ANAITASUNA

BIZKAIA

185 zenb. 1970, • MARTXOAK 30

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 6

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 185 zenb. 1970, Martxoak, 30.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Eriotzaren Nekea

Eriotza!

Biztuera!

Betiko gure kezka.

Atzo. Gaur. Kristo. Kristinauak.

1970 urte, gutxi gorabehera, kristinauak misterio bardina ospatzen dabela.

Zein misterio gero? Zegaitik? Zetarako?

Eta... gaur?

Gure kristinautasunari sikoanalisi arin bat egingo bageuntsa, zer geldituko litzake? Horretarako ez daukagu Freud-en beharrizanik. Mila sistema ezbardinek egiten dabe gure historia. Bai filosofian, bai politikan, bai teologian, bai... Erlejinoan bere, ez dira gutxi alderdikeriak. Eta kristinaudian bertan, danok kristinau bezala agertu arren, zenbat alderdikeria! Eta ez daigun estaldu gure pekatua. Ezbardinkeria horreek batasuna ez dabela austen esaka, ez gaitezan iruzurtu*. Ugaritasuna maite dogu, besteak gure ezbardintasuna onartzen daben artean; baina eta guk zer?

Non dago kristinau misterioaren txostena? Kristinautasuna, eriotzaren garaipena dan ezkero, askatasunaren erlejinoa ei da! Eliza, kristinautasunaren etxea dan ezkero, askatasunaren arnasa-emoilea ei da!

Ai! Hori bihotzerrea, hori neke mina! Ezin sinestu. Eta hori aitormen gorria: gatxago jat ez sinestea, sinestea baino. Ez sinestea, gauza bat da; ezin sinestua, beste bat. Azkoz bere garratzagoa.

Aspaldiko urte honeetan ahalegin zorrotz bat ikusten dogu abade giroan: Ostiral* Santua ahaztu, Pazko garaipenaz betetzeko. Asmo ederra. Eta asmo utsa danez, ustela. Edo beharbada, obetoago esateko, nahasketa iguingarria. Ostiral Santurik bako Pazkorik ez dago. Guk, hori besterik ez amets.

Maite dot Nietzsche. Maite dot Kristo. Lehenengoak, Jainko dantzaria eta kristinau barregileak nahi zituan. Bigarrenak, goserik eta negarrez eta zapaldurik dagoan kristinaua. Biak bardin.

Guk, barriz, ez bat ez beste. Ez dogu dantzarik maite; ezta barrerik bere. Ez dogu goserik nahi; ez dogu egarririk gura. Zapalketarik ez. Guretzat. Negarrik bako barrerik ez dagoanez..., beti utsean egongo ginake. Danok bardin. Kontuz, nori arria bota gero!

Teoria utsa ote da?

Nasaitasunik balego, nasai naukazue. Eta nasai gura zaituet. Baina ez nago itsu. Eta ez dot itsurik maite. Ba dakit ez nabilela teoria utsean. Sinesten dot Pazko misterioan. Osoan. Eriotzak dakarren biztueran. Horregaitik gorroto ditut horretarako oztopo jatazan bideak. Maite dot Elizaren kezka. Maite dot Eliza pekataria. Maite dot Elizako batzuek maite ez daben burruka. Maite dot eriotza. Maite.

Maite dot Elizatik kanpo negarrez dagoan edonor. Maite ditut aurrerapenaren bide estuak. Maite dot mendi tontorrean dagoan abadea. Maite, lantegiko ke zikin barruan ari* dana.

Maite ditut, obe beharrez, bai sexoak eta bai edozelango grinak dakarren lokarria ausi ondoren, askatasun bidea aukeratu dabenak.

Maite ditut maite..., Kristo hor dagoalako. Eta zerbait obean sinesten dabelako. Gorroto, barriz, gorroto ditut zorionean bizi dirala uste dabenak. Gorroto ditut, indar guztiaz gorroto, egiaren jabe dirala uste dabenak..., Kristoren beharrizanik sumatzen ez dabelako.

Eriotza, neketsua dot. Baina maite dot. Garaipenaren azia dot. Pazkoa, eriotzaren lorea. Agur zeuri.

J. Azpitarte


Erriz erri

12 Arrietatik

Bizkaiko Diputazinoak il honetan erabagitako gauzen artean., honeexek agertzen dira:

Berrizko auzune batek ur gehiago euki daian, Berrizko ta Maragana-ko ur deposituetaraino egin behar dan anpliazinoagaitik, 1.097.400 peseta emon.

112.000 peseta emon, Berriztik Elorriora doan bidean, Bidebarrietatik Olakuetarako zatian egin ziran konponketen ordaina amaituteko.

***

 Martxoaren 27-an, Durangoko Erdi Mailako Istitutoan ikasten diharduen 6 gn. kursoko 43 neska-mutilek txango eder bat egitera urten dabe. Aste beteko eskursino honetan, Barcelona, Valencia ta Madrile ikusiko dabez. Horretarako, hainbat lekutatik jaso dabe laguntasuna.

***

 Martxoaren 14-an, "Zuhaitz eguna" ospatu zan, goizean Zaldibarren eta arratsaldean Garaien. Pago ta aritz landare batzuek sartu ziran eskoletako umeen aurrean, zuhaitzak daukan garrantzia eurei jakin erazoaz.

***

 Abadinoko alkate dan Leon Lizundia jauna, bertako "Jefe Local del Movimiento" egin dabe.

***

 Apirilaren 4-an, larunbatez, gaueko 10.30-tan, Ermuko zinetokian, Gerediagako "Geroa" taldeak, Carlos Muñiz-en antzerki bi antzeztuko ditu: "Los infractores" eta "El caballo y el caballero".

***

 17 garren aldiz gure eskualdeko txistulariak, San Jose egunean, euren eguna ospatzeko batu ziran.

Igaztik Mañaria euken horretarako aukeratuta; baina, bertako Aiuntamentuak dirurik ez ebalako edo, ezin izan ziran konpondu, ta azkenez Atxondo Araneko* Axpen batu ziran.

Goizean goizetik, biribilketa alaiakaz emon eutsoen asiera jaiari. 11-tan, Aita Barandiaranen euskerazko mezea, eurak abestuta. 12.30-tan, txistu saioa enparantzan*, eta ondoren lagunarteko bazkaria. Datorren urterarte!

***

 Arri Aundiko 41 bizilagunek laguntza eskatu deutsoe, idazki baten bidez Durangoko Aiuntamentuari, bertako tximist argia gehituteko, oraingoaz nahikoa ez dabela ta. Argia eroateko presupostua, 1.140.000 pesetakoa da. Dinoenez, eurak dana ordaindu behar izatekotan, garesti samarra.

Bere presupostuan ez dagoala beharrizan horretarako dirurik, erantzun deutse Aiuntamentuak; baina eskari hau, Bizkaiko Diputazinoari eta Baserri Alai alkarteari agertuko deutsela.

***

 Igazko zor guztiak ordainduta gero, 2.300.000 peseta gelditu jakoz Durangoko Aiuntamentuari. Antza danez, diru horregaz Igorretako Lauzirika jaunaren kalea asiko ei dira konpontzen. Egon da beharrizana!

Martxoaren 8-an, Atxarteko mendi bitartean meza bat izan zan, bertan il zan Jose. A. Mintegiren alde. Mezea amaitutakoan, oroigarri bat bedeinkatu eta ipini zan, mutil gaztea il zaneko atxaren barrenean. Hainbat lekutako jendea ikusi zan, nahiz eta eguna euritsua ta iluna izan. Durangotik autobusak ibili ziran joan-etorriak egiten, jendearen erraztasunerako.

Joan Antonio Aroma

Arratia

1

Bertso honeekin, euskal gazteak,

eitera nator aupada.

Bizitasuna agertu daigun,

indarrik gaur inon bada.

Gaurko jokoa, gogoan izan,

gure etorkizuna da.

Ta, mundu zahar hau barriztutzeko,

ez dogu behar ezpada.

2

Zein ezagunak ta txalogarriak

diran Urtainen pausoak!

Hortaz jakitun ipini doguz

itsaso, mendi, basoak.

Nire eritxiz, nortasun bage,

pixka bat gara gaixoak.

Euskal gaztedi, esnatu zaitez:

Hemen gure arazoak.

3

Sabela ondo bete ezkero,

bizi gara nasai, trankil.

Horregaitikan ikusten dira

gorputzez hainbat biribil:

sabelan deia entzuten dogu.

Erria be deika dabil;

erantzun on bat merezirik dau,

itxaroten ez daiten il.

4

Arratiako euskal jendea,

danok, zahar eta gazte!

Materialismo utsetik noizbait

gaitezala ba aparte.

Zinez-egizko justizi zaila

beti izan daigun maite.

Indar bageak inoiz ez izan,

idealak lortu arte.

SEBAS

Arratiko tranbia nok ez dau ezagutu? Zenbat joan-etorri bertan! Astiro astiro, bakarrik edo sakaka; baina beti eltzen zan bere tokira.

Gaur Arratian dagozan gehienak, tranbia horren denborakoak dira. Eta euretariko gehienak, gauzarik gehienetan, orduko antzera pentsatzen jarraitzen dabe. Alferrik joan jakez urteak, gaur bizi arren, euren buruak beste mundu batean dagoz eta.

Gaur gogor joten datozanak, gehienak tranbi denboran jaio edo eskolara joaten ziranak, mundu horretatik urten guran edo urtenda dagoz.

Gurasoen denboretatik eurenetara gauzak asko aldatu dira. Tranbi denborakoak eta gaurkoak ez dabe alkar ulertzen.

Tranbia joan zan, komunikazino ederrak daukaguz, kafeteriak, whiskytegiak, eta abar. Baina guzti hau eukita, zer egiten dogu, lehengoen antzera gaurko Arratiaz pentsatzen badogu?

Zenbat eta zenbat Arratiko gazte, tranbia aipatu bere gura ez dabenak (antzinako gauza bat dalako) ta, halan ta guztiz be, orduko jendearen antzera pentsatzen dabenak, atzeratuak, konserbadoreak, erritasunik bakoak, eurak ondo pasatzea baino gura ez dabenak!

Zamakolatarra

Markina

Alkarregazko lana aurrera daroan batzordeak hospitaleko junteagaz batzarra izan eban, dispensarioa dala-ta zer egin leikean erabagiteko. "Seguridad Social"ari, Diputazinoari ta "Instituto Provincial de Higiene"-ri laguntza eskatzea erabagi zan. Erakunde horreen erantzuna artutakoan, erri guztiari batzar nagusi batera dei egingo jako.

Aiuntamentua, erriko premina andi bat gogoan arturik, anbulantzia bat ekarteko asmotan dabil.

San Jose egunez, "Artibai" mendigoizale taldeak eratuta, euskal abestiaren jaialdi bat izan dogu. Gaurko abeslarietatik batzuek ezagunak ziran Markinan. Honeexek izan doguz abestuten: Argoitia neba-arrebak, Natxo, Itxaropenak, Txomin, Ansola anaiak (Bach-en musika txistuaz), Urretxindorrak, Unai bikotea, Luis Amilibia, Arratiako albokariak. Oraingo honekin, Euskalerriko abeslaririk onenak entzunak ditugu Markinan.

Itzaldiren bat edo beste Erriko Liburutegian izatea galerazo dabela ta, eztabaida gogorra sortu da. "Errikoa" bada, zetarako horrenbeste eragozpen, erriaren onerako diran itzaldi batzuek bertako itzaldi tokian antolatzeko? "Errikoa" ez bada, zer dala-ta izen hori? Ondo legoke arazo hau argitzea.


Mundu biribila

Bakea ala gudua?

Gaur eguneko asmoak zeintzuk diran ez da gauza erraza jakitea. Gure elburua*, bakea ala gudua ote da? Hainbat batzar, hainbat alkarrizketa egiten ari* gara. Baina, egia esan zer lortu dogu? Gauza aundirik ez. Guduak, matxinadak, ikusiezinak, erreboluzinoak eta abar ugaritzen doaz. Gure ahaleginen frutuak, horreexek izan dira. Eguneroko aurrerapenak, gizonaren zoriontasuna ekarri behar leukee; baina ez da horrelan, ikusten dogun legez.

Vietnameko lurraldera begiratu daigun. Bederatzi urte dira, gudua asi zala. Noiz amaituko zain gagoz danok. Nixonek, Ipar Amerikako lehendakariak, askotan esan dau, Vietnameko guduaren azkena laster dala; baina gizonaren abotsa ez da beti sinestekoa.

Gaurko gaztediaren protestak zeredozer esan gura dabe. Gaztea ez dago, lehen bezala, lo, munduak daukazan problema edo korapiloen aurrean. Gazteak ba daki, geroago bera izango dala bere erriko lehendakaria, Estaduko nagusia. Gaztearen barrua inkezaka* dabil.

Gizonaren aurrerapenik aundiena armamentuan dago. Nazinoak, bata bestearen kontra dabiltza: ea nor dan indartsuago, nor abilago, nor gehiago. Eta gudu bat sortarazo behar, hau ikusteko.

Gaur baino gudu gehiago ez da inoiz ezagutu. Gizaldi baten zenbat zentzubako gudu! Gizonaren bakea, guduak biztutean dagoala esan leiteke.

Esan daigun zerbait Biafrari buruz:

Orain gutxi dala amaitu zan gudua, baina ez bere konsekuentziak: miloe bi izan dira ildakoak, milaka ta milaka lurperatu ezinak, asko ta asko gosearen gosez ezetarako ez diranak. Hona hemen gizonak asmaturiko munduaren aurrerapena. Ikusi ezik, ezin leiteke sinestu zer gertatu dan Afrikako nazino txiki horretan.

Biafrak bere buru-jabetasuna eskatu ta handik ogetazazpi egunera, Nigeria guduan sartu zan; baina desbardintasun aundia egoan bien artean. Nigeriak Afrika guztiko gudarosterik* aundiena eban.

Guduaren azkena, aurretiaz be, ikusita egoan. Gaur Biafra, nazino bezala, galdu egin da. Orain Nigeriaren zerbitzari bat baino ez da. Mundu guztiak, il dan gizon bateri legez, azken bakea emori deutso. Arrazoiak baino, indarrak gehiago balio: hauxe da gure aurrerapena!

Kondairak, bere orrialderik negargarriena amaitu dau. Biafraren zoritxarra, ikasbide aundi bat izan da danontzat. Errien arteko egoismoak bere agerraldirik ustelduena emon dau. Afrikako itxaropenik sutsuena il egin da. Begira zer dinoan Biafrako idazle batek: "Guk, ibotarrok, bizia galdu dogu; munduak, ostera, lege moralaren zentzua".

Bitorio Zabalgo


Mundu biribila

Larogei gerra, bost miloetik gora ildako bigarren gerra mundiala ezkeroztik

Larogei gerra baino gehiago izan dira munduan, bigarren gerra mundiala amaitu zanetik. Biafrako amalau miloe bizilagunetatik miloe bi izan dira ildakoak, Noruegako jakintsu talde batek kalkulatu dauanez. Beste barriemoile batzuen esatez, barriz, bi miloe barik iru miloe izan dira goseak garbitutakoak. 1966-ko urrian, Ibo erriaren kontra egin zan persekuzinoan, 30.000-tik gora ibotar izan ziran bizia galdu ebenak. Honexek emon eutson asiera Biafrako askatasun gerreari. Nigeriako gobernuaren aldetik zenbat diran jausitakoak ez da oraindino jakin.

Bigarren gerra mundiala 55.000.000 gizabizi kostatu zan, 6 urteren buruan. Eta ordutik hona, larogei baino gehiago izan dira anaiarteko gerra ta militar jazarrak.

Gerra mundialaren ondoren, Greziako anaiarteko gerrea izan zan lehenengoa (1946-1949). 44.000 izan ziran ildakoak: 11.000 gobernuaren aldeko soldaduetan, 19.000 komunista gerrillarien artean, eta 4.000 erriko jende.

Koreako gerreak (1950-1953) kasik 1.000.000 ildako emon zituan: 580.000 soldadu, 400.000 erriko jende. Indotxinako gerreak (1946-1954), frantsesei euren Sortalde Urruneko kolonia lurrak galdu eragin eutsezanak, 90.000 ildako emon zituan.

Algeriako askatasun gerreak (1954-1962) 170.000 gizon il ebazan: 150.000 F.L.N.-ko (askatasun frenteko) lagunak eta 20.000 frantses.

Ungariako kontra-altzatzea (1956) 32.000 gizabizi kostatu zan, 13 egunetan: 7.000 sobietar soldadu eta 25.000 ungariatar.

Sortalde Urreko gerran (1956) 7.000 gizon inguru il ziran: 6.000 egiptotar eta israeldar, ta 32 ingles eta frantses. 1967-ko sei egunetako gerran 30.000 izan ziran ilak: 20.000 egiptotar, 10.000 inguru jordaniar, 700 bat israeldar. Datu honeek, Israelek emondakoak dira.

Vietnamen 1961-tik gaurrarte dirauan gerrea, 700.000 gizon baino gehiago kostatu da, dagoaneko: 40.000 amerikatar, 100.000 egovietnamdar, 580.00 vietcongdar eta iparvietnamdar. Erriko jendearen artean il diranak, bai Egovietnamen eta bai Iparvietnamen, ez da oraindino ezagun.

Honaino "Frankfurter Allgemeine Zeitung"-etik artuta. Baina ez jaku inon esaten, zenbat izan diran gerra madarikatu horreek ondatu dabezan familiak, desegin dabezan lurralde, etxe, bide, trenbide, ospital, itxaropen maitasun, eta beste mila ta mila gauza numeruetan sartzen ez diranak, baina gizonak odola baizen beharrezko dituanak, gizonari dagokion legez biziko bada. Gainera, hor ez jaku esaten, Rusiak Txekoslovakian aldi baterako egin eban ondamena ta ostikoperatzea. Ez jaku esaten, nazinoen arteko injustiziakaitik zenbat gizon kartzeletan egon diran eta zenbatek euren lanbideak galdu dituen. Ez jaku esaten, noraino eldu diran gerra madarikatu horreen ondorioak eta arrastoak: gorrotoak eta konponduezinak.

Esate baterako, bigarren gerra mundialak 55 miloe jende il ebazan; baina beste larogei miloe itxi zituan Alemanian bakarrik, ez etxe, ez familia, ez eskola, ez lantoki, ta ez ezer.

Fernando Mendizabal


Mundu biribila

Kurdistaneko gerra amaitua da

Kurdistan, Turkia, Iraq, Iran eta Errusia artean banatuta dagoan erri bat da, bere arraza, kultura eta izkuntza jatorra dituana. Orain berrogeitamar urte, Turkiak oraingo itxura barri hau artu ebanetik, kurdoak (honelan deitzen jake bertakoei) zapalduak eta ilak izan ziran, estadu guztiotako agintarien aldetik. Ordutik hona beti txarto bizi izan dira, mendietako basoetan gordeaz. Guztira iru miloi kurdo ei dagoz, eta horreetatik mordo aundi bat Iraq izeneko arabe estaduan bizi dira (miloi erdi inguru). Orain amar urte, Iraqeko kurdoak euren askatasun burruka asi eben; eta, ordutik hona, eten barik saiatu dira, jo ta ke, bizia baizen maitea euken libertadea lortu guraz. Odol asko isuri da gerra honetan, kurdoak, errusoen laguntasuna ei euken arren, arabeak baino gutxiago ziralako eta abiazinorik ez eukelako. Hainbeste jende il da gerra horretan, euren nagusi Mustafa Barzaniren seme bi be euren artean. Gerra hau ez da izan Biafrakoa baizen entzuna; baina horregaitik ezin esan geinke gozoagoa izan danik. Zorionean, dirudianez, gerra honezkero akabatua dogu.

Baina ez pentsa Biafran gertatu dan ondorio tristea pasatu danik Kurdistanen bere, arabeekin azkenean konpondu egin dira ta.

Iraqen gobernu barri bat jarri da, orain asko ez dala, ezkertiarra; eta bere presidentea, Ahmed Hassan Al Bakr, oso gizon prestua eta zintzoa dala esan daiteke. Lurrak baserritarren artean zabalduak izan dira; eta orain, gainera, Kurdistango gerra amaitu erazo dau. Kurdoen lurrak iparraldean dagoz, eta, Biafraren kasuan lez, oso ugariak dira petrolio putzutan; beharbada, hauxe izan da gerra honen kakoa.

Baina Al Bakr presidenteak, burruka amaitzeko, haintzat artu ditu kurdoak; eta hemendik aurrera, berak esan behintzat, arabeak besteko askatasun eta eskubide eukiko dabe gauza guztietan, eta euren izkuntza arabearen parean jarriko da, leku guztietarako ofizialtasunaz. Gobernuan, barriz, kurdoak parte artuko dabe arabeak bestean, eta euren nazionalidadea legean onartua izango da, horretarako Konstituzinoa bera aldatuaz.

Xabier Kintana


Euskaldungoa

Debako Itziarren, ikastola barri bat zabaldu da.

 Tafallan, ikastola barri bat jarri dabe aurten. Txiki ta nagusien artean 60 bat ikasle dabiltza, Nekane Zelaieta andereño dalarik.

Idiazabalen, euskal alfabetatze talde barri bat asi da, 12 urtetik gorakoentzako.

***

«Norte Express» izenburua dauka Gazteizen urteten dauan egunkari bakarrak; eta, Jon Oñatibiaren metoduari jarraituaz, euskerea irakasten dau.

«Karmel» izeneko iruilabeteroko aldizkariaren 121 gn. alea agertu barria da. Euskalerriko Karmeldarrena da. Zuzendari Aita Benito Etxebarria, banatzaile Aita Onaindia, laguntzaile Jon Arteaga, Jon Beiztegi, Karmel Garmendia eta Gotzon Garitaonaindia. Urteko ordainsaria, 100 peseta.

 «La autopista Bilbao-Behobia en la economía vascongada» izenburuarekin emon eban itzaldi bat Bilboko Unibersidade Komertzialean Luis Vericat jaunak, martxo honen 13-an, Euskalerriarentzat aurrerakuntza aundi bat izango dala esanaz.

«Carlismo: presente y futuro» izenburuarekin itzaldi bat emotekotan zan Nafarroako Goñi prokuradore jauna Gazteizen; baina Arabako gobernadoreak ez dau horretarako baimenik emon.

«Lartaun» izeneko Piarres Larzabalen antzerkia, Oiartzun-en antzeztua izan da, martxo honen 22-an.

***

«Antropologia Astea» antolatzekotan dabiltza Bilbon. Egitekotan, Caro Baroja, Barandiaran, Basabe, Dr. Goti, Celaya, Michelena, Escudero ta Mañaricua izango dira izlari.

Francisco Javier García, irrati* izlaria eta «Gure Herria» eta «Euskal Abestiak» irratialdien zuzendariak, Radio Nacional-ek Bilbon jarribarria dauan emisorako oposizino lehiaketa* irabazi dau. Zorionak!

Jan Tinbergen-ek, ekonomiako Nobel saria irabazi dau. Holandako Laborista Alderdiaren kontseilaria, «objetor de conciencia» eta irakaslea da. Bilboko Unibersidadean «Doctor honoris causa» izentatu gura izan dabe, martxo honen 13-an; baina ezin izan da egin holakorik, ikasleak sortutako iskanbilagaitik.

***

«Xenpelar Saria» antolatu dau barriro be Euskaltzaindiak, bertso jarraitzaileen artean. Mahaiburuko: Aita Onaindia, Pedro Berrondo eta Jon Garmendia. Lanak honaxe bidaldu behar dira: Euskaltzaindia, Xenpelar Saria, Palacio de la Diputación, San Sebastián.

Euskaltzaindiaren etxea barriztatzeko, «Ego Euskalerriko Ebangeliozko Eliza»-k bost mila peseta emon ditu. Eliza honek, esan dogun izen hori dauka; eta Donostian, Secundino Esnaola kaleko etxe baten egiten ditu bere elizkizunak.

Manex Erdozaincy-Etchart-ek eskutitz bat bidaldu deusku. Hona hemen bere itzak: ...«Nik ez dot Bizkaia gutxi baino ezagutzen. Orain, kazeta horreri esker, eskualde horretako erriak obeto ezagutzen ditut. Batez bere J. L. Lizundiaren artikuluak argigarri jataz. Noizbait liburu baten batuko balitu, ondo legoke, ez Bizkaitarrentzat bakarrik, baita Ipar aldekoentzat bere.

Euskera batua darabilzue: ederto. Uste dot, bide horreri jarraitu behar jakola... Euskualdeen arteko mugak gainditu beharko dira, Ipar alde hau ahaztu barik... Izkuntza batuak erri batasunaren agergarri behar leuke izan eta erri kontzientziaren ohartzaile. Holako zerbait abiatzen ari dala ezin leike inok ukatu. Beraz, ez etsi.

***

Nafarroako Zuhairen*, frontoia estaldu nahiez dabiltza.

Nafarroako Erriberrin*, azken bost urteotan soldadutza egin daben 250 gazteetatik, 21 bakarrik dira nekazariak. Halan be, erri honetako lurrak oso egokiak dira mahats eta garia artzeko.

«Cámara de Bilbao»-ko batzarlekuan alkartu ziran, martxo honen 13-an, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko «Cámara de Comercio e Industria»-ko amar lehendakari ta sekretarioak. Euskalerriko ekonomiari buruz mintzatu ziran.

Langile burrukak izan dira aspaldion Euskalerriko leku askotan.

Iruñean, «Industrias Esteban» eta «Chalmeta, S. A.» lantegietan. Lehenengoan, autobusentzako tramankuluak egiten dira; eta bigarrenean, 460 langile elektrodomestikuak egiten ari* dira.

Irunen, «Palmera»-ko langileak erostekotan dabiltza lantegi hori, kooperatiba antzera erabilteko. Gorabeherak euki ditue ugazabarekin, 65 miloe peseta eskatzen deutsez eta.

«Papelera Navarra, S. A.»-ko langileak ez datoz bat 1969-an egindako «Convenio Colectivo»-arekin.

Bilbon, «Franco-española de Alambres»-eko 300 langile aste osoko aloger barik zigortuak izan dira, euren arrazoiak gogortzeko huelgan jarri ziralako.

Billaban, «Onena» lantegiko beharginak alogerak gehitzeko eskatu dabe, huelga baten bidez.

Errenderian, «Paisa» (Productos aislantes industriales, S. A.) lantegikoak huelga bat egin eben, alogerak altzatu nahiez.

"Jaunaren Deia" aldizkariaren 30-gn. alea agertu barria da; beti bezala, aurrelarien erara dator.

"Euskal Jaiak" egon dira joan dan martxo honetan Bizkaiko Markinan, Bakion eta Gaztelu Eleixabeitin.

Angel Zelayeta


Eliza Gaurko Munduan

Otoizlari-k Anaitasuna-ri, Agur

ANAITASUNA-z zer dinodan? Poz andirekin ikusi dodala joan dan urtean berbiztuten.

Poz andirekin be ohartu* naiz, euskera batuaren alde indar egiten dozuela. (Ez gehiegi egin, horregaitino, ezta lasterregi be: Euskalerri guztia bateratu nahiz, zuen Euskalerri berezia ez zatikatzeko).

ANAITASUNA-z zer dinodan? Batzuetan min egiten deustala. Baina zegaitik egiten deustan ezin esan, neuk be min egin barik gero...

Goazan, beraz, izketan lehengo adiskideekin.

Belokeko* gain honetan, ikusia dot 36-an Aitzol, arpegia baltz eta bihotza sutan; "Galerna" itsasontzira handik laster joatekoa baitzan*.

Entzuna dot baita Olaizola be, hona igesi etorria, gure kantuen laguntzaile organoa jotzen ari*.

Zenbat aldiz egon naiz, bestalde, gain honetan izketan Aita Donostia, Manuel Inchausti eta orain beste munduan diran Bizkaitar edo Gipuzkoar euskalzale andi askorekin!

Zer esango leukee, itzuliko balira? Euskalerria maite izango leukee bai beti, baina zelan?

Hareen gogoaz nire barrua beterik, hona ANAITASUNA-rentzat urteten deustana:

Gure egitekoa, guraso, apaiz, idazle eta guztien egitekoa: Jainkoaren betiereko* jendaldea* sortarazotea, jendalde haretaraino gure lurreko jendea igon erazotea.

Horretarako gure burua askatu behar dogu umekerietarik eta grina txar guztietarik: gure Erriari laguntzeko, gure Erria munduko jendalde guztien amodioz maitatzeko.

Askatzaile bakarra: Jesukristo. Haren baitako askatasuna: egiazkoa; harengandik kanpokoa: azalekoa, ez betikoa, guzurrezkoa.

Askatasuna Jesukristok deusku irabazi.

Askatasuna bihotzean ez badau gizonak, ez dau kanpotik izango.

Askatasuna bihotzean baldin badau gizonak, ez deutso ezek ez inok kendu ahal izango.

Kristok askatua danarentzat ez dago lege lokarririk: Aitaren nahiaren egarria biztuten deutso barnean daukan Kristoren Gogoak. Legea, Aitaren nahia edo ezer bere ez.

Aitaren nahia eta fededunaren barneko gogoa biak bat diran ezkero, Aitaren nahian ibiliz, ez ote dabil fededuna askatasunean?

Elizaren legeei jartzea, egiazko askatasunerako bidea.

Kristoren Gogoak erabiliagoa dana, haxe da Maitasunez eta Askatasunez beteagoa.

Maitasun eta Askatasun daukanak legeak baino urrunago dau begiratzen eta urrunago da joaten. Legea ez jako traba, gorantzako bultzabide baino.

Ume sinesmena daukala ohartuta, ume sinesmen horren aurka dabilena, umekeritik umekerira doa.

Ume sinesmena daukala konturaturik, Jainkoari eskerrak emoten deutsozana eta sinesmen hori indartzera, barruragotzera ahalegintzen dana, umekeritik ateratzen da eta gizontzen.

Zaharkerizalea baizen itsua, barrikerizalea. Elizan eta danetan, ba dira bai zaharkeriak bai barrikeriak. Zaharkeri eta barrikeriak utzi daiguzan, gauzak diran bezala ikusteko edo diran bezala izatera laguntzeko.

Ez esan: "Elizak hau, Elizak hori". Esan: "Ni Elizakoa naiz; Jainko Aitari josia ote hago eta besteei Kristo bezala emona?"

Maitasuna eta kantua ezer ez dirala? Maitasun eta kanturik bage, beste guztiak ezer bere ez.

Maitasun eta kanturik bage, mundua baltz, bizia baltz.

Maitasun eta kanturik bage, gizona ezin bizi eta Erria ilgo.

Batzuek gogoa maitasun bagea dabe, bihotza barriz maitasunean ibilki*; eta gogoa dabe bakarrik idazle.

Gogoa eta bihotza bat ez dituan bitartean, isildu dadila idazlea: guzurtia da edo oraindino ez gizondua.

***

ANAITASUNA-k zabaldu daiala Euskalerri guztira argi eta maitasun, euskal seme guztiak izan daien bihotzean sinesmen, ezpanetan kantu.

Euskal bihotzak kantuz ari diran bitartean, biziko da Euskalerria.

X. Iratzeder


Eliza Gaurko Munduan

Bizkaiko abadeen gorabeherak

Don Jose Maria Zirarda Bizkaira obispo bezala etorri zan ezkeroztik, abadeen artean gorabehera interesgarri batzuek izan dira. Euretariko bat, abade asko ta asko ikastera joan dirala.

Guk jakin dogunez, honeexek joan dira ikasketak egitera, edota etxetik ikasten dihardue:

 Jose Maria Rementeria, abade gaztea, Markinako Urberuagan egoana, eta Madrilera Katekesi arazoak ikastera joan dana.

 Fernando Alkorta, gizon gaztea, seminarioan profesore egoana, eta Madrilera Sikologia ikastera joan dana.

 Jose Maria Ruiz de Azua, mutil gaztea, Derioko seminario txiki edo Azkue kolejioan maisu egoana, ta orain Madrilera Filosofia ta Letrak ikastera joana.

 Ramon Izquierdo, gizon gaztea, Derion maisu egoana, ta Filosofia ta Letrak ikastera Madrilera joana.

 Jose Maria Garcia Frontaura, gizon eldua, Etxebarrin abade egoana, ta Brujas-era Pastorala ikastera joana.

 Jose Maria Ormaetxea, gizon gaztea, Zorrotzan abade egoana, ta Erromara Teologia ikastera joana.

 Raul Ruiz de Azua, gizon gaztea, Angolan (Afrikan) misioneru egoana, ta Teologia ikastera Erromara joana, gero barriro misinoetara bihurtzeko.

 Miguel Urresti, gizon gaztea, misinoetan (Caracasen) egoana, eta orain Madrilera Pastorala ikastera joana.

 Jose Manuel Bizkarguenaga, gizon gaztea, Lezaman dagoana, eta dagoan tokitik Teologia ikasten diharduana, Lizenziaturea ateratzeko.

 Lorenzo Zugazaga, mutil gaztea, Derion maisu dagoana, eta bertatik Teologiarako Lizenziaturea gertatzen diharduana.

 Martin Olazar, gizon gaztea, Mungian abade dagoana, ta dagoan tokitik Filosofia ta Letrak Deustuko ikastetxean gertatzen diharduana.

 Alfonso Azpiazu, mutil gaztea, Zorrotzan abade dagoana, eta bertatik Filosofia ta Letrak Deustuko ikastetxean gertatzen diharduana.

 Alfonso Carlos Muñoz, Santurtzen abade dagoana, eta bertatik Deustuko ikastetxean Filosofia ta Letrak ikasten diharduana.

 Juan Espin, Cruces-ko gaixo etxeko kapellaua, eta bertatik Bilboko ikastetxean Medikuntza ikasten dabilena.

 Juan Antonio Losada, mutil gaztea, Enkartazinoetan abade egoana, ta orain Brujas-era Katekesia ikastera joana, gero Afrikara misioneru bezala joateko.

 Nicolás González Pinto, Cruces-ko gaixo etxean abade egoana, ta orain Iruñean Deretxo Kanonikua ikasten dabilena.

Goian jarritakoei begiraturik, gehienak gizon gazteak dirala ikusten da. Orain dala bost urte, abade ta abadegai asko esku lanean asi ziran; baina oraingo tendentzia, ikastera joatekoa da. Orain dala amabost urte, misioneru be joaten ziran asko; baina orain, goian aipatu diranetatik bat baino ez doa misino lurraldeetara.

Goian jarritako guztietatik, Lorenzo Zugazaga ta Martin Olazar euskal izkuntzeari buruzko estudio bereziak egitekotan ei dabiltz.

TXIKITO


Eliza Gaurko Munduan

Hori dok mundua

Gaurko periodikuan ikusi dot. Eta lehenengo orrialdean, gainera.

Ikusi dodana, zera da: argazki bat, eta argazkipean bost lerro. Argazki ta lerroen erdian, titulo hau: "Arzipizpikua meatzara* jaitsi zan". Eta argazkian agertzen da Oviedoko arzipizpikua, meatzari batzuekin. Azpiko lerroak esaten deuskue, arzipizpikua meatzarien kasku ta lanjantzi jatorrez ebilela. Ta bere kaskuan, meatzarienean bezalaxe, argi bat ta guzti.

Egia esateko, pentsarazo egin deust barri honek. Ba dirudi, sekulako barria dala, elizgizon bat lantegi batera joatea. Periodiku guztietan ekarteko barri bat. Eta lehenengo orrialdean.

Lehen bai, lehen ebilen Jesukristo langileen eta pobreen artean. Bai, oraintsu 2.000 urte dala.

Bidazti


Jakin eta Ekin

Artea ez da lujoa Euskalerrian

Tituloak ez zaiezala engainatu. Esan nahi nebana zera da: arteak ez leukela Euskalerrian lujoko gauza izan behar, ez leukela jendeak holan ikusi behar. Ez dot esaten, gaurko egunez gure artean askok holan ikusten dabenik. Bildur naiz, oraindino be, askorentzat, kultura saileko edozer, gizonarentzat beharrezko beharrean, lujozko ez ote dan.

Zerak naroa horrelan pentsatzera eta bildur hori izatera, "Ez dok amairu"-ren kontra sortu dan jokabideak eta horretarako azaldu dituen arrazoi batzuek.

Baina nire gogoeta honeetan ez naiz "Ez dok amairu"-gaz zuzenean sartuko. Aipatu besterik ez dot egiten eta atxakia bezala artu. Eztabaidetan ez dot denborarik galdu nahi. Positibuki azaldu gura dot gai honi buruz dodan pentsakera.

Euskalerrian ez gara Erri atzeratu batean bizi. Ekonomiaren aldetik begiraturik esan dot hori. Ez dot esango, danak patxada ederrean biziteko aina dabenik. Halan bere, gizarte bezala, ogi problemea diru problemea ondo samar ebatzita* dauka gure Erriak. Maila horretara aspaldi eldu ginan.

Ahora eta urdailera eroateko ezer ez dauken Erriak kultura saileko gauzak lujotzat jotzeak ez nau bapere arrituten. Zer jan-edanik ez dan tokian, zer jan-edana sortzen ahalegintzen dan gizonak balio dau batez bere. Hori egiten ez dauana, besteen lepotik bizi da. Inor artera dedikatzen bada, hori utsean egin beharko dau, artea banaka batzuen zaletasuna baita*, ta ez erriak behar dauan zerbait.

Baina Euskalerrian ez gara egoera horretan bizi. Hemen ez dau ogiak bakarrik balio. Hemen ez dabe nekazariak eta okinak* eta lantegiko langileak bakarrik balio. Hemen poetak be balio dabe, balio behar leukee behintzat. Ta ez poesiaz kanpo zerbait egiten dabenean bakarrik, poesigintzan bertan bere bai. Hemen abeslariak be balio dabe, abeslari bezala. Idazleak balio dabe, idazgintzan. Eta inbestigadoreak balio dabe euren laboratorioan, nahiz atx zuloren batean ari* diralarik.

Jaun guzti honeek behar beharrezkoak ditu erriak. Bai erri zeheak, bai Euskalerriak. Poesia, liburua, abestia, izkuntza, inbestigazinoa ez dira lujoko gauzak. Betoz ugari gure errira, kultura sail guzti honeek lantzen dituen gizon eta emakumeak. Emon beiskue gure eguneroko abestia, poesia, mintzaira, pintura. Artistea, errigintzan ari* da. Ez daukagu behar ainako erri-mailarik, hau honetara ikusten ez dogun bitartean.

Eta hemen itaun batzuek sortzen jataz: Erriari artea emoten deutsonak, ez ote dau horretatik bizitzerik merezi? Beti ezer kobratu barik, utsean edo erdi-utsean ibili behar ote dau beti? Esku lanak, irakaskintzak diru ordaina badabe, gure erriko artistak ezin ote leikee horrelako zerbait eskatu?

Batek baino gehiagok uste izango dabe, hori arteari berezko birjinatasuna kentzea dala, artea zikintzea, diruak zikindu egiten baitau* ikututen dauan guztia.

Nik oso bestera uste dot. Ez dot esan nahi, artea beti eta beti diru truke erabili behar dogunik. Ez horixe! Esango dodana da, artea amateur utsen eskuetan, profesinotasunera igon barik bizi dan bitartean, beti umezaroan izango dogula arte hori.

Benetako artistak dirala nahiko ondo agertu dabenetaz dihardut hemen. Sasi-kulturea eta sasi-artea be ba dogu ugari. Sasigintzea zenbat eta gutxiago ordaindu, obe. Baina kulturan eta egiazko artegintzan nortzuk diharduen be ba dakigu, gutxi gora behera.

Luis Mitxelena jaunaren exenploa, klasikoegia dogu. Gizon horren lana Euskalerriak ez dau beharrezkotzat artu. Gizon horren zerbitzua lujoa zan. Hori dala ta, jakina, ez jakon ordaintzen egiten ebana. Kanpora beharra izan dau. Itxura danez, ba dira munduan gureak baino kultura elduagoa daben erriak.

Abesti jaialdia txaloen ordainez emotea gauza ederra da; baina, beti txaloen ordainez bakarrik emoten bada, gure jaialdiak ez dira beti ederrak izango, jaialdi ona egiteko borondate ona ez baita* nahikoa.

Euskerea utsean emotea be oso gauza polita, bai orixe. Eta, kobratzen asten bazara, laster esango deutsu norbaitek, dirua gehiago maite dozula euskerea baino.

Profesinotasuna ukatzearekin, kulturea ukatzen ari* gara. Txaloak eta itz ederrak besterik emon gura ez badogu, kultura eskasaren jabe izango gara, geroan bere.

Euskalerriak ba dauka maila on bat, industria eta diru ondasunetan. Orain, bere buruan sartu behar dau, ta ondo sartu bere, arte lana be benetako ondasuna dala, eta artistak zinezko* gizongintzan eta errigintzan diharduela. Eta jakin behar dau, jakin, erriari arte lana emotearren dirua eskatzen dauanak be erria ta Erria maite daikezala.

Eusebio Osa


Jakin eta Ekin

Euskera

Jakin geinke gure izkuntza nondik datorren? Ba dagoz, Caucasoko izkuntzakaz zerbait antza daukala dinoenak, baita Uralo-altaico, Camita ta Iberico izkuntzen antzekoa dala dinoenak bere. Dana dala, gaur berton bere ez dakigu zihur nortzuk daroen arrazoia. Gaurko jakintsuak ondo ikasi beharko dabe, izkuntzetako aldaketak zelan egin ziran; izkuntza bi, bata bestearen parean jarrita, enbor bardinetik ala desbardinetik ote datozan; anaiak ala lagunak diran, eta abar.

Problema honeek itxi daiguzan jakintsuen eskuetan. Eurak jakingo dabe, guk baino obeto, zer dan edo zer ez dan izkuntzari buruz.

Dakiguna, hauxe da: gerrak eta inbasinoak milaka ta milaka euki doguz Europan, joan diran mendeetan; baina, halan ta guztiz bere, besteak egin ez dabena, gure izkuntza berbiztu egin da eta bere nortasuna bizirik gorde dau.

Gure erria, autoreak dinoskuenez, zoko apartean bizi izan dalako eta beste erriengandik zerbait aldenduta egon dalako, horrexegaitik daukagu gaurrarte bizirik. Baina hau ez da egia osoa. Gure izkuntzak erraztasun aundia euki dau beste izkuntzetatik itz barriak artzeko eta bere-bereak, jatorrak, egiteko. Arrigarrizko gauza!

Lehen oso zabalduta egoan gure izkuntza bai Erriojan, bai Burgosen eta baita Huescan bere; baina zihur ez dakigu noraino. Araba ta Nafarroako bazter guztietan egiten zan euskeraz, esate baterako, Ujue-n Erriberrin (Oliten), Tafailan eta abar. Gaur, abizenak euskaldunak dirala ikusten dogu. Euskerak ez dau arrastorik itxi, toponimian eta abizenetan izan ezik. Hemen, Erriberrin eta alboko errietan, euskera il egin da. Zer egin geinke?

Halan ta guztiz bere, hona hemen beti bizirik dagoan izkuntza, orain arazo barriakaz, problema barriakaz: betiko zaharra, beti gazte. Euskaltzaindia horrexetarako da: gure izkuntza sendotuteko, barriztatzeko.

Euskera bateratua. Bai, beharrezkoa dala uste dogu. Holan, izkuntza indartu egingo da. Ez da gauza erraza izango. Prest egon gaitezan, Euskaltzaindiaren arauak onartzeko ta zeharo betetzeko.

Zelan bizitzea emon? Itz eginaz, emoten diran arauak onartuaz, eta horrela gure izkuntzaganako maitasuna agertuaz.

Eragozpenak aurkituko doguz; baina, halan ta guztiz be, pozik esan ahal izango dogu: gure izkuntza ez da il, berbiztu baino. Jarri daigun gure aldetik daukaguna gure erriaren onerako, gure errimina galdu barik.

Josu Garamendi


Jakin eta Ekin

Kareaga-Arrate dantzariak

Lantxo hau idazterakoan, gauza pozgarri bat datorkit gogora: Hain txikia izan arren, ezaguna dala Euskalerria munduan zehar. Iparragirreren ametsak ez dabe utsak urten. Baina gure Erriaren frutua ez da munduan zabaldu, itz eginaz, lan eginaz baino. Izketan jardunaz ez, baina bai folklorearen eraginez. Bertso, abesti ta dantzaz. Horretan inoren zorrik ez dau gure Erriak. Euskal folklorea ta erri jakintza aberatsak dira.

Oraingoan, Markinako gazte bi ekarri nahi ditut ANAITASUNA-ko orrietara: Angel Kareaga ta Garbine Arrate.

Euskalerriko plazetan ospetsua da dantza bikote hau. Orain, ANAITASUNA eltzen dan guztiakana zabaldu nahi neuke bikote horren barri. Bizkaiko sari nagusia irabazi-barri, euren eritxiak jakingo dozuez.

— Dantzarako, zelan eta noiz ezagutu zenduen alkar?

— Nik, dino Angelek, lehenengo plazara-urteerak beste neska batekin egin nituan. Orain, Ermuan ezkonduta dagoan Pili izeneko neska bategaz. 1964 gn. urtea edo zan.

— Asiera haretan, zek bultzatu zinduezan dantzara?

— Markinan dantza sariketa bat atondu zan, eta Don Santiago Etxebarriko abade jaunak zirikatu ninduan ni neu behintzat, bide horretatik joateko. Lotsagarria zala, bertoko sariketa baten, bikote danak kanpokoak izan beharra. Berak esanaz gainera, Markinan dantza soltua oso galduta egoala ta, Euskalerria izanik ba... Handik urtebetegarrenean, alkarregaz asi ginan, gu biok obeto bardintzen ginala ta.

— Dantza eskolaren bat edo eskola laguntzarik izan zenduen lehenengotan?

— Ez. Geu geuretara eldu gara gaur daukagun mailaraino. Lehenengo, Bizkaiko txapelketea ikustera joan ginan, pausu batzuek artzeko asmoz; ta aurrerantzean, sariketetan azaltzen ginanean, beste horrenbeste egiten genduan: lantzean lantzean, pausu barri bat ikasi.

— Erriz erri, Euskalerri osoan ibili zaree dantzan, ala mugaz honantza bakarrik?

— Biok hemendiko aldean bakarrik: Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan.

— Bertsolari ona izateko, halakoxea jaio behar dala esaten da. Dantzari ona izateko be, dantzari jaio behar da?

— Ez, dino Garbinek. Horretan, ekinaren ekinez, asko lortu leiteke; baina «sentido del ritmo» esaten dana ta zaletasuna behar dira.

— Euskal dantzea, barruko euskalduntasuna kanporantz azaltzeko bide on bat da?

— Bai. Guk halan uste dogu behintzat. Baina hemen koska bat sortzen da. Gu, euskaldunak gareanok, brusa, abarka ta txapel andia jantzita ba goaz dantzara; ta, euskal giro berezi baten aurkitu beharrean, erdal giro baten aurkitzen gara sarritan. Zer dala ta? Bilbo aldetik ba doakizuz amar bat bikote, ta hareen arteko giroa erdalduna da; erderara jo behar, nahi ta nahi ez.

— Zer emon deutsue dantzeak: poztasunak, buruausteak...?

— Biotarikoak apur bat. Iñoiz, zeredozer egin gendualakoan. aurre samar geratzeko ustean, atzerantz bota, ta osterea* ordaintzeko be geuretik emon behar. Holakoak be sarri jazo izaten jakuz: baina, horreek gora-behera. ez gara inoiz damutu. Ez horixe!

— Dantzatik kanpora, zer egiten dozue? Zetan daukazue bizibidea?

— Ni, dino Garbinek, ikastolako andereño, 50 umekin nabil egunero. Eta nik, dino Angelek, eskuak guztiz lakartuta daukadaz eskopetaginen. Horrez gainera, kui pilotxu ederra, gaueko euskerazko eskolan. Handixek nator.

— Dantzatik kanpora zuen zaletasunak?

Bioz daukagu mendirako zaletasuna. Euskal abestiak eta euskerea maite doguz.

— Laster ezkonduko zineela ta, zurrumurrua zabaldu zan periodikuetan?

— Ez! Hortxe oker ibili dira periodikuetan. Ez da egia.

— Besterik ezer?

— Markinako gazteei eskerrak emon, Berrizen eta beste toki batzuetan hainbeste txalotu ta adoretu gaituelako. Baina guri bide hau erakutsi euskun Don Santiago daukagu batez be gogoan.

— Zorionak eta eskerrik asko!

LUIS BARAIAZARRA


Jakin eta Ekin

Beti emakumeak errudun?

— Zegaitik... zegaitik?

— Zegaitik zer? Hik jakingo don, nik ez jakinat eta.

Norbaitek esan dau, bere bakartasunerako ahalmenak neurtuten dauala gizona.

Baina... ez. Ez dot asmo hau atondu behar, alkar batasunaren gaia baino.

Bai, hori dala ta, gora-goraka ikusten dodaz batzuek. Danak uste dabe, eurak bakarrik daukela arrazoia eta gainerantzekoak ez dakiela ezer; horregaitik ez dabe besterenik haintzat artzen. Buru gogorrak?

Bakoitzak bere burua agertu gura dau oker edo artez, oilarrak letxe kukurruku eginda; eta holan ez dago ezer egiterik.

Beharrezkoa da eritxia azaldutea. Sarritan, eztabaidan argia egiten da; baina danena entzun behar, nahiz eta jakintsua izan.

Gauza bat benetan maite dogunean, apalak izaten gara, nahi doguna lortu arte. Gure izkuntza benetan maite badogu, apal apal lan egin. H-gaz egin behar dala? Niri bardin deust H-gaz nahiz V-gaz, danok bardin egin ezkero. Ikasten ahalegindu behar; baina gogo onagaz txinoa be ikasi egiten da. Nagusien buruaustea da, zelan egin: H-gaz ala H barik. Halan nahiz holan, batasuna preminazkoa da.

Beti euki izan dot honen burutasuna, baina gertaera batek sutu ninduan. Donostian, trenean sartu, ta aurrez aurre gizon bat. "¿Sabe Vd. a qué hora sale el tren?" (Zoritxarreko ekandua, beti erderaz). Gizona isilik, erantzunik ez. Gorra ote da gizon hau? Niri begiratu eta isilik, erantzunik ez. Biok isilik. Biok alkarreri begira, ni arpegia txingortuta. Luzea zan isilaldia. Halango batean konturatu nintzan zein zan haren gor edo mutu egotea.

"Tren honek ze ordutan urteten dau?" Barre zabala agertu zan bere ezpanetan, eta biok pozez gainezka mintzatu ginan geure euskera maitean. Ipar aldeko anaia zan, ez ekian erderaz. Nekezka nekezka alkar aditu genduan. Orduan inoiz baino obeto ikusi neban, batasuna beharrezkoa genduala. Horregaitik min emoten deust suster bako eztabaidan denbora galtzeak eta sarritan besteak minduten itz gogor eta itsusiekin jarduteak.

Alkarreri maskalak* jaten bagabiltza, auzoak barre egingo dabe. Gainera, ez dakigu ba batasunak indarra egiten dauala?

Zer egiten dauan Euskaltzaindiak? Ez dakit nik ba. Lehengo euskal batzar batean entzun neban hau: gona lar egoala ezer egiteko. Asko da ba, beti emakumeak errua ta eurak barik ezin ezer egin. Hau da lorra*!

Izkuntza guztietan Akademia izaten da erabagiak artzen dituana; baina gureak beste lan batzuek eukiko ditu ta...

Baina gizon jakintsuren bat ei daukagu, hau egingo leukena. Ea ba, danadalako horrek ahalik ondoen egitea da nagusi, albokoak atzeragarririk ipini barik, danon onerako da ta. Ontzat artuko dogu eta eskertu, lan hau zaila da ta.

Mari Martija


Abereak eta burdinak

Ipar Euskalerritik. Gure ekonomiaren iru puntu (Irugarren zatia)

II. Industria

Ipar Euskalerrian industria gutxi dago. Eta industria honen estrukturak oso ahulak* dira. Halan bere, zenbait* itz esan nahi ditugu gai honetaz, gure jokabiderik beharrezkoena baitogu* gure errian industria sendotzea edo, obeto, sortzea. Gure ustez, honetan dago, gure ekonomian egiteko dan lehenengo lana.

Itz eder asko esan eta idatzi izan dira gure industriaz, baina ez dogu estudio objetibo bat bere ezagutzen. SEDES Parisekoak, ekonomia ta soziologiako estudioak egiten dituan etxe batek, lan aundi bat atera dau gai honetaz, 1962 inguruan. Puntu bitan ez gara harekin ados*: Ipar Euskalerria zati bitan banatzen dau: barrukoa edo mendi aldea eta kosta edo itsas bazterra. (Beti bezala, Baionako Inguruarentzat egin dau estudio sakon bat, baina barrukoarentzat arinago bat). Gainera, industria bezala kontatzen ditu artesaniako lantegi asko.

Gure aldetik, amateur gisa* zoritxarrez, sarritan bezala, azterketa bat asia genduan, dirala zenbait* ilabete. Horretarako, SEDES-aren estudioa erabili dogu, baina gehiago oraindik, Baionako «Chambre de Commerce et d'Industrie»-ren laguntzeari esker batu ahal izan ditugun zifra batzuek.

Hona hemen, ze izakeratan aurkitu dogun gure industria.

 Lehenengo: Gure erriak, Ipar Euskalerri barrukoak batez bere, galdu egin ditu lehengo industria batzuek, mende barriak eskatzen eban erabarritzearen faltaz.

Banka-ko erri txikian, 1850-ean, burdingintzan ari* ziran 300 langile. Mendibe-n laba aundi bi ziran, eta Ahatsa-n 100 bat beharginek lan egiten eben industrian. Honeek danak Garazi aldean. Gaur danak galduak dira. Ondo ezagutzen dogun erri txiki batean, Luhoso-n, 1914-eko gerra inguruan 100 langilez gora lan egiten eben kaolin arrobietan*. Gaur 25-ek bakarrik. Xubero Goikoan bardin; Aita Lhande-k dinoanez, lehen hainbat industriako lantegi txiki egozan. Gaur egun danak galduak dira. Beraz*, ez bakarrik ez dogu industriarik sortu gure errialdean, baina ziran industria asko galdu egin doguz. Desindustrializatu egin da gure erria. Eta, geroxeago ikusiko dogun bezala, barru aldean orain be segitzen dau fenomenu honek.

Ezin dogu gaur, zoritxarrez, industriaren eboluzinoaren estudio bat presentatu. Egunen baten pentsatzen dot baietz, ikusi behar baitogu* zegaitik eta zelan gertatzen jakun hori.

 Bigarren: Lantegi gehienak txikiak dira, eta guztitara lanbide gutxi eskaintzen* ditu gure industriak. G. Viers Toulouse-ko Unibersidadean irakasle danak dino, Gipuzkoak bakarrik ba dituala Frantzia aldeko Pyrénées guztiak baino doblea gehiago langile industrian. 1962-ko estadistikak dinoe, ehuneko 25-ek baino ez ebela industrian lan egiten Basses-Pyrénées departamentuan. Gure ustez, Ipar Euskalerrian Biarnoan baino industria gutxiago dago oraindino, Lacq bezalako industri-toki andirik ez baitogu*. Hona hemen atera doguzan zifrak, gure azterketea egitean.

langileak lantegiak

1.000-tik gora 1

500-tik gora 4

Hau, Lapurdi eta Basa Nabarran. Ikusten dan bezala, lantegi txikiak dira gehienak. Zifra honeek 1966-koak dira. Gaur, 1969-an, iru lantegi eltzen dira 1.000 langiletara, eta irurak Baiona Inguruan dagoz.

100-tik gora 25

50 eta 100 arte 35

25 eta 50 arte 70

25-tik behera 285

Danetara 415

Xuberoan 2.500 langile ba dira gaur industrian. Maule-n bertan, 1935 langilek lan egiten dabe 21 lantegitan. Aundienak (F.I.T.) 400 langile ditu. Zubero Goikoan (Atarratze) 7 lantegitan 170 langilek lan egiten dabe.

Esan geinke, danetara 18.000 lanbide ba dirala gaur Ipar Euskalerriko industriako lantegietan, eta hori 500 bat lantegitan.

Irugarren: Gure industrian ohargarri* dana: indarrik eza edo beregaintasunik eza. Hemen agertzen doguz industria mota nagusienak eta euren langileen numerua.

Industria motak Lantegiak Langileak

Burdingintzan 3.947

Etxegintzan 3.600 120

Kimikan 1.035 14

Elektrikan 320 11

Alimentazinoan 1.820 45

Zapatagintzan 1.750 19

Soinekogintzan 405 16

Industria mota indartsuenak, Burdingintza eta Etxegintza doguz.

Burdingintza Baiona Inguruan dago sendo. Aeronautikarako egiten dau lana. Gaur 4.200 langile ba dira industria mota honetan. Etxe bik bakarrik (Breguet eta Turbomeca) okupatzen ditue langileen 60 %. Industri-molde hau oso urretik dago lotuta Pariseko estaduaren politikeari. Ezin leiteke segurki esan ze etorkizun daukan. Halan bere, gauza bat da seguru: ez daukala memento* honetan gure eskualdeko* ekonomia bultzatzeko ahalik.

Etxegintzan, lantegi txiki asko. Lana be asko, itxas aldean batez bere. Esan daigun hemen, mugaz bestaldetik goizero etorten diran langile txarto pagatuei esker irauten dabela lantegi askok.

Zapatagintzan eta konserbategietan, azken urte honeetan, krisi gogorra izan da. Hazparne-n 1.100 langiletatik 530-etara jaitsi dira, eta 5 lantegi zarratu dira. Azken 15 urte honeetan Donibane Lohitzun-en 15 konserbategietatik 7 galdu dira, eta 1.500 langiletatik 1.100-etara jaitsi dira.

Xuberoan krisi bera izan da industriarentzat; baina esan leiteke, halan bere, hango ekonomiaren buruzagiak obeto jokatu dabela, batez be, abarketagintza utzita, batzuek kautxu industriara pasatu diralako. Horretan ari da lantegi andiena (F.I.T.), 400 langile dituana. Egia esan, abarketagintza bsti ibili da larri. Gerra aurrean Aguer lantegiak, urtero, 10 edo 12 miloe abarketa pare egiten zituan; gaur 4 miloe bakarrik.

 Laugarren: Baionako Inguruaren zentzalismoa.

Lantegietatik 74 % eta langileetatik 70 % Baiona Inguruan dira. Azken urte honeetan egoera hau oraindino gehiago gaiztotu da. Tarnos-eko «zone industrielle»-ari esker lantegi barri asko muntatu dira; barruko Euskalerriak, ostera (Hazparne-k batez bere), galdu egin ditu industriako lantegi eta langileak. Baina aztertu daigun hau urreagotik.

Bosgarren: Industriaren aldeko politika bat falta dogu.

1965-ean Bokale-ko Laba Aundiak euren ateak ixten zituen. (Aurrera segitzeko eta beraz transformazinoak egiteko gogoa izan balebe euren buruzagiak, tokiko ekonomia zabaltzeko, zerbait asmatu eiteken, Ego aldearekin eta Lacq-ekin konponduaz. Baina buruzagiak Paristarrak ziran). Esan behar da, 1963-tik, trasformazino bat abiatu zala, eta nahiko ondo antolatuta egoala.

Trasformazino hori dala ta, hango 1.500 langileak toki barri bateko lantegietara joan behar eben. Gehienak Bokale-n bertan aurkitu eben beste lanbide bat. Baina gazte langile barri gutxi sartu da lantegi horreetan.

Bokale eta Tarnos-eko lantegi «toki berezian» industria barri asko jaso dira: Kimikako lantegi indartsu oi, elektrikako lantegi bat, burdingintzako lantegi aundi bat (Turbomeca, aeroplano motor bereziak egiten dituana) lantegi txikiago batzuekin bere inguruan, mublegintzako etxe bat. Adur ibaiaren ondoan, zemento fabrika bat be jaso da.

Denbora berean, eten barik, aspalditik bezala, barru aldea utsituten ari zan. Hazparne-k 600 lanbide eta 5 lantegi galtzen zituan. Gaur 130 langile ba dira oraindik hemen lan barik. Langileen edadea 48 urte inguru dabil.

Gazte guztiak joan doaz.

Maule-n be gazteak joan egin dira, lanaren faltaz. Gero, lantegi barri batzuek muntatu diralarik, portugesak ekarri behar izan dira. Gaur be xuberotar gazteak Frantziako urietara iges egiten dabe, hango alogerak obeak diralako.

Donibane Lohitzun-en, musika bera. Etorkizuna be, ilun. Konserbategi indartsuenak ez ote dira Baionara joango?

Eta Ipar Euskalerriko beste eskualde* askotan gauza bera. (Uztarritze-ko urun lantegi bat itxi, eta abar...)

Egia esan, Baionan bertan bere galdu egin doguz lantegiak: M.A.B. armagintzako etxea, Cotonnière Basquaise oihalgintzako etxea... Baina lan barriak beti sortu dira hemen. Esan daigun, hemengo erri gizonak, politika industrial bat euki ezarren bere, gehiago okupatzen dirala industriaz barru aldekoak baino.

 Baionako Inguruan industria aunditu eta sendotu egin da; baina ez da ezer egin, barru aldean industria barriak sortarazoteko. Honetan Baiona eta beste eskualdeen* artuemonak zeharo kanbiatu behar dira.

1.200 ikasle dituan Baionako Eskola Teknikatik urtero ateratzen diran gazteetatik, 70 % joaten dira Euskalerritik kanpora. 1954-etik 1962-ra, Donibane Lohitzun-eko eskualdea* 600 arimaz gehitzen da urtero. Denbora berean, eskualde horretan bertan, 100 gaztek iges egiten dabe urtero euren sorterritik, lanik ezagaitik.

Ba dakigu, barru aldean, emigrazinoa, gazteen emigrazinoa ikaragarria dala. Kosta aldean emigrazino hori isilagoa baldin bada, bildur naiz bardina ez ote dan. Edadeko jende asko etorten da gure eskualdera, erretirua artzera. Bestalde, irugarren sektorea oso aundia da Baiona Inguruan, komerzioa ta administrazinoa batez bere. Horreexek zaintzen dabe bai gazteen emigrazinoa eta bai gure ekonomiaren makaltasuna.

Hona hemen, gauza bi horreentzat Baiona ingururako batu doguzan zifrak (1962 urtekoak).

Baionako Inguruan:

 Langileak 36.850

   = = 41,2

Guztiak 89.340

 Frantzian batez beste ba dira ehuneko 43-tik gora. Beraz, jende langile gutxiago dogu hemen. Jubiladuak (eta beharbada euren diruen errentaz bizi diranak!), gehiago.

Iru sektoreen aunditasuna Baiona Inguruan

Lehenengo sektorea 3,6 %

Bigarren sektorea 36,4 %

Irugarren sektorea 60,0 %

Beraz*, industria sortzeko ba dira langile gazteak eta ba dago ekonomian artzeko toki ederra.

RAMUNTXO CAMBLONG

(«Jakin» sortatik bizkaieraztua)


Koldobika Etxegarairi, azken agurra

 Lore txorta haretan, "il arte" agurtzen eben Jose Luis. Eta abadearen ezpanak, "ikusi arte". Bat eta beste, agurrak. Eta zenbat honelako edo antzerako, aspaldian! Erriarentzat odoluste ikaragarria, arrazoi bategaitik edo beste bategaitik, betiko edo ia betiko estaltzen doazan gizon zintzoak!

Gutxi dira Euskalerrian, Jose Luis, zu ezagutzen ez zinduezanak. Beti ikusi zaitugu, edozein laneri osotasunez erantzuten. "Ama Lur" ez da zure entregatasunaren exenplo eta frutu bat baino. Aurrean zenduan lana maitasunez egiten jakin zenduan, benetako maitasunez, eriotzararteko zintzotasuna eskatzen dauan maitasunez. Eta maitasun horrexek il zaitu. Zenbat aldiz ikusi zaitugu, tabako ke artean, gizon andi guztien une estu ta tristeak ito guran, edo gizonak bere barrua kontsolatzeko esan beharrak dituan tristurak lagunen artean kontatzen. Gure erriak gizon aundi bat il dau. Bai, gizarteak, familiak, lagunak..., danon artean il zaitugu, Jose Luis. Danok gara errudun. Danon artean, zuk erantzuten zenduan maitasunaz ez erantzutean, zure lanak hainbat eragozpen izatean, bilatzen zenduan maitasuna ez aurkitzean..., danon artean irigi dogu zure eriotzaren azken arrazoi izan dan bihotzeko zauria, ez egun baten, egina, urte luzeetan irigia baino. Jose Luis, izan zaitez erriaren azken odolustea. Ikasiko ahal dogu, gizonak ez dirala berez ilten, inok ilda baino. Zure utsunea beteko ahal dau erriak!


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ARROBI, cantera.

ARRO, cuenca.

AUZI-ALDERDI, partido judicial.

BAITAU, bait dau, dau ta.

BAITOGU, bait dogu, dogu ta.

BASERRIGINTZA, ordenación rural.

BOKART, antxoba.

EBATZI, resolver.

EGALUZE, atun klase bat, bonito.

ENPARADU, restante.

ERAKUNDE, estructura. (Itz barria).

GORRI, arrain pilo, kolore gorrizkea.

GUDAROSTE, ejército.

INKEZA, esfuerzo.

IRRATI, radio. (Itz barria).

IRUZURTU, engainatu.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LOR, atsekabe, tripulación.

MASKALAK jan, murmurar de alguien.

OKIN, panadero.

OLA, lantegi.

OSTERA, viaje.

URIGINTZA, ordenación urbana.

Euskera bateratukoak

AHUL, makal.

ARI IZAN, jardun.

AZARO, zemendi, noviembre.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITZAN, bait zan, zan eta.

BELOKE, Lapurdiko auzune bat. Bertan dauke euskaldun Beneditanoak monasterio ospetsu bat. Euskerazko beste gauza askoren artean, aldizkari bat argitaratzen dabe, Otoizlari izeneko.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

ERRIBERRI, Olite.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

GISA, bezala, legez.

HARAN, ibar, valle.

HELBURU, asmo, xede, objetivo.

IGANDE, domeka.

MEMENTO, momentu.

OHARGARRI, digno de atención.

OHARTU, konturatu.

OSTIRAL, bariku.

OTSAIL, zezeil, febrero.

ZENBAIT, batzuek.

ZINEZ, benetan.

ZUHAIRE, Valcarlos.

Beste euskalkietakoak

ADOS, conforme.

 AHOLKU, kontseilu, consejo.

BETIEREKO, betiko, eterno.

ENPARANTZA, plaza.

ESKUALDE, comarca.

IBILKI, ibiliaz, ibilirik.

JAZARKATU, perseguir, acosar.

JENDALDE, erri.

MEATZA, mina toki.

II. Idazteko modua

Txarto:

Martxoaren 14-ean ospatu zan "Zuhaitz eguna". Pago ta aritz landara batzuek sartu ziran eskoletako umeen aurrean, eurei jakin erazoaz zuhaitzak daukan garrantzia.

Gure eskualdeko txistulariak, San Jose egunean, martxoaren 19-an, batu ziran euren eguna ospatzeko.

Ondo:

Martxoaren 14-ean, "Zuhaitz eguna" ospatu zan. Pago ta aritz landara batzuek sartu ziran eskoletako umeen aurrean, zuhaitzak daukan garrantzia eurei jakin erazoaz.

Gure eskualdeko txistulariak, San Jose egunean, martxoaren 19-an, euren eguna ospatzeko batu ziran.


1970 Espainiako Ekonomian

OCDE-k bere eritxia emon dau gaurko Espainiako ekonomiaren egoereari buruz. Beti bezala, ekonomiaren azterketea egin ondoren, Pariseko organismo internazional honek aurrera begiratu dau, etorkizuna arakatu nahian. OCDE-ren ustez, gauzak ez dira ondo joan Espainian, eta gerorako be odei baltzak agiri dira 1970 urte etorri barri honetan. Nahiz eta igazko errentearen gehitzea andia izan (orain dala urte bi, gehitze hori ia guztiz gelditu zan), 1969-aren azkenera ekilibrioa galdu beharrean eldu gara. Prezioak gora doaz, ipini jakezan oztopoak ausita. Abastokoak be esan dabe, salerosketako ekonomia batean, eurak ezin dabela ezer egin prezioei eusteko. Horretarako neurri bakarra, alimentazinoan behinik behin, janariak kanpotik ekartea da. Baina, abastokoak esan ezarren, neurri hau igaz artu zan, dibisak gutxituaz; eta aurten "Balanza de Pagos" ez dago barriro dibisak gastatzeko.

Inflazinotik estabilizazinora, errentearen gehitze larregi batetik neurri finkatzaile gogorrak eragindako geldiune batera, prezioen gorakada izugarri batetik langileen alogerak lotu erazotera: ukatu ezin geinken desarroiloa asi zanetik, dantza bizkorrean ari* gara, gelditu barik. Ekonomia arloan, gobernuaren zeregin utsa, bata bestearen atzean, turismoa gehitzea eta neurri finkatzaileak jartzea dala esan geinke. Bat kendu orduko, bestearen bila ibili behar dabe gure agintariak. Alogeren igoteari askatasun apur bat emon ondoren, inportatzaileei diru aurreratu beharra jartzen deutsee; eta honen atzetik, diruaren bitartez ekonomia kontrolatzen daben neurriak artzeko dabiltz.

OCDE-ek dinoanez, amaibako balantzada honeekin, desarroiloa ez da joan agintariak nahi izan daben bideetatik; hau da: ez da joan Europako erri aurreratuen mailara eltzeko joan behar dan bidetik, ekonomiaren estrukturea sendotzen dauan bidetik, industriari konpetitiboagoa izan eragiten deutson bidetik. Halan ta guztiz be, automobilen prezioa, nok esango leuke, gorantz doa, beherantz joan beharrean; galtzairu industriak ezin dau oraindino barruko beharrizanei erantzunik emon; esportazinoaren gorabeherak aztertzeko, hor daukagu "Matesa".

Inflazinoan oinarritutako desarroiloak, zera dakar, zalantza barik: kapitalista aundien aberaste ikaragarria. Inflazinoa, aundientzat bikoka itzala da eta, neurri berean, txikientzat pobretasuna. Irabazte errazak eta neurri bakoak etorten dira espekulazino utsetik: lur salerosketak, etxegintzak, boltsa jokoa eta holako negozio ustelak izaten dira mamintsuenak. Espainian, ondasun aundienak ez datoz, ondo oinarritutako industrietatik; beraz* langileak ez dabe inoiz eskuratzen kapitalismoak emon leiskioen bizimodu erosoa. Ondorioak ugari datorkiguz burura: konsumoko gizartea ezin da lortu; Europara ezin gara urreratu, industria ondo oinarritu artean; eta, hain zuzen be, honeexek biok izan dira elbururik* maiteenak gure agintarientzat.

OCDE-ek Estaduaren presupuestuari inportantzia aundia emoten deutso inflazinoaren asieran. Presupuestua aldatugatxa izanik, prezioak gorantz sakatuten dagozala ikusi arren, ezin da ezer egin. Presupuestua urte birako egiten da; ta, gaur egunean, mundua epe hori baino bizkorrago dabil, urteroko presupuestua dauken erriak erakusten deuskuen legez. Gero, gaurko presupuestua, joan diran urte bitakoak baino aundiagoa izanik, "gasto público" dalakoa be aundiagoa da; beraz*, presupuestua inflazino eragile da beti.

Zorpean irauten dauan "Balanza de Pagos" dalakoaren egoerea aldatzeko, turismoari eskaini jakoz erraztasunik aundienak, turismo honek zelakoa izan behar dauan edo zelan eratu behar dan begiratu barik. Turismo honek, kanpoko dirua ekartearen truke, konsumorako tendentzia gogortzen dau alde batetik eta, bestetik, inbersinoaren zati aundi bat bereganatzen dau, onuragarriagoa izan leiteken beste leku batera joaten itxi barik.

Nekazaritzearen egoera zuzendu bakoak ez deutso erantzunik emoten, aipatutako elementu bi honeek —turismoak eta presupuestuak— sortu eragiten daben janarien eskabideari, eta horrexegaitik asten dira prezioak gorantz.

Beste kausa gehiago be egongo dira; baina honeexek dira, nire ustez, sustraitsuenak arlo honetan: desarroiloa turismoan finkatzea, nekazaritzearen problemea ez soluzionatzea eta industria desarroilatzeko estruktura egokirik eza.

Europako erriakaz konparatu ezkero, argi ikusten da, hareen desarroiloa giro baketsuan eta pausu seguruakaz doala. Ekonomia arloan asi gara izketan, noski; eta, beste aldetik, politika giroan mugimentua askozaz ugariagoa da.

Politikazko mugimentuak, gizataldeen espresinoa izaten dira. Beraz, espresino horreri agertzen ixten jakon tokian, ekonomiazko informazinoa dauke agintariak. Gainera, gizarteko indarrak burua erakusten dabenean, talde bakoitzak bere elburuak* lortu gura izaten dauz eta, horretarako, besteen ekintzak juzgatu eta fiskalizatu egiten ditu. Hau, beharrezkoa da kapitalista sistema batean.

Anton Azkona


Ezagutu gure erria (13)

Lea-Artibai (1)

Markina buru dala, auzi-alderdi* bat dago Bizkaiko Ipar eguzkialdean. Igazarte "Primera Instancia"-ko auzitegiagaz, eta orain "Juzgado Comarcal"-agaz. Auzi-alderdi honek ibaiarro bi artzen ditu, eskualde bakar bat osotuaz. Lea ibaiaren arroa* Munitibartik Lekeitiora bitartean, eta Artibai ibaiaren arroa Zenarrutzatik Ondarroara bitartean. Diputazinoko eskualde bat be ba da, Mendata ta Ea txarto gehitzen jakozala. Elizak egindako zatiketa barrian be, artzaintza eskualde bat jarri da, Lea-Artibai izenegaz, ibaiarro bi honeek artzen dituana.

Kondairari ezin leitekio jarraitu gaur eguneko eskualde* planteamentu baten, Markinako merindadea txikiegia zalako, Markina-Xemein eta Etxebarria bakarrik artzen ebazalako, ta beste enparaduan* Busturikoa sartzen zalako, bere eskualde naturaletik merindade heterojeneoegia ta aundiegia artifizialki eginaz. Beraz*, auzi-alderdiari jarraituko deutsagu, geografia fisiku ta politikuan ondo oinarrituta baitago*, eta urigintza* ta ekonomiari bere bai.

Beraz*, erri honeek artzen ditu: Lea arroan, Munitibar, Murelaga, Gizaburuaga, Amoroto, Izpazter, Mendexa ta Lekeitio; Artibai arroan, Zenarrutza-Bolibar, Etxebarria, Markina-Xemein, Berriatua ta Ondarroa. 12 erri, guztitara 208,75 km.2 ta 26.442 bizilagun egiten dituela.

Arrainketa ta baserrilana

Ekonomia era bi dira nagusi eskualde* honetan, baserria ta arraintza, lehenengoa lehor barruko errietan eta bigarrena Ondarroa ta Lekeition.

Baserriarentzako, beste Bizkaiko edozein eskualdetan baino erakunde* gehiago dagoz. Bertan jarri ziran Bizkaiko lehenengo "Extensión Agraria"-ko ajentzia, Eskualde Baserri Kooperatibea (M.I.B.A.), baserri eskolea Urberuagan, eta feria bat Markinan, gaurko makinaria barriagaz ornidua. Baserriko sektore garrantzitsu batek —basoak— 125,50 km.2 artzen ditu (eskualdeko lurraren ehuneko 60-a). Azkenean lehenengo aldiz konturatu da Diputazinoa, urigintzaz gainera, baserrigintza* bat be beharrezkoa dala; ta lehenengo baserrigintza eskualde honetan egiteko ustea dauka. Lehen aipatu doguzan erakundeak erne egon beharra ba dauke arazo honetaz, errian bapere oinarritu bako teknokrata batzuek aldrebeskeriarik aundienetariko bat egin ez daien eskualde honegaz. Baina gure baserriak erabarritze baten preminea daukanik ezin leike inok ukatu, gaurko anarkiatik urteteko.

Arraintza ekonomiak ze garrantzi daukan ikusteko, zifra honeei begiratzea baino ez dago:

1957-an, Ondarroan, 160 ontzi (9.036 tonelada), 2.242 arrantzale, 14.934 tonelada arrain, 127.339.000 peseta balioko produzinoa. Lekeition, urte berean, 81 ontzi (1.460 tonelada), 886 arrantzale, 2.969 tonelada arrain, 20.760.000 peseta balioko produzinoa.

1966-an, Ondarroan, 150 ontzi (15.542 tonelada), 2.525 arrantzale, 13.811 tonelada arrain, 210.727.000 peseta balioko produzinoa. Lekeition, urte berean, 55 ontzi (2.235 tonelada), 689 arrantzale, 3.749 tonelada arrain, 74.955.000 peseta balioko produzinoa. Halan be, ontzien eta produzinoaren jabetzan, kofradien eta kooperatiben estrukturan aldatu beharrik nahikoa dagoan ezkero, azterketa sozio-ekonomiku sakon baten preminea ikusten da, baserrian ikusten dan bezala.

Industrilana

Industria ekonomiari begira, planifikatze utsune aundi bat agertzen jaku. Arraintza deribaduetako industria ez dago portu bien produzinoaren parean. Industria horren lokalizazinoa ez da egin orainarte eskualde osoaren desarroiloari begira. Aberastasuna obeto banatuko litzake, esate baterako, deribadu horreen olak* Berriatuan eta Amorotoko Oletan jarriko balira; eta holan, bizilekuen eta kontaminazinoaren problemea obeto konponduko litzake. Beste industria ekonomia Markinan aurkitzen da ia dana; baina ez erri hau eta ez Etxebarria ez dira baliatu, Eibar eta Elgoibarren alboan egotearen deskonjestino aukereagaz. Bilboren erdikoikeriak ez deutse ikusi erazo agintariei, gure errialdean beste desarroilo polu batzuen preminea dagoala. "Esperanza y Cía" da eskualdeko olarik* aundiena, 400 bat langile dituala.

Bide estrukturak, ez arro bietan zehar, ez batetik bestera, ez alboko eskualdeetara, ez deutsoe askorik laguntzen gaurkotze sozio-ekonomiku bateri. Esate baterako, arraina erbestean saltzeko, Ondarroatik Berriz eta Matienarako bidea estua da, behe txarreko ta errebuelta gehiegizkoa, produktu honek eskatzen dauan bizkortasun baterako. Lea arroan zehar doan bideak, Munitibartik Lekeitiorakoak, jendearentzako aukera gutxi dauka. Aulestitik Nabarnizerako bidea egiteak, Markina ta Gernika zuzenean jarriko leukez, Busturia ta Lea-Artibai eskualdeak alkar obeto komunikatuaz. Elgoibartik Markinarako bidea oso txarra da; Urkarregiko aldatza zelan dagoan ikustea baino ez dago. Isuatik Barinagararteko bidea egiteak, barriz, eskualde hau asko obetu dau, Eibarko artuemonei begira.

Uriburua

Uriburuari begira, gure ustez, Diputazinoaren asmoak ez dira txarrak. Dinoenez, Markinan jarri behar dira eskualdeko zerbitzuak eta instalazinoak, erdian dagoalako, ta batez bere komeni ez dalako Lekeitio ta Ondarroa, euren bakartasun eta topografia zailtasunagaitik, gehiegi azitzea. Horregaitik Urlon, eskualde guztirako ustean, abere iltegi bat egiten dihardue; ustean dinogu, Lekeitiok ez daualako, dakigunez behintzat, parte artzerik nahi izan. Norberekeria horreek ez dira biderik onenak, talde sentidu batekin, gaurko arazoei erantzuteko. Urlo inguruan doala uste dogu, eskualde guztirako sua amatatzeko parkea. Joan beitez inguru horretan, hain zuzen be Lekeitio ta Ondarroa eskualdeko beste erri nagusi biei begira, ibaiarro biontzako zerbitzurik ugarienak.

Markina da eskualdeko uriburua, auzitegi, notaria, azoka, feria eta aipatu doguzan baserri erakundeakaz. Banku etxerik nagusienak be bertan aurkitzen dira. Aipatu beharrezkoa da, Markina-Xemeingo "Escuela Profesional Laboral"-a, eskualdeko irakaskintza etxerik oberena, hainbeste mesede egiten ari* dana eta oraindino gehiago egin behar leukena.

Euskerea

Izkuntzari begira, sendoen euskerari eusten deutson eskualdea dogu, Lea-Artibai deitzen deutsagun hau. Bertako semeak ziran Azkue, Domingo Agirre, Frai Bartolome, euskal jakintsu ta idazle ahaztu ezinezkoak. Alfabetatze lana, Artibai arroko erririk gehienetan egin da; Berriatuan izan ezik, beste guztietan uste dogu. Lea arroan, erri gehienetan egiteko dago oraindino. Danetan egiten danean, izkuntzak gorputz sendoago bat artuko dau, duda barik. Ikastolak Markina, Ondarroa ta Lekeition aurkitzen dira. Irurontzat, eskualdeko beste erritxoei be begira, euskal ikastetxe bakar bat ez ote litzake komeni? Itaun honi baietz erantzun behar, eta ez eskualde honetan bakarrik.

J. L. Lizundia