ANAITASUNA

Año II — Núm. 17

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Noviembre 1954


Aita Santua ta Ama Birgiñea

Urriaren amabian, Espaiñia osoa, Zaragozan batuta, Andra Mariaren Biotzari konsagrau jako. Eta ori dala-ta, Aita Santuak radioz berba egin deusku.

Bere berbaldi zoragarrian, aspaldiko gizaldietan Ama Birgiñeari euki deutsagun maitasuna gomutarazo ostean, aurrerantzean-bere Andra Mariaren maitatzaille sutsuak izateko bidea erakutsi deusku. Eta berba egiten eban bitartean, Bizkaitarrok gogoan euki gaitu, Begoñako eleizea Espaiñiako ospetsuenen artean aitatu dau-ta.

Euskaldun asko —eta euren artean Bizkaitar asko— batu zirean egun orretan Aragoiko uri nagusian, guztion izenean Andra Mariari Konsagraziño ori egiteko.

"Izan-bere, bidezkoa zan —dirausku Aita Santuak— Ama Birgiñeari gure maitasuna erakustea, Jainkoaren aurrean ain ederra eta gizonentzako ain errukiz betea da-ta."

Mesede aundiak egin deuskuz, egin-bere, Andra Mariak. Arakatu daigun gure historia, eta edonun ikusiko dogu Ama Birgiñea. Gogoratu daiguzan aintxiñako denporak; sartu gaitezan aintxiñako Naparren baso illunetan barruna, eta ain zuzen-bere irugarren gizaldian Zaragozatik bertatik etorri jakun Euskalerrira, Kalahorrako bidean zear, Kristiñau Fedearen argi salbagillea. Eta urrengo gizaldietan, gaurko egunerarte, Andra Maria izan da gure arriaren Zaindaria.

Eta aurrerantzean-be, Bera izango da gure Jagolea. Baiña orretarako, auxe eskatuten deusku: otoitzaren eta penitentziaren bitartez bere maitasunari erantzun deiogula.

"Erantzun deiogun ba, Aita Santuak dirauskun legez, Andra Mariaren deiari. Agindu deiogun gure zeruko Amari, egunean baiño egunean kristiñau sutsuagoak, sakonagoak eta zintzoagoak izango gareala. Agindu deiogun, ekandu garbien bitartez gure erriaren izen ona zainduko dogula. Agindu deiogun, munduan zabal dabiltzan idea ta asmo kaltegarrieri sekula jaramonik egingo ez deutsegula. Agindu deiogun, gure familien sendotasuna gordeko dogula; familien santutasuna barik, gizonen arteko bizitzeak bere zimenturik beiñena galduko leuke-ta.

"Agindu deiogun Ama Birgiñari, atseginen gurari larregia epelduko dogula. Munduko ondasunen zaletasun geiegia gure biotzetarik aldenduko dogula; zaletasun orrek, benenu gaizto baten antzera, gure arimako indar guztiak ezereztu leikez-da. Agindu deiogun, gure anaiak maitatuko ditugula; gure anaia guztiak, batez-bere pobreak eta beartsuak, gure lujuagaz eta gure bizimodu nabarmenagaz ainbeste bidar ofendidu doguzanak. Eta Bera, Ama Birgiñea, orain arte legez, aurrerantzean-bere, gure Zaindari apartekoa izango da."


Ba dakizu...?

Konfesiñoko Sakramentua

Faltsoa ala egia da emen diñoguna?

6.—Urlia pekataria, pekatu mortal batzukaz bakarrik damututa dago. Beste pekatu mortalakaitik, ostera, ez deutso ardura. Olako damutasuna ez da naikoa, Konfesiñoko Sakramentua ondo artzeko.

7.—Sandia pekatariak, pekatu astunen damutasuna bakarrik dauko. Pekatu ariñen damutasunari, barriz, ez deutso jaramonik egiten. Orrelako damutasunaz konfesetan bada, Penitentziako Sakramentuak ez deutso pekatu bapere parkatuko.

8.—Berendia pekataria, pekatu mortal bategaz guztiz damuturik dago; baiña alan ta guzti-bere, ia ia seguru dago pekatu orretan goiz edo berandu barriro jausiko dala. Persona ori, uste orregaz, ezin leiteke ondo autortu, Konfesiño ona egiteko bear dan estaduan ez dagoalako.

9.—Pekatu astunean jausteko arrisku aundi bat —al dodala— itxi gura ez badot, nire Konfesiñoa txarra izango da.

10.—Persona bat ilteko arriskuan dagoanean, edozein sazerdotek entzun leike aren Konfesiñoa eta emon leikio benetako asolbaziñoa.

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)

***

"Bat eginda errezetan daben familia, beti bat eginda biziko da."

Aita Peyton

"Ze gauza zoragarria, gaubean, lana amaituta gero, familia osoa batuta, Errosario Santua errezetea!

Pio Amabigarrena


Esaidazu!

Zenbat denpora irauten dabe Purgatorioko penak?

"Erreka bat igaro gura dabenak, geiago edo gitxiago tardetan dau beste aldera joaten, beragaz daroan kargea zelakoa dan. Alantxe, Purgatorioko ibaia igaroten dabiltzan arimak-bere, geiago edo gitxiago tardetan dabe Paradisuko aldera eltzen, euren pekatuen pixua zelakoa dan."

(San Agustiñek)

***

Bere ama Santa Monika il zanetik ogetamar urte igarota gero-be otoitz egiten eban San Agustiñek aren arimearen alde; eta bere laguneri-be, oraziñoak eskatuten eutsezan, Santa Monikak bere illobian milagro asko egin arren.

***

Sor Frantziska Sakramentukoari, sarritan agertzen jakozan Purgatorioko arimak, euren pena luzeakaitik kejaz. Ogetamar urte eroiazala esan eutsan bein gizon baten arimeak, munduan aberastasuna larregi maite izan ebalako; eta, zoritxarrez, bere etxekoak, bere ondasun guztiak artu-ta gero, beragaz aztuta egozala.

Bein, Jesukristo bera agertu jakon, eta onelan berba egin eutsan: "Begitu zelan ordaindu bear dituen Purgatorioko arimak euren pekatuak. Pena aundia emoten deuste, ainbeste sufriduten ikusten dodazanean; baiña alantxe izan bear. Ondo egiten dozu euren alde errezatuaz. Neugaitik egingo bazenduz legez entzuten ditut zure otoitzak, eta Purgatoriotik ni neu atarako baninduzu legez poztuten naiz"


Purgatorioko saria

Parisen, 1817'an, serbitzuko neskato bat bizi zan, Purgatorioko arimen alde mezak atarateko oitura ona eukona.

Bein, gaixotu egin zan; eta ori dala-ta, etxea itxi bear izan eban eta kalean diru barik geratu.

Ospitaletik urten ebanean, iñora orduko eleizara joan zan, Jainkoari eskerrak emoten. Orduan, gomutau egin zan il aretan arimen alde mezarik ez ebala atara; eta diru pizka bat baiño ez eukola-ta, apur baten dudan egon zan; baiña azkenean, diru axe-bere arimen alde emoteko erabagia artu eban. Emon eutsan, ba, eleizako abade bateri, urrengo egunean mezea arimakaitik esateko.

Eleizatik urtekeran, mutil gazte jaseko bat topau eban. "Nunedonun bear egin gura badozu —esan eutsan gazteak—, zoaz ain etxetara, ta arean-bere abegi onez artuko zaitue." Eta au esanda beste barik, urrundu egin zan.

Joan zan neskatoa etxe aretara; eskatu eban bertan lan egitea; agertu eutsan Ugazabandreari mutil gazteak esan eutsana; eta arritu zan ugazabandrea, ain zuzen-bere etxeko neskatoa orduantxe bertan despedidu eban-da.

Alan berbetan egozala, besteak kuadru bat ikusi eban orman eskegita, eta guztiz arriturik esan eutsan ugazabandreari:

— Andrea, mutil gazte aorrexek zuzendu nau etxe onetara.

— Ez da izango egia —erantzun eutsan andreak—. Ori, neure semea da, orain urte bi il zana.

Eta onelan, argi argiro ezagutu eben zelan saritu gura izan eban Jainkoak neskatoa, Purgatorioko arimakaz euki eban-errukiagaitik.

***

Katolikoen arerio itzala zan Nikolas I (1796-1856), Rusiako Enperadorea. 1843'garren urtean, berreun ta berrogetabost monja sartu zituan kartzelan. Sardiña zar erdi baiño ez eutseen emoten egunean, egarriaren tormentuaz erlegiño katolikoa itxi eragiteko.

Euren estamanguak, egarriaren egarriaz, laba batzuk zirean; eta miiñak, arrakalatuten asi jakezan.

Egokera onetan, Purgatorioko arimakaz gomutau zirean, eta euren alde eskiñi eben ain ikaragarrizko egarria. Gauza miragarria: arrezkero ez eben sentidu ez egarririk ez edozein tormenturik.

Arik zortzi egunera, kartzelatik urtendakoan, ez eben euki zetan joan ur edatera, ez zan iñor egarri-ta. Au ikusirik, zurtz eginda geratu zirean danak.

Monjen Nagusiak berak kontau eutsan gero guztia Aita Santu Pio Bederatzigarrenari.


Jakin ba...

(Bigarren orrialdetik dator)

6.Egia. Konfesiño on bat egiteko, pekatu mortal guztien damutasuna euki bear da.

7.—Faltsoa. Pekatu ariñak, Jainkoaren ofentsak izan arren, ez deuskue Jainkoaren adiskidetasuna kentzen. Orregaitik, Sandia pekatariak, pekatu ariñen damu barik-be, artu leike ondo Konfesiñoko Sakramentua, eta jaritxi grazia santifikatzaillea; baiña ezin leike lortu pekatu ariñen parkamena.

8.—Faltsoa. Berendia pekatariak, pekatuan ostera-bere jausiko dalakoan egon arren, Penitentziako Sakramentua ondo artu leike. Geiago ez deutsa Jainkoak eskatuten, baldin konfesiñoko momentuan geiago pekaturik ez egiteko eta pekaturako bideak ixteko prest badago.

9.—Egia. Konfesiñoa ona izateko, bear bearrekoa da pekatuen damua. Eta damu ori benetakoa izateko, naitanaiezkoa da "geiago pekaturik ez egiteko asmo sendoa." Eta zelan eukiko dau, ba, asmo ori, pekatu astunean jausteko okasiño larria, berak al dabela, itxi gura ez dabenak?

10.—Egia.

***

"Familien benetako bizitzea, arimen bizitzearen antzera, Jainkoari egiten deutsagun otoitzaren bitartez etorten da. Eta orretarako biderik onena, Errosario Santua da."

Pio Amabigarrenak


Kurutzegrama N.º 13