ANAITASUNA

BIZKAIA

184 zenb. 1970, • MARTXOAK 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 5

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 184 zenb. 1970, Martxoak, 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


1877 eta euskera batua

 Ehun urte ez dira igaro, eta Hovelacque-k esandakoa gaurkotasuna galtzen asia da. Oinarri bako esaera izango ote da, ehun urte betetakoan!

Zer inoan*, ba, Hovelacque izkuntzalariak? Hona zer: "Euskerearen ugaritasuna, zelan edo halan esateko, ezin kontatzeko modukoa da, auzo bakoitzak bere izketa berezia dauka ta. Hau, barriz, ez da bapere arrigarria. Baina bizitzako izketearekin batera, izkuntzak ba dauke beste berbeta orokar* bat, zelanbait konbenzionala, eziketearen* frutua, eta gehienetan literatura idatziarekin oso lotua. Euskeraz, barriz, ez dago horrelakorik, eta idazle bakoitzak bere euskerea taxututen dau, norberak bere irudimenaren arabera" (A. Hovelacque, La Linguistigue, Paris, 1877).

Izkuntzea bateratzeko, bide bi izan dira munduan: politika bidea bata, eta idazleen lana bestea. Gehienik lehenengoa erabili izan ohi da, hau da, zentralismo politiko baten bidez erresuma guztian estaduaren izkuntza ofiziala artu erazotea. Honelan gertatu da Frantzian, Portugalen, Espainian, Rusian eta abar. Berau izan da biderik erraz eta bizkorrena.

Baina, Sebero Altubek ederki agertzen eban bezala, Hovelacque-ren denbora hatantxe hain zuzen bere, Ego aldeko euskaldunak —Ipar aldekoak lehentxuago— euren buru jabetasuna galtzen eben, euren foruak galtzen zituelarik. Ordurarte euskerearen batasuna, legez lortzeko ahala izan eben; harrezkero berandu zan. Aurretiko euskaldunak, barriz, ez eben ikusi, izkuntzeak erria batzeko eta indartzeko daukan indarra. (Beste artikuluren batean, bigarren karlistadan izkuntzeari buruz izan zan jokabide argia aipatuko dot).

Italiarrak, alemanak eta katalanak ez eben batasuna politika indarrez lortu, bestela baino. Zelan? Idazleen bidez. Horra hor, ba, gure bidea!

Euskereak ez dauka inongo babesik, erriaren gogoa izan ezik. Euskerea, gaurko idazle batek inoan* bezala, benetan izkuntza proletarioa dogu, erri behartsuaren izkuntzea. Erritarrok, ba, nahi badogu, egiaztuko dogu izkuntzearen berbizkundea. Horretarako, nahi ta nahiezkoa da batasuna.

Amaitzeko, Salvat katalan teatrozaleak Zaldibarren esandakoa datorkit burura: "Itsu itsu nago, judutarrak, izkuntzearen berbiztea lortu izan ez balebe, "sei eguneko" gudua irabaziko ez ebelakoan".

J. A. LETAMENDIA

***

Severo Altube Lertxundi

(Irigoienen marrazkia)

Mondragoen jaio zan 1877-an, baina Gernikan bizi; gerra aurretik bertako alkate izan zan. 1920-an Euskaltzaindiko egin eben. Ez eban Ikastetxe Nagusietan ikasi, baina bere ahaleginez jakituria aundi baten jabe egin zan. Frantziako linguista aundiekin artuemon estuan egon zan, eta "garbikeriaren" kontra izugarrizko burrukea egin eban, euskera erritar batera eskritoreak bultzatuaz. Bere idazlanik entzutetsuenak; "Erderismos", "El acento vasco" eta "La vida del euskera".


Erriz erri

Amabi arrietatik

Gure eskualdean* alfabetatze kanpainea aurrea doa. Oraintsu asia da Izurtzan, eta aurten egiten da lehenengoz erri horretan.

Durangon bere, aurrera doa. 21 lagunek jarraitzan dabe, asi ziran 25-etatik. Euron artean mutil bi baino ez dagoz, beste guztiak neskak dira; honeetatik 5 Abadinokoak, 2 Igorretakoak eta 9 Durangokoak.

***

Otsailaren* 22-an, igandez*, meza bat egon zan Atxarten (Abadinon), Eibarko "Club Deportivo"-k antolatuta, bertan il zan-euren bazkide Jose A. Mintegiren alde. Baita beste meza bat be, Durangoko San Frantzisko elizan, urrengo larunbatean*, Tabira Mendi alkarteak antolatuta.

***

Zaldibarko Aiuntamentuak, idazki baten bidez jakin erazo deutse bertako "Coral de Zaldibar" alkartekoei, esan daiela, euren ustez zeintzuk izan leitekezan izenik egokienak, izen bako kaleei jartzeko.

***

Aste Santuaren urreratzeagaz batera, gogo jardunak asi jakuz. Durangon 10 txanda emongo dira guztitara, 8 erderaz eta 2 euskeraz. Euskerazkoak, otsailaren* 23-tik 28-rarte, Aita I. Goikoetxea jesuiteak emon zituan euren elizan. Martxoaren 16-tik 22-rarte, San Frantzisko elizan, Aita. R. Zabaleta jesuiteak emongo ditu, andrentzat arratsaldeko 4.30-tan eta gizonentzat gaueko 8-retan.

***

Bizkaiko Diputazinoak miloi erdi pesetaren aurrerapidea emongo deutso Atxondo Araneko* Aiuntamentuari, Apatamonasterioko kaleari argia ipinteko eta pelota tokiari aterpea jartzeko.

***

Ermuko A.R.C.E. alkarteak iru egun t'erdiko txangoa* antolatu dau, martxoaren 26-tik 29-rarte, Aste Santuko oporren barruan. Txango hau, Euskalerriaren mugan dagoan Erronkari aran* zoragarrira izango da.

***

Durangoko "Duñaiturria y Estancona, S. A." lantegian, egun honeetan amaitu dabe, munduko egazkin aundiena izango danarentzat egoak eta gorputza egiteko "perfiladora" bat. Makina honen neurriak ba dira benetan arrigarriak: 30 m. luzeran eta 7 m. zabaleran eta alturan. 380 toneladakoa da bere pixua, eta 100 langileren 7 ilabeteko lana daroa gainean. 25 miloi peseta ei da bere prezioa, eta Ipar Amerikako Los Angelesen finkatua dagoan Cleveland lantegiaren aginduz egin da.

JOAN ANTONIO AROMA

Markina

Erri honetako talde batek deituta, Bilboko gizon bi izan doguz izlari. Gaia: "Laikoen ekintza Eleizan". Batek euskeraz emon eban, eta besteak erderaz urrengo egunean. Euskerazkoan behintzat, jendetza aundia batu zan. Handik urtendakoan, gehien-gehienei ezagun jaken, euren esanetan, itzaldiei buruz euken eritxia. Ez, Iriondo jauna ez zan ondo geratu gure artean, nahiz eta asmo on-onagaz etorri. Bilbo aldeko erdi-euskaldunei itz egitea ta Markinako euskaldunei egitea ez da bardin. Ez da nahikoa, Kontzilioko agiriak laikoetaz zer dinoen ondo ta sakon jakitea. Euskaldunei itz egiteko pausurik emon baino lehen, euskerea bera be holan baino obeto jakin behar da.

Dana dala, argi geratu zan, laikoak ba dabela zereginik eta zerikusirik, Eliza lez, gaurko munduan.

***

"Zerutxu" kultura alkartearen urteroko batzar nagusia izan genduan otsailaren* 22-an.

Lehendakari dan Ramon Biteriren berba egoki batzuen ondoren, alkartearen urteko gora-beherak aztertu ziran, gai nagusitzat ikastolea artuta. Diru arazoa aztertzean, hor izan ziran istiluak. Ilero, 5.000 pesetako utsunea geratzen ei da. Buruausterik nahikoa izan behar, utsune hori beteteko.

Ondoren, Joseba Arrietak "euskera ta kultura" gaitzat arturik, itzaldi bikain bat egin eban; labur eta sakon. Azkenez, Markinan euskerearen alde egiten dan lana aipatu zan.

***

Parrokiako "asistente social"-ak zuzendurik, alkarregazko lana aurrera doa. Urtarrilaren 25-ean eta otsailaren* 8-an, bost-sei kaletako gizon-emakumeen batzarrak izan ziran, ikusi diran erriko preminak eurei azaltzeko eta guztien eritxiak jakiteko.

Argi ikusi zan, erria bera arduratu behar dala erriko beharrizanakaz, honeek askatasun osoz azalduaz, aztertuaz eta gero erantzuna emoteko lana eginaz. Batzar horreen ondorio lez, batzorde bat eratu da. Batzorde hori, kale guztietako ogetairu zahar, gazte, gizonezko ta andrazkok osotzen dabe.

Bakoitzaren lana ondo zehaztuta gero, beste gauza batzuen artean, dispensarioaren arazoari eldu deutsoe. Tokia ba da horretarako; baina baita Aiuntamentuaren eta "seguridad social"-aren eta beste erakunde* batzuen laguntzea be beharrezkoa da. Laguntza horreek lortu nahian dihardue orain.

IRUKOTE

Donostia

Xabier Gereñori

Bilbon

Adiskide ona: Gaur bidaldu deutsudaz, "Agencia Helguera"-ren bitartez, 5 ale "Etxahunen bertsoak gipuzkeraz" eta beste 5 ale "Gorrotoa lege". Portea ordainduz bidaldu ditut; eta aurrerantzean bere holan egingo dot, ale gehiago behar badozue. Ikusi daikezunez, "Gorrotoa lege", Domingo Agirre Nobela Saria izan zan, 1962-an; eta "Etxahunen bertsoak", Gerediaga Saria irabazi dau (zoritxarrez sari lehorra!), 1969-an. Ez lehenengoarentzat eta ez bigarrenarentzat ez neban editorerik aurkitu, eta biak neure bizkar atera behar izan ditut. Lehenengoa egiteko ez neban dirurik, eta adiskide batzuek aurreratu eusten; baina baita kontseilu emon bere, ez neizala 600 ale baino gehiago atera, diru galtzerik izan ez eiten. Jakina, ez zan dirurik galdu, eta nire adiskideei zorrak ordaindu neutsezan; baina, orain sei urte barru, edizinoa agorturik gelditu da. Eta nor ausartu edizino barri bat egiten?

Jokabide honetaz damuturik eta oraingoan diru jabe izanik, "Etxahunen bertsoak" mila ale ateratzen ausartu naiz; baina bai erdi damutu bere, ez baita* "Gorrotoa lege" baizen erraz saltzen, eta gainera etxean tokiz urri nabil, edizinoa gordetzeko. Nik uste, 750 litzakela batakin eta bestearekin artu behar neban neurria.

Eskerrik beroenak emon nahi deutsudaz zure laguntasunagaitik eta, oraindik gehiago, agertu deustazun konfidantzeagaitik. Egia esan, ez dakit nire eskerrona zelan agertu. Propaganda orririk ez daukat CINSA-rako; baina benetan eskertuko neuskizu, zabalkunde apurtxu bat egingo bazeunsta ANAITASUNA-n.

Poztuten naiz "Joanak joan" gustatu jatzulako.

Nire emaztea asi da zure nobelea irakurten, eta oso gustura.

Barriro eskerrik bihotzekoenak emonaz, agurtzen zaitu zure adiskide ta zerbitzari honek. Jon Etxaide.


Mundu biribila

Yugoslavia 1970: industriako larrialdiak

Gauza bat behintzat beti aitortu beharko da Yugoslaviako politikearen alde: beste edozein Erresuma* komunistak baino agiriagoan daroazala bere zereginak. Horregaitixek merezi dau Yugoslaviari kritika egiteak, Yugoslavian berton be kritika egiteak merezi dauan legez. Hemen ez dago beste zenbait* Erresuma komunistako misteriorik eta okultismorik. Yugoslavian bizi bizi sentitzen dira politikazko kezkak eta ardurak. Jendea informatuta dago, bere eritxia dauka eta agertu egiten dau. Egia esan, erri-eritxiak neurri asko ta kanal gutxi dauka hemen be; baina beste inon baino ausartago* ta azkarragoa nabaritzen dogu hemen inteligentzia. Kritikeak ba daki bideak sortzen, bere kezkak batetik erriaren belarrietaraino ta bestetik politikalarien Biltzarretaraino eldu erazoteko.

Kritika hori aidean galtzen da, Alderdi Komunistearen (AK) oneritxia zelanbait irabazten ez badau. Baina horixe da hain zuzen, hemengo miraria: komunistak ez dabela kritikea isilerazoteri, zoliagotuten baino. Arazo garrantzizko bik ahoak eta gogoak ondo berotuta asi da hemen urtea, kalean nahiz Parlamentuetan. Eta A.K.-ren barruan jazoten da biotan burruka.

Finanza-gorabeherak urten eben lehenengo, urteko erreportagaz. 1965 ezkeroztik abiatuta dago ekonomia-moldeen erreforma sakon bat; baina erreforma hau sakonago egin gura leukeenak ez dagoz konforme. 1969 urtearen kontaduria oso txarra izan da, eta, aurrerabiderik izatekotan, ondorio guztiakaz artu beharko da molde-barriztapen edo erreforma. Esaterako, Yugoslavian merkatu-ekonomia sartu dan ezkero, inbestizinoen arazoa lehenbailehen oneratu beharra dago. Orainarte ikaragarrizko kargak ipini jakoz industriari, eta kapitalik aurreratu ezinik egon dira lantegiak. Beraz*, inbestidu ezinean, produzino-tresnak eguneratu ezinean, egunean baino egunean atzeratuago. Lantegiei kendutako kapital horregaz egoaldean jarririko industria barriak, ostera, bizitasun eta produktibidade eskasa agertu dau. Eta benetan produktore ona dan iparraldeko industria, Eslovenian eta Kroazian, makinaria ta produzino-tresna modernu barik dago. Halan be, iparraldeko industriak daroa produzinorik gehien gehiena Yugoslavian. Ulertzekoa da Errepublika Federalon kritika ta aserrea.

Honen aurrean, inbestizinoen politikea aldatutea erabagi dau Gobernuak. Ze inbestizino horreek, Errepublika Federal pobreagoen onerako egiten baziran be, errealismorik bako plangintza bateri jarraituaz egin nahi ziran. Bizkaian aurreratutako kapitala bertoko industriari kendu ta industriarik bako beste nonbaiten inbestitzea lakoxe jokoa zan. Baina holako jokoetan guztiak galtzen dabe, ta ez Yugoslavian bakarrik. Irudimenean bakarrik onak ziran-asmuok, ez eben kalterik baino sortzen. Ekonomia ezin leiteke bideratu ekonomiazkoak ez diran ardura ta bururazinoakaz (politikazkoak euron artean).

Inbestizino-politika dirijista hori mugatu, ta inbestizino-kontuetan lantegi bakoitzeko Korhite Nagusiaren eskuetan ahalmen gehiago ixtea erabagi dau Gobernuak. Ze orainarteko politika honek, beste buruauste bigaz konfrontatu dau Yugoslavia. Alde batetik, ikaragarrizko inbestizino-zorrak eginda dago Estadua. Ekonomiako molde-barriztapena erabagi baino lehenagoko inbestizino-obilgazinoak bete ezinik geratu da Gobernua. Nongo diruagaz jarraitu asitako lantegiak, Danubioko Elektrika, Belgradotik Bar-erako (Montenegro) trenbidea, etc.? Asikeran uste baino askoz garestiagoak urten dabe honeek, eta beste Errepublikak ez dabe diru gehiago ordaindu gura. Industriari ezin leitekio daukana baino gehiago eskatu. Eta erbesteagaz lehendik be zor larregi dauka Yugoslaviak. Inok ez daki kredituak nondik lortu. Zerbait laguntzeko, Rusiak eskua luzatuko baleutso! Baina ikusgune* horrek itxaropenez eta bildurrez betetzen dau Yugoslavia. Ribicic Ministro-Lehendakariak berba emon dau, halan be, atzerriagazko zorrak zeharo ordainduko dirala 1970 urtean. Baina garbi esan dau, hori eginda, dibisa bapere ez jakola Yugoslaviari eskuetan geratuko. Rusiagana itzuli beharko ote dau? Merkatu Batuagaz be konponketa bat lortu gura leuke Yugoslaviak, eta Europak Rusiari deutson bildurra onuragarri izan leitekio Yugoslaviari.

Bigarren arazoa, sal-neurri edo prezioena da. Inbestizinorik ez egitean, atzeratuta geratu da lantegietako produzino-tresnena. Produzinoa gero ta gatxagoa ta kostu andiagokoa da. Sal-neurriak altzatu egin behar izan dira, azkenengo urtean batez be. Ta alogerak jasoteko eskatu dabe beharginak. Joan dan urtean, horregaitixek, lan-opor edo huelga asko izan da Yugoslavian. Langileen autojestinoa, langileen euren jestinoa baino gehiago, burokratena dala erakusten dau horrek. Gobernuak, halan be, ez dau gura antza alogerak behean lotu daitezan. Ba dirudi, barruko produzinoa gogorki babesten daben aduana-arauak nasaitu, liberalizatu beharko dirala (erbesteko elektro-gailuak 50 % garestitzen dira Yugoslavian sartzerakoan, autoak 90 % inguru, etc). Autojestino-komiteak, inportazinoa errazagotu ta ugaritu gura dabe. Baina dibisak behar, inportazinorako; ta Yugoslaviak ez dauka dibisarik sobra.

Halan be, 1969 urtea ez da dana kolore baltzekoa bakarrik. Laborantzan sekula baino uzta* obea batu da. Europan beste inon baino arinago igoten dau hemen turismoak, prozentuen eskalan. Turismoaren eta lanera erbestera joandakoen artean, dibisa mordo andia jasoten da. Merkatu Batuagaz probaturiko artuemonak, bide ona daroe. Esportazinoari be (itsasontziak, laborantzako jeneroak) etorkizun argia agiri jako.

JOSE AZURMENDI


Mundu biribila

Eguzkialde Erdia

Eguzkialde Erdiko auziaren sustraia Israelgo estaduan dago.

Palestina, britaniar agintzaldiaren bukaeran*, estadu bitan zatitua izan zan: juduena (Israel) eta arabiarrena. Israelgo estadua, 1948-ko maiatzaren 14-an eraiki* zan; baina inguruko arabiar estaduak ez eben onartu ta gerra emori eutsoen, britaniar inperialismoaren sorkari* artifizial bat zala ta.

1949-ko urtarrilean, bakeune bat izenpetu zan; eta 1950-ean, Agiri baten bitartez, Estadu Batuak, Bretaina Aundia ta Frantzia, Palestinako "statu quo" arriskuan jarri eikeen egitada guztien aurka ahal eitekezan neurriak artzera konprometidu ziran. 1956-ko urilaren 29-an, Israelgo gudarostea* Egipton sartu ta, Sinai guztia bereganatuaz, Suezko kanalaren inguruetara eldu zan. Kanal hau, azaroaren* 5 eta 6-an, frantses eta britaniarrak okupatu eben; baina, Rusia ta Estadu Batuen presinoz, utzi beharrean aurkitu ziran. Israelek be atera zituan bere gudariak Egiptotik.

1967-ko maiatzean Nasser, Egiptoko lehendakariak, Tirango itsas-zintzurra ixteko aginduaz, eta O.N.U.-ri bere gudariak (israeldarren etxeratzearen ondoren jarriak) kanal eta Gazako lurraldetik kentzeko eskatuaz, sutsu itz egin eban Israelen aurka. Ekainaren* 5-eko goizaldean asi zan "sei eguneko gudua". Israelek Egipto, Jordania ta Siria azpiratu zituan. Dayan generala, defentsako israeldar ordezkaria, ospetsu egin zan. 27-an, Jerusalemen, jordaniar zatia Israeli erantsia gelditu zan.

Ondorengo barriak ezagun jakuz. O.N.U.-k, ohi dauanez, ezin askatu dau korapilo hau. Israel, okupatutako lurralde batzuek bihurtzeko prest dagoala dirudi, baina arabiar gobernuen aldetik errekonozimentua ta gudurik eza eskatuaz.

Lehenengo ta behin, Israelgo estadua, Palestinan bizi ziran arabiarren aurka ta gainetik eraiki* zan. Palestinako arabiarrak iges egin beharra izan eben; harrezkero hor dira miloi bat errefugiadu, euren lurrak barriz lortu nahirik, Arafat buru dabela.

Ta bigarren, "sei eguneko gudua" ezkeroztik okupatuta dituan lurraldeetan, atzerritar zapaltzaile bat besterik ez da. Israelek, izan ditu kontuan artzeko moduko alde eredugarriak; baina kontuan artzekoa da, ta beste guztien gainetik, baita bere politika inperialista oinperatzailea be.

Yasser Arafat (Palestinaren Askatasuneko Organizazinoaren idazkaria) da israeldarren lehen etsaia*. Arafat iraultzailea* da, ez konpontzailea; ta bere estrategiaren guna, gerrillak dira. Dayan beraren eritxiz, Al Fatah "ondo sustraitu da arabiarren artean". Horregaitik da arriskugarri (ta errezeloz ikusia) bai israeldar ta bai arabiar konserbatzaile ta erreakzionarioentzat, Libano ta Jordaniako gertaerak erakutsi deuskuenez.

Al Fatahren elburua, guztiak eskubide zibil eta politiko bardinekin biziko diran Palestina bat da. Gaurko Israelgo estadua, ostera, konfesional eta segregazionista da.

Palestinako eguneroko errealidadea, gudua da. Al Fatahko gudariak euren erri menperatuaren alde burrukatzen daben bitartean, arabiar gobernuak gertu legokez Israelekin bakeak egiteko; baina biharamunean, gerrillen bultzadak eraginda, jausteko arriskua izango leukee.

"Lau Aundiak", bestalde, hain geldiro ta faltsuki daroezan alkarrizketetan, ez dauke gudua amaitzera ahalegintzeko interes aundirik. Bakoitzak, besteekin aurrez-aurre jarri barik, lortu leikezan irabazi ekonomiko-estrategiko-politikoak dira lehenengo; ta gero gerokoak. Baina, Arafat hor dago ta, hori guztientzat arriskugarri dan lez, "negozioak negozio" diran ezkero, egunen baten, beharbada, Al Fatahren aurka enpleatu leitekezan armak alde biei saldu ta petrolioa zurrupatu. Tiro batekin lau txori.

A. MUNIATEGI


Euskaldungoa

 «Biliatzen» izena daroa Euskalerriko JOC-eko ekintzaileak ateratzen daben aldizkariak. Multikopistaz egina da, eta erderaz ta euskeraz dator.

«Iztegi berezia» izenburuarekin argitaratu dau Jon Oñatibiak liburu bat, lau zatitan banatua: berba ulergatxak, liturgiakoak, bizkaierazkoak ta mugaz handikoak.

 «Canto a Marichu» izango da, laster batean Jose de Arteche erdal liburugileak argitara emongo dauan liburua. Bere ta bere emaztearen autobiografia ei da.

«Gran País, difícil País...» izenburuarekin eskainiko* deusku beste erdal liburu bat Miguel Pelay Orozcok. Noiz euskeraz?

«Riqueza y grandeza de la ría: 1900-1923». Izenburu hau dauka Rafael Ossa Echaburu erdal eskritoreak egindako liburu barriak. J. M. Areilza jaunak egiten deutso itzaurrea.

405.810 bizilagun zituan Bilbok, igaro dan azaroan*.

Jon Etxaide, euskal eskritore jator bat dogu. 1920-an Donostian jaioa, Unibersidadean ikasia, eta orain Euskaltzaindikoa. Hainbeste liburu on idatzi ditu; euren artean entzutetsuenak, «Gorrotoa lege» eta «Joanak joan». Oraindik oraintsu beste liburu eder bat argitaratu dau: «Etxahunen bertsoak gipuzkeraz». Eskatzekotan, Jon Etxaide, Paseo Colón, 33-4.° - San Sebastián.

Iruñeko Aiuntamentuan izugarrizko eztabaida bat izan dabe Ezponda ta Tabuenca jaun kontzejalak, euskereari buruz: lehenengoa alde, ta bigarrena kontra. Bigarrenak esandakoei kontuak artuaz, «Real Sociedad de Amigos del País»-ek ohar bat argitaratu dau, euskerea defendiduaz. Euskereari buruzko eztabaidak uriburuko Udaletxean!

Nafarroako Olekuan ba da gizon bat Antonio Sanz izenekoa. 12 ogibide ditu: barberoa, tabernaria, sakristaua, zorroztailea, uren arduraduna, denboraleen kontrako kanpaien arduraduna, dendaria, bankuko ordezkaria, arakina*, fontaneroa, enterradorea ta alguazila.

Santa Cruz de Campezon 11 itzaldi interesgarri emon dira, joan dan otsailean*, nekazarien kooperatibismoari buruz, Arabako «Organización Sindical»-ek eratuak.

Astigarragan, elizako gela batean itzaldi arduragarri batzuek emon izan dira, martxoaren asieran, «Extensión Agraria»-koen ardurapean, ortu labrantzeari buruz.

Iruñeko Arga ibaiaren gainean, zubi bat egingo da laster. Diputazinoak emonik, 30 miloe beharko dira. Zubiak 88 metro luzeran eta 27 zabaleran izango ditu.

Arabako Valdegobia eskualdean*, abereak obeagotzeko lehiaketa* bat antolatu dau Arabako Diputazinoak.

Teologia kursillo bat antolatu izan da Gazteizen, euskeraz. Otsailaren* 3-an asi zan, eta ilabete inguru iraun dau, Erreparadoren etxean. Araba aldean gauza serioak egiten dira!

Arabako «Eliz Ondoan» alkartekoak bizkor dabiltz. Euren orritxoak dinoanez, Legutianon* meza bat euskeraz ipini dabe, ta Ubidean bere halan izan daiten dei bat egin dabe. «Olabide» ikastolan, ostera, obra barriak egiteko dira. Gazteizen bertan eta Arabako beste erri batzuetan ikastola barriak zabaldu dira. Ta Aramaion, umezaintoki bat irigi da. Aurrera, jaunak!

Iruñean 13 parrokia barri sortu ditu Tabera jaun Kardinalak. Jabier Azagra Artzaintzarako Bikarioak esan bezala, parrokia txikiak eta kristinau talde txikiak sortu nahi dira.

Jose Maria Ojanguren Betanzos, Villaroko abade gazteak, soldadutzara joan beharko dau, kapellau legez, urte birako. Jakina dan bezala, abadeak eta abadegaiak ez dabe soldadutzarik egiten. Baina, euren borondatez joandako kapellau nahikorik ez badago, zozketa bat egiten da. Ta aurten, Bizkaian, aipatu dogun abade honeri suertatu jako.

Idoia Garmendia kantariak ume bat izan dau, ta Ainoa izena jarri deutsoe.

«Naikari» izeneko orkesta entzutetsua desegin egingo ei da. Bata ezkondu, bestea soldadutzara... Ze penagarria!

Kantari jardunaldi bat izan zan, otsailaren 14-an, larunbatez*, Bilboko Salesianoen zinean. Azken ordurarte ez eben baimenik lortu ahal izan. Presentatutako abestietatik asko ta asko debekatuak izan ziran. Abeslariak: Natxo, Maria Angeles, Itxaropena, Bozkari ta Urretxindorrak. Azken honeek ez eben ezer kantatu, presentaturiko kanta guztiak debekatu egin eutsoezan eta.

Bilboko Ingeniero Ikastetxean, «Paso del Ecuador» deritxoen jaietan, euskal kulturaren agerpenak izan ziran. Martxoaren 4-an. Jose Angel Irigarai, euskal literaturaren kondairari buruz mintzatu zan. Mitxelenaren «Historia de la Literatura Vasca»-ri jarraitu eutson, gaur eguneko euskal eskritorerik ez eban aipatu eta euskeraren batasuna preminatsua zala esan eban. 5-ean, Arze anaiak. Marian, Ana Tere ta Benito Lertxundik abestu eben.

Bilboko Ingeniero Ikastetxean «ekuadorra» pasatu da, bai...

Uztapide ta Lasarte bertsolariak, bertsotan egon ziran martxoaren 1-ean, Donostiako «Urresti Gai» deritxon zelaian.

 «Ez dok amairu» taldeko kantariak, Gipuzkoara gobernadore barria etorri dan ezkero, kanta ahal izango ei dabe Gipuzkoako errietan. Orainarte debekatuta euken, Azpillaga ta Lopategi bertsolariak bezala.

Bertsolarien txapelketea aurrera doa Debako errekarroan*. Mondragoen egindako banaketan honeexek gelditu dira azken txapelketarako: Azpillaga, Motrikuarra. Gorrotxategi, Osintxuarra. Egileor, Bergararra. Iparragirre, Eskoriatzatarra. Loiola, Mendarotarra. Ta Narbaiza, Eibartarra.

 «Ramuncho» izeneko euskal antzerkia, Motrikuko teatro talde batek antzeztu dau Zarautzen, joan dan otsailean.

M. Andre L. Dardy, «Le Figaro» frantses egunkariko* eskritoreak iru liburu egin ditu Euskalerriari buruz. Bat argitaratu barria da, ta laster agertuko ei dira beste biak.

«Agirre ta Lekubetar Joseba Andoni» sarirako dei egin dabe «Euskal Kulturaren Alde»-koak. Idaztiaren gaia, idazleak bere gain dau. Saria, bat bakarra ta mila dolarrekoa izango da. «Euskal Kulturaren Alde»-koen gain geratzen da epaia emotea. Epaile bakoitzak boto isilez emongo dau bere erabagia. Boto erdiak baino bat gehiago lortzen dauan idaztiak irabaziko dau saria. Idazti merezigarririk ez balego, ezin leitekio inori saria emon. Epaia garaiz emona izan daiten, idazle bakoitzak bere idaztiaren ale bi bidalduko balitu, «Euskal Kulturaren Alde»-koak txera onez artuko leukeez. Ale bat zuzenbide honetara: 10, boulevard d'Alsace-Lorraine - 64 Bayonne; eta bestea: 48, rue Singer, Paris (XVI).

Laburdiko Kanbo erritxuan, gobernuaren eskoletan euskeraz irakasten asi dira. Ernandorena andereak emoten ditu astean bizpairu ordu. Andere hau ta beste bi, Estaduak ordainduta, erririk erri ibilten dira euskeraz irakasten.

Villafranca de Orian, euskal alfabetatze talde barri bat asi da, Ramon Balenciaga jaunaren ardurapean.

Victor Zubizarreta musikalari ta organo jotaile ospetsua zahartzaroko epean sartu da, Martxoaren 6-an omenaldi bat egin deutsoe Bilbon.

«Urtain, el rey de la selva o así» da Summersek egin dauan azken filma. Summersek modu askotara (gerla, ukabilkaritza, mutikoen burrukak, abereenak...) gizadiaren biolentziaren barri emon nahi deusku; baina, hainbesteko nahastean, azkenean ez dakigu zer dinoskun. «Arrijasotzearen» sekuentzia polito dago; baina obeto, zehatzago, egin eikean. Velascorena bere bai, ukabilkarien do dramea agertzean. Summersek ez deusku honekin lehenago egin dituan filmekin baino gauza baliotsuagorik eskaintzen.

Huelga aparteko bat izan da Bilbon. Olabeagatik asi ta Deustuko Riberatik aurrera, Nerbionen alde bietan fabrika asko dagoz; eta alde batetik bestera langileak eroateko, txalupak edo boteak dabiltza. Txalupa jabeak gehiegi jaso ei ditue prezioak, eta langileak huelgan jarri dira. Ez dabe boterik artuko, ta oinez nahiz autostop eginaz joango dira beste aldera, errekako zubietatik zehar. Azken egun honeetan, polizgizonak ibili dira boteroak zaintzen, honeetariko bat errekara jaurtigi nahi izan eben ezkeroztik.

Angel Zelayeta


Eliza gaurko munduan

Barkatu, Jauna!

Aspertuta nago. Bai, beti gauza bardina entzuteaz aspertuta. Gazte edo ez, jakintsu edo ez, andra edo gizon..., beti itaun* bardina: zetarako mezea? Mezeak ez nau betetzen; nekatu, aspertu eta iguindu* egiten nau; nire bizitzan ez dauka zentzurik.

Fenomenu honen arrazoiaren bila ibilia naiz. Gaurko munduaren sekularizatze bat dala dinoe batzuek. Ez dot ukatuko egia danik. Baina, kontuz! Errua ez dago sekularizatze horretan, berari erantzun jator bat ez emotean baino.

Zetan gelditu dira gure mezak? Azkenengo aldaketak zer ekarri deuskue?

Azterketa arin bat egingo dot. Meza emoteko era bi artuko ditut eredu* modura. Bat, Donostiako katedralean igandeetako* meza nagusia; bestea, Donostiako Jesuiten elizan euskerazko mezea.

Katedralean nengoalarik, hauxe ninoan* nire kitan*: ondo egingo ote dot meza honetara etorriaz? Esan ohi dan bezala, sartu nintzan baino okerrago atera nintzan. Hako otzikarea! Gipuzkoako eliza guztien nau eritxi horretara.

Zer esan abestietaz? Irakurgaien arteko abestia eta ezer bere ez, bardintsuak. Meditatzeko itzak badira, oso gatx ikusten dot horra eltzea. Konturatu bere ez nintzan irakasle izan behar leukena, eta... hain giro itsusia! Zelan arritu hain jende gutxiaz? Penea daukat, zenbat ote ginan zenbatu ez nebalako. Lehenengo lau jezarlekuak beterik egozan, eta han-hemenka banaka batzuek. Aldarean, meza-emoilea beste abade laguntzaile bigaz, zeremonien zuzendaria, abeslariena bere bai, eta beste laguntzaile txikiago batzuek; jezarleku gehienak jaun kalonjeak* betetzen zituen. Hain aundia zan nire mina, meza erdira orduko kanpora urten neban.

Sakramentuak, sinesmena daukenentzat dira. Baina sinesmena, sakramentuak artzen dituenak beste, emoten dabezanak euki behar dabe. Eta hori neurtzea, oso gatxa da nonbait*. Ez naiz horretan sartuko, beraz*. Baina itxureari begiratzen badeutsagu, bape duda barik esan geinke, batzuetan, sakramentuak artzen dituenak sinesmen gehiago dabela, sakramentuak emoten dabezanak baino. Neuk ikusiak eroan egin, latineraz ala erderaz ala euskeraz ari* ote ziran. Aleluia bera be, gregorianoz, inok ez erantzuteko eran.

Diru batzea, ebanjelio bitartean. Itzaldia, berez, meza-emoileak egitekoa bada bere, hemen ez zan horrelakorik.

Itz batean: liturgiak planto egin dau hemen; ez da mundu honetako gizakientzat*.

Hori guztia, ezer gutxi noski*. Ezelan bere azaldu ezin leitekena, hango otza, giroaren otza. Ezelango berotasunik ez. Beharturik egindako zerbait zala agirian egoan.

Meza horrek, gizatiarragoa* izan behar dau. Sakramentuak gizakientzat* dira, gizakiak ulertzeko modukoak. Elizea ez da zerua, ez da aingeruentzat, gizakientzat baino. Horretaz jabetzen ez garean bitartean, eta horra eltzeko bideak artzen ez ditugun artean, ez gaitezan arritu... ezetaz.

(Beste batean itz egingo dogu beste meza-moduaz.)

M. AMUNDARAIN


Eliza gaurko munduan

Elizaren errialdeak

Espainiako Estadu barruan, auzitegi* arazoa dala, Unibersidadeena dala, gudaritzarako dala, bideetarako dala, edo beste erakunde* ta arazo askotarako dala, zatiketa batzuek eginda dagoz, gehienak txarto, Estaduko Erriak eta Errialdeak asko kontuan euki barik.

Pentsa eiteken, Elizako zatiketak obetotxoago egongo zirala edo barriztatzen joango zirala.

Euskerea, gallegoa ta katalana (valenziano ta mallorkinagaz batera) benetako izkuntzak izanik, Elizeak zetarako sartzen ditu Araba ta Bizkaia Burgosko eliz barrutian, ta Albacete Valenciakoan? Eta gainera, gallegoa ta valenzianoa haintzakotzat bere ez ditu artzen, izkuntzak legez.

Historiari jaramonik egin barik, Jaca Iruñegaz alkartuta agertzen da, nahiz eta Aragongo uriburu ta sorlekua Jaca izan. Beraz*, Jaca obeto egoan bere anaia Barbastro, Huesca, Zaragoza, Tarazona ta Teruel-Albarracinegaz.

Extremadurako Badajoz eliz barrutia, Andaluciako Sevillagaz lotuta dago; Coria-Cáceres eta Plasencia, barriz, Toledogaz. Toledok, bere obispaduko ditu Badajoz eta Cáceres probintzietako hainbat erri. Orain urte pare bat, Extremadurako periodiku baten albiste bat agertu zan, Mérida, antzinako uriburu zaharra, errialde guztiaren erdian dagoana ta lehen obispadu izandakoa, barriro be obispadu egingo ebela, ta orduan, Toledo ta Sevillagaz lotuta egon barik Extremadurako artzobispadu bat sortuko zala. Baina, gaurrarte!

Cartagena-Murcia, Granadari lotuta dago. Jaén, Almería, Guadix ta Málaga, Granadagaz lotuta egotea naturala da, danon artean Andalucía Oriental errialdea osotzen dabe ta. Ez historiaz, ez dialektuz, ez ekonomiaz, ez folklorez, ez izakeraz, murciarrak ez dira andaluzak.

Albaceteko obispadua Bilbo ta Donostiakoekin batera sortua izan zan, eta valenciarrekin alkartu eben. Hemen historia, izakera, ekonomia ta beste arazo batzuez gainera izkuntza problemea egon arren, ez jakon horreri jaramonik egin. Ez ote zan obe izango, Albacete buru dala, Cartagena-Murciagaz alde batetik eta Ciudad Realegaz bestetik, eliz errialde bat osotzea, Murcia-La Mancha barruan sartuaz? Hain zuzen be Albacete, Murcia da historiaz eta La Mancha beste enparaduetan*; eta inoiz irakurri dogu, La Mancha errialde natural batetik errialde ofizial batera pasatu balitz, Albacete izango zala errialde horren uriburua. Elizeak ez al ditu gauza naturalak beretzakotzat artzen? Ala obe izango ote da, Ciudad Realek feudal garaiko "Priorato de las Ordenes Militares"-en eliz uriburu anakroniku izaten jarraitzea?

Zetarako lotu Canarias, Andalucía Occidentaleko eliz barrutiekin? Bera ez al da behar dan beste nortasunekoa, urrun egoteaz gainera? Canariasen obispadu bi gutxiegi badira, txikiagoak dagoz Menorca ta Ibizan. Jarri beste bi, bata La Palma, Gomera ta Hierro ugarteetarako, ta beste bat Fuerteventura ta Lanzaroterako; ta gaurko biak, dagozan ugarte nagusi bietarako.

Baina ez izkuntza, ez kondaira, ez izakera, ez folklore, ez ekonomia, ez etnia, ez nazinotasuna kontuan ez eukitearren, kasurik nabarmenena Euskalerrikoa da. Orain urte gutxi dirala jarri eben Iruñeko artzobispadua; ta, azpijoko ta indar batzuei jaramon eginda, ta Erri bati burla, arabarrak eta bizkaitarrok ez ginduezan bertan sartu. Ondo egoan Donostia ta Muskaria (Tudela) sartzea; pasa leiteke Errioja sartzea; aipatu dogu Jacaren kasua; baina beste biak zegaitik ez?

AMAITERMIN


Eliza gaurko munduan

Jehovaren Testiguak ez doaz Soldadutzara

Alberto Cantijoch, 32 urteko gizon gaztea, 1959 ezkeroztik espetxean dago. Soldadutzara joaterik ez deutso permititzen bere erlejinoak, eta "desobedientzia" pekatuagaitik dago giltzapean. Gazte honen antzera, beste 150 gazte be da dira espetxeetan arrazoi bardinagaitik.


Jakin eta Ekin

Sarasolaren "Poemagintza" dala ta, Zotaletari erantzuna

 Poemagintza liburua artu ta biharamunean, Amaya andereñoa etorri jatan etxera, emozionaturik, hain poema liburu ederra agertu zalako. Neu be poztu nintzan, holako liburuentzat arrera* ona sortzen asia dalako. Beraz*, nok esan, ez dala praktikoa? Hemendik ikusi, solo guztietan ez dauala emon frutu bardina. Arlo guztietan ez da izan elkorra.

Minorientzat egina dala? Ta zer? Minorientzakorik ba ez ote dogu egin behar? Ta egiten ez bada, zelan jaso kultura mailea? Zelan eta non ase euren egarria begira dagozan poeta errezagoak?

Ni legez asko izango dira Euskalerri zabalean, beharbada uste dan baino gehiago. Eta gu beti poeta errezak irakurtzera kondenatuak egongo ginan, holako libururik argitaratuko ez balitz. LUR-en arpidedun askok sorkunde mugetara begira dagoan poesiaren lorratzik be ez leuke artuko; eta, era honetara, aukera hori eta gure bezalakoei goragoko kultura mailea lantzera laguntzen deusku. Eta era guztiak lantzeak emoten deutso edozein izkuntzaren literatureari nortasunezko aberastasuna.

Zotaletak eskatzen dauan poesia mailea betetzeko, hor dagoz beste poeta batzuek, euren gogoa betetzeko Sarasolaren legezkoak beharko dituenak, gero euren aldetiko lana erriari eta gaur egungoari begira eskainiko dabenak. Gehiago edo gutxiago, edozein poetak profeta kutsua behar dau. Kutsu hau Sarasolaren emoitzan gehiago izatea, onuragarria dala uste dot gure lurretarako. Atzekoarekin ahaztu behar ez badogu be, aurrera begiratu behar dogulako. Bai, gaur eta hemen, baina lehengoa haintzat eta geroari aurrera begira, poesiaren arloan gutxienez. Eta alde honetatik ezin geinke esan, Ibon ez dala praktikoa. Nik behintzat hala uste, ba dala praktikoa.

Eta ez eskatu inoiz poeta bati berarena ez dan bidetik joatea. Poetak berak bilatzen dauan bidetik joan behar dau. Bai, ondo dagoz Zotaletaren bezalako ikusmoldeak, ondo dagoz zenbait eratako kritikak, poetei euren bideak argitzeko izan leitekezalako. Baina ez eskatu inoiz berarena ez dan bidetik joaterik. Ez eskatu beste era bateko eginkizunik. Hori ez. Juan Antonio Aranburuk ANAITASUNA-ren zenbaki berean (183 zenb., 1970-2-28) lehenengo orrian, "Dei zoli bat" izenezko artikuluan dinoan legez: "Nire eritxiz, persona bakoitzak bokazino bat dauka, bokazinoa ez baita* abade, monja edo fraileen monopolioa. Eta bokazinoa erriaren dei bat da. Bakoitzak, bere munduaren aurrean eta aurrean daukan errealidade hori aztertuaz, erantzun bat emon behar dau, ahal badau (bokazinoaren bigarren elementua). Beraz*, ahalmen batzuek eta beharrizan batzuek osotzen dabe bokazinoa".

Poeta bakoitza, bokazinoz da. Poeta bakoitzaren barruan, bokazinoak bere mota bereziak daukaz. Poeta bakoitzak bere bokazinotik, euskaldun bakoitzak beretik legez, eskainiaz joaten bagara, egon* seguru bihar obe batek argi egingo deuskula.

JUAN SAN MARTIN


Jakin eta Ekin

Intelektual horreek

Gaur goizean ikusi dot. Kaletik joian, dotore jantzita, betaurreko ilun berde dirdiratsu batzuek sudur* gainean. Aitaren seme aundikia zan mutila.

Nok ezagutu horrengan nire txikitako ezagun ha, kolejioan interno egoana? Ha baserri batetik etorri barria zan eta nekez egiten eban erderaz; ta egiten ebana gainera, Kirikiñok "euskera usaineko erdera" bat zan. Bai, ondo gogoratzen naiz.

Ni, orduan, orain zazpi urte inguru, euskera ikasten asi nintzan, aurretik tutik bere ez nekian eta. Mutil hareri nire dudak jarten neutsazan, berak argitu eistazan. Gauzak bai aldatzen dirala denboreaz!

Kalean agurtu dodanean, ia ez nau ezagutu; jakina, zazpi urte asko dira. Euskeraz egin deutsat eta berak, pixka bat arrituta, bardin erantzun deust, baina ez aise* ta erraz, nekez ta asko kostata baino; agirian egoan, ez ebala ohiturarik euskeraz egiteko.

Asko ikasi dodala urte honeetan esan deust eta ni une batean, bihotza penaturik, esateko egon naiz berak zenbat galdu ta "desikasi" dauan denbora berean. Ez deutsat esan; zetarako? galduta egoan eta.

Denbora gutxi egin dogu alkarrekin eta esan deustanetik injenierutza laster amaituko dauala, irugarren kursoan dago ta.

Arro ebilen kaletik. Ez zan gutxiagorako! Oso mutil argia zan ta laster probetxuko gizona izatera elduko da.

Honetaz bere konturatu naiz. Ez jako gustatu nik euskeraz egitea. Desegoki ta arrotz* artean bezala sentidu da nirekin. Ba leiteke, oso posible da hau, nitaz erruki izatea bera, ni lako kaletar bat oraindik euskeraz (hako txotxolokeria!) entzun daualako.

Joan danean, ez dot burutik kendu izketa ta alkar topatze hau. Laster "injenieru" izango dan, batek ez daki bere aita-amak irakatsi eutsoen izkuntzan ez idazten ez irakurten. Ez daki bere literaturearen barri, ez kultura ez ezer; ta kaletik joian, arro, oso arro, paper ta titulu batzuetan asko dakiala eta kurso batzuek egin dituala ipini deutsoelako.

Beroneri errian "Don Jose" edo "Don Pedro" esango deutsoe edo jauna ta berori. Ta berak eta beste askok sinestu egingo dabe hori. Izena andi, izana txiki: hau bai egia andia!

Zoro erria da gurea, itxuraz, analfabeto izena baino merezi ez dauanari hain anditzat eta jakituntzat eukiteko. Ez dot pentsatzen inon bere ez-jakinaz inor arrotzen danik. Baina Euskalerria guztiz diferentea dogu, duda barik.

XABIER KINTANA


Jakin eta Ekin

Arantza artean. Gereñoren Nobelea

"Kuliska Sorta"-k argitaratutako Xabier Gereñoren nobelea dogu hau. Azken aldi honetan, zenbait* euskal nobela eldu izan jataz esku artera. Euretariko batzuek guztiz atsegin izan jataz, bai gaiaren aldetik eta bai erabilten dan euskereagaitik. Gaurko hau, ezin atseginago. Nobela asko, ez dira gizon sakonentzako baino eginak. "Arantza artean" barriz, edozeinek irakurteko moduan egina da.

Gaur egun, euskerazko lan bat zein beste edozein lan egitean, gauza bat gogoan euki behar dala uste dot: zeintzuk diran gure erriaren lehen mailako beharrizanak. Inok ukatu ezin leikena da, gure erria ezjakintasunetik urteteko ahaleginak egiten ari* dala. Edonon ikusi leiteke alfabetazino talde bat, edonon euskeraz ez dakien asko euskeraz ikasten. Nire eritxian, mugimentu honeri laguntzeko, ez da uste dan besteko euskal libururik idazten. Material beharrean aurkitzen gara. Honekin ez dot esan nahi, "Elsa Scheelen" edo "Egunero hasten delako" liburuen antzekorik behar ez dogunik. Holakoak bere, benetan behar ditugu.

Edozein alderditatik begiratzen dala, ez ahaztu, idazleok, euskal erriaren beharrizana, hau da, kontuan euki zer emon eta zelan emon.

Gereño, bere nobela honen bidez, euskera errazean eta onean mintzatzen* jaku. Darabilen gai edo bizkar azurrarekin, ba dakit zer salatu nahi dauan. Irakurten badozu, ohartuko* zara zeu bere. Nire ustez, idazleak gauzen arrazoiak azaltzera jo behar dau, azurra maminaz edo konteniduaz ornitzera. Edozein gizonek ikusi leike gauza edo gertaera bat; baina ez daki arrazoiketa bat egiten, ez daki gauza horren arrazoiak emoten.

"Arantza artean" nobeleak zer dino? Hona itz gutxitan:

Nahiz eta gizon baten bizitzea azaldu, gizon biren bideak erakusten deuskuz. Gaurko gizarte ustel honek bide ezbardinetatik zuzendu ditu gizon biak. Lehenengoa, ugazaben txakurra izatetik txakurren ugazaba izatera igaro da; bigarrena barriz, zorigaiztoko egun batean espetxeratua izan da. Zer egin dau? Politika arazoak dirala ta, kartzelara eroan ei dabe. Gizon biak, aspaldiko partez, espetxean ikusten dabe alkar. Xabier Gereñok espetxeko bizitza gogorra azaltzen deusku; izan bere, bertatik igaro danak baino obeto nok azalduko deusku?

Bizibeharrak bere egoismoan iltzen dau gizona. Gizon horrek, euskaldunak bereziki, ez dau etorkizuna baino gehiago ikusten. Dana da bizibeharra, dana dirurik eza. Hortxe zapaldurik, zer ikusiko dau, noredonok argi apur bat egiten ez deutson bitartean? Gizarte hori guztiok egin dogu. Ba dabil gizonik nahikoa, gizarte hori zerbait zuzendu nahian, gaurko gure gizartean iraultza* bat egin guran. Baina, Gereñok dinoan bezala, merezi ote dau gure gizarte ardurabako honek ezer mugitzea? Oraindik maitasuna bizi da nonbait...

Nobela honen giro guztia sentimentalismo kutsu batez betea dago. Edozelan be, irakurtzekoa dozu liburu hau.

ZORION


Jakin eta Ekin

Juan San Martinen Uhin berri

Guztiz argitaratu barria ez izan arren, barritzat jo geinke Juan San Martinek atondu deuskun "Uhin Berri" bildumea*. Atontzaileak dinoanez, garai bakoitzari berea dagokio, ta gure azken garai zaratatsu honek be merezi eban bere oihartzuna* poesia sailean. Ogei ta bost olerkari gazte dira, bilduma honetan agertzen diranak. San Martinek jani dituan urte mugak zehatzak dira: 1964 ezkero agertu diran poemak, ta 1930 baino geroago jaiotako olerkarienak. Dakien danak dakien lez, 1964-ko urte hori jartzen da, hain zuzen be, gizaldi edo belaunaldi barri baten ezaugarri bezala. Urte honetan Arestiren "Harri ta Herri" ta Zeruko Argia-ko "Gazte naiz" orrialdea agertu baitziran*. Ta euskal adar gazte honek frutuak emon dituanik ezin ukatu. Ez dira, beharbada, danen gustukoak izango; baina euskal literatura arloak (poesiak batez be) artu dauan astindua, nabarmena da. Geroak esango deusku zenbaterainoko arrastoa utziko dauan. Dana dala, azken bost urte honeetako poemagintzeak gerorako seinale berezia lagako dauala uste dogu,

Baina gure literaturazko emoitzak berez oso aberatsak ez badira, euren pobretasunean urriago agertzen jakuz, gehienetan argitaratzailerik aurkitzen ez dabelako. Liburu honetan agertzen diran poema gehienekin, horixe jazoten zan. Batzuek liburuetan argia ikusi baeben be gehienak aldizkarietan sakabanatuta edo, oraindino okerrago, argitara emon barik egozan. San Martinen lana, utsune hau betetzera etorri jaku.

Ta poeta barri honeek zek batzen ditu? Zer dabe lokarri ezaugarritzat? Idaztankera, estiloa? Ez horixe. Euren artean gutxienez iru edo lau jokera ezbardin ikusten dira. Halan ta guztiz be, batugarri batzuek ba daukez. Azalari begiratuta, gehienak lehengo poesia-neurri estuetatik iges egin nahi dabela dirudi, bide zabalagoak aurkitu guran edo. Maminari buruz, ostera, gutxi edo asko, gure erriaren oraingo egoereari erantzun jator bat emoten edo bizibeharraren arazo sakonen itaunei ihardesten* saiatu dirala esango geunke. Horixe da, batez be, batasun itxura bat emoten deutsena.

Beharbada, poema gutxiegi dira poeta bakoitzaren balioa ikusteko; ta batzuetan, euren osotasunetik etenda balegoz lez, borobiltasuna galtzen dabela emoten dabe. Baina ondo dakigu zelango diru eragozpenak eta bestelako arazoak sortzen dituan holako eginbeharrak.

Bestalde, San Martin bera itz-lauz* be antzeko bilduma bat egiteko dala, atseginez jakin dogu. Izan be, prosa aldetik, azkenengo urte honeetan pausu arrigarriak emon baditugu be (nobelagintzan batez be), oraindik asko aurreratu beharra dogu. Beraz*, Juanito, zain geratzen gara.

J. ELORTZA


Abereak eta burdinak

Ipar Euskalerritik. Gure ekonomiaren iru puntu (Bigarren zatia)

Kosta edo itsas aldea gorantz, barru edo mendi aldea beherantz

Hemen agertzen dogun bezala, barru aldea gero ta gehiago utsituten ari* da. Itsas aldea, barriz, gorantza doa, 1921 eta 1936 artean eta gero 1954-etik orainarte. Esan daigun, barru aldeko kantonamentu guztiak beti jendea galtzen ari izan dirala, salbu Ezpeletakoa (bereziki Kanbori esker). Hau aspalditik gorantz ari da, eta azken zortzi urteotan Uztaritzekoa be (Baionatik urre dagoalako) gorantz joan da pixka bat.

Urteak Itsas Alde Mendi Alde Danetara

 1876 59.281 100.521 159.802

 1911 82.825 99.177 182.002

 1921 84.395 91.560 175.955

 1936 100.375 90.458 190.833

 1946 105.417 87.572 192.989

 1954 109.054 84.488 193.542

 1962 125.964 78.461 204.425

 1968 138.222 77.877 218.099

Barru aldearen utsitutea oraindino obeto erakusteko agertu ditugu hemen Amikuze-Ostibarre eta Garazi-Baigorriko jendetzeen gora-beherak. Espres autatu* ditugu eskualde bi horreek, zera erakusteko, ez nekazaritzak bakarrik (Donepaleuko politika), ez turismoak bakarrik (Donibane Garaziko politika) ez dabela gure Erria salbatuko. Eskoitatik edo ezkerretatik, zakutik edo zorrotik, industria behar dogu muntatu. Hona beraz* eskualde bi horreen jendetzearen beheratzea. Bestalde ikusten dogu hor Atarratzeko kantonamentuaren beheratzea. Eskualde* hau oso menditsua da eta bizibideak nekez ditu, baina ez da besteak baino askoz gehiago utsitu. Geroari buruz, horregaitino, etorkizun txarragoa dauala bildur izan geintekez.

Gizon-emakumeak

Ezarri daigun barriro, Eskualdun Gazteriak bere inkestan* ateratzen dauan zifra ikaragarria. Barru aldean, 1968-an,

20 urterik gorako gazteen artean: Mutilak 21 %, neskak 12 %.

Mutil birentzat ez dago neska bat baino gehiagorik.

Problema izugarri hau, danok dakigunez, gero ta gehiago aundituaz doa gure eskualdean. Familiak urrituaz, ez da gehiago umerik izango barru aldean. Baiona inguruan, barriz, emakumeak gehiago dira gizonak baino. (Bizilagunen 54,3 % emakumeak dira). Baina baserritarrak honeetariko batzuek etxeratu gura baditue, euren bizimoldea puska bat obatu beharko dabe!

Jendearen aktibidadea

Hona hemen Baiona inguruan, 1962-an, zelan zan aktibidade hori:

Jende langilea 36.850

   = = 41,2 (Frantzian 43)

Jende guztia 89.340

Beraz*, esan bezala, jende adineko edo jubiladu asko bizi dira kosta aldean. Bestalde, emakume askok be lan egiten dabe bertan (administrazino ta zapatagintzan). Hona hemen proporzinoa:

gizonak: langileen arten 64 %

emakumeak: langileen artean 36 %

Ez dogu barru aldeko estadistikarik. Esan daigun bakarrik, nekazari etxeen buruzagi asko 60 urterik gorakoak dirala; eta horrexek dauala sarri askotan laborantzearen erabarritzea atzeratuten eta gazte asko disgustatzen.

Oharra: Ditugun zifrekin ezin izan dogu Ipar aldeko adinen edo edadeen piramida bat egin.

RAMUNTXO CAMBLONG

("Jakin" sortatik bizkaieraztua)


Abereak eta burdinak

Ekonomia ta Euskalduntasuna (Tamames eta Sanz de Buruagaren itzaldien inguruan)

Joan dan urtarrilaren 28-an, itzaldi bana emon eben Tamames eta Saez de Buruaga jaun ekonomistak Gazteizko "Cámara de Comercio"-n.

Itzaldia emon eben tokia aundia ez zalarik, berehala* bete zan. Kanpoan jendea nahikoa gelditu zan sartu barik, lekurik ez egoan eta.

Gaia: "Ciudades y regiones en la sociedad industrial: una prospectiva española".

Lehenengo Tamamesek industriazko aziera eta beronen inguruan dabiltzan gai batzuei buruz itz egin eban, baina, batez bere, nekazari gizartearen egoera barriari buruz, transporte ta "ejes de desarrollo"-etaz; eta giza-geografian hain influentzia aundia dauan ekonomiazko azieraren dinamikaz bukatu eban. Tamamesen itzaldia, ekonomia utsa izan zan; baina, ekonomia utsik ez dagoan ezkero, berbaldiaren utsitasun hori ez jakun atsegin izan.

Saez de Buruagak, barriz, aserratu egin ginduzan. Zegaitik? Regionalizatzeaz, izugarrizko zentzubakokeriak esanaz, berba egin euskulako. Bizi garean Estaduan lau nazinotasun dagozala ez eban kontuan izan. Egia esateko, inok egindako plan batzuek azaldu euskuzan; eta plan guzti horreek gure aldetik ez artzekoak zirala esan behar da. Nire ustez, gauza on bat bakarrik esan eban eta hauxe da: problema hori erabagiteko, ofizina batetik burokratak egindako planak baliorik ez dabela. Irudien eta itzen bidez, honeetariko amar plan azaldu euskuzan. Plan guzti horreetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa ta Nafarroa ez ziran batuak agertzen, Erri bat eratuaz. Eta ez hori bakarrik, euskal errialdeak berezita agertzen ziran. Batzuetan Bizkaia ta Gipuzkoa Sartaldeko probintziekin, eta Araba ta Nafarroa barriz euren Egoan eta Sortaldean dagozan probintziekin josita agertzen ziran. Ta izlariak, plan horreen kritikarik txikarrena bere ez eban egin. Ala, beharbada, izlariak ontzat emoten zituan zentzubakokeria horeek? Danok dakigunez, isilik geratzen dana, ontzat emoten dauanaren pareko da.

Handik atera neban konklusinoa hauxe da: Hemen, Frantzian bezala gure nortasuna (eta bardin esan leiteke Kataluniaz eta Galiciaz) ez dabela ikusten edo ez dabela ikusi nahi. Mugearen beste aldean, Akitania deritxon errialdea ekonomiaren eta administrazinoaren aldetik bakarrik egina da. Tamalez, bertako kondaira ta kulturea osoro ahaztu zituen frantsesak, zatitze hori egin ebenean. Hemen gai horretaz pentsatzen (?) ari* diranak, oker bardin bardina egiten dabe. Beraz*, kontuan euki behar dogu zer gertatuko litzaken, gure kultura ta kondairea konsideratu barik egindako errialde baten sartuko baginduez.

X. K.


Ikasi zure izkuntzea

Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ABAKIN, carnicero.

ARRERA, abegi, acogida.

ARROBI, arri obi, cantera.

ARROTZ, extraño, forastero.

AUZITEGI, juzgado.

EGALUZE, atun klase bat, bonito.

ENPARADU, restante.

ERAKUNDE, egitura, egitamu, estructura.

ERREKARRO, erreka arro, cuenca de río.

EZIKETA, educación, cultura.

GIZAKI, ser humano. (Itz barria).

GUDAROSTE, ejército.

IGUINDU, nazkatu, repugnar.

INOAN, esaten eban.

IRAULTZA, revolución. (Itz barria).

IRAULTZAILE, revolucionario. (Itz barria).

ITAUN, galde, pregunta.

KITAN, barruan.

KONTIXU, kontu eizu, probablemente.

LEHIAKETA, competición, concurso.

NINOAN, esaten neban.

OLA, lantegi, fabrika.

SORKARI, sortutako gauza, creación. (Itz barria).

UDAL, ayuntamiento.

UDATIAR, veraneante.

URREAN, seguramente, por lo visto.

Euskera bateratukoak

ARI IZAN, jardun.

AUSART, atrevido, valiente.

AZARO, zemendi, noviembre.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITZIRAN, bait ziran, ziran eta.

BAITZITUAN, bait zituan, zituan eta.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALA, behingoan, en seguida.

BILDUMA, colección.

EKAIN, bagil, junio.

ERAIKI, eregi, jaso, fundatu.

EREDU, modelo.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ETSAI, arerio, enemigo.

ETSAIGO, hostilidad, enemistad.

HARAN, ibar, valle.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

IGANDE, domeka.

LARUNBAT, zapatu.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

MENDE, gizaldi, siglo.

MINTZATU, berba egin.

NONBAIT, ciertamente, seguramente.

OHARTU, konturatu.

OTSAIL, otsoen il, zezeil, febrero.

 SUDUR, suur, sur.

OIHARTZUN, eco.

UHIN, olatu.

Beste euskalkietakoak

AISE, erraz, errez.

BELAUNALDI, generación.

BUKAERA, amaiera.

BUKATU, amaitu.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESKUALDE, comarca.

GIZATIAR, humano.

IHARDETSI, erantzun.

IKUSGUNE, punto de vista, perspectiva.

INKESTA, encuesta.

ITZ-LAU, prosa.

KALONJE, canónigo.

NOSKI, ciertamente.

OROKAR, general, común, universal.

TXANGO, excursión.

UZTA, cosecha.

ZENBAIT, batzuek.

ZIN EGIN, jurar.


Euskaldunentzat ogi birrinak

 Abenduaren 21-ean, goizeko 10.30-etan, lehenengo aldiz euki dogu euskerazko meza bat Durangoko Andra Mari elizan. Elizea ez zan egon jendez gainezka; baina guztiz utsik bere ez. (Ba dakizue, ardoagaz erdiraino dagoan edontzia, batzuek erdi utsik ikusten dabe eta beste batzuek erdi beteta).

 Hau, Euskalerriko aldizkari baten eta batez be Durango batetik idatzita, ez litzake albiste izan behar; baina, zoritxarrez, ba da guretzat.

Durangok ogei mila bizilagunetik gora daukaz. Gehien jota, 100-eko 50 bat izango dira, atzerritik etorritakoak; beste enparaduak*, Durangarrak dira eta alboko baserrietatik etorritakoak.

Guzti honeentzat bederatzi eliza dagoz; eurotarik bi, parrokiak. (Hemen ez dot Igorreta sartzen, berezitasun aparteko baten jabe da ta, nahiz eta aiuntamentuz Durango izan). Parrokia biotarik bat, ia urte bete baino gehiagoan itxita dago; bertako oholak inurriak jaten asita dagoz, eta horregaitik bertako elizkizunak beste eliza baten egiten dira.

Eliza honeetan egunero amabost mezatik gora emoten dira, danak erderaz. Igandeetan* ogei mezatik gora izango dira, eta lau daukaguz euskeraz: bi Jesuiten elizan, goizeko 6-retan eta 12.30-etan; bat San Frantzisko elizan, 7-retan; eta beste bat Andra Mari elizan, 8.30-etan.

Beharbada esango deustazue, ez dogula Durangon abade euskaldunik eukiko; baina ez: esku bateko atzamarrakaz konta leitekez euskeraz ez dakien abadeak, parrokia bietan behintzat.

Meza honeek, orain lau bat urte asi ziran emoten; eta orduan esan jakun, gehitzen joango zirala, jendearen erantzuna ta eskatua ikusi ala; baina, antza danez, ez da egon ez erantzunik, ez eskatzerik.

Jazoera honen lehenengo errudun Durangoko Elizea da, bertoko euskaldunak haintzakotzat artu ez diralako; baina erria bera be ba da errudun, ez dalako arduratu, eta Elizeak emoniko ogi birrinakaz konformatu eta isildu dalako.

Batzuen eritxiz, beste gauza bate be ikusten da: nahiz eta goizeko meza biak goizegi izan, beste biak bere ez dirala jendez gainezka egoten.

Durangoko euskaldun guztien artean ez ote da egongo meza bi betetzeko beste kristinau? Orduan argi dago: edo Durangon ez dago euskaldunik, edo dagozan euskaldunak ateoak edo behintzat beste erlejino batzuetakoak dira.

Hau holan bada, ez dago ondo; baina askozaz txarrago egongo litzake, euskaldun eta kristinau izanik, gizon eta fededun legez daukezan eskubideakaz ez badira konturatu ta arduratzen; ze orduan esan geinke, arimea ilda daukela, euskaldun nortasuna galtzen asi dirala eta eurok be euskerearen arerioak dirala.

Aromatarra


Ezagutu gure erria (12)

Busturia (3)

Ea

14,02 km.2 ta 1.120 bizilagun. Bedarona ta Natxitua udal* bi ziran; baina euren auzo zan Ean alkartu ta udal bat egitea asmatu eben, Ea izenekoa. Eak portutxo bat dauka, baina txikiegia ezetarako; paper ola* bat, industria bakarra kontixu*. Udatiarrekin* ornitzen da bestela bere ekonomia. Natxitua ta Bedarona, baserritar eta itsasgizonen ekonomiari lotuak dagoz.

Elantxobe

1,82 km.2 ta 857 bizilagun. Bizkaiko erririk txikienetarikoa lurrez. 1854 gn. urtean lortu eban Ibarrangeluagandik askatzea, ta Gernikako batzarretan abotsa ta botua eukitea. Hain txikia danez, ez dauka auzorik. Elizondotik porturaino, etxe ta kale erripan jarririk, oso erri pintoreskoa da. Zubiaurre margolariaren ustez, Euskalerriko erririk politenetarikoa. Arraintza ekonomia da nagusi. 50 bat ontzi ditu ta 200 arraintzale inguru.

Ibarrangelua

14,84 km.2 ta 1.058 bizilagun. Ibarrangelua bera ta Akorda dira ofizialki auzo bakarrak, baina Antzora, Apraiz, Durukiz, Gametxo, Garteiz, Gendika, Ibaeta, Ibinaga ta Lastarria auzotxuekin osotuak. Itsas bazter luzea dauka. Bere barrutian dagoz Laga ta Laida ondartza entzutetsuak, eta eurak emoten deutsoe bizibidea, itsasgizonak emondakoaz gainera.

Busturiko Axpe

19,56 km.2 ta 1.677 bizilagun. Bere auzoak: Altamira, San Bartolome, San Kristobal eta Axpeko erriburua. Busturia utsean txarto deitua, hori baita* eskualde* guztiaren mendeetako* izena. 1051 gn. urtean, Bizkaiko jaunak Arabako Gartzea apezpikuari egin eutson-donazinoan agertzen da erri honen izena; Izpea edo Aizpea. Ortuariak eta beste baserri gauza onak artzen dira. Arrobiak* bere, ba dira; baina udatiarrekin sendotzen da askoren ekonomia.

Sukarrieta

1,48 km.2 ta 275 bizilagun. Abina, Kanala ta erriburua dira bere auzoak. Lurrez eta bizilagunez Busturi eskualdeko erririk txikiena, ta jendez Bizkai guztian gehien urritu dana, 1930-ean 520 bizilagun baitzituan*. Lehen, trenbidearen amaia izateak emoten eutson bere indarra; orain trenbidea Bermeon bukatzen* dan ezkero, horrexegaitik izango da beheratze hori. Erderaz Pedernales deitzen jakon-erri honi, Sukarrieta euskal izen barria jarri eutsoen, erdal izena euskeratuaz. Bertakoak San Mikola deitzen deutsoe. Hain zuzen bere, San Andresi 1786-an Gabriel Kapelastegik jasotako oraingo parrokia, lehen San Mikolari eskainita* egoan-ermitearen tokian dago. Abandotar euskal berbiztailearen eriotze ta ilobi erria da hau.

Mundaka

4,10 km.2 ta 1.645 bizilagun. Erriburuaz gainera, auzo txiki batzuek ditu: Arketagoi-Solaguren, Arrospegarre-Basaren ta Ondartza-Aranburu. Itsas ekonomiari lotua batez be marinelenari. 25 ontzi txiki ta 90 bat arraintzale ditu. Jende askok Bermeoko lantegi edo portuan lan egiten dau. Gernikako batzarretan Busturi merindadekoak emoten eben lehenengo botua, ta busturiarren artean Mundakak aurrerengo; beraz*, Bizkai guztian lehenengo.

Bermeo

33,31 km.2 ta 16.036 bizilagun. Bere auzoak: Agirre, Albonika, Arana, Artika, Arronategi, Deminiku, Mañua, San Andres, San Migel, San Pelaio ta uria. Urietatik lehenengoa Gernikako batzarretan, 1239-an Logroñoko forua ta uri izatea emon eutson Bizkaiko jaunak, eta uri honetan be hemengo legeak zin* egin behar izaten zituen.

Ba dauka Bermeok entzutea, arrain eta arraintzaleakaitik batik bat. Ez da bere beseguagaitik bakarrik. 1966-an, 18.406 arrain tonelada porturatu ziran, ia Bizkaiko portu guztien erdia 235 ontzi ditu ta 2.335 arraintzale, urte horretako kontaketak dinoskuenez. 36 kontserba ola* ditu ta 4 ontzigintzakoak.

Bere auzoetan baserri ugari dagoz; baina, beste leku gehienetan legez, estruktura zaharrei lotuak.

Gaztelugatxe ta Matxitxako aldean eta Sollube gainean, ikusmira zoragarriak nonnahi.

Beti izan da Bermeo euskal girokoa, ta izkuntzeak gaur bere sendo irauten dau. Beharbada, edadez eta pentsakeraz, linguistika eritxi zaharrei lotuak dagoz bermeotar asko, baina belaunaldi* barriak euskerea, bizkaierea baino lenenago jartzen dabe.

J. L. LIZUNDIA