ANAITASUNA
BIZKAIA
191 zenb. 1970, • Uztailak 15
Apartado 17 • GALDAKANO
ANAITASUNA
BIZKAIA, Amabosterokoa, 12
Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.
Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.
Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.
XVIII-gn. urtea. 191 zenb. 1970, Uztailak 15.
D. L. Bi. 1.753-1967.
Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.
Irartzen dau: RALI.
Ikastolak
Gazteizera amaikatxo jende ba da etorria, azken urte honeetan, Euskalerriko beste errietatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik batez bere.
Honeetariko askok ba dakie nondik nora dabiltzan. Ba dakie ez dirala atzerrira etorri. Euskal seme bezala bizi dira, orain be Euskalerrian bizi dirala ondo oharturik bizi dira ta.
Baina ba dira ugari non bizi diran be ez dakienak. Eta non bizi dan ez dakian gizonari ezin leitekio mirari andirik eskatu. Non bizi dan ez dakianak, sustrairik ez dauka.
Hemen horreetariko asko badira, hemendik kanpora behiago. Behin baino gehiagotan gelditu jat jendea arri ta zur Euskalerrian bertan, Gazteizen be ikastolak ba ditugula entzundakoan. Askok uste dabe, itxura danez, Gazteiz Gaztelerrian edo dagoala. Horretaraino eltzen da askoren ezjakina.
Gazteizen be ba dira, bai, ikastolak; eta honeen barri emotea komeni dala uste dot, euskaldunok alkarren barri pixka bat gehiago izan daigun.
Orain iru urte asi ziran. Gaur ba ditue 250 ume. Eta gehiago ez badagoz, tokirik izan ez dalako izan da, beste erri askotan bezala.
Orain, zortzi andereño ari dira lanean. Euren lana latza da benetan. Asten diran ume askok tutik be ez dakie euskeraz; eta ezerezetik asteak ba ditu bere nekeak. Oso lan gatxa, batez be ikastolatik kanpora umeak erdal giro uts utsean sartzen diranean, gehienetan sartzen diran bezala.
Hala ta guztiz bere, ume bat baino gehiago ezagutzen dot, bere gurasoak euskera apurrik bere jakin ez arren, euskeraz farra farra egiten dauana. Horrek bai pozez betetzen zaituala! Bestera ikusten ohituak gara: gurasoak euskaldun eta semeak erdaldun. Hemen orain kontrako kasuak ikusteak arriturik ixten zaitu.
Ume honeek etorkizunaren seinale eta igarbide izango ahal dira!
Datorren urterako andereño barriak behar dira eta nonbaitetik bildu* beharko dira. Itxaropenik ez da falta, nonedonon sortuko dirala. Euskalerrian benetan ugari ikusi nahi geunken lorea da hauxe: andereñoa. Gaur eskoi-ezkerretatik gogor kritikatuak izan arren, nahi ta nahi ez behar ditugu, euren akats eta guzti.
Ikastolako umeen gurasoak
Gazteizko andereñoen buru dagoan Izazkun jatorrari galdetu neutsan: "Ume honeen guraso askok badakie euskeraz?" Izazkunen erantzuna: "Bai zera, gehienak ez dakie euskeraz. Baina hori baino tamalgarriagorik be ba dago: ondo dakien batzuek euren umeei erderaz egiten deutseela etxean, amak ez dakialako edo aitak ez dakialako edo... mila atxakiagaitik".
Bai, benetan tristea da hori. Hortxe bai ez dodala nik logika ondarrik ikusten: ikastolara umeak bidaldu eta etxean erderaz egin. Ez bidaltzea mila aldiz obe. Jainkoari eskerrak, oso banakak dirala uste dot hemen, hain buru txikia dabenak. Baina bat bakarra izango balitz be, ozenki* salatu beharko geunke.
Ba dago, ostera, bestelakorik be. Euskeraz ezer ez dakien edo oso gutxi dakien guraso batzuek jo ta ke ikasten ari* dira, euren semeekin euskeraz egin ahal izateko.
Umeei baino mila aldiz gehiago kostatzen jake, jakina, eta umeen erraztasunera ez dira eltzen; baina halan-holan ikastera eldu diranak be ba dira. Izan bere, horixe dala uste dot bide bakarra, euskera sailean hemengo umeen etorkizunari sendotasun pixka bat emoteko.
Gerorako asmoak
Datorren urterako, beste 100 ume inguruk emongo ei dabe izena ikastolarako. Non sartu, baina? Problema latz hori erabagiko ote daben ba dihardue ikastolako komisinokoak. Toki barri baten bila asiak dira.
Komisinoan parte artzen dauan jende hori ez da atzera erraz egiten dabenetarikoa; eta seguru nago, gauzea aurrera eroango dabela eta nahi dabena lortu.
Erosi gura daben toki barriak, 800 umetatik gora artzeko beste leku izango leuke. Hemendik iru-lau urtetara, lan pixka bat egiten bada behintzat, ume honeek eta gehiago be euki geinkez ikastolarako.
Euskal giroa sortzen eta zabaltzen ari* da, eta horrek ba dakar ondoren seguru bat: umeei euskera irakatsi nahi izatea.
EUSEBIO OSA
Arratia
Arratiako gorabeherak jakin nahian dagoanari, gauza asko esan beharra dago; horregaitik jazoera batzuk azaltzera noakizue.
Zeanuriko Undurraga auzunean, San Pedro eguna urtero ospatzen da. Aurten, egun alai bat igaro nahian, zerbait antolatzen asi gara. Baina euskaldunok, antza, egun alai bat igarotea be ez dogu merezi, geure ohitura gozo eta maitagarriak bizitzeko be ez deuskue baimenik emoten eta.
Egun horretarako, bertsolariak eta abeslariak ekarri nahi izan ditugu, erriko kanta batzuk abestuteko. Hori dala ta, erriko alkate jaungana joan ginan baimen bila; gero, behar bazan, bairrien horregaz "Información y Turismo"-ra joateko, baimen osoa lortzera.
Abeslariak Arratiako mutil gazte batzuk ziran; bertsolariak Enbeita eta bere lobea. Hona hemen, ezer aldatu bage, alkate jaunaren erantzuna: "Ez eta ez. Ni nagusi naizan artean, ezelako euskal abestirik ezta bertsorik bere ez dira izango erri honetan".
Jai hori zaharrakaitik egin gura izan dogu, egun alai bat igaro daien, batez be bertsolarien bidez. Igaz ibiltaldi bat egin genduan eurokaz Nafarroara.
Benetako jakituria gehiago ez dagoan artean, aurrerapen eskasa izango dogu.
Mundua zikin ikusten dot nik, alkar gorrotoz beterik;
lapurkeria kalerik kale, ez dot ikusten besterik.
Maitasun bila arinka nator, ez dot nahi anaikeririk.
Zelan gizonen bihotz gogorrak ez dau maitatzen egirik?
Euskal jaiak egiteko, hemen baino erraztasun gehiago izango dozue nonbait. Euskal abeslari txalogarri bategaz belarriak gozotu nahi badozuez, deitu Areatzako* Patxo Iturrateri. Oraindino fama gutxikoa; baina, benetan, gutxi besteko abeslaria.
Niretzat Patxo lehenen,
gero Ronnie Allen.
Baina Urtain
ez dot nahi orain.
Sebastian Angoitia
Bilbo
Jaiegunak
Jaiegunetan Bilbotik urtetea, prolema bat da: bide guztiak automobilez beteta dagoz, eta nekez egin leiteke aurrera.
Gero, ondartzetara eldutakoan, automobila non utzi beste prolema bat izaten da.
Ondartzak eta zuhaizpeak, jendez gainezka. Ume txikiekin nora joan, prolema latza.
Jakin gura dozue leku polit bat non dagoan? Zoaze Garai erritxora. Durangotik Eibarrerako bidean, San Blas ostatuaren aurrean, artu eizue Markinarako bidea. Ta handik iru kilometrora, Garai aurkituko dozue, bere zelai eder eta ikuspegi atsegingarriekin.
Ondartzetan
Igandero* milatazak automobil joaten dira Bilbotik Bakiora, eta beste asko Mungiatik eta Bizkaiko erri askotatik.
Ondartzan, itxuraz, euskal kutsu andia: ume gehienak, euskal izenak (Iñaki, Ander, Edurne, eta abar). Euskera, nahiko entzuten da; baina behar litzaken baino gutxiago.
Ai, euskal izenak dituen guztiok euskeraz egiten asiko balira!
Eta Neguriko ondartzan, gauza berbera: euskal izen asko, baina euskera ez hainbeste.
Euskal bidegidaria
Euskalerriko bidegidari turistiko bat argitaratu dabe Bilbon. Argazki asko, itinerarioak, erri bakoitzak zer daukan ikusgarri, eta abar.
Txistulariak
Bilboko Aiuntamentuko txistulariak disko bat grabatu dabe. Diskoaren alde batean, Bizkaiko aurreskua; ta bestean, euskal dantza soltua.
Txistulari alkartekoak, Bilboko Aiuntamentuari, abuztuko jaietan alarde bat antolatzeko eskatu deutsoe, euren laguntasuna eskainiaz*.
Deustuko ikastolak
Deustuko ikastoletako umeak eta euren gurasoak, aurten, Eubara egin dabe urteroko eskursinoa. Berrehun bat ume guztitara.
Eurokaz batera, baita irakasleak, andereñoak eta arduradunak be joan dira. Ontzat artu deistela, euren izenak hemen aipatzea: Mari Feli Abaitua, Begoña Gerrikabeitia, Agurtzane Jaio, Begoña Beaskoetxea, Matxalen Kastresana ta Agustin Ozamiz.
Eubako lurralde zoragarrietan egun eder bat igaro eben gure umeak, eta eskertzeko da Aita Pasionisten ardura ta laguntza.
Xabier Gereño
Euskera Santiago Apostol kolejioan
Joan dan urtean, Santiago Apostol kolejioan, erea emon jaken ikasleei, euskera edo frantsesa aukeratzeko. Sei mutiletatik batek, hau da, 214 ikaslek euskera autatu eben. Aurtengo proporzinoa be, gutxi gorabehera, bardin antzekoa izan da. Irakasleak Xabier Kintana eta Lina Arego dira.
Ramon Zamalloa
Eibar
Umeen astea
Folklore egun bat egitea nahikoa ez zala ta, kultura programa bat eratu zan umeentzat, maiatzaren azken astean. Eibarko eskoletako lau ume taldek, euskal koru-kanta saio polit bat eskaini* eben asteartean*. Asteazkenean*, inguruko ikastoletako taldeen aktuazinoa: antzerkitxoak bertso, ipuin eta kantak. Larunbat* arratsaldez, Untzaga plazan, "egin dakizuna" edo holako zerbait deitu geinskion jaitxo bat eratu zan: edozein ume jarri eitekean mikrofono aurrean, berak ekiana erakusteko, kanta, ipuin nahiz bertso. Espektakulu honeen publikoa, umeak bakarrik. Iru funtzinoetan, aktore legez parte artu eta zerbait egin eban ume bakoitzari ipuin liburu bat emon jakon sari moduan. Umeen dibujo erakusketa bat bere egin zan Club Deportivo-ko saloian.
Umeen eguna
Maiatzaren azken igandean* ospatu zan Umeen Euskal Jaia. 24 folklore talde etorri jakuzan. Talde eta karrozen ibilaldia, ederto egon zan. Hona hemen zein karrozatzuk* presentatu ziran: "Zuloagari" Arrate Elkartearena, eta "Ferra-toki" ALFA-ko eskoletakoa (lehenen eta bigarren sarituak); "Euskera eskoletara" ikurpean ikastola bat presentatu eben Mogel ikastolakoak, eta Karmeldarrak "Euskal Literaturaren Zazpiak Bat" eritxona. Zorionak sarituei; baina areago*, karrozen lehiaketa* barritu nahian, zerbait bizi eta mamintsurik eskaini* dozuenoi. Datorren urterako, organizazinoa ahalegindu egin behar litzake, karroza presentatzaileei bidea erakutsiz; eta, beharbada, klasifikazinoko erregelamentua barritu, motiboari tarte gehiago emonaz.
Arratsaldean, dantzari eta txistulari taldeen jardunaldia, Akaberan, "Gernikako Arbola" eta "Agur Jaunak".
S. Basauri
Galdakano
Udaletxean jestinoak
Erriko gazte batzuen arduraz, Galdakanon diran talde batzuek erriko agintariei eskatu deutsee, aurrerantzean erriko, jai guztietako programak euskera ta erderaz argitaratu daitezala. Eskari hau izenpetu daben taldeak honeexek izan dira: A.G.C.F., Parrokia (Juan Maria Arrinda buru dala), C.D. Galdácano, Andra Mari dantzari taldea, Peña Santa Cruz, Ikastolea, Sociedad de Caza y Pesca, eta igazko Euskal Jaiaren Antolatzaile Alkartea. Legezko eskari hori onartua izango dala uste dogu, erriko agintarien eta batez be Victor Legorburu alkatearen jauntasuna danok ezagutzen dogu ta.
Beste meza bat euskeraz
Erritar batzuek Juan Maria Arrinda erretore jaunarekin egon ziran, beste meza bat euskeraz jartzeko eskatuaz. Jestino honeek ondoren ona izan dabe, eta oraingoz meza hori larunbatetan* izango da, iluntziko 7-etan. Neguan, igande* eguerdira pasatu gura leukee.
Bengoetxera abade barria
Bengoetxen egoan abadea, Angel Zelaieta, ANAITASUNA amabosteroko honen zuzendaria, Bilbora aldatu da, aldizkariaren lanari osorik lotzeko; ta bere ordez Aburto abade jauna ari* da Bengoetxen. Ondo etorria!
Utsak zuzentzen
Azken ANAITASUNA-n, "Ganguren" taldeak sariak dirutan emon zituala ez da egia, mendizale talde honek ez baitau* dirutan sarituten. Barkatu!
Oporrak
Jendea, norberak daukan diruaren arabera*, oporretan dago.
Hergoien
Markina
Jaiak
ANAITASUNA ale hau gugana eltzen daneko, Markina jaietan egongo da. 19-an, umeen jaia ospatuko da; ta aurten, orain arte egin ez dan sariketa bat: euskeraz zeinek obeto idatzi ta irakurri. Markina, Barinaga, Bolibar, Etxebarri, Larruskain ta Urberuaga errietako umeentzat izango da.
Beste egunetakoa, aurreko urteetako antzera izango dala uste dogu; baina ez dakigu gauza zihurrik, Udalak* erdaldunentzat bakarrik atera baititu* esku-agiriak. Zoritxarrez, ez da hemengo okerra bakarrik: Iturreta, San Martin eta Barinagan, beste horrenbeste egin dabe bertako jaietarako. Datorren, urterako, oker hau zuzentzea ta geurea haintzakotzat artzea nahi dogu Markinarrok.
Erakusketa
Joan dan ilean, Markinako Scout taldeak eratuta, erakusketa ikusgarri bat izan dogu. Ederto antolatuta, musika izkutu batez gozaturik. Beste gauza batzuen artean, mendietako argazki ederrak, ormako marrazkiak, esku lanak, mendirako tresnak eta Andes mendietara igon eben euskaldunen argazki bat.
Itzaldiak
"Artibay" mendigoizale taldeak eratuta, itzaldi entzungarri bi izan doguz il honen 1-ean eta 2-an. Lehenengoaren gaia, "Alcohólicos anónimos"; bigarrenarena "Salvamento y socorrismo". Bideetako min-artzeak, itsasokoak eta mendietakoak aipatu zituan Usparitxa, Bideetako Laguntza Alkartearen lehendakariak. Zoritxarrez, ohitura danez, entzule gutxi.
Batzarrak
Azkenengo ANAITASUNA-n iragarten zan legez, erriko preminak dirala ta, batzar nagusi bi izan doguz. Laurehun bat lagun izango ziran. Egin diranak adierazo ziran lehenengo, ta gero eritxiak eskatu ta alkarrizketan aztertu:
Praktikante barria, dispentsarioa, Bolibarko osagileak Markinan lan egin leikela, eta abar. Dispentsarioari buruz, Diputazinoaren eta Udalaren* laguntza zain dagoz hospitalean, lanak lehen bailehen asteko. Baten batek esan eban, etxe bakoitzak ehun peseta emon ezkero, ea ezin leitekezan lanean asi, beste laguntza hori ez bada... Batzarkideak, erriko andra-gizonak, arduratsu ibili ziran, erriaren onerako zerbait lortu guran. Tamalez, batzuengandik, laguntasuna baino eragozpenak ugariago dira.
Diru laguntza
Urtero legez, "Caja Laboral"-ak diru laguntza batzuk emon ditu: Dispentsarioa egitekotan dabiltzanei 12.000 peseta, "Zerutxu" ikastoleari 8.000, Scout taldeari 3.000, ta udako koloniak eratzen dituenei 3.000.
Ez litzake txarto egongo, beste diru etxeak be erriaren onerako horrela laguntzea.
Irukote
Larrabetzu
Zoritxarrez, gure errian ez gara bizi bakean. Orain urte bete, Jesus Naberan kartzelara eroan euskuen. Txori Erriko umeentzat erredazino txapelketa bat egin dogu, eta sariak banandutea galerazo egin deuskue. Zipriano Zamalloa kartzelara eroan dabe.
Jazoera honeek ikusita, problema bat planteatzen jaku: erriko jaiak organizatu ala ez. Gu baitzean gagoz, nahiz eta batzuek txartzat artu.
Larrabetzun, edo antzeko errietan, isiltasun zikin baten gelditzen bagara, ez dogu ezer irabazten. Jai on batzuk, ostera, egiten badoguz, ez dogu ezer aterako? Esate baterako, Euskal Jai bat, bertsolariakaz, abeslariakaz eta abar? Folklorekeria da, baina behar beharrezkoa holako errietan, euskal jendearen onerako.
Zer dino jendeak?
To-Txi
Lekeitio
Ikastetxea
Behinola idatzi genduan, bigarren mailako Ikastetxea aurten asiko zala eskolak emoten. Ba, zoritxarrez, ez dago ezer. Obeto esateko, zeredozer bai. Ormak gora joiazala, mendebal baltzak behea jo eragin eutsen. Behea jo geroztik, adarra jotea. Egun batetik bestera, berau egiteko ardura eukanak, paltrikeran diruak sartu ta iges egin ei dau. Horixe da entzuten dan zurrumurrua. Dana dala, Lekeitioko 500 inguru ikasle Instituto barik gelditu dira zati baterako.
Zumatzeta kalea
Kale honetan bizi dan familia bakoitzak, berari dagokion mila pesetakoa sartu dau, Aiuntamentuaren izenean irigi dan Bankuko kartilla batean: kalea konpontzeko, hain zuzen. Baina egunak aurrera, ta bildurrak artuta ditue euren gibelak, zeren* inok ez daki zorioneko kale nori barriztatzen noiz asiko diran. Gure agintariak sarri askotan agertu dabe, erri txukun eta garbia nahi dabela. Lekeitiarrak diru emoten, eta kalerik gehienak zabartuta, txarri-kortak baino zikinago.
Ondo etorriak
Euren ostera* luzea amaitu ondoren, Barbarias anaia gazteak erriratu dira, Carabanchel, Jaén eta Palencia ezagutu ditue ibilaldi luze honetan.
Zorrozua
Mundu biribila
Yugoslaviako Alderdi Komunista
Ez dogu Yugoslaviako Alderdi Komunistaren azterketa luze ta sakonik egingo. Guk esponente legez bakarrik artu baitogu* Yugoslavia, gure konsiderazinoetarako. Mugaketa bat halan be, lehehengo ta behin: gure ustez, Milovan Djilas larregi aipatzeak Yugoslaviako Alderdi Komunistaren irudia faltseatu egiten dau.
Milovan Djilas ez da komunista, Alderdikoa behintzat; ze komunismoaren kontra doa, eta komunismoari blokean eta erabat* erasotzen* deutso, bere azkeneko posizinoan behintzat. Komunismoaren politikazko formulari ta erakundeei*, erreboluzinoaren programari, gizarte antolaketa sozialari moral leninistari berari, ta azkenerako ideologia osoari. Politikagintza galerazota daukalako edo, Djilas predikari bat egin da. Eta lan horretan gure begirune guztia badauka be, posizino horregaz Yugoslaviako komunisten arteko joera andi baten esponente argiena ta gogorrena izatea galdu dau basa-gudari meditazino-zale honek.
Yugoslaviako Alderdi Komunistan, erakundeen eta gizartearen antolaketaren auzia dago soluzino barik. Ez filosofia osoa. Baina hau be praktikazko soluzino eske dago, eta ez teoriazko meditazinoen preminan. Komunistak oraindino be sinesten dabe erreboluzinoan, eta zelan erreboluzinoa aurrera eroan erabagi gura dabe. Milovan Djilas, ostera, ezeptiku bihurtu da.
Halan be, Djilasen posizino ezeptikua edo etsia* Yugoslaviako errian (langile, ikasle ta intelektualen artean) bizi bizirik agertzen da. Eta kezka honeek oraingoz hango Alderdi Komunistaren baitan* neurri txiki txiki baten bakarrik sartu badira be, situazino oso nahastua sortzen jako Alderdiari horregaz. Minoria kezkatsu hau, izan be, ez da indarrik bakoa, komunista ez diranakaz lotzen da ta. Intelektualakaz egiten dira batez be loturok. Intelektual nahiz idazle komunistak eta komunista ez diranak batera dagozanean, barriz, gatx egiten jako Alderdi Komunistari zer egin erabagitea. Intelektual horreek, Alderdikoak izan barik be, errikoak eta erriaren aldekoak baitira*.
Intelektualen arteko marxismo akademikua ta Alderdiko lagunen marxismoa banandu egin dira alde bitara. Ta Alderdiari ez jako praktizismoa baino beste biderik geratu; hau da, desideologizatu beharrari jarraitu deutso. Ez jako marxismo ortodoxoari setaz* lotu, baina marxismoaren interpretazino benetan modernurik be ezin daike artu. Horrexegaitik dauke Yugoslavian Alderdi Komunistari intelektualakaz sortzen jakozan konfliktuak karakter berezia, beste Erresuma* komunistetan ez lakoa. Rusian edo Polonian filosofilari baten filosofia bera kondenatzen dau Alderdiak. Yugoslaviako Alderdi Komunistak, ostera, ba daki hori barregarria dala; baina ez daki zer egin. Holan ikusi dogu Tito, joan dan urtean, 1969-an, bapere orientazino barik, intelektualakaz eztabaidan. Erabat* intelektualen eskuetan itxita baitago* teoria, Alderdiak ez dauka intelektualen aurka joateko zilegitasunik*. Teoriagaz noraezean ibiltzea da Yugoslaviako Alderdi Komunistaren lehenengo gaitza.
Horregaz batera, Alderdi Komunistea, intelektualei buruz jarduteko, galduta ixten dauan beste arrazoi bat be ba dago: komunistak intelektualen beharrean dagozala (Yugoslavian ez dago intelektual komunista askorik). Honetan, Yugoslaviako liberaltasuna deritxona ez da, seguru asko, preminaren birtutea baino. Eta intelektualen beharrean dago, Rusiaren aurka titoismoa defenditzeko batez be. Baina titoismoaren aldeko arrazoiak berehalaxe* bihurtzen dira Titoren beraren aurka, arrazoiok nazino arteko mailatik nazino barnekora itzuli ezkero. Garaudy-ren azkeneko liburuagaz ikusi zan hori. Yugoslaviako egunkariak* gogotik asi ziran liburu hau itzuli ta argitaratzen, han Rusiaren aurka esaten ziranakaitik berotuta. Baina ikasleak eta irakurleak, intelektualakaz batera, Belgradoren aurka aprobetxatu zituen Garaudy-ren arrazoiak eurak. Boomerang arriskutsu bat bihurtu jakon Yugoslaviako Alderdi Komunistari Garaudy-gaz olgetan ibiltzea.
Intelektualen arazo honegaz nahasturik dabil Yugoslaviako Alderdi Komunista. Eta Yugoslaviak ideologia sozialistagaz, nazino arteko egoeragaz eta nazino barneko arazoakaz eten barik egiten dauan hainbat konpromisok luzarora burubide onik euki ote leiken itaunduteko arrazoirik ez da honezkero falta. Alderdi Komunista abiatu dan bidean, urtenbide bakarra geratzen da azkenerako: Alderdia desideologizatu, marxismoaren konfesionalismoari amore* emon. Aspaldi ikusi zan hori Europako sozial demokratakaz; eta, antza, horixe ekarren Txekoslovakiako udabarriak be. Yugoslaviak ezin leike intelektual barik geratzeko arriskua onartu, orduan Rusiaren altzora itzuli beharko leuke ta.
Jose Azurmendi
Mundu biribila
Italiako gobernuak hango eskualde bereziei halako autonomia emateko saioak egiten ditu. Izan ere Italian ba dira herrialde asko berdinak ez direnak eta, ohiturei, hizkuntzari eta politikari dagokienez, autonomia nahi dutenak. Iparraldean, Alto Adigio deitzen den lekuan, aleman hizkuntzakoak bizi dira, bihotzez austriar sentitzen direnak; eta italierazko dialektoei bagagozkie, Espainian baino gehiago topa ditzakegu.
Politika aldetik, gainera, ba dagoz lurralde batzuk, sozialismoa lasterrago gura dutenak, beste batzuek baino. Beraz, norbere etxea ondoen gobernatzeko, egokiena zerik da, bakoitzak berean manu eta aginte edukitzea. Honela uste ukan du Italiako gobernuak, eta horretarako lehen pausoak eman ere.
Nolabait, Italiak ematen duen pauso hau harrigarria da. Italiak, oker ez bagagoz, orain ehun urte lortu zuen bere askatasuna (1870 garrenean); eta miresteko da, benetan, ehun urte eskas hauetan hain sentimendu nazional haundi bat egin ahal izatea, bakoitzak bere etxean aginduaz, denak elkarrekin Italiako estatuan segitzeko.
Espainian lurraldeen batasuna, orain larehun urte baino lehenago, errege katolikoen denboratan egin zen; baina, zoritxarrez, gobernuak ez dira orain arte herrialdeen nazionaltasunaz konturatu. Deskonfidantza nabari bat ikusten zaio gobernuari arazo honetan, katalan, gailego eta euskaldunoi geure etxeetan geure gustora ibiltzen ez utzitean. Zinez esan genezake, Espainian eskubide osoak dituzten bakarrak gaztelaunak direla, haiei bakarrik errespetatzen baitzaizkie beren hizkuntza, ohitura eta kultura. Besteok bazterturik eta burua ezin jasoaz bizi gara. Noiz arte? Italiak egin berri duena bide imitagarria da benetan Espainiako eta Frantziako kasuetan ere.
Nolabait ba dabil zurrumurrutxoa "regionalización" delako horrekin; baina, guk dakusagunetik, ekonomiaren arloan bakarrik. Euskal Herria, noski, ez da sartzen Neguritarren planifikazioetan; eta guretzat, ordea, Euskal Herriak, hots euskaldunok, geuk, fabrikek eta irabaziek baino garrantzi haundiagoa dadukagu.
Ea, Italiako bidea ikustean, gure politikalariak berotzen zaizkigun eta Euskal Herriari lege onurakorren bat datorkion, behar ba du gaixoak eta!
Xabier Kintana
«Hunik arrats artean» izena daroa Anjel Lertxundi gazteak LUR editorial etxean argitaratu dauan liburuak. 114 orrialde ditu, ta gehienak poesiak eta «nagusientzako» ipuinak dira.
«Xomorruen mundua» da Margo Ederdun Enziklopediak argitaratu dauan azken atala. Egilea Albert Jeannin da, eta euskeratzailea Martin Iturbe. Etxe honeri askotan eskatu jakon arren, oraindino ez da euskera batua erabilten asi.
«Lur» eta «Irakur Sail» editorial etxeak alkarrekin tratu bat egin behar leukeela eskatzen dau jendeak, alkarri trabarik jarri barik, bakoitzak liburu mota berezi edo ezbardinak argitaratzeko konponketa bat eginaz, euren onerako eta baita erriarenerako bere.
«Liturji Goratzarreak» izenburuarekin argitaratu dau Juan Anjel Etxebarriak bere 44-gn. liburua. Azken honek 31 orrialde ditu, eta egileak berak egindako itzaurre labur bat dakar. Eskatzekotan: Catequesis de San Antón - Bilbao.
«Death in Murelaga» (Iletak Murelagan) izenburuarekin argitaratu barri dau William A. Douglas jaunak bere Doktoretzarako idazlana. Jaun honek Nevadako Unibersidadean irakasten dau, eta udaldi batzuetan hemendik ibilia izan da, euskeraz ikasten eta bere idazlan hori gertatzen. Uda honetan, Jon Bilbao irakasle entzutetsuarekin batera, ikastaldi batzuk emoten dihardu Uztaritzen, bertan bildurik* dagozan 36 gazteri. Argitasun gehiagorako, daitu: Emilio Cortabitarte, Murélaga (Vizcaya).
«Histoire de l'âme basque» izenburuarekin argitaratu barria da Roland Moreau jaunak egindako liburua. 748 orrialde ditu. eta Ipar Euskalerriko eliz-historia ezagutzeko zeharo interesgarria da.
«Kili-Kili» izeneko aldizkariaren bigarren alea —«Euskerazaleak» alkartearen etxean asi danetik— argitaratu barria da. Aldizkari hau zeharo interesgarria da, umeentzat egindako bakarra baita*. Jakina danez, Jose Antonio Retolaza abade gaztearen arduraz ta ahaleginez ateratzen da aurrera, euskal literaturan hain beharrezkoa dan sail hau. Gure uste apalez, obe litzake orain arte dakarren baserri kutsua kentzea, gure umeak ez baitabe* ez txapelik ez abarkarik jazten.
«Beasáin, historia y desarrollo hasta nuestros días», Jose Manuel Azurmendi Dorronsoro jaunak egindako liburu baten izena da. Donostiako Aurrezki Kutxeak antolaturiko «Pueblos de Guipúzcoa» sariketearen irabazlea da.
Azpeitian, Andres Amunarriz jaunak egindako «Ustegabeko poza» antzeztua izan da, joan dan ekainean*, «Antxieta» taldeak eraturik.
Zugarramurdin, «akelarre» bat izan da ekainaren 23-an, Julio Caro Barojaren itzez baliatuz eta Bello Portu orkestearen zuzendari zala.
Tolosan, «Beste ertza», Jose Lopez jaunak egindako antzerkia emon da.
«Estitxu» (Estibaliz Robles Arangiz) barriro agertzen jaku disko barri batekin. Hegosa etxearekin grabatu ditu «Denbora anitz», «Bezkoitze», «Alaitasuna» eta «Zure begiak».
«Araba» izeneko Gazteizko abestaldea, Sabin Salaberri jaunak zuzendua, orain «Consejo de Cultura de la Diputación» dalakoaren ardurapean gelditzen da. Ondo doakizuela era barri honetan!
Iruñeko «Izarra» zortzikotea Katalunia aldean kanta saioak eskaintzen* ibilia izan da.
Antonio María de Oriol y Urquijo, Justiziazko Ministruak, Bilbo askatu ebeneko XXXIII-garren urteurrena ospatzerakoan, itzaldi batean, beste gauza batzuen artean, urrengo hau esan eban: «Vasconia es la abuela de Castilla y de aquí salieron los vascos que hicieron las tierras españolas; de este vascuence, lengua vernácula, recibe el castellano la forma de decir las cosas».
«Amigos del País» izeneko alkartekoak Azkoitian bildu* izan dira, joan dan ekainaren* 23-an. Gipuzkoako Diputazinoaren Lehendakari dan Jose Maria Araluzek itz egin eban, «Derecho consuetudinario» gaiari buruz.
Euskaltzaindiak Gazteizen egin izan dau ileroko batzarra, ekainaren 26-an. Aspaldietan beti Donostian egiten izan ditu bere batzarrak. Laster Bilbon bere egingo ei dira.
«Espainiaren Merkatu Batuan sartzeak Euskalerriari ekarriko deutson ondorena». Gai honeri buruz itzaldi batzuk izan dira, joan dan ekainean, Baionan, Jean Lafaurie, Fernando Montesinos, Jacques Saint-Martin eta Enrique Mas-Montano izlari zirala.
Nafarroako Ribaforada errian, joan dan ekainean jausi zan arri zaparradeak 70 miloiko kaltea egin dau. Piperra, tomatea eta artoa ondatu ditu. Eta Luzaiden* 13 ardi il zituan, «Saindu» baserriko artaldean.
Miguel Bueno Cuenca jauna, Iruñeko «Hospital psiquiátrico San Francisco Javier»-eko midikua izan da oraintsu arte. Bilboko Gaceta del Norte eta Iruñeko Diario de Navarra egunkarietan* agertu zan, gaixo etxe hori zeharo kondizino txarretan egoala. Ondoren bezala, Nafarroako Diputazinoan erabagia artu zan maiatzaren 29-an, midiku horreri bajea emotea.
Iruñeko Done Lorentzo parrokiako erretoreari, 25.000 peseta emon deutsoz Nafarroako Diputazinoak, Lourdesera gaixoekin egiteko dan pelegrinazinoko gastuetarako.
Baztan eta La Regata eskualdean*, gehitzen doaz artaldeak.
Nafarroako Erribeheran, aurten beste urteetan baino frantses porru edo esparragu gehiago jasotzeko ustea dago.
Iruñeko Udalak* 750.000 peseta emon deutsoz bertako «Euskal Jai» frontoiko zuzendaritzari, eta beste 130.000 peseta «Empresas Reunidas» deritxon frontoi-enpresario alkarteari.
Tudela erritik doan autobidea erri barrutik kanpora ateratzeko lanak asiak dira. 80 bat miloi peseta kostatuko ei dira.
«Transportes Urbanos del Gran Bilbao»-ko txoferrak huelga bat egin dabe, aloger obeak eta neurritik gainetiko ordurik lanean ez egiteko eskatuaz.
Bizkaian, lantegi honeetan egin dira «Convenios Colectivos» diralakoak: Galletas Artiach-en, 652 langilek; Aurrera Industrial-en, 600 langilek; Naviera Vizcaína-n, 500 langilek.
Baztan aldean, geroago tabako gutxiago artzen da, zoritxarrez. Teknikoak dinoenez, Baztan aldeko mendiak oso lurralde onak dira tabakoarentzat. Gutxiagotze hori, gehienbat, laborariak industrietara joanak diralako ei da.
«Sanfermines» izenburuarekin argitaratu dau liburu bat Jose Maria Iribarren jaunak. Xehetasun gehiagorako, deitu: «Diario de Navarra», Zapateria, 49-Pamplona.
Amparo Castiella andereñoak, «Generalidades del yacimiento de Libia» izenburuarekin egin dau bere lizentziaturarako lana, Nafarroako Ikastetxe Nagusian. Libia hau gaurko Logroñoko Herramelluri erria da; eta aipatutako idazlan hori, antzinako «berones» tribua aztertzeko egina da.
Arabako Diputazinoak, ekainaren* 24-an, San Joan egunean, bere jaia ospatu eban Arriagako ermitan. Meza erdian, «San Joanen Zortzikoa» jo eben txistulariak; eta meza ostean, ezpatadantzariak egon ziran. Jende asko joan zan bertara, jaia ospatuaz. egun eder bat pasatzera. O tempora, o mores!
Peruko lurrikaretan ondatutakoen alde, jaialdi bat egin zan Gazteizen. Bertan presente izan ziran probintziako agintari nagusiak. Ezpatadantzariak eta «Araba» kantari taldeak parte artu eben. «Araba» taldekoak kanta honeek eskaini zituen: Kitolis, Mendizaleak, Agur zaharra, Dos palomitas, Deep river eta Gora Araba.
Nafarroako Arbizun egindako Euskal Jai batean, Gorrotxategi ta Lazkano bertsolariak, Iruñeko dantzariak eta Gazteizko «Araba» kantari taldea egon ziran.
Anjel Zelaieta
Kargu barriak
Iñaki Garmendia Fano, Bilboko Sagrada Familia elizako erretore. Ramon Maria Mendizabal, Gatikako erretore (lehengoak, Isidro Elorrietak bere gogoz utzi dau kargua). Isidro Elorrieta Cenica-Onaindia, Gatikako koajutore. Felix Matias Lasa Lasa, Begoñako Ama Klarisetako kapellau.
Elizgizon barriak
Ekainaren* 7-an, abade jaun egin zan Román Landera Martín gaztea. Ta sudiakonu ta diakonu, José María Aguirre, José Joaquín Albistur, Antonio Aranzadi, Santiago Arzubialde, Miguel Angel Azagra, Guillermo Beamont, Santiago Benito, Javier Berriatua, Luis de Diego, José María Gondra, Miguel Guzmán, Juan María Imaz, Miguel Angel Mora Alberto Pérez (guztiok Jesusen Lagundikoak), José Antonio Valverde ta Luis Fernández (Kamilotarrak).
Diru batzea
Joan diran urtarril, otsail* eta martxoan, 463.247 mila peseta batu ditu Bizkaiko elizbarrutiak. Dirurik gehien batzen dan eliza Bilboko San Vicente da, bertan ilero 24.000 peseta batzen baitira*.
Zamorako kartzelan dagozan abadeak
Zamorako espetxean diran abadeak ikasten dihardue gogor. Alberto Gabicagogeascoa, Martin Orbe, Felipe Izaguirre, Jesus Naberan eta Julen Calzada "Filosofía y Letras" ikasten ari dira; eta, esaminak egin ahal izateko, Valladolideko espetxera aldatu zituen, ohi diran zaintzaileak lagundurik. Beste enparaduak* be ikasten dihardue, baina Unibersidadera jo barik.
Zirarda jaunaren eskutitza
Bizkaiko elizbarrutiko 9 abade atzeman, epaitu eta Zamorako espetxean sartuak izan ondoren, Zirarda jaunak, Bilboko gotzainak, eskutitz bat bidaldu eban diosesiko eliza guztietara, ekainaren* 4 eta '-ean meza denboran irakurteko. Karta hau, agentzia baten bidez, egunkari* guztietara bidaldua izan zan; baina ez eban batek bere argitaratu. Bizkaiko elizbarrutiko ekaineko boletinean bere ez da agertu.
Giltzaperatutako abadeak euren parrokietara
Zamorako espetxera eroandako 9 abade honeetarik 8 askatuak izan ziran ekainaren* 18-an: Cipriano Zamalloa Larrabetzura, Anastasio Olabarria Sestaora, Martin Ormaeche Sestaora, Ernesto Araco Sestaora, Francisco Regidor Sestaora, Antonio Gurruchaga Sestaora, Jose Antonio Zabala Dimara, Javier Sagastagoitia Barakaldora.
Zortzi abade honeek errekurso bat egin eben Ejerzituko Ministeriora. Errekurso horretan esaten eben, euren danadalako delituak, behin sei ilabete igaro ezkero, preskribidu egin ebala, militar juezaren esanez "arina" baitzan*. Baina behin bere ez eben baieztuten, eurak ezelako deliturik egin ebenik.
Jose Antonio Calzada, Gernikarra ta Basauriko abadea, kartzelan gelditu zan ilabeteko zigorra bete arte, ez baitau* nahi izan aipaturiko errekurso hori egiterik.
«Te Deum» baten inguruan argitasuna
Bilboko egunkariak* Pilar Careaga Bilboko alkatearen ohar bat argitaratu eben. Ohar horren arabera*, "Te Deum" kantatzea debekatzen ebala adierazo ei eutson Zirarda jaunak alkateari. Egiaz gertatu zana, hauxe da: Bilbo liberatu eben egunaren urteurren bezperan kanpai ots aundienak egiteko eskatu eutson alkateak obispoari. "Gure elizbarrutia —erantzun eban Zirarda jaunak— nahiko tristerik dago, holakoak egiteko".
Begoñako abadeak, ostera, euren artziprestearekin batera, aditzen emon eutsoen alkateari, eurak ez ebela nahi Begoñako elizan "Te Deum"-ik kantatzerik. Azken jestino hau Ubieta jaunaren eta alkatearen laguntzaile baten bidez egin zan, bai Zirarda jauna eta bai alkate andrea kanpotik ziran eta. Begoña inguruko artziprestea Jose Luis Atxotegi da, 28 urtekoa, Durangarra, orain Otxarkoaga izeneko Bilbo egaleko langile auzo baten ari* dana.
Bilboko gotzainaren eta bere abadeen arteko kartazko alkarrizketa
Bilboko Gotzain Jose Maria Zirarda jaunak, ekainaren* 25-ean, bizkaitar elizgizon guztiei bidaldutako karta batean esaten dan legez, maiatzaren 30-ean bizkaitar elizgizon batzuek karta bat emon eutsoen eskuz.
Karta hau, iru zatikoa ei da. Lehenengo partean, 37 sinatzailek* (eurotariko 10, fraileak dira) esaten deutsoe Gotzainari, bere jokabidea maltzurra ta arriskugarria dala, "alienantea" eta indartsuei lotua, eta, Ondarroan egindako "ezkontzari" buruz, haren ilegitimotasuna baino ez dauala salatzen.
Bigarren zatian, 25 sinatzailek (eurotiko bat, frailea da) esaten deutsoe Gotzainari, euren karguak utzi ez arren, Eliza ofizialari "errelatibuki" baino ez dirala lotzen, eta, kargu horreetaz baliaturik, Ondarroakoa lako kristinau komunidadeak sortzen jarraituko dabela.
Ta irugarren zatian, 6 sinatzailek (euron artean fraile bat) Eliza ofizialetik kanporako kristinau taldeetan lotuko dirala, gaurkoz, euren abadetza emonkorrago izateko biderik egokiena deritxoela ta.
Aipatutako Gotzainaren karta horretan esaten danez, elizgizonen karta hori abade bik eskuz eroan eben Obispadura; baina sinatzaileen izenak makinaz jarriak ziran, eta ez eskuz.
"Nire lanari kritikea egitea —dino Gotzainak— ondo ikusten dot, utsak danok ditugu ta". Gero Ondarroako kasua azaltzen dau, balore jatorrak dituala esanaz, baina jatortasun hori eliz-alkartasunean oinarritu barik dagoala salatuaz. "Danok egin behar dogu ahalegina, gauzak barriztatzeko —dino Zirarda jaunak; baina beti Jerarkiarekin batean, Jerarkiagandik kanpo ez baitago* ezelango Elizarik. Gotzainaren zeregina —jarraitzen dau Obispo jaunak— pazientziaz gobernatzea da, baina baita dotrina onez bere. Eta kasu honetan, dotrina ona arriskuan dago. Eliza barruan ezin daiteke dialektikazko modu iraultzailerik* erabili".
Jose Antonio Kalzada ere, giltzpean ila bete osoan egon Ondoren etxeratu barria da. Han barruan luzarorako dagozanak Aita Santu Paulo VI-garrenari egindako karta bat ekarren, baina espetxeko atezainen eskuetan gelditu da, handik ataratzeko behar dan baimenik ez eukan ezkero, legez-kanpo bait ekarren. Legezkanpotik karta hori bidaltzekotan ibiltzegatik barruan geldututako izenpetzaileak, ohi dan legez, zigortuak izan dira.
J.A. Kalzada jaunak aitzen emon izan dau, barrukoek arren bai arren eskatzen deutseela Eliz-Agintariei, abadeentzat bakarrik dan espetxe horretatik atara daiezan eta beste erritarrek diran ohi dan espetxeetara eroan. Eliz-Agintariek hau lortu ezin badabe, edo lortzen ahalegintzen ez badira eta euren erritarrekin batera egotea maite dabeeleako, guztiok minduko gindukeazan zerbait egitera beharturik arkituko direla.
J.A. Kalzada jauna bere parrokiko lanera lotu da Basauriko Done Migelen elizan.
Jakin eta ekin
"Lo egoteak izutuko ninduke"...
Telesforo M. Olaso edozein euskaldunek ezagutzen dauan gizon bat da. 1904-eko apirilaren 1-ean jaio zan Bergaran. Lege ikasketak egin zituan, eta politikalari trebe ta ausarta* bihurtu zan. Gerra ezkeroztik Donibane Lohitzunen bizi da. Azken urteotan hainbat teatro lan idatzi ditu, eta Larzabalek eta biak teatrogintzan hango bikoterik prestuena egiten dabe.
Denbora gutxi dala, berorrekin egondu gara, alkarrizketa bat egin nahiez. Telesforok, beti bezala, eskuak zabalik artu gaitu ta 22 urte dituanaren alegrantzia ta itxaropenarekin mintzatu jaku. Urteak ez dira alferrik igarotzen eta gu gazteon eta Telesfororen eldutasunaren artean ba dira zenbait diferentzia; baina, borondate ona bitarteko danean, aldea gutxitu egiten da; ta gainera, Telesforok Baionako Euskal Astean esan bezala, "zubiak ez dira apurtu behar".
— Esaten da euskaldunak ez dakiela behar diran gestinoak Madrilen egiten. Hori hola dala uste dozu?
— Madrilera joan baino lehen, euskaldunek ba dituzte, Euskal Herrian bertan, hamaika "gestino" egiteko. Lehenik, elkar gaitezen. Joango gaituzu Madrilera gero.
— Ta zegaitik bizi dira euskaldunak, Madrileko politika plazan jokatu barik?
— Azter itzazu ondo, hogei ta hamar urte hauetan, ministru, enbajadore eta gotzain "plazatuak" ibili direnen izen jatorrak. Gehiago nahi al dituzu? Egiazko politikoak, lehen lehenik, hementxe Euskal Herrian ikusi nahi nituzke nik. Ba dugu beharra.
— Konparazino bat egiten asi ezkero, zelan ikusten dozu gaurko euskaldun gaztedia zure denborakoaren ondoan?
— Atzoko gaztediak gaurkoa ekarri behar zuen. Atzokoa atzoko bezain aurrerazalea dozu, gaurkoa gaurko. Erreka bereko urak dira biak. Jakina: erreka biziaren urak aldatzen doaz beti; ez dira geldi egoten. Egonean dagozen urak laster usteltzen dira. Eguneko lana eguneko langileekin egin behar duzu. Gaurko gaztediaren ikara ta kezkek ez naute izutzen. Egonean lo egoteak izutuko ninduke.
— Horretarako era egokiago batean bagengoz, ze gobernu modu izango litzake gaurko Euskalerriarentzako taxuzkoena?
— Gaurko? Batasun zabalena eta azkarrena ekarriko ligukena.
— Ba dakizu «euskaldun fededun» esaten dala. Hori noraino ote da egia?
— Bi Euskal Herri izan dira beti: fededuna eta bestea. Biekin egin behar dugu biharko Euskal Herria. Sabino fededuna zen. Agustin Xaho ez. Euskaldungoa ezin zaio ukatu ez bati ez besteari. Ez ditzagula nahas politika eta fedea. Lehendik ere, zoritxarrez, nahiko nahastuak baitagoz*.
— Zer deritxazu euskaldun abade gazteen jokaerari, eta konkretuago Bizkaian «gogortasun» izenarekin ezagutzen danari?
— Beren Herria eta Ebanjelioa aitortzeagatik, hogei ta hamalau urte hauetan hilak, espetxeratuak eta herbesteratuak izan diren apaiz guztiekin bat eginda gagoz bihotzaren erditik. Txapela erantzirik agurtzen ditut, atzokoak bezala gaurkoak ere. Sufritzen ari den Herriari, Goiko Hitza norbaitek eramatekotan, hauek eraman lezakiote. Hauxe eskatzen diet: ogi freskoa atera dezatela... labea hautsi gabe.
— Ba dakizu abade honeek kritikatuak izan dirala, kalean ekintza zakarrak egin beharrean, puestorik klabeenak arrapatzera jokatu ez dabelako. Zer deritxazu?
— "Puestorik klabeenak arrapatzera" jokatu izan balute, uste duzu ogi freskoa aterako zutenik?
— Euskal kultura sailean, gure ustez behinik behin, azken urteotan ez da balio aundiko gauzarik egin. Zelan ikusten dozu euskaldun artisten jokaera?
— Oteiza, Txilida... gaur munduan ezagutuak dira. Atzo Unamuno eta Baroja ere bai. Euskal idazleetan, egia esan, ez zaigu egundaino holakorik gertatu. Baina kasu: Lizardik, Lauaxetak, Orixek, Txilardegik, Arestik, Oxobik, Larzabalek... erderaz idatzi nahi izan balute, uste duzu ez zirela gaur ezagutuagoak izango? Hortan da beren merezimendua: geroari buruz ari baitira*. Guk euskal idazleok, gaur, antzinako profetek bezala egin behar dugu: bideak gertatu. Helduko baitzaigu guri ere gure Mesias. Eta orduan, hizkuntza guztietara itzulia izango da euskera ere. Horretan egon segur.
— Zer deritxoezu euskal kantari barriei?
— Nire ametsik* ederrena hauxe litzakela: herriz herri kantuz haiekin ibili.
— Euskeraren batasunari begira, zer eskatuko zeunke politikalari bezala?
— Polliki eta segur ibiltzea. Euskeraren batasunik gabe, ez da bihar egiazko Euskal Herririk. Nola joka? Politikaz elkartzen bagara, hizkuntzaz ere batuko gara errazago. Filologoen eskutik, politikoek egin behar dute batasuna. A! ta artean... nik H-kin eta besteek H-rik gabe idatzi arren, ez gaitezela elkarri muturra hausten ibil. Horrek ez baitu* bidea zabaltzen. Gainera... etsaiari gure bizkar barre egin araztea ez baita* lan atsegin.
— Zu bizi zarean eskualde honetatik, zelan ikusten dira beste aldeko gauzak. Obeto esanda, zelan ikusten gaitue «honeek», hemengook, gu?
— Batzuek pozik, besteek irriz edo beldurrez. Baina egia hauxe da: horko gorabehera guztiak gero eta ardura haundiagoarekin segitzen direla hemen.
— Ba dakigu ANAITASUNA ezagutzen dozuna. Emoiguzu zeure eritxia.
— Zuen ANAITASUNA-ri begiratzen diogu guk, gosetuek ogi zuriari bezalaxe. Ba du sakontasun eta arintasun. Gorputz hartuko duelarik, gauza ederra izango da. Hauxe eskatzen diot: batasunaren mutil izan dadila: euskeraren batasun eta euskaldunen batasun. Indarraren beharretan baikara*. Eta batasunik gabe indarrik ez baita*.
Angel Zelaietak galdetzen dau, "Itziarren semea"-k erantzun
Jakin eta ekin
Eliza, euskera eta gurasoen eskubideak
Azken urte honeetan, Elizak enziklika edo dokumentu ugari argitaratu deusku. Kontzilio ostean batez bere, zer irakurri nahikoa dogu esku artean; baina gauzak bardintsu dagozala esango geunke, gure artean behinik behin. Ez dot uste, Kontzilioan alkartu ziran milakada gotzainak, ileta mezak errikoiago egitea eta sotana kentzea bakarrik erabagiko ebenik.
Elizak, dokumentu horreetan, gizartearen onerako be pausu bereziak emon ditu noski. Gizon bakoitzari bere betebeharrak eta eskubideak azaldu deutsoz. Kristinau gurasoei bere bai. Gizona gizonago izateko, egokia da norberak bere betebeharrak eta eskubideak eukitea. Egokia da betebehar horreek betetzen eta eskubideak lortzen laguntzea. Kristinau guraso bezala gure seme-alabekin ditugun betebehar batzuek sarritan aipatzen dira elizan: bataioa, kristinau ikasbidea, otoitzak, sakramentuak eta abar. Honetan, sarri zirikatzen gaitue elizgizonak; baina ba ditugu beste obligazino ta eskubideak be. Honeetaz garbi itz egiten, oso gutxi ausartzen* dira. Erri bakoitzari bere izkuntzan ipini jakoz elizkizunak, behar bezala sentidu daizan. Baina elizgizonak, horrezaz gainera, ez deuskue beste betebeharrik dogunik bere aipatzen.
Benetako katoliku izateko, norberaren erria maitatu behar ei da, Kristo erriak eta gizonak salbatzera etorri zan eta; baina obligazino hau elizan ez deuskue aipatzen. Bataioa, ezkontza ta iletak euskeraz izaten ditugu; baina osterantzeko elizkizunetan bardintsu da batekora nahiz bestekora joan. Hemen ez deuskue ezeren obligazinorik erakutsi. Ez dira ausartzen*.
Elizak ba ditu erlijiosoen Ordenak, ugari gainera, Euskalerrian zehar bananduak, umeen irakasketa lanetarako. Baina honeek ez dira euskaldun gurasoei begira sortuak. Kolejioetako fraile ta monjak, gehienak euskaldunak dira. Eta zegaitik euki ditue euren kolejioak euskerari itxita? Lehenago, gaurko gurasoak ume ziranean, euskeraren balioa gutxiesten*, euskeraz berba egiten ebenak zigortzen eta abar ahalegindu ziran, eta derrigorrez debekatu eben euskera.
Bestalde, Elizaren dokumentu horreetan, gurasoak euren umeen eziketan* dauken eskubidea sarri ta sakonki aipatzen da. Baina, Elizak berak dituan kolejioetan ez deuskue aukera hori emoten. Alderantziz, zapaltzaile bezala agertzen jakuz. Horregaitik dinot, obligazino batzuek sarri aipatzen deuskuezala, baina beste betebehar eta eskubideak isildu. Oker aundiagorik!
Halan bere, euskaldun gurasoak geure gogozko ta eskubidezko ikastolak jarri ditugu geure umeentzat. Baina ekaitz* aldi honetan Elizan estalperatu gara, beronen laguntza eskatuaz. Gure eritxi honeek ez dira gureak bakarrik. Bai ONU-k, bai UNESCO-k, eta bai Vaticano Bigarrenak azaldu ditue eritxiok. Honeek honela dirala, orainarteko gaietan Elizak musin* egin badeusku be, oraingoan egin deutsagun eskabide honetan, gure nahia dan bezala ez erantzutean, gutariko guraso askoren azkenengo itxaropenari uts egitea litzake.
Dokumentu eta enzikliketan arrazoi ederrak bai, baina gure errian gero ta gutxiago betetzen dirala uste dogu.
Felix Etxeberria
Jakin eta ekin
«Le pacte fait par le plus faible dans l'origine des sociétés, cette convention par laquelle, effrayé du pouvoir du plus fort, il consentit á se plier et á renoncer á une portion de sa liberté, pour en jouir de l'autre, fut donc bien plutôt l'anéantissement total des deux portions de sa liberté...»
Marquis de Sade, «Histoire de Sainville et de Léonore».
Orain dirala aste batzuek, Bilboko Urrutia Zinean oso film interesgarri bat ikusi genduan: Marat-Sade, Peter Brook-en zuzendaritzapean egindakoa. Teknikaren aldetik, egintza bikaina da. Hain zuzen bere, idazlan batetik film bat ateratzen danean, film hau ez da izaten, beste izkera baten bitartez egindako transposizino bat, beste gauza desbardin bat baino (Estadu Batuetan egiten diran film batzuek, nobela batzuetan oinarrituak, esate baterako). Film honetan ez da hori jazoten. Igaz, Barcelonan, Marsillach-ek antolatutako Peter Weiss-en antzerkia ikusi neban, eta pelikula hau ez dala antzerkia baino motelagoa esan neike. Beste lagun batek Parisen ikusita eukan Peter Weiss-en antzerkia (Peter Brook-ek antolatua halan bere), eta nire eritxikoa da.
Bretaina Andiko zine zuzendari honek —Peter Brookek— zineak emoten dituan aterabide guztiak trebeki bereganatzen jakin dau, margoak, antzezlarien itsusitasuna, mugimentua ondo baino obeto erabilirik, drama horren bizi-indarra agertarazoteko.
Antzerkiak eta filmak izen bardina dabe: "Marat-Sade, Jean Paul Maraten jazarpena* ta ilketa, Charenton-go zoro etxeko gaixoak antzeztua, Sadeko jaunaren zuzendaritzapean".
Sade Charentongo zoro etxean sartu eben, eta bertan il zan. Hango zuzendariak, Coulmier-ek, baimena emon eutson, etxe haretan antzerkiak egiteko. Baina Peter Weiss-ek Charentongo zoroak (alienatuak) beste alienazino bat ikuslei erakusteko artu ditu noski. Idazlana 1964-garren urtekoa da, eta lehenengoz Berlinen urte haretan antzeztua. Handik urte bira, 1966-garrenean, inglesez antolatu eban Peter Brook-ek Londresen.
Gertaera Frantziazko Iraultza* garaian jazoten da, Charlotte Corday-ek Marat il baino lehenago (1793.7.13). Ordurako 1789-ko Iraultza ez zan errikoia, burgesa baino. Gertaera honetan iru personaje ditugu: Marat, Sade ta Charlotte Corday. Neska honen garrantzia honetan datza*: bere uste ta asmo onak eraginda, Marateri bizia kendu behar deutso, bera gero gillotinara joan arren. Beste biok, Marat eta Sade, iraultzaile bi dira, bata ekintzazalea, bestea intelektuala.
Marat, Jean Paul (1744-1793) maisu baten semea zan, izkuntza irakaslea ta jakintsu samarra. "Les chaînes de l'esclavage, Monarchie absolue" izeneko bere liburu batean, Estaduaren arazo sozio-ekonomikuak aztertzen ditu, eta Estadu horreri laguntzen deutsoen indarrak: jauntxoak, Eliza ta militarrak. Liburu honetan erakutsi egiten deusku, zeintzuk diran opresinoa sufritzen dabenak eta, iraultza egiteko, morrontzaren* kateak ausi behar dituela; erria zatituta baldin badago nagusi batzuek beharrezkoak dirala agintea eskuratzeko. Aurreko itz honeek, antzerkian, Maraten ahotatik entzuten ditugu. Bere bizitzan bere, Maratek beti jokatu eban behartsuen alde, "les sans-culotte"-en gidari bezala.
Marat iraultzaile sutsu ta amorratu bat dogu; ta Weiss-en antzerkian, itxaropena gordetzen dau beti, iraultzan sinestuaz. Berak zuzendutako "L'ami du peuple" periodikuan, Maratek sarritan salatzen zituan Erriaren ordezkariak. Horrexegaitik gura izan eban aurrera eroan iraultza; baina ez zan konturatu, iraultza horrek ordurako erriari eskuetatik iges egin eutsola.
Marquis de Sadek (1740-1814), aristokrata izanik, ezin eikean euki Maratek lako asmorik, esperantzarik, federik. Gainera, ekintza gizona baino gehiago ideia gizona zan. Weiss-en antzerkian eszeptiku lez agertzen jaku. Sadek ez dau ezetan sinesten, eta biok gura eben iraultza Erriak galduta eukala Marateri ulertarazoten ahalegintzen da. Gertaera honen bukaera ba dakigu zein dan; antzerkiko aterabidea be bai.
Euren garaikoak ez zituen maite izan ez Sade eta ez Marat. Gerokoak be ez. Sadegandik "sadismoa" geratu da. Marat, Frantziako historian eta batez bere 1789-1792 Iraultzaren kondairan, ogetabost urteko neska batek ildako odolzale bat bezala agertzen da. Gaurkoak dinoenez, anarkista ei zan. Dana dala, gure eritxiz, agirian dago Maratek bere erria maite ebala.
Frantziako Akademia ofizialki bien kontra egon da eta dago. Halan bere, biok —bakoitza bere moduz— egiaren eta justiziaren bila saiatu ziran. Horregaitik, bai gaurko film hau eta bai atzoko antzerki ha interesgarri ta txalogarriak dira.
Karmele Errotaetxe
Jakin eta ekin
Itsasoa eta lurra alkartzen diran tokian, beti kaioak* ibiltzen dira; baina nik, gau haretan, belea ikusi neban.
Gau ha, arratsalde euritsu baten bukaera zan. Nire erria ugarte bat zan, eta gure bizitzako egunak itsaso eta mendi zorrotz batzuen artean igarotzen genduzan. Gau ha, lanbroz beteta egoan. Ilargia, alditan estalia, maiz agertzen zan, lanbroa arintzen zan lekuetan. Mendi zorrotzak, baltz ikusten ziran. Ba zirudian, itsasoa gozo egoala hareen itzalaren babesean; baina itsasoak ez dau babesik maite.
Bapore bat eldu zan portura. Beti bezala, kaioak ziran gau iluneko lagun bakarrak. Ni leihoan nintzan. Ilargia agiri egoan. Kaioak, ilargiaren argiagaitik, zuriak ziran. Erriko arrantzaleak arrantzan igarotzen ditue euren bizitzako egunak, eta eriotzaren azken ordurarte arrantza dabe euren arazo bakarra; horregaitik Joanesek "bota sareak" esanaz egin zituan bere bizitzako azken orduak. Baporean ez zan arrantzarik ikusten. Gizonak, nekez beteta, euren etxeetara joiazan, banan banaka, bizkarrak tresnaz beteta zituelarik; eta batzuek ohea bero, besteak otz eta beste batzuek uts aurkitu eben. Joanesek ohea beti bero aurkitzen eban.
Baporeko argiak itzalduta, ilargia estalia, barriro iluna gauaren jabe. Nire gela ez zan audia, baina utsa zan; eta leihoa irigita utzi neban, zerbaitez bete eitean. Beharbada, aizez beteko zan, beharbada itsasoaren oihuz, baina ez zan kaioz beteko: kaioak aserre ziran.
Erriak gauaren babesean lo artu eban; itsasoak, babesari iges eginaz, ernai jarraitzen eban.
Nik ez neban pentsatu; leihoa irigi neban eta beharbada aize ha ez neban nahi. Ilargi errainuak, nire leihoaren aurrean, bela baltza, aundia, erakutsi eusten: utsaren gainean zutik, geldi geldirik niri begiratzen. Belea kua-kua egiten asi zan; eta behin edo behin oihuak, itz egin baino lehen, eztarrian lehertzen jakozan, zerbait esan nahiez. Ni belearen aurrean, eta belea kua-kua ari* eta ari, itza esan nahian.
Erriak luzaroko loan jarraitzen eban. Gaua iluna zan. Ez egoan ilargirik, eta isiltasuna ez zan guztiz isila. Itsasoak ez eban babesik maite; baina bere oihuak ez ziran ulertzen, eta beleak itzik bako kua-kua egiten jarraitzen eban. Gauak ez eban itza sortu:
Gureak ez diren lurralde hauetatik
ihes egin behar dugu.
Gureak ez diren ur hauek alde batera
utzi nahi ditugu.
Haitz sendoaren borobiltasunean,
bizitzaren hitza
sortu nahi nuke.
Borobiltasunean,
Sendotasunean,
Haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke.
Amaia Lasa
Jakin eta ekin
"Erabaki nagusia"-ri erantzuki
ZERUKO ARGIA aldizkariaren 383-384 zenbakian, lehenengo orrialdean, "Erabagi Nagusia" izenburuarekin, HERRIA, GOIZ ARGI, ZERUKO ARGIA, AGUR, KARMEL, KILI-KILI, LOYOLA IRRATIA-k, LA VOZ DE GUIPUZCOA-n irrati saioak egiten dituztenek izenpeturik, esaten da: "Euskeraren batasuna egiten astera goaz..." Zertan eta nolakoa "erriak erakutsiko digu". "Erria" esatean, hau esan nahi da: "ikasten jardun gabe euskera dakien erria".
Gure uste apalean, esan beharra dago, "erriak erakutsiko digu" hitzok zeharo konzeptu abstrakto bat direla, airean eta hutsean gelditzen direnak. Euskeraren batasuna, guk dakigunez, hizkuntzalariek egin behar dute, eta egiten hasiak dira aspaldi, biologiazko zientzia biologoek egiten duten bezala, gorputzaren errealidadea kontuan edukirik.
Erabagi Nagusi hori euskal kazeta batzuek hartzean, guri ez daukute eritzirik eskatu, ezta hartzekotan zirenik esan ere. Goian aipatutako aldizkariez gainera, ba dira beste aldizkari batzuk Euskal Herrian: EUSKERA (Euskaltzaindiaren lan eta agiriak), EGAN, JAKIN, PRINCIPE DE VIANA, JAUNAREN DEIA, OTOIZLARI, GURE HERRIA, DANTZARI, TXISTULARI, ARANZAZU, REDENCION.
Erabagi Nagusi horren aurrean, gure hizkuntzalariak zeharo harriturik gelditu dira nonbait. Antza denez, haiek ez dute ezer egin orain arte; eta aurrerantzean ere ez dadukate zer eginik, "erria" izeneko jaun baten eskuetan gelditu baita* beren eginkizun berezia.
ANAITASUNA
Abereak eta burdinak
Durango inguruko baserritarren alkartea (DIBA)
Ez dago argibide aundiren beharrizanik, danok dakizue ta. Langile mailan, lehen eta orain, lur langilea da atzeratuenetarikoa. Zegaitik? Batipat* goikoen laguntasun ezagaitik eta behekoen eskarien indar ezagaitik. Bai, nekazaria bakarrik aurkitu da gehienetan, bere eskariak egiteko orduan; eta abots bakar eta makal baten eskaria ez da hain erraz goitik entzuten, abots lodiagoak eta indartsuagoak be sarritan erantzun barik geratzen dira ta.
Nahiz eta azken urteotan, bai teknika ta bai laguntza aldetik, aurrerapide asko lortua izan, orindino be nekazarien arazo ta buruausteak ez ditue goikoak haintzakotzat artzen. Danok entzungo zenduezan, esnea dala ta eztala, sortu diran iskanbilak. Zer dala ta, esnea kostatzen jaken baino merkeago saldu behar? Esnea behera, ta nekazariak behar dituen gauzak gora. Hau ez da ulertzen; ta holako beste hainbat.
Gauza honeen aurka jokatzeko, nekazariak indarra behar dabe, ta indarra batasunaren bidetik etorten da. Danak bat egiten daben egunean, euren eskubideak errazago lortzeko aukera izango dabe.
Aspaldion kooperatibak izan dira batasun bide bat; eta han hemenka jaiotzen ta sendotuten ikusi doguz: MIBA Markina aldean, LANA Leniz aranean* ta baita DIBA be Durango aldean, azken hau Gerediaga alkartearen babesean, oraindino jaio bidean Madrileko baimena itxaroten.
DIBA, Durango inguruko baserritarren alkartea, aurretikoen esperientzietan oinarrituta jaio da; ta, izenak berak dinoan legez, eskualdeko* baserritarrentzako da.
Kooperatiba batek jomuga edo elburu* batzuek jarri behar ditu, mailaka lortzeko. Elburu horreek lortzen diran neurrian, kooperatiba hori ondo edo txarto joango da.
Eskualdeko kooperatiba honek jarritako elburu batzuek honeek dira: euren tresna, pentsu ta abar andizka erosi, merkeago izateko; kredituak lortu; gaurko baserri lanak behar dituan aurrerapideetarako jendea gertatu; lana erraztu, aurrerapideok baserrira sartuaz; batez be, baserri gizona beste edozein erakoen parera jasoten ahalegindu ta, Merindadearen onerako, beste giza sektoreekin batera jardun.
Benetan preminazko lana, baserriaren eta erriaren etorkizunari begira.
Joan Antonio Aroma
Abereak eta burdinak
"Catalanismo y revolución burguesa" liburua
Aurten argitaratua izan da, gaztelerara itzulita, 1967-garrenean katalanez agertutako "Catalanisme i revolució burgesa" liburua. Egile ta itzultzaile, Jordi Solé-Turá.
Liburuak sakonki aztertzen dau katalanista izandako burgesiaren jokabidea, Prat de la Riba katalanistaren ekintza ta pentsaera aritzat artuaz. Egileak defenditzen dauan tesia hauxe da: Katalan abertzaletasunaren historia, ezerezean geraturiko burges iraultza* baten historia da.
Katalanismo ta separatismo itz bardinak ez dirala jarrita itxi ondoren, egileak zeharo arakatzen* dau katalanismoa sortu zan garaiko politika ta, ekonomiaren egoera. Katalunian, peninsulako beste edonon baino arinago, burgesia bat sortu zan, komertzioan lehenengo eta industrian geroago. Burgesia honek ez eban behar moduko estrukturarik aurkitu bere zabalkunderako, Espainian feudalismoa ondo sustraituta egoalako. Hain zuzen, Mendizabalen desamortizazinoak latifundismoa sendotzea besterik ez eban lortu, zentro aldean lur-jabe nagusien oligarkia indartuaz.
Katalan burgesak, Espainia osorik artuta, Estadu barruan iraultza egitera abiatu ziranean, oligarkia honegaz topo egin eben. Ezin eitekela ezer egin konturatu ziranean, burges iraultza hau Katalunian egitea erabagi eben. Autonomia baten bila asi ziran; eta, elburu* hau jarixteko*, beste taldeen laguntzarekin, izkuntzan, errian eta kondairan oinarritutako abertzaletasunaren teoria sortu eben. Egilearen eritxiz, teoria guztia burgesa zan; horregaitik, langile taldea ez zan guztiz integratu, eta burges iraultza hau egin barik geratu zan.
Liburuak, katalanez urten ebanean, izugarrizko zalapartada atera eban. Horregaitik, gaztelerazko edizinoan egilearen azalpen interesgarri batzuk datoz itzaurrean. Bertan agertzen dana, gutxi gorabehera hauxe da:
Egileak ez dau erri txikien abertzaletasuna aztertzen; gehien be, bere liburua honelako azterketa batentzako oinarri lan bat bezala artu leiteke. Katalanismo osoa ezin leitekio goi mailako burgesiari bakarrik ezarri. Katalan abertzaletasuna, egon da baita erdiko burgesian eta langileen artean bere. Gaur egun kondizinoak aldatu egin dira; baina, halan ta guztiz be, katalanismo arazoak hor jarraitzen dau. Egilearen ustez, langile taldea da problema honeri erantzun leiskion talde bakarra.
Liburu hau kritikatzeko orduan, gauza bat ikusten dogu argi: lanak tesi doktoral batetik urten dau, eta honek beti dauka arrisku bat. Tesi bat baieztatzen da, oso sinplea, fisikazko zientzietan egiten dan bezala; eta baieztatze honen demostrazinoaren atzetik joatera kondenatuta aurkitzen da egilea, nahastuegi dagozan fenomenoak larregi sinplifikatuaz.
Liburuaren mamina katalan burgesiaren jokabidearen azterketa utsa besterik ez da. Baina, zeharbidez, katalanismo osoa juzgatzen da. Katalan asko ez dagoz konforme, eta euron kritikak behartu dabe egilea aipaturiko itzaurrea egitera; eta, bertan ikusten danez, Jordi Solé-Turá ez da ausartzen katalanismoa bere zabalera guztian aztertzen.
Egileak bere azterketan darabilen metodua marxistea da. Metodu hau zientifiku ta objetibutzat artzen dau, eta berarekin ateratako konklusinoak egiatzat artzen ditu. Alde honetatik interesgarria da liburua, katalanismoa modu honetara lehenengo aldiz arakatzen* baita*.
Baina metodu honen erresultaduak ezin leitekez aurretiaz onartu, fenomenoaren sustraiak euren bizitasun guztian jartzen ez badira. Soziologian eta politikan oso nahastuak dira sustrai honeek; eta euren sinplifikazinoak, azterketan erraztasuna emon arren, izugarrizko arriskuak sortzen ditu. Beharbada, holakoren baten jausi da egilea bera, Prat de la Ribaren pentsaera aztertu dauanean.
Liburua, katalanismoaren historia aldetik, interesgarria da eta azken urteotako jazoera askoren argitzaile. Berari eskerrak, obeto ulertu geinkez katalan burgesiaren jokaera asko eta baita urte hareetan Espainian izan ziran mugimentu batzuk bere.
Euskaldunok be zerbait atera geinke liburu honetatik, begi zorrotzez irakurten badogu.
Anton Azkona
Abereak eta burdinak
Langile arazoak Gernikan. Ez da beti galtzen
Pixka bat berandu bagabiltz bere, gertaera hau, beronek euki dauan eta oraindino daukan garrantziagaitik dakargu argitara.
Gernikako erri barruan dagoan enpresa bat da, "Astra" (Unceta, S. A.) izena daroana. 420 langile ditualarik, inguruko enpresarik aundienetarikoa da, ta eskualde haretako gizarte bizitzarako zeharo interesgarria.
Martxoaren asieran, "Convenio Colectivo" izenarekin ezagutzen dan langile ta ugazaben arteko tratua barriztatzea nahi eben langileak. Tratu barri hori egiterakoan eskabide honeexek ipinten zituen langileak:
1. Eguneroko jornala 30 pesetatan gehitzea.
2. Astean 44 ordu lanerako izatea.
3. Ilero aloger aparteko bat izatea.
4. Gabonetan be aloger aparteko bat izatea.
Eskari honeek berbaz eta eskribuz egin jakozan Astrako Zuzendaritzari; eta enpresako langileen juraduak eta ugazabak batera alkarrizketa batzuk izan zituen.
Apirilaren 3-an, aurrera egiteko modurik inondik inora ez egoala ta, langileak lana gelditzen dabe: huelgea asten da. Huelga honek apirilaren 3-tik ekainaren* 1-arte irauten dau. Kasik iru ilabete.
Langileen kondizinoak
Maiatzaren 5-ean, langileak euren juraduarekin alkartzen dira, eta honetantxe gelditzen dira: huelgara urten baino lehen eukezan kondizinoetan sartuko dirala, euren eskabideak onartzen badira. Langileak eskaturiko 30 pesetako gehitzea, ostera, 21.50 pesetatan gelditzen da.
Euskaldunak eta erdaldunak
Jakina danez, enpresa honetan lanean ari* diranak era bitakoak dira: batzuk baserritarrak, euren etxaldeak dituenak. Honeetariko gehienak, guztiak ez esatearren, euskaldunak dira. Eta besteak "kale gorrian" bizi diranak, lurralderik ez daukenak, eta asko ta asko erdal errietatik etorriak. Astrako langileen artean, 60 % euskaldunak dira.
Puntu honetan era askotariko gauzak gertatu dira. Eskirolen artean 80 % euskaldunak izan badira, euskaldunak, ta zuzenago esanda, baserritarrak eurak ahalegindu dira kaletarrei jatekoak emoten.
Erritarren jokaera
Gernikako erritarrak, langile klasekoak ez ziranak bere, oso barruan bizi izan eben arazo hau, ta jatorkiro lagundu eben. Eliza bera be, guztien miragarri, zerbaitetan laguntzera mugidu zan. Baina gehien arduratu ziranak, beste enpresetako langileak izan ziran.
Bilboko abogadu entzutetsu batek esan dauan legez, huelga hau euskal errietan egin danik interesgarriena izan da, eta historian zehar gertaera jakingarri bat bezala ezagutuko da.
Txikito
I. Berbak
(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)
Bizkaierazkoak
AMORE EMON, ceder.
ARAKATU, aztertu.
ARRO, cuenca de río.
BAITABE, bait dabe, dabe ta.
BAITOGU, bait dogu, dogu ta.
BAITZAN, bait zan, zan eta.
BATIPAT, batez bere.
ELIZALDE, anteiglesia.
ENPARADU, restante.
ERAKUNDE, egitura, estructura.
ERASO, atacar.
ERRIALDE, provincia.
GALGA, freno.
IRAULTZA, revolución.
IRAULTZAILE, revolucionario.
JARITXI, lortu.
KAIO, gaviota.
KARROZATZUK, zein karrozatzuk, zeintzuk karroza.
KIROLARI, deportista.
LABORE, cosecha, cereal.
MUSIN EGIN, refunfuñar.
OLA, lantegi, ferrería.
OSTERA, ibilaldi, viaje.
UDAL, Ayuntamiento.
UDALETXE, casa ayuntamiento.
URIGINTZA, ordenación urbana.
ZELANBAIT, zelan edo halan.
ZINGIRA, pantano.
Euskera batukoak
AMETS, ames.
AMILDU, precipitarse.
AREAGO, oraindino gehiago.
AREATZA, Villaro.
ARI IZAN, jardun.
ASTEARTE, martitzen.
ASTEAZKEN, eguasten.
AUSART, valiente.
AUSARTU, atreverse.
BAIKARA, bait gara, gara ta.
BAITA, bait da, da ta.
BAITAGO, bait dago, dago ta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITITU, bait ditu, ditu ta.
BAITU, bait du, dau ta.
BEREHALAXE, behingoan, laster.
BILDU, batu.
DATZA, ("etzan" berboaren forma), dago, consiste.
EKAIN, bagil, junio.
EKAITZ, ekatx, tempestad.
ERANTZUKIZUN, responsabilidad.
ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.
ETSI, resignado.
GUTXIETSI, menospreciar.
HARAN, ibar, valle.
HELBURU, asmo, fin, objetivo.
HEZIKETA, educación.
IGANDE, domeka.
JAZARPEN, persecución.
LARUNBAT, zapatu.
LEHIAKETA, competición, concurso.
LUZAIDE, Valcarlos.
MENDE, siglo.
OROKOR, absoluto.
MORRONTZA, esclavitud.
OHARGARRI, perceptible.
OTSAIL, zezeil, febrero.
SETA, obstinación.
OZENKI, sonoramente.
ZEREN, ze.
ZILEGITASUN, posibilidad lícita.
Beste euskalkietakoak
ARABERA, arauera, según.
BAITAN, barruan.
EGUNKARI, eguneroko periodiku.
ERABAT, guztiz, zeharo, completamente.
ERRESUMA, erreinu, estadu.
ESKUALDE, comarca.
LISKAR, eztabaida.
SINATU, izenpetu, firmar.
II. Idazteko modua
Txarto:
Bateoa, ezkontza ta iletak euskeraz izaten ditugu; baina osterantzeko elizkizunetan bardintsu da izkuntza batekora edo bestekora joan.
Beloke, bost errien artean dago: Hazparne, Bastida, Bardoze, Bezkoitze ta Ahurti.
Ai, euskal izenak dauken ume guztiak euskeraz egiten asiko balitzakez!
Situazino egokiago batean bagengokez, ze gobernu modu izango litzake onena?
Oker ez banaiz, mendi honek 1400 metro ditu.
Ondo:
Bateoa, ezkontza ta iletak euskeraz izaten ditugu; baina osterantzeko elizkizunetan bardintsu da izkuntza batekora nahiz bestekora joan.
Beloke, bost erriren artean dago: Hazparne, Bastida, Bardoze, Bezkoitze ta Ahurti.
Ai, euskal izenak dituen (daukezan) ume guztiak euskeraz egiten asiko balira (asiko balitzaz, asi balediz, asi baleitez).
Situazino egokiago batean bagengoz, ze gobernu modu izango litzake onena?
Oker ez banago, mendi honek 1.400 metro ditu.
Imanol Berriatua
Ezagutu gure erria (19)
Mallabia
23,39 km.2 eta 1.127 bizilagun. Bere auzoak: Areitio, Goitana, Berano, Osma eta Gerena. Azkenengoa, Bolibartik aldendutako parrokia; orain bere, elizaz Lea-Artibai eskualdekoa*. Erri hau, iru ibai arrokoa* da: gehiena Deba arrokoa, Gerena auzoa Artibai arrokoa, eta Osmako Zengotita baserriak eta San Trokaz Ibaizabal arrokoak. Honek iru aldetako kutsua emoten deutso erri honeri, bai euskalkian, bai ekonomiazko artuemonetan eta bai izakeran. Durango Merindadeko Gerediagako batzarretan laugarren arrian jezartzen zan. Oraintsurarte baserri erri utsa, Bizkai eta Gipuzkoan bere laboreak* entzute andikoak izan dira, batez be garia; eta gaur, bere ganadutzen esne eta okelak salmenta* erraz eta ugaria dauke Eibar eta Ermuan. Eibarko industriaren urtetzeak mesede egin deutso Mallabiari; eta, hain zuzen bere, erriburuan eta Goitondo baserri inguruan ola* barriak jarri dira, eta erriburuan etxe-bizitzak ugaritu. Kirolari* askoren erria, probalari, pelotari eta seguru asko munduan zehar emakume pelotari (raketista) gehien zabaldu dauana. Bertako gaztediak eratuta, auzoetako ermita jaiak berbizte onuragarri bat izan dabe.
Ermua
6,49 km.2 ta 18.000 bizilagun inguru, zihur esaterik ez baitago* erri honen kontaketan. Uria bakarrik, auzorik barik, eta dozena bat baserri edo dituana. Noiz sortu zan et dakigu; bere sorkera legeak 1372-garrenean onartu zituan Bizkaiko Jaunak. 1794-garrenean frantsesak erre eben, eta 1802-an barriro eraiki zan. Deba arrokoa* oso osorik, Eibarregaz ditu artuemonik gehien, nahiz eta kondairaz Durango-aldekoa eta Bizkaikoa izan. Horregaitik, Deba Arroa aipatzen dogunean, barriro aipatu beharko doguz Mallabia eta Ermua. Euskalerrian gehien azi dan erria, larregi; bertako urigintza* eta etxegintza neurri bakoak izan dira, galgarik* emon barik, zuzendu barik; gaur ez ur, ez saneamentu, ez eskola, ez kale, ez beste, jendea pilatuta bizi da. Gizarte krimen bat egin dabe erri honekin bertako eliz eta erri agintariak. Karidadea, okerrezko karidadea gainera, justizia baino lehen jarriaz, hor daukez ondorenak eta buruausteak. Ermuan zer jazo dan jakiteko, ez daukagu urteetan zehar zelako bizilagun aldakuntza euki dauan ikustea baino: 1514-ean 550 bizilagun, 1860-an 632, 1877-an 1.177, 1940-an 1.277, 1950-ean 1.725, 1960-an 3.029, 1965-ean 9.420; eta gaur, goian aipatu diranak gutxi gora-behera. Izkuntza arloan ba dago talde arduratsu bat, ikastola bat zabaldu dauana, nahiz eta hainbeste erdaldunen artean ia itota egon. Egia esateko, danak ez dira Gaztelerrikoak; ehundaka gallegu bere ba dira, euren izkuntzan berbetan diharduenak, nahiz eta Ermuko elizak haintzakotzat artu ez. Euskeraren kondairan, Ermua hor geldituko da Euskal Idazleen lehenengo jardunaldiak egin ziran erritzat, gaia izkuntzaren batasuna zalarik; JAKIN aldizkaria ikusi bei horren barri jakin nahi dauanak. Ekonomia aldetik, Eibarko industriaren morroi, berak beretzako aina ola ez ditualako, urigintzaileak "pueblo dormitorio" edo "logela erri" deitzen deutseenetariko bat da; horregaitik Udalak* zorpetik ez dau egundo urtengo.
Otxandio
6,54 km.2 eta 1.147 bizilagun. Uria eta auzo bi ditu, Andaparaluzeta eta Mekoleta, Gordobil auzotxoa, gehiena, Gomutianoko zingirak* urperatu egin eban eta. Kondairaz, 1254-garren urte inguruan Durango-aldeko lurretan sortua, Abadiñokoetan seguru asko; artuemonez, izakeraz eta ia beste danetan Arabari lotua. Ebro ibai andiaren arrokoa*, Urkiola ibaia igarotzen da bertatik. Landa ederrekin, baserritarrak esne ta okelatara dedikatzen dira gehienbat, batzuek alkartuta gainera. Urian bertan ba dira ola ta lantegi batzuek; baina, joan dan menderarte*, ola erri entzutetsuenetarikoa izan zan. Otxandioko untze ta kateak, Euskalerri eta beste lurralde askotara zabaltzen ziran. Gero industria iraultza* eldu ondoren, olak amatatu egin ziran eta bizilagunak urritu, orain urte gutxirarte. Orain ehun urte 1.922 bizilagun zituan, gaur baino gehiago. Arrese Beitia eta Iturzaeta, euskal idazle ospetsuak, bertako semeak dira. Kondairan Oñaz eta Ganboarren arteko gudu zitalak sarri izan ziran erri honetan; eta, horregaitik, baten baino gehiagotan ia etxe bat barik gelditu zan. Bere udaletxea*, 1742-an egina, Bizkaiko ederrenetarikoa, barriztatzekotan izan dira aspaldion; eta benetan merezi dau. Bere inguruan Muxika-Olaeta erritxoa aurkitzen da, Aramaiori lotua, nahiz eta sarritan Otxandiogaz bat egiteko asmoa agertu. Gure errialdeen* planteamentu barri bat noizbait egiten bada, Olaeta eta baita Abadiñoko Amaitermin auzoa be, Otxandiogaz alkartuko litzakez, eta Otxandio bera Arabagaz, gizarte eta ekonomiaren legeei jarraituaz.
Zornotza
58,69 km.2 eta 10.009 bizilagun. Zornotza, metatesi bategaitik Zorrontza jendearen ahotan, Bizkai erdian dagoan erri bateri deitzen deutsagu. Argitu beharra dago, holan deitzen jakola, ofizialki Amorebieta izena badaroa bere, eta merindade txiki baten izena bazan bere. Baina erritarren mendeetako* izena Zornotza dan ezkero, horixe artuko dogu bakartzat, Amorebieta baztertuaz. Alboan, barruan, atzetik eta aurretik, nahaspila andi bat eginaz, Etxano eukan, 1951-rarte; orduan biak bat egin eben, eta Udal* barriak aukera ederra galdu eban, Amorebieta-Etxano jarri beharrean, behin betirako Zornotza izen bakarra jartzeko; hain zuzen bere, Etxano be Zornotza merindadekoa zan. Erri honek beste elizalde* bat bere ba dauka bere barrutian, inoiz askatasuna eskatu dauana: Bernagoitia; eta horrez gainera, auzo honeek ditu: Berna, Oromiño, Euba, San Migel, San Antonio, Aldana, Arrinda, Astepe, Autzagana, Montorra, Epaltza, Leginetxe Larrea, Ergoien, Arazotza, Kaiganeta, San Joan, Boroa, Etxano, Nafarroa eta erriburua, lehen Zubiaur deitzen jakona. Ikusten danez, Nafarroa izeneko auzo bat bere ba dauka Zornotzak, bere eliza nagusiaren bestaldeko ibarrean. Kondairagileak dinoskuenez, honaxegino eltzen zan Nafarroako erreinua, eta bertan ei ziran mugarriak bere. Gehiago oraindik: Nafarroa torretxearen armarrian euskal erreinuaren kateak agertzen dira. Baserri ugari izan arren, industria andiko erria da, ibar ederrak baititu* horretarako; 3.000 langile inguru ari* dira lanean, ia 50 ola eta lantegitan. Erri ederra, bidegurutz apropos baten jarria, errialdeko* erririk gehienen igarobidea, ba ditu buruausteak: eskola urritasuna, kale zabal baina asfaltatu bakoak, egiteko dan Bilbao-Behobia autobidea, eta beste. Iru fraile etxe ditu, Karmeldarrenak bi, bata erriburuan bertan eta bestea Larran, eta irugarrena Pasiotarrena Euban. Euskera arloan, zornotzar gazte askok itxi deutsoe euren mintzairari, nahiz eta barriro batzuei ikasteko gogo bizi bat sortu. Ikastola bat be irigia dago erri honetan, bere frutu onak emoten dituana.
J. L. Lizundia