ANAITASUNA

BIZKAIA

188 zenb. 1970, • Maiatzak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 9

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 188 zenb. 1970, Maiatzak 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Eibarko zina

 1970-ko maiatzaren 1-goa, euskera batuaren egutegian izar dirdaitsu bezala geratuko da. Eibarko bilera hau, gure izkuntzaren batasun bidean, benetan aurrerakada ausarta* izan da. Ba genkian, batasunaren kezkak eraginda gabiltzanok bizpahiru baino gehiago ginana. Ba genkian, Euskalerriko indar barri guztiei asmo bardinak bultz egiten euskuna. Baina batzar bat eratu ta indarrok lotzea ta sendoaraztea beharrezkoa zan. Il edo biziko une larri honetan, minuturik bere ezin geinke galdu; ta euskeraren etorkizuna batasun honetan ipinten dogunok ba dakigu, geroko gerorako ametsetan ibilteak izkuntzaren eriotza esan nahi dauana.

Goizeko 10,30-tan emon jakon asikera batzarrari. Lehenengo, Torrealday jaunak artu eban itza, eta laburkiro adierazo euskun, "euskeraren batasuna aurrera zelan eroan" izango zala bilerako* gaia. Berehala, eskuartzaile bakoitzak bere izena ta bere eginkizunen barri emon eban. Eskuartzaileak —idazle, alfabetatzaile ta irakasle— berrogei ta amar inguru ginan.

Batasunaren Kutxa

Ondoren, laster aterako dan "Batasunaren Kutxa" izeneko liburuaren barri emon eban Gabriel Arestik. Hona hemen, il honetan LUR-ek argitaratuko dauan lan honen mamina: batasunaren aldeko zina*, ortografiazko erregelak, aditzaren* ikasketa zehatza, deklinabidea ta 6.000 itzeko iztegi bateratua.

Gero, Mitxelena jaunak hemendik urtebetera euskerazko aditz batua zelan eskainiko* dauan esan ondoren, bitartean aditzaren erabilkeran onartzen diran aukeren gaia ikutu zan. Xabier Kintanak eta Patxi Altunak, gai honetan daben konpetentzia andiaz, eta beste batzuek bere bai, ohar baliotsurik egin eben.

Zalantza* bagarik, gatxa da eritxi guztiak bateratzea, arrazoiak otzean aztertzen ahalegindu arren, ertz lausoko azpi-sentimentuen eragina zeharo baztertzea erraza ez da ta.

Zina

Azkenik, eldu zan han batu ginan guztion ametsari gorputz emoteko ordua: batasun bidetik ezpairik* bage jarraitzeko asmoa daben guztien zina* izenpetzeko unea. Idazleen Elkartekoak eta nahi izan eben gainerako guztiak euskera batuz idazteko erabagia euren firmaz sendotu eben. Zin hau ez zan itz emote itsua izan, euskera batua bultzatzeko bakoitzak dauan asmo sendoaren agergarri leiala baino. Halan eta guzti bere, Mitxelena jaunak proposatuko dauan euskera batua agertu artean, izenpetzailea bere eskuko* da "Batasunaren Kutxa"-ko ereduari oharrak egiteko. Baina formaren bat onartu nahi ez dauanak, ha baztertzeko dituan arrazoiak agertu behar ditu, eta haren ordez zein erabiliko leuken "Kutxako giltzariei" proposatu.

Eritxi ta elburu

Ia eskuartzaile aina firma batu zirala esan beharrik ez dago. Eibarren batu ginan danok ez gara eritxi bardin bardinekoak teknika arazo guztietan; baina, oinarrizkoenean eten ezinezko loturaz alkartuta gagozan ezkero, alkarrizketan sortu daitekezan zailtasunak ez deuskue bildurrik emoten. Itz eginaz eta leialki alkarri norbere arrazoiak azalduaz, bat etortzen dira gizonak.

Zoritxarrez, gaurko Euskalerrian, gizontasunak berezkoa dauan irigitasun eta patxada horren eskasia andiegia daukagu. Niretzat, Eibarko bilerako* gauzarik pozgarriena hauxe izan zan: eztabaida ta beroaldi batzuek gorabehera, oinarrizko idealean eta elburu* bardinera begira alkartuta dagozanak oztopo guztiak garaitu ta aurrera egiten dabela. Euskeraren gau ilunean itxaropenezko argi printza.

X. Mendiguren


Erriz erri

Eibar

Urte guztian zehar egiten da lan euskal kulturaren alde. Arrate Elkartean, taldeka, jende pila polita batzen da, euskera ikasteko. Gau ikastolan, bardin. Eguneroko kultura ekintza behinena* bezala, hor dago gure umetxoen ikastola, neke eta traba andien artean, baina aurrera doana. Baina ba dirudi, gauza guztiak behar izaten dabela halako bultzada berezi bat, zuzperraldi bat, darabilgun arloaz ahal danik eta jende gehien interesatu dadin. Horregaitik ba, udabarri eta udazken inguruan, beti izan ohi dogu aparteko dan zerbait. Aurten, maiatz honetarako, hara zer antolatu dan:

III-gn. alfabetatze ikasaldia

Euskal Akademiak eta Arrate Elkarteko Euskal Kultura batzordekoak antolaturik. Astero 3 egun, ilaren 4-ean asi eta ekainaren* 18-rarte, zazpi aste iraungo dau. Beste aurretiko biak legez, bere frutua emongo dauala uste dogu.

Peli Aldazabal VIII-gn. Oroi-Jaia

Peli zanaren lagunei, eta batez be Andoni Idoyaga Ikastola Batzarreko lehendakariaren bultza ta eraginari eskerrak, antolatzen da jai hau, Peli Aldazabal euskaltzale zanaren oroiz eta omenez. Programearen alderik baliotsuena, Euskera Lehiaketa izango da. Edozein ume euskaldunek artu leike parte, asi txikienetatik eta 14 urte arterainokoak, iru mailatan banaturik. Aurten, inguruko ikastola guztiei inbitazino berezi bat pasatu jake, probintzia mugak kontuan euki barik. Juradukoak, Eibarko euskera irakasle batzuek, Euskaltzaindiko batzuek bere bai, Julene Azpeitia, 82 urteko —nok sinestu?— emakume maitagarria tartean dala.

Peli zanaren nahiari jarraituz, eper batzuei amain* emongo jake.

Itzaldiak

Arrate Elkarteak antolaturik, il honetako ostirale* guztietan, arratsaldeko zortziretan, Arrate Elkartearen saloian, euskal kulturaz jardungo daben itzaldi batzuek izango ditugu, baimenak lortzen badira. Informazino hau agertu orduko, ilaren 8-an, Joan Mari Torrealdayk emonda eukiko dau berea: Euskalerriko Kultura Instituzinoak.

Xabier Gereñok, ilaren 15-ean, ordu berean, Literatura eta Folkloreaz berba egingo deusku.

Ilaren 22-an Joan San Martinek, "Euskeraren Inguruan" bere saiakeraren sintesi bat egingo deusku. Gaurkotasunezko gaia hauxe!

Eta azkenez, ilaren 29-an, Lizundia, Aresti eta Kintana irukotearen kargu geratzen da, derrigorrez ikutu behar genduan gaia: Euskeraren Batasuna. Bakoitza ordu lauren inguru mintzatuko da. Eta gero alkarrizketa.

Antzerkia

Arrate Elkarteak antolaturik, ilaren 20-an, gauean, Amaya antzokian, Bergarako "Ernai" teatro taldeak, Aldo Benedetti-ren "Argi izpi bat" antzeztuko dau.

Kantu Jaialdia

Arrate Elkarteak antolaturik, ilaren 30-ean, gauean, Amaya antzokian. Kantariak: Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Zorion Egileor eta Mondragoen sortu barri dan ehun lagun inguruko koru bat.

Umeen Eguna

Arrate Elkarteak eraturik hau bere, ilaren 31-n, Euskal Jaia deritxon Umeen Eguna ospatuko da. Batzuek, banaka batzuek, ez dagoz konforme. Folklorekeria dala dinoe. Parte batetik ez jake arrazoirik falta. Gu geu izan gara lehenengoak, folklorekeria kritikatu dogunak. Beharrezkoa zan puntu honetan argi pixka bat egitea. Gure kulturaren arloan, izkuntza prolemea tokatzen jakon mailan jarri behar zan; eta dantzak, txistu eta abar, berean: beharbada mailarik beherengoan. Gaur egunean, uste dot, nahiko argi ikusten dauala erriak puntu hau. Beraz*, orain folklorekeriaren kritika egitea —Eibarren behintzat— tokitik kanpo dagoala esan behar da. Aspaldi egin genduan guk kritika hori. Gaizkiesale guztiak, laguntzaile ikusi nahi geunkez, beste il honetarako prestatu diran kultura ekintzetan; baina, zoritxarrez, gabiltzan lekuetan ez dogu alkar topatzen.

Ba dauka jaialdiei boikota egiteak beste motibazino bat bere. Eta komeni da, beti gauza batez, errazenez baliatzen bagara, rutina batean jausi gaitekezala jabetu gaitezan. Aurten egingo ez balitz, datorrenean boikotak ez leuke indarrik eukiko, jaialdirik egoten zanik bere ez da jendea gogoratuko ta. Beraz, imajinazino pixka bat ekintza barriak asmatzeko.

Euskalerriko umeen dantza talde eta txistulari guztiei egiten jake deia. Festa girozko egun polit bat biziko dau Eibarrek. Gure umeak, beste alderdi batzuetako neskato-mutikoak ezagutu ahal izango ditue; eta uste dogu, alderdi eta euskalki diferenteetako umeak alkar ezagutu eta tratatzea komenigarria dala. Karrozen desfileari buruz, hauxe dinogu: ez dagoala zetan beti baserrikeriarik presentatu, ez dagoala zetan folklorekerian jausi. Uste dogu, karrozen bidez, esan leitekezala gauzak, ziri ederrak sartu leitekezala. Baina puritu hau ez dagokioe antolatzaileei karroza presentatzaileei baino. Ea ba, non dagoan gure imajinazinoa.

Eta azkenik kontuan izan daigun, maiatz honetan egingo diran kultura ekintza gehienak jai honi eskerrak dirala Gure aldetik ba, baietz osoa Umeen Egunari, Euskai Jaiari. Eta seguru, erri osoaren partetik be bai, exito bat.

Gazteak etxeratzen

Orain dala ilabete batzuek, Zabaleta, Mendikute eta Baglietto, kartzelan zenbait denbora igarota gero, etxera etorri jakuzan. Eta apirilaren 6-an, Debara joan beharra izan nebalarik, non aurkitzen ditudan kafeteria batean, Gisasola, Abanzabalegi, Azpiazu eta Mallagaray. Ha zan poza! Orduantxe, kaiolatik urten barri etxera bidean: Neuk ekarri nituan Eibarrera. Ze ohorea niretzat. Kotxean ekarren alkarrizketa jakingarriagaitik ohartu* nintzan, ez dabela barruan denborarik galdu. Ongi etorriak errira.

S. Basauri

Erriberri

Orain dala gutxi, konferentzia batzuek izan ziran Erriberrin*, bertoko kondaira ta arteari buruz. Izan bere, kondairan zehar, erri inportantea izan da Erriberri, Nafarroako inportanteenetarikoa. Inportantzia hau agirian dago artezko monumentuetan. (Ez nator hemen, Erriberriko kondaira eta artea estudiatzera; luzeegi litzake, ta niretzat ezina. Nik gura dodana, erri honen balioa agertzea da, ahaztuta egon ez daiten). Bertoko elizak, gaztelua, kale ta etxe batzuek ikustea baino ez dago, bertoko arte aberatsagaz konturatzeko: Erromatarren lorratzak, erromanikua, gotiku zaharra ta barria, antzinako arresiak eta abar. Nafarroako erregeetariko batzuek hemen izan eben euren bizitokia.

Penagarria litzake hainbeste oroigarri ez ezagutzea; ta penagarriago oraindino, gure aldetik inportantziarik ez emotea. Gauzak haintzat artzen ikasi daigun. Gure asabak euren izerdi ta odolez bustita itxi deuskuezan oroigarri honeek ez al dabe merezi gure ardura, begirune ta maitasuna? Gure errietan ez ote dagoz ahaztuta edo galbidean hainbat oroigarri?

Jon

Bilbo

Jaialdi bat

Dakizuenez, gauza nekeza da Bilbon, euskal abeslari barrien jaialdientzako baimena lortzea.

Orain, maiatzaren 27-rako jaialdi bat antolatzen dabiltz. Santiago Apostol Teatroan izango da, arratsaldeko 8-retan, Korpus Kristi bezperan.

Aurrerago esango dogu nortzuk abestuko daben.

«Oldarra» taldea

Ayala teatroan jaialdi bi eskaini* euskuezan Biarritzeko "Oldarra" taldekoak. Presentazino ederra, jaialdi polita ta txalo asko, baina jendea ez asko. Arrera obeago bat merezi eben bilbotarron aldetik.

Dantzariak, gerriko baltzekin.

Umeen Jaia

Seguru asko, maiatzaren 31-n, Bilbotik milaka ume joango dira Eibarren egun horretan egingo dan jaira.

Gure ikastoletako umeen gurasoak hareentzako jantzi egokiak atontzen dabiltz ilusino andiarekin.

Eguraldiak laguntzen badau, egun zoragarria izango da Eibarren maiatzaren 31-n.

Durangoko Tabira

Maiatzaren 17-rako, "ibilketa neurtu" bat antolatu dau bertoko Tabira Mendi alkarteak. Euban emongo jako asiera ibilketa honeri, ta Belatxikietatik zehar, Artaun, Mugarrikolanda ta Santa Luziatik jarraituko dau Durangoraino. Amaikeran, gosari labur bat emongo jake parte artu daben guztiei.

Euskal Hit Parade-an lehenengo geratu dan Jon Libarona abeslaria euki dogu erriko dantza toki baten abestuten.

Non ote dago Krutziagako kurutzea? Itaun hau, behin baino sarriago entzun dogu azken urteotan, Jesuiten eliz aurretik kendu ebenetik. Durangoko Udalak* oraintsu emon deusku kurutze honen barri. Arria makalduta dagoala ta, 45.000 peseta behar dira, bera sendotuteko; horrezaz gainera, dirua dagoanean, Andra Mariko elizpean gertatuko jako toki berezi bat, eguraldi aldaketak arria ez daien gehiago ahuldu*.

Zapoerri

Igorreta

Eriotzea

Cruces-en il zan Iñaki Balier, Oromiñoko mutil gaztea, apirilaren 17-an. Errikoak batez bere, asko sentidu dogu. Gure samin agurra bere familiari.

Kofradi Eguna

Apirilaren 17-an Kofradi Eguna ospatu genduan, sei kofradietako jendea baturik. Goizean mezea, erriko seme diran bost abade ta frailek emona. Gero, ezpatadantzariak, iruleak eta aurreskua. 3-ak inguruan, anaiarteko bazkaria, Honekin amaitu zan jaia.

San Markos Jaiak

Apirilaren 25-ean. San Markos jaiak ospatzen asi ginan. Mezea "Oinarriak" orkestearekin, ezpatadantzariak, umejolasak, soineko itxura txapelketa eta erromeria. Mezea asko gustatu zan. Umeak eta gaztetxoak eurak gertatu ditue aurtengo umejolasak.

Urrengo egunean, igandean, "Oinarriak" abesturiko meza, ezpatadantzariak, sokatira eta asto arinketak. Arratsaldean, abeslariak: Txoritxu Alai, Ibaiak eta Txomin. Ba dauke honeek abestuteko erea! Xabier Gereñoren "Nobi bat behar dogu" antzerkia, kofradietako gazteak antzeztua. Jendea aho zabalik egoan, barreka. "Oinarriak" alaitutako erromeriarekin amaitu ziran jaiak.

Zozketako numeru sarituak honeek izan ziran: lehenengoa 5331, bigarrena 9836, irugarrena 6025, laugarrena 7758.

Joaldi

Markina

Ikusi barri doguz, Markina barrurako agertzen diran, aldizkaritxo bi: Gazte Alaiak ateratako "Gazala", ta gurasoen alkarteak ateratako "Alkartu". Bakoitza bere zerean, polito ta egoki. Tamalez, euskaldunontzat orrialditxo bat baino ez bakoitzak.

"Alkarregazko lana" aurrera daroan batzordeak lanean dihardu eten barik nahiz eta eragozpenak ugariak izan. Batzorde hau ogetabost lagunek, emakume ta gizonezkok, osotzen dabe.

Dispensarioari buruz, Diputazinoko arkitekto bat etorri da, etxea ikustera. Diputazinoari eskabide bat zuzendu behar jako, eta hori egitekotan dago orain batzordea.

Markina ta alboko erriak, gaixo ta osakuntza arloan "Partido Abierto" izan daitezan lortzeko behar diran eskabide guztiak bidaldu jakoz Bizkaiko Sanidadeko nagusiari. Honen erantzunaren zain egon behar orain.

"Seguridad Social"-eko praktikante barri bat izentatu dabe Markinarako.

ANAITASUNA ale hau argitaratu orduko, ikusia ta txalotua izango dogu Markinan, Igorretako gazteak antzeztutako Gereñoren "Nobi bat behar dogu". Antzerki horregaz batera, baita "Epertargien" eta Durangoko "Iru Txoritxuen" abestiak eta bertsolariak bere.

Irukote


Mundu biribila

Ehun urtebetetze ospetsua: Vladimir Ilitch Ulianov

Vladimir Ilitch Ulianov, Lenin, 1870-eko apirilaren 10-ean (Rusiako egutegi zaharraren arabera*), Simbirsk-en, Volga ibaiaren ertzean, jaio zan. Harrezkero, ehun urte igaro dira; baina Lenin, halan eta guztiz bere, gaur eguneko agertzen jaku. Lenineri eskerrak, orduko Rusiatik gaurkora, ehundazak urteren aldea dago. Orduko Rusia oraindik feudala zan; Lenin jaio baino 9 urte lehenago, bakarrik, (1861-eko otsailaren* 19-an) kendu zan joputza* Rusiako lurraldetik. 1870-ean Rusia, Goberna-era autokratiko batek manejatu ta Kropotkin-en anarkista mugimentuak dardaratutako lurraldea zan. Horrez gainera, erlejino sentimentu itsu batek itotako erria. Joandako 22 urtean ebilen ia Europa guztian zehar Marxen "Manifiesto Komunista"; baina Marxen ideiak errien bizitzan abi-erazteari, "marxismo-leninismo" deituko jakon.

Gazte denborak

Leninek 17 urte zituala, bere anaia Sacha urkatzen dabe, Alejandro II Zar-aren aurka atentatu ebala ta. 1893-an, San Petersburgoko Unibersidadean abogadu tituloa lortzen dau; ta harrezkero, 1917-ko apirilaren 3-rarte, espetxean, desterruan eta atzerriko ibilaldietan enplegatzen ditu bere egunak.

1903-anda Rusiako sozial-demokrata alderdiaren (1898-an Plekhanov-ek irasia*) 2-garren Biltzarra, ta boltxebike (gehienak) eta mentxebiketan (gutxienak) banantzen da. Mentxebikeak erreforma utsetan gelditzen dira; ta boltxebikeak, ostera, askatasun eta sozialismorako burruka iraultzailera* doaz. Lenin agertzen da boltxebikeen buru lez; eta 1912-ko urtarrilean, Pragan, sozial-demokrata alderdiaren Biltzarrean, boltxebikeak alderdi aske* bezala eratzen dira.

1914-ko uztailaren* 1-ean guduan sartu ziran Rusia ta Alemania. Lehenengo Gudu Aundia asi da. Urte honetan bertan Leninek "Errien autodeterminazinorako eskubideetaz" idazten dau, eta 1915-ean (1917-an argitaratzeko) "Inperialismoa, Kapitalismoaren goimaila". 1917-ko martxoaren 16-an Nikolas II Zar-ak Gobernua ixten dau, ta Kerenskyk antolatutako Gobernu probisionala jartzen da. Apirilaren 3-an eltzen da Lenin San Petersburgora, ta bere "Apirileko Tesisak" presentatzen ditu. Abuztuan "Estadua ta Iraultza*" idazten asten da. Urriaren 25-ean, Militar Iraultzaile Batzordeak aginpidea artzen dau. Munduan lehenengoz langile ta nekazarien iraultza, egia bihurtu da. Leninek gidatutako Gobernu iraultzailea agintean jartzen da.

Iraultza ta errien autodeterminazinoa

Azilaren* 14-an: "Rusiako Errien Eskubideen Agiria": 1) Rusiako errien bardintasun eta buru-jabetasuna. 2) Rusiako errien autodeterminazinorako eskubidea (zeharo banantzeko ta Estadu aske* bihurtzeko eskubidea onartuaz). 3) Nazino ta erlejinozko pribilejio ta oztopo guztien galerazpena. 4) Rusiako lurraldean bizi diran nazino ta etnien desarrollorako askatasuna.

Agiri hau, Lenin eta Stalinek (nazionalidadeen ordezkari lez) izenpetzen dabe; ta egun berean, Rusiako erriak beste agindu iraultzaile bi ezagutzen ditu: lehenengoa Bankaren nazionalizatzea, ta bigarrena Lur eta etxaldearekin sal-erosketarako debekua.

1919-ko martxoaren 4-an jaiotzen da III Internazionala, ta 1921-eko martxoaren 12-an jartzen da "Politika Ekonomiku Barria". 1922-ko martxoan Alderdiaren 9-garren Biltzarra asten da, ta apirilaren 3-an Stalin Idazkari Orokar izentatzen da. Elbarri itxiko eben-zenbait arteriosklerosis aldiren ondoren, Vladimir Ilitch Ulianov, Lenin, 1924-ko urtarrilaren 21-ean iltzen da.

Baina bizi da

Berrogei ta sei urte igaro dira, baina Lenin bizi da, oraindik, sozialista munduan. Batzuen eritxiz, Leninen ikurraren azpian bizi gara. Marxismoak Lenineri zor deutsan aberastasuna, eguneroko ekintza bereziak langile klase guztiaren elburu iraultzailearekin dauken batasun sakonago, argiago ta beteagoan dago. Proletalgo iraultzaren gaurkotasun orokarra materialismo historikoaren oinarria da, ta puntu honetan Leninek garbi azaltzen dau marxista teoria. Leninismoa, ekintza aldatzailera doa (ez ekintzakeriara); bere pentsamentua praxisera zuzendua dago, dogma, mekanizismo ta eskema sakratuetatik aparte. Leninek, zehaztasun eta flesibilidadez ekintzaratu eban marxista teoriaren mamina. Leninegan pentsamentua ekintzara joian eta ekintzatik etorren.

Historian lehenengo sozialista-iraultza egin eban gizonak, gutxi edo asko, munduko benetako sozialista guztien pausoak gidatzen ditu. Ta hauxe da, hain zuzen bere, leninismoaren balanze probisionalik onena. Irugarren Mundua testigu (nahiz eta hain urrun joan beharrik ez). Leninismoa, inperialismo garaiko marxismoa da.

Muniategi


Euskaldungoa

Liburu barriak

«Argi bat iluntasunean». Izenburu hau daroa Xabier Gereñoren azken nobeleak. LUR-ekoak argitaratu dabe. 122 orrialde ditu, eta 50 peseta kostatzen da. Eskatzekotan: LUR, Villa Zutik, Paseo Arbola, San Sebastián.

 «Arnas-jimnastikako ikasbidE osua». Izenburu honekin argitaratu dau liburuxka bat Bingen Zudayre, sendagile lizenziatuak. 37 orrialde ditu eta 36 irudi. Bere prezioa, 65 peseta. Eskatzekotan: Apartado 1460, Bilbao.

Kantariak

Gernikan, euskal kantarien saio bat izan zan apirilaren 19-an, Egurrola, Iriondo, Lete, Natxo ta «Oinarriak» abeslari zirala. Jende asko, giro otza eta mikrofono eskasak.

Azpeitian, euskal kantarien jaialdi bat izan zan, apirilaren 25-ean, «Antxieta» taldekoak eraturik, Soreasu saloian. Kantariak: «Beti Alai» azkoitiarrak, Manex Pagola ta emaztea, «Eñaut» bikotea, Etxamendi, Xefe Balerdi, «Zaigor» irukotea, Beñat Sarasola, Argoitia neba-arrebak eta «Unai» bikotea. Ez zan saloia bete. Kantariak, barriz, ondo bete eben euren zeregina, baita presentadoreak bere. Eta Bizkaian gertatzen ez dana, euskeraz berba egiten entzuten zan.

Jakintza

Santurtzen, «Orain, Hemen eta Gaur» margolari taldekoak euren erakusketak egin ditue.

Zestonan, itzaldi jakingarri horieek izan dira, joan dan apirilean: «El valle de Urola y la educación», Jose Antonio Agirrek, euskeraz. «El caserío de Guipúzcoa y sus aspectos económicos», Andoni Lekuonak eta Valentin Zamorak, euskeraz. «Unidad del vasco literario», Patxi Altunak, euskeraz. «La juventud en la sociedad actual», Jesus Iturriozek, erderaz.

Benito Lertxundik itzaldi bat emon dau, Errenderian, euskal kantariei buruz.

Bilboko Injenieru Eskolan itzaldi honeek emon izan dira, joan dan apirilean: «Formas del acuerdo preferencial entre España y el MEC», Daniel Busturiak. «Infraestructura de Vizcaya», Lanzagortak. «La problemática actual de la economía española: expansión, extensión», Lanzagortak.

«Mirandaola», Juan Oñatibiak egindako antzerkia, Antonio Valverderen dekorazinoekin. Oiartzungo «Lartaun» izeneko taldeak antzeztu eban, il honen 1-ean, Legazpian. Eurekin batean parte artu eben Oiartzungo «Lartaun» kantariak, Pasaiko «Alkartuna» dantzariak, eta «Zuaznabar» txalapartariak.

Ereñoko Ariztin (Bizkaian) ibiliak izan dira Derioko Seminarioko arkeologia taldekoak, Apellaniz jaunaren agintaritzapean. Leza honetan gauza arduragarriak topatu dira, erromatarren denborakoak batez bere.

Gizarte Bizitza

Iruñeko Udalak*, «Ministerio de Educación y Ciencias»-ek proposaturiko iru eskola-irakasleri uko egin deutse. Ukatze hau Nafarroako Udalak dauken eskubide bat da.

Nafarroako Ziraukin, Lizarratik* Iruñerako bidean, «Inhers Española, S. A.» aleman etxeak lantegi bat jasoko dau, 65 langileren premina izango dauana; ta ferreteriazko tresnagintzarako izango da.

Mondragoek, azkenengo kontaketan agertzen danez, 22.000 bizilagun ditu.

Eliza

Urkiolako egoerari erabagia emon nahian dabiltza Bilboko obispaduan. Martxoaren 4-an Abade Kontseilariak Bilbon alkartu ziranean, J. Rementeria jauna mintzatu zan, Urkiolako egoerari erabagi bi proposatuaz: bat, Frantziskotarrei eskaintzea*; eta bestea, Euskal Misiolariei. Bigarren erabagi hau emongo ote jakon entzuten da. Manuel Estonba irundar misiolaria Urkiolarako seinalatuaz.

Gernika ez da Gernika

Igaz bezala, aurten bere, itzaldi batzuek izan ziran, erriko Institutoak eratuta. Gaiak sakonak eta erriari begira. Betiko legez erderaz. Gernika Euskalerria ei da, baina Institutoa ei bere ez.

Orain ilabete inguru, erri honetan hain ezagun dan Taberna Vasca-ko ugazabaren seme gazte bat il zan. Hori dala ta, hainbat jende batu zan eliza nagusian. Asko sentidu genduan eriotza hori, baina baita elizkizun osoa erderaz egitea be. Gero ta gehiago, erriko gazte asko Eliza baztertuaz doaz. Eliza esan dot eta ez erlejinoa; eta baztertze hori ez da izaten "itxitasunagaitik".

Lurgorri

Abadiño

Abadiñon, il honen 17-an, goizeko 10-etan asita, Durango Merindareko IV Ezpatandantzari eguna ospatuko da, Gerediaga Alkarteak eratua. Guztiak Eskualde honetakoak diran 32 talde batuko dira.

TXIKITO


Eliza Gaurko Munduan

Arabako Eliza

Arabako Elizari buruz lantxo hau idazterakoan, oso inportantzia aundiko gorabeherea izan barri dogu Gazteizen. Horretatik asiko naiz, bada. Itz bitan azalduko dot gertatuaren mamina.

Pastoral kursillo bat izan da apirilaren 14, 15 eta 16-an. Aita Boulard pastoralista ospetsua zan kursilloaren zuzendari. Apaiz talde on bat ez egoan konforme kursillo honekin, lehen bere honelako asko izan ondoren, ezer mamindu ez dalako, ezelango ondorenik ikusi ez dalako. Oraingo honetan bere, bardin gertatuko ote zan bildur aundia eban jendeak.

 Kursilloaren asiera asieran apaiz bat jaiki zan eta paper bat irakurri eban, kezka hori azalduaz eta eskabide bat eginaz. Hauxe batez bere eskatzen zan, memento haretan bertan eta beste ezer baino lehenago, Abadeen Kontseiluari buruzko gaia ondo ondoraino aztertu eitela, prolema hori beste guztien sustraian egoalako.

Eskabideari erantzunik emoten ez jakola ikusirik, 55 abade jaiki eta kanpora atera ziran, han zereginik ez eukela adierazoaz. Harrezkero gorabeherak izan dira, baina hauxe izan da gero gertatutakoen iturria.

Arabako abadeen jokaera

Zer jazoten da Arabako Elizan, egoera honetara eltzeko? Arabako abadeak orainarte oso otzan* portatu dira. Ez dabe matxinada-zale diraneko fama aundirik zabaldu.

Gotzaina bera izan da lehenengoa, bere abadeen alde propaganda ona zabaltzen ibili dana. Behin baino gehiagotan idatzi dau bere boletinean, Jainkoari eskerrak emonaz, hain abade zintzoak eta otzanak eta munduko gauzetan zikindu bakoak emon deutsozalako. Beste elizbarrutietako abadeak hain bidegalduak ikusten zituan; bereak, barriz, hain zuzenbidezkoak.

Baina, oraintxe urten dau egiak argitara. Aita Boulard amaika tokitan ibilia izan da pastoral kursilloak emoten, eta amaikatxo iskanbila konpondu behar izan ditu. Halan bere, aitortu egin dau, ez dauala holako prolema sakon eta latzik inon aurkitu.

Gatx hau ez da, orain bat batean sortu dan zerbait. Urte asko ditu, nahiz eta orainarte hain garbi ez agertu. Ez dago eta ez egoan, abadeen artean, gotzainak ikusi erazo nahi eban batasunik. Ba dira zati bi, ondo bereiziak. Ta gero ta gehiago bereizten doaz. Elizbarrutiko jerarkiaren jokaerarekin konforme ez egozanak, orainarte isilik egon behar izan dabe. Orain, burua ta itza jasotzen asiak dira, behar danean. Ba zan ordua lozorrotik urtetzeko eta egia azaltzeko.

Arabako abadeak ez dira extremistak

Hemengo abade aurrerazaleak ezagutzen badituzue, laster ohartuko* zaree, hemen ez dagozala oraindino extremista horreetakorik. Hemengo aurrerazaleak, Euskalerriko beste elizbarrutietan, erdibideko abadeak izango lirake. Hemen, eliz erakundea hain atzeratuta dagoalako, oso aurreratuak dira. Baina eskatzen dabena, munduan izan daiteken gauzarik normalena da: elizbarrutiko gobernuan eta artzaintzan gotzainarekin parte artzea. Sinestu eidazue: Araban oraindino Vaticano II-garrenaren aurretik bizi gara arlo honetan. Ez dinot bapere gehiegikeriarik. Extremista izan beharrik ez dago, dinodana esateko eta orainarte ezagutu dogun jokabidea zuzendu nahian ibiltzeko.

Politika gauzetan nahastuta dagozaneko atxakiarik bere ezin daiteke atera abade kontentagatx honeen kontra. Nire eritxiz, politika gauzetatik gehiegi urrundurik dagoz.

Etorkizuna

Arabako Elizaren egoera oso baltz eta klerikalki azaltzen ari* natxatzue. Ez al da aurrerapenik ikusten? Abadeak bakarrik ote dira Eliza honetan? Nik, agirian ikusten dodana kontatzen dot hemen. Gertatzen dan zerbait, ez gertatzen dan guztia.

Gauza onik bere ba dago, bai horixe. Baina kontatzeko ainakorik ba ote dago? Pentsatzen jartzen naiz, eta ez datorkit burura gauza aundirik. Gizarte eta osterantzeko arazoak hemen bere garratzak dira; baina, orainarte, hemengo Elizak ez dau erantzunik asko emon. Madriletik datorrenarekin oso konforme ikusten da, gehienetan. Jokaera hau bere salatzen dabe hemengo abaderik gehienak, azken urte honeetan atera dituen orrietan.

Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gotzainak izan ditue alkarren arteko bilerak*, danok dakigunez. Gazteizkoak ez dau horreetan parterik artu nahi izan.

Katedral barria dala ta, "Vida Nueva" asterokoak be kritika zorrotzak ekarri ditu. Abade eta laiko askok eta askok euren ezetza azaldu eben eta ezetzaren arrazoiak ipini bere bai. Baina dana alferrik. Izan diranak izan ondoren, oraindino be 50 miloitik gora gastatuko dira obra barrietan.

Laikoen mugimentuak, garai batean, indar pixka bat izan eben. Gaur, gero ta gutxiago. Ilda edo ilzorian dagoz danak. Minoria jatorrak ziran, baina...

Arabako jendeak beti euki izan dau oso jende erlejino-zalearen ospea. Halan izan da eta halan da oraindinokarren bere, lehengo beste ez baina. Beste uriburuekin konparaturik, Gazteiz nagusi aterako da oraindik horretan. Elizak beteta ikusiko dozuz. Kursilloak indar aundia dabe. Eta kursillistak, elizak betetzen, jatorrak dira.

Hori bere zerbait ba da. Baina ez dogu ahaztu behar, ezin daitekela erri baten kristinautasuna elizara joateaz neurtu.

Bestalde, gaztedia ez da eliza-zale. Aste Santuan gauza garbia ikusi dogu: gaztedirik ez egoan elizan. Asko ta asko, mendira atera ziran. Halan bere, aitortu egin behar da, gazteen meza batzuek ba dagozala eta oso jatorrak gainera.

Laikoak umezaro gorrian dagoz oraindino hemen. Euren egitekoa hauxe da: entzun eta bete. Banaka batzuek itz egiten dabe eta aldizkarietan idatzi bere bar Elizako maisu bezala. Baina horreek pribilejiatu batzuek dira, egiaren monopolioa dauke, eta politikazko sistemaz igurtziak dagoz.

Eta Elizarentzat Araba Euskalerri ote da? Puntu hau itz bitan ezin daiteke erabili, eta urrengo lantxorako ixten dogu.

Eusebio Osa


Jakin eta ekin

Yon Etxaideri, baketsu

Euskera idatziaren batasunari buruzko arazo honetan ez gatoz bat euskaldunok; osterantzean, zeu tartean zaitugula, gehienok preminazkoa deritxogu.

"Zenbat eta gehiago irakurri Etxahunen bertsoak, eta irakurriaz ulertu, tristura haundiago bat sortzen zait ene bihotzean". Berba honeekaz emoten deutsazu asiera zure "Etxahunen bertsoak gipuzkeraz" lan ederrari. ZERUKO ARGIA-n "Bakearen alde" eritxon zure azken artikuluak bere, asko tristetu nauala esan beharrean nago. Zure gurutz-bidea ondo baino obeto aditzen dot. Hain maite dan urteetako lan bat norberaren boltsilotik argitaratu behar izan ondoren, H dala ta ez dala, uskeria honegaitik saldu ezinik ibili behar izatea, ez da edozeinek erraz gainditu daiken buruaustea.

Zure izenean Juanito etorri jatan liburu hori eskaintzen; eta bai gustura erosi neutsala, ezertxo bere galdetzeke*. Izan bere, zurikeria barik, modu batera zein bestera idatzi arren, egileak eta gaiak askotxo merezi ebela uste izan neban eta. Baina zure ariari jarraituaz zer espero daikezu, neure jaun horrek, atxakia hori dala ta, horrelako liburu bat erosi gura ez dabenengandik? Horreek zetarako gura ditue liburuak? Aberats barriak bezaia, liburutegiak betetzeko ala umeen antzera erretratuak ikusteko? Merezi ote dabe jaramonik?

Gipuzkoan zure liburuak saltzen jaso dozun esperientziaz, oso nekez sustraituko dala letra hau gure alderdiko jende xehearen artean dinoskuzu, literatura zaharra eta, batez bere Bidasoaz handikoa ezagutzen ez daben artean. Baina, jauna, Ipar aldeko literatura ezagutzen ez dabenak, euskal literatura ezagutu daikee ala? Ondo ezagutzen ditut nik gipuzkoarrak; senideak bere ba ditut Zarautzen, eta euskeraz ez idazten ez irakurtzen ez nekianean bere, beti iruditu izan jatazan "ingelesak". Eurena bakarrik buru, beti eibartarren euskera zapuztu gurarik, gutxietsiz.

Beharbada, egoera larri baten aurkitu zara eta proposamentu bat egiten dozu: H gutxidunarena. Esate baterako, vokal bi bardinen artean (zahar, mehe, lehen); eta hikako bigarren pertsonetan (hi hator, hi habil, hi haiz) erabili, eta gainerantzekoetan baztertu.

Ez litzake gutxi izango, jauna, zure horretan danok bat etorriko bagina. Baina alferrikoa litzakela uste dot. H non jarri baino, H bera da auzia. Gainera H gutxiduna, zureak baino apur bat behiago baditu bere, ba darabilgu ANAITASUNA-n. Izan bere, zahar, mehe, lehen eta abar bereiztu behar baditugu, beste honenbestean ohe, bihar, ihes eta abar, oge, oi, bixar, iges eta abar baztertuaz.

Azkenik, zure proposamentuari buruz, "revisio" bat egitea komeni dala dinozu, eta Euskaltzaindiak erabagi bat artu daiala eskatzen dozu: "Orduan, Euskaltzaindiak erabaki daianari inork ez deiola trabarik jarri, edo aterik itxi. Guziok obeditu".

Baina, jauna, zegaitik ez gara lehenengotik obeditzen asten? Zer segurantza daukagu, gero bere, Euskaltzaindiaren esanari inok trabarik jarriko ez deutsanik? Bigarrenean danon gustua lortuko dogu ala? Bi ezezik, iru, lau edo nok daki zenbat "revisio" beharko geunkez, batzuen gustua egiteko. Eta zer pentsatu behar ote dabe, aurreko esana etsi etsiz ontzat artu dabenak lehenengo egunetik? Gainera, lehen bere, nahiko erdibide eskaini euskun Euskaltzaindiak Arantzazun. Zer da bestela ANAITASUNA-ren idazkera, erdibide hori baino?

Zuk gauzak estu samar ikusten badituzu bere, nik neuk konfiantza osoa daukat Nafarroa eta Bizkai osoan, baita Gipuzkoako Goierri eta Deba ibaialdeko eskualdeetan bere. Jarrai, bada, jauna, ekin zeuntsanari, eta zorionak zure azken liburuagaitik. Lehen bere, etxean nituan Etxahunen bertsoak, baita disko bat bere, baina oso nekez niharduan; zure lanaz nire ahaleginak erraztu egin deustazuz. Zeuk jakin eragin zeunstan Etxahunen barri, aspalditxoko "Amasei Seme Euskalerriko" lan goragarriaz; eta zeuk asetu dozu, orain bere, orduan nigan sortu zenduan egarri ha. Eskerrik beroena eta urrengo arte.

Amatiño


Jakin eta ekin

Zenbat holako!

Horko argazkian, Laukarizko ikastola dozue. Agiri danez, etxe zaharra da, sendoa baina. Goiko aldeko lerroan izenak erderaz, sasoi haretako Diputazinoak jarrita. Beheko aldean, ostera, dana birrinduta ta ezabatuta*. Izki izpirik be ez da agertzen. Zimendu utsa baino. Ez dot uste, geutarrak kenduak diranik. Izatekotan, tamalez edo jausiak...

Hori gora-behera, batzuek bestera esan ohi dabe arro ta gogor, komeni jakenean: "La verdad es que la lengua y costumbres vascas no solamente no son prohibidas por el Estado Español, sino que las fomenta con el cariño que merecen todas las tradiciones españolas" ("El Español, n. 71, pág. 13, febrero 22 de 1964).

Entzunda dodanez, Bizkai aldean behintzat, beste ikastola asko ta asko horretara dagoz. Tamalgarria ta negargarria. Ta bitartean, zetan dabiltz erri horreetako alkateak eta Diputazinoko nagusiak?

Juan Angel Etxebarria


Jakin eta ekin

Euskal Abeslari Barriak. Legazpiko "Itxaropen" irukotea

Nok ez deutse entzun "Itxaropen" irukoteari? Erriz erri ibili dira, irratiz* abestu dabe, sariketetan parte artu dabe.

Iru neska lirain, ezenarioetan euren gorputzak graziaz mugitzen dakienak, ezpanetan irribarre gozo bat eskaintzen* dabenak.

Zuentzat itz egiteko gertu, aurrean daukaguz Mari Sol Garmendia, Maria Angeles Garmendia (haren ahizta) eta Josune Makibar. Maria Jesus Zabalo (kitarra jotzailea) falta da, baina ez deutso ardura, alkarrizketa hau idatziz eta ez kantuz izango da ta. Eta hau oso penagarria da, itz idatziak baino atseginago euren abestiak entzungo zeunkeez eta.

— Noiz asi zineen abestuten?

— Joan dan urteko otsailean.*

— Eta zenbat jaialditan abestu dozue?

— 35 inguru.

— Exitorik aundiena non?

— (Irurak barreka asten dira). Esan eizu, leku guztietan ondo artu gaituela.

— Zenbat abesti daukazue zuen errepertorioan?

— Amabi edo.

"Itxaropen"-ekoak edozein lekutan abestuteko gertu dagoz. Ez dira atzean geratzeko neskak. Eta holan, konkursuetara joan dira, bildurrik barik.

— Zenbat sariketatan parte artu dozue?

— Lehenengo Bilbon, "II Festival de Música Joven" egin zanean. Hemen, eta erdal taldeekin burruka gogorrean, bigarrenak geratu ginan.

Egia da. Finalean egon nintzan, Bilboko "Seis Estrellas" dantza tokian; eta han, mila gazteren aurrean (ehunetik 90 erdaldun), bigarrenak gelditu ziran, danen txalo beroak lortuaz. Eta euskeraz abestuaz, jakina.

— Eta gero?

— Oraintsu, Eibarren egindako sariketan. Laugarren geratu gara.

Bai, laugarren gelditu dira; baina jendeak juradukoen klasifikazinoa txistuka artu eben, "Itxaropen" taldekoak laugarren geratu zirala zabaldu zanean.

— Eta orain?

— Orain, gure lehenengo diskoa egitekotan gagoz. Gure ametsik aundiena, Euskal Abestiaren IV Sariketan parte artzea zan. Zuzendariak, finalean abestuteko aukeratu ginduzan; baina jai hori debekatua izan da. Orain, CINSA-ren enkarguz, disko bat gertatuko dogu; ta disko horretan, gure abesti batzuekin, sariketa horretako abesti politenak, gure estilorako egokienak diranak, sartuko doguz. Abestien egileak pozarren emon deuskue euren baimena.

Honeek dira "Itxaropen" taldeko neskak, euskal abes-taldeen artean oberenetariko bat osotzen dabenak.

Gure txalo beroenak merezi dabez, eta eurekin batean, taldearen zuzendari dan Aita Barturenek. Aita Barturen, gaztea, gaurkoa, musikalari ona, taldearekin bat eginda dago. Artzain ona legez, neskok parte artzen daben jaialdietara doa, euren akatsak bilatu ta urrengoan zuzentzeko, eurekin memento* alai eta tristeak alkarregaz igaroteko.

"Itxaropen" taldearen estiloa gaurkoa da, ritmoduna, alaia.

Euren zuzenbidea: Josune Makibar - Barrio Aránzazu, 6 - Legazpia (Guipúzcoa).

Baina, gure alkarrizketa amaitu baino lehen, azken galdera bat.

— Zeredozer ANAITASUNA-ren irakurleentzat?

— ANAITASUNA aldizkari eder bat da. Arpidedunak gara, eta gogoz artzen dogu. Bere irakurle guztiei agur bero bero bat.

— Agur, ba, zuoi be; ta zoaze gorantz, horixe merezi dozue ta.

XABIER GEREÑO


Jakin eta ekin

Eskualdeen aroa?

Amando de Miguel, gizartelaria edo soziologoa da. Bere ogibidea be horixe da: soziologia, gizarte barruko gaiak aztertu ta erabiltea.

Gizon hau, orain denbora gutxi dala, Nafarroako Iruñetik igaro zan eta bertako Ikastetxe Nagusian itzaldi batzuek egin zituan.

Ikastetxe Nagusietan holako itzaldirik asko izaten dira; baina sarritan itzaldi askoren oihartzuna* ez da kanpora agertzen, Ikastetxe barruan geratzen da. Baina, oraingo honetan, ez da holangorik jazo. Gaiak oso jakingarriak ziran, eta, barrutik gainezka eginik, kaleraino azaldu jakuz.

Gizon honek esandakoak eta azken denbora honeetan beste batzuek dinoena entzunik, "Eskualdeen* aroa" datorrela esan geinke.

Eta gero... zer?

Bere itzaldietan, Amando de Miguelek eritxi batzuek azaldu ditu, euskera indarbarritu nahian gabiltzanontzat pozgarri izan behar jakuzanak.

Gaur egunean, dino, Estadu Nazionalak lur joteko bideetatik abiatu dira, eta gizonak bere inguru inguruan ikusten dauan zerbaiteri oratu* beharra sentitzen dau. Eta horregaitik edo, integrazionismo ta unibersalismo garai honetan, gizonak eskualdeetara jo beharra ikusten dau. Batez bere Europa zahar honetan. Hemen Europan, lehendik, oraingo Estaduak sortu aurretik, ba egozan ondo sustraitutako eskualde batzuek, euren izkuntza ta guzti, benetako nortasun baten jabe ziranak; eta eskualde honeetariko askok bizirik irauten dabe oraindino.

Erri bakoitzak izan dauan bizitzak (erri bizitza esan nahi dot) bere berezitasun* sakonenak galdu ditu; eta horregaitik, bai bizitza hori bai izkuntza bera be internazionalizatu egin jakuz; eta hori dala ta, gu ez garean beste zerbait bihurtu gara.

Hortik, nortasun galtze horretatik dator indar barri hau, lehengotara itzuli nahi izate hau. Eta horregaitik, jatorrizko izkuntzen beharrizan gorria ikusten asi gara. Orain, datorkigun aro* barri honetan, jatorrizko izkuntzak indar barri bat artuko dabe.

Honez gainera, beste hau be esan dau: "Ondasunak eta erri kontzientzia alkartzen diran neurrian, jendea geroago ta pozago biziten da".

Ondasunak ugaritu eta erri kontzientzia zabaldu ta sakondu: hauxe da gaur egunean egin behar doguna.

Joseba Arrieta


Abereak eta Burdinak

Greziako Polizien Torturak

Martxoaren 27-an, Ostirale* Santuz, Atenasen, epaikari militarrak batu ziran, 35 greziatar gizon juzgatzeko.

Sumarioak mila piezatatik gora eukazan, eta akusazinoaren aktak 71 orri; baina defentsako legegizonak juizioan esan eben, guzti hau ikusteko eta defentsea antolatuteko, sei egun bakarrik emon eutseezala.

Juizioan, poliziak presoei emondako torturak irakurri ziran. Hauxe izan zan, inpaktorik aundiena egin ebana.

Gorka Alexander Mangakis-eri izugarrizko torturak egin eutsoezan, konorte barik itxi arte. Dimitrios Karayorgas-eri egindakoak, esan ezinezkoak dira, hospitalean zaurituta egon arren. Irugarren bat, Ionnis Vassiliou, Atenas inguruetako etxe baztertu batera eroan eben; eta han izterrak apurtu eutsoezan burdinazko makila kolpeka.

Lan hau idazten dodanean, ez dakigu juizio honen azkena zein izango dan.

***

1965-garren urtean ezagutu neban Grezia. Orduan, Papandreu jausi ondoren, beronen alderdikoak Gobernuaren kontra burruka gogorrean ziharduen, eta Atenasko kaleak propaganda paperez beterik egozan.

Kontraste aundiko Estadua da Grezia. Atenas ederraren ondoan Pireoko langileen etxe pobreak, kristalik bako leihoak, asfaltu bako kaleak. Beste alde batetik, Rhodas. Hona turistak datoz, baina turista aberatsak, egazkinez nahiz yateetan. Onassis-ek etxe eder bat dauka Rhodasen. Han dana da garbia, dotorea. Baina zoaze Heraklion-era, ta han ikusiko dozuez, nik ikusi nituan legez, baserritarrak, baltzez jantzita, eskutartean oilo pare bat edo otzara bat soloko frutu apur batzuekin, merkatuan diru merke baten truke saldu nahirik.

***

Greziako historia, alde askotatik aundia ta probetxuzkoa izanik, beste askotatik negargarria ta tristea izan da.

Platon eta Aristoteles, Perikles eta Sokrates. Bai. Baina zenbat tiranu?

Jesukristo jaio baino askozaz lehenago, Grezia erri ezagun eta jakintsua zan; eta hainbeste urte igarota, munduan daukan inportantzia gutxituten joan da. Baina kontuz, inportantzia galtze hau ez dogu armetan eta indarrean neurtu nahi, kulturaren aldetik baino. Zer da gaur Grezia munduko kulturan? Lehengoa, bai, lehengoa ezaguna da. Baina oraingo kultura ezezaguna da, irugarren mailako erri bateri dagokion modukoa.

Interesgarria izango litzake, jakintzan aundiak izan diran erriak zegaitik jausi diran jakitea. Zeintzuk ote dira ondamendi horren kausak? Gerrak, euren odol isurte ta eriotzekin? Gobernuaren administrazino txarra, berak sortzen dauan ondasun galtzearekin? Tirania, kulturari ipinten deutsazan muga estuekin?

Dana dala, gaur Grezia hauxe da: 132.560 kilometro kuadraduko lurralde bat, 8 miloi bizilagun dituana. Euretatik 51,5 % erri txikietan bizi dira. Honekin nahikoa dozue, greziar industria zein txikia dan ikusteko.

Baserri lanak gutxi mekanizatuta dagoz. Bizi mailea Europako azkenetarikoa da. Milaka greziar mundu guztiko itsasoetan marinel dabiltza; horreri eskerrak, erria apurtxo bat obeto bizi da. Azkenik, orain, greziar asko Europako Estadu aurreratuetara joan dira, lan egitera.

Greziak, Europako Merkatu Batuan sartu gura izan eban, eta nahiko sartuta egoan; baina, orain daukan "koronelen gobernua" dala ta, kanpora jaurtigi eben. Egia esan, jaurtigitze honek arritu egin ginduzan. Estadu aundietako gobernuetan diplomazia ta materialismua ikusten ohituta gagoz eta. Zer jazo da orain? Aingeru bihurtu ote jakuz bat batean Europako gobernariak? Edo Greziako laborantza frutuak min emoten ote eutseen Mediterraneoko beste Estaduei?

Greziaren historia aurrera doa; baina munduarena ez dago geldirik. Atzean gelditzea beti da arriskugarria. Hemen be, musean legez, ondoen jokatzen dauana, garaile.

Xabier Gereño


Abereak eta Burdinak

740.000 Familia 2.500 pesetako jornalekin

Murcian, gizarte arazo asko aipatu dira. Murciak berak, batzar tokitzat autaturiko uriak, holako arazo asko ditu.

Murcian, alkarrizketa batzuen bidez, gure gizartearen makaltasunak aipatu dira. Horretarako, FOESSA-k bilduriko* zifrak erabili dira. Zifrarik garrantzitsuenak honeexek dira:

- 740.000 familiak (3 miloi bizilagun, gutxi gorabehera) 2.500 peseta jasotzen ditue ilero. Hau da, gaseak ilda bizi dira, gosearen atzaparretan jausi dira.

- 2.000.000 espainiar erbesteratu dira 10 urteotan. Hau da, urtero 200.000 persona joaten izan dira atzerrira.

- bizitzeko, etxe egoki bat lortzea geroago ta gatxago da.

Arazo honeek garbitzeko, urteera bi eskaintzen* dira:

- gure eziketa* obatu, eta

- zerga* kontuak barriztatu.

Zoriontasunik eza

Gure artean, zoriontasunik gutxi agiri da. Ehunetik berrogei lagun bakarrik dira zoriontsu. Pozik gutxien daukenak, baserrietako emakumeak dira, uri aundietako emakumeak baino bizimodu latzagoa daroe ta. Ondo bizitzeko diru asko behar dala dinoe emakumeak, eta pozgarririk onena dirua dala. Nire eritxiz, hementxe egon da beti emakumearen uts andi bat, orain barriro agertu dana. Zoriona diruan jartzea, tamalgarria da benetan.

Lanik eza

Zenbat eta pobreago izan, seme gehiago eukiten da, ta baserritarrak dira ugarienak. Lanik eza geroago zabalagoa da. Madrilen, ehunetik sei emakume lan barik dagoz. Ehunetik ogei personak lan mota bat baino gehiago egiten dabe.

S. Larrea


Abereak eta Burdinak

Baso Langileak

Basoetarako langileek gero ta diru gehiago kobratzen dabe, baina ez da baso langilerik aurkitzen.

Baserrietan gero ta diru gutxiago irabazten ei da, baina baserritarrek baserrietan jarraitzen dabe.

Zelan izan daiteke hau? Esneagaz gutxi irabazten ei da, baina ia baserri guztietan behiak ikusten dira oraindino. Batzuek dinoenez, baserritarrek ez daukez behiak, behiek daukez baserritarrak. Eta askotan horixe jazoten da: baserritar asko behien morroiak dira. Hala ta guztiz bere, morroiek zeredozer irabazten dabe, ta baserritar askok bat bere ez. Behiak egunero bi bider eraitsi behar dira, ta beti persona batek baserrian egon behar dau. Baina lana dohan*, debalde, egitea esklabuen gauza da. Zegaitik iru edo lau behigaz ezer irabazi barik baserrian jarraitu?

Baserritarrek bizimoduz aldatu behar dabe. Edo behitegi egokiak sortuaz, edo gaurko baserriak beste errentabideetatik joan erazoaz, edo baserriak utsituaz. Eta baserritarrek zer egingo dabe ba? Gehienetan ofizioz aldatu.

Ogibide barri bat ba dogu gaur gure mendietan. Pinudietan lan egiteko behargin espezializatuarena. Baso lana ondo ordaintzen da, ondo ordaindu bere. Gainera, baso lana ondo eratzen bada, lan egokia izan daiteke baserritarrentzat. Zegaitik? Lan librea dalako; langile talde bakoitzak baso lana bere erara antolatu daike ta.

Ofizio guztiak bezala, baso lana bere ondo ikasi behar da, basoan egiten dan lana onuragarria izan daiten. Gaur, hemengo basoetan dabiltzan langile taldeen artean, talde espezializatu ta ondo taxutuak oso gutxi dira. Langile gehienak kanpotik etorriak dira; ta euren artean asko dira mendira joaten diranak, beste lanbiderik aurkitu ez dabelako. Honela, baso lanak garestiak dira basoen jabeentzat eta merkeak langileentzat.

Erri aurreratuetan, barriz, mendiko lana lan espezializatua da, ta baso langileak beste langile espezializatuen pareko dira.

Hemen bere, gauza berbera jazoko da. Laster gainera. Horregaitik, lan hori lehenen artzen dabenek, aurrea artuko dabe, ta irabazi bere ondo irabaziko dabe, lehenenkoak izan diralako.

Arabarra


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

AMAIN EMON, dar suelta.

ASKE, libre.

BEHINEN, printzipal.

DOHAN, utsean, debalde.

ERAITSI, ordeñar.

ERRIALDE, probintzia. (Itz barria).

ESKUKO, libre.

GALDETZEKE, galdetu barik.

IRASI, fundatu. (Itz barria).

IRAULTZA, revolución. (Itz barria).

IRAULTZAILE, revolucionario. (Itz barria).

IRRATI, radio. (Itz barria).

JOPUTZA, esklabutza.

OLA, lantegi, fabrika.

ORATU, eutsi, agarrar.

OTZAN, manso.

UDAL, Ayuntamiento.

URIGINTZA, ordenación urbana.

URREAN, nonbait, aurki, seguramente.

Euskera batukoak

ADITZ, verbo gramatical.

AHULDU, makaldu.

ARI IZAN, jardun.

ARO, época.

AUSART, atrevido, valiente.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZITASUN, apartekotasun, característica.

BILDU, batu.

EKAIN, bagil, junio.

ERRIBERRI, Olite.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HELBURU, fin, objetivo.

HEZIKETA, educación.

LIZARRA, Estella.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

OHARTU, konturatu.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, zezeil, febrero.

UZTAIL, julio.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZIN, juramento.

Beste euskalkietakoak

ARABERA, según.

BILERA, batzar.

EGUNKARI, eguneroko aldizkari.

ESKUALDE, comarca.

EZABATU, borrar.

EZPAI, ezbai, duda.

MENDEBAL occidente.

OIHARTZUN, eco.

ZALANTZA, ezbai, duda.

II. Idazteko modua

Txarto:

Ez litzake gutxi izango, zure proposamentu horretan danok bat etorriko baginake.

Konfiantza osoa daukat Nafarroa ta Bizkai osoan, baita bere Gipuzkoako Goierri eta Deba ibaiarroko eskualdeetan.

Ondo:

Ez litzake gutxi izango, zure proposamentu horretan danok bat etorriko bagina.

Konfiantza osoa daukat Nafarroa ta Bizkai osoan, baita Gipuzkoako Goierri eta Deba ibaiarroko eskualdeetan bere.


Ezagutu gure erria (16)

Durangoaldea (2)

Kultura eta izkuntza

Irakaskintza ofizialean bigarren mailako Instituto bat dago Durangon, baita Maristen ardurapean Profesional Ikastetxe bat bere. Jesuiten eta monjen ikastetxeak bere ba dira. Zornotzako Euban, Pasionisten ikastetxea; ta Elorrion, Funcor-ena. Zornotza ta Ermuan, "Iniciación Profesional" mailako irakaskintza emoten da. Euskerea gutxi edo bat bere ez aipatu ditugun etxeetan. Sei ikastola dagoz: Durango, Igorreta, Zornotza, Elorrio, Berriz eta Ermuan, eta zabaltzeko asmotan Zaldibar eta Matienan.

Euskal alfabetatze ikastaroak erririk gehienetan emon dira, Euskaltzaindiaren arlo horretako taldearen ardurapean.

Euskal izkuntza saiatzaileetan sonatuenetarikoa Astarloa durangarra dogu; eta idazleetan, Kapanagako Otxoa, mañariarra dirudianez, Kirikiño, mañariarra hau bere, Arzadun durangarra, Arrese-Beitia otxandiarra, Garitaonandia zaldibartarra, Untzueta abadiñarra.

Azkenik, laster bost urte beteko dituan Gerediaga, Durangoko Merindadearen Adiskideen Alkartea aipatu behar dogu, Euskal Liburu ta Diskoen Azoka ta beste kultura ta eskualde promozionatze egin eta egiten diharduana. Berari zor jako, gehienbat, eskualde honek daukan batasun eta nortasun giro ta indar barria.

Ekonomia

Gerediaga Alkarteak, Bizkaiko "Industria, Comercio y Navegación"-eko Ganbararen ordezkaritza bat jarri nahi dau Durangon, eta bide batez eskualde guztiaren ekonomiazko estudio sakon bat eragin. Orduan ikusiko geunke zehatzago eskualde honen ekonomia. Estudio hau beharrezkoa dala uste dogu Euskalerriko eskualde guztietan; baina batez bere hemen, Deba arroan,* Goierrin eta beste eskualde desarroilatu batzuetan holako azterketak, beharbada errialde osoari begiratuta baino xehetasun* egokiagoak agertuko leukeez. Bien bitartean eta Durangoaldeari orain begiratuaz, Durangoko urian 476 denda ta lantegik ordaintzen dabe Licencia Fiscal deritxon zerga;* Zornotzan 271-k; Elorrion 76-k eta Ermuan 85-ek. Erri txikietako xehetasunik* ez dogu eskuratu. Amaika bankuetxe ta zazpi aurrezki kutxa dagoz Durangoaldean.

Ola* mota batzuek aipatuaz, amabi dirala ikusten dogu makina ta argitresnenak; erremintenak amairu. Erbesterako lanak bere egiten ditue; arlo honetan olarik* famatuenetarikoak, Matiena-Abadiñoko Zeus etxea eta Durangoko Duñaiturria ta Estankona.

Arrobiak* bere ba dira. Mañarian 8 dagoz; harenbaten* erri dau ha Bizkaian arrobi gehien izango dituana. Abadiñon 2 dagoz. Arearrizko arrobiak Etxanon eta Durangon.

Baserri ekonomia, beste eskualde danetako estruktura atzeratuari lotua dago. Bere merkatua, bertako uriak eta Eibar dira; Otxandioren merkatua, Gazteiz. Baserritarrak, D.I.B.A. izeneko eskualde kooperatiba bat sortzeko bideetan dabiltza, M.I.B.A., L.A.N.A. ta C.A.V.A.-ren antzekoa, gaurko aurrerakuntzez baliatuaz, baserri gizarte ta ekonomiari bide egokiagoak emoteko. Durangoaldearen 62 %, basoz beterik dago (17.970 Ha. guztitara), baina Eskandinaviako ordenatzetik urrun samar. Egur komerzializatze guztia papertegien trusten eskuetan dago, batez bere Arriandiko papertegiaren eskuetan, basabideetan anarkia ta norberekoikeria nabarmenegi agertzen diralarik. Ortuari ekonomia, Berrizko Eitu aldean eta beste toki bakarren baten izan ezik, nahiko atzeratuta dago, nahiz eta merkaturako urteerak egokiak izan. Esnera ta txahal aztera dedikatzen dira baserritarrak asko aurrelarien Otxandio ingurua dalarik. Durangon eskualde honentzako "Extensión Agraria"-ko Ajentzia bat dago, baserritarren kontseilari.

Abadiño

36,15 km.2 ta 3.590 bizilagun. Bere auzoak: Abadiño-Zelaieta (erriburua), Gerediaga, Matiena, Gaztelua, Muntzaratz, Sagasta, Mendiola, Urkiola eta Amaitermin. Iru parrokia ditu: erriburuan San Trokaz, Urkiolan San Antonio, eta Matienan San Prudentzio. Oraintsurarte baserri erri utsa izan arren, lehen be ba zituan ola* toki entzutetsuak: Lebario, Muntzaratz, Murueta, Olazarreta, eta abar. Gaur industria barriz betetzen doa, Eibarkoak gehienak.

Zelai zabalak eta komunikazino onak dituala, etorkizun oparoa dauka industrian. Erriburutik urruntxu, beste erri barri bat sortzen doa Matiena auzoan, zoritxarrez etxez bakarrik ornitzen doana eta ez erri zerbizioz. Abadiñok kondaira toki ugari ditu: Gerediagako Batzar Zelaia; Astolako Merindade Etxea; Muntzarazko Torre Etxea, Nafarroako Erregeen senitartekoena; Traña Jauregi, eta beste. Arlandu eta arma-arridun etxe asko. Urkiolako Santutegia, Euskalerri guztian hain ezaguna eta gaur ganora barik zaindua, erbesteko misinoetan dagozan abadeentzako atseden leku bihurtuko ei dabe, Euskalerriarena dala ahazturik nonbait. Ebro aldera dagoan auzokoa, Otxandio alderazkoa, Amaitermingo semea da Los Riosko apezpikua, Bitor Garaigordobil gizon argia. Abadiñoren entzutea, bere San Blasetako feriakaitik da, mendeak* zehar eten barik egin diranak.

Berriz

29,94 km.2 ta 2.788 bizilagun. Bere auzoak: Berriz-Elizondo (erriburua). Olakueta, Eitua, Murgotio, Okango, San Lorentzo, Andikona ta Sarria. Baserri erria, batez be ortuariei lotua, gaur industria ugaritzen doakiona. Eitua auzoan ola* barri asko egin dira; hemen bere, gehienak Eibartarrak; dozena bat inguru izango dira gaur, eta makina erramintara dedikatzen dira. Andikonan eskualde* guztian ezaguna dan Andra Mari bat dago elizatxo polit batean, bere inguruan ikusmira ederrak dituala. Ezpata-dantzea eskualde honetakoa izanik, haren izena gehien zabaldu dauana erri hau dogu. Idi probetan be ba dauka entzutea erri honek, Olakuetako probalekuan probalaririk onenak batzen baitira* urtero San Antonetan; Antzua probalaria be erri honetakoa dogu, Okango auzokoa hain zuzen bere. Berriztarra zan Juan Ramon Iturritza, Bizkaiko kondairagilerik oberena. Lehen be ola* asko euki zituan, batez bere Arri errekan; eta horreetariko baten, Errotetan, peninsulako lehenengo paper ola egon zan.

Zaldibar

11,59 km.2 ta 2.372 bizilagun. Bere auzoak: Zaldua (erriburua), Goierri, Gazaga ta Eitzaga. Baserritar trebeak izan ditu, batez bere landare sailean; baina gaur industriari dago lotua bere ekonomia. Mende* honen asieran, bere baiñu etxeagaitik hain entzuna, orduantxe artu eban oraingo Zaldibar izena, lehengo Zaldua kenduta. Zaldibar izeneko torretxea, Nafarroako erregeen garaian egina, orain dala urte gutxi jausi zan, nahiz eta Diputazinoarena izan. Halan zaintzen doguz gure gauzak, gure agintariak aurrerengo dirala! Torrearen alboan dago errialdeko* emakumeentako zoretxea, erriari tokirik egokiena kentzen deutsola. Erri honetan ikusi leiteke zelan dagozan erriarteko mugak, Berrizko Okango bere barruraino sartzen jakola eta bere Eitzaga auzoa Eibarreraino sartzen dala Olerreagatik. Urrean* aldatuko dira gure kondairakerizko muga desegokiak, Zaldibar eta beste toki askotan. Erri honetako semea zan Bitor Garitaonandia, euskaltzale, idazle ta antzerkigile entzutetsua.

Garai

7,08 km.2 ta 352 bizilagun. Bere auzoak: San Migel (erriburua), San Juan eta Santa Kataliñe. Baserri erria, pinudi ugariduna, zerra bat dau bere industria bakarra. Ikusmira zoragarriekin, hortik artu dau azken aldian bere ospea, jendetza izugarriak, atseden eta naturaleza gozamen bila, bertara joaten dirala. Durangoaldeko Ikusmira izena daroa ofizialki; eta bertatik, Oiz mendiaren bizkar baten dagoan erri honetatik ikusten dira Durangoaldeko zelai eder eta mendi katea, Aizkorri, Gorbea, Aramaioko mendi eta bazter asko. Euskalerri guztian dira entzunak bere Santiago-Santa Anetako dantzari prozezino ta jaiak. Bertako semeak ziran Zubiaurre anai pintoreak, euren aita musikagilea, eta Martin Beratua, Santo Domingo de la Calzada, Logroño ta Escorialen eliz torre bikainak egindakoa. Zihurra ez da baina, Joan Garaikoa, Buenos Aires uriburuaren sortzailea bere hemengoa zan.

Atxondo Arana

23,17 km.2 ta 1.029 bizilagun. Iru errik osotzen dabe, orain zazpi urte alkartutako aran hau: Arrazola, Apatamonasterio eta Axpek, azken honek beragaz lehendik lotua Martzana errixka ebala. Anboto atx muino luzearen barrenean dagoalako datorkio nonbait aran honi Atxondo izena. Arrazola erria, baserri utsez, geroago ta beherago doa, eta eskualde guztian bizilagunez urriena bihurtu da. Axpe-Martzanan bere, bardin jazotzen jako. Apatamonasterio barriz, lenen txikiena izanik, industriaz betetzen doalako, polito ugaritu da. Esan dogunez, olak Apatamonasterion dagoz, baita etxe-bizitzak bere, aranaren erriburua bera egin dabe ta. Beharbada, obe izango zan, industriak bertan ezarriaz, horretarako tokirik egokiena dalako, erriburua ta etxeak Martzanan egitea, erdirago baitago*; baina hau dana ugazaba batena zalako edo agintarien erdikoikeri eta urigintza* planeamentu eskas bategaitik, olak eta etxeak nahaste kaltegarri baten dagoz.

J. L. Lizundia