ANAITASUNA

BIZKAIA

181 zenb. 1970, • Urtarrilak 30

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 2

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 181 zenb. 1970, Urtarrilak, 30.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.


Ez dok amairu. Agiria

Jaialdien presentazinoetan, esku programetan besteetan, izketaldi eta alkarrikusteetan gehienetan, gure eritxi eta nahiak azaltzen ditugu eta honetara jakin erazoten. Baina, gaur bezala, "oroekiko* eritxia" deritxonari agiri bat egiten, lanean lau urtetan ibili arren, ez gara inoiz agertu; izketan asi baino lehen, lanari lotu behar dala lehenik, pentsatzen dogulako.

Aspaldi honetan, gure taldearen gain gauza batzuek gertatzen ari* dira, eta garrantzikoak iruditzen jakuzalako erabagi dogu agiri hau idaztea; ez gure gustura, ezinbestean eta honetaratu gaituelako baino. Gure jokaera eta pentsaera moldea erriari agertu nahi deutsaguz jakinen gainean egon daiten, eta orduan juzga ahal izan daian.

Gure jokabidearen barri

Gerla* bukatuta ondorengo utsune iluneko gizartean, gehienak gaizki egokituak gertatzen gara, bera goituteko. Erdi mailako burgesia krisisean amiltzen* danean, hemen pasatu dan bezala, gehiago gertatzen jako burgesia txikiari; eta honen betiko zalantzak* aundiagoak dira bihurtzen: klaseen arteko burrukea mistika berezi batez planteatzea, gizartea bera iraun erazo leikeen estrukturen aurka altzatzea (nahikoa baita* ilzorian gertatzea, mundu osoa "progresismoaren" izenean ondatu nahi izateko), eta abar eta abar.

Edozein arlotan, bitxikeria eta zentzubakokeria besterik ez da azaltzen. Esanbeharrik ez da izango noski*, kultureak zerikusirik ba daukala egoera osoarekin. Kulturea, beraz*, ez da gizartetik kanpora odeietan* dabilen zerbait "folklorikoa", gizartearen agerpen bat baino; eta ekonomiko-funtsa* indarrerazoten bada, hain zuzen kultura osoa (gizarte baten nortasuna, alegia*) aurreratu daiten egiten da, eta aitzitik*. Guk gaur, kultureari dagokiozanak ikutuko ditugu; baina funtsa* gizartean datzala* dakigularik.

Gehiago mintza* daiteke noski; baina ez gatoz problema honetan sakontzera, beretik datorkigun zerbait aztertzera baino. Egoera honetan guri zuzenki doakiguzan ezaugarri batzuek ekarten gaitue gaur.

Orain dala denbora pixka bat, eta garai bateko joerak gutxiesten* joiazanean*, euren burua euskalduntzat dauken batzuek, gustatzen ez jakelako, euren menpekoa ez zalako, edo lehen aipatutako izpirituak eraginda, "Ez dok amairu" taldea madarikatu nahi izan eben. Orduan, isiluneko burrukea asi zan taldeari buruz. Baina denboraldiak danentzat latzak baziran, batzuentzat latzagoak, zoritxarrez; eta orduan, ahalik ezak hareen jokaerea isilunetik txarto esakara* aldatzen dau. Ez genduan nahikoa, nonbait, bortxazko isilunearekin; eta beste abotsak altzatu ziran gu "laguntzera"..., ha gehitu baino besterik egiten ez dabela. ("Ezin dogula kantatu, ez ote dakie danak?).

Eta orain, gure taldeko batzuek erderaz asi behar dogula, esaten da; batzuek, kantuetan esaten dogunaren aurka bizi gareala, "faltsoak" gareala, alegia*; diruz jantzita ei gagozala, leunegiak, traidoreak, eta abar eta abar. Baina ez pentsa, zuzmur horreen iturburuak aurkitzeko oso urrunera joan behar danik. Geure etxean dagoz, gero!

Lehendik bere, batzuentzat "burges" utsak ginan; besteentzat, barriz, komunistak; hangoentzat, areriorik aundienak; eta hemengoentzat, bildotsik xamurrenak. Gutxirentzat, zoritxarrez, egiazki gareanak: danak bezalakoak, alegia* maila guztietan uts eta akatsak daukaguzanak, beste edozeinek aina edo gehiago (eta ez goaz horreek ukatzera, noski*). Baina askok, gure ekintzea juzgatzean, gure joerea aztertu baino, antza danez, euren barreneko egoerak eta grinak azaltzen ditue.

Gizarte batek bizitzeko behar dituan amaika gisako* bideak, ez ei dira errime finkatu behar; batzuei eritxirako, atzerakoiak, salduak, aluak eta beste ei dira lan horreei lotzen diranak. Honegaz, erri batei ezaugarri eta oinarriak ez dirala gorde behar esan gura bada, jakin daigun behin eta betirako, holakoak gura leukeen geroko gizarteak, ez dauala ahalmenik izango ezta gizartea bere izateko; eta hori, metafisika eta ametsik* gozoenean bizi diranen nahi kontradiktorioa baino ez dala. Gainera, honek beste ondorioak bere ba dakarskuz, gure artean zoritxarrez oso zabalduak dagozanak: demokratiko jokaerarik eza, lagunari errespetorik ez, talde batean lanari lotzeko ahalik ez, eta abar. Eta holan, baten eritxiak albokoak ez baditu betetzen, betirako madarikatua izaten dala gertatzen ari da. Azalezko gauzetan, radikalizazinoa; baina, pixka bat sakondu ezkero, krisis, ahulezia* eta gutxiagotasun konplejoa besterik ez.

Guzti hau aztertuta gero, puntu batzuei buruz zenbait* aipamen gura geunkez egin.

1. Lau urte honeetan, erriz erri ibiliak gara Euskalerrian zehar. Frontoi, enparantza*, teatro, probaleku, saloi eta beste izan dira gure agerlekuak. Asieran jendeak gutxi ezagutzen ginduzan, normala dan bezala. Orain, ostera, bestera gertatzen da. Asi ginanean, euskal kantaririk bakan agertzen zan; funtsa* ez egoan errime oraindino; orain, barriz, sendoago doa eta maila batean dago. Lehen ezezaguna zalako, ezagutzera emon behar zan; eta orain bere jarraitu behar dau ezaguna izaten noski*, baina bide sakon, obe eta iraunkorragotik. Lehen edozein leku ona bazan jaialdi bat emoteko, orain askok horrela izan behar badabe bere, beste askotan gauzak ahalik eta obetoen egin eta emon behar diralakoan gagoz. Asieran, guk eskatutako dirua gutxi bazan, gero gauzak obeagotu izan behar ditugunaren arabera*, ahal dan beste eskatzen joan gara (kontuan euki "ahal" esaten dogula). Baina sekula ez dogu ezta leku bat bere diruaren arazoagaitik utzi. Betor horrelakorik esan leiskiguna.

2. Pentsatzen dogu, gure erriak, inoiz baino gehiago, luzera doazan kultura moldeak behar dituala; eta ez, txakurraren gauerdiko estulak bezala, egunsentian suntsitzen* diranak. Baina kultura moldeak iraunkor eta sendoak izan daitezan, lana egin behar dalakoan gagoz, eta asko gainera! Gure antze*-izkuntza guztiak ikastea: soinu, itz, poesia, ritmo eta musika tresnak dituen tankera bereziak, honeek bitartekotzat erabiltzeko; iduritzen baitxaku*, gure erriak sortu dituan gauzak, erritar bateri egokienak izango jakozala, eta bardin, erritar honek horreen bitartez egindakoa sakonkiago erriaren baitan* sartuko dala. Gainera, beste eskualdeetan* egiten dituen gauzen barri izatea: diskoak, liburuak, aldizkariak, eta abar; bestalde, sozial gertaerak sakonki aztertzea, eta horretarako behar dan denborea, liburuak, eta abar eta abar. Ikusten danez, lanik asko ba da egitekoa; eta, beraz*, lana dan ezkero, ordaindua behar litzakelakoan gagoz.

Guk, gaur egun, lan honen 100-eko 10-a baino askoz bere gutxiago egiten dogu; eta ez, nahi ez dogulako, posibilidaderik, denborarik, dirurik eta abar ez ditugulako baino; ots*, gu edo beste batzuek egoera egokian behar ginake egon, gauza horreek danok egin ahal izateko. Ez bagagoz, beti bezala, "amateurregiak" garealako da.

Txantxetako, eta ez hain txantxetako gauzetan (jostaketak, pelotea, zinea, futbola, dantzatokiak, edariak eta mila gauza gehiago), hainbeste diru gastatzen dan errian, guzurra dirudi euskal kantarien aurka jardutea, jaialdi bategaitik behar leukeen erdiaren erdia eskatzen (?) dabelako, edo sarrerea zortzi edo amar ogerleko kobratzen dalako. Gureak gutxiago balio ote dau ala? Danak merezi eta behar dabe euren lanetik bizitzea; baten lanarekin, norberaren nortasuna aberastuten baita*, eta gizartearena bere bai, eta aitzitik*.

Antze* egitea lan bat da, giza-eginkizun bat, erriak behar dauan zerbait; ez beharrezkoena, baina, gizakumeak lehenbeharrak betetzen dituan ondorenean, beharrenetarikoa. Eta antzea* sortuko bada inon —antze landua, sakona—, haren egiteak bizi bat osoki behar dau. Hau da, artisteak profesionala behar dau izan; ez profesionala dirua irabazten, lan egiten baino, eta hau besteei erakutsi eta irakasten. "Amateurtasuna", sentimentu onuragarria da eta beharrezkoa; baina honen bidea ez da luzea izaten, eta ez da inoiz gai batean benetan sakontzen.

Kalte bi ditu honek: ezer barririk ez sortzea, eta gizonak ezer sortzen ez dauanean, aspertu egiten da, edo makina bat bihurtzen; eta edozein arazo xinpleagaitik —ezkontzea, adina* eta abar— bere kultura ekintzea baztertu egiten dau. Bestetik, jakite sailean dabilen jendeak, lan horreek gutxitan artzen ditu bere bizitzarako lehenengotzat, garrantzitsuen gisan*. Beste eguneroko eginkizunak ixten deutseen tarteak erabiltzen ditue kultura ekintzetarako; eta holan, jaunak, ezin daiteke axalkeriatik atera.

(Bigarren zatia, urrengo zenbakian)


Erriz erri

Amabi Arrietatik

Zortzi ilabete t'erdi Garellanoko espetxean egon ondoren, abenduaren 20-an libre itxi dabe, askatasun kondizionalagaz, Matiena-Abadinoko Angel Gaztelurrutia mutil gaztea. Itsasoan egoan soldadutzea egiten; eta barriz bere, haraxe joan behar izan dau.

Abenduaren 21-ean, igande* goizeko 11.30-tan lehenengoz ikusi genduan Durangon Oñatibiaren "Euskal Show" dalakoa. "Lartaun" Oiartzungo kantore ta txistulari taldeak eta "Alkartasuna" Pasaiko dantzari taldeak, gure baserri ta kostaldeko bizimodua ta ohiturak agertu euskuezan, abesti ta dantzen bidez.

Jendeak txarto erantzun eban; eta laurehun bat ikusle baino ez ziran egon. Jaialdi honen aurretik, euskerazko meza bat abestu zan Andra Mari elizan.

Egun berean, Elorrioko zinetokian, beste abeslari jaialdi bat egon zan.

Urtero legez, aurten bere, Gabon arratsaldean, Durangoko kaleetatik Jaiotzea ibili zan, bertoko behartsuentzat dirua batzen. Baita eskualdeko* beste auzune ta errietan bere, gazteak Gabon kantak abestu euskuezan, kalerik kale ta baserririk baserri, antzinako ohitureari jarraituaz.

Durangon, Gabon Abestien II gn. Txapelketea euki genduan abenduaren 28-an, "Txoritxu Alai" taldekoak umeentzat antolatua. Eskualdeko umeak izan ziran gehienak, baina eskualdetik kanporakoak bere egon ziran.

Durangoko talde bi izan genduzan txapeldun: nagusi-txoen artean "Tronperri" taldea, eta gaztetxoen artean "Txoritxu Alai" taldea.

Zorionak talde biei eta euren gertatzaileei.

Egun berean, arratsaldean, "Txoritxu Alai" taldekoak euren dantza saioa eskaini eben Bilboko Umeen Gabonetako Parkean.

Gabonaldian, Durango ta Igorretako* gazteak, itxurea danez, telebisinoko «viva deportivamente»-ri erantzunaz, futbol partidu batzuek egin ditue euren artean. Baloi otsa baino sarriago, azur otsa entzun zan. Makinatxo bat barre egin eben euren ikusleak. Eta urrengo egunetan, errenez* beterik ikusi genduzan bazterrak.

JOAN ANTONIO AROMA

Arratia

Arratia, beste eskualde* asko legez, konturatuten asi da euskerearen balioagaz.

Aurten, Bilbo ta bere inguruko irurogei gazte euki doguz gure etxeetan, gure izkuntzea ikasten.

ANAITASUNA-ren arpidedunak, asko bai asko gehitu dira. Alfabetatze kursoak bere, erri batzuetan egin dira; eta beste batzuetan, egitekotan dabiltza.

Baina, halan ta guztiz bere, euskaldun gazte askok, neskak batez bere, euren artean erderaz egiten jarraitzen dabe. Egia esan, gure artean indar ikaragarrizkoa dauka harako esakera harek: "Euskerea diru gehiago irabazteko ez bada, zetarako?" Eta oraindino, zoritxarrez, arratiar askok honantxe pentsatzen dabe, 1970-ko urte barri honetan.

ZAMAKOLATARRA

Gaztetxoen jaia, Zeanurin

Urte barri honetako lehenengo igandean*, jai polit bat euki genduan Zeanuriko errian, bertoko talde bateko neskato-mutikoak eratuta. Talde honen izena, "Danok Bat" da. Guztira, 24 neskato-mutiko dira, 12-tik 16 urterainokoak. Gabonetako oporretan, behar asko egin behar izan dabe, jai hau egiteko.

Jaia, zati bitan erdibituta egon zan. Lehenengoan, neska-mutil bik, tarteka, Urte Barri zoriontsu bat opatu euskuen bertsotan, eta loa alde batera ixteko eskatu. Benetan be, etorkizun aundiko bertsolariak dira gazte honeek. Abesti modernuak ikasirik, zaharrak ahaztu bage. Jarraian, nahiz eta aspaldi honetan Zeanurin txistularirik ez egon, txistulari gazte asko agertu ziran, soinu politak joaz. Azkenez, gabon otzara eder baten sariketea egin zan. 1743 zenbakiak urten eban, eta saria Bilboko gizon bateri tokatu jakon.

Jaiaren bigarren zatian, "Aingira Kumeak" antzerkia egin eben neskato-mutikoak. Beharra polito egin eben, eta txalo asko jaso be bai. Gero, ohi dan legez, "Agur Jaunak" kantatuaz amaitu zan jaia.

Jaialdi hau, erriko Eskola Profesionalean egin zan. Eskola honetan, hainbeste urtetan emon zituan bere irakastaldiak Martin Orbe abadeak, orain Zamorako espetxean dagoanak. Jende asko egon zan, Arrati alde guztitik etorrita. Eta presentatzaileagandik entzundako berba honeek ez daitezala inoiz ahaztu nahi geunke: "Zeanuritar guztiok, zahar eta gazte, alkartu gaitezan, ikusiezinak alde batera itxita, erri zentzuzkoa ta polita egiteko. Horrexetarako eskaintzen* gara "Danok Bat"-ekoak.

AIZARNATARRA

Markina

Ez dira urte asko, Markinan usadio zahar atsegingarri bat galdu zala: Gabon gauean kalerik kale abestuten ziran "Marijesak". Gabon kanta horreek, Markinako kaleetan joan-etorri pozgarrian, euskal kutsu* ta jatortasuna eroaten eben euskaldun familietara.

Abeslari talde polit bat, oraintxe sortzen ari* da; eta lehengo usadioko "Marijesak" barriro be entzuteko ustean gagoz datorren urterako.

Aurten be, urtero legez, kalejiran urten dabe gazteak, neska-mutilak. Burditxo baten, Jaiotza bat antzeztu dabe, euren taldeko lagun bik San Jose ta Ama Birjinearena egiten ebela. Holan, Gabon kanta politakaz, alaitu egin ditue Gabonak. Jazoera batek ilundu dau euren ibilera jator hori. "Ondo eginaren pagua, ate ostean palua", esaten eben gure zaharrak. Hauxe jazo zan hemen. Ibilaldia amaitzean, neska-mutilak katean eta kantari etozan. Guardazibilen aurretik igarotzean, mutil bat eta neska bat artu euren kontura, eta mutilari kristorenak emon ei eutsoezan.

Sariketak

"Markina aldeko baserriak" gaitzat artuta, lehiaketa* bat antolatu zan hemen. Lehiaketako oinarrietan, lana euskeraz nahiz erderaz egiteko aukerea emon zan. Gai polita ta interesgarria izan arren, gutxi izan ziran lehiakideak, eta ia danak erderaz egin eben. Bost lan, lau erderazkoak eta bat euskerazkoa. Euskeraz agertu zan lanak eta bere egileak, ANAITASUNA-ko orrietan agertzea merezi dabela uste dot. Akats txiki batzuek gora-behera, oso ondo ta txukun egindako lana. Ea urrengo baten agertzen dan ANAITASUNA-n.

Beste lehiaketa bat, Markinako "Gazte Alaiak" Auñamendi argitaldariarekin batean antolatua.

Lehiaketa honetan 50 itaun egiten dira. Markina ta inguruko errien kondairea* ta beste jakingarri asko sartzen dira itaunen artean.

Sariak, euskal liburuak-eta dira. Liburu gehienak, "Auñamendi" bildumakoak*.

Sariketa honetan be, erantzunak euskeraz nahiz erderaz emon leitekez; baina euskeraz erantzuten dauanarentzat sari berezi bat dago eskainita*.

Gure errietako kondairea ta usadioak ezagutzeko, bide onera jo dabe Markinako "Gazte Alaiak".

IRUKOTE

Arbazegi-Gerrikaiz

Gaurko honetan ez dot luze eskribiduko, nahiz eta emongo dodan barri honek hori merezi. Arbazegi-Gerrikaizen aikate barria daukagu. Lehen, Iñaki Artiatx jauna genduan alkate, orain Ameriketan doguna. Eta Iñakiren ordez, Jose Alzaa "Naparra" jarri deuskue alkatetzan. Iñakiri, espero eban lako bizimodua opa deutsagu Mexicon; eta Naparrari, behar dan moduzko alkatetzaldia errian.

ERRAMON GERRIKAGOTIA

Handik eta hemendik

San Adrian, Nafarroako erririk prestuena da kontserbagintzan. 1920-an, 1.600 bizilagun zituan; eta gaur egun, 4.500 baino gehiago. Iberiako Peninsula guztian egiten diran esparragu edo frantses porru guztietatik 100-eko 50, San Adrianen egiten dira. Urtean 500 miloen balioa jokatzen da hemen; ta bertan lanean dabiltzanak, 2.000 dira.

Santos Begiristain, abade nafarra, Ministerio de Información y Turismo-ko erlejino kontseilari izentatu dabe. Abade hau euskotarra dala entzuten da.

Irunen, urte barrietan asita, euskerazko meza bat egongo da, larunbat* eta jai bezperetan, iluntziko 8.30-etan.

Donostian, itzaldi interesgarri batzuek egon dira urtarril honetan, Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-ekoak modu honetara antolatuta: «La reforma tridentina en San Sebastián», Ignacio Tellecheak, «Xenpelar eta bere nortasuna», Antonio Valverdek, euskeraz, «Responsabilidad de la destrucción de San Sebastián en 1813», Juan Bautista Olaecheak, «Bases históricas para una posible renovación urbana de la Parte Vieja», Juan Manuel Enciok, eta «Los cien mil hijos de San Luis, el castillo de la Mota y el versolari navarro Bordel», Antonio Arruek. Aire zaharreko gaiak; baina interesgarriak ez diranik ezin esan geinke.

Baztango Oronoz-Mugairen alkartu ziran «Mendiko Mutilen Bilera» izeneko bazkideak, jaialdi bat eginaz. Ehun bat neska-mutil ziran, guztiak «emigranteak», Landes eta Alpes-etako mendi ta zelaietan lanean ari diranak. Uztapide ta Lasarte egon ziran bertsotan. «Unai» bikotea, kantari. Tabera kardinala, mahaiburu. Roman Apezetxea, Almandozko erretoreak, itzaldi bat egin eban, Baztan aldean industriak jaso behar dirala esanaz, gazteak berton lan egoki bat izan daien, emigratu beharrean. Gauza tristea, izan bere, nafarrak erbestera joan beharra izatea.

Elgoibar aldetik Marixabelek dinoskunez, Markox Amundarainek «Emakumeak liturgian» izenburuarekin idatzitako lana asko aipatua izan da euren artean.

Villafrankan, joan dan abenduaren barruan, berbaldi jakingarri batzuek emon dira, euskal elerti*, historia eta ekonomiari buruz, Pako Garmendia, Jabier Meabe eta Federiko Zabala izlari zirala. Euskeraz egin zituen euren itzaldiak. Era berean, euskal disko ta liburuak salgai egon ziran.

Azpeitiko Eskola Profesionalean alfabetatze kanpainea asi da, asteko astelehen eta astearte* guztietan, iluntziko 8.30-etan.

«Agerre» I arrijasotzailearen egitadak, laburriko esanda: 150 kiloko arria, ordu erdian, 78 bider jaso eban lepora. Eibarko Ipurua zeleian, 138 kiloko arri kubikoa, 11 bider minutu batean. Hernanin, 175 kiloko kubikoa, lau bider minutu batean. Aizarnazabalen, Esmoldeko arri famatua, 195 kilokoa, bi bider. (Arri hau, Urtainek be ez dau jaso). Azpeitian, 188 kiloko kubikoa jaso eban, mundu guztia ikaraz itxirik. Azpeitian bertan, 200 kiloko rektangularra. 8 bider 7 minutuan. «Agerrek» ez eban inoiz kontrariorik euki.

Iruñean alkartu dira, urtarrilaren 10 eta 11-n, JOC-eko ekintzaileak, lau euskal errialdeetatik etorriak. Gogotik aipatu ditue, Euskalerriari ondotik ikututen deutsoen arazoak. Azken urte honeetan, JOC edo Jeventud Obrera Católica dalako honek, lehen baino egokiago darabil esku artean euskal errealidade osoa.

Aguirretxe fraile frantziskotarrak zuzendurik eta Kontzilioaren irakatsiak gaitzat arturik, berbaldi batzuek emon izan dira Bilbon abadeentzat, euskeraz, joan dan urtarrilean.

Laburdiko Hazparnen huelga bat izan da, behargin bat lantegitik etxera bota dabelako, ondo portatzen ez zala ta. Langileak, alkar arturik eta laguna defendidu nahiez, huelgan jarri dira.

Hazparne oso famatua da zapatagintzan; eta Ipar aldeko Euskalerrian dagoan erririk indartsuenetarikoa da.

Urtain ukabilkariari, «Vida Nueva» aldizkariak dinoanez, fedea ea zer dan preguntatu deutsoe. «Inori minik ez egitea» erantzun ei dau. Sinestu ezina.

Tolosan, igaro dan Donestebe egunean, abenduak 26, antzeztua izan zan, Iparragirre saloian, Ignacio Begiristainek egin eta 1969-ko Agora saria irabaziriko «Bizia, bizi truk» antzerkia. Antolatzaile ta antzelari, «Oargi» taldekoak izan ziran.

Azpeitian, «Soreasu» saloian eta «Antxieta» taldekoak eraturik, euskal kantarien saio bat egon da, igaro dan abenduaren 28-an. Parte artu ebenak: «Zubiz», ormaiztegitarrak; «Itxaropen» legazpiarrak; Jose Maria Larrañaga, mondragoetarra; «Ameslariak», bergaratarrak; Jabier Madina ta «Unai», azpeitiarrak. Iñaki Linazasorok jardun eban presentadore bezala.

Euskaltzaindiaren etxea barriztatzen asi dira. Sortu zan ezkeroztik, hantxe dago Euskaltzaindia, Bilboko Ribera kaleko etxe zahar baten. Oso itsusia da, Euskal Akademia holako etxe zahar baten egon beharra, batez bere Bilbo moduko uri aberats baten. Orain, barriztatzen asi dira; eta, berba bitan esanda, dirua behar da. Ez ote dau Euskalerri aberatsak diru hori emongo? Lotsagarria litzake.

Zuzenbide honetara bidaldu zeinke dirua: Academia Vasca. Ribera, 6, Bilbao. Modua: eskuz, txekez, bankuz (Caja de Ahorros Vizcaína, Caja de Ahorros Municipal, Caja Rural, Caja Laboral, Banco de Vizcaya, Banco de Bilbao, Banco Guipuzcoano, Crédito Navarro), nahiz jiroz.

Eta gure laguntasunagaz etxea barriztatutakoan, bertako «giroa» bere barriztatzeko eskatuko dogu.

 Jose de Arteche, eskritore entzutetsuak, «El paisaje de Guipúzcoa, visto por los pintores» gaitzat arturik, itzaldi bat emon eban Zaragozan, urtarrilaren 26-an. Berbaldi hau, Zaragozako Diputazinoak eratu eban. Gipuzkoako Diputazinoko Lehendakaria bertan egon zan, ta baita Diputazino bereko txistulariak eta Coro Easo-ko abeslariak bere.

Bilbo

Alfabetatze Kampainea, Santiagon

Santiagoko parrokian egiten diarduen Alfabetatze Kanpainea, lau taldetan banatuta dago: bat, euskeraz ez dakien gaztetxoen taldea. Beste bi, euskeraz ez dakien nagusiena. Eta beste bat, euskeraz dakienen taldea (7 lagunekoa). Zoritxarrez, asieran baino jende askoz gutxiago dabil.

Abadeak abadetzea lagatzen

325 abadek itxi deutsoe euren abadetzeari, joan dan urtean, Espainia osoan. Eta abadetzeari ixteko behar dan dokumentazinoa egiten diarduenak, 100-eko 1,76 dira.

Euskerazaleak

Alkartearen batzar nagusirako deia egin dabe Otsailaren 1-erako, eguardiko 12 etan, Bilbo-ko Santiago Apostolean. Batzar honetara bazkideak bakarrik joan daitekez. Zuzendariak barriztatuko diranez, Batzordeak gizon honeek proposatzen ditu; Jesus Oleaga, Lehendakari. Jose Antonio Montiano, Lehendakariordezko. Iñaki Egurrola, Idazlari. Jesus Maria Makua, Diruzaina. Eta beste 17 burukide honeek:

Juan Ramón Urquijo

Adrián Celaya

Julia Berrojalbiz

Miguel Angel Astiz

Xabier Peña

Leopoldo Zugaza

Carmelo Echenagusia

Elisabet Elguezabal

Eusebio Alcorta

Octavo Izaola

Miguel Unzueta

Miguel Arandia

José Luis Goti

Jon Malaxechebarría

Lurdes Municha

Felipe Goyenaga

Julián Herrero

Zornotza

Erriko preminak

Zornotzan, lehen mailako irakaskintzeak, Estaduaren eskuetan dagoanak hain zuzen bere, memento* garratzak sufritzen ditu. Berrehun ume izango dira, eskolara joan ezin leitekezanak; eta ikasten dabiltzan 490-ak, ez dabe giro onik euren ikastaldietarako.

Egin daigun azterketa labur bat. Estaduaren ikastetxea, Primo de Riveraren denboran egin zan. Lehengo sei ikasgela ederrak, orain amabi ikasgela bihurtu dira: neska-mutilentzat iruna. Lehengo zerbitzuak (komunak, eskolako zelaia, eta abar) txikiegiak geratu dira dabiltzan ikasleentzat. Etxeari berari be, zahartzaroko akatsak sortu jakoz: itoginak, komunen gainezkaldiak ta, garrantzitsuena, lekurik eza. Maisu bakoitzari, berrogei ikasle baino gehiago tokatzen jakoz.

Ikastetxea bete beterik egoan ezkero, beste ikasgela bi irigi ziran, Alondigea egon zan tokian. Ikasgela biok, asieran sei urtetatik beherakoentzat izan ziran; baina laster, probisionalki, sei urtetarik gorakoentzat be izan ziran, nahiz eta probisionaltasun betikotasun bihurtzeko bidea eroan.

Adabu* honeek erantsitearren, problemea gordindu egin zan; eta Monjenean beste ikasgela bi artu behar izan zituan Aiuntamentuak errentan. Zoritxarrez, arrakalaz beterik dagoan gauzeari, ezin leitekioz adabu gehiago ezarri. Horregaitik, Aiuntamentuko Irakaskintza Komisinoak, Diputazino ta Estaduaren laguntasuna lortuta gero, Larra aldean lurrak erosi ditu, bertan 40 ikasgelako ikastetxe bat eta bigarren mailako istituto bat egiteko asmoz.

Etorkizunari begira, soluzinoa dirudi. Baina, edifizio horreek altzatzen diran bitartean, nora joango ote dira gure umeak? Datu honeek, eskoletako Zuzendariak emon deuskuz; bere ustez, etxe prefabrikatu batzuekin leundu leiteke auzia. Halan izan dadila.

ESPINOSA


Mundu biribila

Mundu mindua

Urte zaharra pasatu barria dan memento* honetan, komenigarri da, geldiune bat egin eta atzean gelditu dan politika bizitzeari begirada bat egitea.

Mundua, gizarte bizitza aldetik artega ta arriskuz beterik dago; politika aldetik, ostera, minduta, gaixorik. Gaurkoz itxi daiguzan alde batera nazino bakoitzaren barruan diran gora-beherak. Itxi daiguzan indar aundiko nazinoen arteko influentzia barrukak, eta euren interes alkartu ezinak. Itxi daiguzan, era berean, oraindino zutik irauten daben gobernu gaiztoak, euren jokabidean zuzentasunaren kontra diarduenak.

Beti bezala, gerrea da munduko gertaerarik madarikatuena, bai politika, bai gizarte eta bai ekonomiaren aldetik.

1939-garrenean fazista sistemak sorturiko gerrea amaitu zanean askok uste eben, barriro ez zala gerrarik inon sortuko. Ta egia esan, ez dogu izan "gerra aundirik" edo gerra mundialik, 1945 gn. urtetik gora. Gehiago, memento* honetan, munduan diran potentziarik aundienak, Helsinkin alkarturik, gerra nuklearrak zelanbait baztertzeko bideak atontzen diardue.

Baina "gerra txikiak" ez dira aldendu, eta bai ugaritu ta gogorragotu. Gerra honeexek izan dira, joan dan urtean mundua mindu dabenak. Kolonialismoaren ondorenak dira, neokolonialismoarenak hain zuzen bere. Gerra honeek, erri indartsuak egiten ditue euren lehenagoko kolonien kontra. Edo nazino barriak alkarren aurka, euren frontera faltsoak, euren erritar banatuak, euren aberastasun txarto erabiliak dirala kausa.

Asian, Vietnamgo gerrea aurrera doa, memento honetan gogorkeria aundiago bategaz, alderdi bateko burrukalariak egindako ilketa ikaragarriak jakin egin dira ta. Laos-en eta Cambodia-n bere sartu da: kmer izeneko kultura aundia zabaltzen dan lurralde osoan. Kultura honexek alkartuko zituan inguru hatako errialde guztiak, frantsesen denboran muga guzurrezko batzuek jarri ez baziran.

Urbileko Sortaldean, arabiarrak eta israeldarrak geroago ta gogorrago dabiltza.

Afrikan, Nigerian, gerrarik izugarriena ikusi dogu oraintsu arte. Congo biak, "noiz etengo" bizi dira: Kinshasa-koa (ex-belgikarra) eta Brazzaville-koa (ex-frantziarra). Tchad-en, benetako gerra zibila dago, Frantzia bera be tarteko dala; egoera madarikatu hau, oraintsurengo salatu dabe Frantziako egunkariak.

Ego Amerikan, "Futbolaren gerrea" deritxona be ikusi dogu, Honduras eta El Salvadoren artean. Gerra honetan, barren-barreneko arrazoiak, ekonomikuak izan dira; eta Ipar Amerikako konpainia aundien geriza baltza ez da urrun izan.

Bazter guztietan, gizonaren bizitzea haintzat artu barik, biolentziaren atzaparretan. Zibilizatuak deituriko nazinoak, patxadan isilik, tarteko ez diranetan. Mundua mindurik dago, gaixorik. Baina makaltasun hori ez da betirakoa. Krisi batzuek dira; ta krisi horreetatik urtendakoan, egoera jatorrago batera joango gara: aberastasunak gehituaz eta gizonen bizitzea anaikorrago eginaz. Ta horretarako egiten diran ahaleginak, geroago ta ugariago diran ezkero, esperantza gehiago emoten dabe.

IBAR


Mundu biribila

Yugoslaviako nazino-izkuntzak

Kroazian "deklarazinoa" zer dan galdetu ezkero, munduan deklarazino bat baino ez balego lez erantzungo deutsue. Izan be, Kroazian izen hori daroan agiri inportante bat dago, intelektualak kroaziar izkuntzearen alde 1967-ko martxoan egindakoa, alegia*. Deklarazino honegaz asten dira, Yugoslavian, gerra osteko nazino-burrukak.

Serbiak eta Kroaziak ditue Yugoslaviako kultura nazionalik andienak, nazinorik andienak be biok diran lez. Bion izkuntzak eslabikuak dira eta horregaitik antz andikoak, eslabiku guztiak lez. Kroaziarrak, halan be, serbiarrak baino literatura zaharragoa ta ugariagoa dauke. Mendebaleko* latin-influentzia garbi garbi agiri jako literatura honeri. Gutenberg il eta 30 urtera, ba eukan Kroaziak bere lehenengo inprentea.

Yugoslaviako Demokrazia Erritarrak, hainbeste nazinotasunez egindakoa izanik, ez dauka Erresuma edo Estadu guztiarentzat balio dauan batasun-izkuntza natural bat, lau baino: serbiera, kroaziera, eslobakera ta mazedonioa. Izkuntza nagusi bat euki gurarik, Yugoslaviak "serbo-kroaziera" autatu* eban; baina, bide batez, izkuntza guztien beregaintasun edo soberania aitortzen* ebalarik. Serbo-kroaziera ez da, teorian behintzat, ez serbiera ta ez kroaziera. Baina praktikan serbiera utsa da, intelektualen deklarazinoan irakurten danez. Zera irakurten da deklarazinoan: Alderdi Komunistearen aldizkari ta egunkarietan*, albiste-agentzia Tanjug-en, irratian, administrazino guztian, trenetan, politikazko ta ekonomiazko literaturan, diplomazian ta politikazko erakundeetan* eta abar, serbiera utsa egiten da!

Armadan*, esaterako, serbiera egiten da Yugoslavia guztian, eta gazte danak joan behar dabe armadara. Bosniako eskoletan, umeak kroazieraz egindako idazlanak ez-egindakotzat ixten ziran.

Holan ba, kroaziar intelektualak egindako protestea, beste nazino guztietakoak be bardin egin eikeen. Ta horregaitixek izan ziran hain gogorrak deklarazino honek sortutako zaratak. "Telegram" kultura-aldizkarian agertu zan deklarazinoa; egun bi geroago, "Vjesnik" astekari komunisteak lau aizeetarako zabalkundea emon eutson. Aserratu egin ziran serbiarrak aserratu; baina, ordurako, Kroaziako Alderdi Komunistea be su artuta egoan. Alfer alferrik izan da, deklarazinoa izenpetu eben-intelektual eta irakasleak Alderditik kanpora jaurtigitea.

Ez dau merezi Yugoslaviako izkuntza arazoak luzeago jarduterik. Zaraton barri, sarritan ikusi geinke egunkarietan*; eta etorkizunean be ikusiko dogula esan leiteke. Baina aurreko artikuluak ahaztu barik, esan egin behar da, Yugoslaviako Demokrazia Erritarrak egitura edo estrukturazko gatx gogorrak daukazala. Eta Estaduaren egitura ustel horrexeri zor jakola hainbat ekonomiazko, politikazko ta kulturazko ezbardintasun eta injustizia.

Holantxe ulertu dabe kroaziarrak: izkuntzearen aldeko burrukea, egitura okerren aurkako burrukea dala.

JOSE AZURMENDI


Mundu biribila

Biafraren ondamena

Benetan barri penagarria, Biafraren ondamendi tristea. Hainbeste neke, hainbeste min eta eriotze, alferrik izan dira Biafratar gizaixoentxat.

Soegile* batzuek dinoenez, gerra ikaragarri honek eriotze gehiago egin ditu urte bitan, zortzi urteko Vietnameko guduak baino.

Gosez eta midiku laguntzarik ezaz, aurrak* milaka il dira Biafra zoritxarrezkoan.

Ibotarrak, argiak eta bulartsuak izan arren, ezin ahaurpegi emon izan deutsoe Nigeriako armadeari*, Afrikako indartsuenetariko bat berau baita*. Biafrakoak, kanpokoen laguntzarik bage, ondatu egin behar ziran, ezinbestez, burruka desbardin honetan. Orain ez dabe eskapatzerik. Euren etsaien* eskuetan gelditu dira; eta honeek ilketa gorri bat egingo ote daben bildurrez dago mundu guztia.

Arrazoia nok? Oso barri gutxi jakin dogu, gudu honen zegaitiari buruz. Ibotarrak euren burua maneatzeko eskua lortu nahi eben, Nigeria Estaduaren aurka. Baina honek, hareen kontra, gogor egin eban. Nigeriakoak, 1967 gn. urtean, ilketa aundi bat egin eben, Assaba uriko gizonezko guztiak il zituenean.

Biafrako gobernuak (1968-ko otsailean) laguntza eske jo eban ONU-gana, ezer bere ez jaritxi barik. Harrezkero Biafratarrak bakar bakarrik gelditu ziran, Tanzania Gabon, Marfileko Kosta eta Zambia apartatuta, beste Estadu batek bere onartu ez ebalako. Mendebaleko* Estaduak ikusi eta itsu egin eben, euren interesak bakarrik begiratuaz. Beti bezala, iskilo fabrikanteak euren mauka egin eben, alderdi biei armak salduaz.

Orain, dana dago bukaturik. Garai ilun honetan, "Le Monde" egunkarian* agertutako editorial batek izenburu samin hauxe ekarten eban: "Une grande solitude" (bakartasun aundi bat). Egia da. Gertaera honen ikusgarriena, Biafraren bakartasuna da. Baita nazinoen burukoikeria bere.

Zelan itxi dabe alferrikako triskantza hori egiten? Ba dago horretarako nazino arteko dotrina bat, "ez sartzeko" izena dauana: "Estadu bat beste Estadu baten barru-arazoetan ez da sartu behar".

Dotrina honen izenean, zenbat eta zenbat gogorkeria egiten itxi dan, azken urte honeetan! Nire ustez, gauza bat ikasi geinke gertakari honetan: horrelako burrukak lehen bai lehen amaitu eragiteko indarra nahikoa daukan nazino arteko armada* bat laster beharrezkoa dala.

Bestela, "ez sartzeko" dotrinea astakeria aundia da, besterik ez.

KARLOS SANTAMARIA


Eliza Gaurko Munduan

Dibortzioa, bai ala ez

Antza danez, Italiako gobernuak laster lege bat aterako dau dibortzioari buruz, ta ba dirudi onartuko dauala berau.

Italia osoan, batez bere katolikuen artean, sekulako iskanbilak* asi dira, hau dala ta. Gure artean bere hango arazoen oihartzuna* bezala, zenbait* zurrumurru eldu dira.

Erromako Aita Santuak, eta berarekin batera Eliza osoak, beti kondenatu dau dibortzioa, ezkontza austea. Ezkonduak ezin daikee ezkontzearen buztarria apurtu, bietariko bat il arte, sakramentu bat dalako. Hau Kristok berak dino, ta aldaezina da. Alferrik da honen aurka joatea, katolikutasunak ez baitau* hau inoiz onartuko.

Baina hau, katolikuen problema da, ta ez besteena. Zeren izenean lotu behar da gizarte oso bat katolikuen esanetara? Zegaitik obligatu behar dira betiko, sinesterik ez dauken pertsonak? Non dago hemen, hainbestetan aipatutako "erlejino askatasun" dalako hori? Non bardintasuna?

Oraingo pausu hau baino lehenago, Italiako gobernuak beste batzuek egin zituan adulterioaren auzitan. Honetan, orain Espainian bezala, izugarrizko ezbardintasuna egoan gizonaren eta emakumearen artean. Hau da: andra batek ezin eroan eikean bere senarra tribunaletara, beste andra batekin ebilelako; baina gizonak bai, bere andrea beste gizon batekin oheratzen bazan. Ezbardintasun hau behin betiko amaitu erazo eban Italiako legeak, adulterioa legez zigortu behar ez dan pekatua zala erabagi ebanean. Kontzientziak berak euki behar dau horretan bere erantzunkizuna, ez gizarteak ez legeak.

Antza, urrengo pausua dibortzio legea izango da. Honetan bere, askatasuna behar da. Jakina, katolikuentzat dibortzioa "pekatua" izango da beti; baina ez dago zegaitik juzgatu behar mundu guztia, norbere moral balioetatik.

Dibortzioa pekatutzat daukenak, katolikuak eta abar, ez daitezala dibortzia; baina ez kendu eskubide hori, sinesmen hori ez daukenei.

Dibortzioa ez da lege baten ondorioa. Familiaren eta ezkontzearen apurtzea ez da sortzen dibortziotik; dibortzioa, familiaren eta ezkontzearen apurtzeak berak sortarazoten dau.

Leku guztietan ikusten dira ezkondu zoriontsuak, inoiz euren ezkonkideengandik iges egingo ez dabenak nahiz ta dibortzio legeak egon horretarako euren Estaduetan.

Alkar biotzez maite dabenak ez dira dibortziatzen.

Bestetik, alkarreri gorroto deutsoenak*, nahiz legez ezin dibortzia, aparte biziko dira ta sarri beste pertsona baten arrimuan.

Ezkontza sail honetan benetako diktadurea dauka Elizeak Estadu batzuetan, Espainian eta Italian esate baterako. Ba dira pertsona batzuek —bakoitzak bere sinesmenak ditu ta— Elizatik barik, zibiletik ezkondu nahi leukeenak; baina honetan ba dakigu zenbat oztopo ta eragozpen dagozan Elizearen eta Estaduaren aldetik. Benetan lotsagarria, hau pasatzea XX gn. mende* honetan zibilizaturik ei dan erri batean.

Baina puntu hau luzea da; ta obe da, urrengo artikulu baterako itxitea.

XABIER KINTANA


Eliza Gaurko Munduan

Ta Elizearen Kolejioak, zer?

Han, hor, hemen, geroago ta argiago agertzen da, Elizearen kolejioak ez dagozala gure Erriari dagokionez eratuta, Elizearen dotrinea ez dabelako haintzat artzen, ume ta gaztetxoen eziketa* ta irakasketan.

Aldatu-behar bat, zuzendu-behar bat nabarmen agertzen da.

Zuzentze hori, oraingo eta hemengo egoera honetan, egin ahal ote da gero? Zuzentze zehatz eta oso bat ez, beharbada, askatu ezinezko lotura batzuek dagoz egon be ta.

Baina kolejioen esku ez ote dago aldakuntza ta zuzenbideratze aundi bat? Baietz eta baietz esango geun-ke, esan be.

Hona hemen, zer eskatuko geunskioen gure Errian dagozan Elizearen kolejio horreei:

Lehenengo: Irakurri daiela hauxe gutxienez:

Pio Amabigarrenaren 1945-ko Gabon deia eta 1948-ko azaroaren* 11-n egindako itzaldia. Joan Ogetairugarrenaren "Pacem in terris". Paulo Seigarrenaren "Populorum progressio".

Azken Kontzilioko: "Constitutio dogmatica de Ecclesia". 17. "Constitutio de Sacra Liturgia", 37, 119. "Constitutio pastoralis de Ecclesia in mundo huius temporis", 44, 53, 54, 55, 56, 58, 59, 60, 73, 86. "Declaratio de educatione christiana", 1, 3, 5. "Decretum de activitate missionali Ecclesiae", 8, 9, 15, 18, 21, 22, 40.

Horrezaz gainera, UNESCO-k ateratako agiri argi ta sakona. Eta beste zenbait* agiri ta artikulu: Esate baterako, "Escuela e idioma materno", Octavio Fullat (Cuadernos para el diálogo, julio, 1967). "Necesidad del bilingüismo en la enseñanza primaria" (Cuadernos para el diálogo, octubre, 1969).

 Bigarren: Ezitzaile ta irakasle guztiak, edo gehienak behintzat, bertokoak (ez lurrez bakarrik) izan daitezala, edo bertokotu —euskaldundu— daitezala.

Gatxa? Ametsa? Ezina? Ez al da, arazo garrantzitsuetan, gora joten, Probintzialagana, Jeneralagana edo danadalakoagana? Eta Elizeak Erri bategaz dauan artuemon eta zeregin aundi hau, ez al da garrantzitsu ta larria, garrantzitsurik eta larririk badago behintzat, aldatu behar dana aldatzeko eta eratu behar dana eratzeko? Batez bere, Kontzilio osteko azterketa ta aldaketa giro honetan?

Irugarren: Euskerea, ikasgai —asignatura— mailan jarri daiela. Zorionez, zeredozer egin da arlo honetan, askorik ez bada bere.

Laugarren: Legeak ixten deutsen neurrian, ikaste batzuek euskeraz jarri daiezala.

Bosgarren: Ikasketatik kanpora, elizkizun eta otoitzak, Eukaristi batzarrak eta berbaldiak, antzerki ta jolasak, irakasle ta ikasleen arteko artuemonak euskeraz izan daitezala, zenbat ikasle euskaldun eta zenbat erdaldun diran kontuan artuta, euron numeruaren arabera*. Beste hau ahaztu barik: kolejio hori non dagoan, eta legearen aldetik euskerea dala galtzaile.

Gauza horreek gutxienez egiten ez baditue, ezin sinestu izango dogu, gure kolejioak Erriaren alde diranik, ezta Elizearen irakatsiekin eta gurariekin bat datozanik bere.

GADU


Jakin eta Ekin

Gernikako Bertsolari Jaia

 Hona hemen Lopategik "Gernikako Arbola" gaiari jarritako iru bertsoak (Maria Lurdes Iriondoren "Lin Pan Mendia" kantuaren soinuarekin):

Gure arbola goratutzea

niretzat ez da nekeza.

Bere itzalean bizi naiz eta

hortan daukat interesa.

Naiago neuke neure odolakin

bardin mantendu al baneza,

mundua mundu dan arteraino

Iparragirren amesa.

Baina arbola gaixorik dago,

katez lotua, nekatzen;

pinu baltzakin inguratuta,

landarakaitik kezkatzen.

Bere irrintzia gorantza doa,

justizi pixkat eskatzen.

Gure arbola ez da osatuko,

baldin ez bada askatzen.

Iparragirren arbola il zan,

zu zagoz ia jausia.

Eta halan be aurrera doa

zure etsaien* auzia.

Erori* zaite, zapaldu etsaia

ta erein ezkur azia,

mantendu daiten belaunik belaun

zure izpiritu bizia.

Hona hemen Mattinek "Gernikako Arbola" gaiari jarritako bertsoetatik bat:

Arbola hori atxikitzen* dut

kasikan nere amatzat,

eta nunnahi agertuko naiz

leialki bere semetzat.

Euskaldun onak bertze gauzarik

hortaz ez dezake pentsa:

arbola hori izanen dela

gure amaren bihotza.

Eta "Aurtxo barriaren ama" gaiari beste bat:

Haurra* mundura eman duzu ta

eskerrak duzuz merezi:

Jainkoak daki zonbat zaituen

haur horrek sofriarazi.

Hori egiten duen andreak

zerua baitu merezi...

Bainan errezo ta gainezkoak

zuk euskaraz erakutsi.

Hona hemen Xalbadorek "Euskera eta baserria" gaiari jarritako bertsoak:

Haur bat galtzea tristea da,

baina bere sehaskan galtzea?

Hori dela bai negargarria,

hori gure oinazea.

Eskuara gure familietan

kartsukiago sartzea...

bila dezagun baserria dun

horrek bere ohantzea*.

Baserrietan eskuara galdu!

alferretan bai gabiltza!

Alferrik gure kantuak eta

sermolariaren hitza.

Baserrietan eskuara gabe,

nun mintzairaren bizitza?

Baserri horrek iduriko du

Kristo gabeko eliza.

Hona hemen Azpillagak "Gernikako Arbola" gaiari jarritako bertsoetatik bat:

Gernika aldeko arbola zarra,

jaso nai zaitut gorantza.

Zure ondoan dabiz euskaldun

bertso, abesti ta dantza.

Ekaitz gaiztoak izan dituzu,

ta egin duzu balantza;

baina oraindik ugaitz zarra da

euskaldunen esperantza.

Eta "Bertsolaria ta euskera" gaiari jarritako bertso bi:

Bertsolari ta euskera dira

baten eskuak bezela.

Askok sinesten ez badu ere,

nik pentsatzen dot honela.

Euskera degu mamin sakon bat,

eta gu gara azala;

esan nai nuen, hau galtzen bada,

gu ere galdu gerala.

Euskerarekin hortxe gabiltza

batera eta bestera.

Esaten euskun: Bigun nago ta

etorri neri eustera.

Len bigun xamar egon bada ere,

gogortuko da ostera;

bertsolari bat dagon artean,

ez da galduko euskera.


Jakin eta Ekin

Bertsolariak eta euskerearen batasuna

Gernikan, bertsolari saiaketako denboran, Abel Enbeita adiskideak ANAITASUNA aldizkariaren aldeko orritxo bat eskuratu euskun, mikrotik irakurtzeko.

ANAITASUNA aldizkariak euskera batuaren alde egiten eban lana aipatzen zan orritxo haretan; eta jendeari dei bat egiten jakon, bide batez, aldizkari horretara arpidetzeko*. Ez dakigu, deiak erantzunik izan dauan. Atseginez irakurri genduan orri ha; eta orduxean bertan bururatu eta, denborarik ez izanez, isildu genduzan-pentsamentu batzuek argitaratu nahi ditugu gaur.

Orri ha irakurtzean, gauza bat bururatu jakun bat batean: nekez aurkitu eitekela Gernikako bertsolari bilkura* ha baino une egokiagorik, euskerearen batasuna aipatzeko, eta batasun horren beharrizana ikusteko.

Frontoi erdian, jendeari mintzatzen*, bost gizon aurkitzen ginan: bost euskaldun, eta bostetatik lauek euskera desbardina erabiltzeri genduan. Mattinek lapurtarra, Xalbadorek baxenafartarra, Lopategik eta Azpillagak bizkaitarra (ez dakigu bardina ala desbardina), eta nik barriz gipuzkoarra. Zelako nahaste-borrastea! Mahaiburuko ginan bost gizonetatik lauek euskera desbardina!

Norbaitek esan leike, euskerearen aberastasuna dala hori. Beharbada, aberastasuna izango da; baina, gure eritxiz, egia dana da, euskera mintzatuak (guri interesatzen jakunak) ezer gutxi irabazten dauala gisa* horretako aberastasunarekin.

Guk, zihur, nahiago geunke txiroagoa balitz eta euskaldun anaia guztion artean izkuntza bakarra egin, danontzako bardin.

Gernikako frontoian argi ta garbi ikusi genduan, euskereak daukan batasun horren beharra.

Ez al zan penagarri, Xalbadoren bertso zoragarri batzuek ezin ulertuz gelditzea, euskereak daukan edo sufritzen dauan desbardintasun horregaitik? Xalbadoren bertso bat baino gehiago, behar bezala txalotu barik gelditu ziran, entzuleak, bertsoak eukan giharra edo mamina ondo ulertu ez ebelako.

Bertsolariak asko egin leikee batasun horren alde. Jadanik* ikusten doguna da, bertsolari guztiak, gipuzkoar nahiz bizkaitarrak, lapurtar zein nafarrak, danak alkarrekin ondo ulertzen dirala, nahiz eta oraindino izkuntza desbardina izan. Lopategirentzat sekreto gutxi dauka Xalbadoren euskereak; eta bardin, Mattinentzat Azpillagarenak.

Guk uste eta opa bezala, bertsolariak Euskalerriko bazter guztietara sakabanatzen badira, emeki-emeki, poliki-poliki, jendea ohituko da gure edozein bertsolari ondo ulertzera, dala lapurtar nahiz baxenafartar, dala gipuzkoar zein bizkaitar.

DR. HERNANDORENA


Jakin eta Ekin

Nor da Bertsolaria?

Beharbada, honetaz ez dogu asko pentsatu; ta nire eritxia emon behar dot. Bertsolari izatea drama bat da, drama sakratua, erriak sakratutakoa, hain zuzen bere. Bere jaiotetxean asten da: "Gure errira bertsotan etorri zeintezan gura geunke".

Bere barrena otzikaraz murgiltzen da; kilikili batek jolastuten dau gora ta behera bere bizkarrean. Baina bertsolaria erriari zor jako, ta baietza emoten dau.

Zelakoa da erri hori? Ze problema bizi ote dau? Ta zer nahi? Asmatzen gatx diran sentimentu ta arazoak. Eguna eltzen da, eta egunsentian bertsolaria errira. Giro ezezagun eta, beharbada, faltsoan dago. Garai sakratua eltzen da, garai urduria*. Jendea, bertsolariaren zain. Zer abestu? Zenbat? Bota dau bertso biribila. Jendea isilik. Bertsolariaren barruan korapilo bat sortzen da: zer gura ote dau erriak? Zer esan behar deutsat nik? Bildurra, kasik lotsea, ta zer esan ez dakiala. Erriak poztuten badau, poza, nasaitasuna, ilusinoa... Baina, bere barruan, erriak nabaritzen* ez dauan krisis bat.

Amaitu dira bertsoak. Jaitsi dira estradutik eta, inbitazinoz, ba doaz tabernara. Eta betiko leloa: Bota eik bertso bat.

Baina beharrezkoa ote da? Ala kapritxoa? Nire bertsoa bost kiloko mailua balitz...

A. ENBEITA


Jakin eta Ekin

Jaiaren elburuak

Sekretoa ez da. Danok jakin dogu. Eta ikusi, itxaron, ekin eta sentidu. Danok genkian, bertsolariak ez eutsola erriari erantzuten. Fallo bat egoala; eta zuzendu beharra, derrigorrezkoa zala. Erria ez zan bertsolariengana eltzen, ez zituan ulertzen. Edo bertsolariak ez eban erria ulertzen, ez eutsan bere egoereari kasurik egiten. Erria, afizinoa galtzen joian. Bertsolaria, ostera, ilusinoa galtzen. Horregaitik, bertsolaria poztu behar zan; erriari, barriz, erantzun. Bertsolariari erriko gaiak jarri eta erritarren artean bertso gosea sortu. Erria bertsolaritu ta bertsolaria erriratu.

Honetarako jai batzuek behar ziran, bertsolaria ta erria alkarganatuko zituenak. Jaiok bertsolaria txaloz poztuko eben eta erna bertso jatorrez. Pausuak arin emon beharra egoan, agonia osatzeko aina arin, baina baita ahal zanik sakonen eta errikoien bere.

Lehenengo pausua Gernikan emon da. Goizetik asita, bertsoa zan ahomihineko arnasea: bertsolariak lehenengo aldiz Gernikako pelota toki ederrean. Eta zelako bertsolariak! Bai, bertsolariak Gernikan izan ziran eta euren oinotsa ez da erraz ahaztuko. Ez da erraz ahaztuko Lopategiren maisutasun sakona, Azpillagaren plazatasun egokia, Xalbadoren bihotza ta bere bertsoen kilikilia, eta Mattinen "mattintasuna", Mattinen alaitasuna, erria irabazteko irribarrea ta juraduarentzako bertso sakona. Entzuleen txaloak eta dehadarrak beste jaialdi bat eskatzen eben. Jai Alaiko ormak bertso ta txaloen arribizi* egin ziran, eta bertsolariak erriaren deiaren oihartzun*. Milaka lagun eta milaka esker.

Hernandorena jaunaren itzak eta euskera garbia: bertsoak zirala zirudien.

Lau bertsolari aundi, ta laurak ondo. Epaitzeko era barria ta, dirudianez, erriaren gogokoa. Juez bakoitza bakarrean, bere mahaian. Bertsolariak ez ekien ze puntuazino emoten eutseen; eta juezak eurak bere, ez ekien beste juez lagunak ze neurriko epaia emoten eban. Bakoitzak bere epai neurria, bertso bakoitzeko, entzuleei agertzen eutsen, numerua ohol txatal baten ezarrita; eta entzuleei begira egoan tablero baten emoten zan juez guztiena, bat eginda.

Azkenez, danak ikusiz, eta oraindino ez bertsolariak eta ez epaimahaikoak ez ekielarik, erabagia irakurri zan: Lopategik, 387 puntu, Azpillagak, 365, Xalbadorek, 360. Eta Mattinek, 353. Begoz zorionean laurak, Erriaren zerbitzurako izan diralako. Jarrai zuen etorkizun sakonaren emoitza ugariak zabaltzen. Eta entzuleei, eskerrik asko zuen erantzunagaitik.

ABEL


Euskaldun orkesta bat: Oinarriak

Aurtengo maiatzean asi ziran "Oinarriak" taldekoak jendearen aurrean abestuten; eta hain zuzen be, ANAITASUNA argitaratzen dan Galdakanoko Bengoetxe auzoan.

Hain epe* laburrean, 40 jaialdi eskaini,* dabez, gehienak berbenetan. Egia esan, beharrezkoa genduan berbenetara euskerea eroatea. Orain ilabete batzuek arte, berbenetako abesti guztiak kanpoko izkuntzetan kantatzen ziran; baina orain, zorionez, "Oinarriak" eta beste orkesta batzuek euskerea eroan dabe bai berbena ta bai dantza tokietara.

Orain, neguan, "Oinarriak" taldekoak gutxiago jardungo dabe; baina ez dira geldirik egongo: abesti barriak gertatuko dabez, eta lehenengo diskorako antolakizunak egin.

Talde hau osotuten dabenak, Bilboko gazte honeexek dira: Xabier Coello, Iñaki Alzibar, Erramon Fernandez eta Jon Abaunza. Eurekin dago Jon Etxebarri, abesti askoren egilea.

Asierea beti da gatxa. Gastu asko egin behar (istrumentu on batzuek erosi dabez, euren orkesta hau besteen pareko izan dadin), repertorio on bat gertatu behar (ogetamar abesti inguru), dana euskeraz; baina, dana dala, pozik dagoz, leku guztietan ondo artuak izan diralako. Diru kontuan be ondo urten dabe, nahiz eta eurak, joteagaitik, gutxi kobratu.

Eurekin artuemonik euki nahi izatekotan, hauxe da Xabier Coello-ren zuzenbidea: Santuchu, 20, 4.º A (Bilbao) Telefonoa: 333385.

Zorionak, ba, "Oinarriak" taldekoei euren lehenengo urtebetetzean; ta jarrai gogor aurrera, euskerea zabaltzen.

XABIER GEREÑO


Salomon

Bilbotarren artean, ez da bapere gustatu "Aránzazu" aldizkariaren azken numeruan agertu dan Salomonen lana. Batek esan deust, ea ez ote dan Salomon hori Opus Dei-koren bat, Aita frantziskotarren jantzi beneragarriarekin disfrazatua. Nik ez dakit Salomon nor dan, ala frailea ala prakaduna; baina oker dabil. Zorionez, Eliza Katolikua gaur beste bide batetik ibilten asia da, Kristo zigortuaren, preso ta ilaren urratsei* jarraituaz.

150 urte, Antonio Trueba jaio zala

Antonio Trueba, 1819-ko abenduaren 24-an jaio zan Bizkaiko Montellanon. Berak idatzitako libururik ospetsuena, "Libro de los Cantares" da. 1862-an, Gernikako Batzarrak "Bizkaiko Kronista" izentatu eban. "El Noticiero Bilbaino" egunkarian asko idatzi eban. 1889-ko martxoan il zan. Bere estatua, Bilboko Albia Jardinetan dago.

Deustuko Unibersidadea

Deustuko Unibersidadea, Bizkaiko ikastetxerik zaharrenetariko ta ospetsuenetarikoa da.

Jesusen Lagundikoak zuzentzen dabe. Ikastetxe honetan ikasi dabenen artean, sarritan aurkitzen doguz familia izen berberak; gizaldirik gizaldi, gurasoak, semeak, lobak bertora ikasten etorri dira ta.

Etxe honetan ikasketak egitera sartu ahal izateko, batxileratu guztian gutxienez 7,5 bat euki behar da, batez beste.

Bizkaiko enpresario askok, hementxe egin ditue euren ikasketak; esate baterako, Ikaza, Agirre, Gaitán de Ayala, Zulueta, Kareaga, Delclaux, Areitio, Goioaga, Fernández Villora-k, eta abar.

Lehenago, "Deretxoa eta Zientzia Ekonomikuak" ikasten ziran. Orain, "Zientzia Enpresarialak" be ikasten dira.

1967-tik 1968-rako ikastaroan berton egondakoak, honantxe banatzen dira: Bizkaitarrak, 188 (170, bilbotarrak). Giputzak, 34 (24, donostiarrak). Arabarrak, 15 (12, gazteiztarrak). Nafarrak, 27 (11, iruñarrak). Espainiako uriburuetakoak, 73; eta errietakoak, 31.

ERRAMUN


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ADABU, adabaki, remiendo.

AINA, beste.

ARMADA, ejército. (Berba barria).

ARPIDETU, suscribirse. (Berba barria).

ARRIBIZI, oihartzun, eco.

ARRO, cuenca de río.

BAITAU, bait dau, dau ta. (Forma barria)

BAITXAKU, bait jaku, jaku ta. (Forma barria).

ELERTI, literatura. (Itz barria).

ERAKUNDE, egitura, egitamu, estructura. (Itz barria).

ERDIKIN, erderazko semi.

ERREKARRO, erreka arro, cuenca de río.

ERREN, koixu.

ESAKA, diciendo, hablando.

EZIKETA, edukazino.

IRAULTZA, matxinada, revolución. (Itz barria).

JOIAZANEAN, joaten ziranean.

KADEN, decaído, melancólico.

LEHIAKETA, concurso.

OLA, lantegi, fabrika.

URDURI, artega, sosegu bako.

URIGINTZA, planificación urbana. (Itz barria).

Euskera bateratukoak

ADIN, edade.

ALEGIA, hau da, es decir, a saber.

AMETS, ames.

AMILDU, precipitarse.

ARI IZAN, jardun.

ASTEARTE, martitzen.

AZARO, zemendi, noviembre.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAN, barruan, ariman.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

DATZA, etzanda dago, yace.

EPE, plazo.

ERORI, jausi.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ETSAI, arerio, enemigo.

FUNTS, fondo, sustancial.

GISA, modu.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elejidu.

HOTS, hau da, a saber.

IGANDE, domeka.

IGORRETA, Yurreta.

KUTSU, sabor, resabio.

LARUNBAT, zapatu.

MEMENTO, momentu.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MINTZATU, berba egin.

NABARITU, advertir, percibir.

ODEI, laino, nube.

SUNTSITU, desaparecer.

UGAO, Miravalles.

UHIN, olatu.

URRATS, pausu.

ZENBAIT, batzuek.

Beste euskalkietakoak

AHULEZIA, makaltasun.

AITZITIK, al contrario.

ANTZE, arte.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARE, oraindino.

ATXIKI, gorde, euki.

BILDUMA, kolezino.

BILKURA, bilera, reunión, concentración.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ENPARANTZA, plaza.

ESKUALDE, comarca.

GERLA, gerra, gudu.

GUTXIETSI, apreciar poco, desdeñar.

ISKANBILA, atralaka, pendencia, barullo.

JADANIK, erderazko ya.

MENDEBAL, sartalde, occidente.

NOSKI, seguramente, ciertamente.

OHANTZE, abia.

OIHARTZUN, eco.

OROEKIKO, público.

SOEGILE, so egiten dauana, observador.

ZALANTZA, ezbai, duda.

II. Idazteko modua

Txarto:

Nik ez dakit Salomon nor dan, edo frailea edo prakaduna.

Maisu bakoitzari tokatzen jakoz 40 ikasle baino gehiago.

Ubidea Bizkaiko erririk gorengoena da, ta baita bere otzena.

Baita be nazinoen burukoikeria.

Ondo:

Nik ez dakit Salomon nor dan, ala frailea ala prakaduna.

Maisu bakoitzari, 40 ikasle baino gehiago tokatzen jakoz. Edo: 40 ikasle baino gehiago tokatzen jakoz maisu bakoitzari.

Ubidea Bizkaiko erririk gorengoena da, ta baita otzena bere.

Baita nazinoen burukoikeria be.


Ezagutu gure erria (9)

Arratia (2)

Arratia historikuko erriak banan-banan:

Ubidea

2,97 km.2 ta 253 bizilagun, Araba aldera dago erri hau; ta, hain zuzen bere, Billerle edo Gomutiano aldera ta Gazteizera jokera gehiago dauka, Barazartik iparraldera baino. Erria, euskalduna izanik, erdalduntzen doa, Elizearen jokabide eskandalugarriari esker. Itsaso nibeletik 581 metro gorantz, Bizkaiko erririk gorenengoa da, ta baita otzena bere. Emakume bat dago erri honetan alkate.

Zeanuri

67,26 km.2 ta 2.023 bizilagun. Bere auzoak: Altzusta, Artzuaga, Asterria, Ibarguen, Ipinaburu, Ozerinmendi, Undurraga, Uribe, Plazea ta Elixaldea. 1860-an, 2.551 bizilagun eukazan; beraz*, jendea urritu egin da. Baserri ekonomiari lotuta dago, nahiz eta industriarako toki aukeratuak euki. Barazar aldean, Zubizabala erri-basoa dauka, Bizkaiko ederrenetarikoa; ta baita Gorbea alderantz bere, ba ditu erri-baso ederrak. Zulaibar aldean, Elizearen ardurapean, Eskola Profesional bat dago, Arratia guztirako.

Areatza

9,06 km.2 ta 1.384 bizilagun. Bere auzoak, uriburuaz gainera: Landairu ta Uparan. 1338-an Haroko Jaunak uri legez sortu eban, Areatza deitzen jakon tokian; eta Villa de Haro jarri eutson izena. Hortik datorkio Villaro izen arrotza. Arratiako uri bakarra, orainarte bera izan da erririk ospetsuena; baina, azkenengo urteotan, bizilagunez urritu ta pixka bat atzean gelditu da. Diputazinoko urigintzan*, Barazarko bidetik gorantz eta Zeanuriri moztuaz, lur muga obeagoak eskatzen dira Areatzarentzat, erri honek be desarroiloa euki daian.

Gaztelu-Elexabeitia

12,41 km.2 ta 889 bizilagun. Bere auzoak: Bildosola, Elexabeitia, Esparta, Gaztelu, Larragoiti, Sarasola.Ugarte ta Arteaga (erriburua). Iturrizak ederto azaltzen dau erri hau, esanaz: "En el territorio llamado Arteaga, circuído de montañas, tienen situación en bella planicie dos repúblicas unidas en lo temporal". Gaztelu ta Elexabeitia dira "errepublika" biok. Lehenengoak eliza barria dau, eta bigarrenak oso polita ta originala. Arratiatik Nerbion arrorako* bidea, Zeberiotik zehar, erri honetatik igaroten da; ta egokeraz, eskualdeko* erririk erdikoena da, duda barik. Baserri ekonomiari lotua; baina, Bildosola aldean, industria ugari jartzeko toki egokiduna. Hemen bere, emakume bat dago alkate.

Zeberio

47,87 km.2 ta 1.967 bizilagun. Bere auzoak: Ametzola, Arkulanda, Aresandiaga, Argiñano, Ariltza, Barbatxano, Gezala, Ibarra, Olalzar, Solatxi, Uriondo, Santuola ta Zubialde (erriburua). Erri honek, "territorio ceberiano" ta "anteiglesia de Santo Tomás de Olabarrieta" izenak euki ditu. Errekarro* bat da erri hau, mendiz inguratuta; ta bizilagunez urritu egin da, baserriak utsituten doazalako. Ugao* ta Basauri aldera lar jota dago Zeberio, bere anaia arratiarrakana jo beharrean; baina, honetarako, baserri-ordenatze ta estruktura-barritze bat beharko dau, eta industria berezi baten ekonomia indartsu bategaz jabetu. Beharbada, etorkizun horretarako ondo letorkioz "Santo Tomasen bienak", hainbeste miloi alferrik galtzen dagozanak, erri-ondasunak baitira*.

Arantzazu

3,78 km.2 ta 329 bizilagun. Bere auzoak: Arantzazugoitia, Olarra, Zalbide ta Arantzazu-Zelaia (erriburua). Igorreren alboan, beronen ekonomiari lotua dago, nahiz eta erri-berezitasun batzuek euki. Serra ta lantegiren bat bere, ba dauka. Askok ez dakie, Oñatiko auzoaz gainera, erri hau eta baita Gordexolako Zubiate taldeko auzo bat be, Arantzazu izenekoak dirala. "Jumellage" bat egin ote leikee irurak?

Dima

62,22 km.2 ta 1.724 bizilagun. Bere auzoak: Aroztegieta, Bargondia, Bikarregi, Indusi, Intxaurbizkar, Lamindano, Oba, Olazabal eta Ugarana (erriburua). Orain ehun urte 2.223 bizilagun eukazan; beraz*, atzerantz doan erria da! Baserri ekonomiari zeharo lotua, bere baztertasunagaitik-edo, eskualdeko urigintzan* industria barik itxi dabe. Behinolako Gazteizerako trenbidea nahiz gaurko autopistearen adarra bertotik igaroko balitz, beste burpil bat artuko leuke erri honek; baita Durango aldera, Mañarira jota, Iñungandik zehar antzinako bide zaharra gaurkotuko balebe bere. Entzutetsuak dira Baltzolako kobak eta Jentilzubi izeneko berez egindako zubia. Bertako semea izan zan Simon Bernardo Zamakola, Abandoko portuaren asmatzailea, ta joan dan mendearen* asieran "zamakolada" izenagaz ezagutzen dan iraultzea* sortu ebana.

Igorre

17,52 km.2 ta 2.163 bizilagun. Bere auzoak: Basauntz, Garbe, Loiate, San Juan, Elgetzua, Urkitsu ta erriburua. Arratia eskualdean*, gorantz gehien doan erria. Azkenengo kontaketea orain lau urte egin zan ezkeroztik, lagunez polito ugaritu da, baita industriaz bere, Arratian olarik* gehien daukan erria berau baita*. Erri-zerbizioak, bertan ugarien: ikastetxe, "extensión agraria"-ko agentzia, baserri kooperatiba, bankuetxe, gasolina ornitegi, ostatu, eta abar. Arratiako uriburu izatera doa; baina, beharbada, urigintza* falta batekin, uri itxura gutxigaz. Bilbotik 22 kilometrora, industriaz gehitu arren, kanpotarrez bakarrik ugaritzeko arriskuan dago. Bertakoak, burgestuaz, uri nagusira doaz, eskualdeko zentro sendo baten faltaz. Torretxe asko daukaz; hantxe dagoz Zumeltzu, Igorre, Igorrebaso, Urkutsu ta beste batzuek: Erdi Aroko Oñaz-Ganboarren anai burruken ezaugarri.

Lemona

15,97 km.2 ta 3.022 bizilagun. Bere auzoak: Arraibi (erriburua), Arraño, Durandio, Elorriaga, Gandarias, Lemorieta ta San Iñazio. Bedia izeneko merindade erdikinekoa*; beraz, Arratiari lotua, kondairaz, euskalkiz, geografiaz eta izakeraz. Eskualdearen atea dogu. Arratia ibaiak, erriaren zati batetik igaro ondoren, bere erdian Ibaizabal ibaiagaz bat egiten dau, beronen ibarrak beherantz Bilbogaz eta gorantz Zornotzagaz komunikatuaz. Bertan dago Bizkaiko zementu ola* bakarra. Industria honeri lotua dago gehienbat erri hau; lemonarrei euren izerdia, etxe ta bazter guztiak zementuz koloratzen jakez. Lemonatxa, anai arteko burrukan hainbeste odol isuri zan tokia, oso entzuna da Euskalerri guztian.

Bedia

16,34 km.2 ta 1.317 bizilagun. Auzoak: Barrueta, Ereño, Ereso-Ugarte, Murtatza, Utxarain eta Bedia-Elexalde (erriburua). Bere "foru-alkatea", Arratia merindade guztikoa zan. 1858 gn. urterarte Lemonaren azpian egon zan, Kolazino izenagaz; gaur bere, holantxe deitzen deutsoe alboko erriak. Bilbo Aundiaren ertzean, Galdakanoko Usansolo auzo industriatsuari ikututen, eta Ibaizabal ibaia bertatik igaroten dala, geroago ta ola* gehiago jasoten doaz bertan. Baserri asko, halan ta guztiz bere; baina gaurkotasun gutxigaz.

J. L. LIZUNDIA