ANAITASUNA

BIZKAIA

190 zenb. 1970, • Ekainak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 11

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 190 zenb. 1970, Ekainak 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Euskera ilgo ote da? Ez, hala nahi ez badogu

 Zuetariko batek baino gehiagok itaun honeek egin deutsoz urrean* bere buruari: Salbatuko ote da euskera? Zetarako hainbeste lan egin, salba ezin leiteken gauza bategaitik? Merezi ote dau euskerak bere alde lan egitea, azkenean ilgo bada? Itaun garratzak, mingarriak, baina beharrezkoak.

Ez zuek eta ez ni, ez gara profetak. Beraz*, ez dakigu etorkizuna igartzen. Salbatuko ote da euskera? Hori nok daki ba!

Hara! Latin izkuntza, Kristoren ondorengo mendeetan*, Europako Egoalde ta Sartalde guztian zabalduta egoan. Miloika ziran latin izkuntza erabiltzen ebenak, eta orduan kulturadunen izkuntza zan. Mende horreetan, euskera, orain legez, baztertxo baten egoan, erdi ilda. Eta zer jazo zan? Latina il egin dala, ta euskera oraindinokarren bizirik dagoala.

Latin izkuntza il zan, eta bere ondoren gaztelera, frantsesa, italianoa zabaldu ziran. Miloika ziran izkuntza honeek erabiltzen zituenak, eta izkuntza barriok goi mailara igon eben kulturan. Orduan inok, etorkizunari begira, munduko izkuntzarik zabalduenak zeintzuk izango ziran galdetu izan baleu, duda barik iru horreek aipatuko zituan. Baina zer jazo da? Europako bazter baten ehun milakada batzuek itz egiten eben-inglesa aurrera joan dala, eta orain bera dala munduan nagusi.

Baina izkuntza batzuen gora igotea eta beste batzuen beheratzea ez da edozelan egin. Gauzak ez dira berez, itsumustuan, arrazoi barik gertatzen.

Batzuetan, arrazoi hori indar politiku bat izaten da. Beste batzuetan, kulturea ondo finkatuta egotea. Beste batzuetan, erriaren maitasuna. Eta gehienetan, irurak batera. Euskerak kondizionamentu honeetatik bat bakarrik baleuka, ez litzake gaurko egoera triste honetan aurkituko.

 Lafitte-k dino (JAKIN 31-32) euskerak gaur 200.000 itz inguru dituala. "Ipini, imini, ifini; dut, dot, det". Zenbat honelako desbardintasun alferrikako! Euskera desegiten doa anarkia utsean.

Frantses izkuntzak, XVI mendean*. 300.000 itz zituan. Orduan, Frantzian, 18 dialektu egozan. 1518-garren urtean, frantses izkuntzaren batasuna asi zan, eta 140 urte geroago amaitu. Asi ziranak 20 idazle izan ziran, eta hareek egin eben gaurko frantses izkuntza.

Iru kondizionamentu aipatu doguz aurrerago, izkuntza bat aurrera eroateko beharrezkoak diranak. Euretatik bi behintzat gure eskuetan dagoz: izkuntza kulturara eroatea, eta erriaren aldeko maitasuna.

Lehenengo puntua betetzeko, euskeraren batasuna lortu behar dogu. Bigarrenerako, euskera benetan maite izan eta maitasun hori euskeraren erabiltzean erakutsi.

Batasuna eginda dago. Barkatu! Eginda bai, baina ez behar dan moduan zabalduta. Batzuen alferkeriagaitik, beste batzuen mukertasunagaitik*, batasunaren zabaltze hau nekeza da. Batasuna behar dogu, euskal aldizkari ta liburuak Euskalerri osoan ugari zabaltzeko, eta eurekin euskera kultura barruan sendo murgildu erazoteko.

Salbatuko ote da euskera? Bai, geuk gura badogu. Horretarako, hauxe egin behar dogu:

- ahal dogun beste euskeraz itz egin.

- asko irakurri ta idatzi. Ikastolak. Unibersidadeak.

- ez izan garbizaleegi (gaurko edozein kultura gai erabiltzeko, traba aundia izango litzake).

- euskera batua ikasi ta erabili.

Lau puntu honeek betetzen badoguz, ez dogu ezelango dudarik euki behar: euskera salbatuko da. Asi gaitezan, ba, lanean. Lehenengotan, gutxi izango gara. Gero, gehiago. Eta gehiagotzen goazan neurrian, euskera aurrera joango da.

Jaunak, gora bihotzak eta aurrera! Etorkizuna geurea izango da.

Xabier Gereño


Erriz erri

Derio

Aurtengo udarako, uztailaren* 6-tik 11-ra, euskal ikastaro bat antolatu dabe "Resurrección María de Azcue" kolejiokoak, euskerea irakasteko. Abade ta monjentzat bakarrik izango da, euskeraz ondo egin arren, idazteko erraztasunik ez ohiturarik ez daukenentzat, Euskaldun barriak ez dira onartuak izango, ezta euskeraz ezer argitaratu ez dabenak. Aurtengoz, 40 bakarrik onartuko dira. Xehetasun gehiagorako: Colegio Seminario, Derio (Vizcaya).

Galdakano

Maiatzaren 24-ean, egun argi ta zoragarri bat zalarik, mendigoizaleen batzar aundi bat izan zan, "Elizalde" deritxon zelaian, erriko "Ganguren" taldeak bere zidarrezko urtebetetzea ospatzeko. Nerbion-Ibaizabal inguruko mendizaleak urtero biltzen* dira nonbaiten, urte barruan lorturiko sariak banatzeko.

Mezea ta itzaldia

Meza santua Xabier Agirreamalloa abade jaunak emon eban; ta itzaldian, euskeraz eta erderaz, beste gauza interesgarri batzuen artean esan eban, "mendian izaten dogun adiskidetasun eta anaitasunak eguneroko bizitza garratzean agertu ta iraun behar dauala". Meza honetan guztiok parte artu genduan, kantu ta otoitzetan, kitarrekin lagundurik.

Meza ostean, zelaian batu ginan guztiok. Beroa ta han bildu* ginan jendetzeagaitik, edari guztiak amaitu genduzan. "Andra Mari" taldekoak (txiki, neska ta nagusiak) euren dantzak egin zituen; jendeak gogoz txalotu zituan, bai eurak eta bai eurak gertatzen diharduan Dimas ospetsua.

Sarien banaketa

Lehenengo, Edesa, Padura, Osea, Basconia eta Ganguren taldeak, euren bazkideei emon eutseezan irabazitako sariak. Gero, "Ganguren" mendizale taldeko lehendakari dan Kote Aurrekoetxeak sariak banatu zituan:

1. Ganguren, 12 puntu (José Luis Ispilla, José Eguíluz, Ricardo San Salvador): "Ganguren" trofeua.

2. Edesa, 26 puntu (Miguel García, Antonio García, M. Dolo): Galdakanoko Udalaren* trofeua.

3. Tavira 33 puntu (Teodoro Fuentes, Luciano Lacalle, Luis María González). "Westinghouse" trofeua.

4. Basconia, 51 puntu (Tomás Sobrón, Joseba Ruiz, Antonio Moreno): "Unión Española de Explosivos" trofeua.

5. Itxas Gane, 57 puntu (Rafael Morote, José Mendizábal, Ernesto Ferrada): Diputazinoaren trofeua.

6. Padura, 67 pimtu (Elías Atucha, Francisco Alonso, Javier Alberdi): Bilboko Aurrezki Kutxaren trofeua.

Dirutan be sari ugariak egon ziran. "Ahalegin eta Ekinaren saria" Tomás Sobrón-eri. "Zoritxarrarena", Juan San Llorente, Inmaculada Lejarreta eta Angel Lejarretari. "Nagusienena", Ricardo San Salvador-eri. Eta beste mila sari. Honekin amaitu zan mendizaleen jai ikusgarri hau.

Marian

Ondarroa

Iru gazte Afrikara

Egunotan, Afrikako lurraldeetan soldadutza egitera urten daben adiskideak, honeek dira: Jose Iñazio Uribe eta Jose Antonio Urresti, Ceutara. Anton Saizar, Saharara. Eurontzako erriko lagunen agur zintzoa.

Portuko gorabeherak

Bokarta*, arrain txikia, baina buruauste aundikoa. Itsasoratze bakoitzak bere arriskuak ditu: noiz Frantziara deteniduta joango... eta gero zer jazoko. Horrexegaitik sortu da Kantauri aldeko arrantzaleen aste bete inguruko huelgea. Ondorenak? Hori arrantzaleak eurak esango deuskue beste artikulu batean.

Ez dakigu zer jazoten dan edo zer dabilen aspaldion; baina hainbat mutil gazte ikusi dogu euren mekaniko lantegietatik urtetzen. Dana dala, gure portuko mekanikoak horretara jarraitu ez daien, beharrezkoa da talde bat sortzea, "ugazaba ta langileei" entzuteko. Talde hori ugazaba ta langileak osotu beharko leukee. Baina langileak eurak aukeratu beharko litukee euren ordezkariak, egiazko errepresentanteak izateko. Pozgarria izango litzake, danok zintzo jokaturik, gure erria zuzenbidera joatea.

Apaiza barriro espetxera

Joan dan larunbatean*, maiatzaren 23-an, barriro be gure lagun Imanol apaiza iru ilabeterako eroan dabe Zamorako espetxera. Goizeko zazpiretan artu eben, eta oraindino gaueko amarretan ez ekian Gotzainak detenidu ebenik.

Imanol

Bilbo

Aita Arrupe ta Urtain

Aita Arrupe etorri jaku etxera, baina arrotz* baten antzera. Itz egin dau, baina egunkarietan* alferrik bilatuko dozue Euskalerria aipatu dauanik, euskera erabili dauanik.

Eta niri, Urtain ekarri deust gogora.

Abustuko jaiak

Bilboko Aiuntamentua abuztuko jaiak antolatzen dabil. Eukiko ote dabe euskal kutsurik?

Euskerazko meza Begoñan

Zirarda jaunak, Bilboko Gotzainak, astero, larunbatetan*, Begoñako Basilikan, euskerazko meza bat egongo dala esan dau. Meza hau, arratsaldeko zortzirak lauren gutxiagotan izango da.

Barri honek asko poztuten gaitu; eta oraindiko gehiago poztuko gindukez, urrengo pausua Erri Irratian* euskera sartzea izango balitz.

Santiago Apostol-eko jaialdia

Santiago Apostol teatroan, Gorpuzti bezperarako, euskal abeslari barrien jaialdi bat antolatuta egoan; baina ez zan egin. Arrazoia: paper asko bete behar ziran eta, denborea aurrera joiala, baimenik lortzeko posibilidadea urrun egoan. Beraz*, negurako ixtea erabagi da.

Xabier Gereño

Arratia

Arratian neska talde bat sortu dala esan deuskue, asmo bakar honekin: minifalda erabili, ule ta arpegiaren kolorea sarri sarri aldatu eta dantza tokitik dantza tokira ibili. Futboleko gorabeherak be ezagutzen ditue. Horra hor, izan dituen jokoaldiak, danetan garaitza izugarri bat lortuaz. Ez Zornotzako "Iraultza" ezta Durangoko taldea bere ez dira nahiko, horreek apurtzeko. Jende mordoa joaten da, euren jokoa ikustera. Eurak ala euren jokoa? Ba leiteke eurak, jokoa baizen interesgarriak dira ta.

Maiatzaren 23-an, Gaztelu Elexabeitian, Anton eta Mari Angeles ezkondu jakuzan. Eta 28-an, Igorreko Klaudio, Lemonan. Ezkontzako mezan txistua, euskal soinua... Baina beti agertzen da inozenteren bat. Jaun honek —ez dogu bere izena aipatuko— txistua joteko eragozpenak ipini zituan.

Zeanuriko errian San Isidro eguna ospatzeko garaia eldu jaku barriro bere. Egun horretan, meza ta berbaldi ederrak entzun genduzan; baina nekazariak bazterturik jarraitzen dogu. Jaungoikoagaz batasun eta alkartasun sakon bat izatea guztiz komenigarri ta beharrezko da gizonarentzat. Baina zetarako hainbeste itz uts, itxuraz politak, gero eguneroko bizitzan ezer egiten ez badogu? Azaluskeria hau jaurtigi egin beharko dogu nonbait. Zetarako San Isidro egunean santuen antzera elizara joan, gure ahalegin, fintasun eta izerdi askogaz lortutako esne ta etxe-abereak negargarrizko eta ezerezko sari bat artzen badabe? Jaungoikoaren berbea derrigorrezkoa da, baina ogia... Une honetan Benito Lertxundiren abesti gozoagaz oroitzen naiz: "Batzuen izerdiarekin besteak diru eginaz..."

Zeanuriko jaiak zati baterako alde egin dabela dinoe. Nik ez neuke hori esango. Dana, ba da; ta ez dana, ez da. Jairik ez dogu izan; horregaitik, jaiak ezin alde. Zer izan dogu, ba, orduan?

Lehenen, abere feria. (Zein ote da abererik aundiena? Ondo pentsatu barik, ez noa erantzunik emotera).

Gero aspertu arte, burrundadea. Programeak moan legez: "Gran romería, armonizada por la orquesta Ideal".

Bai mutilak. Antza, Zeanuriko jaiak taberneruak antolatzen dabez. Zerbait egin gura dauanak, aspertu ezkero, tabernara joan behar. Nor errudun?

S. A.

Markina

Euskal Astea

Maiatzaren 25-etik 31-ra, "Gazte Alai" taldeko gaztetxoak eratuta —ez eragozpen barik— "Euskal Kultura Astea" izan dogu.

Astelehenean Mendexako gazteak antzeztutako —ondo egin be gero— Labaienen "Kalifornia... ku ku".

Astearten, Matias Oregik zuzenduta, "Euskeraren gorabeherak" itzaldi ta alkarrizketa.

Asteazkenean, disko forum oso interesgarria.

Ostegunean*, "Ama Lur" ikustekotan ginan; baina, aste horretan ekarterik ez egoala ta, aurreko astean ikusi genduan.

Ostiralean*, bertsolari, txistulari, abeslari...

Larunbatean*, aparteko mezea; ta igandean, askaria* ta erromeria.

Aste ederra ta betea, gaztetxoak eratu dabena. Baina... ez dau behar izan dauan erantzunik izan, ezta askoz gutxiagorik bere.

Zegaitik izan ote da? Nagusiak, gazteentzat bakarrik zala uste ebelako? Eratzaileak beste taldeekin artuemonean jarri ez diralako? Egunero "entzule" berezi batzuek etorten izan diralako? Behar dan beste iragarri ez dalako? Jakiteko eta izpiritua lantzeko gogorik ez dagoalako? Gure gauzak ardura ez deuskuelako?

Ez lizateke txarto egongo, itaun honeek eta izan diran uts eta akats batzuek aztertzea; baina, ez atzerantz egiteko, bestetara baino.

Gazala

Barriro be "Gazte Alai" taldekoak ateratako aldizkaritxoa eldu jaku eskuetara. Orain be, egoki eta ari arira datozan gaiekin.

Itzaldiak

Ostirale* guztietan, Merzedean, danentzako, sinesmen gaiei buruzko berbaldiak izaten dira. Bertara joaten diranak dinoenez, oso entzungarriak. Aukera eder hori, zegaitik hainbestek alferrik galdu? Oraindino, beste aste bitan edo izango ei dira.

Batzarrak

"Alkarregazko lana" aurrera daroenak il honetan deituko deutsee Markinar guztiei batzar batera edo bira, zer egin dan adierazoteko ta zer gehiago eta zelan egin leitekean itaunduteko. Erriko arazoekin guztiok arduratzeko bide egokia.

Irukote

Elgoibar

Maiatzaren 7-an, Mendaron, 42 umek egin eben lehenengo jaunartzea. Guztiak meza berean; eta 42 umeetatik 30 euskaldunak ziran eta eurotatik batzuek erderaz ez ekienak. Mezea erdera utsean egin zan. Meza guztian zehar ez zan euskerazko itz bat bere entzun. Eta hau Mendaron pasatu da. Umeei gure Jauna emon eta beste enparaduei* emotea ahaztu egin jakon abadeari. Ahaztu? Beharbada konturatu egin zan, guraso eta nagusi asko, mindurik eta nahigabeturik, ez egozala jaunartzeko gertu. Gero, misiolariak sortu daitezan otoitz egiteko eskatzen deuskue! Berton behar ditugu misiolariak.

***

Lehenagoko urteetan, erri agintariak behatzarekin deituak ziralako, erritarrok atzea zikindu besterik ez geuntsen egiten. Gaurkoak ez dira danak behatzarekin deituak; baina erriak lehenago bezala jarraitzen dau, atzea zikinduaz. Ba ote dakigu, kontzejalak zer egiten daben edo zer egiten ez daben, ze eztabaida erabiltzen daben, eta abar? Azkenengo plenoan, 12 kontzejaletatik 8 bakarrik egon ziran; eta erriaren aldetik, 13 mila erritar izanik, kontzejal bat bakarrik. Halan bere, besteak errudun.

Maiatzaren 23 ta 24-ean, Odeon antzokian, abeslarien jaialdi berezi bat izan genduan. Bertan abestu ebenak, honeek izan ziran: Natxo, Antton Valverde, Ixidor Solupe eta Benito Lertxundi. Jende eskasa bildu* zan, batez bere igande* eguerdian. Guztitara, 50 bat lagun. Benetan penagarria. Ez eben holakorik merezi abeslariak.

Lehenago adierazo neutsuen bezala, ba dihardue euskeraz ikasten guraso gazteak. Danetara 16 bat lagun dira, gehienak euskaldunak; baina baita erdaldunak bere. Ikastaldiok ekainaren* 4-ean amaituko dira.

Marixabel Arakistain

12 Arrietatik

Gerediaga alkarteak eskualdeko* Udal* guztiei bidaldutako eskutitzari erantzuna emonaz, Elorrioko Udalak erriko ormetan propaganda paperak ipintea debekatu egin dau. Horretarako, toki berezi batzuek jarriko ditu; eta baimena beharko da, bertan propaganda jartzeko.

Aspaldion Elorrioko "Intxorta Mendi" alkartea oso ilda ei dago. Hau dala ta, neska-mutil batzuek alkartu egin dira, mendizaletasunari zelan edo halan bizitasun gehiago emoteko. Elorriotar irakurle, zeure laguntasunaren zain dagoz.

Maiatzaren 17-an, Durangoko Kemen eta Elorrioko ostikoketa neska taldeak euren indarrak neurtu zituen. Elorriotarrak 2 ta 1 irabazi eutseen Durangarrei.

Durangoko alkate dan Francisco Amorrortu jauna, erriaren alde egindakoakaitik, "Orden del Mérito Civil"-eko dominarekin saritua izan da.

Bizkaiko CIT-ekoak bide turistiko bat izentatu dabe gure eskualderako, eta Gerediaga izenagaz ezagutua izango. da. Garai, Berriz, Elorrio ta beste erri batzuetatik zehar doa.

Iorretan ospatuko da aurten Gerediaga alkarteak antolatutako Merindade Eguna. Gutxi gora-behera, hauxe izango dozue egitaraua: mezea, Merindadeko abestalde guztien saio labur bat, batzarra ta bazkaria. Arratsaldean erri jolasak, Merindadeko erri guztien arten.

Maiatzaren 17-an ospatu genduan Abadiñon Ezpatadantzarien Bosgarren Jaialdia. Goizean goiz bildu* ziran eskualdeko talde guztiak, nahiz eta eguraldia euritsu agertu. Meza ostean, talde guztiak proba lekuan baturik, asiera emon jakon jaiari. Amalau ume taldek dantzatu eben, lehenengo, banangoa ta txontxongiloa, eta beste nagusi talde guztiak jarraitu eben, ezpata dantza osoa egin arte. Gauza arrigarri bat ikusi genduan: Abadiñoko 50 urtetik gorakoak banango zaharra dantzatu eben, eta euren txapelak eskaini eutseezan 70 urtetik gorako dantzariei, omenaldi modura. Txalogarria gizon honeen erritasuna! Arratsaldean aurresku ta atzesku txapelketa, Durangoaldeko "erregelen" erara dantzatua. Berrizko Rafael Albizurik urten eban txapeldun.

Maiatzaren 28-an, Gorpuzti egunean, euki eben Matienako umeak lehenengo jaunartzea. Hau dala ta, jaialditxo bat gertatu eben bertako gazte batzuek. Txistularien kalejira bategaz emon jakon asiera egunari. Gero, gaurko gazteak maite daben erako mezea: elizatik kanpoan eta kitarrekin lagundua. Meza ostean, abeslari batzuek kantu saio bat egin eben; eta holantxe amaitu zan, Jauna artu eben ume honeen omenez antolaturiko jaialdia.

Maiatzaren 31-n, "Berrio-Otxoa" gazte taldeak txirrindulari txikientzat antolatuta, Arginetara V-garren Igoera egin zan Elorrion. Enparantzan izan zan urteerea; eta 16 urterainoko gaztetxoak, 6 taldetan bananduak, igon eben. Gura aina sari ta kopa egon zan danentzat.

Ekainaren* 21-ean, Gerediaga alkarteko "Geroa" antzerki taldeak, "El Cartero del Rey" antzerkia errepresentatzeko asmoa dauka.

Mungia

Barriro nator Mungiaz zerbait idaztera, besterik ez bada bere, bizi gareala esateko.

San Isidro egunean, urte guztietan legez, sindikatuak eratutako mezea, zozketa eta abar izan doguz. Apur bat ikusteko joan nintzan ingururantz; eta alde batetik poztu egin nintzan, baserritarren aldetik hain uts aundia ikusiaz. Nik baserritarretaz beste eritxi bat euki izan dot beti, baina oraintsuko esne gorabeherakaz eta San Isidro egunean ikusiagaz asko aldatu naiz.

Zorionak, baserritarrok! Oraingo legez alkartuta eta gogor jarraitzen badogu, frutuak ikusiko ditugu.

***

Gure errian, aspaldion, sarritan berba egiten da urigintzaz*. "Concordia" izeneko gure erriko aldizkari bat asi zan zerbait aipatzen; eta oraintsu, Bilboko "Hierro" egunkarian*, beste komentario bat bere agertu da, kale baten argazkiagaz eta guzti. Nire ustez, hemen bere aipatu egin behar da. Antza danez, gure erriak Erdi Aroko urigintza bat dauka. Obeto egiteko modurik ez dagoala dinoe goikoak. Halan ta guztiz bere, itaun batzuek egitera noa:

— Diputazinoak gauza politak egin ditu: argizko iturria, lorategiak, eta abar. Baina zer da obe: lorategiak eukiaz basatzatik ibili beharra ala ezer apaindu bako eta patxadazko kaleetatik ibiltea?

— Zegaitik erdiko kaleak polito polito konpontzen ta ornitzen dira, albokoak usteltzen itxirik? Zegaitik diskriminazino hau?

— Zegaitik debekatzen da balkoietatik erropak eskegitea? Kale baten motz emoten dabela, egia da. Baina oraindino kale ez diranetan?

***

Azkenengo urteotan zenbatgura abeslari agertu dira Euskalerrian zehar. Gure erria bere ez da albo batera gelditu. Hor daukagu Joseba Zarraga, egiazko promesa bat bihurtu dana, oraindino izar barria, baina askori konpetentzia egiteko modukoa.

Aurrera, Joseba! Maila asko dozuz oraindino igoteko, baina balioa bere darizula daukazu.

I.J.


Mundu biribila

Yugoslavia: Tito? Diktadura bat

Ikusten dogunez, Yugoslaviako nazinotasunen arteko gorabehera asko ta asko, Erresumaren egituretatik* sortuak dira. Eta gaitz estrukturalok garaiz aldentzen ez badira, arriskugarri izan leitekez Erresumaren* superbizitzarentzat. Eta bere orduan oso kaltegarri bihurtu leitekez, egiturok manejatzen dituan politikazko sistemarentzat. Ze, egituren benetako funtzinoa ezagutzeko, egituren usatzeari be ondo begiratu behar jako. Izan be, egiturok erriaren zerbitzurako balio ez dabenean, mugikortasuna ta funtzionaltasuna galtzen dabe. Eta egitura horreetaz baliatzen dan politikazko sistema (Yugoslavian Alderdi Komunista), egitura horreetaz bere lanerako baliatu beharrean, egitura horreen zaintzaile ta aldezkari bihurtzen da. Holan, egiturak euren egiazko funtzinoa galtzen dabe: egiturak erriaren funtzinoan sortu ta alda-erazo beharrean, erriari egituren funtzinoan bizi eragiten jako. Erria egituren esklabu lotzen da.

Orduan, erriaren benetako preminak eta ardurak ikusi beharrean, egituren preminei ta eskabideei egiten jake jaramon. Ikusi ezinezko xehetasunetaraino zabaltzen da politikazko makinaria. Ideologia erabiltzen da, hori disimulatzeko. Baina burokraziak bakarrik asegura leike politikaren funtzionamentu normala. Deretxoa, paperetan anparatzen da. Eta polizia agiri da errizain legez nonnahi, polizia baita* burokraziaren ahizta bikoitzetan bikoitzena.

Fenomenu hau ez da Yugoslaviakoa bakarrik: diktadura guztietan agertzen da. Horregaitik, diktadurak beti dira kontserbakorrak, asieran bertan ez bada, geroxeago.

Egoera hau oraindik txarragoa egiten da, esandakoari, egituren Agintariaganako kultua erasten* bajako. Egiturak eta Agintariaren pertsoneak bat egiten dabe horregaz. Yugoslavian erraz jazo eiteken hori: Gobernua gudu gogor baten ostean erriaren salbatzaile legez altzatu danean, salbatzaileen aginpide izaten jarraitu gura izaten dau Gobernuak. Izan be, hauxe bakarrik agiri da, burokraziazko egitura ankilosatu ta autoritario horreen legitimazino bakar legez. Baina legitimazino hau berez ahula* ta motela danez, propagandaz indartzen da: Tito mariskala goratzen da. Tito da salbatzailea, Tito azkarra, Tito heroikua, errizalea, etc. Baina bide honetan sartu ezkero, Titok oraintxe be ta egunero. salbatzaile legez iraun behar dau: eta Titok emondako pausu guztiak agertzen dira egunkarietan, gauza jakingarri legez. Holan, Buruzagitzatik beherantz ateratzen eta zabaltzen da egituren legitimazinoa: Titoren egiturak dira daukaguzanok. Egiturok, salbatzailearenak dira.

Baina horregaz, Tito bera be egituren preso dago. Beste diktadura guztietan, edo behintzat askotan legez, Tito Buruzagia be egituren inkarnazino bat bihurtuta dago Yugoslavian. Eta honek ikaragarrizko kontradizino eta tentsinoak sortzen ditu Alderdi Komunistaren barnean. Ze, Alderdi Komunista bera be egituren makinariako funtzionario-aldra* diziplinatua bihurtzen da. Titoren zerbitzari leial ta zintzoen erakundea*. Baina Tito bera be egiazko Buruzagi baino irudizkoago bilakatzen* da denboragaz, arazo asko zuzentzekoan batez be. Autoritarismoak ez baitau* laguntzen, arazoak burubidatzeko. Orduan prolemen soluzinoa baino inportanteagoa da soluzinoen legezkotasuna. Eta Alderdiaren Sekretarioa edozetarako azkeneko istantzia ahalguztiduna itzultzen* da, eguneroko gorabeheretan: erri-etxeko politikan, lantegietako ekonomian, eskoletako kulturan, literatura bideetan eta nonnahi.

Egoera hau larregi luzatzen ari* da Yugoslavian, eta holan arrizkuz kargatzen da. Gerra denboratik dago Tito buruzagi, ta ba dagoz diktadore zaharragoak munduan (esaterako, Haile Selassie Abisinian); baina agiri dago, denbora gehiegik tentsinoak gogortzen eta gaiztotuten dituala. Beharbada gogorregiak dira, jadanik*, tentsinoak Yugoslavian; eta horrexek berorrek sendotzen dau Titoren posizinoa. Gaur egunean Titok ezartzen baitau ekilibrioa Yugoslaviako joera kontrarioen artean.

Horregaitik, sekula baino beharrezkoagoa iruditzen jako jende bildurti askori gaur Tito. Hauxe berau deritxoe, dirudianez, baita mendebaleko* ta sortaldeko* Gobernu ge-hienak be. Izan be, zer etorriko da Titoren ondoren? Egun horren bildurrez, itxaropen bat bezala agertzen jake jende askori Tito, ta luzaroko bizitza opa deutsoe. "Latet dolus in generalibus" esaten eban filosofia zeharrak; eta bardin da, Tito mariskal bada be!

Ze, ondo ikusita, etorkizunerako ateak itxi baino ez dau egiten bildur honek. Titok ipinten dauan joeren arteko ekilibrioa ez baita* joeren sintesi aurrera-zale bategaz egiten, joerak frenatuaz eta atzera-erazoaz baino. Bere barruan apurtuta, baina baita esku-lotuta be, ez batera ta ez bestera ezin proba leike gaur Yugoslaviako Alderdi Komunistak ezetan be esperimentu radikalik. Eta Yugoslavia lako Erresuma subdesarrollatu batentzat, lujo gehiegi da astiro ibiltzea. Orain polito polito ibiltzeak ez dau besterik egiten, prolemak atzeratu ta urrengo belaunaldi* politikua trabaz bete baino.

Horrexegaitik deritxogu, ba, Tito ez dala itxaropen bat, arrisku gero ta andiago bat baino: Alderdi Komunistarentzat eta Yugoslaviako erriarentzat. Yugoslaviak eta hango Alderdi Komunistak, etorkizunean ankaz gora ez joateko, euren gaurko posizinoa ta euren burua noredonori saldu egin beharko ez ote deutsoen arriskua. Yugoslaviak behar dauana ez dira konpromisoak, soluzinoak baino.

Gainera, pertsona batenganako mistikan oinarrituta dagozan politikazko erakundeak* ezin iraun leikee luzaro.

Jose Azurmendi


Mundu biribila

Ministro izanak zetan diharduen

1969-garreneko urriaren 28-an, Madrilen, Gobernuan hain zuzen bere, aldaketa aundi bat gartatu zan, 11 ministro zahar beste hainbeste barrien ordez aldatuaz.

Espainian, ministro izandakoei kendu egiten jakez albotik, beti eurei lagunduaz zaintzen dituen polizgizonak, eta ilero ogeitamar bat mila peseta emoten jakez.

Ikusi daigun, oraintsu arte ministro izandako amaikok orain zer egiten daben.

 Camilo Alonso Vega, 80 urteko gizona, Gobernazinoko ministroa izan zan 1957-garren ezkeroztik. Ez dau orain ezetariko beharmodurik egiten. Guardazibilen zuzendari nagusia izana da, eta orain kapitana eta ohorezko koronela da.

 Fernando María Castiella, Bilbotarra, 63 urteko gizona, 1957-garren ezkeroztik Erbeste Aferetako ministroa izana. Orain, Madrileko «Facultad de Ciencias Políticas y Económicas»-ko irakaslea da.

 Adolfo Díaz Ambrona, 62 urteko gizona, Badajoztarra, 1965-garrenetik Agrikulturako ministro izana. Orain, bere lurraldeetan lana eginaz gainera, «Tribunal Económico Administrativo Central»-en dihardu.

 Espinosa San Martín, 62 urteko gizona, Madrildarra. Bere kabuz dimitidu eban Haziendako ministro izatetik (hementxe asi zan lehengo Gobernuaren krisia). Orain, Almadén eta Arrayanes-eko minetako kontseilaria da.

 Manuel Fraga Iribarne, Lugoko Villalban jaioa, dala 58 urte, eta 1962-garrenetik «Información y Turismo»-ko ministro izana. Orain, Madrileko «Facultad de Ciencias Políticas y Económicas»-eko irakaslea izanaz gainera; «El Aguila» garagardo etxeko kontseilari nagusia da.

 García Moncó, orain dala 54 urte Santanderen jaioa. eta 1965-garrenetik Komertzioko ministroa izana. Orain, Fertiberia, Banco de Bilbao, Banco Industrial de Bilbao eta Banco de la Coruña-ko kontseilaria da.

 Lacalle Larraga, dirala 73 urte Nafarroako Valtierran jaioa, 1962-garrenetik Aideko ministroa izana. Orain, Construcciones Aeronáuticas eta Iberia etxeko kontseilaria da.

 Pedro Nieto Antúnez, dirala 72 urte Ferrolen jaioa, 1962-garrenetik Marinako ministroa izana. Orain, Cementos Alba eta Fuerzas Eléctricas de Cataluña-ko kontseilaria.

 Jesús Romeo Gorría, dirala 54 urte jaioa, 1962-garrenetik Langintzako ministroa izana. Orain, Consejo del Estado-ko abogadua.

 José Solís, Córdobako Cabran jaioa, 1957-garrenetik Ministro Secretario General del Movimiento izana. Orain, Carboníferas del Sur-eko kontseilaria da.

 Silva Muñoz, Zamoratarra, 1965-garrenetik Obras Públicas-eko ministroa. Gutxien uste zanean dimitidu egin eban. Democracia Cristiana deritxon taldekoa da; eta orain, gauza zihurra izan ezarren, Banco Español de Crédito-n lan egiten ei dau.

TXIKITO


Euskaldungoa

Benito Lertxundi, «Ez dok amairu» taldeko kantari ospetsuak, diska aundi bat agertu barria dau, «Herri Gogoa» etxeakin; 12 kanta ditu, batzuek barriak beste batzuek lehenago agertuak. Bost ilabetean agertu ezinik egon ondoren, asi da Benitoren boza Euskal Errietan zabaltzen.

Azkoitian, kantari saio bat izan da joan dan maiatzean, Lurdes Iriondo, Julen Lekuona, «Oskarbi» eta Artza anai txalapartariak jokalari dirala.

 «Araba» izeneko Gazteizko kantari taldea, Sabin Salaberrik zuzendua, Torreviejako kantari sariketan parte artzeko da.

Laburdiko Senpere-n euskal kantarien jaialdi bat izan da. Eñaut Etxamendi, Eñaut Larralde, Manex Pagola, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Artza anaiak tarteko ziran.

Josu Loroño ta Zorion Egileor jaunak, soinularia lehenengoa ta kantaria bigarrena, soinu ta kanta saio bat emon eben Bilbon, maiatzaren 26-an.

«Irakur Saile»-ek Zubikarai jaunaren antzerki bi laster argitalduko ditu, ta geroago Larresoro jaunaren liburu batetik gainera, Russell, Garaudy eta Camus jaunen itzulpen batzuek.

«Literatura eta kritika» izenburuarekin argitaratu dau LUR etxeak P. Urkizu eskritore gaztearen liburu bat. 156 orrialde ditu eta Rikardo Arregi zanari eskainita* dago. Eskatzekotan: LUR, Paseo Arbola, San Sebastian.

Barakaldoko Babcock Wilcox lantegian, langileak egun osoan egon ziran geldirik, alogerei buruzko eztabaida bategaitik. Eta erri bereko Procersa lantegian, ostera, kanpora botatako sei langile barriro onartzean, 361 langileak barriro asi dira lanean.

Tafallan, «Aceros de Navarra» deitutako lantegia barriro zabaltzen da. 200 lagunentzako lana izango dau.

Behe Nafarroan, oso ugari etorri diran ezkero. letxugak zeharo merketu dira, ta baserritar askok abereei emon deutseez jateko. Garia, ostera, gaizki samar dator, lehorte ta beroaldi andiegiagaitik.

Goizuetan (Nafarroan) «Industrias Goyle» kiebrara joan da. Nafarroako Aurrezki Kutxaren eskuetan gelditu da.

Sindicato Textil de Vizcaya-ko lehendakari, lehendakari ordezko ta bokalak dimitidu egin dabe, eurak adierazotako problemei erantzunik emoten ez jakelako.

Frantses telebisinoak, bere irugarren kanalean, laster batean ardura gehiago artuko ei dau bere erreginoetako izkuntza ta kulturekin, batez bere euskaldun, katalan eta bretoinekin. Poztuko ginake, baina esker aundirik emon bage.

Orioko gaztediak eratuta, Euskal Aste bat izan da erri honetan. Juan Mari Lekuonak, «Euskal ahozko literatura». Juan San Martinek, «Gaurko poesia». Xabier Letek, «Gaurko abestia». «Urbeltz» taldeak, «Gaurko gure dantzak», Begoña Arregik, «Ikastola gaur gure errian». «Ama Lur» filma, eta «Lartaun», Piarres Larzabalen antzerkia. Antzerki hau Oiartzungo «Lartaun» taldeak antzeztu eban, eta Xabier Letek presentatu. Jokalariak ez ziran Larzabalen lanak merezi dauan neurrian ibili; ta beste erri batzuetan bere agertzeko asmoa dabenez, obeto gertatuta ibiltzeko eskatzen jake.

Andereñoentzat ikastaro bat izango da Loiolan, uztailaren* 17-tik 24-ra. Sarrerea 100 peseta da, eta egun bakoitzekoa 150. Xehetasun gehiagorako, deitu: Arantza Allur. Vergara 21-3º, San Sebastián-Tel. 29779.

Andereñoak, euren arazoak azaltzeko, boletin bat ateratzen dabe multikopistaz. Ale bakoitzat 15 peseta balio ditu. Eskatzekotan: Eguzkiñe Senosiain. Baltasar Echave, 3. Zumaya.

«AGUR» izenarekin argitaratu barria da Bilbon euskerazko ileroko bat. Zuzendari ta jabea Jose Maria M. de Retana, erdaldun abogadua, da. Zortzi orrialde ditu, ta lehenengo alean izenpetu bako editorial bi dakaz. Idazleen artean, honeexek agertzen dira: «Orbel Zaarra», Arruza-tar Mikel, «Sugar», Garitaonandia-tar Gotzon, «Piper Zuri», J. I. Sarrionandia, «Ibur», A. Landajuela, «Kumbo», Ilinti», «Munegain». «Torronturu», «Bernakoak», «Belatxiki», «Burpil», Beiztegi, «Izar», «Mendiko», «Aixolak», «Erletxue», «Abeletxe», «Paulin», «Lea» eta «Ubitza». Sei argazki dakaz: portadan Begoñako Ama; Arruza-tar Mikel (1966-an ila. Goian bego!), «Lizardi» (1942-an ila. Goian bego!), Lekuona jauna (76 urtekoa), Iribar (futbolista bat ei da). eta Azkue jauna (1951-ean ila. Goian bego!). Urtean 100 peseta kostatzen da. Eskatzekotan: Apartado 2. Bilbao.

Hernanin, euskeraren batasunari buruzko itzaldiak egon dira, Juan Maria Lekuona, Lino Akesolo eta Patxi Altuna izlari dirala. Euskaltzale porrokatu honeek irurok elizgizonak dira.

«Démocratie et Régionalisme» izenburuarekin emon dau itzaldi bat, Baionako Aiuntamentuan, Morvan Levesque-k, «Mouvement Fédéraliste Européen» taldeak eraturik. Izlaria, «Comment peut-on être Breton» liburuaren egilea da.

Eduardo Txillida jaunari proposatu ei jako. Bizkaian burdineari eskultura bat egin deion.

Xenpelar Saria, Aita Onaindia, Pedro Berrondo ta Juan Garmendia epaimahaiko dirala, Inozenzio Oleak irabazi dau. Bigarren Manuel Matxain gelditu da. Irugarren Mantxola, ta laugarren Segundo Kalonje.

Agirre Saria, «Elizaren liturgia berria» liburuari emon jako, Ohorezko aipamenak: Villasanteren «Jesukristo» liburuari, «Margo ederdun Enziklopedia»-ri. eta euskeraren alde lan aundia egin daben urrengoei: Andoni Labayeneri teatro sailean egindako lanagaitik. Elbira Zipitriari euskal ikastoletan egindakoagaitik, eta Ixaka Mendizabaleri bere idazti guztiakaitik.

Euskaltzaindiaren Arabako Ordezkaritza Gazteizen jarria izan da «Sancho el Sabio» Instituzinoaren toki berean. Gazteizko Aurrezki Kutxaren laguntzari esker. Toki horretan egunero, larunbatetan* izan ezik, arratsaldeko zazpi ta erdietatik bederatzi ta erdiak arte, euskeraz galderak aditzen dira; baita liburutegi ugaria be han aurkituko dabe euskerazale, euskal ikasle ta beste antzeko guztiak.

Iruñean, bost miloe ta erdi batu zituan Caritas-ek, bere tonbolearen bidez, joan dan urtean.

Erriberriko* eliztarrak parroko jaun barri bat izango dabe aurrerantzean: Miguel Angel Pérez de Zabalza jauna.

Gernikan, kalerik kale manifestazino bat egitearren, 20 gazte atzemon zituen, euren artean lau neska ta abade bat. Guztiak aske itxi ditue, 10.000 bana peseta ordaindu ondoren; eta orain epaiari begira gelditzen dira. Abadea, Nafarroako Gorritin dagoan Arrizubieta jauna da.

Zarautzen, Jose Migel Barandiaran jauna mintzatu da «Euskalerriko lehen gizona» gaiari buruz. Zorionak, Jose Migel jauna. Zeuk emoten deuskuzu gazteei ausardia!

«Miss Navarra» sariketea bertan behera galdu da, andereño batek baino ez baitau* parte artu nahi izan. Poztutzen gara.

Angel Zelaieta


Eliza Gaurko Munduan

Estrasburgoko M.I.J.A.R. Batzarra

Batzar hau, martxoaren 31-n asi eta apirilaren 4-ean amaitu zan. Europako erri gehienak errepresentatuak izan ziran: guztitara 33 erregino, euren artean Euskalerria. (Zortzi euskaldun azaldu ginan: bizkaitar bi, lau giputz, eta mugaz bestaldeko bi).

Aurretiaz, han alkartu baino lehen, gure erriaren analisi bat egin behar genduan, bertan azaldu ta besteenakaz osotzeko. Analisi honek puntu honeexek aztertzen zituan:

- Historia aldetik datorik garrantzitsuenak, Euskalerriaren bereiztasuna erakusten dabenak.

- Geografia ta administrazino aldetik, Euskalerriaren gaur eguneko egoera latza.

- Kultura arloa: izkuntza, ikastolak.

- Ekonomia: Ipar eta Ego aldeko ezbardintasunak, nekazaritzan, industrian, zerbitzuetan; bertoko ta kanpoko kapitalismoak daukan indarra, kontrola.

Analisi hau zan lehenengo egun bietan egin behar genduan lanaren oinarria, gero beste erreginoetakoen aurrean jartzeko, alkarrizketaren bidez sakontzeko eta, azkenez, beste erreginoakaz geunkazan arazo bardintsuak bilatzeko; nekazaritzaren atzerakuntza ta laguntzarik eza, migrazinoa, konzentrazinoa, kultura, Eliza, eta abar.

Egun honeetan, askoren aurrean agertu genduan gure erriaren egoera, gaztediaren burruka, Elizaren bildurra ta lotura. Gutxi batzuek izan ezik, gehienak ez ekien gauza andirik gure erriaz; baina ardura ta sinpatia agertu eben, nahiz eta batzuetan paternalismo kutsu batekin.

Urrengo egun bietan, lan egiteko beste sistema bat izan genduan. Amar gai egozan lehendik izentatuak, ta, bakoitzak nahi eban gaia aukeratuta, amar talde osotu genduzan, amar gaiok arakatzeko,* aurreko egun bietan egin genduan analisitik asita. Lan hau amaitu ondoren, batzar nagusi batean, talde bakoitzak egindako lanaren laburpenak azaldu ziran.

Batzarretan laster igarri eitekean nor nongoa zan: alde batetik erri aurreratuetakoak (alemanak, holandesak, eta abar); eta bestetik, ez hain ondo bizi diranak. Erri aurreratuetakoak ez dabe nahi aldaketa sakonik, ez dauke iraultza* kontzientziarik; bai, ostera, demokraziarik ez dagoan errietakoak.

Danok gengozan sistema kapitalistaren kontra; baina neurri ta bide ezbardinetatik jokatuz.

Gau batean folklore utsean ibili ginan. Batzuek ondo gertatuta egozan gero, euren jantzi tipiku ta guzti. Andaluzak sekulako zezenketa xelebre bat antolatu eben. Bien bitartean, gure erritar batzuek Baionan gose huelgan. Barre ala negar? Horregaitino, aurreskuaz amaitu zan jaia.

Jabi A.


Eliza Gaurko Munduan

Ez da ipuina, egia da

Igande* batean, lagun bi Iruñera joan ginan. Honantzean, Iruñetik urtenagaz batera, gaua ia gainean genduan eta Tolosara "autostopean" gentozan. Irurzunen, 9-ak aldean, gure atzamarrak erakusten gengozala, gazte bat geureganatzen ikusi genduan urrunetik, anka bat dandarrezka ekarrela. Geure sasoikoa zan, amasei-amazazpi urte ingurukoa. Lehenengoan, kittano antza bota geuntsan, ekarren ule luzeagaitik batez bere. Berbetan asi ginan beragaz. Berba, gogo barik legez egiten eban. Begiak bere, itxi egiten jakozan. Gallegoa zala esan euskun eta etxera joiala, Canarias-etik amabosta lehenago urtenda. Bere etxekoak ez ekien nondik ebilen. Bera halan egotearen arrazoiak galdetu geuntsazan, eta bere ibilaldia azaldu euskun:

Gizon batek amabost mutil eroan zituan Galiziatik Canariasera, lan egitera. Han amar artu eta beste bostak, bakoitzari bostehun peseta emonaz, bidaldu egin zituan. Euren artean, geure ordu batzuetako laguna.

Bostehun pesetok, itsasontzian Barcelonara etorri ezkero, arin joan dira. Eta ea nor datorren Barcelonatik Galiziara, txakur txiki bat barik! Autostopean nok artuko ote dau itxura txarreko mutil bat, autoduna bihotz onekoa izan arren? Batek baino gehiagok ez ote deutso esango autobusa artzeko edo, dirurik ez badauka, lan egiteko? Eta bitartean, mutila guri hau esaten: bere errian ba eukala lana; baina, gizon harek lan obeagoa eskaintzean,* erritik urten ebala.

Ez jakun autorik geratzen, eta, gaueko ordu batak inguruan, bide ertzeko orma zulo batean etzan ginan, azpitik bedar sikua ipini ondoren, han lo egiteko asmoarekin. Gure Galiziar laguna arin artu eban loak. Gu anka otzez ezin izan ginan orma zulo haretan gehiago egon, eta bidean aurrera egin genduan. Gehiago ez genduan ikusi mutil ha.

Dinodan hau ez da irakurririko nobela bat, Txinan edo gertatua, ez. Hau bertokoa dogu, gure personajea gallegoa bada bere. Eta ez deutsat inori errurik bota gura, hareri jazo jakonagaitik, ez. Nik gura neukena, beste gauza bat da. guri gertatzen jakuzan neke txikiakaitik ateratzen ditugun zaratak ez daiguzala atera, batez bere gu estudianteon antzeko mutilen artean. Konturatu gaitezan, gure alboan isil isilik zenbat gatx eta gogorkeria ahaztuten diran.

Oraintxe berton, nonedonon, gure etxe aurrean beharbada, bide egalean, gallego gazte bat, gizon bat, atzamarra jasoten dabil, goseak, logureak, minak burua makurtu eragiten deutsola.

Xabier Zorroza


Eliza Gaurko Munduan

Abadeak espetxean

Bizkaiko abade honeexek atzeman ditue oraindik oraintsu eta Zamorako espetxera eroan: Zipriano Zamalloa (Larrabetzukoa), Jose Antonio Calzada (Basaurikoa), Jose Antonio Zabala (Dimakoa), Anastasio Olabarria, Juan A. Gurruchaga, Martin Ormaeche, Araco, Sagastagoitia eta Regidor (Sestaokoak).

Zipriano Zamalloak 70 urte ditu, eta gaixoak andotik jota dago. Espetxeratze hau, orain dala urte bete gose huelgea egin eben abadeak argitaratutako agiria sermoi denboran elizan irakurtzeagaitik izan da. Eta sermoi bakoitzeko, ilabeteko giltzapea ezarri jakela entzun da.

Zirarda jauna Madrilera abiatu da, azkar. Abade Kontseilari taldea biltzera* behartua izan da, gai bakar bateri lotzeko: abadeen giltzaperatzea. Bizkaian 600 bat abade dira guztitara.

Bestaldetik Zirarda jauna ukatu egin zan Jesusen Bihotzaren egunean egin ohi diran meza ta prozezinoa egitera. Eta ekainaren 6-an, zapatua eta 8-an, igandea, berak eta bere Abade Kontseilari taldeak egindako idazti bat irakurtzea behartzen zituan bizkaitar abadeak. Idazti hau oso onartua izan dala entzuten da.


Jakin eta Ekin

Poetei emandako pagua

Lehengo egunean Juan Anjel Etxebarriarekin egin nuen topo kalean. Bai, ANAITASUNA honetan berton hain artikulu brabo eta balentak eskribatzen dituen horrekin berorrekin. Gogoratzen zarete Amorotoko erdaldun maisuaren portaera likitsagatik jarritako salakuntzaz? Hura irakurrita gero, berarekin baketu eta adiskidetu nintzen betiko.

Zeren Etxebarria eta ni ez gara adiskideak inoiz izan, Elkar ezagutzen dugula ia hogei urte badira ere, burrukaldi amankomun batean soldado-kide izan bagara ere, ez gara adiskideak izan. Are gehiago, epoka batzutan ahakar eta errierta itsusietan elkarren kontra ibili garela esan liteke, arrazoi ilunengatik etsaiak izan garela iruditzen. Euskeraren ganako amorioa modu zeharo diferentetan kontzebitzen genuelako ailegatu ginen egoera triste horretara. Hemendik, nik egin ahal diezakeodan gaizkiagatik barkazioa eskatu behar diot, eta bide batez jakin dezala niri berak inoiz kalterik egin dautan ala ez, ahaztuta dadukadala.

Juan Anjel poeta da. Seguru asko, beste gauza askotan bezala, haren poesiak eta eneak oso elkar-ikusi guti dute. Beste gauza asko bezala, poesiaren funtsa eta mamia modu zeharo diferentetan kontzebitzen dugu. Baina ona nahiz eskasa, judikatzera ez naiz ausartzen, poeta da, gizonaren etorkizuna hobetzen duten pertsona-klase horretatikoa.

Orain galdera bat. Zein izan da euskaldun gizarteak Juan Anjel Etxebarriari eman dion pagua? Harrituta geratu nintzen. Haren gorputzaren gainean hezurrak juntatzeko haragia zegoen bakarrik. Begi sukartsu biren dirdirak gaixotasun hurbil bat iragartzen zuten, eta haren beztimenda hurbilago zegoen Sena-ondoko "clochard" batenetik Ashton-era doan "gentleman" batenetik baino. Oso jestu "clochard" batekin, bere poltsikoen ondoak erakutsi zeuzkigun, nola argitzen ziren bertako zulo ugariak, dirurik sartzen ez den faltrikara ez dela josteko eta...

(Barka, Juan Anjel, zure sekeretuak) boz gorako sekeretuok, jentartera ateratzen baldin baditut. Gizon harroputz bati behin zeure gosea zeurea dela deihadar egin zeniola esan zeneutan; baina hori egia ez dela ez zara konturatu, enea ere baita,* eta mundu honetan poetatzaren estigma nardagarria eramaten dugun guztiona baizik zeren orain bertan etxera ogia eramaten dudan enplegutik aterako banintz, edo botako banindute, ene gosea zurea baino askozaz haundiagoa izanen bailizateke, ez bailizateke aho bakarraren gosea, bostona baizik; eta ez lizateke hura trantze horretan neure burua ikusten dudan lehenengoa, zeren Natxok musika batekin eta Lurdesek beste batekin kantatzen duten ene poesia hura ez delako ene asmaketa bat, errealidaderik gorriena baizik, neure gainean nik ere jasotakoa:

Heure ahizpei esaien hik, txikia,

zergatik etxean ez dagoen ogirik...

Zu defenditzen bazaitut, neure burua defenditzen dut.)

Gizarteak ez du poeta premiatzen, kastigatu egiten du.

Celso Emilio Ferreiro Galiziako poetarik haundiena omen da. Gainerako poeta prestu guztiei bezala, inposible bihurtu zitzaion aberrian bizi izatea. Eta egun batean, beste gailego askok bezala, atzerrira joateko deliberoa hartu zuen. Orduan izan ziren Bayonatik Eora intzirinak eta aieneak. Eta omenaldi edo gorazarre haundi bat gertatu zioten despedidaz.

Niri holakorik gertatuko balitzait, gorazarrea errezibitu ondoren, barkuaren pasajea kantzelatuko nuke, eta, besterik ez balego, kaietara edo meatzetara joanen nintzateke. Edozein gauza baita* soportagarria, halako gorazarre etoi bat sufritu ondoren.

Destino gaiztoko beste poeta gailego batek esan zuen bezala:

Non e dinha dos versos de seus filhos

patria que os non mantén.

Ai, ene, Juan Anjel, zer egiten dautzu Euskal Herriak! Guti gora-behera, nik egin diezadan uzten ez diodana.

Juan Anjel Etxebarria, Celso Emilio Ferreiro, Manuel Curros Enríquez eta.

Gabriel Aresti


Jakin eta Ekin

Upo basoko kanpamentua

Ostegun* Santutik Pazko egunera, 176 gazte batu ginan Upo basoaren gerizapean, Arratiako Areatzatik* 5 kilometro bide. Gehientsuenak 14-17 urtekoak ginan, eta Bizkaiko M.S.C.-koak (Kristinau Scout Gaztedikoak). Egun horreetako gure asmoa alkar ezagutu eta alkarrekin lan egitea zan. Gizarte maila ezbardinekoak ginan eta, beraz,* gure errealidadearen ikuskera be ez zan bardina. Batzuek beharginak ziran eta ondo ezagutzen eben lanaren mundua; gehienak estudianteak ziran eta ez ekien zer zan atxur bat erabiltzea.

Lan asko egin genduan: bidea barriztu, basoa garbitu, iturri bat eratu, oholezko estalpe txiki bat jaso. Baina garrantzitsuena ez da zer egin genduan, zegaitik egin genduan baino.

Era honetako esperientziarik ez zan gure Errian inoiz egin. Zegaitik eta zetarako izan zan, ba, lanaldi hau?

Gaur egun gazterik gehienok ez dogu 20 urte barik lanaren mundua ezagutzen; guztiok gara kultura zapaltzaile baten frutu. Kultura ustel hau era askotara iruntsi erazo deuskue: barri emoileen bidez (T. V., irratia,* egunkariak*) eta baita ikasketaren bidez bere (liburuak eta abar). Konsumoko gizartean bizi eragiten deuskue. Bizitza erosoa*, jolasa, ingurukoak baino gehiago izatea: horreexek dira biziera honetako jomugarik* estimagarrienak; eta honek alkarren arteko ikusiezinera eroaten gaitu.

Kalean eta geuregan aurkitu ezin doguzan balore batzuen bila joan ginan kanpamentura: alkarregazko lana egitera, ez bakoitzaren irabaziak ugaritzeko, ezta gehiagokeriarik agertzeko bere; geure lurra deskubritzeko baino. Ba gagoz Euskalerrian eta ez gagoz; ba gara euskaldun eta ez gara. Euskalerriaren arazoak, ardurak, izkuntzak, bizi ezinak eta bizi beharrak ez gaitue kezkatzen. Guk behinik behin, geu izatera eldu gura dogu. Eta hau ezin izango dogu lortu, gure Erriaren gaurko egoera eta izan beharra bizi eta sufridu ezik.

Guzti honegaitik gu geu izatera eldu nahia sortu jaku.

Udan era honetako esperientziak bizibarritu nahi geunkez. Amar edo amabosteko taldeetan banaturik. Erriagaz artuemon gehiago izatea da gure ametsa.

Guztiei laguntza eskatzen deutsegu eta batez bere erri eta baserrietan lana aurkitu eta nortasuna Erriagaz osotu eta kutsatzen lagundu ahal deuskuenei.

Uda honetan lau-bost egun edo gehiagorako lana emoteko prest zagozenok, idatzi eizue aldizkari honetara. Ez dogu ez dirurik ez limosnarik eskatzen, gure Erriak bizi dauan aurrera-bidean (burrukan) parte artzen irakatsi deiskuzuela baino.

Scout Gazteak


Jakin eta Ekin

Jon euskalduna

Antzinatik dakigu, "Jean le Basque" izeneko idaztia agertu zala frantsesez. Joseph Peyré, haren egilea. Erderaz bere irakurri ahal izan dogu, "Juan el Vasco" izenarekin Barcelonako etxe batek argitaratua. Ta gure irakurle gehienak ez dakie urrean,* holanderaz bere agertua dala, "Basken in ballingshap" izenburuarekin. Euskaldunak atzerrian edo erbesteratuak edo holako zerbait esan nahi ei dau izenburu horrek.

Ta hain zuzen bere, Antwerpen-en, 1953-garren urtean argitaratua. Bertako Ekintza Katoliku edo holako talde baten eraginez eta babesez. Itzultzaile: Suzanne van Thijn andere edo andereño.

Alde batetik pozgarria da munduan zehar banaka batzuek gure alde diharduela jakitea. Bestetik negargarria, kanpotarrak gugaitik arduratsu ta gu zabartsu agertzea.

Euskaldunak mundu zabalean barreiatuak* gabiltzala ba dakie; ta gu, barriz, hemen pozarren ta irri-jario askatasun bidean abiatuak garealakoan.

Izki* bategaitik hainbeste istilu ta zeresan ateratzen gabiltzan orduan, gogoratu daigun idaztiaren egileak itzaurrean dinoana: "Berak ez erabilen izena "euskalduna". Halan bere, nik holan deitzen deutsat, euskaldun uts-benetakoa zalako, inor izatekotan".

Joan Angel Etxebarria


Jakin eta Ekin

Gezurretan ote?

Gizon bat bidegurutze batean aurkitzen denean, beharrezkoa du, aurrera egingo badu, alde batetik edo bestetik aurrerako abiadura hartu beharra. Eta ba daki, hoietako bat hartzean, konpromisu batean sartzen duela bere burua. Baina, gauzak bere abantaila izango badute, konpromisuak ere hartu beharra dago.

Honetaz, nere buruarekin izan dudan esperientzia bat agertuko dut. Euskeraren batasuna dala ta, bide bat hartu beharra nuen, eta, Euskaltzaindiko sekretario bezala, Arantzazun errekomendatua hartu nuen, euskaltzain-buruak berak "normativo" deitu duena; zeren, hola delarik, lotsagarria litzake Euskaltzaindiko batek kontseilatzen duen "normativo"-ari ez jarraitzea. Hau da, ez baita* hain ongi "normativo" ez denari jarraitzea.

Hori dala ta, izan ditut nereak eta bi. Gutxi edo asko, danok izan ditugu geureak; baina nik, gutxienez, nere karguari zegokionari jarraiki lan egitearren. Beste batzuek araudiak hautsiaz jardun direlarik eta nik arauditik irten gabe, nere lepora jaso ditut zenbait San Benito, aipatzerik ere merezi ez dutenak. Idatzi beharra nuen agirien aurka ere ez gutxi, zentzurik gabekoak gainera, erakunde bati zegokion oinarririk edo araudirik puskatu ez nuenez. Orain konturatzen naiz nere inguruan zelako otsoak nituen, bildots iduriz. Gure arteko aldizkari batek ere ez omen daki, bere "neutralidadean", zergatik utzi dioten zenbait idazlek bertan idazteari. Nerea ez badaki, ez daki asko bere buruaz. Bi jauni zerbitzea ez da posible, eta agertu den bidegurutzean hautatu beharra du; eta, bestalde, jaun itxurazko bati (zeren seudonimoaren atzean batek ez baitaki jauna ala anderea gordetzen den ere) nere personaren aurka zerbitu zion bezala, ez zion zerbitu nere alde irten zenari. Baina, hemen bezala, bestean ere zergatik ez du hartzen jaun bati zerbitzea? Hauxe da gure arteko faltsia askoren egoera lotsagarria.

Baina gaurkoan beste exenplo batek nakar, eta honek ere beste guztiekin ba du bere lotura.

Erakunde bati (Euskaltzaindia kasu honetan) eta nere buruari zintzoki jarraitzearren, lehen itxuraz adiskide nituen asko jarri zaizkit kontra, zeren haientzat adiskide nintzen beren usteetara probetxuzkoa nintzen artean. Baina nere morrontza euskera eta Euskal Erriaren alde jartzeak ez nau behartzen inongo alderdi edo erakunde partikularrei zerbitu beharrean, ez eta gizon soil bati ere, behinik behin euskera kontuetan goimailako maisuren bat edo ez bada, eta orduan ere nere iritziak agertzeko kondiziotan.

Baina noan zuzenago harira, edo hobeto esan, hariagora. Ikusteko, batzuek beren zerbitzuko itsuak ez direnak zelan tratatzen dituzten, besteei gezurti itxura eman nahiez. Eta puntu hau garbi lotu nahi nuke. Hau da, Kamaraka izenordezko batek, "Alderdi" izeneko aldizkari batean (256-257 zenbakiak, XXIV urtea), 5-garren orrialdean —eta hau gutxi balitz edo, orri hoiek korreoz bananduak izan dira lakaio itsu batzuen bidez— neri dagokidan puntuan dio: "... vamos a dar algunas precisiones olvidadas en la relación publicada en "Euskera", 1968, pags. 293-294, bajo el título "Bodas de Oro de la Academia de la Lengua Vasca" y suscrito por su secretario Sr. San Martín". Eta ondoren azaltzen ditu zenbait gauza. Baina azalpen hoiek ez datoz ez "Primer Congreso de Estudios Vascos" liburuan (eta biltzar hoietatik sortu zen Euskaltzaindia); eta ez "Euskera"-n eta ez Euskaltzaindiaren agirietan ez dira agertzen. Eta ez dut ukatzen, berak diona hala izango zela. Baiona ahaztu egin zaizkidala era horretan esateak, gezur itxura hartzen du; eta, gezur itxura hartzen duenez, irakurleari aditzera eman nahi diot, itxuraz gauzak aldatzeak zein aldetatik etor ditezkean berak kontu izateko.

tzen; eta Euskaltzaindiaren urre-ezteietan, bertako idazkaria nintzenez, bidezkoena nuen, eskatu zidaten historia laburra Euskaltzaindiaren beraren agiri ofizialetatik egitea eta ez hor zehar banandurik ibil zitezkean paper zaharretatik. Uste dut argi dagoela.

Baina, hori gutxi balitz ere, Cosme Elgezabalen izena bi aldiz aipatzen nuen "Euskera" (XIII, 1968) aldizkariko lan horren 294-garren orrialdean, sorreraren meriturik handienak berari emanez, eta Kamaraka (ez dakit jauna ala anderea den ere; beharbada no den to, egiazko izena agertzeko baino kobardeagoa denez) delakoarena bakarrik irakurtzen duenak pentsatuko luke izen hori isildu dudala. Elgezabal jauna bera baino lehenago, Euskaltzaindia edo Euskeraren Akademia (zeren izena ez zen jarri 1919-ra arte) sortzearen ideia eman zuten Aristides Artiñano edo Adolfo Urkixoren ideia politikoak ere ez ditu jartzen sorrerako agiriak. Baina, ba ahal zen horretarako premiarik? Eta horiek ahal dira nere "... precisiones olvidadas en la relación..."? Baina, zer da hau? Gezurtitzat hartu nahi?

Holako inkisitoreari jaramon egiten diotenak, bera bezalako ganoragabekoak izanen dira.

Hemendik ikusi, euskeraren batasunari buruzko arrazoiak zelakoak izango diren lan horretan. Honela idatziko ote digute gure historia?

Juan San Martin


Jakin eta Ekin

Zinea. Tristana Buñuelena

Buñuel aipatu eta nor ote dan itaundu deuste pelikulazaleak. Egia esateko, bere pelikulak erdi galerazota egon dira gure artean. Hori dala ta, Ecuador-en Cuencara joan nintzan-baten, "Belle de jour" emoten ebela ikusi neban. "Hau, nahi ta nahi ez, ikusi egin behar dogu", nigaz egoan mutilari esan eta barrura sartu ginan. Hainbeste bider irakurri ta entzundako Buñuel ikustea, niretzako lehenengo aldiz museo batera sartzea lez zan.

Eta hemen, denbora gutxiren barruan, bere pelikula banaka batzuek zinetokietan agertu dira. Oraintxe ikusi dot bigarrena. "Tristana". Luis* Buñuel entzute aundikoa da, mundu zabalean, zine kontuan. Espainiatik kanpoan, Mexicon gehienetan, bizi izan da. Noiz edo noiz etorri eta barriro joan da, trabak aurkitzen izan ditu ta. 1963-an, "Tristana" Espainian egitea galerazo egin eutsoen.

Bere pelikulak sarritan sarituak izan dira Zine Festibaletan: Los olvidados, Nazarín, Viridiana, El angel exterminador, Simón del desierto...

"Tristana" Pérez Galdós-en nobela bat da; ta Buñuelek, bere gauza batzuek ipiniaz, zinera eroan dau. Nire ustez, oso egoki. Personaje bi dira berezienak: Don Lope eta Tristana. Don Lope liberala da pentsaeran eta bizieran, baina ez hain liberala berari tokatzen jakonean. Horregaitik hain gogor lotuten dau bere ardurapean daukan Tristana. Tristana askatasun barik ezia da, baina Don Loperen pentsaera barruan ezarri jako. Lehenengotan maitasun usaina bihotzean badauka, gero gorroto bizia agertzen dau. Lehengo historia bat izan arren, orain bere pentsagarria da. (Zenbat eta lotuago egon, askatasun egarri aundiagoa sortzen jaku). Historia hau Toledon ipinia eta egina da. Ze gozo ta ederki agertzen jakuzan Toledoko kale eta txokoak! Hor behintzat, enkuadre oso bereziak aukeratu ditu.

Zine izketan, bere joskera erraza da, maisu bateri dagokion legez. Fernando Rey-k batez bere eta Catherine Deneuve-k aparteko lana egiten dabe. Ez da ez, Buñuelen beste pelikulak bezala, eretxi ezbardinak eta sutsuak biztutekoa; baina bere berezitasuna ba dauka. Ikustea merezi dau, nahiz eta gogorra izan.

Benito Ansola


Ezkerretik ezkoira

Esperientzia aundi bat

 1970-eko Bertsolari Jaia amaitu barria da, eta egoki da jaialdi honetako esperientzia batzuek argitaratzea, ikusten eta ikasten diran akatsak jaialdiagaz batera isildu ez daitezan. Hona hemen eritxi batzuen mamina:

Bertsolarien egoera

Ez da egokia, ezta nasai egotekoa be. Ez dago txapelketarik, ezta bertsolari barririk urtetzerik. Bizkai aldean ez da ohitura, erriko jaietan bertsolariak eroatea; eta ohiturarik eza honek, bakoitza bere lekuan isilik dauka. Beraz*, gaur daukaguzanak isiltzean, bertsolarien etorkizuna oso ilun ikusten da.

Txapelketa aundi bat egiteko eragozpenak

Ez da erraz eta gutxiagorik be. Beste zeregin barik ibili beharko leuke norbaitek, erririk erri, jaialdiak antolatzen; eta hau oso garestia izango litzake. Gainera, eskualdeetako* lehiaketa* horreek ez leukee lehengo beste bertsolari alkartuko, eliminatuta gelditzeko bildurragaitik.

Egunkarien ardurarik eza

Gure egunkariak* ez dira euskaldunak eta ez dabe jendearen artean ardura ta kezkarik sortzen bertso jai eta kantari taldeakaitik. Ezta ANAITASUNA-k berak be. "Ez deust inok anuntziorik bidaldu... Esan dot, baina ez deuste jaramonik egin..." Holakoak eta abar entzuten dira ugari kazetarien* artean. Anuntzio honeek ez dabe dirurik emoten; eta diru barik ez dago erririk, ez aberririk, ez ekintzarik.

Epaiketarako era barriak

Erabili dogun era honegaz, gaurrarteko esamesak* eta eritxi bidebako guztiak eliminatuta gelditzen dira. Bertsolariak estutasun gutxiagogaz, nasaiago, euren ahalmenetan zihurrago abestuten dabe, epaiketa agiria ta zintzoa dalako. Juezak erresponsabilidade barik aurkitzen dira; eta, nor lehenen edo azkenen doan ez dakienez, nasai ta bihotzez emoten ditue, bertso bakoitzari zor jakozan puntuak. Beharbada, iru jaialdiko bertsoketa honen garrantzirik aundiena hauxe izan da. Gainera, nor zelan doan erriak bakarrik ikusten dauanez, ikustekoa da, bertsoa amaitu orduan, tablerora egiten dauan burugira. Bertso batek baino besteak puntu gehiago edo gutxiago izateak, pentsatzen eta bertsoa ausnartzen jartzen dau jendea; eta danak berez berez bertsoaren balioa ta legeak ikasten asten dira.

Entzule eta bertsolarien erosotasuna

Bai entzuleak eta bai bertsolariak, eroso*, nasai ta abegi* onez ikusi dabe epaitze hau. Lau jaialdi egin dira aurten era honetan. Laurotan danak konforme gelditu dira. Gehiago txapelketara joango ez ziran iru bertsolarik era honetan egingo bazan, eurekin kontatzeko esan eusten azken gelditu baziran be. Honek, dinoguna sendotzen eta baliotzen dau.

Laguntzaileen prestutasuna

Hemen be, aldizkariak esan ez dituen gauza asko esan behar litzakez. Jaialdi hau ez dau Euskaltzaindiak ez euskaltzaindikoak eratu.

Banco de Vizcaya-k, eta barriro dinot, Banco de Vizcaya-k bere diru laguntzagaz eta, Hernandorena Ondarrabiko osagileagaz, geuk, Jesus Mari ta hau idazten dauan bere anaia honek.

Gero, sari emoileak izan dira. Honeek urrezko letrakaz euren izenak idaztea merezi dabe, baina luzea litzake danak idaztea. Irazabal, Idurgo, Nika, Astra, 8 de Enero kaleko komertzioa ta Udala* aipatzea nahikoa litzake. Ez dira sariok konpromisogarri emon, emoileak bertsozale diralako baino.

Organizadoreen ahaleginak

Ahalegin guztiak egin ditugu. Ez dogu geure aldetik, nagikeriaz edo itxitasunez, ahal geinkean ezer egin barik itxi. Egunkarietara* joan gara, baita radioetara be. Kazetariak* arrain dagoz gure deporterik aundien eta ederren honetan. Entzutekoak dira egiten dituen galderak! Barregarriak. Ez daukagu, bertsoetan "doctor" dan inor. Beste deporte batzuek behinago* dira nonbait. Hemen Jose Mari Iriondok bereak eta bi egin ditu. Gure Bilboko irratiak*... ezer bere ez.

Euskeraren batasuna

Urtarrileko jai haren ostean, Hernandorenak, Congo irudiala esan baeban, oraingo honetan, lehen baino iskanbil aundiagoak sortu behar zirala irudian; baina iru jaietan behin baino urrengoan obeto aditzen izan gareala esan beharrik ez dago. Euskalerriaren punta banakoak ezin obeto aditzen izan gara.

Ez deutsagu bultzada makala emon, biltzen* izan gareanak euskeraren batasunari! Hango ta hemengoak sarriago bilduko bagina, berez berez batuko litzake gure izkuntza.

Eta azkenez, eskerrak emon. Eskerrak Banco de Vizcaya-ri (sasoia izan dau, Euskalerri ta euskeraren alde zeredozer egiten asteko, gure bankurik indartsuenak), jaia egiten diruz lagundu daualako eta, beste jaialdi bat egin nahi bada be, ateak zabalik ditualako. Eskerrak, laguntzaile, kontseilari, juez, aiuntamentu, gazte laguntzaile, ta batez be Leitzako alkate ta Jose Manuel Lasarte Abadeari.

Deunoro Sarduy


Ezkerretik ezkoira

Bokartaren gerra eta Euskalerria

Aspaldiko egunotan hainbat gauza irakurri ahal izan dogu egunkarietan arraintzaleei buruz, "bokartaren* gerra" dala ta. Zihur nago, interes aundiaz irakurri dozuezala artikulu guztiak, gure itsasertzeko arraintzaleen gorabeherak beti irakurgarriak dira ta. Horregaitik, "bokartaren gerra" zer dan eta zegaitik dan hemen esaterik ez dago. Beste aldetik, ANAITASUNA-k bere orrietan azaldu ditu inoiz gorabehera horreek, eta kontzeptu behinenak* ezagunak dirateke* danontzat.

Nazino arteko legeen arabera*, kostako lehenengo amabi milak nazino bakoitzarenak dira, mundu guztian.

Espainiak eta Frantziak, auzokoak izanik, eta alkarreri borondate ona erakutsiaz, egiune* bat dauke 1967-an Parisen firmatua. Egiune honen bitartez, alderdi bakoitzeko arraintzaleak beste alderdiko itsasoan amabitik iru milaraino sartu leitekez arraintzan.

Bokarta Frantziako kostetan sortzen da, eta handik etorri behar dau Kantauri itsasora, bere migrazinoa egitera, urtean urtean. Baina zeredozegaitik, azkenengo iru urte honeetan, gero ta nekezago egiten dau migrazino hori, eta Frantziako kostan gelditzen da.

Itsasoan, gauez (bokart arraintza gauez egiten da gehienetan), ez da erraza izaten iru milako muga non dagoan jakitea. Gure arraintzaleak, bokarta arrapatzera beharturik, muga hori sarritan pasatzen dabe; eta frantses kostazainak lotu. Gero datoz epaiketak, multak, eta abar.

Gerra honek, beste gerra guztiak bezala, bere "gorakadea" euki dau. Donibane* Lohitzuneko arraintzaleak protesta andiak egin ditue, euren sindikatuaren bitartez, gure arraintzaleen kontra. Eta honexek gogortu ditu iru milako mugaren azterketea eta ontzi arrapatuen zigorrak. Gero, iru milatik kanpora dabiltzan ontziei bere persegitzen asi jakez frantsesak. Eta aduanako legeen bidez, sareak eta ontzia bera be bahituten* asi dira. Honetan, "bokartaren gerra" bere gailurrera eldu da, Kantauri itsasoko ontzi guztiak etxean lotuaz. Sei egun iraun dau lotze honek. Lortu dana?

1. Aduanako zigorrak kentzea, eta ipini diranak barkatzea*.

2. Epaiketak eta lotu aldiak kentzea. Oraindik aurrera, Baionako itsas agintariak epaituko ditue ontzi arrapatuak, eta zigorrak lehen baino bigunagoak izango dira.

3. Iru milatik kanpora dabiltzan ontziak baketan itxitea.

Esan geinke, ba, "bokartaren gerra" amaitu dala? Ezta gutxiagorik bere. Iru milako muga sei milara pasatuko da datorren urtean, 1971-n. Holan dago idatzita gorago aipatu dogun egiunean. Zer jazoko da orduan? Nora joango dira gure arraintzaleak bokart bila? Aurtengo erriertak* ez dira ezer izango, datorren urtekoen ondoan. Hortxe ipini behar leukeez arraintzaleak euren asmoak, aurtengoak alde batera itxita. Hau da: iru milako mugak iraun daiala aurrerantzean be. Horixe eskatu behar leuskioe, beste gauza guztien gainetik, Madrileko gobernuari.

Eta irakurle euskaldunoi, meditazino puntu bat: "gerra guzti honen alderdirik penagarriena, lotsagarriena, tamalgarriena, hauxe da, gure arraintzaleei euren uretara joatea galerazoten deutseenak, beste euskaldun batzuek dira, iparraldeko euskaldunak, Donibane Lohitzun erri polit eta txukunekoak. Eta aundiagoa: euren buru, Donostian jaioriko gizon bat da. Zelan ulertu leiteke hau?

Artza


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ALDRA, talde, multzo.

ARAKATU, aztertu.

ARRO, cuenca de río.

BAITAU, bait dau, dau ta.

BEHINEN, printzipal.

BOKART, antxoba.

EGITURA, egitamu, erakunde, estructura.

EGIUNE, tratado, convenio.

ELIZALDE, anteiglesia.

ENPARADU, restante.

ERAKUNDE, egitamu, egitura, estructura.

 EROSO, cómodo.

 ERRIALDE, provincia.

GALGA, freno.

INOAN, esaten eban.

IRAULTZA, revolución.

IRRATI, radio.

IZKI, letra.

JOMUGA, elburu, fin, objetivo.

KIROLARI, deportista.

LABORE, cosecha, cereal.

OLA, lantegi, ferrería.

SALMENTA, salketa, venta.

SORTALDE, Este.

UDAL, Ayuntamiento.

UDALETXE, casa ayuntamiento.

URIGINTZA, ordenación urbana.

URREAN, nonbait, aurki, probablemente.

ZINGIRA, pantano.

Euskera batukoak

AHUL, makal.

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun.

ARROTZ, forastero.

BAHITU, apresar hasta resarcirse del daño.

 BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITITU, bait ditu, ditu ta.

BARKATU, parkatu.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BILDU, batu.

DIRATEKE, izango dira, dira nonbait.

DONIBANE LOHITZUN, San Juan de Luz.

EKAIN, junio.

ERANTSI, añadir.

ERRIBERRI, Olite.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

IGANDE, domeka.

LARUNBAT, zapatu.

MENDE, siglo.

OSTEGUN, eguen.

OSTIRALE, bariku.

UZTAIL, julio.

ZENBAIT, batzuek.

Beste euskalkietakoak

ASKARI, merienda.

ARABERA, arauera, según.

BELAUNALDI, generación, promoción.

BILAKATU, bihurtu.

EGUNKARI, eguneroko aldizkari.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESKUALDE, comarca.

ITZULI, bihurtu.

JADANIK, ya.

MENDEBAL, occidente.

II. Idazteko modua

Txarto:

Arrantzaleak horixe eskatu behar deutsoe, beste gauza guztien gainetik, Madrileko agintariei.

Arrantzaleak iru milaraino sartu leikez Prantziako kostan.

Ogei urtedun mutila.

Poztu egin nintzan, hain uts aundia ikusiaz baserritarren aldetik.

Ondo:

Arrantzaleak horixe eskatu behar deutsee, beste gauza guztien gainetik, Madrileko agintariei.

Arrantzaleak iru milaraino sartu leitekez Frantziako kostan.

Ogei urteko mutila.

Poztu egin nintzan, baserritarren aldetik hain uts aundia ikusiaz.

Imanol Berriatua


Ezagutu gure erria (18)

Durangoaldea (4)

Durango-Iorreta

1927-an Iorreta elizaldea* uriak bereganatu ondoren, Durango izena txarto daroan Udal* honek, orain, 1965-eko azkenengo kontaketak dinoskunez, 29,87 km.2 ta 18.437 bizilagun ditu. Izena txarto daroala esan dogu, ze uste dogu Iorretaren izena ondoan eroan behar leukela, edota obetoago Tabira-Iorreta.

URIAK iru baserri auzo ditu: Santi Kurutz, Santa Lutzia eta Zabalarra. Lehenengoa ganadutzarako toki aparta, bertakoak alkartuta jokatzen balekie batez bere. Bigarrena, Durangoaldean jendez gehien urritu dana, artzain auzoa zan. Irugarrena, baserri itxura galdu eta olaz* eta etxez betetzen doa. Uria ez dakigu noiz sortua zan; eskualde hau Nafarroa zan garaian nonbait. Bere Foruen bigarren agiria 1372-koa da; eta bertan 52 bider agertzen da uri hau Tabira izenagaz, eta baten bere ez Durangogaz, hau eskualdearen* izena baitzan eta ez uriarena; uriaren izena geroago be Durangoko Tabira agertzen da. Andiki erria izan da uri hau; eta hori bere gizarte estrukturetan gelditu jako, nahiz eta azkenengo urteotan gaztediak beste bide batzuek artu. Andikitasun horregaitik beharbada, Euskalerri barruan lehenengo euskerea galdu dauan erria izango da. Gaur, izkuntza arazoan, alfabetatze ikastaroak emoten dira, eta ikastola bat bere ba dago. Toki ederrean aurkitzen da uri hau, eta urigintza* be ez dauka hain txarto egina. Eskualdearen uriburua da; auzitegi, notaria, jabetasun errejistro, Baserri Zabalkundeko agentzia, banku etxe, larunbatetan* eskualdeko azoka eta beste, uriburutasun horren ezaugarri dira. Eskualde buru izate honek eta industriak emoten deutso bizia. Bertako seme ospetsuenak: Astarloa, orain erdi baztertua, Frai Joan Zumarragako, Mexicoko lehenengo Artzobispoa, Zabala, Montevideoren sortzailea, Arzadun euskal idazlea, eta abar. Azkenez gogoratu behar dogu, Euskaltzaindia sortzeko lehenengo asmoa, 1886-an uri honetan egindako "Euskerazko Jaialdietan", Artiñanok atera ebala, eta, orain 50 urte baino gehitxuago Euskaltzaindia sortu zanean, horretarako pausuak emon zituenetariko bat Elgezabal durangarra izan zala.

IORRETAK sei auzo ditu: Iorreta bera, Goiuria, Arriandi, Bakixano, Oromiño eta Orozketa. Lehen baserri erria, orain industria erria bihurtu da, erriburuan, Arriandi eta Orozketa barreneko Arandiagoitia inguruan. Goiuria auzoak ikusmira ederrak ditu. Ezpatadantzari trebeen sorlekua, gaur be talde asko ditu. Kondairan 1072-garren urteari agertzen da, orduko erri honetako parrokia, Amatzako San Martin, orduan Iruñeko euskal erreinukoa zan Errioxako San Martin Cogollakoari Santxo erregeak emon eutsonean. Iorretarrak hemendik urte bira gure anai Errioxarrekin emoitza honen 900 urtebetetzea ospatuko dabelakoan gagoz. Elizalde honen sei auzoak baso aberatsak ditue; baina legeen aurrean nortasunik ezak eta Udalekoen borondate argirik ezak, miloi batzuen baloreak galtzen daukez.

Jose Luis Lizundia