ANAITASUNA

BIZKAIA

182 zenb. 1970, • Otsailak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 3

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 182 zenb. 1970, Otsailak, 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Arratsaldeak dakarren tristura

 Arratsalde haretan, euria zan. Edozein igandetako* arratsalde bat. Denborea emotearren, jolas leku batera joan nintzan, "Arizona"-ra. Begirada bat bota ondoren, begiz jo neban neska bat, dantzatzeko eskatu, ta dantzan egin genduan. Gauza hau, benetan, zuzpergarria* da. Honako abagaduneak* gutxi izaten dira, holan "ofizialki" zure samurtasunaren gurariak asetzeko, pixka bat baino ez bada bere. Ta are* gehiago, zure neska laguna zeure gustukoa bada, zurekin bat badator.

Arratsalde ha, pozgarria izan zan. Sartzerakoan baino alaiago atera nintzan; baina baita tristura asko bere ikusi nituan, disimulaturiko tristurak. Esaterako, zenbait* neskaren mingostasuna, hainbeste denboran begira, nor eurengana dantza eske joango ote zan.

Konpetentziaren legea (kasu honetan aberastasun eta edertasunarena) dantza tokietan bere, legea da.

Handik pozarren atera banintzan, zelanbait "neure" problemea garbitu nebalako izan zan. Nire buru astundutik kanpora bota nituan hainbeste gauza gogaikarri, hainbeste tristura ta holakoak. Azazkatuta* nengoan. Biharamunean, eguneroko bizitza latzari kolpe egiteko, indar eta animo barriak nabaritu* nituan. Gertaera ha, aspaldian jazoa da. Orain uste izaten dot, gaur egun bere, gauza bera gertatzen jakela asko ta askori. Eta ikusten dot, holako asperraldi, tristura ta antzekoak garbitzeko goseak, beste sustrai batzuek dituala, sakonagoak.

Eguneroko bizitza beti bardina, aspergarria izaten da, pozgarri gutxikoa. Ta igandea* izaten da, "geuretzako" enplegatzen dogun eguna, bizitzeari pozgarria ezarri nahiez, ostean datozan sei egunak aguantatzeko; ta, horretara, eguneroko bizitzearen utsunea betetzeko, neska bat, dantzaldi bat, zine bat... bilatzen ditugu.

Baina, gehienetan, ezin izaten da. Ezin dogu desiratzen* doguna lortu, eta bai geure barrua gehiago mingostu. Izan bere, guk uste izaten dogu, "zerbaitek" (dantzeak, ardoak) edo "norbaitek" (neskeak, lagunak) beteko gaituala, edo gure problemak garbituko deuskuzala. Hau da: iges egiten dogu "instrumentu" horreengana, geure arazoei zuzen zuzenean frente egin beharrean. Zer da bizi izatea? Hau da, zer da bizi izatea, egiten dozuzan ekintza guztien kontzientzia eukirik, zeure personatasuna aberastutea baino, zeure burua beste persona batzuekin artuemonean jarriaz?

Artuemon edo komunikazino horretan dago arazoaren mamina. Nire ustez, gure artean doguzan dibersinoak, geure barruko egonezinari igesbide bat emotea baino ez dira, eta ez, alkarganatuaz, azazkatzeko* bide bat. Ta memento* batean bakarrik gure barruko nekeei igesbidea emonaz, alkarbizitzarik egin barik jarraitzen dogu, lehen bezala. Izan bere, arazo hau sakonagoa ta zabalagoa da. Bizi garean gizarte osoari ikututen deutso. Sarri askotan, nire problemea ez da neurea bakarrik, gizarte osoarena baino. Gizarte honetan bakarrean bizi gara, nahiz eta futbol zelai baten jende artean egon, futbolariei begira. Gizarte honetan, arazoei frente egin beharrean, bakarrean jarraitzen dogu aurrera, ahal dogun moduan. Ta guzti honek, zigor aundia dakar ondoren: aspertze iguingarriaren zigorra.

Zelan maitatuko dozu emakume bat nahiz beste norbait, egoismoaren gerizapean bizi bagara, eta bazter guztietan norberekoiak izateko dei egiten bajaku?

Baina ba dago esperantzarik. Problemei ahurpegi emoten badeutsezu, ba dakizu justiziagintzan diarduzuna, ba dakizu arrazoia dozuna; ta gizonaren alderako burruka horrek, ontasunaren alde egindako joko horrek ba dakartsu bere salbazinoa.

Lagun batek esan eustan, norbere buruaren aldakuntza edo iraultza* osoa ezin dala egin, soziedade osoa iraultzen ez badogu. Ezin geintekez "zintzo" bezala bizi, "zintzo ez dan" gizarte ba ten barruan. Nire bizitzea, besteenagaz katigatuta* dago. "Gure korapiloa zera da: burrukatzera abiatzea, egunerik egunera nagusituaz, iraultza oso baten preminatasunaren eta bere posibletasunaren kontzientziarekin". (E. Guevaratarra).

ANDONI


Erriz erri

Markina

Alkartasun Giroa

Markinan, alkartasunean lan eginaz, erri honen aurreratzerako pausuak emoten ari* dira. Lehenengo pausuak baino ez dira oraindik. Baina hortik joateko, kezka bat eta alkarte giro bat sortu nahi da behintzat.

Ekintza alkartu honeri, Gure Etxea, Karmen eta Idarragako auzuneetan emon jakon asierea. Alde horretako familiakaz alkarrizketa batzuek eginaz, hainbat beharrizan ta premina agertu ziran. Markina ezagutu, ta danon artean erri hau jasotera doaz asmo honeek.

Egin diran lanak eta zona horreetan agertu diran preminak ezagutararazoteko, batzar bat izan zan Markinako liburutegian, il honen 4-an, 12 t'erdietan.

Soziologi gaietan Deustun irakasle dan Olabuena jaunak azaldu eban, andi-andika, ekintza hau aurrera eroateko bidea.

Oraingoz, alderdi horreetan bakarrik egin da lana. Apurka apurka, Markina guztira zabalduko ei da.

Ekintza hau, parrokiako asistenta sozial baten ardurapean dago; berak zuzentzen dau Markinako sozial lana.

Ikasten eta lantzen

Erregeen ostean, alfabetatze moduan, euskal ikastaroa asi da, dakienentzat eta ez dakienentzat. Oso gogotsu asi dira. Taldeak honetara eratuta dagoz: Dakienak, 30. Apur bat dakienak, 30. Eta ezer ez dakienak, 9.

Berrizko Dantzarien Lehiaketan, Garbiñe Arrate ta Angel Kareaga atera ziran txapeldun, 15 bikoteren artean.

"Alpino" taldekoak, "Urre Garai" izeneko aldizkari bat atera dabe. 8 orrialde ditu, eta erdia baino gehiago euskeraz dator.

IRUKOTE

Otxandio

Guk gazteok, orain dala urte bete t'erdi, gauza lotsagarri bat ikusi genduan Otxandion: gure erria erdalduna zala. Horregaitik, euskereari ta Euskalerriari begira, ekintza bat sortu genduan eta gure euskalduntasunaren ahurpegia erakusten asi ginan. Erriak ontzat artu eban gure ekintzea. Danon artean irurogetaz* bazkide batu ginan. Gure asmorik behinena* alfabetatze kanpaina bat egitea zan, eta beste gauza asko. Ez zan dana ondo joan, horregaitino. Gero, erriko jaiak etorri ziranean, Txapel Txapelketea egin genduan. Zorretan gelditu ginan. Eta, zorrak handik edo hemendik ordaintzeko, zeredozer egin behar. Dantza zarratu bat ipini genduan. Baina, harrezkero, gaztedia ustelduten doala ikusi dogu. Hori dala ta, ez gagoz bapere konforme jazo danagaz. Gure ekintzea dantzea bakarrik bada, jausi daitela zerua gure gainera eta ez daigula arnasa gehiago artu Euskalerrian.

J. M. ALDAY

Amabi Arrietatik

Urteari asiera emoteagaz batera, jaiak asi jakuz gure eskualdeko* errietan. Lehenengokoak, Berrizko San Antonak izan doguz.

Aurten bere, euskal dantza txapelketak euki doguz, idi probak, aizkolariak, soinulariak, eta abar. Eskualdeko umeen dantza taldeak eroateko asmoa bere ba egoan, il honen 18-rako; baina ezin izan da asmo hori bete, horretarako dirurik egon ez dalako.

Urtarrilaren 11-n, idiproba tokian, euskal dantza txapelketea euki genduan. Lehenengo saria, 1.200 pesetakoa, Ondarroako bikote batek irabazi eban. Zorionak!

18-an, goizean, erriko dantza taldeak euren saioa eskaini* eben.

25-ean, "ciclo cross" dala ta eztala, inguru guztiak jendez beterik egozan. Amazazpik emon eutsoen asiera, ta zazpik baino ez eben amaitu. Irabazlea, Jose Maria Basualdo izan zan.

***

Erregeen egunean, Elorrioko "Jolas Leku" dantza tokian, Estitxu abeslari ospetsua egon zan kantatzen. Ea noiz ikusten doguzan, barriro bere, abeslari euskaldunak toki horretan.

***

 Il honen 10-ean, Santanderen, bertako talde batek lehenengoz antzeztu eban "El Hongo" izeneko antzerkia. Antzerki honen egilea, Durangoko Roberto Andueza mutil gaztea da. Antzerki hau, langileen gizarte burruketan dago sustraitua. Asko txalotua izan ei zan; eta, amaitutakoan, alkarrizketa garrantzitsu bat sortu ei zan ikusleen eta egilearen artean.

***

Durangoko aiuntamentuari bidaldutako idazki baten bidez, durangar batzuek salatu egin dabe Izurtzako errian jaso gura dan lantegi bat, lantegi horrek jaurtigiko dituan ke ta ondarrak bertako aizea ta errekea zikindu egingo dabezala ta.

***

Durangoko euskal alfabetatze kanpainea aurrera doa. Jesuiten ikastetxean egiten da, astearte* ta ostiraleetan*, gaueko 8-retatik 9-etara. Kanpaina hau asita dago; baina, inok etorri gura badau, oraindino denboraz dago.

***

Durangoko aiuntamentuak, erriko apaindura ta edertasunari begiratuaz eta orainarteko anarkia kendu guran, debekatu egin dau erriko etxe ta eliza bikain ta ospetsuenetako ormetan propaganda paperik ipintea. Hori ondo dago; baina, daukaguzan kale batzuek konpontzea bere...

Urtarrilaren 25-etik aurrera, Durangoko Jesuiten elizan goizeko seiretan emoten izan dan euskerazko mezea, 7-retara atzeratu dabe. Meza honetara alboko baserrietako jendea etorten da.

***

Egunotan aukeratutako Gerediagako batzorde* barriak, euren arteko batzorde txikia autatu* dabe: Lehendakari Valentin Lasuen, Zaldibarkoa. Lehendakari ordezko J. L. Lizundia, Abadino-Matienakoa. Idazkari* Gurutze Arregi Durangokoa. Diruzain Jesus Ormaetxea, Igorrekoa.

***

Gure eskualdeko basoetan, basurdeak dabiltz; eta lehengo egun baten Durangoko ehiztari* batek, Izurtzako gazte batzuen laguntasunagaz, 80 kiloko bat il dau Izurtzako basoetan. On egin deiola.

JOAN ANTONIO AROMA

Arratia

Urtarrilaren 25-ean, euskal jaitxo bat izan dogu Areatzan*, gure anaia subnormalen alde. Bertan ikusi dogu, Arratiarrak be do-re-mi-fa-sol ba dakiela eta gure koralak asko balio dauala. Lopategi ta Muniategik, bertso lirainakaz alaitu eben jai hau.

Undurraga dogu Zeanuriko auzune oso ezaguna. Bertan dago Zadorrako Zentrala, auzune honeri kalte aundiak egin deutsozana eta kanpotarrak aberastu dituana. Bertara doan bidea egoera negargarri baten dago, Bilborako ura dala ta eztala: guztiz zikinduta, lupetzaz* beteta, eta bide barria oraindino egin barik.

Agintariak zetarako dira? Argaltasuna zaintzeko ala argaltasun honek dauan indar apurra beraganatuteko?

Txori kantukin apainduriko

Gorbeia azpiko aizia,

zure gizonei emon deutsezu

luzaroko arnasia,

alaitasuna, umore ona,

zintzotasun ta grazia.

Baina oraindik ezin zuzendu

egoki dan justizia.

S. A.

***

Nafarroako Diputazinoa, Iruñetik Logroñorako autobidea obeagotzekotan dabil. Berrogetamaika kilometro horreek konpontzeko, 58 miloi peseta behar izango ditu. Era berean, Biurrun-Kanpanas errian, Renfeko trenbidearen gainetik zubi bat egingo dau, 15 miloi peseta-horretarako emonaz. Eta Eguingo ur-pontzutik* Iruñerarte, 5 miloi pesetagaitik, urbidea egingo dau.

Orduñako Ama Birjinearen irudia barriztatzekotan dabiltza, Araba, Bizkai eta Burgosko Diputazinoak horretarako arduratzen diralarik.

Mondragoen, euskeraz idaztearren, umeentzako sariketa bat egin da, San Viator kolejioan. Zorionak, fraile jaunak!

Errenderian, itzaldi bat emon izan izan dau Luis Pedro Peña jaunak, "El arte y el paisaje guipuzcoano" izenburuarekin, diapositibakaz lagundurik, eta azkenean alkarrizketa bat eginaz.

Getarian, San Anton jaietan, Uztapide ta Lasarte egon dira bertsotan. Noiz etorriko ote dira bertsolari horieek Bizkaira? Ordua ba da!

Aretxabaletan, erriko seme diran lau abade egon dira Gabonetan, erbestetik etorrita: Mikel Zugazabeitia, Zamorako espetxetik, Romualdo Akizu Indiatik, Leonardo Zaloña, Ecuadortik, eta Juan Jose Olabe, Venezuelatik. Uxala* gure artean betiko geratuko balira!

Sangotza ondoko Aibar eta Kasada erritxoetan fabrika aundi bat egingo ei dabe frantsesak, bola ta rodamentugintzarako. 500.000 metro kuadradu behar ei ditue. Berrogei miloi pesetako kapitalarekin asten ei dira, eta 350 bat langilentzako tokia izango ei da.

Eibarren, "Firestone" izeneko enpresa entzutetsuak terrenoak erosi deutsoz Agirreasaldegi jaunari, Bilborako autobide egalean. Tira, ez doaz danak Eibartik kanpora!

Berrizen abade egondako Luis Maria Bereziartua jaun gaztea, propaganda paperekin atzemon* izan ondoren, epaitua ta zortzi urterako kartzelaratua izan zan. Epairako abogadu defenditzaileak, 22.000 peseta eskatu ditu ordainez. Ordaintze hau egiteko, Berriztarrak eurak emon dabe dirua borondate aundiz. 23.000 peseta batu ei dira. Bereziartua abade gaztea orain Zamorako espetxean dago, eta bere erritarren jokabide honegaz asko poztu dala entzuten da.

Euskalerriko iru gotzain —Zirarda, Argaia ta Tabera jaunak— Nafarroako Ziordia erritxoan alkartu dira, euskal liturgia inguruan mintzatzeko*, dinoe barriemoile ofizialak. Gazteizko Peralta jauna ez ei da izan. Baina, "Eliz Ondoan" orritxoak aditzen emon dauan legez, Araban bere ba dira euskeraz egiten dabenak. Urrengoan izango da!

"Kapela bete euri" izeneko antzerkia, Michael V. Gazzo-k egina eta Dolores Agirre andreak euskerara bihurtua, antzeztua izan da Donostian urtarrilaren 20-an, Alba, Etxebeste, Ezeiza, Aleman, Alkorta, Barriola, Altuna ta Aristi jokalari dirala.

Nafarroako Nabaskoitze errian, autobide bat egingo da bertako basoetan zehar, bi miloi peseta horretarako gastatuaz. Bide honegaz, askoz gehiago balioko dabe baso hareetako ondasunak.

Asteasun, baserri lanean dabiltzanentzat berbaldi interesgarri batzuek emon dira, joan dan urtarrilean, Tolosako "Agencia Comarcal" dalakoak eratuta. Berbaldien gaia, "la producción de alimentos para el ganado" izan da.

TVE-ren irabaziak 3.702.499.630 peseta izan dira, 1969-garrenean, bere kanal bietatik emon dituan anuntzioakaitik. Aurreko urtean baino 249 miloi gehiago. Azaroan* atera da gehien; eta gutxien, barriz, ekainean*. Anuntziatu diran "spot"-ak, 57.755 izan dira. Kalkulu honeetan, diru neurri ofiziala bakarrik artu dira kontuan, eta ez komisino ta horrelakoak.

Euskal alfabetatze kanpainea aurrera doa. Zarautzen, A. Esnaola irakastaldiak emoten asi da, otsail* honetan. Basaurin (San Migelen), joan zan abenduan asi ziran emoten, Sagasti, Rekakoetxe ta Kalzada jaunak arduradun dirala. Galdakanon bere, joan zan abenduan asi ziran, Itziar Barrenetxea ta Agirreamalloa arduradun dirala. Eta Goierriko Billafrankan, San Jose kolejioan, Roman Balentziaga arduradun dalarik.

Xalbador Garmendia izango da ZERUKO ARGIA-ren izkuntza-zuzentzaile, entzun dogunez. Euskera batuan presentatzen diran lanak, Euskaltzaindiak emondako erregelen arabera* etorriko dira. Beste euskalkietan idazten be jarraituko da, premina dauken utsak zuzendurik. Zorionak kazetagintzan* lankide ditugun ZERUKO ARGIA-koei, pausu on honegaitik!

"Roma, città aperta", Roberto Roselliniren filme interesgarria emon da Bilboko Urrutia zinetokian. 1945-ean egindako lan honek, kalterik ez ta mesederik asko egin deutsola jendeari, uste dogu.

Gailegoak, euren jatorrizko izkuntzea sartzen asi dira liturgian. Abenduko lehenengo igandean* asita, "O novo ordinario da Santa Misa" eta "Respostas dos fieis na Santa Misa" liburuekin baliatu leitekez. Liburu biok, "Comisión Interdiocesán da Liturxia en galego" batzordeak* gertaturikoak dira.

"Hiru ziren" izenburuarekin Larzabal jaunak egindako antzerkia, Baigorrin antzeztua izan da joan dan urtarrilean.

"Ordenación del territorio, el caso del País Vasco y su zona de influencia", hauxe da Gonzalo Saenz de Buruagak egindako azken liburua. Ramón Tamames-ek zuzentzen dauan "Biblioteca Universitaria de Economía" kolezinoan agertu da. Tamames eta Buruagak itzaldi bat emon eben, urtarrilaren 28-an, Gazteizen. Noizbait, ugariago aipatuko dogu itzaldi hori.

Burlada ta Egues nafar erriak alkarregandik banatuko ote diran entzuten da, bakoitzak bere aiuntamentu berezia jarriaz. Burlada zan aiuntamentu bakoa; baina azken urte honeetan 16.650 bizilagunetara eldu dan ezkero, aiuntamentu batekin jabetzea tokatzen jakola dinoe burladatarrak.

Bertsolari honeexek egon dira Segurako errian, joan dan urtarrilaren 31-ean: Agirre, Lazkao Txiki, Lopategi ta Azpillaga.

Kantarien jaialdia izan da Tolosako Leidor zinetokian il honen 1-an, Erlak, Los Simbas, Ameslariak, Los Txantxis, Los Picos eta Enarak abeslari zirala. Holako nahasterik!

Goierriko kultura batzokian eztabaida gogorrak izan dira, ikastetxe honetan euskereari indar gutxi emoten jakola ta. Egunean ordu beteko epean irakasten da. Jatorrenen eritxiz, gaiak eurak irakatsi behar litzakez euskeraz.

"Boga-Boga por el Báltico" dauka izena, Iñaki Linazasoro erdal eskritoreak argitaraturiko liburuak.

Bilbon, "Escuela de Magisterio Femenino"-ko neskak ahaleginak egin izan ditue aspaldion, euren ikastetxean euskerazko irakastaldiak jarri nahiez. Lehenengotan, itz gozoak entzun zituen zuzendaritzeagandik; baina, itz utsekin aspertuta, ur-urrean dagoan Pasiotarren etxean euskeraz ikasten asi dira, 30 laguneko taldeetan. Xabier Kintana dabe maisu. Larrosak loratuko ote dira!

"Ez dok amairu"-ko Artza anaiak, Lurdes Iriondo, Lekuona, Lete ta "Oskarbi" taldekoak egon ziran, joan dan urtarrilean, Algortan kantari. Jende asko entzuten. Sinestu ezina, 24 ordu aurrerago ez baitegoan* baimenik. "Oskarbi"-koak eta Artza anaiak ondo bete eben euren zeregina. Kitarrea flako xamar jo eben batzuek, eta afinazinoan bere ez ziran ondo ibili.

TXIKITO

***

Elgoibar

Elgoibarren bere, asi dira euskal alfabetatzearen jardunaldiak. Oraingoz erantzun ona dauke; ez gazteen aldetik bakarrik, baita nagusien aldetik bere, ikastolako umeen gurasoak be bertara doaz eta.

Aspaldian isilik egon ondoren, barriro biztu da, mendizaleoi hain gogoko jakun "Pyrenaica" izeneko aldizkaria. Federazinoaren babespean, iru ilabeterik behin agertuko da. Nahi dabenak, azaldu beitez Morkaiko alkartera, izenak emotera.

Urtarrilaren 17-an, Odeon teatroan jaialdi eder bat egin zan, ikastolearen ardurapean, Elgoibarko gazteak oso osorik —eta guztiz ondo gainera— egindakoa. Bertan parte artu eben ikastolako ballet taldeko umetxoak, "Lurgabe", abeslari irukoteak, Ixidor, abeslari ta presentadore jatorrak, eta "Elorra" taldeko neskak. "Neskak" esan dot, gizonezko talde bat egiteko aina mutil ezin eben aurkitu ta. Kaxarrankea dantzatu eben; baina Ixidorrek berak dantzatu behar izan eban. Guzurra dirudi, Elgoibarren hainbeste mutil egonda.

Zorionak antolatzaileei.

MARIXABEL


Mundu biribila

"Erri bat izan zan..."

Nigeriako Federazinoa, Bretaina Aundiaren antzinako kolonia, 1960-ko urrian askatu zan eta 1963-ko urriaren 1-ean Errepublika bihurtu.

Nigeria, etnien mugak kontuan izan barik moldatutako Estadua da. Potentzia kolonizatzailearen komenientziara antolatutako makinaria aundi bat.

Federazinoa, Lagos-eko lurralde federalak eta beste lau eskualde* federatuk osotzen dabe: Mendebala (jorubak), Eguzkialdea (iboak), Iparra (haussak, kamuriak, tivsak), Erdi Mendebala (urhoboak, isokoak).

Nigeria, Afrikan bizilagunik gehien dituan Estadua da: 58 miloi. Bere uriburua: Lagos, 665.000 bizilagunekin, gobernu federalaren egonlekua.

Nigeriaren nekazaritzea aberats samarra da, ta meatzen errekurso aundiak ditu.

Buruzagien matxinada ostean eta etnia arteko burruka batzuen ondoren, azpitik neokolonizatzaileen interesak ebiltzan bitartean, Ojukwu koronela buru zalarik, 1967-ko maiatzaren 30-ean askatu zan Nigeriaren Eguzkialdea: Biafrako Errepublikea, Biafra baita* eskualde honen jatorrizko izena. Uriburua: Enugu. Eskualderik aberatsena, petrolioz batez be, ta gaztedirik preparatuena eukana. 14 bizilagunetik 8 miloi ibo.

Ojukwuk: "Gu ta Nigeriako Errepublika Federalaren arteko lokarri politiko guztiak gaurtik arras etenda gelditzen dirala neuk deklaratzen dot". O.N.U.-k ez eban onartu, ta Afrikako Estaduen Organizazinoak be ez.

30 mila ibok, gutxi gora-behera, haussen eskuetan izandako eriotzea izan zan askatasuna deklaratzeko Ojukwuren arrazoia. Ojukwuk zehazki preparatu eban independentzia ta seguru egoan Estadu barri txikia, hain aberatsa izanik, bere burua manejatzeko lain izango zala.

Nigeriako gobernu militarraren lehendakaria, Gowon koronela, laster jaigi zan Ojukwuren aurka. Biak adiskide zaharrak, biak Inglaterran ikasle izanak. Gudua asi zan eta amaitu da. Iboen gerrilak asi dirala be esan da. Dana dala, 2 mila miloi dolar eta 2 miloi eriotze kostatu jako Biafrari 920 eguneko gerra hau. Gudaldi batzuetan, eguneko 6.000 ilten ziran batez beste; gehienak goseak eraginda.

Gerra honetan, neokolonizatzaileen interes aundi bat jokatzen zan: petrolioa. Nigeriako erreserben iruko bi Biafrak eukazan eta nazionalizatzeko asmoa eban. Bretaina Aundia, bere interesak galduta ikusirik, Nigeriaren alde jarri zan. Wilsonek, Bretaina Aundiko balakaz ilak izango diranentzat errukia eskatzen dihardu. (Hori dok "suzialismua"!). Baina Bretaina Aundiak galdutako petrolioa bereganatu dau, ta Petrolio Konpainien akzinoak gorantz doaz Londreseko boltsan.

Biafra askatua Amerikanoen influentzian jausiko zala uste izanik, Rusiak be Nigeriari lagundu eutson.

Frantziak, Portugalek, Ipar Amerikak eta Chinak, barriz, Biafraganako sinpatia agertu eben, baina horretan gelditu ziran, gehiagoko barik. Afrikako Estadu gutxi batzuek ausartu ziran Errepublika barria errekonozitzera.

1970-ko urtarrilaren 12-an, Effiong generalak, Ojukwu-ren ordezkariak, Biafra irratitik: "Askatasun asmoak pot egin dau. Biafra, Nigeriaren menpe jartzen da".

Guduaren gaurko bersinoa genozidioa da: armaz, gosez edo kulturaz... edo... danera. Biafra... Vietnam...

Aurrerantzean Nigeriaren Eguzkialdeaz mintzatuko gara.

Historia errepetizino utsa danean...

A. MUNIATEGI


Mundu biribila

"Ez dok amairu" bai eta bai

Kantua egitea arte bat da; eta artegintzea, beste edozein gintza bezala, lan bat. Lanak, zerbait seriorik egin nahi bada, bere denborea eroaten dau; eta inor aizetik bizi ez dan ezkero, lana ordaindu beharrezkoa da.

Euskal kultura beharretan, lan orduetatik kanpora gabiltzanok, gure ezintasunaren neurria ondo dakigu, egiteko dagoan guztiaren aurrean. Profesionalak egin behar leukeezan arazoak botatzen ditugu gure lepora; baina gero, denbora eta dedikazino faltaz, erantzun ezinda geratzen gara. Bistan dago, honetan zein beste edozein zereginetan, amateurismotik urten beharra dagoala, gauza onik lortu nahi badogu.

"Ez dok amairu", euskal kantua goren mailara jaso dauan kantari talde ezaguna dozue. Kantari profesionalak, nahiz eta, euren lanetik —kantu lanetik— bizi ezinean, beste zeregin batzuetan jardun behar. Kantariak, beste persona batzuek mekaniko, tekniko, bulego* langile, nekazari edo moldeatzaile diran legez. Oso lan ona egin dabenak, eta, lagatzen jaken neurrian, egiteko prest dagozanak.

Imanol Badiolak, azkenengo ANAITASUNA-n, artikulu ozpintsu* baten, hauxe galdetzen deusku: "Ez dok amairu" taldeak, ikastolen edo erriaren aldeko jaialdietan nahiz bestelakoetan bardin kobratzea —ehuneko irurogei— ea gauza zuzena dan. Nik dakidanez, hori "Ez dok amairu" osoagaitik eskatzen dabena da, bestelango gastuak ordainduta gero. Kantidade hori, asko edo gutxi be izan leiteke, batzen danaren arauera*. Baina beste gauza batez kontura geintezan nahiko neuke: errietan egiten diran jaialdirik gehienak, danak ez badira, ikastolen alderakoak edo benefikoak izaten dira, azken alde honetan batez bere; beraz*, jaialdi banaka batzuetan bakarrik kobratuko leukee euren lanari eta maileari dagokioena. Eta puntu honekin amaitzeko: Zegaitik ez da artista euskaldun bat bere artetik bizi behar, nahiz eta arte hori "euskeraz" azaldua izan? Ze ba dirudi, euskerazkoa bada, dohakoa* izan behar dauala.

Ba dago beste puntu bat bere, aipatu beharrezkoa: Ikastolen diru arazoa ez da, urtean jaialdi benefiko bat antolatuz, konpontzen. Erriak artu behar dau bere gain ikastolea mantentzea; diruz eta denboraz, danak kolaboratu behar leukee ekintza honetan. Horretarako, baina, erria kontzientziatu egin behar da ikastola arazoetaz. Baina zer gertatzen da? Kontzientzia hori ezartzeko adorea falta jakula. Lan asko egin behar dala; jendeari banan banan berba egin behar jakola, arazoa azaldu eta ekintza honetarako laguntasuna eskatu. Jakina, hori lan nekegarria da; askozaz errazagoa, gure ahuleziaren* errua dana besteen lepora botatzea; askozaz errazagoa, radikalismoz berba egitea, radikalismoz lan egitea baino.

Azkenik: prolema hau azaldu dan moduan azaltzea, ez dago bapere ondo. Alkarri irainka* eta trapu zaharrak jaurtigika jarraitzen badogu, ez dakit zein geldituko dan zutik. Gure artean holan jardun barik, ba dago hor bazterretan zer kritikatu. Horretariko kritika garratz gutxiago, eta lotu gakiozan gogotik lanari.

S. BASAURI


Eliza Gaurko Munduan

Auteskunde batzuen inguruan

Bizkaiko elizbarrutian auteskunde* barri batzuek izan dira eskualde* bakoitzeko abadeak euren artzipreste kontseilariak aukeratzeko. Kontseilari honeek eta beste elizgizon batzuek osotuko dabe eliz-barrutiko Presbiterioa.

Orainarte Gotzainak berak autatzen* zituan eskualde bakoitzeko artzipresteak. Gaur egun, pausu bat emon da aurrerantza: abadeak eurak aukeratu ditue artzipreste kontseilari horreek. Baina, askoren eritxiz, emon behar zan pausu bat emon barik gelditu da: Kontseilari horreek Jainko-Erriaren zerbitzariak izango badira, zegaitik alboratu dira laikoak, aukeramen horretan parte artzen ez itxiaz? Ez egozala horretarako gertaturik? Bizkaiko eskualde batzuetan ba dagoz behintzat laikoak, Elizan euren eginbeharra zein dan ondotxo dakienak, edo horretarako gertatzen ari diranak. Zegaitik ez artu haintzakotzat? Noizko da pausu hori?

Abadeen artean sarritan entzuten da, laikoak dirala ta eztirala, Elizan euren tokia hau dala ta ha dala. Eta askok uste dabe, laikoak, elizetan igandeetako* irakurgaiak irakurriaz, euren eginbeharra bete dabela. Sakonean holako bildur bat nabaritzen* da, laikoak ez ote daben goregi igongo.

Ariari elduta, nire barruko kezka batzuek agertu gura neuskizuez zuoi, zelan edo halan aukeratuak izan zareen kontseilarioi:

Joan dan urtea zeharo garratza izan da erritarrentzat; euretariko askoren egoerea da testigu. Nire ustez, eliz zuzendariak ekilibrio larregi egitera dagoz ohituta; eta, batzuetan, atzera edo aurrera, hau edo bestea egin behar izaten da. Goiko ta behekoakaz era batera egotea, gatxa edo ezina da. Ta ordua eldu dala esan leiteke, erabagi sakon batzuek artzeko; osterantzean, erria odolustuten dan bitartean, berbetan, pentsatzen edo planeatzen joango jaku denborea. Eta ba dago zeregina.

Arazo nagusiei lehenengotik eldu beharrean, beste gai batzuekin asiko ote zareen susmoa dauka jendeak. Holan ez balitz, obeto.

Eliz Erakunde* barri bat osotuten dozue, erriaren zerbitzariak izateko, nahiz eta abadeen botoakaz bakarrik aukeratuak izan. Edozein erakundek bere arriskuak ditu: egoera baten gogortzea, bizitzatik aldentzea eta indarra galtzea. Zuekan dago, erriaren bizitza ta dinamikan sartuta egotea, edo erriaren atzetik tatarrez antzean jarraitzea. Bigarren hau jazoko balitz, askoren itxaropena beste behin zapuztuko litzake eta beste bide batzuetatik abiatu beharrean aurkituko.

JABI A.


Eliza Gaurko Munduan

Eliza pobrea... Danontzako obea?

Vaticanoko negozio arloan eskuak sarturik, Paulo VI Aita Santuak (eguno Aita Santu batek egin ez dauana) Elizeak "Società Generale Immobiliare"-an eukazan akzinoen ehuneko amabosta saldu dau oraintsu. Salketa hau garrantzi aundiko erakutsi bat da, Elizeak bere aberaskuntza mundutarra aurrerantzean zelan erabiliko dauan jakiteko.

Nok ez daki, Vaticanoa ondasun aundien jabe dala, bai lurretan, bai etxetan, bai kuadru, bitxi eta edergarri baliotsutan? Nok ez dau eguno, aberaskuntza horreek dirala ta, zeredozer entzun? Zeresan asko emon dau sarritan gai honek. Zineak bere, oraintsu, "Arrantzalearen Oinetakoak" filmean ("Las Sandalias del Pescador") Morris West nobelagilearen liburua gidaritzat arturik, Aita Santu bat erakusten deusku, nazino atzeratuetako jendearen alde Vaticanoko ondasunok bahituten* dituana.

Baina, beharbada, gutxik jakingo dabe, bitxi eta aberaskuntza artistikuen jabe izanez gainera, Vaticanoa Italiako inbersionista andienetakoa dala, akzino kartera ederraren jabe.

"Time" astekariak dinoanez, Vaticanoak 200 miloi dolarren balioko "stock"-a ei dauka akzinotan. Italian nagusien diran dozena bat enpresaren zati koipetsuaren jabe edo kontrolatzaile ei da. Honeen artean Italcementi, zemento olea*, Cartiere Burgo, paper olea, Molini Biondi, pastak egitekoa, eta Vianini injenieri etxea. Inbersino guzti honeen emoitzak laguntzen deutsoe Aita Santuari, bere inguruko gastu andiei eusten.

Baina egonezin soziala, goraka doa Italian. Albiste* orrietan irakurri dogu, azaroan* izan diran oporraldi latzen barria. Elizea langile klaseagaz kidetu nahian, Aita Santuak ez dau zerikusirik euki gura izan, zarratu beharrean izan diran fabrika ezegokiakaz, edo langileak behar barik ixteko premineagaz, are* gutxiago mahaiaren beste alderdian egoteaz, sindikatuak aloger gehiago eskatzen dabenean.

Horrexegaitik saldu dau Aita Santuak asieran aipatu dogun Immobiliare soziedadeko partizipazinoa. Immobiliare hau, Italiako andiena da etxegintzan. Salketa honen albistea kaleratu zanean, dardarea artu eban Milaneko boltseak, Vaticanoak bere akzino multzoaren garbiketea egiterakoan, kotizazinoak beherakada ikaragarria egingo ebela ta.

Baina, zihurki, denborea eroango deutso Vaticanoari bere negozio erabarritze honek. Bitartean, buruaustea nahikoa izango dau, behar dituan ingresuak urritu ez daitezan. Harean* bere, ez da akzino barik geratuko. Diru gizonak dinoenez, Italiako enpresetan baino, atzerrikoetan ipiniko dau gehiago, inbersinoak bananduaz, orainarteko kapitalista irudia desegiteko guran.

PEREZ BILBAO


Eliza Gaurko Munduan

Zenbait barri

Zenbait* abadek, langileen alde urten dabe Asturias aldean. Abaderik gehienak, ostera, lehengoari lotuak, jokabide hori ez dabe ontzat emon, ezta kargu nagusiak dituen abade batzuek bere. Albiste* honeek hango Diosesiko "Esta Hora" boletinean agertu dira, Jose Maria Alonso Vegari egindako alkarrizketa interesgarri batean.

Entzun dogunez, Gipuzkoa aldean "Orbegozo"-ko langile geldituen alde dirutza aundi samarrak batu dira eliza guztietan, Donostiako Gotzainaren baimen ta gurariz. Bizkaian, ostera, holako zerbait egitea nahi izan da; baina, egokitasunik ikusten ez zala ta, Eliz Agintariak ezetza emon ei dabe, artzipresteen eskariei erantzunez.

Holandako abadeak ezkon-bidean

Holandako Artzaintza Kontseilua alkaturik egon da, joandako egunetan. Beste gauza batzuen artean, botazino bidez eskatu dabe, bai ezkondu edo ez ezkondu libre ixteko abade izango diranei. Vaticanoan albisteak emoteko buru bezala izentatuta dagoan Vaillainc jaunak esan dau, Erromatik ez daukela zeresanik Holandako erabagien kontra.

"Hauxe gura dogu, esan dabe Holandarrak; baina ez, hauxe izango da. Azkenengo hau, Aita Santuaren eskuetan dago ta".

Arlo honetan, iru puntu ontzat emon dabez Holandarrak: Abade izatekotan dabiltzanak, nahi badabe, ezkondu leitekezala. Abade izanik, ezkontzen diranak, gura badabe, abade izaten jarraitu leikeela. Ta ezkonduak, nahi badabe, abade egin leitekezala.


Jakin eta Ekin

1969-ko Euzkerazko Liburuak

Julio Urkixo mintegiaren* Egan aldizkariaren azken zenbakian (4-6, 1969, 158/163 orrialdeak) 1963-tik 1968-ra argitaratu diran euskerazko liburuen listea emon neban. Egiten neban sarreratxoan ninoan* legez, ez da erraza argitaratzen diran liburu guztiak sartu ahal izatea, gura izanda be; beti gelditzen dira batzuek aipatu bage, euren barririk denboraz eldu ez jakulako. Alferrik ahaleginak egin, horixe gertatuko jaku, kontrol bat bideratzen ez dogun artean. Esate baterako. The British Museum dalakoak oso ondo eratua dauka ingles izkuntzan argitaratzen diran liburu guztiak artzeko, berari ezer kostatu bagerik gainera, aspaldiko urteetan argitaratzaile guztiak bina liburu bidaltzeko ohiturea artua daukelako. Instituto del Libro Español-ek be, antzeko zerbait egiten dau; baina oraindino ez dau lortu argitaratzen diran guztiak bereganatzea. Bai The British Museum-ek eta bai Instituto del Libro Español-ek, kataloguak argitaratzen dabez liburu argitaratuakaz; eta jakin nahi daben guztiak, euretan bilatu ahal dabe zer eta non argitaratua dan. Eta guk, euskaldunok, hain erri txikia izanik eta hain liburu gutxi argitaraturik, ez dogu antolatu holako zerbait be. Eta, gure txikitasunean, ez da hain gauza gatxa.

Euskaltzaindiak, Euskera aldizkarian urtero argitara leike urtean-urteko liburu guztien listea. Horretarako, argitaratzaile guztiak (liburu egileak be horretara beharturik) euskeraz argitaratzen dituen liburu guztietatik ale bana bidaldu behar leukee. Euskaltzaindiaren liburutegia euskal literaturaz aberatsena izaten lagunduaz, euren onerako izango litzaken liburuen barri emoteaz. Gaurtik ohitura hori artu behar leukee argitaratzaile guztiak.

Aurreko urteetan be, guk ahaleginak eginarren, uts bat baino gehiago egin genduzan. Honeen artean, 1967-ko listan sartu bagerik laga genduan Txilida, artezko liburu ederra, Pierre Volboudt-ek egina eta N. Etxaniz eta L. Mitxelenak euskeratua, Barcelonako Gustavo Gili, S. A.-ak argitaratua, eta baita Azkue-ren Aintziñako ipuiñak, Zarauzko Itxaropenak 1968-an argitaratua; baina hau, atzeratua urten ebalako izan zan.

Hemendik ikusi geinke, orain be holako zerbait gertatuko jakula; baina bat edo bestegaz uts eginarren, nahiago dogu ahal dogunen barri emon, isilean gordetea baino oba dalako.

Ondorean, 1969-an argitaratutakoen listea emongo dogu. Bertan falta diranen barriak pozik jasoko geunkez, eta irakurlea ahalegindu dadila horretan.

40 libururen barriak jaso doguz; ipuin laburrak eta Liturgiakoak ez doguz sartu, aurrean aipatu dogun Egan aldiskariaren 159 gn. orrialdean agertzen doguzan arrazoiakaitik.

40 euskerazko liburuetatik, 27 dira euskerazko orijinalak (3 bigarrenez argitaratuak), eta 12 beste izkuntzetatik itzuliak, eta honeetariko erdiak euskera-erderan eginak.

40 liburuok, eurak darabilen gaiez, honela dira: 10 liburu poesiaz, 7 bertsolaritzakoak, 6 saiakerak, beste 6 enziklopedia eta irakurgai didaktikoak (hemen ez dira sartzen ikastoletarako ikasgaitzat eginak), 3 nobela, 3 ipuin liburu, 2 antzerki (bietatik batean lan bi agertzen dira), 1 musikakoa, 2 antologia lehenagoko idazleenak, eta antologia 1 era askotako lanez (hemen sartzen dira saiakera bat, nobela bat, iru antzerki, poema bi eta zenbait* ipuin).

Ondorean jartzen ditut lerroz-lerro hemen numeroz agertu ditudan liburuok.

Baina barriz dinot, argitaratzaileak edizino barrietatik ale bana Euskaltzaindiko liburutegira erregalatzen badabe, ez dogula uts egiterik izango; eta, ohitura honegaz, luzarora guztiontzat obe izango dalakotzat nago. Horretara ahalegintzen diranei, eskerrak aldez aurretik.

***

 Arantza artean, Xabier Gereño. "Kuliska Sorta". Zarautz.

 California... Ku-ku!, Antonio Maria Labayen. "Kuliska Sorta". Zarautz.

Charles Perrault'en Ipuiñak (bigarren argitalpena), Etxebarria'tar Juan Angel'ek euskeratua. San Antongo Katekesia. Bilbao.

Egazkiñen mundua, J. Lewellen eta I. Shapiro. Etxaniz'tar Nemesiok euskeratua. "Margo-ederdun Enziklopedia", Timun Mas, S. A., Barcelona.

Egunero hasten delako, Ramon Saizarbitoria. Lur. Bilbao-Donostia.

 Elsa Scheelen, Jose Luis Aivarez Enparantza "Txillardegi". Kriselu, Bilbao.

Españi'ko olerkariak euskeraz, Etxebarria'tar Juan Anjel. San Anton Katekesia. Bilbao.

Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz, Yon Etxaide. Zarautz.

Euskal Elerti 69, bilduma. (Saiaera: Euskeraren inguruan, J. San Martin. Nobela: Beste izakia, X. Kintana. Antzerti: Historia triste bat, S. Garmendia, Makina, J. M. Zumalabe, A. Santamaria eta J. A. Eizmendi, Beste mundukoak eta zoro bat, G. Aresti. Ipuin: X. Kintana, M. Azurmendi-Intxausti, P. Urkizu. Poesia: Poesia banatua, E. Saizarbitoria, Euskal Hilobia, M. Azurmendi-Intxausti). Bilbao-Donostia.

Euskal idazleak. Añibarro, antolatzaile: Etxebarria'tar Juan Anjel. Bilbao.

Euskal idazleen lorategia (itz lauz), Karmelo Etxenagusia. Hegosa. Donostia.

 Ezin bertzean, Fernando Aire "Xalbador". Auspoa. Tolosa.

 Ezpata zorrotza (olerkiak) - Ezkutuko aria (antzerkia), Etxebarria'tar Juan Anjel. Bilbao.

 Franzisko Iturzaeta bertsolaria, A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Gu euskaldunok - I. Euskalerri zaharra, Anastasio Arrinda.

 Harri eta Herri (Piedra y Pueblo), bigarren argitalpena, G. Aresti. Kriselu. Bilbao.

 Ipuiñak, Hans Christian Andersen, Etxebarria'tar J. A.-ek euskeratua. San Antongo Katekesia. Bilbao.

 Isturitze-tik Tolosan barru, Jose Anton Arze "Arzabal". Zarautz.

 Itsasoetan, Obras Musicales del Padre Donostia. Lecaroz.

 Izadiaren mundua, M. Refoy. Dorronsoro'tar Lukas-ek itzulia. "Margo-ederdun Enziklopedia", Timun Mas, S. A., Barcelona.

 "Iainkotxoen" eta gizagurenen mundua, Morris Schreiber. Murua'tar Ramon-ek itzulia. "Margo-ederdun Enziklopedia", Timun Mas, S. A., Barcelona.

 Jesukristo (Kristau Fedearen sustraiak - II), Luis Villasante. S.G.E.U.S.A. Donostia.

 Juan Maria Zubizarreta bertsolaria (1855-1905), A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Juantxo txiki, Anastasio Arrinda. Zarautz.

 Kikero'ren eskutitzak, Etxebarria'tar Juan Anjel. S. Anton Katekesia. Bilbao.

 Motza, Zulaika ta Ugalde bertsolariak, A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Mugarra, Agustin Atutxa.

 Mundua, guztioi erakutsia, George Monlau. Mikel Atxagak euskeratua. "Margo-ederdun Enziklopedia". Timun Mas, S. A., Barcelona.

 Nekazariaren dotrina, F. Marcos da Portela. G. Aresti-k euskeratua. Kriselu. Bilbao.

 Oto ta Pototo, Anastasio Arrinda. Zarautz.

 Poema amaitu bakoak - Poemas inacabados, Luis de Arostegui. A. Onaindiak euskeratuak. Bilbao.

 Poemagintza, Ibon Sarasola. Lur. Donostia.

 Politikaren atarian, Rikardo Arregi. Lur. Donostia.

 Prantzi'ko olerkariak, Etxebarria'tar Juan Anjel. S. Anton Katekesia. Bilbao.

 Sorkalde urrutia, M. Sawyers eta W. Reusswig. Izuzkiza'tar Juan Jose'k euskeratua. "Margo-ederdun Enziklopedia", Timun Mas, S. A., Barcelona.

 Uhin berri (1964-1969 poesia bilduma), Juan San Martin. S.G.E.U.S.A. Donostia.

 Uste gabean, Manuel Matxain. Auspoa. Tolosa.

 Xenpelar bertsolaria, A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Zein da errudun? eta Nobi bat bear dogu, antzerkiak, Xabier Gereño. Euskerazaleak. Bilbao.

J. San Martin

Euzkaltzaindiko idazkaria


Jakin eta Ekin

"Ez dok amairu": Agiria (Bigarren zatia)

Ba dago beste arazo bat bere, gogo ekintzeari zeharo ez lotzeko, eta hauxe da: gogoagaz zerikusia dauken lanak gure errian ez dirala lan bezala artzen, denbora-pasako zerbait bezala baino. Horregaitik, gure antze* egileak euren lanetik biziteko dauken eskubidea ez da onartzen. Gomuta gaitezan Txirrita zanari buruz sortutako eztabaida famatuaz: "Txirrita nagi bat dok, alferra" batek inoala*, besteak honetara erantzun: "Txirrita argintzan nagia izatea ba leiteke, bere lana hori ez da ta; begira eik zenbat bertso sortu dituan, eta esaistak ea bere lanean, bertsolaritzan, alferra dan". Edo askotan entzuten dana: "Urlia* artistea profesionalizatu egin ei dok; a! ze txarria, erriaren lepotik bizi nahi jok". (Nor nondik, artistea erriagandik ala erria artisteagandik? Edo gizona tripa zaku bat baino ez da ala?). Benetan atzerakoia eritxi hau. Aurrerakoia eta on-bidekoa izango litzake, ea artista horren lana ona ala txarra dan eta zegaitik dan esatea. Baina, askotan, artisteari berari ez jako iruditzen bere bertso edo dantzatik bizitea zilegi* danik; erritik datorkion kutsu* atsituaz bustita dago. Eta erriak bere artistak babesten ez dituan bitartean, ez daigun pentsa erri horretan kulturea sortuko danik. Sortuko dira perretxikoren batzuek, baina ez jatorrizko kulturarik.

Hau aspaldidaniko gauzea ei dogu, ze, XVIII gn. mendean*, Joanes Etxeberri zanak, "Biltzar" dalakoan bere lau izkuntzetako iztegi nagusia argitaratzeko aina eskatu (?) ebanean, ezezkoa emon ei eutsoen. Sarako idazle bikainak nonbait "izugarrikeria" bat eskatu (?) ei eban, eta halan gaur garrantziko liburu ha barik gagoz sekulako. Baina ez daukagu XVIII gn. mendera zetan joan; gaur egun hor dabiltza gure jende jakintsu, etxetik kanpo egonbeharra, hemen biziterik ez dabelako, eta horrelakorik behar ez ei dogulako. Eta, bestalde, zer esan kanpoan dabiltzan gure hainbeste teknikoetaz, injeniero, ekonomista, langile-jabetu, eta gure industrial azikeran* premina aundiko ditugun jendeetaz? Nok bete behar dau gure industrian hareen utsunea? Eta zer esanik bere ez, Ondarrabian bizi diran "euskal eskolako" gure margolarietaz*; euretaz baliatzeko dalarik, danak oso errikoitzat dituenak, baina inoren laguntzarik artzen ez dabenak.

Bildur barik esan daikegu, gizarte sendo baten ezaugarriak ez dirala horreek; eta ohartuko* bagina, oilarrak beste kukurruku joko leuskigu.

Guk, lan baten truk, zerbait kobratzen dogunean, danak gomutatzen dira gugaz; baina, jaialdia posible izan eiten, egin behar izan ditugun gauzetaz ez da inor akordatzen (lehen esan doguzanen gainetikakoak). Kitarrak dirala, mikroak, fokoak, biajak, programak, propagandea eta horrelako beste, zerutik jausten ei jakuz; eta gainera, sobratzen dan diruarekin, antzelariak "burges bizitza" utsa daroagula esaten deuskue, biziteko beharko geunkenaren laurena gelditzen ez jakularik. Antza danez, jaialdietara ez ei da automobilean joan behar, bizikletan baino.

Gainera hori, zerbait irabazten dogunean; edo aipatu beharko ote ditugu, ezer kobratu barik, diru galtzen, honen edo haren alde emon doguzan jaialdiak?

Jaialdi batzuetan ezin daitekela ezer kobra, kondizino berezietan gagozala, eta kontuz ibili behar dala, ba dakigu, eta esan barik doa. Ez dogu uste, neurritik kanpo ibili gareanik (gure egoerearen barri dakien hainbeste erritara eroan gaituenak, mututurik gelditu dira ala?). Egia esan, maila guztietan "amateurregiak" izan gareala deritxogu.

3. Ikastolen alde egiten diran jaialdietan, antzeko zerbait gertatzen da. Gu, behin baino gehiago, ikastolen alde kantatzen ibili gara; eta, bere neurrian, ondo deritxogu. Baina gauza horreek egoera osoago baten barrenean doaz; eta jakin be ba dakigu, jaialdi batzuek zoritxarrez zelan antolatzen diran, amaika numero ezarriz, bi edo iruk jardutea nahikoa litzaken lekuan. Sarrerea "ogerlekotxu" bi kobratuaz, eta beste horrelako.

Ikastolen egoerea eta ezbaia, jaunak, ez datza* jaialdi baten, ezta amaikan be (erraza litzake soluzinoa), danen arteko lan sakon eta serioan baino. Baina, beti bezala, gizartearen uts egiteak norbaiten burura jaurtigi behar.

4. Baina batzuek uste ei dabe, nahikoa dala gu leku batera joatea, jendea jazarririk ezartzeko. (Orain bere, gizartearen uts egite jenerala talde batek bete behar dau). Gauetik goizera, Jainkorik ezeztatzen dabenak beste fetitxe-mamu aundiagoak ezarri nahi deuskuez Jainkotzat; mistizismo nazkagarri batean jausten ari garealarik. Esate baterako, kanta batek ez ei dau ezetarako be balio, baldin eta jendea "jazarri* eragiten" ez badau, eta ez da "jazartzaile" eta jatorra; eta nahikoa da "jakituria" eta "iraultzegile"-aren jantziekin erriaren aurrean agertuz, danen aurka ari* izateko. Ez gaitezan, mesedez, errikoikeriekin asi! Hain zuzen, finkatu behar dana horixe da ta; zeintzuk diran egiazko jazarbideak.

Guk egiten dogun lana, bere konplejidade guztiekin, garrantzikotzat artzen dogu, eta ez, mistizismoak eraginda, misiolaritzat. Jakinen gainean gagoz, zeintzuk diran orain talde baten neurri eta jomugak*; eta, iraun ahal daian, hareen arabera* ibilten gara, pausu guztiak ahalik eta neurtuen emoten. Eta uste dogu, inok ezin deuskula, gure jokabidean "saldutzat" artu leiteken ezer bere muturrera bota.

5. Indibidualkeriak itxita, indibidualtasuna aberastuteko alkartu ginan "Ez dok amairu" baitan*. Bakoitzak bere ekintza eta esperientziaren barri ingurukoen artean zabalduaz, taldeak lan osotu bat egin eian, eta era berean bakoitzaren jakitatea aberastuaz. Bakarrekiko lanak onartzen ditugu, baina guk hori baino batzuen artekoa nahiago dogu. Gatxagoa dala ba dakigu, baina horrek ez gaitu ikaratuten. Beste persona eta taldeekin artuemonik euki gura dogu, danontzat obe litzakelakoan, dudarik bage. (Gugaz mintzatu* gura izan dauanak, ez dogu uste ateak itxita aurkitu dituanik; inoiz horrela gertatu bajako inori, barkatu deiskula).

***

Eta honekin amaitu gura dogu; egia batzuek nahi genduzan agertu, nahiz eta mingotsak baziran bere. Guk nahi geunke, benetako alkarrizketan, guri doakiguzanak entzun.

Gu hemen gagoz, orain lau urte zerbait egiten asiak, eta bide barrietatik jarraitu nahiak. Alde guztietatik ditugu eragozpenak; baina oraindino ibilten gara, eta agian* ibiliko. Itxaropena ez dogu galdu. Horrexegaitik gaituzue hemen, gure gizartearekin batera jokatu nahian, obeagotu guran, uts egin barik.

Gipuzkoa, 1970-ko urtarrilean


Abereak eta burdinak

Pinudien etorkizuna

Pinudiak gero ta errenta urriagoa emoten deuskuela, marramarraka gabiltza.

Zegaitik jaitsi* da pinuaren prezioa? Askok dinoenez, pinudi larregi dagoalako. Leku guztietan pinua sartu ei dogu, ta hona hemen ondorioa: pinuaren prezioa jaistea.

Pinudi larregi dagoala? Bai, pinudi larregi dago; baina pinu gutxi. Pinudiak gehiegi dira. Pinudien jabeak gehiegi gara. Halan ta guztiz bere, gure basoak txikiegiak dira, ta basoen jabeen indarrak txikarragoak oraindino.

Gaurko merkatuan, presinozko taldeak edo "grupos de presión" deritxoenak, merkatuaren ugazabak dira. Pinudien jabeak ez dogu presinorik egiten egurraren merkatuan, talderik osotzen ez dogulako. Jabeak gara, ala menpekoak? Banatuta gabiltzan bitartean, gaurko merkatuan ezin geinke besterik egin, presinozko talde horreek jartzen deuskuen prezioa onartu baino.

Ba dira beste problema batzuek bere: mendiaren teknikazko problemak, esate baterako. Mendiaren teknika atzeratua darabilgula esaten deuskue teknikuak, ta arrazoia dabe. Baina merkatuaren problemak, aundigoak dira, mendiarenak baino. Beti azalean geratzen gara: teknika berbea atera ezkero, dana amaitzen da. Ta teknikea garrantzitsua izanda bere, tekniku guztiei presinozko taldeak emoten deutseez agindu zorrotzik behinenak.

Aurkitu egin behar dogu egoera honen urtenbidea. Gaurko merkatuan gagozan bitartean, ez dogu ezer egingo, pinudien jabeak presinozko talde bat osotzen ez badogu. Hainbat arinen osotu, gainera; bestela, pinudien jabetasuna kendu egingo deuskue, taldea egin orduko.

ARABARRA


Abereak eta burdinak

Olentzaroa

Joan diran Gabonak egundoko jatorrenak izan ei dira gure artean. Eta esanbeharrezkoa da, jai eratze, arte kontu ta musika gaiak (eta euskereak era batez) auspo indartsu bat daukela Otxandion: Don Emilio, eskolako irakaslea, gaztea ta erriko semea, dana bihotza ta sensibilidadea. Aurten, San Tomas egunean Olentzaro ateratzea otu* jakon. Batzuek, ez egoala astirik esaten eben; baina gazteontzako ez dago ezinik. Iru egunean, baimenak, kantu saioak eta behar zan guztia.

Gabon bezperan, Olentzaroari buruz itzaldi bat. Olentzaro zer dan esate zaharretan: menditik jaisten dan sugin bat, ahurpegi baltz, begi gorri eta besapean ota edo ginarra* txorta bat. (Mozkorkeria, geroago erantsitakoa da). Izena: "Olentzaro", Barandiaran eta beste jakitun gehienak dinoen legez, eta ez erdal kutsuzko "Olentzero*. Eginkizuna: etxerik etxe Gabon suak izetu, eta Mesiasen etorrerea gomutarazo holan. Izenaren etimologia: Barandiaranen eritxiz, "Oles Aro", edo etxerik etxe oles* egiteko aroa.

Barandiaranek berak, orain amabi urte inguru, Olentzaro dala ta, Donostian egin eban-itzaldi baten, hauxe esaten eban: mito hori ez dala personaje bat edo jainkoizun* bat. Bere eritxiz, urtearo baten gomutagarri bat baino ez dala, urte garai bat adierazoten dauala, Gabon garaia, alegia*. Eta bide horretan, "Oles Aro" da gure Gabonen deiturarik egokiena, sasoi hori dalako oleska ibilteko aroa.

Gabonak amaitzeko

Urteko lehenengo igandean*, erriko zinetokian, euskal jai bat egin zan. Erriko "Oyandi" korala, Don Emilioren zuzendaritzapean. Erriko gazte batzuek, antzerkitxu bat. Erriko Txomin eta Garbine, euren kitarrekin. (Txomin kantaria ta kantegilea da, ta oso gaztea). Erriko gazte bi, bertsotan. Eta "Bozkari" Deriotarrak, Natxo eta Joseba Laukiniztarra, zein baino zein adoretsuago.

Aspaldiko Gabonik ederrenak Otxandion. Bizkaiko erri bakoitzean beste honenbeste egingo balitz, ZERUKO ARGIA-ko ileta soinua baino askoz indartsuago izango litzake ANAITASUNA-ko "olesa".

B. GARAITIKOA


Abereak eta burdinak

Europan Sartzearen Premina ta Kondizinoak

Ekonomiak zerikusi aundia izan dau politika aldakuntzetan, gizonaren kondaira* guztian zehar. Ia ia politikearen oinarri bakarra ekonomia izan dala esan be egin geinke, sikoanalisiaren sakonera eltzen ez bagara behinik behin.

Gaur ezagutzen doguzan Estaduen formazinoan halan izan zan. Jauntxoen denboretan feudoak estuegiak ziran, kapitalismoak bere indar gutiak jokoan ipinteko behar eban-zabalkunderako; eta burgesia jaiobarriak, erregeagaz bat eginaz, zapaldu egin zituan jauntxoak eta euren lurrak Estadu batean batu.

Gure Euskalerriko kapitalismoaren sorkundea bere, bide honetatik etorri zan. Gure burgesiaren jokabidea be, berberau izan zan. Lehenengo, erregearen babesa eskatu, jauntxoen aurka joateko; eta, honeek zapalduak edo integratuak izanda gero, erriaren kontra erregearen laguntasuna barriro eskatu. Foruen inguruan izandako eztabaida guztiak, komerzioak behar zituan-askatasun eta babesagaitik izan ziran. Gure merkatariak kendu egiten zituen gaztelarrekin artuemonetan ibilteko oztopoak eta, erria euron kontra larregi altzatzen zanean, erregearen indarra eskatu. Ikusi, horretarako, "Gatzaren Estankua", eta abar. Bigarren mailan geratzen ziran gizonaren eskubide ta moral arazoak.

Desarroilo itsu hau ez da inoiz gelditzen. Oraindino ez dago osorik gizonaren kontrolpean. Eta horra hor, zelan gizona alde batetik gora jaso dauan eta bestetik zapaldu. Orainarteko desarroiloak ez dau gizona guztiz osotuten. Gizonaren izakera barreneko gauza asko ausita gelditzen dira ekonomiaren indarpean.

Gaurko ekonomiari, txiki geratu jakoz oraingo Estaduak. Merkatu zabalago batzuen preminan, gaurko ekonomiak ezin leike bere oinarria nazino batean bakarrik jarri. Feudoen antzera, gaurko Estaduak estuegi datorkioz oraingo desarroiloaren egoereari. Gaur "unidad económica" lez ulertzen dana, kontinentea da, edo beharbada munduaren atal nagusiagoren bat.

Egoera honetan, Estadu batek desarroiloari jarraitu nahi badeutso, besteekin alkartzera beharturik dago; eta, behin martxan jarri dan ezkero, horrantz doan mugimentuak ez dauka gelditzerik. Jakina, mugimentu honeri indarra emoten deutsoenak, euren lantegietako produktuentzako merkatu bila dabiltzanak dira; eta, produktua esaten danean, zera aditu leiteke: diruaren merkatua, beste Estaduetako lantegiekin jabetu nahi izatea, eta abar. Talde honeri ez deutso mesederik egiten oraingo nazinoen abertzaletasunak; eta ba doa, ahal dauan neurrian, aberriekin ahaztuteko giroa sortzen.

Susmo hau hemen be nabaritzen* da. Espainiako agintariak, orainarte tabu izan diran gauzak alde batera ixten doaz. Lehen Europa ustelagaz ez genduan artuemonik euki gura. Gaur, eta arineketan, hainbeste gauza ekarri dogu Europa horretatik. Gibraltarregaz ahaztuten asi gara, eta amerikanoak berton dituen baseen auzia aitatu bere ez dogu egiten.

Integrazino guzti hau talde bakar batek egina da. Ekonomiaren indar itsu hori ez da gizonaren zerbitzuan jarriko, erriak, langileak burrukatzen ez badabe horretarako. Europako erri aurreratuak, burruka honeri eskerrak, demokrazia batean bizi dira: erriak bere kontrola dauka nazinoaren agintaritzan. Horregaitik, Europan integratzeak kondizino batzuek eskatzen ditu. Europako gobernuak, demokraziaren indarrak bultzatuta, ba dauke zer esan eta zer esijidu, alkartera sartzen diran nazino barriei.

ANTON


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ABAGADUNE, ocasión propicia.

ALA, según, conforme.

ALOGER, jornal.

ATZEMON, apresar, detener.

AUTESKUNDE, elección. (Berba barria).

AZAZKATU, desahogarse.

AZIKERA, formación, preparación.

BAITEGOAN, bait egoan, egoan eta.

BATZORDE, comisión. (Berba barria).

BEHINEN, más importante, principal.

DOHAKO, gratuito.

ENPARADU, restante.

ERAKUNDE, egitura, egitamu, estructura.

GINARRA, brezo.

HAREAN BERE, seguru, aurki, nonbait.

IDAZKARI, secretario.

IKUSMIRA, vista panorámica.

INOALA, esaten ebala.

IRAULTZA, revolución. (Berba barria).

IRUROGETAZ, sesenta y tantos.

JOMUGA, asmo, objetivo. (Berba barria).

KATIGATU, katez lotu.

KONDAIRA, historia.

LORRATZ, huella, vestigio.

LUPETZA, lodazal.

MARGOLARI, pintor. (Berba barria).

MINTEGI, seminario, reunión de estudio.

NINOAN, esaten neban.

OLA, lantegi.

OLES, dei, aupada.

OTU, burura etorri.

PADURA, marisma.

TAMAL, lástima.

URIAUZO, enclave de villa.

URIGINTZA, planificación urbana.

URPONTZU, ensenada de río.

URREAN, seguramente, por lo visto.

UXALA, ojalá.

Euskera bateratukoak

AGIAN, nonbait, seguramente.

ALBISTE, barri, noticia.

ALEGIA, hau da, a saber, es decir.

AMETS, ames.

ARAU, norma, medida.

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun, lanean ibili.

ASTEARTE, martitzen.

AUSART, atrevido.

AZARO, zumendi, noviembre.

BAHITU, empeñar.

BAITA, bait da, da ta.

BEREHALA, behingoan, arin.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

DATZA, (etzanda dago), consiste.

DESIRATU, desiatu.

EHIZTARI, cazador.

EKAIN, bagil, junio.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

HARAN, ibar, valle.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HEZI, educar.

HURBILDU, urreratu, acercarse.

IGANDE, domeka.

JAITSI, jatsi, bajatu.

KUTSU, deje, resabio, contagio.

LEHERTU, reventar.

MEMENTO, momentu.

MENDE, gizaldi, siglo.

MINTZATU, berba egin.

NABARITU, advertir, percibir.

OHARTU, konturatu.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, zezeil, febrero. (Otsoen il).

OTSO, lobo.

OZPINTSU, ozpinez bete, avinagrado.

URLIA, fulano.

ZENBAIT, batzuek.

ZILEGI, lícito.

Beste euskalkietakoak

AHULEZIA, makaltasun.

ANTZE, arte.

ARABERA, según, conforme.

ARE, oraindino.

BAITAN, barruan.

BILERA, batzar, encuentro.

BULEGO, oficina, buró.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

IRAIN, injuria, insulto.

JAZARRI, combatir, ir en contra.

JAINKOIZUN, falsa divinidad.

KAZETAGINTZA, periodismo.

XAXATU, azuzar.

ZUZPERGARRI, reconfortante.

II. Idazteko modua

Txarto:

Dantzea bakarrik bada gure ekintzea, jausi beite zerua gure gainera.

Dardarka asi zan Milaneko boltsea, beherakada ikaragarria egingo ebela kotizazinoak eta.

Kontuan eukirik Gorozikak eta Ibarrurik Muxikagaz bat egin dabela.

Diruzainak azaldu ebazan urteko diru gora-beherak.

Indar gehien daukana: hara hor irabazlea.

Ondo:

Gure ekintzea dantzea bakarrik bada, jausi beite zerua gure gainera.

Dardarka asi zan Milaneko boltsea, kotizazinoak beherakada ikaragarria egingo ebela ta.

Gorozikak eta Ibarrurik Muxikagaz bat egin dabela kontuan eukirik.

Diruzainak, urteko diru gora-beherak azaldu ebazan.

Indar gehien daukana: horra hor irabazlea.


Gerediagatarren urteko bilera nagusia

Urtarrilaren 18-an, goizeko 11-tan izan zan, Astolako auzitegian, Gerediaga alkartearen batzar nagusia.

Ehun bat bazkide batu ziran, eskualde* guztitik etorriak. Asierako agur itzak Valentin Lasuen Lehendakariak esan ondoren, Mañarian eginiko batzarraren aktea irakurri zan, bazkideen oneritxirako.

Jarraian, joan dan urteko ekintzen kontu emon jaken bazkideei: Artzain Txakur Txapelketea, Merindade Eguna, Dantzari Eguna, Durangoko Azokea, eskualdeko urigintzea, eta abar. Ogetabi ekintza, guztitara.

Diruzainak, urteko diru gora-beherak azaldu ebazan; eta, ondoren, errietako ordezkariak, aurtengo urterako pentsatuta daukezan ekintzak agertu zituen: Mallabian barriro be Txakur Txapelketea, Abadinon Dantzari Eguna, Igorretan Merindade Eguna, eta abar.

Gero, alkarrizketan, eztabaida aundia sortu zan, erri bakoitzak zenbat ordezkari euki leikezan erabagiteko orduan. Eta azkenean erri bakoitzeko bost ordezkari, topetzat jarri zan.

Amaitzeko, Oiz aldea osotzen daben errietako ordezkariak, botazino bidez, aldatu egin ziran. Aukeraturiko ordezkari barriak honeexek dira: Igorretako Jesus Ormaetxea, Garaiko Julian Berriozabalgoitia, Berrizko Luis Gorroño, Zaldibarko Valentin Lasuen, Mallabiko Justo Arriaga, Abadino-Matienako Jose Luis Lizundia, Ermuko Agustin Aranberria eta Durangoko Juan Antonio Aroma.

Eskualde guztitik Atxondo arana* dago ordezkari barik, bertako bazkiderik bilerara* etorri ez zalako.

González jaunak, "Centro de Iniciativas Turísticas de Vizcaya"-koak, eskerrak emon zituan eta esan eban gainera, zentro horrek argitaratzen dauan aldizkariaren urrengo zenbakia gure eskualdeari eskainia* izango dala. Eta Migel Angel Astizek, asmoa dagoala esan euskun, Abadinoko Muntxaraz jauregian "Luz y Sonido" dalakoa ipinteko.

Bezperan, Durangoko Euskal Liburu ta Diskoen Azokan euskeraz eta erderaz agertutako liburu egokienei Gerediaga Saria emon jaken. Aurtengo azokan sari hori jaso dabe: "Etxahun-en bertsoak gipuzkeraz", Jon Etxaidek idatzia ta Itxaropenak argitaratua; eta erderazkoen artean, "Catálogo monumental de la Diócesis de Vitoria, Treviño, Albaina y Campezo", Josefa Portilla ta Jose Egiak idatzia.

Honezaz gainera, Gerediaga aipamena eroan eben: Aita Villasanteren "Jesukristo" liburuak, "Así esta la enseñanza primaria. Hablan los maestros", Jose A. Agirre Elustondorenak, eta "La hora de Navarra", Julio Caro Barojarenak.

Liburu honeek autatu* dituen mahaiburukoak, honeek izan dira: Eusebio Erkiaga ta Jose Maria Satrustegi euskeraz idatzitakoentzat, eta Carlos González Echegaray eta Jose de Arteche erderazkoentzat.

JUAN ANTONIO AROMA


Ezagutu gure erria (10)

Busturia (1)

Busturia Bizkaiko merindaderik aundienetariko bat zan, eta bere uriburua Gernika. Hemen egoan Busturiko Teniente ta Merinoa, ta baita eliz arazoetarako Busturiko Bikarioa bere. Gaur egunean eskualde* hau, "comarca guerniquesa", edota gure kondairan* egundo esan ez dan "guerniquesado" izenagaz ezagutzen dan lurraldearekin osotzen da.

"Gaur egunean" dinogu, Busturiko merindadea lehen aundiagoa zalako. Alde batetik Arrieta kendu deutsoe, geografia, urigintza* eta gaurko arazoen praktikotasun arrazoiakaitik; eta bestetik, Markina buru dan eskualdean sartzen diran erri batzuek. Gorozikak eta Ibarrurik Muxikagaz bat egin dabela kontuan eukirik, gaurko Busturia eskualdea Autzaganen jaio ta Izaron amaitzen dala esan geinke.

266,26 km.2 ditu ta 41.463 bizilagun. Bere barrutiko erriak: Muxika (Gorozika ta Ibarrurigaz), Gernika ta Lumo (Axangiz, Forua, Murueta, Arratzua, Kortezubi ta Nabarnizekin), Mendata, Ereño, Ea, Elantxobe, Ibarrengelua, Arteaga, Errigoitia, Busturiko Axpe, Sukarrieta, Mundaka ta Bermeo.

Elizeak oraintsu egin dauan Bizkaiaren zatiketan, goian aipatu ditugun erriok, Uribe-Butroeko Morgagaz, Busturia izeneko eskualde bat osotzen dabe.

Beste eskualdeetan jazoten dan bezala, Busturian be esplotazino txikiko baserriak dagoz. Bere ekonomia, Bermeo, Gernika, Elantxobe ta Mundaka kendu ezkero, baserriari lotua, eskualde kooperatiba baten faltaz dago, estruktura-aldatze sakonagoetan asi ezik behintzat.

Itsasotik bizi diranak, era bitakoak jarri geinkez: arrantzatik bizi diranak, Bermeo ta Elantxobe batez bere; eta itsasgizonak, Euskalerriko beste edozein eskualdetan baino gehiago, nabegatzen dabiltzanak. Murueta, Axpe, Sukarrieta ta Mundakan; Arteaga, Kanala, Ibarrengelua, Natxitua, Ea, Bedarona ta inguruetan, zenbat eta zenbat kapitan, pilotu, makinista ta marinel, petroleru ta merkanteetan, munduko zazpi itsasoetan! Liberiako ikurrinpetik eskualde honetara sartzen diran dolarrak, ezin dira sartu Bizkaiko ekonomia estadistiketan.

Industriarik gehiena Gernikan dago, eta apur bat Muxikan. Itsasoko deribaduetakoa, Bermeon.

Komunikazinoak nahiko ondo dagoz, Zornotzatik Bermeora doazan auto- ta trenbide euren lepo azur dirala. Beharbada, autobidez Markinagaz obeto komunikaturik egoteko, Nabarniztik Aulestirako zatia falta da; eta erri biotatik uriburuetara joateko, zabaldu ta patxadatu behar litzakez oraingo bideak. Trenbideak, 1967-an, 1.232.202 lagun eta 4.262 tonelada igaro zituan; bere 30 kilometroetan, batzuetan erdi utsik ibili arren, uda denboran zeregin ederra betetzen dau.

Turismo ekonomiak garrantzi aundia dauka Busturian. Beharbada, ez dago Euskalerri guztian hain ondo gertatu leiteken eskualderik. Izan be, ekonomia horretarantz bultzatzen dabe eskualde hau bere ondartzak —Laga, Laida, Sukarrieta, ta abar—, bere ikusmirak —Bedarona, Akorda, Kanala, Mundaka, Lumo, Ereñozar ta beste—, Gernikako Juntetxe ta jatetxeak, ta hain ibar eder, zabal eta luze, inon ez lakoak. Baina Bilbo Aundiko aundikiak konturatu egin dira; ta, padura* guztiak erosiaz, euren gozamenerako nahi dabe turismo aberastasun hori. Orduan itsasondo ta ibarrondoko erritxoak, jolas-arrantza lekuak eta Neguri barriak izango lirake; ta Gernika, orain baino burgesago oraindik, dekadentzi uriburu bat bihurtuko ei litzake. Asmo horreri ezetza emon ei deutsoe eskualdekoak. Baina ezetz utsak be, ez dau balio; ta Busturiak, turismorako posibilidade aundiak dituanez, ahalegina egin leike, aberastasun hori turismo on batera eroaten, turismo sozial batera, alegia*.

Izkuntzeak Busturi aldean irauten dau, beste eskualde batzuetan baino obeto. Gernikako burgeskumeen artean, ez beharbada. Alfabetatze kanpainak, asi Autzagane barrenean eta Bermeoko porturaino egin dira, erririk gehienetan, edo euskaldunak eurak itxi dabenetan behintzat.

Busturiko gaurko eskualde hau azaltzen, erriz erri, uriburutik ta berari lotuta dagozan errietatik asiko gara.

Gernikak, orain ia mende* bat, Lumogaz bat egin eban. Azkenengo gerrate ondoren, erritarrei eritxirik eskatu barik iruntsi ditu Axangiz, Forua, Murueta, Kortezubi, Arratzua ta Nabarniz; ta Errigotia ta Mendata be iruntsiko zituan, erri biok apur bat deskuidatu balira. Munduko estadu gehienetan, horretarako erreferendum bat eskatzen da. Hemen diferenteak gara urrean*.

Axangiz

1.200 bizilagun. Bere auzoak: Errenteria, Kanpantxu ta Mendieta (erriburua). 1944-an, Gernikak beragandu eban. Errenteria uriagaz auzune bat eginda egon arren, enparadua* ez egoan zetan batu. Kanpantxu ta Mendieta, baserri ekonomiari lotuak dagoz.

Forua

7,97 km.2 ta 798 bizilagun. Bere auzoak: Atxondoa, Baldatika, Gaitoka, Uberuaga ta Elexalde. Urdaibai torretxe entzutetsuaren orma zahar batzuek baino ez dira gelditzen. Frantziskotarrak, XVIII gn. mendean*, Izaroko komentua itxi ondoren, erri honetara etorri ziran; eta, joan dan mendearen azkenetan, frailegaientzako ikastetxe bat irigi eben bertan. Ortuari ugari artzen daben baserriak daukaz erri honek.

Murueta

6,09 km.2 ta 321 bizilagun. Bere auzoak: Goierria, Larrabe ta Kanpantxua (erriburua). Baserri erritik gainera, ontzigintzako erri bat bere ba da. 1967-an, 9 ontzi egin ziran bertan: Arando Chico ta Arando Grande (erremolkadorak), Usala, Usoka, Santurce, Zorroza, Aranondi, Luz Boreal eta Ciudad de Valverde. Hortik ikusten da, erri honek ba eukala bere buruaren jabe izateko aukerea, baita ontzigintzearen arrimura azitzeko bere. Eskualdeko erririk txikiena da.

Kortezubi

12,03 km.2 ta 655 bizilagun. Bere auzoak: Barrutia, Basondo, Elorriaga, Idokiliz, Oma, San Ana, Terlegiz eta erriburua. Baserri erria, ortuari famatuak ditu, piper eta tomate batez bere. Erriko seme Juan Lezikakoa Buenos Airesko alkate izan zan, errejidore; ta berak jaso eban Argentinako zaindari dan, Luján-go Andra Mariaren santutegi ospetsua. Erri honetako Basondo auzoan Santimaminako koba entsutetsuak dagoz, Arantzadi, Barandiaran eta Eguren gure jakitunak aztertuak, eta orain Diputazinoaren kostuz apainduak. Bertako pinturak, Arri Arokoak, Euskalerriko inportanteenetarikoak dira.

Arratzua

10,01 km.2 ta 641 bizilagun. Bere auzoak: Berroeta, Belendiz, Barrutia, Elexalde, Gorozika, Loiola (erriburua), Mendia, Uarka, Zabala ta Zubiate. Eliza bi ditu, Elexaldean Santo Tomasi eta Belendizen San Pelaiori jarria. Baserri erria, gutxitzen doa bizilagunez eta gehitzen pinudiz.

Nabarniz

12,16 km.2 ta 524 bizilagun. Bere auzoak: Ikazurieta, Intxaurraga, Lekerika, Merika, Uribarri-Zabaleta ta Elexalde edo erriburua. 1860-an, 655 bizilagun eukazan; ta orain, azkenengo kontaketatik, 524 baino gutxiago eukiko ditu. Gastiburu mendian, 1814-an, erromatarren lorratzak* aurkitu ziran. Baserri ekonomiari lotua, baztertuta egon dan erri bat izan da. Orain Gabikara egiten diharduen bideagaz, Lekeitio ta beste itsasondoko errietara irigiko da; ta, Aulestirako bidea egingo balitz, Lea araneko* erriakaz eta Markinako uriaz komunikatuko litzake. Komunikazino horreek, erdi amatatuta dagoan erri honeri, beste bizitasun bat emongo leuskioe.

J. L. LIZUNDIA