ANAITASUNA

Año II — Núm. 18

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Diciembre 1954


Abendua

Mendietako edurrak, erruki barik jausten dan euriak, orri bako arbolak, kanpoko otzak: sasoi onetan, danak dei egiten deusku arima barrura sartzeko, arimako bizitzeari jaramon egiteko.

Gure espirituari, zer diñotso Abenduak? Gure arimeari, zer dirautse Gabon aurreko lau asteak? Iru gauza.

Iru gauza dira, izan-bere, aro onetan egin bear ditugun eginkizunak.

Lenengo, gogoratu aintxiñako gizaldiak, mundu guztia —Judu Erria batez-bere— Salbagilleari begira egoanean.

Bigarren, atondu gure arimak Gabonetarako. Urtean urtean, Kristok barriro jaio bear dau eta indar geiago artu bear dau gizonen biotzetan.

Irugarren, benetan deseatu Jesukristoren azken eguneko etorrera dirdiratsua, mundua amaituko dan egun aundia, Eleizea betikotasunean sartuko dan ordua.

Abenduak, etorrerea esan gura dau. Biztu daigun gure biotzerako guraria, laster datorren Jesus Umeari gure barruan abegi ona egiteko.

Orretarako asko lagunduko deusku, aro onetan etxe barruko bizitzea maite badogu, eta gure atsegiña familiaren batasunean aurkituten badogu.

Ez gaitezan aztu Gabonak familiako jaiak direala. Sartuko al da gure etxe guztietan "belenak" egiteko oitura txalogarria!

Familia askotara eroan ditue olako "belenak" bakea ta alaitasuna. Batez-bere urietan, geroago ta geiago zabaltzen asi dira. Uxala baserrietan-bere zabalduko balitzaz!

Mendiak egiteko oroldia ekarri bear dala; edurra egiteko, uruna bota bear dozula; bedarra jaten ardiak ipiñi bear ditugula; askan dagoan Umea jagoteko, Maria ta Joseren alboan astoa ta idia jarri bear direala; au ta bestea dala ta ez dala, familia guztia dago, zortzi edo amar egun aurretiaz, Jesusen jaiotzeagaz buruan eta agoan.

Irakasten deutse aitak umeeri Jesus nor dan eta mundu onetara zelan eta zetarako etorri zan; esaten deutse amak onak izateko, bestela Jesus Umeak negar egingo dabela-ta. Ba-datoz gero auzoak, "belena" ikusten; arrituta geratuten dira gauza ain ederraren aurrean; otoitz egiten dabe apur baten; eta esaten dabe datorren urtean eurak-bere bardin egingo dabela.

Eta zu, irakurle, ezer egin barik geratuko zara?


Esaidazu!

Zer da mezea?

Eleizara etorten ez direanak, zerimonia bat dala esango deutsue; goizean, eleizan, sazerdoteak egiten daben zerimonia, eta domeketan katolikoak entzun bear dabena.

Domeketako mezatara bakarrik datozanak, ez deutsue beste gauzarik esango. Mezea aitatu deutsezuneko, iru pentsamentu etorten jakez burura: abadea, domekea, obligaziñoa. Eurentzako, orixe da mezea; orixe da mezearen gaiñean dakien guztia. Eskasa ta urria benetan euren jakituria!

Katoliko zintzoak eurak-bere —geienak beintzat— ez dakie nun dagoan mezearen mamiña; eta osterantzeko eleizkizunakaz —esaterako, Ordu Santuakaz— konparaziñoa egin ezketiño, ez dakie noraiñoakoa dan mezearen balioa. Euren ustez, orretarako da mezea, gure Jauna altaretara ekarteko, gero kopoian sartzeko ta kustodian ipinteko.

Ba-dagoz beste batzuk —neskatillak eta andra gazteak batez-bere— misal txiki batzun bitartez mezeari jarraituten deutsoenak. Euren eritxiz, mezea eleizkizun luze ta konplikadua da. Oraziño ta egikera batzuk, beti bardiñak izaten dira; eta beste batzuk, domekan domekan aldatuten dira.

Azkenez, kristiñau ikasiak —gitxienak— ba-dakie zer dan mezea: kristiñau kultuaren ardatza, gure altaretan barriztetan dan Kalbario mendiko Jesusen oparia, Jainkoaren gloriarako ta gure salbaziñorako ofrezietan dogun sakrifizioa, Jesukristok emoten deuskun bankete santua, komuniñoan bere gorputza jan daigun, eta onelan bateoaren bitartez beragaz egin genduan-apurtu eziñeko alkartasuna ta batasuna geroago ta geiago sendotu ta osotu daiten.

Kristiñau ikasiak izan gura badogu, jakin daigun ondo mezea zer dan; batu gaitezan sazerdoteagaz meza bitartean; eta ontzat artu daiguzan gure bizitza liturgikoa indarbarrituteko gure eleizetan egiten direan alegiñak.


Ba dakizu...?

Konfesiñoko Sakramentua

Faltsoa ala egia da emen diñoguna?

11.—Urlia pekataria dudan dago, pekatu astuna ala ariña egin daben. Konfesiño on bat egiteko, mortala baillitzan autortu bear dau bere pekatua, seguruan jokatu bear dau-ta.

12.—Konfesoreak, agertu leike konfesiñoko sekretua, bestela oiñazetu edo ilko balebe.

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


San Frantziskoren Gabon gaba

Iru urte il aurretik, 1223'an, Asisko San Frantziskok aparteko moduan ospatu gura izan zituan Gabonak.

Orretarako, bere lagun aberats bateri dei egiñik, inguruko mendi batera joan zirean biak eta, basoan barruna sartutakoan, aonelan berba egin eutsan San Frantziskok gizonari:

"Zeugaz igaro nai neuke aurten Gabon gaba; eta Jesusen jaiotzea aparteko moduan gomutarazoteko, beiñola Belenen jazo zana berbera erri guztiaren aurrean ipiñi gura neuke. Ori dala-ta, ekarri eizu ona, mendiaren argiune onetara, aska bat, bedarrez beterik, astoa ta idiagaz."

Leku ona autatu eban Frantziskok, bere asmoa egiteko. Mendia guztiz egokia zan orretarako: baso txiki bat eukon tontorrean eta koba asko egaletan.

Baiña bere eginkizuna orduko liturgian gauza barria zan ezkero, aurretiaz lortu eban Erromako Aita Santuagandik ori egiteko baimena.

Eldu zan eguna. Inguruetako fraille asko etorri zirean jaiera; andra-gizon ugari batu jakezan bidean; danak, lastazauak eta zuziak eskuetan, gau zoragarri atako illuna uxatuteko.

Mendiko bidezidorretan gora joian astiro astiro gizataldea, estalpea egoan-lekura eldu arte. Mendi gaillurreko basoa argi argi egoan, eguna baillitzan; eta inguruko atxak, erantzun egiten eutsen frailleen eta jentearen kantueri. Aita San Frantzisko zutunik egoan askearen aurrean, errukiz beterik, pozaren pozaz negarrez ta zizpuruka.

Atondu eben altarea mendiko koba txiki baten. Asi zan mezea. Sekulako atsegiña sentidu eban gau aretan mezaemoilleak. Aita San Frantziskok argi ta zoli kantau eban ebangelioa, diakonoz jantzita.

Gero, berak egin eban sermoia, eta azaldu eutsan erriari Jesusen jaiotzearen Barri Ona. Berarizko berbak, eztia baizen gozoak erabilli zituan, Belengo estalpean jaioriko Erregearen pobretasuna ta umiltasuna adierazoteko. Batzutan Jesus, beste batzutan Belengo Umea deituten eutson. Eta Belen esaten ebanean, bildots samur bat baillitzan, bekerekearen antzekoa egiten eban. Eta onelako berbak bere agotik urtetan eben bakotxean, gozoaren gozoaz miazkatu egiten ebazan gero ezpanak.

Gau guztiz zoragarria eta zeruko graziaz ugaritua. Gaixo askok lortu eben gorputzeko osasuna; eta animaliak eurak-bere, askako bedarra jan ta beste barik, osatu egin zirean.

Jesus Umea, ilda legez askan etzunda ikusi ei eban mendiaren jabeak. Eta Frantzisko urreratu jakonean, begiak zabaldurik, Santuari irribarre egin ei eutsan.

Alantxerik saritu gura izan zituan Jainkoak gizon aren borondate ona eta San Frantziskoren santutasuna.

***

Gure etxe ta eleizetan ikusten ditugun "belenak" Aita San Frantziskogan dauke jatorria.


Jakin ba...

11.—Faltsoa. Duda bako pekatu mortalak bakarrik autortu bear dira. Dudan gagozanean, konfesau geinke pekatua, baiña ez mortala baillitzan.

12.—Faltsoa. Konfesoreak ezin leike iñoiz agertu konfesiñoan entzunikoa, ezta bere bizitzea galduko baleu-bere. Entzun orain eun urte Rusian jazo zana:

Ukrania'ko erri baten, 1853'an, abade on bat bizi zan. Zoritxarreko egun baten, gizon bat il eben errian; eta errua abadeari bota eutsoen, altara ostean beronen fusilla, oraindiño bero, ta kea eriola aurkitu ebela-ta.

Etorri zan Obispoa. Erri guztiaren aurrean, danak negarrez egozala, kendu eutsan mezea emoteko eskubidea, eta bota eban parrokiatik kanpora. Gero, buruko ulea zeatz ebagita eta kartzelako katiguen antzera jantzita, Siberia'ra eroan eben, bere bizitza guztia naitanaiezko bearrean igaroteko.

Ogei urtegarrenean, erri atako organisterua gaixotu egin zan, eta eriotzako ordua eldu jakonean, erruduna bera zala autortu eban:

«Illaren alargunagaz ezkondu gura izan neban; eta orretarako, nire egitekoa eginda gero, fusilla altara ostean itxi neban, eta erru guztia abadeari bota neutsan. Kartzelara eroan eben abadea. Bien bitartean, nik ezin neban lorik egin: ain aundia zan nire artegatasuna. Joan nintxakon kartzelara; konfesau neutsan nire pekatua; baiña gero ez neban euki nire dongakeria agintarieri autortuteko adorerik».

Abadeak, ba-ekian nor zan kriminala. Konfesiñoko berba erdi bat esan baleu, beingoan urtengo eban kartzelatik. Alan ta guzti-bere, ixilik egon zan; erbestera joan naiago izan eban, konfesiñoko sekretua agertu baiño.

Organisteruaren argitasunak entzundakoan, abadeari libertadea emoteko agindu eben Siberiara. Berandu zan baiña: apurtxu bat lenago il zan eleizgizon miragarria.


Kurutzegrama N.º 14