ANAITASUNA

BIZKAIA

189 zenb. 1970, • Maiatzak 30

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 10

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 189 zenb. 1970, Maiatzak 30.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Literatur tradizio baten bila

Hemen euskera batua

Munduko hizkuntza guztiek, beren bizitzearen memento* batean, edertasun eta kategoria handiko lan batzuk eduki dituzte. Italian Danteren denboran, Espainian Cervantesen garaian, Alemanian Luterok Biblia alemanez itzuli zuenean, Inglaterran Shakespearen sasoian. Pertsonaia* guztiok, nolabait, hizkuntza sagaratu eta altxatu egin zuten literatur mailaraino; eta ondorengoek ba zuketen, gauza bat nola esan jakin gura zutenean, nora joan eta non ikasi.

Idazle zaharrok dira Herri guztietan, hain zuzen, literatur hizkuntzaren oin harria eta sostengua, hibaiaren lehen iturriak bezala.

Bai, exenplo batez esateko, literatura hibai baten pare da. Hasikeran urri eta lasterra da, eta lurra gastatuaz bere bidea egiten du. Bide honetan beste mila iturri eta errekatxoen ur laguntza hartzen du, eta honela ba doa handituaz eta aberastuaz. Azkenez hibai nagusi eta zabal bat egiten da; baina ba du, hala ere, etorki eta iturri bat, eta handik datorrela ezin uka.

Literatura bera ere halakoxea da. Urteetatik zehar liburu eta obra berrien eraginez ugaldu eta aberastu egiten dela ezin uka, baina ba zuen aintzinekoengan bere lehen pausoa. Hau hizkuntza guztietan gertatzen baldin bada, zergatik ez da euskeraren kasuan gertatu?

1900-garren urterarte, tradizio hori biziki sentitzen zen gure orduko idazleen artean. Bizkaitarrek, ttanttoka izan arren, politto erabiltzen zituzten Gipuzkoako hitzak eta baita Lapurdi eta Nafarroakoak ere. Giputzek, halaber*, bizkaierazko eta lapurtar kutsua agertzen zuten poliki, eta baita beste guztiek ere. Joera hark iraun balu, euskeraren batasuna erdi eginik egonen* lizateke sasoi honetarako; baina, zoritxarrean, aspaldidanik zetorkigun-hari hura, literatur tradizio hura, orain hirurogei ta hamar urte hautsi zen gure artean.

Euskera garbia zela eta ez zela, bakoitzak bere herriko usadioan idatzi nahi ukan* zuen, albokoari jaramonik egin gabe. Latinetik datozen hitzak, sarri askotan, Euskal Herri osoan berdinak dira; eta euskera zaharrekoak, ostera, gauza bera esateko oso diferenteak. Bestetik, azken urteotako berrikeriak, jatorrenak zirelakoan (Bizkaiko "dodaz, dozuz...", esate baterako) erabiltzen ziren bakarrik, beste forma zabalagoak hauzokoenak bakarrik zirela pentsatuaz. Liburu zaharrak, irakurri gabe, kondenatu egin ziren; eta beraiek literatur bidea erakusten zutenak izanik, haiek gordetzean, bidea galduta, bakoitza bere kontutik ibiltzen hasi zen.

Egoera larri honen ondorioak gaur ikus ditzakegu oraino. Aintzineko hari argigarriari ez segitzeagatik, euskal literatura itsuka dabilkigu. Azken urteotan, Bidasoaz honanzko partean, Gipuzkoako euskerak oso fama handia hartu du, eta orain arte bizkaitar askok gipuzkeraz idatzi izan dugu. Baina batasunaren ordua jota dago. Arazoa hobeki estudiatu behar dela ta, hasi izan gara literatura zaharra aztertzen eta irakurten. Eta hona hemen gauza harrigarri bat! Gipuzkerak ez du berrehun urteko tradizio eskas bat besterik; bizkaiera bera bezain suster laburrekoa dugu.

Lapurdin, berriz, literatura orain larehun urte jaio zen, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako liburuak berak baino obra ederrago batzuekin hornituta dago. Euskeraren benetako maisuak beste aldeko euskaldunak izan zaizkigu, gaur Frantzian bizi direnak; haiek bai markatu zeukutela bidea literatur kontuan. Eta non dago literatura polit eta aberats hori? Zergatik ez da gure artean ezaguna? Hau bai itaun edo galdera interesgarria!

Baina utz dezagun urrengo lan baterako erantzutea.

Xabier Kintana


Erriz erri

Bermeo

Barkatuko deustazue, orain emoten deutsuedazan barriak apurtxu bat zaharrak badira.

Aste Santuko prozesinoak kalerik kale ospatu genduzan, beste urteetan legez. Ostegun* Santuan, arratsaldeko 6 t'erdietan urten genduan Santa Maria elizatik. Jende gutxi. Emakumeak polito, ez askorik baina. Gizonak gutxi.

Ostirale* Santuan, goizeko 7-retan, Kuruzbidea egiten asi ginan Kruzioko elizatxutik Santa Maria elizaraino, Don Jose abade jauna eta frantziskano komentuko fraile bat zuzendari zirala. Arratsaldeko 6-etan barriro prozesinoa. Jende asko, euri ta inatazi egin arren.

Pazko igandean*, Santa Maria elizan, ume talde eder batek egin eban lehenengo komuninoa. Urrengo igandean bardin, Santa Eufemia elizan. Baina arritzekoa izan zan, goizean jaunartu eta arratsaldean ia umerik be ez joatea errosarioa errezatzera, betiko ohiturea izan dan legez. Nok ote dauka errua? Nire ustez, oker ez banago, gurasoak. Ze, nire umezaroan, gurasoak esanda joaten ginan arratsaldeko errosariotara. Zorionak ume guztiei, eta kristinau zintzoak izan daitezala.

Gotzon Azpeitia

Amoroto

Gizon indartsuen eta asto proben erria bakarrik ez da Amoroto. Maisu eta alkateagaz, euskera arloan, bere kezkak izan ditu; baina bertako baserritarrak gorabehera horreen gainetik jarri dira. Gaur egun ba ote dago Euskalerri osoan Amoroto lako erririk? Hara! Lekeitio ondoko erritxu honen etxeak euskal ikastola bihurtu dira. Santurtzeko umeak mordoka etorten dira bertora, hango ikastolan erdi ikasitako euskera motela indartu ta obeagotuteko eta sustarretik euskaldun diranen artean biziteko.

Ordainez, sardina presku erreakaz eta ardo ugariagaz atondutako bazkariak dirala, edo, lehengo igandean* legez, Portugaleteko "Danok Bat" zortzikoteak erriarentzat abesturiko kantak dirala, pozgarrizko batasun bat sortu da Amoroto ta Santurtzeren artean. Ez dago euren artean ez señoritorik ez baserritarrik, euskaldun adiskideak baino. Amorotokoak lako baserritar asko bagenduz, euskereaz gutxiago, baina euskeraz gehiago egingo litzake Euskalerrian.

Lekeitio

Aize bolada indartsua asi da gure erri honetan. Hara:

Migel Arrieta egunari orduak kendu ezinik dabil, beregana joten daben hainbeste umeri txistu, kitarra eta abar erakusteko. Ume ta gazte, neska ta mutil. Erakuste honetan dago gizon gazte honen ogibidea.

Jose Luis de la Torre mutil gazte jatorrak ehun ume inguru darabiltza, euskal dantzak irakasten.

Juan Maria Sainz de Ezkerrak be, holako irakastaldiak emoten deutsoz dantzari ta txistulari mordo bateri, nahiz eta bera Bizkaiko erdal aldekoa izan.

Kaxarranka izeneko Ayuntamentuaren taldea be bizkor dabil lanean.

"Lenengo Erritarrak", Tolosan, oso txalotuak eta sarituak izan dira.

Ikastolako umeen "Azkue" taldeak poza ta alaitasuna zabaldu eban, Gernikan izan zan jaialdian. Pozgarria benetan, umeen mezan ikusi genduana: umeak eurak opariak eskaintzen*, irakurgaiak leiduten, noiz behinka kitarra ta txistu soinuaz abestuten, eta euren bidez jendetzak elizara joaten.

Argi ikusten dogu, folklore arloan udabarri loretsu ta ugaria daukaguna. Gure zorionik beroenak honetan diharduenei.

Baina beste guztiok zer egiten dogu? Zer, ikastolako egoera gorria ikusirik? Zer, arrantzaleen situazinoaren aurrean? Zer, gazteen nahasteak konpontzeko? Zer, sasoikoen ardurabakotasunari erremedioa ipinteko? Zer, erlejino bizitza sakon baten alde? Zer, erriko ondoeza arteztuteko? Guk, beste guztiok, zer egiten ote dogu?

Arratia

Aspaldi honetan arrituta nago, Arratian jazoten dan fenomeno bategaz; eta beste toki batzuetan bere, antzera dalakoan nago.

Mutil gazteak ez dabe ezetariko konpromisorik gura, soldadu denborea bete arte behintzat. Bildur aundia dauke! Mutil zintzo asko gorriak pasatzen dagoz soldadutzan! euren erri edo erri ingurutik bidaltzen dituen informeakaitik. Edozegaitik emoten ditue behar ez diran informeak; esaterako, Arratiako erri batean abadearen laguna izateagaitik bakarrik.

Holako gauzak ikusita, ez ote da normala, ardoagaz, deporteagaz eta antzekoakaz bakarrik gazteen buruak beteta egotea?

Soldadutza aurretik gure mutilak ezer bere ez edo gauza gutxi egin ahal badabe, holako eskolea ikasita, soldaduen artean ezer egiteko gogorik eukiko ote dabe?

Zamakolatarra

Arriandi

Azken bolada honetan, Arrianditarrok hauxe entzuten izan dogu: "Zuenak egin dau, mutilak! ez dago zereginik!

Esakera honek gazte talde baten belarriak minez zauritu dituala esango neuke. Orain dala denbora gutxi, Oromiñon Igorretako Kofradien eguna ospatu genduan; eta, Arriandi bertako kofradia bat izanik, jendeak ez ei eban behar dan legez erantzun euren zereginetan.

Baina gauzak aurrerantzean be holan izango diranik ez dot uste, eta hona hemen demostrazino bat: uztailaren* 10-ean San Kristobalen eta 18-an Santa Mariñan, jaiak izango dira, santu bakoitzaren ermitatxuan. Hau dala ta, gazteak batu egin gara (22 guztitara), jaiak sasoiz antolatzeko.

Lehenengo, igazko diru mugimentuaren barri emon eban diru arduradunak; gero, jaiak aurrera eroateko zuzendaria eta sekretarioa danon akorduz aukeratu ziran; eta azkenez, bakoitzaren iniziatiba ta eritxiak azaldu ziran. Jaietako programa eratuteko, batzarrak amabostero egitea erabagi zan.

Ea ba nagikeria ta ardurabakotasuna menperatzen dogun. Orain esku artean artu dogun arazo hau entrenamentu bat izango da aurrerantzerako, pelotoia galdu eta atzean gelditu ez gaitezan barriro be.

Aurrera mutilak, bakoitza bere arloan.

Arrianditarra

Zornotza

Barriro agertu da "Karmel", Larrako Karmeldarren aldizkaria. Amaika urtean, 1951-tik 1962-rarte bizi izan zan. Beraz*, sortzi urte isilik egonda gero, barriro dator gure artera.

Bere irugarren aroan, iruilabeteroko lez etorriko da, eta urteko ordaina 100 peseta da. Aldizkari hau artu nani dozuenok, eskribidu Aita Onaindiari, Amorebieta-Larrea.

***

 Antza danez modako erri bat bihurtu jaku Zornotza. Eta ez da nik esatekoa; danok ikusi zeinkee zenbat jende etorten dan, batez bere jaiegunetan. Albo errietatik eta Bilbo aldetik bere, ugari etorten dira. Puntaraino beterik egoten dira, errian diran whiskytegi ta kafetegiak. Hau ondo dago neurri batean; baina gauza beharrezkoak ahaztu edo ito barik, danok ondo baitakigu* noraino erdaldundu jakun gure erria azken urte honeetan.

Leungane

Amabi Arrietatik

Abadiñoko Matiena auzunean, igaz lez aurten bere ez dabe jairik ospatu.

Asentsioak doguz Andikonako jairik entzunenak. Aurten bere, meza ostean, Izarra, Txoritxu Alai eta Tronperri dantzari taldeak eskaini* zituen euren saioak, baita erriko zaharrak be ankak bizkortu, erregelak dantzatuaz.

Intxorta mediaren bizkarrean dagoan Asentsio ermitan be jaiak izan ziran. Eguraldia eskasa, eta Anboto tontorra edurrez zurituta agertu zan.

Arteta Mallabiko auzunean, nahiz eta alkatea ta gazteria jaiak antolatzeko batera egon, goragotik etorri zan ezetza.

Abadiñoko Mendiola auzunean lehenengoko agerketa egin eban bertako Alluitz dantza taldeak, il honen 3-an.

Ekainaren* 7-an Txoritxu Alai-koak antolatuta, Umeen Irugarren Euskal Jaia izango dogu Durangon. Bezperan emongo jako asiera jaiari, tanborrada bategaz. Urrengo egunean, Euskalerri guztitik etorritako 30 ume talde inguru eukiko doguz erria alaituten. Arratsaldeko 7-retan emongo jako bukaera Tabirako zelaian, Agur Jaunak abestuaz.

Durangoko Tabira Mendi alkarteak Txindokira ostera* bat antolatuta dauka ekainaren* 7-rako.

***

Jainkoaren atsedenera joandako Don Eduardo abade jaunaren lehenengo urteburua betetzen zala ta, Durangoko Irugarrendarrak omenaldi bat eskaini* eutsoen il honen 10-ean.

Goizeko 10-etan mezea. Amaitutakoan, Don Eduardok hainbeste buruaustez eta batzuen zitalkerien gainetik aurrera ateratako Tronperri dantza taldeko umeak saio labur bat eskaini eben bere gomutan.

Ondoren, itzaldi batzuekaz bere birtuteak eta egintza onak goratu ziran. Baina Durangoko gaztedia, harengandik hainbeste mesede lortu ebana, ez ei zan inondik bere agertu. Ze arin ahaztuten garean, gure alde lan egitearren hainbeste ikusiezin eta salazino sufridu behar izan eban gizonagaz. Goian bego!

Joan Aroma

Aulestia

Ez zaharrik ez barririk

Alde guztietatik aurrerapenak, eta gero baino gero prisa gehiago. Ezetarako astirik ez. Inora sasoiz eldu ezin. Ohitura zaharrak galduaz doaz. Astirik ez dogulako ote da?

Aulestiak zazpi auzune ditu eta, bat kendu ezkero, beste danak ditue ermitak. Ermita horreetara danetara egiten ziran ibilaldiak, santuen letainak abestuten zirala. Guztiak dakie ibilaldi honeek Asentsio aurreko egunetan egiten zirala.

Horreetariko elizkizunetara ondo erantzuten eban jendeak. Orain zer gertatzen jaku? Dana aurrerapena, dana beharrak azkar egiteko errazpideak, dana automobila. Halan ta guztiz bere, askok ezin dogu astirik artu horrelako eginkizunetarako.

Antzinako kristinau ohitura hau amaitzera doa. Elizgizonak letainak erriko eliza nagusian kantatzea erabagi dabe, ea gehiagok parte artu ahal izaten daben aurrerantzean.

JAIO


Mundu biribila

Yugoslavia 1970: politikazko desegokitasuna

Yugoslavian egin diran ekonomiazko barriztapenak derrigor sortu dabe, politika zaharra ekonomiazko jokabide barriei egokitzeko premina.

Dibisen puntuan ikusi leiteke hori. Yugoslaviak politika erdirakoi edo zentralistea eroan dau orainarte dibisa kontuan. Kapitala ahorratu be Belgradon egiten zan, inbestizinoak be Gobernuak erabagitzen zituan eta. Lantegiak, euren irabaziak gorde ta aurreratu barik (inbestitzerik ez euken eta) irabazi-alako guztia Belgradora bidaldu behar eben. Politika horieri, "yugoslavismoa" deitu leitekio: Yugoslaviako oinarri ta errealidade sozial plurala ahazturik, bertoko populua tribu bardin bat balitz legez gobernatzen zalako. Yugoslaviaren batasunaren aldeko politikea zan Gobernuaren ardurarik biziena. Politikan batera-zale edo unitarista bezala, ekonomian dirijista zan Gobernuaren jokabidea. Eta guztietan erdirakoi edo zentralista.

Gero molde-barriztapenagaz autojestiona sortu zanean, dirijismo erditiarrak ez eukan zereginik. Eta lantegi bakoitzak, bere irabazirik andienak Belgradora bidaldu barik, berton inbestidu behar zituan ezkero, lantegi bakoitzaren eta Errepublika federalen autonomiak berebiziko indarra artu behar eban nahi ta nahi ez. Autonomia hau oraindino gehiago indartu zan, Errepublika bakoitza ahalegin guztiakaz bere produktuak esportatzen asi zanean, eta holan lorturiko dibisak etxean gordetzen.

Ekonomia-molde barriari egokitzen ez jakon konzeptua bihurtu zan Yugoslaviaren politikazko batasun konzeptua. Errealidade sozio-nazionalari lehenengo, ta ekonomiazko errealidadeari be egokitzen ez jakona gero. Agiri egoan, batasun zaleak, hau da, gudua egin eben komunista klasikuak, gutxien gutxienez errezeloz artuko zituela barrizta-zaleen asmuok. Erresumaren* batasun-konzeptua diferente bi baitagoz* jokabide biotan.

Autojestinoa asi orduko (1950) sortu zan joera bion burruka. Baina, 1965-ean erreforma asmoak radikalagotu ziranetik, politikazko burruka be asko gogortu da. Egia esateko, lan arazoetako autojestinoa asikeran ez zan oso benetakoa ta gaur be ez da erabatekoa. Yugoslavian, Alderdi bakarra ta sindikato bakarra dago (Komunistea). Erri kontseiluetako 59 % ta erri komisinoetako 65 % Alderdi Komunistakoak ziran 1958-an, eta gero be komunisten eskuetan jarraitzen dabe lan arazoak. Beraz*, lan arazoak bat eginda dagoz Alderdi Komunistaren barruagaz, beronen konzeptu edo bururazino, asmo ta jokabideakaz, eta Alderdiaren politikagaz. 1966-an, Rankovic Lehendakari-ordezko erdirakoi ta stalinista kutsukoa baztertzea lortu eben Kroazia ta Mazedoniako barrizta-zaleak. Hareek izan ziran, duda barik, Yugoslavia sozialistako erri-politikak ezagutu dituan egunik larrienak. Rankovic baztertuta, salbaturik egoan molde-barriztapena.

Barriztapena, ondorio guztiakaz, azkeneraino eroateko arazoa biztu da orain, 1970 urtearen asikeran. Milos Zanko Parlamentuaren Lehendakari-ordezkoari, kendu egin deutso Kroaziako Alderdiak bere ordezkaritza Komite Zentralean, egun biko burruka gogorraren buruan. "Zanko arazoak" Yugoslavia osoa enplegatu dau. Euki dabe esamesarik* franko, hori dala ta, mundu guztiko albistariak*. Hau idazten ari naizanean, ez dago arazoa amaiturik, eta Titoren esku-artze pertsonal bat itxaroten da. Sektore politika-zaleak urduri* dagoz.

Baina zer dago prolema honeen azpian? Kroaziako Alderdi Komunistari holako kolpe espektakular bat emotera zek eragin deutson itaundu geinke. Molde-barriztapenerako joera hau, Kroazia ta Eslovenia Errepublika industriatsuetatik zabaldutakoa da gehientsu bat (ez da ahaztu behar Errepublika honeexek dirala mendebalera* makurtuenak be). Errepublika honeetan jokatzen da erreformaren etorkizuna.

Baina erreformak, ekonomiaz gainera, politikan be da dauka zerikusirik, esan dogun legez. Beraz*, bere ondorioak politikan nagusi-erazo arte, ezin esan leiteke ekonomiako molde-barriztapena ondo finkatu danik. Ta hortxe dago auzia: autojestinoa, erdikoikeriaren eta utilitarismoaren aurka ta pluralismoaren alde joanik, luzarora politikazko elementu bihurtzen da, demokrazia liberalaren eta prentsa askatuaren zuzpergarri, nazinotasun bakoitzaren indargarri, eta abar. Yugoslaviaren (oraingo) batasuna ta Alderdi Komunistaren (oraingo) batasuna dagoz zinez* arriskuan. Baina dogmakoientzat ez dago Yugoslaviaren edo Alderdiaren oraingoxea beste batasunik.

Komunista dogmakoiak dira komunista liberalen etsairik* gogorrenak. Zanko, Kroaziako Alderdiaren ordezkaritzan Belgradora bidaldua, komunista zaharra ta nonnahi begirunez ohoratua, su ta ke ibili izan da aspaldion "abertzalekeriaren" eta batez be "kroaziar abertzalekeriaren" kontra. Atxakiarik ez jakon falta: 1967-ko "Izkuntza Agiria" ezkeroztik, kroaziarrak gero ta gogorrago azaldu ditue eskabide nazionalak. Gotovac idazleak Alderdiaren monopolioa kritikatzen eban. Kroaziako "Literatur Kazeta" biziki abertzale ari* zan (Zanko arazoa baino lehentxuago debekatua izan da aldizkari hau). Kroaziako uriburu Zagreb-eko alkateari be, abertzalekeria leporatu eutson Zankok, eta alkateak erretiratu egin behar izan eban. Joan dan abenduko idazlan sail batean, latz eraso* eutson "Borba" Belgradoko egunkariak* Kroaziako Alderdi Komunistaren buruzagitzari. Eta abar antzeko. Zankok ezin jasan* zituan Kroaziako buruzagitzaren bururazinoak Yugoslaviaren eta Alderdiaren batasunari buruz. Halan be, honeek ez dira besterik, autojestino sistemaren ondorio logikazkoak baino.

Irrati* guztietatik behin ta barriro zabaldu zan, "auzitegi erritar" baten antzeko Parlamentuko jardunaldiaren ondoren, Zanko deskargututa dagoala, kalean. Kontserbadore eta stalinista izatea ta bere Alderdiko batasun ta diziplinari kalte egitea leporatu deutsoe. Ta unitarismoa! Salakuntza hau barria da komunisten akusazino-zerrenda ohiturazko ta monotonoetan. Baina hauxe izan da kroaziarrak gehien ta gogorkien erabilitako salaketa.

Ezin esan zer jazoko dan. Zanko ez dago lagun barik, eta Titok laguntasuna agindu deutsola entzuten da. "Borba" isilik lotu da, Zanko egunkari* honen zuzendaritzakoa izan arren. Indarrak bananduta geratu dira. Kolpea, halan be, unerik egokienean emonda dago; eta Kroaziako Alderdi Komunistak laster eukiko ditu amaituta Zankoren kontuak. Hala ta guztiz be, kroaziar komunistak ondo dinoe, ez dirala gorabehera pertsonaltzat artu behar auziok. Kroaziar buruzagitzaren ustez, kontserbadoreak eta unitaristak erreforma torpedeatzeko konspirazino bat egiten ari* dira. Eta Zanko, Kroaziako Alderdi Komunistaren buruzagitza iraultzeko lanetan ebilela dirudi. Horregaitik, erreforma hau guztiz aurrera eragiteko urtea bihurtu gura dabe barrizta-zaleak 1970. Ekonomiazko molde-barriztapenagaz konpondu ezinezkoa baiteritxoe* erdikoikeriari, zentralismoari, ta honen ideologiazko oinarri dan unitarismoari.

Jose Azurmendi


Euskaldungoa

 «Zauritutako lorca», Pedro Sarriegik egindako antzerkia, il honen 18-an antzeztua izan da Tolosako Iparragirre saloian, Urnietako «Egi billa» taldekoak jokalari dirala. Bizkaian ez dogu honako askorik ikusten.

 «Ez dok amairu» talde ospetsuak kanta barri saio bat emon dau Iruñean, Labrit frontoian, «Oberena» taldekoak dohan* eratutako jaialdi batean.

 «Festival internacional de Teatro» jardunaldiak izan dira Donostian; baina ez dabe amaiera onik izan. Azken egunean, ingelesak jardunean asteko ziranean, gazte talde aundi bat sartu zan saloian eta euren kontura artu zituen bazter guztiak. Arrazoia zan, inoen eurak, zentsureak esku zabala izan ebala erbesteko teatro taldeentzat, oso estua barriz bertokoentzat. Ta berbetan jarraitu eben, tarteka kantatuaz. Jende batzuek urten egin eben, baina gehienak bertan gelditu nahiko berandu arte. Holantxe amaitu zan teatro jardunaldi hau, eta El Diario Vasco'k «espectáculo bochornoso» deitu eutson jokaera honeri.

 JOC-ekoak argitaratzen daben «Bilatzen» boletinaren martxoko zenbakia dala ta, Eliz agintari eta JOC-eko buruzagien artean alkarrizketa batzuek izan dira, aipatutako boletinean agertzen diran ideiei buruz. «Bilatzen» hori euskeraz eta erderaz idatzitako kuadernu bat da, eta multikopiazko 100 orrialdi ditu.

 «Hable Vd. euskera» izenburuarekin argitaratu dau Luis Carandell-ek artikulu zeharo interesgarri bat «Triunfo» aldizkarian (2-V-70). Gipuzkoan 62 ikastola dirala dino. Bizkaian 32, eta Nafarroa ta Araban askoz gutxiago.

 2.000.000 peseta emon izan ditu isilean Iruñeko jaun batek. Ruandan ari* diran misiolarientzat.

 Iruñeko San Iñazio elizan, mendigoizaleak eraturik, mezea euskeraz entzun ahal izango da, larunbat* guztietan, iluntziko 6.30-etan.

 «Orain bat», Biarritzeko dantzari taldea Israelera joan da dantzaldi batzuek egitera, Estadu haretako liberazino jaietan.

 «Gulf» amerikatar etxea da, jakina danez, Bilboko portu barria ta petrolio errefineria egitekotan dabilena. Azken denboraldi honetan, ostera, ez egitea erabagi dauala entzuten da. Hau honan izanik, Bilbotik Baionarako autobidea egiteko lanak be asko otzitu dirala entzuten dogu.

 Andereñoentzat itzaldiak egon dira Bilbon. Pasiotarren etxean: «Euskalerriaren geografia eta kondairaren batasun planteamentu bat», J. L. Lizundiak. «Gaurko Literatura», Abel Muniategik. «XIX ta XX-garren Mendeetako Kondaira», Monrealek. Eta «Literatura Klasikoa», X. Kintanak.

 «El carlismo alavés y la guerra civil (1872-1876)». Izenburu hau daroa, Julio Arostegui arabar eskritoreak laster argitaratuko dauan liburuak.

 «Batasunaren Kutxa» izenburuarekin laster batean argitaratuko dau LUR-ek liburu bat. Bertan agertzen dira Baionako Manifestua ta Zina*, Luis Mitxelenaren itzaurrea, Ortografia, Deklinabidea, Aditza* eta iztegi bateratua. «H-zaleok, esan dau Arestik, zerbait egiten dogu. Kontrakoak ez dabe ezer proposatzen».

 Bergaran, euskal kantari saio bat egon da Mendekoste jaietan Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Estitxu, Zaigor irukoteak eta Luis Amilibiak parte artu eben. «Ez dok amairu» taldekoei proposamentua egin eutseen, Laudion* erdal kantari batzuekin nahastean kantatzeko; baina eurak uka egin eben.

 Antonio Palenzuela, Segoviako gotzainak ezkondu zituan erri haretako espetxean dagoan Txomin Ziluaga eta Izaskun Larreategi, biak bilbotarrak.

 Natxo de Felipe bilbotarrak, berak bakarrean, kantu saio batzuek emon izan ditu Lasarten, Bilboko «Juventus»-en eta Markinan.

Angel Zelayeta


Abeslari eta abestaldiak (II)

Kantarien radikaltasuna

Azken amar urte honeetan, teoriaz eta praktikaz radikaltasuna geroago ta gehiago zabaltzen doa. Ez noa orain, radikaltasun honen esan-nahia eta iturriak aztertzera, abeslariei eskatzen jaken radikaltasuna apur bat azaltzera baino.

Bizitzako alderdi guztietan aldaketa osoa eskatzen da, konponketa bigunak baztertuaz. Kapitalismoaren ordez, ez dogu nahi Kapitalismo Barria. Eliz alderditik, ez gara konformatzen sasi-erantzun bategaz. Jakintza arloan ez dogu onartzen, ilun dagoan "bilinguismo" hori, gure izatearen "erdibitze" hori...

 Egoera honetan, abeslariei radikaltasuna eskatzea oso logikua da, sarritan abeslariak eurak be horixe eskatzen dabe ta. Behar beharrezkoak eta onuragarriak dira eskabideok.

Izkuntza, diru arloa (egiaz, profesionalismoa da eztabaiden zera) eta pentsakera izaten dira, gehienetan, radikaltasun honen gaiak. Eta irurak, abeslari eta euskaldun guztioi eskatu behar jakena. Baina egiaz (teoriaz...), radikaltasun horrek euskeraz abestutea, euskeraz abestutea bakarrik esan gura dau. Abeslariok, barriz, ez gara eritxi batekoak gizarte eta erri arazoei begira.

Danok euskeraz abestutearren, euskerari buruz ez dogu eritxi bardina. Erriari abestu nahi izan arren, "erria" itz horren esangurea ezbardina da abeslari bakoitzarentzat. Gainera, gaur euskeraz abestuteko, amaika arrazoi dira gure artean. Iru puntu honeek eta beste batzuek gogoan euki behar dira, abeslariei radikaltasuna eskatzerakoan.

Euskeraz abestutea, beste barik, ez da arrazoi nahikoa, abeslariei kantutik kanpora "mirariak" eskatzeko. Lehenen lehenengo, erri arazoen agertzaile edo beste nazinoetako abestien agertzaile diran ala ez ikusi behar da; eta gero, sentimentuari nahiz modari jarraitu barik, zentzun apur bategaz abeslariei radikaltasuna eskatu.

Aldi baten, "Ez dok amairu" taldea dala ta, amaikatxo lelokeria eta zentzunbako gauza entzun nituan. Modan egoan, "burges" topikua "Ez dok amairu"-ri leporatzea; eta hortik sortu ziran funtsik bako kritika batzuek. Zenbait* gaztek sakonezko azterketa bat egin gura eutsoen "Ez dok amairu"-ren pentsakerari azalezko puntu batzuekin.

Hortik sortzen dan zera, benetako radikaltasuna baino andren zurrumurrua iruditzen jat.

Abeslari Batek


Eliza Gaurko Munduan

Arabako Eliza ta Euskalerria

Argi ta garbi agertu da gaurrarte, Arabako eliz agintarientzat Araba ez dala Euskalerri. Aurreko artikuluan esan neban, Arabako gotzainak ez dauala Euskalerriko beste gotzainekin artuemonik nahi,

Teologiako Fakultadea bere ba dogu Gazteizen. Fakultadearen izena honela da erderaz: "Facultad Teológica del Norte de España, con sede en Burgos y en Vitoria". Ikusten dozuenez, teologia maila honetan bere, Burgosetik urreago gagoz, Bilbotik, Donostiatik eta Iruñetik baino.

Ez eliz agintaritza aldetik eta ez teologia ikasketa aldetik, oraindino ez da sortu, Araba Euskalerri danaren susmorik. Euskalerri danaren kontzientzia ez dala sortu esatea gutxi izango litzake. Mila leguatara gagoz kontzientzia horretatik. Oraindinokarren, susmorik bere ez da sortu.

Legutianon* apaiz aldaketa izan da, oraindik asko ez dala. Legutianon ba dago oraindino euskeraz egiten dauan jendea. Gero ta gutxiago egiten bada, elizgizonen ardurabakokeriagaitik da asko. Baina, halan bere, oraindik askok eta askok ba dakie euskeraz han. Hori ondo jakin arren bere, orain hara bidaldu dituen abadeak ez dakie tutik euskeraz. Ta ez da, Araban abade euskaldunik ez dagoalako. Ba dagoz ugari.

Baina, alderdi hau utzita, beste bateri elduko deutsat orain. Elizako agintarien aldetik gauzak honela badira, azpitik besterik be ba dago. Gazteizen ba dago, gaur egun, euskaldun talde izan nahi dauan kristinau talde on bat. Talde hau bertakoa bakarrik ez da. Azken urte honeetan, jendetza aundia etorri jaku Gipuzkoa eta Bizkai aldetik. Danetara, bi mila ta bostehun familia inguru ba dira, euskeraz dakienak. Eurotarik asko eta asko sakabanatuta bizi dira, eta kristinau interesak ez ditue ezetarako biltzen* alkarregaz. Euskal interesak bere ez. Eliztar diranak, erderazko elizkizunetara joaten dira, bakoitza bere parrokiara. Batzuek ezjakinagaitik, gehienak alferkeriagaitik edo euskal kontzientzia gutxi dabelako. Beste batzuek, erdaldun parrokietan gauzak ondo egin nahi dituelako bere bai.

Baina ba dira euskerazko mezak bere: bi larunbatetan* eta jai bezperetan, eta bi igandeetan*. Eta beste bat izkuntza bietara, orain bost ilabete jarria, gazteentzat.

Gazteen bi izkuntzetako meza honetara gazte pilo galanta joaten da. Euskeraz dakienak dira batzuek, ikasten ari* diranak gehienak. Gazte honeen barnean ba dago kezka bardin bat: Euskalerriaren kezka. Euskalerri gareanaren kontzientzia, edo kontzientzia hori sortu nahia behintzat. Ta baita be (bestela Eukaristiak ez leuke sentidurik izango) sinesmena eta euskal konprometitzea buztartuta eroan nahia.

Euskera utsezko mezetan kristinau talde bikaina biltzen* da. Oso jende jatorra. Jende eliztarra, baina elizara joatea nahikoa ez dala ondo dakienetarikoa.

Ilabete t'erdian edo, euskerazko teologia kursillo bat izana dogu. Oso gauza pozgarria izan da. Uste baino askoz jende gehiago. 70 inguru biltzen ziran, astean bi aldiz. Gai sakonak erabili ziran; eta jendeak ikusi eban, teologiazko gai sakonak bere erabili daitekezala euskeraz.

Kursillo ha, amaitu zan; baina, ilean behin edo, zerbait izango da aurrerantzean bere. Kursillo honetan baita zera be ikusi genduan, euskal fededunok batasun aundiago eta sakonago batera eldu gaitekezala. Ez da nahikoa daukaguna. Askoz be aurrerago jo behar dogu.

Teologia, kristinau dotrina ta elizkizun guztiak erderaz egiten diran tokian, euskerak ba dauka lana nahikoa. Horregaitik, gure indarrak eta jendeak batu behar ditugu; eta parrokia bat sortzen saiatu, ez arrizkoa, pertsonazkoa baino. Izkuntza oinarri dala, euskerazko parrokia.

Horixe da, gaurko egunez, Gazteizko euskal talde baten asmoa. Ez dakit zer lortuko dogun. Erraztasunik ez dogu izango goi aldetik.

Dana dala, gizarte batean minoria bat esnatzen* danean, inportantzia andiko zerbait gertatzen da. Ikusiko ditugu ondorenak.

Eusebio Osa


Eliza Gaurko Munduan

Izen Madarikatuak

Bai! Nahiz eta guzur itxurea euki, egia da. Izen batzuek, erri batzuek bezalaxe, madarikatuen taldekoak dira. Zeintzuk diran erri madarikatu horreek? Odolaren eskaintza eskatzeko indarrik ez dabenak. Eta zeintzuk, izen madarikatuak? Beste izen baten geriza behar dabenak, munduan zehar ibiltzeko.

Zegaitik hori guztia? Rousseau-k inoan*: "Besteen buztarpean dagoan erria, apurtu egingo da". Besteak, beti "beste" dira; eta horrela dan bitartean, ondo dago. Bestetasun hori nahi dauanak, neure askatasuna gura dau; eta nik ezin amore emon!

Askatasunak, aukerabidean ipintzen nau. Horixe da, nain zuzen bere, askatasunaren kezka, eta ederra be bai era berean. Aukera beharrak, egia ba dala, erakusten deust; baina baita errua be ba dala. Uste bagean, aukera daiteke errua; orduan ez da errua. Zori txarra besterik ez. Aukeramena kendu-nahia, beti da errua. Eta beti txarra.

Zer egin, beraz*? Zer egin, aukerabide hori kentzean? Zer egin, buztarri astun bat lepo gainean ezartzean? Beste biderik ez: madarikatuen taldean sartu; izenik bako zerrenda loditu.

Ez deutsa ardura. Hori egin daiteken bitartean, zerbait da; asko. Hori, zelanbaiteko askatasuna da. Izan; nahiz eta madarikatua izan, izan. Beti, obe da izatea, ez izatea baino. Breraz, nahiz eta kaxkartu, daitekenari eldu behar. Eguzkiaren argitan ibili ezin daitekena, poxporoaren argitan ahaleginduko da. Hori be askatasuna da. Batzuek, madarikatzaileak; besteak, madarikatuak. Nor ote da bietan madarikatuena? Nik, askatasuna aukeratu dot. Eta aukera hori egitean, Camus-ek inoana* neban gogoan: "Askatasuna, obea izateko zoria besterik ez da; morrontza*, okerrenik daitekenaren segurantza".

Nik, madarikatu honek, zalantza* baltza maiteago dot, itxaropenik bako segurantza baino. Horregaitik, nire izen madarikatua alde batera utziaz, ordezko baten geriza nireganatu dot.

Kantilazpi


Jakin eta ekin

 "Batasunaren Kutxa", Euskeraren batasunaren liburua, Euskal Idazleen Elkarteak onartua, Luis Mitxelena Sorbonako eta Salamancako katedratiko jaunaren zuzendaritzapean Gabriel Aresti eta Xabier Kintana esklabo proletarioek taxutua eta LUR editorialak argitaratua. Hona gure euskera urrikariaren azken esperantza.

Liburu horretan euskeraren dialektoen gaiztasun guztiak apurtu egiten dira. Liburu horretan agertzen direnak ikasita gero, euskaldun guztiak bat izanen gara. Bertan ikusiko dituzue, lehenez euskeraz esplikatutako hiztegi batean, euskal hitzak nola eskribitu behar diren, bertan ikas ditzakezue euskal gramatikaren erregela eta lege zuzenak, batez ere ortografian, deklinazinoan eta konjugazioan.

eta Ekin

ANAITASUNA-k, CINSA eta LUR etxeen kortesiaz, bere irakurleei eskaintzen die liburu horren primezia. Gainera euskeraren batasunaren punturik gaitzenean, aditzaren konjugazioan.

Lau kuadro agertzen ditugu. Ez dugu uste hoek konprenitzea ezein euskalduni gaitz izanen zaionik. Hala ere, esplikazio hauk eman nahi ditugu: Ezkerreko kolumna aditz intransitiboentzat bakarrik dela, eta gainerako guztiak trantsitiboentzat. Hauetan aktiboa agertzen da goitik behera, eta pasiboa ezkerretik eskumara. Datiboak banan-banan agertzen dira, adizki datiborik gabekoen azpitik.

Gure ahalegin hau euskeraren onerako eta Euskal Herriaren etorkizunaren zorionerako betor. Jainkoak hala nahi beu.

G. Aresti eta X. Kintana


Ezkerretik eskoira

Etiketen jokoa

Gaur egunean, etiketen munduan bizi gara. Eztabaida eta alkarrizketan biderik errazena, batak besteari, tomate poteei legez, etiketa bitxiak itsastea* dogu. Holan, euskaltzale izatea, XIX-gn. mendeko* razismoa biztutea ei da. Izkuntzaren mitoa Sabinok asmatu ei eban, euskal razismoarekin batera. Horretatik gelditzen jakuna, izkuntza zalekeria da, dinoenez. Arrazoi honeen sustar bako sinplekeria ez jako inori izkutatzen.

Alde batetik, ba dakigu danok, estadu, klase, kapitalismo eta holango nozinoak sortu baino lehen bere, euskaldunak euren buruari euskaldun esaten eutsoela, berau zala erritasunaren ezaugarririk jatorrena, nahiz eta politikaz zatikaturik bizi. Beraz*, hau ez da, batzuek gura leukeen legez, burgeskeriak asmaturiko ipuin polit bat. Hau, erriaren kontzientziak egindako zerbait da.

Bestetik, euskeraren arerioei "inperialista" etiketa ipintea bere, ez da bapere gatxa. Eta hau inperialismo zahar baten ondorea dala probatzea, erraza da oso.

Gaur, sasi unibersalismo edo internazionalismo atxakiaz, betiko inperialismoaren egarria izkutatu daiteke. Probak? Begira —bat ekartearren— zer inoan* Nebrija-k XV mendean bere Gramatikaren asieran, Isabel erreginari egindako itzaurrean: "El tercer provecho desde mi trabajo puede ser aquel que, cuando en Salamanca di la muestra de aquesta obra a vuestra real Majestad e me preguntó que para qué podía aprovechar, el mui reverendo padre Obispo de Avila me arrebató la respuesta; e respondiendo por mí, dixo que después que vuestra Alteça metiesse debaxo de su iugo muchos pueblos bárbaros e naciones de peregrinas lenguas, e con el vencimiento aquellos tenían necessidad de reçebir las leies quel vencedor pone al vencido, e con ellas nuestra lengua, entonces por esta mi Arte podrían venir en el conocimiento della, como agora nosotros deprendemos el arte de la gramática latina para deprender latín". Eta beste hau bere: "Siempre la lengua fue compañera del imperio".

Zeintzuk ziran izkuntza arrotzeko erri basati hareek? Nik neuk ez dakit. Ba dakigu, baina, Ameriketako indioak ez zirala, lurralde hareek oraindino deskubridu barik egozalako. Nebrijaren Gramatikak inprentatik urten ebanean (1492-ko abuztuan), Colon bidean joian eta zer aurkituko eban ez ekian (gaur deskubrimentu ha goratzeko, arrazaren jaia ospatzen da). Urte hatantxe (1492-ko urtarrilean) Granada artu eben; eta ba dakigu, 1516-garrenean Fernando Katolikuaren ejerzitua Nafarroan indarka sartua zala.

Holantxe dira gauzak. Oba geunke askotan, etiketen jokoa alde batera utzita, kondairaren datuak mahai gainean ipiniko bagenduz.

F. Aldasoro


Ezkerretik eskoira

Gure itsasoko aberaskuntza

Euskalerriko zati on bat itsasoagaz bat eginda dago, eta aberaskuntza aundia lortzen dau itsasotik.

Aberaskuntza mamintsua gure arrantzaleena, bokarta, legatza, atuna eta abar polito arrapatzen dabenean.

Arrain horreek, hainbat gose kentzeko izaten dira. Kondairan zehar ikusten da gure itsasoaren garrantzia, gosea kentzeko eta mundu guztiagaz artuemonak eukiteko.

Arraintza kontuan trebeak dira euskaldunak. Arrain freskua, ta arrain gordea ta gazitua saltzen dabe, barnean eta kanpoan.

Joan dan urtean asko saldu da atzerrian, igazlehenean* baino askoz gehiago.

Espainia guztiko zenbakiak artu ezkero, azken urte biotako salketak itxura hau dauke mila pesetatan:

 1968 1969

Erosleak Gazituak Gordeak Gazituak Gordeak

Italia 383.716 290.208 477.994 342.419

Frantzia 38.374 74233 31.690 76.095

U. S. A. 70684 122.557 74.253 194.600

Suiza 1.592 76.910 3.707 123.739

Alemania 21.462 75274 30.748 161.528

Australia 19.682 9.752 16.176 21.799

Inglaterra 8.479. 17.555 2.580 30.982

Holanda 8.720 9.389 9.108 14.061

Belgika 11.268 27.064 25.105 35.410

Canada 6.664 3.568 8.722 7.368

Italia izaten da eroslerik aundiena. Bokarta erosten dau, bokart gazitua, lata ontzietan eta oliotan gordetzen dana. Frantziak, ostera, bokarta upeltxuetan erosten dau.

Goiko kuadruan ikusten danez, U.S.A. da oraingoz munduko bigarren eroslea.

Arrain saltze honeek zabaltze aundiagoa behar dabe, gure itsasoko produktuak erri gehiagotara eldu daitezan.

Aipatu diran urteetan, mundu guztira saldutako arrainak zenbaki honeek emoten ditu:

 arrain gazitua arrain gordea

1968 1.639 miloi 1.121 miloi

1969 2.144 miloi 1.558 miloi

S. Larrea


Ezkerretik eskoira

Montejurrako bilera

Urtero bezala, maiatzaren lehenengo igandean*, Lizarran* bildu izan dira "karlista" izenarekin ezagutzen diran alkartekoak. Beste eginkizun batzuen artean, eta Lizarran bertan, politikazko itzaldi bat irakurri zan altabozen bidez. Itzaldi hori "Junta Suprema del Carlismo"-k egina zan, eta bezperan kazetariei* emona. Beste zenbait* gauzaren artean, ba inoan* agiri honek:

"Gu ez gara erlejinoaren izenean alkartutako talde bat, politikazko ideia batzuekaitik baino.

Horregaitik, politikazko talde guztientzat askatasuna eskatzen dogu.

Sindikatoei buruz dinogu, langileak eurak antolatu behar dituela, arazo honetan politiku agintariak ezetan eskurik sartu bage.

Era berean eskatzen dogu, Peninsulako erri guztiak, euren libertade ta legeetan oinarriturik, askatasunez eratu behar dabela Espainiako Estadua.

Eta erlejinozko libertadeari buruz dinogu, arlo honetan benetako askatasuna eukiteko, Estaduak eta Elizak alkar zeharo banandurik egon behar dabela".

Azkenean, "Oriamendi" ereserkia* kantatu zan; baina askok Goñi, Goñi! ots egiten eben, Cortes-etako prokuradore horrek itz egin eian eskatuz.


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ABEGI, acogida.

ARROBI, cantera de piedra.

ATRIKULU, maña, artificio.

BAITERITXOE, bait deritxoe, erixten deutsoe ta.

BEHINAGO, printzipalago.

DOHAN, gratis.

ERASO, atacar.

ERESERKI, himno. (Itz barria).

EROSO, cómodo.

ESAMESA, habladuría.

ESNATU, itzartu, itzarri.

IGAZLEHEN, año anterior al pasado.

INOAN, esaten eban.

IRRATI, radio.

ITSATSI, pegar.

LEGEGAI, proyecto de ley.

LEHIAKETA, concurso, competición.

MUKERTASUN, resistencia, oposición.

OLA, lantegi, fabrika.

OSTERA, viaje.

UDAL, ayuntamiento.

URDURI, artega, inquieto, preocupado.

URREAN, nonbait, aurki, probablemente.

Euskera batukoak

ADITZ, verbo gramatical.

ALBISTARI, periodista, reportero.

ARI IZAN, jardun.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGOZ, bait dagoz, dagoz eta.

BAITAKIGU, bait dakigu, dakigu ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BILDU, batu.

EGONEN, egongo.

EKAIN, bagil, junio.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ETSAI, arerio, enemigo.

HALABER, bardin.

HELBURU, asmo, fin, objetivo.

IGANDE, domeka.

IZANEN, izango.

JASAN, jaso, aguantar.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Llodio.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

LIZARRA, Estella.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MORRONTZA, servidumbre, esclavitud.

OSTEGUN, eguen.

OSTIRALE, bariku.

UKAN, izan.

UZTAIL, garagarril, julio.

ZENBAIT, batzuek.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZIN, juramento.

ZINEZ, benetan.

Beste euskalkietakoak

ALAJAINA, alafede, pardiez, por cierto.

EGUNKARI, eguneroko aldizkari.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESKUALDE, comarca.

KAZETARI, albistari, periodista.

MENDEBAL, occidente.

PERSONAIA, personaje.

ZALANTZA, ezbai, duda.

II. Idazteko modua

Txarto:

Modako erri batean bihurtu jaku Zornotza.

Ez noa orain radikaltasun honen iturriak aztertzera, ezpabe abeslariei eskatzen jaken radikaltasuna apur bat azaltzera.

Orduan inok, etorkizunari begira, munduko izkuntzarik zabalduenak zeintzuk izango ziran galdetuko baleuke, duda barik iru horreek aipatuko zituan.

Amorotokoak lako baserritar asko bagendukez, euskeraz gehiago egingo litzake Euskalerrian.

Hangoak eta hemengoak sarriago bilduko baginake, berez batuko litzake gure izkuntza.

Ondo:

Modako erri bat bihurtu jaku Zornotza.

Ez noa orain radikaltasun honen iturriak aztertzera, abeslariei eskatzen jaken radikaltasuna apur bat azaltzera baino.

Orduan inok, etorkizunari begira, munduko izkuntzarik zabalduenak zeintzuk izango ziran galdetu izan baleu, duda barik iru horreek aipatuko zituan.

Amorotokoak lako baserritar asko bagenduz, euskeraz gehiago egingo litzake Euskalerrian.

Hangoak eta hemengoak sarriago bilduko bagina, berez batuko litzake gure izkuntza.


Ezagutu gure erria (17)

Durangoaldea (3)

Izurtza

4,31 km.2 ta 417 bizilagun. Bere auzoak: Elexaldea (erriburua), Bitaño, Ortuzar eta Lexartza-Etxano. Elexaldean ba ditu ola* bi, eta beste andi bat, orain jasoteko. Lexartza-Etxanon, Arbisoloko ola zaharra gaurko erara jarrita dago, laminazino lanak egiteko. Auzo bi honeek industria poligonuak ditue, Gazteizerako bidearen ezkerraldeko lauak emoten dauan besteko neurrian. Beste gainerakoa baserria izango da, gaurko moduan atzeratua, inor arduratzen ez bada. Iru torretxe, eder baizen gutxi zainduak, ditu Izurtzak bere barrutian: Beko-torre, Lexartza-torre eta Etxaburu-torre. San Nikolas elizan barriztatze egoki bat egin barria da; bere torrea guztiz kuriosoa, pintoreak, asi Zubiaurre eta beste askok, margoetara eroana.

Mañaria

17,69 km.2 ta 759 bizilagun. Bere auzoak: Mañaria (erriburua), Aldebarrena, Aldegoiena, Aldebaraieta eta Arrueta. Auzoak, baserri eta ganaduari lotuak dira; lehen artalde ugari zituen baina orain dozenerdi bat inguru bakarrik. Erri hau, Izurtza bezala, Gazteizerako bidean dago eta Urkiola aldatzaren asieran. Bere barrutian zortzi arrobi* ditu: Markomin-goikoa, Alperdo, Mutxate eta Sallobente arrizkoak dira, eta Azkondo, Iturrieta eta Azkoiti marmolezkoak. Horixe da bere aberastasun nagusia; nahiz eta lehen erriarenak izan danak, gero udalak* baso eta arrobi ugazaben artean banatu zituan. Erri honetako seme izan ziran Kapanagako Otxoa, eskualdeko* euskal idazlerik antzinakoena, eta Ebaristo Bustintza "Kirikiño", guda aurreko euskal idazlerik irakurriena, Villasantek bere "Historia de la Literatura Vasca"-n dinoskunez.

Elorrio

36,66 km.2 ta 6.888 bizilagun. Udal hau erri bik osotua dago, batetik uriak Elorriok, eta bestetik auzoak, San Agustin-Etxebarria elexaldeak. 1630-erarte udal bi ziran; eta uria, elexaldeko lurren erdian enklabe bezala jarria, Don Tello Bizkaiko jaunak sortu eban 1356 urtean. Orain bere, parrokia bi ditu: urikoa eta San Agustin-Etxebarrikoa. Urikoak auzo honeek artzen ditu: uria bera, Iguria, Gazeta, Urkitzuaran, Aldape, Berrio, Gaztañeta, Mendraka ta Zenita. San Agustin-Etxebarrikoak: San Agustin-Etxebarria, Aramiño, Berriozabal, Arauneta, Lekeriketa, Leitz eta Miota. Erri honetan antzinako ilobi zaharrak inon baino ugariago aurkitzen dira: Argiñeta, Miota, Mendraka, San Agustinen, eta abar.

Baserria, landa ta mendi ederrekin, atzeratua dago, Bizkaiko beste edonon beste; ba dira, horregaitino, Urkitzuaran eta Igurian baserritarren alkarte erabarriko batzuek. Industria gehiena Urkitzuaran auzoan aurkitzen da: Funcor, I.R.E., Industrial Cerrajera, eta beste. Zenita alderantz bere, ba dira lantegi batzuek; eta, San Agustin-Etxebarria inguruan bere industria poligonu zabal bat aurkitzen da.

Bizkai guztian ez da Elorrion beste aundiki jauregi izango, arlandu ta armarri galantekin. Ba dago etxe horreetan lekua, gauza asko egiteko, urtean ilabete pare bat udan egiteko ez ezik!

Balentin Berrio-Otxoa, erriko seme doatsua, santu izatera ez da eltzen, Vaticanoarentzat Avila ta Elorriok eskubide bardinak ez dituelako nonbait, edo, gaurko Vietnamen il ebela ta, Vietcong-en alde jokatuko ote leuken susmoa egon leitekelako.

J. L. Lizundia


Irakaskintzaren demokratizazinoa

Gobernuak Cortes-etan agertutako Irakaskintza Legegaiaren* elburuen* artean, irakaskintzaren demokratizazinoa da, nire ustez, garrantzitsuenetarikoa.

Gobernuaren asmoak lortzen baldin badira, Espainiako ume guztiak bardinak izanen* dira aurrerantzean, irakaskintza sailean. Aberatsak eta pobreak oportunidade benetan bardinak izanen ditue, hemendik aurrera lehen mailako ikaskintzak ez baitira* ordainduak izango. Estaduak bere pentzutan artuko dau ikasle guztien kontuak pagatzea.

"Colegio" izen dotorea daben eskolarik onenetara, dirudunen umeak baino ez euken joaterik. Besteak "escuela pública" deritxonera joan behar. Orain eskola guztiak "erriko eskolak" izanen* dira, diru maila guztietako ikasleei ateak zabalduko jakez eta.

Zelan ez txalotu Gobernuaren asmoak? Pobreen seme-alabak, aberatsenak baizen argiak dira, eta batzuetan gehiago, behartasunak adimena zorroztu ohi dau ta. Ondo dago, alajaina*, irakaskintza saileko diskriminazinoa kentzea!

Halan bere, lan honek oztopo batzuek aurkituko ditu nonbait; eta komeni da hau jakitea, jendea kikildu ez daiten, gauzak nahiko geunken baizen azkar ibilten ez badira.

Lehenengo oztopoa, diruaren aldetik izanen* da. Lehen mailako irakaskintza guztia ordaintzeko, diru asko behar da; eta Gobernuak bere presupostuetan elburu* hori sartzea, gauza gatxa izanen da oraingoz. Dirudunak pobreen irakaskintza ordaindu daien, zerga* barriak ipini beharko dira; eta hau ez da egun bateko arazoa izango.

Baina, nire ustez, irakaskintzaren demokratizazinorako eragozpenik aundiena ez da alde horretatik etorriko, klase prejuizioetatik baino.

Aundikiak eta aundiki ametsak dituenak ez dabe euren seme-alabarik eroango pobreekin nahastatzera.

Lantegitxo bat zabaldu dauan gizonaren andreak, edo enpresa batean enplegu on bat lortu dauanarenak, holango zerbait esango dabe asarraturik, legegaiaren* barria jakiten dabenean: "Zer uste dabe, gero? Gure alabatxoa atezainaren alabarekin eskolara joango da ala? Pentsatu be. Eziera makala emongo geunskio gizaixoari! Berba txarrak esaten etorriko litzakigu etxera! Eta gero, zeintzuk izanen dira bere adiskideak, zeintzuk bere errelazinoak? Ez, umea, ez. Komunistak sartu ote dira Gobernu barruan?"

Horixe da, tamalez, jende askoren mentalidadea, orainarte eskoletan klase mentalidadea eratu baita*, eta oso gatxa izanen* da dana gauetik egunera aldatzea. Amaika atrikulu* asmatuko dira, legea burlatzeko!

Dana dala, lehenengo pausua egin dau Villar Palasí ministruak; eta zeredozer egingo da bide on honetatik. Nire eritxiz, demokratizazinozko asmo honeek txalo bero bat merezi dabe.

Karlos Santamaria