ANAITASUNA

BIZKAIA

187 zenb. 1970, • Apirilak 30

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 8

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 187 zenb. 1970, Apirilak 30.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Luis Mitxelenarekin alkarrizketa. Euskerea ez dago ilzorian

Erdal egunkarietan* aditzera emon jakun legez, apirilaren 6-tik 11-rarte, Euskal Antropologiaren Astea egin da Bilbon, Academia de Ciencias Médicas-ek eraturik. Astelehenean, arratsaldeko 7.30-etan emon behar zan lehenengo itzaldia, ta oraindik 6-retan ez egoan horretarako baimenik. Jakitun entzutetsuak egin dituen itzaldiok entzutera jendea ugari etorri zan, soziedade barruan goi mailetan kokatuta* dagozanak faltatu barik.

Ostiralean*, ilaren 10-ean, Mitxelena jauna mintzatu zan. Uste dogu, inoiz baino jendetza aundiagoa egoala Diputazinoko Liburutegian. Guk Mitxelenarekin alkarrizketa bat egin nahi genduan. Ez zan gauza erraza. Milaka ziran Mitxelenagaz berba egin gura ebenak. Azken batean, beragana urbildu* ginan eta, Diputazinoko gelatxo batean ostenduta, gure galderak egiten asi gintxakozan. Mitxelena jauna zeharo egonezineko gizon bat da. Inoiz ezpan-eskuetatik zigarro bokilladuna kendu barik, hara ta hona mugitzen da, eskoiko ankaren gainean jausi beharrean; maletatxo bat eroaten dau eskuan, anteojoak kendu ta ipini, ezpan-begiak eta gorputz osoa eten bako mugimentuan dituala. Mitxelena jaun hau, mundu guztiak dakian legez, izkuntzalari ospetsu bat da eta Pariseko Sorbonan maisu.

— Mitxelena jauna, Euskal Antropologiaren Aste hau dala ta, barriro be sarritan entzun doguna gogoratzen jaku: zu, euskal arazoetan hain aditua izanik, zegaitik zabiltza Euskalerritik kanpora?

— Begira, gizon batek lan bateri gogoz eltzen deutsonean, berari segidu beharrean aurkitzen da. Orduan, nire lana hemen non bete baneuka, honaxe etorriko nintzake. Egia esan, behin Iruñera joatea eskaini eusten, baina ez neban onartu proposamentu hori; ba ditut horretarako arrazoiak. Dana dala, kanpotik banabil be, hemen barruan be ba nago.

— Guztion guraria da euskerea indartzea. Zure eritxiz, zeintzuk bide ta modu dira horretarako egokienak?

— Utsuneak bete beharra dago. Liburu barriak atera behar dira, era guztietakoak, textokoak ahaztu barik. Bardin errebistak, irratialdiak, eta abar. Baina, dudarik bage, euskeraren batasuna da preminatsuena. Nire ustez, euskerea ez dago ilzorian; gure izkuntzak ez dau egin berea oraindino, ez ditu eroan azkeneraino bere posibletasun guztiak.

— Guk be euskeraren batasuna il edo bizikoa dala uste dogu. Zer egin da horretaz?

— Begira. Ni horretan juez eta parte naiz... Dudarik ez dagoana da, batasuna zelari edo halan egin behar dala. Nire ustez, Arantzazun artutako bidea, aurretiko lan batzuetan oinarritua da eta batez bere gaztediak begi-belarri onartua. Dana dala, Arantzazuko bidea ez onartzea gizonen libertadearen posibilidade bat da, beste bide bat proposatzen dan neurrian; baina ez dot uste proposatuko danik.

— Zer aportatu leiskio bizkaiereak euskera batuari?

— Itz eta esaera asko, gutxienez. Ta gramatika aldetik bere, ez gutxi.

— ANAITASUNA ezagutzen dozula uste dogu. Zer deritxazu aldizkari honi?

— Bai, ezagutzen dot. Lehenengo ta behin, barriro argitaratzeak asko poztu ninduan. Isilik jarraitzea lotsagarria izango zan, ez Bizkaiarentzat bakarrik, baita Euskalerri osoarentzat bere. Aldizkari bizia ta gaurkoa ikusten dot; baina txikia, urria.

— Azken urte honeetan, zer baliokorik ikusi deutsazu euskal literaturari, eta zer badaezpadakorik?

— Euskal idazle barriak, euskera gaizki xamar dakie. Bueno, hori beti gertatzen jake gazteei. Dana dala, obe da euskeraz gaizki egiten saiatzea, erderaz kontseilu bedeinkatuak emotea baino.

Gaien aldetik, eritxi asko eta era ezbardinetakoak agertzen dira. Izan bere, eritxi askotarikoak bizi gara, ta literaturan bere halan agertzen da. Beraz*, ez litzake guzurrezko egoera bat baino izango, existentzialismoa, marxismo kutsua eta abar ez agertzea. Euskal literatura aberastu egin da, zabaldu. Lehen danok ginan "onak". Gaur, ostera, joera asko, gai asko agertzen dira, nahiz eta ez danak ondo oinarrituak.

— Marxismoa aipatu dozun ezkero, ba dakizu esaten dana, h-zaleak marxistak dirala? (Barre algara aundiak entzun ziran).

— Ba, marxisten eskuetatik kendu, ta geurea izango da! Nire ustez, h-zalerik gehienak gazteak dira, ta nagusiak kontrakoak (gehienean dinot). Beraz, politika kontua baino urte kontua gehiago da. Dana dala, h-a erabilteko arrazoiak beste batzuek dira.

— Ezkerrik asko, ba, Mitxelena Jauna, ta urrengorarte, betiarte, alegia!

Angel Zelaieta


Erriz erri

Santutxu

Gazteen meza

Ilero, azkenengo larunbatetan* eta gaueko 10 t'erdietan, gazteen eta hain gazte ez gareanon meza izaten dogu, bertako euskal taldeak antolatuta.

Meza, euskeraz izaten da. Itzaldiak eta oharrak*, izkuntza bietan. Jendeak, mezan parte inon artzekotan, meza honetan artzen dau.

Ikustekoak edo, obeto esateko, entzutekoak izaten dira meza barruan egiten diran itzaldiak: gaurkotasunez beterik eta Ebanjelioaren irakatsiak gaurko denboretara ekarririk.

Igandeetako* meza itxiteko zorian egon diran asko, meza honeri eskerrak, aurrera egiteko adorea artu dabe. Betoz ugari holako mezak! Ea horrela benetako kristinautasunaren bideetatik abiatzen garean!

«Gaztedi»

Dantzari talde honek bere, bide barriak urratu nahi ditu.

Folklorea baztertu barik, baina folklorekerietan jausteko arriskua uxaturik, eziketa* arloa jarratu gura dabe.

Itzaldi eta alkarrizketa bidez, euskal kultura barrenean murgiltzen ari* dira. Aurrera, neska-mutilak! Eredu ederra beste askorentzat.

Alfabetatzea

Egin barria dan alfabetatze saio honetan parte artu dabenak, oso pozik geratu dira. Irakasleak uste dau, urteetako utsunea ezin dala aste betean osotu.

"Aste honetan azur utsak jarri baino ez dogu egin. Orain, egun honeetan ikasitakoa bizitzarako izatekotan, norberak ezarri behar mamina. Hau da, bakoitzak bere ardurapean lan egin behar. Idazten, idatziaz ikasten da; irakurten, irakurriaz; eta berba egiten, berba eginaz. Sartu hau erraietaraino, beste biderik ez dago ta."

Jaiak

Santutxuko jaiak gainean dagoz. Eratzaileak lanean ari* dirala eta jai ederrak izango ditugula entzun dogu.

Joseba Arrieta

Zornotza

Aurten bere bai, Zornotzako parrokian, umeen lehenengo jaunartzea talde bitan izango da: maiatzaren 3-an eta 10 t'erdietako mezatan, euskeraz; eta 7-an, ordu berean, erderaz.

Gurasoak, gehien nahi izan daben taldea aukeratu dabe, euskerazkoa edo erderazkoa.

Iru urte dira erabagi hau artu zana. Lehen danok batera egiten eben, danok erderaz.

Gorantza doaz, Zelaietako parkean eta frontoi ondoan erriko biblioteka bat egiteko asi diran lanak.

Horrelako martxan jarraitu ezkero, prest egongo da datorren urterako, orain amaituta dagoan frontoiagaz jazo zana barriro gertatzen ez bada. Frontoia amaituta ikusi arte, urte asko pasatu ziran eta.

Dana dala, Bizkaiko txapelketako partidu batzuek bertan jokatuten dira, zornotzatar guztien entretenigarri.

Leungane

Mungia

ANAITASUNA-ko adiskideak: Barkatu* nire idazkera hain pobrea izatea, itz honeek nire lehenengotxoak dira ta.

Gure erria aldizkari horretan ez dala agertzen ikusiaz, pentsatu egin dot, zeredozer bidaldu ezkero, beste batzuek bere animatu egingo dirala. Utsak izango dodaz aurki*; baina zuentzat ez dala gatx izango uste dot, nire idazkerea eratutea.

Nik ez dakit zegaitik; baina beti erri batzuetako albiste* bakarrak agertzen dira aldizkari horretan.

Hau ikusiaz, nire burua be pekatari ikusi dot. Esate baterako, Mungia, bere sustrai guztietatik euskalduna izan arren, ez dakit aldizkari horretan inoiz agertu danik. Horregaitik, ba noa zerbait idaztera, ea mungitarrak, euren erriaren izena irakurriaz, itz batzuek gehiago bidaltzera bizkortzen diran.

Mungiko erria, arlo guztietan, beti indiferente ikusten izan dot. Hau, bere izakerea ezagututa, ondo ulertzen da. Izan bere, apur bat geldoa edo iniziatiba gutxikoa da Mungia. Geldotasun horren beste faktore bat izan leiteke, materialki ondo samar bizi gareala: ondo jan, ia danok kotxedun, lanik ez da falta, eta abar. Baina, bide honetatik bakarrik jarraitu ezkero, personea aberetu egiten da.

Zorionez, gaur egunean, kultura erakundeak lehen baino ugariagoak dira: institutoa, ikastetxeak eta batez bere euskal ikastolea. Faktore honeek asko esan gura dabe aurrerantzerako. Gure gazteak, nahi ta nahi ez, benetako gizonak egingo dira, egiazko gizonak, euskaldunak.

Arratia

Zahar askok gaurko gazteei botatzen deuskuen arri bat, hauxe da: "Zuen jolasak sustrai ta bizitasun bakoak dira. Zer egingo ote zeunkee, whiskytegi, dantzatoki ta kafetegiak kenduko balitxatzuez? Guk, holakorik bage, alkartasun osoan igaro genduan gure gaztezaroa".

Talde batzuentzat, arri hori legezkoa izango da nonbait. Baina ez gure taldearentzat. Hor dago Gaztelu Elexabitian izan dogun euskal jai txalogarria. Txistulariak, soinulariak, antzezlariak, abeslariak, eta abar.

Benetako eta neurri bako zorionak emon beharra dago Arteagako gazte gehienei. Batzuek lo sakonagoa dabe; baina esnatuko dirala uste dot, Luziano jaunaren eta Margari irakaslearen aldaba jotea gogorra izango da ta.

Durangon, Markinan, Lekeition, edonon, ikaragarrizko euskal jai bat ikusi nahi badozue, deitu eurei, lan egiteko prest dagoz eta.

Arratiako euskal gazteak,

horrela, lotan, noiz arte?

Gero eder bat lortuko dogu,

gaurko jokoa bitarte.

Zentzu pixka bat non nahi agertu,

gizonkeria aparte.

Gizontasuna oba leiteke,

anka biko garan arte.

SEBAS

Arratiko gaztedia, gure udabarriaren antzera, apurka apurka, aurrera doa, agertuaz doa.

Kolazinoko (Bediako) gazteak, nahiz eta laguntza gutxigaz, indar eta itxaropen aundiaz dabiltza.

Dimakoak bere, azkenean (sasoia izan da) lortu dabe eurentzat toki txikar bat. Egun aundia izan zan eurentzat apirilaren bosgarrena: gazteen mezea, aspalditik itxaroten egozan tokiaren bedeinkazinoa, txokolatea, abestiak, eta abar. Sortu barria dan gazte taldearen izena: Zamakolatarrak.

Beste alderdi batetik, Areatzakoak* ta Lemonatarrak gorputz bat egin guran dihardue; baina lekurik lortu ezinik dabiltza, alkartu ahal izateko. Eta, txarrena dana, euren eliz buruak, laguntasuna emon beharren, oztopok baino ez.

Hemendik igarten da, Urtainzaleak eta Athletizaleak izateaz gainera, beste ardura obeagoak de ba dituela Arratiar gazte batzuek.

ZAMAKOLATARRA

Markina ta Etxebarri

Alkarregazko lana aurrera daroan batzordeak,* eginkizun bi ditu esku artean.

Lehenengoa, gaixo ta osagile arloan, Markina ta alboko erriak "Partido abierto" izan daitezala lortzea. Horretarako zer behar litzaken jakiteko, batzordeko lau Bizkaiko "Sanidad"-eko nagusiagana izan ziran. Honen esanez, Aiuntamentuak ei dauka zerikusi aundia. Hori dala ta, Aiuntamentuko azken batzarrean, auzi hau —"Partido abierto" izan ala ez— erabili zan, erriko lagun mordoaren aurrean erabili be. Hori lortzea oso onuragarria izango danez, Aiuntamentuak ahalegin guztiak egingo ditualakoan gagoz.

Bigarren eginkizuna, Dispensariorarena da. "Seguridad Social"-ekoekin ahoz itz egin da; baina, orain, erakunde horreri ta beste batzuei laguntza eskatuko jake. Dana dala, laster, erri guztiari batzar batera dei egingo jako, gorabehera guztiok zehatz azaltzeko.

Bilbon urte guztian zehar egiten ei dan antzera, zortziren bat astetan kristinau fedean eskolatze bat izango dogu Merzedeko ikastetxean, Lea-Artibai eskualdekoentzat. Ostiraleetan,* zortzi ta erdietan asita, toki baten euskaldunentzat eta bestean erdaldunentzat izango dira itzaldiok.

Ikasle edo entzule izan leitekezanak: Ikastoletako andereño ta irakasleak, parrokian nahiz etxean euren seme-alaben kristinau ezitzaile* diran gurasoak, eta baita norbere sinesmena sakondu ta argitasun barriak nahi dituenak bere.

IRUKOTE

"Aliquando bonus dormitat Homerus" ei dino latinezko esakune batek: Gehien dakianari be ahaztu egin leitekiola zerbait. Eta horixe jazo jako oraingoan gure lagun Lizundiari "Ezagutu gure Erria"-n, Etxebarri aipatu dauanean. Ahaztu ez balitxako, ez ebala aipatu barik itxi izango uste dot, gure erriko dan Bizkaiko idazlerik onena edo onenetarikoa behintzat: Aita Bartolome. Ezta, XVI-garren mendean,* Aita Santu izateko ez dakit zenbat boto izan zituan Urresoloko Juan be.

Eta behin aipatzen asi ezkero, nahiko ospetsuak izan dira Mañuskako osaba-loba obispoak, eta oraintsu Cubako Santiagon il zan Valentin Zubizarreta, obispo ta teologari entzutetsua.

JUAN

Amabi Arrietatik

 Gure eskualdeko* Oiz mendian, telebisinoko bigarren kanalerako erretrasmisore bat ipiniko dabe. Orain dala urte bi egin ziran honetarako lehenengo artuemonak, eta joan dan ilean eldu zan asmo honetarako baietza. Bere presupostua 5 miloitik gorakoa da. Aurrerantzean, ez bakarrik gure eskualdean, baita Galdakanon, Bermeon eta beste erri askotan bere ikusiko dira UHF-ko telebistaldiak.

Bizkaiko Diputazinoak il honetan erabagitako gauzen artean, honeexek agertzen dira: 131.300 peseta emon, Mañariko udaletxean* egiten dabiltzan lanak ordaintzeko.

Durangoko Udalari,* bertako Gazteen Alkarteak baimena eskatu deutso, euren biltokian* eta euren bazkideentzat liburutegi bat ipinteko. Aiuntamentuak ezetza emon deutse, erriko danentzako liburutegi bat zabalik dagoala ta.

Denboralditxo bat da, eskualdeko Gerediaga Alkartearen babesean sortutako Geroa antzerki taldearen gora-beherarik jakin ez doguna. Antza danez, eurei be udabarria etorri jake orain. Apirilaren 14-an Durangon, 21-ean Eibarren eta 24-an Ermuan, erderaz gertatuta euki dituen antzerki bi antzeztu dabez. Euskerazko antzerki bat be egiteko prest dagozala, horren zurrumurrua be eldu jaku.

Irugarren aldiz J.A.E.D.-koak antolatuta, 30 urtetik gorakoen esku-pelota txapelketearen azkena egin zan Durangon, apirilaren 12-an. Hau dala ta, goizean meza bat egon zan; ondoren, eskualdeko txistulariak kalejira bat egin eben pelota tokiraino; 10.30-etan asi ziran pelota partiduak, eta amaikeran txapelak emon jakezan irabazleei eta sariak txapelketa honetan jokatu daben guztiei.

Urtero legez aurten bere. JA.E.D.-koak "Dakizuna egizu" txapelketa bat antolatu dabe, euren beharrizanetarako dirua lortzeko.

Profesionalak ezezik, beste edozeinek be parte artu leike txapelketa honetan. Maiatzeko astearteetan,* Durangon, gaueko 10-etan, Astarloa zine tokian izango dira agerketa saioak.

Andikona eta Berrizko gaztediak antolatuta, aurten bere ospatuko dira Asentsio jaiak, maiatzaren 7-an, Andikonan. Txistulariak, bertsolariak, erri mezea eta erromeriak izango dira.

JOAN AROMA

Arbatzegi-Gerrikaitz

Erri honetako barri aundirik jakin ezarren, noizean behin zeredozer elduten jat belarrietara.

Erriko gazteren batzuek zerbait egin nahian ba dabiltzala be, entzun izan dot. Maiatzaren 10-erako jaialdi bat eratu guran ei dabiltza. Kantari, dantzari bertsolari eta gainerantzeko artista guztiak, Euskalerriko onenetarikoak, ekarri gura ei ditue. Nik dinodan hau, nonbaiten jasotako zurrumurrua baino ez da. Ea bertan bizi dan baten batek zeredozer dinoskun, gauzak zihurrik jakiteko. "Jolapitxeneko" Mari Karmenek edo beste baten batek jakingo dau. Munitibartarrok ba dauke nire laguntza, ezetan lagundu anai badeutset. Ea, maiatzaren 10-ean, Munitibar jendez gainezka ikusten dogun.

Erramun Gerrikagoitia

Elgoibar

Zer gertatzen da parrokian? Don Juan, parroko jauna, joan egin jakun. Zahartuta ei egoan elgoibartar jendeari erantzuteko, eta osasun aldetik be urri ei ebilen. Beraz,* ez daukagu parrokorik. Noiz arte? Ez dago ezeren barririk.

Elgoibartik ZERUKO-ARGIA-ra albisteak* bidaltzen dituan Marixabelek, karta garratz bat artu dau. Idazlea bizkaitarra dan ezkero, ANAITASUNA iragurriko dauala uste dot; eta ni be talde haretakoa naizanez, dei egiten deutsat: ixteko bakean bakean dagoana, H-gaz nahiz H barik idazteak ez baiteutso* inori kalte egiten.

M. ARAKISTAIN


Mundu biribila

Ipar Euskalerriko kantonamentuak

Lapurdin: Baiona (Ipar-Ekialdea), Baiona (Ipar-Mendebala), Biarritz, Donibane-Lohizune ta Uztaritze.

Behe-Nafarroan: Bastida, Donibane-Garazi, Baigorri, Iholdi ta Donepaleu. Bidaxune kantonamentua, zati bat behenafarra, beste bat lapurtarra ta beste bat feudal arraizoiz kendua.

Zuberoan: Maule ta Atarratze.

Kantonamentu batzuek ondo eginak dira, hau da, eskualde* natural bati ondo lotuak. Beste batzuek, eskualdeei jaromonik egin barik egin dira, eta kasu batzuetan Lapurdi, Behe-Nafarroa edo Zuberoko erriak nahasturik aurkitzen dira: Zuberoko erri batzuek Donepaleuko kantonamentuan, Hazparnekoan, eta abar.


Mundu biribila

Kontseilu Jeneraleko auteskundeak

Martxoaren 8 ta 15-ean, Ipar Euskalerrian, Kontseilu Jeneraleko auteskundeak* izan ziran. Auteskundeak, gutxi edo asko, beti dauke euren garrantzia, erriaren kontzientzia ta eritxiaren neurri izan daitekez eta. "Daitekez" dinot eta ez "dira", ze mendebaleko* demokrazia formaletan "daitekez"-etik "dira"-ra dagoan tarte zabal hori igarotzeko posibilidade gutxi dago, "demokraziok" burgesia teknokratizatuaren benenetako diktadura diran arte. Are* gehiago Frantzia zentralista ta arma saltzaile horretan.

Zer da auteskundeetan gertatzen dana?

- auteskundeak urte batzuetatik urte batzuetara izaten dira.

- alderdiak eratutako kandidato-listetan bakarrik autatu* ahal izaten da.

- auteskundeak, gizarte artuemonetako medioak manejatuak izaten dira.

- burgesiak kontrolatzen ditu gizarte aurtuemonetako medioak.

- teknokratak kontrolatzen dabe burgesia.

Horregaitik, ez dakigu auteskundeetan agertzen dana noraino dan erri nahimenaren egiazko dirdira. Hau kontuan euki beharra dago, Kontseilu Jeneralerako auteskundeok analizatzean.

Ipar Euskalerria 8 kantonamentutan banandua izan zan, eta hona hemen kantonamentu bakoitzean autatu ziranak:

Baionan, Mendiboure.

Bidaxunen, Pochelu.

Ezpeletan, Labéguerie.

Baigorrin, Etcheverry-Ainchart.

Donibane-Lohizunen, Poulou.

Donapaleuen, Errecart.

Uztaritzen, Lastrade.

Maulen, Goux.

Labéguerie, Etcheverry-Ainchart eta Errecart jaunak martxoaren 8-an aukeratuak izan ziran:

Labéguerie-k 6.152 autesletatik* 3.968 autarki* bereganatu zituan, eta "Centre Démocrate" alderdikoa da.

Etcheverry-Ainchart-ek 4.652 autesletatik 1.833 autarki, eta alderdi gabea da.

Errecart-ek 6.401 autesletatik 2.877 autarki, ta "Centre Démocrate"-koa da. (Centre Démocrate honen buru Lecanuet da).

Beste bostak urrengo iganderarte* (martxoaren 15-erarte) itxaron beharra izan eben:

Mendiboure-k 7.406 autarki lortu zituan; alderdi gabea.

Pochelou-k 1.331 autarki; alderdi gabea, baina bere jokera U.D.R.-ra doa. (Alderdi hau "degaullista" da).

Poulou-k 7.170; bere jokabidea "Défense des intérêts cantonaux" dalakoan sartzen da.  Lastrade-k 2.683; alderdi gabea.

Goux-ek 2.683; "Centre Démocrate"-koa da.

Kantonamentu bakoitzerako 2-tik 5-era kandidato presentatu ziran (danetara 30), eta aurretik itzaldiak egin eta propaganda zabaldu eben. Propaganda honetan, Ipar Euskalerriko euskal giroa, euskal geroa ta euskeraren auzia ez ditu ia inok be aipatu. Etcheverry-Aichart-ek dino: "Eskuararen alde indar bat egin, gure ohidurak gora atxiki... Hitz emaiten dut, ene eskualdun lagunekin oldartuko nizela Eskual Herriko intresen zaintzeko... Eskualdun eta Fededun agertuz..." Kontseilari Jeneral hau 1964-an be autatua izan zan, eta orduan Enbatako lez agertu zan. Aurten Enbatak ez dau kandidatorik presentatu, eta jokabide horren arrazoiak azaldu ditu: "Bozak* aitzinatik eginak direla diruz eta propagandaz fundituak. Beraz, bozen bidez ez dugula deusik aldatuko. Populua lehenik argitu eta berotu behar dugula". Labéguerie-k: "Bertzeak bertze, 1970 urte huntan lau miliunez goiti emanak izan dira Pauen* eskuararentzat... Erran neri noiz emana izan den hoinbertze diru eskuararentzat Pauen. Ez dut erran nahi, orain ere sobera dela... gure Lapurdiko xoko maitagarri hau joan dadin... eskualdunduz".

30 kontseilari-gaietatik, amar bat ziran euskaldunak; honeetatik batzuek, euskaltzaleak eta bat euskaltzain jakintsua: Haritschelhar jauna, Euskaltzainburu-ordezkoa. Haritschelhar Baigorrin presentatu zan, eta ez zan autatua izan. Bere programan, "errien arteko ta oldar berriko batasuna"-z mintzatzen da: "Elgar juntatuz, dezagun erran goraki... gure sort herrian nahi dugula bizi"; baina euskera ta euskal kulturarik ez dau aipatzen.

Auteskundeok, politiko baino, administratibo antz gehiago dauke; ta, horregaitik, alderdien politika ez da hainbestean sartu. Halan be, komunistak 8 kantonamentuetara presentatu ziran; sozialistak kontseilari-gai bi presentatu zituen, P.S.U. ezkertiar alderdiak beste bi, Giscard-tiarrak bat; U.D.R.-tiar "degaullistak" 8 kantonamentuetatik 6-ra azaldu ziran, eta Erdikoak bardin.

Auteskundeon ondoren ikusten dana hauxe da: ez da aldakuntza andirik agiri. Atera diranetan 6 lehendik Kontseilari Jeneral ziran: Labéguerie, Etcheverry-Ainchart, Errecart, Poulou, Pochelou ta Goux. Beste biak, Mendiboure ta Lastrade-k, aurten lortu dabe lehenengoz Kontseilari kargua. "Degaullistak" galtzaile urten dabe; euren gizonik printzipalenak garaituak izan dira. Erdikoak eta alderdi gabeak irabazle. Komunistak eta beste sasi-ezkertiarrak ez dabe aulkirik lortu.

Nahiz eta "Herria" astekaria* asko saiatu autarki emotearen alde, hainbat izan dira boz-ontzietara joan ez diranak; gutxi gora behera ehuneko 38. "Le Monde"-k esaten ebanez, kantonamentuetako auteskundeetatik aldentzea ohitura egin da. Ikusiko da, 1976-an zer jazoten dan. Dana dala, Kontseilari Jeneralok, 6 urte honeetan, nahi badabe, ba dauke zer egin.

A. Muniategi


Mundu biribila

Ipar Euskalerriko Kontseilu Jenerala

Ipar Euskalerriko Kontseilu Jenerala, hemengo aldeko Diputazinoen antzekoa da: udalaren* gainetik eta parlamentuaren azpitik dagoan erri erakunde bat.

Bere ahalmena, administratiboa da, gehienbat; baina horregaitik politiku bihurtzen da, nahiz eta Kontseilu Jeneralak berez indar hori euki ez arren.

Kontseilu Jenerala, departamentuaren organu nagusia da, eta kantonamentu bakoitzetik kontseilari bat aukeratuaz osotzen da. Kantonamentua erri mordo batek osotzen dau, eskualde batek esan geinke gehienetan. Biarno ta Ipar Euskalerriak osotzen daben orainarteko Basses Pyrénées eta orain izen barria ezarri deutsoen Pyrénées Atlantiques izenekoak, 41 kantonamentu ta beste hainbeste kontseilari ditu, 26 biarnotar eta 15 euskaldun.

Bere zeregina, hemengo Diputazinoen antzerakoa da: bere ardurapean dagoz bideak erri lanak, sanidade gora beherak, kultura subentzinoak eta abar. Baita Estaduak udalentzako* emoten dituan diruak banatzea bere. Ohitura da, Gobernuak departamentu bateri dagokion arazo bat Kontseilu Jeneralari konsultatzea.

Urtean batzar nagusi bi egin behar ditu. apirilean eta udazken inguruan. Lehenengoak, amabost bat egun irauten dau; bigarrenak, departamentuaren urteko presupuestua erabagitzen dalako batipat*, ilabete osoa irauten dau batzuetan.

Lehendakari bat izan behar dau, derrigorrez; eta gehienetan lehendakari ordezko bat bere bai. Ohitura da, biarnotar bat lehendakari ta euskaldun bat lehendakari ordezko izatea.

Ilero batzartzeko, Departamentu Komisino bat aukeratzen da, lau lagunetik zazpirainokoa; komisino hau, bitarteko arazo txikiak aurrera eroateko izaten da gehienbat.

Kontseilariak sei urterako autatzen* dira, iru urterik behin erdiak. Ogetabost urtetik gorako edozein presenta leiteke kontseilaritzat.

Berez administratiboa izan arren, indar politiku aundi bat bere artu leike Kontseilu Jeneralak, kontseilariak ondo batu ezkero, prefektoari egonezin bat sortu arte.

Tamalgarriena, ipar euskaldunentzat departamentu aparteko bat ez eukitea da; biarnotarrak gehiago izanik, euskaldunak beti minorian gelditzen diralako. "Enbata" taldeak, eskatu eban euskal departamentu bat; baina Parisetik ez eban erantzunik izan. Guk konprobatu dogunez, departamentu kontzientzia gutxi dago beste aldean, eta ez dira ohartzen* administrazino arazoen politikotasunaz.

J. L. Lizundia


Euskaldungoa

Biarritzen euskerazko meza bat ipini eben, iragarri genduan legez. Baina jende gutxi joaten ei da.

«Baserriko irabazbideak» (El caserío rentable) izenburuarekin argitaratu dabe liburu bat Gipuzkoako Zabalegiko Baserri Ikastetxekoak.

«Bordel» bertsolariaren omenez*, jaialdi bat egitekotan dira Nafarroako Luzairen*: euskal meza, Jose Maria Satrustegi jaunaren itzaldiarekin, dantzariak, pelotariak, bertsolariak eta Antonio Arrueren itzaldi bat.

«Monografía histórica de la villa de Tolosa». Hauxe da Federico Zabala eta Juan Garmendiak egindako liburuaren izena. 120 orrialde ditu. «Izarra» etxeak argitaratu dau, eta Manuel Domenech-ek apaindu. Jendea eskolatzen, baina erderatzen jarraitzen dogu.

Gerendiain erritxoak (Nafarroako Ultzamako eskualdekoak*) irabazi dau Diputazinoak antolatzen dauan «errien apaintzea» saria. Sari hau 100.000 pesetakoa da.

Artzeniegako torretxea Gazteizko Aurrezki Kutxeak bereganatu dau. XIII-gn. mendekoa* da, eta orain barriztatua izango da.

«Hiru ziren» izeneko antzerkia, Erramu eta Pazko egunetan antzeztua izan da Baxenabarreko Baigorrin. 5 agertaldi eta 23 jokalari ditu.

«Ilhauteriak» izeneko Piarres Larzabalen antzerkia, oraindik inon emon ez dana, Zuberoko Irisarriko gazteak ikasten dihardue, euren errian errepresentatzeko.

«Hiru tentamenduak» eta «Maitexaren ezkontza» antzerkiak, joandako Pazkoetan emon izan ziran Zuberoko Oraharren, erritar gazteak antzezlari ziralarik.

«Guipúzcoa» izenburuarekin argitaratu dau Caja de Ahorros Provincial-ek erdal liburu interesgarri bat. Egileak: Serapio Mugica, Jesus Elosegui, Jose Maria Barandiaran, Fausto Arocena, Jose de Arteche, Ignacio Arregui, Jose Ignacio Tellechea, Antonio Zabala, Luis Villasante, Miguel Pelay Orozco, Manuel de Lecuona, Javier Bello Portu, Ignacio Barriola, Jesus Maria de Arozamena eta Jose Maria Busca Isusi.

«Ramuntxo», Pierre Loti frantses idazlearen nobela famatua, eta Toribio Altzagak euskeraz teatrorako jarri ebana, joan dan Pazko egunean Tolosako Leidor zine tokian antzeztu eben Motrikuko «Goizeko Izarra» taldekoak.

Jose Luis Bengoa Zubizarretak, S.E.R. izenpean Euskalerrian diran irratietan* lan egiten dau. «Abesti Barriak» irratialdia* berak gertatzen dau, larunbat* guztietan: 11.45-etan Nafarroako Radio Requete-n, 15.15-etan Radio San Sebastián-en, eta 15.30-tan Radio Bilbao eta Radio Vitoria-n. Era berean, berak gertatzen dau «Euskal Soinua» bere. Zehaztasun gehiagorako, hona hemen bere zuzenbidea: Jose Luis Bengoa Zubizarreta - Artazamina 10, 7.° F - Bilbao (Tel. 21 48 32).

«Euskal Protestantismoa zer den». Izenburu honekin agertu da Lur Editorialak argitara emondako azken liburua, Joannes Leizarragak 1571-an egina eta Gabriel Arestik prestatua, Eskatzekotan: Villa Zutik - Ategorrieta - San Sebastián.

«Carta Circular» izeneko aldizkari bat argitaratzen dabe Madrilen ilabete birik baten Ebanjeliozko Elizakoak. Bere 213-gn. alean, Leizarragak (1601) eta Olabidek (1942) euskerara itzulitako Biblien barri emoten dau Juan Maria Olaizola izeneko batek.

«Txapel» da Auspoa Editorialak argitaratu dauan azken liburuaren izenburua. Antonio Zabalak eginik dago, ta 120 orrialde ditu.

Boulard izeneko frantses jakituna Gazteizen egon da, joan dan martxoan, eliz erakundeei buruz itzaldi batzuek emoten.

Ikastolak larrialdi bat izan dabe Iruñean, Inspección de Enseñanza Primaria-koengandik. Jakina danez, Iruñean lau ikastola dira: Burladan, Torre de Irrintzin, Lakartxelan eta Avenida de Bayonan, 300 bat ikaslekin. Eta orain beste ikastola barri bat irigiko da Zizurko Verbo Divinokoen ikastetxean. Entzun danez, Tabera Kardinal Jauna ikastolen alde atera da.

Zaldibian Gurasoen Alkarteak euskal alfabetatze irakaskintza bat antolatu dau, joan dan apirilaren lehenengoetatik.

«Arte popular vasco» izenburua dakar Luis Pedro Peña Santiagok eginiko azken liburuak. Honen aurretik beste honeek eginak ditu: «Estudio etnográfico del valle de Arraul Alto», «Guipúzcoa olvidada». «Guipúzcoa paso a paso». Guztiok erderaz.

Ondarrabian, oraindik oraintsu, iluntziko erromerian musika bandakoak asi ziranean, mutil gazte batek bere zapata biak bota eutsezan; eta txistulariak asi ziranean, izugarrizko pitada bat entzun eben. Nok erakutsi deutse gure gazteei holako gauzak egiten?

Gipuzkoako Alegrian bertsotan egon ziran, apirilaren 6-an, Uztapide ta Lasarte bertsolariak, «Txintxarri» kultura taldeak antolatutako jaialdi batean.

Motrikun, «Mandazketa» izenarekin bataiatu dabe sortu barria daben kultura-olgatze alkarte bat, Luis Maria Arrieta, Luistarren lehendakaria, eta Urreisti, Realeko futbol jokalaria buru diralarik.

 Mondragoen, Piarres Larzabalen «Lartaunen Historia» San Viator kolejioan antzeztua izan zan. joan dan apirilaren 11-n. Antzezlari, Oiartzungo «Lartaun» taldea izan zan, Eugenio Arotzenaren zuzendaritzapean, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo senar-emazteak aurkezlari zirala. «Danok» taldeak antolatu eban jaia.

Zarautzen, bertsolari saio entzungarri bat izan zan apirilaren 12-an. Uztapide, Lasarte, Lizaso, Lazkao Txiki, Etxeberria eta Jauregi tarteko zirala, Patxi barberuaren zuzendaritzapean. Eta Bizkaian noiz?

«Subnormal» izenarekin ezagutzen diran umeak, 1.457 ei dagoz Bizkaian. 1-8 urtekoen artean. Barakaldon bakarrik —uri honek 100.000 bizilagun baino gehiago daukaz— holako 132 ume bizi dira.

Billaban (Nafarroan) Aita Dominikoak dauken seminarioa bota egingo dabe, ta bere ordez Erdi Mailako Ikastetxe bat jasoko dabe. Hau egindakoan, etxetik urrean izango dabe non ikasi, Billaba, Huarte eta Burladako mutikoak. Neskatoak lehendik euken euren ikastetxea, Ama Dominikena Billaban, eta Ama Kaputxinena Burladan.

Sodupen (Bizkaian), «La Conchita» lantegian gizarte arazo bat sortu da, langileak, batez bere emakumeak, alogerak altzatzeko eskatu dabenean. Guztitara, 438 langile dagoz fabrika horretan.

Manuel de Ibarrondo, Gazteizko erdal eskritorea, joan dan apirilean il zan. (Goian bego). Bere libururik ospetsuena, «Moral social de la burguesía local en 1850». Arabako XV-gn. mendeko* gora-beherak. Azkoitiko Zalduntxoak, frantsesen gerratea ta holakoak aipatzen dira hiburu interesgarri horretan.

Guipuzkoako Billafrankan, itzaldi jakingarri batzuek antolatu dira, Udalaren* zuzendaritzapean, apirilaren 13, 16 eta 20-an. Hona hemen itzaldien tituloak eta izlariak: «Aspectos sociológicos de un plan general», D. Unanuek. «Principales conclusiones del estudio sociológico», I. Larrañagak. «Aspectos económicos de un plan general», A. Lekuonak. «Resultados del estudio de actividades económicas», G. Ansolak. «El desarrollo futuro y el plan general», R. Iruretagoienak. «Perspectivas del desarrollo de Villafranca de Oria», J. J. Rodriguezek.

«Eliz-ondoan», Arabako eliz orriak dinoanez, aurrerantzean, euskaldun umeen bataioa euskeraz egingo da ilero, Estibalizko Basilikan. Era bardinean, dino aipatutako orriak, beste sakramentuak nahiz iletak euskeraz egin gura badira. ba dago horretarako gerturik abade ta abeslari talde bat. Guraso batzuen eskariari erantzunaz, apirilaren 5-ean asi dira Gazteizko parrokia baten euskaldun umeentzako kristinau dotrinaren irakastaldiak.

Tolosan, apirilaren 13-tik 17-ra, ezkon-aurreko ikastaro bat antolatu izan dabe Mariaren Alabak eta Luistarrak, euskeraz, Juan Maria Etxebarria, Julia Elizegi, Jose Maria Olazabal eta Benito Izagirre izlari zirala.

Eguzkiñe Senosiain, Zumaiatar andereñoaren zuzendaritzapean ateratzen dabe Andereñoak multikopiaz kuadernu bat, euren gora-beherak argituaz. Argitasun gehiagorako —ta laguntasuna emoteko— eskatu berari Zumaiara, Baltasar de Echabe, 3.

«Batasuna» izenburuarekin argitaratu barria dabe «Irakurle Sailekoak» lehenengo liburua. Bertan agertzen dira euskera batuaren oinarriak, ortografia, itzen formak, itz barriak, morfologia, joskera eta erabili beharrezko 2.000 itz. Irakurle Sailera izena emonaz, 34 peseta balio ditu; osterantzean, 50. Eskatzekotan: Iñaki Beobide, Ferrerías, 1 - San Sebastián.

Zumarragan, «Zauritutako lorea» antzeztu dabe Urnietako «Egibilla» taldekoak.

Angel Zelaieta


Ezkerretik Eskoira

Guatemalako ilketa, zer egin?

Guatemalan egindako alemaniar enbajadorearen iltzeak, makina bat protesta ta kondenazino jaso dau mundu guztian. Von Spreti kondearen ilketa gaiztakeria iguingarri bat izan dala ezin leike inok uka.

Honelako zitalkeria kondenatu daben egunkariak,* nahiz eskoialdekoak nahiz ezkerrekoak, "Libre Belgique"-tik "L'Humanité"-raino, arrazoia dabe, dudarik ez. Gizatasunaren izenean mintzatu baitira.*

Ezkertiar batzuek ilketa hori kondenatzen ez badabe, eurak euren buruak kondenatzen ditue. Hau esanda gero, ezin geintekez horretan bakarrik gelditu. Biolentziazko inguru edo kontextu guztia salatu behar dogu, nahi ta nahi ez.

Latino Amerikako erririk gehienetan, bitariko terrorismoa dago, bata bestearen kontrakoa. Terrorismo gorriaren aurka, terrorismo zuria agertu da, gorria baino bihotz bakoagoa. "Escuadrones del Amanecer" deritxoenak eta beste horrelakoak, iltzaile taldeak bezala osotzen dira. Antzinako "Esku Baltza" eta "Ku-klux-klan"-en metoduak eredutzat artu ditue. Baina txarrena da, iltzailerik aundienak hango Gobernu batzuetan dagozala.

Erri batzuetan, egiazko "gangsterrak" bezala jokatzen dabe agintariak eurak. Zer esan, esate baterako, Santo Domingoko Errepublikan Trujillok egindako eriotzetaz?

Arrapatzaileak aspalditik operatzen dabe Ameriketan. 1958-an, Castristak Juan Fangio arrapatu eben Cuban; eta 1963-an, Venezuelako erreboluzinogileak bardin egin eben Di Stefanogaz; kasu bietan, deportista famatu horreen bitartez propaganda egiteko. Gero, politika eta erlejinoko andikiak eroaten asi ziran. (1964-an, Smolen koronela, Ipar Amerikako misinoaren burua; 1968-an, Casariego monseinorea, Guadalupeko gotzaina; 1969-an, Druke Elbrick jauna, Brasilen Ipar Amerikako enbajadorea, eta abar eta abar, oso ugariak izan baitira* urte honeetako arrapatzeak, ordainez preso politikoen askatasuna lortzeko).

Colombian, 1966-an, Harold Herder, azukre industriaren nagusia zana, arrapatua izan zan, eta egun gutxi ondoan ilda agertu zan. Halan bere, gehienetan, arrapatzaileak ez deutseee kalterik egin euren biktimei eta honeek gaitz barik libratuak izan dira.

Baina, gizon ezagun batzuek aparte, zenbat eta zenbat ez dira ilak izan? Ezezagunak diranez, munduko eritxia ez da mugidu, ezer gertatu ez balitz bezala. Von Spreti kondearen eriotzea, bai, kondenatu egin dabe egunkariak;* baina mila ta mila pobrerenaren aurrean tutik bere ez.

Hor dago, esate baterako, Brasileko indioen genozidioa. Jende zorigabeko hau abioietatik tiroka garbitzen ari izan ei dira zapaltzaileak; ehunka il dira, animaliak balira bezala. Ikusi honetaz "Sprit" aldizkariaren azkenengo zenbakia, aurtengo irugarrena.

Guzti hori egoeraren azala da, besterik ez. Barreneko problemea, ekonomiaren inperialismoa da. Gaurko kristinauok, inperialismo hori, Pio XI-garrenak "diruaren inperialismoa" deitu ebana, salatu egin behar dogu, itzez ezezik baita egitez bere.

Baina zer egin, Amerika egoera gorri horretatik ateratzeko? Hor dago untzea. "Le Monde" egunkariak, Guatemalari buruzko editorialari izenburu hau jarri eutson: "Quoi faire"?, zer egin?

KARLOS SANTAMARIA


Ezkerretik Eskoira

Guatemala ta Von Spreti

Biztanleetatik iru lauren baino, gehiagok nekazaritzan lan egiten dabe, nekazaritza baita* lurralde honetako aberastasunaren iturririk printzipalena. Laborantza landareen emoitzak (kafea, platanoak) dira Guatemalaren esportazinoen 90 %; ia platano etekin* guztia Estadu Batuetako "United Fruit Company"-ren eskuetan dago. Industria oraindik gutxi zabaldu da, ta bere produzinoa barruko konsumoak iruntsiten dau.

Guatemalak garrantzizko meatz* erreserbak ditu (nikela, beruna,* zinka), ta euren esplotazinoa izan leiteke lurraldearen benetako industrializazinoaren asiera.

Nekazaritzaren garrantzia dala ta, laborantza auzia da askatzeko dagoan korapilorik behinena:* lur landuetatik 70 %, biztanleetatik 2 %-renak dira; ta 8.960 hektarea baino gehiago dituen 22 sailak, 3 jaberen eskuetan dagoz. 1952-an Arbenz Guzmán sindikatuen batasuna lortzen be ahalegindu zan; baina, 1954-ko ekainean,* ipar amerikar interesak eutsi ta Armas koronelak gidatutako militar iskanbilak bultzatuta jausi zan. Zenbait* istiluren ondoren, 1966-ko martxoan, Méndez Montenegro autatua izan zan lehendakaritzat, eta oraindik berak jarraitzen dau, nahiz eta barria (Arana Osorio koronela) aukeratuta egon.

Industria ta nekazaritzaren egoera hau Erdi ta Ego Amerika guztian zabalduta dago ta, horregaitik, ez da arritzeko, Erdi ta Ego Amerikako beste lurralde askotan legez, Guatemalan be gerrillak egotea.

Gerrilla taldeotako bat, F.A.R. (Fuerzas Armadas Revolucionarias), ezker ezkerrean dago ta anarko-kastristatzat artua da. Von Spreti enbajadorea F.A.R.-ko mutilak arrapatu eben, bere biziaren ordainez, 25 preso politikuren askatasuna ta 700.000 dolar eskatuaz. Alemania Federala bera eskaini* zan, 700.000 dolarrak ordaintzeko; baina, halan ta guzti be, Guatemalako Gobernua ezetz gogorrean egoan. Ondorena: enbajadorearen eriotzea.

Gobernuak, Guatemala barruko burruketatik aparte egoan Von Spretiren eriotzeak nazino artean sortu eikezan dolumen eta zalapartarekin jokatzen eban. Iltzen itxitea berebiziko antipropaganda izango zan gerrilleroentzat; eta, iltzera eltzen ez baziran, aginpidearen sekulako garaipena. Gerrilleroak, ostera, esandakoa bete ezik, desprestijiatuta ikusten ziran; eta, beteta, barriz, euren jokabideetan serio ta benetan ebiltzala agertzen eben. Gerrilleroen ustez, gaur egunean Guatemalan neutralidadea ez da posible. Von Spreti, Alemania Federalaren enbajadore legez, alemaniar armak Guatemalara bidaltzearen arduraduna zan eta, gainera, Méndez Montenegroren errejimena sendotzen daben itunben* ekonomiko ta diplomatikoen antolatzailea. Méndez Montenegro, eskubide kostituzionalak ezartzeko ta aginte zibilaren nagusigoa jartzekotan zan; baina deklaratu bako gudu zibil antzeko honetan bukatu* da bere erreformismo motelerako asmo ahula*.

Alemania Federalaren enbajadorearekin gertatu dana ez da, burrukan ari diran taldeentzat, baza politiko bat baino. Garbi agiri da, gudua (nahiz deklaratua, nahiz isila) biztuten danean, morala ta etika alferrik dirala persona baten bizia zaintzeko. Hau bezalako jazoeren arrazoia ekonomia ta politika estrukturetan bilatu behar da, ta ez gizonen arteko basatikerian. Ankerkeriaren* sustraia hain sakon dagoan ezkero, bere ondorenak ezin erremediatu leitekez anatema sakratu ta erosta* negartiekin. Estrukturak aldatu beharra derrigorrezkoa da.

Abel Ereñotarra


Jakin eta ekin

Andereñoak mito?

Azkenengo urteotan hainbat gauza pozgarri izan ditugu, euskal arloan, egunsenti barri baten agergarri. Honeetariko bat, ikastolak dira. Azkenengo urteotan, ikastolak ugaritzen joan dira.

Nok eraginda? Zelan ugaritu dira, hainbat traba eta eragozpen izanda gero?

Erriko persona batzuek arnasa pixka bat emonda, ikastolak gaur errealidade bat dira, uka ezineko errealidade bat. Gehienbat gurasoak eraginda, handik eta hemendik, batetik bestera ikastolaz josita aurkitzen da orain Euskalerria.

Erritar batzuek gure umeei gure kultura emon nahirik, perretxikoak bezala ugaritu dira ikastolak.

Hainbat eragozpen igaroaz, erritar guraso batzuek atera deutsoe burua erakunde honeri. Gurasoak izan dira mugimentu hau arnastu, arrotu eta bizkortu dabenak, eurak eskaini* baitabez* denbora, dirua eta... umeak.

Esperientzia barri batera (esperientzia giroan baikara* oraindik) ausartu dira. Beraz*, gurasoak izan dira ikastolak aurrera atera dabenak. Egon dira beste laguntza batzuek; baina ardatza, gurasoak.

Baina, gurasoak eraginda egon arren, giro horretan beste persona batzuek asi dira lanean. Gurasoak, eziketari* buruz berez dauken eginbeharra beste esku batzuetan laga dabe, espezialista batzuen eskuetan; edo, obeto esanda, laguntza bat eskatu deutsee (eziketa kolaborazinoan ulertu behar baita*).

Beste honeek, jakitun honeek, andereñoak dira. Eta ez dot uste, Euskalerrian jende gehiegirik egongo danik, andereñoak nortzuk diran ez dakianik.

Hemen daukaguz, beraz*, andereñoak, gurasoen (erriaren) asmoak eta ametsak bete nahian edo erriaren deiari erantzun nahian, erriaren eskaerari erantzuten.

Sekulako lana andereñoena: gure umeei gure kultura emotea, erritar kultura bat emotea.

Nire eritxian, erritar kultura bat emotea zera da: euskal gizonak ezitzea*, personak euskal gizarterako bideratzea, erri bat osotzeko persona kapazak egitea edo erri bat osotuko daben personak edukatzea. Ez da lan hau ahuntzaren gauerdiko eztula.

Hara, ba, gure andereñoak erri baten zuzentzaile bihurturik.

Erriak euren eskuetan itxi dau hainbat umeren eziera.

Euskalerrian zehar, hainbat dira andereñoak. Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Araban asi dira andereñoak, biharko euskal gizonak atontzen.

Ezin ukatu, erresponsabilidade andiko arloan sartu ez diranik. Eta erriak ondo ulertu dau, neska-mutil honeek euren bizkarretara bota daben lana. Andereño eta maisuak kategoria andi baten eta errespetu andi baten jabe egin dira erriaren aurrean. "Neska hori andereñoa da" esatea, "persona horrek erriaren aldeko lanean erresponsabilidade andia dauka, gorengo mailetatik dabil" esatea lakoa da. Andereñoa, ia ia mito bat bihurtu dogu.

Baina personaje honeek, artzen daben "kultuaren" merezigarri egin ote dira? Hau da: betetzen ote dabe, gurasoak (erriak) eskainitako* arlo hori? Benetan be, ba ote dira erresponsableak?

Ba daroaguz urte batzuek lanean, eta komeni da azterketa txiki bat egitea. Jakin egin behar dogu, ea gure lana positiboa dan, ea erriaren lehenen asmo horreek betetzen ditugun ala ez.

Nire eritxian, Magisterioko Irakaskintza Etxeetatik urtetzen daben neska-mutilak ez dira gai, ikastoletan sartzeko. Hau da: orain arteko Magisterio Etxeak ez dabe inor gertatzen*, euskal personak ezitzeko. Erriaren izkuntza, kondaira, legeak, ohiturak, ekonomia eta abar, guztiz aparte gelditzen dira.

Beraz, hau holan dalarik, behar beharrezkoa dabe neska-mutil horreek, ikastoletan sartzekotan, aparteko preparazino bat.

Ikastoletara doazan umeak erri bateri begira ezi* gura baditugu, beharrezkoa dogu erria zelakoa dan jakitea. Magisterioko Etxeetan, ostera, ez dabe inor gertatzen egoera honeri begira. Ondorena berez berez dator: euskal irakasleak zintzo eta leialki jokatu nahi badabe, derrigorrezkoak ditue aparteko ikasketa batzuek.

Apreminatzen ote dira andereñoak ikasketa honeetan? Erresponsableak ote dira, erriak eskaini eta eskatu deutsen arazo honetan?

Ni ezetzean nago. (Ez dot esan nahi andereño guztiak irresponsableak diranik, baina gehiegi bai).

Amazortzi-ogei urtekin amaitu ditue ikasketak, eta ikastola urtenbide polita da; gainera, sentimental aldetik begiratu ezkero, betegarri bat. Baina andereño izena eroanda, ez dago gure zeregina beteta (errazegia da izen utsarekin autojustifikatzea). "Ni andereño naiz" esatea, argumentu gogorra da oso; baina ez dogu nahiko horrekin.

Nire eritxian, gaurko andereño askok titulu utsa dabe (eta zorionez edo zoritxarrez beharrezkoak ditugu titulu horreek).

Hara nik ikusten ditudan utsik andienak andereño artean:

- erri-kontzientzarik eza. Andereño diran batzuek, sekretariak bere bardin bardin izan eitekezan.

- ez dabe erria ezagutzen. Euskera aldetik, kondaira aldetik, geografia aldetik..., utsak nabarmenegiak dira.

- ardura gehiegirik ez, lehen aipatu ditudan utsok zuzentzen.

Ez dot esan nahi honekin, ezer ez dabenik egin. Ikastolak aurrera badoaz, eurakaitik doazanik ezin zalantzan* jarri; baina nire erriko etxe bateri, teilatua euki arren, euria dan guztietan, zeharo ondatzen jako ganbarea.

Ezin geintekez, "ba doazala ta" trankil gelditu.

Erresponsabilidadezko arlo hori erresponsabilidadez artu behar da, edo ez da artu behar; erdipurdika ibiltekotan, oba ibili ez.

Jose Antonio Aranburu


Jakin eta ekin

Santutxuko euskal eguna

Urtero Santutxun egiten dogun euskal egunari euskal usain gehiago emoteko, umeen artean idazte sariketa bat egitea erabagi dogu. Honeexek izango dira sariketa horren betebeharrezkoak:

1. Sariketa hori, 10 urtetik beherako umeentzat izango da.

2. Euskalerriko ume guztientzat dan ezkero, edozein euskalkitako euskeraz idatzi leiteke.

3. Ume bakoitzak lan bat baino gehiago ezin leike bidaldu.

4. Artutako lan guztien artean, onenak aukeratuko dira: iru neskatillen artean eta beste iru mutikoen artean.

5. Beharrizana ikusi ezkero, aukeraturiko lanen idazleak hona Santutxura etorri beharko dabe, hemen berton beste lan bat egiteko. Lan hau, lehenengo lana eurena ala inorena dan jakiteko da, eta bakar bakarrik egin beharko dabe. Joan-etorriak geure kontura izango dira.

6. Lan horreen luzeera, orrialde osokoa gutxienez. Hortik gora idazlearen eskuetan itxiten da.

7. Lanak toki honetara eta zuzenbide honegaz bidalduko dira:

Joseba Arrieta

Zabalbide, 60-5.º C

BEGOÑA-BILBAO

8. Lanak ekainaren* azkenengo egunerako bidaldu behar dira.

9. Epaileen izenak garaiz izentatuko dira.

10. Sariak, nahiz eta onak izan, ez dira diruzkoak izango, bestelakoak baino. Mutikoen artean, lehenengo saria "mekano" eder bat izango da; eta nesken artean, irule jantziagaz jantzitako andrakilla eder bat. Beste sari asko be emongo dira.

11. Lanaren goialdean argi argi jarri behar da, idazlea nor eta nongoa dan.

Eratzaile Batzordeak


Jakin eta ekin

Anaitasuna-ren joera

Penaz eta saminez ikusi dogu, orain dala gutxi, ZERUKO ARGIA-n bere pertsona Eli ezizenaz gordetzen eban batek ANAITASUNA-ri buruz egindako kritika.

Bai pena emotekoa izan da haren artikulua; kritika batek gure ustez, zerbait eskaini* behar daualako txarra dalakoan botatzen dauanaren ordez. Eli dalako horrek, barriz, ez deusku ezertxorik emon.

Eta goazan puntuz puntu. Elik akusatzen gaitu, beste gauza batzuen artean, batasunaren alde ez egoteaz eta bizkaieraz bakarrik idazteaz, hori batasunaren kontra ei doala ta.

Guztiok dakigunetik, edo jakin behar geunke behintzat, ANAITASUNA da, Euskalerrian, Arantzazuko batzarrean Euskal Akademiak emon zituan erabagiak betetzen dituan errebista bakarra, amabosterokoen artean gutxienez.

Honela ll eta ñ, diminutiboetarako bakarrik itxi dira, eta Bizkaiko forma jatorrenak erabilten ditugu gehienetan (ditu, ditue, nituan, zituan...) eta ez azken urteotako bitxikeriak (dauz dabez, nebazan, ebazan...) bizkaiera klasikoan ia inoiz agertzen ez diranak. Honez gainera, Euskaltzaindiak erabagi bezala, bokal arteko h-ak eta erakusleenak (hau, hori...) errespetatu egin dira eta orobat* iztegi batuaren formak (eskaini, kontseilu, ote, barkatu...) Bizkaiko erriak aditzeko modukoak diranetan. Hau gutxi dala, ANAITASUNA-k, bere ale guztien azken orrian, halako iztegitxo bat dakar, euskalki guztietako itzekin, pittinka pittinka jendeak berbategi aberatsago bat euki daian. Zer gehiago eska dakikeo, gehienbat bizkaitarrentzat egina dan aldizkari bati? Zein beste errebistak egiten dau honenbeste bere artikulu guztietan batasunaren alde?

Bestetik, gauza batez ohartu* gara: Elik batasuna predikatzen dau; baina ez dogu ikusten zer batasun darabilen berak, Arantzazuko erregelak eurak bere betetzen ez baititu*. Lastotxoa inoren begian dakusa* eta ez agea berean.

Zerbait gehiago esango neuke oraindio: orain arte Euskaltzaindiak ez dau bapere erabagirik gehiago emon batasunari buruz aditz* kontuan; eta hori horrela dalarik, oraingoz Bizkaiko aditza, besterik agindu arte, Gipuzkoakoa baizen batutzat eta zilegitzat* daukagu.

Honetan, dudarik ez, argiro ikusten da beste aldizkari batzuetan, batasunez ei diharduen askok gipuzkera utsean idazten dabela, aldez aurretik batasuna gipuzkeraren gainean eraikiaz.

Dana dala, eta honela erakutsi dau beti ANAITASUNA-k bere kroniketan, begi onez dakusa* Baionako euskal idazleen erabagia: eta hau agertu baizen laster, beroni orri oso bat eskainiko jako, euskera batuan agertu dadin. Hau aspaldidanik eukan ANAITASUNA-k pentsaturik, eta baita idazleei adierazota bere. Honekin Eli ezezagun horri eta beronen gisako zelatari begi zorrotz diranei erantzun emonaz:

ANAITASUNA


Jakin eta ekin

Lartaun

Antzinako Euskalerriko antzerki* mota bat dogu Pastorala. Batzuek esaten dabe, antzinako Grezian egiten zan antzerkiaren ahaidea dala; beste batzuek, barriz, Erdi Aroan egiten zanarena.

Gaur Pastorala aipatzean, Xuberoa aipatu behar da, Xuberoan bakarrik aurkitzen baita* bizirik oraindino. Pastoralak erri girokoak izaten dira, erriko jazoerak gaitzat artzen ditue ta. Batzuek luzeak izaten dira, bospasei ordukoak; beste batzuek, laburragoak.

Nik orain zerbait esan gura neuke gaurko Pastoral barri bati buruz. Antzerki honek Lartaun dau bere izena edo titulua. Lartaun antzerki bezala azaltzen jaku; baina bere oinarria Pastorala da, beronen teknika eta erak artzen baititu*. Piarres Larzabal-ek idatzia dogu, Lartaun personajearen errikoentzat, hau da Oiartzundarrentzat. Lartaun antzerkia, beraz*, barria dogu.

Oiartzungo gazte talde trebeak, laburkiro bederen, Lartaunen bizitza azaltzen deusku. Lartaun antzerkian oraingotasun aundia agertzen da, esangura sakonen bidez, lehengo eta oraingo egoera alkartuaz.

Zerbait aipatuko deutsuet: Erromanoak esaten dabe, ez daukela erri bat zapaltzeko eskubiderik; baina ba dituela armak gerra egiteko, eta horixe dala mediorik onena erri bat menperatzeko.

Beste aldetik, erri xinplea azaltzen jaku, bere askatasuna lortzeagaitik, bere bizia emoten dauana, gudari gazteentzat bere janari eskasak eskainiaz*.

Erriaren ahoan, esaera hau agertzen da: "Ni ez naiz komunista, diru pixka bat bakarrik nahi dot, obeto biziteko". Eta beste hau: "Joan zaitez, Kantabria, joan eskoletara eta irakatsi inglesa, alemana, geometria, geografia, yenka, rock, eta abar". "Nik gauza horreetaz ezertxo bere ez dakit, erantzuten deutso besteak. Uzkudun eta Urtain bakarrik ezagutzen dodaz". Besteak orduan: "Bardin dogu nik esandakoa eta zuk esandakoa irakastea".

Antzerkiaren bukaeran, erriaren oihu larria entzuten da, kronisteak zera dinoanean: "Lartaun erromana batekin ezkondu da, eta bere lurra eliza bat egiteko eskaini dau; eta hemengo Eliza ta Erromakoa bardinak dira, erriak ez baina".

"Gauza honeek ba dakiguz, inok esan barik" esango dau norbaitek, hau irakurtean. Baina, nire eritxi pobrean, erri xinpleari asko esaten deutsola esango neuke.

Nire aholkua*, irakurle, hauxe dozu: zure errian edo auzokoan antzerki hau errepresentatuko dala entzuten badozu, joan zaitez ikustera; ez zara damutuko.

Arantza L. Lasa


Jakin eta ekin

Gauzak argituaz (Otxandiotik)

Otsailaren* amabosgarreneko ANAITASUNA-n idazlantxu bat agertu zan, Otxandioko gora-behera batzuen gainean. Gauzak argitu nahian, itz batzuek jarri gura geunkez, dantza zarratu" gora-behera horretaz.

Zor batzuei erantzuteko, dantza zarratu hori Otxandion ipini zala egia bada, gure ustez, gaur egunean, jokabide horrek ba daukaz bere alderdi onak. Zeintzuk ziran Otxandioko gaztediaren jolasak, dantza hau jarri aurretik? Neska-mutilak, taldeka zatituta egozan: ganora eskasa, euren artean behar dan alkarrizketa sortzeko.

Honezaz gainera, Otxandioko erria non aurkitzen dan eta Gazteizera joateko dagoan erraztasuna gogoratzen badogu, ez gara arritu behar, mutilak —neskak baino askoz gehiago— erritik iges egiten badabe, uri haretako jolas tokietara joateko. Baina, euren barrura begira asten diranean, gurago izaten dabe erriko neskatillekin ezagupidea egitea, batez bere gerorako asmoak bete nahi baditue.

Horregaitik, asko dira dantza zarratuaren abantailak*. Alde batetik, zorrak ordaindu; eta bestetik, alkarrizketa sortu, alkartasuna biztu: gauza behar beharrezkoak honeek, edozein biltokiren* etorkizunerako.

Kezka batzuek sortu badira, danok alkarturik ez ote doguz garaituko?

Aurrera, Otxandioko gaztedia!

Josu Mari Galarza


Abereak eta Burdinak

Lebazaleen estualdiak

Orain urte bi, maiatzaren 13-an, itsasora joan ginan, goizeko 4-retan, gure Bermeoko portutik, lebatzetan, gure erri aurreko lebatz kalara, Okarantza izenekora, eta bertan batu ginan lebazale* ontzi asko. Arraintzan gengozala, "Arrateko Ama" izeneko lebazalea etorri jakun, eta dehadarka esan euskun, arrain tresna guztiak jasoteko eta beragaz arin etorteko. Joan ginan danok beragaz, eta Apo izeneko kalan arrastero aundi bat, "Pedreña" izenekoa, ikusi genduan, sarea jasoten, arrastan ibili ondoren. Eta guk, arrasteroakaz burrukan egiteko agindua daukagun ezkero, sendo jardun genduan haren kontra, arriekin, tuerkekin eta ahal izan genduan guztiarekin, ur hareetan arrasteroen arraintza debekatuta dago ta.

Lau edo bost ilabete geroago, urpe geldiko saredunekin egin genduan burruka. Honeei ez geuntsen arrika egin, baina bai kalte euren sare soka eta ur azaleko tresnetan. Eta, igazko udabarrian, barriro burrukan urpe geldiko saredunekin. Orduan honeek estutu egin ziran, lebazale multzoa ikusirik; eta, jo ta ke, bildurrez, sareak jasoten asi ziran; baina guk, beste aldetik, gora ta gora euren soka, arpio, ankila aundi eta sare. Urrengoan kontuzago ibiliko dira, legea gordetzeko. Gure kaletako arrainak arrapatu gura baditue, amuekin arrapa daiezala eta ez sareekin.

Holako arraintza debekatuta dagoan ezkero, konpondu gaitezan alkarregaz; bestela, prest egon daitezala saredun guztiak burrukarako. Orain gure portuan lebazale aundi barri asko dagoz, eta pentsa eizue zelako burruka egin geinken orain danon artean. Orainarte geu Bermeotarrok izan gara galtzaile; baina aurrerantzean ez dot uste izango gareanik, gauzak zuzen egiten badira, alkar errespetatzeko sasoia eldu dala esan leiteke ta.

"Pedreña" arrasteroagaz egindako burrukeagaitik, espetxean sartu eben gure ontziko lemazaina,* arraintzale jatorra eta gizon leberra;* eta hantxe igaro behar izango ditu egunak eta egtniak, harik eta etxera etorri arte. Otsailaren* lehengo egunetan Ferrolera eroan dabela entzun dot, hango auzitegian "Pedreña"-gazko burruka aztertzeko.

Hainbat urtetan gagoz gu lebazaleok entzuten, Madriletik etorri dala agindua, gure lebatz kaletan arrastan ibiltea debekatua dala, asi Billaotik (Cabo Villanotik) eta Lekeitioko Santa Katalinaraino. Orain asko ez dala, Artza jaunaren idazlan txikitxu bat irakurri neban, eta hauxe dino: "Bigarren erabagia, azilaren* 28-koa dogu. Beronen indarrez, Billaotik asi eta Lekeitioko Santa Katalina puntaraino, ezin leiteke arrastan ibili, kostatik 12 milarainoko itsasunean. Debekaldi hau, urte osorako da". Eta jarraitzen dau Artza jaunak: Ministerioko ordena hau, Bermeoko lebatz eta besegu-zaleentzako bakarrik emona dala esan geinke, eurak baitira* ia ia irabazle bakarrak". Lege hori uste dot ezaguna izango dala saredunen portuetan. Halan ta guzti bere, bildur naiz, aurrerantzean be burrukarik izango ez ote dogun.

Eutsi deiogun ipinitako legeari, bestela danon kalterako izango litzake ta.

GOTZON AZPEITIA


Abereak eta Burdinak

Nekazarien aprobada bat

Gaur egun baserri lana larrialdi gogor batean dagoala edonok ikusten dauan gauza bat da. Ba dira, baserrian lan egin nahi dabenak eta euskal ekonomiaren alderdi hau aurrera eroan gura dabenak. Ba dira, han eta hemen, aprobada edo esperientzia barriak.

Honeetariko bat da, Abornikanoko erritxoan (Araban), "Hauzo Lana, S. A." izenaren inguruan alkarturik, gazte talde batek egiten diharduana.

Baserriak, aurrerantz irauteko eta erriari zerbitzeko, artu behar dauan forma barria ensaiatzeko, baserri eredu edo piloto bat egiteko, bai produzino aldetik, eta bai alkarbizitza aldetik.

Lur batzuek artu dirue, eta gaurkoz gehien behar diran janariak produzinoan ipinteko prestatzen ari* dira. Familia edo persona bakoitzak lan edo produzino diferente bat eroaten dau, ondo mekanizatu ta automatizatua, produzinorik aundienean.

Oraingoz gauza honeexek atera nahi ditue, horretarako dirua ta finanziazinoa bilatu ondoren:

- 2.500 koneju eme produzinoan (hau da, astean 3.000 kilo okela).

- 2 edo 3 mila ardi (hau da, astean, 1.500 edo 2.500 kilo okela).

- 500 txahal (hau da, astean 10 txahal).

- 20.000 m.2 edo 30.000 m.2 ortuaritan, ibernaderu edo berotegietan).

- 500.000 m.2 edo 600.000 m.2 klase guztietako frutatan.

Eta errian beste produzino beharrizanik ikusten bada, eta ahal bada, horreek bere bai.

Dana dala, gorago esandakoetatik ikusten dan legez, laguntza aundia behar dabe "Hauzo Lana"-koak, bai diru aldetik eta bai kontseilu aldetik. Diru kantidade guztiak artzen ei ditue, bost edo amar urterako; obariak ezbardinak izango dira, kantidadeei ta urteei begiratuta. Urte horreen buruan, diru jartzaileren bat beharrizanean aurkituko balitz, "Hauzo Lana"-k kontuan izango ei leuke.

Ikusten dan bezala, "Hauzo Lana"-k baserriari behar dauan soluzinoa bilatu nahi deutso. Ametsa eta lanerako jende gaztea alkartu dira. Lur eta etxeak erosi ditue Arabako Abornikanon. Lanean asi dira, ta orain finanziazinoa behar dabe.

TATANA


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ANDRAKILLA, muñeca.

ANKERKERIA, violencia, crueldad.

ANTZERKI, obra teatral.

ARRO, cuenca de río.

ARROBI, cantera.

AURKI, nonbait, noski, seguramente.

AUTARKI, voto electoral.

AUTESKUNDE, votación electoral,

AUTESLE, elector, votante.

BAIKARA, bait gara, gara ta.

BAITABEZ, bait dabez, dabez eta.

BAITEUTSO, bait deutso, deutso ta.

BAITZAN, bait zan, zan eta.

BATIPAT, batez bere.

BATZORDE, comisión.

BEHINEN, printzipalen.

BERUN, beraun, plomo.

DOMINA, medalla.

EROSTA, lamentación.

GERTATU, preparatu.

HARENBATEN, nonbait, seguramente.

IRRATI, radio.

IRRATIALDI, emisión radiofónica.

ITUNBEN, acuerdo, tratado.

LAUTADA, llanada.

LEBAZALE, merlucero.

LEBER, trebe, áabil, activo.

LEMAZAIN, patrón de barco.

OLA, lantegi, fábrica.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa ayuntamiento.

URIGINTZA, ordenación urbana.

Euskera batukoak

ABANTAIL, ventaja.

ADITZ, verbo gramatical.

AGURAIN, Salvatierra de Alava.

AHUL, makal.

ALBISTE, barri, noticia.

ARE, oraindino (gehiago).

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun.

ARRASATE, Mondragoe.

ASTEARTE, martitzen.

BAITA, bait da, da ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITITU, bait ditu, ditu ta.

BARKATU, parkatu.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

DAKUSA, ikusten dau.

EKAIN, bagil, junio.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

HARAN, ibar, valle.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HEZI, educar.

HEZIKETA, educación.

HURBILDU, urreratu.

IGANDE, domeka.

LARUNBAT, zapatu.

LUZAIRE, Valcarlos.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

PAUE, Pau, Biarnoko uriburua.

OHAR, aviso, advertencia.

OHARTU, konturatu.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, zezeil, febrero.

XEHETASUN, detalle.

ZENBAIT, batzuek.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZILEGI, lícito.

Beste euskalkietakoak

AHOLKU, kontseilu.

ASTEKARI, asteroko periodiku.

BILTOKI, batzeko toki.

BOZ, votación electoral.

BUKATU, amaitu.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

ETEKIN, producto.

KOKATU, jarri, colocar.

MEATZ, mina.

MENDEBAL, occidente.

OMEN, homenaje.

OROBAT, bardin.

ZALANTZA, ezbai, duda.

II. Idazteko modua

Txarto:

H-gaz edo H barik idazteak ez deutso inori kalte egiten.

Interesgarria izango litzake jakitea, erri aundiak zegaitik jausi diran.

Europako Kontseilutik kanpora jaurtigi eben Grezia. Jaurtigitze honek arritu euskun.

Zenbat sariketetan parte artu dozue?

Maiatzeko 5-ean asiko dira jaiak.

Ikusiaz gure erria ez dala agertzen aldizkari horretan.

Norbaitek, hau irakurtean, esango dau: Gauza horreek ba dakiguz.

Ondo:

H-gaz nahiz H barik idazteak ez deutso inori kalte egiten.

Interesgarria izango litzake, erri aundiak zegaitik jausi diran jakitea.

Europako Kontseilutik kanpora jaurtigi eben Grezia. Jaurtigitze honek arritu egin ginduzan.

Zenbat sariketatan parte artu dozue?

Maiatzaren 5-ean asiko dira jaiak.

Gure erria aldizkari horretan ez dala agertzen ikusiaz.

"Gauza horreek ba dakiguz" esango dau norbaitek, hau irakurtean.


Ezagutu gure erria (15)

Durangoaldea (1)

Kondaira

Durangoko Merindadea, amabi erri ta lau urik osotzen eben, mendeak* zehar. Erriak, Gerediagako zelaian batzen ziran ordenan, honeek ziran: Abadiño, Berriz, San Agustin-Etxebarri, Mallabia, Mañaria, Igorreta, Garai, Zaldibar, Arrazola, Axpe, Apatamonasterio ta Izurtza. Uriak: Durangoko Tabira, Elorrio, Ermua ta Otxandio.

Erdi Aroaren erdirarte, Durangoko Merindadea Nafarroaren lurralde bat zan; eta bere errege Santxo VII-garrenak emon eutsozan foru bereziak 1150-garren urtean, San Agustin-Etxebarriko meza liburu batean kopiatuaz. Gerotxoago Bizkaigaz lotu zan, baina ez osorik, lotura osoa 1628-an jazo baitzan;* eta orduan asi zan Gernikako batzarretara joaten, eta orduan be berjabetasun bat gordetzen ebala.

Abadiñoko Iparraldean, erri honek Berriz, Garai eta Igorretagaz bat egiten dauan tokitik urre, Gerediagako zelaia dago, San Salbadore ta San Klementeren ermita aurrean. Bertan dagoz amabi arri, erri bakoitzak berea. Arri horreen gainean jezarten ziran amabi errietako ordezkariak. Handik kilometro bat inguru Egoalderantz, Astolako Etxea dago; eta bere aurreko orman izkuntza bietara inskrizino bat agertzen da, euskeraz honan dinoana: "Astolako Auzitegi ta Baitegia, Durangoko Ibarjaurerrian". Eskualde guztiko artuemon ofizialen etxea izan zan mende askotan, 1875-erarte hain zuzen bere. Gaur Diputazinoari emona, bertan dago Gerediaga Alkartearen egoitza.

Joan dan menderarte, Durangoko Merindadea, eskualdeko* erri arazo alkartuei erantzuteko erakunde bizi bat zan. Esate baterako, Durangoko Tabira uritik Arabako mugara (Gomillatz-era) ta Gipuzkoako mugara (Olerreagara) doazan erregebideak, Bizkaiak barik, Merindadeak egin zituan.

Geografia

Iru zatitan ipini geinke Durangoaldea: Oiztik Anbotora bitartekoa, Ibaizabal ibai arroaren* bitartekoa, eta —Kanpazar eta Areitio gainean asi ta Zornotza bere barruti fisikuan artzen dauala— Asteperainokoa.

Ibai nagusia, aipatu dogun Ibaizabal, Elorrioko Iguria aldean jaioa. Apatamonasterion Arrazola aldetik datorren erreka artzen dau, eta gerotxoago Matienan Zuldu erreka, Zaldibar eta Berriztik datorrena, eta Garai aldetik datorren Arri erreka. Durangon Mañari erreka artzen dau.

Mendiak, Oiz Iparraldean, Eguzkialdean Intxorta eta Udalatxa, eta Egoaldean Euskalerriko mendi katerik politenetarikoa eginaz, Anboto, Alluitz, Axtxiki, Untzillatxa, Eskuagatxa, Arranatxa, Mugarra, Ta Santa Luzia ta Aramotzeko atx tontortxu piloa.

Lautada* ederrak ditu Matienako Trañapadura izenekoa ederrena, Muntzarazkoa, Igorretako Arandia ta Arriandikoa, ta Berrizko Eitukoa. Izurtzako Lexartza auzoko lautadea ta Atxondoko Martzanakoa txikiagoak izan arren, aipatzekoak dira.

Bigarren zatia, lautada bakoa da, oso menditsua, Mallabia ta Ermuak osotzen dabena, geografia fisikuz eta ekonomia artuemonez Deba arrokoak*, kondairaz Durangoko Merindadekoak.

Irugarrena, Otxandio aldea, ibai arroz Ebrokoa, artuemonez Bizkaiagaz baino Arabagaz gehiago lotua, oso zelai zabaletakoa.

Zornotza, nahiz eta kondairaz Merindadekoa ez izan, eskualde baten sartzekotan, derrigorrez Durangoaldean sartu behar da. Halan dago bai eskualde auzitegian eta bai Diputazinoaren urigintza* planetan.

Orduan, Zornotza kontatuaz, amairu udalek* osotzen dabe Durangoaldea: Abadiño, Berriz, Mañaria, Garai, Zaldibar, Izurtza, Durango (Igorretagaz), Elorrio (San Agustin-Etxebarrigaz), Atxondo Arana* (Apatamonasterio, Arrazola ta Axpe-Martzana), Zornotza (Etxanogaz), Ermua, Mallabia ta Otxandio. Guztitara 298,08 km.2 ta 58.335 bizilagun, orain bost urte egindako azkenengo kontaketan.

Bideak

Durangoaldea bidez ondo orniduta dago. Trenbide bi ditu, Bilbotik Donostiarakoa, Zornotza, Euba, Durango, Berriz, Zaldibar, Mallabia ta Ermuan geltokiak dituala, eta Elorriokoa, Abadiño, Muntzaratz, Apatamonasterio, San Agustin-Etxebarri ta Elorrioko geltokiekin. Apatamonasteriotik Arrazolara, meatz* trenbide zahar erabiltzen ez dan bat dago. Arrazolatik Leniz araneko* Marin-era trenbide bat egiteko asmoa egoan antzina, baita Elorriotik Arrasatera* bere. Orain, gaurko trenbide honeek kenduta, Bilbotik Iruñera trenbide barri bat egingo ote dan zurrumurrua dago, Durango, Abadiño, Apatamonasterio, Elorrio, Angiozar, Antzuola, Zumarragatik zehar, errail zabalekoa.

Erregebide nagusienetarikoa eskualde honetatik igarotzen da, asi Zornotzako Boroa auzoan eta Eibarko sarreraino, Bilbotik Donostiarakoa. Durangoko Tabira uritik bi ateratzen dira, bata Gazteizera Otxandiotik zehar eta bestea Elorriotik Beasaineraino. Matienatik, Ondarroarako bidea ateratzen da. Beste bide mordo bat bere ba dago, erri batetik bestera edo auzoetarakoak. Bakarrik, Arrazolatik Aramaiorako bidea eta Mañaritik Arratiarakoa falta ditu, osotuta egoteko.

Baionatik Bilboraino etorriko dan autobide barri famatuak kilometrorik gehien igarotzen dauan zatia eskualde* honetakoa da Ermua, Zaldibar, Berriz, Abadiñoko Gerediaga auzoa, Igorreta ta Zornotzatik pasatuaz, iru sarrera dituala, Ermuan, Igorreta ta Zornotzan. Arabarren ustez, Gazteizerako autobidearen adarrik egokiena be eskualde honetatik aterako litzake, Abadiño ta Otxandiotik zehar, Urkiola mendiaren azpitik.

Urigintza

Bizkaiko Diputazinoak, eskualde honen urigintza* egikeran, Bilbo Aundiaren deskonjestino asmoa euki dauanik ezin leiteke ukatu. Beste aldetik Eibarrek be eskualde honetara jo dau. Arabaren mugan, Leniz aranaren* alboan eta Beasainerako bidean egoteaz, Euskalerriko industri etorkizunik zihurrenetarikoa dauka Durangoaldeak. Beharbada, ondo neurtu barik egiten bada, larregizkoa.

Ikustea baino ez dago, urigintza horretan zenbat industri poligono planeatuta dagozan Durangoaldean. Garai-en izan ezik, beste danetan dagoz poligono horreek. Hara, gehienetik gutxienera: Abadiñok, Traña-Matiena, Lebario, Astola ta Muntzaratz aldean, 312,2 hektarea artzen ditu; Zornotzak, Berna, Euba, Ibarra ta Astepe-n, 309,4 Ha.; Durangok, Arandia ta Arriandi-n, 223,7 Ha.; Elorriok, San Agustin-Etxebarri ta Urkitzuaran-en, 116,2 Ha.: Atxondok, Apatamonasterio ta Martzanan, 77,2 Ha.; Berrizek, Eitua ta Olabe-n, 56,6 Ha.; Izurtzak, Elexalde ta Lexartzan, 48,2 Ha.; Zaldibarrek 28,8 Ha.; Mañariak, Aldebarrena-n, 23,7 Ha.; Mallabiak 6,3 Ha. Guztitara 1.330 Ha. poligonotan.

Orainarte, zorionez, ez da joan Bilbo aldeko lantegi baltzik; gehienak Eibarkoak izan dira, ta Eitua ta Matiena alderantz jo dabe.

Eskualde urigintzak iru atseden leku jartzen ditu: Garai, Urkiola ta Bernagotia. Kultura poligono nagusia Igorretan jartzen dau; halan ta guztiz bere, Durangok etxe-bizitza tokian jarri eta gehitu egin dau bere Institutoa, planeatuta dagoan lekura eroan beharrean.

Lehendik egozan bizitza tokiak egokitu eta aunditu beharrean, edota industria tokietatik urrundu, iru etxe poligono ikaragarri planeatuta dagoz, amabost urte barruan egiteko: aundienak, Abadiñoko Gerediaga auzoa, Berrizko Ereña ta Garaiko Beratua artuko ditu, eta 70,000 bizilagunentzako edo izango da; bigarren poligonoa, Igorreta-Durangoko Arriandi ta Zornotzako Bernaren artean izango da; ta irugarrena, Zornotzako Boroan.

J. L. LIZUNDIA