mundu barri bat. Orregaz Euskal Erria ber-egin gura dogula.


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan agertzen direan berba ta esakera batzuk.

ABAGUNE (B), aldia, garaia. Coyuntura erderaz. Abagune txito erazkoa: coyuntura muy oportuna (Peru Abarka).

ADITU (B), asko dakiana, asko dakialako ospetsua. Gizon aditua legeetan. Gizon aditua Donostian.

AIKO (B), begitu! Ecce latiñez, ecco italianoz. Aikotarrak deituten deutsee Marurikoeri, berba au sarritan erabilten dabelako.

ARABERA (L), según, conforme erderaz. Ebanjelioaren arabera: según el Evangelio.

AREAN BERE (B), izan be, ain zuzen be. Erderazko ciertamente, justamente.

ARESTIAN (BGN), denpora gitxi dala, oraintsu.

ATUNKIDE, atun familiako arraiña. Erderazko túnido.

ATUNZALE (B), atunetan dabillen ontzia.

AUSARDI (N), kemena, adorea.

BAITAGO (NL), dago-ta. Or baitago: or dago-ta.

BAITZAN (NL), zan-eta. Ona baitzan: pues era bueno.

BALDIN (BGLN). Berba au ezin leiteke erderaztu. Ba aurrizkiari indar geiago emoteko-edo erabilten da. Baldin badator: si viene, si es que viene.

BALE (BGLN), erderazko ballena.

BALEI (B), balegi. Ekarri balei: ekarriko baleu. Ekarri bazengi: ekarriko bazendu.

BALEITE (B), baledi. Etorri baleite, etorri baledi: etorriko balitz. Etorri baneinte, etorri banendi: etorriko banintz.

BEIÑOLA (B), joan dan lengo baten.

BERARIZKO (B), apartekoa, berezia, espeziala.

BEREALA (BGLN), beingoan, beingo baten.

BESTELA BAITAKOAN (B), erderazko disimuladamente.

BEZELA (G), lez. Zeruan bezela, lurrean ere: zeruan lez, lurrean be.

DENDUN (B), ekilibrioa. Gaixoa dendun baten dago: el enfermo está en cierto equilibrio, ni mejora ni empeora.

GALDERA (G), itauna, preguntea.

IZOTZ (BGLN), leia. Izotzak eta euriak dakaz eskura gariak: la helada y la lluvia traen a la mano los trigos (Refranes).

JATEKE (B), jan barik. Edateke: edan barik.

JELATU (G), leitu, izoztu.

JOSKILLE (B), jostun. Erderazko sastre.

KAZETARI (I.), periodistea.

LATERRI, lagi erri, lege erri. Erderazko Estado. Berba barria.

MARDOTU (BNZ), sendotu.

MEKO (B), makal.

NEKAZALE (BLN), erderazko artesano.

ONETSI (LN), onartu, ontzat artu. ONETSI ta BEDEINKATU ez dira bardin.

ONTZI (BGLN), barkua. Ontzia galdu ezkero, guztiok pillotu: después de perdido el buque, todos pilotos.

SALATU (BGLN), akusatu, denuntziatu.

SOLDATA, alogera, lansaria. Erderazko sueldo.

TOSTARTEKO (B), alogereko mariñela.

TREBE (GLN), leberra, abilla. Zaldiz ibilteko trebe ez denak, obe du oinez ibili: al que no es diestro para andar a caballo, le es mejor andar a pie (Baztan).

URLIA (BGN), norbait. Erderazko un tal, fulano.

XARMAGARRI (L), zoragarria.


Ezagutu zure erria

Sukarrieta

Itzaltasunik andienaz, erritxo txukun onetara urreratu naz. Itzaltasun ori, ba-dakizu ondo zergaitik... «Zeure begi ederrok, itxita lo dozuz» abestia gogoratuta, itzaltasunak artu deust biotza.

Sukarrieta ederra! Euskaldunaren Jerusalen, Zu zara. «Abandoko Arranoa», or bizi izan zan luzaroan; or ezkondu, ta or il, 38 urte ebazala. Arrezkero, euskaldunen biotzak, Sukarrietara doaz, an illerrian, maixu onaren suaz, biotzak berotzera.

Erri txikerra, baiña baliotsua. Usainki ona, ontzi txikian. Izadi edertasunak be erri txikietan ugariago, esan leiteke. Erritxo onek guztirik dauko: itxaso ta mendi, atxak eta izaroak, magurio lekuak eta ortuari solo ederrak. Baserri eta landetxe pinpiriñenak; ezertxo be falta ez dedin, euskera be emen da.

***

Euskal Errian antxiñatean be, zer ikusi andia eban erri onek. Gernikako Aretx-pean, bigarren jarlekua eban bertoko jaunak. Aiuntamentu baten, parroki bi dira. Ibaiaren sortaldetik Kanalan, Legendikako Andra Mari; ta ibaiaren sartaldean: San Ander. Batera agertzeko lar diranez, gaurkoan San Ander alde ohi lotuko gatxakoz. Kanala urrengoan.

***

Erri au, gaur

Inguru onetako beste toki askoren antzera, erritxo au be, uda-zaleen menpeko da. Ikusi au bestela: udan 1.400 biztanle izaten dira, gitxi gora-bera. Uda amaitutakoan: 207 baiño ez.

Erbestetik, ia iñor eztator ona, ez dago lantokirik eta. Erdaldunak, sendi bi baiño eztagoz; beste guztiak euskera dakie. Guztiak ez; ba-dira sendi bi, gurasoak jakin euskera, ta umeai irakatsi ez deutseenak.

Eleizan? Luzaroan erritxo au, abade zaar bategaz egon da. Zaarren-zaarrez eta osasunik ezaz, ezetarako ezan gauza. Oraintsu edo etorri da abade gaztetsu bat. Ona etorri arte beintzat euskaltzale andia izan da; euskeraz idazten be ez edonor. Gaurko jokabidea, ezdakigu ba. Irakurleok zeuok epaitu; errian auxe jazoten da.

«Igandeetan 3 meza daukoguz, urte guztian. Bat umeen «kolonia»n, eta bi parrokian. Koloniakoa urte guztian da erderaz, euskaldun umeak be an izanta. Parrokian, azilletik bagillerarte erritarrak baiño ez dagozanean, meza biak euskeraz. Udako iru illabeteetan, meza biak erderaz. Udan izan ezik, astegunetan be mezea euskeraz. Udan, a be erderaz». (Errikoak esana).

Zer da au? Uste dogu, datorren udan, gitxienez bat euskeraz izango dala. Bestela ori, erriari irusaku egitea da. Sukarrietakoak ez ete dozue eskubide bardiñik udan? Ez ete da euskaldunik udan datozanen artean? Guztiok erdaldunak izan ta be, ez ete jake erakutsi bear, datozan errian, erria dala lenengo, eurok gero? Aberatsak dirala ta, edozer egitea ete dauke?

Beste arrigarri bat: «30 ume doguz errian, 15 urtetik beerakoak; euskaldunak dira, ta ez da kristau ikasbiderik euskeraz».

Barriro be auxe diñogu: «urte gitxi» daroala abade onek berton. Ori dala ta izango dira oker oneik. Emendik aurrera, uste dogu, aldatuko dala jokabide au, biotzean daroana egiteetan be agertu daiten.

Kresala ta ur-gaza besarkatzen diran erri barrenean, Bilboko Aurrezki Kaxak eginda, umeentzat etxe andi ta egoki bat dogu. Izan be toki aparta da auxe umeentzako. Udan, txandaka, eundakak izaten dira; neguan be bai, gitxiago. Erkin eta jakanak, osasuntsu etxeratzen dira emendik.

Ume oneitatik asko edo, euskaldunak dira. Ikusten ibilli gintzazanean, auxe bururatu jakun: emengo egotaldian, euskal lana ederra izango litzakela, datozan ume euskaldunak, euskera idazten eta irakurten ikasita etxeratzea. Bertan gengozala, auxe ikusiak gara: Zeberioko ume euskaldunai amak esaten, «euskera aztu egin dozue ala?». Etxetik urten ebela lau aste dira; ta euskera tropetu ta egin eziñik.

Ume onein alde, zeozer egin al dauanik ez ete da iñon?

***

Umeen etxetik urten eta Abiñara. Itxasoko urak artzeko zorian dago Andoni Deunaren Baselizatxua. Oraintsu barritu dabe, ez lar ondo. Inguruko orma zantarrok itxurea be galdu deutsoe. Egun baten, ementxe ezkondu zan Sabin.

Bagillaren 13an, San Antonio egunez, inguru guztietako siñestedunak datoz ona, deunari eskaritxu bana egitera.

Emengoxea zan, diñoenez, santu orren amama. Ta amama ikustearren edo, bertora iñoz etorri ei zan San Antonio.

Erri onen bost ertzak ikusteko asmoz etorri ta ia joan da gure eguna. Ezin alde emendik Txatxarramendi zapaldu barik.

San Ander, Euskaldun Gazteen Zaindaria, ezkerreko aldetik.

Akatsik ba ete dau erri onek? Oba ez. Nor da akats bakorik?

Urtenenak oneixek:

a) Erriko etxe asko, onenak bear bada, erbestekoenak dira; edo areik datozanerako dagoz utsik. Urteko bederatzi illabete itxita, utsik. Bien-bitartean, Sukarrietako gazte asko, ezkondu eziñik. Ezin da etxe bat aurkitu. Ezkontzekotan, erbestera egin bear. Alan doa erria gitxituten.

b) Bigarren akats au, erri txiki guztiak dabe: nunzebarrikeria, ta iñoren ibilleratan larregi sartzea.

Zelan bizi erri txiki baten oneik barik?

Atxarreko San Pedro eskoian, Kantauri itxasoko arraintzaleen aldezlari ta begirale. Biotza suaz irakitan. Aurrean, Izaro galanta: itxas-txoriz eta aparrez inguratua. Gure Erriaren andia. Sukarrietako Txingar gori au, Euskal Erri osoa egosteko da. Artu SU au eta zabaldu daigun gau aizetsu baten. Biziko garalakoan; Agur!

SALATARI